Bidaiak
Ekainaren 9a. Ostirala. 30.a
Trentora bideko bailara:
Ezin daiteke autoestradan luzaro bizkor joan: lanak tarteko, bi aldiz jarri gaituzte 60 kilometroko abiadan eta norabide bakarrean.
Europatik datorren kamioiz lepo doa errepidea: asko, handiak, bizkorrak, ikusgarriak.
Mendia, basoa, ibaia, errepidea, trenbidea, autobia, herriak, fruta-arbolak… kilometroetan.
Euskal Herriaren antza du tarteetan: berdeguneak maldetan pinu artean eta etxe zabal bakartiak berdean zuri: elizak eta etxeak hurretik ez dira, baina, Euskal Herriko berdinak.
Estutu egiten da bailara tarte batean, haizpitarte antza hartuz, ondoren zabaldu egiten da berriro, baina aurreko fisonomia gordez.
Euskal Herrian ez da faltako gertakizunik egunotan: alkatetzak, diputazioak, politikakeria... Zorionez ez gara ezertaz enteratzen.
Trento.
Kontzilio famatuko kokagunea, ia trafikorik ez dabilen hiri lasaia, zaharra, baina ez zaharkitua, edozein kaletik ikusi daitezkeen mendiz inguraturik.
Piazza du homo: eliza, palazioa, honen aurrean pinturak dituzten etxeak, Neptunoren iturria; plaza ederra da, patxadakoa, baketsua, lasaia.
Palazioa: plazarekin estiloz bat datorrena, bai eraikuntzako harri motetan bai erromaniko lonbardo jitean. Erromanikotik gotikorako trantsizioa dirudi erromaniko lonbardoak.
Sta. Maria Maiore edo Duomo: eliza berezia, oparoa: Kanpo aldea: arku-ilarak, leihoak, errosetoi erraldoiak, dorre erromanikoa; lehoi gainean daude hemen ere sarrerako aterpeari eusten dioten zutabeak, gizakume baten bizkar gainean dago, berriz, hegoaldeko aterpeko zutoin bat: zutoina bera erdian korapilo dotorea egiten duten lau zutabe borobilek osatzen dute; marmol zurizko teilatu ederra du alboko ateak. Barrua: ikusgarria da aldare nagusiko koloreetako marmolezko dosel edo errezela; eskailera luze arkudun pikeak, atentzioa deitzekoak, dira korura daramatzaten bi eskailerak, baina batek bakarrik du sarrera korura, bestea simetria betebehar hutsa betetzen du; goi-goian dago koroa, ia ez da ikusi ere egiten, baina taila ederrak ditu; Trento Kontzilioko erabakiak bere aurrean zin egin zituzten gurutzea dago kapila batean; tamaina guztietako hilobiak; irudi tailatuak, beraien artean Amabirjinaren bat oso ederra; pinturak ormako zati batean, harri bizian pikatuta daude beste orma denak; lehengo eliza baten hondakinak ikus daitezke zulo batetik zoruko zati batean; zorutik isolatuta daude bankuak, hotz egiten duen seinale; zutoin oso sendoak, tailatuak, dira kanonikoen koruko aulkiteriaren bururakoak, hoberik ikusi badugu ere.
Palazioak: asko eta ederrak; palazio bateko horma batean burutxo tailatu pila ageri da hormatik burua atereaz bezala, efektu kuriosoa sortuz.
Asko errepikatzen dira marmol gorrizkoak diruditen diruditen baina pintura soilik diren balkoitxoak.
Arkupe eder luzedun kalea, saltegi eta erakusleiho oparoekin.
Trentok ere badu bere euskalduna: San Franchesco Saverio, bere izeneko elizako ateburuan dago.
Hemen ere, Tirolen lez, kolore ezberdin anitzez pintatutakoak dira antzinako etxeak.
Trentoko seiluek badute kola.
Seguruenik bere delitu bakarra pobrea izatea izango zuen magrediar bat zekarten atxilotuta poliziek kalean.
San Kristobalen marrazki pintatuak errepikatzen dira asko Tirolen eta Alpe inguru guztian: bidarien zaindaria da izan ere, eta Alpeak pasagune izan dira beti, pasagune zaila gainera garaiera eta elurragatik.
Bailaraz bailara goaz, haizpean doan errepidetik, bertakoa den etenik gabeko berdetasunez inguraturik, itxuraz bertan behera utzitako belar zelaiak ditugu alboetan. Herri asko, txukunak, aratzak, garbiak, alaiak, ondo zainduak, kanpotarrak hartzeko gertatuak, kanpotarrok hartzetik bizi direnak.
Brenta mendi-sailaren erdian gabiltza, baso barrutik.
Toblino lakua, lakutxo polita, haitzaren azpian.
Bidaia goxoa da. Inguruko mendiak kare-haitzak dira baina ez Anboto, Aizkorri edo Izarraizkoen bezain zuriak, ilunagoak, gorrikaragoak, beltzaranagoak.
Gehiegizkoa da tunelena, ezker-eskuinera biratuz tunel barruan, bihurgunez bihurgune, doa errepidea bide luzean, ikusgarria: bat batez ere, alde berdinera ia borobil erdia egiten duen tunel luuuuuuzeeeeeea.
Aldatuz doa basoa, izei basoa da orain, ia arratsalde osoko kilometro luzeetan ez dugu besterik ikusiko. Izei gizenak eta garaiak.
Rendena bailara
S. Piazzo: ermita, 9. gizaldikoa: pintatuta ditu kanpoko ormak: uste nuen Errumanian Suceava lurralde inguruko Voronet, Humor eta abar zirela bakarrak, baina hara non bailara honetan ere oso zabalduta dagoen elizak kanpotik pintatzeko kultura; dorre garai polita du.
S.Kristobal agertzen da eliza denetan, bidaiari asko zebilen nonbait hemendik.
Hemen ere egur asko dago ebakita eta pilatuta etxe kontretan: gasa edo petrolioa ez da oraindik hemen sartu Etxarrin bezala.
Etxeek, berriek batez ere, zurezko balkoi oso landuak dituzte.
S.Vigilio ermita. Herioaren dantza makabro zirraragarria horma pintatuetan: herioa irudikatzen dute eskeletoek, buiraka bizkarrean, gezi gorriez alderik alde zulatzen dituzte erreskadan dauden giza maila guztietako ordezkariak, hauetako bakoitzak zer dioen idatzita dago buruen gainaldean: zoragarria.
S.Kristobalek ere ezin zuen huts egin ermitako horma batean.
Ganbara irekia dute aurrealdera etxe askok, baranda batekin: ortuariak lehortzeko segur aski.
Genova bailara
Goi goian, arbola tarteko haitz punta batean bertara nondik igo ere asmatu ezin daitekeen etxetxoa dago bakartiago ezinik.
Nardis, 100 metrotik gorako ur-jauzi izugarria. Liluragarria da beheko erreka berde urdinaren eta ur-jauziaren ur-hotsa, are gehiago izei erraldoiez inguratuta. Bertarako bidea bera izei arteko tunel berdea da, inguruak ematen dion berdetasunez berde bera ere, erreka zoragarria alboan doala harri zurien artean kantari.
Adamello-Brenta. Naturgunea. Mendian gora zeharkatzen du errepideak; egurrezko teilatuak antzinako etxe eta txaboletan;, zurezko tailak. Ikuspegi izugarriak ageri dira izei artetik.
Paso Campo Carlomagno. 1676 metroko goieran, alboetan dena da mendi, dena ibilbide, mendikarak egiteko aukera izugarria. Neguan eskiatzeko aukerak ere bai, arrasteek erakusten dutenez.
Trentinotarrek badute bere Karlomagnoren legenda, baina hemendik pasatu egin zen soilik, ez zioten Roldanik hil Orreagan nafarrek bezala.
Bailara berri baten ikuspegi ederra dugu, zabala eta berdea hau ere. Izeien artean jarraitzen dugu menditzarretan. Teilatuak txapa edo antzerako zerbaitekoak dira, nahiz teila ikusten bada ere. Ia ez dago fruta-arbolarik. Erreka bai, hor doa, bizi bizia. Erromaniko-lonbardo estilokoak dira elizetako dorre asko. Nekazari herrien itxura dute herriek, etxe apalak, ez dira bizi kanpotarrengandik.
Tovel lakua
Izugarrizko harritzarrak daude heldu aurretxoan Teiden laba bezala, menditik eroriak, agian uholde edo ur-jasek ekarriak: harrizko lakua dirudi. Lakua bera, 1178 metrotako garaieran, izeiz inguratua uretaraino, ez da handia, elurrez zuri daude osteko mendi garaiak. Laku atsegina. Polita behar du izan garaiz eta lasai etorriz bide zidorretatik oinez inguratzea.
Oso egun polita izan da Trentino lurraldeko eguna.
Ekainaren 10a. Larunbata. 31.a
“Marin” markako txirrinduak zituzten alemaniar batzuk.
Erasokor eta haserreti bihurtzen dira oso baketsuak diruditen txakurrak, beste beraietako bat inguruan agertzen denean. Bere esparru propio konpartitu ezina txakurrek ere.
Gutxienez 10 motorrek osatzen zuen motorista banda. Lasai jaso dute kanpamendua: norberari ere patxada damaiote: erritmo patxadatsua, kontua eta irribarrea, zigarrotxoa eta denda tolestea, motoari ukitua, motoari buruzko autua, mono beltzez janztea, gerrikoak lotzea... dena ibilia eta ohituren poderioz idatzi gabeko jarduera finkatua, erritoa. Beltzezko janzkera edo estalki makabro horren barnean egon behar du portaera lasai hori baldintzatzen duen barne oreka bat. Anaitasuna erakusten dute motoristok bai koadrilako harremanetan, baita kanpinean gau baterako fortunatu direnen artean ere.
Bada txakur motorista bat ere, sidekarrean doa, belarri eroriko burua zut; gustura dirudi bidaiari ekiteko. Moto-kideak denda jaso duen tartean argi egon da denari eta denei harriduraz so, agurtzera zetorkion guztiari adi, txakurra bihurtu baita motoriston maskota.
Hizkuntza balitz nazio baten ezaugarria, Adiggio Garaia lurralde hau ez litzake italiarra izango. Egon behar du nolabaiteko haustura, egonezin edo kontraesana herri honen baitan, azaltzen ez bada ere; politikoki italiarrak, baina hizkuntzaz , ohiturez eta kulturaz alboko Alemania edo Austriaren kide baitira.
Dolomitak
Laino euritsu malapartatuak zapuztu dizkigu urteotan amestutako Dolomita, Pordo eta Marmoladako ikuspegiak.
Bailarak bata bestearen segidan, gorantz edo beherantz norabidearen arabera, baina beti aldatsean; kanpotarrentzat edo kanpotarrek eraikitako etxeak errepide alboko herrietan; bitxikeriak izaterainoko zur landuzko balkoiak, batez ere hoteletan; dena izei beltz eta izei zuri berde argi sartu berriak tarteka; belar hasi ebaki gabez utzita bezala belar zelaiak mendi magaletan edo tarteka zabaltzen diren ibartxoetan; animalia arrastorik ere ez, zertarako diren antzik ematen ez diegun mendi magaleko berdegunetan teilatua ere zurezkoa duten egurrezko txabola txiki asko; lainoak estaltzen dizkigun tontorretarainoko eskiatzaileentzako garraio-gailuak, haitz puntetan tarteka soilik ikusi ahal ditugun metalezko dorreetan gorantz zintzilik.
Ia ikusi ere ezin ditugu egin Dolomitak; izugarriak dira laino tarteetan ikusitakoaz asma dezakegunez. Lehen harkaitzak ez digute eraginik sortu Anboto, Izarraitz edo Aizkorrin antzekoak ikusi ditugulako, baina gureak bider hogei handi dira hauek bai zabaleran bai luzeran, garaiagoak ere noski. Azpitik begiratuz gure betiko haitz garaiak ikusten dira, behin ere bukatzen ez direnak ordea.
Pasoak: errepideotako gainak.
Kilometroak gora eta kilometroak behera ia 180 graduko biretan aldats izugarri luzeak, ume batek arbeleko jolasean marraztutakoak bailitzan, bihurgunez bihurgune.
Garaiak dira mendiok, %15-16-17ko portzentaiako aldats pikoak, berdegune eta malda nahiko leun-bigunetan doazenak, behin ere ez amildegi gainetan edo pendiz ertzetan, ez dira inola ere trokarteko bideak.
Oso morokil datoz ibaiak. Ezin daiteke izan kutsadurarena, ez dirudi ere hainbesterainoko euririk egin duenik. Ibai ertzetan palak, ez dakigu zein lanetan, ari direnez, tramankulu horiek izan daitezke uren lur-kolorearen arrazoia.
Herriak: dena denda, dena hotel, dena jantoki, dena negozio, dena dotoreziaz eta fineziaz egindakoa. Etxe berriak, etxe zahar berrituak, etxe dotoreak, etxe ikusgarri asko. Tirol ezaugarriko etxeak. Ostatuek dituzte batez ere gotiko hizkiz egindako idatziak eta marrazki linealak kanpoko ormetan, lurraldeko ezaugarri. Hotelek ere badituzte pintura ugari, politak. S. Kristobal asko, bidaiari asko ibili baita mendialde hauetan veneziarrak merkataritzan zebiltzanetik. Bide zahar batean, ibai zabal baten gainean, aterpe-eta guztiko egur ilundutako zubi oso dotorea aurkitu dugu.
Leridako Noguera ibaien inguruko izugarrikeriak eta arrunkeriak gogoratzen ditugu. Tirol aldeetako herri honek Espainiako herri gehienek ez duten barne dotoretasun, kezka, esperientzia, agian tradizioa erakusten dute. Espainiakoa, Euskal Herrikoa ere, gehiegizko kirtenkeria da, ezeren axolarik gabe merkeegi aberastu nahi duten sentsibilitaterik gabeko dirudun eta agintarien tradizioa.
Laino madarikatua izan dugu eguneko lagun, ikuspegia urrituz, euriaz blaituz, jelaz hoztuz. Egun osoko zaparrada. Ia gorroto ditut lainoak, kanpinez aldatzean denda lehor bildu ahal izatea besterik ez dugu eskatzen, ia eguzkirik ez eskatzera heldu gara. Badaezpada ekarritako arropa lodiz jantzita gabiltza, ilusioz ekarritako udako jantzirik ez du ukitu ere egin M. Luisak.
Gardena bailara
Ezin esan Euskal Herrian ez gaudenik, errekatxo eta errepideen alboetan haltza, mota guztietako zuhaitzak… dena berde.
Ortisei. Polita da ikusteko, baina ez zaparradapean ibilalditxoa egiteko. Deigarria zen atletismorako pista gorri bizia inguru berdean kontrastatuz. Deigarriak ziren ere zaldiko-maldikoak euripean.
Ertz lausotuzko isla etaa soslai iluna ikusi soilez ere, ez da zaila antz ematea zenbaterainoko erraldoiak diren mendiok.
Paso Gardena
2.137ko garaiera, 5 graduko hozberoa, izugarrizko tontorrak alboetan: ez da hain bitxia, handitasunagatik ez bada, antzerako tontorretara ohituta gaudenontzat. Ez dira kare-harri zuriak, gorrixkak baizik. Ardi eta zaldiak falta zaizkie zabalgune hedatu berdeei. Aralar edo Urbiako nostalgia hori izango dugu eguneko Paso guztietan.
Txirikordatutako bihurguneek biltzen dute mendi berdea goitik beheraino. Hesolazko hesiak mendi magaletan elur-jauziak errepidera eror ez daitezen. Hesitxoak teilatu gainetan ere elur erorketak ekiditeko nonbait. Izei askok eta askok likena dirudien mintz antzerako zerbait dute, gaitzen bat da nonbait zeren ihartuta ez baina oso makal agertzen baitira.
Dolomiten bihotz- bihotzean, Dolomiten eguna dugu gaurkoa, euripe lainopean bada ere. Gorbeia, Aralar edo Aizkorri lirateke Dolomitak, baina bider 20 handiagoak; turistarentzat eta kirolarientzat komertzializatuta daude hauek; mendi industrializatuak, industria bihurtuta, dirua egiteko tresna, hotel, jantoki, teleferiko, garraiagailu eta beste mila negozioz.
Errekatxo bat bera ere ez 2.000 metrotara, ur haritxoa besterik ez dagoen lautadatxo batean, gizon bat jaitsi da autotik arrantzarako karrete eta guztiko kanabera batekin Deban bailego: ze demontre egin edo harrapatzen ote du hor goietan.
BELLUNO PROBINTZIA
Trento-Adigge Garaia edo Trentino Subtirol utzi dugu, Venezia lurraldean sartu gara.
Paso Canpolongo, 1875 metro.
Bizitokia da etxeen erdia, egur, tresneria eta antzerakoak gordetzeko osagaia beste erdia; bi eraikinek betetzen zituzten bi funtziook, bizitokia eta osagaiena, aurreko zonaldean; teilape berdinean biltzen dira hemen, teilape berdineko etxe erdia da hemen han alboko eraikina zena.
Arabba, mendiarteko zabalgune batean kokatutako herria, 1500 metrotik goran, aldatzean. 7 graduko hotz-beroa zuen gaur. Hainbat konnotazio edo oroimen-lotura ditu guretzat izenagatik.
Errepide oso ona, interes ekonomikoak daudenean, negozioa tarteko denean, komunikabideak egin egiten dira, baita horrelako mendiarte erraldoietan ere. Fedeak ez dakit baina diruak bai mugitzen ditu mendiak, hemen behintzat mendi asko mugitu behar izan ditu errepide hauek egiteko. Veneziako merkatarien diruak.
Giroko txirrindularien etapa mortal horietakoa tokatu zaigu ibilia, auto barruko epelak giroa ezberdina egiten badu ere.
Herriak bizi dira mendi galdu hauetan; turismorik ez zegoenean ere hemen bizi ziren.
Trokoteetan ebakitako su-egurrak, toles pilatuta, ohiko plastiko edo uraliten ordez, orri eta abarrez estalita daude, urik pasa ez dakien, arazoei konponbideak naturak berak eskaintzen dituela erakutsiz.
EI hizkiz bukatutako herri asko dago: Oretisei, Canasei, Sei edo antzeko bat... Esanahiren bat duen atzizkia da nonbait.
Lainoak zerbait arintzen direnean tontor elurtu izugarriak ikusten ditugu geure gain gainean. Zoragarria izanen zen egun eguzkitsua izan bagenu.
Paso di Falzanero. 2.117
Cortina d`Ampezzo, mendi magalean, aldatsean, zulo batetan, trokartean, hiru errepideko bidegurutze izateak eman dion garrantzia eta aukera erabiltzen jakin izan duen herria. Kanpai-hotsez hartu gaitu. Zabala da, badu lehengo erdigunea, baina zeharo berrituta dago. Antolakuntza handia du, dotorea, ikusteko atsegina, gustuz egindakoa.
Cortinan aurkitu ditugu hainbat denboran eta lekutan bila ibilitako zeramikazko lanparak. Egon behar ziren nonbaiten eta egon zeuden, Anpezzora arte aurkitu ez baditugu ere.
Cortinako gasolindegian: “Espaiñoles, de Zaragoza?” gure matrikula SS delako edo. -“Baschi?”. -“Navarra, San Sebastian, Bilbao, io he estato alli. Pueblo baschi”.
Bueltan, Arabbara bidean, gozatu ahal izan dugu inguruko tontor elurtuez, tartekako argiunetan.
Cortina-Pordoi-Marmolada,... Venezia probintziakoa da Dolomitetako zati handi bat.
Paso Pordoi, 2239 metro. Gain-gainean, autobuskada inserso japoniar!!!.
Paraje ikusgarriak. Mila eta bi bihurgune, izugarriko gainbehera edo desnibela du alde bietako igoerak. 33 tornati Arabba aldera, 27 tornati Cortinarantz: horiek ia bira osoa direnak dira, errepidea beregan kiribiltzen direnak, ia ia borobilak, bestelakoak auskalo zenbat.
Egurrezko pasabideak dituzte eski pistek errepide gainetik.
Canazei, turismotik bizi den alpeetako paisaia eta herria hau ere.
Monzon herria hemen ere, Vigo di Fasara bidean.
Paso de Costalunga. 1753 metro, mendi tontor galantak ditu honek ere inguruan.
Debekatuta dago perretxikoak jasotzea Nafarroako hainbat herritan bezala.
Bolzanotik gertu, desfiladero edo mendi-zintzur zirraragarria, ehunka metro garaierako bi harkaitz-orma plomuan alboetan, ozta-ozta erreka eta errepide estuei lekua utziz, bihurgune eta guzti kilometrotik gorako luzeran. Gaztelua harkaitz tontor batean.
Autoestradarako egindako ebakidurak ondoren, kilometroetan: deneko gaitza.
Beste mila xehetasun eskaini dizkigu Dolomitetako etapak, errepikatuak baina beti berriak, interesgarriak, politak: tontorrak, S.Kristobalak, etxeak, balkoiak, basoak, errekak... dena da ezberdina, antzerakoak iruditu arren, aspertzeko aukerarik gabe.
Bidaiak
Ekainaren 6a. Asteartea. 27.a
Italiako ertzeraino heldu gara, beraz etxerako itzulerari ekinen diogu, etorrera bezain luzea izanen da. Goragotik baina bueltan goaz, bidaiak berak besterik erakusten ez badigu behintzat.
* Benetan dorre-orratzak dira hemengo dorre gehienak, zorrotzak eta luzeak.
* Padovatik Vicenzara lehen aldiko inpresio berbera errepikatzen zaigu: paraje dotorea kamioi trafiko izugarriarekin.
* Trumoi eta zaparradez kokoteraino, lainopean ikusten ditugun Alpe mendi horien barnean egongo gara laster.
* Alpeen barne-barnenera, mendi barrura sartzera goazen uneak badu bere magia. Berde-berdeak agertzen zaizkigu aurreko mendixkak, ez oso garaiak; urrutira, mendi hauen ostean, daude Apeak mendi diganteok. Ederra da, polita, mendiartean egotea: mendia aurrean, mendia atzean, mendia alboetan, mendiaren indarra sentitzen dugu gainean, ez izuti, ez astun. Errespetuz eta goxo begiratzen diegu mendioi. Ez diogu igartzen gorantz goazenik, baso erdian goaz, erreka baten ertzetik gora, ur korrontearen kontra. Mendi-zuloz mendi-zulo, erreka garbi baten bizki doa errepidea.
* Tarteka herritxoak, baita industrialdeak ere.
* Nafarroan ere baditugu antzerako parajeak, Arbaiun, Irati aldean . . . Hemengoak ibilbideak, baina, ordu asko eta askotako bideak dira, askoz luzeagoak.
* Etxe tontortxoak, herriak osatuz, erreka ertzetik nahiko gora agertzen dira orain, uholdeen esperientzia zaharraren ondorioz segur aski. Etxe bakarrak ere badira, bakarti han-hemenka garai gune galduetan.
* Dena berde, dena zuhaitz gazte, lepoetan harkaitz gorrixkak.
* Une batetan harrobi dira erreka bazterreko harri solteak: zenbat uholde, zenbat urte orain pala eta kamioek berehala berdintzen ari diren erreka kontrako harri borobilezko mendixka hori osatzeko!.
* Ia ez dago lurrik lantzeko, erreka kontrako zelaitxoak ez badira.
TRENTINO – ADIGE GARAIA
Gora eta gora goaz jadanik, baso eta haitz tzarren babes edo itzalean.
* Errepide ona.
* Baso erditik goazenez, ikuspegirik ez dugu, pagoak eta haltzak izan ezik. Bihurgunea bihurgunearen ondoren.
* Herri bat han goian. Herri txukunak, ez utziak, pintatuak, zainduak.
* Pintada egin zuten bihurgune bateko zementuzko orman, pantaila erraldoia behetik doanarentzat, baina ezabatuta dago orain: hemen ere ez zaie gustuko eginiko kritika, kalekoen iritzi gordina.
Carbonare, errepideko egian, 1300 metrotara.
* Bestaldeko isurialdean, gainbeheran, Trentora jaisten hasi gara.
* Izugarrizko ikuspegia:, begiratzeko ederra da Trentoko bailara, herri zabalez osatua. Laku bat ere bada bertan. Ikusgarriak daude inguruko mendiak, laino zuriz bilduta bidaiarion gozamenerako.
* Berde-berdeak daude oraindik gereziondoak. Mendi barren dena da ortua eta zelaia.
* Oso zabala ikusten da Trento hiria, oso zabala du industrialdea ere, aktibitate handikoa.
* Goietan daude kanpinak, mendiarteetan, mendizaleen egokierara. Beraz aurrera egin behar dugu, gurea ez baita menditzar hauetan ezinean lehertzea.
* Mendi, harkaitz, izugarrien azpiko bailaran doa Bolzanora bidea. Zirraragarria, nano bihurtzen gaituen bidea. Agian handi egiten gaituena, nanook hemen baikabiltza mendi erraldoion behin azpitik behin gainetik. Ikuskizuna da hemendik joatea, izugarrizko trafiko hasia eta bizia dagoen arren. Mendi diganteen azpietan, garaiak baino gehiago, mole izugarri ikaragarriak.
* Eta hemen, mendiartean honetan, hor doa, Austria aldera, erremolke-atoi batetan turismo batek garraiatuta, kanoa handi bat, kontraste nabarmena harrotuz.
* Bi hizkuntzatan daude herri izenak, italieraz ez ezik beste hizkuntza batetan, bertakoren batean, agian alemaneraz: bi hizkuntza dabiltza hemen.
* Fruta-arbola asko.
* Dena baso, goietan herriak, eta berdean, mota txuri, etxeak.
Kanpina. Harkaizpean, tokatzen zen bezala. Bolzanon.
* POS, “Partido Democratico de la Sinestra”: mailua, igitaia eta bost puntako izarra dituen bandera gorria.
* “Strada del vino” iragarri sarria: mahastiak, ardo salmenta, bodegak eta tabernak.
* Mendi hauetan jaiotzen da Adiggio ibaia.
Bolzano/Bozen:
Tirol Hegoan kokatuta dago, Tirol barrenean edo azpian. Badu izan Tiroleko arrastorik, etxe eraikuntzan batez ere. Alemanez hitz egiten du gehien bat herriak; kanpina inguruan, denek. Inguru zoragarria, maldak han goietan, etxe, eliza, dorrez zipriztindutako berdeguneak. Adiggio ibaiaren bazterrak dotore baino dotoreago moldatuta daude hiri inguruan herriaren erabilpen eta gozamenerako. Atsegina benetan bertatik paseatzea.
Hiria zaharra da, baina zaharkitu gabea. Oso bereziak dira eliza bera zein elizaren dorrea, kanpotik begiratuta. Etxe plaza, kale ... begiek badute non erreparatu, zertaz gozatu. Lainoetarainoko bi zutoin: Otsoa Romulo eta Remorekin batean, S. Markosen lehoiak urre kolorez dir-dir goietan. Ez da falta gurutze, santu, eta amabirjinarik kantoi eta bazterretan, orain artekoan baino sarriago hemen. Herri lasaia, soldadu kaskamotzak edonon ikusten badira ere.
Gaur ez du jo trumoiak, euri tantak hor gainean ibili baditugu ere.
Ekainaren 7a. Asteazkena. 28.a
* Bata bestearen geriza dira kanpinean dabiltzan bi mutiko, prepezioz garbitu dituzte, elkarrekin ere, ontziak. Nola hezi hala hazi.
