BRITANIA HANDIA 2001
G A L E S
Herrialdeak eta herriak
INGALATERRA: CUMBRIA KONDERRIA. LANKASHIRE. Lankaster.
GALES: St. Asaph, Landdudno. Colwyn Bay, Conwy. Bangor, ANGELESY IRLA, Brin celli Ddu, Llanfairpwllgwyngyll, SNOWDONIA NATURA-GUNEA, Caernarfon, Lameris, Penrhyndeudraeth, Benbich-Binbich, Ruthun,
INGALATERRA: Chester.
GALES. Porthmadog, Dolgellau, Macynlleth. CAMBRIAN mendiak, Llangurie, Tywyn, Aberdobey,
Aberystwyth, Lampeter, New Inn, Carmarthen, Llanwtyd-Wells, Tregaron.
Llangurig, Llanfair-ym Mualt, Built Wells, Brecon-Aberhonddu, Breco.
BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Bwlch, Abergaveny-feny, Raglan, Monmout-Trefynwy. Newport-Casnewwydd, Caerdydd-Cardiff.
Ekainaren 11. Astelehena.41. a-I:19
INGALATERRA 2001
CUMBRIA KONDERRIA.
Arto-saila iruditu zaigu, geroago ere izanen ditugu antzerako sail zabalak; arto erne berria dirudi, kolore tristeko sailak.
Lau isurialdeko etxea, zapala, oso zabala, harrizkoa: ez dugu antzerako eraikin motarik ikusi orain arte, leiho eta ateak soilik ditu, inolako apaindurarik gabeko austeroa,, horma leunak soilik, bitxikeria bat berdegune honetan.
Gaztelu txikitxo karratua, berriak behar duten teilatu beltzeko etxarte batean itota.
Txikiak dira ikusten ditugun herri denak, harrizko herri ilun tristeak, leiho guti eta txikiko etxeek osatuak. Baina bada herri koskorturik ere, hauek ere ilunak dira, fatxada argikoak ere kolorge itxurakoak: agian jite hori gorde nahi dute herrialde honetan, guri ilun eta tristeak iruditu arren bertako egituraketa da, bereizgarritasuna ematen dio lurraldeari.
Harrizko hesien sinfonia da lurralde osoa, berdegunea banatu eta sailkatzen, baita mendi maldan gora ere sarri, baita mendi-gailurrak eurak zeharkatuz gaztelu baten harresiak bailira: deigarriak dira osotasunean, bitxikeria, ia-ia ikuskizuna.
Dudarik ez tumulua denik: pare bat harri sendokote zut harri piloa den borobilean: trikuharriaren itxura peto-petoa du, monumentu zabala, altu samarra, borobila, norbaitek berdin jasoa ezbairik gabe.
3 tximinia ke-multzo zuritan, lainoetaraino luzatzen zaie gandor luzea: zementu fabrika da, lur-beheran du harrobia, sumendi ahoa irudi.
Hara non hemen behean ere Eskozia Goiko bailara-mendi berde indargabe naif koadrokoak, berde berdin tristeko mendi-bailara mortuak.
LANKASHIRE
Lankarter lurraldea, Jauntxo-herri kutsua dario.
Hesi berdeak nabarmentzen dira lurralde honetan ere, dotore sailkatuz lur-sail bakoitza jabegoa edo erabilpenaren arabera. Elorri-hesiak dira batzuk, ez dugu uste pago-hesirik egon daitekeenik inguru honetan. Zuhaitz nano buruzabal eta hankaluze dira zenbait hesi, zuhaizka moskote buruzapal borobil ilarak hesi betekizunean. Antzerako hesiak izanen ditugu Hegorantz, nahiz ez izan beti hain ugariak, ezta hain zainduak ere.
Sarriagoak dira mendi-muinoak.
Lankaster. Sacre Coeur Pariskoaren antza duen kupula nabarmentzen zaio arbolarte gain batean, bestaldean eliza daitekeen lau ertzak dorretxoz dotoretutako dorre karratua; errepidetik ikuspegia, errepidetik ikuspegia,ez diogu besterik ikusi ahal izan, ez bagatzaizkio joan bertara.
Gerra-helikopteroa, militarrak!!!.
Liverpool ingurua. Kilometrotan barreiatuta daude industriguneak, ez dira ohizko industriguneak, herritxoak bailitzan barreiatuta daude lantegiok etxeteria dute inguruan, lantegi eta langile-herri pilak osatutako hiri erraldoia behar du izan Liverpoolek. Ibaia ez ezik, bailara zabala bera ere oso behetik zeharkatzen duten pare bat zubi luzeeeeak, zubi inguruan barreiatzen dira lantegi eta etxeteriak. Tximinia pila altxatzen da denean.
Beldurgarria da errepide sarea ere, hiri piloa baitago inguruan, denak handiak, denak industria-gune indartsuak.
G A L E S
Ekainaren 11. Astelehena. 41.a-G:1
Ez du Ingalaterrako lurraldearekin alde handirik oraingoz. Lurralde lau-laua lehenengo, mendiak etorri dira ondoren. Itsasoa ere begiztatu dugula uste izan dugu une batez, badia sakon zabal bat zen.
Berrikuntza-lan pila dago errepideetan, baina guretzako zorionez, “diversion” gutxi. Gogoan dugu oraindik Edinburgoko “diversion” estrategikoa, erabat desbideratu eta nahastu gintuen madarikatu hura.
