Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ekimen ibiltaria

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/09/11 09:04
18. eguna: Abenduaren 17a. Asteazkena: Unibertsitatea, Erandio, Sopela, Barrika, Getxo, Algorta.

Goiz oheratzeak goiz esnatzea ekarri ohi du. Martxaren balantzea eginaz bete dut jaikitzerako ordura artekoa mantapeko epelean. Idatziz jarri dut hausnarketaren ondorioa:

Baikortasunerako:

* Pauso bat izan da gutxienez  Martxa Senideak-en helburu, lehia eta borrokan.

* Sortu den elkarrekiko ezagutza, lotura, kidetasuna, konfiantza.

* Jarraitzeko erabakia, kalean egon behar dugula uste sendoa.

* Egoera eta pertsonen ezagutzak ematen duen indarra eta erabakia.

* Zonalde askotako ahultasuna ezagutu izana: errealista izan beharra.

* Gure helburuaren etorkizuna plataforma zabaletan dagoela  uste sendoa.

* Presoekiko familiartekoen harrotasuna: idealista batzuk dira.

* Gure ekimenaren alde aurkitu dugun giroa, babesa eta indarra.

* Hainbat politikoen jarrera  humanoa, baliagarria: ez dago dena galduta eta  kutsatuta.

* Sortu diren hainbat plataforma.

* Heldu garen sektoreak.

* Senideonekiko solidaritatea, elkartasuna.

* Herri guztietan egin den ahalegin eta lan ikaragarria.

* Joera eta jarduera kaltekorren ezagutza bera ere  baliabide positiboa bilakatzen da.

 

Ezkorrak:

*"Aurrerantzean, kalean jarraitzeko zer"  hasieran jarri genuen helburuari jarraipenik eta irtenbiderik aurkitu ez izana.

* Senideak-ekin lotura duten arazo politikoak eztabaidatu ez izana, ez ezer erabakitzeko, bai gure heldutasuna eta lotura areagotzeko, elkarbizitza sakonago ikusteko.

* Jarraipenerako nolabaiteko gure arteko loturarik bilatu ez izana, zonaldeka edo beste  nolabait, egunotako aberastasuna galdu ez dakigun.

* Agintariekiko mesfidantza: hitz hutsak nahiz onak, firmarik eza.

* Hainbat agintari, elizgizon eta sektore ukitu ez izana.

* Gure mezua zabaltzeko mugak gainditu ezin izana.

* Hainbat guraso eta senide oraindik mobidan ez daudela jabetzea,  ez baitira agertu.

* Alde dagoen hainbat jende leihoetatik begiratzera mugatu izana, kalean elkartu gabe: ez  dugu mugida  behar adina herritartu.

* Herrietako antolaketan egin ditugun akatsak,  manifa isilik eza, musika, tarte hutsak, ... batez  ere ahul edo noraezean zeuden herrietan.

* Eusko Gudariak, zenbait pankarta eta slogan, ez ziren  herritargo zabalagoa erakartzeko sinbologia zabalekoak.

* Elkartetxe bat bakarra izana aterpe, Batzoki bat bera ere ez.

* Zenbait herritan nabari zen presoen aldeko mugidaren ahultasuna,  bai antolakuntza bai lan aldetik.

* Atxikimendu ugarien atzetik zer borondate konkretu dagoen ez jakitea, edo ahula delakoaren sospetxa.

* Hainbat herrietan ez dugu lortu manifa isila, Senideak-en musikaz edo martxako slogan bakarraz: zenbaitetan gu geu ez garelako aurreratu esplikatzera beraiek jarraitu diote herriko ohiturari.

 

Aurera begira

*Zonaldeka edo nolabait, baina egunotako esperientzia eta lortutako elkartasuna eta gogoa erabakigarria bilakatu behar da, zerbaitetan gauzatu behar da.

* Altxor bat pilatu dugu eta ezin dugu bertan behera baztertu edo galdu.

* Jarraipena behar du egunotan ikusitakoak, egin dugun herrietako ezagupenak.

* Elkarte, Talde, politiko eta pertsonak interesatu behar ditugu. Beraientzat, konkretuki, konpromiso guneak aurkitu behar ditugu.

* Herriak eta pertsonak indartu.

* Senideak-en gure konpromiso eraginkorra gauzatu behar dugu.

* Autobus-kideon nolabaiteko lotura lortu behar da zonaldeka besterik ez bada, denona ezinekoa denez, bortxatu gabe, inguru naturalari edo hurbiltasun psikologikoari begiratuz.