* Dotore doa, tente, denen ikusmina jasoaz, sidekarreko alboko esertokian, bizar-motz hile-gorri motorista argal gazteak beti berarekin daraman txakur zurixka.
* Kanpinetik gertuko kuarteleko militarrek goizerdira arte aritu dira, kanoiak hoztu edo berriz kargatzeko tarte laburrak salbu, mendiarteko bakea hautsiz, tarratadaka eta danbarradaka bere armekin gizonak nola hobeto eta azkarrago hil ikasten edo trebatzen. Kroaziako mugak zeharkatzea utziz errespetatu nahi izan genuen tiro-hotsa ezarri digute militarrek Italia Iparraldeko hegal honetan.
* Zerua argi eta urdin, mendiarte ikusgarri hauetan itxaropena dugu, behingoz.
* Oraindik dirau hazkura biziz Aquileiako moskito ziztaden pozoiak.
Meranora bitarteko bidaia, Merano bera, Venosta bailara, joanean nahiz itzuleran, paisaia bera baina bi ikuspegitik ikusita, lehen atzean uzten genuena aurrez ikusiz, koloreetan, pantaila erraldoian lez, zinemaskopean egindako pelikula bat bezalakoa izan da, gu geu pelikula barruan ginelarik. Fantasiazko ipuin bateko kokagunean gembiltzala zirudien, baina erreala izan da dena.
Mendi sendo gorrixkak alboetan, harkaitz biziak, oso garaiak, aldiz, gainaldean. Berdez jantziak, ez dute kezkarik sortzen mendiok, babes sentsazioa baizik. Aurrean urrutira harkaitz tontor elurtuak, Austriara bitarteko Alpeak. Atzean Dolomitak, aurre izango ditugu itzuleran aurrez, meheago baina zuri hauek ere. Mendiarte zabaltxoa noizbehinka, zelaia, dena berdea, etenik gabeko fruta-arbolaz oparo, kilometro luzeetan. Errepide ertzeko mendi barren nahiz mendi magaletan etxe baxuko herri asko. Zaharrak dira etxe asko, ez ordea zaharkituak, mimatuak, zainduak baizik. Tiroleko giroa dute herri askok: fatxadak kolore ezberdinez pintatuak, teilatu pikoak gehienak, elurteei aurre egiteko prest, eta bi metrotik gora zabal diren teilategalak, estetikak baino etxaurreko ate-leihoak elurretik babestu beharrak eta urteetako esperientziak eragindako teilategalak. Tiroleko elizon dorreak bai direla benetan dorre-orratzak, luuuuzeak gorantz; berde pika-pikeak dira elizetako teilatuak; kolore ezberdineko teilekin eginiko irudi ezberdin eta geometria formez dotoretuta daude elizako dorreen teilatuak.
Ez da erraz patxadako gidaritzan inguruaz gozatzea; auto joan-etorria handia eta presazkoa denez; izugarrizko erreskadak sortzen dira errepide ez zabalegian mantso joanez. Lasaiagoa izan da itzulera, beranduago zen , patxadatsuagoa, gozagarriagoa.
Mendi garaiak gero eta hurrago, txapel gainean ditugu, askenez. Heldu gara mendietara.
Merano/Meran, herri turistikoa; insersoa da gaur kanpotar gehiengoa. 2.500 metroko garaieran dabiltza aurreko mendi denak, badira garaiagoak ere. Hiri zabala. Harrietan kolpatuz burbuilez zuri, ur asko eta garbiko bi ibai ditu, oinezkoentzako pasealeku zoragarriak daude bien alboetan, erreka hotsak ematen duen lasaitasunez babestuta. Ondo zaindutako oinezkoentzako arkupe xumeak alboetan.
Kale dotore zabala du ardatz: saltegi dotorez, erakusleihoei begira lasai ibiltzeko kale horietakoa; kale erdian behera ura daroan erretentxoa doa, atsegina den kalea atseginagoa eginez. Denda txukunak herri osoan. Dotorezia erakusten du herriko bazter orok.
Dorre luzeko Tirolekoen estiloko eliza piloa dago. Eliza ebanjelikoa ikusi dugu gaur: pulpitua eta aldarea besterik ez ditu barruan, baina itsulapiko erraldoia ez zitzaion falta sarrera erdian honi ere, sartzen den denak berarekin topo eginez konturatzeko bezala, giltzarrapo handi batez lapurrengandik babestua.
* Une berezia sortu digu fraide frantziskotar mando bat, bere abituarekin handiago, oinez, eta lau mojatxo kaleko harrizko jarlekuan eserita, bideko denei barretxoak banatuz momentu berean aurkitzea.
* Ez dugu ezer aurkitzen gazteleraz. Kanpinean, Europako nazioarteko kanpinen zerrenda osoa dakarren liburu sendoan Espainia eta Portugal ez dira azaldu ere egiten. Espainia ez da existitu ere egiten Europarentzat, politikoen esparruan ez bada. Herri aldrebesenak, zapaltzaileenak.
* Aleen plazan erositako anpolari erraldoiak jogurtez osatuz egin dugu bazkaria ibai ertzean, itzalean eserita.
* “Presidium” zuen izena eraikuntza handiak, baina ezin zen kartzela izan, hain zen dotorea: leiho handiak, gortinak, loreak, ez barroterik, ez armadun zaindaririk. Kartzela ez beste zerbait behar du esan nahi italieraz Presidium hitzak.
* Akazia basoak ziren bideko basoak; akazia asko dago hemen ere ibai ertzetan. Baita zipresak eta makalak ere. Izugarriak, asko dira bizpahiru metrokoa dutenak gerriko borobileran. Modernitatearen izenean aginduz edo baimenduz, Euskadiko alkateek izango lukete gozamena arbola hauek botatzen.
* Parke ederrak ditu, baina ezin daiteke belarrean ibili edo etzan, Bolzanon ostera bai. Erabilpenik gabe begien atsegin hutsean gelditzen den parkea dotoretasun antzuan gelditzen da, esnerik ematen ez duen behi ederra bezala.
Venosta bailara
Uneoro izugarrizko mendi elurtuez inguraturik, atzean geratzen zaizkigu aurrekoak, aurrera goazen heinean, aurrean berriak agertuz.
* Stelvio ere hor eduki dugu aurrean; beheraino zeharo elurtuta egunotako ekaitzen ondorioz; zeharkaezina zegoen gaur: nostalgiaz begiratu diot Giroko txirrindulariak gogoratuz.
* Bere baitan herriak gordetzen dituzten bailara berriak agertzen zaizkigu mendiarteetan gora, gazteluak muino eta tontortxoetan, batzuek hondatuak, zaharkituak besteak; baita ipuinetako herri peto-petoak ere.
* Herri izenak italieraz eta alemaneraz daude, baina dena alemaneraz egiten da: ez dakit inposaketarik bizi duen jendeak. Ezin diegu galdetu, baina galdetuko genieke.
* Etxeek gero eta tiroldar kutsu nabarmenagoa dute, pintatuak, izenak ormetan ...
* Tontorrez inguratuta jarraitzen dugu bidaia, kilometroen abiadan etengabe berritzen zaizkigu.
* Teleferikoak han-hemenka tontorrotara igotzeko. Batzuetan ez dakigu bailaraz aldatu garen ala berdinean jarraitzen dugun.
* Behe parteak badu unetan Euskal Herriaren antza: baso zabal diren pinudiak, berdegune zabalak tarteka, dena aldapara, han-hemenka baserri teilatu zabalak, baxuak.
* Errepideak gora eta gora jotzen du Giroko mendi etapetako aldapen erara bira eta biraz gorantz inguru berdean.
Isokarro nanoa belar sikuz ia estalita errepidean aurrera: ikusgai bitxia zen.
Belatz asko. Paisaia idilikoa, bailara berdea mendi zuriz inguratuta, baina izanen dute hemen ere arazorik nekazariek.
Herri gaintxoan, errepide alboan harridura sortzen duen eskultura tzarra: auriga biluzia zaldiak gidatzen gurdi gainean, dena tamaina normala baino handiagoan, han baso ertzean, herrira edo bailarara begira... nondik sortua ote!.
Glorenza
Ipuinetako herri asmatua: etxe pintatuzko Tiroleko herritxo klasikoa, gerrate ezberdinetan desegin eta Austriako Maximiliano I.k berreraikitakoa, Tirol Garaiko herri garaiena. Garai haietan herri edo katedral bat eraikitzea gaurko fabrika bat muntatzea bezala zen, herriari lana eta bizimodua emateko era eta jauntxoak herriarengandik irabazia ateratzekoa ere bai. Gutxienez 7 metro altuerako harresiak ditu. Harresietako dorreak buruz behera jarritako teila gorrizko kukurutxoak dirudite. Ezberdinak, bereziak dira sarrerako ateak. Tiroleko ezaugarri hauek ere, Kristoak bere teilatutxoarekin han-hemenka, santu-santa asko bazterretan, ormetan eta txokoetan, batzuk etxera eramateko bezalako naif politak. Plaza berezia. Aterpe batetan hiru aro ezberdinetako hiru gurdi, albo batean, hirurak zaharrak, bata trailerra bezala birakaria da, Artetako museokoaren antzerakoa. Kanpotik freskoa duen dorrea: silueta politekoa da, kanpandorre berezia du eliza ortodoxoen tankerakoa eta bukaera errusiar borobil horietarikoa. Kale nagusia izan daitekeenak, potxolo potxoloa, arkupe baxu eta estuak ditu, arkuak ostera sendoak sakoneran eta zabaleran; zutabe oso sendoak argiari bidea uzteko zulo zabalekin orma argian, xarmanta.
Ipuin baten barruan ari garela paseatzen dirudi. Etxeak oso sinpleak dira, baina ez dago bi berdinik, bakoitzak bere berezitasuna du. Etxe bakoitzak du bere detaile propioa, besteengandik ezberdin egiten duena. Herri osoa da sinplea, baina bere sinpletasunean dotoretasun izugarria ageri du. Zurezko balkoiak dituen etxea... Sabaira belar ondua jasotzen ari zen baserritarrak ere buruko edo txano marroi berezia zuen, errepublikar frantsesek antzera jarrita, kordoi gorri luzea erortzen zaiola albora. Baserri giroa nabari da: traktoreak, gurdiak, nekazari tresneria... Fruta-arbola asko ageri da etxe inguruko harresiz gordetako lur bilduetan: geriza, madaria, intxaurrak, ...
Kale horietan jelatua jatea bera ere gozagarria izan da.
Ez digute hutsik egin ez herriek ez bailarek, merezi zituen egin ditugun 100 kilometroak. Horrelakoetan egin ohi da ganora gutxiko kilometro gehiago. Atera garenetik, arratsalde osoa izan da pelikula batetakoa: Meranok pelikuletako fikzioa zirudien, Merano bailara zoragarria da goitik begiratuta, haluzinagarria gaintxo batetik ikusita. Itzuleran, bakartiago, beraz patxadanago errepidean, goitik behera ikusten ditugu bailarak, Dolomitak ere aurrean ditugu orain. Zoragarria.
Lurralde honetan ez da minigonarik ikusten Riviera bietan bezala. Ez da ere hartzen italierazko irratirik, alemanerazkoak baizik.
Ekainaren 8a. Osteguna. 29.a
Hemen ere motoristak dabiltza, beltzez jantzita eta taldean, bakoitza bere eta besteen motoen zertzeladak komentatuz.
Aratz, bizi, harrietan lehertuz, oxigenoz oparo, ia mendietako elurren antzera zuri, doa Bolzanon duela gutxi Venezian itsasora errenditzen eta atzo Meranon jaioberri genekusan Adigge ibaia. Bizitza errenditzen gaudenon adinekoak, ausartago edo motelago baina bizitzen ikasten ari diren gaztetxo zaratatsu egonezinak, eta guretzat denak berdinak zaizkigun japoniarrak gabiltza hirietan.
* Batzuek ederrak, txikiak besteak, urteei ondo eutsi dietenak, zaharkituak, hondatuak, erreka-zuloetan, tontortxoetan… gaztelu piloa dago Sarentinora bidean.
* Atzoko bailaren ordez gaur erreka zulo zirraragarrian goaz, mendiz inguratuta, baso batetako errekazuloan: zuloan erreka eta gu albo batean goragoko gaintxoan, tunelez tunel errepiderako lekurik ez dagoenez, nolabait antzina zulatutako mendi-barru ilunetan: 8 kilometrotan dena da tunel, argiunetxoekin. Gazteluak ageri dira irtentxoetan.
* Alboko basoak eta tuneleko ormak ditugu gaur ikuspegi bakarrak lehen kilometroetan.
* Heldu diogu behetik gorakoari ere, gorantz baina erreka kontra, bidaia guztian izango den bezala: zipres itxurako zuhaitz beltz handiek, izeiak seguru aski, haltzak tarteka, osatzen dute basoa, bakoitzak metro kubiko askoko zuhaitzak denak.
* Bailara bihurtzen da noizbehinka mendi-zuloa, Tiroleko bailara garaietako herri eta etxe klasikoak ikus ala dira bertan: teilatu zorrotzak, teilatu sendo ilunak, noizbehinka teilatu gorriak, etxe zaharren batean arbelezko teilatu bakarren bat ere bai, teilape zabalak. etxe bakoitzak bere alboan beste zurezko eraikuntza bat du, eraikin osagarria, askotan erraldoia, egurra, tresneria eta agian animaliak gordetzeko. Ez dugu ikusi aziendarik, pare bat lekutan ezik. Etxe denak ondo zainduta daude, berriak egiten ere ikusi dugu, zurezko hezurdura zuten eraikin berriok.
* Buruzapia eta amantal zabal argia daramate emakume nagusiek; kapelua gizonek.
* Kanpotarrentzako herriak dira, mendira edo uda-pasa datozenentzat.
* Ez dirudi belatzak darabiltzatenik, belarrik ebaki gabe, bertan behera utzitako itxura dute.
Sarentino/Sarnthein. Bailara berde eder batetan kokatua, berdegunez eta mendi elurtuz inguratuta, turismo berria landuz kanpotarrengandik bizi den herria dirudi. Balkonada guztiak kantari lore gorriz, etxe kontra guztietan berriz egurra tolestuta, bertan neguak hotza izan behar duela adieraziz. Jatetxe, ostatu, hotel… asko.
* Ataunen belarra goiko zelaietatik etxera jaisteko dituzten antzerako kable-antolaketak hemen ere zeregin berdinerako.
* Atxagaren behi makal batzuk larrean, koloreetan banatu behar dituztenik ere pentsatu gabe.
* Elizak dorre zorrotz zeru garaira luzatuz.
* Atzokoek baino elur gutxiago dute mendiek, trumoiak ez zuen nonbait hain bortizki jo hemen.
* Heidiren herriak dira denak, hauetako edozein herritxotan jaio eta bizi zitekeen.
Gorantz goaz, behean utzi ditugu basoak, bailarak eta belatzak ere bai, elurra dugu inguruan, errepide alboetan eta zuloetan metro askotako piloetan bilduta.
Paso Pennes, 2.211 metroko garaiera: goian eta elurtuta egoteaz gain ez du bestelako erakargarritasunik. Haize hotza. Erraza du gaina bi milatik gorako tontorrak gogoko dituenak, hemendik abiatuta hainbat gailur bilatuko baititu ahalegin gutxirekin.
Vipiteno: mendia beste aldean, mendiarteko bailara batean
Mendiko turismotik bizi den herria: txukuna, dendaz josia, aparkaleku ugarirekin. Bi solairuko etxe baxuak. Behaleiho nanoak lirateke herriaren ezaugarri. Betiko arkupeak dituen kale bakar luzearen erdian pasabide punta-luzea duen dorrea, arkupeak ditu alde batetan. Denda bihurtuta daude arkupe batzuk. Kale nagusira jotzen duten kalexkak. Tiroli tokatzen zaizkion ezaugarriak: berde urdin hori marroi kolore eta tonu ezberdinez pintatutako fatxadak, behaleiho xarmant pitxintxoak, burdina landuzko ikurrak irtentxo etxe goietan josiak denden ezaugarri eta dendako salgaien adierazgarri. Bere karril propioa dute txirrindulariek. Eliza: zonaldeko elizak bertako estiloaren eraginez erakargarriak izanik ere kanpotik, arruntak dira barrutik; eliza zahar bat izan da erakargarria hemen: osagai interesgarri asko zituen eliza txikia, beteegia, onak edo ez, auskalo!, baina antzinako pinturak ditu; antzinakoa eta polita da atea, txinget berria du atean, gero hurrengo herrietako eliza eta etxeetan errepikatuta ikusiko dugun txingeta. Herri potxoloa, berehala bukatzen da baina eguerdiko ordu nagi galduetan ia inor ez dabilenean atsegina da gora-behera kalexketan sartuaz paseatzea mila xehetasunei erreparatuz, ukitu apalen zoragarria dastatuz. Mila detaile ditu ibilian aurkitu, begiratu eta gozatzeko: herriaren kultura eta artea hori ere.
Behean, Bolzanora itzulian, errepidea, autobia. trenbidea eta ibaia ozta-ozta kabitzen dira bailaran, zulo zuloan, pinuz inguratuta. Polita kanpotarron begientzat.
Brunico-ra bailara
Ez da hain erakargarria, ez da atsegina, zabal xamarra eta berdea da, baina nahiko utzia dago lurra: nonbait baserritarrak arazoak dituzte eta ez dute lurrik lantzen. Pinu beltza denean, Euskal Herrian bezala. Eliza ortodoxoen dorreak ikus daitezke noizbehinka, bi erlijioak bizi dira edo bizi izan dira elkarrekin auskalo noiztik eta zergatik. Izango da gerraren bat eta erregeren bat tarteko. Tiroleko petoak dira herriak, ez hain jatorrak: etxeen jitea errepikatzen da, dorre puntazorrotzak… baina zerbait falta zaio bailara honi, agian fruta-arbolak. Agian gu geu goaz nekatuta, begien dastamena lausotzen digu nekeak.
Dorretxe zaharkitu baten azpia zeharkatzen du errepideak: norabide bata gazteluko ate nagusitik doa, bestea bi dorreen arkupeetatik!!!, zegoen bide bakarretik. Ez dute bota dorretxea errepidea egiteko. Ikusi dugu ba halakorik gureetan, Eibarren jauretxe apartak bota zituzten dorre-etxeak jasotzeko.
Brunico
Ganorazko herria, sendoa, erdikale zabal eta ederra du. Ez du arkuperik, baina etxeak Tirolekoen jitekoak dira. Atzealdean gainaldetik elkarri lotuta daude etxe batzuk. Mila txoko eta xehetasun bilatu eta begiratzeko herria hau ere. Gaztelua: tokatzen zaio, mendixka tontorrean baso eta harresiz inguratuta. Elizak: zonaldekoak bezala, arruntak, minaretea dirudi batek; sabaia pintura suabez beteta du barrutik ikusi dugun elizak, Jesusen bizitza osoa kontatuz: horien bidez esplikatu behar badu apaizak, tortikoliarekin geratuko zaizkio eliztar guztiak; horman sartua kofesategia bekatuei eusteko edo; itsulapiko txikia, limosna handiren itxaropenik ez nonbait; organo kontzertua eskaini digute, elizako jarlekuak deskantsu oso txarrekoak baziren ere. Industrialdea du, txirrinduentzako bide-gorria ere bai. Garbi atsegina doa erreka.
* Gernikaldekoen antzerako txorizo-piperrak ikusi ditugu denda batean zintzilikatuta.
* Gizon nagusiek amantal urdina daramate, agian lan mota baten ezaugarria ohitura bihurtuta.
* Heldu batzuk, emakume nahi gizonezko, bernara itsatsitako Tiroleko praka estuak janzten dituzte.
* Ustez hondatuta nuen argazki makina konpondu didate: 12koa eta ez 24koa zen karreta,eta bukatuta zegoen.
* Herri honek komun publikoa du, ezohizkoa Italian, non ere tabernara joan behar den hesteak eta maskuria hustu behar direnean.
Tirol zati hau ez da Italia, politikoki bada ere, Alemania da, denek alemanieraz egiten dute. Baina auskalo zer diren sentipen eta nahieran.
Tiroleko herriok ez dute ezer zehatz berezirik, azpimarratzekorik, deigarri nagusi izatekorik; bere osotasunean dira erakargarriak eta bereziak.
Kristoak edozein izkinatan, kale ertzetan, handi, txiki, naif, eder, berri, zahar, jantzita... bertako ohitura edo erlijioaren adierazpena Euskal Herriko mendi tontorretako gurutzeak bezala: apaizen eragina tarteko.
Bresanone. Aurrekoak baino handiagoa eta zabalagoa da; haietako ezaugarriak errepikatzen dira. Etxeetako ormetan pintura gehiago ageri da, batzuk oso politak. Bi eliza elkarren kontra eta biak handiak: tarteko ormetan hilotzak dituen klaustro antzerakoa da erakargarriena. Arkupe luze, sendo, baxuak, jelatu bat xurgatuz ibiltzeko aproposak, gaur ere euria baitugu. Dorreko erlojuetan orratz handiak markatzen ditu orduak eta orratz txikiak minutuak.
Erreka garbia eta atsegina, honek, gainera, paseo polita duela albo batetik ur-hots zalapartatsuaz bildurik.
Alemanieraz zen meza.
Lehenengoz ikusten ditut piku erraldoiak: erosi eta jan ditut, nola ez.
Bolzanora bidean berriz, errepideak, ibaiak eta trenak gehiagorako tokirik uzte ez dutenez gainetik egin dute Insbruckera autobia, airean bezala, gainez gain, oso goian. Musolini edo suduperen batek ez zuen kopla ekologistarik, errukirik gabe edozein lekutatik autobiak zuzenduz.
Bidaiak
FRIULI
Independentzia zaleak dira friulitarrak eta ez dituzte begi onez ikusten burokrata zentralistak: hala dio gidaliburuak.
Friulera dialekto propioa du.
Laugarren egunez jarraian jo digu trumoiak, euria bota ahala, ez da giro errepidean.
Lurralde zabala hau ere, makaldi asko, sartu berriak gehienak, Euskal Herrian pinoak bezala, nekazariek arazoak dituzten seinale, lurrak ez du nonbait ematen edo ez diote lurra lantzeari etorkizunik ikusten.
Jatetxe asko ikusten da, pizzeriarik ez. Turismo ingurukoak dira nonbait pizzeriak. poltsiko merkeentzako jantokiak.
Kanpina.
Lehenengoz aurkitzen dugun gizon-emakumeak bereizten dituen ikurrik gabeko zerbitzu esparrua: komun, dutxa, lababo denak dira denentzakoak. Arazorik gabe, nudista kutsurik gabe, normaltasunez moldatzen gara emakumezko eta gizonezkook.
Merkeago dugu kanpina jubilatuok.
Aquileia Belvedere pinudian kokatu gara; Adriatikoaren goieneko muturrean gaude itsasertz-ertzean, ur zabala 20 metrotara; lasaitasunez, patxaran eta egoki, eguzkipean, arropa zimelduak lehortu eta gauzak berera ekarriz. Arnasa hartu dugu hainbeste trumoi, euri, bustidura eta umeltasunen ondoren.
Grado.
Alde zaharra: kale bihurriz txirikordatutako sare xarmanta
Elizatxo erromanikoa: zirraragarriak dira bere xaloan austeritate hutsa den gotzainaren zeremoni aulki eta alboko eserleku luze bakarrak; mosaikoa du zoruan bataiategiak, sei aldeko bataiarri xumea dago erdian; deigarriak dira zur landuko txapel apal baina berezia duten ur bedeinkatu edo antzerako harrizko urontziak.
Duomo: bere garaian inguru garrantzitsua izan zen hiriko eliza; leihoetatiko eguzkiaren azken argi izpiek giro berezia sortzen dute ilunabarrean; elizako solairuan mosaikoa, antzinakoa zati bat, mosaiko modernoa beste bat zaharraren antza hartuz; zizelatutako sei zutoinen gainean, bakoitzak harrian zizelaturiko animaliak dituzten sei pulpitutxo borobilek osatzen dute hexagonal tankerako pulpitu borobil bakarra; ohizko barandaren ordez Euskal Herrian, Larraskandan, hesi bezala egon ohi direnen antzerako harlauzazko hesia du presbiterioak, baina hauek landutako harri zabaleko losak dira; sabai pintatuta; beste metalezko erretaula zoragarria presbiterio ostean; koadro luzexka xarmantak; kapera bitxi batetan zurezko erretaula zoragarria; azpiko antzinako elizaren eta bataio-pontearen aztarrenak ikuz daitezke irekidura batetatik; mila txoko eta bitxikeria ikusgarri: badirudi konpetentzia egon zela aro ezberdinetako eliza-agintarien artean.
Hilerria: antzinako sarkofago pila daude bertan.
Itsas bazter luzea zabaltzen da begien atsegin: lehengo Yugoslabia da aurrean hegoaldera ageri dena, Kroazia lurraldeko kostaldea izan behar du orain. Lurra bilduz eta kiribilduz mila irla sortzen ditu itsasoak baina borobildu gabe, ez dakigularik lurra sartzen den itsasoan ala itsasoa sartzen den lurrean, lur-guneak diren itsasoan ala itsaso-guneak lurrean: paraje ikusgarria da.
Zerk eragiten du jendeak putzuetara edo ura dagoen lekuetara txanponak botatzea. Zergatik edo nolatan. Nondik sortu da ohitura hori.
Ekainaren 3a. Larunbata. 24.a
Eguzkia noiz agertuko zain, Edorta Gimenezen MANHATAN bukatu dut. Iñaki Aldekoaren Ipuin Bildumari ekin diot, ipuinekiko iritzia aldatu didalarik sarrerak.
Itsas den, laku den, lurra den, irla den ez dakigu; berez den beltza ala kutsaduraz arre dagoen ere ez. Adriatiko goiko sakoneran bota dugu goiza eguzki eta laino pean, giro motel lasaian, alemaniarrak alboko lagun, gogoa berotu eta kaskezur barruko umeldura lehortzen, aurreko euripeko nazkaduraren ondoren.
Udinera bidean kilometroetako etorbide luzeak sortzen dituzte han-hemenka platano erraldoiek; tunel berde itzaltsuak sortzen dira errepidean. Praktikotasunaren, abiadura azkarraren eta ekonomiaren aitzakiaz, agian norbaiten patrika gizentzeak eraginda, noiz moztuko suduperen baten zain daude platanook. Harrigarria da oraindik horrelako errepideak aurkitzea: berezia horretan ere Italia.
Saltzaile argiren batek lorategien apaindurarako tamaina guztietako zulodun harkaitz zatiak, harri karstikoak, ditu salgai errepide ertzean.
Udine
Mila plaza, mila etxe eder, mila zoko polit, mila zer begiratu gozatu eta entretenitzeko. Jauntxo hiria, hiri handi-mandia, zaldun hiria, sasoi batean gotzain ezagun guztiahaldun baten egoitza.