Badira hemen ere koadro naif bateko pintatuak diruditen mendi berde biluziak. Izan dugu ere aurrez-aurre mendi-magal zabal luze dotorea, erabat arboladi; bailara bera ere dotorea da, ingeles pelikuletakoa.
St. Asaph, magal dotore horretako herrietako bat, dorretxo luze fin zorrotza eta gaztelua ikusi ahal izan dizkiogu, deigarri urrutitik lehenengo, deigarri bertatik ere gero: txikitxoa da eliza, gotiko nanotxo xarmanta, garbi-garbia lixiban sartu berri bailego: osoki ikusita ikuskizun bikaina erakusten du; gaztelua egitura bitxikoa, mendia zaio harresi tontorretan, behean aldiz ate eta sarrera ezberdinak ditu han hemen, basoak janda dagoela dirudi, hain dago baso kontran.
Uda-herri ingurua dirudi eskualde osoak.
Colnwyn Bay, badia, Landdudno, Iparreko itsasertz zatiaren erdian.
Kanpina. Itsasgaineko kokagune atseginean, itsasoa dugu aurrean, petrolio plataforma eta guzti itsaso-marran. Dena da belardi, trinkoa ingelesek ohi dutenez moztuaren moztuz. Errepidea doakio gertu ordea gainaldetik, trenbidea aldiz behe aldetik, beraz etengabeko zarata du idilikoa dirudien esparruak: ez du horrelakorik aitatzen kanpin gidaliburuak.
651 kilometro, luzeak eta neketsuak, lurraldez aldatu gaituztenak.
Ipurtargi erraldoia dirudi gauez petrolio plataformak itsaso-marra urrutian.
Izozki eta gozoki saltzailea agertu da kotxez turuta joz, han-hemenka geldialditxoak eginez kanpin esparruan bezero bila. Itzuli bat egin ondoren, joan da.
Emakume ingeles gizen asko dago
“110. Streeteko geltokia”. Iñaki Zabaleta:
“Zahartzaroan oroitzapenetik bizi ohi baikara”. Besterik ezin dudanean, bidaia-oroitzapenoi itxura txukuna emanez azken egunak emanen ditudalakoan idazten ditut eguneroko ibilion zertzeladak, alzheimerri hesi bat jartzen eta jarriko diodala itxaropenean.
Ekainaren 12a. Asteartea. 42.a - G:2.a
“XX. Mendeko poesia kaierak. Iñigo Aranbarri.
* “Esan itxoitea ere badela bizitzea / Esan itxarotea ere badela bizitzea”. Zerbaiten itxaropenaren oihartzuna dira gure bidaiok.
* “Lurralde eder bat itsasoaz bestalde / Inoiz nahi dugunean ahal dugunean / Urrats lasaituz itzultzeko inoiz / Hil edo bizirik ostera ere gozo / Ezti jasoko gaituen lurralde ttiki bat”. Bi aste barru itzuliko gara itsasoaz bestaldeko gure lurralde ttikira. Atzerriak azaleratzen du herrimina. Nabari dugu jadanik hariztien eta herriaren taupada.
Lainotsu, ganduak biltzen du itsasoa, gaur ez da plataformarik ageri.
Ez dakit zer saltzaile den gaur goizez agertu dena, nor den denek antz emateko soinuz hotsez. Egunkaria besapean ikusi dut datorrela emakume bat bere ingurutik.
Inguru denak du opor-leku eta uda-herri usaia. Garraio-burdineria doa mendiko harrobietatik zuzen itsasertzera, ontziak zamatzeko hesolazko moilak ikus daitezke han: itsas barearekin beharko du izan zamaketak. Etxeak aldiz maldan gora doaz, etxe txiki arruntak, bata bestearen gainean, igandezale eta udatiar ugari datozen seinale.
Colwyn Bay. Alde Zaharra iragartzen dute errepidean, baina etxeteria merke arrunta da errepidetik dakusaguna: pobreen uda-gunea nonbait. Eliza-dorre zorrotzak egiten du etxeen gainetik, orratz fin goranzkoa. Etxe pila luzatzen da itsasertzean ibilbideak eskainiz.
Biguna da eskualdeko lurralde fisikoa, paisaia, baita hozberoa ere; inguru arbolatsua, atsegina, indartsua, freskoa, alaiagoak dira bertako etxeak ere.
Autobideak hartu dio lekua errepideari, inguruko hiritzarretatik igandezalea eta oportzalea erruz datorren ezaugarri.
Tentatzen gaitu ingurumari oro bisitatzea, ikuskatzea, ahalik herri gehien ezagutzea, baina esperientziak erakutsi digu ibilbideari neurria hartzen, nekerik ez pilatzen.
