Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. BRITAINIAN HANDIA 2001

BIDAIAK. BRITAINIAN HANDIA 2001

Jon Etxabe 2022/12/19 09:50
GALES: GALES. CAMBRIAN mendiak, Aberystwyth, BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Monmout-Trefynwy, Caerdydd-Cardiff.

GALES. CAMBRIAN mendiak, Aberystwyth, BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Monmout-Trefynwy, Caerdydd-Cardiff.

 

Ekainaren 15a.   Ostirala.  45.a-G:5.a

 

“XX. Mendeko Poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:

* “Hemen izan gabe han ez izatea / Han izan gabe hemen ez izatea”.  Bidaiariaren nolabaiteko definizioa edo muina. Baina guk badakigu Galesen gaudela eta badakigu Euskadin ere bagaudela.

* “Zoazen tokira zoazela / Ekarridazu harri bat”.  Burdina zati bat jaso dut aurten Banff herritxoko portuan, torloju handi bat.

 

“Uraren azalean edonora zoazela”, Iñigo: Uraren azalean doa udaberri honetako ia bidaia osoa. Lau orduko zaparrada ez da atertu oraindik goiz honetan. Atertu zain gaude kanpin berrira egiteko.

 

Gazteluak garai bateko fabrikak bezalakoak izan ziren: segurtatua zuten urteetan lana hargin, gurdizain, arotz, harrobi-gizon, basomutilek... gaztelua jasotzerakoan. Jaso ondoren berriz sukaldari, neskame, morroi, basozain, kortazain, zaldizain, basomutil... Baina izua sortzen zuten era berean herrian, herriaren bizkar bizi baitziren jauntxoak, jauntxoaren menpe  herria. Kontraesan honetatik sortzen den arrisku eta ondorio guztiekin.

 

Ederra dago itsasgoran Bangor-eko badia, makur jitea du, aldiz, gazteluak, ilunagoak zakizkio harriak eguraldi ilunarekin.

Nekazari itxurako dozena erdi gizonezko bidegurutze batean, eskuan daramatzaten esku zuri bat kirten luzearen ertzean tramankuluak astintzen dituzte auto bat datorren bakoitzean. Protesta kalera ateratzeko era ezberdin bat.

Zaldizkoa izan dugu zaldun bide ertzean, zaldizkoaren kapelu berezia du buruan.

Hilea moztuta daude zenbait artalde, Eskoziako arraza berekoak dira;,  beste asko, aldiz, hor dabiltza hilea dariela. Ardiek ez dute nonbait nahitaezkoa berokia urte osoan Galesen.

Ingalaterrako paisaia dotoreak darrai Galeseko eskualde honetan ere, Eskoziakoa baino alaiagoak dira etxeak, jite ezberdin bat dute bai egituraz bai kolorez, zabalagoak dira, estu-luzeagoak ziren haiek, hauek zabal-motzagoak: agian gure irudimena besterik ez da. Zuriz pintatuta dute gutxienez alde bat  harrizko etxe askok, kolore ezberdinekoak dira ateburuak, leiho, beha-leihoak eta teilatu ertzak; adreilua ere badarabilte leiho ertzetan; kolore ezberdinekoak diren harriak edo zaindunak fatxadetan. Bada zikin plantako etxe ilunik.

Tradizioa, usadioak, kultura, gordetzen dakite: harri tolestuz eta gaineko ilara aho-zorrotz utziz egiten dituzte oraindik errepide ertzeko horma-hesi berriak: harrizko hesia da lurraldeko ezaugarrietako bat.

Giza lana behar da tradizioa gordetzeko, makinak ezin du egin artisau lanik, eskulanik, makinak ezin ditu hormok egin, makinek ez baitute oraingoz artisautza ordezkatzen.

“Diversion”a izan dugu: ezabatu dituzte bide zaharreko izenak, baina ez dute bide berrikorik jarri. Noraezean, oso abegikor geratu zaigu bertako gizonezko bat, nondik jo argitu diguna. Ondoren kabitu ezinik ibili gara autoak, norabide bietako eta aparkatutako autoen nahasmenean, elkarri txanda emanez.

 

Porthmadog. Itsasertzeko herria.

 

Snowdonia natura-gunetik barrena egin dugu aurrerako ibilbide ia osoa kanpineraino, itsasertzeraino heltzen baita natura-gunea. Aurrerakoan natura-gune berean beste inguru batetik egin genuen ibiliaren antzerakoa izan da gaurkoa ere, arbel-harri zati uholde beltza mendian behera botatzen dituen harrobi eta guzti. Mendi-mendiko harrizko etxeak, taxuz pintatutako etxe xarmantak... Herri sendoak dira, eguraldi gogorrera ohituak, egoera latzetarako gertatuak. Bada herri ilunik ere, herri ia kolore beltzekoak, kolore berdinekoak teilatua eta hormak, masa ilun bat besterik ez diren eraikinak; aldi berean ez dira herri tristeak, bai herri serioak; sendotasuna darie herrioi ez tristezia: zerk eragiten du portaera desberdin hori etxegintzan, zein eragin du ondorengo biztanleen portaeran etxe-molde ezberdinak?.

 

Bokal gutxi eta kontsonante askoko herri izenak dira ugarienak, izan dira dozena bat kontsonante eta bokal bakarreko herri-izenak, baina seguruenik y eta W-z  baliatzen dira izenok ahoskatzeko, beti baitaude hizkiok tartean.

 

Cromlech, harrespila, errepidetik gertu  zelai batean, hamar bat harri handi borobilean jarrita erdian zerbait dutela: bere legea ezartzen du errepideak eta ezin izan gatzaizkio gelditu.

 

Dolgellau.  Mendi-mendiko harrizko herria, zuhaitz artean.

 

Harrizkoak dira Dolgellau inguruko hesiak

Mendiarte pikoan egin dugu beherantz itsasora, berdegunean, dotore, zuhaitz franko inguruan, lakua behean aurrez-aurre eta mendi berdeak goialdean.

Mendi-herri jitea du zenbait herrik itsasertzean arren, menditik eta mendian bizi dira, ez itsasora begira edo itsasotik. Interesak du eragina herriaren bizimoldean; bizimoduak, bizibideak, ez kokaguneak baldintzatzen du herri baten bizitza, kokaguneak eraginik badu ere herri zenbaitzuetan. Herri pobreak izanen dira hauek ere, baina gutxienez alaiak dira, kolore, forma, irtentxo, apaingarriek... erakargarriak bihurtzen dituzte.

 

Macynlleth. Herri dotorea; kolore argiz pintatutako etxe biziak; eraikin bikainak orobat; bada zenbait etxetxo xume ere: mendi-herri eta bailara-herrien nahastura du. Bizipoza dario.  Erlojua erakusten duen dorre bat du monumentu gisa plaza edo kale nagusian: dotorea, bitxia.

 

Errota erraldoia: erraldoia da urak eragiten duen gurpiltzarra, erraldoia ere errota behar duen eraikin edo jauretxea bera ere.