2. Munduko Gerrako Erresistentziak izandako jardueraren erakusketa ikusi dugu eliza batetan.
Duomo: aldare batean S. Fortunato ikustea fortunatu zaigu; kapera piloa; ohizko gurutzea falta ez zaion pulpitu izugarria, dena irudi aberatsez zizelaturiko marmol zuria, lau zutoin oinarri eta dosela gainean; gurutzadura erdian dago presbiterioa, bertan aldarea; gurutzadura alboetako kapera handietan, eta zur landuko aulkiteria itzela absidean; aldare nagusiaren azpian gotzain baten irudia harri zurian zizelatuta; aldare alboetan aingeru eta Amabirjina erraldoiak anuntziazioa irudikatuz; pintura ederrak ditu organoaren koruak; betiko koadroak eliza osoan: Tiepolorenak dira bi; itsulapiko erraldoia aitasantuaren argazki handiarekin pobreentzat dirua eskatuz: Aitasandua izango da diruak eramango dizkien pobrea.
Izugarrizko erretolika sartu die insersokoei gidak: akabatuko zituen gizajoak asperduraz eta nekez.
Dorrea: zabala, sendoa, Duomoren albo batean, harriz estalita du beheko lehen zatia; goranzkoa adreilu hutsez, jantzi gabe, bilus; bukaeran arku arraro garaiak luzeagoaren itxura ematen dio dorreari.
Plaza ikusgarria, Veneziakoaren ezaugarriekin: dukeen palazio eder handi zabala, azpian logia arkupe izugarria mugatzen duen balaustrada ederrarekin, gazteen topaleku gaur; kopiatu egin zuten S. Markoseko plazarako plaza honetako kanpaidorretxoa eta erloju erraldoia: polita eta ikusgarria; arkupea bere alboan; bi estatua handi barrabilak agirian; Justiziaren irudia zutoin baten gainean eta S.Markosen lehoia beste baten gainean; arku-saila, beste irudi bat, iturria, S.Markos alboan ateburu batetan, beste palazio baterako sarrera, S.Markos berriz ere...
Bigarren plaza bat: tenpletea, Amabirjina harrizko zutabe gainean, iturria, pintura bat eta eliza: plaza polita gelditzen da. Eliza: fatxada errenazentista du, ez da beste mundukoa baina giroa ematen dio plazari; meza dago, lepo beteta eliza.
14 Setenbre plaza: palazioa bertan.
Ez daude eliza faltan udinetarrak: ez dakit zenbatgarrenean, gizon batek zuzentzen die arrosarioa dozena erdi pasatxo zaharrei. Nabarmen ageri da San Antonio, eliza guztietan antzo. Zerbait azpimarratzekotan, korua: kale edo errepide gainean oinezkoen pasabide edo zubi horietakoa dirudi, egurrezkoa, estua, organoa sartzen da juxtu-juxtu erdian; pulpitua: zurezkoa eta handia, besterik ez du, gurutzerik ere ez.
Monte de Piedad deitutakoa kale nagusian, bere barnean Chiesa dela Pietat, kapila txikitxoa: aldarea marmol landuzkoa, beste dena marmola, marmolik ez dagoen tarteak, freskoak: pobreen diruz egindako kapila.
Gaztelua: herriak ba omen du berea, baina ezin izan dugu aurkitu edo ikusi, kale artean behar du egon, ez baitago tontorrik, edo tontorren bat dagoenean palazioren bat dago bertan.
Kaleak: estilo guztietako betiko arkupeekin, oso animatuak daude, bizi-biziak larunbat arratsaldez, jaiko jantzita, kalean dabil jendea.
Erreka doa herri erditik, ur ugari eta garbia darama; bere gainetik etxebizitzetarako pasabideak, portale bakoitzerako bat, mila zubitxo erreka gainean kalea osatuz.
Kontraleihoak dituzte etxe denek: haize, elur edo hotz asko da hemen nonbait.
* “Bar Picolo”, hemen eta herri askotan errepikatzen den taberna izena.
* Egunerokoa da; bosgarrena jarraian izan da gaurkoa; Udinen harrapatu gaitu; arkupeei esker, bi orduko zaparrada garaian arkuperik arkupe egin ahal izan dugu bidea hiria ikusiz. Ulertzekoa da arkupe luzeen zergatia.
* Turista bakartxo batzuk besterik ez gabiltza.
* Ezkontza: auto-segizio zaratatsua hemen ere.
* Denda eder, argitsu, biziek, jenero ona eskainiz, dotoretasuna ematen dio hiriari.
* Ez dago aparkaleku bat bera ere.
* Sasoi batean Altzolan bezala, jai bezperako kanpaiak jo dituzte 7etan.
* Kale-kantari bat ari zen kale-gurutze batean bere gitarrarekin inguru guztira ozen. Kapeladun, mutil handi traketsa zen bera: “Avanti populo” abesten ari zen gu pasatu garenean. Italian behar zuen hau ere.
* “Gerra kontra il tirani y pace ali populi” zioen inskripzio batek: itxuraldatu egin dira gaurko tiranoak, gaurko tiraniak beste era batera zapaltzen du, beste baliabide batzuk hartu ditu, baina, zapaldu, zapaldu egiten du.
Palmanova.
Hiri gotortua, izar baten trazakoa, lubeta dira harresiak barrualdera. Lau ate ditu, lau aldetara. Erdian gutxienez 100 metroko diametroa duen plaza borobila, bertatik ateratzen dira izar baten izpiak bezala kaleak, 4 kale nagusiak bereziki, bakoitza bere ateraino. Plaza erdian masta garaia, oinean askatasunari buruzko izkribuekin. Estatua pila, gehienak zibilak, borobilaren ertzeko bueltan. Itxura ederreko harri zuriko Duomoa, albo batean, nola ez, S.Markos bere lehoiarekin.
Jai bezperako kanpaiak entzun ditugu Aquilean ere, lurralde zabalean ozen entzuten direnak.
Ekainaren 4a. Igandea. 25.a.
Azal beltza osasun ikur edo ondasun eredu bihurtu dutenen alemaniarrez jositako saturraran jendetsuak dira Italia honetako hondartza denak asteburu eguzkitsuetan. Kutsatu kezkaz edo ohitura ezagatik, ia inor ez da bainatzen; itsaso hau ez dut atsegin neuk ere, zikin kolorea du, eta hondar likitsa.
Aisiarako itsasontzien babesleku edo habia da Gradon kiribiltzen den itsasertza. Asko dira hemen ibaiak eta kanalak, batez ere ia itsasoaren mailan dagoelako lurra.
Etxarrikoen antzerako granja bat ikusi dugu.
Egunerokoa dugunez, trumoiak gaur non joko digun da goizeko galdegaia.
Bakarrek irakurtzen dute libururen bat hemen ere, bakarrek egunkaria: irakurtzeko kulturarik eza da bat lege unibertsalen artean.
Monfalconen bukatzen da lautada, itsas bazterreraino hurbiltzen da mendia. Dena da baso, baso gaztea. Ostean, ez hain urrutira, ikusten diren mendi garaiak Eslovenia dira, agian Kroazia, edo biak. Italia ekialdeko ertzean gaude egon. Mendi horien ostean dabiltza elkar hiltzen gerra zibilean, anaia arteko borrokan nahasturik. Ez dakit noren interesek bultzatuta, herriarenak, politikoenak ala ekonomia zuzentzen dutenenak. Nork ordaintzen du gerra hori?. Indar ekonomikoek zuzentzen duten gerra: herria, jadanik, nazkaturik dago, dudarik gabe.
Ia itsas kontra doa Kroaziako muga. Triste Italiarekin lotzeko, Italiak Triesteri eusteko pasilloa, da errepidea; lur-mihi zati estu luzea, bertan errepidea, besterik ez da lur zati hau; lur-muinoak ditu alboetan. Ofizialki italiarrena da lur zati hau, ez lur hori berenez Italiari tokatzen zaiolako, Itaiak Tristeko golko eta portuaren interes estrategikoarengatik eusten diolako baizik. Baso erditik doa errepidea bere osotasunean: Kroaziako gerra-frenteko lurrak imajinatzen ditut horrelakoak.
“Espagna es vella” esan dit gasolindegiko langileak, baina hemengo itsasertzean ez dago Espainiako kostaldeko astakeriarik. “Espagna es vella” hori ez dakit nork noiz edo nola zabaldutako topikoa dela-eta nago, lurralde hauek ez baitzaie atzean gelditzen edertasunean Espainiakoei.
“Baschi” ere esan dit gasolindegiko tipoak: badu gure berri. Baina, Baschi eta Espagna ez ote dira gauza bera beretzat.
Errepidean Esloveniarako norabidea dago iragarrita han-hemenka. Iragarritako herri batzuen izena ez da italiarra, nabarmen ezberdinak dira, ez dakigu mugatik handiko ala hemendiko herriak diren.
Italiako ertz honetan ere obrak daude, errepidean eta denean, Europako gaitza: Europa zeharo zaharkituta dago, negozio itzela dira berrikuntza lanak, edo politikoek ez dakite besterik egiten herriari begira.
Latinetik eta Erromako historiatik ezaguna zaidan Istria lurraldetik barrena goaz, Eslovenia eta Trieste arteko lurraldea. Garai hartan dena izanen zen erromatarren Istria segur aski. Berde inpresio sarkorra egiten du inguru denak.
Triesteko golko zabal izugarria eta Trieste hiri zabala ditugu errepide azpian ikuspen eder batean. Ostean Kroazia eta Esloveniako mendiak.
Mendi pendiza, aldaz pikoan behera doa errepidea. Mendi beheko magalean eta itsas ertzean bertan, oso zabal ikusten da hiria
Triestre.
Ez da gure helburua, agian itzuleran bisitatuko dugu. Portu handia du, itsasontzi handiak daude bai portuan bai badian. Etxe eder handi asko du erdigunean, baita palazioak ere. Bilbo dirudi, iluna, langile herriaren taxua du. Herri industriala, gure ibiltzeko eta begiratzeko asmo eta ohiturentzako ez da batere atsegina. Goi esparru batean du gune monumentala. Autobus berdeak eta bestelakoak dabiltza kaleetan: denek bi banderatxo daramate aurreko bi aldeetan: bata Italiakoa da, bestea, gorria, Triestekoa dela uste dugu. Capitol zinea dute hemen ere Eibarren eta herri askotan bezala: “Capitol”en batek izan zuen eragina zinema munduan, erromatarren “capitolio”ak seguruenik.
Muggia, Italiaren Kroaziarekiko muga Adriatikoan. Muggia - “muga”: elkarren hur dabiltza bai izenak bai izanak.
Etxe asko, auto asko, jende asko: jaiegunetan arratsalde-pasarako ingurukoen kostako herria. Herri zahartxoa, ez da batera atsegina, ez da xarmanta, etxe politen bat edo beste, baita txoko atseginen bat ere izan arren. Kaleak galipotezko zoru alferrikalduak ditu, ez Italiako harrizko edo harritxo karratuzkoak. Harresiak ditu. Borobil-erdi antzekoz irudikatuak hiru, nahiko bitxia da Elizako fatxada. Ez da falta eliza aurreko plazan San Markoseko lehoia. Badu nonbait hizkuntza propioa: etxe baten ateburuan “Partido Comunista” eta “Komunist Partzizka” edo antzerako zerbait jartzen zuen, bi hizkuntza ezberdinetan behintzat, agian Esloveniako hizkuntza da; dena italieraz entzun dugu kalean, halabeharrez igandeko paseko-uso ginen-eta gehienok. Triesteko ikuspen ia osoa ageri da bertatik. Lehengo portu txiki xarmanta biltzen du portu estandar modernoak.
Bueltarako erabili dugun itsaso-kontrako errepideak ere ikuspegi ederra du. Kilometroetako auto erreskadetan luzatzen da Triesten ere ilunabarreko etxeratzea. Poliziak daudela iragarrizko argi xafladen bidez bada auto gidarien arteko kidetasuna ertz honetako errepideetan.
Triesten ez gelditzea erabaki dugu.
Aquileia
Patxadako herri xume moinonoa, txukuna bere arkupe baxutxoekin, ezuste atsegingarria bidaiarentzat. Aparkaleku zabalak erakusten duenez, bisitari asko dator: Insersoak bere afaria egin du aparkalekuan mahaiak aterata. Han-hemenka kanalak, urrutira dagoen itsasora doazen belaontzi, motora eta batelen bide. Gaur egun ez du lau mila biztanle kopururik baina hirurogeita hamar mila ere izan zituen Erromako Enperadore batek barbaroen aurkako kuartelaren kokaleku bezala, eta Patriarka jauntxo famatu batek bere Egonleku aukeratu zuten urteetan. Anofeles moskitoak eta gerrek desagerrarazi zuen herria; presente daude moskitoak herrian eta inguruetan gaur egun ere: lur azaleko itsasoak izango du zerikusirik intsektuon ugaritzean.
Ikusgarria da Aquileia bere osotasunean. Lehengo gizarteen aztarnez beteta dago: erromatarren portua, etxeak, foroa, etorbide baten bukaeran dorre altu bezain xarmanta duen ez dakit ze gizaldiko Eliza erromaniko zoragarria, Bataiategia, bere alboan teilatua erorita duen eliza, zutoin baten gainean Romulo eta Remo otsoaren tititik elikatzen. Harri hauek landu eta pilatu zituztenak irudikatu nahi izan ditut, ariketa kitzikagarria izan da.
Ikusi ditugun Bataiategi eraikuntzak ikusita, garrantzitsua izan behar zuen bataioak garai batean. Korupeetara zokoratu zen gero bataio-pontea. Gaur egun berriro berebiziko tokia eman nahi zaio elizetan.
Basilika: kanpotik ederra bada, barrutik harrigarria. Mosaikoa: sekulako ikuskizuna. Kripta baten azpian, maila ezberdinetan, dena aldi ezberdinetako mosaikoz osatutako zorua, animalien hainbat eta hainbat irudiz; parke edo lorategia jarri diote gainean kanpoko azalera bezala, berean mantenduz kripta. Hezur pila eta antzinako irudi naif xarmant dituen freskoak bertan, eta harribitxiz jositako beirazko kutxetan beste hezur pila beste kripta batetan. Mosaikoa da elizako zoru dena goitik behera eta zabalera osoan: irudi pila, animalienak batez ere, baita aingeruak ere kanaberarekin arrantzan. Zakila dute sexurik gabekoak uste genituen aingeruek. Mosaikoez gain sarkofagoak, pietà bat oso naif zaharra, Amabirjina esku batez soilik Kristori eusten, ur bedeinkatu ontziak, bitxikeria den marmol zurizko aldare nagusia... Edertasunaren uste eta sentipena borobildu digu Basilikak.
Aquileiak berak bakarrik merezi zuen Italiako ertz honetara ere heltzea. Bukaera goxoa eman dio egunari Aquileiak.
“Espainiarrak?” galdetu digu kamareroak afal garaian. Gure “Baschi”ri “Io croata” erantzunez irribarre konplizez zerbitzau digu mahaia.
Berandu baina etorri zaigu gaur ere eguneroko trumoia.
Ekainaren 5a. Astelehena. 26.a
Bart jakin dut zenbaterainoko hots nabarmena atera dezaken kanpin-dendako azpiko lonapean kakalardoak gau isil batetan.
Goiztiarra izan da gaurko trumoia, jaiki bezain pronto, zaparrada eta tximist-trumoien grakara artean.
Gaztetan ikasitako Eliza, Erroma eta Artearen historiari errepaso bizia eman diogu egunotan, errepasoak jarraituko duelakoan gaude. Nire garunek uger pixka bat galdu dute atzo, zeren gaur jabetu naiz gauden Aquileia hau Elizako Historian Gotzain Kontzilio edo Sinodo ezagun eta famatu bat egin zen herria dela, ikasi genuen Aquilea hura bera dela. Uger pixka bat eta hizki bat nahiko dira nahasmenak eta ahanzturak eta akorduak sortzeko.
Errepideetako ibilian, dorre luze finek arbola tartean iragartzen digute badela herririk inguruetan.
S. Pier de Isanzo. Granschiri dedikatutako kalea du. Izan du indarra Ezkerrak Italian.
“Desnukleartutako lurraldea” iragarkia, leku askotan bilatzen da. Bada giza mugimendurik ere Italian.
Nabarmenak dira eliza ederrak zonalde honetan ere. Italia eliztarra.
S. Martin del Carso. Italiarrek bataila irabazi zien austrohungariarrei Munduko Lehen Gerran, 111 mila hildakoen truke. Orain “zona sacra” egin dute. Merke ateratzen zaizkio hildakoak botereari.
S. Michel: mendi-sailtxoa Alpeetatik gertu, lautada bat tarteko. Mendi osoa dago zulatuta, hungariarren defentsa zona konkista-ezina. Zulorik zulo, tunelik tunel ibil daiteke orain ere argindarrez argituta baitago. Behatokian ez da falta kanoi, monumentu eta gerra oroimenik.
Ikuskizun polita dager goitik: aurrealdean ikuspen berde ederra, alderik alde, eskumatik ezkerrera, Alpeetako mendixkak, dena baso, eta atzean ortzia, Alpeetako tontor elurtuek zerra-ahoa bailitzan marraztua.
Bi eratakoak dira herri izenak, bi hizkuntza daude, alboko Esloveniako herrien izenak dira, edo Esloveniakoak izan ziren eta hizkuntza gorde dute. Esloveniako muga-mugan baikabiltza. Herri nekazariak dira ingurukoak, solairu bateko eraikuntzez osatuak.
Gorizia.
Hiri handi zabala da, lorategi edo hiri zaharra inguratzen duten etxe berriek inguratuta. Betiko erdigunea, portalpe askorik gabe, bere patioa dute ostera antzinako etxeek. Esloveniako mugak zatitzen du bitan hiria: kale batean dago muga, hiriko zabalgune batean: kontrol zehatza dago batetik bestera joateko. Kaleei dagokienez, Italiako aldean dago hiri zati nagusiena. Eztabaidarako hiria, betidanik, veneziarren garaitik behintzat, mugako bi aldeek borrokatu baitute hiriaren jabegoa.
Luzexkak, gorantz zabaltzen dira kontraleihoak, agian gaur irekita zeudelako edo, asko nabarmentzen ziren: aluminioaren kultura ez da heldu oraindik honaino. Eguerdia zenez, guretzat izan dugu hiri osoa: atsegin zaigu kale nagusian bakarti paseatzea, bazterrak ikuskatu eta begiez miatuz. Piazza de la Victoria: hiri guztietako plaza, bi masta dira hemen plaza guztietako masta bakarra. Eliza: errusiar elizen metalezko akabera duten bi dorre dira elizaren gandor; sarrerako ateburuan Loiolako Iñazioren irudia: plaka batek azaltzen du nor den; alboan, plazan bertan, zutoin baten gainean azpeitiarraren beste irudi bat: harrizkoak dira irudi biak; hiru euskaldun ginen beraz plazan: kanta ditugu plaza erdian “Gure Patroi handia” sonaren zati batzuk ere: humorea badugu, baina himno osoa bukatzeko adinakorik ez. Gaztelua: plazatik goian ikusten den gaztelura igo dugu, oso handia da, herri oso bat bere gotorleku edo gaztelu eta guzti; ikuspegi ederra dago bertatik: ber-bertan du Eslovenia, harrikada batez bertara heltzeko bezala, dena mendi, dena baso, dena berde gordina euriaren ondoren; mendikate garaia ostean.
Inguru guztia da menditsua, euritsua ere izan behar du. Hau ikusiz, errazagoa egiten zaigu asmatzea nolakoa behar duen beherago Kroazia aldean dagoen gerra. Gorizia hiriaren eloveniar zatia zeharo ezberdina ikusten da goitik: etxe apalagoak dira goieraz eta edertasunez, baina zuhaitz ugariz inguratuak daude.
Ortuari eta fruta ederra ikusten da kaleko saltokietan, merkatu-plaza ere aberats dago jenero tentagarriz.
Gorizia ez zaigu suertatu espero genuena, ezta iragarritakoa ere, etsipenez bezala egin diogu agur.
Cormoris. Austriako Maximiliano baten gortea egon zen bertan. Ez zaigu gustukoa iruditu, autoz goazenez aurrera egin dugu.
Alpeak izan ditugu, urrutian lehenengo, ber-bertara gero: trumoiaren ondoren nonbait, elurtuta daude.
Frontera dugu ber-bertan. Dena da mahastia, dena dago berde, lurralde atsegin sarkorra, gustagarria. Berezko zerbait atsegina du lurralde honek. Garia, horixka, ia helduta dago. Ez da aldatsik nabari, baina nahiko goian gabiltzan inpresioa dugu.
Cividale del Friuli.
Sasoiko jarri, gogoa asebetei eta ezustez ezuste bere xarmaz harrapatu gaituen lurraldeari izena eman dio herri honek. Julio Zesar ibili zen hemendik, hemendik ibili ziren ere Aquileiako Obispoak. Zulo-zuloan, zabal eta ur askorekin apartsu eta bizi doa harkaitz tartean ibaia. Gainaldean dago hiria.
Eliza: izugarri handia; zutabe handiak, metal doratu edo urrez landutako erretaula handia; betiko S.Antonio, betiko aldare, betiko koadroak, marmol zurizko aldare denak berdinak, marmolezko betiko presbiterioa, sarrerako ate handi xumea baina landua, ur bedeinkatu ontzia ez hain handia baina landua; deigarriak: organoaren koru erabat zuria, pinturak: tartetxo batetan azalera atera duten freskoak dio pare bat zentimetroko morteroz estalita dauden ormak barruan pinturak gordetzen dituztela; museoa dirudien ezusteko kapera: kaperan marmol zuri landuzko bataiategi oktogonala, bataiategiaren landu-landutako aterpea, katedra, lau aldeak zizelaturiko 900 urteko aldare zoragarria, ormetako pintura naif zaharrak, Pietat naifa Aquileiakoak bezala Kristo esku bakarrarekin eusten duena: ez dutela sarrerarik kobratzen da kaperaren ezustekorik harrigarriena.
Tempietto Longobardo: VII. Gizaldiko elizatxoa, jostailutxoa bailitzan txikia, zoragarria, izugarri polita, kapritxoa; giro berezia sortzen du barruan, amona polit horietakoa dirudi bere zahartasunean; aulkiteri landua, sei emakume irudi zuri gainaldean, pintura naifak: miraria da iraun izana.
Etxeak: Erdi Aroko etxe xarmantak; adreilu bizi-bizi, gorri-gorriko, gotiko estiloko bi etxe; etxe zahar polit asko dituzten kale txukunak.
Plaza: leiho bereziak dituen Paulo Diakonoaren etxea; plazaren erdi-erdian lurrean zutik sartutako zipres garaia lantzen ari da tipo bat, enbor garaia taila bihurtzen.
Harresien sarrerako ate handia, erromatarren bainuen hondakinak….
Izan zen lurrikara bat ez dakit noiz: ez zituen bota harrizko etxe gotor handiak, ezta Ursulinen Komentu sendoa ere, pobreen etxetxoak bota zituen soilik.
Turista bakar batzuk gabiltza herrian. Gehienak alemaniarrak edo Eki Europakoak.
Asko dira zonaldean aroztegi muntaia handiak.
Freuli edo Friuli lurraldeko biztanleak independentzia zaleak zirela irakurri genuen arren, ez dugu inolako nazionalismo errebindikapenik ikusi inon.
“Regione Veneto”: beraz ez da Errepublika, izan izan bazen ere.
Bidaiak
Maiatzaren 30a. Asteartea. 20.a
Eguerdi aldera lixiba jasotzera eta baretu arte zain egotera behartu gaitu trumoi zaparradak.
Vicenza
Ezuste baikorra eman digu Michelin gidan bi izar soilik izan arren.
“Lur barruko Venezzia” deitzen diote.
Andrea Palladio: bere lanari jite propioa ezarri zion 1508an jaiotako arkitektoa da hiriko ardatz eta anima, berak jaso baitzituen hiriko palazio gehienak. Zine-tokiak ere Palladio du izena.
Piazza dei Signori: badu eduki Venezziako S.Markosen antzik: plaza haren tamaina eta forma, alboko eraikuntzak, bi zutabeak batak lehoia besteak gizakumea gainean, erlojuaren dorrea, basilika... izugarria hau ere bestearekin konparatuzko bere apaltasunean; kanpain-dorretxoa falta zaio.
Corso Andrea Palladio: herriko bizkarrezurra den kale luzea, alboetan etenik gabeko jarraipenean eliza eta palazioak, denak ederrak antzinakotasunaren ajeak nabariak dituzten arren.
Teatre Olympique: izugarria, antzoki klasikoen erara, harrizko tailak, zutabeak, mozorroa duten estatua pila sarreran.
Elizak: koadro pila, dozenaka, gehienak handiak, batzuk begiratu hutsez ezagun dute maisu batenak direla: Bellini, Verones, Montagna...
Koroi Santuaren eliza: aldarea eta aulkiteria harrigarriak, marmol zatitxo itsatsiz, inkrustatuz eginiko aldare marmol zuri eta gorria, mosaikoa izan gabe, ezohizkoa, horrez gain irudi politak aldare osoan; aldare nagusia: bata herriarentzat, koruko kanonikoentzat bestea; inkrustazioak: aulkiteriako 40 jarleku apartak, fazistola, armairuak... dena da zurezko inkrustazioa; tailak ere ugari eta izugarriak eskulekuetan; fraide-buru tailatua ateburuan. Marmol inkrustatua ikusi dugu Duomo ateburuan eta beste eliza batzuetan ere, eliza denak dekoratu zituen artistaren bat egon zen nonbait.
Duomo: oso goian dauzka aldarea eta presbiterioa, marmol gorrixkako harriz egindako balaustrada duen mailadi handi batez igotzen da. 14. gizaldiko primerako erretaula. Katez lotuta daude dirua botatzeko itsulapiko erraldoiak, grada erdian saihestezin; hilotz bat, bera ere erraldoia; fatxada ere handia da, honek ere inkrustazio handiak ditu: erronboak, koadroak eta loreak. Handia eta luzea, baina aldi beran sinpatikoa egiten den eliza da, adreilu gorriek giro atsegina sortzen dute: apaizak badu non paseatu, gora eta behera zebilen bat barneluzego bakarrean.
Dorrea: ate hirukoitzekoa, sasoi batetan inguratzen zuen harresiaren hondakin dotorea.
Kaleak: xarma handia dute dorrearen ingurukoek.
Ibaia. Ez dugu jakin izenik, ur asko darama, ahateak ere ugariak dira bertan; zubi zabala du gainean.
Herri lasaia, atsegina. Moja bat abitu zuriarekin jo eta ke bizikleta beltzean. Harrizko elefante handia lorategian. Neska itxurako aldaba oso politak Palazzo batean. Erakusketa eliza batetan: efektu atsegina egiten duten zeramika eta esmaltea konbinatuzko artelanak. Beste eliza batean postal eta antzerakoak saltzen zituen emakume potoloak nabarmen sartu du paperezko dirua horretarako zegoen kaxa handian zer egin behar genuen erakutsi nahian edo; ondoren hurreratu zaigu lehenengo aldiz gentozen galdetuz. Koroaren Elizan dozena bat zahar zeuden arrosarioa ozenki errezatzen: ezin izan dugu argitu emakume batek gidatzen zuen errezoa ala zinta bat zen agurmariaka zebilena. Ugariak dira jelatu dendak, jelatu jaleak dira hiritar ia denak: jelatu jatea da hemengo txikiteoa, txikiteoak berea duen kontu-kontari egotea falta zaio. Janari-denda asko eta onak, erakargarriak, baita barazki dendak ere, berdin etxera eramateko egindako janaren saltokiak.
Hiri ederra izan arren turista gutxi gabiltza, turismo zirkuituetan ez da sartzen nonbait.