Llandudno. Sarreratik bertatik erakutsi digu aurpegi adeitsua, etxe dotoretxo alaiez hartu gaitu, udaleku bati datxekion etxe erakargarri argiz. Herri barrua bera etxe xarmanten erakusketa dirudi etxe-molde potxolo atseginen museoa da osoki erdigune zabala. Jite, egitura eta molde guztietako etxeak, antzinakoak, baina ez zaharrak, beste giro eta sasoi batekoak: herri osoak gorde du kutsu hori, itxura dottore, ponposoa, bainu-herria dirudi herri osoak. Etxe ikusgarri koloretsuak, baita adreiluzko bi aparteko etxe ere. Beha-leiho eta teilatuetako leihoek ematen diete bizitasuna eta erakargarritasuna fatxadei. Ingeles estiloa du herri osoak, dottore punttua erakusten du: gaur, gainera, nagusi piloa dabil herri osoan, autobusetan etorritako jubilatu eta adinekoak, ilezuriak, jantzi argi eta dottoreekin, ingelesagoa eginez herriak berez duen ingeles giroa. Kale zabalak dira, denak, zuzen elkarrekin saretuak. Paseo-herria, ibilirako herria dirudi, hain da atsegina bertatik paseatzea. Itsasoa du alde bietara, lur mutur batean baitago zaharra; kaia eta ontzien babesleku den hondartza dago alde batera eta badia bestera. Luze-luzea da badia, borobil zabal-zabala osatuz; maria beheran soilik da hondartza itsasbazterra, itsasgora denean ez zaio gainaldeko harritza besterik ageri, uharri pilatua. Badiaren ertz osoan pasealekua, izugarri zabala eta luzea, sekulako ibil-lekua. Aspertzen ez zaituen herria, orduak eta pausoak galdu ordez etortzeko herri atsegina. Gustura sentitzen zara bertan. Agian ibilgose ginen gu geu ere gaur, atzoko kotxe ibilaldiaren ondoren.
Dena da hotel, kafetegi, denda eta saletxe. Ez da kinkila-herria, dendateria zabala du, salgai oneko dendak, ez dira kinkila-dendak kinkila salgairik bada ere.
Zenbait bisitariarentzat eskaintza tentagarri aipatuko ditugu: 1. Muturrenean tontor harritsu garaia du, bertara doaz tele-aulkiak, tontorreraino airez, igotzerakoan zein gainetik bertatik ikuspegi gozagarri baten aukera eskainiz. 2. Lur muturreko mendiari itsasgainetik itzulia emateko aukera: kilometro asko dira, kotxez zein oinez egin daiteke, edo autoa aparkalekuan utzi eta tontorrerian luze ibiltzeko aukera du. 3. Tranbia: ezin izan dugu aurkitu, zaila dirudien arren ez aurkitzea. 4. 200 bat metrotik gora luze eta 6 zabal den burdinazko zutabe gainean eraikitako zurezko korridore zabala badia ertzean itsas barrura, badiaren ikuspegi zabal orokorra eskainiz: txosna dotoretxo ugariek eta gaur egun txanpon-makineria bihurtuta dagoen garai bateko kontzertu emanaldietarako guneak ematen diote bizitasuna eta berezitasuna, izugarrizko bizitasuna behar du egon bertan jendea etortzen hasten zaionean, bizi-bizi zegoen gaur bertan ere.
Tea hartzen du jendeak eguerdian mokadu batekin, pasealekuko zein kaleko eserlekuetan eserita, baita kotxe alboan bertan ere. Bakoitzak bere tea darama termoetan. Jendez mukuru daude kafetegiak.
Ume koadrilak datoz txangoan edo inkesta-ariketak egitera. Ikasle asko dabil umeokin edo ume guti ikasle bakoitzarentzat: irakasle bat 10 umerentzat. Oso irakasle gazteak dira.
Stand bat jarria du Ejertzitoak itsasgaineko ibilbidean, ejertzitoari omenezko monolito aurrean: etxola bat, kamioia eta jeepa, bertan ohizko osagaiak, panel, erakusmahai, kartel eta argazkiteria: ejertzitoaren propagandan ari dira, boluntario bila nonbait.
Lurmuturreko ertzean, tontorreriako belartzetara sarreran ardien gaitzaren aztarnak diraute, desinfekzio neurrien hondarrak, izurritea honaino heldu zen; ez da ardi bakar bat ageri.
“Gentleman. Mister” esan dit amona ingeles peto batek saltokian igogailura bidea utzi diodanean.
Menditsua da Gales-eko itsasertz hau, itsasgainean daude mendiak, herriak, aldiz, mendiarteko laugune eta zabalgunetan, zabalgune bakoitza da herri baten kokagune. Luzeak eta zabalak dira hondartzak, argigune biziak, urre kolorezko zinta, marra argiak itsasertzean. Gaur ez da argi nabarmentzen kostaldea, gandu baitago ingurua, itxura ederragoa eskaini behar du egun eguzkitsu argiz, iluntxo dager gaur.
Conwy. Itsasadarrean kokatua, belaontzi eta motora pila datza egon geldian uretan. Zirrara sartzen du lehen begiradatik: badia ertzean, aproposeko lekuan, itsasoak babestuta alde batetik eta kalediak bestetik, izugarrizko gaztelutzarra herriko ertzean, nano uzten zaituen gaztelutzar ikaragarria, zabala ez ezik garaia, eta garaia ez ezik gotorra. Herri osoa da gaztelu, harresi garai sendoak inguratzen du herria, kale oro bukatzen da harresiko ateren batean, gotor ederra da zenbait ate, harresietan, han-hemenka, hainbat dorre gotor barreiatzen da. Herri xarmanta, eraikin apartak ditu batzuk, xume erakargarriak besteak, potxolo liluragarriak asko, bitxi bereziak hainbat.