 

Okerreko bidea hartu dugu: ez zen aukera erraza berez, baina okerrekoa aukeratu dugu hain zuzen!.  Komediak egin ditugu itzuli ahal izateko. Erabat estua baitzen herri-bidea. Abegikor eta adeitsu lagundu digu etxetxo galdu bateko gizonak. Funtzionatzen du solidaritateak!.

 

Kanpina.

Aberystwyth herritik hurbil, Galeseko mendebal kostaldeko erdialdean.

Tarteka aterruneak eta eguzki-aldiak izan baditugu ere zaparradaz-zaparrada egin dugu bidaia osoa, zaparradapean hartu gaitu kanpinak. Itsasertzean kokatua, itsasoa urrutitxo badugu ere. Belardi batean, Bretainia Handian ohi denez.

Hainbat kanpin dago hemen bertan, oso ugariak dira kanpinok inguru osoan. Etxolak dira nagusi kanpinetan, sailtxo bat besterik ez digute uzten etxatoioi. Etxola-sail erraldoiak, herritxoa osatzen dute.

Harritza da itsasertza, hondartza ordez: ez dakigu uraren bila datorren  bezeroa; zerbaiten bila baino zerbaiten ihesi datoz agian, nahiz hemen ere pilatuta egon.

 

Arratsaldeko jira.

 

CAMBRIAN MENDIAK

Natura-guneko mendiak. Ibilbide atsegina eta ederra, berdegunez berdegune, zuhaitzez aberats diren bailara eta mendi ertzetatik, tunela bailitz arbola azpitik sarri. Arbola azpiagatik zein laino beltzengatik, ilunabarra zirudien sarri arratsaldeak. Lurralde berde atsegina. Herritxo xarmantak dira ingurukoak, ona da errepidea. Inguru erakargarria, zaparradapean arren sarri. Uneoro ditugu lagun errekatxo eta ibaiak. Merezi izan digu ahaleginak, ateratzea erabaki izanak. Gozamena gertatu zaigu.

Zergatik dira harrizkoak hesi batzuk, zuhaizka leun eta berdin inausiak  besteak. Ugariak dira, ukitu aparta ematen diote zuhaitz sendook lurraldeari.

Sarria da intxusa hesietan, sail ezberdinen ertzetan, zein etxe-alboetan. Asko landatu da pinua: mendi osoak bihurtu dira pinudi edo izeidi. Enborrez zamatutako hainbat kamioi izan ditugu bidaia-kide. Ugariak dira arrasean ebakitako basoak.

Ez da orain arte Galesen soro landurik, ez gari-sailik, ez koltza alorrik. Larrea da lur-zoro osoa, baina ez da ia haziendarik, heldu da izurritea honaino ere: kontuz ibiltzeko oharrak edo debeku gordinak ageri dira oinezkoentzako ibilbideetan.

Meategi batekin egin dugu topo errepidean, agian turistentzako ikuskizuna eta ikusmina besterik ez da.

Asko dira mendi soilak, biluziak, zuhaitzik gabekoak, baina berde atsegineko mendiak dira era berean, ez Eskoziako pintore naif baten koadroko mendi berde haiek. Ez dute mortu sentipenik sortzen. Bailarak, aldiz, arbolatsuak dira.

 

Llangurie.  Herritxo bat besterik ez da. Arbel harriz estaliak daude goitik beheraino elizako hormak, baita etxe batekoak ere.

 

Bailara xarmant liluragarriak zeharkatzen ditugu, lur sailak goraino hesi berdeek banatzen dituzten zenbait mendien inguruan sarri. Berdegune joria da lurraldea. Begiak zabalik goaz ia noiz agertuko jaun-kondea bere gonbidatuen zaldizko koadrilarekin, txakur saldoz inguratuta, turuta-hots eta txakur zaunkaz bilduta, azeri ehizan. Ez da gaztelurik, baina; ezta jauregirik ere: itsasertza zuten maiteago jauntxoek, agian eskurago zuten segurtasuna urez bilduta, mendateko harresiz inguratuta baino.

Bi errota eoliko sail: bidaiako hirugarrena.

Eskoziarra dirudi gurutze galestarrak, izanen du berezitasunen bat baina gure begiek ez dute jasotzen desberdintasunik.

Errotak eskaintzen dituzte ikusgai edo ikuskizun errepide kontretan.

Garoak estaltzen du erabat mendi-magal osoa, garo guri eta gazteak, Bretainia Handian ikusten dugun lehena.

Elkarri ilaran loturiko lau etxetxo besterik ez dira hainbat herri.

 

Dolgellau eta Maclynlleth arteko lurmutur edo penintsulatik joan da ibilbidearen azken zatia: natura-gunea, basoz egin dugu lehen zatia tunelpe batean lez, ondoren, aldiz, itsasgain-itsasgain. Irlanda behar du izan  itsasoaren beste aldea  ikusi ahal izateko urrutiegi badago ere. Herritxo bat itsas gain-gainean: zoragarria, gozamena, behar dute izan etxeok bizitzeko.

Harrizko hesiak dituzte itsasgaineko lur denek, itsasotik barrukoak, barrukoenak alegia, hesi berdeak dira. Aho zorrotzik gabeko gaina dute harrizko hesiok.

 

Gurutze galesari argazki bat ateratzeko geratu garenean,  galdetu digu gizonezko batek matrikulari ondo begiratu ondoren: “Spanish?”. –“Basque”. Barre eginez esan du:” Diferent”.

 

Tywyn: hiru eliza jarraian kale nagusian, hirurak xarmantak: batek, agian bik, beso berdineko gurutze forma du, dorrea jaso diote gurutzadura gainean, eliza erdi-erdian, gaztelua dirudien dorre karratu sendoa.

 

Aberdovey: Udaldirako herri petoa, kolore anitzeko herri bizi-bizia, atsegina, itsasadarraren sarreran. Belaontzi ugari gordetzen du kaian.

 

Enborra goi-goitik ebaki dioten zuhaitz handi sendo bat, landuta du goialde osoa, familia edo zerbait antzerako irudikatuzko taila erraldoia. Erabat bitxia. Errepideak agintzen du, ezin izan gara geratu argazkia ateratzeko.

Itsasadar gainetik joan gara, urik ikusi gabe, zuhaitz azpiko tunel berdean eman diogu bukaera arratsaldeko ibiliari.

Eskualde osoa da udaleku.

Arratsalde osoa izan zaigu euripe, errepide bazterrak erreka bihurtu dituen zaparrada oso bortitza izan da azken euri erasoa. Ez da, baina, ez trumoirik ez tximistarik, ez ekaitzik, euria bera, aldiz, ekaitz-euria da.

 

387 kilometro, euripean, baina inguruaz gozatuz.

 

Ortzadarra agertu zaigu arratsaldez. Ederra. Atertu gabe jarraitu du euriak.

Eguneroko gerra hegazkina, eguneroko ogia bailitzan.

 

“Onan”. Aitor Arana.