Monte Berici. Vicenza gainean, behatoki izugarria da: Veneto lautada osoa, eta begiak ezarriz baranda gainetik ondo finkatutako norabidean Alpeetako hainbat tontor ezagun ikusteko aukera. Ia 100 metroko masta ere badu, Etxarriko Maiatzaren antzera, behekoen ikusmira.
Berici bailara. Berdea erabat, mendi kontra, ur asko daraman ubide sarearekin, amaiera gabeko arto-sail erraldoiez eta patata-sailez oparo.
Noventa Vicentina. Bainuak zirela eta, agian bertako sasoi eta giro apartagatik, atsegin zuten jauntxoek lurralde honetan bizitzea. Famatuak dira inguru honetako Villak. Horietako bat da Noventa Vicentako: gaur egun etxe handia bai, eder izandakoaren jitea ere bai, baina triste eta bakarti dago; ederra behar zuen izan bere aurrean duen alde bietatik zutabe garai eta gizeneko erreskada luzeaz inguraturiko herriaren plaza erraldoiak lorategi eta parkea osatzen zutenean.
Noventa Vizentinan norabidea galdetu diogun gizonak mapa eskatu digu lehenengo, eta ikusten ez zuelako antiojoak eskatu dizkit ondoren barretxoa eginez. Italiarra behar zuen.
Maiatzaren 31a. Asteazkena. 21.a
Inguruko mendiak ez daude Alpeekin lotuta. 6-7 tontor altxatzen dira, bakar, lur lautada zabalean, titiak bailira, leun, berde, polit, goxo.
Zaparrada eta tximistaz lehertu zaigu goia bart, urez bete behea.
Veronara joatea erabaki dugu.
Auzune bateko kalean kamioneta batekin arrain saltzen aurkitu dugun arraidunak otarra buruan edo eskorgaz herriz herri zetozen Altzolako Joxepantoni arraindunak gogorarazi dizkigu.
Gutxitan ikusten dugu, baina gaur Karabinieriek autoa zuten geldiarazita autoestradan.
Paduatik Milanerako austoestradak hiru karril ditu norabide bakoitzean, joan-etorri handia dago bertan, kamioiak ere asko dira, ez da alperrik industria-gune garrantzitsua Milan, eta Europara bidea errepide hau. Saldoan doaz eta datoz kamioiak, trafiko izugarria eraginez, Kamioi ilara izugarri luzea ikusten da ikuspen orokor edo zabal bat dugunean. Bere legea ezartzen du autobideak: edo kamioi baten atzean zoaz aurreko toldoa ikusgai, gurpilek jasotzen duten zaparrada zikin baten pean, edo orduko 120 kilometrotik gorako abiaduran ibili behar duzu. Autoestradak badu errepidea gainetik zeharkatuz janari-taberna zerbitzugunea Zaragoza edo Bilbo aldekoak bezalakoa.
Ikusgarriak daude urrutira errepidetik begiratuz gure kanpin inguruko kono-puntak, tarteka laino zuri bereziz estalita, geruza batez lez, merengea bailitzan.
Garitza osoak bota ditu lurrera gaueko ekaitzak: gari-sail osoak daude eraitsita.
Paduako S.Antonioren eguna laster izango dela gogoratuz, Santuaren Altzolako bederatziurreneko errezoren errepika burura ekarriz arindu dugu bidea: “El mar sosiega su ira, redimense encarcelados, miembros y bienes perdidos recobran mozos y ancianos. .... digan los paduanos”. Euskaldunok badugu Urkiolako S.Antonio, ospetsua bera ere, erromes erakarlea: beraz badugu loturatxoren bat gauden lurraldearekin. Bainuetxe asko dago San Antonioren inguruan: ez ote zuen ur berezi hori erabiltzen santuak osasun mirariak egiteko. Ez dut uste bainuetxeek izan dutenik zerikusirik Altzolako bederatzihurrenarekin: izurriteren bat izango zen tarteko.
Alpe mendiak ditugu aurrean, elurra dute oraindik tontorretan. Atzoko trumoiaren ondoren, lainoak jasotzera egin dute, ortzia garbiago dago eta ikusgarri ederra da Vicenza pasatu ondoren Alpeetako ikuskizuna. Zabalgune erdiko lautadan goaz, muino eta mendixka leunetan gora eta behera ezker eskuin aurrez Alpeak ditugula, zaparraden ondorengo berde bereziz erakargarriago. Egun gutxi barru mendi horien bihotzean, Trento inguruan, egongo gara.
Oso atsegina da bidaia hau autoestradaz, kilometro luzeko parajean.
Mahasti asko eta ondo zainduak ageri dira zonaldean. Mahasti garaiak dira, gerri edo kirten luzea dute eta torto berdea gainean: mahatsa zutik, makurtu gabe jasotzeko bezala. Errioxakoak aldiz baxuagoak dira, jasotzeko makurtu egin behar denez lan nekosoa eskatzen dutenak. Italiarrak praktikoak direlako ote ala mahats mota bakoitzak lurralde bakoitzean bere barne lege biologikoak baldintza propioak inposatzen dituelako agian.
Ez dira esparru edo sail luzeak, baina esparragoak jasotzen ari dira.
Eliza-dorreak nabarmentzen dira menditxo eta muinoetan.
PADOVA eta MANTOVA, PADUA, MANTUA bilakatzen ditu gaztelerak, U bihurtuz Va eta O janez: interesgarriak dira hizkuntzaren barne legeak, bere misterioa dute.
Montebello: gas industriaren bat dago inguruan, sulfurozko urak dira hemengoak. Herriak dorre izugarri garaia du, baita Atenaseko Partenoia dirudien eliza aurrea ere.
Soave: dorre gotor eta sarrera anitzeko harresiz inguraturiko herria. Urrutitik ikusten da tontorreko gaztelu handia, baina ia ikusezina da herritik; bide erpina estaltzen duen belarrak adierazten du ez dela jenderik igotzen bertara. Izan zen herria: detaile politak ditu, zutabeak, oraindik iraganeko dotoretasuna erakusten duten etxeak, balkoiak, ateak... Eibarkoak dirudite bertako kaleak: galipota bota zuten baina hondatuta daude. Ohizko masta eliza atariko plazatxoan, bere oinetan San Markosen harrizko lehoia liburu eta guzti. Eliza handia, koadroak santu imajinen ordez aldare guztietan, organoa da presbiterioko erretaula, denean bezala elizako grada erdi-erdian dago zurezko itsulapiko digantea: berrikuntzetarako eskatzen ez duenak, pobreentzako eskatzen du, eliza honetakoak bezala. Espaloietako harlauza arrosa zabal luze sendo antzinakoek herri erromatar kutsu ematen diote hiriari. Auskalo zenbat urte dituen harresiaren sarrerako ate nagusiak, zurezko erraldoia bera. Kale inguru guzia lurruntzen zuen ogi usai gozoz okindegiak. Ibai ederra du. Herri hila, ez zaio bizitasunik ikusten.
Euripean heldu gara Veronara ere. Euria eta Italia bat dira guretzat orain arte.
Verona
Romeo eta Julietaren hiria
Zerbaiten Feria dago: “Bienvenidos” eta “Adios”, orain arte Italia guztian ikusi ditugun gaztelaniazko hitz bakarrak. Lur azpiko aparkaleku ugariek adierazten dute turista-lekua dela hiri hau. Eta hala da, kalera orduko turista baita nagusi kaleetan. Dena da handia Veronan: sarrerako ate handia, plaza handi bateko eraikuntza handiak, bertako garai ezberdinetako zutabe handiak, erromatarren anfiteatro handia.., guardasolak ere handiak dira, zaparrada ere guardasolen tamainarako egoki handia da. Betiko beltzek betiko kinkilaz gain aterkiak saltzen dituzte gaur: argi ibili da norbait.
Anfiteatroa: zaparradaz kokoteraino, itoginpean, turista uholdearen plastiko bustien igurtzien beldur, aterki-orratzek ziztaturik, ikusi behar izan dugu anfiteatroa; dena ura, dena jendea, harri-tarte guztietatik dena itogina, barruan ere guardasolpean, desatsegina zen bertan ibiltzea. Ezagutzen direnen artean handienetarikoa, 24 mila pertsona sartzen omen da; dena handia denez timoa ere handia da, 600 pezeta sarrera, pasada, baina merezi du, izugarria baita ikusteko; zeharo berrituta dago, opera emanaldiak egiten dira bertan, emankizun baterako antolakuntza lanetan ari dira gaur; marmol arrosako harmaila altuak jarri dizkiote; bi solairu erraldoizko sarrera erraldoia du, agerian du zuen barne egitura, atsedenaldietarako kanpora begiratzeko palkoak, barne pasillo eta eskailerak... Bolognan ikusi genuen teknika berarekin egina dago anfiteatroa: hormen barrutik uharriak morteiruz lotuak, eta adreilua azalean itxura emanez.
Bedamen plaza: merkatu eguna denez gaur, oraindik jendetsuagoa; plazetako osagaiak errepikatzen dira: Venezziaren sinboloa den lehoia zutoin gainean, etxe zahar interesgarriak, pintura deigarriak dituen fatxada, nonbait hizlarien tribuna ziren tenplete antzerakoak, plazan erositako fruta garbitu dugun iturri ederra, dorre garaia bere erloju erraldoiarekin...
Hilobiak: Scaliger sendiarenak, han daude jauntxoak tenpleteetan, hainbat eta hainbat harrizko irudi ikusgarriz osaturiko hilobi dotoreetan, dena marmol, dena arrosa eta zuri, dena gotiko puntazorrotz, dena zutabe eta zutabetxo, dena jauntxo santu-irudi eta aingeru, burdinazko hesiz biziengandik babestuta: denak hilak, denak hezur.
Eliza potxoloa hilobion alboan.
Jaunaren palazioa: dorrea eta mailadi ederra patio eder batetan.
Duomo: harri zuri eta beltzez jantzia, begientzako atsegina da kanpotik; oso kanpora luzatzen dira barruko kapilak alboko ormetan; fatxada izugarria, oso ederra, arku handi landu ederra elizpetxoa osatuz edo sarrerako aterpetxoa eginez, erromaniko eta gotiko bitartekoa; animalien bizkar gainean daude hemen ere zutabeak. gotikoak dira leihoak; bukatu gabe dago dorrea.
Harresia: garaia, plaka asko dago bertan: norbait bat omendu nahi dutenean orma honetan jartzen diote bere plakatxoa nonbait.
Zubi zaharra: agian bi alditan jasotako adreilu eta harri zurizko zubi ederra da, gaurko eta atzoko euriak direla-eta txokolate koloreko ur asko daraman ibai zabalaren gainean.
Erromatarren teatroa: zubiaren bestaldean, berritua, zaindua, potxoloa, itxita dagoenez urrutitik ikustekoa.
Jauregiak: estilo guztietako palazioak; Julietarena omen zen palazioa; palazio guztiek dute bere patio zabala eta horietatik asko zeregin ofizialetarako baliatzen dituzte; kuartel bilakatu dute bat karabinieriek: beldurrez nonbait hemen ere, ez digute barrura sartzen utzi; jauregi denek dituzte bere ate handia, bere leihoa, bere estatua, bere ohizko mila bitxikeria txiki eta handiak.
Marmolezko harlauza zuri zabalak ditu kale luze zabal bateko espaloi zabalak, Soaven bezala, erromatar kale edo galtzada itxura emanez.
Palazio eta elizak zuhaitz artean inguruko mendi leun eta berdean; erromatarren eraikuntza, agian santutegia izan daiteken dorre antzerako borobil erraldoia ageri da nagusiki bertan.
Oinezkoentzat da hiriko erdigunea, jende asko dabilen arren gustura eta patxaran egiten da ibilia. Mila bitxikeri zehatz aurkitu daiteke kaleetan: santu-zuloak, leiho bat, gidan agertzen ez den etxe dotorea, anfiteatroaren alboan harri tailatuzko lau irudi lau aldetara dituen gainalde karratuko kruzeiro antzerakoa. Hemen daude Arantzazuko harri punta-luzeak ere, haiek baino txikiagoak, bi solairuko etxe batean, bertatik pasatutakoa zen nonbait Arantzazuko arkitektoa aspaldiko ideia jasoz. Marrazki dotoreak kale arruntetako fatxada arruntetan.
Denda handi bat bihurtuta lez, trapu eta zapi landuak zeuden salgai eliza batetako barrualde osoan: Afrikaren alde dirua batzeko.
Dena plaza, dena palazio, dena handi da Verona. Edertasunez ere handia. Berritzeko eta zaintzeko asko dutelako edo, agian handia delako, zarpail edo trakets itxura ematen du Veronak, antzinakoaren jitea, zaharkitu eitea. Ez da hiri potxoloa, ez da atsegina, zer erakutsi eta zer ikusi asko eta ederrak izan arren.
Hotelak iragartzen dira batez ere, turista asko dabilen seinale.
Ordaindu egin behar da Veronan elizak ikustea.
Turista alemaniar asko dabil, ugariak dira ere hezkuntza bidaian dabiltzan ikasle zaratatsuak.
“Divietto de afissione”: “diviesso” da beste toki batzuetan, italiera edo ahoskera ezberdinak adieraziz.
Duomotik gertu, tabernatik atera da gizontxoa bere bastoia eskuan eta sonbreirua buruan, aguretxoa zirudien atzetik, baina lepoko txatal zuritik igarri diogu apaiza zela: bitxia egin zaigun irudi atsegina.
Elkar ezagutuz bukatu dugu dozenatxo bat turistak Veronan ere: turista uholdeak ez doazen bazterretara goazenak gara.
Turista pausoan edo ibilian bukatu dugu Veronara bisita euripean. 4 orduz eten gabe ibili ondoren joan gara ekarrri dugun zaparrada beraren pean.
EL PAIS arkitu dugu Veronan: plazako ertz batetan eserita jakin dugu Elorza izango dela Donostiako alkate, HBk gutxi baina behera egin duela, hirukoak bere lege tiranoa ezartzen duela, Gorordok burua altxatu duela, Allik ere bai berea.
Mantua:
Lonbardia hegoaldeko ertzean, Verona baino txikiagoa, agian horregatik apainagoa. Ontziak eta portutxoa dituen laku handi batek biltzen du hiria hiru aldetatik.
Kale nagusia bere arkupe luzearekin; Plaza eta Palazio pila: har-zoruarekin; plaza zabala; plazan Dukearen palazio izugarria lorategi zabalarekin; beste plaza bat, non dorre altuko palazioa, palazioaren orman irudi bat, harrizkoa, zaharra, berezia: dorre goian dagoen balkonadan jartzen omen zituzten gaizkileak jendeak ikus zitzan; beste plaza bat: bertan palazioa dorrea izugarrizko erloju ederrarekin itxita dagoen bere adreiluzko elizatxo erromaniko borobil polit-polit potxoloarekin; palaziotzat jo dugun eraikina aleen merkatua izandakoa da: ez dakigu garia erosi, saldu kendu edo kontrolatu egiten zuten hemen; Te palazzo, Tearen palazioa: solairu bakarra, patio koadratua, zutoin ilara, aurrean lorategia, toki xume atsegina, hiritik nahiko albora, ibilaldi ederra eskainiz bertara eta bertatik; Duomo: bost barneluzego, greziar zutabe piloa, lau zutabe grabatuen gainean harrizko pulpitua atzealdean, kruzero eta presbiterio gainaldean dena ilun dagoelako ikusi ezin ditugun kriston pinturekin dekoratuta: gure atzetik inserso bat sartu zaigu erretolika bideo eta flaxekin elizako patxada etenez; egitura koadratuko eliza: inguruan ibili zen arkitekto ezagunak egina; San Andres Basilika: barneluzego bakarreko eliza izugarri handia; kapera asko eta handiak; koadroak ere asko, tokatzen zaien bezala handiak, sabaiak ere fresko erraldoiz apainduta: ilun dagoenez ezin ditugu ikusi detailez ze koadro estilo diren; koadroetako bat Mantegnarena da eta argiztatuta dago, baita pintorearen hilobia ere; balaustrada ortogonal handia grada erdian: azpiko nonbaiten, itxita dagoenez ezin izan dugu ikusi, Jesukristoren odol tantaren bat gordetzen dute (Gipuzkoako Gatzagan arantzazko koroiaren arantza bat dute); bertako norbaiten asmakizuna diren elizako jarlekoak ere kuriosoak dira: tutuzko jarleku normalak atzealdean belaunikatzeko gehigarria dutenak.
Hemengo labela dute heste handiarekin egindako saltxitxak.
Belodromo irekia du.
Trumoi-hots eta tximista arteko izugarrizko euri-jasa pean egin dugu etxera buelta, dena euri, dena putzu. Denda bera ere blai. Kanpineko hotelera jo behar izan dugu. Hezurrentzako lokatza-bainuetxea da hotela. Hezur gaixoek ohe zurruna behar omen, baina hotelekoa oso biguna da: kanpineko lur gogorrera ohituta, bizkarreko mina egiten dit eta ezin izan dut lorik hartu logale eta nekatua naizen arren.
Ekainaren 1a. Osteguna. 22.a
Eguzkitan zabaldu ditugu bai arropak bai denda ere desmontatu ondoren, haizeak eta eguzkiak lehor ditzan. berunezko zerua jarri zaigu 10 minutuan eta zaparrada lehertu dira lainoak: autoan eta toldopean arrapataka gordez, alboko ijitoen begirada larriaren pean, bigarrenez gehiegi busti gabe salbatu ditugu arropok.
Paduara jo dugu agur gisa, zor zaion argazkia ateratzera. Goiz polita izanda, ikusi ez genituen zokondoak miatuz eta erakusketak ikusiz. Bakean utzi dugu S. Antonio. Larunbatean baino animatuago dago Padova.
Gutunentzako seiluek ez dute kolarik postan, itsasgai-potetxoa jartzen dizute norberak kolaz itsasteko.
Nahiko moldatzen zen gaztelaniaz aparkalekuko zaintzaile-kobratzailea, espainiarrekin Suitzan bizi izandakoa izaki. Beranduegi joan gara autoa jasotzera, eta ordu erdia barkatu digu, baina egindako hiru orduen txartelik ez digu eman, irribarre maltzurrez txanponok patrikara eginez.
Ekainaren 2a. Ostirala. 23.a
Lurra putzu, arropak busti, gogoa umel… alde egitea erabaki dugu, galdatan ez bada ere lehor egongo den tokiren bat aurkituko dugun itxaropenez, ikusi nahi genituen Vila eta herri batzuk bertan behera utziz.
Betiko lautadan jarraitzen dugu kilometro luzez. Bai bertakoentzako bai adituentzako ehunka kilometrotako lautada honetan berezitasun nabarmenak egongo dira, lurralde bakoitza erabat ezberdina izango da, baina guretzat dena da bat eta berdina: lautada. herri pila; Industrialdea dago herri hasien inguruan, beste dena nekazaritza da. Dorreak ikus daitezke urrutira arbolen gainetik, herriren baten adierazgarri. Txikiak dira etxeak, gehienez bi solairukoak. Larrean ez da behirik ikusten, kortetan daude ateak zabalik zeukan batean ikusi ahal izan dugunez; baserrietan bezala, eraikin berdinean daude bizitokia eta korta. Kanal eta ibai ugari, izendatuta dauden arren ez dakigu noiz den kanal noiz ibai, lur muinoz mugaturiko lur barruko ubide zabalak baitira.
Portogruaro ondoan luze-zabaleran kilometrotako mahasti sail bakarra. Gu jabetu ez arren, ezberdinak izango dira ikusten ditugun lurralde ezberdinetako mahasti eta mahatsetik sortutako ardoak, lurraren arabera. Geratu eta ezberdintasunak dastatzen hasteak zirikatzen du barrena: bada turismoa egiteko era bat, eguraldi triste honi aurpegi alaia jartzeko modua ere.
Errepidetik begiratuta izugarri aberatsa dirudi nekazari lurralde honek ere, aurretik ikusitako lur denak bezala, baina ez dugu dudarik nekazariek izugarrizko arazoak izango dituztela hemen ere.
Etengabeko kamioi joan-etorria hemengo autoestradan ere, Yugoeslavia eta Austria alderako bidea da izan. Bidegurutzetako borobiletan borobil barruan dagoenak ez du preferentziarik Italian, eskuinekoak baizik, betiko trafiko legeari eultziz.
Portogruaro:
Lur barruko herri txukuna. Sarreran bertan, berdegune eta arboladi, parke zabala eta atsegina dauka. Herriak berak, mila ukitu interesgarri ditu. Harri zuri zizelatutako hiruzpalau putzu. Xumeak dira arku eta arkupeak, ez garaiak, bai atseginak. Borobil edo koadratu izan ordez oinarrian karratuak baina puntazorrotz bukatutako etxeko horma-bular diren zutoinak. Galipot edo azulejozkoa da zorua, baina harrotuta dagoen tokietan ikus daiteke antzinako adreilu gorriko zorua dela azpikoa. S. Markosen lehoia Kale Nagusiko plazatxo batean dago zutabe gainean, txiki eta umil, beneziarrenganako kidetasuna erakutsiz .
Duomo: okertuta dago dorrea hemen ere: neurri batearaino soilik huts egiten diote nonbait oinarriek, zeren ez da erori aspaldikoa izan arren; geroago egindakoa agian, bukaerako kukurutxoa ostera zuzen dago, bertikalean, dorre okertuaren gainean, efektu bitxia sortuz; barrutik, kolore argiz pintatuta, koadro piloa aldare ugarietan. lurralde hauetako elizetan bezala: pintatzea zonaldeko kirola edo lanbide arrunta zen, zeren pintore asko behar zuen egon hainbeste eliza eta koadro pintatzeko; apala da kanonigoen aulkiteria, baina bi balkoi eder pintatuak ditu presbiterio berean dagoen organoak; pulpitu zabal landua ez da harrizkoa baina erliebezko irudiak ditu; bigarrenez ikusten dugu pulpituan Kristo gurutziltzatu nabarmen handia, ez orman, pulpituaren eskuleku edo balkonadan baizik, nabarmen kanpora, herriari begira; zurezko tenplete eder landua du harri zizelatutako ur bedeinkatu ontziak, tapagailu berezia, efektu bitxia eraginez.
Palazzo eta etxe eder asko bitxikeria askorekin aurkitu ahal da hirian.
Herriko ate nagusitik kanpo, burgo edo auzoko elizatxo berezia: eliza ortodoxoen antzera bukatzen zaion dorre xarmantarekin; barruan: animaliak eta belarra irudikatuz izugarrizko pinturak, tximino basahuntz hegazti mota ezberdinez osatuz alboetan zoologikoa; arku bitarteko triangeluetan eta goiko frisoetan soilik agertzen dira santu irudiak; zur landuzko sabai pintatua, presbiterioko sabaia eta alboetako kapila pintatuta, itsulapiko erraldoia eliza erdi-erdian tokatzen den bezala...
Erreka nagusi batek zeharkatzen du hiria erditik, beste errekatxo gehiago batzen dira bertara hiruzpalau lekutan. Erreka buelta atsegina osatuz presa, harlanduzko ertz eta muntaia duen errota, konporta, konporta jasotzeko tronkoz egindako polea eta biratzeko trabeska dituen burdinazko ziriez lehenengoz ikusten dudan teknika zaharrezko tramankulu berezia ohizko konportekin zerikusirik ez duena; erreka txiki honetan zer dela-eta dagoen ez dakidan uharrak jandako itsasoko aingura handi bat. Ibaira jaisteko harrizko mailadia, harrizko zubi ederra... Errekaratzeko mailadi edo ontzi-leku baten antzerakoan zurezko kapera koadratu berezietarikoa: irekia lau aldeetara, aldare aurretiko hiru alboak belaunikatzeko belaunaulki antzeko luzez inguratua kanpotik; begi-bistan gelditzen da kapila barrua dena, leiho antzerako sistemaz ixten delarik itxi nahi denean.
Dotore jantzitako jubilatuak daude eserita mahaitxoetan.
Mila pezeta eskatzen digute pintura erakusketa baten sarreragatik: agian erakusketa kokatuta dagoen palazioak berak merezi du diru hori, baina ezinezkoa da dena ikustea aurrekontua bikoiztu egingo litzaigukeelako.
Bidaiak
REPUBLICA DE VENETO
Aurreko paisaia bera dugu ikusgai.
“Errepublika” ez dakigu iragan garaiak gogoratuzko izena den soilki; “Veneto independiente” pintada erraldoia ikusi dugu behintzat etxe zahar batetan autoestradaren kontra.
Ez dakigu Po ala Adigio den pasa dugun ibai zabala.
Apeninoetatik bertan gaude, bainuetxe asko dago lurraldean, mendien golkoan urek hartzen duten ahalmenetan dago termen sekretua.
Ubide eta ubidexka asko, hori izan daiteke nekazaritza oparotasunaren zergatia.
“Sinistra” ezkerra bada, ezkerreko jendea siniestroa agian.
Kanpina. Montegrotto Terme herrian. Izarrek ez diote ematen giza duintasunik militarrei, ezta ere kategoriarik kanpin bati: bi izarrekoetan egon izan gara lauko honetan baino erosoago.
Giroko etapa bukatzear, urreratu da italiarra aldaz gora bakarrik zihoan txirrindularia nor zen galdetuz: “no es italiano” eta alde egin du. Espainiakoen antzerakoa da bertako telebistako kontalarien aberrikeria ere.
Maiatzaren 28a. Igandea. 18.a
Irratia dirudi alboko tipoak etengabeko hitz-jario azkarrean isildu gabe autoari ukituka, beste albokoa abatz-estalki/tapakubosa pintatu ondoren autoaren kanpo aldea dir-dir jartzeko etenak egiten ari da, aurrekoak etxeko aspiragailuz garbitzen du berea: autoarekiko kultoa artea bezain unibertsala da.
Urrutira ikusten genituen mendiak, tontor batzuk besterik ez dira: Apeninoak urrutira ikusten dira hemendik. .
Padova-Padua
Autoa Alde Zaharreko sarreran utziz ekin diogu kaleko hautsak astintzeari. Geriza bila eguerdiko beroan, aire freskotan paseatzen, guretzat da kale osoa; inor ez dabil kaleetan, hiriko jendea hondartzaren batean da kaleetako bakardadea guretzat utziz. Anima alerik ere ez da kaleetan minutu luzez. Bazkalondoko orduen ondoren hasi dira kaleak jendez animatzen: herritarrak eta turistak dira. Zabala den arren, arkupe da hiri osoa. Gaztelako hirien antza du, baina arkuekin. Arkuak lirateke Paduaren ezaugarrietariko bat: kale-gurutze batetan jarri eta lau aldetara begiratuz arkua besterik ez dakusagu. Izan behar du arrazoiren bat: bero sargoria, atertu bako euriak, edo auskalo zer. Ba du zeri begiratuzko txikikeria kuriosorik bazterretan: edonon aurkitu daiteke harlanduzko balkoi, ate edo leiho eder bat, harri zizelatua... Bere lehengoan, bere zaharrean, bere horretan iraun duen hiria da: zaharkitu itxura du. Eraikuntza, kaleri eta etxeteriako harri-zurak ez daude garbituak; ilunak, agian zikinak, daude, baina hor daude egon, diraute. Hiri zaharra da, lasai ibiltzera etorri behar da bertako kaleetara. Ezin da etorri arrapataka kriston monumentuak ikusi, “oh” esan eta beste monumentu bat ikustera korrika joanez. Horretarako ez du balio. Kalerik kale mila zehetasun bilatuz ibili eta hiria aurkitzen joatekoa da.