Udaletxeko bilera aretoa: sabai ederra, alkate izandakoen argazkien erakustoki diren hormak, alkatearen eserlekua guztiaren gainetik... Jarleku landu sendoa eta edalontziteria aparta alboko gelan erakusgai: tokatzen zitzaiena izanen zen edaria ere ezbairik gabe. Abercnwy: horma bitxi eta zurezko fatxada irten ezohiko eraikin bitxia. Plas Mawr: sekulako XV. gizaldiko etxe bitxia hau ere, handia izateaz gain balkoi-korritu, patio eta hainbat osagai bakanekin. Bretainia Handiko etxerik nanoena: han dago portuan, txikia, baxua eta estua, gorriz pintatuta, bera ere beste bat gehiago harresi eta etxe ilaran, baina erabat nanoa. Zutabea: mehea, errege koloretsu bizi argia jarri dute lehoiaren ordez armarria eusteko. Harresi-zubia: zubi kurbatua bihurtzen da harresia ibai gainean, kurbatua ez ezik gotortua ere, luze eta garai ibai gainean. Eliza: bitxia da elizpe edo sarrera bera: zurezko egitura deigarria. Hiru nabe arku punta-luzek eutsita, arkuen haserako junturak buru zizelatuz dotoretuak daude, espresio handiko buru handiz; baina, bataio-harria da elizako altxorra, urteek leundu, higatu, duten XV. gizaldiko bi estaiko ontzi tailatu ederra; bigarren altxorra, aldiz, korua da: askok ikusi ere egiten ez dituzten irudi tailatu ederrek dotoretzen dute sarrera, aulkiteria sendotasunagatik da deigarria, antzinako jitea, arkaiko itxura du, ohol zabal sendokoak dira aulkiok, ez dute filigranarik baina taila fineko forma finez dotoretuak daude: erabat ezberdina da, iruditxo eta ñabardurarik gabe, bitxikeriarik gabe, baina ederra eta sendoa. Bada ere jauntxoren baten irudia, bera bakarrik dago, alarguna nonbait, hiru semerekin, belauniko otoitzean harrian zizelatua.
Jaieguna dirudi gaur herrian, asteguna den arren: kotxe pila, jendea erruz, asteburua edo opor aroa dirudi.
Galeseraz daude herriko kale-iragarki denak.
Nongoak garen ba, udal aretoko zaindariak: “Gu bezala herri bat beste herri baten barruan sartuak”, esan digu. Ezagutzen gaitu.
Euskaraz idatzi dugu ohi dugunez gure nongoa eta gure eraikinari buruzko iritzia Udaletxeko aretoko koadernoan: begiluze eta jakin-min idatzitakoari begira geratu dira gure ondorengoak.
“Diversion” bat izan dugu kale artean. Luzatu egin behar izan dugu kale arteko ibilia, oinezkoa izan da lehen ibilia, kotxez oraingoa.
61 kilometro, oinezko ibili atseginak ahalbideratu dizkigutenak.
Txakurrik ez duena ez da inor kanpin honetan. Ez zen txakurrik Ingalaterrako lehen egunetan, ugarituz joan ziren txakurrok Eskozian, Galesen aldiz bakoitzak du bere txakurra. Irrigarriak ere badira gizontzarrok txakurtxoa lagun alboan ikustea.
Erabat lekuz kanpo darrait, nahastuta: hegoan genuen hasieran itsasoa, berehala sortaldean, Eskozian aldiz orain genuen Ekian, orain Iparrean, orain Mendebalean, itsasoa ez zait orientabide fixoa. Are gehiago zailtzen zitzaidan orientazioa itsasadarretan, hainbeste ur-bazter inguratze eta sigi-sagarekin. Eguzkirik ezak areagotu besterik ez zidan egiten nahasmena. Eta hala jarraitzen dut, erabat galduta lurraren nondik norakoaz. Ia sekula ez dakit ze aldetara goazen edo norantz nagoen.
“110. Street-eko geltokia”. Iñaki Zabaleta.
“Metroko labirintoan dabiltza beti bide onetik Joseba eta Angie”. Lanak ditugu Ingalaterrako errepide-labirintoan, zuzenetik hartzen bidegurutzetako borobiletan.
Ekainaren 13a. Asteazkena. 43.a – G:3.a
“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri:
* “Horrela da, nire aberriak zailak ditu koordenadak”. Zailak: atzo deitu genuen etxera.
* “Harrien lauhazka entzuten baduzu”. Entzuten dugu.
* “Denok dugu etxe bat iluntzean noiz helduko itxaroten gaituena”. Dugu, bai. Etxea eta herria. Herria ez dago gu itxaroten, herriaren arnas hotsaren azken oihartzuna besterik ez gara, baina guk jakin badakigu han dugula gure herria. Oso herrimin gaude jadanik, bai lurrez, bai egitarauz, hurrago baitugu gure herri hori.
* “Itzarpean ontzi-irauli handi bat da gaua”. Sarri izan dut gauez lurra ontzi irauli bat dela sentipena. Poztu nau esaldiak, irudia eman dio nuen sentipenari.
Mika izan da kanpin honetan ikusten dudan lehen hegazti edo txoria, zakarrontzien usainera hain zuzen. Belar-sail honek ere artifiziala dirudi, belartza kimikoa da nonbait, hila.