 Gazte guti dabil kanpinetan. Badute nonbait bikoteek bestelako  bide eta txokorik elkarrekin gozatzeko.

 

 

Ekainaren 16a. Larunbata.   46.a – G:6.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia, 1990 – 200:

Pako Aristi: “Bakardadearen estuasunetik ihesi denak”. Etxolateria erraldoi, etxola-herri, hauetako igandezale eta opor zaleak dira seguruenik gaur egungo iheslariak. Gu geu biok ere ez ote Etxarriko bakardade eta egunerokotasunetik iheslari?.

 

Aurelia Arkotxa:

* “Urrunean untzia / estaltzen / itsas hegiaren hutsa”. Atlantiko honen hegiak hutsik dirau, ez da bertan inolako ontzirik.

* “Arrain itsasoko handiaren  / begi geldia / guri so / iduzkitan”. Arrain gozo errea gure zain sagardotegian, herrimin suspertzaile.

 

Bare beltz txikitxo bat atzeman du zozoak. Eginahalak eta bi egin behar izan ditu, luzaroko etenetan pausatuz, bare kumea ez dakit hil ala zatitzen mokokadaka. Bare likina mokoan itsatsita geratu zaiolako-edo izugarrizko lanak izan ditu ondoren mokoa belartzan igurtzika garbitzen. Gosari nekosoa zozoarentzat, goiz-ibili tragikoa barearentzat, gaurkoa.

Alboko etxatoikoek ate-sarea jarri diote txakurtxo zuri bizarluzeari, kanpora ihes egin ez diezaien.

Atzoko berean diraute laino beltzek. Nahiz eguzkirik ez, ateria bera ere onartzen da atzoko euriteen ondoren.

Gidaliburuak aitatu ere egiten ez dituen, mapak berak ere herri-bide xume bezala marraztuta agertzen diren bide eta lurraldeetatik doa gaurko ibilbidearen erdia, horiek ere ikusmina merezi dutela uste baitugu.

Aberystwith. Itsasertz-ertzean, etxe-sail zabala agertzen da errepideko aldatzetik, zenbait dorre, tximiniteria, hainbat etxe-horma zuri, mota argi… zaizkio deigarri. Bertatik ikusita, kolore ezberdin biziko eta jite-egitura bereziko etxeek herri argi-argia,  bizi-bizia, bilakatzen dute: zura agirian duten fatxadak, adreiluzko zenbait eraikin, kolore ezberdin argiz pintatutako horma zarpeatuak, itxura eta kolore ezberdineko beha-leiho pila, harrizko eraikinak, fatxada punta luzeak... kale nagusi eta erdiko kaleetan ez ezik baita alboko kaleetan ere. Plaza edo kale-gurutzeen zabalgunean dorretxo zuri karratu estu luzea, teilatutxoa duela txapel,  erlojua erakusgai, xumea baina polita dager. Turismo gune omen den hondartza. Ibilbidea luzatzen zaio itsasgainean; ibilbide gainean, aldiz, etxe ilara luze koloretsua, dotorea bere osotasunean begiratuz. Badu museo bat ere, bertako folklore, historia eta eskulanei buruzkoa. Hemen da ere Galeseko Liburutegi Nazionala non gordeta dauden Galeserazko altxorrak: hiri hau omen galestar kontzientziaren sortzegunetariko bat.  Galeseko Unibertsitatea ere bertan dago kokatua.

 

Paisaia ingeles dotore beti bera izan da ibili osoa, mendiguneko tartea ezik. Aspertzen ez duen paisaia bigun erakargarria. Itsasertzetik arren ez dugu itsasorik begi-bistan, bai ordea itsasertz berde idilikoa. Tarte batez itsasoa bera ere agertu zaigu begien atseginerako: une horretan harritzak dira itsasertzak hondartza ordez, harrizkoak dira hesiak ere.

Errimeak dira janari saltzaileak errepideko geragunetan, banaka-banaka beti dute bezeroren bat. Jantoki bihurtutako autobus zaharrak izan ditugu errepideko osagai berriak, norberaren autoan baino erosoagoa baita mokadua autobus barruko mahaietan edo barra aurrean.

Koloretako etxetxoak aitatu behar ditugu nola ez baita herri alai argiak ere.

Ugariak dira kanpinak Galesen, itsas zoko bakoitzak du berea.

 

Lur barrurantz egin dugu. Paisaia ingeles-galesak darrai. Baso-kasko ugari zeharkatu dugu, etorbidea bailitzan tunel berdeak hartzen gaitu bere baitan hainbat aldiz ibilaldi osoan. Hainbat larre zabal, ez behi ez ardi, hutsik. Mapan zuri marraztutako errepide xumea behar zuena errepide zabal ondo zaindua gertatu zaigu, tarteka gora-behera leunek ezberdintasun punttua emanez joanari.

Destilategi bat, ez zaigu ezaguna whiskyaren marka. Antzerki-gune bitxi bat herritxo baten alboan, eskultura bitxi batez girotuta. Lastozko teilatudun etxe bikaina: zerbait ofiziala zirudien, itxita dago eta ez du iragarkirik. Autobus geltoki xarmanta: garitatxoa besterik ez da, teilatu ertzak kolore ezberdin biziz pintatutako zuri-zuria, bitxia bere ezebetxoan.

Mendi-muino oro da hesi berdez sailkatutako larre-gune, dotore-dotorea berez, urrutitik begiratuta dotoreagoa oraindik. Berdin ebakitako bi zuhaitz-hesiren erdian estututa goaz, kamino bazter-bazterreko hesiak dira, erretenarentzat ere lekurik utzi gabeko hurbil.

Zaldi-lurraldea, zaldi banaka ugari ikusi ditugu larrean; kontuz gidatzeko ohartarazten dizute zaldizkoaren irudiz errepide bazterrean, zaldi-gune dela eta. Hainbat zaldun ikusi dugu zaldi gainean  bai herrietako kaleetan, errepidean bertan ere mendira edo zaldientzako ibilbideetara doazela. Zaldunontzako ibilbideak daude iragarrita errepidean, oinezkoentzako bide-gorriak iragarri ohi diren bezala. Zaldi dotoreak dira larreetako zaldiak, finak, gorputz lirainekoak, ez okelarako zaldi sendokoteak.

Izurritearen aztarnak: desinfekzio kontrolguneko hondakinak eta paperezko oharrak.

Argazki politak ateratzea legoke non geratu balego. Ez da aparkagunerik herri-bideotan, ez da non geratu errepide nagusitik at. Bertatik bertarako autoak dabiltzanez nagusiki, ibilaldi motxekoak alegia, ez dute geratzeko premiarik.  Agertzen zaizkigun autoak, jarraiki ditugu tarte batez atzean, gu bezain lasai; berehalakoan, baina, desagertzen zaizkigu: bertatik bertarako autoteria dabil bideotan, herritik herrirakoa.

 

Lampeter.  Herri koskortua.