* Senideen bizipen zuzenak zuzenki hurreratu behar dizkiogu bai herriari bai politikoei; gu geu hurreratuz, urrun eta hotzegiak gelditzen baitira mikro eta idatziak. Gure bizipen  garratzak denera helarazi behar ditugu.

* Baina ez eskean ez negarrez, errealitatea azalduz soilik.

* Zerbait konkretua pentsatu behar dugu, talde bezala edo Senideak bezala; zerbait ezberdina, orijinala eta deigarria. Ez da erraza. Gose greba eta baraua oso erabilita daude, asteburuko jardunaldi batetarako egokiak badira ere. Zaila da. Horregatik ezin izan dugu konkretatu baina zerbait asmatu beharko dugu. Funtsezkoa dugu.

Badugu lana!!!.

 

Taberna batetan gosaldu dugu.

Bilera: Gaurkoa egun bizia izanen da: Bilboko prentsaurrekora Josu eta Jonez gain Bego eta M-Luisa ere joango dira taldea borobiltzeko gutxienez. /  Leioako Unibertsitatean hainbat ekimen dago, elkarrizketa eta hitzaldia batez ere / Erandion elkarrizketa pila. / Hitzak: Bitxori, Santi, Dodaka, azkenekoan Blanka.

 

Egunez goaz gaur atzo gauez egindako hainbat parajetan. Gatikan garbi ageri da aberaskumea dela nagusi Mungialdean, eraikuntzari begiratuta behintzat. PPkoak ere azaleratu omen dira, ugari, sagar ustelak bezala: ingurua kutsatu da, giroa bigundu.

 

Paskualek mila kontu interesgarri ditu haritik tira ezkero.

 

UNIBERTSITATEA. Josu txoferra ibili zaigu bere kamioneta, pankarta eta orokin errepide sarean galduta, Algortaraino joan omen zaigu. Ikasle piloa bildu zaigu sarreran, Lujanbio eta Enbeita neska bertsolariak tartean ikusi ditut;  gu ere egon gara zain, luzaroan nahi eta ez; haizea fina dabil eta itxoina hotza da. Sarreran ere funtzionario izan nahi ez dutelako borroka luzean dirauten  irakasle despedituekin egon gara, beraiek prestatutako hiru bertso kantatu ditugu han geunden denok:

 

                                 Barrukoak maite ditugulako,

                                 senide martxista maitagarriei kantatuak.

                                

                            Martxan dabiltzalako

                                 eskerrak emanez,

                                 Kantatuko al dugu

                                 lagunen omenez?

                                 Lurraldekotasuna

                                 lortzeko kemenez,

                                 zapaldu dute euskal

                                 lurraldea oinez.

                                

                              Helburuen artean

                                 jo dute Leioa,

                                 nolatan ez eskaini

                                 eupada beroa?

                                 Gure besarkada bat

                                 airean bihoa,

                                 zabal dezaten laster

                                 kartzela-leihoa.

 

                                 Ikusi hutsak sortu

                                 digu hotzikara,

                                 baina barrukoenaz

                                 ezin da konpara.

                                 Eutsiz gero, geroa

                                 ziur gurea da,

                                 baurruan daudenekin

                                 fidatzen baikara.

                                 

                            UPV/EHUko irakasle errepresaliatuek

 

 

Bertsolariak sarreran. Manifa egin da Kanpuseko eraikinen artean, 600 argazkiekin, goian zeuden ikasleek harridura aurpegiz begiratzen zuten.

"Klasean nahi ditugu" zioen pankarta batek.

Ikasgela batetan egin da elkarrizketa edo hitzaldia: Maialenek bertsoak bota ditu, neska batek esan du Unibertsitate barruan ez dagoela adierazpen askatasunik, ezta demokraziarik ere, Espainiako demokrazia bete egin behar dela, legeak bete egin behar direla, ...

Blanka eta Klari izan dira ibiltari hiztunak.

M. Luisa, Bego, Josu eta Jon dekanoekin egon gara, Manuel Tello izan da bat, Josuk beste gerra batzuetatik ezagutzen zuena, ez dakit denak dekanoak ziren ala eskalafoiko beste gradu batekoak: hitz onak jaso ditugu, presoen ikasketen alde ahalegintzen direla esan digute eta hala da nonbait, baziren erabat gurekin zeudenak, erretoretza edo zerbait horrelako bilera batetan mahairatuko dutela gaia  esan digute. Irakasle bat arduratu da harremana ziurtatzekotan.

 

Ikasketak egiteko hurbileko tutoretza behar dute presoek, eta hori hurbil egonaz soilik lortu daiteke. Euskararekin ere hainbat oztopo eta luzapen dituzte Espainiako kartzelatan.

