Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BRETAINIA HANDIA. 2001. ESKOZIA

BRETAINIA HANDIA. 2001. ESKOZIA

Jon Etxabe 2022/10/24 10:45
IRLAK, Raasay, Portree, Sligacuan, Loch Oich. * Connel, Oban, Arduain, Kilimartin,Lochgilphead, Invegaray, Loch Fine, Damally, Arinabea, Tyndrun, Glencoe. * GLEN NEVIS-NEVIS BAILARA * GOIBAILARA. STIRLING KONDERRIA. Loch Lomond. Tarbet. Glasgou, Agington.

Ekainaren 7a.   Osteguna.  37.a - E:15.a

 

“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri. :

* “Badira otsoek eta zoroek baino / oroitzen ez dituzten hitzak / Gerla zure ateetara da etorri”.  Egunoro oroitarazten digute gerra, gure ateetara dakarkigute, egunoroko jeep, kamioi eta gerra-hegazkinek.

* “Memoria urdinxka bat zor dizuet, iragangaitza”.  Memoria zor diet bidaiei, edozein koloretako memoria, horregatik idazten dut memoria harrotzeko baliagarri zakizkidan lerrook, iragan arinak baitira nire garunetan bidaiok.

 

Begirada bat ibaiari eta badakigu itsasgora edo itsasbehera dugun, korrontearen norabideak erakusten digu gorantz ala beherantz  doan itsasoa, batera zein bestera, beti da indartsua korrontea.

Polito egiteko eginak daude kanpineko berdeguneak, ez bezeroaren erabilpen eta gozamenerako. Zozoak dira belartza bazkalekutzat duten txori mota bakarrak, probetxugarri eta erabilgarri zaienak berdeguneok. Zenbat mokokada eman behar izan dizkion zozo batek irentsi ahal izateko lurpetik atera ondoren zizareri.

 

Atzoko ibilbidea dugu gaur lakuak baliatuz, Ipar Itsasoa eta Atlantikoa lotzen duen ubidearena, baina ahaleginduko gara bide ezberdinetatik paraje berriak ezagutzen.

Kasete-irratia konpondu, gaelikoari buruzko museoa ikusi Inverness-en, eta lurraldea ezagutuz jarraitu, hori da gaurko helburua.

Jasota aurkitu dugu kanpinetik gertu dagoen ubide gaineko zubia: ontzi handizka bat zeharkatu zaigu errepidetik  Linnhe itsasadarrerantz: esklusen bidez berdintzen dute uraren maila, mailaz maila, maria goraz baliatuz.

Elurrez zuri daude mendi gainak: elurra izan da gaur gauez lainoen jarioa han goietan.

“Gaelic Bus” aurkitu dugu errepidean, berdez pintatuta erabat, gaeliko izenak letreroetan bezala. Baina errepide nagusian ez da gaelikoz ageri inolako herri-izenik, oraindik ez du gaelikoak lortu errepide nagusietara jalgitzea.

 

Loch Lochy lakuak ez du gaur misterio kutsurik, arnas handikoa, ederrago dager gaur, zabal eta argi, ertzerago baititu mendiak.

Glen Albyn, bailara berdea, berdetasunak egiten du erakargarri.

Hur sumatzen dugu ubidea, baina urki ilarak dira gure ibilbidearen muga.

Fort Augusteraino heltzen da txilara Iparraldetik, berdegunearekin partekatuz mendi-tontor eta maldak.

Ingalaterrako lehen egunean ikusitakoa bera berresten dugu inguru honetan ere: gaueko ipurtargi distiratsuak, errepide erdiko marra zurian ispilutxo txikiak daude norabide bakoitza argiz bereizten eta banatzen.

 

Loch Ness. Hegoaldetik,  atzoko ibilbidearen  aurrez-aurre, beste aldetik ibili zeharkatu dugu. Dotore dago, argi, distiratsu: azpiko munstroak bere irudia ikusi ahal dezan azpitik begiratuz, ez du gaur misterio kutsurik. Gaur ez zait atzo bezain estua iruditu, badu arnasa mendiartean. Luzez, atzo bezain luze egin zait, noiz bukatuko antz eman ezineko luzea, begiei urrutian galtzen zaien luzea tarteka.

 

Glen More. Barruranzko bide txikia hartu dugu, herri-bidea. Inor guti dabil pasaguneetan elkarri diosaletarako. Bide-zoruko burdinazko sareak, eta batetik besterako langak daude jarriak animalien harat honantz lekuz kanporakoak galarazteko. Bide bazterretan dabiltza oiloak, aske.

Gehiago ez aurkitukotzat  jotzen genituen goi-balara eta  ur-jaialdiarekin egin dugu topo aldats gainean: apalagoa da hemen ikuskizuna, berdeagoa ingurua. Paisaia paregabea: ibaien sorburua, txilar-mendiak, urkiak, paraje zabalak.... Hor behean, Ness Lakua miretsiz, bide zabaletik egingo duen hainbat eta hainbatek ez du ezagutuko inguru bitxi eta zoragarri hau. 

Bertan dugu Ness Lakua, beheko zuloan,  baina mapak dioskunez sortzen ikusten ditugun laku eta ibaietako urak ez doaz Ness Lakura, Ipar Itsasora baizik, Ivernessetik aurrera. Begiek ere hori bera erakutsi digute: une batean Invernesserainoko goilautada luze-zabala dakusagu, ortzi-mugan galtzen den lakuz betetako mendiarteko bailara beherago eta berdeagoa. Une berean Ness lakua ikus dezakegu garbi gune batetik hor behean. Ikuspegi zoragarria.

 

Goi-bailarako bide zabaletik ordez  Ness lakuaren albotik egitea erabaki dugu Invernesserainoko zatia. Lakuaren auzo-kidetza lasaigarria aukeratu dugu.

Whitebridg, zubi aparta agertu zaigu, ez da zuria, izenez behar lukeen arren, baina bai dela aparta: lerden estua erreka apardun pike sakonaren gainetik. Pasaguneko herri-bidea, igandezaleek badute non gozatu lakuaren alboan, badute zer ikusi, non ibili, non egon, ez zaie bazter ederrik falta.

Fover,  ur-jauziak iragartzen dituzte inguruan.

Inverness.  Ness ibaia  doakio axal eta garbi, baina nonbaitetik eta nonbaiten hor behar du Caledonian ubideak ere, azken zatian dotoretuz, hiria erdi-erditik zeharkatuko duena. Agian biek bat egiten dute hirian. Autozko kale arteko  non aparkatu bilatuz ibilian uste izan dugu zerbait galdu genuela aurreko bisitan, baina oinezkoak erakutsi digu autoz xarmantagoa uste izan duguna aurreko kale-artea bera zela.

Konpondu digute irrati-kaseta, huskeria zen, zintaren etiketa ertza harrotuta nonbaiten kateatzen zen: putz egiten jakin behar, baina.

Gaelikoaren Museoa: hertsia dago, ez dakigu betirako ala aldi baterako: ez dago gidaliburuaren arabera behar zuen eraikinean, eta dagoen tokian dagoela, museo hori “closed” dagoela dio herrizainak. Herrizainaren beste Museo bateara bidali nahia!, ederra dela eta!. Museoa egon zen  eraikina eskoziar etxe petoa omen: dotorea da izan, ezberdina, ederra, bakarra eta bakana. Ez dugu inon antzerakorik ikusi, beraz zenbateraino da petoa, ez al da besterik Eskozian, ala aberatsena da eta guk pobreen etxebizitzak ikusi ditugu soilik, honekin inolako antzik ez dutenak.

 

Kanpinera bidean.

Begirada berri bat eman diogu, agian azkena, bost egunez gure ibilbide izan den itsasadarrari. Errepide nagusian sartu gara bide luzerako: ordekaz ordeka joan gara, goialdietan genbiltzan sentipenarekin, gehienak larre diren ordeka berdeetan, abere guti dabilen arren: izurriteak lurralde osoa ardiz hustu duen sentipena dugu egunotan, ez baitago ardirik ardiak behar lukeen parajeetan; dagoenean ere oso ardi guti baitago.

Musika dugu berriro bidaia-lagun.

Hemen dabil gaur ere tximista bezain bizkor eta trumoia bezain zaratatsu gerra-hegazkin bikotea.

Txilar-bailara bihurtu zaigu bailara berdea Carrbridge inguruan, hemen ez da ez lakurik ez mendi gailenik alboetan. Bailara arraz ezberdinak zeharkatu ditugu tarte motxean, mendikatea zeharkatu izanak badu esplikazioa agian.

 

Noizbehinka euri-zaparrada, noiznahi eguzkia, eguraldi zorua dugu gaurkoa. Beltz dago une batez aurreko tontorreria, laino beltz perpendikularrak betetzen du lurrerainokoa, lainopean daude sarri mendi-tontorrok, hurrengo eguzkipean, une beran eguzkitan brixt dago mendi osoa, albokoa aldiz euripean beltz, beltza zena argia da berehala eta argi zegoena belzten da. Zuri daude mendi-lepo garaienak, elurra izan da goiotan bart gaueko euria. Txingor zaparrada bota digu kale-kalean ginela Invernessen.

