Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ekimen ibiltaria

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/08/28 17:06
14. eguna: Abenduaren 13a. Larunbata - 13. Bilbo: Epaitegia, Indautxu, Guggenheim, Santutxu, Deustu, Plaza Eliptikoa.

Alde egina dugu Tomas, bis a bis-a baitaukate semearekin asteburu honetan.

Herrikon gosaldu dugu, batzoki eta elkartetxerik ez badigute eskaintzen. Bilborago eta lainotsuago, eguna iluna dugu. Isilik goaz, Justo bera ere zalaparta batzuk ondoren baretu zaigu, Nerea kuluxkan, egunkariak irakurtzen batzuk,...

 

BILBO

Eguzkipean sartu gara, barrenak ere alaiago.

 

Epaitegia. Ertzaintza mozorrotua dugu zain, lekua gordetzeagatik omen, baina aurreraxeago aurrez-aurre geratu zaizkigu ekintza osoan, erasotzeko prest baileude, beti bezala. Zirkulazio trinkoko kale garbian gaude, espaloian, epaitegiaren aurreko bestaldean, gidariek harriduraz begiratzen digute. Hotz-beroa 8 gradu, gutxitxo aukeran geldi egoteko, goiz hitsa hamarretan, hozgiroa. Panelak epaitegiko sarreran jarri ditu Ibonek, bertako 9 presoen argazkiak barandari lotutako globoetatik zintzilikatuta kulunkatzen dira. Gehitzen joan den jende multzo ez handia hasieran talde bikaina bilakatu da bukatzerako, bada hainbat enkartelatu  tartean; Josu txoferrak musika jarri du kamionetako megafoniatik. Ohi denez bertako presoen senitartekoak gure pankartaren atzean kokatu dira bere argazkiekin. Atxikimenduak.

Maribi-Goros Deia,  Balendin, Klara El Correo, (El Mundo ?) egunkarietara joan dira atxikimendu bila: Mahoma mendira.

Bego-Santi  Mediku Elkargora.

 

Ikaragarria da preso guztien argazkiak batera ikustea kalean: bisualki, plastikoki, begiratu bakarrez ikusten da zenbaterainokoa den kartzelan dugun preso kopurua. Beharrezkoak ditugu denon presentzia eta besoak gaueko ekitaldian.

 

Abokatuak, bidaiak, bisitak eta antzerakoak dira senitartekoen gai usuenak: hala behar ere, bere bizitza baita.

 

Martin: "Uste nuen etxea gurea zela, uste nuen semeak gureak zirela, baina etorri ziren txakurrak eta etxera sartu ziren, etorri ziren eta  semeak eraman egin zizkiguten".

 

Indautxuko Plaza. Jende multzo ederra, lehen Epaitegian zeuden gehienak ere etorri baitira. Gureez gain bada pankarta gehiagorik. Aurkezlea euskaraz. Koru batek "Jeiki jeiki", "Txikiari", "Hator hator" abestu ditu; bi neska-mutil bertsolari bertsotan aritu dira, atxikimenduen zerrenda irakurri dute: apaiz mordoa dago zerrendan,  bi zinegotzi, kazetaritzako irakasle pila, eta hainbat gehiago. Telebista kamara ugari dabil baina gero auskalo zer aterako den medioetan. Korua berriz ere, "Bizi bedi Euskal Herria". Indautxun garai batetan presoei buruz ateratako kartel bana oparitu digute. Atxikimenduen eskaintza. DEIAko zuzendariordea ados, erredakzioko gehiago ere izan omen daitezke.

Paulen hitzak: badaki ukitu beharrekoa egoki aitatzen. Cartajenako Laguntza Komitearen elkartasuna ere heldu zaigu.

Ondoren plaza barruko borobil osoa hartu dugu, giza hesi trinkoa eginez, bertan egon gara ordu laurden batez.

 

Harro ateratzen ditugu argazkiak, harro gaudelako gure seme-alabez.

 

Gure taldea talde berezia da, denok berdintsuak, denok xumeak izateak bildu gaitu agian. Ezagutu genuen Tolosan gizonezko bat, oso egoki hitz egiten zuen berak, taxuz, legezkoa zen zioena, juxtu behar zena, zorrotza gainera; horrelako bat ordea hondamena litzaiguke guri, galduak ginateke autobusean: bereganatu egiten baitzuen taldea, ez zuen jokorik banatzen, ez zuen taldea indartzen, bere inguruan  jartzen baizik taldea.

Paskualek badu beste ekintzaren bat herriko festetan kartzelarekin sinbolizatuzkoa, zer den jakin ez dudana, galdetu ez baitut ia ezer galdetzen.