 

“Traffic control” iragarkia dago herriko sarrera edo bihurgune arriskutsu aurretik, ondoren argazki kameraren mehatxua dator. Ez dugu kamerarik ikusi ahal, ez daude errepide bazterrean tantai luzeen puntan Ingalaterrako zenbait  eskualdetan bezala.

Lurralde hau da non lehen aipatutako dozena bat kontsonante eta pare bat bokaleko herri izenak dauden. Galeseraz soilik daude zenbait herri-izen.

 

New Inn. Ostatu izena, baina baserri usaina.

 

Pagoa da zuhaitzik sarriena, pago sendo lerdenak dira. Ugaria da lizarra ere. Urkia, aldiz, guti agertzen da, agian lakurik ez delako, ez dagelako ez goi ez behe lautadarik.

Futbol-zelai guti dago herriotan: bi ate xume zelai batean, besterik ez zen herri bateko futbol-zelaia.

Ganorazko segurtasun-neurriak hartzen dituzte errepideko langileak: argi gorriak dituzte jarriak gehienek, edo erabat gutxitu arazten dute abiadura.

Aspergarria ez, baina errepikagarria bihurtzen dira herriak zein paisaia  azkenerako.

Xarmantak izan ohi dira ostatuak, dotoreak eta deigarriak: denekoak orokorki, baita Galesekoak ere. Gurdi bat izan dugu ostatu baten aurrean ataria dotoretuz, gurpil handiko gurdi xumea. Izan zen beste bat ere nonbaiten honen antzerakoa: oso guti dira, ez dute gurdirik erabiltzen edo erre egin zituzten gurdi zaharrak tximiniteria horien azpiko suetan. Gurdia bada kulturaren ezaugarri: gurdia nolako, herria halako; egituran, tamainan, erabilpenean, koloreetan... gurdiak erakusten du herriaren izaera eta ekonomia. Gaztelu baten hondakinak tontor batean, zuhaitzez inguratuta, lerden eta airoso, ziluetako zulo eta zirrikituetatik argia iragazten dituela: ezohizkoa iruditu zaigu lurralde honetan. Zutik dirau behintzat.

 

Carmarthen

 

Berehala egiten duzu lur barrutik itsasorakoa Galesen, itsasotik mendietarakoa, itsasalde batetik besterakoa, lurmutur baten Iparretik Hegorakoa. Oraintxe  ginen Cardingan Bay-en eta hemen gara Bristol Chanel-en, istant batean izanen gara Cambrian mendikate erdian.

Mapan bide on bezala marraztutako errepidearen lotsarik ez du ekarri dugun herri-bideak. Errepide nagusian sartu gara, hau ere hesi berdearen esturan doa. Mendi sendo garaiak ageri dira urrutira, leunak, soilak, berdeak. Pinu gutxi ikusi dugu gaur, larre dira mendi-muinoak, eta larretarako darabiltzate, ez dute pinua belartzan birlandatzeko premiarik. Izurriteak bultzatuko ditu agian orain larreok pinudi bihurtzera.

 

Llanwtyd-Wells. Zaldizko taldea errepide-kaleetan lehenengoz autooi bidea eskatuz, geroxeago bigarren talde bat herriko kaleetan bertan; zaldunentzako bide-gorria eta ibilbideak han-hemenka iragarrita...: zaldizko ibiliak dira herri honek bisitariak erakartzeko jarri duen aukera.

 

Harategian zain zegoen gizon gazteak, lehenengo harrapatu dudanak, eman digu hartu beharreko bidearen berri, mapan agertzen zitzaigun herri-bidea ez baitzen bidegurutzeko norabideetan iragartzen: adeitsua, erabakikoa, zuzena eta argia.

 

Bailara xarmant erakargarri batetik ekin diogu gaurko azken ibilaldi-zatiari, Aberystyth-en berehala izango ginelako ustez. Errekatxo baten alboan doa bidea, estua, zuhaitz eta larrea lagun, erreka-zuloz-erreka-zulo, dotore.

Europako matrikula berriarekin izan dugu kotxe bat, Ingalaterran ikusten dugu lehena.

Izotz-elurterako gatza gordetzen duten plastikozko ontziak banatuta daude errepide ertzetan, Eskozian lez. Negu gogorra de hemengoa ere nonbait.

Tximinia mota ezberdin bat bada Galesen: estalki erdi borobila du bereizgarri edo ukitu ezberdin. Etxe galdu batean ikusi ditugu bi.

Ur asko dator lasterrean harri artean jauzika harkaitzetan, ozen, eta dotore: baina urak kutsatu itxura du, zikin zatar planta, agian ur-kolorea besterik ez da, naturako zerbaitek tindatzen duena, geroago eta gorago ikusiko baitugu hor goietan ez dela ur hori zikinduko duen giza eraginik; mendikararen bat egitera igo den talderen batek utzia ditu kaniladun ur-ontzi borobil handikotea, esne poltsa, azukrea eta tea errepide bazterrean ibilbide baten hasieran: agian edozein ibiltarirentzat jarria dago. Bertatik gertu gizonezko nagusi bat pintatzen ari da berdeguneko bakardadean errekak jauzia egiten duen inguruan, baina pintatzen ari dena ez da ur-jauziaren paisaia.

Harizti eder bat, gorago garo-sail zabalak mendi biluziko maldak osoki estaliz, Eskoziako txilar sailak baina bigunagoa eginez mendia. Une batez dena da ura mendi-maldan gainbeheran. Gaurko ibili honek osagai ezberdinak ditu, erabat ezberdina da mendi-zulo hau, dena baita zuhaitza, dena erreka ozena. Estutzen joan zaigu errepidea, ez dago ez taketik ez iragarpenik baina “passing  place” herri-bidea dugu hau. Ez dator inor. Diosalik gabeko bidea egin dugu.

 

Eta hara non sartu garen mendiarte ikaragarri batean, sigi-saga doa errepidea, gora eta behera % 25 gain-beherako maldetan tarteka,  kotxe bakarra ozta-ozta sartzen da zabaleran: zirraragarria da zinez, zenbait gainetan luze eta ia bertikal ikusten duzu zure oinetan galipotezko marra gris iluna, behean elkartuz eta banatuz sare-hari ilunok. Mendi katearen  osteko herri guretzat ikusezin bakoitzak du nonbait gurdibide bikeztatua dirudien bere bide asfaltatua gain honetaraino, bailara eta mendiartetik igoz goietan elkartu eta luzatzen eta lotzen direnak sare batean kiribilduz. Mendi-sail sendo, leun, buru borobil, berdexkak dira, mortua ere bada zenbait tartetan, belar latzekoa erdi gorri erdi horia. Bada garo-sail den maldarik ere noizbehinka. Soilak dira mendiok, baina sail asko dago pinuz birlandatuta, pinudi edo izeidi erraldoi dira hainbat mendi-sail. Larrea da soil dagoen berdegune oro: badira errepidean zoruko burdina-sareak, batez ere bailaren sarreran, animalien sarrera eragozteko.