Bide txikietatik, herri-bideetatik gara berriro.

Gaelikoz, berdez, daude herri-izenak ingeles izenen gainean.

 

Kinguise. Herritxo grisa baina alegera;  kolorez pintatutako ate eta leihoz, eta harri-kolore ezberdineko ate-leiho bueltaz, tartekako etxe dotorez, fatxada bera ere hartzen duten txapitula-leihoz... Eliza gertatu zaigu ezberdina, txikia, dorre zabal karratu txaparro gotorrarekin: Pirinioetako zenbait elizen traza du.

Bikeztatutako bide-gorriak lotzen du hurrengo herriarekin kilometro askotan, Museo dagoen uneraino hain zuzen.

Newtonmore. Behe solairuko harrizko etxeak zaizkio deigarri, ate-leihoraino heltzerainoko teilatu-hegal baxuekin, Mediterraneo kostako hainbat arrantzale etxek izan ohi duten eran.

Herritxoz herritxo, bailaraz bailara, berdegunez berdegune, etxetxo ederrak bezain politak ikusiz, ardien hutsunea nabarituz, mendi malkor amildegien pean tarteka, bailara zabalean hurrengo, mendixka berdexka laruak beti aurrez alboetan, harrizko harresien lilurak bilduak, urkidi zein izeidien erakargarritasunean... joan zaigu ibilia. Tarteka aspaldiko harrizko etxaldeak agertzen zaizkigu, nekazal etxeak ez ezik harrizko sendoak dira eraikin osagaiak ere. Bailara berde joriak, bailara istingatsuak. Herritxo grisak: ez zaizkigu hain tristeak begitantzen, agian ohitu egin gara, beraien itxurara jarri. Oso gertu goaz tarteka mendi tontorretatik, mendi goietan gabiltzan sentipena bizi dugu. Ez da gari-sailik, dena da larre, ardi gutxiko bukaerarik gabeko larre-sailak dira hauek.

Lagga. Monumenturen bat jaso dute herri alboko harkaitz baten tontorrean, kare-harrizko gaztelu nanoa, jostailuzkoa tamainaz, auskalo zenbaterainoko izugarria esanahiz.

Faisaia errepidean: zenbatgarrena jadanik?.

Goroldio sendoak estaltzen ditu harresi gainak: aspalditik daude harresiok lurralde umel honetan.

Arratsaldeko ordu biak dira, autoa bazterrean utzita, gazteak diruditen hiru gizonezko eta emakumezkoa daude otoitzean bide ertzeko txoko gorde batetan, Mekara begira, alfonbratxoa zoruan. Estalia du burua emakumeak, gizonen aurrean dago, meskitetan ohi denez alderantziz.

 

Laggan Lakua. Luzea eta zabala, ederra, bere albotik egin dugu bidea kilometro luzeetan. Hainbatgarren lakua dugu, baina hau ere paregabea iruditzen zaigu, asperrezina bihurtuz bidaia.

Gaztelu baterako sarrera bera ere gaztelutxo nanoa zen, zaindariaren etxebizitza seguru aski; gerora, laku ertzean, sarreratik oso urruti, baso trinkoa tarteko, ipuinetako gaztelua ageri zen.

Izan zen hemen ere ardien izurritea, hor diraute oraindik hartu ziren neurrien hondakinak edo hondarrak: gurpilak desinfektatzeko zenbait bide sarreretako lurrean zabaldutako lastoa.

Beste laku bat, errekak, ibaiak, tarteka laku bihurtzen zaigu ibaia, ibaia ondoren, bidelagun beti. Urtegi bihurtu dute lakuetariko bat, zabala behar du lakuak isurbideko ateak ixten dizkiotenean, gaur baina beherenean zegoen presa.

Roby Bridge. Herri berri-berria.

Inverroy. Hau ere herri erabat berria.

Spean Bridge. Zuhaitz asko du inguruan, urkia nagusi dela zuhaitzotan.

 

263 kilometro, laku eta bailara artekoak hauek ere.

 

Urduri, buztan tirtirinaz, begiak gainetik kendu gabe egon zaio aurrean luzaro ugazabari so txakurra. Ugazabak, baina, nahiago zuen egunkaria irakurri zakurrarekin jostatu baino, pilota harrika botatzeaz aspertuxe.  Txakurra bera ere aspertu da esperoan eta aurreko manuarekin bota dio pilota pirritan ugazabari honek harrika urrutira bota ziezaion, bota-ekarri jolasari berrekinez.

Matxura izan du autoan etorri berri batek. Mekanikoa etorri zaio. Patxada itxura zuen  gizonak. Ze nolako erneguak hartzen ditudan ordea nik horrelakoetan, matxura bidaiaren ordain arriskuetariko bat dela jakin arren. Buruaren arrazoibideak eta norberaren izaera ez datoz beti bat.

 

“Henriren irudia”. Pablo Sastre. Enriren bila dabil Xan, Enri antza ihesi dabil,... Zerbaiten ahanztura, nonbaitetik ihes egin beharra, zerbait bilatu lilura, ... ez ote dira ere gure bidaiok, gure baitako toles sakonean.

 

 

Ekainaren 8a.  Ostirala. 38.a – E:16.a

 

“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranberri.:

* “Etengabeko lanbroa bezain mendekaria” Girotu egiten du agian lurraldea, ez da mendekari, osagai baino, baina egunerokoa dugu euria Eskozian.

* “Harrezgero zer naiz  Ipuinik bageko dontzeila bat baino / Apoarmatu urreztatua, hostots erori bat”. Sarri galdetzen diot neure buruari, kale ezezagunetan ibiltari, errepideko zurrunbiloak irentsirik edo goi-bailarako mortuotan galdurik, ze demontre naizen, ze darabildan edo zerk narabilen bizitzako bideotan. Azkenik bizitza-zirrikituetako labirintuan galtzen naiz erantzun bila. Ipuinik gabeko dontzeila, apoarmatu buztinezkoa, ostots erori bat, ezerezaren hurrengoa.... Baina hor naiz.

 

Goizeko lasaitasunean, laku barearen aurrean, bertan biltzen den ibaiaren korronte sendoari so, amaierarik gabeko eternitatean egon nahi nuke eserita, patxada eternalean.

 

Itsasoa eta lakua ditugu gaur ere helburu. Laku ertzeko patxada eternala goizeko une batzuetakoa soilik izan da. Eguneroko zurrunbiloan sartu gara ondoren.

 

Ben Nevis mendia eta mendikate hurbileko tontorreria oro Elurrez zuri esnatu zaizkigu gaur. Zirraragarriak zaizkigu mendi elurtuok ekaina aurrera doala. Ikuskizun bikaina izan zaizkigu, aurrez-aurre, autoz ibiliko lehen zatian.

Berdea izanik, tristura bizipena sortarazten digu Invergarry-ra arteko ibilbide zatiak, ez etxe, ez abere, berdegune mortua baita; areagotu egiten digu sentipen bera mendietako txilar marroi-ilunak. Errepide ertzeko urki eta izeiek egiten diguten  tunel berdeak aldarazten digute sentipen hori.  Zerbait falta zaio lurralde honi, bizitasuna emanen dion zerbait; etxeak, haziendak, lur landua, etengabeko auto-pasa... badira, baina inor bizi ez den lurralde jitea du. Lurralde gogorra izanen da, lur ez-emankorra, biziraupenerako baldintza gorriko lurra. Ordez, etxeak baino ugariagoak dira kanpinak. Kolorez eta itxuraz, mendien berdetasuna gehiago da goroldioarena belarrarena baino; hasten ez den belar gogorra dirudi, liken berezia bailitzan, edo hasiberritan ebakitako belar latza. Atzo ikusi genituen herri-bidetako lora lila ematen duen sastraka edo zuhaixkak ugariak dira errepide nagusiaren ertzetan ere.

 

Lochy Lakua, dotore, begien pozgarri, gaur ere.

Invergarrin  hasten da gaurko ibilbide berria. Herriak badu etxeteria errepide ertzean, txaletxoak diruditen etxeak.

Kaio pila hilerriko belartzan mokoka: ze zizare modu edo har mota aurkitzen ote?.

Glengarry.  Whisky fabrikagatik omen ezaguna.

 

Izei eta urki artean egin dugu aurrenik lurralde lauan, gorantz ondoren laku bat inguratuz. Gorantz egiten du errepideak, begiratoki aparta da laku gainean: menditzar elurtuek mugatzen duten lur zabal eremua aurrean, lakuaren ikuskizun aparta behean. Paraje zabala da, xarma du, baina era berean ikuspegi tristea da. Izeidiak egon arren, txilarra da nagusi, ez da etxerik, ez animaliarik, ez zuhaitzik, menditzar gorriak eta lautada eremua, bizitasunik gabeko berde tristea.

