BIDAIAK 2001
Ekainaren 19a. Asteartea. 49.a – I:21.a
“Hitzezko zubia”. Euskal poesia 1990-2000
Igor Estankona: “Gaur ez dago lainorik”. Gaur ere bada lainorik Galesen. Zirimiria noiz hasiko dago zeru grisa. Ez da lainotu gabeko egun bat bera izan Bretainia Handiko bi hilabete hauetan.
Martin Etxeberria:
* “Begiekin pentsatzen dudana / idatzi nahi nuke beti. / ... / Bideak hitz egiten duen hizkuntzan / hitz egin nahiko nuke / hurbil bezain urruti”. Bideak badu izan bere hizkuntza propio berezia, hitz egiten dute begiek. Nire eguneroko etsipena begien pentsamenduak eta bidearen hitzak hizkiz marraztu eta lotu ezinean datza, egunoro.
* “Eguna eguzkiz beteta zegoen, / ikaragarria, lehertu beharrean”. Bagenekien Bretainian ez genuela horrelakorik.
* “Eta han geratu ginen goiz guztian, / aterkiak eguraldi oneko egunetan bezala, ondo bilduta”. Bilduta izan dugu ia egunero aterkia, baina ez dira izan eguraldi oneko egunak.
MIDLANDS
Erdialdeko lurrak. Gure hurrengo egunetako bisitarako herrialdea.
Ingalaterrako lurraldean sartu gara. Ez da aldaketarik naturan, naturaren aldakuntzak eta herrialdeen mugak ez dira marra berdinez bereizteen, gizadiak jarritako muga interesak eragindakoak dira, inposatutakoak, naturaren mugak aldiz barne legeek eragindakoak..
Errepide orotan daude lanetan, lan-leku bakoitzak du bere argi-gorria, beraz takian potian gelditzen gara. Urrutira ikusten dugu lur zoroan, ertzean, eta badakigu argi-gorriaren iragarkia dugula zain.
Errepide-sare trinkoa du herrialde honek ere, bi aldetatik du errepidea herritxo bakoitzak, alde batetik sartu eta bestetik atera daiteke errepide nagusira herritxo bat barnetik ikusi nahi izanez gero.
Intxusa dager sarri, berriro ere, errepide ertzetan batez ere.
Ez da ia larrerik, lur landua da inguru honetako lurra, ez da koltzarik, gari-sail dira lur landuok. Kolore gorrixkak ageri dira lur goldatu berriak, Portugaleko Alentejo gogarazten digute.
Kolore biziz pintatuta daude ostatu eta taberna asko, fatxadak kolore biziz pintatu zaleak dira, izan da bat hori-hori pintatutakoa.
Beti errepidean gabiltzan sentipena dugu, gure solasgai eta esamesak errepikatuz goazela jadanik. Luze doa jadanik bidaia, antzerako lekuetatik, jadanik ez dugu gauza berririk ikusteko, ez aukerarik, ezta irrikarik ere, ez baitago ezer berri, ezohizko edo ezustekorik gure ikusmina pizteko.
Hereford. Zuhaitz ugariz zipriztindutako lautadan agertu zaigu, behe ganduan. Dorreak izan dira lehenengo ikuskizun deigarriak: lau ertzak orratzez apaindutako sendo karratua bata, punta luze garaia bestea, Katedralarena izan da bata, S.Peter elizarena bestea.
Hiri ederra, Ingalaterrako ederrena gidaliburuaren aburuz. Zaindua, txukuna, lasaia eta atsegina. Badu oinezkoen kaledia, behar ere!, ugari baitabil autoa kaleotan. Harrizko zein adreiluzko etxe eder asko eskaintzen die bisitari begiluzeei, baina zura agerian duten etxeak dira batez ere nabarmentzen zaizkionak, asko dira etxeok, ederrak gainera, atsegina da kalez kale oinak astintzea etxeok aurkituz eta miretsiz. Katedrala, S. Peter eliza eta Sagardo Museoa dira aitatu beharreko ikusgai nagusiak.
Katedrala. Hainbat aldiz berritu, osatu eta aldatutako eliza gorrizka. Oso handi eta sendoaren iritzia erakusten du, batez ere kanpotik gurutzadura erdi erdian, gain gainean, oso landua lerdentzen zaion dorrearen eraginez. Ez dit hala ere inolako eraginik sortarazi kanpotik, gutxiago harridurarik sortu: mahiko austeroa iruditu zait. Barruak aldiz halako zirrara leherrarazi digu, sarreratik bertatik, hain agertu zaigu handia eta zabala, handia zabaleran zein garaieran; handia zutabe-zilindro garauek ematen dioten sendotasun eta erraldoitasunagatik, argia beirategiak oso zabalak direlako, eta beirategi asko, beira koloretsuak galdurik, erabat zuriak direlako. Egitura ezberdina du: koru ostean dago kokatua eliza bitan zatitzen duen arkua, ez ohi denez koru aurrean. Koruak harri zizelatuko iruditeria du, eta aldareko erretaula bikaina da. Ederra da zurezko sabaia. Hortaz gain artelan paregabez oparoa da katedrala: zutabe-buru eta arkuteria osoa erabat zizelatuak zerra-ahoa bailitzan, nahi haina eta bi aurpegitxo zizelatuak, beirate apartak, bakarren bat oso antzinakoa, begiratzen aspertzen ez zarena, bataio-harri zizelatu bikaina, korukoa izandako aulkiteriaren zati bat sarrerako albo batetan, zeinetan harrituko zaituzten sekulako taila nanoek, batez ere deabruaren irudi xelebre ez ezik zoragarriak, eliza eta zibil jauntxoen hilobi pila bata bestearen jarraian, batzuk pintatuak beste zenbait marmol zuri distiratsuan leunduta, 1550.go triptiko tailatu ederra, kaperak, Erdi Aroko letoizko irudiak hormetan jarriak batzuk, hilobi gainean itsatsiak besteak, oinezkoon oinpean... Altxor nagusienetarikoa, 1200. urteko Mapa Mundia: bitxia, gozamena bere marrazkiak begiratzea. Klaustroan dago kafetegia, klaustroa bera zoragarria izan gabe, ezberdina du bai korridorea bai ganga, merezi du sartu-irtena, tragoxkarik hartu gabe ere. Katedralean bada 1611.go liburutegi famatua; apaletan lotuak ditu, ordutik, 1.500 liburu: aspaldikoa da nonbait liburu lapurreta.
S. Peter eliza. 71 metro luzerako dorre zorrotza du, garaieragatik da deigarria; eliza barrutik sabaia da aitatu beharrekoa, baita hilobiak ere, baina batez ere kafetegia: Chesterrekoaren antzera, kafetegi bilakatua daude eliza erdia eta alboko arkupeko koroa, kafetegi-kafetegia, elizkizunetan ere estaltzen edo ixten ez dena, gehienez ez dute edaririk zerbitzuko; zirrara sartzen du eliza baten osagaiak kafetegikoekin elkartuak, batera, sabai beraren pean aurkitzea.
Sagardo Museoa. Sagardogilea delako du fama hiriak. Sagardoa egiteko prozesua dago ikusgai, ez digu ezer berririk erakutsi edo eskaini ez prozesuan ez baliabideetan, beti dagoen arren tresna bitxiren bat. Saldu ere egiten dute sagardoa. Erosi dugu guk ere jakin-minak edo konpara-minak bultzatuta.
Hainbat sagardoren aipamena egiten da erakuts-arasa batean, hainbat herriko izenak ageri dira: Belgika, Australia ... dozena erditik gorako izen zerrenda agertzen da, herriotako sagardo botilen erakusketatxoaz osatuta. Ez da Euskal Herria, ez Euskal Herriko sagardorik ageri. Harro gaude gu gure sagardotegiekin, baina ez gara munduko zila.
Jeep militarra dabil kaleetan zehar, bere etxean lez.
Izugarria zen ordu batean hiriko auto zirkulazioa, izugarria da hiri ingurukoa ere.
Leominster. Bere inguruan hara non aurkitzen ditugun berriz Hegoan hain deigarriak gertatu zitzaizkigun zaldi-kortako arnasa-tutu edo tximinia bitxiak: ber-bertatik ikusi ahal izan ditugu, autotik noski, ez baitago geratzerik.
Zuhaitz sendoz osatutako belardi zoragarri bat, begientzat gozamena: bazen hemen jauregi edo gazteluren bat, aberatsek beti jakin izan dute non eta nola bizi.
Ludlow. Nekatuak heldu gatzaizkio, bideak mereziko ote zuen zalantzaz. Heldu garen unetik irabazi gaitu, bereganatu, merezi izan digu bai etortzeak bai nekeak; orduak itzularazi gaitu etxera, bisitara joanaren inolako damurik gabe. Plaza zabal bat gaintxoan, bere inguruan adreiluzko kale estu eta pasabideak, bertatik erreka-zuloraino kale zabalak. Hiribildua izana, geratzen zaio oraindik ate bat behean, bere aurrez-aurre erreka gaineko zubi ederra, garaia, eta sendoa; branka zorrotza du, ura indartsu etorri ohi delako nonbait; gorenean gazteluaren hondakin sendoak eta atariko garbigune zabala. Etxeek pozten dituzte begiak, egiturako zura erakusten duten etxe ugari apartek. Gozamen bihurtu zaigu kale-arteko ibili patxadatsua, etxeok aurkituz. Badu bestelako etxe ederrik ere, ugariak hauek ere, tartean toskanoa omen lau zutabe dituen eraikina, nahiz guri ezer guti esan digun. S. Lorentzo eliza: sekulakoa, garaia, zurezko ganga bitxiarekin; “miserikordiak” deitu izugarrizko taila-lantxo erakargarri salatzaileak koruko aulkiterian kalonjeen ipurdi azpirako taulak, santuteria tailatu aparta burugaineko apaindura: alde bietako ilara luze paregabea osatzen dute alderik-alde; erretaulako harri argian zizelatutako santu-irudi ilara aparta dago absidean; asko eta ederrak dira hilobiak.
24 graduko hozberoa izan dugu gaur. Behingoz!. Eutsi bekio.
140 kilometro, luzatu zaizkigun arren, balekoak.
“Onan”. Aitor Arana: Zenbaitek bere opor bidaiak larruak jotzeko aukera eta informazioen arabera erabakitzen ditu, Cubara bidaiak hartu duten gorakada da horren adierazgarri. Ez Kubara soilik. Hainbat autu entzun ohi diet zenbaitzuei non eta zelako aukerak dauden berri elkarri emanez.
Ekainaren 20a. Asteazkena. 50.a – I:22.a
“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000. Mirari Garcia de Cortazar:
* “Ezabatzen doa / Gorderik nuen lurraren / Perfil zorrotza, / ... Urrunak, / Ilunak, / Lizunak, / Gure bideko hautsak / hatsak astinduak, / Hatsak zutituak, / Hatsak suntsituak”. Hala joan ohi dira gure bidaia-oroitzapenak ere.
* “Begi urruneratuetan / Hurbila etsi”. Hurbila etsiz doaz urruneko herrira so jarriak diren gure begiak.
Nire urtebetetzea. 68 urte. Ni neu naizenik ere, gu geu garenik ere, zahartu diren pertsona horiek!.
Gaztelurako edo agian jauregirako sarrera bera da jostailuzko gaztelutxoa, zaindariaren etxebizitza seguru aski: bi adreiluzko zilindro arbelezko teilatu konikoarekin lau hormek biltzen dutela barruan sortzen den esparrua, bi ate utziz. Ipuinetako gaztelutxoa.
Lursail zabalean zabaldutako plastiko zuriak eman dio ezberdintasun ukitua landa ingeles berdeari.
Herri ilunak tarteka, adreiluzko etxeak, adreilu eta teilatu ilunekoak; leiho-buelta zuriek soilik , beste ezerk ez die ematen argi ukiturik.
Huntly-tik ez genuen ikusten untxirik: untxikumea gurutzatu zaigu errepidean. Zozoak, aldiz, bere lumajea baino zori beltzagoa izan du: ziztu batean atera zaigu auto muturrera, ezinbestekoa izan zaigu jotzea, atzerako ispiluan ikusi dut multzo beltz geldia errepide ertzean.
Ledbury. Bost mila biztanle besterik ez ditu, zabal agertu zaigu maldako baso erdian, gorri-zuri, dotore, zuhaitz artean kukuka. Amabirjina agertu zaigu: plaza-plazan utzi digu lekua, aukera-aukeran, gu heltzeaz bat atera den batek. Kono hexagonal zorrotz luzea nabarmentzen zaio herriari. Era guztietako etxeak: batez ere zura agerian duten etxeak, harrizko adreiluzko zein zarpeatutako fatxadadunak, kolore ezberdinez pintatutakoak, teilatuko leihotxo gailur luzekoak, teilatu piko-pikokoak, fatxada erpin zorrotzekoak; bakan batzuk bakoitza berenez dira bikainak, beste batzuk kaletxo zoragarriak osatzen dutenez orokortasunak emandako giroaz dira erakargarriak, batez ere plazatik etxera doan kalexkako etxeak... ; sekulako etxeteria da, ezer nabarmen harrigarririk ez dute eskaintzen, bai bazterrei begira ibili gozagarria egiteko aukera paregabea. Bada plaza erdian bera bakarrik bakan dagoen zurezko etxe bat, zutabe gainean lirain, azpi dena irekia Veneziako logia bailitzan. Eliza: urrutitik bezain dotorea da bertatik ere dorre zorrotz garaia, bere biluztasunean ere; agian biluziak egiten du dotoreago; elizatik banatuta dago eta XII. gizaldikoa omen; gotikoaren bi joera ezberdin erabat nabarmentzen zaizkiolako gertatu zaigu oso deigarria eliza kanpotik: bi zati erabat ezberdinak ditu, gotiko estilokoak biak, gotiko leuna bata, zizel-lanez edertutako gotikoa bestea; arkuteria xumea du batak, leiho eta ate landukoa besteak; bi nabeen gangak aitatu behar ditugu: zurezko arku edo eusgarri kurbatu sendoak eta ohol leun pintatua; azken afaria irudikatuzko koadroa da erretaula; zizel-lan ederrak hilobiak eta zoruko hil-lauzak; irudi grabatuzko latoi xaflak ugariak, jauntxoen irudi klasikoak...; azken hauen artean bost seme eta bost alaben artean andre-gizonak, hamahirugarrena bat zoruan datzala luze, ez dakigu hil zitzaienen bat edo auskalo ze demonio den bera. Merezi du bisita herriak, baita herriko elizok ere.
Mendi-muino kate batean sartu da errepidea, gora-behera pikoetan; ikuspegi zoragarria eskaintzen digu, errepide osoa da balkoi korritua, behean ortzi-mugan zeruarekin biltzen den arteko lautada berdea, zuhaitz, larre eta soro, mila berde tonu, berdearen gama infinituaren kontraste aberats bezain atsegina. Geratu garen une batez belar ebaki berriaren lurrun ia ahaztuaz gozatu ahal izan dugu. Bisitari asko datorkion ingurua da nonbait: kanpalekua ez ezik oinezko zein zaldizkoentzako bidegorri ugari iragartzen da errepide ertzean. Etxebizitza ugari dago, ondo-bizien etxebizitzak: herrialde aberatsa edo aberatsen herrialdea.
Great Malvern. Mendi-muino baten maldan kokatuta, etxeteria bikaineko herri erakargarria, herri aberatsa edo aberatsen herria hau ere, ingurua lez. Malda-maldan kokatua, bailara, lautada zabal osoa, duela aurrean. Itxura ederra du elizak ere, bada bigarren eliza bat gainalde zorrotzari tokatzen zaizkion leiho luzexka dotoreekin. Ez dugu bidaia astun bihurtu nahi izan bisita bat gehituz gaur ikusi beharrekoei, gainera gure ohiturentzat nahiko herri ezerosoa izanen da, oso herri luzea da, maila ezberdinetan errepidearen luzeran lerratua, oinezkoari ez dio non ibili askorik eskaintzen, ezerosoa litzake txoko interesgarriak bilatzea. Baina oso irudi eta iritzi baikorra sortarazi digu.
Etxe mota ezberdin asko dago herri orotan, batzuk ukitu ezberdineko erabat kilikagarriak, bitxiak; tarteka sarrian, aspaldiko etxetxo nano zuriak leiho inguru beltzarekin: ez dute ezer bereziki deigarririk, baina deigarri xarmantak suertatzen dira, ez dakizu zer duten, ez duzu ezer zehatzik aitatu edo azpimarratzeko, baina bereganatzen zaituen zerbait dute: kolorea, irtentxoak, tamaina, egitura, teilatuko leihotxoa, beha-leihotxoa... Etxe mota askorekin gertatzen zaigun bizipena da.
Ez dugu zikoina -habia bat bera ere aurkitu, ez dute ehiza edo bazka lur oparoa hau nonbait, edo hotzegia.
Worcester. Hiri handia, erraldoia; ibai gainean, baina ibaiari bizkarra emanda. Ez du etxe-orratz eta erraldoikeriarik teilatuen garaierari begiratuz, adreilua da nagusi lehen begiradan erdigunetik bazter zabaltzen joan den beranduagoko auzo eta eraikinetan; megadenda eta saltoki erraldoi ugari. Jendez eta dendaz oparo dago kale nagusi zabala, bizitasun itxura dariola, baina ez da hiri erakargarria. Bitxikeria bezala erabat kafetegi bihurtu duten eliza, kanpoko egitura geratzen zaio soilik eliza zenekotik, barrutik ez du izan zenaren arrastorik, are gutxiago elizkizunik. Bada txoko erakargarririk, merkatu inguruan eta kale nagusiaren eta zurezko etxeen artean.
Bi gauza aipatzeko: zura agirian duten etxeak nagusitzen zaizkien kaleak bata, katedrala bestea. Zura agiriko etxeak: banaka ugari aurkitu daitezke han-hemenka, baina Friar eta bere jarraipeneko kaleetan ikus daitezke batez ere, hainbat, jite eta molde ezberdinekoak, apalagoak batzuk, landuagoak beste batzuk, baina denak apartak, batez ere xarmantak, kale arteko ibiliko begien atsegin. Katedrala: Kanpotik zein barrutik erabat nabarmentzen eta bereizten zaizkio gotiko mota ezberdinak. Horrez gain, dorrea da deigarria kanpotik, dorretzar karratu digante erraldoia, santu-irudiz apaindua horma nagusia. Elizpeko ganga, ederra da. Barrutik: egitura klasikoa du, gurutzadurako arkuak bitan banatzen du erdiko nabea. Niri desoreka bizipena sortarazi dit, batasuna falta zaio, hain dira ezberdinak atzeko aldea, erdikoa eta korutik aurrerakoa; arkuteria, ezein estilokoa dela ere, bikaina da, ugaria eta dotorea; itxura ezberdina ematen diote zizel-lanek eta harri beltzek horma leunari; mila artelan bikain gordetzen du, halere museo edo antikuario-saltegia denaren sentipena sortarazten du: lekuz kanpo bezala sentitu naiz. Korua: miserikordiak aitatu behar, sekulako tailak, zoragarriak, xarmantak, irudi kritiko zirikatzaileak, kalonjeei adarra joz; santuteria nano pitxia zein kaperatxo harrizko bitxia; aurkitu daitezken iruditxo xarmant zizelatu pila, burugabe, hondatuak, hainbat, zoritxarrez; koru osteko ganga pintatua ere aipagarria; bertako erretaula santu-irudi tailatu ederrez osatua; hilobi pila, etzaniko irudi harrizko ederrak. Meza ere izan da eta erdigunetik at ibili behar izan dugu mezak iraun duen ordu erdia. Klaustroa: ganga ederrekoa, lotura oro tailaz loratua, baina higatuak daude taila gehienok, ia leunduak urteen eraginez; nabari da monasterioa izan zela inguratzen duten aretoengatik, hauen artean azpimarratzekoa kapitulu-gela behar zuena, biribil zabala, arkuteria eta ganga gotiko osoa erdi-erdiko zutabe bakar batetan oinarrituta: ederra arkitektura aldetik, bitxia nerbio guztien bilkura zutabe gaineko kapitelean lotzeko egituragatik; kafetegia diskretuki jarrita dute klaustroan. Kripta: baxua erabat, zuria, dozenaka zutabe ditu, zutoin basoa dirudi.
Gabarrak ikusi ditut argazki batetan; ibai zabala da, sakonak dirudite ertzak, halere ez da inor ibaian ibiltzen den itxurarik, txanel eta batel batzuk izan baziren ere. Hemen ez da katedralaz ibaitik gozatzeko ibilirik. Datorrena katedrala ikusi, zur ageriko etxeen kalean ibili eta badoa, ibairako astirik gabe.
Sarrerako emakumeak ia nongoak galdetu digu, nonbait hizkuntza gutxienez ezezaguna egin zaio koadernoan idatzi duguna: “Basque Country”. “Ah, Bask!!”.
Borondatea soilik eskatzen dute katedralera sarreran, eskuzabalak izateko aholkuarekin, baina ordaindu egin behar duzu kamara erabiltzeagatik.
Kanpotar, atzerritar, etorkin asko ageri da kalean, indiarra batez ere, Ingalaterra osoan asko badira, nabarmen ugari hiri honetan. Ijitoak ere ikusi ditugu, guti izan dira Bretainia Handian ikusi ditugunak.
Portzelanagatik omen da famatua hiria: ikusi ahal izan dugu lan ederrik. Garestiak alajaina!.
Mokadu bat jaten du jendeak eguerdian, Ingalaterra osoan, zutik edo eserleku publiko batetan, kalean bertan. Txosna pila dago, baita gozotegi, ogitarteko zein mila mota ezberdineko mokadu bat hartzeko aukerak. Jan arina egiten dute jantokietan ere.
Izozki guti dago, aurkitutakoan ere nola ulertarazi saltzaileari zapore ezberdineko bi bola nahi dituzula kukurutxo berean!. Ez dugu lortu. Ez da beraien logika eta ohitura. Bi bola berdin eman dizkigu, sikiera, kukurutxo berean.
Txirrinduzale guti dabil bai errepidetan bai hirietan, zorionez gidariontzako. Izan ere ez dute inolako tarterik errepide bazterrean, gelditu egin behar zara txirrindulari bat suertatzen bazaizu, harrapatzeko arriskua bizia da eta.
Takian potian aurkitzen dira errepidean semaforoz babestutako lanak, lan txikiak sarri, geldituz eta geldituz goaz errepidean.
Zura agirian duten etxe xarmantak dira begien atsegin noizbehinka errepide ertzetan.
Zaldi-kortako arnas-tuteria edo tximini konikoak ikusi ahal izan ditugu gaur ere.
Bizia da trafikoa herri koskortuetan, herri barrutik doa errepidea eta semaforoetan pilatzen gara ilara luzeetan.
136 kilometro, herritxo xarmantak eta hiri handi bat ikustea ahalbideratu digutenak.
Egun aparta gaurkoa, 25 graduko hozberoarekin ginen arratsaldez.
Saguzarrak ikusi ditut gaur arratsean, lehenengoz Bretainia Handiko egunotan; enarak ere bai duela egun batzuk: gutxi ziren, ez da nonbait beraientzat lurralde nahiko epela.
Afaritxo goxo batekin ospatu dugu nire urtebetetzea. Eginen dugu jatetxeko afaria, hurrengo kanpinean.
“Onan”. Aitor Arana. Ezagutzen dut bat urrutira joan ohi dena oporretan, tokian tokiko putak dastatzera. Etxerakoan beti du kontakizun bitxiren bat.
* “Neurri eta kolore guztietakoak gaude munduan”. Bidaiatu hori segurtatzeko.
Ekainaren 21a. Osteguna. 51.a –I:23.a
“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000. Karlos Linazasoro:
* “Ekialdera bidaiatu nahi izan genuen / Alfonbra magikoak zamalkatuz ...”. Lau haizetara bidaiatu izan dugu auto edo hegazkinez, egiaz teknikak sortu dituen alfonbra magikoak zamalkatuz.
* “Egun batez ijitoak etorri ziren gure bailara ezkutura”. Atzo aspaldikoz eta bigarrenez ikusi genituen Bretainia Handian ijitoak; aldiz, edonora joan garela ugari aurkitu izan ditugu mundu osoa aberri duten gizakiok. Lurralde hau ez ote zaie maite haina epela, enarei bezala?.
* “Eta trikuek ere, adibidez, beren abrigoa kentzen zutela amodioa egiteko”. Untxia da, ez trikua, errepideko animalia zapaldua Bretainia Handian. Trikuek ere lurralde epela maite ote dute?.
“Txoriak udan ihintza bezala ...”. Bigarrenez jarraian izan dugu gaur ihintza, maitekiro hartu dugu, egun distiratsu baten aitzindari eta iragarlea.
Udaberria: bizipoza, uda eguna ekarri digu udaberriak, eguzkia eta beroa, 22 graduko hozberoa dugu goizeko 9etan, eguraldiak bere itxura eman nahi izan dio urtaro berriari.
Etxebizitza ederra izan ohi da ia beti jabego zabal baten inguruan, parke zabal ederrak bildu ohi du beti jauregi edo gaztelua: “algo suyo se quema señor conde”, dirua eta erosotasuna elkarrekin doaz gehienetan, azaleko dotoretasuna ere bi osagai horiei lagunduz.
Glucester. Katedrala du erakusteko, katedrala ikustera datorkio bisitaria. Beste bitxikeria bat ere bada kaledian: erromatar hiriak izan zuen kale-gurutzeko erdigunean bertan hasten dira lau kale lau haizetara, erromatar garaian bezalaxe, Ipar, Hego, Eki eta Mendebal kaleak. Hortik at ohi diren mota guztietako eraikuntzak: xumeak, ederrak, politak, arruntak, aberatsak, adreiluzkoak, harrizkoak, zur agiriko eder ugariak, era guztietara pintatutakoak ...; tabernak, ohi duten ukitu ingelesa gordetzen dute; ugariak eta gotikoak denak, elizak. Umeak izan ditugu, egunero lez, katedralean zein eskola ariketak egiten kalean. Kariloia da huts egin diguna: lau iruditzarrek zerbait ganorazko ikuskizuna eskainiko zigutela uste izan dugu, baina kanpaitxo bati eragitea izan da guztia. Docks: moilak edo portu zaharra, museo, saltoki eta aisia-leku bihurtuta. Museo edo saltoki erraldoi egokituta daude lehorrean adreiluzkoa eraikuntza handi ugariak; uretan, aldiz, moilari lotuta antzinako ontziak erakusgai, xarmantak batzuk, lehengoen erakargarritasunez denak; altxatzen ziren eta oraindik altxatzen diren bi zubi ... dena da han ikusgai, dena museo osagai: zementuzko gi gabarrek txunditu naute, handia bata, luze estua bestea; gero jakin dut, gerra garaiko burdina edo diru eskasian, horrelako ontzi asko egin zela. Inguru osoa da ibilbide atsegina, toki goxoa giro xarmantez bildurik zerbait hartzeko, meza ere entzun daiteke larunbatetan marinelen kaperatxo gotikoan. Katedrala: altxor gotiko paregabea. Nabarmen-nabarmen ageri dira, kanpotik zein barrutik, hiru estilo gotikoak, hiru eliza ezberdin dirudite gangei, alboko arkuteriari zein zutabeei erreparatuz, hiru eliza, zati bata besteari itsatsita; bizipen berdina sortzen dute gurutzadurako hiru zatiek ere, erdiko zatiak eta bi besoek, batez ere gangei erreparatuz. Gotikoaz gozatu nahi duenak badu nora jo, hutsik eginen ez dion segurtasunez, etorri eta ikusi, ia bi ordu egin ditugu guk eliza barruan inolako asperdurarik gabe, ibili lasaian, gordetzen duen altxor bilduma eta bera ere altxorra den eraikuntza miretsiz. Dorreak gakorratzez egina dirudi, farfail itxura hartzen dute harriek hainbeste zulotxo eta argiunez; dorretzar erraldoi karratu zabal garaiari arin itxura dario, ez da gotor-dorrea, apaingarri gisa jarritakoa baizik, lerdena, goranzkoa, arina. Ohizko egitura du katedralak berak, koruko arkuak erdibitzen du erdiko nabea; korua bera soilik ere elizatxo bat da eliza barruan, absideko kaperari leku zabala utziz. Korua, zoragaria da: aparta ganga pintatuta dago gainera; pintatuta dago ere organo xarmanta; aulkiteriako irudi eta bitxikeria tailatuek, aldiz, ez dute harridurarik sortarazten, ez dira finak ederrak izanik ere; deigarria dager erretaulako harrizko iruditeri koloretsua, baina batez ere alboko santu-irudi finki zizelatutako aulkiteria landua da begientzako opari aparta. Abside osteko kapera: handia, beirate eta harri landu ederrez egituratua, baina batez ere bi alboetako kaperek dira opari berriak: haizemaile edo abaniko deitutako estiloko ganga loratu apartak. Kaperak: asko, mota guztietakoak, pintatuak, harrizkoak, arte-miraritxoak batzuk, artelan apartak gehienak ... Hilobiak: pila, irudi zizelatu ederrak, apartak, harria, marmola zein zur pintatukoak, hiltzerik nahi ez eta harri edo zur bihurtuta bederen iraun nahi zuten jauntxoenak, zeruaz fidatzen ez eta iraupenerako sekulako kaperak jaso zituztenenak. Horiez gain, metalezko bataio-ontzi harrigarriki landua, egitura eta itxuraz ere bitxia. Beirategiak, burutxo zizelatu pila han-hemenka barreiatuta, txoko apartak, erloju bitxi bat gurutzadura bateko horman, elizako altxorra: ohizko kaliz eta ontziteria oso leun eta austeroak; ia denak marmol leun zurian zizelatuta, nolabait iraun nahi zuten jauntxo eta ondo-bizien oroigarri pila alboko nabeetako hormetan, andre-gizon jauntxoen oroitarri naifak: 6 seme eta bost alaba ditu batek, 11 alaba eta 9 seme besteak, ez da hildakorik ageri: hilekorik izateko aukerarik ez zuten izan emakume horiek ezkonduz gero. Klaustroa: sekulako ganga, abaniko edo haizemaile teknikaz egina, erabat apaindua, dotorea, deigarria; erabat itxia da klaustroa, epela behar zuen izan; monasterioa dudarik gabe, zeren egonleku pilak inguratzen du; osagaiotan bada bitxikeria bat: esku-garbiketarako harria, luzea, arkuteria eta beirate nano potxoloz dotoretua, klaustroan bertan baina oso gordea; bilera zuten apaizek kapitulu-gelan, gorbatadun bat ari zitzaien hitz-jarioan, denak berari so zituela.
