Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2001

BIDAIAK 2001

Jon Etxabe 2022/12/26 10:10
INGALATERRA: MIDLADS: Hereford, Ludlow, Ledbury, Great Malvern, Worcester, Glucester, Tewkesbury. HEGO INGALATERRA: Winchester,

Ekainaren 19a.   Asteartea. 49.a – I:21.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal poesia 1990-2000

Igor Estankona: “Gaur ez dago lainorik”. Gaur ere bada lainorik Galesen. Zirimiria noiz hasiko dago zeru grisa. Ez da lainotu gabeko egun bat bera izan Bretainia Handiko bi hilabete hauetan.

Martin Etxeberria:

* “Begiekin pentsatzen dudana / idatzi nahi nuke beti. / ... / Bideak hitz egiten duen hizkuntzan / hitz egin nahiko nuke / hurbil bezain urruti”. Bideak badu izan bere hizkuntza propio berezia, hitz egiten dute begiek. Nire eguneroko etsipena begien pentsamenduak eta bidearen hitzak hizkiz  marraztu eta lotu ezinean datza, egunoro.

* “Eguna eguzkiz beteta zegoen, / ikaragarria, lehertu beharrean”. Bagenekien Bretainian  ez genuela horrelakorik.

* “Eta han geratu ginen goiz guztian, / aterkiak eguraldi oneko egunetan bezala, ondo bilduta”. Bilduta izan dugu ia egunero aterkia,  baina ez dira izan eguraldi oneko egunak.

 

MIDLANDS

Erdialdeko lurrak. Gure hurrengo egunetako bisitarako herrialdea.

 

Ingalaterrako lurraldean sartu gara. Ez da aldaketarik naturan, naturaren aldakuntzak eta herrialdeen mugak ez dira marra berdinez bereizteen, gizadiak jarritako muga interesak eragindakoak dira, inposatutakoak, naturaren mugak aldiz barne legeek eragindakoak..

Errepide orotan daude lanetan, lan-leku bakoitzak du bere argi-gorria, beraz takian potian gelditzen gara. Urrutira ikusten dugu lur zoroan, ertzean, eta badakigu argi-gorriaren iragarkia dugula zain.

Errepide-sare trinkoa du herrialde honek ere, bi aldetatik du errepidea herritxo bakoitzak, alde batetik sartu eta bestetik atera daiteke errepide nagusira herritxo bat barnetik ikusi nahi izanez gero.

Intxusa dager sarri, berriro ere, errepide ertzetan batez ere.

Ez da ia larrerik, lur landua da inguru honetako lurra, ez da koltzarik, gari-sail dira lur landuok. Kolore gorrixkak ageri dira lur goldatu berriak, Portugaleko Alentejo gogarazten digute.

Kolore biziz pintatuta daude  ostatu eta taberna asko, fatxadak kolore biziz pintatu zaleak dira, izan da bat hori-hori pintatutakoa.

 

Beti errepidean gabiltzan sentipena dugu, gure solasgai eta esamesak errepikatuz goazela jadanik. Luze doa jadanik bidaia, antzerako lekuetatik, jadanik ez dugu gauza berririk ikusteko, ez aukerarik,  ezta irrikarik ere, ez baitago ezer berri, ezohizko edo ezustekorik gure ikusmina pizteko.

 

Hereford. Zuhaitz ugariz zipriztindutako lautadan agertu zaigu, behe ganduan. Dorreak izan dira lehenengo ikuskizun deigarriak: lau ertzak orratzez apaindutako sendo karratua bata, punta luze garaia bestea, Katedralarena izan da bata, S.Peter elizarena bestea.

Hiri ederra, Ingalaterrako ederrena gidaliburuaren aburuz. Zaindua, txukuna, lasaia eta atsegina. Badu oinezkoen kaledia, behar ere!, ugari baitabil autoa kaleotan. Harrizko zein adreiluzko etxe eder asko eskaintzen die bisitari begiluzeei, baina zura agerian duten etxeak dira batez ere nabarmentzen zaizkionak, asko dira etxeok, ederrak gainera, atsegina da kalez kale  oinak astintzea etxeok aurkituz eta miretsiz. Katedrala, S. Peter eliza eta Sagardo Museoa dira aitatu beharreko ikusgai nagusiak.

Katedrala. Hainbat aldiz berritu, osatu eta aldatutako eliza gorrizka. Oso handi eta sendoaren iritzia erakusten du, batez ere kanpotik gurutzadura erdi erdian, gain gainean, oso landua lerdentzen zaion dorrearen eraginez. Ez dit hala ere inolako eraginik sortarazi kanpotik, gutxiago harridurarik sortu: mahiko austeroa iruditu zait. Barruak aldiz halako zirrara leherrarazi digu, sarreratik bertatik, hain agertu zaigu handia eta zabala, handia zabaleran zein garaieran; handia zutabe-zilindro garauek ematen dioten sendotasun eta erraldoitasunagatik, argia beirategiak oso zabalak direlako, eta beirategi asko, beira koloretsuak galdurik, erabat zuriak direlako.  Egitura ezberdina du: koru ostean dago kokatua eliza bitan zatitzen duen arkua, ez ohi denez koru aurrean. Koruak harri zizelatuko iruditeria du, eta aldareko erretaula bikaina da.  Ederra da zurezko sabaia. Hortaz gain artelan paregabez oparoa da katedrala: zutabe-buru eta arkuteria osoa erabat zizelatuak zerra-ahoa bailitzan, nahi haina eta bi aurpegitxo zizelatuak, beirate apartak, bakarren bat oso antzinakoa, begiratzen aspertzen ez zarena, bataio-harri zizelatu bikaina, korukoa izandako aulkiteriaren zati bat sarrerako albo batetan, zeinetan harrituko zaituzten sekulako taila nanoek, batez ere deabruaren irudi xelebre ez ezik zoragarriak, eliza eta zibil jauntxoen hilobi pila bata bestearen jarraian, batzuk pintatuak beste zenbait marmol zuri distiratsuan leunduta, 1550.go triptiko tailatu ederra, kaperak, Erdi Aroko letoizko irudiak hormetan jarriak batzuk, hilobi gainean itsatsiak besteak, oinezkoon oinpean... Altxor nagusienetarikoa, 1200. urteko Mapa Mundia: bitxia, gozamena bere marrazkiak begiratzea. Klaustroan dago kafetegia, klaustroa bera zoragarria izan gabe, ezberdina du bai korridorea bai ganga, merezi du sartu-irtena, tragoxkarik hartu gabe ere. Katedralean bada 1611.go liburutegi famatua; apaletan lotuak ditu, ordutik,  1.500 liburu: aspaldikoa da nonbait liburu lapurreta.