 

Martxa hau izan da gure Unibertsitatea. Denok ikasi dugu asko. Hainbeste astindu ditugu ideiok egunotan, ze bakoitza gara gai edozein mahai-inguru edo irratsaioko elkarrizketetarako, matazari  tiratuz edonork jarraitzen dio hariari.

 

Jose izaera berokoa da, nortasun handikoa. Atzera gelditzen ez dena.

 

Prentsaurrekoa Bilbon. Kafe Antzokian. Lau martxistok eseri gara mahaian  Ane,  Senideak-eko liberatuarekin, ezustean aurkitu dugun aspaldiko ezaguna bera; atzean ehun bat presoen guraso eta senide talde trinkoa osatuz. Ez da kazetari eta kamara askorik etorri. EGIN, EGUNKARIA, ETB, eta besteren bat soilik. Anek egin du aurkezpena, nik irakurri dut prestatuta zegoen agiri edo deklarapen bat euskaraz, Josuk agiriko ideiak errepikatu ditu gazteleraz, pare bat galdera, eta bukatu da.

 

Balorapena positiboa da, alde baikorrak eta ezkorrak azaltzen dira: milaka herritarren elkartasuna jaso dugu, alderdi, sindikatu eta pertsona ezberdinen atxikimendua ere bai, baina oraindik gai honekin inplikatzeko hainbat jenderen beldurra sumatu dugu; aurrera egiteko borondatea erakusten dugu, ekimen hau hasera besterik ez da; eguneroko gertaerak gogorrak badira ere ezin gara gelditu, pausoak eman behar ditugu eta eguneroko gertaerek ezin gaituzte baldintzatu. Azkenez hilaren 20ean, Ekimen ibiltariaren amaiera dela-eta mobilizapen isiletarako deia egiten da.

 

Bildutako senideekin egon gara ondoren: martxaren berri eman diegu eta solasean aritu gara; hainbat senide ezagutzen genituen martxak zeharkatu duen herrietatik.

 

Tomas elkartu zaigu bertan. Salda tabernan, eta lagunen bila hasi gara bostok Erandion zehar, ni txofer eta Josu gidari Iñakik utzi digun kotxearekin: "Caminito de Erandio" abestu dugu bidean: Imanoli letra bidali zioten bere deklarapenei ekin zionean. Getxotik ere pasa gera: ezberdina da bertako paisaia urbanoa: txalet, jauregi eta eraiki dotoreak; hemen ere aldatu da egoera, jauntxoak Madrid edo hirietara joan baitira, bere etxebizitza dotoreak Banku eta antzerakoei salduz. Sopelan aurkitu ditugu lagunak ekimena bukatuz manifan zihoazela.

 

ERANDIO. 60 pertsona inguru bildu da, ikurrin askorekin. Atxikimenduak. Pleno aretoan egon dira ibiltari denak, jendez beteta zegoen: HB, EB, EA; EAkoak hitz egin du nagusiena zela irizpideagatik; ez dute plenorik egin alkateak agindu zien bezala;  PNV, PSOE, PP deskolgatu egin dira atentatuarengatik; EBk kritikatu egin ditu ez kolaboratzeagatik agertu ez direnak, eta berak izenpetu du 5. puntua ezik; preso denak behar dutela Euskal Herrira dio; hiru partiduak ados daude aurrera egin behar dela, Estrasburgora joan, alegia: egiteko prest daude orain bertan.

Klarak eman die sufrimenduaren berri

Patxi-Balentin-Klara alkatearengana: honek beste ildo batetik sartu nahi izan du baina HBkoak bideratu du elkarrizketa; Klarak agertu dio egoera, bera ahaleginduko dela-eta geratu da alkatea.

Iñaki eta  ?  Cables y alambres empresara: Komitearen atxikimendua, ondoren nagusia etorri zaie loreak oparituz. Batek hitz egin du kartzelatik aterako dituztela esanez: "nirea ez dute aterako, hil egin baitute" bota die Iñakik.

Martin-Justo apaizarengana: ez da batere ondo joan elkarrizketa politikan sartu nahi izan baitu apaizak, baina firmatu du.

 

Agintariek ez dute ezer oparitzen, denon lana da presoak etxeratzea.

 

Hitzen gainetik, arropen dotoretasunaren gainetik ikusten da nortasuna eta dotorezia nork duen : dotore jantzitako zenbait alkate eta zinegotzi biluzik gelditzen ari zaizkigu, batzuetan mutu ere; hitzen oskol politaren barruan berehala aurkitzen baitugu edukiaren ustela edo fruiturik eza.

