Bizinahia
1
Gu biok
Egonean ni
ezinegonaren morroi,
ekinean zu
egunerokoaren makulu,
zu eta ni
gu biok
biok hemen
2
Bi senide
Bizibeharrez hil zen
nire aita, istripuz,
inguru ber-berean,
mila metro gorago
hogei urte geroago
bizibidean nago ni
etxera noiz amets.
Herioa eta bizia
elkarren hur eta urrun
senide hertsiak biak
3
Galdez
Txabusinaz biluzik
ni neu neure kide
naizena ahal nagusi
gelako biluztasunean
zer izanen galdez
4
OSPITALEA:
Beldurren zurrunbilo: gaixoen aterpe eta gaitzen kabi izaki.
Kezka iturri: herio ote zelatan.
Esperantza: osasunaren utopia den heinean.
Elkargunea nolabait: “kaixo” askoren topagune.
Bidegurutze samina: bizipen garratzen biltoki.
Gogoeten errota: bakardadeko hausnarketa-leku ezinbesteko.
Espeleologia ikastaroa: barnera beste bidezidorrik ez.
Eskalada ariketa: amets askoren gailurra.
Usategia: mezu-egarriaren paradigma.
Gaitzak gogoa, kimikak gaitza, gainditzen duen esparrua.
5
Bi biak
Zoli adikor bata beti
zure aurretik bailebil,
lasaiagoa bestea isil
uneoro premiei adi,
bisitari eraginkor bi
biak edonoiz lagunkoi
aberasgarria ohi da
kontrajarrien oreka
6
Ustez
Gure giza konbikzioen
test argigarri asaldagarria da
elbarri baten gelakidetza.
Mintz lauso eta gezurtia
gizatasun ustez sendoa
7
Bizitza
Herio eta bizia
eguneroko drama
antzezle edo lekuko
zaintzailea zein erizaina
.
Antzezlana omen bizitza
zioen noizbait norbaitek.
8
Lurralde hau
Erasoan gaitzari
defentsan beti
ia noiz eguargi
hau ez da koitaduen lurraldea
ezta ausart eraginkorrena ere
distantziarik gabeko lehia baita
Zeure egin gabe
onartu behar duzu gaitza
kronikoa izan nahi ez baduzu.
Oinazeak ez du
ifrentzu gozorik
9
Kinka
Beldurra eta itxaropena
uxatu ezineko bi bizipen
beharrezkoak halabeharrez
lazturak mendera ez gaitzan.
nahitaezkoa bizi-grina
edozein dela ere adina
10
Nork nola non
Osasuna berreskuratu daiteke
bizitza salbatu ere
baina nork nola non
bermatzen da etorkizuna.
Txaposook zazpi mila karaktere aski ez, eta zein ondo adierazten duzu zeuk ideiaren funtsa aforismo soil eta dotore batean:
“Oinazeak ez du ifrentzu gozorik”
“Nahitaezkoa bizi-grina, edozein dela ere adina”