Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ekimen ibiltaria

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/09/15 08:37
19. eguna: Abenduaren 18a. Osteguna - Amurrio, Laudio, Urduña, Laudio.

Afaldu genuen elkartean bertan gosaldu dugu:  azal azalean dago sentiberatasuna. Etxarriko Benitarentzat goraintziak eman dizkit Parisen lanean urte luzeetan egondako emakume batek. Galdeanoren emaztea ere bertan zen, kikiltzen ez den hiztun argia. Eli Gallastegi - Gudari - Elkargoek "Independentzia" izenburuko  1. urtekaria oparitu digute.

 

Luzea dugu bidaia Amurrioraino. Eguzkia lagun, arinagoa. Martxa bukatzear  dagoen sentipena bizi dut, etxera joateko gogoa eta pena: sentipen nahastuak. Egun batetik bestera txipa aldatu zait azken aurreko egunean sartzean.

Azkenez ekiten diogu atxikimenduak sailkatzeari ere. Lehenengo egunetatik, Nerek ardura guganatu zuenetik, atxikimenduen bulegoa bihurtu zaigu autobuseko lehen ilara: atxikimendu bitxi, berezi edo deigarririk bazegoen bereizteaz gain erakunde ofizial eta politiko, talde eta elkarte, sindikatu eta langile, irakaskuntzan ikasle eta irakasle, gizabanako, ... sailetan banatuz joan gara egunez egun eta herriz herri, gehienetan paisaiari begiratzeko astirik gabe, inguruaz gozatu ezinean, begiak paperotan inkaturik, Tomas, M. Luisa eta ni bulegari.

 

Erakargarriak agertzen zaizkigu Orduñako harkaitz eta amildegiak.  Eguzki bizia gaurkoa, min egiten du begietan, agian urteko beherenean dagoelako.

 

Martzial desplazatuta gelditu zen pankartaren ertzetik  ibiltari berriak sartzean, baina bere isilean ez du protestarik egin. Egin zen berriro betebeharren banaketa eta Martzial finkatu da bere zereginean. Garrantzitsuak dira halako xehetasunak, agian txikikeriak, talde baten funtzionatzean.

 

ARABA.

 

AIARA bailara.

 

AMURRIO. Badut apaiz garaiko egun batez bertara etorri behar izan nueneko istorio bitxia.  Gogoratzen  nuen baino zabalagoa eta handiagoa da; dena da berria, ez zaio ia zaharretik ezer gelditzen, berritu gabeko baserri peto zaindua bezalako  etxe edo eraikin bakarren bat ez bada; ez du nortasun fisikorik, bestelakorik ez dut ezagutzen. Noraezean, ezerezean, hasi dugu bertakoa, nora nork bideratuko begira. Jendea gehitzen joan zaion hogeikote bat genuen zain plazan. Musika ozen entzuten da erdigune osoan, 19 egunez bildu gaituen  musika tristagarria. Ez du harrokeriarik ekitaldiak, behar ere ez. Apala da atxikimenduen eskaintza, baina besteak bezain gogotsua.  Oihu eta zantzo batzuk. Egonaldia egin dugu plazan, udaletxe aurrean. Ez dabil jendeketa handirik inguruan ere.

Aldika, herritar gehiago, gazteak batez ere, hurreratuz dator, atxikimenduak ekarriz; azkenean ugariak izan dira atxikimenduok. Egonaldi luze baten ondoren hamaiketakoa egin dugu. EA da nagusi herrian, ez gaituzte hartu ere nahi izan. Harritzekoa Ezkerraldeko portaeraren ondoren.

Tomas euskaraz, Bitxorik gazteleraz: taldetxo honek merezi du talde handiak haina.

Bakoitzaren uzkurtasuna, zitalkeria ala goitikako mezua?. Komuna behintzat eman digu udaletxeak!!!.

 

Euskarak ere hurbil behar ditu presoak!.

 

OKENDO. Ez gara taldea bertara joan, baina gutako bikotea, Josu-Bego, hartu ditu alkateak. EA.koa, alderdiaren aholkuari begiratuko dio. Telefonoz deitu behar zaio bere jarrera jakiteko.

 

Esan digute ez dagoela ez antolakuntza ez mugida handirik zonaldean: antolakuntza eta mugida, lotuta joan ohi dira biak. Nola sortu talde zabalak: ez du erraza izan behar hemen lan egitea.     