Altzifre eta makal ilara pare bat gerta zaizkigu bidaia honetako bitxikeria aldagai orain arte lurralde zapal honetan, eliza-dorreak izan zaizkigun goranzko puntazorrotz garai bakarrak.
Tewkesbury. Abadia-eliza eta etxeak ikustera joan gatzaizkio. Ugariak ditu zur agiriko etxeak, ugariak ez ezik xarmantak bere hiru kale luzeetan. Izozki gozoa dastatuz paseatu dugu autoen zurrunbilo eta hotsez bildurik. Herri alaia, ihiko etxeteriaz osatua. Eliza: normando petoa omen, eliza barrenetik ikusitakoarekin etsi behar izan dugu, hileta baitzegoen: Ganga pintatu aparta du, hiru nabe zilindro-zutabe izugarri sendo eta garaiek eutsita; koruko sarrerak banatzen du erdiko nabea hemen ere ohi denez; beirate ederrak omen ditu, guk, baina, bat bakarra ikusi ahal izan dugu; bataiarriak estalki gotiko luze zorrotza du. Gurutzadura gainean du dorrea, karratu landu ederra, gotiko normandoa omen hau ere: arkuteria landua du, baina hau nahiko astuna gertatzen da, ez ordea gotorra; potxoloak dira fatxadako dorretxoak, poxpolinak, berdinak, leunak; fatxadan sekulako arku garai zabal deigarria, sartzeko konbita eginez bezala.
Han ekarri dute zerraldo argia beltzez jantzitako gizonek, erabat beltzez jantzitako familiartekoek jarraiki, elizara hurreratutakoak beltzez zeuden baita neskato eta mutil-koskorrak ere, antzinako jantzi beltzak, ez gureetako moreak zituzten apaiz eta enparauek ere: beltza da heriotza hauentzat.
Herritik irteeran izan dugu herriko ezustea: belaontzi eta kirol zein aisia ontziteria oparoa aurkitu dugu, portu bizi-bizia bailitzan, lur barrukoa dirudien, eta berez hala den, nekazari herrian: itsasadarra sartzen zaio nonbait, edo itsasorainoko ibai zabal sakona du.
Ross on Wye, erdi erdian dorre-orratz luzea goratzen zaion etxe-ilun multzo zapala arbola artean.
25 graduko hozberoarekin heldu gara etxera.
124 kilometro, eguzkipekoak behingoz, udakoak.
Duela 5 eguneko zuhaitz punta berean zegoen zozoa luzaroko txistu bizi bakarti berarekin, orduan bezala arratseko azken orduan gaur ere konbidapena luzatuz baina erantzunik jaso gabe nonbait, bikote bilakatu nahi duenaren bakardadean. Etengabekoa izanik zozo-kantua, zozo guti ibili da belartzan, halere gaur zozo batek eman digu ehizaren eta ondorengo zizara jangai bihurtzeko ahaleginaren ikuskizuna. Izan da beste bat eguerdiko sapan lumak erabat harrotu dituena une batez, haizatuz freskatzeko teknika seguruenik.
Bikote nagusi bat hurreratu zaigu kanpalekuan ia nongoak ote. Galestarrak dira, gaztelaniaz egin digute. Sitges-en egon ohi dira, alaba bat baitute hango batekin ezkonduta. Ez omen dute ezagutzen guk ikusi dugun ingeles lurraldearen laurdenik. Astean bi aldiz egiten omen du euria: ziurtatu genezake guk egia dela. Toshack Cardiff-ekoa omen da. Bigarren mailako zuloan ote Reala?.
Onan”. Aitor Arana. Tarteka gutxitan, baina izan dira bai gizonezko bikoteak kanpalekuan. Baita mutil gazte bikoteak ere. Beti uste izan dut nagusiak homosexualak zirela, gazteek ordea ez didate horrelako usterik sortzen. Orain aldiz gazteak ere homosexualak izan daitezkeela uste dut.
Ekainaren 22a. Ostirala. 52.a – I:24.a
“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000.
* Gerardo Markuleta: “Apenas dun ezer / poema bat: / poxpolo baten itzala / eguzkipean. / Poxpoloa amaitzean / atzamarra erretzeko arriskuak / bere honetan dirau, hala ere”. Bere horretan dirau bidaia-irrikak, bidaia ondoren oraindik areago erretzen-
* Miren Agur Meabe: “Ezagut zaitzaket, ordea: neu lakoa zara, beste azal batekin”. Herrien politikak dira ezberdinak, herri guztietako herritarrak dira oso antzerako, sakonean berdinak.
Ingeles izateak edo jantziak ez du berenez fineziarik ematen, norberak ez badu, ez da dotoretasunik ere.
Atsegin du dutxan abestea ingelesak ere.
Bagoaz, ez ginen betirako etorri, bidea egitea da bidaiariaren funtsa. Abiatu gara bidaiako azken kanpalekura, bidaia orok du amaiera.
Paisaioz asebeteta jadanik agian, agian jadanik gure egin ditugu paisaiok, ez dugu ikusminik, galdu dugu denera dena begi gineneko irrika, erabateko naturaltasunez begiratzen diogu inguruari, erabateko patxadan.
Dorre karratu baten gandor iluna zuhaitz artean: ez dakigu, horrelakoetan sarri ez dakigu, eliza-dorrea ala gaztelua den, gazteluak zein elizak, biak baitira egitura antzerakoak: baita aginte zein zaindaritza egituretan ere.
Bristoleko itsasadarreko zubiaren ikuskizun ederra: alborantz biratuz, bizkarra gorantz kurbatuz. itsasadarraren gainetik ikaragarri luze, gainetik zoazkiola ere badirudi ez dela bukatzen, taket erraldoien gainean alboak, kabletegi erraldoiek eutsita erdia, Tuterakoa gogarazi digu, nanotxoa, jostailuzkoa, hura, erraldoi neurtezina hau. Arpa digantea bailitzan. Kilometrotako ikuskizuna luze borobilean. Joanean, perspektiba uneoro ezberdinetik ikusten duzu, alderdi bakoitzetik ikuspen berria eskainiz, begientzako muntaia bailitzan, muntaia dotorea, une batez zutabe bi soilik geratzen zaizkizu aurrez-aurre, lau zutoinak bi soilik bailira. Gainean bertan zaudenean berdin darrai ikuskizunak, kable artean, arpa bikoitz erraldoi baten bihotzean baitzeunden. Musika atera diezaion zain ipuin bateko digante baten zain legoken arpa zoragarria.
Beste aldean bada bigarren zubi bat, luzeran erraldoia hau ere, alderik-alde zintzilikatua.
Bristol. Hiri handia. Errepide-sare nahasia du, autoteria, berriz, tokatzen zaion trinkoa.
Gerra batetan hiriak menderatzen joan ohi diren bezala goaz gu ere hiriak eskuratzen: lehenengo Raglan, gero Newport, orain Bristol, hurrengoa Swindon izanen da, auto-bidegurutzea gero eta azkenik Andover; bidea arintzen du pausoka joatea, ibilaldia mailakatzea da mentalki bederen, jakia puskatuz janerrazagoa egiten dugun lez, edo zerbait astuna zatituz arintzen den bezala. Monotonia eta asperdura uxatzeko trikimailu mental lagungarriak asma behar ditu sarri bidaiariak.
Andover-era azken zatian izan da bidaia osoan ikusi dugun herritxo bakarra, erabat itsua baita autobidea. Adreiluzkoa eta teilatu iluneko herria izan da, hilerria du herritik at baina gertu, zeini dorre zorrotzak egiten dion goranzkoa.
Hasiak dira horitzen galsoroak. Orain mendi-muinoa, orain baso-kaskoa, orain lautada zabal ez hain berdea galsoroak horitzen eta belar-sailak ari direlako, herririk ikusi ere gabe autobideko bi hesi-marra berdeen preso gehienetan begiak, auto artean beti ... horrela joan zaigu gaurko aldaketa bidaia.
Irla omen Bretainia Handia, irla behar dute izan ere kontinenteak munduaren 3/4a baita itsasoa: ze lur kopuruk erabakitzen du noiz hasten den lurralde bat kontinente izaten eta zer lur kopuruk egiten du lur zati bat irla?.
HEGO INGALATERRA
Andover. Kanpalekua. Landetxe bateko zelai zabal egokitua da kanpaleku: erabaki eta asmo biziko nekazaria nonbait, zeren golf zelaia ere badu, baita jatetxe egokia ere. Txabola dirudien zerbitzugune xumea du, baina garbia, arazoa eta txukuna. Belarra ebaki berria den alboko belartza egin dute dozenaka belek beraien bazkaleku.
Heldu zen izurritea hona ere, kanpinera sarreran hor dago oraindik moketa lodia, gaur egun lehorra, ikusi dugu larre zabal bat “closed” debekuarekin, baita antzerako debekuak izan behar duten paperak langa eta sarreretan. Ez da ardi bakar bat ere ageri inguruan, gogor jo zuen izurriteak nonbait lurralde hau; behiak, aldiz, bai aurkitu ditugu, esparru ageriko txerri-granja ere ikusi dugu.
Helikopteroa izan da lehenengo, errepidean bi kamioitzar militar beldar-katedun tanketez zamatuta gero, “Army” biziki iragarrita kuartela hareago, Winchester inguruan, azkenik ehiza-hegazkina kanpalekuan ia buru gaineraino sartzen zitzaigula: gerraz amesten duen herria dirudi ingelesa.
Azken kilometroak: adarpeko tunel berdea kilometrotan, lastozko teilatudun 3 etxe begien bizipoz, ikusmina piztu diguten adreiluzko etxe xarmant ugariak, tarteka lagun izan dugun erreka-zuloa, xarma darien herri-bideak, berotegi mordoxka, izurritetik salbu atera ziren behi aldrak, zerri-granjetako txabolateria zabala, behe solairuan beha-leihoak dituzten adreiluzko etxetxoak, herritxo erakargarriak... atsegina izan da bidea.
Winchester. Kale nagusia du bizkarrezur, eta katedrala altxor. Sarreran adreiluzko hiria iruditu zaigun arren mota ezberdineko etxe deigarriak aurki daitezke kale nagusian, xumeak zein dotoreak, harrizkoak, adreiluzkoak , zein zur agirikoak: Guilhall zaharra nabarmentzen da, eraikin dotorea, dorre ezohiko batekin dotoretua. Kale nagusiaren bukaeran, Guilhall-en beste muturrean ate bat, XIII-XIV. gizaldikoa, dotoretasuna ezarriz kale bukaerari. Guilhall alboan, kale erdian, espata eskuan, errege baten brontzezko estatua erraldoia. Harrizko tenplete deigarria, kale nagusian hau ere, harri zizelatuko eta gizairudi finekin dotoretutako orratz garaia. Katedrala: Ez nau asebete, baina ezin ukatu ederra denik, apartak dira gurutzadurako bi beso normandoak eta zoragarria koru aldea. Kanpotik alde normandoa eta alde gotikoa nabarmenki ezberdin ageri zaizkio, gurutzadura da normandoa, sarrera aldeko nabe luzeak dira gotikoak: normandoa gure erromanikoa litzake Ingalaterran; alboko gehigarrietan dituen irudi zizelatu eta pare bat gargola salbu, inolako apainduriarik gabeko leun austeroa da fatxadako leiho garai zabala; gurutzadura gainean du dorrea, karratu erraldoia, landuxea eta arku luzekoa, baina halaz ere astuna eta tzarra. Barrutik argiak harrapatzen zaitu sartzeaz bat, sarrerako leihotzarraz gain zutabe eta arkuteria erabat argiak ditu, garbitu berriak baileude; hiru nabeko garaia, ganga da izugarria bere zuritasunean, nerbio-sare trinkoak harri tailatu bikainez dotoretua du juntura oro, zeinetatik lora tankerako irudiak diren gehienak gizairudi apartekorik bada ere; erabat garaiak dira beheko arkuteria zein gaineko leihoteria, leihook garaiez gain zabalak ere badira, eta arku eta leihoen arteko frisoa bera ere irudi zizelatu apartaz betea dago; bestela erabat austero eta leunak direla aipatu behar zutabe eta leiho tarteko hormak; hormak behe aldean, berriz, marmol zuriko oroitarriz beteak daude, harriak dirauen arte beraien oroitzapenak ere harrian zizelatua iraungo duelakoan. Gurutzadurako beso normandoko arkuteria sendoa egin zait erakargarria: maila ezberdinetan eta neurri ezberdineko zutabe eta arkuen sendotasunean du edertasuna, iraunkortasuna darie, nabe gotikoari bizitasuna darion bezala. Korua: zurezko ganga zoragarria, bizi-bizia loturetako apaingarri polikromatuz; aldareko erretaulak harri argian zizelatutako iruditeri eta horma harrigarri ederra eskaintzen du, XV.go filigrana sekulakoa; betiko “miserikordiak” aulkiterian, taila ederrak hain fin eta irrigarriak ez badira ere. Kaperak: Hainbat eta hainbat, gotzainenak gehienak, elizako bazter eta toki guztietan barreiatuta, ertzetan zein nabe biren erdian, aro eta era ezberdinekoak, sekulakoak batzuk, zizel-lanez dotoretuak, agirian zein horman sartuak, badelarik freskoak dituenik ere, zeinetatik hondatuak ez dauden irudiek indar sarkorra duten; kaperotan Amabirjinarena aipatu behar, abside ostean, elizaren bukaeran ohi denez: ganga aparta du, deigarria da bere giltzaduretako zizel-lan polikromatuak. Etzaniko estatua pila, kaperetan zein kaperetatik kanpo, zahar beranduko zizel-lan apartak, bitxiak batzuk, pintatuak tarteko, han-hemenka, denean barreiatuta hauek ere. Kripta: zatitxo bat besterik ez dute erakusten, badirudi zabalegiak direla erakusgai uzteko; zati normandoaren azpian daude, eta gaineko zoruari eusteko teknika besterik ez dela iruditu zait: estatua moderno batez girotua dago. Beirateak: ez dira inon, ez ditu inork, aitatzen, niri aldiz ederrak iruditu zaizkit, bai marrazkiak, bai koloreak bai bere girotze betebeharra.
”La de Burgos es más grande”, gazteleraz neska batek besteari katedral aurrean. Tamainaz neurtzen dute artea nonbait. Nik ederragoa deritzot Burgoskoari, loratuagoa, apainduagoa, delako agian. Handitasunez auskalo nor den gehiago. Ez dut gustuko inolako konparaketarik, zaila ia ezinezkoak baitira, bakoitzak bere neurri, baremo eta arau bere-bereak dituelako. Bakoitzak duenaz gozatu, eta kitto.
Gorren txakur laguntzailea ikusi dut lehen aldiz, katedralean. Emakumea zen gorra, zeraman aparailu txiki batek adierazten zuenez. Begi biziko txakur txikia: gor-laguntzaile txakurra adierazizko gain- jantzitxoa zeraman bizkarrean.
Ia espainiarrak, galdetu digu saltzaile adeitsu batek gidaliburuaz erreparatuz; euskaldunak garela ba: “Hori goian dago, no spanish”.
Sekulako izozki gozoa eman digu hiri honek, bi bolakoa gainera oraingoan, barkilu-kukurutxo berezi gozoan: atseginagoa egin zaigu berez ezer erakargarririk eskaintzen ez zigun eguerdiko ibilaldia.
Jendea, gazte jendea gehien bat, eguzkitan etzanda dago katedral aurreko belardi apartan, umoretsu, bizipozez, kontu kontari bizian. Bi mutil, ia ikusezin, baina kalaka ozenean, zuhaitz artean zeuden gordeta.
269 kilometro, adioaren kutsuz bilduak jadanik.
Ia bakarrak ginen eguerdian kanpalekuan, betetzen doa arratsean, umeen oihu alaiek betetzen zuten airea. Bada gazte bikoterik ere. Ez da nagusirik kanpaleku honetan!. Umeen paradisua da kanpina, korrika, jolasean, goraki elkarri deitu eta hitz eginez ... zoriontsu eta gustura dirudite. Ume txikiak dira, ez da ume koskorturik.
Gozoa izan da belartzako eguzkitan idatzi eta irakurtzea.
Ez zaigu handi biribildu baina bai gorri sarkor, zoragarri joan zaigu eguzkia zuhaitz ostean behera.
“Onan”. Aitor Arana. “Ekarriko nuke haietako bat etxera”, entzun nion sortaldera bidaietako batetan hango putekin izandako esperientzia eta zertzeladak kontatzen ari zela.
BIDAIAK. BRITAINIAN HANDIA 2001
GALES. CAMBRIAN mendiak, Aberystwyth, BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Monmout-Trefynwy, Caerdydd-Cardiff.
Ekainaren 15a. Ostirala. 45.a-G:5.a
“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:
* “Hemen izan gabe han ez izatea / Han izan gabe hemen ez izatea”. Bidaiariaren nolabaiteko definizioa edo muina. Baina guk badakigu Galesen gaudela eta badakigu Euskadin ere bagaudela.
* “Zoazen tokira zoazela / Ekarridazu harri bat”. Burdina zati bat jaso dut aurten Banff herritxoko portuan, torloju handi bat.
“Uraren azalean edonora zoazela”, Iñigo: Uraren azalean doa udaberri honetako ia bidaia osoa. Lau orduko zaparrada ez da atertu oraindik goiz honetan. Atertu zain gaude kanpin berrira egiteko.
Gazteluak garai bateko fabrikak bezalakoak izan ziren: segurtatua zuten urteetan lana hargin, gurdizain, arotz, harrobi-gizon, basomutilek... gaztelua jasotzerakoan. Jaso ondoren berriz sukaldari, neskame, morroi, basozain, kortazain, zaldizain, basomutil... Baina izua sortzen zuten era berean herrian, herriaren bizkar bizi baitziren jauntxoak, jauntxoaren menpe herria. Kontraesan honetatik sortzen den arrisku eta ondorio guztiekin.
Ederra dago itsasgoran Bangor-eko badia, makur jitea du, aldiz, gazteluak, ilunagoak zakizkio harriak eguraldi ilunarekin.
Nekazari itxurako dozena erdi gizonezko bidegurutze batean, eskuan daramatzaten esku zuri bat kirten luzearen ertzean tramankuluak astintzen dituzte auto bat datorren bakoitzean. Protesta kalera ateratzeko era ezberdin bat.
Zaldizkoa izan dugu zaldun bide ertzean, zaldizkoaren kapelu berezia du buruan.
Hilea moztuta daude zenbait artalde, Eskoziako arraza berekoak dira;, beste asko, aldiz, hor dabiltza hilea dariela. Ardiek ez dute nonbait nahitaezkoa berokia urte osoan Galesen.
Ingalaterrako paisaia dotoreak darrai Galeseko eskualde honetan ere, Eskoziakoa baino alaiagoak dira etxeak, jite ezberdin bat dute bai egituraz bai kolorez, zabalagoak dira, estu-luzeagoak ziren haiek, hauek zabal-motzagoak: agian gure irudimena besterik ez da. Zuriz pintatuta dute gutxienez alde bat harrizko etxe askok, kolore ezberdinekoak dira ateburuak, leiho, beha-leihoak eta teilatu ertzak; adreilua ere badarabilte leiho ertzetan; kolore ezberdinekoak diren harriak edo zaindunak fatxadetan. Bada zikin plantako etxe ilunik.
Tradizioa, usadioak, kultura, gordetzen dakite: harri tolestuz eta gaineko ilara aho-zorrotz utziz egiten dituzte oraindik errepide ertzeko horma-hesi berriak: harrizko hesia da lurraldeko ezaugarrietako bat.
Giza lana behar da tradizioa gordetzeko, makinak ezin du egin artisau lanik, eskulanik, makinak ezin ditu hormok egin, makinek ez baitute oraingoz artisautza ordezkatzen.
“Diversion”a izan dugu: ezabatu dituzte bide zaharreko izenak, baina ez dute bide berrikorik jarri. Noraezean, oso abegikor geratu zaigu bertako gizonezko bat, nondik jo argitu diguna. Ondoren kabitu ezinik ibili gara autoak, norabide bietako eta aparkatutako autoen nahasmenean, elkarri txanda emanez.
Porthmadog. Itsasertzeko herria.
Snowdonia natura-gunetik barrena egin dugu aurrerako ibilbide ia osoa kanpineraino, itsasertzeraino heltzen baita natura-gunea. Aurrerakoan natura-gune berean beste inguru batetik egin genuen ibiliaren antzerakoa izan da gaurkoa ere, arbel-harri zati uholde beltza mendian behera botatzen dituen harrobi eta guzti. Mendi-mendiko harrizko etxeak, taxuz pintatutako etxe xarmantak... Herri sendoak dira, eguraldi gogorrera ohituak, egoera latzetarako gertatuak. Bada herri ilunik ere, herri ia kolore beltzekoak, kolore berdinekoak teilatua eta hormak, masa ilun bat besterik ez diren eraikinak; aldi berean ez dira herri tristeak, bai herri serioak; sendotasuna darie herrioi ez tristezia: zerk eragiten du portaera desberdin hori etxegintzan, zein eragin du ondorengo biztanleen portaeran etxe-molde ezberdinak?.
Bokal gutxi eta kontsonante askoko herri izenak dira ugarienak, izan dira dozena bat kontsonante eta bokal bakarreko herri-izenak, baina seguruenik y eta W-z baliatzen dira izenok ahoskatzeko, beti baitaude hizkiok tartean.
Cromlech, harrespila, errepidetik gertu zelai batean, hamar bat harri handi borobilean jarrita erdian zerbait dutela: bere legea ezartzen du errepideak eta ezin izan gatzaizkio gelditu.
Dolgellau. Mendi-mendiko harrizko herria, zuhaitz artean.
Harrizkoak dira Dolgellau inguruko hesiak
Mendiarte pikoan egin dugu beherantz itsasora, berdegunean, dotore, zuhaitz franko inguruan, lakua behean aurrez-aurre eta mendi berdeak goialdean.
Mendi-herri jitea du zenbait herrik itsasertzean arren, menditik eta mendian bizi dira, ez itsasora begira edo itsasotik. Interesak du eragina herriaren bizimoldean; bizimoduak, bizibideak, ez kokaguneak baldintzatzen du herri baten bizitza, kokaguneak eraginik badu ere herri zenbaitzuetan. Herri pobreak izanen dira hauek ere, baina gutxienez alaiak dira, kolore, forma, irtentxo, apaingarriek... erakargarriak bihurtzen dituzte.
Macynlleth. Herri dotorea; kolore argiz pintatutako etxe biziak; eraikin bikainak orobat; bada zenbait etxetxo xume ere: mendi-herri eta bailara-herrien nahastura du. Bizipoza dario. Erlojua erakusten duen dorre bat du monumentu gisa plaza edo kale nagusian: dotorea, bitxia.
Errota erraldoia: erraldoia da urak eragiten duen gurpiltzarra, erraldoia ere errota behar duen eraikin edo jauretxea bera ere.
Okerreko bidea hartu dugu: ez zen aukera erraza berez, baina okerrekoa aukeratu dugu hain zuzen!. Komediak egin ditugu itzuli ahal izateko. Erabat estua baitzen herri-bidea. Abegikor eta adeitsu lagundu digu etxetxo galdu bateko gizonak. Funtzionatzen du solidaritateak!.
Kanpina.
Aberystwyth herritik hurbil, Galeseko mendebal kostaldeko erdialdean.
Tarteka aterruneak eta eguzki-aldiak izan baditugu ere zaparradaz-zaparrada egin dugu bidaia osoa, zaparradapean hartu gaitu kanpinak. Itsasertzean kokatua, itsasoa urrutitxo badugu ere. Belardi batean, Bretainia Handian ohi denez.
Hainbat kanpin dago hemen bertan, oso ugariak dira kanpinok inguru osoan. Etxolak dira nagusi kanpinetan, sailtxo bat besterik ez digute uzten etxatoioi. Etxola-sail erraldoiak, herritxoa osatzen dute.
Harritza da itsasertza, hondartza ordez: ez dakigu uraren bila datorren bezeroa; zerbaiten bila baino zerbaiten ihesi datoz agian, nahiz hemen ere pilatuta egon.
Arratsaldeko jira.
CAMBRIAN MENDIAK
Natura-guneko mendiak. Ibilbide atsegina eta ederra, berdegunez berdegune, zuhaitzez aberats diren bailara eta mendi ertzetatik, tunela bailitz arbola azpitik sarri. Arbola azpiagatik zein laino beltzengatik, ilunabarra zirudien sarri arratsaldeak. Lurralde berde atsegina. Herritxo xarmantak dira ingurukoak, ona da errepidea. Inguru erakargarria, zaparradapean arren sarri. Uneoro ditugu lagun errekatxo eta ibaiak. Merezi izan digu ahaleginak, ateratzea erabaki izanak. Gozamena gertatu zaigu.
Zergatik dira harrizkoak hesi batzuk, zuhaizka leun eta berdin inausiak besteak. Ugariak dira, ukitu aparta ematen diote zuhaitz sendook lurraldeari.
Sarria da intxusa hesietan, sail ezberdinen ertzetan, zein etxe-alboetan. Asko landatu da pinua: mendi osoak bihurtu dira pinudi edo izeidi. Enborrez zamatutako hainbat kamioi izan ditugu bidaia-kide. Ugariak dira arrasean ebakitako basoak.
Ez da orain arte Galesen soro landurik, ez gari-sailik, ez koltza alorrik. Larrea da lur-zoro osoa, baina ez da ia haziendarik, heldu da izurritea honaino ere: kontuz ibiltzeko oharrak edo debeku gordinak ageri dira oinezkoentzako ibilbideetan.
Meategi batekin egin dugu topo errepidean, agian turistentzako ikuskizuna eta ikusmina besterik ez da.
Asko dira mendi soilak, biluziak, zuhaitzik gabekoak, baina berde atsegineko mendiak dira era berean, ez Eskoziako pintore naif baten koadroko mendi berde haiek. Ez dute mortu sentipenik sortzen. Bailarak, aldiz, arbolatsuak dira.
Llangurie. Herritxo bat besterik ez da. Arbel harriz estaliak daude goitik beheraino elizako hormak, baita etxe batekoak ere.