Hiri bitxia suertatu zaigu Padova: ibiliz ibili joan gara aurkitzen ezereztxoa espero genuen hiria, aurkikuntza bakoitza Mitxelin gidan zer den kontsultatuz. Izugarria joan zaigu azaltzen Padua hiria. Ezustetik ezuste ibili gara. Ikusgarria gertatu zaigu. Artean neofitoak garenontzat ikusgarriaz gain atsegina da hiri osoa.
Monumentu oro, elizak ere, itxita dago arratsaldeko lehen orduetan. Beroegi egiten du plazako eguzkitan eserita egoteko ere: ibili egin behar, eta ibiliari ekin diogu.
Duomo: izugarria, marmolez jantzi ez zioten adreiluzko fatxada biluzia du; atzealdean absidea, eta bi kapila direla uste ditugun hiru kubo handi; Giottoren pinturak omen ditu baina gaur itxita dago.
Bataiategia: elizatik at, bere alboan; polita da kanpotik.
Plazak: atsegina eta polita, elizaren aurrekoa. Bigarren bat, bat oso palazio ederrez inguratuta; erdian lau lehoien buru gainean oinarritutako obeliskoa, masta luze batez bukatua: oinean tipo batek kanutoa erretzen du lasai; bigarren obelisko baten gainean beste tipo bat dago lasai etzanda. Bada Hirugarren Munduaren aldeko kartelik ere bertan.
Pallazio de la Ragione - arrazoiaren palazioa: handiaz gain ederra den beste plaza batean aurkitu dugu: hiriko bizitza zuzentzen zen bertatik bere garaian, horregatik izena ere; eraikuntza handia bezain ederra, izugarria tamainoz eta edertasunez, armarri piloa du kanpotik; barrutik: arku forma du sabaiak; izugarrizko pinturak ormetan, erraldoia bezain ederrak pinturok ere: Giottorenak ziren jatorrizkoak, erre ondoren bere ikasle batek berritu zituen jatorrizkoen ahalik berdinen: ikusgarriak: izugarriak neurrietan ere, 82x45 metro luze zabaleran,; badu bestelako bitxikeriarik ere palaioak: zorrak ordaindu ezin zituena bertan ageri den harri batean gutxienez 100 pertsonen aurrean eseri arazi egiten zuten bere ondasun denak ematen zituela esanez; San Antoniok lortutako graziari eskerrak herritik bota egiten zuten ondoren delako zorduna, bestela kartzelaratua izango baitzen: gaur bezala, kartzela oso gogorra zen nonbait orduan ere; Espainian ez dago kartzeletatik presoak askatuko dituen sanantoniorik, bai ordea erbestetik kartzelara ekarriko dituen barne ministrorik.
Ordularia: ordulari erraldoi bat izan zaigu deigarri, palazio edo plaza batetan egoen.
Santu militarraren eliza: Santu militar batek badu bere kuartela edo kuartelak badu bere santu militarra: ostean base militarra duen Santu militarraren eliza edo aurrean Santu militarraren eliza duen base militarra.
Paduako S.Antonio: Herriko ertz batean baino herri herrian. Itzela. Izugarria da Basilika, sei kupula handi ditu dena da marmol, kanpo eta barru; abside pintatua eta beirategi ederrak ditu: askotarako ematen du nonbait santuak.
Jende pila, beteta dago eliza, nagusiak eta gaztetxoak dira nabarmenki gehiengoa erromesen artean. Lourdes bat. Eliza ez beste edozer dirudi. Aldare nagusiko mikrofonotik fraide handi batek eliza nolakoa den esplikatzen du: halako aldare halako urtetan egina.. baina inork ez dio inolako kasurik egiten, herria freskuran atseden hartuz, koadriletan kontu-kontari dago egon eliza osoan. Errezoak eta kantuak espero genituen Italiako pelikuletan bezala, baina oraingoz apaizaren esplikazioa ia entzunezina bihurtzen duen izugarrizko berba hotsa eta etengabeko joan etorria besterik ez dago. Merkatua dirudi, plaza publiko bat da. Merkatarien etxea: deboten feria. Santuak ematen du eta fraideek badakite dirua nola atera antolakuntza aproposak jarriz, hori da santuaren mirari nagusia. Osoki marmol zurian tailatutako artelana da Santuaren hilobia: eteten ez den erreskadan pasatzen da santuaren hilobira ez dakigu nondik. Zutabe baten kontra, hainbeste edertasunean artean S.Antonioren ohizko irudi arruntaren inguruan biltzen da jende multzoa errezatzera.
Patio ederra du komentuak; plaka, irudi, harri ederreko pulpitu edo balkonada bi... gutxienez santua bizi zela sartutako magnolia ikusgarria erdian; klaustroa handia da, ohiko museo bihurtuta dago: erruz dabil erromesa hemen ere, pitxiak erosi eta zerbaitetarako, mezatarako, hildakoentzat edo graziaren bat eskatzeko, dirua eman eta izena apuntatuz.
Elizatik irtetean, berbetan gentozenez, isiltzeko esan digu atezainak: hango eskandaluan, ordenuaren harriduraz, ziplo isildu gara barre egiteko ere kemenik gabe.
Parke zabal eta ederra jaso dute Basilika aurrean: irudi pila, zubiak, ura… dena berde. Autobusentzako parking eta guzti.
Identifikatzen ez dudan ordena bateko fraidea dago autobusaren zain kalean brebiario potoloa errezatzen jotake: gure gaztetan bezalako betebehar hutsa izan behar du zeren autobuseko ilaran kaleko zarata eta joan-etorriarekin ganorazko errezo handirik ezin daiteke egin yoga teknikari iaioa ez bada behintzat.
Italian deklarapen fiskaletik apaizentzako %6a soilik lortzen dela eta propaganda zabala dabil ormetan apaizentzako diru eske.
Hemen inguruan bizi izan zen Petrarca.
Engelsen Manifestu Komunista da liburu-denda bateko erakusleihoan liburu salgai nagusia.
Zeramika eta argazki erakusketa majoak daude hirian. Noizbehinka M. Luisa liluratzen duen erakusleiho bat ere.
Ur asko eta itxuraz garbia darama ibaiak. Zubi zahar bat, bertan adreiluzko dorre karratua eta honen gainean zementuzko arkurik gabeko etxe zuri arruntak halako itxura berezia egiten du.
Kale nagusi batzuetan txirrinduek bere karril propioa dute markatuta.
Beltzez janzten dira poliziak: faxista itxura osoa dute bere kapela horiekin.
Altsasuko guardia zibilen bat badabil hemen ere: “comunismo=cancer social” pintada. Igitai eta mailuaren pintada ere bada bertan, mailuaren debotoak Altsatsuko txakurrarena ezabatu du pintura gorriz eta gehitu: “morte al faszio”. Sakanaren bikia. Katedralean pintatu du gure zibilak esbastika erraldoia. Badira arrazismoa salatuzko kartelak han-hemenka.
Bataglia: errepidearen parez pare, oso zubi potxoloz ertzak lotutako kanala du herri erdian luzera osoan.
Lorategirako tresnerien salmenta ugaria errepide ertzetan, inguru landuko etxe asko dago nonbait lurralde honetan.
Rovigo: 40 kilometro egitea eragin digun oker bategatik heldu gara gidan agertu ere egiten ez den herri honetara: 2 dorre ditu eta biak okertuta, nabarmen okertuta. 500 pezeta kendu nahi izan digute pintura erakusketa batengatik. Marmolez jantzi gabe, biluzik, dago Duomoaren aurpegia. Bertanbilbo bat motorrean, beste bat bizikletan, dotore, tanganilo eta guzti. Jendea jai arratsalde-pasa lasaian kaleetan kontu-kontari. Hiriak betiko argazkiaz aparte jogurt jelatu gozoa ere eman digu.
Oso luzeak dira herritxoetako dorre gehienak, estuak diren itxura ematen dute errepideko urrutitik.
Adiggio ibai zabalak ureztatzen du herrialde osoa Po ibaiarekin batera: ez dute ur eskasiaren arazorik.
Montagnana
Harresiz eta dorrez inguratutako herria, herri zabala harresi barruan arren. Edan egin zuten hemen ere krokodiloek inguratzen duen erreten sakoneko ura. Batzuk pintatuta, dena arkupe da hiri hau ere; erdikale zabaletik zeharkako kaleen hondora begiratuz harresia ikusten da, hiribilduaren sentsazioa eraginez. Bi tximinia berezi ditu plazak.
Duomo: handia, nabe bakarrekoa, aulkiteria behetik goraino ezker-eskuma eliza osoan; koadro pila, ederrak: 3 ditu aldare nagusian, bat erdian, bana albo bietan, orma dena hartuz, izugarri ederrak hirurak; presbiterioko aulkiteria zur landuzkoa, benetan ederra; absidea pintatuta du, baita kruzeroa ere; zurezko pulpitu handia, beso handi bat agertzen zaio albotik, halako sentipen tetrikoa sortaraziz.
Bat edo bi solairuko etxe arruntak ditu baina bada bitxikeriarik ere, harri landurik, leiho-aterik... Hemen ere insersoa dabil herriak ikusten.
Barrukoaren adinako herria dago harresietatik kanpo; etxadi baxua da alde honetakoa ere.
Herri osoa dago plazan eta alboko kaleetan, jelatua janez asko, berbaro ozena entzuten da giroan. Gazte asko, inguruko herritxoetakoak ere bertara baletoz bezala, Elgoibarren ingurukoak larunbatetan biltzen diren bezala.
Este
Lur barruko nekazari herria, zaharra, alboetara asko zabaldu dena. Atsegina da arkupetan egunaren hondarrean paseatzea. Takian potian agertzen dira santutxoak horma-zuloetan: ba da naif erakargarri bat. Herri honetako arku asko baxuagoak eta estuagoak dira, baina arkuak!. Porta Vechia zubi alboan.
Duomo de Santa Tecla, eliza obalatua da, Vienako haien antzerakoa, meza dute eta gazte eta zaharrez lepo dago; zertarako ez dakigun bola handi bat duen erlojutzarra du erdian, orma biluzian; aldareek uzten duten horma-tarteak zapi gorriz estaliak; koadro asko ditu elizak, Tiepolorenak dira hiru, baina ezin ditugu ikusi, meza dela eta.
Masta: izugarri bat plaza erdian: oso bertakoak edo oso Italiakoak dira nonbait horrelako mastak; honek 50 metro baditu lainoetara, kantoietan lau lehoi dituen oinarri garau baten gainean jarrita dago. Ordulari erraldoia du dorreak.
Huts eman digu lehenengoz herriak, baina ibiliz ibili plaza eder, txoko polit, eraikuntza aipagarririk ikusi ahal izan dugu. Alde egiterako, nahiko ajez jota dagoen arren, herri ederra suertatu zaigu. Ez da turistak ibiliko diren herria, herritarren beraien herria baizik, kafetegietako kanpoko mahaitxoetan igande arratsaldea bukatzen ari direnen herria.
Ilunabarrean, nekea eta norabide kartelen eza ditugula etsai nagusi, kontuz ibili beharra dugu errepide hauetan, bidegurutzetako semaforoetan zenbait erretxindu haserretzen bazait ere mantso noalako.
Monselice: tontor batetan dauden gazteluaren hondakinak markatzen dute. Plaza, dorrea... inguruko herrietako berezitasunak errepikatzen dira bertan. Herri txukuna, eskertzen da oinezkoentzako kalea. Berezi jantzi da jendea jaialdi baterako, astoa ere tarteko zela; festako berantiarrak soilik ikusi ahal izan ditugu. Berandura arte luzatu den txosnan afaldu dugu: txerrikiak bertako ardoarekin.
OGNI DONNA VIOLENTATA, RIPOSTA ORGANIZZATA.
W ZAPATA.
FINO A LA VITTORIA
“Autonomia Operaria” taldearen pintadak.
Hauteskundeak Euskadin eta Espainian. Ez ziguten postaz bozkatzeko aukerarik eman. Nolako lasaitasuna egun hauetan. Gauzak horrela, turismoa egin behar luke herriak hauteskunde egunean.
Maiatzaren 29a. Astelehena. 19.a
Treneko aspaldiko sentsazioak berrituz, gidatzearen ardurarik gabeko lasaian, abiatu gara goiz. Ikusgarria dago Venezia Errepublikako lurraldea. Urtaro onenean harrapatu dugu harrapatu ere. Garia helduta, uzta jasota, belarra siku, agian lurralde osoa horia eta lehorra izango da. Gaztela bera berde dago orain, gari-soro eta mahastiz estalita. Padovako hipodromoak Italian zaldi lasterketarako zaletasuna dagoela adierazten digu. Autoestrada berria egiteko lanak Euskadiko politikoen negozioak dakarzkigu burura. Intsusa ugari trenbide albo bietara. Herri asko, inguru populatua.
Mestre: hiri handi guztietako etxetzar erraldoiz zatar, Bilboko nasan baztertu dituzten garabi erraldoiak urrutira.
Venezzia
Itsaso zabala agertu zaigu aperitibo bezala, mila zertzeladek gizatartutako zabalera handia: hesola, sare, farola, txalupa, motora,.. Irlatxoak han-hemenka. Urrutira teilatu eta dorreak. Zubi luzea .rla lurrari lotuz, errepidea ere gurekin doa. Trenez 40 minutu egin ondoren, behar zen ordu berean, heldu gara.
Errua, gutxitan hala bada ere, noizbehinka onerako ere bada: kanal nagusitik doana ordez bestaldetik doana, S.Marcos aurreko badiara itsas zabalgunetik eramango gaituan baporetoa hartu dugu: bertatik, badiaren bestaldetik, izan dugu Veneziako alderdi ezagunenaren ikuspegi zabala, dotorea. Txinbitoan Bilboko ibaian ibiltzea bezain berdina izan da: ura zikina, nasetan dena zen zamalda garraioa, kamioietan ordez txalupetan egina, industrialdeko giroa, Merka-edonongo inguruko giroa. Itsas zabal aurrera atera gara, zabalgunera, kanaletik izango ez genuen ikuspegi zabala hartzera; merezi izan du hiru ordu laurdeneko baporeto bidaiak. Autoen ordez motorak, kamioien ordez motorak, taxien ordez motorak, poliziak ere zodiaketan. Baporetoek hots handia ateratzen dute. Jendez gainezka, burrunbatsua, mila geltoki duen uretako autobusa dira baporetoak. Jendea erruz, mundu guztiko morroiak. Abstrakzio handia egin behar da hemen giro poetikora heltzeko. Literaturaren eraginak zerikusi gehiago du errealitateak baino Veneziari buruzko poesian.
Jendetza, saldoak saldoka, gu bezala bakarkakoak ere bai, insersoa ere internazionala da hemen.
Palazzo Dukale: perspektiba gutxi du oinezkoentzako. Espero genuena da: harrizko arkuteria, erdiko balkoi ederra, taila ikusgarriak, alboan kartzela, leiho-ateetako burdina-sare itzelak; Hasperenen zubia nondik ihes egin omen zuen errokanboleskoki Casanovak; benetan azpimarratzekoa sarrera izugarria: landutako marmol zuriz eskailerako harmaila eta heldulekuak, frisoak, estatuak, kapitelak, ... Dukea ez zen edozein bertanbilbo. Badu izan zer garbiturik, fatxada ondo zuria badu ere, zati asko dago belztuta. Garbitzea negozio bilakatzen denean egingo dute hemen ere: txanda-zain daude nonbait.
Katredala: atzoko Padovako San Antonio elizaren antza du: jendez gainezka eta izugarrizko berbotsa, etengabeko joan-etorria, sartu-irtena. turismo erlijiosoa zen San Antoniorena, santu usainera zihoana, xumea, baserri estilokoa; hemengoa ordez laikoa, Venezia ikustera joan denarena, kosmopolitagoa, beste kultura batekoa. Baina giroa eta ingurua berdina da, kontraesanak ere antzerakoak: neska bati ez diote utzi sartzen maukarik gabeko alkandora zuelako; eraikuntza bera izugarria da: fatxada gaineko zaldi handiek atentzioa deitzen dute, 9 mosaiko handi ateburuetan, marmol zuri izugarri trebe landutakoz ateak, iruditxoak, bi politikoen buruak, ... ; tokatzen zaion bezala zabalik, arratsaldez bueltatu garenean itxita bilatu badugu ere siesta garaia zelako-edo.
Mosaikoak: Ikustekoak Ravenan ikusita genituelakoan geunden gizagaixook: liluratu gaitu berriro mosaikook dena da izan ere gaindigai: sabai osoa da mosaikoa, hiru nabe, bospasei bobeda, ormak... auskalo zenbat ehunka metro karratu dena mosaikoz apaindurik, lurra ere mosaikoa da, Bataiategi osoa ere bai, baita elizpe luze eta zabala ere; Ravenan berdeak eta urdinak bezala urre kolorea gailentzen da hemen; Ravenakoak biziagoak ziren agian baxuago egonda gertuagotik ikusten genituelako.
Presbiteriora sarrerako zutaberi gainean Oteitzaren Arantzazuko 13 apostoluak 14 bihurtu dira. Pulpituak: bi, hexagonal zabalak: batek, marmol marroikoa, barruan edo gainetik albo borobilezko beste pulpitu bat du; bestean, harri kolorekoa, bertan sermolaria ez ezik komentuko fraideteria osoa sartuko litzateke; etenik ez duen miniatura da dena, dena taila, dena detaile, txikikeriak agian baina artelan politak.
Aldare nagusiko dosel edo errezela sostengatzen duten lau zutabeek izugarrizko tailak, miniaturak, dituzte: 9 erreskada, erreskada bakoitzak arra bete eta erdiko goiera, buelta bakoitzean 10 bat irudi, (urrutitxotik ikusi ditugu ordaindu ez dugulako), 10x9=90 irudi zutabe bakoitzak, 360 iruditxo ditu doselak, gehi dosel beraren filigranak. Hemengoak ez du akaburik. Ez dute kobratzen sarrerarik, baina ordaindu egin behar da barruko zirriko bakoitza ikustea, txoko asko direnez askenez garestia ateratzen da eliza ikustea.
San Markos Plaza: herrietako plazen berezitasunak errepikatzen dira hemen, nor-nori-nork?: dorre ederra erloju erraldoiarekin, kanpaitxo-dorrea, gainean kanpaia eta bi morroi... -Veneziako kanpanile famatua-, hiru masta luze; handia, hiruzpalau musikari taldez animatua, giro atsegina, eserita zerbait hartzen dagoen bisitariz, edo patxadako zein presati ibilian dabilen jendez gainezka. Hemen ere poliziek gazte bat daramate atxilotuta: jende artean, eskuak loturik: hemen ere.
Rialto zubia: jendez gainezka; harri gorrizkoa, zabala, Firenzekoa bezala salmentarako egokitua: bertan denetik saltzen da, bitxiak zein salgai merkea.
Zubiaren bestaldean, merkatua, denetikako elikagai finak: miniaturazko tomateak, ortuari bereziak, bere lora eta guztiko kalabazinak, ortuari tentagarriak, ...
S.Zacarias eliza: koadro pila du, denak handiak, neofitoak garen arren ederrak iruditzen zaizkigunak.
Asko gara elizan patxaran jartzen garenak musika goxoa entzunaz, kanpoko berotik libre, freskuran lasai, deskantsatu ondoren kaleetan aurrera egiteko prestatzen.
Kaleetan galdu gara, turismo guneetatik at; ia inor ez dabil eta atsegina da ia gehienentzat ezezaguna den hiria ezagutzea. Labirintoa dira kaleak: S.Markosetik geltokirako kaledi arteko bidea markatuta dagoenez baduzu norabidearen berririk baina eguzkirik ez balego ez legoke antzik ematerik nondik nora edo norantz goazen. Betiko kale eta kalexkak: hemengo kaleak kalexkak dira, kalexka estuago ezinekoak; estilo guztiko kanalak takian potian, ibilia gora eta behera eginaz. Kanal batzuk turistentzat dira, gondolen ibilbidea, besteak herriarenak: hauek ere txalupa eta motora dute garraiobide, lanerako zein edozein zereginerako, urezkoa baita kalea. Kanal gainetik etxetik etxera arropak eskegita. Polita da kaleak norabide jakinik gabe gurutzatzea. Itsasgora tokatu zaigunez atseginak daude kanalak, labadoraren eta bestelako ur zikinez lohiak dauden arren, baina bat ezik kiratsik gabe. Mila txoko eta zerikusi polit: harrizko putzuak, ormetako santu-zulo pila, palazio, ate, leiho, balkoi, zubi,...
Garabi bat baporearen gainean, tokatzen den bezala; kale-berritzeko lan ezberdinak, hesola sartzea eta abarrek teknika berezia eskatzen du hemen: interesgarria da begiratzea nolakoak diren teknikok. Eskolaume koadrilak dabiltza ikasketa bukaerako txangoan, zalapartatsu, tokatzen zaien bezala hauek ere. LA STAMPA egunkaria irakurri dugu geltoki aurreko zubian: ia ezer ez dakar guretzat interesgarririk, baina PPk askoz irabazi duela bai; Euskal Herria ez du aitatu ere egiten. Erosi ahal izan dugu atzoko EL MUNDO ere, baina honek ere ezer gutiz informatu gaitu, informazioa ez baita gaurko egunkarien zeregina, politika edo agitazioa egitea baizik. Ortuariz soilik, bazkari gozoa egin dugu Rialto zubi ondoko sef-servisean: bertako komun-katilua ia turkoak bezain baxua, oso erosoa, patxadakoa. Inserso osoa dabil gondolan soinu-mutil eta guzti: hemengo insersoa ere internazionala da, mundu guztiko zaharreria gabiltza hemen, taldeka batzuk, beste batzuk bere kontu, gu bezala.
S.Markos plaza dotorearen alboan, Dukearen palazioko arkupetan kloxar bat aurkitu dugu eguzki sargoria izan arren beroki guardasol eta botaz jantzirik. Arratsaldea aurrera, nekatu aurpegia du jendeak Venezian. Bazterretan, kanaletako ertzetan, harmailetan, jende asko dago eserita.
Veneziako beirazko irudi pila era guztietako denda guztietan: bada turistarentzako lanean agerian ari den artisaurik; maskarak eta denean aurki daitezken gauzak, merkeak eta garestiak, onak eta txarrak, artelanak eta txapuzak, finak eta zarpailak horrelako tokietan izaera eta poltsa ezberdinetarako aukera ezberdinak, ohi den bezala.
Esperientzia polita izanda gaurkoa ere: noraezean ibili gara plano eta gidari begiratu gabe, zerbait interesgarria ikusitakoan soilik kontsultatuz gida. Ez digu hutsik egin Veneziak: bitxia, berezia, ezberdina, kale-zubietan bildu eta bereganatzen zaituena.
Trenak ere tokatzen zen orduan, atzerapenik gabe, utzi gaitu berriro herrian.
Bidaiak
MARCHES
Catolica: urrutira ikusi dugu, ez da Benidorm baina etxe-orratz pila du itsasbazterrean.
Gradara
Erdi Aroko herria, herri militar peto-petoa, herri militarren eredu, bere lehenengo hartan iraun duena; adreiluzkoa, adreiluzko harresiz inguratua; sarrerako atetik beste hiru ate pasatuz gaztelura doan erdiko kale luze zabalaren inguruan ohi ez diren kale zabalez osatua dago; Italiako laukitxo gorrien ordez betiko kolore iluneko lauki handikoz egina du zorua.
Gaztelua: izugarria, gotorra, garaia eta handia, une zabalak goordetzen ditu bere barruan: gaztelua bera ere harresiz inguratua harresiz inguratutako herrian: gaztelu honetan harrapatu zuen Malatestak emaztea bere anaiarekin larrutan; biak garbitu zituen, bekatari eta errudun sentituz, penitentziaz-edo Riminin berritu zuen atzo ikusi genuen hango eliza.
Bazkalondoko ordu beroetan ez dabil inor kaleetan, baina herri osoa lourdes da, denda eta jatetxe, oparo, turista asko ibili ohi dela erakutsiz: tipo batek aparkalekua antolatu du, atso zahar bat jarri du kobratzen, beti tarifa berdina kobratzen du, egun osoan egonda ere.
Ugari ikusi dugu makalen maluta zuri arina, malutoz zuri zegoen herriko aparkalekua.
Hemen eta gaur ikusi dugu Italian lehen traktorea; lurrak jadanik landuta daudelako edo, gordeta dituzte trantoreak garai honetan. Ortuak, zelaiak, baba beltzak, izugarrizko belar sailak; belarra ebaki eta lehortzen dago sail zabaletan baina ez da plastikoan edo fardoetan bildutako belarrik. Euskaldunoi geuri ere atentzioa deitzeko bezain berde dago lurralde hau ere. Dotore ikusten dugu dena, baina zenbatek alde egin behar izan ote du erbestera edo hirietara, garai batean Euskal Herriko herrietatik bezala.
Muino leunak hemen ere, bata bestearen ondoren. Eten gabe gora eta behera doa berdetzan errepidea.
Capone herria, zerikusirik ba ote Al Caponerekin, hura siziliarra bazen ere.
Montefeltro jauntxoaren lurraldea zen hau
Urbino.
Urrutitik ikusi dugu: tontor batean daude dorre eta gailurrak, mendi magalean behera datoz etxeak. Gu fruta jaten ginelarik, aparkalekuko plazan, arbolapean, paisaia eder bati so, abade bat izan zaigu alboan brebiarioa irakurtzen arretaz, nire aspaldiko denbora haietan bezala, eguneroko ordubete luzeko errezoa baino obligazioa betetzen. Dena da aldatsa herrian, igogailua du plazatik hirira igotzeko, ordaindua noski, erdibideraino besterik eramaten ez badu ere; baina kalez da gora egiteko biderik gustagarriena, artrosirik ez duenarentzat. Aire freskoa jotzen zuen goian.
Osoki adreiluzko hiria hau ere, gotorlekua, aldatzean; Errenazimenduko herri petoa, Montefeltroren herria, jakintsuz eta artistaz inguraturik bizi izan zen hemen gure jauntxoa. Zen bezala eta bezalakoa iraun du hiriak, kontserbatua eta zaindua.
Dukearen palazioa: izugarri handia, palazioa baino gaztelua dirudi.
Basilika: S. Marinokoaren antzera pastel-berde pastel-kolore klaruz pintaturikoa; kanpotik erromatar eraikuntza erraldoia dirudi baina barrutik handia besterik ez da; zutabe borobil faltsuak, hilotzak -handiak bi-, koruko burdineria ederrak, koru ederra erloju handi batekin, pulpitu oso berezia zurezkoak diruditen burdineriarekin.
Rafael pintorearen jaiotetxea: zertzelada pertsonalek ez gaituzte erakartzen, eta bere koadrorik ez da hemen, ez gara sartu.
Espiritu santuaren eliza: txikitxoa, santu-irudi piloa, pintura ederrak.
Palazioak: bata bestearen jarraian, denak handiak.
Plaza: zabal ederra, plaza batek eduki behar duen guztiarekin: eserita egoteko lekua eta espazioa; horrez gain inguru polita du plaza honek.