S. Peter eliza. 71 metro  luzerako dorre zorrotza du, garaieragatik da deigarria; eliza barrutik sabaia da aitatu beharrekoa, baita hilobiak ere, baina batez ere kafetegia: Chesterrekoaren antzera, kafetegi bilakatua daude eliza erdia eta alboko arkupeko koroa, kafetegi-kafetegia, elizkizunetan ere estaltzen edo ixten ez dena, gehienez ez dute edaririk zerbitzuko; zirrara sartzen du eliza baten osagaiak kafetegikoekin elkartuak, batera, sabai beraren pean aurkitzea.

Sagardo Museoa.  Sagardogilea delako du fama hiriak. Sagardoa egiteko prozesua dago ikusgai, ez digu ezer berririk erakutsi edo eskaini ez prozesuan ez baliabideetan, beti dagoen arren tresna bitxiren bat. Saldu ere egiten dute sagardoa. Erosi dugu guk ere jakin-minak edo konpara-minak bultzatuta.

Hainbat sagardoren aipamena egiten da erakuts-arasa batean, hainbat herriko izenak ageri dira: Belgika, Australia ... dozena erditik gorako izen zerrenda agertzen da, herriotako sagardo botilen erakusketatxoaz osatuta. Ez da Euskal Herria, ez Euskal Herriko sagardorik ageri.  Harro gaude gu gure sagardotegiekin, baina ez gara munduko zila.

Jeep militarra dabil kaleetan zehar, bere etxean lez.

 

Izugarria zen ordu batean hiriko auto zirkulazioa, izugarria da hiri ingurukoa ere.

 

Leominster. Bere inguruan hara non aurkitzen ditugun berriz Hegoan hain deigarriak gertatu zitzaizkigun zaldi-kortako arnasa-tutu edo tximinia bitxiak: ber-bertatik ikusi ahal izan ditugu, autotik noski, ez baitago geratzerik.

 

Zuhaitz sendoz osatutako belardi zoragarri bat, begientzat gozamena: bazen hemen jauregi edo gazteluren bat, aberatsek beti jakin izan dute non eta nola bizi.

 

Ludlow. Nekatuak heldu gatzaizkio, bideak mereziko ote zuen zalantzaz. Heldu garen unetik irabazi gaitu, bereganatu, merezi izan digu bai etortzeak bai nekeak; orduak itzularazi gaitu etxera, bisitara joanaren inolako damurik gabe. Plaza zabal bat gaintxoan, bere inguruan adreiluzko kale estu eta pasabideak, bertatik erreka-zuloraino kale zabalak. Hiribildua izana, geratzen zaio oraindik  ate bat behean, bere aurrez-aurre erreka gaineko zubi ederra, garaia, eta sendoa; branka zorrotza du,  ura indartsu etorri ohi delako nonbait; gorenean gazteluaren hondakin sendoak eta atariko garbigune zabala. Etxeek pozten dituzte begiak, egiturako zura erakusten duten etxe ugari apartek. Gozamen bihurtu zaigu kale-arteko ibili patxadatsua, etxeok aurkituz. Badu bestelako etxe ederrik ere, ugariak hauek ere, tartean toskanoa omen lau zutabe dituen eraikina, nahiz guri ezer guti esan digun. S. Lorentzo eliza: sekulakoa, garaia, zurezko ganga bitxiarekin; “miserikordiak” deitu izugarrizko taila-lantxo erakargarri salatzaileak koruko aulkiterian kalonjeen ipurdi azpirako taulak, santuteria tailatu aparta burugaineko apaindura: alde  bietako ilara luze paregabea osatzen dute alderik-alde; erretaulako harri argian zizelatutako santu-irudi ilara aparta dago absidean; asko eta ederrak dira hilobiak.

 

24 graduko hozberoa izan dugu gaur. Behingoz!. Eutsi bekio.

 

140 kilometro, luzatu zaizkigun arren, balekoak.

 

“Onan”. Aitor Arana: Zenbaitek bere opor bidaiak larruak jotzeko aukera eta informazioen arabera  erabakitzen ditu, Cubara bidaiak hartu duten gorakada  da horren adierazgarri. Ez Kubara soilik. Hainbat autu entzun ohi diet zenbaitzuei non eta zelako aukerak dauden berri elkarri emanez.

 

 

Ekainaren 20a. Asteazkena.  50.a – I:22.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000. Mirari Garcia de Cortazar:

* “Ezabatzen doa / Gorderik nuen lurraren / Perfil zorrotza, / ... Urrunak, / Ilunak, / Lizunak, / Gure bideko hautsak / hatsak astinduak, / Hatsak zutituak, / Hatsak suntsituak”. Hala joan ohi dira gure bidaia-oroitzapenak ere.

* “Begi urruneratuetan / Hurbila etsi”.  Hurbila etsiz doaz urruneko herrira so jarriak diren gure begiak.

 

Nire urtebetetzea. 68 urte. Ni neu naizenik ere, gu geu garenik ere, zahartu diren pertsona horiek!.

 

Gaztelurako edo agian jauregirako sarrera bera da jostailuzko gaztelutxoa, zaindariaren etxebizitza seguru aski: bi adreiluzko zilindro arbelezko teilatu konikoarekin lau hormek biltzen dutela barruan sortzen den esparrua, bi ate utziz. Ipuinetako gaztelutxoa.

Lursail zabalean zabaldutako plastiko zuriak eman dio ezberdintasun ukitua landa ingeles berdeari.