Bi urtegi izan dira hasieran, ondoren beste bi etorri dira, bata bestearen ondoren, sekulako ikuskizuna. Urtegi baten hormatzarrak eteten du bortizki paisaia, erraldoitasunez, kolore ilunez eta luzera zurrunez. Urtegiek ez dute lakuen xarmarik, urak jandako koloreko ertzetako harrien markak erabat eteten du inguruaren antzerakotasuna, ura garaiago egon zeneko koskak erabat zatartzen du laku ingurua, harri biluzi kolorgetuek desitxuratzen dute laku bazterra.

Gailur elurtutako mendi-zuloaren oinetan behera, mendiarte estu baten gainbeherari ekin diogu, txapel gainean ditugu mendi-tontor elurtuak, mendiarteko ebakidura berde erraldoia da malda osoa. Dena da ur, maldan behera erretenak errekatxo, errekatxoak erreka, bihurtzen dira, azkenez erreka ibai izan den arte. Une batez dena da ur-jauzia, erreten zuri luzeetan dator ura, haitzarte oro da erreten zuri, haitz zoko oro ur-jauzi apartsu. Beste une batez tontor baten azpian sartzen da erreka, bestaldean agertzeko.

 

Itsasadarra aldats barrenean. Izugarri luzea, tontor elurtuek inguratua. Ibilbide aparta, inguruaren biluztasunean ere. Arbel teilatudun etxe zuriek alaitzen dute itsasadar ingurua: Suitzako laku ingurua dirudi, xafla zuriak han-hemenka ur ertzean sakabanatuta. Turismo-gune edo ondo-bizien bigarren bizitokia.

Dotorea izan da  lakutik aurrerako ibilbide osoa, sekulako ikuskizuna, baita itsasadarren ingurumaria, bigunagoa baita paisaia bera ere, osteko mendi elurtuek ematen diotela azken ukitu erakargarria.

Eilean Donan gaztelua, famatua, postaletatik ezagunagidaliburu edo argazki-bilduma orotan datorrena. Izan ere sekulako ikuskizuna baita. Irlatxo txiki batean kokatua, zubi batez lotuta lurrari, kokagunez zein egituraz deigarria, inguru aparteko batean kokatua. Harri iluneko gaztelu gotor sendoa da, baina aldi berean lerdena eta airosoa, dotoretxoa.

Dornie. Etxe zuriak laku ertzean, zabala, mendixka berdexkaren oinetan.

Ugariak dira otadiak.

Belaontzi bakarra, bakarti eta txiki, fiordo erdian, ukitu zuria ematen dio uraren urdinari, bertikaltasuna ur azalaren zapalari horizontaltasuna etenez.

Kyle of Lochalsh. Lurraldeko azken herria, itsasadarraren hasieran, begi bakarreko zubi garai luzeak lotzen du Skye irlarekin zintzur estuenean. Herritxo bat besterik ez da, turistengandik bizi da, dendatxo eta  antzerako saltoki dira etxe denak. Badu arrantzale portutxoa, baita ontzi-konponketarako lantegia ere.

 

Egunero dugu osagai berriren bat, ezuste edo pozgarritasunen bat. Beti zaigu zoragarria paisaia. Baina herrialde pobrea behar du izan honek, ekonomia ahulekoa, bistakoa da hori ingurura begiratuz, herri, etxe, biztanleen jite, lur mota, haziendari... erreparatuz. Ondo bizi ahal da hemen lau gauzatxorekin konformatzen dena, berogailu eta aterki onak baditu.

 

HEBRYDAK-SKYE  IRLAK

Ordainduzkoa da zubia. Larrutik ordaintzen da ordaindu ere, 11´50 libera. Haranzkoa soilik ordaintzen da, doanak itzuli beharra baitu nahitaez.

Sekulako ikuskizuna da zubi gainetik ikuspegia edonora zuzentzen direla ere begiak: itsasadar luze zabalak eta lurralde berdez inguratutako irlak, menditzar ilun ia beltzak ostean.

Menditzar multzo handi bat besterik ez da irla lehen begiradan. Kontrastez itsas kontrako lehen herritxoa aldiz zuri erakargarri pospolina. Eta halakoak izanen dira irlako herritxo denak. Etxe guti dago, daudenak sakabanatuta edo bananduak, zuritasun berezia erakusten dute, pintatu berri baileude; etxe ponpoxoak dira, mota guztikoak, bat datoz bere zuritasunean, egituraz, aldiz,  ekialdetik ezagunak zaizkigun jite berekoak: behe solairuko etxe luzexkak, mutur biak tximinia hormaz luzatzen zaizkielarik, fatxada zorroztuz.

Ez da erraza igartzen zer den irla eta zer fiordoaren beste aldea, fiordoak eta irlak elkar kiribilduz baitoaz itsasertzean.

Zorionez ona da errepidea eta  erraz egiten ditugu kilometroak, luzea baita gaurko ibilia, gainera sarri gelditzen gara argazkiak ateratzera.

Gaelikoz daude herri-izenak, ingeles izenarekin batera batzuetan, letrero ezberdinetan hurrengo. Zenbait herrik gaelikoz ematen diote ongietorria bisitariari. Beti hizki berdez.  Horiek izan dira gaelikoari buruzko aztarna bakarrak.

Ez da ikusten eskoziar bandera jartzeko amorrurik, eraikin eta bulego ofizialetan ikus ahal daiteke soilik.

 

Bizipoza dario irlari. Auto asko dago, eskaintza ugari. Turismotik bizi dela dirudi. Urruti samar dago, baina asteburu-pasa zein opor leku tentagarria da. Ugari datoz autobusak, bisitari-turistaz zamatuta.

Itsasertz  dena da fiordo, dena sartu-irtentxo, sekulako itsasadarrak sortzen dira edozein aldeko kostaldean; atsegina, erakargarria, da bertatik bidaiatzea, baina hortik kanpo paisaiak ez du erakargarritasunik, kontinentean aipatutako berde antzu eta tontor zorrotzeko  mendi berdexka  biluziak. Agian hor datza askorentzat erakargarritasuna. Paraje tristea gertatzen zaigu euripean, eguzkiarekin ere ez da izanen alaiagoa. Ez da zuhaitz bat bera ageri. Ura, txilarra, eta mendi berdexka biluziak: horiek dira paisaiako osagai nagusiak. Lur eremuak eta itsasertzak  ematen diote erakargarritasuna lurraldeari. Tarteka bakarrean herritxoren bat, itsas kontra beti, fiordoen babesean kokatuak. Lur-barrualdera ez dago ezer, basamortua soilik. Hain paraje bustia izanik, hain lur uzkur, agorra: eguzkia eta beroa faltako zaizkio.

Ez da ia ardirik ageri irlako Hegoaldean, ugariagoak dira ardiok Mendebaldean. Begirik agerian ez duten behi iletsu batzuk ikusi ditugu, begi mordoxkak ere bai mendebalderantz.

Gorbata beltza aurkitzen dugu edonon: politikaren presentzia itogarria. Pobreen edo bisitarien boto bila.

Atzoko eguraldi zoro bera dugu. Euria eta eguzkia tartekatuz doaz, txandatuz. Ikusi egiten da euria mendietan, nola erotzen diren lurreraino laino beltzak. Sekulako ikuskizuna da mendiok bai-ez ikustea euri-gandu ostean.

Sigi-saga doa beti errepidea.

 

Urrutira euripean ikusi ditugun mendietan sartu gara, euri zaparradak jotzen gaitu.

 

Raasay irlatxoa: etxetxo zuriak ageri zaizkio; 444 metro garaierako mendia du, kono puntamotza gailentzen da mendi tontorreriaren gainetik.

7 graduko hozberoa.

Portree. Herri koskortua malda berdean, bisitariz beteta. Itsasadar baten babesean, berezko portua, haitzarte estua naturak babestua, harkaitzak direla moila. Bi solairuko etxetxoek egiten dute kaletxoa da deigarriena. Plaza karratuaren inguruan taxu ezberdineko eraikinak daude, eliza tarteko, plazaren erdian lehoia zutabe gainean: gizajoari ez diote armarririk jarri eusteko.

 

Erabakia hartu behar izan dugu: moztu eginen dugu irlako ibilia. Egina dugu zirkuituaren erdia, kilometro asko dira jadanik, orduak ere luze doaz, gainera ez dirudi ezer ezberdin erakargarririk aurkituko dugunik, nahiko luze doa ikuskizuna, ederra, baina ia beti berdina. Badugu iritzi bat irlari buruz ikusitakoarekin. Ez du nekea metatzerik merezi.

 

Baso-kasko bat Portree inguruan.  Zuri pintatuta daude elizak.

Fiordoz fiordo jarraitu du ibiliak, fiordo zenbait inguratuz, beste zenbait goitik ditugula ikuskizun. Basamortu mendiartea izanen zela uste genuen azken bidaia-zatia, baina fiordoez gain bestelako paisaia bera ere ederra izan da. Izan da labar bertikal amildegitzarra den lurmuturra, itsasadarraren morru eta babes.

Errepidea ona da, nabari da turismoa erakarri nahi dela. Motorzalea ere ugaria da. Motor eta mutur luze handiko auto deskapotagarri bat ere izan dugu begien pizgarri errepidean.