Bailara xarmant liluragarriak zeharkatzen ditugu, lur sailak goraino hesi berdeek banatzen dituzten zenbait mendien inguruan sarri. Berdegune joria da lurraldea. Begiak zabalik goaz ia noiz agertuko jaun-kondea bere gonbidatuen zaldizko koadrilarekin, txakur saldoz inguratuta, turuta-hots eta txakur zaunkaz bilduta, azeri ehizan. Ez da gaztelurik, baina; ezta jauregirik ere: itsasertza zuten maiteago jauntxoek, agian eskurago zuten segurtasuna urez bilduta, mendateko harresiz inguratuta baino.
Bi errota eoliko sail: bidaiako hirugarrena.
Eskoziarra dirudi gurutze galestarrak, izanen du berezitasunen bat baina gure begiek ez dute jasotzen desberdintasunik.
Errotak eskaintzen dituzte ikusgai edo ikuskizun errepide kontretan.
Garoak estaltzen du erabat mendi-magal osoa, garo guri eta gazteak, Bretainia Handian ikusten dugun lehena.
Elkarri ilaran loturiko lau etxetxo besterik ez dira hainbat herri.
Dolgellau eta Maclynlleth arteko lurmutur edo penintsulatik joan da ibilbidearen azken zatia: natura-gunea, basoz egin dugu lehen zatia tunelpe batean lez, ondoren, aldiz, itsasgain-itsasgain. Irlanda behar du izan itsasoaren beste aldea ikusi ahal izateko urrutiegi badago ere. Herritxo bat itsas gain-gainean: zoragarria, gozamena, behar dute izan etxeok bizitzeko.
Harrizko hesiak dituzte itsasgaineko lur denek, itsasotik barrukoak, barrukoenak alegia, hesi berdeak dira. Aho zorrotzik gabeko gaina dute harrizko hesiok.
Gurutze galesari argazki bat ateratzeko geratu garenean, galdetu digu gizonezko batek matrikulari ondo begiratu ondoren: “Spanish?”. –“Basque”. Barre eginez esan du:” Diferent”.
Tywyn: hiru eliza jarraian kale nagusian, hirurak xarmantak: batek, agian bik, beso berdineko gurutze forma du, dorrea jaso diote gurutzadura gainean, eliza erdi-erdian, gaztelua dirudien dorre karratu sendoa.
Aberdovey: Udaldirako herri petoa, kolore anitzeko herri bizi-bizia, atsegina, itsasadarraren sarreran. Belaontzi ugari gordetzen du kaian.
Enborra goi-goitik ebaki dioten zuhaitz handi sendo bat, landuta du goialde osoa, familia edo zerbait antzerako irudikatuzko taila erraldoia. Erabat bitxia. Errepideak agintzen du, ezin izan gara geratu argazkia ateratzeko.
Itsasadar gainetik joan gara, urik ikusi gabe, zuhaitz azpiko tunel berdean eman diogu bukaera arratsaldeko ibiliari.
Eskualde osoa da udaleku.
Arratsalde osoa izan zaigu euripe, errepide bazterrak erreka bihurtu dituen zaparrada oso bortitza izan da azken euri erasoa. Ez da, baina, ez trumoirik ez tximistarik, ez ekaitzik, euria bera, aldiz, ekaitz-euria da.
387 kilometro, euripean, baina inguruaz gozatuz.
Ortzadarra agertu zaigu arratsaldez. Ederra. Atertu gabe jarraitu du euriak.
Eguneroko gerra hegazkina, eguneroko ogia bailitzan.
“Onan”. Aitor Arana.
Gazte guti dabil kanpinetan. Badute nonbait bikoteek bestelako bide eta txokorik elkarrekin gozatzeko.
Ekainaren 16a. Larunbata. 46.a – G:6.a
“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia, 1990 – 200:
Pako Aristi: “Bakardadearen estuasunetik ihesi denak”. Etxolateria erraldoi, etxola-herri, hauetako igandezale eta opor zaleak dira seguruenik gaur egungo iheslariak. Gu geu biok ere ez ote Etxarriko bakardade eta egunerokotasunetik iheslari?.
Aurelia Arkotxa:
* “Urrunean untzia / estaltzen / itsas hegiaren hutsa”. Atlantiko honen hegiak hutsik dirau, ez da bertan inolako ontzirik.
* “Arrain itsasoko handiaren / begi geldia / guri so / iduzkitan”. Arrain gozo errea gure zain sagardotegian, herrimin suspertzaile.
Bare beltz txikitxo bat atzeman du zozoak. Eginahalak eta bi egin behar izan ditu, luzaroko etenetan pausatuz, bare kumea ez dakit hil ala zatitzen mokokadaka. Bare likina mokoan itsatsita geratu zaiolako-edo izugarrizko lanak izan ditu ondoren mokoa belartzan igurtzika garbitzen. Gosari nekosoa zozoarentzat, goiz-ibili tragikoa barearentzat, gaurkoa.
Alboko etxatoikoek ate-sarea jarri diote txakurtxo zuri bizarluzeari, kanpora ihes egin ez diezaien.
Atzoko berean diraute laino beltzek. Nahiz eguzkirik ez, ateria bera ere onartzen da atzoko euriteen ondoren.
Gidaliburuak aitatu ere egiten ez dituen, mapak berak ere herri-bide xume bezala marraztuta agertzen diren bide eta lurraldeetatik doa gaurko ibilbidearen erdia, horiek ere ikusmina merezi dutela uste baitugu.
Aberystwith. Itsasertz-ertzean, etxe-sail zabala agertzen da errepideko aldatzetik, zenbait dorre, tximiniteria, hainbat etxe-horma zuri, mota argi… zaizkio deigarri. Bertatik ikusita, kolore ezberdin biziko eta jite-egitura bereziko etxeek herri argi-argia, bizi-bizia, bilakatzen dute: zura agirian duten fatxadak, adreiluzko zenbait eraikin, kolore ezberdin argiz pintatutako horma zarpeatuak, itxura eta kolore ezberdineko beha-leiho pila, harrizko eraikinak, fatxada punta luzeak... kale nagusi eta erdiko kaleetan ez ezik baita alboko kaleetan ere. Plaza edo kale-gurutzeen zabalgunean dorretxo zuri karratu estu luzea, teilatutxoa duela txapel, erlojua erakusgai, xumea baina polita dager. Turismo gune omen den hondartza. Ibilbidea luzatzen zaio itsasgainean; ibilbide gainean, aldiz, etxe ilara luze koloretsua, dotorea bere osotasunean begiratuz. Badu museo bat ere, bertako folklore, historia eta eskulanei buruzkoa. Hemen da ere Galeseko Liburutegi Nazionala non gordeta dauden Galeserazko altxorrak: hiri hau omen galestar kontzientziaren sortzegunetariko bat. Galeseko Unibertsitatea ere bertan dago kokatua.
Paisaia ingeles dotore beti bera izan da ibili osoa, mendiguneko tartea ezik. Aspertzen ez duen paisaia bigun erakargarria. Itsasertzetik arren ez dugu itsasorik begi-bistan, bai ordea itsasertz berde idilikoa. Tarte batez itsasoa bera ere agertu zaigu begien atseginerako: une horretan harritzak dira itsasertzak hondartza ordez, harrizkoak dira hesiak ere.
Errimeak dira janari saltzaileak errepideko geragunetan, banaka-banaka beti dute bezeroren bat. Jantoki bihurtutako autobus zaharrak izan ditugu errepideko osagai berriak, norberaren autoan baino erosoagoa baita mokadua autobus barruko mahaietan edo barra aurrean.
Koloretako etxetxoak aitatu behar ditugu nola ez baita herri alai argiak ere.
Ugariak dira kanpinak Galesen, itsas zoko bakoitzak du berea.
Lur barrurantz egin dugu. Paisaia ingeles-galesak darrai. Baso-kasko ugari zeharkatu dugu, etorbidea bailitzan tunel berdeak hartzen gaitu bere baitan hainbat aldiz ibilaldi osoan. Hainbat larre zabal, ez behi ez ardi, hutsik. Mapan zuri marraztutako errepide xumea behar zuena errepide zabal ondo zaindua gertatu zaigu, tarteka gora-behera leunek ezberdintasun punttua emanez joanari.
Destilategi bat, ez zaigu ezaguna whiskyaren marka. Antzerki-gune bitxi bat herritxo baten alboan, eskultura bitxi batez girotuta. Lastozko teilatudun etxe bikaina: zerbait ofiziala zirudien, itxita dago eta ez du iragarkirik. Autobus geltoki xarmanta: garitatxoa besterik ez da, teilatu ertzak kolore ezberdin biziz pintatutako zuri-zuria, bitxia bere ezebetxoan.
Mendi-muino oro da hesi berdez sailkatutako larre-gune, dotore-dotorea berez, urrutitik begiratuta dotoreagoa oraindik. Berdin ebakitako bi zuhaitz-hesiren erdian estututa goaz, kamino bazter-bazterreko hesiak dira, erretenarentzat ere lekurik utzi gabeko hurbil.
Zaldi-lurraldea, zaldi banaka ugari ikusi ditugu larrean; kontuz gidatzeko ohartarazten dizute zaldizkoaren irudiz errepide bazterrean, zaldi-gune dela eta. Hainbat zaldun ikusi dugu zaldi gainean bai herrietako kaleetan, errepidean bertan ere mendira edo zaldientzako ibilbideetara doazela. Zaldunontzako ibilbideak daude iragarrita errepidean, oinezkoentzako bide-gorriak iragarri ohi diren bezala. Zaldi dotoreak dira larreetako zaldiak, finak, gorputz lirainekoak, ez okelarako zaldi sendokoteak.
Izurritearen aztarnak: desinfekzio kontrolguneko hondakinak eta paperezko oharrak.
Argazki politak ateratzea legoke non geratu balego. Ez da aparkagunerik herri-bideotan, ez da non geratu errepide nagusitik at. Bertatik bertarako autoak dabiltzanez nagusiki, ibilaldi motxekoak alegia, ez dute geratzeko premiarik. Agertzen zaizkigun autoak, jarraiki ditugu tarte batez atzean, gu bezain lasai; berehalakoan, baina, desagertzen zaizkigu: bertatik bertarako autoteria dabil bideotan, herritik herrirakoa.
Lampeter. Herri koskortua.
“Traffic control” iragarkia dago herriko sarrera edo bihurgune arriskutsu aurretik, ondoren argazki kameraren mehatxua dator. Ez dugu kamerarik ikusi ahal, ez daude errepide bazterrean tantai luzeen puntan Ingalaterrako zenbait eskualdetan bezala.
Lurralde hau da non lehen aipatutako dozena bat kontsonante eta pare bat bokaleko herri izenak dauden. Galeseraz soilik daude zenbait herri-izen.
New Inn. Ostatu izena, baina baserri usaina.
Pagoa da zuhaitzik sarriena, pago sendo lerdenak dira. Ugaria da lizarra ere. Urkia, aldiz, guti agertzen da, agian lakurik ez delako, ez dagelako ez goi ez behe lautadarik.
Futbol-zelai guti dago herriotan: bi ate xume zelai batean, besterik ez zen herri bateko futbol-zelaia.
Ganorazko segurtasun-neurriak hartzen dituzte errepideko langileak: argi gorriak dituzte jarriak gehienek, edo erabat gutxitu arazten dute abiadura.
Aspergarria ez, baina errepikagarria bihurtzen dira herriak zein paisaia azkenerako.
Xarmantak izan ohi dira ostatuak, dotoreak eta deigarriak: denekoak orokorki, baita Galesekoak ere. Gurdi bat izan dugu ostatu baten aurrean ataria dotoretuz, gurpil handiko gurdi xumea. Izan zen beste bat ere nonbaiten honen antzerakoa: oso guti dira, ez dute gurdirik erabiltzen edo erre egin zituzten gurdi zaharrak tximiniteria horien azpiko suetan. Gurdia bada kulturaren ezaugarri: gurdia nolako, herria halako; egituran, tamainan, erabilpenean, koloreetan... gurdiak erakusten du herriaren izaera eta ekonomia. Gaztelu baten hondakinak tontor batean, zuhaitzez inguratuta, lerden eta airoso, ziluetako zulo eta zirrikituetatik argia iragazten dituela: ezohizkoa iruditu zaigu lurralde honetan. Zutik dirau behintzat.
Carmarthen
Berehala egiten duzu lur barrutik itsasorakoa Galesen, itsasotik mendietarakoa, itsasalde batetik besterakoa, lurmutur baten Iparretik Hegorakoa. Oraintxe ginen Cardingan Bay-en eta hemen gara Bristol Chanel-en, istant batean izanen gara Cambrian mendikate erdian.
Mapan bide on bezala marraztutako errepidearen lotsarik ez du ekarri dugun herri-bideak. Errepide nagusian sartu gara, hau ere hesi berdearen esturan doa. Mendi sendo garaiak ageri dira urrutira, leunak, soilak, berdeak. Pinu gutxi ikusi dugu gaur, larre dira mendi-muinoak, eta larretarako darabiltzate, ez dute pinua belartzan birlandatzeko premiarik. Izurriteak bultzatuko ditu agian orain larreok pinudi bihurtzera.
Llanwtyd-Wells. Zaldizko taldea errepide-kaleetan lehenengoz autooi bidea eskatuz, geroxeago bigarren talde bat herriko kaleetan bertan; zaldunentzako bide-gorria eta ibilbideak han-hemenka iragarrita...: zaldizko ibiliak dira herri honek bisitariak erakartzeko jarri duen aukera.
Harategian zain zegoen gizon gazteak, lehenengo harrapatu dudanak, eman digu hartu beharreko bidearen berri, mapan agertzen zitzaigun herri-bidea ez baitzen bidegurutzeko norabideetan iragartzen: adeitsua, erabakikoa, zuzena eta argia.
Bailara xarmant erakargarri batetik ekin diogu gaurko azken ibilaldi-zatiari, Aberystyth-en berehala izango ginelako ustez. Errekatxo baten alboan doa bidea, estua, zuhaitz eta larrea lagun, erreka-zuloz-erreka-zulo, dotore.
Europako matrikula berriarekin izan dugu kotxe bat, Ingalaterran ikusten dugu lehena.
Izotz-elurterako gatza gordetzen duten plastikozko ontziak banatuta daude errepide ertzetan, Eskozian lez. Negu gogorra de hemengoa ere nonbait.
Tximinia mota ezberdin bat bada Galesen: estalki erdi borobila du bereizgarri edo ukitu ezberdin. Etxe galdu batean ikusi ditugu bi.
Ur asko dator lasterrean harri artean jauzika harkaitzetan, ozen, eta dotore: baina urak kutsatu itxura du, zikin zatar planta, agian ur-kolorea besterik ez da, naturako zerbaitek tindatzen duena, geroago eta gorago ikusiko baitugu hor goietan ez dela ur hori zikinduko duen giza eraginik; mendikararen bat egitera igo den talderen batek utzia ditu kaniladun ur-ontzi borobil handikotea, esne poltsa, azukrea eta tea errepide bazterrean ibilbide baten hasieran: agian edozein ibiltarirentzat jarria dago. Bertatik gertu gizonezko nagusi bat pintatzen ari da berdeguneko bakardadean errekak jauzia egiten duen inguruan, baina pintatzen ari dena ez da ur-jauziaren paisaia.
Harizti eder bat, gorago garo-sail zabalak mendi biluziko maldak osoki estaliz, Eskoziako txilar sailak baina bigunagoa eginez mendia. Une batez dena da ura mendi-maldan gainbeheran. Gaurko ibili honek osagai ezberdinak ditu, erabat ezberdina da mendi-zulo hau, dena baita zuhaitza, dena erreka ozena. Estutzen joan zaigu errepidea, ez dago ez taketik ez iragarpenik baina “passing place” herri-bidea dugu hau. Ez dator inor. Diosalik gabeko bidea egin dugu.
Eta hara non sartu garen mendiarte ikaragarri batean, sigi-saga doa errepidea, gora eta behera % 25 gain-beherako maldetan tarteka, kotxe bakarra ozta-ozta sartzen da zabaleran: zirraragarria da zinez, zenbait gainetan luze eta ia bertikal ikusten duzu zure oinetan galipotezko marra gris iluna, behean elkartuz eta banatuz sare-hari ilunok. Mendi katearen osteko herri guretzat ikusezin bakoitzak du nonbait gurdibide bikeztatua dirudien bere bide asfaltatua gain honetaraino, bailara eta mendiartetik igoz goietan elkartu eta luzatzen eta lotzen direnak sare batean kiribilduz. Mendi-sail sendo, leun, buru borobil, berdexkak dira, mortua ere bada zenbait tartetan, belar latzekoa erdi gorri erdi horia. Bada garo-sail den maldarik ere noizbehinka. Soilak dira mendiok, baina sail asko dago pinuz birlandatuta, pinudi edo izeidi erraldoi dira hainbat mendi-sail. Larrea da soil dagoen berdegune oro: badira errepidean zoruko burdina-sareak, batez ere bailaren sarreran, animalien sarrera eragozteko.
Bailaraz bailara, errekatxoa beti zuloan edo malden junturan, tontorra tontorraren ostean, zeharkatzen dugu mendi saila. Bidegurutze orotan dago argibidea, ez dago galtzerik nora joan jakin badakizu behintzat. Hainbatekin gurutzatu gara goietan zein maldetan, elkarri diosala emanez gurutzatuz edo bidea emanez.
Heldu zen izurritea honaino: premiazkoa ez bada autotik ez jaisteko aholkatzen digute iragarkiek eta ohar idatziek.
Izugarria izan da mendialdeko ibilia, ezusteak zirraragarriagoa egin diguna. Guk badakigu noiz ateratzen garen etxetik baina ez noiz itzuliko garen: ustez ia bukatutzat genuen ibilia erabat luzatu zaigu ezusteko mendiartean, geldialdi sarrietara joan mantsora bultzatu gaituen mendiarte zoragarria.
Itsasaldeko lautada hesiz sailkatu berdea begien aurrean egin dugu azken gainbeherakoa, lautada ingeles-galestar jori berdeaz gozatuz.. Bada kanoak dituen muntaia bat ere, bada nonbait erreka lasterren bat inguruan. Urkiak agertu zaizkigu, ugari.
Tregaron. Mendi barrenean. Eskuan liburua duen brontzezko gizonkotea dute plaza erdian, gurutze galestarra erakusten du teilatu-hegian elizak, kaleak, aldiz, etxetxo bizi koloretsuek osatzen dute. Gazte bat izan dugu zaldun herriko kaleetan zehar, zaldia urduri jarriko zaion beldur, bera ere urduri.
Etxerako azken txanpa lautada berdetik.
Aberystwyth: hurragotik ezagutu nahi genuen kale eta itsasertzeko ibilbidetik bernak luzatuz, etxetxoez gozatuz, museoan begiak luzatuz, baina hirira heltzeaz bat zaparrada izugarri bortitza bota digu, goi-beheak dena ziren ur. Zaparradak zaparrada, bizi-bizi zeuden kaleak, jendez gainezka, larunbat eguerdiko jai giroan.
Baliteke izen ingelesik ez izatea izen bakarra duten herriek, Eibar edo Elgoibarrek gaztelaniazkorik ez duten bezalatsu.
Ez Ingalaterran, ez Galesen, ez Eskozian ez dugu ikusi ur-putzurik. Bat bera ere. Ura ez zen lur-azpitik ateratzen nonbait, edo agian galdu egin dira putzuok. Litekeena da lur-azpiko urik ez egotea, Eskozian bezala urak labain egiten badu mendian behera, lurraren egitura geologikoak eragina du azpi-korronterik egon ez dadin. Nork daki, agian ur-sareak goiztiar jarri zituzten putzu beharrik gabe.
221 kilometro, mendiarte bitxietan Galeseko ibiliei amaiera berezia eman dienak.
“Onan”. Aitor Arana.
Ez dut inoiz sexu konturik sumatu kanpinetan. Iizanen diren arren mila istorio.
Ekainaren 17a. Igandea. 47.a – G:7.a
“Hitzezko zubia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:
* “Banaturik dago jadanik hiria / barne mugak zauri dira /eta zauri horien odola ez da metafora”. Ez da ageriko hiri banaketarik, ez dugu igartzen zer den zauri eta zer barne muga. Gerra hegazkinek eta soldaduek jartzen dute odola ez dela metafora soil bat zigilua.
* “Hiritar hirigabeak”. Hiridun hiritarrak gara gu, atzerriko ibiltari, aldi baterako migratzaileak.
* “Hiritar hirigabeak, / udan bada sargori, neguan bada izotz, / inora ez doazen bideetan galdurik, / inon ez dagoen babesaren bila; / bake-itunak sinatu arte bizirik irautea da kontua”. Zenbat eta zenbat atzerritar eta migratzaile diruditenak Bretainia Handiko kaleetan, zenbat irlandar ote Galeseko et Ingalaterrako lurrotan, ze hurrengo urte latzak gure egunok etxera begira dakusagunean.
Gari Berasaluze:
*: “Herri honetan badakigu zergatik egiten den negar, baina ez zertarako”: Izurritearen zantzuak aurkituz lur galduotan asmatu uste izan dugu zenbait negarren zergatia, etorkinaren begiraden tristura, ume baten negarraren mina, atzerritarren barnean behar duen sufrimendua, irlandar iheslaria ikusi dugu zenbait ilegorritan... baina ihes egiten digu herri honen arimak, artea eta paisaia ditugu gogokoen eta deigarrien bidaiariok, ezinak eta errazkeriak mugatutako turistok.
* “Berriro galduta ere euskaldunak garela idatziko dugu”. Aukera ematen digun bisita-liburu orotan idazten dugu gure jatorrizko hizkuntzan. Harro. Akatsak akats, erruak erru, euskaldunak garelako. Eta aldatu nahi ez dugulako. Herri bat baikara.
Aldaketa eguna. Galeseko muga-mugaraino eramango gaituena.
Goiztiar dabiltza motorzaleak.
Llangurig, hemen hasi zaigu gaurko ibilbide berri ezezaguna. Ez da aipamenerako osagai berririk. Ohi denez, ibilgune atsegina da. Paisaia menditsua, tarteka ezik, ez da landa zabal ingelesik. Tristeak dira zenbait mendi. Mendi-zuloz mendi-zulo, mendiarteko bailaratxo estuak zeharkatu ditugu, baita mendi-buru leun berde zuhaitzez soilak ere. Bada pinua landatutako mendirik, baita zuhaitz dotoreek sailkatutako larre diren malda barrenik ere belartza jori bihurtuta, bada sakonetan erreka eta ibai atseginik. Altza erreka kontra, urkia eta haritza sendo ederrak errepide ertzetan: takian-potian izan ditugu arbola arteko tunelak. Tarteka, herritxoa.
Hertsiak daude naturgunetako ibilbideak, debekatua bertatik ibilia: presente dirau izurriteak.
Betidanik ote biluziak mendiok ala Espainiako Armadaren aurkako itsasontzigintzak soildu ote?.
Tantai eolikoak izan ditugu gaur ere ikuskizun: ez dira asko sail bakoitzean, ez dute begirik erretzen, baina sarri ikusi ditugu.
Llanfair-ym-Mualt. Larrea du inguru osoa, baina ez da animalia bat bera ageri. Hainbat ingurutan ere.
Built Wells. Herri koskortu-koskortua, errepide-gurutzea du erdi-erdian, gurutzagune bera da herriko zabalgune nagusia, errepideak aldiz herriko kale nagusiak.
Herritik at daude elizak herrietan. Hilobiz inguratuta. Hilerrian egin zituzten elizok edo elizaren alboan jarri zuten hilerria. Elizok ez dira ez kaperatxo ez baseliza, eraikin koskorrak baizik, erakargarriak, dorre luze mehe zorrotzekin denak; teilatu erdi-erditik ateratzen zaio sarri dorrea, gurutzadura gainean bailego. Harri ilunekoak dira gehienak, elkarren antzerakoak, bitxiak; izan dugu gaur adreiluzko dorre bikain pospolin bat.
Galesen ez dugu hilerririk ikusi, elizagatik ez balitz ez ginateke jabetu ere eginen hilerririk denik.
Sarrera babestuzko aterpea du etxe askok, beha-leihoa bailitzan, xumea baina era berean xarmanta, kolore ezberdinez pintatua sarri.
Zuhaixka-hesiak mugatzen du errepidea maiz, erabat lapurtzen digute ikuspegia goregi inausiak daudenean. Herri batean andre-gizonak ari ziren motozerrarekin zuhaitz hesia berdintzen, orri berdeko horma utziz, asteburuko lana zaie nonbait.
Brecon-Aberhonddu. Herri zabal luzea, etxeteria iluna erakusten du, teilatu beltzak nagusitzen zaizkiela fatxada zuriei.
BRECON BEACON NATURGUNEA
Black Muntains, mendi beltzak, Altzolan bazen Mendibeltzu baserria. Ilunak dager mendiok, mendi berde ilunak. Mendiartea zabaldu zaigu lasterrera, landa ingelesa erakutsiz bere edertasun oparoan, ardi eta guzti. Ondoren, baina, mendi mortuak izan ditugu, animaliarik gabeko larreak.
Bwlch. Dena kontsonante, W bokal bezala ahoskatuko dutela uste dut.
Antzinako korta zaharrak, harrizkoak, handiak, sendoak, austeroak, leiho luzexka txikitxoekin.
Bailaratik doa errepidea mendia saihestuz, estua da bailara, mendi buru berde soil tristeak ditu alboan; malda leunak, aldiz, berdegune eta zuhaitzez jori eta heze ageri dira. Ikuskizun dira sailetan banatutako berdeguneok, baita erreka inguru arbolatsuak ere.
Gaztelu hondatu bat herritxo batean, gotorlekuak irauten dio, arranditsu, mesfidati eta erasokor oraindik.
Tumulua errepide ertzean, herritxo batean: harlauza multzoa erdi-borobilean zutikatuta.
Alaitu zaigu berriro ingurua, deigarri: etxe koloretsuko herri alegerak. Herri koskortu askok, ia orok, zutabea dute plaza izatera heltzen ez diren kale-gurutzean edo plaza gune zabalenean. Zutabe luzea zen gaur ikusi dugun bat, galestar gurutzea zitzaiola gandor.
Horia eta berde-urdinxka koloreak darabiltza etxetxo batek herri batean: leiho-buelta berde-urdinxkak horma horian.
Avergaveny-Fenny. Herri itxurosoa, luze zabala, kale asko ditu: etxe maitagarri koloretsuak, deigarri alaiak denak, edozein kaletan.
Hemen bukatu zaigu natura-gunea baina antzerakoa dirau lurraldeak, dotorea, elegantea.
Raglan. Gaztelua du: Ingalaterrako mugetan gabiltza, ez da harritzekoa gazteluok agertzea.
Justu-justu, kanpinera ingurubidea hartu behar genuen errepide-gurutzean agertu zaigu “diversion”a, errepide berritze lanak direla medio. Ez genuen inolako argibiderik kanpalekurako, ez zen ordezko norabiderik iragarrita, senak lagundu digu, herrian sartu gara, eguerdiko ordu bizienean, kotxez gainezka kaleak, zeharkatu dugu herria, eta berreskuratu dugu galarazi diguten errepidea.
Monmouth-Trefynwy. Herri koskortua da, alaia, koloretsua, bizia. Herribildua izana nonbait, ate bat gelditzen zaio, zubia dirudienaren erdian, aldats eta guzti: zubi erdi-erditik joz egin du bidea gure etxatoiak ere bere luze-garaian.
Kanpalekua. Herrikoa. Husten doa gu heltzean, arratsalde erdirako etxera bidea hartzen du asteburuko bezeroak. Jende herri-herrikoa da, gurasoak bere umeekin.
Eremu zabala du bezero bakoitzak kanpaleku orotan, erraz sartzen dira etxatoia, aterpea eta autoa.
182 kilometro, jadanik ohiko zaizkigun lurraldeetatik Gales ertzera.
Ikusi ez ditugu ikusten, baina ozen entzuten da inguruko zuhaitzetan zozo, birigarro eta txoritxoen kantua.