Herri ilunak tarteka, adreiluzko etxeak, adreilu eta teilatu ilunekoak; leiho-buelta zuriek soilik , beste ezerk ez die ematen argi ukiturik.

Huntly-tik ez genuen ikusten untxirik: untxikumea gurutzatu zaigu errepidean. Zozoak, aldiz, bere lumajea baino zori beltzagoa izan du: ziztu batean atera zaigu auto muturrera, ezinbestekoa izan zaigu jotzea, atzerako ispiluan ikusi dut multzo beltz geldia errepide ertzean.

 

Ledbury. Bost mila biztanle besterik ez ditu, zabal agertu zaigu  maldako baso erdian, gorri-zuri, dotore, zuhaitz artean kukuka. Amabirjina agertu zaigu: plaza-plazan utzi digu lekua, aukera-aukeran, gu heltzeaz bat atera den batek. Kono hexagonal zorrotz luzea nabarmentzen zaio herriari. Era guztietako etxeak: batez ere zura agerian duten etxeak, harrizko adreiluzko zein zarpeatutako fatxadadunak, kolore ezberdinez pintatutakoak, teilatuko leihotxo gailur  luzekoak, teilatu piko-pikokoak, fatxada erpin zorrotzekoak; bakan batzuk bakoitza berenez dira bikainak,  beste batzuk kaletxo zoragarriak osatzen dutenez orokortasunak emandako giroaz dira erakargarriak, batez ere plazatik etxera doan kalexkako etxeak... ; sekulako etxeteria da, ezer nabarmen harrigarririk ez dute eskaintzen, bai bazterrei begira ibili gozagarria egiteko aukera paregabea.  Bada plaza erdian bera bakarrik bakan dagoen zurezko etxe bat, zutabe gainean lirain, azpi dena irekia Veneziako logia bailitzan. Eliza: urrutitik bezain dotorea da bertatik ere dorre zorrotz garaia, bere biluztasunean ere; agian biluziak egiten du dotoreago; elizatik banatuta dago eta XII. gizaldikoa omen; gotikoaren bi joera ezberdin erabat nabarmentzen zaizkiolako gertatu zaigu oso deigarria eliza kanpotik: bi zati erabat ezberdinak ditu, gotiko estilokoak biak, gotiko leuna bata, zizel-lanez edertutako gotikoa bestea; arkuteria xumea du batak, leiho eta ate landukoa besteak; bi nabeen gangak aitatu behar ditugu: zurezko arku edo eusgarri kurbatu sendoak eta ohol leun pintatua; azken afaria irudikatuzko koadroa da erretaula; zizel-lan ederrak hilobiak eta zoruko hil-lauzak; irudi grabatuzko latoi xaflak ugariak, jauntxoen irudi klasikoak...; azken hauen artean bost seme eta bost alaben artean andre-gizonak, hamahirugarrena bat zoruan datzala luze, ez dakigu hil zitzaienen bat edo auskalo ze demonio den bera. Merezi du bisita herriak, baita herriko elizok ere.

 

Mendi-muino kate batean sartu da errepidea, gora-behera pikoetan; ikuspegi zoragarria eskaintzen digu, errepide osoa da balkoi korritua, behean ortzi-mugan zeruarekin biltzen den arteko lautada berdea, zuhaitz, larre eta soro, mila berde tonu, berdearen gama infinituaren kontraste aberats  bezain atsegina. Geratu garen une batez belar ebaki berriaren  lurrun ia ahaztuaz gozatu ahal izan dugu. Bisitari asko datorkion ingurua da nonbait: kanpalekua ez ezik oinezko zein zaldizkoentzako  bidegorri ugari iragartzen da errepide ertzean. Etxebizitza ugari dago, ondo-bizien etxebizitzak: herrialde aberatsa edo aberatsen herrialdea.

 

Great Malvern. Mendi-muino baten maldan kokatuta, etxeteria bikaineko  herri erakargarria, herri aberatsa edo aberatsen herria hau ere, ingurua lez. Malda-maldan kokatua, bailara, lautada zabal osoa, duela aurrean. Itxura ederra du elizak ere, bada bigarren eliza bat gainalde zorrotzari tokatzen zaizkion leiho luzexka dotoreekin. Ez dugu bidaia astun bihurtu nahi izan bisita bat gehituz gaur ikusi beharrekoei, gainera gure ohiturentzat nahiko herri ezerosoa izanen da, oso herri luzea da, maila ezberdinetan errepidearen luzeran lerratua, oinezkoari ez dio non ibili askorik eskaintzen, ezerosoa litzake txoko interesgarriak bilatzea. Baina oso irudi eta iritzi baikorra sortarazi digu.

 

Etxe mota ezberdin asko dago herri orotan, batzuk ukitu ezberdineko erabat kilikagarriak, bitxiak; tarteka sarrian, aspaldiko etxetxo nano zuriak leiho inguru beltzarekin: ez dute ezer bereziki deigarririk, baina deigarri xarmantak suertatzen dira, ez dakizu zer duten, ez duzu ezer zehatzik aitatu edo azpimarratzeko, baina bereganatzen zaituen zerbait dute: kolorea, irtentxoak, tamaina, egitura, teilatuko leihotxoa, beha-leihotxoa... Etxe mota askorekin gertatzen zaigun bizipena da.

Ez dugu zikoina -habia bat bera ere aurkitu, ez dute ehiza edo bazka lur oparoa hau nonbait, edo hotzegia.

 

Worcester. Hiri handia, erraldoia; ibai gainean, baina ibaiari bizkarra emanda. Ez du etxe-orratz eta erraldoikeriarik teilatuen garaierari begiratuz, adreilua da nagusi lehen begiradan erdigunetik bazter zabaltzen joan den beranduagoko auzo eta eraikinetan; megadenda eta saltoki erraldoi ugari. Jendez eta dendaz oparo dago kale nagusi zabala, bizitasun itxura dariola, baina ez da hiri erakargarria. Bitxikeria bezala erabat kafetegi bihurtu duten eliza, kanpoko egitura geratzen zaio soilik eliza zenekotik, barrutik ez du izan zenaren arrastorik, are gutxiago elizkizunik. Bada txoko erakargarririk, merkatu inguruan eta kale nagusiaren  eta zurezko etxeen artean.