Sligacuan. Bidegurutze batetan kokatua, hotel polit bat besterik ez da ia, baina alboan bada 3 begiko zubitxo erakargarria.

 

Kanpinerantz

Haranzkoa aurkitze eta gozatzea  izan da, honanzkoa gozatzea soilik, kontrabidez, inguru jadanik ezagunetan. Ura-lurra, lurra-ura, ze nahastura, baina ez da nahasmena, harmonikoki elkartuta baitaude elementu biak; sarri ez dakigu zer den fiordo, zer lurmutur edo zer irla.

Zaparradak hartu gaitu eta zaparrada berarekin egin dugu zubirainokoa, atertu gabeko euri-jasa, mendiak eurak ikusezin egiten duen zaparradan, presak ireki dituztela mendietan dirudi, dena baita ura maldan behera.

Itxura erabat berezia du zenbait mendik, higidurak ematen eragiten dion halako egitura, kolore eta itxura bitxi erakargarri ezberdina.

Militar konboia, hegazkinek ezin dutenez aireratu euri honekin, kamioiak atera dituzte nonbait errepidera: irla hartzera doan ariketa taktikoa dirudi.

Lochy lakua, luzeagoa eta ederragoa iruditzen zaigu inguratzen dugun bakoitzean; bigarren laku bat du bere jarraian, laku luze estua, Oich izenekoa.

 

415 kilometro, etxe zuriek alaitutako fiordo eta laku inguruan, eguraldi zoroko egun batean.

 

“Henriren irudia”. Pablo Sastre. Gure bilatze eta ibilion buruan izanen al dugu Henrirena baino irudi baikorragorik!.

 

 

Ekainaren 9a.   Larunbata     39.a - 17.a

 

XX. Mendeko Poesia Kaierak”. Iñigo Aranbarri.

* “Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua”.  Atzo bizi izan genuen une hori; aldiz, aurreko egunetakoa baino txarragorik izan daitekeela  froga nahi digu gaurko eguraldiak, berun lauza da gain osoa.

* “Ahantz ditzadan behingoz lurpera ezineko oraina”. Mailuak lez joko gaitu gaur ere eguneko ezinak, ordez loreak lez  koloretuko gaitu uneoroko ederrak.

* “Lurra da krimen handiena”. Beraz lurtarrok gara kriminalik handienak ere. Bere bizimodu gorria lurrotan pairatu zuten eskoziarrak ere bai?. Mendekotasuna onartu ez zutelako?.

* “Ez du euririk eginen”.  Eginen du ba gaur ere, Eskoziako egun orotan lez.

* “ “Eta edertasun hura, ezin ederrago”. Fiordoak!.

 

Bada zirimiria Euskal Herriko ezaugarria dela uste duenik. Datorrela Eskoziara!.

Txakur asko dago Eskozian, Ingalaterran ez bezala, lotuta daramatzate, eskutik, baina asko dira txakurrok. Bakardade izurritea heldu ote hona ere?.

Bidaietako nire barne-bidaiaren egunkaria eraman nahi nuke: kezkak, beldurrak, erneguak, ibilbidea landu beharra, maparen ekin eta ekin azterketa, bidegurutzeetako haserreak, okerbideetako  ezinaren jasanezina, huts nabarmenak, bide-sare nahasiak, nire ausoekiko hausnarketak, nire bikote Maria Luisarekiko harremanak, etxatoi leku murritzeko honetan elkarbizitzaren mila zertzeladak, gure bizimoldeko erantzukizunen banaketa, janzkerari buruzko gu bion pentsamolde eta ohitura ezberdinak, pozak, zorion orduak... Milaka dira barne-bidaiako bidegurutze, errepide, bide eta bidexkak,  trinkoa osatzen duten sarea, elkar trabatuz eta gurutzatuz.

Baina ez dut idazten egunkari hori. Patxada faltaz, baita denbora ezagatik ere, berandu eta nekatuak etxeratu ohi gara arratsalde erdian, goizean, berriz, goiz atera ohi gara. Beldurra ere izan daiteke bizipenok ez idaztearen arrazoietariko bat: bide korapilatsuak baitira barne ibiliok. Gainera asperdura eta errepikapena lekarke,  dena baita azkenean antzerakoa, berdintsua, Eskoziako “loch” hauek bezala.

 

Azkar doazkigu orduak kanpinean, maria gora ikusi orduko dugu berriro maria behera. Etxoletara datoz batez ere igandezaleak asteburuan. Lehengo dendak desagertzear dauden heinean, etxatoiak eurak ere desagertuz joanen dira. Hirian pilatuta egotetik kanpinean pilatuta egotera dator igandezalea,  baina ibilaldietarako aukera dute kanpinean, eguneroko inguruetatik urrun.

 

Eskozian eginen dugun azken bidaia luzea izanen da gaurkoa, Hegorantz eginen dugu. Hala behar ere. Ez gure ahalmenak, ez eguraldia, ez daude mendi gailurretara abiatzeko.

Lainoak hartuta daude menditzarrak, txapela ez ezik beherainoko laino multzo zuriko gabardina ere jantzia dute gaur. Eguraldi zoroa, egunotan ohi duena. “Oban”en eta ondorengo tarte luze batez eguzkia izan dugu: eskertzekoa benetan.

 

Mailaz maila datoz esklusak, sei bat izanen dira, eskailera erraldoia dirudi, koska handia baitago ubidetik itsasadarrera. Luze joan behar du bide-zati labur hori egitea: han zen belaontzia erdiko mailan.

 

Fiordoz fiordo joan da gaurko bidaiaren lehen erdia. Itsasadarrari kukuka doa errepidea, hurreratuz, alde eginez hurrengo, goialde batera eramaten gaitu noizbehinka ur-zabaleraren ikuspegi zabala erakusteko.

Hainbat zubi zeharkatu behar izan dugu, itsasadar muturrak edo itsasadarraren adar ederrak zeharkatzeko, elkar korapilatuz baitoaz sarri ura eta errepidea. Zenbait zubi auto bakarrarentzat adinako estuak dira, aspaldikoak, izan dira harrizko zenbait zubi sendo ere, Onichekoa esaterako. Egituraz ere ederrak sarri, itsasadar gaineko zubiak beti dira erakargarriak, ur bare-barea  dute zabal alde bietara, neu bakarrik izatea zubi gainean dut gustuko, lasai eta gozatuz egin ahal izateko zubi gaineko tarte hori.

 

Oso dotorea izan da itsasadar ertzekoa: zuhaizti zabalak daude mendi magaleko ur-ertzetan zain, lainoek estaliak dituzte mendi arre idorrak, eta lainoa jasotzean hegoalderantz berde agertu zaizkigu mendiok, zuhaitz gabeko biluziak, baina ez mendi mortuak. Mendi soil mortuen ukitu, punttu hori falta zitzaion gaurko bidaiari, orain alaiagoa, erakargarriagoa doa ibilia, ingurune osoa dago gozo.

Turista-gunea da kostalde osoa, hainbat eta hainbat dira hotelak. Zuriak dira etxe denak, txapituletako leiho airosoek alaituak.

Herriak eurak baino ugariagoak dira kanpinak, herri bakoitzak du bere golf-zelaia, ugariak dira gazteluak ere,  izan da bat kapritxoko zoragarria, irlatxo batean, xarma deigarrikoa uretan islatzen zaiola zilueta ispiluan lez. Eskoziar gurutzea hegoaldean baino murritzagoa da goialde guztian. Presente dago aldiz polizia, argazki mehatxuz kartelean eta begi elektroniko oroikusleaz zelatan edonon. Abere gutxi ikusi dugu, bai ordea pare bat lekutan izurrite-kontrol neurriak.

 

Hara non holandar bikotea gazteluari argazkia ateratzen: ekainean, holandarra errepidean!.

Behe solairuko etxe baxu-baxuak dira zenbait herritan, ateburua eta leihoa teilatu ertzaren parean duten nano itxurakoak, batzuek jarraian daude, besteak bakan. Ez dakigu aurpegi estua tximinia-hormak luzatzen dien etxe horiek baino zaharragoak diren; aro berdinekoak dira agian.

Ugariak dira motorzaleak, edonora jotzen dugula ere.

 

Connel.  Herritxo dotorea, erakargarria, baina ez du ezer berezirik bidezkook geldiarazteko, ikusminez eta gozatuz begiratu badiogu ere. Kokagunea, lakua bera da aparta, baina sobra gaude oinezkoak bertan, belaontzi eta txalupa motordun zaleek dute soilik non gelditu eta ibili aproposa.

Belaontzi mordoa itsasadar ertzean, ugariak izanen dira belaontziak aurrerantzean gaurko bidaian, herri txiki-txikitxoetan ere, ez baitute porturik behar ur geldiok, lurmuturtxoa da belaontzien babesgune. Muturtxo horretan jalgitzen da gaztelutxoa: hondatu samar dagoela dirudi. Leku aparta belaontziz nabigatzeko. Kaioak dirudite belaontzi zuriok itsasertzean, uretan igeri-egonean. Aparteko goxotasuna damaiote itsasertz leunari, ez dira kulunkatu ere egiten, hain geldi dago ura.