 

Bailaraz bailara, errekatxoa beti zuloan edo malden junturan, tontorra tontorraren ostean,  zeharkatzen dugu mendi saila. Bidegurutze  orotan dago argibidea, ez dago galtzerik nora joan jakin badakizu behintzat. Hainbatekin gurutzatu gara goietan zein maldetan, elkarri diosala emanez gurutzatuz edo bidea emanez.

Heldu zen izurritea honaino: premiazkoa ez bada autotik ez jaisteko aholkatzen digute iragarkiek eta ohar idatziek.

Izugarria izan da mendialdeko ibilia, ezusteak zirraragarriagoa egin diguna. Guk badakigu noiz ateratzen garen etxetik baina ez noiz itzuliko garen: ustez ia bukatutzat genuen ibilia erabat luzatu zaigu ezusteko mendiartean, geldialdi sarrietara joan mantsora bultzatu gaituen mendiarte zoragarria.

 

Itsasaldeko lautada hesiz sailkatu berdea begien aurrean egin dugu azken gainbeherakoa, lautada ingeles-galestar jori berdeaz gozatuz.. Bada kanoak dituen muntaia bat ere, bada nonbait erreka lasterren bat inguruan. Urkiak agertu zaizkigu, ugari.

 

Tregaron. Mendi barrenean. Eskuan liburua duen brontzezko gizonkotea dute plaza erdian, gurutze galestarra erakusten du teilatu-hegian elizak, kaleak, aldiz, etxetxo bizi koloretsuek osatzen dute. Gazte bat izan dugu zaldun herriko kaleetan zehar, zaldia urduri jarriko zaion beldur, bera ere urduri.

 

Etxerako azken txanpa lautada berdetik.

 

Aberystwyth: hurragotik ezagutu nahi genuen kale eta itsasertzeko ibilbidetik bernak luzatuz, etxetxoez gozatuz, museoan begiak luzatuz, baina hirira heltzeaz bat zaparrada izugarri bortitza bota digu, goi-beheak dena ziren ur. Zaparradak zaparrada, bizi-bizi zeuden kaleak, jendez gainezka, larunbat eguerdiko jai giroan.

 

Baliteke izen ingelesik ez izatea izen bakarra duten herriek, Eibar edo Elgoibarrek gaztelaniazkorik ez duten bezalatsu.

 

Ez Ingalaterran, ez Galesen, ez Eskozian ez dugu ikusi ur-putzurik. Bat bera ere. Ura ez zen lur-azpitik ateratzen nonbait, edo agian galdu egin dira putzuok. Litekeena da lur-azpiko urik ez egotea, Eskozian bezala urak labain egiten badu mendian behera, lurraren egitura geologikoak eragina du azpi-korronterik egon ez dadin. Nork daki, agian ur-sareak goiztiar jarri zituzten putzu beharrik gabe.

 

221 kilometro, mendiarte bitxietan Galeseko ibiliei amaiera berezia eman dienak.

 

“Onan”. Aitor Arana.

Ez dut inoiz sexu konturik sumatu kanpinetan. Iizanen diren arren mila istorio.

 

Ekainaren 17a.  Igandea.  47.a – G:7.a

 

“Hitzezko zubia”. Rikardo Arregi Diaz de Heredia:

* “Banaturik dago jadanik hiria / barne mugak zauri dira /eta zauri horien odola ez da metafora”. Ez da ageriko hiri banaketarik, ez dugu igartzen  zer den zauri eta zer barne muga. Gerra hegazkinek eta soldaduek jartzen dute odola ez dela metafora soil bat zigilua.

* “Hiritar hirigabeak”. Hiridun hiritarrak gara gu,  atzerriko ibiltari, aldi baterako migratzaileak.

* “Hiritar hirigabeak, / udan bada sargori, neguan bada izotz, / inora ez doazen bideetan galdurik, / inon ez dagoen babesaren bila; / bake-itunak sinatu arte bizirik irautea da kontua”. Zenbat eta zenbat atzerritar eta migratzaile diruditenak Bretainia Handiko kaleetan, zenbat irlandar ote Galeseko et Ingalaterrako lurrotan, ze hurrengo urte latzak gure egunok etxera begira dakusagunean.

 

Gari Berasaluze:

*: “Herri honetan badakigu zergatik egiten den negar, baina ez zertarako”:  Izurritearen zantzuak aurkituz lur galduotan asmatu uste izan dugu zenbait negarren zergatia, etorkinaren begiraden tristura, ume baten negarraren mina, atzerritarren barnean behar duen sufrimendua, irlandar iheslaria ikusi dugu zenbait ilegorritan... baina ihes egiten digu herri honen arimak, artea eta paisaia ditugu gogokoen eta deigarrien bidaiariok, ezinak eta errazkeriak mugatutako turistok.

* “Berriro galduta ere euskaldunak garela idatziko dugu”.  Aukera ematen digun bisita-liburu orotan idazten dugu gure jatorrizko hizkuntzan. Harro. Akatsak akats, erruak erru, euskaldunak garelako. Eta aldatu nahi ez dugulako. Herri bat baikara.

 

Aldaketa eguna. Galeseko muga-mugaraino eramango gaituena.

 

Goiztiar dabiltza motorzaleak.

Llangurig, hemen hasi zaigu gaurko ibilbide berri ezezaguna. Ez da aipamenerako osagai berririk. Ohi denez, ibilgune atsegina da. Paisaia menditsua, tarteka ezik, ez da landa zabal ingelesik. Tristeak dira zenbait mendi. Mendi-zuloz mendi-zulo, mendiarteko bailaratxo estuak zeharkatu ditugu, baita mendi-buru leun berde zuhaitzez soilak ere. Bada pinua landatutako mendirik, baita zuhaitz dotoreek sailkatutako larre diren malda barrenik ere belartza jori bihurtuta, bada sakonetan erreka eta ibai atseginik. Altza erreka kontra, urkia eta haritza sendo ederrak errepide ertzetan: takian-potian izan ditugu arbola arteko tunelak. Tarteka, herritxoa.

Hertsiak daude naturgunetako ibilbideak, debekatua bertatik ibilia: presente dirau izurriteak.

 

Betidanik ote biluziak mendiok ala Espainiako Armadaren aurkako itsasontzigintzak soildu ote?.

Tantai eolikoak izan ditugu gaur ere ikuskizun: ez dira asko sail bakoitzean, ez dute begirik erretzen, baina sarri ikusi ditugu.

Llanfair-ym-Mualt. Larrea du inguru osoa, baina ez da animalia bat bera ageri. Hainbat ingurutan ere.

 

Built Wells. Herri koskortu-koskortua, errepide-gurutzea du erdi-erdian, gurutzagune bera da herriko zabalgune nagusia, errepideak aldiz herriko kale nagusiak.

 

Herritik at daude elizak herrietan. Hilobiz inguratuta. Hilerrian egin zituzten elizok edo elizaren alboan jarri zuten hilerria. Elizok ez dira ez kaperatxo ez baseliza, eraikin koskorrak baizik, erakargarriak, dorre luze mehe zorrotzekin denak; teilatu erdi-erditik ateratzen zaio sarri dorrea, gurutzadura gainean bailego. Harri ilunekoak dira gehienak, elkarren antzerakoak, bitxiak; izan dugu gaur adreiluzko dorre bikain pospolin bat.