 

Gugengein. Ezberdina bada izan, ikusgarria ere bai, baina polita lorezko hartz erraldoia da polita. Jende korru luzea egin dugu gainaldeko laugunean, Artxanda alde batetik eta etxadia bestetik ditugula. Hamabiak ziren.  Bi txalaparta. Pospolin batek aurreskua.  Atxikimenduak: pila; Gotzon Garatek ekarri dizkigu Deustoko Unibertsitatekoak; Jose Ramon Eibarko santutxuarra eta Martin Errigoitiako bilbotarra ere han ziren, baita Arnaldo, Permach eta Jone ere.

 

Prentsaurrekoa. Leku berean egin da, komunikatu bat irakurriz, oraingoan euskaraz ere irakurri da, merezi izan du gaueko itzulpenerako ahaleginak: manifarik egonen ez denez egoeraren balorapena eta irtenbide zuzen baten eskabide aldarrikapena egiten da, borondate eta indar oro elkartuzkoa. Kazetari eta kamerak han ziren. Sekretatzat hartu ditugun bi tipo ere bai: egin dugu nobelatxoa gure artean autobusera gindoazela.

 

Guk ez dugu gure senitarteko presoen jokabide politikoa juzgatzen, jarduera armatuarekin zerikusia badu ere. Guk errespetatu egiten ditugu gure seme-alabak.

 

Hitz onak eman dizkiguten partidu politikoen bultzada  soilik behar du  herriko gehiengoak eskatzen dugunaren alde kalera ateratzeko. Baina aldi berean politikoek herriaren bultzada behar dute gure ekimena bultzatzeko.

 

"Las sopas de sarten son puercas pero saben bien", Blankarena da.

 

Santutxu. Bilboko auzo bakoitza hiri handi bat da, jendetza gordetzen duen etxadi erraldoia, baina bizia dute zementu eta adreilu bloke erraldoiek.  Ordu bata jo berri zen heldu garenean. Jende pila zain plaza erdian: Santutxu, Otxarkoaga eta Boluetakoak elkartu dira hemen, ikusmiran ere hainbat, asteburuko eguerdiko epelera, lagun baitugu eguzkia. "Denok batera, presoak kalera" da bertako slogan ezberdina maiz oihukatua ekitaldian. Preso piloa dago auzoan, Tasio ere bertakoa da. Txalaparta. Lora eskaintza. 8 neska-mutil dantzariren aurreskua. Ongietorri hitzak. Argazkiekin manifa, eguerdia den arren. Jende asko dago kalean eguerdiko ibilian. Santutxun ez dute baloratu isiltasunaren indarra ezta ere ilaran joatearen inpaktu bisual plastikoa. Agian geure errua izan da aurrez ez garelako egon antolatzaileekin: moltsoan joan gara eta sloganak indarrez oihukatuz, bertako kotxea zela bozgorailuekin aurrean. Kartzelako plazan bukatu dugu: Ibonek megafonia muntatuta du. Txalaparta. Bertsolaria. Harrera hitzak. Atxikimendu irakurketa eta eskaintza txalapartaren soinuak biltzen zuela ahotsa: bertsolariak bertsotan eskaini du berea, ez dago politikoen atxikimendurik HBkoenak ezik. 

Paulen hitz egokiak.

 

Harro gaude gure seme-alabek politikoek ez dutena dutelako: idealismoa, entrega, altruismoa, herriarengatik dena ematea, dohaintasuna eta duintasuna.

 

Ez da gaurko manifa hau beste hainbat manifa politiko batzuengatik  berezitu. Ez da Senideak-en manifa izan, ez da izan ezberdina, "betikoak" ginen; zerbait irekia eta zabala egin nahi badugu, beste zerbait izan behar du; eta, manifa isila eta ilarakoa bai bada ezberdina, sakon eragiten duena gainera. Izan behar luke Senideak-en ezaugarria. Gaztedi izugarria zegoen eta agian gazteak beste era batera azaldu behar dute beraien indarra eta barne amorrua.

 

Felipe, lo txarrekoa omen, borrokan dabil egunotan zenbait buruko eta koltxoirekin. Besteok nekearen poderioz-edo, ez dugu lo arazorik. Lo gutiko eta arinekoa izanik sekula santan baino oso eta santuago egiten dut nik neuk lo egunotan.

 

Bazkaria. Jendez lepo dago Herriko, trikitixa eta guzti bazkaltzera joan garenean; txandaka arduratzen dira auzokoek tabernaz.  Ohizko orduan ateak itxi eta guretzako mahaiak jarri dituzte, bazkaria etorri aurretik ardo guztia edan eta ogia ere janda geneukan: zer ote zioten gazteek gure entrama ikusita. Zopa, xerra, fruta. Gazteen lanari esker bazkaldu dugu!!!, beraiek eman digute jaten, franko ahalegindu behar izan dute, hunkigarria guretzat. Herri hau biziko da.