Estua da da Connel-eko zubia, argi-gorriek ematen diote bidea txandaka alde bakoitzekoari; burdinazko zubi erraldoia da, burdinazko tunela dirudi. Astiro joateko gogoa sortzen dute itsasadarreko zubiok, alboez gozatzeko baretasunean; agian norbera zubi gainean oso nano sentitzen delako dute niretzat halako erakargarritasuna zubiok.

Gaztelutxo bat ere bada mendi-tontortxoan, dotore.

Oban.  Loch Linnhe lakuaren muturrean, arrantzale herria uda-herri bihurtuta. Gaur egun gehiago da uda-herria, herri handia izanik, herri potxoloa da era berean. Mota guztietako etxeak ditu, ederrak eta deigarriak asko: ondo-bizien herria izandakoa. Zabala eta moila sendoko portua, gorde-gordea, hazia, arrantzontzi koskortuak gordetzen ditu. Bisitari, kanpotar asko dabil larunbatean, autoa erruz dator bertara, gainezka egiten dio udak eta uda-herri giroak. Dendateria, uda-herri bateko petoa. Plazako zutabeak hemen ez du lehoirik, zutabe buruan daude zizelatuta armarriak. Herri gainean arkuteria erraldoi biribilak erakartzen du jakin-mina: bankari batek  bere hilobia jaso nahi izan zuen, ez dakigu dirua ala bizitza ahitu zitzaion, baina bukatzeke dago monumentutzarra. Ederra omen katedral katolikoa, kanpotik ez diogu ezer berezirik aurkitzen, urruti samar dagoenez ez gatzaizkio joan ere.

Bertan gelditu eta ibilaldia emateko irrika sortarazi digu, oinezkoaldi batera makurrarazten gaituen herria baita, bai giroz bai eguraldiagatik, baina luzea dugu oraindik gaurko ibilbidea. Eguraldi eguzkitsu gozagarria lehenengoz Eskozian, ia Ingalaterran ere, York eta Kanterbury izan ziren salbuespenak.

 

Belaontziak dotore ematen dute itsasadarreko ur geldian, bakarka ainguratuak zabalgunearen erdian, zein pilatuta bazterreko sartunetan. Kostalde erakargarria da, ez da menditzar idorrik, mendixka biluzi berdeak dira, ikuspegi atsegina, dena dugu berdea aurrean. Zuhaitzak, mota guztietakoak eta asko. Itsasadar bat uzteaz bat, berri batean gaude, ikuspegi goitikan, pare-parean berehalaxe. Itsasadarreko sartunean beti da herrixkaren bat, aurrean beti belaontziren bat.  Ondo-bizien eta asteburu eskualdea da hau, uda edo asteburu-pasa dator hona jendea. Ia ez da ageri abererik. ”Garden”, parkeak, ugariak dira, errepidean iragarrita: jauregi edo gazteluren baten parkeak dira, eta ordaindu egin behar da parkeok ikus ahal izateko.

Oban aurretik auto asko bazen, ia bakarrik goaz orain errepidean. Obanera zetorren auto uholde hura

Arduain. Euskal izenaren kutsua du izen honek. Harrizko moila luze batez babesten ditu ontziak, berez naturak gordea dagoen zokoa babestuagoa nahi izan ditu gizakiak: hormok ez dira atrakaleku, babes-morruak baizik.

Zabaldu egiten da ordeka, lasaitasuna dario zabalgune berdeari, baina aldi berean bakardadea eta tristura.

Alemaniar motor batek aurreratu gaitu: zer egiten du alemaniar bakartiak motoz hemen. Bi motorzale alemaniar aurkitu ditugu errepide ertzeko geldileku batean: bikotea da gutxienez.

Bizkor joan ohi dira motorrak: gozatzen ote dute motorzaleek inguruaz abiadura horretan, oso adi joan beharko baitira errepideari so, agian motorra eramatea eta abiadura dira bere gozamena.

Kilimartin. Ezuste atsegin franko eskaini digun tontortxo bateko arbola arteko gaztelutxoak, ez handia baina bai gotorra. Museo bihurtuta dago eliza, gotorleku itxura du: “Eskozia historikoa” deitzen dio gidaliburuak museoari, antzinako herrien historia erakusten da nonbait; harri piloa dago eliza barreneko zelaian, hori dela uste dugu gidaliburuak aipatzen duen tumulua.

 

Aurrerago artaldea larrean dagoen zelai zabal batean sei harritzar tantai zabal daude zut, tinko: adi gindoazen eta ikusi ahal izan ditugu; espero ez genituen beste bi harritzar tantairekin aurkitu gara aurrerago. Zirrarak kilikatzen zaitu barrenetik: milaka urteko gizonaren lanak hor dirau zutik. Harrobia gertu zuten, baina nola moldatzen ziren harritzarrok zelai erdira eramateko, ze mundu ote hura, nola moldatzen ote?.

Granja bat monumentuaren aurrez-aurre, itxita eta utzia, izurritearen bando madarikatua ageri zaio bide-sarreran. Monumentuen garaietatik milaka urte geroago halako izugarrikeriak probokatu ditu gizakiak dirua egin beharraren beharrez, diru azkarra sortzeko lehiaren ondorioz.

Harri bikotearen inguruan bazen zubitxo polit bat, geroago antzinako bigarren  zubia izan dugu begien poz. Harrizko hesi asko da inguruan, txukun jasotako hesiak dira, gaina aho zorrotz, puntazorrotz uzten dituztelako gaineko harriak, ez dakigu animaliek ihes ez egiteko, ala lapurrik ez sartzeko.

Istinga bihurtu da una batez bailara estua: bizi-bizia da ura, baita eguneko argia ere, baina argi gehiegiak erre egiten du, ur larregiak, aldiz, ito.

Heldu da honaino azpi horian marraztutako gorbata beltza, errepideko hesoletan jarria dago: diru asko du alderdi politiko honek, edo militante finak ditu.

 

Lochgilphead. Kaletxoa itsasadarraren muturrean, gaztelutxoa dirudien eraikina kaleari hasera emanez, hondartza berdea dirudien berdegunea ur ertzean. Uda giroa du, uda-pasakoentzat herria da, ezer guti eskaintzen du pasoko goazenentzat.

 

Inveragay. Jende pila datorkion uda-herria, asteburu-herria, kanpotar-herria, badu non gozatu lakuaz, zainduak ditu laku ertzak, arduratu da bisitaria gustura aurkitu dadin herrian. Dotore kokatuta fiordoaren buruan, aurrean beste fiordo bat duela. Herri zuri atsegina. Xarma du. Bazter atsegina, bertan gelditzera tentatzen zaituena. Zuri-zuri ageri da ur ertzean, batez ere hegotik begiratuta. Hainbat eraikin deigarri du: eliza-dorrea nabarmentzen zaio, karratu eta lerden, gorri, etxeteria zuriaren gainetik. Gaztelua du eta autobuskada bisitari datorkio eten gabe.  Bi zubi nabarmendu behar, bitxia bata, ederra bestea: bi begikoa da bitxia, bi begien erdiko gainaldean begi borobil handia du; estua denez, semaforoek zuzentzen dute nork nori bidea; zubi ederrak,  aldiz, gaztelura sarrera behar zuen aspaldiko garaietan, gazteluaren parkea ur-ertzetik zabaltzen zenean, gazteluko parke barruko zubitxoa zen agian. Gonadun soldadua da gerran hildakoei omenezko oroitarria. Gaztelura sarreran dago oraindik izurritea dela eta desinfekzio gunea.

 

Loch Fyne, itsasadarretik egiten dugu. Harrizko hesolak mugatzen dituzte sailak, burdina-haria sartzeko zulo estuak dituzte eginak. Herritxo zuria itsasadarraren bestaldean, inguru berez babestua arren, bi moilez babestutako portua du: ez da nonbait beti bare itsasadarra.

 

Gaztelua bat, ondoren beste bat... hainbat eta hainbat gaztelu dago ur inguruan, hemen ez zituzten jauregiak jasotzen, gazteluak, gotorlekuak, baizik: gerra izan da, eta da, gizakiaren ofizio nagusiena, gerraren inguruan dabil beti ekonomia eta bizitza osoa. Bisita ahal daitezke gazteluok, baina ez doan, bere zerga eskatzen du oraindik jauntxoak, zerga ordaintzera behartzen du.

 

Aire librean, zeru garbian  jaso dute museoa aspaldiko etxeekin: ez gara jabetu bertaraino heldu arte, erdi utzia dirudi, belar hasiz inguratuta daude etxeok. Bada lastozko teilatudun etxe bat, erorita dago aurpegi zorrotzak dituen etxetxo bat, harrizko horma eta herdoilak jandako xafla teilatuzko eraikinak... Ez zebilen inor, ez geratzea erabaki dugu. Agian itxita dago.

 

Lur barrutik egin dugu etxerantz, barrurantz jo dugu etxerako ordua heldu zaigunean. Agur fiordoei.