"Zer lortzeko ?. Ezer lortuko ote?, noiz?" galdetu du batek irakasle despedituen borrokari buruz. "Eta guk?.  Baina hemen gabiltza" erantzun dio M. Luisak.

 

SOPELA. 3 pankarta (ikasleena bat). Txistua, txalaparta, dantza, bertsoak neska mutilek, atxikimenduak 7 neska irribarretsuk dantzan hurreratuz eskainiak, “ Hator hator” txistulariekin abestua, loreak,  txalaparta. Manifa Mikeletxe Herrikoraino kaleetan zehar. Rifi-fafea egon da manifarekin haserre jarri den neska auto-gidari presatiarekin. Koadroa oparitu digu HBk, bere presentzia M. Asunek.

Blanka-Paule joan dira Getxoko alkate jeltzalearengana. Zorrotz egon da. Ados dago baina ez du firmatuko Senideak-engatik datorrena, baina orriak dion dena egingo du.  Duen erantzukizuna aitatu zaio eta hitzetatik ekintzetara urratsa emateko eskatu.

 

Euririk edo hotzik ez denean, haizea.

 

Sopelako parrokoa zen nire Zamorako kartzela-lagun mina, kartzelako utzikeriak hil zuena. Nikola Telleria.

 

Maria Luisa katarroak jota dago, Martzialek trankazo izugarria du, Tomas eta Martin ukituta, beste askok ere hala daudela dirudite: banan-banan denok eroriko garela diote ezkorrek.

 

BARRIKA. Itsas gainean, leku paregabean, etxe solteak osatzen dute herria. Aukera gozoa jarri digute bazkaritan: indibabak sakramentu guztiekin, bakailaoa piperrekin edo saltsan, sagar pastela, flana, gazte pastela: pertsona ezberdinek egin dute jaki bakoitza, doan oparituz. Maria Asun izan dugu sukaldari, zerbitzari, mahaikide, lagun, ....

 

Negar egiten duenik ere bada herrietan: bizirik dago presoekiko sentipena.

 

Josuren aitaren ondoan bazkaldu dut. Gizon bizia, betiko borrokalaria. Harro dago semea alaba suhia "peleones" atera zaizkiolako.

 

BERANGO. Jende oparoa bildu gara Eroski Supermerkatuaren aurrean, gehienak enkartelatuak. Firma bilketarako mahaia  ate aurrean. Baina ia jenderik ez da sartzen gauden atetik eta inork ez du paperik izenpetzen, baina saltoki barrutik ikusi ikusi gaituzte behintzat, enteratu ere enteratuko al ziren nortzuk ginen eta zertan genbiltzan. Atxikimenduak.

Paulen ilobek marraztutako globo batzuk oparitu dizkigute.

Santi izan da hitzen arduraduna.

 

Babes juridiko eta gainerako eginbideak eroso bete daitezen, epaiketa zuzena bermatzeko hemen behar ditugu pesoak.

 

Herrikoetan egoten garela esaten dute, baina zer egingo dugu beste partiduek hitza besterik eskaintzen ez badigute. Hitz soilek ez dute ez aterperik ez ogirik.

 

Santi mitinlaria da, tonueran, esakeran, bai erakusten duen patxaran; agian ez da oraindik plazagizona. Sentiberatasunak zapuzten omen du.

 

GETXO, ROMO, AREATZA. 50 bat inguruko taldea. Pankartekin egon gara, jende-pasa biziko plazan  ozena dela Senideak-en musika. Atxikimendu batzuk, guti. Bertan ilundu zaigu. Ilaran joan gara gero denok Kultur Etxeko plazara, bertan egon gara 15 minutuz argipean, dabilen jendearen ikusmiran, ikurrin eta bertako presoen argazkiekin: enkartelada bat izan da, besterik gabe. "Branka" Elkarte edo Herrikora luzatu dugu ibilia bertan bukatuz ekintza.

 

Preso orori legeak eskaintzen dion astean bi aldiz bisita edukitzeko eskubideak  nahitaezkoa egiten du presoa familiarengandik hurbil egotea.

Adin txikiko seme-alabak, adin handiko gurasoak, egun osoko bidaia arriskutsuetan!!!.

 

Hainbat herritan uste izan dute guk geuk jasotzen ditugula atxikimenduak ekitaldian: ze zaila den kontsignak eta plangintza ulertaraztea, elementalak izan arren. Gure lana nola egin  ikasi behar dugu bizi ditugun baldintza eta zailtasun hauetatik, horrelakorik berriz gerta ez dakigun.