Trefynwy-Monmouth. Oinez joan natzaio bisitan. Hila dago arratsean, ez dut aurkitu eguerdian bezain argi, koloretsu, alai, bizi eta moinoino. 1724.go Shir Hall eta 1673.go Great Castle House jauregi kolorgetuak: militarrek eskuratu dute bata, han dute sarreran erakusgai tanketa bat, gizakiak hiltzeko trebatutako gerrarien presentzia aldarrikatuz. XII. Gizaldiko gaztelua ere bazen, hondakinak soilik geratzen zaizkio, dorrearen 4 hormak eta ezer gutxi gehiago. Izan zen herrian hegazkinlari edo hegazkin asmatzaile edo hegazkingileren bat; herriko plazan dute errege batekin batera; harrizkoa da erregea, udaletxeko horma-zuloan dute jarrita; brontzezkoa da hegazkin-gizona, zutoin batean hegazkina erakusten. Zubi gotortua da eguerdian zeharkatu duguna, XIII. gizaldikoa, ate sendoa, benetan gotorra. Hainbat etxe eder hiri barruan zein zubitik beste aldera, zurezko hezurdura agirian dutela, zur beltza horma zurian sortzen duen kontraste bizian. Elizaren dorreak merezi du begirada bat; inguratzen duen parkeak, aldiz, ibilalditxoa merezi du arramadi garai zabaleko zuhaitz sendoen artean. Herritik at, bada parke eder bat zuhaitz ederrekin.
Merkatu herria da nonbait, animaliak biltzeko hesiz sailkatutako esparru zabal-zabala du ibai kontra: itxita dago izurritea dela eta, ezin daiteke animaliarik ibili ere, gainera, inguruan.
Lorontzi zintzilikatuak nabarmentzen dira kaleetan, denda bakoitzak ditu bereak ate eta erakusleiho gainetan, apaingarria izateaz gain badirudi herriko ezaugarri bat ere badela.
Putzu zabala ere bada herritik kanpo parkearen alboan: zisnea ikusi dut, lehenengoz, arrautzak epeltzen habian.
Apaizak: Bi ikusi ditut, oinez bata kalean, lepoko txatal zuria eta guzti, gris jantzita: katolikoa behar du izan, etxe batera joan da bisitan. Bestea, hau ere txatal zuria lepoan, kotxez zihoan, emakumea alboan zuela: protestantea behar zuen izan.
Zozo bakarti asko dago inguruan, lagun bila txistu hotsez.
Galestarrek ere maite dute kontu-kontari ordu berantiarrak arte gaua luzatzea. Goxoa da lagunartea gauean.
“Onan”. Aitor Arana:
Gaztetxorik ez zen gaur kanpinean. Umeak ziren denak. Koskortuak ez dute nahi nonbait kanpinera gurasoekin etortzerik. Galesen ere Onan gaztetxoek beste giro bat dute gustuko.
Ekainaren 18a. Astelehena. 48.a – G:8.a
“Hitzezko zubia”. Harkaitz Cano:
* “Hilabete bazen itsasoratu ginela”. Hilabete eta erdi da bideratu ginela. Gero eta herriminago dugu bihotza.
* “Isiltasunak bere iritzia azaldu ostean...”. Txori-kantak nabarmentzen du kanpalekuan isiltasuna.
Isabel Diaz:
* “Honetan egunak hogeita lau zementuzko ordu / Orduak hirurogei hormigoi armatuzko minutu”. Orduak eta egunak, loarenak zein argiarenak, nekeagatik eta ikusminagatik, ur-jauzien abiadan jartzen zaizkigu. Atzo atera ginen eta etxetik!. Jauziko urak haitza ebakitzen du, ibiliok ere uzten digute bere arrastoa.
* “Egidazu hau guztiarekin oihal handi bat / Donibane bezperan beharko didazu eman / Eta zin ... S. Juanetako suak betiko irentsiko duela”. Eginen dut urteroko suaren erritoa aurten ere, baina ez dut nire bizitzaren ezer erre nahi, erruak eta okerrak ere nireak dira, nire bizitza dira bizipen latzak ere. Eta ez dut nire bizitzako ezer erre nahi.
Zozo bakarti bati so egon nintzaion atzo arrats beranduan, pinutxo adar puntan zegoen txiztuka ozenean, adar berean aurkitu dut goizean orain ere deika bihozmin. Hanburgoko zozoa gogarazi dit, hala egon ohi zen hura ere gauero.
Zenbat aldiz pentsa eta esan dudan, Europa Erdialdean gehien bat, zozo eta hegazti migratzaileak erruz ikustean: “Txori eta hegaztien paradisua”. Baina txori eta hegaztiok migratzaileak dira. Saldoan datoz atzerritarrak ere ogi bila gure herrietara, ehunka dakusagu kaleetan, baina infernua zaie beraientzat, atzerri zaie, gure aberria. Zozo-hegazti migratzaileek agian ez dute inon paradisurik, “hiritar hirigabeak” dira hauek ere.
Zergatik, berdin ordainduta ere, ez dira herri-kanpalekuak pribatuak bezain txukun, aratz eta zainduak?.
Azken ibilia gaurkoa Galesen. Etxea Galesen izanen dugun arren, Ingalaterran marraztuko ditugu hurrengo ibilbideak.
Antzinako landetxeak diraute, harrizko ilun-ilunak, etxebizitza bera eta honi osagarri zaizkion eraikin txiki mordoxka.
Nahiz galestarra, ingeles landa petoa da gaurko bidaia lurraldea.
Newport-Casnewwydd: itsasadar oro da zatarra itsasbeheran, baita Newport-Casnewwydd-ekoa ere.
Erabat trinkoa da zirkulazioa Newport eta Cardiff arteko 3 bideko autobidean, kamioia baino autoa da ugariagoa hiri industrialak arren ingurukoak, erabat nahasia da errepide sarea.
Caerdydd-Cardiff. Galeseko hiriburua. Ez du ezer handirik kontatzeko, harrizko eraikuntza zuri eder neoklasikoak gustuko zaizkionarentzat ez bada. Oinezkoen kaledi zabala, erdiko kale nagusiak eta alboko hainbat kalek osatzen dute oinezkoen sarea: herriarena da erdigunea!. Hainbat antzinako saltoki xarmant, aterpe garai estu argiko pasabide antzerako luzeak, erabat dendateri direnak. Mota eta eskaintza guztietako saltegi handiak. Herritarra erruz kaleetan, ibilian, erosketan, edo tragoxka zein mokadu batez indarberritzen.
Hiri ofiziala: albo batean dago, gertu arren bertatik kotxe zaparrada dabilen errepide nagusia ere den bide zabalak berezitu eta banatuta. Parke eder bat esparru honen erdian, bertan ikasle taldea apunteak errepasatuz edo kalaka alaian. Parkearen erdi-erdian zutabe borobiletan jarrita omentzen dituzte hiru armadetako hiltzaile profesionalak. Berdegune horren esparru berean Unibertsitatea, Museoa, Udaletxea, non justizia egiten omen den Epaitegia... harrizko eraikin neoklasiko ederrak denak. Hor bertan baina errepide zabal bateko trafiko trinkoak bakartua hau ere, Gaztelua, horma garaiko karratu zabala, erloju eta koloretako gizairudiz apaindutako dorre lerden dotorekoa. Gazteluaren alboan, basoa ere deitu dakioken parkea, zabal eder paregabea, zuhaitzek janda-edo bere alboko trafiko biziko hotsik ere ez zaio heltzen: Bretainia Handian ohi denez, belarrean etzanda jendea.
Katedrala kalea, hiriko ertz batean, erabat fatxada puntazorrotzeko etxez osaturiko kale luze, dotorea, aparteko apaindurarik gabe baina forma dotorekoa, elegantea, nahiz aldi berean soila.
Ibaia erabat zementuz hesia, albo garaietan espaloi zabal bat atera diote ez dakit kirol edo industria ze esparruren luzapen dotorea.
Hirian bada futbol-zelai handi bat, bertan motorrei buruzko erakusketa bat ari dira jartzen astebururako.
Llandaff Katedrala. Hiriko albo batean, erabat ertzean eta erabat hiritik urruti. Berrikuntza handiak jasandakoa da. Fatxada ezberdina du, bitxia ere, ederra, bi jite ezberdin nabari zaizkio era ezberdinetan jarritako arkuterian; irudi zizelatu ederrez apaindutako dorre lerdena; alde batera bigarren ate landu aparta. Barrutik, aldiz, erabat austeroa da arkuteria bera; arkuen oinarriak, aldiz, burutxo zizelatu ugarirekin edertuak daude. Erdi-erdian jarri dioten zementuzko arkua da elizako zer deigarriena, alderik alde elizaren zabalera osoan, zilindro borobil bat du erdian non kokatzen den Jesukristoren irudi erraldoi bat, eta beste santu-iruditxo pila alboetan. XVI. Gizaldiko erretaula fina albo batean, aldarean Erdi Arokoa eta alemaniarra omen den gurutze bat, absidean erretaula ezberdin deigarria seguru aski berria, eta sarreran triptiko aparta; hilobi marmolezko zizelatu pila; arku zizelatu ederra, aspaldiko harrizko gurutze galestarra. Nahasian daude gauza zahar eta berriak, tartean bada lan ederrik. Deigarria da organoaren tutueriak duen koka-moldea eta itxura, herrira begira dago zati bat, korura begira bestea, tutu sendoak behe-behean eta ber-bertan geratzen dira; deigarriagoa egiten du sabai gorri zurezkoak. Bisita goxoa gerta zaigu.
Maitagarriak dira gaztelu baten hondakinak eta ateburuan galestar gurutzea duen katedraleko esparrura sarreratxoa: borobil barruan du gurutzea, Eskoziar gurutzeetan, aldiz, uste dugu borobila dagoela gurutzearen baitan. Bideoan ziurtatu beharko dut bereizgarritasun hau.
Bandera dago elizan: dragoi gorri handia luzeran banatutako berde-zuri koloreetan. Zuri-gorri-berdea hau ere.
St. Jonh eliza. apaindurarik gabeko gotiko xumea. 5 nabe, non baden erretaula eta taila ederrik. Dorrea da aipatu beharrekoa, aparta baita.
St. Fagans. Hiritik urrun, auzoa omen, baina herritxoa dirudi egituraz, itxuraz ere. Gaztelu isabelinoa du aipatzeko, ez gatzaizkio sartu doakoa arren, arratsaldea aurrera baitzihoan eta bagenuen inguruan zertaz gozatu.
Lorategi zabal apartak, urmael eta guzti. Gazteluaren parkea behar zuen arboladian bada gales folkloreari buruzko erakusketa bat, ezin izan dugu ikusi itxi egin digutelako beranduagatik. Zuhaitz artean garai eta lurralde ezberdinetako etxe galestarrak: ezer berri gutxi eskaini digute etxeok kanpotik, ezta barrutik ere, herri eta lurralde ezberdinetan ikusi ohi izan ditugunen antzerakoak iruditzen zaizkigu gureak bezalako begi ezjakinoi: herri orok antzerako baliabidez egiten dio aurre bizimoduari. Baina bai nabaria dela, inola ere ez berria, denekoa baizik, zein ezberdinak ziren barrutik ondo-bizien eta pobreen etxebizitzak, ohea, sua... Gogorra behar zuen izan nekazarien bizitza etxe horietan; beti izan du ere gogorra bizitza nekazariak. Lastozko teilatuak, oholez erabat bildutako oheak beroa gordetzeko. Narrua biguntzeko putzuak eta narru bigunduok findu eta leuntzeko narruaren arabera pisua gehitzen zitzaion alper-harritxoa gerta zait ikusgai berria. Bitxia ere erromatar pisu orain arte ikusitakoen ezberdina. Erruz doakio ikuslea, ez da falta dendateriarik, non bertako artisauen lana dagoen salgai.
Hainbat desinfekzio gune izan dira etxeen erakusketako bide-gorrietan, animaliarik bertan egon ez arren. Ez dute museoa hertsi izurriteagatik, baina neurri zorrotz eta larriak hartu dituzte.
Herriz josia dago etxerako ibilbidea: leiho zuriek nolabait ukitu argia ematen diote eraikin baxuko etxeteria marroizko ilunei. Bata bestearen ondoren datoz herriok, dena da etxe, baita malda-beherak eta erreka inguruak ere, arbola artean gordeta asko. Langile herrien jitea dute, langile etxe merkeagoko herriak, erabat industriala da izan hiriburua ere. Hiriburuko lotegiak direla iduri herriok.
Baso erdi-erdian, magal batean, baso berde joriek erabat bilduta, gaztelu bat, buru konikoko bi zilindro horma batez lotuta, adreilu gorrikoak hormak, eta arbelezko teilatu beltzekoak hormak, ipuin liburuetakoa, jostailu handi bat bailitzan.
Mendi-gain osoak dira lubeta, ikatz hondakinez eginak itxuraz, ikatz-leku omen da-eta inguru dena.
Ardi bat gurutzatu zaigu bidean: beeka geratu zaigu aurrean, ikaraz nonbait.
Eguraldi goxoa, eguzkitsua izan dugu egun osoz.
Egun astuna eta luzea gerta zaigu gaurkoa. Ez da izan egun oparoa gauza asko ikusi dugun arren. “Diversion” batek bidaiaren norabidea aldarazi digu; hain kontra-esku gertatu zaigun turismo bulegoak hiriko ibilbidea aldarazi digu; hiri barruko errepideak zaildu egin digu erabat erdigune ofizialera heltzea...; ezeroso ibili gara, denbora asko joan zaigu alferrikako pausoetan. Uste baino beranduago eta nekatuago etxeratu gara. Bukaera goxoagoa eman nahi genion Gales herrialdeari, baina hala gertatu da. Hainbat gauza interesgarri ikusi dugula deritzot, herritar artean ibili gara, bere giro bizi-bizian, ordu luzez ibili ere, geltokietan, saltokietan, kaleetan, parkeetan... Halere halako sentipen hutsalaren kresala utzi digu egunak, agian etsipen, tristura edo nekaduraz bustita utzi dizkigu gaurko ibiliak Galezko zortzi egunak.
Nik erabat galduta darrait Eki, Mendebal eta abarreko norabideei buruz, buruak esaten dit norantz jo, senak ez.
176 kilometro, Galeseko azkenak
1458 kilometro, 8 egunez Galesen egin ditugunak.
Egon eta lo-leku izanen zaigu Gales hurrengo hiru egunetan, bertatik aterako baikara ibilaldi eta bisitetara. Bertan egonik ere jadanik urrun ikusten dugu Gales, mugaz bestaldera begira gaude jadanik. Galesen ezer sakon ukitu ez dugunaren sentipena dut. Paisaia ederrez blai egin dugunaren sentipen bizi-biziak betetzen gaitu, ordainez. Ustekabeko mendi galduetan, bide estuetako eguerdi hura gerta zaigu zirraragarriena agian. Baita Iparreko Llandudno eta Conwy hirietako ibili gozo lasaiak, dotoretasunez inguratuak lehenengoan, antzinatasunez bigarrenean, xarmak bildurik bizi izan genuen goiza.
Agian azalegitik goaz denean, irristatuz Highland-eko goi-bailara eta mendietan ura bezala. Tarteka laku izaten ere jakin beharko genuke. Egoten. Begiratu soilik inguruari, naturari zein gizarteari, eta egon. Hori ere bidaiatzea da. Nork bere barnerantz bidaiatu gabe ezer guti ikasten da. Buru-bihotzetan ere egin behar da bidaia. Begietan soilik geratzen den bidaiak ez du errorik. (Badu bidaiak zergatik errorik bota behar berenez?). Begiez barnerako bidaiarik ez bada, begiez kanpokoak ezer guti iraunen du. Naturaren edo gizaki baten irudiak barnetik astintzen edo kilikatzen gaituen zirrara behar du gutxienez bidaiariak.
“Onan”. Aitor Arana:
Ez zait tokatu behin ere etxatoi edo denda dantzarik sumatzerik nire gaueko zerbitzugunera osteretan.
BRITANIA HANDIA 2001
G A L E S
Herrialdeak eta herriak
INGALATERRA: CUMBRIA KONDERRIA. LANKASHIRE. Lankaster.
GALES: St. Asaph, Landdudno. Colwyn Bay, Conwy. Bangor, ANGELESY IRLA, Brin celli Ddu, Llanfairpwllgwyngyll, SNOWDONIA NATURA-GUNEA, Caernarfon, Lameris, Penrhyndeudraeth, Benbich-Binbich, Ruthun,
INGALATERRA: Chester.
GALES. Porthmadog, Dolgellau, Macynlleth. CAMBRIAN mendiak, Llangurie, Tywyn, Aberdobey,
Aberystwyth, Lampeter, New Inn, Carmarthen, Llanwtyd-Wells, Tregaron.
Llangurig, Llanfair-ym Mualt, Built Wells, Brecon-Aberhonddu, Breco.
BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Bwlch, Abergaveny-feny, Raglan, Monmout-Trefynwy. Newport-Casnewwydd, Caerdydd-Cardiff.
Ekainaren 11. Astelehena.41. a-I:19
INGALATERRA 2001
CUMBRIA KONDERRIA.
Arto-saila iruditu zaigu, geroago ere izanen ditugu antzerako sail zabalak; arto erne berria dirudi, kolore tristeko sailak.
Lau isurialdeko etxea, zapala, oso zabala, harrizkoa: ez dugu antzerako eraikin motarik ikusi orain arte, leiho eta ateak soilik ditu, inolako apaindurarik gabeko austeroa,, horma leunak soilik, bitxikeria bat berdegune honetan.
Gaztelu txikitxo karratua, berriak behar duten teilatu beltzeko etxarte batean itota.
Txikiak dira ikusten ditugun herri denak, harrizko herri ilun tristeak, leiho guti eta txikiko etxeek osatuak. Baina bada herri koskorturik ere, hauek ere ilunak dira, fatxada argikoak ere kolorge itxurakoak: agian jite hori gorde nahi dute herrialde honetan, guri ilun eta tristeak iruditu arren bertako egituraketa da, bereizgarritasuna ematen dio lurraldeari.
Harrizko hesien sinfonia da lurralde osoa, berdegunea banatu eta sailkatzen, baita mendi maldan gora ere sarri, baita mendi-gailurrak eurak zeharkatuz gaztelu baten harresiak bailira: deigarriak dira osotasunean, bitxikeria, ia-ia ikuskizuna.
Dudarik ez tumulua denik: pare bat harri sendokote zut harri piloa den borobilean: trikuharriaren itxura peto-petoa du, monumentu zabala, altu samarra, borobila, norbaitek berdin jasoa ezbairik gabe.
3 tximinia ke-multzo zuritan, lainoetaraino luzatzen zaie gandor luzea: zementu fabrika da, lur-beheran du harrobia, sumendi ahoa irudi.
Hara non hemen behean ere Eskozia Goiko bailara-mendi berde indargabe naif koadrokoak, berde berdin tristeko mendi-bailara mortuak.
LANKASHIRE
Lankarter lurraldea, Jauntxo-herri kutsua dario.
Hesi berdeak nabarmentzen dira lurralde honetan ere, dotore sailkatuz lur-sail bakoitza jabegoa edo erabilpenaren arabera. Elorri-hesiak dira batzuk, ez dugu uste pago-hesirik egon daitekeenik inguru honetan. Zuhaitz nano buruzabal eta hankaluze dira zenbait hesi, zuhaizka moskote buruzapal borobil ilarak hesi betekizunean. Antzerako hesiak izanen ditugu Hegorantz, nahiz ez izan beti hain ugariak, ezta hain zainduak ere.
Sarriagoak dira mendi-muinoak.
Lankaster. Sacre Coeur Pariskoaren antza duen kupula nabarmentzen zaio arbolarte gain batean, bestaldean eliza daitekeen lau ertzak dorretxoz dotoretutako dorre karratua; errepidetik ikuspegia, errepidetik ikuspegia,ez diogu besterik ikusi ahal izan, ez bagatzaizkio joan bertara.
Gerra-helikopteroa, militarrak!!!.
Liverpool ingurua. Kilometrotan barreiatuta daude industriguneak, ez dira ohizko industriguneak, herritxoak bailitzan barreiatuta daude lantegiok etxeteria dute inguruan, lantegi eta langile-herri pilak osatutako hiri erraldoia behar du izan Liverpoolek. Ibaia ez ezik, bailara zabala bera ere oso behetik zeharkatzen duten pare bat zubi luzeeeeak, zubi inguruan barreiatzen dira lantegi eta etxeteriak. Tximinia pila altxatzen da denean.
Beldurgarria da errepide sarea ere, hiri piloa baitago inguruan, denak handiak, denak industria-gune indartsuak.
G A L E S
Ekainaren 11. Astelehena. 41.a-G:1
Ez du Ingalaterrako lurraldearekin alde handirik oraingoz. Lurralde lau-laua lehenengo, mendiak etorri dira ondoren. Itsasoa ere begiztatu dugula uste izan dugu une batez, badia sakon zabal bat zen.
Berrikuntza-lan pila dago errepideetan, baina guretzako zorionez, “diversion” gutxi. Gogoan dugu oraindik Edinburgoko “diversion” estrategikoa, erabat desbideratu eta nahastu gintuen madarikatu hura.
Badira hemen ere koadro naif bateko pintatuak diruditen mendi berde biluziak. Izan dugu ere aurrez-aurre mendi-magal zabal luze dotorea, erabat arboladi; bailara bera ere dotorea da, ingeles pelikuletakoa.
St. Asaph, magal dotore horretako herrietako bat, dorretxo luze fin zorrotza eta gaztelua ikusi ahal izan dizkiogu, deigarri urrutitik lehenengo, deigarri bertatik ere gero: txikitxoa da eliza, gotiko nanotxo xarmanta, garbi-garbia lixiban sartu berri bailego: osoki ikusita ikuskizun bikaina erakusten du; gaztelua egitura bitxikoa, mendia zaio harresi tontorretan, behean aldiz ate eta sarrera ezberdinak ditu han hemen, basoak janda dagoela dirudi, hain dago baso kontran.
Uda-herri ingurua dirudi eskualde osoak.
Colnwyn Bay, badia, Landdudno, Iparreko itsasertz zatiaren erdian.
Kanpina. Itsasgaineko kokagune atseginean, itsasoa dugu aurrean, petrolio plataforma eta guzti itsaso-marran. Dena da belardi, trinkoa ingelesek ohi dutenez moztuaren moztuz. Errepidea doakio gertu ordea gainaldetik, trenbidea aldiz behe aldetik, beraz etengabeko zarata du idilikoa dirudien esparruak: ez du horrelakorik aitatzen kanpin gidaliburuak.
651 kilometro, luzeak eta neketsuak, lurraldez aldatu gaituztenak.
Ipurtargi erraldoia dirudi gauez petrolio plataformak itsaso-marra urrutian.
Izozki eta gozoki saltzailea agertu da kotxez turuta joz, han-hemenka geldialditxoak eginez kanpin esparruan bezero bila. Itzuli bat egin ondoren, joan da.
Emakume ingeles gizen asko dago
“110. Streeteko geltokia”. Iñaki Zabaleta:
“Zahartzaroan oroitzapenetik bizi ohi baikara”. Besterik ezin dudanean, bidaia-oroitzapenoi itxura txukuna emanez azken egunak emanen ditudalakoan idazten ditut eguneroko ibilion zertzeladak, alzheimerri hesi bat jartzen eta jarriko diodala itxaropenean.
Ekainaren 12a. Asteartea. 42.a - G:2.a
“XX. Mendeko poesia kaierak. Iñigo Aranbarri.
* “Esan itxoitea ere badela bizitzea / Esan itxarotea ere badela bizitzea”. Zerbaiten itxaropenaren oihartzuna dira gure bidaiok.
* “Lurralde eder bat itsasoaz bestalde / Inoiz nahi dugunean ahal dugunean / Urrats lasaituz itzultzeko inoiz / Hil edo bizirik ostera ere gozo / Ezti jasoko gaituen lurralde ttiki bat”. Bi aste barru itzuliko gara itsasoaz bestaldeko gure lurralde ttikira. Atzerriak azaleratzen du herrimina. Nabari dugu jadanik hariztien eta herriaren taupada.
Lainotsu, ganduak biltzen du itsasoa, gaur ez da plataformarik ageri.
Ez dakit zer saltzaile den gaur goizez agertu dena, nor den denek antz emateko soinuz hotsez. Egunkaria besapean ikusi dut datorrela emakume bat bere ingurutik.
Inguru denak du opor-leku eta uda-herri usaia. Garraio-burdineria doa mendiko harrobietatik zuzen itsasertzera, ontziak zamatzeko hesolazko moilak ikus daitezke han: itsas barearekin beharko du izan zamaketak. Etxeak aldiz maldan gora doaz, etxe txiki arruntak, bata bestearen gainean, igandezale eta udatiar ugari datozen seinale.
Colwyn Bay. Alde Zaharra iragartzen dute errepidean, baina etxeteria merke arrunta da errepidetik dakusaguna: pobreen uda-gunea nonbait. Eliza-dorre zorrotzak egiten du etxeen gainetik, orratz fin goranzkoa. Etxe pila luzatzen da itsasertzean ibilbideak eskainiz.
Biguna da eskualdeko lurralde fisikoa, paisaia, baita hozberoa ere; inguru arbolatsua, atsegina, indartsua, freskoa, alaiagoak dira bertako etxeak ere.
Autobideak hartu dio lekua errepideari, inguruko hiritzarretatik igandezalea eta oportzalea erruz datorren ezaugarri.
Tentatzen gaitu ingurumari oro bisitatzea, ikuskatzea, ahalik herri gehien ezagutzea, baina esperientziak erakutsi digu ibilbideari neurria hartzen, nekerik ez pilatzen.
Llandudno. Sarreratik bertatik erakutsi digu aurpegi adeitsua, etxe dotoretxo alaiez hartu gaitu, udaleku bati datxekion etxe erakargarri argiz. Herri barrua bera etxe xarmanten erakusketa dirudi etxe-molde potxolo atseginen museoa da osoki erdigune zabala. Jite, egitura eta molde guztietako etxeak, antzinakoak, baina ez zaharrak, beste giro eta sasoi batekoak: herri osoak gorde du kutsu hori, itxura dottore, ponposoa, bainu-herria dirudi herri osoak. Etxe ikusgarri koloretsuak, baita adreiluzko bi aparteko etxe ere. Beha-leiho eta teilatuetako leihoek ematen diete bizitasuna eta erakargarritasuna fatxadei. Ingeles estiloa du herri osoak, dottore punttua erakusten du: gaur, gainera, nagusi piloa dabil herri osoan, autobusetan etorritako jubilatu eta adinekoak, ilezuriak, jantzi argi eta dottoreekin, ingelesagoa eginez herriak berez duen ingeles giroa. Kale zabalak dira, denak, zuzen elkarrekin saretuak. Paseo-herria, ibilirako herria dirudi, hain da atsegina bertatik paseatzea. Itsasoa du alde bietara, lur mutur batean baitago zaharra; kaia eta ontzien babesleku den hondartza dago alde batera eta badia bestera. Luze-luzea da badia, borobil zabal-zabala osatuz; maria beheran soilik da hondartza itsasbazterra, itsasgora denean ez zaio gainaldeko harritza besterik ageri, uharri pilatua. Badiaren ertz osoan pasealekua, izugarri zabala eta luzea, sekulako ibil-lekua. Aspertzen ez zaituen herria, orduak eta pausoak galdu ordez etortzeko herri atsegina. Gustura sentitzen zara bertan. Agian ibilgose ginen gu geu ere gaur, atzoko kotxe ibilaldiaren ondoren.
Dena da hotel, kafetegi, denda eta saletxe. Ez da kinkila-herria, dendateria zabala du, salgai oneko dendak, ez dira kinkila-dendak kinkila salgairik bada ere.
Zenbait bisitariarentzat eskaintza tentagarri aipatuko ditugu: 1. Muturrenean tontor harritsu garaia du, bertara doaz tele-aulkiak, tontorreraino airez, igotzerakoan zein gainetik bertatik ikuspegi gozagarri baten aukera eskainiz. 2. Lur muturreko mendiari itsasgainetik itzulia emateko aukera: kilometro asko dira, kotxez zein oinez egin daiteke, edo autoa aparkalekuan utzi eta tontorrerian luze ibiltzeko aukera du. 3. Tranbia: ezin izan dugu aurkitu, zaila dirudien arren ez aurkitzea. 4. 200 bat metrotik gora luze eta 6 zabal den burdinazko zutabe gainean eraikitako zurezko korridore zabala badia ertzean itsas barrura, badiaren ikuspegi zabal orokorra eskainiz: txosna dotoretxo ugariek eta gaur egun txanpon-makineria bihurtuta dagoen garai bateko kontzertu emanaldietarako guneak ematen diote bizitasuna eta berezitasuna, izugarrizko bizitasuna behar du egon bertan jendea etortzen hasten zaionean, bizi-bizi zegoen gaur bertan ere.