Gentleman eta dandy zenbaitek zikina uzten diote harraska atzetik datorrenari.
Egun argiz ikusi dut gaur ilargia, ilbeheran. Jabetu ere egin gabe joan zait ilbetea hil honetan, Eskoziako lainopean gorde baitzait ilargia gauero.
Biluztu egiten da zuhaitzez itsasertza mendebalderantz, txilarrek eta belarrezko mendi mortuak nagusitzen dira. Harrobi batek oso-osorik jan dio itsasgaineko tontorra mendiari, tontorraren hegi-hegian jarri dute harrobiko tresneria erraldoia, lotsagabeki, ingurua itsusituz. Mendiko tontor biak daude harrobi bihurtuta, harri eroriek hartu dute malda osoa.
Bangor. Badia zabal-luze baten buruan kokatua, hondartza horia da eremu osoa itsasbeheran. Gaztelu izugarri luze zabal, garaia, handia, agertzen da erraldoi urrutitik gaur hondartza den badia gainean; jauregia da, gaztelu itxura duen arren; leiho asko, ugariak dorretxoak ere, babeserako baino dotoretzeko jarriak. Portua: urik gabe gaur, lokaztia da morru inguru oro, lokatzan etzanik daude bai ontzi ugariak, bai belaontzi handi samarrak. Herri honek gutxienez hankak luzatzeko aukera emanen zigula uste genuen, baina unibertsitateari argazki bat aterata alde egin behar izan dugu. Bi kaledik osatzen du herria bi herri bailitzan: berriena behean dago, zaharrena goian. Zer aitatu gutxi eskaini digu herri honek, aitatzekotan unibertsitatea aitatu behar, goialdean kokaturiko harrizko eraikin bikaina, non deigarria gertatzen den areto nagusia behar duen leihoteria zabal ederreko hegal bat.
ANGLESSEY IRLA
Sarrera deigarria du, aurpegi atsegina erakusten: zuhaiztiak parez-pare ur-ebakiduraren bestaldean, etxetxoak zuhaitz artean gordeta. Lur-zati biak banatuz itsas gune estua, oso meharra maria beheran. Gainetik bi zubi, Menai zubia aukeratu dugu guk haranzkorako eta Britania zubia honanzkorako: biak dira zubi ederrak, zintzilikatuen jitea du Menai zubiak, 304 metroko luzera du eta 37 metroko altuera, bi norabide esturi ematen dio lekua eta kableei eusteko zutabeak ditu albo bietan. Hirugarren zubia du autobideak.
Lurralde berdea eta laua da irla, digantea dirudi lautadako edonondik ikusgai den irlako altuera nagusiena duen tontor konikoak, irlako Everest bilakatzen du ordeka zabalean 220 metroko garaierak. Larrea da nagusi, ia mortu dago, artalde guti batzuk ematen diote itxura larre-berdeguneari, izurritea heldu baitzen honaino ere; hertsiak daude hainbat granja, oinezkoentzako debekua han-hemen ibilbide eta bidexketako sarreretan; banakak dira zaldiak. Sastraka eta harri hesiek banatzen dituzte jabego edo sail ezberdinak: hesi berde dotoreak bilakatu dituzte mota guztietako zuhaizka inausiak, ingeles taxu petoa hartzen du lurralde osoak: berdegunea, hesi berdeak, eta ikuspegiaren ondorioz urrutitik ia baso diruditen zuhaitz bakanak.
Txiki ilunak dira herriak, xumeak, apalak, lurretik bizi direnak, kolore berdin-berdinekoak denak. Hondatuak edo utziak daude antzinako etxe gehienak: txikiak dira, harrizkoak; etxeok adierazten dute gogorra zela hemen bizimodua; badira gerorago jasotako etxeak, harrizko grisak, txukunagoak, horma zarpeatutakoak: horietan bai bizi da jendea. Etxe zapalak dira nahiz lehen solairua eduki; bada fatxada zuririk, kolore gorrixka-grisaxka ilunez pintatuta daude gehienak, eskualdeko kolore ezaungarriz nonbait.
Eliza bakarra ikusi dugu, harri gorrixkako sendoa, bere leiho gotikoekin; dorretxea dirudien dorre karratua du.
Une labur batzuetan soilik ikusi ahal izan dugu itsasoa bere ingurutik badoa ere errepidea.
Gurutze eskoziarra aurkitu dugu herri batean, hemengoa ere bada nonbait, agian izanen du guk antz ematen ez diogun ezberdintasunen bat.
Bada aspaldiko txabolarik, nano-nanoak tamainaz, harrizko xarmantak begiratzeko.
Berdegunez berdegune, ibilbide atsegina daramagu, polita eta erakargarria. Harrizko hesien artean doa errepidea uneoro, efektu bitxia sortarazten du begientzat, pasagune estu batera bultzatuak lez baikindoaz: animaliak bidera atera ez daitezen eginiko hesiak izanen dira.
Patata-sail handi samarra: bidaia osoan ikusi dugun bigarrena.
Gerra hegazkina eta gerra helikopteroa izan ditugu gain-gainean uneoro: aireportu militarra omen irlan eta goi dena hartu dute nonbait eremu militar: Bretainia Handia, gerrarako beti prest dagoen herria.
Bryn Celli Ddu: Bere hartan iraun duen trikuharria omen da, baina horma batez itxi dute izurritearen ondorioz bertara ibilbideko pasabidea.