Kale eta kalexkak; denak zabalak. Unibertsitatea dagoelako-edo jende asko dabil, turistatik aparte, gazte jendea batez ere, nabaria da bizitasuna eta alaitasun giroa. Nabaria da ere kultura kutsua.
Liburu self-servisa.
Ez dauka ezer harrigarririk, herri osoa bere osotasunean da ikusgarria.
Nik jan dut nire jelatua, M-Luisak erregaliza.
Urbinon, -S.Marinon ere-, gizonezkoek ere ordaindu egin behar dugu txiza egitea, 10 duro.
Eliza garbiketak ordaintzen dituen Aurrezki Kutxak propaganda letrero izugarriak ditu eliza barruko aldamioetan, meza denboran eliztarrek hobeto barneratu dezaten diruarentzat bidea edo.
Herriak, semaforoak eta hanka-sartzeak tarteko, ilunerako bueltatu gara lonazko gure etxera nekearen samarekin.
Maiatzaren 26a. Ostirala. 16.a
Mujika Iraolaren “Hautsaren kronika”n Ahaide Nagusien borroken aipamena irakurtzean atzoko Rafael eta Monteferrotarren Urbinoko kultur bizitza pil-pila gogoratu dut. Ze maila ezberdineko bi kultura ezberdin. Haiek eta hauek odolzale baziren ere, euskaldunoi kopla bateko bi lerro geratzen zaigu, Urbinokoei artelan mardulak. Euskaldunok herri barbaroa ginen, hauek kultuak zirenean. Agian kasta pribilegiatu batez inguraturiko zuzendaritza zen goi mailakoa, herria auskalo; nolanahi bietan, Euskal Herrian eta Montefeltron, herria antzerakoa izanen zen, nagusiarentzako lanean denak.
Hipodromoa dago hemen ere: “al troto”. Badago arraina non erosi bakoitzak sukaldean gertatzeko.
Gure azken urteetako ama zimurtua gogoratu didate bizi-bizi atzo Gradarako aparkalekua kobratu zigun amona zaharrak, Gradaran denda aurrean adeitsu begi argiz kalean ginen ibiltari bakarroi ozenki “bona sera” irribarretsua bota zigun gauza guti zen amonatxoak, eta Ravenan fruta erostean irribarretsu eta adeitsu rotuladore handiz zenbaki handiak eginez kontuak papertxoan idatziz atenditu gintuen andretxo nagusiak.
S. Apolinar di Clase. Ravenan ikusitakoen antzerako dorre polita. Dorrea baino 5 gizaldi zaharragoa den eliza, alderantziz badirudi ere.
Eliza: 6. gizaldiko zoragarria da benetan: kapitel berdin eta oso landuko bi marmol zuriko zutabek sortarazten dute hiru barneluzegokoa; mosaiko zoragarria da aldare gaineko sabaia eta orma oro, kolore biziko mosaikoa, santu eta animalia pila, zuhaitzak eta gurutze handi bat irudikatuz; Aralarko S. Migeleko sagrarioko esmaltea ederra bada, ez da gutxiagokoa mosaikoz lortutako eliza honetako abside zoragarria; alboetan, 2 metro eta erdi luze, bat eta erdi gorantz, metro batetik gora zabal, marmol zurizko hilotz, hilobi, tailatu zuri-zuri erraldoiak: familia osoa ote hilobiratua barruan, ala egiptoarrek bezala tresneria osoa zeramaten ilunaren bestaldeko borroketara; harrizko erretaula landu polita eta mosaikozko zorua duen tenplete ikusgarria albo batean; kaperatxoa; marmol zuri tailatuzko bataiontzi polita.
Portatu zaigu S.Apolinar. Ez digute kobratu gainera, baina fraide potoloak negozio oparoa darabil hainbat pitxia salduz elizpeko txiringitoan ateko sarrera-irteerak ondo zainduz.
Eskola bateko txangoa: frantsesa ikasten dute eta frantsesez egiten dute beraien artean ere. Taldetxo bat hurreratu zaigu ia nongoak, noiztik Italian, zertara... Euskal Herria mapan kokatu dugunean “baschi” bota digu batek. Ezagutzen gintuen gutxienez.
Ravenako lautadan goaz, fruta-arbolaz inguraturik Lleidan baikindoaz, noizbehinka erremolatxa sail zabalek txandatzen dituzte frutarbolok.
Cesena
Tontor batean dago, gotorlekua gailurrean, kale eta etxeak beherantz: mendixka dena da hiria. Baxuak dira harresiak, baina luzeak, hiri erdia inguratzen dute gutxienez. Adreiluzkoa da herri osoa: gotorlekua, eliza, kaleak, etxeak, palazioak… adreiluzkoak dira eraikuntza denak. Mendi tontor osoa da gaztelu, gaur herriaren parkea den basoak inguratua, harresiz inguratuabasoa ere. Malatesta zen inguruko jauna, bereak ziren herria eta palazioa ere.
Roca malatestiana: hori da Malatestaren gazteluaren izena: Gradaran ikusi genuenaren antzerakoa, jabe berarenak izaki biak, arkitektoa ere berdina nonbait.
Biblioteca Malatestiana: 5. gizaldikoa, ezorduz heldu gatzaizkio, itxita ditu ateak bisitarientzat. Estudiante aldra liburutegi aurrean, %50 beherapena lemapeko liburu-txiringituen inguruan. Ikusi dugu antzerako bazka gehiago ere.
Galeria comunal del arte: bedeinkazioa ematen ari den Aita Saindu baten brontzezko estatua erraldoiak betetzen du eraikuntza handiaren balkoitzar osoa; ez dakit nori botako zion bedeinkapen hain solemnea aurrean duen etxerainoko perspektibak ez baitu 10 metro baino gehiago.
Plaza: harrizko zola ohizko zabala, erdian marmol zurizko iturri bitxia, Fontana Mazzini, mila tutu eta iturritxoz borobildua.
S.Domenikoren eliza: erraldoia, itxita dago, beste eliza bat ere itxita zegoen: ezohizkoa Italian orain arte ikusitakoarekin alderatuz.
Duomo: obretan dago: Europa Elkartea sortu ondoren dena berrikuntza eta konponketa da Europa osoan nonbait: diru asko dago obretarako; besterik ez dakite, pobreak engainatzeko bidea, Euskadin bezala. Fatxada austeroa du Duomok; ateburu pixka bat gorantz kurbatuak gotiko joera ematen dio, baina ate erromanikoa da; apalak ditu alboak, baina harri landuek ematen diote zutabe tailatuaren itxura.
Kalea: harri borobilez zorua, arkupe luzea alboetan, gerizpean haizetxoa, egoteko ikusteko zein ibiltzeko erabat atsegina, guretzako solik utzi digutela dirudi, bakarrak baikinen bertan.
Atentzioa deitzen du Hunbrey Bogarten zuri-beltzezko argazki handi batek: aldatzear dagoen gizarteari zuzendutako manifestuaren posterra dago salgai bere ondoan.
Kultur ekintza asko dago iragarrita hirian zehar.
Zuhaitz handiak kale askotan, gehienak akaziak: hemen ez dute protestatzen kaleko biztanleek traba egiten dietelako, edo ez diete kasurik egiten: beste kultura bat agian: Euskadin aspaldi bota zituzten kaleko ederrenak edozein kexaren aitzakiaz.
Taberna haina jelatu-denda ikusten da, tabernek ere jelatua dute, jatetxe denek pizza duten bezala.
Ezin dugu jakin zer edaten den garagardoaz aparte.
“Via” kalea da, “vicolo” kalexka. Ezin dugu argitu zehazki zer esan nahi duen “Prego” hitzak: harremanen bai hasieran bai bukaeran erabiltzen baitute.
Dakien lau frantses hitzez maisuki moldatu da andre bat norabidea azaltzeko.
Etenik ez du zirkulazioak, ez da stop ez beste ikurrik aintzakotzat hartzen, tartetxoa dagoenean aurrera, bestela geldi behar duzu.
Mailuki, marrubi, sail itzelak: giza talde handiak, gazteak gehienak, dabiltza eskuz biltzen. Aldi baterako langileak seguruenik.
Euria berriz ere!, trumoia dirudi, hala balitz ateria letorke ondoren.
Forli.
Patxadan bizi izateko hiria dirudi; herri itxura du bere lehengo betiko zatian: kale luze zabal bat nagusitzen da, nora datozen beste kale denak perpendikularki; zabaltzen joan da ondoren, etxe txikiz batez ere. Sabai pintatuzko arkupe luzea du tarteka plaza inguruan kale nagusiak. Dendateria ona. Estali gabeko belodromoa sarreran.
Plaza: luze zabal handia, pasealeku atsegina guardasolpean jugur jelatua janez; plaza baten osagai guztiak ditu: Duomo, Municipio, PT, eraikuntza zahar dotoreak, antzinako jitea duen eta ibili dabilen zaldiko-maldikoa plaza dotore honetarako aproposa, erdian marmol zurizko norbaiten estatua garaia usoei eusten: harritzekoa da burua eta sorbaldak garbi dituela, kafe asko nora begiratu zabalarekin…; txindurriak dirudite bizikleta bakarrak plaza zeharkatzean, figura nanoen efektu berezia sortzen dute.
Municipio: dorrea du, hondakinen gainean oso garai jasoa, solemnea da, marmolezko harmailako mailadi zabala nabarmentzen zaio.
Ospitalea: zaharra, dotorea ere.
Unibertsitatea: patio ederra du.
Duomo: jelatu kukurutxo koniko erraldoi bat jarri diotela dirudi goienean dorre garai karratuari; hiru nabe ditu elizak; barru dena da adreiluzkoa, pintura nahiko zaharrak daude ormetan, eta zurezkoa du sabaia eliza gehienek bezala, arkitekto berak berritu ditu nonbait inguruko eliza guztiko sabaiak; oso deigarriak dira aurre parteko arkuak: bi estai egiten ditu, arku ilara bikoitzez; kanonikoen aulkiteria ilun gelditzen da atzean: ze nolako loak bota ditzaketen kanokigoek eliztarrik konturatu ere egin gabe zorronka egiten ez badute behintzat; kaperatxo polita, bobeda pintatua, harrizko gurutze zahar bat erliebe grabatuak ia gastatuak dituenak… bada zeri begiratu; mutil gazte bat Amabirjinari aitaren eta erreberentziaka dago jotafuego; hor da ere mila zulodun Gisantoko zezen bat.
Azken eguna da beti, norabideak ikasita, galdu gabe geurenez ibiltzeko gai garenekoa, alde egin behar dugun eguna.
Maiatzaren 27a. Larunbata. 17.a
Behelainoan bildurik utzi dugu Ravena, Boloniara asmoz.
Inguruan dugu Imola, motorren oihartzuna oroimenaren belarrietan. Lautada: gari-sailak, frutarbolak, mahastiak, lur landuak...; paisaia berdeak jarraitzen du, orain artekoaren antzerakoa. Autoestradako atsedentoki huskeriatxoak baina ugariak ikusita, galdetzen dugu bizitza kalitateak, ohiturak, kulturak ala Espainiara, Portugalera, Afrikara pasabide izateak, kamioilariek, aberrira oporretara doazen emigranteek edo turistek eragin ote dituen Frantziako atsedentoki bikain eta zainduak; hemengo autoestrada hau Italia barneko lurraldeetara mugatzen da, bertatik bertarakoa baitabil gehienbat. Hiru karril ditu Boloniarako autoestradak: asmatu nahi dugu asteburu eguzkitsuetan ordubetera gelditzen zaien hondartzara abiatzen dela herria eguzki bila.
Bolonia.
Hiri handi guztiak bezala, zabalduz, etxe munstro erraldoiz osatua dakusagu bai lehenengoz urrutira bai hurreratuz inguratzean ikusi dugunean. Ezagutzen ez den hiri guztiek bezala sarrera nahastua du lehenengoz autoz datorrenarentzat, baina jo dugu erdigunera, lortu dugu autoa uztea ere, nahiz urduri eta artega ibili garen. Nekea eta urduritasuna: hiri bakoitzak duen ordaindu beharreko zerga. Lapurren kezkati ginen autoa gainezka beteta dugulako, baina parkingak zainduak daude: herri zibilizatua da Italia.
Autoz eta oinezkoz gainezka, gortzeko zarataz, hiri nekagarria da Bolonia: ez da ordu luzeetarako hiria. Agian dendak ixterakoan baretuko da zalaparta. Dena arkupe, dena denda (betiko eta denetikako dendateria), zinetokiak, etxe handiak, jauntxo etxeak...
Independentzia kalea: luuuzzzzeeeeaaaa: hiriarena, gutxienez alde zaharraren bizkarrezurra dirudi. Belztuta, iluna, nahiko zaharkitua eta zatartuta ageri da dena, Bilbo gogoratuz. Merkadilo eguna denez, jendez oparo dago: hiria bezala, erraldoia da merkadiloa ere. Alboko kaleetan ez dago ez oinezkoen ez auto mugimendurik.
S. Pietro katedralea: Zerbait ospatzen da bertan eta sartu egin gara; eliza jendez, aldarez, apaizez, lepo dago; izugarri handia, dena du handi bertan; lau palko oso dotore alboetan, erdiko nabe luze-zabala erdian; sabai garaia; ez dakigu ze santu edo amabirjinari piztutako kandela pila; atzokoaren antzerakoak baino handiagoak diren Gisantoko zezenak; jendetza kandela erosi eta santuari ipiniz; gizakia halako zortzi zurezko tailaz osaturiko La Pietat, ohi duen bezala burua jartzeko amabirjinaren altzorik gabe lurrean etzanda dagoen Jesukristo; diru eskabide, kandela eskaintza…; baina batez ere ahopeko zarata-buila burrunbatsua da izugarria, erlauntzi digantea irudi, merkatarien kabia, merkatua, dirudi. Fraide karmeldar bat eta ordena bereko moja aurrez aurre sarrerako ateko albo bietan, bata estanpan agertzen den fraide mirarigilea santu egiteko diru eske, santu izango denaren liburuak saltzen bestea: dirua eman egiten die jendeak baita liburuak erosi ere.
Piaza Maggiore: erdian dagoen palazioak espazioa jaten badio ere, handia da izan eta handia dirudi. Plaza bueltan: Comuna: bakoitzaren izena bere argazkiarekin gerran hildakoen tableroa arkupean; Cesenan bezala baina hura balkoipean gordeta, hau berriz, hozberoan aterperik gabe, hark ez zuen plaza duela aurrean, Aita Saindu handia balkoi handi batean bedeinkazioa botaz inork begiratu ere egiten ez dion jendeari; Neptunok ez du pixarik egiten Fontanan bere zakil ederretik, baina sirenek bai botatzen dute ura titietatik; burdina landuzkoak diren ate eta farolak; gerrateren bateko bonbak zitezkeen harri-bola handiak artistikoki pilatuta; kanpoko zurezko ate itzelak txapaz estaliak; ezkontza bat ere aurkitu dugu.
S.Petronioren basilika: jendetza aurreko harmaila zurietan patxadan eserita; fatxadaren beheko erdia dotore eta fin tailatutako marmol zuri eta arrosa koloreko zutabe ateburu santu-taila itzelez dotoretua; marmolik gabe adreilu ageriko punta-luzez biluzik goiko erdia; handia bazen katedrala, handiagoa da S. Petronio: dena da erraldoia eliza honetan, baina dena dago proportzioan, dena parekatuta, bata bestearen tamainara taxuz lotuta, denak dirudi normala, ikusleak gelditzen gara nano; gotikoa da baina ez ohizko gotikoa, ez tradiziozkoa; xelebrea da zurezko pulpitua: handia, Bilboko ibai ertzeko burdinazko garabiak diruditen hankak ditu azpian eta dosela gainean; ez du bankurik, -katedralak ere ez zuen-, baina bai aulki piloak kurios pilatuta; adreiluzko zutabeak; kapila pilo bat; aldare gainean aldarea moldatzen ari den moja batek berak dirudi aldareko santua; aldare nagusi handia tenplete erraldoi baten azpian; asko dira nonbait kanonikoak ere, koruko eserleku haina badaude behintzat: eserlekuen bizkarrerako oholetan zurezko inkrustazioz eginiko marrazki eta irudi dotoreak; kapiletako pintura zaharrak ez dira edozeinek eginak; bi metrotik gora izango duen atzo Forlin ikusitakoaren antzeko harrizko guretzea, zutabe gainean eta erlieberik galdu gabe hau; beirategi oso ederra. Fraide batek Venerabile Bartoloren propaganda egiten du: Bartolomeori “meo” borratu zaiola zirudien. Lurrean sarrerako ate ondotik ezkerrerantz, eliza trabeska zeharkatuz, ia 50 metroko luzeran, erdian metal horia duen marmolezko marra zabal batek bertatik pasatzen den 0 Meridianoa markatzen du, bertatik gora eta behera hasten da neurketa, zodiako ikurrak marmol zurian mosaiko giza jarriak daude marraren alboetan. Inserso bat: denen artean basilikak haina urte.
Kaledia: dotorea: inguru osoa da dotorea, bai dendak bai salmenta gaiak, dena da erakargarria. Zerbait erosi nahi eta oparietarako kopinak erosi dizkiogu kaleko saltzaile bati: politak ziren, baina gero Italia osoan ikusiko ditugu antzerakoak. Bi dorre elkarren ondoan, adreiluzkoak biak, okertua dago bata, izugarrizko altuera du besteak, bista ere galdu egiten delarik gorantz begiratuz. Elizak, dorreak, palazio izugarriak, ate izugarri dotore eta handiak, patio zabalak, arkupe ederrak…
S. Estefanoren plaza: hiru angeluko ikusgarria: eliza ondoan orduagatik itxia dagoen bataiategia, arkupeak, dena denda den palazio baten azpia, palazio delakoak kanpoaldetik dituen buru piloa ilaran batetik bestera frisoa bailira...
Kolore gorria dute kale estuetako etxe askok, pimentoi kolorea. Janari dendak izugarrizko aukerekin: erosi eraman eta jan, nahi haina aukera tentagarri. Dirua eskatzen du moja batek kale ertz batetan bere beneragarriarentzat. Garibaldi ez dute saltzeko: kale izenak edozein herritan, hemen zaldi gainean dago Independentzia kale nagusian. Tuberkulosiaren prebentziorako firma bila dabil talde bat kalean. Hemen ikusi dugu adreiluzko harresien iruzurra ere: kanpotik dotore egiten duen itxura besterik ez da adreilua, harresia bera harri borobilak, uharri borobilak, morteiruz gorpuztutako ormatzarra besterik ez da. Ez dut hiriko zirkulatzea ulertzen: debekatzen duten ikurrei kasurik egin gabe aurrera doaz autoak, eta norabide bakarra iragartzen den kalean norabide bietara dabiltza autook. Onik atera gara, eta kittto.
Brake eta Dureroren artelanen bi liburu erosi ditut kaleko %50eko liburuen beherapenetan. M. Luisak ere jertsea eta painelua oparitu zizkion bere buruari duela gutxi. Pisako inserso japoniarra bera uste dudana: azkenerako denok ezagutuko gara Italiako edozein bazterretan.
Izugarrizko ezustea izan da Bolonia. Mila ezuste, mila detaile, mila gauza polit edozein bazterretan; baditu eskaleak ere, nahiz ez asko. Betidaniko hiri ahaltsua, ikusten den mugimenduak erakusten duenez, eta izan zen orduko eraikuntza erraldoi dotoreetan ageri denez. Indarra ikusten da kale zabaletan. Baina ez da patxadako hiria, ez da lasai egoteko iria.
Berdina jarraitzen du lurraldeak Boloniatik aurrera, hegazti lepo-luzeak dabiltzan padura da ingurua.
Po ibaiaren lautada, konturatu ere gabe zeharkatu dugu ibaia, ikusi ere ez dugu egin autoestradatik. Ia Mediterraneotik dator autobia, Italiaren bestaldetik.
Mendira hurreratzen ari gara, gertu ditugu berriz ere Apeninoak.
Nekazaria da Riminitik gorakoa: ezin daiteke konparatu hemengo nekazarien lur landuak Gaztela aldekoekin, Espainiakoak jostailuzkoak bezala gogoratzen ditugu hauekin konparatuz, haiek ezin dezakete hauekin lehiatu, hemen makro zenbakiak dabiltza nekazaritzan, hemengo nekazaritza, -lurrak Po ibaiak ureztatuak-, industria digantea dela esan daiteke. Ez da arto-sailik ikusten.
Ferrara. Herri lasaia, arkupe luzeko kale nagusi bat du ardatz; alboetatik antzinako adreiluzko kalexka politak lotzen zaizkio, ategain borobilezko pasabide ugarirekin.
Plaza: ederra bere buelta osoan, eraikuntza ederrak ditu.
Duomo: berandu dotoretutakoa, marmol zurizko arku ezberdinez osaturiko lauzpabost pisuko fatxada izugarria du; sarreran bi lehoi zutabe handia eutsiz; hilotzak; fatxadaren estilo bereko marmolezko dorre ikusgarria, lehengo adreiluzko dorrearen hondakinen gainean jasota; barrutik: handia, zabala eta luzea, oparoago ezin betea: mila osagai eta betegai, denak handiak; handiak dira koadroak ere; estilo guztietako aldareak, kontaezinak, eta handiak; brontzezko irudiak; brontzezko kristoa; harrizko mila santu; Bataiategia: ortogonala, atentzio deitzen duten lanpara piloa, ur bedeinkatu ontzi polita, argimutil handiak: brontzezkoak ordez denak marmolean, kolore askotako marmolez eginak...
Etxetxoak: elizaren kontra, txikiagoak baina Donostiako portukoen tankera dutenak.
Bi arku, elizaren aurrean, kalearen bestaldean eta etxaurre batean: arkuetako baten gainean zaldizkoa eta emakumea bestearkuaren gainean eserita.
Gaztelua: Felliniri buruzko erakusketa gordetzen du; handia, ondo zaindua eta gordea; ateak zabaltzeko antzinako sistema du aipagarria sarreran, batez ere; urez inguratuta, non krokodilorik ez den, baina bai karpa handi bat gutxienez.
Elizatxoa: elizaren alboan, dorre polita du erakargarriena, ezer interesgarririk ez baitu barnean.
Savonarola: Ferrarako semea zen, 1482an jaioa, “naso in Firentze”, tiranoen “flagelatore”, erre egin zuten 46 urte zituela, egia esatearren: gaur egun bizi izan balitz, fusilatu egingo lukete dirutzen buruek, agian garrotea emango, baina antzinakoa denez estatua jarri diote.
Il Palio de Ferrara: Maiatzaren azken igandean, hiria turistez gainezka, egiten den ez dakit ze animalien lasterketa ospetsua.
Parkea: zabal ederra hiritik kanpo. Gerran hildakoek hemen ere bere argazkia dute Bolonian bezala.
“Barcelona 92” kamiseta darama adineko batek: propagandak behintzat darrai.
Eguzkiak berriro bete-betean jotzen duen bazkalondoan, inguruko herrietako jendea dabil gaur hirian, jaiko jantzita, turistekin nahasian, larunbat arratsalde pasa, jelatua jan, zerbait edan, gaztelua ikusi eta herrian paseatuz.
Bidaiak
EMILIA ROMANA
Ez dago 10 metro artez izango duen tarterik. Lurralde hotza dirudi, agure batek errusiarren antzerako txano edo burukoa darama. Aldaz behera zaigu orain lehen aldaz gora izan dena, dena bihurgune. Eguzkira lehortzen jarria ikusten dugu belar ebakia, gure baserritarrak gogoraraziz.
Casanova: hemen ezohizkoak diren hiru etxe zabal, behe solairukoak, gure baserrien antza dutenak.
Roca de S. Casiano: Altzolako parrokoa gogarazten dit, Don Kasiano.
Txikitako ipuinetan amestuak, gaztaroko historia-geografian ikasiak, Apenino mendikatearen magalean pasa dugu eguna, Mediterraneotik Adriatikoraino, erdi-erditik zeharkatuz Italia.
Adriatikoa dugu orain gure itsasoa, Emilia Romana probintzian.
Kanpina. Bide luzearen eraginez nekatuta eta berandu heldu gara. Kanpin gehienak itxita daude, itsasertzeko Torre Pedrera herrian lortu dugu askenez denda jartzea, kokagunea eta argindarra zela eta bertako arduradun emakumearekin nahiko eztabaida eta istilu ondoren.
Maiatzaren 23a. Asteartea. 13.a
Rimini, erromatarren herria, pare bat ordu baketsuz ibili gara, kale eta etxe politez gozatuz: ura bai baina ibairik utzi ez dioten Tiberioren zubia: zuri ederra, argazkia atera nahi zuen inserso alemaniar batek, “The criminart sistem” alboko pintada erraldoiari erreparatu gabe, agian erreparatu duelako. Eliza: Malapartak berritu zuen, berarekiko herriaren iritzi txarra zuritzeko ahaleginean; arku pilaz itxura eraldatuz; bere eta familiaren hilotz piloa daude bertan. Piazza Lauchi: autobusek bizikletek autoek motorrek eta oinezkoek, denek nahasian, erritmo lasaian konpartitzen duten plaza patxadatsua, txukun zaindutako inguruan; Arku erromanikoa: handia; plazak; itsasertz-hondartza: hondar fineko luzea... Herri zahar atsegina, 20 solairuko etxe bakarren bat bada ere.
Kanpotar taxu bereziko gazteak kontrolatzen dituzte hemen ere poliziak, kale gorrian bertan, denen aurrean.
Motora eta belaontzi asko dago, ibaia ertzera lotuta; nahiko handiak dira arrantzontziak Ondarroako arrastuntziak adinakoak ez badira ere.
Espainiar taldearekin gurutzatu gara, inolako herrikidetasunik sentitu gabe.
Kultur ekintza ugari daude orma-karteletan iragarrita.
Kilometro askoko zabalera itzeletara heldu gara: mendiak urrutian, ur-putzu zabal ondo zainduak, Albufera dirudien arroz-sailak, tobogan erraldoia inguru zabalean ondo iragarria, Italia en miniatura erakusketa kilometro asko lehenago ondo iragarria hau ere, itsas kontra udaleku diruditen herri pila... erraz egin dugu berez ere luzea ez den ibilbidea.
Ravena: lehen bisita izan da gaurkoa, itzuliko gatzaio. Gora behera zeharka kaleetan ibiliz, begiei gozamena eskainiz, adreilu gorrizko eraikuntza itxuraz apalak baina barrutik mosaiko eder liluragarriz miragarri diren etxarteetan, berez dotoreak diren eta komertzio dotoreak dotoreagotzen duten kaleetan. Gozamena da paseatzea ilunabarrean, kale atsegin hauetan, giro goxo apartean, dendak ixtean, hiria hiltzen doanean kaleak biontzako bakarrik gelditzen direnean.
Adrianoren bataiategia: mosaikoak dira ikuskizun eta gozamen; mosaiko ikusgarrian Jesukristoren zakila dager oihal garden baten atzean transparentzian, baina ikusteko bezala; garai bateko artistek koplarik gabe naturaltasunez egiten zutela lan erakutsiz.
S.Frantzizko eliza: hilobi eta hilotz asko, hemengo eliza gehienetan errepikatzen denez elizaren eraiketa ordaindu zutenek bertan hilobiratzeko azken txoko bezala nahi izan zituztela adieraziz.
Danteren hilobia: bere bustoaz gain “Divina Comedia”ren kontakizun osoa dago irudietan jarrita.