Lurralde eremuetan sartu gara. Bi auto antzinako sendo zabal ederrak ezkontza batera doaz lazo zuriz apainduak, senargaia doa batean, emaztegaia bestean, auskalo ze tokitik eta nora mendi galdu hauetan.

Euria hasi du berriro, ikusezin daude mendiak euripean. Begirik gabeko, begiak ilez estalitako,  behiak, ile gorrizko muturrekin.

Ez dugu ekaitzik ez trumoirik sumatu egunotan, euriok ez dira trumoi ondorengoak, ez dira trumoi-euriak.

Irlatxoz jositako laku eder bat, arboladia delarik ingura. Geroxeago jauregi ikusgarria laku ertzean, hareago gaztelu baten hondakinak: lau horma harro, hondatuak arren graziosoak.

Ez da eskualde honetan ere golf-zelairik ez duen herririk.

Motordun polizia laku kontran: bidaia osoan ikusi ditugun bigarrenak, beraiek aldiz zenbat aldiz ikusi jo ote gaituzte begi elektronikoz. Agian badugu isunen bat, aurrea hartuz etxera bidean.

 

Damally. Ezin dugu herria ikusi ahal. Lakutik gertu dago. Eliza, hotel, eta zenbait etxe, uda-herri kutsua du denak; dorretxoz apaindua dauzka lau kantoiak elizako dorre karratuak, dena zuri-zuri pintatuta, deigarri eta dotore.

Mendiak hasi zaizkigu orain kukuka, ikusiko ez ikusiko euri ganduaren ostean, ikusteko baino ikusezinago gordeta.

Elur lekua, hesola luzeek dira errepideko mugarria

Goilautadatan gaude berriro. Ohiko osagaiak. Elkarrekin goaz trenbidea, errepidea eta ubidea, ibaitxoek alaitzen dute soa. Bailara estua da, estu-estu doa, zabaldu den tarte bat ezik. Hemen ez da laku batentzat lekurik, istingak dira ibaiaren sorburu. Izeidia da mendi-magal osoa. Une batez atsegina bilakatu da hitsa zen bailara, mendiarte estu atsegina.

Arinabea. Behean dauden bi etxetxook dira herria, agian. Ezin ukatu euskal antza izenari.

Tyndrum. Etxe bakaneko  herritxo zuria bidegurutzean.

 

Paisaia erabat ezberdin bitxian sartu gara, mendiarte ezberdinean: mendi koniko garai eta burumotz borobilak, goitik behera leun leunak, jantzi berdez estaliak; berdegune berezia da, ez dakigu ze belar-mota den,  ezta goroldioa bada ere, baina ikuspegi ezohiko bitxia eskaintzen dute, ikuskizun paregabea; taxu berdinekoak luzatzen dira mendiarte berdean galtzen diren bailara sakon berdeak. Biluziak, ez da inolako zuhaitzik, ezta sastrakarik ere, dena da berdegune leun berdina, pendiz-pendizak magalak, urak urratutako erretenek zimurtutako gainbeherak, mendi-zimurrak bailira.  Erreka gauzatuz heinean haltzak agertu zaizkio ertzetan ur korronteari, luze doa erreka zabala, bi haltz-ilaren erdian: ikuskizun dotorea.

Gora egin dugu. Ikuspegi ederra eskaintzen zaigu goitik. Erruz geratzen da autoa inguruari so, aparkaleku zabalak daude horretarako, kinkila eta mokadu eskaintza dago bertan. Gaita-jole batek girotzen du gaina bere jantzi eta musika eskoziarrez, txanponak eskertuz.

 

HIGHLAND.  Ez dakigu noiz eta non atera garen Eskoziatik, ez digute agurrik eman, ongietorria bai eman digu ingeles soilik dagoen kartelak.

 

Glencoce

Goi-bailara, ohizko osagai guztiekin, Iparreko lurretan baikeunde. Izugarria da paraje hau ere, ezaguna arren, zirraragarria. Txilarrek estaltzen ditu irlatxoz betetako laku zabala. Ondoren belar zapal-zapaleko mendi eta bailara berdeak, berde tonu berekoak, inolako berde kolore ezberdinik gabe.

Gainbeheran sartu gara. Sekulako aldatsa. Mendiarte piko estua, dena ura mendi magaletan behera, horma-amildegiak alboetan. Erruz autoak denean, bazter oro  dago autoz mukuru. Mendira dator jendea, mendian dabil, autoak errepideko aparkalekuetan utzita.

Autoz gainezka dago beheko lautada ere, kafetegi, jatetxe, eta denda inguruetan hauek.

Barrura sakon sartzen da Loch Linnhera basoa. Itsasadarra bera inguratuz egin dugu Fort Williamera.

Fort William, Loch Linnhe Itsasadarraren albo-alboan, bizi du herriak uraren hurbiltasuna, kaleek zuzen-zuzen jotzen dute itsasadarrera, kale nagusiko kale-kantoi orotatik bertan dagoen ibilbidea dago ertz-ertzean, herritarra ere badator laku ertzera. Lakuak arnasa ematen dio herriari, baita argia, bizitasuna eta zabaltasuna ere. Arnasa du kale nagusiak; arnasa, inguruak. Ez du apartekotasunik, lakua ez bada. Oinezkoen kale  zabala du, bada etxe ederrik ere, Bada parke bat ere ur etzean, egonleku gozagarria laku zabala aurrean dela. Aukerako txaletxoak egin dituzte ondo-biziek,  herritik kanpo laku gainean, bertako etxeen jitea gordez, hori bai. Atsegina egin zaigu. Jendez pil-pilean dago gaur.

 

Alderdi Sozialistaren hauteskunde propaganda aurkitu dugu Fort Willian-en. Gorbata beltza, berriz, ainguratutako belaontzi baten masta puntan kulunkatzen da. Presente dago alderdi hori-gorri bat ere errepideko argi-tantaietan.

 

324 kilometro, azken lauhazkada Eskozian

 

Tren-hotsa tarteka, baita behi-marruma ere, eta txori-hotsa... Bisita egin ohi digu zozo batek alboko apaingarrirako belartzan.

Gorri dago oraindik hamaiketan lakuaren aurrez aurreko mendi ostea. Ia bihar Nevis mendiaren gailurra ikusteko betarik dugun, baita lakuaren sarrera ere lakuan.

 

“110 Streeteko geltokia”. Iñaki Zabaleta:

* “Anyone who lives in the ghetto really knows haow to survive”. Eskoziako goi-bailara mortuotako nekazariek ere!.

* “Kultura desberdinetako pertsonak luzera ondo moldatzea  zaila izaten delako”. Erraz ziurtatzen da Bretainia Handian badela kultura eta herri ezberdineko jendea, bertakoa zein atzerritarra. Arazo gordinak behar dute egon.

 

 

Ekainaren 10a.  Igandea.  40.a – E:18.a

 

“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.

* “Trumoiaren zain” poesia. S. Juan egunez Ingalaterrako  nonbaiten irakurriko dut poema hau S. Juan sutxo sinbolikoaren aurrean.

* “ Trumoiaren zain”. Laino beltzetan beltzenak ditugu egunero, baina eguneroko euria ez da trumoiaren ondorio. Ez dira trumoi lehertzen laino beltzok.

* “ Zer den ur garbien azpitik hain doilor hartzen gaituena / ... / Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait, urak berarekin daramana / ... / Hala da, bada oraindik begiek neurtzen asmatzen ez duten itzalik”: Fiordo hauen xarma sorgindua.

* “Norberaren baitako paisaia fina”. Horrek baldintzatzen du begien aurreko paisaia. Barruko paisaia islatzen da kanpokoan. Nola izan, hala ikusi, ze sentipen halako ikuspen.

 

Oskarbi argitu da eguna, zeru urdin; lasterrera azaldu dira, baina, etorri mantsoan lainoak. Eguraldi zoroa izanen dugu gaur ere.

 

Ugariak dira lainoak, euriz antzuak baina. Eguzkiak biziki epeltzen gaitu ostarte zabaletik. Ikusi ahal ditugu mendiak bere tontorreria osoan. Ikusi ahal dugu Ben Nevis mendia, ez dirudi 1344 metro dituenik, itsasertzetik begiratzen baitiogu, ber-bertan ikusten. Buru leuneko mendi sendoa da.

Sky-garraio gunea.  Ben Nevisen bila genbiltzala egin dugu berarekin topo. Mendiarte oinetan, ohiko osagaiz eraikitako gunea. Aparkaleku zabalak erakusten du jende  asko datorkiola, gaur ere ugariak dira autoak. Etengabe dabiltza gora-behera kabina zintzilikatuak,  oso mantso bidaiaria eroso sar dadin geltokian, ez baita katea gelditzen,  luzaroago goza dezan paisaiaz zintzilikariotik ere. Erruz doa bisitaria goi-mendietara, nabari zaie parafernalian mendikara egitera doazela. Gaina inork eramanda egin, eta gainetan ibili, maldan gora birikak lehertu gabe arnasestuka edo gozamenik gabeko goranzko nekaduran denbora galdu gabe, indarrak eta denbora goiko gozamenerako gordez. Ugariak dira parapente-motxilarekin zamatuta doazenak: zapi luzexkatik zintzilikatuta dakusagu hainbat zeruan, aparkalekuan lurra hartu du batek, han bertan tolestu du plastiko arina eta berriro gorantz egin du.