“Araf - Slow”: galeseraz idatzia dago edonon ingelesarekin batera, poliki joateko aholkua errepideko zoruan, mantso joateko agindua. Bi hizkuntzetan idatzita dago herri izen oro, ohar eta argibide denak ere.
Llanfairpwllgwyngyll. 59 hizki ditu herri izenak galeseraz, esanahia ere luzea da, eliza baten kokaguneari buruzkoa.
Gaztelua eta zutabe garai bat.
Britania zubitik itzuli gara irla nagusira; burdinazko zubia da, Faraoien monumentua dirudite harrizko arkutzarrek. Menai zubia bera ere eder dager Britainiatik.
SNOWDONIA NATURA-GUNEA
Caernarfon. Maria behean hareatza zabal-zabala den badia baten altzoan kokatutako herria. Eliza gerta zaigu deigarri, teilatu piko-pikoa eta absideko leiho obalatu zabal eta konoa dirudien piramide hexagonala den eliza-dorre harrizko zorrotz luzeagatik. Bada gaztelua, urrutitik ederra.
Llameris. Mendi barren-barrenean kokatua, bisitaria erakartzeko eskaintza anitza du, eskaintza oro mendiari lotua, mendira egun-pasa etorri nahi duenak badu hemen nora. Mendiaz gain bada leku egoki bat, mendira igotzeko trena, lakuan ibiltzeko txanelak, jolaslekuak, aparkaleku zabalak, lau horma-hondakin besterik ez den arren tontortxoan xarmant ageri den gaztelua...: udaleku petoa, igandezaleen helburua, gaur bertan ere bisitari pila hurreratu zaio, hainbat eta hainbat, kotxez zein autobusez.
Izurritea: kontuz ibiltzeko aholkua, debekurik gabe.
Hemendik gora hasten da ikuskizuna, errepideak aldaz gora eta behera eginaz zeharkatzen ditu mendiok. Snowdon da tontor nagusia, 1085 metroko goiera du. Arbela da mendietako bat, Llameris gainean, harrobia behar du izan mailaz-maila, maila erraldoietan, ebakitako mendiak, bertatik aterea izan behar du Bretainia Handiko teilatu oroko arbela; arbel uholdea dator gainbehera maldan zehar. Harkaitz uholdeak dirau aldats gorako mendiarte malkorretako maldetan, harri eroriak estaltzen du magal oro, ikuskizun izugarria. Harkaitz-menditzarrak gain-gainean ditugula egiten dugu gorantz, harrizko hormek egiten dute errepide alboko hesia, errepidea erabat mugatzen dute, luzea eta estua bihurtuz alboetan toles pilatutako harri-hormek. Andia mendiko kareharrizko hesiak gogarazten digute, larreko animaliak errepidera atera ez daitezen jasoak; harri uholdeen arriskua du hemen errepideak.
Harriz inguratuta egin dugu hegirainokoa, berdea da bestaldeko eremua. Ikuspegi zabala da aldats gainetik dakusagun paisaia, indarra du bere mortu eta biluztasunean. Erruz dabil jendea, aparkalekuetan geldialditxoa egiten dugu, paisaiaz tarte batez gozatu, argazkia atera eta bagoaz. Bada mendikara egitera joandako jendea ere, harri artean maldaz gora ikusten ditugu taldetxoak.
Behera ekin diogu honenbestez, haltzadia da alde honetan mendi magala, malda bustia baita. Behean laku eder bat. Gazte taldea dabil kanoetan, denda-kanpamendua du alboan. Inguru idilikoa.
Erabat aldatu zaigu ingurua hortik aurrera. Dena izan da ezberdina, erakargarria; harrizko herri apartak, ilunak, herritxoak zein herri koskortuak, herri bakoitza zen ezustea, herri bakoitzak zekarkigun osagai atsegin berriren bat, bitxikeria gehigarriren bat: kolore ezberdinetako harriak, zain ezberdineko koloretsuz egiten dituzten harrizko etxeak, zuriz pintatutako leiho eta ate bueltak, beha-leihoak. Badira etxe ederrak, etxe moinonoak...
Mendi-zuloz mendi-zulo, alboan beti errekatxoa dugula, zubi xarmantak zeharkatuz, lore lilez loratutako mendi-malda barren eta erreka albotik, etxe xarmantek alegeratzen dizkigutela tarteka begiak... herriz-herri, erreka-zuloz erreka-zulo, errekaz-erreka, bidegurutzez-bidegurutze... barnea betetzen digun ibilbide paregabea gin dugu etxerakoan.
Jota du baina eskualde hau ere izurriteak.
Noizbehinka bi zaldiko zitroen famatua dugu errepidekide: teknika berriaren izurriteak ez du oraindik menderatu eta ezabatu.
Penrhyndeudraeth: herri hau ere ez da motz gelditu izena aukeratzerakoan. Herri koskortua. Badiako hondartza luzea da maria beheran, itsasoari erabat bizkar bizi da. Herri barruan bertan %17ko gainbehera du kaleak.
Kedar edo Tximinia garbitzailea: ipuinetako pertsonaia bat bailitzan, etxe batetik atera da, beltz, ahoan iragazkia daramala: tximiniatxoa eta erratz beltz zabala daramatza kotxe gainean bere lanbidearen ezaugarri.