Ravenara datorrenak mosaikoak ikusiz aparte, jogurta jan gabe ezin dezake alde egin, jourgintza baita hemengo gaur egungo artelan bat.
Gizonezko nahi emakumezko aitorlea eta apaiza aurrez aurre tartekorik gabeko aitorlekuetan ikusi ditugu, biek dute ordea bestaldeko silueta erakusten duen beira esmerilatuzko atetxoa, bada ez bada ere. Deneko loreak dira tipo bereziak: bi neskato, sonbreiru gorri xelebre batekin arlekina zirudien batek, xelebre eta kolorez txirikordatua zuen hilea besteak: a ze parea.
Hiriko sarrerako harrizko aterpean ganberro edo zoro antzerako bat ikusi dugu, egon aspertuan: ondoren zaratak entzun ditugu, poliziak auto eta motoz etori dira, jendea salatari lanetan aritu da norbaiten berri ematen, polizien oin-hots zalapartatsuak enzun dira, berriz ere salatariak... baina gazteak ihes egitea lortu du, eta bestaldean, hogei metrotara, oraindik zalapartak zirautenean, agertu da gure gaztea, kolokatuta edo eroa, lehen bezain kaskarin eta umoretsu. Ordena maite duen jende karka salataria dago hemen ere.
Zoragarria zegoen Ravenako portua eguzki disko gorri erraldoia arrantzontzien ostean sartzean; itsasontzien alboan ilundu zaigu eguna, txakolin antzerako bertako ardo zuriz lagunduta, egunotan ez bezala, arraina janez. Gaueko lehen argi lausora munstroa bailitzan pasa da une luze batez gure albotik baino gehiago gainetik itsasontzi erraldoia itsasorantz, tarteka jendez eta autoz lepo ur-ertz batetik bestera txalupak zenbiltzan ibai zabalean.
Kanpina. Marina de Ravena herrian, basa-zuhaitzez itsasertz berdea den Riva Verde kanpinean kokatu dugu pausaleku berria¸ argirik gabe zokoratu baikaituzte, txakur artean, aurreko kanpinean. Jendez ia hutsik, baina dendaz ia aseta dago kanpin hau ere; asteburu eta oporretarako finko jarritako denda handiek betetzen dute gehienbat.
Maiatzaren 24a. Asteazkena. 14.a
Hainbat amets eta ordu ederretarako txaletak isil eta bakar daude, asteburuan esnatuko zain.
Kilometrotan luzatuz, hare fineko zabalak dira Adriatikoko hondartzak, txosnaz ez ezik bestelako osagaiz ere jendetzak hartzeko prestatuak; hondartza gaineko itsasertz berde zabala babesle, noizbehinka urbanizatutako ertz ugari bada ere solairu askotako eraikuntza bakarren baten itzalean. Ravena jendetsua bertan gertu izanik inurritegi erraldoia izan behar du honek uda eguzkitsuan.
Egin dut hanka-sartzea gaur ere, garbigailuarekin oraingoan, nirekiko haserrea piztuz: dena alde dudan arren, ez naiz zoriontsua izateko jaioa nonbait.
Ravena
Mosaikoak dira Ravenako altxorra: Gala Placidiaren Mausoleoa, S. Vitalen eliza, Neotarren Ponteliza, S.Apolinar Berria, Artzepizkoaren Museoa, S. Joavaniren eliza... mosaikoez blai ibili gara “nahiko” esan dugun arte, ez baitu bukaerarik hemengo mosaiko altxorrak. Handiak, zabalak, sabaian, zoruan, ormetan… dena estaliz. Kolore askotakoak, biziak, argiak, distiratsuak. Gai guztiak ukitzen dira irudietan. Harrigarriak, hain harri txikiz osatuak izanik, pinturak dirudite askotan. Espresio handiko irudiak, begiak betiko handi borobil finkoak badira ere. Izugarriak, harrigarriak, ikusgarriak. Liluratuta utzi gaituzte. Bada artistarik munduan.
Dorreak: erromaniko eta gotiko tartekoak, leiho bikoitz eta hirukoitzekoak, garaiak, punta zorrotzekoak eta punta motzekoak; badira karratu bakan batzuk ere. Bada txikitxo bat ere, bada Pisakoarekin lehian okertuta dagoen bat ere. Dorre xarmantak.
Hilotzak: harrizko hilobiak alegia. Pila. Elizon eraikuntza ordaindu zutenek bertan hobiratuak izatea nahi izan zuten, agian bertan hobiratzeko eraiki zituzten. Modu asko dago hil ondoren bizien gomutan irauteko. Gala Placidia eta familiakoena mosaiko zoragarriz inguratuta egoteaz gain erraldoiak dira. Danterena ere han dago ertz apal batetan. Teodorikok eraikitakoa harrizko benetan erraldoia izan behar du, diotenez, gu, lepo geundenez, ez gara joan bisitatzera.
Bitxikeriak: Artzapezpikuaren besaulkia, marfil filigrana grabatutakoz egina, harrigarria da.
Eraikinak: Xumeak dira kanpotik begiratuta, harrokeriarik gabekoak, masa asko tartean jarriz bata bestearen gainean jarritako adreilu basto ilunekoak, batzuetan oso bastoak(Apolinar berria).
Jauregiak: adreiluzkoak, kanpotik austeroak hauek ere, ederrak ere, edonon, putzua duen bere barruko patio-lorategiarekin.
Duomo, katedrala: pulpitua, 3 metro gora eta 2 zabal, marmol zurian zizelatutako animaliez dotoretua, ikusgarria haina izugarria da; kapila txiki potxoloak; jarlekuak, eskoletako ikasmahaien antzekoak, bereziak eta politak dira.
Kanpanilak: ezkila dorretxoak, politak, begien atsegin urrutira.
Obretan daude eliza gehienak, bere antzinakora ekartzeko konponketa lanetan.
Mila txoko, mila kale ederretan ibiliz, finkatu egin zaigu gaur atzoko inpresio bera. Maria Luisak mosaiko irudizko bizkar-zapia erosi du Ravenako giroak eraginda.
Norabide bakarrez, labirinto nekagarria bihurtzen da hiria gidariarentzat; kaleetan dena da bizikleta, karburo argitik dinamora aldatu ziren garaietako txirrinduak ikusi ahal dira,, gazte eta zahar bizikletaz mugitzen da, nahiko lan dute txirrinduzaleok plano edo liburuxka eskuetan gabiltzan turistok txiri eginez harrapatu gabe ibiltzen. “Vietato apogiare bizicleti” jartzen dute leiho azpi batzuetan, baina han daude bizikletak orma kontra.
Zaila egiten zait hondartza aurreko itsasoa ekialdea dela barneratzea. Hotza dago itsasoa, oso gutxi ginen kilometrotako hondartzan; gaur egin dugu aurtengo lehenengo hezur-beroketa.
“Fronte autonomista” pintada erraldoia. Bada Garibaldik lotu zuena askatu nahi duenik hemen ere.
Maiatzaren 25a. Osteguna. 15.a
Haserako egunetan hoztu egin ginen, ondoren euri jasetan beratu, azkenez eguzki berotan erre; bi aste dira irten ginela etxetik.
Itsaso barrura sartzen den nasa luzearen albotik doan agian datorren itsasontzi erraldoiren baten tutua entzun dugu, goiz oraindik, txori-kantuen eta hor alboan doan errepideko noizbehinkako auto soinuak gaindituz, ametsak sorraraziz.
Lakutxo edo putzu asko dago Ravena inguruko lur lauetan, ubide ugari batetik bestera, ur asko dago nonbait. Bada arrantzan dabilenik ere, ez dakigu zer harrapatu asmoz hain putzu txikian. Beste lakutxo batetan badira arraunean egiten dutenak ere.
Itsasertzeko herriren batek ere badu bere Untzagako dorrea.
Gandua dagoenez ez da mendirik ikusten urrutira, lautada izugarri zabala da izan hau, urruti baitaude Apeninoak. Gari-sailak. Bestela, dena dago berde: dena da belar, eguzkira lehortzen ebakitakoa, baina ez da ageri plastikoan bildutako Nafarroako fardorik ezta bestelakorik ere. Ez dago agirian behintzat ganadurik, ezta ezagutzen dugun granja itxurakorik ere. Agian etxean dituzte abereak lehen gure baserrietan bezala. Fruta-arbolak, pikondoak, gereziondoak, pinutxo batzuk... dena dago berde.
S.Marinora zuzendu gara errepide nagusia utzita. “C`era una volta” jatetxea, gure lehen kanpinekoaren izen berekoa, kateren baten izena nonbait. Gora-behera bigunak ditu lurrak, muino atseginak. Errepide ertzean dena denda, pizzeria, biltegi .. S. Marinora doan jendearen tentaziorako seguruenik.
SAN MARINO
Aurrean dager, harkaitz lepo zorrotz garaian, dorre, gaztelu edo eliza diren lau eraikuntza dituela gailen; nabarmen, ikusgai eta ikuskizun; etxeteria da haitzon azpialdea. “Benvenuti nell`antiqua terra di la liberta” – “Ongietorriak askatasunaren lur zaharrera” dio mugan bertan pankartak. Apaiza sotanatzarrarekin eta polizia jaka urdin, praka ilun, fatxa jiteko kapelarekin, izan dira ikusi ditugun ia lehenengo pertsonak: askatasun handirik egon daitekeenik ere hauekin!. Auto matrikula: armarria, honi jarraiki hizki eta zenbaki urdinak. Behetik gora pikean goaz etxe apalen artean Riminitik hala datorren lau karrileko errepidean. Ugariak dira motokarroak S. Marinon ere. Goitikbegiratuta Ipar Euskadiko tankera hartzen du behe alde denak, lurralde ondulatu berdea, zuhaitzak tarteka, etxea baxuak... Bertatik bertara herri eta auzoak: 62 kilometro karratu besterik ez omen du, oso populatua dago lurraldea. Urrutitik ikusi dugun eta gaur merkadiloa duen haizpekoa da bertakoen herria, ez turistaz gainezka aurkituko dugun haitz gaineko hiri zaharra.
San Marino. Urrutitik ikusi ditugun harkaitzen ostean dago hiri zaharra. Gandua dagoenez, ezin dugu Apeninoetaraino batetik, itsasoraino bestetik ikusgarria irudikatzen dugun ikuspegiaz gozatu; dakusaguna dena da berde, dena bigun; lurralde ederra da. S.Marino harresi barruan dagoen gotorlekua da, hiri zaharra, horrelako gotorlekuen baliabideekin: kale estuak, gaztelua, harrizko eraikuntza sendoak, plazatxoak, eskailerak, sarrerako ateak... ondoren mendi magalean behera etxeak eta auzoak jarraian. Gaur egun S. Marino osoa lourdes da: denda, dendatxo, jatetxe eta taberna, turista arruntentzako mailakoak. Taxuzko denda dotoreren bat ere badago. Moskito asko dago. Turistaz gainezka, suertez amabirjina agertu zaigu eta lekua izan dugu autoarentzat, gerizpean gainera.
Museok: pila: antzinako armena, gaur egungo armena, segena, sortaldekoa, argizarizko irudiena, tortura-gailuena, S.Frantziskorena, Arte Modernoarena. S. Marino aurretxoko mendi baten magalean hegazkin erakusketa: gerrarako ehiza-hegazkinen eta hegazkin txikiena; zirrara sortzen du.
Gobernuaren palazioa: ez dakigu ze sistema politiko duten edo nola funtzionatzen duten.
S.Frantzizkoren eliza: ez du ezer askorik balio, baina bertakoa ez den erretaula oso polita dago aldare nagusiaren ostean; bi santu-santen erdian artean Jesukristo bat duen sagrarioa: miniaturak eta irudiak; koadro zaharra, interesgarria, izugarri polita; kalbarioak ere taxu erakargarrian pintatuak dira, interesgarriak; badira ere beste koadro handi batzuk oso bastoak diruditenak.
Basilika: efektu polita egiten du, dena argi pintatuta.
Erdi Aroko eliza zahar erromanikoa falta zaio bakarrik S.Marinori. Bazen, baina bere gainean eraiki zuten gaurkoa; nortasunik gabeko dorrea geratzen zaio bakarrik lehengotik.
Gehiegizkoa ez delarik ere, izugarrizko turista pilak betetzen ditu kaleak, gora eta behera, korrika eta lasai, herri eta itxura guztietakoak. Alkohola saltzen da batez ere, litroko garrafoietan gehien bat. Polizi saturatzea hemen ere, S.Marionok ere armetan eta errepresioan du segurtasunaren itxaropena nonbait; gehiegizkoa, poliziaz menderatuta dago gizarte osoa: lehen ikusi dugun kasaka urdin eta praka ilundunak, urdinez jantzitako polizia civile edo udaltzainak, txamarra berdea praka gorriak daramatenak, denak Musoliniren faxista kapelekin. Ez dakigun arren zer egiten duen hor, baina egin zuten astakeriaren baten ordainez izanen delakoan ziur, iparramerikarrek erregalatutako iturria ageri da, tutu piloa alboetan eta bola handia erdian, bere letrero eta guzti.
Insersoko gizonezko batek pamela gorria darama buruan, harro eraman ere.
Riminitik aurrera, herriak eta herriak, semaforoak eta semaforoak, kanpinak eta kanpinak. Banestoko kamiseta darama bizikletero batek.
Bidaiak
Maiatzaren 21a. Igandea. 11.a
Denean bezala, antolakuntzak, txabolak, daude kanpin honetan ere: asteburu eta oporretarako pobreen txaletak. Animatu egin da giroa asteburuan, jende asko etorri da, asko dira gaztetxoak ere.
Gure txikitako Euskal Herrian erabiltzen ziren paperezko poltsak darabilte oraindik Italian janari erosketak gordetzeko, plastikozkoen kutsadura ekiditeko seguruenik, nahiz ondoren paperezko poltsok plastikozko batetan sartuko dituzten erosoago eramateko.
IPAR TOSCANA
XVII. gizaldiko jauntxoen egontoki izan zen Toscanako Iparraldea, jauretxe asko jaso zituzten, Italiako nobleen bizileku bilakatuz. Napoleonen arrebak ere hemen jarri zuen bere gortea. Mendi berde leun aldapara handi gabekook ikusiz ez da harritzekoa lurralde hau aukeratu izana, mendi-magal etzan atsegin hauetan aberatsek bere udalekuak kokatzea, tontoak ez baitira eta gainera ahal dute. Jauretxe horietako bat bakarra soilik bisitatu dugu guk, aspergarriak baitira gehiegizkoan gauza ederrenak ere.
Itsasorainoko kilometroetako lautada zabala du alboan mendi barrenean doan autoestradak. Naturak fabrikatuta dago hemen marmola, baina gizonak marmolarekin gauzak fabrikatzen dituenez, marmol fabrikak dira edonon ikus daitezkeenak: urrutiko mendi zurietako marmol-lantegi zuriak hedatzen dira lautadan bertan ere. Lur landuak ere agertu zaizkigu aspaldiko partez, soro landuak. Urrutietara, altuera baxuko mendi-bizkar berdeen ostean, garaiak diruditen mendi lepoak, Apeninoak agian.
Massanosa: olibondoek berdetzen dute mendia, lautada bera ere inguru honetan, Euskal Herria pinoek bezala. Olibondo berriak daude landatuta, hala ematen du, beraz, hemen olioak ematen du etekina. Bazen urtegia Massanosasen, olibondoak ureztatzeko izan zitezkeela pentsatu bagenuen ere, agian arroz-sailak direla uste ditugun lautadako itsasora bitarteko berdeguneok ureztatzeko dira, laku itxurako ur-putzu zabalek hartzen baitute lautada. Mahastiak hemen ere: bertakoa omen Collodin eta beste herrietan salgai ikusiko dugun munduko ardorik onena. Munduko olio onena, munduko ardorik onena...
Tunel eta zubi-bide denei izena jartzen ere nahiko lan izan dute hemen, bakoitzak bere izena baitauka, agian letrerogileren bati negozioa errazteko bidea izan da, Euskal Herriko esperientziak dioen bezala. Patxaran eta geldi joanaz, izugarrizko behatoki bihurtzen dira zubi-bideok itsaso aldera.
Gorabehera etzaneko lurraldea, halatsu doa errepidea ere, gora eta behera leunean arboladi batean baikindoaz, mendi luzeak urrutira, Euskal Herrian ez bezalatsu, non zuloko errepideetan alboko mendi-ormek ez baitute besterik ikusten uzten.
Pescia. Ia etxe berririk gabe, lehengo etxeez osatua, ez da herri ikusgarri bitxia, baina bai Toscanako patxadako herri jatorra; egun-pasa kostaldera alde eginda-edo jendea, gaur hutsik dago; loren herria omen, baina guk ez dugu hainbesterainoko lorerik ikusi.
Plaza: angeluzuzena, ehun metrotik gora luze, horren erdia zabal; “Madonna di Piazza” kapilatxoa: aldare buruan dagoen koadro handiko Amabirjina eta Niñojesusaren irudiei marko doratua jarri diete eta bien buruei harribitxizko koroak, dena telari itsatsita; bi santu horma-zulok: erdi hondatuak baina naif itxuraz politak bere apaltasunean, bakoitzak bere santutxoa gordez; sarraila: morroiloa kanpotik duen metrotik gorako erraldoi sendo berezia, kanpotik ateko zurari itsatsia baina barrutik ixten dena: ezin izan diot antzik eman mekanismoari; Bikarioaren palazioa: harrizko ormak armarriz betetako dotorea; eliza: orain arte Italian itxita aurkitu dugun bakarra: hil eta berehala pintatutako San Frantziskoren erretratu berezia ikusi nahi genuen, baina ateburuko naif tankerako koadro polita besterik ez dugu ikusi ahal izan.
Zintzilikatuta zegoen burdina forjatuko farol pitxi baten azpian txakur-kaka plasta digantea farolari begira liluratuta doanak zapaltzeko apropos egina bezala.
Pelikula italiarretatik hain estereotipatuak ditugun italiar sukalde eta etxe barruak gogoratuz, hauenak nolakoak ote diren galdetzen diogu elkarri.
Collodi. Herri honetakoa zen Pinotxo ipuina idatzi zuen idazlea. Antolaketa izugarria dago Pinotxoren inguruan, lourdes bat bihurtu dute, jendea erruz ekartzea lortu dute, autobus eta auto ilarak lekuko. Dena da baliagarria negoziotarako.
Villa Ganzoni: palazioa, hondatuta dagoela dirudi, ezin daiteke ikusi. Aberatsen jostailu eta jolasleku, ederrak dira lorategi eta parkea, bitxiak, mila detaile, txoko eta bitxikeriaz borobildua. Bertako uraren erabilera da ikustekoena. Baditu bi ur-jauzi bereziak goitik behera datorren errekatxoa alboetan bainurako mila putzu eta iturri sortuz; ohizko urmael eta lorategiak, etorbide eta zuhaitzak, pelikuletako hesi berdezko labirinto eta guzti; estatuak: asko eta handiak, baina marmola hain gertu edukita nolabaiteko ore edo gairekin egindakoak dira, iruzur sentimendua sortzen dute. Bere garaian polita izango zen, gaur egun alperrik galduta dago, zainduta arren. Austriako enperadoreen lorategiekin alderatuz hau “kieroinopuedo” dira, nahikeria, kanpineko txaletak bezala. Mila pezetako sarrera timo hutsa da ikusi daitekeena ikusteko.
Montecatini: herri txukun, garbi, turistikoa, zaharkitu itxurarik ez duena. Bainuherria: terme herria. “terme” deitzen zaio italieraz bainuetxeari. Terme asko dago Toscanan. Euskal Herrikoak ez bezala, hemengo bainuetxeak bizirik diraute bere horretan. Montecatini da horietako bat. Ospetsua.
Hotelak, bainuetxeak: asko, ederrak, dotoreak, handiak; jauretxeak, jauregiak diruditenak. Kursaal edo kasino izugarria zeharo hondatuta: izugarri bizia behar zuen izan jendearen iharduera bere garaian horrelako eta hainbeste hotel mantentzeko. Pertsona bakoitzak bere txartela erosi behar du urak hartzeko, nahi duenean eta nahi duen bainuetxeko iturburuan edaten du atean txartela erakutsiz; hartualdi ezberdinetarako txartel eta prezio ezberdinak daude. Parkea: zabal publiko eder zaindua, gaztelu eta palazioek izan ohi duten horietarikoa, erruz dabil bertan jendea paseatuz jolasean edo solasean. Kalea: kale bat aipatu behar, dotoraea, non jende dotorea dabilen: kalea dotorean, kalekoak ere dotore. Betor hona nabarmendu nahi duenak, dena da pinpirina hemen; pitxiak saltzen dituzten dendei ere arte galeria deitzen diete. Termok ez dira bertan beherakoak. Kalian-gora kalian-behera ibiltzeko kale luze aproposa, jaiko jantzitako jendez gainezka dago igande arratsalde honetan. Agian hemen dabiltza Pescian falta zirenak. Herri oso bat dabil kale luzean gora eta behera.
Montecatinik ez gaitu defraudatu.
Montecatini: egoki letorkioke “kontakatilu” izenordea, izaera ere hor inguruan izanen baita.
Helatu asko jaten da Italian, 200 pzta balio du, gu ere apuntatu gara: txokolatezkoa, gozoa.
“corsa al troto” deitzen da hipodromoa.
Aireportua. 9 paraxutista airean, agian jauzi librekoak dira.
Oso erlijiosoa da orain arte ibili garen lurraldeetako jendea: santu horma-zulo asko ageri da kale eta kale kantoietan.
Ur asko eta garbia dakarte errekek, Urbasa altzoan bezala ur-biltegi handiak daude hemengo mendietan ere, lapurtzen ez dioten ura errekei utziz.
Oraindik zuriago dager Carrarako marmolezko mendiak arratsalde beranduko eguzkira.
Igande amaieran auto turuta hotsa kaleetan, ekipoaren ikurrina gandor zabal airean, behatzez V eginaz leihatilatik kanpora besoak... Juvek irabazi du futbol norgehiagoka.
Igandezaleak joan dira eta astebarruko betiko isilera bueltatu da kanpina.
Maiatzaren 22a. Astelehena. 12.a
Mendi zuriei azken nostalgiazko begirada botaz utzi dugu Sortaldeko Riviera.
Arbola askoko mendixka baxu, leun, atseginak, lehen planoan; ostean urrunera mendi garaiak. Olibadi muinoak kilometroetan, Mendarotik Eibarrera dena pinu berde iluna den bezalatsu hemen olibondoak berdetzen ditu mendiak, mendiok baina baxuagoak dira, ez haiek bezain garaiak. Lautada ikusgarria errepide bestaldera.
Lur lauetan sartu garelarik, lur oso zabalak ditugu ezker eskuma, Alpe Apuianoetatik itsasora arteko lurralde zabala. Artasoro asko, fruta-arbola gutxi, izan dugu ikusgai Lucca eta Pistoia bitartean. Garia ikusi dugu, lehenengoz Italian, Pistoia inguruan. Tutu antzerako ibilbide itsu berde batetan doa autobia tarte luzeetan, zuhaitz eta ezponda berdeak alboetan, aurrekoa besterik ezin begiratu eta ikusiz; tarteak zabaltzen direnean lur zabalok dakusagu; urrutira, beti mendiak. Hauek ez dira Valladolideko ortzi-mugan bukaerarik ez duten lur-itsasoak. Pistoiara heinean, mendirantz hurreratuz goaz, Apeninoetara.
Primavera deitzen da udaberria italieraz, gazteleraz bezala; udaberria, Italian ere, berdea.
Kamioi ilara luzea aurreratu nahian orduko 140ko abiaduran gindoazela, argi haserre xafladak botatzen zizkidan atzean neraman Pistoiako tipoak lekurik uzten ez niolako, aurreko auskalo ze tabernatan baxoerdia hartzeko presaz edo.
Firenze/Florentzia.
Kale zabaleko hiria. Ez da niretzako hiria; hemengo trafikoak, bai autoenak bai jendearenak, ez dauka akaburik. Dena da jende, dena auto motor zarata… Eta dena artea. Gizataldean edo bakarka, dena da turista Firenzen. Nazio guztietako giza aldrak kaleetan, gehienak eskuan zerbait bereizgarria buru gainetik ikusgai duen bere gida aurrean dutela. Japoniar insersorik behar zuen egon, eta egon zegoen: Pisa, Firenze... hiri nagusietan ikusten ditugu japoniarok, turismo-kateei jarraituz nonbait, baina ez ditugu aurkitzen itsasertzeko herritxoetan. Bada gazteleraz ari den talderik. Ez dugu euskaldunik aurkitu, eibartarren bat egongo zen arren. Beltzak eta arabiarrak dira kale eta plazetan saltzaileak, hemen ere, baina kinkila moderno eta artelan itxurakoa saltzen dute; kaleko kinkila-saltzaile beltzek ere artelanen taxuko salgaiak dituzte; ez dago emakume beltzik kinkila saltzen. Zaldiak, auskalo nongoak diren, baina jendea paseatzeko kaleetan dabiltzan zalgurdiak Andaluziakoak dirudite; agian zalgurdiak antzerakoak dira Mediterraneoan. Jauntxoen bizitokiak izan behar zuten eraikin dotore ugari aurkitu daiteke edozein kaletan. Mendaroko mendia gogoraraziz, izen aldetik guretzat ukitu sentimentala duen Arno ibai zabal eta itxuraz behintzat zikinak zeharkatzen du Firenze, hiriari arnasa, zabaltasuna eta irekitasuna emanez, hiri osoak duen giro berezia areagotuz. Polizia klase guztiak dabiltza, erruz ibili ere, hiri guztian, ez dakigu zergatik eta zertarako, konpetentzia ote beraien artean. Gazte asko ikusten da, bertakoak eta bisitariak. Hemen ere horregatik poliziak?. Pinotxo presente dago denda guztietako irudi salgaietan. Lehenengoz ikusten dugun kale gainetik igarotzeko pasabide edo zubira igotzeko eskailera mekanikoa.
Izugarria da Firenze, bistan da Medizi eta abarren hiria izan zela. Mila bazter interesgarri eta harrigarri. Baldintzak eta osagai egokiak edukitzeaz gain, biziro bizi nahi du, izan: horregatik da kulturgune aparta Firenze: hainbat kontzertu, erakusketa eta kultur ekintza iragartzen da. Bada Shagallen erakusketa bat baina beranduegi ikusi dugu iragarpena. Handikien dotorezia du Firenzek, ez atzoko Montecatiniko dotoretasun apala. Komertzio dotorea du, bai salgaiengatik bai denden itxurarengatik. Gaueko-mozolo bitxi batek deitu zigun atentzioa: irudi baten azpian adar baten gainean. Esaldiari jarraituz esan beharko genuke Firenze ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, ezta astoaren putza ere. Polita da hainbeste gauza eder ikustea, baina nekatu egiten du jendeteriak. Ahuntzak eztula eta astoak putza.
Duomo: pintore eta saltzailez animatutako plaza; aparta kanpotik, agian aire kutsatuaren eraginez eraginez bere hiru kolore ezberdinez gain mila tonu ezberdin dituen dena filigrana den marmol zuri arrosa eta berdezko fatxada da deigaria; giza txindurriz, bizirik zegoen kupula zabal garaiaren barreneko erastuna.
Dorrea: duomoren alboan, aparte, kupularen garaiera du, giza txindurriz lepo gandorra honek ere; taila dotorez apainduriko zurezko atea nabarmentzen zaio.