Tea hartzen du jendeak eguerdian mokadu batekin, pasealekuko zein kaleko eserlekuetan eserita, baita kotxe alboan bertan ere. Bakoitzak bere tea darama termoetan. Jendez mukuru daude kafetegiak.
Ume koadrilak datoz txangoan edo inkesta-ariketak egitera. Ikasle asko dabil umeokin edo ume guti ikasle bakoitzarentzat: irakasle bat 10 umerentzat. Oso irakasle gazteak dira.
Stand bat jarria du Ejertzitoak itsasgaineko ibilbidean, ejertzitoari omenezko monolito aurrean: etxola bat, kamioia eta jeepa, bertan ohizko osagaiak, panel, erakusmahai, kartel eta argazkiteria: ejertzitoaren propagandan ari dira, boluntario bila nonbait.
Lurmuturreko ertzean, tontorreriako belartzetara sarreran ardien gaitzaren aztarnak diraute, desinfekzio neurrien hondarrak, izurritea honaino heldu zen; ez da ardi bakar bat ageri.
“Gentleman. Mister” esan dit amona ingeles peto batek saltokian igogailura bidea utzi diodanean.
Menditsua da Gales-eko itsasertz hau, itsasgainean daude mendiak, herriak, aldiz, mendiarteko laugune eta zabalgunetan, zabalgune bakoitza da herri baten kokagune. Luzeak eta zabalak dira hondartzak, argigune biziak, urre kolorezko zinta, marra argiak itsasertzean. Gaur ez da argi nabarmentzen kostaldea, gandu baitago ingurua, itxura ederragoa eskaini behar du egun eguzkitsu argiz, iluntxo dager gaur.
Conwy. Itsasadarrean kokatua, belaontzi eta motora pila datza egon geldian uretan. Zirrara sartzen du lehen begiradatik: badia ertzean, aproposeko lekuan, itsasoak babestuta alde batetik eta kalediak bestetik, izugarrizko gaztelutzarra herriko ertzean, nano uzten zaituen gaztelutzar ikaragarria, zabala ez ezik garaia, eta garaia ez ezik gotorra. Herri osoa da gaztelu, harresi garai sendoak inguratzen du herria, kale oro bukatzen da harresiko ateren batean, gotor ederra da zenbait ate, harresietan, han-hemenka, hainbat dorre gotor barreiatzen da. Herri xarmanta, eraikin apartak ditu batzuk, xume erakargarriak besteak, potxolo liluragarriak asko, bitxi bereziak hainbat.
Udaletxeko bilera aretoa: sabai ederra, alkate izandakoen argazkien erakustoki diren hormak, alkatearen eserlekua guztiaren gainetik... Jarleku landu sendoa eta edalontziteria aparta alboko gelan erakusgai: tokatzen zitzaiena izanen zen edaria ere ezbairik gabe. Abercnwy: horma bitxi eta zurezko fatxada irten ezohiko eraikin bitxia. Plas Mawr: sekulako XV. gizaldiko etxe bitxia hau ere, handia izateaz gain balkoi-korritu, patio eta hainbat osagai bakanekin. Bretainia Handiko etxerik nanoena: han dago portuan, txikia, baxua eta estua, gorriz pintatuta, bera ere beste bat gehiago harresi eta etxe ilaran, baina erabat nanoa. Zutabea: mehea, errege koloretsu bizi argia jarri dute lehoiaren ordez armarria eusteko. Harresi-zubia: zubi kurbatua bihurtzen da harresia ibai gainean, kurbatua ez ezik gotortua ere, luze eta garai ibai gainean. Eliza: bitxia da elizpe edo sarrera bera: zurezko egitura deigarria. Hiru nabe arku punta-luzek eutsita, arkuen haserako junturak buru zizelatuz dotoretuak daude, espresio handiko buru handiz; baina, bataio-harria da elizako altxorra, urteek leundu, higatu, duten XV. gizaldiko bi estaiko ontzi tailatu ederra; bigarren altxorra, aldiz, korua da: askok ikusi ere egiten ez dituzten irudi tailatu ederrek dotoretzen dute sarrera, aulkiteria sendotasunagatik da deigarria, antzinako jitea, arkaiko itxura du, ohol zabal sendokoak dira aulkiok, ez dute filigranarik baina taila fineko forma finez dotoretuak daude: erabat ezberdina da, iruditxo eta ñabardurarik gabe, bitxikeriarik gabe, baina ederra eta sendoa. Bada ere jauntxoren baten irudia, bera bakarrik dago, alarguna nonbait, hiru semerekin, belauniko otoitzean harrian zizelatua.
Jaieguna dirudi gaur herrian, asteguna den arren: kotxe pila, jendea erruz, asteburua edo opor aroa dirudi.
Galeseraz daude herriko kale-iragarki denak.
Nongoak garen ba, udal aretoko zaindariak: “Gu bezala herri bat beste herri baten barruan sartuak”, esan digu. Ezagutzen gaitu.
Euskaraz idatzi dugu ohi dugunez gure nongoa eta gure eraikinari buruzko iritzia Udaletxeko aretoko koadernoan: begiluze eta jakin-min idatzitakoari begira geratu dira gure ondorengoak.
“Diversion” bat izan dugu kale artean. Luzatu egin behar izan dugu kale arteko ibilia, oinezkoa izan da lehen ibilia, kotxez oraingoa.
61 kilometro, oinezko ibili atseginak ahalbideratu dizkigutenak.
Txakurrik ez duena ez da inor kanpin honetan. Ez zen txakurrik Ingalaterrako lehen egunetan, ugarituz joan ziren txakurrok Eskozian, Galesen aldiz bakoitzak du bere txakurra. Irrigarriak ere badira gizontzarrok txakurtxoa lagun alboan ikustea.
Erabat lekuz kanpo darrait, nahastuta: hegoan genuen hasieran itsasoa, berehala sortaldean, Eskozian aldiz orain genuen Ekian, orain Iparrean, orain Mendebalean, itsasoa ez zait orientabide fixoa. Are gehiago zailtzen zitzaidan orientazioa itsasadarretan, hainbeste ur-bazter inguratze eta sigi-sagarekin. Eguzkirik ezak areagotu besterik ez zidan egiten nahasmena. Eta hala jarraitzen dut, erabat galduta lurraren nondik norakoaz. Ia sekula ez dakit ze aldetara goazen edo norantz nagoen.
“110. Street-eko geltokia”. Iñaki Zabaleta.
“Metroko labirintoan dabiltza beti bide onetik Joseba eta Angie”. Lanak ditugu Ingalaterrako errepide-labirintoan, zuzenetik hartzen bidegurutzetako borobiletan.
Ekainaren 13a. Asteazkena. 43.a – G:3.a
“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:
* “Horrela da, nire aberriak zailak ditu koordenadak”. Zailak: atzo deitu genuen etxera.
* “Harrien lauhazka entzuten baduzu”. Entzuten dugu.
* “Denok dugu etxe bat iluntzean noiz helduko itxaroten gaituena”. Dugu, bai. Etxea eta herria. Herria ez dago gu itxaroten, herriaren arnas hotsaren azken oihartzuna besterik ez gara, baina guk jakin badakigu han dugula gure herria. Oso herrimin gaude jadanik, bai lurrez, bai egitarauz, hurrago baitugu gure herri hori.
* “Itzarpean ontzi-irauli handi bat da gaua”. Sarri izan dut gauez lurra ontzi irauli bat dela sentipena. Poztu nau esaldiak, irudia eman dio nuen sentipenari.
Mika izan da kanpin honetan ikusten dudan lehen hegazti edo txoria, zakarrontzien usainera hain zuzen. Belar-sail honek ere artifiziala dirudi, belartza kimikoa da nonbait, hila.
Gentleman eta dandy zenbaitek zikina uzten diote harraska atzetik datorrenari.
Egun argiz ikusi dut gaur ilargia, ilbeheran. Jabetu ere egin gabe joan zait ilbetea hil honetan, Eskoziako lainopean gorde baitzait ilargia gauero.
Biluztu egiten da zuhaitzez itsasertza mendebalderantz, txilarrek eta belarrezko mendi mortuak nagusitzen dira. Harrobi batek oso-osorik jan dio itsasgaineko tontorra mendiari, tontorraren hegi-hegian jarri dute harrobiko tresneria erraldoia, lotsagabeki, ingurua itsusituz. Mendiko tontor biak daude harrobi bihurtuta, harri eroriek hartu dute malda osoa.
Bangor. Badia zabal-luze baten buruan kokatua, hondartza horia da eremu osoa itsasbeheran. Gaztelu izugarri luze zabal, garaia, handia, agertzen da erraldoi urrutitik gaur hondartza den badia gainean; jauregia da, gaztelu itxura duen arren; leiho asko, ugariak dorretxoak ere, babeserako baino dotoretzeko jarriak. Portua: urik gabe gaur, lokaztia da morru inguru oro, lokatzan etzanik daude bai ontzi ugariak, bai belaontzi handi samarrak. Herri honek gutxienez hankak luzatzeko aukera emanen zigula uste genuen, baina unibertsitateari argazki bat aterata alde egin behar izan dugu. Bi kaledik osatzen du herria bi herri bailitzan: berriena behean dago, zaharrena goian. Zer aitatu gutxi eskaini digu herri honek, aitatzekotan unibertsitatea aitatu behar, goialdean kokaturiko harrizko eraikin bikaina, non deigarria gertatzen den areto nagusia behar duen leihoteria zabal ederreko hegal bat.
ANGLESSEY IRLA
Sarrera deigarria du, aurpegi atsegina erakusten: zuhaiztiak parez-pare ur-ebakiduraren bestaldean, etxetxoak zuhaitz artean gordeta. Lur-zati biak banatuz itsas gune estua, oso meharra maria beheran. Gainetik bi zubi, Menai zubia aukeratu dugu guk haranzkorako eta Britania zubia honanzkorako: biak dira zubi ederrak, zintzilikatuen jitea du Menai zubiak, 304 metroko luzera du eta 37 metroko altuera, bi norabide esturi ematen dio lekua eta kableei eusteko zutabeak ditu albo bietan. Hirugarren zubia du autobideak.
Lurralde berdea eta laua da irla, digantea dirudi lautadako edonondik ikusgai den irlako altuera nagusiena duen tontor konikoak, irlako Everest bilakatzen du ordeka zabalean 220 metroko garaierak. Larrea da nagusi, ia mortu dago, artalde guti batzuk ematen diote itxura larre-berdeguneari, izurritea heldu baitzen honaino ere; hertsiak daude hainbat granja, oinezkoentzako debekua han-hemen ibilbide eta bidexketako sarreretan; banakak dira zaldiak. Sastraka eta harri hesiek banatzen dituzte jabego edo sail ezberdinak: hesi berde dotoreak bilakatu dituzte mota guztietako zuhaizka inausiak, ingeles taxu petoa hartzen du lurralde osoak: berdegunea, hesi berdeak, eta ikuspegiaren ondorioz urrutitik ia baso diruditen zuhaitz bakanak.
Txiki ilunak dira herriak, xumeak, apalak, lurretik bizi direnak, kolore berdin-berdinekoak denak. Hondatuak edo utziak daude antzinako etxe gehienak: txikiak dira, harrizkoak; etxeok adierazten dute gogorra zela hemen bizimodua; badira gerorago jasotako etxeak, harrizko grisak, txukunagoak, horma zarpeatutakoak: horietan bai bizi da jendea. Etxe zapalak dira nahiz lehen solairua eduki; bada fatxada zuririk, kolore gorrixka-grisaxka ilunez pintatuta daude gehienak, eskualdeko kolore ezaungarriz nonbait.
Eliza bakarra ikusi dugu, harri gorrixkako sendoa, bere leiho gotikoekin; dorretxea dirudien dorre karratua du.
Une labur batzuetan soilik ikusi ahal izan dugu itsasoa bere ingurutik badoa ere errepidea.
Gurutze eskoziarra aurkitu dugu herri batean, hemengoa ere bada nonbait, agian izanen du guk antz ematen ez diogun ezberdintasunen bat.
Bada aspaldiko txabolarik, nano-nanoak tamainaz, harrizko xarmantak begiratzeko.
Berdegunez berdegune, ibilbide atsegina daramagu, polita eta erakargarria. Harrizko hesien artean doa errepidea uneoro, efektu bitxia sortarazten du begientzat, pasagune estu batera bultzatuak lez baikindoaz: animaliak bidera atera ez daitezen eginiko hesiak izanen dira.
Patata-sail handi samarra: bidaia osoan ikusi dugun bigarrena.
Gerra hegazkina eta gerra helikopteroa izan ditugu gain-gainean uneoro: aireportu militarra omen irlan eta goi dena hartu dute nonbait eremu militar: Bretainia Handia, gerrarako beti prest dagoen herria.
Bryn Celli Ddu: Bere hartan iraun duen trikuharria omen da, baina horma batez itxi dute izurritearen ondorioz bertara ibilbideko pasabidea.
“Araf - Slow”: galeseraz idatzia dago edonon ingelesarekin batera, poliki joateko aholkua errepideko zoruan, mantso joateko agindua. Bi hizkuntzetan idatzita dago herri izen oro, ohar eta argibide denak ere.
Llanfairpwllgwyngyll. 59 hizki ditu herri izenak galeseraz, esanahia ere luzea da, eliza baten kokaguneari buruzkoa.
Gaztelua eta zutabe garai bat.
Britania zubitik itzuli gara irla nagusira; burdinazko zubia da, Faraoien monumentua dirudite harrizko arkutzarrek. Menai zubia bera ere eder dager Britainiatik.
SNOWDONIA NATURA-GUNEA
Caernarfon. Maria behean hareatza zabal-zabala den badia baten altzoan kokatutako herria. Eliza gerta zaigu deigarri, teilatu piko-pikoa eta absideko leiho obalatu zabal eta konoa dirudien piramide hexagonala den eliza-dorre harrizko zorrotz luzeagatik. Bada gaztelua, urrutitik ederra.
Llameris. Mendi barren-barrenean kokatua, bisitaria erakartzeko eskaintza anitza du, eskaintza oro mendiari lotua, mendira egun-pasa etorri nahi duenak badu hemen nora. Mendiaz gain bada leku egoki bat, mendira igotzeko trena, lakuan ibiltzeko txanelak, jolaslekuak, aparkaleku zabalak, lau horma-hondakin besterik ez den arren tontortxoan xarmant ageri den gaztelua...: udaleku petoa, igandezaleen helburua, gaur bertan ere bisitari pila hurreratu zaio, hainbat eta hainbat, kotxez zein autobusez.
Izurritea: kontuz ibiltzeko aholkua, debekurik gabe.
Hemendik gora hasten da ikuskizuna, errepideak aldaz gora eta behera eginaz zeharkatzen ditu mendiok. Snowdon da tontor nagusia, 1085 metroko goiera du. Arbela da mendietako bat, Llameris gainean, harrobia behar du izan mailaz-maila, maila erraldoietan, ebakitako mendiak, bertatik aterea izan behar du Bretainia Handiko teilatu oroko arbela; arbel uholdea dator gainbehera maldan zehar. Harkaitz uholdeak dirau aldats gorako mendiarte malkorretako maldetan, harri eroriak estaltzen du magal oro, ikuskizun izugarria. Harkaitz-menditzarrak gain-gainean ditugula egiten dugu gorantz, harrizko hormek egiten dute errepide alboko hesia, errepidea erabat mugatzen dute, luzea eta estua bihurtuz alboetan toles pilatutako harri-hormek. Andia mendiko kareharrizko hesiak gogarazten digute, larreko animaliak errepidera atera ez daitezen jasoak; harri uholdeen arriskua du hemen errepideak.
Harriz inguratuta egin dugu hegirainokoa, berdea da bestaldeko eremua. Ikuspegi zabala da aldats gainetik dakusagun paisaia, indarra du bere mortu eta biluztasunean. Erruz dabil jendea, aparkalekuetan geldialditxoa egiten dugu, paisaiaz tarte batez gozatu, argazkia atera eta bagoaz. Bada mendikara egitera joandako jendea ere, harri artean maldaz gora ikusten ditugu taldetxoak.
Behera ekin diogu honenbestez, haltzadia da alde honetan mendi magala, malda bustia baita. Behean laku eder bat. Gazte taldea dabil kanoetan, denda-kanpamendua du alboan. Inguru idilikoa.
Erabat aldatu zaigu ingurua hortik aurrera. Dena izan da ezberdina, erakargarria; harrizko herri apartak, ilunak, herritxoak zein herri koskortuak, herri bakoitza zen ezustea, herri bakoitzak zekarkigun osagai atsegin berriren bat, bitxikeria gehigarriren bat: kolore ezberdinetako harriak, zain ezberdineko koloretsuz egiten dituzten harrizko etxeak, zuriz pintatutako leiho eta ate bueltak, beha-leihoak. Badira etxe ederrak, etxe moinonoak...
Mendi-zuloz mendi-zulo, alboan beti errekatxoa dugula, zubi xarmantak zeharkatuz, lore lilez loratutako mendi-malda barren eta erreka albotik, etxe xarmantek alegeratzen dizkigutela tarteka begiak... herriz-herri, erreka-zuloz erreka-zulo, errekaz-erreka, bidegurutzez-bidegurutze... barnea betetzen digun ibilbide paregabea gin dugu etxerakoan.
Jota du baina eskualde hau ere izurriteak.
Noizbehinka bi zaldiko zitroen famatua dugu errepidekide: teknika berriaren izurriteak ez du oraindik menderatu eta ezabatu.
Penrhyndeudraeth: herri hau ere ez da motz gelditu izena aukeratzerakoan. Herri koskortua. Badiako hondartza luzea da maria beheran, itsasoari erabat bizkar bizi da. Herri barruan bertan %17ko gainbehera du kaleak.
Kedar edo Tximinia garbitzailea: ipuinetako pertsonaia bat bailitzan, etxe batetik atera da, beltz, ahoan iragazkia daramala: tximiniatxoa eta erratz beltz zabala daramatza kotxe gainean bere lanbidearen ezaugarri.
Bestaldetik daramagu orain goizean ikusi dugun natura-gune eta menditeria, arbel harria dator uholdean goirik behera, arbel-mendiak harrobi bihurtuta... goizeko aldea bezain eder, nahiz ez hain ikuskizun.
Mendi-mendiko harrizko herritxoak ditugu orain bidean, Pirinioetako herrien antz handia dute, bere ukitu berezi propio du harrizkoak izateak. Etxe berriak ere harrizkoak dira, izan behar hainbeste harri dago-eta inguruan, joan eta behar den tamaina eta formakoak hartu eta ekarri, ez da besterik egin behar. Hain grisak arren, herri alaiak dira.
Zerua bera ere grisa dago, belartzak ere grisaxkak dirudite, dena da grisa gaur.
Azken zatian baso-basoko ibilbide gozagarria izan dugu, ondoren goi-bailara berde biluzia, mortua, baina era berean dotorea, bukatzeko beheko bailara berde ederra, ingeles paisaia bere zuhaitz, hesi heze, etxetxo eta gainerako osagaiekin, ardiak eurak ere ugariak izan dira, ingurua edertzeko apropos jarriak lez.
244 kilometro, Englesey irlan eta Snowdonia natura-guneko zoragarriak.
“110. Street-eko Geltokia”. Iñaki Zabaleta:
“Bi arrotz ziren, arrotzak bezala bereizi ziren”. Arrotzak gara elkarrentzat denok kanpinean lehen egunean, arrotz bezala ematen diogu elkarri diosala, egun gutxira baina ez gara hain arrotz.
GALES: CAMBRIAN mendiak, Aberystwyth, BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Monmout-Trefynwy, Caerdydd-Cardiff.
Ekainaren 14a. Osteguna. 44.a - G:4.a
“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.
* “Hizkera arazoak”. Idazkera arazoak ere baditut nik.
* “Ez dut adierazi gogo dudana esateko gaitasunik ukan, / ... Oso herrendun naiz mintzoz / Hautatu izan ditudan berbek ez dute kreole ilun bat baino erakutsi”. Hori gertatzen zait nire bidaietako gogorapen eta oroitzapenekin.
* “Iraganean bizi gara, iraganago orain”. Iraganeko gauzei lotzen gatzaie sarriegi bidaietan, artea, monumentuak ... baina horri esker bizi dugu guk gaurkoa. Iragana ikusteak gaurkotasuna gauzatzen du. Han izan ginen, baina hemen gaude.
Hori luzea da itsasertza;, aldiz, harritza da hondar gainaldeko zatia. Ez da hondartzarik egonen itsasgoran, harritza izanen da hondartza ordez.
Lur barrura egin dugu, Ingalaterrakoaren itxura eta egitura bera du lurraldeak, paisaia leuna, biguna, dottoretasun punttua dariola. Dena da zelaia, dena larrea, baina oso animalia guti dago larrean, izurriteak jo zuen nonbait lurralde hau ere. Hori daude zelai asko belarra ebaki ondoren.
Eskoziar gurutzea da guretzat, galestarra izanen den arren, ez diegu oraindik desberdintasunik aurkitzen gurutze biei.
Benbigh ezabatu egin dute ingeles herri izena, galeserazko Binbych utzi dute soilik letreroan: bada hemen EHE-GHG talderen bat. Ingurubidetik bidali gaituzte, ezin izan dugu ikusi ez harresirik, ez gaztelurik, ez elizarik.
Herritxo alaiak dira, kolorez zein etxe egituraz. Etxe argiak eta alaiak, aurreko egunetakoek baino apaindura gehiago dute. Tximinia pila teilatuetan, gela bakoitzko bat gutxienez.
Gotiko tankerako leihoburuko leiho zabalak dituzte eliza gehienek absidean ez ezik alboetan ere: argitsuak behar dute elizok, hala izan dira barrutik ikusi ahal izan ditugun eliza gehienak.
Ur-errota iragartzen dute ikusgai erreka bazterrean. Atzo ere izan genuen beste bat.
Ruthun. Merkatu-herri historikotzat iragartzen dute errepidean, “muy pintoresco” dio gidaliburuak. Erakargarria da, lorategiz inguratutako etxe dotore pila erreskadan sarreran, kaledi potxolo-potxoloa, zura agirian duten etxetxoak, etxetxo txikiak, beltzez pintatutako leiho eta kontraleihoak. Baina gehiago da autotik ikusteko herria, erdi-erditik baitoakio errepidea, oso espaloi estuak baititu: ez dugu erosotasunik ibiltzeko oinezkook.
Gehienean lur-sailen ertzetan dauden arren zuhaitzak, zuhaitz sendo ederrik ikusi ahal da zelai erdian han-hemenka, dotore.
Zuhaitz mota guztiez eginak daude hesiak, argi dago txikitatik inausten dituztela eta horma trinko bihurtzen. Tarteka zuhaitz mota ezberdinak daude nahastuta hesi berean, elkarri trinko lotuta.
Mendi-kasko bat zeharkatu dugu, baso-baso baten erditik, errepideak erabat zokoratu egin du erreka zementuzko horma baten bidez, erabat jan dio bere lekua, ibilbidea bazterrera botaz.
Bidezainak berbetan daude gehienetan, bat dago lanean gehienez, hiru bat hizketan berari begira. Txandaka egiten dutela lan dirudi.
Eguzkitsu argitu duen arren, lainotu egin zaigu gaur ere. Nolanahi E skoziakoa baino epelagoa da lurralde hau. Askoz epelagoa.
INGALATERRA
Chester. Handikien herria, ikuspegi zabalarekin egindakoa: kale zabalak, lau kale elkar gurutzatuz erdigunean, etxe ederrak... ez da herri zaila. Aberatsen kalea da erdigunea. Ez da eraikuntza modernorik. Kale zabalak ditu, agian ez da kale estuko hiri bildu goxoa York edo Kanterbury bezalakoa, ez da goxoa, ez da moinonoa, ez da eztia. Baina bai harrigarria: zauskada eragiten dizu. Harriduraz egiten duzu kale-artekoa, goxotasunez baino. Erruz dabilkio jendea, turismo gune bisitatuenetarikoa baita.
Bi gauza nabarmendu behar ditugu, biak erakargarriak: harresiak eta zura ageriko etxeak:
Harresiak. Harresion ibilbidea da hiriko turismo-eskaintzetariko bat, tentagarria, ezki eta bestelako zuhaitz ederren babesean sarri, ibilbide osoa egiteak damutzen ez zaituena. Erabat inguratzen dute hiria, oinez egiteko prestatuta daude, 2 mila, 3 kilometro pasako, ibilbide aparta. Agian deserosoa behar du izan ibiltari asko dabilenean, batez ere norabide ezberdinean badabiltza. Ikuspegi atsegin ezberdinak dituzu ibilbide osoan, ez duzu aspertzeko arriskurik: paisaia zabalak; ateak: berriki egindako ateak dira, ez dira batere erakargarriak, kaleari irtenbidea emanezko ate-zubiak besterik ez; erromatarren hondakinak; ontzitxo, txanel, ahate eta zisneek dotoretzen duten ibaia presagainean; presapean aldiz sartzen zaion itsasadarren baten maria aldaketek badute eragina; zazpi begiko antzinako zubi ederra; gaztelua; beste zubi bat; hipodromoa: bere zabalera guztian ikusi ahal da goitikako ikuspegitik, zirraragarria berdegune zainduan zur zuriko pista erraldoia; neskentzako adreiluzko ikastetxe ederra harresi alboan, azpialdean, aldiz, belar eremu zabala jolastu edo egoteko; denbora-pasarako lorategia non jendea dagoen irakurtzen; tren-zubia: ugariak dira trenok, kolore ezberdineko trenak; herriko kaleak eta kaleko ibilian miretsi ahal diren etxeak kale gaineko zubitik aurrez- aurre; katedrala gorrizka eta handia, baita ederra ere; ubidea, ontzi eta guztikoa, baina ur zikinekoa, esklusez gordetzen diote ur-maila.
Katamixarrak egin du alderik alde zubiko horma gainean, azkenik bestaldeko zuhaitz batera jauzi egiteko.
Etxeak, zura agerikoak: harrigarria, esplika ezina, hiri xarmant liluragarria. Uholdean bezala datoz etxeok ibiltariarengana, bata bestearen ondoren, etengabeko jarraian, edozein kaletan. Badirudi nork etxe ederragoa lehia egon zela. Zein baino zein. Beltzez pintatutako zura horma zurian, kontraste deigarria sortuz. Zur tailatua dager sarri, gizairudi bikainak erakutsiz. Forma eta egitura, jite eta molde, tamaina eta apaindura ezberdineko eraikinak. Etxe arkupedunak, balkoi-korritu zabalekoak... Gehiegizkoa. Ezustez ezuste, zoaz kale artean. Gainditu egiten zaitu azkenerako, ase, bete. Herri osoa da kapritxo bat. Ipuinetako herria, ipuin liburuetan ikusi ohi dugun herri horietako bat. Kale nagusiak utzi eta alboratzen bazara ere edonon aurkituko duzu etxe zurezkoen bat. Edozein ibilbidetan, “aski” esaten duzun arte.
Badira adreiluzko eraikin apartak, edonon dir-dir eginen luketenak, hemen ordea bigarren mailako direnak. Udaletxea ere ederra da, harrizko gotikoa. Katedrala: sendoa eta gorria, nolabait ederra, baina apartekotasunik gabekoa. S. Pedro eliza: denda eta kafetegia da, baina aldi berean eliza ere. Edo alderantziz. Elizkizunetatik at kafetegi eta denda da, erdiko nabea da elizkizunetarako gunea. Han dago bezeroa kafea hartuz, elizkizun orduetan gortinak zabalduz estaltzen dira salmahai eta aulkiteria. Kafea hartu dezakezu aldarera begira, zurezko sabaiak gozatuz... hartzen duzun mahaiaren arabera.
Bada bestelako zer aurkitu eta begiraturik, baina nahiko izan zaigu goiz baterako harresi eta eraikinokin.
147 kilometro, paisaia ederretatik hiri harrigarrira.
Euria izan dugu arratsaldez, eta eguneroko gerra-hegazkina bisitan.
“Onan”. Aitor Arana.
Izan ohi dira tarteka gizakume bikoteak kanpinetan. Homosexualak ala lagunak?.
BIZINAHIA
51
Egonekoan
Gaixoak badaki
zer nahi duen,
baina hor dago
ez nahi bezain ondo
etzanda geldi
hobetu nahian
nahia amets kabi
52
Sano
Sano bizi nahiz
urduri sanoan
sano bizi nahian
53
Barealdia
Gaitzagatik, gogoetengatik,
gero zer zalantzengatik agian,
gelditu egiten da bizitza hemen.