Bestaldetik daramagu orain goizean ikusi dugun natura-gune eta menditeria, arbel harria dator uholdean goirik behera, arbel-mendiak harrobi bihurtuta... goizeko aldea bezain eder, nahiz ez hain ikuskizun.
Mendi-mendiko harrizko herritxoak ditugu orain bidean, Pirinioetako herrien antz handia dute, bere ukitu berezi propio du harrizkoak izateak. Etxe berriak ere harrizkoak dira, izan behar hainbeste harri dago-eta inguruan, joan eta behar den tamaina eta formakoak hartu eta ekarri, ez da besterik egin behar. Hain grisak arren, herri alaiak dira.
Zerua bera ere grisa dago, belartzak ere grisaxkak dirudite, dena da grisa gaur.
Azken zatian baso-basoko ibilbide gozagarria izan dugu, ondoren goi-bailara berde biluzia, mortua, baina era berean dotorea, bukatzeko beheko bailara berde ederra, ingeles paisaia bere zuhaitz, hesi heze, etxetxo eta gainerako osagaiekin, ardiak eurak ere ugariak izan dira, ingurua edertzeko apropos jarriak lez.
244 kilometro, Englesey irlan eta Snowdonia natura-guneko zoragarriak.
“110. Street-eko Geltokia”. Iñaki Zabaleta:
“Bi arrotz ziren, arrotzak bezala bereizi ziren”. Arrotzak gara elkarrentzat denok kanpinean lehen egunean, arrotz bezala ematen diogu elkarri diosala, egun gutxira baina ez gara hain arrotz.
GALES: CAMBRIAN mendiak, Aberystwyth, BEACONS NATURGUNEA. Black Muntains, Monmout-Trefynwy, Caerdydd-Cardiff.
Ekainaren 14a. Osteguna. 44.a - G:4.a
“XX. Mendeko poesia kaierak”. Iñigo Aranbarri.
* “Hizkera arazoak”. Idazkera arazoak ere baditut nik.
* “Ez dut adierazi gogo dudana esateko gaitasunik ukan, / ... Oso herrendun naiz mintzoz / Hautatu izan ditudan berbek ez dute kreole ilun bat baino erakutsi”. Hori gertatzen zait nire bidaietako gogorapen eta oroitzapenekin.
* “Iraganean bizi gara, iraganago orain”. Iraganeko gauzei lotzen gatzaie sarriegi bidaietan, artea, monumentuak ... baina horri esker bizi dugu guk gaurkoa. Iragana ikusteak gaurkotasuna gauzatzen du. Han izan ginen, baina hemen gaude.
Hori luzea da itsasertza;, aldiz, harritza da hondar gainaldeko zatia. Ez da hondartzarik egonen itsasgoran, harritza izanen da hondartza ordez.
Lur barrura egin dugu, Ingalaterrakoaren itxura eta egitura bera du lurraldeak, paisaia leuna, biguna, dottoretasun punttua dariola. Dena da zelaia, dena larrea, baina oso animalia guti dago larrean, izurriteak jo zuen nonbait lurralde hau ere. Hori daude zelai asko belarra ebaki ondoren.
Eskoziar gurutzea da guretzat, galestarra izanen den arren, ez diegu oraindik desberdintasunik aurkitzen gurutze biei.
Benbigh ezabatu egin dute ingeles herri izena, galeserazko Binbych utzi dute soilik letreroan: bada hemen EHE-GHG talderen bat. Ingurubidetik bidali gaituzte, ezin izan dugu ikusi ez harresirik, ez gaztelurik, ez elizarik.
Herritxo alaiak dira, kolorez zein etxe egituraz. Etxe argiak eta alaiak, aurreko egunetakoek baino apaindura gehiago dute. Tximinia pila teilatuetan, gela bakoitzko bat gutxienez.
Gotiko tankerako leihoburuko leiho zabalak dituzte eliza gehienek absidean ez ezik alboetan ere: argitsuak behar dute elizok, hala izan dira barrutik ikusi ahal izan ditugun eliza gehienak.
Ur-errota iragartzen dute ikusgai erreka bazterrean. Atzo ere izan genuen beste bat.
Ruthun. Merkatu-herri historikotzat iragartzen dute errepidean, “muy pintoresco” dio gidaliburuak. Erakargarria da, lorategiz inguratutako etxe dotore pila erreskadan sarreran, kaledi potxolo-potxoloa, zura agirian duten etxetxoak, etxetxo txikiak, beltzez pintatutako leiho eta kontraleihoak. Baina gehiago da autotik ikusteko herria, erdi-erditik baitoakio errepidea, oso espaloi estuak baititu: ez dugu erosotasunik ibiltzeko oinezkook.
Gehienean lur-sailen ertzetan dauden arren zuhaitzak, zuhaitz sendo ederrik ikusi ahal da zelai erdian han-hemenka, dotore.
Zuhaitz mota guztiez eginak daude hesiak, argi dago txikitatik inausten dituztela eta horma trinko bihurtzen. Tarteka zuhaitz mota ezberdinak daude nahastuta hesi berean, elkarri trinko lotuta.
Mendi-kasko bat zeharkatu dugu, baso-baso baten erditik, errepideak erabat zokoratu egin du erreka zementuzko horma baten bidez, erabat jan dio bere lekua, ibilbidea bazterrera botaz.
