BIZINAHIA
21
Arruta turistikoa
Hortik zehar eraman naute,
kantoiz kantoi, gora eta behera,
pazienteak ateen ostean,
pazienteak pasilloetan,
pazienteak kontsulta noiz,
ospitaleko arruta turistikoa
Gaitzak edo minak elkartu gaitu,
bakoitzak, baina, bere oskolean diraugu,
gaixo ni gaixoen artean,
bakarra bainintz.
Filmeko pasillo luzeak gogoan,
hau ez da, baina, Marienbat,
ospitaleko labirintua baizik.
22
Aukerak
Sabaira begira
ekidinezina da
hausnarketa isil
barnerakoia.
Orduak leuntzeko
alferrik ez larritzeko
sufrimendua arintzeko
aukera bat da
idatzi-irakurketa
bestelakorik ezean.
Galduta legoke hemen
egona besterik ez duena
23
Zurtzak
Beraien burutapen,
bizien eta nahiez,
ari dira laguntzaileak
gure beharretan aritzean,
beraiengandik urrun
sentiarazten gaituzte
urrun baileude gugandik
urrun gu beraiengandik
beraien eskuetan zurtz
24
Dator doa
Osin sakon ilunak
dira gure begiak
minaren urduriaren
edo kezken zingiretan
sendagilea, erizaina
dator
hitz bat, ukitu bat, botika bat
doa
gu, berriz, hemen gatibu,
kezken kaleetan galduta,
ihes bidezidor bat amets,
hurrengo sartuko denak
bizitza printzarik ba ote
25
Garrasi isila
Familia, lagunartea, herria,
kanpora eta lehengora noiz,
hemengo jolasa eta solasa
barneko garrasi isila
ez baita sekula estaltzen
kanpoko bizipoz deia
han baita biziaren gurpila
26
Balioak
Ezer gutxi balio du hemen
eder izateak ez ezik
eder zarela jakiteak,
osasuntsuago zaudela
hori da pozten zaituena,
tartekako bizipoz bakarra.
27
Bizi
Biziki bizi
gizakion ahalegina
bizitzea baita
jaio ordaina
osasunez bizi
hori da hemen
amesten duguna
28
Zauriak
Zauri bat da gaixotasuna
bihotzeko zauria batez ere,
zauriok eztitzen gozatzen
hor dabiltza ahaleginean
zein adeitsuago denak
nola harri ertzak leundu
harrobi humano honetan.
29
Lasterketa bailitz
Bere erritmo propio du
egoera honek, etxe honek,
lasterketa bat bezala da
egonean bazaude ere.
Indarrak eta arnasa ezagutu eta zaindu
zer galdu asko duzu, zer irabazi ere,
barnea da duzun adore nagusia,
zeure buruari erakutsi behar diozuna,
zeuretzat lan egin zeure samari eusteko,
helmugara iristea da azken xedea,
osasuna berreskuratzea alegia.
Tarteka txanpa, edo aldats erpina,
lautadako egon barea gehienetan
beti osasun egarriari eutsiz.
Helmuga kanpoan dagoela jakitun
30
Arnasa
Inork ez du uste hemen
jai duenik geroarekin
indarren berritzea da hemen
utopia antzuaz harago
esperantza sendo eusgarria
behiala izandako bizipenak
bidezidorren oroimena
iragana birbizitzeko bihozmina
geroa izanen den jai ederra
hori da hemengo arnasa.