Galesen ez dugu hilerririk ikusi, elizagatik ez balitz ez ginateke jabetu ere eginen hilerririk denik.

Sarrera babestuzko aterpea du etxe askok, beha-leihoa bailitzan, xumea baina era berean xarmanta, kolore ezberdinez pintatua sarri.

Zuhaixka-hesiak mugatzen du errepidea maiz, erabat lapurtzen digute ikuspegia goregi inausiak daudenean. Herri batean andre-gizonak ari ziren motozerrarekin  zuhaitz hesia berdintzen, orri berdeko horma utziz, asteburuko lana zaie nonbait.

 

Brecon-Aberhonddu. Herri zabal luzea, etxeteria iluna erakusten du, teilatu beltzak nagusitzen zaizkiela fatxada zuriei.

 

 

BRECON BEACON NATURGUNEA

 

Black Muntains, mendi beltzak, Altzolan bazen Mendibeltzu baserria. Ilunak dager mendiok, mendi berde ilunak. Mendiartea zabaldu zaigu lasterrera, landa ingelesa erakutsiz bere edertasun oparoan, ardi eta guzti. Ondoren, baina, mendi mortuak izan ditugu, animaliarik gabeko larreak.

 

Bwlch. Dena kontsonante, W bokal bezala ahoskatuko dutela uste dut.

 

Antzinako korta zaharrak, harrizkoak, handiak, sendoak, austeroak, leiho luzexka txikitxoekin.

Bailaratik doa errepidea mendia saihestuz, estua da bailara, mendi buru berde soil tristeak ditu alboan; malda leunak, aldiz, berdegune  eta zuhaitzez jori eta heze ageri dira. Ikuskizun dira sailetan banatutako berdeguneok, baita erreka inguru arbolatsuak ere.

Gaztelu hondatu bat herritxo batean, gotorlekuak irauten dio, arranditsu, mesfidati eta erasokor oraindik.

Tumulua errepide ertzean, herritxo batean: harlauza multzoa erdi-borobilean zutikatuta.

Alaitu zaigu berriro ingurua, deigarri: etxe koloretsuko herri alegerak. Herri koskortu askok, ia orok, zutabea dute plaza izatera heltzen ez diren kale-gurutzean edo plaza gune zabalenean. Zutabe luzea zen gaur ikusi dugun bat, galestar gurutzea zitzaiola gandor.

Horia eta berde-urdinxka koloreak darabiltza etxetxo batek herri batean: leiho-buelta berde-urdinxkak horma horian.

 

Avergaveny-Fenny.  Herri itxurosoa, luze zabala, kale asko ditu: etxe maitagarri koloretsuak, deigarri alaiak denak,  edozein kaletan.

 

Hemen bukatu zaigu natura-gunea baina antzerakoa dirau lurraldeak, dotorea, elegantea.

 

Raglan. Gaztelua du: Ingalaterrako mugetan gabiltza, ez da harritzekoa gazteluok agertzea.

 

Justu-justu, kanpinera ingurubidea hartu behar genuen errepide-gurutzean  agertu zaigu “diversion”a, errepide berritze lanak direla medio. Ez genuen inolako argibiderik kanpalekurako, ez zen ordezko norabiderik iragarrita, senak lagundu digu, herrian sartu gara, eguerdiko ordu bizienean, kotxez gainezka kaleak, zeharkatu dugu herria, eta berreskuratu dugu galarazi diguten errepidea.

 

Monmouth-Trefynwy. Herri koskortua da, alaia, koloretsua, bizia. Herribildua izana nonbait, ate bat gelditzen zaio, zubia dirudienaren erdian, aldats eta guzti: zubi erdi-erditik joz egin du bidea gure etxatoiak ere  bere luze-garaian.

 

Kanpalekua. Herrikoa. Husten doa gu heltzean, arratsalde erdirako etxera bidea hartzen du asteburuko bezeroak. Jende herri-herrikoa da, gurasoak bere umeekin.

Eremu zabala du bezero bakoitzak kanpaleku orotan, erraz sartzen dira etxatoia, aterpea eta autoa.

 

182 kilometro, jadanik ohiko zaizkigun lurraldeetatik Gales ertzera.

 

Ikusi ez ditugu ikusten, baina ozen entzuten da inguruko zuhaitzetan zozo, birigarro eta txoritxoen kantua.

 

Trefynwy-Monmouth.  Oinez joan natzaio bisitan. Hila dago arratsean, ez dut aurkitu eguerdian bezain argi, koloretsu, alai, bizi eta moinoino. 1724.go Shir Hall eta 1673.go  Great Castle House jauregi kolorgetuak: militarrek eskuratu dute bata, han dute sarreran erakusgai tanketa bat, gizakiak hiltzeko trebatutako gerrarien presentzia aldarrikatuz. XII. Gizaldiko gaztelua ere bazen, hondakinak soilik geratzen zaizkio, dorrearen 4 hormak eta ezer gutxi gehiago. Izan zen herrian hegazkinlari edo hegazkin asmatzaile edo hegazkingileren bat; herriko plazan dute errege batekin batera; harrizkoa da erregea, udaletxeko horma-zuloan dute jarrita; brontzezkoa da hegazkin-gizona, zutoin batean hegazkina erakusten. Zubi gotortua da eguerdian zeharkatu duguna, XIII. gizaldikoa, ate sendoa, benetan gotorra. Hainbat etxe eder hiri barruan zein zubitik beste aldera, zurezko hezurdura agirian dutela, zur beltza horma zurian sortzen duen kontraste bizian. Elizaren dorreak merezi du begirada bat; inguratzen duen parkeak, aldiz, ibilalditxoa merezi du arramadi garai zabaleko zuhaitz sendoen artean. Herritik at, bada parke eder bat zuhaitz ederrekin.

Merkatu herria da nonbait, animaliak biltzeko hesiz sailkatutako esparru zabal-zabala du ibai kontra: itxita dago izurritea dela eta, ezin daiteke animaliarik ibili ere, gainera, inguruan.

Lorontzi zintzilikatuak nabarmentzen dira kaleetan, denda bakoitzak ditu bereak ate eta erakusleiho gainetan, apaingarria izateaz gain badirudi herriko ezaugarri bat ere badela.

Putzu zabala ere bada herritik kanpo parkearen alboan: zisnea ikusi dut, lehenengoz, arrautzak epeltzen habian.

Apaizak: Bi ikusi ditut, oinez bata kalean, lepoko txatal zuria eta guzti, gris jantzita: katolikoa behar du izan, etxe batera joan da bisitan. Bestea, hau ere txatal zuria lepoan, kotxez zihoan, emakumea alboan zuela: protestantea behar zuen izan.

 

Zozo bakarti asko dago inguruan, lagun bila txistu hotsez.