Maria gora, maria behera
olatu handiak, itsas kirrua
gutxitan dugu itsas barea.
Beti igerian
ito kezkaz
geroan soa
54
Adina
Ahots goran hitz egiten digute,
diminutiboz txikientzat lexikoz
umeak edo gorrak baikinan.
Zahartzaroa
???
umezaroa
55
Gozagaitzak
Gozatu baretu nahi onenarekin
urduritasuna kutsatu ohi gaitu
inguratzen gaituen satelite orok
gozoa da eztia
likatsua ere
56
Erien planeta
Zeure gelan, zeurekin bakarrik,
zutaz ahaztu ote diren ere,
etorriko dira berriro, dakizu,
biraka dabilen erien planeta,
hori baita bizi garen etxe hau
Planeta eta izarrak
etenezin lotuak
57
Egon geldian
Metro karratu gutxiko
egonaren egon geldian
oso urrutian nabil beti
bizi nahiari jarraiki.
Egon geldian
nonbaitera beti
58
Bakteria
Jada etxean
egon lasaian
bakteria batek
harrapa ninduen,
berak jo ordez
ia neuk
jo nuen erreka.
Ez ala bai
gurutz ala pil
zirt edo zart
leon edo kastillo
erabaki beharra
beste behin.
Sendagai jarioa
etetea hauta nuen.
Bizi naiz.
59
Laborategia
Ondorioa besterik ez da
medizina zientzia,
esperimentazioa soilik
zuzeneko osasungintza.
Ekinaz ikasi
ikasitakoaz ekin
60
Ni neu
Ez naiz idazlea,
are gutxiago poeta,
letrez jostari
gaixo bizi-mina
besterik ez
BIZINAHIA
41
Otorrinoa
Bidegurutzea beti da ezbai
nire eztarriko bi bideok lez,
otorrinoa etsiaraziz
biriketara tematu da tutua
urdailera behar zuenaren ordez,
elikatu ezinik geratu naiz.
Adituak, ezjakinok bezala, tarteka
huts egiten dute bidegurutzetan.
42
Garagartzako erlojua
Denbora joanaren testigu dut
Garagartzako eliza-dorreko
erlojuaren oihartzun leuna
ordu eta ordu-erdiro zintzo.
Garagartzako ordu iragarlea
gau luzeetako bidelaguna.
43
Neu
Datoz eta doaz
batek zimiko
besteak galde
hor galtzen dira
hurrengora arte
Gaitzak eta zenbakiez
markatutako bakteria
naizen sentipena dut.
Historial bat naiz
ordenagailuko datua
44
Bezero
Ospitaleko bezerotza
latz ordaintzen den
beharrezko morrontza
bezeroa
gehienetan
menpe
45
Sinonimoak
Astiro,
pazientziaren
sinonimoa da
aterpe honetan.
paz : bakea
ciencia : osasuna
pazientzia
46
Ahalak eta ezinak
Harritu egiten naute
nire baitan dauden
zenbait ahal eta ezinek,
poztu eta zalantzatu ere
zenbatek eta zenbaitek.
Ahala eta ezina
elkarren ifrentzu
47
Pazientea
Pazientzia zeurekin
antsia baretzeko,
pazientzia guztiekin
ezina ez kutsatzeko,
pazientzia edonola
denbora ez luzarazteko.
Nonbaiteko gozokiak
dira “pazientziak”
umetako oroimenetan
48
Bakar
Orbitako guzti hauen
zurrunbilo etenik gabean
bakardadea bizi dut
bakarrik ez arren.
Milioika kilometrotara
dago gaueko izar bakoitza
zeru berekoak denak.
49
Denbora
Ezer gutxirako balio du hemen erlojuak
orduak aspergarriagoak egiteko gehienez
ezberdin neurtzen da kanpoko joana
sabaira begira marinela izarrei lez
egun eta gau ezinbestekoez harago
osagilea, janaria, nor erizain, bisitak
dira denboraren erreferentzia guretzat
Orduak bizkortzea da desio biziena
baina bere denbora behar du denborak.
50
Geroari so
Nahiari, bizitzari
ateak ireki
ez da beste aukerarik
BIZINAHIA
31
Ia noiz
Egun osoa darraigu kezkati
hobekuntza noiz egarri
espero kezkatu lasaian jarraiki
ia noiz izango egunsenti
osasuntsu kalean ote laster
bizi-egarri urduria amets
32
Ezina
Erbestean indarge
inongo inontasunik pe
inongabeenean inorgabe
gaitz zital askaezina zait kate
zahardade luzean herabe
33
Noiz alde
Biziberritzea irriz
esparru korapilatsura
giza-sare nahasi horretara
egin nahi nuke lasterren jauzi
bizitzaren bestalde
erkina da hemengoa
34
Naiz
Lekutan nago
nengoen lekutik
lekutara heldu naiz
ohi nituen bizipozetatik
uste baino erabat urrunago
kontraesana irudi
hor egonen naiz
bizipozaren ilinti
itxaropen barea zait
nago, beraz naiz
35
Orduak
Egonean uneoro, esperoan,
pasilloko pausoen atezuan,
inoren plangintzan txertatua.
Inork jarritako gorabeheren sekuentzia
besterik ez da gure orratzen zirkulua.
denboraren neurri ezberdina
36
Ote
Tamainaz haragokoa,
ustekabe desordukoa,
astindu desorekatua,
nola izango aurrerakoa,
gure galderen gakoa.
ustea ala ametsa ote
onik aterako galdez.
37
Egonekoa
Egona da hemengo
zeregin bakarra,
itxarotea, alegia,
luzeak, astunak,
hemengo orduak.
Bizinahia,
ordu asperreko
helduleku bakarra.
38
Izar bat
Oinazeak oinaze
hau ez da gau beltz
izar bat dago ñir-ñir
etxera baimena noiz
Venus
goiztiri-arrastiko izar
Sirio
gau izartsuetan inar
“bihar itxaropen bihar”
aspaldiko abesti-deiadar
39
Ezbaia
egia eta gezurra
beldurra eta poza
galtzaile zalantza
gailenaren fedea
larru azalenean
barne pleguetan
bizi-minez uneoro
daramazun borroka
bai ez ote
40
Bor-bor
Gela honetan gorde naute
neurriko pauso mugatuetan
desioetan deseatuena den
kanpora bidea tenk asmoan
Nituen gauzak falta zaizkit,
etxekoak, ferekak, musuak,
kalea, lagunak, gutiziak,
zartada eta zangotrabak.
Sentipenak jolas
tarteka jori
hurrengo narras
BIZINAHIA
21
Arruta turistikoa
Hortik zehar eraman naute,
kantoiz kantoi, gora eta behera,
pazienteak ateen ostean,
pazienteak pasilloetan,
pazienteak kontsulta noiz,
ospitaleko arruta turistikoa
Gaitzak edo minak elkartu gaitu,
bakoitzak, baina, bere oskolean diraugu,
gaixo ni gaixoen artean,
bakarra bainintz.
Filmeko pasillo luzeak gogoan,
hau ez da, baina, Marienbat,
ospitaleko labirintua baizik.
22
Aukerak
Sabaira begira
ekidinezina da
hausnarketa isil
barnerakoia.
Orduak leuntzeko
alferrik ez larritzeko
sufrimendua arintzeko
aukera bat da
idatzi-irakurketa
bestelakorik ezean.
Galduta legoke hemen
egona besterik ez duena
23
Zurtzak
Beraien burutapen,
bizien eta nahiez,
ari dira laguntzaileak
gure beharretan aritzean,
beraiengandik urrun
sentiarazten gaituzte
urrun baileude gugandik
urrun gu beraiengandik
beraien eskuetan zurtz
24
Dator doa
Osin sakon ilunak
dira gure begiak
minaren urduriaren
edo kezken zingiretan
sendagilea, erizaina
dator
hitz bat, ukitu bat, botika bat
doa
gu, berriz, hemen gatibu,
kezken kaleetan galduta,
ihes bidezidor bat amets,
hurrengo sartuko denak
bizitza printzarik ba ote
25
Garrasi isila
Familia, lagunartea, herria,
kanpora eta lehengora noiz,
hemengo jolasa eta solasa
barneko garrasi isila
ez baita sekula estaltzen
kanpoko bizipoz deia
han baita biziaren gurpila
26
Balioak
Ezer gutxi balio du hemen
eder izateak ez ezik
eder zarela jakiteak,
osasuntsuago zaudela
hori da pozten zaituena,
tartekako bizipoz bakarra.
27
Bizi
Biziki bizi
gizakion ahalegina
bizitzea baita
jaio ordaina
osasunez bizi
hori da hemen
amesten duguna
28
Zauriak
Zauri bat da gaixotasuna
bihotzeko zauria batez ere,
zauriok eztitzen gozatzen
hor dabiltza ahaleginean
zein adeitsuago denak
nola harri ertzak leundu
harrobi humano honetan.
29
Lasterketa bailitz
Bere erritmo propio du
egoera honek, etxe honek,
lasterketa bat bezala da
egonean bazaude ere.
Indarrak eta arnasa ezagutu eta zaindu
zer galdu asko duzu, zer irabazi ere,
barnea da duzun adore nagusia,
zeure buruari erakutsi behar diozuna,
zeuretzat lan egin zeure samari eusteko,
helmugara iristea da azken xedea,
osasuna berreskuratzea alegia.
Tarteka txanpa, edo aldats erpina,
lautadako egon barea gehienetan
beti osasun egarriari eutsiz.
Helmuga kanpoan dagoela jakitun
30
Arnasa
Inork ez du uste hemen
jai duenik geroarekin
indarren berritzea da hemen
utopia antzuaz harago
esperantza sendo eusgarria
behiala izandako bizipenak
bidezidorren oroimena
iragana birbizitzeko bihozmina
geroa izanen den jai ederra
hori da hemengo arnasa.
BIZINAHIA
11
Preso
Gelak ez du sarrailarik
ez zara izanen iheslari
ez da inon atezainik
gaitza da zure kartzelari
12
Menderaezina
Kendu zioten mina
leundu gaitza
goxatu egona
herio etorri zen
ezin izan zuten uxa.
13
Zerualde hau
jainkoa, deabrua, patua
sateliteak bezala inguruan
hemen dabilzkigu orbitan
zerualde humano honetan.
14
Bizinahia
Zelofan kolore ezberdinez
biltzen dugu nahigabea
esperantza izpi pizgarriz
oinaze guztien azpitik
bizinahi ororen gainetik
15
Biluzik
Alboan duzu kutuna
hor sendabideko tropela
hurko duzu eri-kidea
baina zeurea da gaitza
zeure-zeurea
zeure bakardade biluzian
zuk soilik kudeatzekoa
transferiezina baita.
16
Zu zeu
Lagunek gauzatzen dute
arduratuen elkartasuna
familiak lagun minek
gaitz-kide eta osagileek
zuk zeuk soilik
osatzen duzu baina
zu zeu zarena
bakardadean zaude
nahiz hurkoak aterpe
oinaze zure-zurea
zu zeu egiten denean
17
Biziaroak
Heriori beldurra galduta
esperoko iraupen etsian
zahar zaharkituak hemen,
betebeharrak beteta
jada ezeren damu gabe
Zer gertatuko kezkaz
bizitzaren ahaleginean
su eta gar jada umatuak,
bihar zer galdez
irabazia galduko ote
Bizitzari itsatsita
lapa haitzari bezala
gazte eta ustez gaztea,
geroak zer galdezka
etorkizunaz borrokan
Adina adin
ospitalean
bizitza lehian beti
18
Tsunamia
Batzuetan gora egiten dute hitzek eta hotsek
isiltasunaren eremua behar lukeen honetan
erizain laguntzaile garbitzaile zeladore berbaroa
lorezain eta orgatxo ezberdinen harrabotsa
bertako arnas isila behar lukeenaren gaindi
lekuaz eta egoeraz ahaztuta bezala
komunikazio premiaz
lanaren halabeharrez
harmonia behar lukeena kaos bailitz
pasilloa hartzen dute bere baitan
hotsen eta hitzen tsunami batek lez.
Batzuetan, noizbehinka.
Ezkerrak!!!.
Halaz ere sarriegi
19
Hurbil eta urrun
Hurkoagoak egin behar gintuzke gaitzak,
konpartitzera bultzatu minaren sentipenak,
baina bakoitza bere oskolean gordetzen da
besteen mina hain hurbil egonda ere,
zenbait bizipen azaleko ohiko mintzagai
beti dago urrunagoko norbait edo zerbait
distantzia fisikoa hain bertakoa izanik
zein urrun bata bestearengandik.
Sentipenen urruntasuna
ala
babes premia osa ezina ?.
20
Biok
Koloreetako babesa eraiki dugu
aterkia zara zaparradan
bihar egongo zara
neu ere egonen
egonen gara
biok
Bizinahia
1
Gu biok
Egonean ni
ezinegonaren morroi,
ekinean zu
egunerokoaren makulu,
zu eta ni
gu biok
biok hemen
2
Bi senide
Bizibeharrez hil zen
nire aita, istripuz,
inguru ber-berean,
mila metro gorago
hogei urte geroago
bizibidean nago ni
etxera noiz amets.
Herioa eta bizia
elkarren hur eta urrun
senide hertsiak biak
3
Galdez
Txabusinaz biluzik
ni neu neure kide
naizena ahal nagusi
gelako biluztasunean
zer izanen galdez
4
OSPITALEA:
Beldurren zurrunbilo: gaixoen aterpe eta gaitzen kabi izaki.
Kezka iturri: herio ote zelatan.
Esperantza: osasunaren utopia den heinean.
Elkargunea nolabait: “kaixo” askoren topagune.
Bidegurutze samina: bizipen garratzen biltoki.
Gogoeten errota: bakardadeko hausnarketa-leku ezinbesteko.
Espeleologia ikastaroa: barnera beste bidezidorrik ez.
Eskalada ariketa: amets askoren gailurra.
Usategia: mezu-egarriaren paradigma.
Gaitzak gogoa, kimikak gaitza, gainditzen duen esparrua.
5
Bi biak
Zoli adikor bata beti
zure aurretik bailebil,
lasaiagoa bestea isil
uneoro premiei adi,
bisitari eraginkor bi
biak edonoiz lagunkoi
aberasgarria ohi da
kontrajarrien oreka
6
Ustez
Gure giza konbikzioen
test argigarri asaldagarria da
elbarri baten gelakidetza.
Mintz lauso eta gezurtia
gizatasun ustez sendoa
7
Bizitza
Herio eta bizia
eguneroko drama
antzezle edo lekuko
zaintzailea zein erizaina
.
Antzezlana omen bizitza
zioen noizbait norbaitek.
8
Lurralde hau
Erasoan gaitzari
defentsan beti
ia noiz eguargi
hau ez da koitaduen lurraldea
ezta ausart eraginkorrena ere
distantziarik gabeko lehia baita
Zeure egin gabe
onartu behar duzu gaitza
kronikoa izan nahi ez baduzu.
Oinazeak ez du
ifrentzu gozorik
9
Kinka
Beldurra eta itxaropena
uxatu ezineko bi bizipen
beharrezkoak halabeharrez
lazturak mendera ez gaitzan.
nahitaezkoa bizi-grina
edozein dela ere adina
10
Nork nola non
Osasuna berreskuratu daiteke
bizitza salbatu ere
baina nork nola non
bermatzen da etorkizuna.
BRETAINIA HANDIA. 2001. ESKOZIA
Ekainaren 7a. Osteguna. 37.a - E:15.a
“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri. :
* “Badira otsoek eta zoroek baino / oroitzen ez dituzten hitzak / Gerla zure ateetara da etorri”. Egunoro oroitarazten digute gerra, gure ateetara dakarkigute, egunoroko jeep, kamioi eta gerra-hegazkinek.
* “Memoria urdinxka bat zor dizuet, iragangaitza”. Memoria zor diet bidaiei, edozein koloretako memoria, horregatik idazten dut memoria harrotzeko baliagarri zakizkidan lerrook, iragan arinak baitira nire garunetan bidaiok.
Begirada bat ibaiari eta badakigu itsasgora edo itsasbehera dugun, korrontearen norabideak erakusten digu gorantz ala beherantz doan itsasoa, batera zein bestera, beti da indartsua korrontea.
Polito egiteko eginak daude kanpineko berdeguneak, ez bezeroaren erabilpen eta gozamenerako. Zozoak dira belartza bazkalekutzat duten txori mota bakarrak, probetxugarri eta erabilgarri zaienak berdeguneok. Zenbat mokokada eman behar izan dizkion zozo batek irentsi ahal izateko lurpetik atera ondoren zizareri.
Atzoko ibilbidea dugu gaur lakuak baliatuz, Ipar Itsasoa eta Atlantikoa lotzen duen ubidearena, baina ahaleginduko gara bide ezberdinetatik paraje berriak ezagutzen.
Kasete-irratia konpondu, gaelikoari buruzko museoa ikusi Inverness-en, eta lurraldea ezagutuz jarraitu, hori da gaurko helburua.
Jasota aurkitu dugu kanpinetik gertu dagoen ubide gaineko zubia: ontzi handizka bat zeharkatu zaigu errepidetik Linnhe itsasadarrerantz: esklusen bidez berdintzen dute uraren maila, mailaz maila, maria goraz baliatuz.
Elurrez zuri daude mendi gainak: elurra izan da gaur gauez lainoen jarioa han goietan.
“Gaelic Bus” aurkitu dugu errepidean, berdez pintatuta erabat, gaeliko izenak letreroetan bezala. Baina errepide nagusian ez da gaelikoz ageri inolako herri-izenik, oraindik ez du gaelikoak lortu errepide nagusietara jalgitzea.
Loch Lochy lakuak ez du gaur misterio kutsurik, arnas handikoa, ederrago dager gaur, zabal eta argi, ertzerago baititu mendiak.
Glen Albyn, bailara berdea, berdetasunak egiten du erakargarri.
Hur sumatzen dugu ubidea, baina urki ilarak dira gure ibilbidearen muga.
Fort Augusteraino heltzen da txilara Iparraldetik, berdegunearekin partekatuz mendi-tontor eta maldak.
Ingalaterrako lehen egunean ikusitakoa bera berresten dugu inguru honetan ere: gaueko ipurtargi distiratsuak, errepide erdiko marra zurian ispilutxo txikiak daude norabide bakoitza argiz bereizten eta banatzen.
Loch Ness. Hegoaldetik, atzoko ibilbidearen aurrez-aurre, beste aldetik ibili zeharkatu dugu. Dotore dago, argi, distiratsu: azpiko munstroak bere irudia ikusi ahal dezan azpitik begiratuz, ez du gaur misterio kutsurik. Gaur ez zait atzo bezain estua iruditu, badu arnasa mendiartean. Luzez, atzo bezain luze egin zait, noiz bukatuko antz eman ezineko luzea, begiei urrutian galtzen zaien luzea tarteka.
Glen More. Barruranzko bide txikia hartu dugu, herri-bidea. Inor guti dabil pasaguneetan elkarri diosaletarako. Bide-zoruko burdinazko sareak, eta batetik besterako langak daude jarriak animalien harat honantz lekuz kanporakoak galarazteko. Bide bazterretan dabiltza oiloak, aske.
Gehiago ez aurkitukotzat jotzen genituen goi-balara eta ur-jaialdiarekin egin dugu topo aldats gainean: apalagoa da hemen ikuskizuna, berdeagoa ingurua. Paisaia paregabea: ibaien sorburua, txilar-mendiak, urkiak, paraje zabalak.... Hor behean, Ness Lakua miretsiz, bide zabaletik egingo duen hainbat eta hainbatek ez du ezagutuko inguru bitxi eta zoragarri hau.
Bertan dugu Ness Lakua, beheko zuloan, baina mapak dioskunez sortzen ikusten ditugun laku eta ibaietako urak ez doaz Ness Lakura, Ipar Itsasora baizik, Ivernessetik aurrera. Begiek ere hori bera erakutsi digute: une batean Invernesserainoko goilautada luze-zabala dakusagu, ortzi-mugan galtzen den lakuz betetako mendiarteko bailara beherago eta berdeagoa. Une berean Ness lakua ikus dezakegu garbi gune batetik hor behean. Ikuspegi zoragarria.
Goi-bailarako bide zabaletik ordez Ness lakuaren albotik egitea erabaki dugu Invernesserainoko zatia. Lakuaren auzo-kidetza lasaigarria aukeratu dugu.
Whitebridg, zubi aparta agertu zaigu, ez da zuria, izenez behar lukeen arren, baina bai dela aparta: lerden estua erreka apardun pike sakonaren gainetik. Pasaguneko herri-bidea, igandezaleek badute non gozatu lakuaren alboan, badute zer ikusi, non ibili, non egon, ez zaie bazter ederrik falta.
Fover, ur-jauziak iragartzen dituzte inguruan.
Inverness. Ness ibaia doakio axal eta garbi, baina nonbaitetik eta nonbaiten hor behar du Caledonian ubideak ere, azken zatian dotoretuz, hiria erdi-erditik zeharkatuko duena. Agian biek bat egiten dute hirian. Autozko kale arteko non aparkatu bilatuz ibilian uste izan dugu zerbait galdu genuela aurreko bisitan, baina oinezkoak erakutsi digu autoz xarmantagoa uste izan duguna aurreko kale-artea bera zela.
Konpondu digute irrati-kaseta, huskeria zen, zintaren etiketa ertza harrotuta nonbaiten kateatzen zen: putz egiten jakin behar, baina.
Gaelikoaren Museoa: hertsia dago, ez dakigu betirako ala aldi baterako: ez dago gidaliburuaren arabera behar zuen eraikinean, eta dagoen tokian dagoela, museo hori “closed” dagoela dio herrizainak. Herrizainaren beste Museo bateara bidali nahia!, ederra dela eta!. Museoa egon zen eraikina eskoziar etxe petoa omen: dotorea da izan, ezberdina, ederra, bakarra eta bakana. Ez dugu inon antzerakorik ikusi, beraz zenbateraino da petoa, ez al da besterik Eskozian, ala aberatsena da eta guk pobreen etxebizitzak ikusi ditugu soilik, honekin inolako antzik ez dutenak.
Kanpinera bidean.
Begirada berri bat eman diogu, agian azkena, bost egunez gure ibilbide izan den itsasadarrari. Errepide nagusian sartu gara bide luzerako: ordekaz ordeka joan gara, goialdietan genbiltzan sentipenarekin, gehienak larre diren ordeka berdeetan, abere guti dabilen arren: izurriteak lurralde osoa ardiz hustu duen sentipena dugu egunotan, ez baitago ardirik ardiak behar lukeen parajeetan; dagoenean ere oso ardi guti baitago.
Musika dugu berriro bidaia-lagun.
Hemen dabil gaur ere tximista bezain bizkor eta trumoia bezain zaratatsu gerra-hegazkin bikotea.
Txilar-bailara bihurtu zaigu bailara berdea Carrbridge inguruan, hemen ez da ez lakurik ez mendi gailenik alboetan. Bailara arraz ezberdinak zeharkatu ditugu tarte motxean, mendikatea zeharkatu izanak badu esplikazioa agian.
Noizbehinka euri-zaparrada, noiznahi eguzkia, eguraldi zorua dugu gaurkoa. Beltz dago une batez aurreko tontorreria, laino beltz perpendikularrak betetzen du lurrerainokoa, lainopean daude sarri mendi-tontorrok, hurrengo eguzkipean, une beran eguzkitan brixt dago mendi osoa, albokoa aldiz euripean beltz, beltza zena argia da berehala eta argi zegoena belzten da. Zuri daude mendi-lepo garaienak, elurra izan da goiotan bart gaueko euria. Txingor zaparrada bota digu kale-kalean ginela Invernessen.
Bide txikietatik, herri-bideetatik gara berriro.
Gaelikoz, berdez, daude herri-izenak ingeles izenen gainean.
Kinguise. Herritxo grisa baina alegera; kolorez pintatutako ate eta leihoz, eta harri-kolore ezberdineko ate-leiho bueltaz, tartekako etxe dotorez, fatxada bera ere hartzen duten txapitula-leihoz... Eliza gertatu zaigu ezberdina, txikia, dorre zabal karratu txaparro gotorrarekin: Pirinioetako zenbait elizen traza du.
Bikeztatutako bide-gorriak lotzen du hurrengo herriarekin kilometro askotan, Museo dagoen uneraino hain zuzen.
Newtonmore. Behe solairuko harrizko etxeak zaizkio deigarri, ate-leihoraino heltzerainoko teilatu-hegal baxuekin, Mediterraneo kostako hainbat arrantzale etxek izan ohi duten eran.
Herritxoz herritxo, bailaraz bailara, berdegunez berdegune, etxetxo ederrak bezain politak ikusiz, ardien hutsunea nabarituz, mendi malkor amildegien pean tarteka, bailara zabalean hurrengo, mendixka berdexka laruak beti aurrez alboetan, harrizko harresien lilurak bilduak, urkidi zein izeidien erakargarritasunean... joan zaigu ibilia. Tarteka aspaldiko harrizko etxaldeak agertzen zaizkigu, nekazal etxeak ez ezik harrizko sendoak dira eraikin osagaiak ere. Bailara berde joriak, bailara istingatsuak. Herritxo grisak: ez zaizkigu hain tristeak begitantzen, agian ohitu egin gara, beraien itxurara jarri. Oso gertu goaz tarteka mendi tontorretatik, mendi goietan gabiltzan sentipena bizi dugu. Ez da gari-sailik, dena da larre, ardi gutxiko bukaerarik gabeko larre-sailak dira hauek.
Lagga. Monumenturen bat jaso dute herri alboko harkaitz baten tontorrean, kare-harrizko gaztelu nanoa, jostailuzkoa tamainaz, auskalo zenbaterainoko izugarria esanahiz.
Faisaia errepidean: zenbatgarrena jadanik?.
Goroldio sendoak estaltzen ditu harresi gainak: aspalditik daude harresiok lurralde umel honetan.
Arratsaldeko ordu biak dira, autoa bazterrean utzita, gazteak diruditen hiru gizonezko eta emakumezkoa daude otoitzean bide ertzeko txoko gorde batetan, Mekara begira, alfonbratxoa zoruan. Estalia du burua emakumeak, gizonen aurrean dago, meskitetan ohi denez alderantziz.
Laggan Lakua. Luzea eta zabala, ederra, bere albotik egin dugu bidea kilometro luzeetan. Hainbatgarren lakua dugu, baina hau ere paregabea iruditzen zaigu, asperrezina bihurtuz bidaia.
Gaztelu baterako sarrera bera ere gaztelutxo nanoa zen, zaindariaren etxebizitza seguru aski; gerora, laku ertzean, sarreratik oso urruti, baso trinkoa tarteko, ipuinetako gaztelua ageri zen.
Izan zen hemen ere ardien izurritea, hor diraute oraindik hartu ziren neurrien hondakinak edo hondarrak: gurpilak desinfektatzeko zenbait bide sarreretako lurrean zabaldutako lastoa.
Beste laku bat, errekak, ibaiak, tarteka laku bihurtzen zaigu ibaia, ibaia ondoren, bidelagun beti. Urtegi bihurtu dute lakuetariko bat, zabala behar du lakuak isurbideko ateak ixten dizkiotenean, gaur baina beherenean zegoen presa.
Roby Bridge. Herri berri-berria.
Inverroy. Hau ere herri erabat berria.
Spean Bridge. Zuhaitz asko du inguruan, urkia nagusi dela zuhaitzotan.
263 kilometro, laku eta bailara artekoak hauek ere.
Urduri, buztan tirtirinaz, begiak gainetik kendu gabe egon zaio aurrean luzaro ugazabari so txakurra. Ugazabak, baina, nahiago zuen egunkaria irakurri zakurrarekin jostatu baino, pilota harrika botatzeaz aspertuxe. Txakurra bera ere aspertu da esperoan eta aurreko manuarekin bota dio pilota pirritan ugazabari honek harrika urrutira bota ziezaion, bota-ekarri jolasari berrekinez.
Matxura izan du autoan etorri berri batek. Mekanikoa etorri zaio. Patxada itxura zuen gizonak. Ze nolako erneguak hartzen ditudan ordea nik horrelakoetan, matxura bidaiaren ordain arriskuetariko bat dela jakin arren. Buruaren arrazoibideak eta norberaren izaera ez datoz beti bat.