 

Atxikimenduak: Deia: Zuzendariordea ados dago, ahaleginduko da ia Zuzendaritzak erabakitzen duen egunkaria martxaren gaiaz aritzea. El Correo: ados dago Zuzendariordea, baina ez du atxikimendua firmatu; egunkariak gure Martxa eta helburuari gehiago laguntzeko eskatu diote baina  Gugeggeinneko prentsaurrekoan ez da egon.

Mediku Elkargoa: kartzeletako egoera konkretuagoki azaldu diote, egoeraren berri eman; jakingura zuen eta harremanetan jarri nahi du kartzelatara doazen medikoekin; zenbait material gehiago bidaltzekotan gelditu dira.

 

Epaitegi aurretik igarotzean arratsalde beranduan hor diraute oraindik globoak presoen argazkiekin barandak airean eusten dietela.

 

"Me da lo mismo, lo mismo me da, Zaldibia edo bi zaldi", Justoren ateraldia Zaldibin ginenean.

 

DEUSTU ???. Nire oharretan ez dago aipamenik, baina nire garunetan pasiotarren komentu ingurura jo genueneko irudiak daude, lausotuta, baina daude. Errepidea den kale nagusitik egin genuen gizakatea espaloitik, kalea zeharkatu, goialdeko kalea ibili, berriz ere kale nagusira jaitsi eta kalegurutzean bukatu, ekitaldiren batekin gainera. Gauez lotarako eta goizean gosarirako bide berdina egin genuenez agian fantasia eta errealitatea nahasturik ditut.

 

Senideon artean politika eta bestelako iritziei buruz pentsaera ezberdinak daude.

 

Giza-inguru askotara heldu gara atxikimenduekin. Baina ekimenetan betiko gizataldeak bildu zaizkigu, betiko pertsonak agian, ekintzek ez dute betiko ingurua zabaldu. Begionez ikusi gaituen asko ere ez da kalera etorri, gehienez espaloitik edo leihotik  begiratzea izan da bere partaidetza.

 

"Ze suerte umerik ez eukitea, bestela hala ibili behar" entzun diot gizon bati enkartelada gauzatzen ari zela: horrek ez du utopietan sinesten!.

 

Alde egin behar izan dutenak taldera bueltatzean izugarrizko harrera biziz hartzen ditugu: taldea elkartuta dago.

 

Plaza eliptikoa. Geldiriko enkartelada egitea erabaki da, plaza hau erdigune bizia da izan, aproposa.   Ibiltari eta presoen senitartekoek  betetzen genuen pankarta eta zuziekin Lopez Diaz de Haro estatuaren kontrako inguru borobila. Plaza bera osatzen duen espaloi borobila 600 argazkiek marrazten zuten lau kaleetara luzatuz. Musika, Senideak-en soinua ozen eta sarkor gaueko iluneko farolen argian kotxeen motor hotsen gainetik. Ordua ere halakoa denez espaloiak jendez gainezka Arenal, Gran Via edo Geltoki aurreko Gabon Azokara edo Azokatik. Milaka bilbotarrei agertu gatzaie.

Blankaren hitza kalean bertan.

 

Gure helburua ez da politikoa, politikarekin lotura estua badu ere. Gure jarduna ez da politikaz, politikoez bai.

 

Ez da izan agian hunkigarria, ezta ikaragarria ere agian, bai ordea ikustekoa, ederra gaurko azken ekitaldia. Denok gaude pozik, manifarik ezaren ondoren zerbait itxurazkoa egin dugulako.

"Frio eh, aittita?", bota dit abegikor pegatina zeraman bera ere heldua zen emakume batek. Aguretu naiz!.

 

Afaria. S.Mames inguruko Herrikon. Paseotxoa egin dugu Gran Viatik. Gaur partidua du Atletik-ek. Pure, urdai egosia, berduradun tortila, arrozesnea, txanpaina, bonboiak.

Telebistan ikusi dugu hilketaren aurkako Donostiako manifa, Kontxa bete egiten zuen, beraz handia izan da.

Mutil-laguna aurkeztu digu Nereak. Familiarteko ezagutza eta aurkezpenak eginak gelditu dira. Denok aurkezten dugu lagunarteari harro eta gustura gure familia.

 

Taberna gainezka, Atletikek irabazi egin du azken orduan eta ikuslegoa oraindik urduri dago ekipoaren balentria kontatzen.

Izaskunek eraman gaitu lotara Tomas, Justo, M. Luisa eta ni. Bere gurasoen etxea da, alaba dute Parisko espetxean eta ikustera joanak dira.

etiketak: Ekimen ibiltaria
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.