Bi gauza aipatzeko: zura agirian duten etxeak nagusitzen zaizkien kaleak bata, katedrala bestea. Zura agiriko etxeak: banaka ugari aurkitu daitezke han-hemenka, baina Friar eta bere jarraipeneko kaleetan ikus daitezke batez ere, hainbat, jite eta molde ezberdinekoak, apalagoak batzuk, landuagoak beste batzuk, baina denak apartak, batez ere xarmantak, kale arteko ibiliko begien atsegin. Katedrala: Kanpotik zein barrutik erabat nabarmentzen eta bereizten zaizkio gotiko mota ezberdinak. Horrez gain, dorrea da deigarria kanpotik, dorretzar karratu digante erraldoia, santu-irudiz apaindua horma nagusia. Elizpeko ganga, ederra da. Barrutik: egitura klasikoa du, gurutzadurako arkuak bitan banatzen du erdiko nabea. Niri desoreka bizipena sortarazi dit, batasuna falta zaio, hain dira ezberdinak atzeko aldea, erdikoa eta korutik aurrerakoa; arkuteria, ezein estilokoa dela ere, bikaina da, ugaria eta dotorea; itxura ezberdina ematen diote zizel-lanek eta harri beltzek horma leunari; mila artelan bikain gordetzen du, halere  museo edo antikuario-saltegia denaren sentipena  sortarazten du: lekuz kanpo bezala sentitu naiz. Korua: miserikordiak aitatu behar, sekulako tailak, zoragarriak, xarmantak, irudi kritiko zirikatzaileak, kalonjeei adarra joz; santuteria nano pitxia zein kaperatxo harrizko bitxia; aurkitu daitezken iruditxo xarmant zizelatu pila, burugabe, hondatuak, hainbat, zoritxarrez; koru osteko ganga pintatua ere aipagarria; bertako erretaula santu-irudi tailatu ederrez osatua; hilobi pila, etzaniko irudi harrizko ederrak.  Meza ere izan da eta erdigunetik at ibili behar izan dugu mezak iraun duen ordu erdia. Klaustroa: ganga ederrekoa, lotura oro tailaz loratua, baina higatuak daude taila gehienok, ia leunduak urteen eraginez; nabari da monasterioa izan zela inguratzen duten aretoengatik, hauen artean azpimarratzekoa kapitulu-gela behar zuena, biribil zabala, arkuteria eta ganga gotiko osoa erdi-erdiko zutabe bakar batetan oinarrituta: ederra arkitektura aldetik, bitxia nerbio guztien bilkura zutabe gaineko kapitelean lotzeko egituragatik; kafetegia diskretuki jarrita dute klaustroan. Kripta: baxua erabat, zuria, dozenaka zutabe ditu, zutoin basoa dirudi.

Gabarrak ikusi ditut argazki batetan; ibai zabala da, sakonak dirudite ertzak, halere ez da inor ibaian ibiltzen den itxurarik, txanel eta batel batzuk izan baziren ere. Hemen ez da katedralaz ibaitik gozatzeko ibilirik. Datorrena katedrala ikusi, zur ageriko etxeen kalean ibili eta badoa, ibairako astirik gabe.

Sarrerako emakumeak ia nongoak galdetu digu, nonbait hizkuntza gutxienez ezezaguna egin zaio koadernoan idatzi duguna: “Basque Country”. “Ah, Bask!!”.

Borondatea soilik eskatzen dute katedralera sarreran, eskuzabalak izateko aholkuarekin, baina ordaindu egin behar duzu kamara erabiltzeagatik.

Kanpotar, atzerritar, etorkin asko ageri da kalean, indiarra batez ere, Ingalaterra osoan asko badira, nabarmen ugari hiri honetan. Ijitoak ere ikusi ditugu, guti izan dira Bretainia Handian ikusi ditugunak.

Portzelanagatik omen da famatua hiria: ikusi ahal izan dugu lan ederrik. Garestiak alajaina!.

Mokadu bat jaten du jendeak eguerdian, Ingalaterra osoan, zutik edo eserleku publiko batetan, kalean bertan. Txosna pila dago, baita gozotegi, ogitarteko zein mila mota ezberdineko mokadu bat hartzeko aukerak.  Jan arina egiten dute jantokietan ere.

Izozki guti dago, aurkitutakoan ere nola ulertarazi saltzaileari zapore ezberdineko bi bola nahi dituzula kukurutxo berean!. Ez dugu lortu. Ez da beraien logika eta ohitura. Bi bola berdin eman dizkigu, sikiera, kukurutxo berean.

 

Txirrinduzale guti dabil bai errepidetan bai hirietan, zorionez gidariontzako. Izan ere ez dute inolako tarterik errepide bazterrean, gelditu egin behar zara txirrindulari bat suertatzen bazaizu, harrapatzeko arriskua bizia da eta.

Takian potian aurkitzen dira errepidean semaforoz babestutako lanak, lan txikiak sarri, geldituz eta geldituz goaz errepidean.

Zura agirian duten etxe xarmantak dira begien atsegin noizbehinka errepide ertzetan.

Zaldi-kortako arnas-tuteria edo tximini konikoak ikusi ahal izan ditugu gaur ere.

Bizia da trafikoa herri koskortuetan, herri barrutik doa errepidea eta semaforoetan pilatzen gara ilara luzeetan.

 

136 kilometro, herritxo xarmantak eta hiri handi bat ikustea ahalbideratu digutenak.

 

Egun aparta gaurkoa, 25 graduko hozberoarekin ginen arratsaldez.

Saguzarrak ikusi ditut gaur arratsean, lehenengoz Bretainia Handiko egunotan; enarak ere bai duela egun batzuk: gutxi ziren, ez da nonbait beraientzat lurralde nahiko epela.

 

Afaritxo goxo batekin ospatu dugu nire urtebetetzea. Eginen dugu jatetxeko afaria, hurrengo kanpinean.

 

“Onan”. Aitor Arana.  Ezagutzen dut bat urrutira joan ohi dena oporretan, tokian tokiko putak dastatzera. Etxerakoan beti du kontakizun bitxiren bat.

