Ekimen ibiltaria
Iruñazarra tabernan egin dugu gosaria eta bilera. "Zenbait bileratan ardiak baino artzain gehiago izan gara": pazientziaz baliatu behar da Nire, denok ari baikara zerbait esan nahian eta askotan batera. Maria Asunek Frantziako kartzela batetan gose greban dagoen Fermin Sanchezen arazoa azaltzen du, ekitaldien bukaeran M. Asunek berak hortaz hitz egitea erabaki dugu.
Josu, Blanka, Josepa eta Patxi Nafarroako Parlamentura joan dira elkarrizketa batetara.
LIZARRA. Goizegi heldu gara!. 30eko taldetxoa dugu zain, denak gazteak. Goiza oso hotza da, plaza zabal nagusienean oso guti eta bakar gaude, baina asko garela jakin badakigu, atxikimendu ugariak dira herri zabalago baten ordezkari. Lora sorta eskaini digute. Giro erakargarria bilakatu da.
Dodakak hitz egin du
M. Asunek Fermin Sanchezen egoera azaldu, gartsu eta egoki azaldu ere.
Justo-Jon joan gara apaizarengana, hiru ziren apaizok eta udaletxean elkartu dira: elkarrizketa onez joan da eta firmatu dute. PSOEkoa den alkatearekin ere egon gara: erabat ados dator gure eskabidearekin, arrazoiekin eta eskubideekin, baina ez omen da ezer izenpetzeko momentua, alderdia zuzendaritzarik gabe dago-eta Nafarroan, asteburuan dute kongresua edo antzerako bileraren bat, berak zuzendaritzan egoteko aukerak ditu eta sinadurak arazoak sortuko dakizkioke, ezer guti behar omen delako Nafarroan eta partiduan inor larrutzeko: ez dakit egiazale zintzoa ala aurpegi gogorra den, politikoa behintzat bai, azkenean.
Ez gaituzte gezurrekin eta keinu inozoekin engainatuko politikook.
Elkarrizketak bukatu arte hitz aspertuan egon gara plazan, hamarretakoa jorratzen. Ez dira konponezinak hitza eta jana.
Senideak-entzat bideo-lan bat egin asmoz egun osoan ibiliko zaizkigu gaur bi morroi kamerarekin bata, elkarrizketak egiten bestea. Bizkaiko kostako egunean eta Bilbokoan ere gurekin izanen ditugu.
Elurtuta dago Moncayo; "Etzandako Gotzaia" deitzen omen diote Tomasen esanetan, nik horren antz handirik ateratzen ez badiot ere. Erne da gari goiztiarra; zuri bihurtu dira hemen lur gorriak, artaldeak ere lurrarekin bereiz ezinak baitira.
TUTERA. Ez da erraza izan plazara sartzea, bidea nondik nora ez genekiela, baina heldu gara: ederra da plaza, zezenketa eta inguruko herrietako ezkutuak irudikatuzko zeramikak dira deigarri hormetan. 20kote bat dugu zain; ez hain gazteak, ia helduak dira gehienak. Kadreitako Tasio dute preso Valladoliden. Soinua lagun “Hator hator” abestu dugu. Atxikimendu eskaintza xumea eta apala izan da, baina bihozbera. “Aupa gizona” ere abestu dugu. Bertako batek hitz egin du, euskaraz gainera: ordu txarra da, horregatik dago hain jende guti, baina talde asko dago lanean, presoen aldeko ekimenak bultzatzen. Udaletxeak ere hartuko gaitu eta hori pauso handia da; apaizarekin ere egongo gara.
Dodaka Salegi - M. Asun, norbaitekin elkarrizketatu ziren.
Blanka, Josepa, Patxi eta Josu joan dira Udaletxera: UPNkoak ez du hitzik egin, IUkoak ziri politikoa sartu nahi zain du, Batzarrek izenpetu du atxikimendua.
Justo-Jon Artzapezarengana: pertsonalki eman du bere sinadura, hurrengo bileran mahairatuko du gaia eta eskakizuna, non uste duen bizpahiru sinadura gehiago izanen dela.
Ordu bi eta erdiak arte luzatu gara plazan.
Dituzuen agintariak baino libreagoak zarete zuek.
Ez du erraza izan behar UPN nagusitu den lurraldean presoen eta familien eskubide eta egoeraren alde lan egitea, nafarrek baina kasta dute.