Bidezainak berbetan daude gehienetan, bat dago lanean gehienez, hiru bat hizketan berari begira. Txandaka egiten dutela lan dirudi.
Eguzkitsu argitu duen arren, lainotu egin zaigu gaur ere. Nolanahi E skoziakoa baino epelagoa da lurralde hau. Askoz epelagoa.
INGALATERRA
Chester. Handikien herria, ikuspegi zabalarekin egindakoa: kale zabalak, lau kale elkar gurutzatuz erdigunean, etxe ederrak... ez da herri zaila. Aberatsen kalea da erdigunea. Ez da eraikuntza modernorik. Kale zabalak ditu, agian ez da kale estuko hiri bildu goxoa York edo Kanterbury bezalakoa, ez da goxoa, ez da moinonoa, ez da eztia. Baina bai harrigarria: zauskada eragiten dizu. Harriduraz egiten duzu kale-artekoa, goxotasunez baino. Erruz dabilkio jendea, turismo gune bisitatuenetarikoa baita.
Bi gauza nabarmendu behar ditugu, biak erakargarriak: harresiak eta zura ageriko etxeak:
Harresiak. Harresion ibilbidea da hiriko turismo-eskaintzetariko bat, tentagarria, ezki eta bestelako zuhaitz ederren babesean sarri, ibilbide osoa egiteak damutzen ez zaituena. Erabat inguratzen dute hiria, oinez egiteko prestatuta daude, 2 mila, 3 kilometro pasako, ibilbide aparta. Agian deserosoa behar du izan ibiltari asko dabilenean, batez ere norabide ezberdinean badabiltza. Ikuspegi atsegin ezberdinak dituzu ibilbide osoan, ez duzu aspertzeko arriskurik: paisaia zabalak; ateak: berriki egindako ateak dira, ez dira batere erakargarriak, kaleari irtenbidea emanezko ate-zubiak besterik ez; erromatarren hondakinak; ontzitxo, txanel, ahate eta zisneek dotoretzen duten ibaia presagainean; presapean aldiz sartzen zaion itsasadarren baten maria aldaketek badute eragina; zazpi begiko antzinako zubi ederra; gaztelua; beste zubi bat; hipodromoa: bere zabalera guztian ikusi ahal da goitikako ikuspegitik, zirraragarria berdegune zainduan zur zuriko pista erraldoia; neskentzako adreiluzko ikastetxe ederra harresi alboan, azpialdean, aldiz, belar eremu zabala jolastu edo egoteko; denbora-pasarako lorategia non jendea dagoen irakurtzen; tren-zubia: ugariak dira trenok, kolore ezberdineko trenak; herriko kaleak eta kaleko ibilian miretsi ahal diren etxeak kale gaineko zubitik aurrez- aurre; katedrala gorrizka eta handia, baita ederra ere; ubidea, ontzi eta guztikoa, baina ur zikinekoa, esklusez gordetzen diote ur-maila.
Katamixarrak egin du alderik alde zubiko horma gainean, azkenik bestaldeko zuhaitz batera jauzi egiteko.
Etxeak, zura agerikoak: harrigarria, esplika ezina, hiri xarmant liluragarria. Uholdean bezala datoz etxeok ibiltariarengana, bata bestearen ondoren, etengabeko jarraian, edozein kaletan. Badirudi nork etxe ederragoa lehia egon zela. Zein baino zein. Beltzez pintatutako zura horma zurian, kontraste deigarria sortuz. Zur tailatua dager sarri, gizairudi bikainak erakutsiz. Forma eta egitura, jite eta molde, tamaina eta apaindura ezberdineko eraikinak. Etxe arkupedunak, balkoi-korritu zabalekoak... Gehiegizkoa. Ezustez ezuste, zoaz kale artean. Gainditu egiten zaitu azkenerako, ase, bete. Herri osoa da kapritxo bat. Ipuinetako herria, ipuin liburuetan ikusi ohi dugun herri horietako bat. Kale nagusiak utzi eta alboratzen bazara ere edonon aurkituko duzu etxe zurezkoen bat. Edozein ibilbidetan, “aski” esaten duzun arte.
Badira adreiluzko eraikin apartak, edonon dir-dir eginen luketenak, hemen ordea bigarren mailako direnak. Udaletxea ere ederra da, harrizko gotikoa. Katedrala: sendoa eta gorria, nolabait ederra, baina apartekotasunik gabekoa. S. Pedro eliza: denda eta kafetegia da, baina aldi berean eliza ere. Edo alderantziz. Elizkizunetatik at kafetegi eta denda da, erdiko nabea da elizkizunetarako gunea. Han dago bezeroa kafea hartuz, elizkizun orduetan gortinak zabalduz estaltzen dira salmahai eta aulkiteria. Kafea hartu dezakezu aldarera begira, zurezko sabaiak gozatuz... hartzen duzun mahaiaren arabera.
Bada bestelako zer aurkitu eta begiraturik, baina nahiko izan zaigu goiz baterako harresi eta eraikinokin.
147 kilometro, paisaia ederretatik hiri harrigarrira.
Euria izan dugu arratsaldez, eta eguneroko gerra-hegazkina bisitan.
“Onan”. Aitor Arana.
Izan ohi dira tarteka gizakume bikoteak kanpinetan. Homosexualak ala lagunak?.