* “Neurri eta kolore guztietakoak gaude munduan”.  Bidaiatu hori segurtatzeko.

 

 

Ekainaren 21a.   Osteguna.   51.a –I:23.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000. Karlos Linazasoro:

* “Ekialdera bidaiatu nahi izan genuen / Alfonbra magikoak zamalkatuz ...”. Lau haizetara bidaiatu izan dugu auto edo hegazkinez, egiaz teknikak sortu dituen alfonbra magikoak zamalkatuz.

* “Egun batez ijitoak etorri ziren gure bailara ezkutura”. Atzo aspaldikoz eta bigarrenez ikusi genituen Bretainia Handian ijitoak; aldiz, edonora joan garela ugari aurkitu izan ditugu  mundu osoa aberri duten gizakiok. Lurralde hau ez ote zaie  maite haina epela, enarei bezala?.

* “Eta trikuek ere, adibidez, beren abrigoa kentzen zutela amodioa egiteko”. Untxia da, ez trikua, errepideko animalia zapaldua Bretainia Handian. Trikuek ere lurralde epela maite ote dute?.

 

“Txoriak udan ihintza bezala ...”. Bigarrenez jarraian izan dugu gaur ihintza, maitekiro hartu dugu, egun distiratsu baten aitzindari eta iragarlea.

Udaberria: bizipoza, uda eguna ekarri digu udaberriak, eguzkia eta beroa, 22 graduko hozberoa dugu goizeko 9etan, eguraldiak bere itxura eman nahi izan dio urtaro berriari.

 

Etxebizitza ederra izan ohi da ia beti jabego zabal baten inguruan, parke zabal ederrak bildu ohi du beti jauregi edo gaztelua: “algo suyo se quema señor conde”, dirua eta erosotasuna elkarrekin doaz gehienetan, azaleko dotoretasuna ere bi osagai horiei lagunduz.

 

Glucester. Katedrala du erakusteko, katedrala ikustera datorkio bisitaria. Beste bitxikeria bat ere bada kaledian: erromatar hiriak izan zuen kale-gurutzeko erdigunean bertan hasten dira lau kale lau haizetara, erromatar  garaian bezalaxe, Ipar, Hego, Eki eta Mendebal kaleak. Hortik at ohi diren mota guztietako eraikuntzak: xumeak, ederrak, politak, arruntak, aberatsak, adreiluzkoak, harrizkoak, zur agiriko eder ugariak, era guztietara pintatutakoak ...; tabernak, ohi duten ukitu ingelesa gordetzen dute; ugariak eta gotikoak denak, elizak. Umeak izan ditugu, egunero lez, katedralean zein eskola ariketak egiten kalean. Kariloia da huts egin diguna: lau iruditzarrek zerbait ganorazko ikuskizuna eskainiko zigutela uste izan dugu, baina kanpaitxo bati eragitea izan da guztia. Docks: moilak edo portu zaharra, museo, saltoki eta aisia-leku bihurtuta. Museo edo saltoki erraldoi egokituta daude lehorrean adreiluzkoa eraikuntza handi ugariak; uretan, aldiz, moilari lotuta antzinako ontziak erakusgai, xarmantak batzuk, lehengoen erakargarritasunez denak; altxatzen ziren eta oraindik altxatzen diren bi zubi ... dena da han ikusgai, dena museo osagai: zementuzko gi gabarrek txunditu naute, handia bata, luze estua bestea; gero jakin dut, gerra garaiko burdina edo diru eskasian, horrelako ontzi asko egin zela. Inguru osoa da ibilbide atsegina, toki goxoa giro xarmantez bildurik zerbait hartzeko, meza ere entzun daiteke larunbatetan marinelen kaperatxo gotikoan. Katedrala: altxor gotiko paregabea. Nabarmen-nabarmen ageri dira, kanpotik zein barrutik, hiru estilo gotikoak, hiru eliza ezberdin dirudite gangei, alboko arkuteriari zein zutabeei erreparatuz, hiru eliza, zati bata besteari itsatsita; bizipen berdina sortzen dute gurutzadurako hiru zatiek ere, erdiko zatiak eta bi besoek, batez ere gangei erreparatuz.  Gotikoaz gozatu nahi duenak badu nora jo, hutsik eginen ez dion segurtasunez, etorri eta ikusi,  ia bi ordu egin ditugu guk eliza barruan inolako asperdurarik gabe, ibili lasaian, gordetzen duen altxor bilduma eta bera ere altxorra den eraikuntza miretsiz. Dorreak gakorratzez egina dirudi, farfail itxura hartzen dute harriek hainbeste zulotxo eta argiunez; dorretzar erraldoi karratu zabal garaiari arin itxura dario, ez da gotor-dorrea, apaingarri gisa jarritakoa baizik, lerdena, goranzkoa, arina. Ohizko egitura du katedralak berak, koruko arkuak erdibitzen du erdiko nabea; korua bera soilik ere elizatxo bat da eliza barruan, absideko kaperari leku zabala utziz. Korua, zoragaria da: aparta ganga pintatuta dago gainera; pintatuta dago ere organo xarmanta; aulkiteriako irudi eta bitxikeria tailatuek, aldiz, ez dute harridurarik sortarazten, ez dira finak  ederrak izanik ere; deigarria dager erretaulako harrizko iruditeri koloretsua, baina batez ere alboko santu-irudi finki zizelatutako aulkiteria landua da begientzako opari aparta. Abside osteko kapera: handia, beirate eta harri landu ederrez egituratua, baina batez ere bi alboetako kaperek dira opari berriak: haizemaile edo abaniko deitutako estiloko ganga loratu apartak. Kaperak: asko, mota guztietakoak, pintatuak, harrizkoak, arte-miraritxoak batzuk, artelan apartak gehienak ... Hilobiak: pila, irudi zizelatu ederrak, apartak, harria, marmola zein zur pintatukoak, hiltzerik nahi ez eta harri edo zur  bihurtuta bederen iraun nahi zuten jauntxoenak, zeruaz fidatzen ez eta iraupenerako sekulako kaperak jaso zituztenenak. Horiez gain, metalezko bataio-ontzi harrigarriki landua, egitura eta itxuraz ere bitxia.  Beirategiak, burutxo zizelatu pila han-hemenka barreiatuta, txoko apartak, erloju bitxi bat gurutzadura bateko horman, elizako altxorra: ohizko kaliz eta ontziteria oso leun eta austeroak; ia denak marmol leun zurian zizelatuta, nolabait iraun nahi zuten jauntxo eta ondo-bizien oroigarri pila alboko nabeetako hormetan, andre-gizon jauntxoen oroitarri naifak: 6 seme eta bost alaba ditu batek, 11 alaba eta 9 seme besteak, ez da hildakorik ageri: hilekorik izateko aukerarik ez zuten izan emakume horiek ezkonduz gero. Klaustroa:  sekulako ganga, abaniko edo haizemaile teknikaz egina, erabat apaindua, dotorea, deigarria; erabat itxia da klaustroa, epela behar zuen izan; monasterioa dudarik gabe, zeren egonleku pilak inguratzen du; osagaiotan bada bitxikeria bat: esku-garbiketarako harria, luzea, arkuteria eta beirate nano potxoloz dotoretua, klaustroan bertan baina oso gordea; bilera zuten apaizek kapitulu-gelan, gorbatadun bat ari zitzaien hitz-jarioan, denak berari so zituela.