Galestarrek ere maite dute kontu-kontari ordu berantiarrak arte gaua luzatzea. Goxoa da lagunartea gauean.

 

“Onan”. Aitor Arana:

Gaztetxorik ez zen gaur kanpinean. Umeak ziren denak. Koskortuak ez dute nahi nonbait kanpinera gurasoekin etortzerik. Galesen ere Onan gaztetxoek beste giro bat dute gustuko.

 

 

 

Ekainaren 18a.   Astelehena.  48.a – G:8.a

 

“Hitzezko zubia”. Harkaitz Cano:

* “Hilabete bazen itsasoratu ginela”. Hilabete eta erdi da bideratu ginela. Gero eta herriminago dugu bihotza.

* “Isiltasunak bere iritzia azaldu ostean...”. Txori-kantak nabarmentzen du kanpalekuan isiltasuna.

 

Isabel Diaz:

* “Honetan egunak hogeita lau zementuzko ordu / Orduak hirurogei hormigoi armatuzko minutu”. Orduak eta egunak, loarenak zein argiarenak, nekeagatik eta ikusminagatik, ur-jauzien abiadan jartzen zaizkigu. Atzo atera ginen eta etxetik!. Jauziko urak haitza ebakitzen du, ibiliok ere uzten digute bere arrastoa.

* “Egidazu hau guztiarekin oihal handi bat / Donibane bezperan beharko didazu eman / Eta zin ...  S. Juanetako suak betiko irentsiko duela”.  Eginen dut urteroko suaren erritoa aurten ere, baina ez dut nire bizitzaren ezer erre nahi, erruak eta okerrak ere nireak dira, nire bizitza dira bizipen latzak ere. Eta ez dut nire bizitzako ezer erre nahi.

 

Zozo bakarti bati so egon nintzaion atzo arrats beranduan, pinutxo adar puntan zegoen txiztuka ozenean, adar berean aurkitu dut goizean  orain ere deika bihozmin. Hanburgoko zozoa gogarazi dit, hala egon ohi zen hura ere gauero.

Zenbat aldiz pentsa eta esan dudan, Europa Erdialdean gehien bat, zozo eta hegazti migratzaileak erruz ikustean: “Txori eta hegaztien paradisua”. Baina txori eta hegaztiok migratzaileak dira. Saldoan datoz  atzerritarrak ere ogi bila gure herrietara, ehunka dakusagu kaleetan, baina infernua zaie beraientzat, atzerri zaie, gure aberria. Zozo-hegazti migratzaileek agian ez dute inon paradisurik, “hiritar hirigabeak” dira hauek ere.

 

Zergatik, berdin ordainduta ere, ez dira herri-kanpalekuak pribatuak bezain txukun, aratz eta zainduak?.

 

Azken ibilia gaurkoa Galesen. Etxea Galesen izanen dugun arren, Ingalaterran  marraztuko ditugu hurrengo ibilbideak.

Antzinako landetxeak diraute, harrizko ilun-ilunak, etxebizitza bera eta honi osagarri zaizkion eraikin txiki mordoxka.

Nahiz galestarra, ingeles landa petoa da gaurko bidaia lurraldea.

 

Newport-Casnewwydd: itsasadar oro da zatarra itsasbeheran, baita Newport-Casnewwydd-ekoa ere.

 

Erabat trinkoa da zirkulazioa Newport eta Cardiff arteko 3 bideko autobidean, kamioia baino autoa da ugariagoa hiri industrialak arren ingurukoak, erabat nahasia da errepide sarea.

 

Caerdydd-Cardiff. Galeseko hiriburua. Ez du ezer handirik kontatzeko, harrizko eraikuntza zuri eder neoklasikoak gustuko zaizkionarentzat ez bada. Oinezkoen kaledi zabala, erdiko kale nagusiak eta alboko hainbat kalek osatzen dute oinezkoen sarea: herriarena da erdigunea!. Hainbat antzinako saltoki xarmant, aterpe garai estu argiko  pasabide antzerako luzeak, erabat dendateri direnak. Mota eta eskaintza guztietako saltegi handiak. Herritarra erruz kaleetan, ibilian, erosketan, edo tragoxka zein mokadu batez indarberritzen.

Hiri ofiziala: albo batean dago, gertu arren bertatik kotxe zaparrada dabilen errepide nagusia ere den bide zabalak berezitu eta banatuta. Parke eder bat esparru honen erdian, bertan ikasle taldea apunteak errepasatuz edo kalaka alaian. Parkearen erdi-erdian  zutabe borobiletan jarrita omentzen dituzte hiru armadetako hiltzaile profesionalak. Berdegune horren esparru berean Unibertsitatea, Museoa, Udaletxea, non justizia egiten omen den Epaitegia... harrizko eraikin neoklasiko ederrak denak. Hor bertan baina errepide zabal bateko trafiko trinkoak bakartua hau ere, Gaztelua, horma garaiko karratu zabala, erloju eta koloretako gizairudiz apaindutako dorre lerden dotorekoa. Gazteluaren alboan, basoa ere deitu dakioken  parkea, zabal eder paregabea, zuhaitzek janda-edo bere alboko trafiko biziko hotsik ere ez zaio heltzen: Bretainia Handian ohi denez, belarrean etzanda jendea.

Katedrala kalea, hiriko ertz batean, erabat fatxada puntazorrotzeko etxez osaturiko kale luze, dotorea, aparteko apaindurarik gabe baina forma dotorekoa, elegantea, nahiz aldi berean soila. 

Ibaia erabat zementuz hesia, albo garaietan espaloi zabal bat atera diote ez dakit kirol edo industria ze esparruren luzapen dotorea.

Hirian bada futbol-zelai handi bat, bertan motorrei buruzko erakusketa bat ari dira jartzen astebururako.

Llandaff Katedrala.  Hiriko albo batean, erabat ertzean eta erabat hiritik urruti. Berrikuntza handiak jasandakoa da. Fatxada ezberdina du, bitxia ere, ederra, bi jite ezberdin nabari zaizkio era ezberdinetan jarritako arkuterian; irudi zizelatu ederrez apaindutako dorre lerdena; alde batera bigarren ate landu aparta. Barrutik, aldiz, erabat austeroa da arkuteria bera; arkuen oinarriak, aldiz, burutxo zizelatu ugarirekin edertuak daude. Erdi-erdian jarri dioten zementuzko arkua da elizako zer deigarriena, alderik alde elizaren zabalera osoan, zilindro borobil bat du erdian non kokatzen den Jesukristoren irudi erraldoi bat, eta beste santu-iruditxo pila alboetan. XVI. Gizaldiko erretaula fina albo batean, aldarean Erdi Arokoa eta alemaniarra omen den  gurutze bat, absidean erretaula ezberdin deigarria seguru aski berria, eta sarreran triptiko aparta; hilobi marmolezko zizelatu pila; arku zizelatu ederra, aspaldiko harrizko gurutze galestarra. Nahasian daude gauza zahar eta berriak, tartean bada lan ederrik. Deigarria da organoaren tutueriak duen koka-moldea eta itxura, herrira begira dago zati bat, korura begira bestea, tutu sendoak behe-behean eta ber-bertan geratzen dira; deigarriagoa egiten du sabai gorri zurezkoak.  Bisita goxoa gerta zaigu.