"Ez nekien jainkoa animalia zenik”, "Aqui naciò el siervo de Dios" jartzen du, eta "zierbo" oreina da". Justo behar zuen izan ohizko hitz-jokoetan: sokan etortzen zaizkio horrelakoak, bata bestearen atzetik.
Beterri Elkartean Bazkaria: Esparragoak, kogoilo edo kukuluak (gaur ikasi dut nola jaten duten bertakoek: txortenetik heldu hatzekin eta mauka-mauka, olioa bota ondoren jakina), berdura menestra, solomoa tomatearekin eta mazedonia. Gosez jan dugu denok jaki gozoa.
Sukaldari eta zerbitzari ibili den baten urteak ziren gaur: harro, ukabila gora, jarri zaigu "Zorionak zuri" abestu diogunean: ezkertiarrak erriberakook.
Denbora genuenez, bilera egin dugu bazkal ondoren:
* Egunekoaren ohizko azterketaz gain martxarena ere egin dugu, orokorragoa eta sakonagoa: ez nuen ohar idatzirik jaso eta ezin dut zehaztu esandakorik.
* Norbaitek arrazoi guztiz aitatu zuen goizean erabakitako nork-zer betebeharrak aldatu egiten direla, ni neu bidali naute apaizarengana goizean elkarrizketarako beste norbait izendatuta bazegoen ere: talde bizi baten azken orduan erabaki beharrezko arazoak izan ohi dira askotan, baina norbait baztertua izan den sentipena ekidin behar da; hobe zereginak kaskarxeago bete baina taldearen sendotasuna gorde.
* SER irrati-katearen irratsaioan parte hartu edo ez izan da eztabaida nagusia: baiezkotan geunden eta Dodaka zen hitz egitekoa, baina joko iluna eta zikina erabili du SERek, ez zaigu fidagarria iruditu eta azkenez elkarrizketan tarteko ez izatea erabaki dugu; Rubalcaba eta hainbat ezagun ziren irratsaioan tarteko, denak telefonoz.
* Gipuzkoan genbiltzala erabaki genuen familiartekoon preso bakoitzari argazkia bidaltzea. Bego arduratu zen horretaz: Bazkal ondoren hasi gara argazkioi sinadura jartzen.
* IU, EA eta CDS egon dira Nafarroako parlamentuko bileran: batez ere bi amek biziki azaldu die familiartekoen arazoa, Ekimenaren asmoa eta helburua. Alli pasilloren batetan gurutzatu zaie eta harrapatu dute hura ere. Astindu psikologiko bat behintzat hartu dute.
Paskualek zizelatu du presoentzako testua: irakurri genuen, eta onartu; poeta ere badugu Paskual:
"Kaixo Gure Zuhaitz landare maitea. Zer diok/dion?. Gu hemen gabiltzan/tzak eguna joan eta eguna etorri. Batzuetan herri handietan, besteetan txikietan. Amezketan geundela gure Txindoki maiteak zapel zuria jantzi zinan/zuken. Gure itsaso ertzetik pasatzean bildotsez beteta ikusi dinaun/diaguk. Eguraldea haserratuta zabilan/ak baina bere erasoak guretzat muxu eztitsuak ditun/uk. Attona-amona, Aita-Ama, neska-muttiko geure zain herriko plazetan; klabelinak, larrosak, muxuak, besarkadak, malkoak, algarak, zopa bero-beroa, gosaria, bazkaria, afaria, txarangak, txistuak, txalapartak, trikitixak, zortziko dantzak, aurreskuak edo azkeneko ohea eskeintzeko. Gainera eskerrak!, eskerrak!, ematen gaitizten. Milaka personek eta guk; etxean egottia nahi dinagu/guk. Orain arte hartu dinagunen/k eta ondorengo egunetan hartuko dinagunen/k "ohore" guztiek hiri bidaltzea pentsatu dinagun/guk eta gainera gure besarkadak, igurtziak eta musuak. Zaindu ezan/ak hire gorputza eta burua.
Agur gure "landare" maitea"
Polizia sekretua ibili zaigu egun osoan atzetik bai kotxez eta bai oinez.