 

Altzifre eta makal ilara pare bat gerta zaizkigu bidaia honetako bitxikeria aldagai orain arte lurralde zapal honetan, eliza-dorreak izan zaizkigun goranzko puntazorrotz garai bakarrak.

 

Tewkesbury.  Abadia-eliza eta etxeak ikustera joan gatzaizkio. Ugariak ditu zur agiriko etxeak, ugariak ez ezik xarmantak bere hiru kale luzeetan. Izozki gozoa dastatuz paseatu dugu autoen zurrunbilo eta hotsez bildurik. Herri alaia, ihiko etxeteriaz osatua. Eliza: normando petoa omen, eliza barrenetik ikusitakoarekin etsi behar izan dugu, hileta baitzegoen: Ganga pintatu aparta du, hiru nabe zilindro-zutabe izugarri sendo eta garaiek eutsita; koruko sarrerak banatzen du erdiko nabea hemen ere ohi denez; beirate ederrak omen ditu, guk, baina, bat bakarra ikusi ahal izan dugu; bataiarriak estalki gotiko luze zorrotza du. Gurutzadura gainean du dorrea, karratu landu ederra, gotiko normandoa omen hau ere: arkuteria landua du, baina hau nahiko astuna gertatzen da, ez ordea gotorra; potxoloak dira fatxadako dorretxoak, poxpolinak, berdinak, leunak; fatxadan sekulako arku garai zabal deigarria, sartzeko konbita eginez bezala.

 

Han ekarri dute zerraldo argia beltzez jantzitako gizonek, erabat beltzez jantzitako familiartekoek jarraiki, elizara hurreratutakoak beltzez zeuden baita neskato eta mutil-koskorrak ere, antzinako jantzi beltzak, ez gureetako  moreak zituzten apaiz eta enparauek ere: beltza da heriotza hauentzat.

Herritik irteeran izan dugu herriko ezustea: belaontzi eta kirol zein aisia ontziteria oparoa aurkitu dugu, portu bizi-bizia bailitzan, lur barrukoa dirudien, eta berez hala den, nekazari herrian: itsasadarra sartzen zaio nonbait, edo itsasorainoko ibai zabal sakona du.

 

Ross on Wye, erdi erdian dorre-orratz luzea goratzen zaion etxe-ilun multzo zapala arbola artean.

 

25 graduko hozberoarekin heldu gara etxera.

 

124 kilometro, eguzkipekoak behingoz, udakoak.

 

Duela 5 eguneko zuhaitz punta berean zegoen zozoa luzaroko txistu bizi bakarti berarekin, orduan bezala arratseko azken orduan gaur ere konbidapena luzatuz baina erantzunik jaso gabe nonbait, bikote bilakatu nahi duenaren bakardadean. Etengabekoa izanik zozo-kantua, zozo guti ibili da belartzan, halere gaur zozo batek eman digu  ehizaren eta ondorengo zizara jangai bihurtzeko ahaleginaren ikuskizuna. Izan da beste bat eguerdiko sapan lumak erabat harrotu dituena une batez, haizatuz freskatzeko teknika seguruenik.

Bikote nagusi bat hurreratu zaigu kanpalekuan ia nongoak ote. Galestarrak dira, gaztelaniaz egin digute. Sitges-en egon ohi dira, alaba bat baitute hango batekin ezkonduta. Ez omen dute ezagutzen guk ikusi dugun ingeles lurraldearen laurdenik. Astean bi aldiz egiten omen du euria: ziurtatu genezake guk egia dela. Toshack Cardiff-ekoa omen da. Bigarren mailako zuloan ote Reala?.

 

Onan”. Aitor Arana. Tarteka gutxitan, baina izan dira bai gizonezko bikoteak kanpalekuan. Baita mutil gazte bikoteak ere. Beti uste izan dut nagusiak homosexualak zirela, gazteek ordea ez didate horrelako usterik sortzen. Orain aldiz gazteak ere homosexualak izan daitezkeela uste dut.

 

 

Ekainaren 22a. Ostirala.  52.a – I:24.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000.

* Gerardo Markuleta: “Apenas dun ezer / poema bat: / poxpolo baten itzala / eguzkipean. / Poxpoloa amaitzean / atzamarra erretzeko arriskuak / bere honetan dirau, hala ere”. Bere horretan dirau bidaia-irrikak, bidaia ondoren oraindik areago erretzen-

* Miren Agur Meabe:  “Ezagut zaitzaket, ordea: neu lakoa zara, beste azal batekin”. Herrien politikak dira ezberdinak, herri guztietako herritarrak dira oso antzerako, sakonean berdinak.

 

Ingeles izateak edo jantziak ez du berenez fineziarik ematen, norberak ez badu, ez da dotoretasunik ere.

Atsegin du dutxan abestea ingelesak ere.