Berde baina biluz daude mendiak, hainbat ur-jauzik edertzen dute malda apar zuriz. Beste itxura bat eskaintzen du Ben Nevis mendiak garraio gunetik ikusita: malkor bizia erakusten du, beherainoko labar amildegiak.

Motorzale asko dabil gaur ere.

 

BEN NEVIS – NEVIS BAILARA

Bailara zoragarria, ederra, aparta. Alde batera ia goraino izeidia den mendia, beste aldera Ben Nevis mendia. Leunagoa da Ben Nevis alde honetatik, malda berde berdina, urki ilara edo baso-kaskoek eteten duten artifizial edo plastiko itxurako berdegune pikea, malda luze erakargarria urki ilarek berde ezberdinez marraztu eta marratuak. Naturalagoa dirudi gaur taxu berdineko kolore berdeak berak ere. Sigi-saga doa gainerako bidea, gorantz eta zeharka, azkenik albotik eginez gailurrera egiteko. Igoera erraza behar du izan mendian ezer dabilenarentzat, paregabea behar du izan goitikako ikuspegiak.

Erreka estuak ebakitzen du barrenean bailara, ez da erreka zabala, baina bai ur garbikoa, ertzetan haltz ilara errekaren luzera osoan, aspaldiko sendoak dira haltz asko. Bailararen bukaeran ur-jauziak, ez handiak baina bai xarmantak. Ibilbide apartekoa da bailara osoa.

Behi eta ardi batzuk erreka alboko larre estuetan, ingurua dotoretzeko apaingarri jarrita baileude

Ugari dator igandezalea: askok etorri, begiratu, ikusi eta itzuli egiten du, guk egin duguna bera, Ibilzale asko dator, baita mendizale asko ere. Guk ere egin dugu gure oinezko ibilalditxoa.  Autoz beteta dago gailurrera irteerako berri-emaile bulego ingurua, baita bailarako aparkagune oro ere.

Jazz musika entzunaz, astiro-astiro, ibilbide gozagarria gertatu zaigu, ur-jauzien inguruko oinezkoa ere zoragarria izan da. Motor-hotsa da enbarazu bakarra.

 

Ze agur goxoa lurralde honek eman diguna, Nevis Bailarako azken irudi eta bizipenak. Joanean goza egin dugu, oraindik ederragoa izan da itzulera, ia ezberdina gertatu baitzaigu ikuspegia. Naturari lotutako azken esperientzia soilik, ez baitugu tamalez harremanik izan lurraldean gizarteko inorekin, izan ditugun gutxiak oso azalekoak izan dira.

 

Zinta zuri bat itsasadarraren luzeran besterik ez da Fort William. Goza asmoz joan gatzaizkio baina haize finak hoztu digu ibilia. Badira ia hondar ere ez diren gotorgune baten hondakinak, badira moila antzerako murrutxoak, baina batez ere itsasadarra bera da erakargarria. Begirada urrutietara luzatuz,  ia ezinezkoa gerta zaigu askenez fiordoko ibilia haize hotza zela eta. Bihar inguratuko dugu berriro fiordoa kilometro luzeetan, alde egiteko bidaia izanen da.

 

51 kilometro, agur gozagarria.

3.642 kilometro dira Eskozian egin ditugunak

 

Erdi zoro dabilkigu eguraldia, erabat lainotu zaigu zerua, haizea zakartu: ez dut laku ertzeko ilunabarrik gaur ere.

Bitxia izan da. Andian ikusi genuen behin antzerakoa, baina han belak eta saia izan ziren protagonista. Gaur kaioak eta gabirai jiteko harrapari zuri-beltza izan ditugu partaide. Hegoak geldi baina zabal, planeatzen ari zen harraparia laku-ertz gainean. Kaioa ibili zaio kio-ka larri larderiatsuan, erasoka, ehiza-hegazkina pelikuletan erasotzen duen antzera. Harrapariak ez zuen zirkinik egiten, hara non baina beste bi kaio inguratu zaizkien, hirurak jarri dira oraingoan erasoka. Utzi du planeatze harroa harrapariak, ziztu bizian alde egin du, atzetik jarraiki zituela hiru kaioak ur ingurutik alde egin duen arte. Bakoitzak bere lurraldea defendatzen du, bakarka ezin denean taldean aurkitzen da indarra.

 

Lixiba eguna izan dugu arratsaldea. Hurrengo lixiba etxean eginen dugu. Azkena ikusten hasi gatzaio bidaiari. Neuk ere osatu dut erabat ibilbideko plangintza edo eskema ere.

 

Azken egunean argitu ditugu zalantzak: kanpin alboko itsasadarra Loch Eil da, Loch Linnheen luzapena, eskuaira zuzena egiten du Fort Willyamen. Bi laku zatien arteko eraginak gauzatzen ditu ur-korronteak, itsasgora edo beheraren arabera, kanpinaren kokagunearen aurrea da  hain zuzen bi itsasadarren lotura edo elkargunean, hortik uraren harat-honat nabarmen biziak.

 

Zirimiri bihurtu zait itsasadarreko ilunabarra.

 

“110  Strret-eko geltokia”. Iñaki Zabaleta. “Komunetako bakardadean eta anonimatuan pertsona herabetiek ausarti sentitzen baitute bere burua”. Ez dut orain arte komun-ateko  graffiti bat bera aurkitu Bretainia handiko ibilian.

 

 

Ekainaren 11.  Astelehena.41. a-E:19

 

XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:

* “Zakur goseek jaten gaituztela hiri ezezagunetan”. Behin ere ez dut bizi izan inon jango gaituzten usterik, hainbat herri ezezagunetan, baita herri gosetietan ere, herri txiroetan, egon garen arren. Gizakia eta gizartea, herria, ona da, zintzoa, norbaitek edo zerbaitek, norbaitek eragindako zerbaitek beti, xaxatzen ez badu.

* “Asteak dira dagoeneko erretzen ez dugula”. Asteak dira telebistarik gabekoak. Etxera bezain pronto izanen gara berriro menpeko.

 

Milaka eltxok ziztatu gaituzte, arin baina azala pikortatzeko haina, hazkura besterik ez dugu laku ertzeko azken goiz honetan. Laku ertzeko gozagarriak hauek ere, “ez da arrosarik arantzarik gabe”.

 

Hala behar zuen azken Eskoziako goizean ere: mehatxatuki lainotsu argitu zaigu.

Linnhe itsasadarra inguratuz kilometro luzez, itsasadarra Onich-en burdinazko zubitik zeharkatuz eman diogu agurra Iparraldeari, 10 egunez hartu gaituen Highland lurraldeari, 10 egunez hainbat zirrikitu gozagarri erakutsi digun inguruari, agur ezin egokiagoa. Irudi eder sarkorra geratzen zaigu.

Kamioi militarra Onicheko zubian, hau ere azken irudia.

Etxe nano-nanoa, nanotasun eta antzinakotasunez begi-poz. Txabola batek, aldiz, harri-biltegia dirudi, uharri eta arbel harriak toles-toles pilatuta besterik ez da.

Guk geuk jo ez arren itsasora, itsas adarra ikusten dugu, itsasoak berak joko baitu lur barrura. Eliza bakarti bakana hilobiz inguratuta, gonadun soldadua hildakoen  oroigarri: Eliza, soldadua, itsasoa ... dena dago bare.

 

Glencoe. Harritu gintuen haranzkoan eta harritzen gaitu honanzkoan, errespetua sartzen du, indarra du, edertasun mota ezberdin bat da. Irrika nengoen bailara ezberdin paregabea berrikusteko; bestaldetik ikusi genuen herenegun, bizkarrean izan genuen, itxura erabat ezberdina du mendiak alde honetatik, itxura izugarri deigarria bai mendiren berdearengatik  bai higidurak eragindako erreten eta erretenon kolore ezberdinengatik, harriko ebakidura gorrizka bizi-biziak; izugarri bitxiak egiten ditu maldok higidurak, arrasto gorrixkak goitik behera berdegune leun berdinean. Tontor leuneko kono gotorra, izugarri erakargarria. Ur-jauzi bat izan dugu maldaren azken zatian: urkiaren berdea eta ur-apar zuraren sinfonia.

Errespetua nioen  Coen bailara pikeari ez baitugu halakorik oraindik igo gure etxatoia garraiatuz. Uste baino errazagoa egin zaigu aldatsa, autoaren kezkarik gabe igo dugu inguruaz gozatuz.

 

GOI BAILARA

Zeharkatuko dugun azken goi-bailara, ezaguna arren zirraragarria, lehenengo berdexka gero mortua, ezagunak zaizkigun goi-bailararen osagai guztiekin. Begi bakarreko zubitxoak jarri dio ukitu xarmanta bailarari: katedral beteko leiho gotiko-erromaniko horietakoa irudi, luzexka estua, nano-nanoa. Errekatxoaren eta gizakiaren ibilia ahalbideratuz. Lehenengo goi-bailarak sortarazi zigun bizipena bera eragin digu azken goi-bailara honek ere.