 

Goros eta Bego ditugu gaur gidari, bailarakoak baitira izan, bertan bizi ez badira ere. Goros du gidaritza-lagun Patxik, bidaia-gida.

 

Baserri-koadro ederrak daude bailaran, mendia berriz dena da pinudi hemen ere.

 

LAUDIO. Eguerdiz. Berezko ertz naturala kenduz kareharrizko hesia jarri dioten ibai ertzetik heldu gara. Plazara jo dugu. Merkatu-txikia dago eta ertz batetan kokatu gara enkartelatuta herriko 10 preso eta errefuxiatuen argazkiak ere gurekin zirela. Dozena bat lagun bildu zaizkigu. Jendeak begiratu behintzat egiten digu. Ongietorri hitzak.

Ibiltari, argazkidun eta gainerakook ilaran jarrita itxura behintzat eman diogu manifari: kaleak zeharkatu ondoren merkatu-txikia ere erditik zeharkatu dugu orriak banatuz.

Atxikimendu eskaintza: asko landu dute atxikimenduena, Gestoko batek ere eman digu bere sinadura. Bada urtebete  Presoen aldeko Plataforma lanean ari dela. Ordubatean bukatutzat jo dugu ekintza.

 

Zein da giltza, zein zerraila?. Ez dakit. Baina dagokion giltza aurkitu behar diogu sarrailari, eta askatasunaren atea zabaldu.

 

Laudion banatutako orriak euskaraz soilik zeuden: gaztelania zen nagusi plazan, herrian ere hala dela uste dut. Pozgarria da euskaraz izatea orria, baina testigantzaz harantzago zer balio du?, gehiengoa ez da enteratu ere egin orriek ziotenaz. Nik uste gazteleraz ere behar zutela egon orriok, euskarak diskriminazio positiboa behar badu ere.

 

Blanka ile-apaindegira joan zaigu, ba omen zuen eta ilea garbitu eta mozteko premia: panpoxa itzuli zaigu, ile mataza zuria motzago eta borobilduago.

 

URDUÑA. Irla bizkaitarra arabar lurretan, Arabako bigarren Trebiño. Urduñaren harkaizpean plaza sendoa, bi kanpai-hormadun harri argiko eliza bitxia, iturria erdian, plazaren alde osoa hartuz patio zabala duen garai batetako harrizko Aduana: plaza horretan genituen zain dozena erdiko taldetxoa heldu garenean, adoretsu eta alai; poteo erreibindikaria egin dugu kale estuetako tabernetan, pankartarik gabe oraingoan, baina bai slogana oihukatuz, kalexkaz kalexka, bazkaldu asmoz Mugalde Herrikora jo dugun arte.

 

Bazkaria. Berreskuratutako etxe ikusgarria da tabena, elkarte edo herrikoa, eskailera bitxi batekin, bera soilik ikustearren sartzekoa. Jantokia nolako, jakiak ere halako suertatu dira: sopa, garbantzuak, txipiroiak, okela gisatua, fruta edo gatzatua aukeran. Atleta behar dute zerbitzariak gora-behera ibiltzeko.

 

Bilera.

* Biharkoa zehaztu dugu: zer, non, nork.

* Gerora zer: ez dugu denborarik horretaz luzatzeko, gehiengoak uste du ezinezkoa dela talde bezala jarraitzea, Senideak-ekin jarraitu behar dugu, herrietatik hasi eta inguruan zabaltzen joan.

* Hitz onak eman dizkiguten pertsonei jarraipena egin behar diegu.

 

Azken erdian Blankak bereganatzen ditu atxikimenduak: honek ez du besoak aurrez altxatu beharrik, bere ilezuri eta gorpuzñoarekin kopina dirudi eta begiradak bereganatzen ditu.

 

Ekimena. Eguna agortzen ari dela egin dugu kale arteko ilara luzean plazara. 50 bat lagunek moltso polita egiten genuen. Aurreskua poxpolin batek. Lore sortaren oparia,  azken hamarraldian bezala Blankak jaso du. Ongietorri hitzak. Txapliguak ere ikuskizuna izan da, ia jendartetik bota baititu oholtxoa erabiliz. Atxikimenduak. Ekitaldi xumea baina mina, sentikorra. Tomas eta Bitxori hizketan, egoki baina laburregi biak nire aburuz.