 

Bagoaz, ez ginen betirako etorri, bidea egitea da bidaiariaren funtsa. Abiatu gara bidaiako azken kanpalekura, bidaia orok du amaiera.

Paisaioz asebeteta jadanik agian, agian jadanik gure egin ditugu paisaiok, ez dugu ikusminik, galdu dugu denera dena begi gineneko irrika, erabateko naturaltasunez begiratzen diogu inguruari, erabateko patxadan.

 

Dorre karratu baten gandor iluna zuhaitz artean: ez dakigu, horrelakoetan sarri ez dakigu, eliza-dorrea ala gaztelua den, gazteluak zein elizak, biak baitira egitura antzerakoak: baita  aginte zein zaindaritza egituretan ere.

Bristoleko itsasadarreko zubiaren ikuskizun ederra: alborantz biratuz, bizkarra gorantz kurbatuz. itsasadarraren gainetik ikaragarri luze, gainetik zoazkiola ere badirudi ez dela bukatzen, taket erraldoien gainean alboak, kabletegi erraldoiek eutsita erdia, Tuterakoa gogarazi digu, nanotxoa, jostailuzkoa, hura, erraldoi neurtezina hau. Arpa digantea bailitzan. Kilometrotako ikuskizuna luze borobilean. Joanean, perspektiba uneoro ezberdinetik ikusten duzu, alderdi bakoitzetik ikuspen berria eskainiz, begientzako muntaia bailitzan, muntaia dotorea, une batez zutabe bi soilik geratzen zaizkizu aurrez-aurre, lau zutoinak bi soilik bailira. Gainean bertan zaudenean berdin darrai ikuskizunak, kable artean, arpa bikoitz  erraldoi baten bihotzean baitzeunden. Musika atera diezaion zain ipuin bateko digante baten zain legoken arpa zoragarria.

Beste aldean bada bigarren zubi bat, luzeran erraldoia hau ere, alderik-alde zintzilikatua.

 

Bristol. Hiri handia. Errepide-sare nahasia du, autoteria, berriz, tokatzen zaion trinkoa.

 

Gerra batetan hiriak menderatzen joan ohi diren bezala goaz gu ere hiriak eskuratzen: lehenengo Raglan, gero Newport, orain Bristol, hurrengoa Swindon izanen da, auto-bidegurutzea gero eta azkenik Andover; bidea arintzen du pausoka joatea, ibilaldia mailakatzea da mentalki bederen, jakia puskatuz janerrazagoa egiten dugun lez, edo zerbait astuna zatituz arintzen den bezala. Monotonia eta asperdura uxatzeko trikimailu mental lagungarriak asma behar ditu sarri bidaiariak.

 

Andover-era azken zatian izan da bidaia osoan ikusi dugun herritxo bakarra, erabat itsua baita autobidea. Adreiluzkoa eta teilatu iluneko herria izan da, hilerria du herritik at baina gertu, zeini dorre zorrotzak egiten dion goranzkoa.

Hasiak dira horitzen galsoroak. Orain mendi-muinoa, orain baso-kaskoa, orain lautada zabal ez hain berdea galsoroak horitzen eta belar-sailak ari direlako, herririk ikusi ere gabe autobideko bi hesi-marra berdeen preso gehienetan begiak, auto artean beti ... horrela joan zaigu gaurko aldaketa bidaia.

 

Irla omen Bretainia Handia, irla behar dute izan ere kontinenteak munduaren 3/4a baita itsasoa: ze lur kopuruk erabakitzen du noiz hasten den lurralde bat kontinente izaten eta zer lur kopuruk egiten du lur zati bat irla?.

 

 

HEGO INGALATERRA

Andover. Kanpalekua.  Landetxe bateko zelai zabal egokitua da kanpaleku: erabaki eta asmo biziko nekazaria nonbait, zeren golf zelaia ere badu, baita jatetxe egokia ere. Txabola dirudien zerbitzugune xumea du, baina garbia, arazoa eta txukuna. Belarra ebaki berria den alboko belartza egin dute dozenaka belek beraien bazkaleku.

Heldu zen izurritea hona ere, kanpinera sarreran hor dago oraindik moketa lodia, gaur egun lehorra, ikusi dugu larre zabal bat “closed” debekuarekin, baita antzerako debekuak izan behar duten paperak langa eta sarreretan. Ez da ardi bakar bat ere ageri inguruan, gogor jo zuen izurriteak nonbait lurralde hau; behiak, aldiz, bai aurkitu ditugu,  esparru ageriko txerri-granja ere ikusi dugu.

 

Helikopteroa izan da lehenengo, errepidean bi kamioitzar militar beldar-katedun tanketez zamatuta gero, “Army” biziki iragarrita kuartela hareago, Winchester inguruan, azkenik ehiza-hegazkina kanpalekuan ia buru gaineraino sartzen zitzaigula: gerraz amesten duen  herria dirudi ingelesa.

 

Azken kilometroak: adarpeko tunel berdea kilometrotan, lastozko teilatudun 3 etxe begien bizipoz, ikusmina piztu diguten adreiluzko etxe xarmant ugariak, tarteka lagun izan dugun erreka-zuloa, xarma darien herri-bideak, berotegi mordoxka, izurritetik salbu atera ziren behi aldrak, zerri-granjetako txabolateria zabala, behe solairuan beha-leihoak dituzten adreiluzko etxetxoak, herritxo erakargarriak... atsegina izan da bidea.