“Henriren irudia”. Pablo Sastre. Enriren bila dabil Xan, Enri antza ihesi dabil,... Zerbaiten ahanztura, nonbaitetik ihes egin beharra, zerbait bilatu lilura, ... ez ote dira ere gure bidaiok, gure baitako toles sakonean.
Ekainaren 8a. Ostirala. 38.a – E:16.a
“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranberri.:
* “Etengabeko lanbroa bezain mendekaria” Girotu egiten du agian lurraldea, ez da mendekari, osagai baino, baina egunerokoa dugu euria Eskozian.
* “Harrezgero zer naiz Ipuinik bageko dontzeila bat baino / Apoarmatu urreztatua, hostots erori bat”. Sarri galdetzen diot neure buruari, kale ezezagunetan ibiltari, errepideko zurrunbiloak irentsirik edo goi-bailarako mortuotan galdurik, ze demontre naizen, ze darabildan edo zerk narabilen bizitzako bideotan. Azkenik bizitza-zirrikituetako labirintuan galtzen naiz erantzun bila. Ipuinik gabeko dontzeila, apoarmatu buztinezkoa, ostots erori bat, ezerezaren hurrengoa.... Baina hor naiz.
Goizeko lasaitasunean, laku barearen aurrean, bertan biltzen den ibaiaren korronte sendoari so, amaierarik gabeko eternitatean egon nahi nuke eserita, patxada eternalean.
Itsasoa eta lakua ditugu gaur ere helburu. Laku ertzeko patxada eternala goizeko une batzuetakoa soilik izan da. Eguneroko zurrunbiloan sartu gara ondoren.
Ben Nevis mendia eta mendikate hurbileko tontorreria oro Elurrez zuri esnatu zaizkigu gaur. Zirraragarriak zaizkigu mendi elurtuok ekaina aurrera doala. Ikuskizun bikaina izan zaizkigu, aurrez-aurre, autoz ibiliko lehen zatian.
Berdea izanik, tristura bizipena sortarazten digu Invergarry-ra arteko ibilbide zatiak, ez etxe, ez abere, berdegune mortua baita; areagotu egiten digu sentipen bera mendietako txilar marroi-ilunak. Errepide ertzeko urki eta izeiek egiten diguten tunel berdeak aldarazten digute sentipen hori. Zerbait falta zaio lurralde honi, bizitasuna emanen dion zerbait; etxeak, haziendak, lur landua, etengabeko auto-pasa... badira, baina inor bizi ez den lurralde jitea du. Lurralde gogorra izanen da, lur ez-emankorra, biziraupenerako baldintza gorriko lurra. Ordez, etxeak baino ugariagoak dira kanpinak. Kolorez eta itxuraz, mendien berdetasuna gehiago da goroldioarena belarrarena baino; hasten ez den belar gogorra dirudi, liken berezia bailitzan, edo hasiberritan ebakitako belar latza. Atzo ikusi genituen herri-bidetako lora lila ematen duen sastraka edo zuhaixkak ugariak dira errepide nagusiaren ertzetan ere.
Lochy Lakua, dotore, begien pozgarri, gaur ere.
Invergarrin hasten da gaurko ibilbide berria. Herriak badu etxeteria errepide ertzean, txaletxoak diruditen etxeak.
Kaio pila hilerriko belartzan mokoka: ze zizare modu edo har mota aurkitzen ote?.
Glengarry. Whisky fabrikagatik omen ezaguna.
Izei eta urki artean egin dugu aurrenik lurralde lauan, gorantz ondoren laku bat inguratuz. Gorantz egiten du errepideak, begiratoki aparta da laku gainean: menditzar elurtuek mugatzen duten lur zabal eremua aurrean, lakuaren ikuskizun aparta behean. Paraje zabala da, xarma du, baina era berean ikuspegi tristea da. Izeidiak egon arren, txilarra da nagusi, ez da etxerik, ez animaliarik, ez zuhaitzik, menditzar gorriak eta lautada eremua, bizitasunik gabeko berde tristea.
Bi urtegi izan dira hasieran, ondoren beste bi etorri dira, bata bestearen ondoren, sekulako ikuskizuna. Urtegi baten hormatzarrak eteten du bortizki paisaia, erraldoitasunez, kolore ilunez eta luzera zurrunez. Urtegiek ez dute lakuen xarmarik, urak jandako koloreko ertzetako harrien markak erabat eteten du inguruaren antzerakotasuna, ura garaiago egon zeneko koskak erabat zatartzen du laku ingurua, harri biluzi kolorgetuek desitxuratzen dute laku bazterra.
Gailur elurtutako mendi-zuloaren oinetan behera, mendiarte estu baten gainbeherari ekin diogu, txapel gainean ditugu mendi-tontor elurtuak, mendiarteko ebakidura berde erraldoia da malda osoa. Dena da ur, maldan behera erretenak errekatxo, errekatxoak erreka, bihurtzen dira, azkenez erreka ibai izan den arte. Une batez dena da ur-jauzia, erreten zuri luzeetan dator ura, haitzarte oro da erreten zuri, haitz zoko oro ur-jauzi apartsu. Beste une batez tontor baten azpian sartzen da erreka, bestaldean agertzeko.
Itsasadarra aldats barrenean. Izugarri luzea, tontor elurtuek inguratua. Ibilbide aparta, inguruaren biluztasunean ere. Arbel teilatudun etxe zuriek alaitzen dute itsasadar ingurua: Suitzako laku ingurua dirudi, xafla zuriak han-hemenka ur ertzean sakabanatuta. Turismo-gune edo ondo-bizien bigarren bizitokia.
Dotorea izan da lakutik aurrerako ibilbide osoa, sekulako ikuskizuna, baita itsasadarren ingurumaria, bigunagoa baita paisaia bera ere, osteko mendi elurtuek ematen diotela azken ukitu erakargarria.
Eilean Donan gaztelua, famatua, postaletatik ezaguna, gidaliburu edo argazki-bilduma orotan datorrena. Izan ere sekulako ikuskizuna baita. Irlatxo txiki batean kokatua, zubi batez lotuta lurrari, kokagunez zein egituraz deigarria, inguru aparteko batean kokatua. Harri iluneko gaztelu gotor sendoa da, baina aldi berean lerdena eta airosoa, dotoretxoa.
Dornie. Etxe zuriak laku ertzean, zabala, mendixka berdexkaren oinetan.
Ugariak dira otadiak.
Belaontzi bakarra, bakarti eta txiki, fiordo erdian, ukitu zuria ematen dio uraren urdinari, bertikaltasuna ur azalaren zapalari horizontaltasuna etenez.
Kyle of Lochalsh. Lurraldeko azken herria, itsasadarraren hasieran, begi bakarreko zubi garai luzeak lotzen du Skye irlarekin zintzur estuenean. Herritxo bat besterik ez da, turistengandik bizi da, dendatxo eta antzerako saltoki dira etxe denak. Badu arrantzale portutxoa, baita ontzi-konponketarako lantegia ere.
Egunero dugu osagai berriren bat, ezuste edo pozgarritasunen bat. Beti zaigu zoragarria paisaia. Baina herrialde pobrea behar du izan honek, ekonomia ahulekoa, bistakoa da hori ingurura begiratuz, herri, etxe, biztanleen jite, lur mota, haziendari... erreparatuz. Ondo bizi ahal da hemen lau gauzatxorekin konformatzen dena, berogailu eta aterki onak baditu.
HEBRYDAK-SKYE IRLAK
Ordainduzkoa da zubia. Larrutik ordaintzen da ordaindu ere, 11´50 libera. Haranzkoa soilik ordaintzen da, doanak itzuli beharra baitu nahitaez.
Sekulako ikuskizuna da zubi gainetik ikuspegia edonora zuzentzen direla ere begiak: itsasadar luze zabalak eta lurralde berdez inguratutako irlak, menditzar ilun ia beltzak ostean.
Menditzar multzo handi bat besterik ez da irla lehen begiradan. Kontrastez itsas kontrako lehen herritxoa aldiz zuri erakargarri pospolina. Eta halakoak izanen dira irlako herritxo denak. Etxe guti dago, daudenak sakabanatuta edo bananduak, zuritasun berezia erakusten dute, pintatu berri baileude; etxe ponpoxoak dira, mota guztikoak, bat datoz bere zuritasunean, egituraz, aldiz, ekialdetik ezagunak zaizkigun jite berekoak: behe solairuko etxe luzexkak, mutur biak tximinia hormaz luzatzen zaizkielarik, fatxada zorroztuz.
Ez da erraza igartzen zer den irla eta zer fiordoaren beste aldea, fiordoak eta irlak elkar kiribilduz baitoaz itsasertzean.
Zorionez ona da errepidea eta erraz egiten ditugu kilometroak, luzea baita gaurko ibilia, gainera sarri gelditzen gara argazkiak ateratzera.
Gaelikoz daude herri-izenak, ingeles izenarekin batera batzuetan, letrero ezberdinetan hurrengo. Zenbait herrik gaelikoz ematen diote ongietorria bisitariari. Beti hizki berdez. Horiek izan dira gaelikoari buruzko aztarna bakarrak.
Ez da ikusten eskoziar bandera jartzeko amorrurik, eraikin eta bulego ofizialetan ikus ahal daiteke soilik.
Bizipoza dario irlari. Auto asko dago, eskaintza ugari. Turismotik bizi dela dirudi. Urruti samar dago, baina asteburu-pasa zein opor leku tentagarria da. Ugari datoz autobusak, bisitari-turistaz zamatuta.
Itsasertz dena da fiordo, dena sartu-irtentxo, sekulako itsasadarrak sortzen dira edozein aldeko kostaldean; atsegina, erakargarria, da bertatik bidaiatzea, baina hortik kanpo paisaiak ez du erakargarritasunik, kontinentean aipatutako berde antzu eta tontor zorrotzeko mendi berdexka biluziak. Agian hor datza askorentzat erakargarritasuna. Paraje tristea gertatzen zaigu euripean, eguzkiarekin ere ez da izanen alaiagoa. Ez da zuhaitz bat bera ageri. Ura, txilarra, eta mendi berdexka biluziak: horiek dira paisaiako osagai nagusiak. Lur eremuak eta itsasertzak ematen diote erakargarritasuna lurraldeari. Tarteka bakarrean herritxoren bat, itsas kontra beti, fiordoen babesean kokatuak. Lur-barrualdera ez dago ezer, basamortua soilik. Hain paraje bustia izanik, hain lur uzkur, agorra: eguzkia eta beroa faltako zaizkio.
Ez da ia ardirik ageri irlako Hegoaldean, ugariagoak dira ardiok Mendebaldean. Begirik agerian ez duten behi iletsu batzuk ikusi ditugu, begi mordoxkak ere bai mendebalderantz.
Gorbata beltza aurkitzen dugu edonon: politikaren presentzia itogarria. Pobreen edo bisitarien boto bila.
Atzoko eguraldi zoro bera dugu. Euria eta eguzkia tartekatuz doaz, txandatuz. Ikusi egiten da euria mendietan, nola erotzen diren lurreraino laino beltzak. Sekulako ikuskizuna da mendiok bai-ez ikustea euri-gandu ostean.
Sigi-saga doa beti errepidea.
Urrutira euripean ikusi ditugun mendietan sartu gara, euri zaparradak jotzen gaitu.
Raasay irlatxoa: etxetxo zuriak ageri zaizkio; 444 metro garaierako mendia du, kono puntamotza gailentzen da mendi tontorreriaren gainetik.
7 graduko hozberoa.
Portree. Herri koskortua malda berdean, bisitariz beteta. Itsasadar baten babesean, berezko portua, haitzarte estua naturak babestua, harkaitzak direla moila. Bi solairuko etxetxoek egiten dute kaletxoa da deigarriena. Plaza karratuaren inguruan taxu ezberdineko eraikinak daude, eliza tarteko, plazaren erdian lehoia zutabe gainean: gizajoari ez diote armarririk jarri eusteko.
Erabakia hartu behar izan dugu: moztu eginen dugu irlako ibilia. Egina dugu zirkuituaren erdia, kilometro asko dira jadanik, orduak ere luze doaz, gainera ez dirudi ezer ezberdin erakargarririk aurkituko dugunik, nahiko luze doa ikuskizuna, ederra, baina ia beti berdina. Badugu iritzi bat irlari buruz ikusitakoarekin. Ez du nekea metatzerik merezi.
Baso-kasko bat Portree inguruan. Zuri pintatuta daude elizak.
Fiordoz fiordo jarraitu du ibiliak, fiordo zenbait inguratuz, beste zenbait goitik ditugula ikuskizun. Basamortu mendiartea izanen zela uste genuen azken bidaia-zatia, baina fiordoez gain bestelako paisaia bera ere ederra izan da. Izan da labar bertikal amildegitzarra den lurmuturra, itsasadarraren morru eta babes.
Errepidea ona da, nabari da turismoa erakarri nahi dela. Motorzalea ere ugaria da. Motor eta mutur luze handiko auto deskapotagarri bat ere izan dugu begien pizgarri errepidean.
Sligacuan. Bidegurutze batetan kokatua, hotel polit bat besterik ez da ia, baina alboan bada 3 begiko zubitxo erakargarria.
Kanpinerantz
Haranzkoa aurkitze eta gozatzea izan da, honanzkoa gozatzea soilik, kontrabidez, inguru jadanik ezagunetan. Ura-lurra, lurra-ura, ze nahastura, baina ez da nahasmena, harmonikoki elkartuta baitaude elementu biak; sarri ez dakigu zer den fiordo, zer lurmutur edo zer irla.
Zaparradak hartu gaitu eta zaparrada berarekin egin dugu zubirainokoa, atertu gabeko euri-jasa, mendiak eurak ikusezin egiten duen zaparradan, presak ireki dituztela mendietan dirudi, dena baita ura maldan behera.
Itxura erabat berezia du zenbait mendik, higidurak ematen eragiten dion halako egitura, kolore eta itxura bitxi erakargarri ezberdina.
Militar konboia, hegazkinek ezin dutenez aireratu euri honekin, kamioiak atera dituzte nonbait errepidera: irla hartzera doan ariketa taktikoa dirudi.
Lochy lakua, luzeagoa eta ederragoa iruditzen zaigu inguratzen dugun bakoitzean; bigarren laku bat du bere jarraian, laku luze estua, Oich izenekoa.
415 kilometro, etxe zuriek alaitutako fiordo eta laku inguruan, eguraldi zoroko egun batean.
“Henriren irudia”. Pablo Sastre. Gure bilatze eta ibilion buruan izanen al dugu Henrirena baino irudi baikorragorik!.
Ekainaren 9a. Larunbata 39.a - 17.a
XX. Mendeko Poesia Kaierak”. Iñigo Aranbarri.
* “Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua”. Atzo bizi izan genuen une hori; aldiz, aurreko egunetakoa baino txarragorik izan daitekeela froga nahi digu gaurko eguraldiak, berun lauza da gain osoa.
* “Ahantz ditzadan behingoz lurpera ezineko oraina”. Mailuak lez joko gaitu gaur ere eguneko ezinak, ordez loreak lez koloretuko gaitu uneoroko ederrak.
* “Lurra da krimen handiena”. Beraz lurtarrok gara kriminalik handienak ere. Bere bizimodu gorria lurrotan pairatu zuten eskoziarrak ere bai?. Mendekotasuna onartu ez zutelako?.
* “Ez du euririk eginen”. Eginen du ba gaur ere, Eskoziako egun orotan lez.
* “ “Eta edertasun hura, ezin ederrago”. Fiordoak!.
Bada zirimiria Euskal Herriko ezaugarria dela uste duenik. Datorrela Eskoziara!.
Txakur asko dago Eskozian, Ingalaterran ez bezala, lotuta daramatzate, eskutik, baina asko dira txakurrok. Bakardade izurritea heldu ote hona ere?.
Bidaietako nire barne-bidaiaren egunkaria eraman nahi nuke: kezkak, beldurrak, erneguak, ibilbidea landu beharra, maparen ekin eta ekin azterketa, bidegurutzeetako haserreak, okerbideetako ezinaren jasanezina, huts nabarmenak, bide-sare nahasiak, nire ausoekiko hausnarketak, nire bikote Maria Luisarekiko harremanak, etxatoi leku murritzeko honetan elkarbizitzaren mila zertzeladak, gure bizimoldeko erantzukizunen banaketa, janzkerari buruzko gu bion pentsamolde eta ohitura ezberdinak, pozak, zorion orduak... Milaka dira barne-bidaiako bidegurutze, errepide, bide eta bidexkak, trinkoa osatzen duten sarea, elkar trabatuz eta gurutzatuz.
Baina ez dut idazten egunkari hori. Patxada faltaz, baita denbora ezagatik ere, berandu eta nekatuak etxeratu ohi gara arratsalde erdian, goizean, berriz, goiz atera ohi gara. Beldurra ere izan daiteke bizipenok ez idaztearen arrazoietariko bat: bide korapilatsuak baitira barne ibiliok. Gainera asperdura eta errepikapena lekarke, dena baita azkenean antzerakoa, berdintsua, Eskoziako “loch” hauek bezala.
Azkar doazkigu orduak kanpinean, maria gora ikusi orduko dugu berriro maria behera. Etxoletara datoz batez ere igandezaleak asteburuan. Lehengo dendak desagertzear dauden heinean, etxatoiak eurak ere desagertuz joanen dira. Hirian pilatuta egotetik kanpinean pilatuta egotera dator igandezalea, baina ibilaldietarako aukera dute kanpinean, eguneroko inguruetatik urrun.
Eskozian eginen dugun azken bidaia luzea izanen da gaurkoa, Hegorantz eginen dugu. Hala behar ere. Ez gure ahalmenak, ez eguraldia, ez daude mendi gailurretara abiatzeko.
Lainoak hartuta daude menditzarrak, txapela ez ezik beherainoko laino multzo zuriko gabardina ere jantzia dute gaur. Eguraldi zoroa, egunotan ohi duena. “Oban”en eta ondorengo tarte luze batez eguzkia izan dugu: eskertzekoa benetan.
Mailaz maila datoz esklusak, sei bat izanen dira, eskailera erraldoia dirudi, koska handia baitago ubidetik itsasadarrera. Luze joan behar du bide-zati labur hori egitea: han zen belaontzia erdiko mailan.
Fiordoz fiordo joan da gaurko bidaiaren lehen erdia. Itsasadarrari kukuka doa errepidea, hurreratuz, alde eginez hurrengo, goialde batera eramaten gaitu noizbehinka ur-zabaleraren ikuspegi zabala erakusteko.
Hainbat zubi zeharkatu behar izan dugu, itsasadar muturrak edo itsasadarraren adar ederrak zeharkatzeko, elkar korapilatuz baitoaz sarri ura eta errepidea. Zenbait zubi auto bakarrarentzat adinako estuak dira, aspaldikoak, izan dira harrizko zenbait zubi sendo ere, Onichekoa esaterako. Egituraz ere ederrak sarri, itsasadar gaineko zubiak beti dira erakargarriak, ur bare-barea dute zabal alde bietara, neu bakarrik izatea zubi gainean dut gustuko, lasai eta gozatuz egin ahal izateko zubi gaineko tarte hori.
Oso dotorea izan da itsasadar ertzekoa: zuhaizti zabalak daude mendi magaleko ur-ertzetan zain, lainoek estaliak dituzte mendi arre idorrak, eta lainoa jasotzean hegoalderantz berde agertu zaizkigu mendiok, zuhaitz gabeko biluziak, baina ez mendi mortuak. Mendi soil mortuen ukitu, punttu hori falta zitzaion gaurko bidaiari, orain alaiagoa, erakargarriagoa doa ibilia, ingurune osoa dago gozo.
Turista-gunea da kostalde osoa, hainbat eta hainbat dira hotelak. Zuriak dira etxe denak, txapituletako leiho airosoek alaituak.
Herriak eurak baino ugariagoak dira kanpinak, herri bakoitzak du bere golf-zelaia, ugariak dira gazteluak ere, izan da bat kapritxoko zoragarria, irlatxo batean, xarma deigarrikoa uretan islatzen zaiola zilueta ispiluan lez. Eskoziar gurutzea hegoaldean baino murritzagoa da goialde guztian. Presente dago aldiz polizia, argazki mehatxuz kartelean eta begi elektroniko oroikusleaz zelatan edonon. Abere gutxi ikusi dugu, bai ordea pare bat lekutan izurrite-kontrol neurriak.
Hara non holandar bikotea gazteluari argazkia ateratzen: ekainean, holandarra errepidean!.
Behe solairuko etxe baxu-baxuak dira zenbait herritan, ateburua eta leihoa teilatu ertzaren parean duten nano itxurakoak, batzuek jarraian daude, besteak bakan. Ez dakigu aurpegi estua tximinia-hormak luzatzen dien etxe horiek baino zaharragoak diren; aro berdinekoak dira agian.
Ugariak dira motorzaleak, edonora jotzen dugula ere.
Connel. Herritxo dotorea, erakargarria, baina ez du ezer berezirik bidezkook geldiarazteko, ikusminez eta gozatuz begiratu badiogu ere. Kokagunea, lakua bera da aparta, baina sobra gaude oinezkoak bertan, belaontzi eta txalupa motordun zaleek dute soilik non gelditu eta ibili aproposa.
Belaontzi mordoa itsasadar ertzean, ugariak izanen dira belaontziak aurrerantzean gaurko bidaian, herri txiki-txikitxoetan ere, ez baitute porturik behar ur geldiok, lurmuturtxoa da belaontzien babesgune. Muturtxo horretan jalgitzen da gaztelutxoa: hondatu samar dagoela dirudi. Leku aparta belaontziz nabigatzeko. Kaioak dirudite belaontzi zuriok itsasertzean, uretan igeri-egonean. Aparteko goxotasuna damaiote itsasertz leunari, ez dira kulunkatu ere egiten, hain geldi dago ura.
Estua da da Connel-eko zubia, argi-gorriek ematen diote bidea txandaka alde bakoitzekoari; burdinazko zubi erraldoia da, burdinazko tunela dirudi. Astiro joateko gogoa sortzen dute itsasadarreko zubiok, alboez gozatzeko baretasunean; agian norbera zubi gainean oso nano sentitzen delako dute niretzat halako erakargarritasuna zubiok.
Gaztelutxo bat ere bada mendi-tontortxoan, dotore.
Oban. Loch Linnhe lakuaren muturrean, arrantzale herria uda-herri bihurtuta. Gaur egun gehiago da uda-herria, herri handia izanik, herri potxoloa da era berean. Mota guztietako etxeak ditu, ederrak eta deigarriak asko: ondo-bizien herria izandakoa. Zabala eta moila sendoko portua, gorde-gordea, hazia, arrantzontzi koskortuak gordetzen ditu. Bisitari, kanpotar asko dabil larunbatean, autoa erruz dator bertara, gainezka egiten dio udak eta uda-herri giroak. Dendateria, uda-herri bateko petoa. Plazako zutabeak hemen ez du lehoirik, zutabe buruan daude zizelatuta armarriak. Herri gainean arkuteria erraldoi biribilak erakartzen du jakin-mina: bankari batek bere hilobia jaso nahi izan zuen, ez dakigu dirua ala bizitza ahitu zitzaion, baina bukatzeke dago monumentutzarra. Ederra omen katedral katolikoa, kanpotik ez diogu ezer berezirik aurkitzen, urruti samar dagoenez ez gatzaizkio joan ere.
Bertan gelditu eta ibilaldia emateko irrika sortarazi digu, oinezkoaldi batera makurrarazten gaituen herria baita, bai giroz bai eguraldiagatik, baina luzea dugu oraindik gaurko ibilbidea. Eguraldi eguzkitsu gozagarria lehenengoz Eskozian, ia Ingalaterran ere, York eta Kanterbury izan ziren salbuespenak.
Belaontziak dotore ematen dute itsasadarreko ur geldian, bakarka ainguratuak zabalgunearen erdian, zein pilatuta bazterreko sartunetan. Kostalde erakargarria da, ez da menditzar idorrik, mendixka biluzi berdeak dira, ikuspegi atsegina, dena dugu berdea aurrean. Zuhaitzak, mota guztietakoak eta asko. Itsasadar bat uzteaz bat, berri batean gaude, ikuspegi goitikan, pare-parean berehalaxe. Itsasadarreko sartunean beti da herrixkaren bat, aurrean beti belaontziren bat. Ondo-bizien eta asteburu eskualdea da hau, uda edo asteburu-pasa dator hona jendea. Ia ez da ageri abererik. ”Garden”, parkeak, ugariak dira, errepidean iragarrita: jauregi edo gazteluren baten parkeak dira, eta ordaindu egin behar da parkeok ikus ahal izateko.
Oban aurretik auto asko bazen, ia bakarrik goaz orain errepidean. Obanera zetorren auto uholde hura
Arduain. Euskal izenaren kutsua du izen honek. Harrizko moila luze batez babesten ditu ontziak, berez naturak gordea dagoen zokoa babestuagoa nahi izan ditu gizakiak: hormok ez dira atrakaleku, babes-morruak baizik.
Zabaldu egiten da ordeka, lasaitasuna dario zabalgune berdeari, baina aldi berean bakardadea eta tristura.
Alemaniar motor batek aurreratu gaitu: zer egiten du alemaniar bakartiak motoz hemen. Bi motorzale alemaniar aurkitu ditugu errepide ertzeko geldileku batean: bikotea da gutxienez.
Bizkor joan ohi dira motorrak: gozatzen ote dute motorzaleek inguruaz abiadura horretan, oso adi joan beharko baitira errepideari so, agian motorra eramatea eta abiadura dira bere gozamena.
Kilimartin. Ezuste atsegin franko eskaini digun tontortxo bateko arbola arteko gaztelutxoak, ez handia baina bai gotorra. Museo bihurtuta dago eliza, gotorleku itxura du: “Eskozia historikoa” deitzen dio gidaliburuak museoari, antzinako herrien historia erakusten da nonbait; harri piloa dago eliza barreneko zelaian, hori dela uste dugu gidaliburuak aipatzen duen tumulua.
Aurrerago artaldea larrean dagoen zelai zabal batean sei harritzar tantai zabal daude zut, tinko: adi gindoazen eta ikusi ahal izan ditugu; espero ez genituen beste bi harritzar tantairekin aurkitu gara aurrerago. Zirrarak kilikatzen zaitu barrenetik: milaka urteko gizonaren lanak hor dirau zutik. Harrobia gertu zuten, baina nola moldatzen ziren harritzarrok zelai erdira eramateko, ze mundu ote hura, nola moldatzen ote?.
Granja bat monumentuaren aurrez-aurre, itxita eta utzia, izurritearen bando madarikatua ageri zaio bide-sarreran. Monumentuen garaietatik milaka urte geroago halako izugarrikeriak probokatu ditu gizakiak dirua egin beharraren beharrez, diru azkarra sortzeko lehiaren ondorioz.
Harri bikotearen inguruan bazen zubitxo polit bat, geroago antzinako bigarren zubia izan dugu begien poz. Harrizko hesi asko da inguruan, txukun jasotako hesiak dira, gaina aho zorrotz, puntazorrotz uzten dituztelako gaineko harriak, ez dakigu animaliek ihes ez egiteko, ala lapurrik ez sartzeko.
Istinga bihurtu da una batez bailara estua: bizi-bizia da ura, baita eguneko argia ere, baina argi gehiegiak erre egiten du, ur larregiak, aldiz, ito.
Heldu da honaino azpi horian marraztutako gorbata beltza, errepideko hesoletan jarria dago: diru asko du alderdi politiko honek, edo militante finak ditu.
Lochgilphead. Kaletxoa itsasadarraren muturrean, gaztelutxoa dirudien eraikina kaleari hasera emanez, hondartza berdea dirudien berdegunea ur ertzean. Uda giroa du, uda-pasakoentzat herria da, ezer guti eskaintzen du pasoko goazenentzat.
Inveragay. Jende pila datorkion uda-herria, asteburu-herria, kanpotar-herria, badu non gozatu lakuaz, zainduak ditu laku ertzak, arduratu da bisitaria gustura aurkitu dadin herrian. Dotore kokatuta fiordoaren buruan, aurrean beste fiordo bat duela. Herri zuri atsegina. Xarma du. Bazter atsegina, bertan gelditzera tentatzen zaituena. Zuri-zuri ageri da ur ertzean, batez ere hegotik begiratuta. Hainbat eraikin deigarri du: eliza-dorrea nabarmentzen zaio, karratu eta lerden, gorri, etxeteria zuriaren gainetik. Gaztelua du eta autobuskada bisitari datorkio eten gabe. Bi zubi nabarmendu behar, bitxia bata, ederra bestea: bi begikoa da bitxia, bi begien erdiko gainaldean begi borobil handia du; estua denez, semaforoek zuzentzen dute nork nori bidea; zubi ederrak, aldiz, gaztelura sarrera behar zuen aspaldiko garaietan, gazteluaren parkea ur-ertzetik zabaltzen zenean, gazteluko parke barruko zubitxoa zen agian. Gonadun soldadua da gerran hildakoei omenezko oroitarria. Gaztelura sarreran dago oraindik izurritea dela eta desinfekzio gunea.