Ilara luzean mamitu da  manifa antzinako jitea duten kaleetan zehar; arimarik ere ez zen ageri ez kaleetan ez gortina osteetan, kaniketan edo puxtarrian zebiltzan mutikoen ikusmina ere ez dugu esnarazi. "Eusko Gudariak" , "Gora Euskadi Askatuta"  abesti eta sloganarekin bukatu zaigu ekitaldia.

 

Europako edo kanpoko edonor baletor, edo/eta edozein presoren gurasorekin egon, ikusiko luke zenbaterainoko gezurra den hemengo demokrazia.

 

Azken egunak; nahi gabe zuzentzen da begirada joan egunetara, baita aurrekoetara ere, pozik eta kezkatuta, gustura baina aldi berean ezkor:

* "Gora ETA" bakarrik falta zen bukaeran MLNVko ekintza zela adierazteko.

* Musikarik gabe, slogan bakarra, Martxakoa. Halaz ere uste dut beste ekitaldi-molde mota bat indartu behar dugula jendearengana heltzeko, oso azalean gelditzen direla manifak, egun bateko loreak direla.

* Hainbat herritan gehiengoak ez dauka argi Martxa hau Senideak-ena denik; uste dut ez garela ezberdindu beste manifeengandik. Jende asko ukitu dugu baina sinadura batetan soilik inplikatu da, hareago nola inplikatu hori da gure erronka, asmatu behar duguna. Herria nola inplikatu, hedabideak nola jarri gure mezuaren alde ...; bideak bilatu, jorratu, askotan bidea bera egin behar dugu. Gaur PNVren aurkako kontsignak ere bota dira: arrazoiak egon ba daude horretarako, zenbat!!!, baina nik nire militantzian indar asko galdu dut urte luzeetan horrelako oihuekin. Asko aldatu behar ditugu ohiturak, iritziak, zerbait zabalagora jo behar dugulako.

 

LAUDIO. Herrikon bildu gara. Kartel handietan bilduta dago herrian zehar  atxikimendu denen zerrenda: ideia argia. Nereak bertan erosi duela ikusiz, "Ipuin berdeak" liburua erosi dut Herrikon, Ekimen Ibiltaria-ren  oroimena gorde asmoz: ze oroigarri egokiagoa liburu ekologiko bat baino.

Plazan elkartu gara.

Manifa eginaz eman diogu hasera ekimenari. 40 mila biztanle, HB gehien bozkatutako erakunde politikoa, hainbat preso bertan eta inguruko herrietan, ... baina ezin izan ditugu argazki denak banaka atera, zenbaitzuk bina hartu behar izan baitituzte: bi ilara luzeak izan dira nolanahi, deigarriak, hunkigarriak, izugarriak.

Jardunaldia: txalapartaria falta da: preso dago, beste batek jo du bere ordez. Plataformako kide baten hitzak: hainbat talde eta elkartekoak daude bertan; EA eta IU  salatu ditu. "Hator hator" trikitilariek  abestuta: altuegi ibili zaigu bakarlaria. Langileen ordezkari bat. Krabelina banaren eskaintza. Mutil dantzari batek hiru dantza egin ditu, azkenik aurreskua. Lan asko egin duten sentipena dut.

Jon eta Josu hizlari. Josu gaur ere presoaren argazkia eskuan duela.

 

Giltzapean dituzuen presoen senideak ezagutuz, politikook espaloiko txakur zirinek baino gutxiago balio duzuen sentipena dut.

Baina, politikoen interes politiko bilakatu behar dugu beraiek bere legea betetzea.

 

Santik emaztearen bisita izan du. Begi irribarretsuko emakumea.

 

Afaria Herrikon, goiko solairuan, liburua erosi dudan berean. Porru-patatak, txitxarroa, odolosteak, fruta: zer baino zer gozoagoa, giroa ere aparta.

 

Enkarna, ohea eman diguna, ordu batera arte gelditu da Herrikon afariko ontziteria garbitu eta mahaia eta gainerakoa gosarirako gertatzen. Izugarria da hainbaten sua ez ezik barruko garra.

etiketak: Ekimen ibiltaria
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.