Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIZINAHIA

BIZINAHIA

Jon Etxabe 2022/11/07 10:25

11

Preso

Gelak ez du sarrailarik

ez zara izanen iheslari

ez da inon atezainik

gaitza da zure kartzelari

 

 

12

Menderaezina

Kendu zioten mina

leundu gaitza

goxatu egona

herio etorri zen

ezin izan zuten uxa.

 

 

13

Zerualde hau

jainkoa, deabrua, patua

sateliteak bezala inguruan

hemen dabilzkigu orbitan

zerualde humano honetan.

 

 

14

Bizinahia

Zelofan kolore ezberdinez

biltzen dugu nahigabea

esperantza izpi pizgarriz

oinaze guztien azpitik

bizinahi ororen gainetik

 

 

15

Biluzik

Alboan duzu kutuna

hor sendabideko tropela

hurko duzu eri-kidea

baina zeurea da gaitza

zeure-zeurea

zeure bakardade biluzian

zuk soilik kudeatzekoa

transferiezina baita.

 

 

16

Zu zeu

Lagunek gauzatzen dute

arduratuen elkartasuna

familiak lagun minek

gaitz-kide eta osagileek

 

zuk zeuk soilik

osatzen duzu baina

zu zeu zarena

 

bakardadean zaude

nahiz hurkoak aterpe

oinaze zure-zurea

zu zeu egiten denean

 

 

17

Biziaroak

Heriori beldurra galduta

esperoko iraupen etsian

zahar zaharkituak hemen,

betebeharrak beteta

jada ezeren damu gabe

 

Zer gertatuko kezkaz

bizitzaren ahaleginean

su eta gar jada umatuak,

bihar zer galdez

irabazia galduko ote

 

Bizitzari itsatsita

lapa haitzari bezala

gazte eta ustez gaztea,

geroak zer galdezka

etorkizunaz borrokan

 

Adina adin

ospitalean

bizitza lehian beti

 

 

18

Tsunamia

Batzuetan gora egiten dute hitzek eta hotsek

isiltasunaren eremua behar lukeen honetan

erizain laguntzaile garbitzaile zeladore berbaroa

lorezain eta orgatxo ezberdinen harrabotsa

bertako arnas isila behar lukeenaren gaindi

lekuaz eta egoeraz ahaztuta bezala

komunikazio premiaz

lanaren halabeharrez

harmonia behar lukeena kaos bailitz

pasilloa hartzen dute bere baitan

hotsen eta hitzen tsunami batek lez.

 

Batzuetan, noizbehinka.

Ezkerrak!!!.

Halaz ere sarriegi

 

 

19

Hurbil eta urrun

Hurkoagoak egin behar gintuzke gaitzak,

konpartitzera bultzatu minaren sentipenak,

baina bakoitza bere oskolean gordetzen da

besteen mina hain hurbil egonda ere,

zenbait bizipen azaleko ohiko mintzagai

beti dago urrunagoko norbait edo zerbait

distantzia fisikoa hain bertakoa izanik

zein urrun bata bestearengandik.

 

Sentipenen urruntasuna

ala

babes premia osa ezina ?.

 

 

20

Biok

Koloreetako babesa eraiki dugu

aterkia zara zaparradan

bihar  egongo zara

neu ere egonen

egonen gara

biok

etiketak: Bizinahia, Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.