Gaur ez da asteburu zalerik, bakarrik goaz errepidean, askeago inguruaz azken aldiz gozatzeko, errepidearen ardurarik gabe.

 

Eta horrenbestez utzi dugu Highland lurraldea. Zirimiriak bustita, nola ez.

 

STIRLING KONDERRIA

 Herenegun begietatik hain sakon barneratu zitzaigun bailara eta mendi ilara. Bailara berdea, begien atsegin eta bihotzaren harridura. Gaur ez digu eragin, dotore eta erakargarri dagoen arren inguru osoa bere biluztasun eta berde berezian. Badirudi pintore bat etorri zela eta pintatu egin dituela mendiok, hain daude biluz eta hain berdin, mihisea dirudite mendiok, hain berde kolorgetu berdinak potekada pintura berdinarekin egin dituela dirudi. Koadro naif bateko mendia dirudi, edo pintore ahaleginean hasi berri den baten lehen koadroa. Trenak eman dio gaur bizitasuna mendiari: malda barrenetik zeharkatu du alderik alde mendi-bizkarra. Mendizale zenbait ere badoa  mendikara egin asmoz: agian trenez etorri dira.

 

Berria zaigun Hegoaldeko Mendebala zeharkatzen dugu.

Tyndrun: hemen hasten dugu ibili berria, bide ezezagunetik joanaldia.

Jarriak gaude jadanik ezkerretik gidatzera, ez ordea miliaz bidea neurtzen: ez gara beti jabetzen bide ertzeko  eta kontagailuko kopuruen ezberdintasunaz, beti iruditzen zaizkigu luzeagoak kontagailuak erakutsitako tarteak errepideko letrerokoak baino. Nahastu egiten gara distantziekin.

Gainbeheran goaz, mapan ez ezik errepidean ere

Pinu batzuk eman die ukitu ezberdina berez aurrekoen antzerakoa den paisaiari: buru zabal eta zapaleko Mediterraneokoen itxurako pinuak, mendi-magalean.

 

Ingelesei buruzko gentleman mitoa: ez da inon ageri jentlemana kaleko egunerokoan. Herrialde orotako tipologia agertzen da edonon eta denean. Adeitsua zaigu jokabidean ingelesa, edonon baita adeitsua herri xumea. Landa berdeek eta jauntxo-etxeek, horiek bai erantzuten diote mitoari.

Aspaldiko ostatu zahar bat, harrizkoa, beso berdineko gurutzea egituraz, harri bizikoa, ia beltza izaterainoko iluna, grazia eta indarra erakusten du, bizi-bizia hainbeste isurialde ezberdin eta hainbeste leihorekin.

 

Loch Lomond. Glasgow-eraino joango gara elkarrekin, laku honek lagunduko digu bidean, zeren bera hor dago, gu gara goazenak, baina bera ere laku bera izanik ez da beti ur bera, ura berritzen baitzaio. Ur berri eta laku zahar: zerk ematen dion antzinakotasuna lakuari ura beti berria bada?. Ura biltzen duen zuloguneak?. Laku ederra da, elegantea, zuhaiztia da inguru dena. Bretainia Handiko lakurik handiena da, 34´8 kilometro luzeran eta 8 zabaleran, baso diren 30 irla ditu bere baitan. Ez dakit ikusi ditugun lakurik ederrena den, baina laku ederra eta atsegina dela dakigu. Laku bakoitzak du bere berezitasuna eta bere edertasun propioa; honek ere berea du. Trena ere gurekin daramagu, errepide gainetik, ikuspegi paregabea izan behar dute tren-bidaiariek. Sigi-saga jarraitu diogu lakuaren ertz tolestuari. Luze agertzen zaigu tarteka urrutian. Alboetan badu non jan eta non egon, edo ontziz nondik ibili lakura datorrenak.

 

Tarbet. Laku alboko herria, bertan behar du itsasadarrak ere, mendixkaren bestaldetik. Bada eraikuntza handi bat mendiaren kontra: agian zulatua dute mendi azpia lakutik itsasora arteko bidea zabalduz. Gazteluak eta jauregiak  hor daude Glasgowtik gertu laku alboan: aberatsek, lehengoek eta oraingoek, beti jakin izan dute non kokatu bizilekua.

 

Utzi daiteke aurreko autoarekiko segurtasun tartea Ingalaterran,  atzekoak beti errespetatzen du tarte hori. Espainian eta Euskal Herrian, beti sartuko zaizu norbait aurrean tarte txikiena  uzten baduzu ere.

 

Glasgow. Hiri erraldoi oro bezala auzoz auzo, industrigunez industrigune zabaltzen da lau aldetara. Auzoak ere herri independente bezala dira, ez administrazioz agian, bai bizimoduz. Etxe-orratz luze ugariak gailentzen zaizkio, urrutitik, nabarmen; merke plantakoak gehienak, bada dena kristal-ispilu distiratsu  den modernorik ere, bulego-habia, seguru-etxe edo banketxeak dira, seguru aski.

Errepide nagusi denek zeharkatzen dute erdi-erditik, alderik alde hiria: guk, inuzenteok, uste izan dugu erraza genuela tuneletik zeharkatzea, ez genuen hiri barruko bide-sarearen berri: asko ibilitakook ere aingerutxo. Ezustean harrapatu gaitu hiri honek. Edinburgon ibili ginen antzera ibili gara Glasgow-en ere: arazoak ditugu  Eskoziako hiri erraldoiokin. Mapak itsutu gaitu, okerreko bide bat zuzentzat uste arazi, azpiko bidea zeharbidea zela uste izan dugu, eta espero genuen bidera atera ordez hara non aurkitu garen berriro  itsasadar batean, Dumbarton aurrean edo: itsasbehera zenez kilometrotako lokaztua zen inguru dena, dena likina, lokatz eremu;  ederra behar du izan inguruak itsasgoran. Bide bila beraz Glasgow-en ere, ohi dugun lez. Itzuli eta barne-barnetik zeharkatu behar izan dugu hiria, hiriko zurrunbiloaren begi-begian murgildu gara, irtenbiderik gabeko labirinto batean sartu gara azkenik nahi genuen kalera bideratu asmoz, uste genuen irtenbide zuzenaren bila; saltegi baten osteko biltegi aurreko esparruan eman dugu buelta, eta azkenez bideratu eta hiritik atera. Katedrala ere ikusi ahal izan dugu errepidetik. Luze joan zaigu hirian eta hiri inguruetan. Hiriaren alde batean zein bestean, denean izan ditugu hegazkinak.

 

Dena da jada zabala Glasgow ondoren, dena da etxe, dena teilatu, dena argindar-tantai, dena larre berde: bukatu ziren Eskoziako mendiak. Ingalaterrako lautada eta mendi-muinoetako osagai berdinak ditugu aurrean. Oso herri gutxi dago, agian herrietatik at doa autobidea: errepidea da herriak lotu eta elkartzen dituena, hiri handiak soilik lotzen ditu autobideak.

Autobideko asperdura dugu gurekin. Kamioiak zaizkigu etsai, kamioi asko dabil: aurreratu ahal izateko bizkorregi joan behar dugu, polikiago joanez beti dugu kamioi bakarren bat aurrean ikuskizunaren eta letreroen oztopo. 90 baino azkarrago ez joatea erabaki dut, abiadura bera daraman kamioi baten atzean jarri 100 bat metrora eta berari jarrai: urduritasunik gabeko bidaia lasaia izan dugu erabakiaren ondoren.

Eskorta borobil borobila, harrizko berdina, hondatu samarra.

 

Abington. Bailara biluzian kokatua, zuhaitz artean gordea dago. Izeidi eta altzifre baso dira inguruko mendiak, zuhaitzez landatu dituzte inguruetako mendiak.

 

Carlisle. Bere aurrean ordeka zabal joria zabaldu zaigu berriro.

Ebakita dago belarra hainbat lekutan, han-hemenka sail horiak agertzen dira berdegunean gari-sail helduak bailira. Belardi ebaki berri batean ehunka belabeltz ari da askari bila: bitxia izan da zelai berdea mota beltzez estalia ikustea, bitxiagoa pentsatzea hierarkia eta ordenu zehatza  zegoela itxuraz bela pila barreiatuta besterik ez zen zelai hartan.

3 tximinia erraldoi, digante tripandi garai grisaxka, berdegune erdian ketan, goiko lainoekin lehian.

 

Bukatu zaigu horrenbestez Eskozia: 4.500 kilometro egin ditugu bertan 18 egunez. Muga honetan ez da ez gaita-jolerik ez ezer, herrialde berriaren letreroa soilik. Jadanik Eskozia ez zaigu erabateko misterio ez galdekizun, hainbat ikusmin ase baitizkigu; halere mila misterio gordetzen ditu oraindik, mila ataka berri zabaldu dizkio gure jakin-minari.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.