Euskara asko entzuten dugu Erriberan, mugidako hainbatek behintzat euskaraz egin edo egiten saiatzen da: euskaldun-berriak; pozgarria euskarak zuztarrak birbotatzen hasi dela egiaztatzea, euskalduntasuna sortzen eta indartzen.
Nerek goizero erosten ditu egunkari guztietako bizpahiru ale.
TAFALLA. Herriko ertz batetan gelditu gara. Izan da bertan ahoratzeko zerbait.
Pankartekin kalezko ibilia plaza nagusira. Jende multzo ederra bildu da. Martxari ongietorria emanezko jota abestu du neska batek. Josefa euskaraz aritu da, Blanka gazteleraz, Maria Asun Martintxoren egoeraz. Ongietorri hitzak: gazteleraz, goxo, ezberdinki, dotore. Aurreskua. Dultzaineroekin "Kalera kalera" abestu dugu. Atxikimenduak. Manifa: alkateak azken ordura arte ez du nonbait baimenari buruzko erantzunik eman, azkenez Gobernadorearen esku uzteko gainera; denborarik egon ez denez baimenik gabe egin da. Jende ederra bildu da baina ez argazki denak banaka atera ahal izateko adinakoa: askok bina hartu behar izan du, baina zirraragarria izan da antzinako kale bihurri eta estuetako ilara luze ibiltaria; tarteka kamionetak sartzerik izan ez duen kaleartean ozenagoak ziren oihuak. Dultzaineroekin “Hator hator” abestuz eman diogu bukaera.
Justo-Jon apaizarengana.
Agintari gehienak ez dira kementsu edo alderditik aske sentitzen dutenaren arabera iritzia idatziz emateko gai.
Herriko apaizarekin ongi joan da elkarrizketa baina komentuko burua nahastu zaigu sasi intelektualkerietan: libreagoak omen dira presoak sakabanaketarekin, perspektiba ezberdinetatik ezberdin ikusten dela arazoa eta antzerakoak, baina nire haserrea piztu duena senideen sufrimendua hala ote den esatea izan da. Ezkiokoa da eta iloba du kartzelan!!!. Erantzun beharrekoa erantzun diogu. Azkenez atxikimendua izenpetu digu eskubideen aldeko dena apoiatzen duela eta!.
Oiloak bragekin omen dabiltza arrautzak gainbehera eror ez daitezen Pueyo zapaldetan eraikitako herri malkartsuan: Tomasek mila kontu daki.
Afaria. Zopa, menestra, oilaskoa erreta edo arkumea saltsan, helatua/flana. Anaia arteko giro sanoak bereganatu gaitu. Jotak ere abestu dizkigute. Hainbat abesti abestu dugu. Jatetxeak oparitu digu afaria!.
Ukitu berezia dute Erriberakoek, biziagoak, irekiagoak dira, agian kirtenagoak ere, baina sanoak. Berezko giza freskura, begirada ere bristadatsuagoa da beraiena.
Justok gurekin jarraituko du, bihar joatekoa bazen ere berez: jarraitzeko baimena eskatu dio taldeari goizean. Baina ez dago gure esku, ezta Nerearen esku ere, bulegoan erabakitzen baitute nor eta noiz arte. Guk geratzeko kontrakorik ez dugula azaldu besterik ezin dugu egin. Erantzunaren zain egon gara egun osoan denok, jabetzen baikinen Justo urduri zegoela. Baiezkoa etorri denean bromatxoa muntatu diogu denon firmekin idazkitxo bat emanez. "Azpian sinatzen dugunok erabakitzen dugu: Goizean goiz egunkariak behar ditugulako, Humorea behar dugulako, Bera maite dugulako, beste 10 egunez Justok gurekin jarraitzea". Nolako arnasa hartu duen. Hunkitu ere egin dela zirudien. Egun txarra pasa omen du guk zer erantzungo zain.
Jesusen eta Gazteluren etxean egin dugu lo, neskaren logelan, erabat borroka-kartelez girotuta, lo egin dugun gazteen logela gehienak bezala. Etxeko katuarekin izan ditugu arazoak: neskaren gelan lo egiten ohitua dago eta pasilloan egon zaigu atea noiz bainugelarako zabalduko zain, barrura sartzeko; M. Luisak hainbat komedia izan du berarekin, batak sartu nahi eta besteak sartzen utzi nahi ez: bidaiako zertzeladak hauek ere.