 

Winchester. Kale nagusia du bizkarrezur, eta katedrala altxor. Sarreran adreiluzko hiria iruditu zaigun arren mota ezberdineko etxe deigarriak aurki daitezke kale nagusian, xumeak zein dotoreak, harrizkoak, adreiluzkoak , zein  zur agirikoak: Guilhall zaharra nabarmentzen da, eraikin dotorea, dorre ezohiko batekin dotoretua. Kale nagusiaren bukaeran, Guilhall-en beste muturrean ate bat, XIII-XIV. gizaldikoa, dotoretasuna ezarriz kale bukaerari. Guilhall alboan, kale erdian, espata eskuan, errege baten brontzezko estatua erraldoia. Harrizko tenplete deigarria, kale nagusian hau ere, harri zizelatuko eta gizairudi finekin dotoretutako orratz garaia. Katedrala: Ez nau asebete, baina ezin ukatu ederra denik, apartak dira gurutzadurako bi beso normandoak eta zoragarria koru aldea. Kanpotik alde normandoa eta alde gotikoa nabarmenki ezberdin ageri zaizkio, gurutzadura da normandoa, sarrera aldeko nabe luzeak  dira gotikoak: normandoa gure erromanikoa litzake Ingalaterran; alboko gehigarrietan dituen irudi zizelatu eta pare bat gargola salbu, inolako apainduriarik gabeko leun austeroa da fatxadako leiho garai zabala; gurutzadura gainean du dorrea, karratu erraldoia, landuxea eta arku luzekoa, baina halaz ere astuna eta tzarra. Barrutik argiak harrapatzen zaitu sartzeaz bat, sarrerako leihotzarraz gain zutabe  eta arkuteria erabat argiak ditu, garbitu berriak baileude; hiru nabeko garaia, ganga da izugarria bere zuritasunean, nerbio-sare trinkoak harri tailatu bikainez dotoretua du juntura oro, zeinetatik lora tankerako irudiak diren gehienak gizairudi apartekorik bada ere; erabat garaiak dira beheko arkuteria zein gaineko leihoteria, leihook garaiez gain zabalak ere badira, eta arku eta leihoen arteko frisoa bera ere irudi zizelatu apartaz betea dago; bestela erabat austero eta leunak direla aipatu behar zutabe eta leiho tarteko hormak; hormak behe aldean, berriz,  marmol zuriko oroitarriz beteak daude, harriak dirauen arte beraien oroitzapenak ere harrian zizelatua iraungo duelakoan. Gurutzadurako beso normandoko arkuteria sendoa egin zait erakargarria: maila ezberdinetan eta neurri ezberdineko zutabe eta arkuen sendotasunean du edertasuna, iraunkortasuna darie, nabe gotikoari bizitasuna darion bezala. Korua: zurezko ganga zoragarria, bizi-bizia loturetako apaingarri polikromatuz; aldareko erretaulak harri argian zizelatutako iruditeri eta horma harrigarri ederra eskaintzen du, XV.go filigrana sekulakoa; betiko “miserikordiak” aulkiterian, taila ederrak hain fin eta irrigarriak ez badira ere. Kaperak: Hainbat eta hainbat, gotzainenak gehienak, elizako bazter eta toki guztietan barreiatuta, ertzetan zein nabe biren erdian, aro eta era ezberdinekoak, sekulakoak batzuk, zizel-lanez dotoretuak, agirian zein horman sartuak, badelarik freskoak dituenik ere, zeinetatik hondatuak ez dauden irudiek indar sarkorra duten; kaperotan Amabirjinarena aipatu behar, abside ostean, elizaren bukaeran ohi denez: ganga aparta du, deigarria da bere giltzaduretako zizel-lan polikromatuak. Etzaniko estatua pila, kaperetan zein kaperetatik kanpo, zahar beranduko zizel-lan apartak,  bitxiak batzuk, pintatuak tarteko, han-hemenka, denean barreiatuta hauek ere. Kripta: zatitxo bat besterik ez dute erakusten, badirudi zabalegiak direla erakusgai uzteko; zati normandoaren azpian daude, eta gaineko zoruari eusteko teknika besterik ez dela iruditu zait: estatua moderno batez girotua dago. Beirateak: ez dira inon, ez ditu inork, aitatzen, niri aldiz ederrak iruditu zaizkit, bai marrazkiak, bai koloreak bai bere girotze betebeharra.

 

”La de Burgos es más grande”, gazteleraz neska batek besteari katedral aurrean. Tamainaz neurtzen dute artea nonbait. Nik ederragoa deritzot Burgoskoari, loratuagoa, apainduagoa, delako agian. Handitasunez auskalo nor den gehiago. Ez dut gustuko inolako konparaketarik, zaila ia ezinezkoak baitira, bakoitzak bere neurri, baremo eta arau bere-bereak dituelako. Bakoitzak duenaz gozatu, eta kitto.

 

Gorren txakur laguntzailea ikusi dut lehen aldiz, katedralean. Emakumea zen gorra, zeraman aparailu txiki batek adierazten zuenez. Begi biziko txakur txikia: gor-laguntzaile txakurra adierazizko gain- jantzitxoa zeraman bizkarrean.

Ia espainiarrak, galdetu digu saltzaile adeitsu batek gidaliburuaz erreparatuz; euskaldunak garela ba: “Hori goian dago, no spanish”.

Sekulako izozki gozoa eman digu hiri honek, bi bolakoa gainera oraingoan, barkilu-kukurutxo berezi gozoan: atseginagoa egin zaigu berez ezer erakargarririk eskaintzen ez zigun eguerdiko ibilaldia.

Jendea, gazte jendea gehien bat, eguzkitan etzanda dago katedral aurreko belardi apartan, umoretsu, bizipozez, kontu kontari bizian. Bi mutil, ia ikusezin, baina kalaka ozenean, zuhaitz artean zeuden gordeta.

 

269 kilometro, adioaren kutsuz bilduak jadanik.

 

Ia bakarrak ginen eguerdian kanpalekuan, betetzen doa arratsean, umeen oihu alaiek betetzen zuten airea. Bada gazte bikoterik ere. Ez da nagusirik kanpaleku honetan!. Umeen paradisua da kanpina, korrika, jolasean, goraki elkarri deitu eta hitz eginez ... zoriontsu eta gustura dirudite. Ume txikiak dira, ez da ume koskorturik.

Gozoa izan da belartzako eguzkitan idatzi eta irakurtzea.

Ez zaigu handi biribildu baina bai gorri sarkor, zoragarri joan zaigu eguzkia zuhaitz ostean behera.

 

“Onan”. Aitor Arana. “Ekarriko nuke haietako bat etxera”, entzun nion sortaldera bidaietako batetan hango putekin izandako esperientzia eta zertzeladak kontatzen ari zela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.