Maitagarriak dira gaztelu baten hondakinak eta ateburuan galestar gurutzea duen katedraleko esparrura sarreratxoa: borobil barruan du gurutzea, Eskoziar gurutzeetan, aldiz, uste dugu borobila dagoela gurutzearen baitan. Bideoan ziurtatu beharko dut bereizgarritasun hau.

Bandera dago elizan: dragoi gorri handia luzeran banatutako berde-zuri koloreetan. Zuri-gorri-berdea hau ere.

St. Jonh eliza. apaindurarik gabeko gotiko xumea. 5 nabe, non baden erretaula eta taila ederrik. Dorrea da aipatu beharrekoa, aparta baita.

St. Fagans. Hiritik urrun, auzoa omen, baina herritxoa dirudi egituraz, itxuraz ere. Gaztelu isabelinoa du aipatzeko, ez gatzaizkio sartu doakoa arren, arratsaldea aurrera baitzihoan eta bagenuen inguruan zertaz gozatu.

Lorategi zabal apartak, urmael eta guzti. Gazteluaren parkea behar zuen arboladian bada gales folkloreari buruzko erakusketa bat, ezin izan dugu ikusi itxi egin digutelako beranduagatik. Zuhaitz artean garai eta lurralde ezberdinetako etxe galestarrak: ezer berri gutxi eskaini digute etxeok kanpotik, ezta barrutik ere, herri eta lurralde ezberdinetan ikusi ohi izan ditugunen antzerakoak iruditzen zaizkigu gureak bezalako begi ezjakinoi: herri orok antzerako baliabidez egiten dio aurre bizimoduari.  Baina bai nabaria dela, inola ere ez berria, denekoa baizik, zein ezberdinak ziren barrutik ondo-bizien  eta pobreen etxebizitzak, ohea, sua... Gogorra behar zuen izan nekazarien bizitza  etxe horietan; beti izan du ere gogorra bizitza nekazariak. Lastozko teilatuak, oholez erabat bildutako oheak beroa gordetzeko. Narrua biguntzeko putzuak eta narru bigunduok findu eta leuntzeko narruaren arabera pisua gehitzen zitzaion alper-harritxoa gerta zait ikusgai berria. Bitxia ere erromatar pisu orain arte ikusitakoen ezberdina. Erruz doakio ikuslea, ez da falta dendateriarik, non bertako artisauen lana dagoen salgai.

Hainbat desinfekzio gune izan dira etxeen erakusketako bide-gorrietan, animaliarik bertan egon ez arren. Ez dute museoa hertsi izurriteagatik, baina neurri zorrotz eta larriak hartu dituzte.

 

Herriz josia dago etxerako ibilbidea: leiho zuriek nolabait ukitu argia ematen diote eraikin baxuko etxeteria marroizko ilunei. Bata bestearen ondoren datoz herriok, dena da etxe, baita malda-beherak eta erreka inguruak ere, arbola artean gordeta asko. Langile herrien jitea dute, langile etxe merkeagoko herriak, erabat industriala da izan hiriburua ere. Hiriburuko lotegiak direla iduri herriok.

Baso erdi-erdian, magal batean, baso berde joriek erabat bilduta, gaztelu bat, buru konikoko bi zilindro horma batez lotuta, adreilu gorrikoak hormak, eta arbelezko teilatu beltzekoak hormak, ipuin liburuetakoa, jostailu handi bat bailitzan.

Mendi-gain osoak dira lubeta, ikatz hondakinez eginak itxuraz, ikatz-leku omen da-eta inguru dena.

Ardi bat gurutzatu zaigu bidean: beeka geratu zaigu aurrean, ikaraz nonbait.

 

Eguraldi goxoa, eguzkitsua izan dugu egun osoz.

Egun astuna eta luzea gerta zaigu gaurkoa. Ez da izan egun oparoa gauza asko ikusi dugun arren. “Diversion” batek bidaiaren norabidea aldarazi digu; hain kontra-esku gertatu zaigun turismo bulegoak hiriko ibilbidea aldarazi digu; hiri barruko errepideak zaildu egin digu erabat erdigune ofizialera heltzea...; ezeroso ibili gara, denbora asko joan zaigu alferrikako pausoetan. Uste baino beranduago eta nekatuago etxeratu gara. Bukaera goxoagoa eman nahi genion  Gales herrialdeari, baina hala gertatu da. Hainbat gauza interesgarri ikusi dugula deritzot, herritar artean ibili gara, bere giro bizi-bizian, ordu luzez ibili ere, geltokietan, saltokietan, kaleetan, parkeetan... Halere halako sentipen hutsalaren kresala utzi digu egunak, agian etsipen, tristura edo nekaduraz  bustita utzi dizkigu gaurko ibiliak Galezko zortzi egunak.

 

Nik erabat galduta darrait Eki, Mendebal eta abarreko norabideei buruz, buruak esaten dit norantz jo, senak ez.

 

176 kilometro, Galeseko azkenak

1458 kilometro, 8 egunez Galesen egin ditugunak.

 

Egon eta lo-leku izanen zaigu Gales hurrengo hiru egunetan, bertatik aterako baikara ibilaldi eta bisitetara. Bertan egonik ere jadanik urrun ikusten dugu Gales, mugaz bestaldera begira gaude jadanik. Galesen ezer sakon ukitu ez dugunaren sentipena dut.  Paisaia ederrez blai egin dugunaren sentipen bizi-biziak betetzen gaitu, ordainez. Ustekabeko mendi galduetan, bide estuetako eguerdi hura gerta zaigu zirraragarriena agian. Baita Iparreko Llandudno eta Conwy  hirietako ibili gozo lasaiak, dotoretasunez inguratuak lehenengoan, antzinatasunez bigarrenean, xarmak bildurik bizi izan genuen goiza.

Agian azalegitik goaz denean, irristatuz Highland-eko goi-bailara eta mendietan ura bezala. Tarteka laku izaten ere jakin beharko genuke. Egoten. Begiratu soilik inguruari, naturari zein gizarteari, eta egon.  Hori ere bidaiatzea da. Nork bere barnerantz bidaiatu gabe ezer guti ikasten da. Buru-bihotzetan ere egin behar da bidaia. Begietan soilik geratzen den  bidaiak ez du errorik. (Badu bidaiak zergatik errorik bota behar berenez?). Begiez barnerako bidaiarik ez bada, begiez kanpokoak ezer guti iraunen du.  Naturaren edo gizaki baten irudiak barnetik  astintzen edo kilikatzen gaituen zirrara behar du gutxienez bidaiariak.

 

“Onan”. Aitor Arana:

 Ez zait tokatu behin ere etxatoi edo denda dantzarik sumatzerik nire gaueko zerbitzugunera osteretan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.