 

Begori hainbat lan eta buruhauste eman diote argazkiek. Berak erabaki ordez denokin kontatzen du. Aukeratzeko erakutsi, testua kopiatu, fotokopiatu, kartazalak egin, izenpetzeko gertatu, bidali, kobratu ... uste den baino zeregin luzeagoa.

 

ALGORTA.  Zain dugu jende-taldea parke edo oinezkoentzako kale zabal batetan. Leiho batetik txaloak ere jo dizkigute. Musikak betetzen du aire zabala, elkartuon txalo zaparrada, aupadaka sloganak, pankarta ostean gordetako ibiltarion plazaratzea ikuskizuna ere izan da bonbillek argitutako gauean. Txistua. Argazki guztiekin manifa plazaraino kaleetan zehar. Giro ederra dago, giza giroa batez ere. Bi ilarako manifa luze zirraragarria. Herriko plazan sartzean “kalera kalera” abestu da txistulari taldearekin, eta argazkiz bete da plaza, ikuskizun paregabea bilakatuz. Txalaparta. Harrera hitzak. Bi bertsolarik ekin diote doinu hunkigarria erabiliz: "Batzuek eman behar dugu zerbait besteak dena ez emateko". Atxikimenduak: guti. Haritz orri bana oparitu digute ibiltarioi, baita zapi bana ere. Dantzariak: "Aldairak",  Zuberoako dantza ederra, eskusoinua musika egile, giza soka luzea atera da dantzara plaza erdian borobila eginez, umetxoak tarteko,  Iparraldean baikeunde.

Abesbatzak  "Hator hator", eta, bukatzeko, denok abeslari "Eusko Gudariak".

Jon- Blankaren hitzak.

Alkateak, ez gaitu hartu nahi izan.

 

Agintariek arrazoia dugula aitortu behar izan digute.

 

Ez dira ez elkarte arruntak ez sukaldari arruntak, presoen arazoa bizi dutenak baizik, elkarteetan afari zein bazkariez arduratzen direnak.

 

Klariren alabari oparitu diot nire haritz orria: aitak ezin duenez sikiera aitaita batek. Tomasek bilatu du herriko neskato ezagun bat, nik ostera Felix aspaldi ikusten ez nuen maisu-kide elgoibartarra.

 

Afaria. Txoko Arrigunaga Elkartean. Laztan eta besarkada beroz eman digute ongietorri beroa. Jende heldua zen gehien bat bertakoa, gurekin parekatzeko  edo. Herriko jendea ere ugaria zen afaltzen gurekin. Gu gutxiago ginen gaur afaltzeko etxera joan baita Ezkerraldeko jendea. Porrusalda gozoa bakailao puskekin, legatz frijitu aparta, mazedonia. Izugarrizko umorea eta mugimendua zuen bertako jendeak, bai gizonezko bai emakumezkoek.

Lagun artean sentitu gara. Bazen emakume soinujolea ere. Abestu, batzuk dantzatu, ... giro alaia eta lagunarte aparta eduki dugu.

 

Erabateko zirrara egin dit han zebilen emakume batek: 6 urte egin ditu kartzelan, bakarrik eduki dute, kartzelan ez ezik ziegan ere, hiru urtez!. Izugarria izan behar du; epailearen askatzeko erabakia kartzelara heldu arren barruan eduki zuten hiru egun gehiagoz!!! familia mugitu zen arte. Madarikatuak basatiok!.

Afaritan zen ere urtebete kartzelan egondako emakume bat, alarguna omen: semea du kartzelan baina lau seme zituen kartzelan bera ere barruan zegoenean: erabat hunkituta egon naiz.

Pankarta bat herri batetan: "Jarrai, HB, Senideak, Gestora": uste dut horrela markatu egiten gaituztela, Senideak zerbait zabalagoa izan behar du, eta da izan.

 

Iñakiri semea hil zioten.

 

Eli eta Imanolen etxean lo egin dugu: Helduak dira biak, nagusiak ere bai.  Hunkigarria da horrelako jendearen etxean egotea: 6 urtez dute semea preso Frantzian. Sukaldeko horman dago argazki handia nabarmen, austero, ez koadro eta ez ezer, biluzik bezala, zuri-beltzean, absentziaren gordintasuna nabari; lo egin dugun mutilaren gelan hainbat argazki daude,  bertan zebileneko ohizkoak: semea presente dago etxean, barru-barrutik eragiten du presentzia horrek edo semeak uzten duen etxea bete ezinak. Sufrimendua eta harrotasuna.

etiketak: Ekimen ibiltaria
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.