Loch Fyne, itsasadarretik egiten dugu. Harrizko hesolak mugatzen dituzte sailak, burdina-haria sartzeko zulo estuak dituzte eginak. Herritxo zuria itsasadarraren bestaldean, inguru berez babestua arren, bi moilez babestutako portua du: ez da nonbait beti bare itsasadarra.
Gaztelua bat, ondoren beste bat... hainbat eta hainbat gaztelu dago ur inguruan, hemen ez zituzten jauregiak jasotzen, gazteluak, gotorlekuak, baizik: gerra izan da, eta da, gizakiaren ofizio nagusiena, gerraren inguruan dabil beti ekonomia eta bizitza osoa. Bisita ahal daitezke gazteluok, baina ez doan, bere zerga eskatzen du oraindik jauntxoak, zerga ordaintzera behartzen du.
Aire librean, zeru garbian jaso dute museoa aspaldiko etxeekin: ez gara jabetu bertaraino heldu arte, erdi utzia dirudi, belar hasiz inguratuta daude etxeok. Bada lastozko teilatudun etxe bat, erorita dago aurpegi zorrotzak dituen etxetxo bat, harrizko horma eta herdoilak jandako xafla teilatuzko eraikinak... Ez zebilen inor, ez geratzea erabaki dugu. Agian itxita dago.
Lur barrutik egin dugu etxerantz, barrurantz jo dugu etxerako ordua heldu zaigunean. Agur fiordoei.
Lurralde eremuetan sartu gara. Bi auto antzinako sendo zabal ederrak ezkontza batera doaz lazo zuriz apainduak, senargaia doa batean, emaztegaia bestean, auskalo ze tokitik eta nora mendi galdu hauetan.
Euria hasi du berriro, ikusezin daude mendiak euripean. Begirik gabeko, begiak ilez estalitako, behiak, ile gorrizko muturrekin.
Ez dugu ekaitzik ez trumoirik sumatu egunotan, euriok ez dira trumoi ondorengoak, ez dira trumoi-euriak.
Irlatxoz jositako laku eder bat, arboladia delarik ingura. Geroxeago jauregi ikusgarria laku ertzean, hareago gaztelu baten hondakinak: lau horma harro, hondatuak arren graziosoak.
Ez da eskualde honetan ere golf-zelairik ez duen herririk.
Motordun polizia laku kontran: bidaia osoan ikusi ditugun bigarrenak, beraiek aldiz zenbat aldiz ikusi jo ote gaituzte begi elektronikoz. Agian badugu isunen bat, aurrea hartuz etxera bidean.
Damally. Ezin dugu herria ikusi ahal. Lakutik gertu dago. Eliza, hotel, eta zenbait etxe, uda-herri kutsua du denak; dorretxoz apaindua dauzka lau kantoiak elizako dorre karratuak, dena zuri-zuri pintatuta, deigarri eta dotore.
Mendiak hasi zaizkigu orain kukuka, ikusiko ez ikusiko euri ganduaren ostean, ikusteko baino ikusezinago gordeta.
Elur lekua, hesola luzeek dira errepideko mugarria
Goilautadatan gaude berriro. Ohiko osagaiak. Elkarrekin goaz trenbidea, errepidea eta ubidea, ibaitxoek alaitzen dute soa. Bailara estua da, estu-estu doa, zabaldu den tarte bat ezik. Hemen ez da laku batentzat lekurik, istingak dira ibaiaren sorburu. Izeidia da mendi-magal osoa. Une batez atsegina bilakatu da hitsa zen bailara, mendiarte estu atsegina.
Arinabea. Behean dauden bi etxetxook dira herria, agian. Ezin ukatu euskal antza izenari.
Tyndrum. Etxe bakaneko herritxo zuria bidegurutzean.
Paisaia erabat ezberdin bitxian sartu gara, mendiarte ezberdinean: mendi koniko garai eta burumotz borobilak, goitik behera leun leunak, jantzi berdez estaliak; berdegune berezia da, ez dakigu ze belar-mota den, ezta goroldioa bada ere, baina ikuspegi ezohiko bitxia eskaintzen dute, ikuskizun paregabea; taxu berdinekoak luzatzen dira mendiarte berdean galtzen diren bailara sakon berdeak. Biluziak, ez da inolako zuhaitzik, ezta sastrakarik ere, dena da berdegune leun berdina, pendiz-pendizak magalak, urak urratutako erretenek zimurtutako gainbeherak, mendi-zimurrak bailira. Erreka gauzatuz heinean haltzak agertu zaizkio ertzetan ur korronteari, luze doa erreka zabala, bi haltz-ilaren erdian: ikuskizun dotorea.
Gora egin dugu. Ikuspegi ederra eskaintzen zaigu goitik. Erruz geratzen da autoa inguruari so, aparkaleku zabalak daude horretarako, kinkila eta mokadu eskaintza dago bertan. Gaita-jole batek girotzen du gaina bere jantzi eta musika eskoziarrez, txanponak eskertuz.
HIGHLAND. Ez dakigu noiz eta non atera garen Eskoziatik, ez digute agurrik eman, ongietorria bai eman digu ingeles soilik dagoen kartelak.
Glencoce
Goi-bailara, ohizko osagai guztiekin, Iparreko lurretan baikeunde. Izugarria da paraje hau ere, ezaguna arren, zirraragarria. Txilarrek estaltzen ditu irlatxoz betetako laku zabala. Ondoren belar zapal-zapaleko mendi eta bailara berdeak, berde tonu berekoak, inolako berde kolore ezberdinik gabe.
Gainbeheran sartu gara. Sekulako aldatsa. Mendiarte piko estua, dena ura mendi magaletan behera, horma-amildegiak alboetan. Erruz autoak denean, bazter oro dago autoz mukuru. Mendira dator jendea, mendian dabil, autoak errepideko aparkalekuetan utzita.
Autoz gainezka dago beheko lautada ere, kafetegi, jatetxe, eta denda inguruetan hauek.
Barrura sakon sartzen da Loch Linnhera basoa. Itsasadarra bera inguratuz egin dugu Fort Williamera.
Fort William, Loch Linnhe Itsasadarraren albo-alboan, bizi du herriak uraren hurbiltasuna, kaleek zuzen-zuzen jotzen dute itsasadarrera, kale nagusiko kale-kantoi orotatik bertan dagoen ibilbidea dago ertz-ertzean, herritarra ere badator laku ertzera. Lakuak arnasa ematen dio herriari, baita argia, bizitasuna eta zabaltasuna ere. Arnasa du kale nagusiak; arnasa, inguruak. Ez du apartekotasunik, lakua ez bada. Oinezkoen kale zabala du, bada etxe ederrik ere, Bada parke bat ere ur etzean, egonleku gozagarria laku zabala aurrean dela. Aukerako txaletxoak egin dituzte ondo-biziek, herritik kanpo laku gainean, bertako etxeen jitea gordez, hori bai. Atsegina egin zaigu. Jendez pil-pilean dago gaur.
Alderdi Sozialistaren hauteskunde propaganda aurkitu dugu Fort Willian-en. Gorbata beltza, berriz, ainguratutako belaontzi baten masta puntan kulunkatzen da. Presente dago alderdi hori-gorri bat ere errepideko argi-tantaietan.
324 kilometro, azken lauhazkada Eskozian
Tren-hotsa tarteka, baita behi-marruma ere, eta txori-hotsa... Bisita egin ohi digu zozo batek alboko apaingarrirako belartzan.
Gorri dago oraindik hamaiketan lakuaren aurrez aurreko mendi ostea. Ia bihar Nevis mendiaren gailurra ikusteko betarik dugun, baita lakuaren sarrera ere lakuan.
“110 Streeteko geltokia”. Iñaki Zabaleta:
* “Anyone who lives in the ghetto really knows haow to survive”. Eskoziako goi-bailara mortuotako nekazariek ere!.
* “Kultura desberdinetako pertsonak luzera ondo moldatzea zaila izaten delako”. Erraz ziurtatzen da Bretainia Handian badela kultura eta herri ezberdineko jendea, bertakoa zein atzerritarra. Arazo gordinak behar dute egon.
Ekainaren 10a. Igandea. 40.a – E:18.a
“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.
* “Trumoiaren zain” poesia. S. Juan egunez Ingalaterrako nonbaiten irakurriko dut poema hau S. Juan sutxo sinbolikoaren aurrean.
* “ Trumoiaren zain”. Laino beltzetan beltzenak ditugu egunero, baina eguneroko euria ez da trumoiaren ondorio. Ez dira trumoi lehertzen laino beltzok.
* “ Zer den ur garbien azpitik hain doilor hartzen gaituena / ... / Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait, urak berarekin daramana / ... / Hala da, bada oraindik begiek neurtzen asmatzen ez duten itzalik”: Fiordo hauen xarma sorgindua.
* “Norberaren baitako paisaia fina”. Horrek baldintzatzen du begien aurreko paisaia. Barruko paisaia islatzen da kanpokoan. Nola izan, hala ikusi, ze sentipen halako ikuspen.
Oskarbi argitu da eguna, zeru urdin; lasterrera azaldu dira, baina, etorri mantsoan lainoak. Eguraldi zoroa izanen dugu gaur ere.
Ugariak dira lainoak, euriz antzuak baina. Eguzkiak biziki epeltzen gaitu ostarte zabaletik. Ikusi ahal ditugu mendiak bere tontorreria osoan. Ikusi ahal dugu Ben Nevis mendia, ez dirudi 1344 metro dituenik, itsasertzetik begiratzen baitiogu, ber-bertan ikusten. Buru leuneko mendi sendoa da.
Sky-garraio gunea. Ben Nevisen bila genbiltzala egin dugu berarekin topo. Mendiarte oinetan, ohiko osagaiz eraikitako gunea. Aparkaleku zabalak erakusten du jende asko datorkiola, gaur ere ugariak dira autoak. Etengabe dabiltza gora-behera kabina zintzilikatuak, oso mantso bidaiaria eroso sar dadin geltokian, ez baita katea gelditzen, luzaroago goza dezan paisaiaz zintzilikariotik ere. Erruz doa bisitaria goi-mendietara, nabari zaie parafernalian mendikara egitera doazela. Gaina inork eramanda egin, eta gainetan ibili, maldan gora birikak lehertu gabe arnasestuka edo gozamenik gabeko goranzko nekaduran denbora galdu gabe, indarrak eta denbora goiko gozamenerako gordez. Ugariak dira parapente-motxilarekin zamatuta doazenak: zapi luzexkatik zintzilikatuta dakusagu hainbat zeruan, aparkalekuan lurra hartu du batek, han bertan tolestu du plastiko arina eta berriro gorantz egin du.
Berde baina biluz daude mendiak, hainbat ur-jauzik edertzen dute malda apar zuriz. Beste itxura bat eskaintzen du Ben Nevis mendiak garraio gunetik ikusita: malkor bizia erakusten du, beherainoko labar amildegiak.
Motorzale asko dabil gaur ere.
BEN NEVIS – NEVIS BAILARA
Bailara zoragarria, ederra, aparta. Alde batera ia goraino izeidia den mendia, beste aldera Ben Nevis mendia. Leunagoa da Ben Nevis alde honetatik, malda berde berdina, urki ilara edo baso-kaskoek eteten duten artifizial edo plastiko itxurako berdegune pikea, malda luze erakargarria urki ilarek berde ezberdinez marraztu eta marratuak. Naturalagoa dirudi gaur taxu berdineko kolore berdeak berak ere. Sigi-saga doa gainerako bidea, gorantz eta zeharka, azkenik albotik eginez gailurrera egiteko. Igoera erraza behar du izan mendian ezer dabilenarentzat, paregabea behar du izan goitikako ikuspegiak.
Erreka estuak ebakitzen du barrenean bailara, ez da erreka zabala, baina bai ur garbikoa, ertzetan haltz ilara errekaren luzera osoan, aspaldiko sendoak dira haltz asko. Bailararen bukaeran ur-jauziak, ez handiak baina bai xarmantak. Ibilbide apartekoa da bailara osoa.
Behi eta ardi batzuk erreka alboko larre estuetan, ingurua dotoretzeko apaingarri jarrita baileude
Ugari dator igandezalea: askok etorri, begiratu, ikusi eta itzuli egiten du, guk egin duguna bera, Ibilzale asko dator, baita mendizale asko ere. Guk ere egin dugu gure oinezko ibilalditxoa. Autoz beteta dago gailurrera irteerako berri-emaile bulego ingurua, baita bailarako aparkagune oro ere.
Jazz musika entzunaz, astiro-astiro, ibilbide gozagarria gertatu zaigu, ur-jauzien inguruko oinezkoa ere zoragarria izan da. Motor-hotsa da enbarazu bakarra.
Ze agur goxoa lurralde honek eman diguna, Nevis Bailarako azken irudi eta bizipenak. Joanean goza egin dugu, oraindik ederragoa izan da itzulera, ia ezberdina gertatu baitzaigu ikuspegia. Naturari lotutako azken esperientzia soilik, ez baitugu tamalez harremanik izan lurraldean gizarteko inorekin, izan ditugun gutxiak oso azalekoak izan dira.
Zinta zuri bat itsasadarraren luzeran besterik ez da Fort William. Goza asmoz joan gatzaizkio baina haize finak hoztu digu ibilia. Badira ia hondar ere ez diren gotorgune baten hondakinak, badira moila antzerako murrutxoak, baina batez ere itsasadarra bera da erakargarria. Begirada urrutietara luzatuz, ia ezinezkoa gerta zaigu askenez fiordoko ibilia haize hotza zela eta. Bihar inguratuko dugu berriro fiordoa kilometro luzeetan, alde egiteko bidaia izanen da.
51 kilometro, agur gozagarria.
3.642 kilometro dira Eskozian egin ditugunak
Erdi zoro dabilkigu eguraldia, erabat lainotu zaigu zerua, haizea zakartu: ez dut laku ertzeko ilunabarrik gaur ere.
Bitxia izan da. Andian ikusi genuen behin antzerakoa, baina han belak eta saia izan ziren protagonista. Gaur kaioak eta gabirai jiteko harrapari zuri-beltza izan ditugu partaide. Hegoak geldi baina zabal, planeatzen ari zen harraparia laku-ertz gainean. Kaioa ibili zaio kio-ka larri larderiatsuan, erasoka, ehiza-hegazkina pelikuletan erasotzen duen antzera. Harrapariak ez zuen zirkinik egiten, hara non baina beste bi kaio inguratu zaizkien, hirurak jarri dira oraingoan erasoka. Utzi du planeatze harroa harrapariak, ziztu bizian alde egin du, atzetik jarraiki zituela hiru kaioak ur ingurutik alde egin duen arte. Bakoitzak bere lurraldea defendatzen du, bakarka ezin denean taldean aurkitzen da indarra.
Lixiba eguna izan dugu arratsaldea. Hurrengo lixiba etxean eginen dugu. Azkena ikusten hasi gatzaio bidaiari. Neuk ere osatu dut erabat ibilbideko plangintza edo eskema ere.
Azken egunean argitu ditugu zalantzak: kanpin alboko itsasadarra Loch Eil da, Loch Linnheen luzapena, eskuaira zuzena egiten du Fort Willyamen. Bi laku zatien arteko eraginak gauzatzen ditu ur-korronteak, itsasgora edo beheraren arabera, kanpinaren kokagunearen aurrea da hain zuzen bi itsasadarren lotura edo elkargunean, hortik uraren harat-honat nabarmen biziak.
Zirimiri bihurtu zait itsasadarreko ilunabarra.
“110 Strret-eko geltokia”. Iñaki Zabaleta. “Komunetako bakardadean eta anonimatuan pertsona herabetiek ausarti sentitzen baitute bere burua”. Ez dut orain arte komun-ateko graffiti bat bera aurkitu Bretainia handiko ibilian.
Ekainaren 11. Astelehena.41. a-E:19
XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:
* “Zakur goseek jaten gaituztela hiri ezezagunetan”. Behin ere ez dut bizi izan inon jango gaituzten usterik, hainbat herri ezezagunetan, baita herri gosetietan ere, herri txiroetan, egon garen arren. Gizakia eta gizartea, herria, ona da, zintzoa, norbaitek edo zerbaitek, norbaitek eragindako zerbaitek beti, xaxatzen ez badu.
* “Asteak dira dagoeneko erretzen ez dugula”. Asteak dira telebistarik gabekoak. Etxera bezain pronto izanen gara berriro menpeko.
Milaka eltxok ziztatu gaituzte, arin baina azala pikortatzeko haina, hazkura besterik ez dugu laku ertzeko azken goiz honetan. Laku ertzeko gozagarriak hauek ere, “ez da arrosarik arantzarik gabe”.
Hala behar zuen azken Eskoziako goizean ere: mehatxatuki lainotsu argitu zaigu.
Linnhe itsasadarra inguratuz kilometro luzez, itsasadarra Onich-en burdinazko zubitik zeharkatuz eman diogu agurra Iparraldeari, 10 egunez hartu gaituen Highland lurraldeari, 10 egunez hainbat zirrikitu gozagarri erakutsi digun inguruari, agur ezin egokiagoa. Irudi eder sarkorra geratzen zaigu.
Kamioi militarra Onicheko zubian, hau ere azken irudia.
Etxe nano-nanoa, nanotasun eta antzinakotasunez begi-poz. Txabola batek, aldiz, harri-biltegia dirudi, uharri eta arbel harriak toles-toles pilatuta besterik ez da.
Guk geuk jo ez arren itsasora, itsas adarra ikusten dugu, itsasoak berak joko baitu lur barrura. Eliza bakarti bakana hilobiz inguratuta, gonadun soldadua hildakoen oroigarri: Eliza, soldadua, itsasoa ... dena dago bare.
Glencoe. Harritu gintuen haranzkoan eta harritzen gaitu honanzkoan, errespetua sartzen du, indarra du, edertasun mota ezberdin bat da. Irrika nengoen bailara ezberdin paregabea berrikusteko; bestaldetik ikusi genuen herenegun, bizkarrean izan genuen, itxura erabat ezberdina du mendiak alde honetatik, itxura izugarri deigarria bai mendiren berdearengatik bai higidurak eragindako erreten eta erretenon kolore ezberdinengatik, harriko ebakidura gorrizka bizi-biziak; izugarri bitxiak egiten ditu maldok higidurak, arrasto gorrixkak goitik behera berdegune leun berdinean. Tontor leuneko kono gotorra, izugarri erakargarria. Ur-jauzi bat izan dugu maldaren azken zatian: urkiaren berdea eta ur-apar zuraren sinfonia.
Errespetua nioen Coen bailara pikeari ez baitugu halakorik oraindik igo gure etxatoia garraiatuz. Uste baino errazagoa egin zaigu aldatsa, autoaren kezkarik gabe igo dugu inguruaz gozatuz.
GOI BAILARA
Zeharkatuko dugun azken goi-bailara, ezaguna arren zirraragarria, lehenengo berdexka gero mortua, ezagunak zaizkigun goi-bailararen osagai guztiekin. Begi bakarreko zubitxoak jarri dio ukitu xarmanta bailarari: katedral beteko leiho gotiko-erromaniko horietakoa irudi, luzexka estua, nano-nanoa. Errekatxoaren eta gizakiaren ibilia ahalbideratuz. Lehenengo goi-bailarak sortarazi zigun bizipena bera eragin digu azken goi-bailara honek ere.
Gaur ez da asteburu zalerik, bakarrik goaz errepidean, askeago inguruaz azken aldiz gozatzeko, errepidearen ardurarik gabe.
Eta horrenbestez utzi dugu Highland lurraldea. Zirimiriak bustita, nola ez.
STIRLING KONDERRIA
Herenegun begietatik hain sakon barneratu zitzaigun bailara eta mendi ilara. Bailara berdea, begien atsegin eta bihotzaren harridura. Gaur ez digu eragin, dotore eta erakargarri dagoen arren inguru osoa bere biluztasun eta berde berezian. Badirudi pintore bat etorri zela eta pintatu egin dituela mendiok, hain daude biluz eta hain berdin, mihisea dirudite mendiok, hain berde kolorgetu berdinak potekada pintura berdinarekin egin dituela dirudi. Koadro naif bateko mendia dirudi, edo pintore ahaleginean hasi berri den baten lehen koadroa. Trenak eman dio gaur bizitasuna mendiari: malda barrenetik zeharkatu du alderik alde mendi-bizkarra. Mendizale zenbait ere badoa mendikara egin asmoz: agian trenez etorri dira.
Berria zaigun Hegoaldeko Mendebala zeharkatzen dugu.
Tyndrun: hemen hasten dugu ibili berria, bide ezezagunetik joanaldia.
Jarriak gaude jadanik ezkerretik gidatzera, ez ordea miliaz bidea neurtzen: ez gara beti jabetzen bide ertzeko eta kontagailuko kopuruen ezberdintasunaz, beti iruditzen zaizkigu luzeagoak kontagailuak erakutsitako tarteak errepideko letrerokoak baino. Nahastu egiten gara distantziekin.
Gainbeheran goaz, mapan ez ezik errepidean ere
Pinu batzuk eman die ukitu ezberdina berez aurrekoen antzerakoa den paisaiari: buru zabal eta zapaleko Mediterraneokoen itxurako pinuak, mendi-magalean.
Ingelesei buruzko gentleman mitoa: ez da inon ageri jentlemana kaleko egunerokoan. Herrialde orotako tipologia agertzen da edonon eta denean. Adeitsua zaigu jokabidean ingelesa, edonon baita adeitsua herri xumea. Landa berdeek eta jauntxo-etxeek, horiek bai erantzuten diote mitoari.
Aspaldiko ostatu zahar bat, harrizkoa, beso berdineko gurutzea egituraz, harri bizikoa, ia beltza izaterainoko iluna, grazia eta indarra erakusten du, bizi-bizia hainbeste isurialde ezberdin eta hainbeste leihorekin.
Loch Lomond. Glasgow-eraino joango gara elkarrekin, laku honek lagunduko digu bidean, zeren bera hor dago, gu gara goazenak, baina bera ere laku bera izanik ez da beti ur bera, ura berritzen baitzaio. Ur berri eta laku zahar: zerk ematen dion antzinakotasuna lakuari ura beti berria bada?. Ura biltzen duen zuloguneak?. Laku ederra da, elegantea, zuhaiztia da inguru dena. Bretainia Handiko lakurik handiena da, 34´8 kilometro luzeran eta 8 zabaleran, baso diren 30 irla ditu bere baitan. Ez dakit ikusi ditugun lakurik ederrena den, baina laku ederra eta atsegina dela dakigu. Laku bakoitzak du bere berezitasuna eta bere edertasun propioa; honek ere berea du. Trena ere gurekin daramagu, errepide gainetik, ikuspegi paregabea izan behar dute tren-bidaiariek. Sigi-saga jarraitu diogu lakuaren ertz tolestuari. Luze agertzen zaigu tarteka urrutian. Alboetan badu non jan eta non egon, edo ontziz nondik ibili lakura datorrenak.
Tarbet. Laku alboko herria, bertan behar du itsasadarrak ere, mendixkaren bestaldetik. Bada eraikuntza handi bat mendiaren kontra: agian zulatua dute mendi azpia lakutik itsasora arteko bidea zabalduz. Gazteluak eta jauregiak hor daude Glasgowtik gertu laku alboan: aberatsek, lehengoek eta oraingoek, beti jakin izan dute non kokatu bizilekua.
Utzi daiteke aurreko autoarekiko segurtasun tartea Ingalaterran, atzekoak beti errespetatzen du tarte hori. Espainian eta Euskal Herrian, beti sartuko zaizu norbait aurrean tarte txikiena uzten baduzu ere.
Glasgow. Hiri erraldoi oro bezala auzoz auzo, industrigunez industrigune zabaltzen da lau aldetara. Auzoak ere herri independente bezala dira, ez administrazioz agian, bai bizimoduz. Etxe-orratz luze ugariak gailentzen zaizkio, urrutitik, nabarmen; merke plantakoak gehienak, bada dena kristal-ispilu distiratsu den modernorik ere, bulego-habia, seguru-etxe edo banketxeak dira, seguru aski.
Errepide nagusi denek zeharkatzen dute erdi-erditik, alderik alde hiria: guk, inuzenteok, uste izan dugu erraza genuela tuneletik zeharkatzea, ez genuen hiri barruko bide-sarearen berri: asko ibilitakook ere aingerutxo. Ezustean harrapatu gaitu hiri honek. Edinburgon ibili ginen antzera ibili gara Glasgow-en ere: arazoak ditugu Eskoziako hiri erraldoiokin. Mapak itsutu gaitu, okerreko bide bat zuzentzat uste arazi, azpiko bidea zeharbidea zela uste izan dugu, eta espero genuen bidera atera ordez hara non aurkitu garen berriro itsasadar batean, Dumbarton aurrean edo: itsasbehera zenez kilometrotako lokaztua zen inguru dena, dena likina, lokatz eremu; ederra behar du izan inguruak itsasgoran. Bide bila beraz Glasgow-en ere, ohi dugun lez. Itzuli eta barne-barnetik zeharkatu behar izan dugu hiria, hiriko zurrunbiloaren begi-begian murgildu gara, irtenbiderik gabeko labirinto batean sartu gara azkenik nahi genuen kalera bideratu asmoz, uste genuen irtenbide zuzenaren bila; saltegi baten osteko biltegi aurreko esparruan eman dugu buelta, eta azkenez bideratu eta hiritik atera. Katedrala ere ikusi ahal izan dugu errepidetik. Luze joan zaigu hirian eta hiri inguruetan. Hiriaren alde batean zein bestean, denean izan ditugu hegazkinak.
Dena da jada zabala Glasgow ondoren, dena da etxe, dena teilatu, dena argindar-tantai, dena larre berde: bukatu ziren Eskoziako mendiak. Ingalaterrako lautada eta mendi-muinoetako osagai berdinak ditugu aurrean. Oso herri gutxi dago, agian herrietatik at doa autobidea: errepidea da herriak lotu eta elkartzen dituena, hiri handiak soilik lotzen ditu autobideak.
Autobideko asperdura dugu gurekin. Kamioiak zaizkigu etsai, kamioi asko dabil: aurreratu ahal izateko bizkorregi joan behar dugu, polikiago joanez beti dugu kamioi bakarren bat aurrean ikuskizunaren eta letreroen oztopo. 90 baino azkarrago ez joatea erabaki dut, abiadura bera daraman kamioi baten atzean jarri 100 bat metrora eta berari jarrai: urduritasunik gabeko bidaia lasaia izan dugu erabakiaren ondoren.
Eskorta borobil borobila, harrizko berdina, hondatu samarra.
Abington. Bailara biluzian kokatua, zuhaitz artean gordea dago. Izeidi eta altzifre baso dira inguruko mendiak, zuhaitzez landatu dituzte inguruetako mendiak.
Carlisle. Bere aurrean ordeka zabal joria zabaldu zaigu berriro.
Ebakita dago belarra hainbat lekutan, han-hemenka sail horiak agertzen dira berdegunean gari-sail helduak bailira. Belardi ebaki berri batean ehunka belabeltz ari da askari bila: bitxia izan da zelai berdea mota beltzez estalia ikustea, bitxiagoa pentsatzea hierarkia eta ordenu zehatza zegoela itxuraz bela pila barreiatuta besterik ez zen zelai hartan.
3 tximinia erraldoi, digante tripandi garai grisaxka, berdegune erdian ketan, goiko lainoekin lehian.
Bukatu zaigu horrenbestez Eskozia: 4.500 kilometro egin ditugu bertan 18 egunez. Muga honetan ez da ez gaita-jolerik ez ezer, herrialde berriaren letreroa soilik. Jadanik Eskozia ez zaigu erabateko misterio ez galdekizun, hainbat ikusmin ase baitizkigu; halere mila misterio gordetzen ditu oraindik, mila ataka berri zabaldu dizkio gure jakin-minari.