Bataiategia: Duomotik aparte hau ere; brontzezko atea irudi landuz harrigarria; sabai doratu pintatu izugarria du barruan, bertan Pisakoan antzera Jesukristoren irudi erraldoia da daeigarria.
Piazza de la Señoria: izugarria bere estatua handi ederrez, apartak dira estatuok; Perseorena omen ikusgarriena, garbiketa lanetarako estalita dago une honetan.
Logia de la Señoria-Palazzo Vechio: arkupean erakusgai dagoen dorre puntako gehigarriaren biki erraldoiak erakusten du eraikuntzaren zenbaterainokoa.
Zubi zaharra, Ponte Vechio: Arno ibai gainean, kanpotik begiratuta eraikin apalez osaturiko zubia dirudi; bertatik, albo bietara zubiaren erlaitz edo irtengune gainetan bitxi eta bitxigile denda dotorez jositako kalea da: erdi-erdian, zubitasuna erakutsiz eta zubiari arnasa argia airea emanez dendarik gabeko tarte librea utzi diote; bertan Cellini eskulturagilearen omenezko busto bat, ibiltarien ardurarik gabe usoek hartzen dute pausaleku bere buru gaina. Venezian izango ei dugunaren antzerako kirats boladak datoz ibaitik, kutsatua dator nonbait: eztula eta putza berriz ere.
Gurutzearen Plaza: ikusi egin behar da, eta kitto!, harmailetan eseri eta jogurta janaz begiratzea da ikusteko era bat; garai batetan zaldi lasterketak egiten ziren bertan; bi obelisko daude bertan, bakoitza dortoka baten gainean: sinbolo polita; plazaren gainetik ortzi urdinaren kontra jadanik belztu diren dorre mordoxka ikusten da Firenze gainean; dorrearen gailurrak arabiar meskiten dorreen antzerako balkonada du buelta osoan: etsaiak zelatatzeko, diskurtsoak edo sermoiak botatzeko, auskalo zertarako, ez baitago oso garai; plaza erraldoian, eraikuntza erraldoien alboan, -beldurrik gabeko lotsagabeak Italian ere-, txuarra nanoa dabil gure oinetan, beldurrik gabeko lotsagabea, jende artean, apurren bila edo.
Eliza: 140x40 metro izanen ditu luze-zabaleran, zur landuzko sabaia du, eta balkonada buelta osoan 30 metroko altueran; zoruko hilobietako irudi guztiak ia ezabatuta daude: higatu egiten da marmolik gogorrena ere.
San Lorenzo: medizitarren parrokia: Medizitarren hilotz guztiak bilatuko dituzu bertan.
Sta. Maria Novella: handia, estilo ezberdinak ditu, zuri-beltzak goiak eta zorua, beirateria ederra, pinturak, ongileen bustoak, kapila bereziak alboetan, goieran dagoen aldarea nora eskailerez igotzen den, tokatzen zaion ordulari erraldoia, marmol doratuak, marmolezko pulpitu ederra baina austeroa. Erabat hutsik dago, hits itxura ematen du.
Hiri handi guztien trafiko handiko inguru industriala du. Zaila da hirian sartzea, baita kaleetan zirkulatzea ere, Bilboko edo Donostiako trafikoa jolasa da hemengoarekin konparatuz.
Alemaniar insersoak hartu du trena tren-geltokian.
Jaten ikusten dira gizen guztiak, beti edo gehienetan, besterik ez bada jelatua edo bokata. Zerbaitegatik gizen.
Sei ordu luzez ibili gara oinez Firenzen; kaleetako hautsak harrotu ondoren bagoaz, Apeninoak, baita Italia bera ere, alderik alde zeharkatuz, Mediterraneotik Adriatikora lonazko etxearentzat kokagune bila.
Dena da bihurgune Apeninoak zeharkatzeko errepidea, ez dago 20 metro baino gehiago duen bide artesik. Toscana da hau ere, herrialde zabala baita Toscana; dena da haritz gaztea, dena baso, berde dago lurralde hau ere, Euskal Herria pinua gailendu aurretik izango zen antzerakoa, duela 100 urte irudikatzen dudan Euskal Herria bezalakoa. Goialdeetatik doa errepidea, erreka jarraituz, behealde sakonekoan bailara polita erakutsiz. Garaiak dira Apeninoak, errepideak 900 metrotaraino egiten du baina bertatik goiera garaiak ikusi ahal dira. Herria herriaren ostean, Euskal Herrian baino sarriago: herri biziak, txukunak, ondo zainduak. Herri bizia izango da Toscan; herri prosperoa, oparoa, dirudi, agian daukatena ondo zaintzen dakien herria da, besterik gabe; itxura hori damaite errepide kontra dauden herriek. Une batean mendien orografiak Euskal Herrikoa dirudi, pinurik gabeko Euskal Herria. Lur landurik ez da ikusten, noizbait landuak izan zitezkeen lurrak zelaiak dira, belatzak.
Paso de la Muraglione, 907 metro, gailur garaia da alboetan tontor oro.
Bidaiak
TOSCANA
Kanpina.
Marina di Massa: herri horretan pausatu dugu hegazkada, zozo kantariak gordetzen dituen arboladian eraiki dugu gure lonazko etxetxoa.
Alpi Alpuane, Alpeak, dira inguruko mendiak.
Futbol partidua ikusi dugu afari orduan jatetxean, gerora jarraitzaileen auto-turutak entzuten dira eten gabe eta ozen herrian, garaipena ospatuz. Hemendik gertukoa den Parmak irabazi du; Juveren alde zeuden, aldiz, afaritako asko .
Bikote bat dugu auzo kanpinean, italiarra, hitz egiteko gogo biziz biak. Gehienetan bezala arrunkeriak besterik ez ditugu esan. Hizkuntzaren mugarik eza eta denbora behar da harremanak sortzeko. Italia ere azaletik ezagutuko dugu, harriez kanpo ezer gutxi, antzinakoen anima gaurkoena baino hobeto ezagutuko dugu agian.
Pako Aristi: haurtzaroan ukatuak izan zitzaizkion jolasen ibiltokitzat erabili zuen gatazka-lurra Gengis-Kanek. Ez dut uste inork bere heziketaren atalen bat zapuztu dezakeenik arriskurik gabe. Hutsune hori, orain edo gero, adimenaren gainera agertuko da... Ze atal edo noiz zapuztu ote dugu M. Luisak eta nik bizimodu ibiltari eta ezinegonaz batetik bestera ibiltzeko grina hau edukitzeko. Ikasketa garaiko lotura edo oraintsuagoko militantzia estua izan ote. Kartzela eta deserria agian?.
Maiatzaren 18a. Osteguna. 8.a
Gengis-Kanen historia irakurriz ulertzen dut mongolen familiaren estruktura: gudaroste izugarriak gizentzen zituzten milaka gizonezkoek hutsik uzten zituzten bere herriak. Etxeko ekonomiaren eusle eta oinarria emakumea zen, izan behar zen nahitaez, lana egiten zuena alegia. Gizonek urteetako kanpainetara alde egin arren gizarteak berdin jarraitzen zuen.
Gaurkoa ere badugu gerra egitea erabaki eta gerrarako aitzakia bilatzea, lehenengo gerraren premia bera sentitzen da gaur ere, bilatu edo sortu egiten da ondoren gerrarako aitzakia. Gerra erabaki ondoren, gertatu egiten zen gerra, eta zeregin horrek denbora luzea ematen zuen. Gaur egun Armadak beti daude prest gerrarako, okasioa gertatzen denetik gerra hasterako ez da ia denborarik behar. Baina sakonean dena da berdina.
Gengis-Kanen garaian izugarrizko iraina zen norbaiti lizarra erretzea. Geriza zemaiena eta animalientzako elikagaia zelako agian. Gauzek ez dute berenez balorerik, bizibeharrak ematen die balorea gauzei.
Berez murritz, ugertu zaidan memoriak jartzen dizkidan mugak gainditzeko lagungarri datorkit bukatzear ditudan Auto-stopeko ipuinetako azkenak.
“uncita”, irteera esan nahi du italieraz, behin ere entzun gabe geneukan hitza da.
Zazpigarren gaua euripean: baikor izan beharrez, euriari etsi nahi ez diogun bakar batzuk soilik gaude kanpinean.
Mila puntu ia mikroskopiko daude aire-zurrunbiloan, eguzkira bakarrik ikusten ditugunak, gaur bezala. Baso baten gaude, urkia, platanoa eta pinoa ditugu dendaren aterpe.
20 mila lira kobratu dizkit bi kilo laranja eta 700 gramo gereziengatik: atzerritarrok beti gaude iruzur egingo ote diguten kezkaz, baina gaurkoan timotxoa egin digulakoan gaude motokarroan zetorren kale saltzaileak.
Pertsona nagusi asko ikusten da kanpinean. Jubilatuok harrotzen ditugu nonbait hankak garai honetan, lanik ez dugu egiten baina egin genuen, orain sos batzuk jasotzeko haina gutxienez.
Ez dago kaka komun turkoan, pultsuan, egitea bezalakorik.
Kantuan harrapatu dut gaur nire burua. “Ez dok hamahiru”ren abestiren bat. Abesti tristeak dira nire eztarrian baino gehiago buruan darabiltzadan abestiak, frankismo garaiko errebindikazio abestiak. Ederrak bai, baina tristeak. Folklore hutsa dira kantu zaharrak, euskaldunon sevillanak bezala. Baina gure senaren zati, izanaren ondare. Gaur egungo abestirik ez dakit, ez dut izan ikasteko betarik. Hutsune hori izan liteke nire gutxi abestearen arrazoia, adinaren ajeez gain. Umezurtz sentitzen naiz, ez dut musika baliabiderik kantuan hasteko, abestien bidez nire barruko sentimenduak azaltzeko. Kantu zaharrak ez didate ia balio.
Poesia izan daiteke amets egin ahal izateko bide bat, ipuina, nobela ere bai... edozein izkribu mota.
Inguru politak ditu itsasbazter hauek, zainduak, turismorako esplotatuak: kirol-portuak, motora ugari, hondartza garbituak...
Herrietako Erdi Aroko kalexketan bezala, bakarti ibili gara ia inor ez dabilen itsasbazterreko errepideetan.
Fiascherino, Tellaro: goitik begiratuta erakusten zuten xarma guztia galdu dute bertan munduaren amaierarekin tope egin dugun kosta puntako zuhaitz-harkaitz tarteko herritxootara bertaratu garenean. Pertsonei ere hori gerta ohi zaigu maiz: aurrez-aurreko harremanean pot egiten dute sarri ametsak edo lilurak.
Lerici: triste dago, itsasbazterreko eta edozein bazterreko herri guztiak egon ohi diren bezala euripean. Herri atsegina da izan, harlauzako kale luze baten inguruko zatia batez ere; gaztelu berezi batek zaintzen du.
Portovenere - Sarzana - Monterroso al mare - La Specia: itsasbazterreko paseo erakargarriak zapuztu dizkigu euriak. “non vol fare bono” esan digu batek. Ez du nahi ez, benetan.
Itsasertz osoa dago eraikinez josia, hiritartua, baina inguruari eginiko hondamendirik egin gabe.
La Specia, hiritik nola irten jakin ez, eta hara-hona auto barrutik ezagutu edo ikusi dugun hiria: handia da bai zabaleran bai gorantz; etxe ederrak ditu, handia izateaz gain martxa bizia ikusten zaio portuari.
Apaiza ikusi dugu bere elizmutilarekin kalean, zaparradapean, ez guardasol ez aterki biak, biak sotana beltz luzea eta errokete zuriz jantzita, estola beltza apaizak eta beste zerbait elizmutilak sotana gainean, elizakoak ematetik nonbait. Harantzagoko denda batetik moja potola bat atera da denda barruko ilunak zuriagoa egiten zituen toka eta guztiko goitik beherainoko abitu zuri-zuriarekin. Geroago apaiz zahar bat sotana handiarekin bera baino bizikleta zaharragoan eginahaletan. Italian ikus daitezke oraindik galduak ditugun ikuskizunak.
MASA CAOS pintada, O hizkia akraten ikur bilakatuta, ikusi dugun pintada bakarra. Euskadin KAOS izango zen.
Euritan ito zaigu hain goxoa espero genuen eta izan behar zen arratsaldea, aterrunerik gabeko zaparradapean. Gau beranduz, zaparradak dirau oraindik. Dena putzu dira kanpin inguruko kale ertzak; isurbideak zikin hemen ere. Gau umela dugu gaurkoa.
Maiatzaren 19a. Ostirala. 9.a
RIVERA APUANA
Kilometro luzeetan turistentzat gertatutako kostaldea. Dena da turismo. Etxe baxuak, etorbide luzeak, itsasertz lorategiz dotoretuak... Erraldoia egin zaigu 5 solairuko etxea. HB: bi izarreko hotela.
Errepide osoa da tunel, Leitzarango autobidean tunelak egiteko izan den hainbeste liskar gogoratzen dugu!.
Ihes egingo genioke euriari, baina ez dugu nora jo Italia guztia baitago ekaizpean.
M. Luisak atera du ia ateraino katarroa, nik ere atean dut, baina sartzeko prest.
Camaiore-Viareggio: itotzen ez duten giro atsegineko turismorako herriak, lorategiz edertutako etxeak kale luzeetan. Viareggion bada 4-5 solairuko etxerik. Hotelak ere asko, tokiari dagozkion izen ponpoxoekin: Excelsior, Royal, Britania, Eden, London...
Batel, motora eta belaontziz moilak, giza-ibaiez portu gainak… politak agertzen dira herriok. Euri-jasak direnean, zabalak arren, lurrez zikin edo gutxienez lur koloreko daude hemen ere ibaiak.
Urrun gelditzen zaizkigu mendiak daramagun errepidetik. Ez da ikusten soro handi edo granjarik. Itsaso kirruz zuria edo lurralde elurtua dirudite lautadako berotegi gehienek.
Italiarrok begiratuz, ez da ez janzkeran ez gorpuzkeran Euskal Herriko jendearekin alde haundirik. Euskaldunok ere latino bilakatu gara nonbait, odola izan beharko dugu ezberdina, itxuraz ez gara asko ezberdintzen, belarri handiagoak ditugula ez bada. Jadanik ia ez da gelditzen Joannes artzainik gure herrietan. Beste zerbaitetan bereizi beharko dugu euskalduntasuna euskaldunok.
Munduko zilborra garelakoan “baschi” esaten duzu, baina inork ez daki nongoak garen. Azkenez “en el norte de Espagna” gehitu behar duzu eta orduan “ah Espagna” liluratu batez erantzungo dizute.
Pisa. Urrutitik eta emozioz ikusi ditugu Pisako dorre okertua, ondoren ezezagunak zitzaizkigun eta ezuste gerta zaizkigun bi kupulak ere, gorri erraldoia bata, harri zurikoa bestea. Harresi oso garaien barruan dago hiri zaharra. Adreiluzko harresi garai erraldoiko atetik barruratu ostean zirraragarria da benetan marmol zurizko eraikuntzen ikuspegi orokor osoa.
Dena da marmol zuri zizelatua. Harrigarria da Pisa, aparta, filigrana hutsa. Txunditurik uzten zaituen horietakoa. Zerbait ederra espero arren lehen begiradatik hezurretarainoko zirrara sartzen dizuna. Izugarria. Liluragarria. Zoragarria. Dorre famatua zen aurretiko gure interesgune nagusia, baina osotasunean da harrigarria, osotasuneko begirada orokorrean da izugarria, are gahiago azkenez atera den eguerdiko eguzkitan zuri brist ikusita; shock bat bezala da, izugarrizko ezustea. Ondoren datoz zehaztasunak, ikusle bakoitzaren ahalmenaren eta begi zorroztasunaren arabera neurtu eta gozatzekoak. Hau ikustearren bakarrik merezi zuen Italiara bidaiak. Ezin daiteke deskribatu, hain da aberatsa, hainbeste begi-bistako edertasun ditu edonorentzat, begi zoli jakintsuenak betetzeko ere hainbeste xehetasun ditu… Norbaitek esan zidan besterik ez zuela Pisak. Zer gehiago behar zuen ba!.
Duomo: bataiategia, pulpitua, aldarea... lan harrigarriak marmolean. Horrelako tailak ikusi izan ditugu askotan baina hainbeste leku berean ez. Filigranak dira nagusi.
Dorrea: ez dago okertuta bakarrik, izugarri okertuta, noiz eroriko, baizik, zutik iraun dezakeenik ere sinetsi ezineraino.
Katedrala: brontzezko ate erraldoiak eta filigrana lanez beteriko auskalo zenbat zutabe kanpoan; pulpitua, aldare nagusiko pintura erraldoi zirraragarria, mila zizel-lan marmolean barruan... Kordobako Meskitaren antza hartzen diot barruari, bai arkuen formetan bai bere koloreetan. Zuriak dira kanpoko goialdeko zutabe denak, bat, baina, gorrizka; ze arraio dela eta ezberdin!, izanen du bere arrazoiren bat.
Hilerria: klaustroa da, luzea eta zabala, gerra egunetan erre eta ondoren berritua: mural izugarri handiak, klaustro gehienetako hilobi sarkofago eta giza itxura emanez landutako harritzarrak, 1862ko Pisa portuko kate erraldoiak -nik ikusi ditudan handienak-; pinturarako teknika interesgarria ere ikus daiteke, hondatuta dauden lekuetan ikus baitaiteke nola egiten zuten gero pintatu behar zutenaren soporta edo azpiko masa. 20 urte egin omen zuten pintura erraldoiok pintatzen.
Museoa: klaustroan kokatuta, betikoa, harri kozkorrak ugari, bitxikeria asko; jende gutxi dabil museoan, ia bakarrak gara Maria Luisa eta biok.
Parking zabalak, turistak uholdeka, Sahara Barreneko etorkin pilak betiko kinkila edo eskulanak saltzen harresi barru eta kanpoan erreskada luzeetako postuetan. Narruzko aurpegi edo mozorroak, hain artisau itxurakoak eurak, moldeekin egiten dituzte gure begien aurrean, han bertan, serie berdinetan. Monumentu inguru guztietan “tiraus”, botata, dago jendea, katedral eta hilerriko harri landuen kontra eguzkitara etzanda azken egunetako hezurretako umeltasunak lehortzen. Abitu handiekin dabiltza bi frantziskotar kalean, barrenetik praka dotoreak erakusten dituzte. Duomoko mailetan bazkaldu du Frantziako Insersoak; edonon bilatuko dituzue pobreak, baina hemen gabiltza gu, bada gu baino pobreagorik. Hemen dabil barretsu eta humoretsu japoniar insersoa ere. Estudiante asko dabil, arte ikasketak egiten agian. Baita bestelako samaldak ere. Normala. Andaluziako zaldizko zalgurdiak dabiltza hemen ere jendea paseatzeko.
Heltzean herri turistiko soilean gaudela uste dugu. Alboan, aldiz, monumenturik ez balitz bezala bizi da herria barruko kaleetan, bere eguneroko lanean. Herria bera zaharra da eta zaharkitu itxura du, zainduta dagoen arren. Asko darabil herriak bizikleta kale barneetan. Nabarmena da irakasle baten eskela erraldoia, gure herrietako kartel handi horietakoen tamainakoa, Euskadiko hauteskunde kanpainan egunotan gehienek erabiliko duten kartel handiena baino handiagoa; HBrenak izanen dira handienak oraingoan ere. Antzinako eraikuntzetan daude ospitalea, unibertsitatea eta armada, herri barnean, palazio edo antzerakoak zirenetan; zaharkituak daude gaur egun eraikinok. Izan dugu kaletik kalera egiteko bidea ospitale barrutik mozterik, baina ez digute utzi, adiz, armada-egoitza barrutik zeharkatzen.
Anatomia zentroa: osorik sartu, eta kristalezko botiletan gordeta geratzen diren puskak ezik, zatika ateratzen zaituen lekua.
Urruti batera, gaintxo batetik, ikusten dugu azkenengoz Pisa, bere dorreak nabarmen harro urrutira.
Hemen “controllo ellectronico velocitta” da Espainiako “control por radar”a.
Pitojole edo pitolari amorratuak dira italiarrak, edozein semaforotan isildu ezinik aurrekoari presa sartuaz.
Joan erakargarria bilakatzen dira gidariarentzat errepideetan platano edo ezki etorbideak, kilometro luzeetan.
Lucca. Ate zabal garaiko eraikuntzak ditu, barne patio zabaleko palazio ederrak ere bai. Harresi paregabeen barruan, bere baitan, iraun duen patxadako hiria. Izugarrizko harresiak dituen hiri handia, etxe dotorekoa. Lucca biltzen duen harresia garaia ez ezik izugarri luzea ere bada, luzez joan baikara autoz bere albo batetik. Adreiluzkoak dira harresiok. Ez da ikusten txikle zapaldurik, ezta txakur kakarik ere kaleetan. Harresi barrenean auskalo ze mailako kamiseta urdin eta horidun futbolarien futbolzelaia dago txoko batetan.
Duomo: fatxada ederra. Austeroak dira elizak barrutik, kanpo aldetik daude filigrana denak. Kanpolarrosak. Kanpo aldean erabili zituzten abildade eta loraketa denak. Izango du horrek italiarraren izaerarekin zerikusia, baita Jaungoikoa eta fedea ulertzeko berezitasunarekin ere.
Anfiteatro erromatarra: etxebizitza bihurtuta dago bere borobilean.
Osasunari buruzko errebindikazio antolaketa garrantzitsua zegoen plazan.
Frantses Inserso osoa Lucako kaleetan: jarrai ziezaioten edo galdu ez zitezen, gida gaztea zuten aurrean bildutako aterki gorri handia gida-oihal gisa jasota.
Lan premia azalduz jarri digute papertxoa auto aurrean: S. Antonioren mirari bila hau ere.
Denda azpirako isolatzaile zabal berdea erosi dugu Lucan, hilabete luzea baitugu aurretik eta gaur ez dugun euriak bihar dirauko.
Maiatzaren 20a. Larunbata. 10.a
Eguzkia, lixiba sokara: eguzkitan da gaur gure ehunezko zer oro, iragan umeltasunak eguratsean astintzen.
Zaila da errepideetan ibiltzea: herri asko dago, gaizki iragarrita gainera; bidegurutzeak ugariak badira, ugariagoak semaforoak bidea zailduz; autouholdea dator errepidean ordu batzuetan, urduriak dira gainera gidari gehienak. Mutilak dira italiarrak autoak kale edo errepide bazterrean uzten, baita bide bazterretan edo gurutze-gunetan muturra ateratzen ere.
Asko darabilte bizikleta italiarrek, errekaduetarako otarretxoa gurpil gainean dutela.
Carrara
Tokatzen zaio bezala, ez du huts egiten Carrara inguruak: marmoldegi, marmol harritzar itzelak, marmolez kargatutako kamioiak, marmol hondakinak bazterretan, eta, nola ez, marmolari buruzko museoa. Urrutitik bezain zuriak dira hurretik ere Carrarako marmol zuriko harrobiak. Hiri barrutik hasita iragarrita daude dozenaka “Cabe di marmo” marmol harrobiak alajaina, kamioilariek jakin dezaten doan harrobia non den. Mendia da Carrarako industrialdea, harrobia hemengo fabrika. Harrobi bakoitzak du bere izena gureko fabrikek bezala, bakoitzak du nondik joana. Harrobi bidean herritxoak, hits samarrak, marmol gainean eraikiak, segur aski marmoletik bizi direnak. Palazio eta banketxeak dotoretzen ditu marmolak, baina marmola lantzetik bizi den herririk ez du aberasten.
Nabaria da hirian ere marmol zuria, hori baita hemengo harria: ate-zutoin, ateburu, petril gain, fatxada... dena da marmol zurikoa. Han-hemenka, gehienetan iturri gauzatuta, tamaina guztietako estatuak, tronpa puskatu dioten elefante nano batetik hasita gaztelu aurrean zer den igarri ezin dakioken estatua erraldoira tarteko tamaina ezberdineko mila pertsonaien eskulturak, metroko diametroa duen fin berdindutako bola handia etengabeko gira eta bira bustian uraren eraginez, eskultura modernoak...: harrobian latz, hirian leun, marmolak ez du huts egiten Carraran. Bata bestearen aurrean mailu, zizel... marmola lantzeko tresnez osaturiko bi koadro, bata marmolezkoa, burdinazkoa bestea, kale bateko ormetan.
Kale estu eta ondo trazatutako herri zahar zabala da hiria, Erdi Arokoa, baina ez Liguriako hainbat bezala defentsarako hiria. “de mejor pasado”, iragan hobekoa, baina ederra; zaharkitua baina ez utzia. Patxadako herri bizia. Eliza erromaniko ederra, handituz eta berrituz ahala, aldatuz joan dena. Elizak, parke ederrak; marmolezko zoru zuria du plaza nagusi zabalak, kaleek ordea herri guztietako harlauza iluna. Edozein kale-ertzetik ageri dira mendi-gain zuriak, harrobiek urratuak.
Duomo: Gotiko errosetoi handia eta zutabe ilaradun marmolezko fatxada ikusgarria nabarmentzen zaio; Pisakoaren antza du, antza du soilik harena, apala baita Carrarako hau; xumea baina xarmanta da dorrea. Barrutik, austeroa, Liguriakoen alderantziz; hitz jasoak osatzeko edo hizlari famatuak goratzeko pulpitu ederra jarri zioten elizari; kapitel tailatuak merezi du ere aipamena; bada marmol gorririk ere hiri eta herrialde honetako elizan.
Errepublikanoa da Carrara: 30 milak bozkatu zuten 1946ko bozketan Errepublikaren alde, 4 mila exkaxek Monarkiaren alde. Harro diote, nola ez, marmolezko harri batetan izkiriatuta.
Solasaldi luzea egin dugu tortillan jan asmoz menditik garitzako esparrago berdeak eskuan zeramatzala, adinez aurrera, harrobien inguruan tope egin dugun langabetu batekin. Hagin bakarreko gizon argala. Patxadako gizona, solasean egoteko horietakoa. Sosik ezak arduratzen zuen gehien. Hiztuna, ia berritsua, hitz lasaikoa:
* Langabezia handia dago Italian, sos gutxi dute pobreek, ugazabek, aldiz, franko darabilte dirua, hala dio harrobia seinalatuz diru-zorro gizenduaren keinua eginez.
* Marmola lantzea du ogibide. Gerra mundiala ezagutu zuen; alemanekiko gorabeherak ditu kontagai: aita edo aitona Lehen Gerra Mundialean ibili zen. Iparramerikan egon zen bera, bere ofizioko lana egitera joana, klimagatik bueltatu zen.
* Harro dago Italiaz: italiar herria ez da inozoa, behin eskuina bozkatu badu ere, ez gehiago; oraingoan komunistei emanen die boza Italiak. Baina ez du entzun ere nahi gaur egun eskuineko Berlusconi denik Gobernuburu.
* Pentsatu, idatzi, hitz egin eta irakurtzeko askatasuna dute, baina ez du entzun ere nahi eskuineko Brelusconi dela telebistaren jabe.
* Ez dago ados Errusia Txetxenian egiten ari denarekin, baina Txetxenia Munduko azken Gerran eskuinarekin elkartu zela gogoratzen du, Txetxenia eskuinekoa izan dela edo dela.
* Sozialistatzat jotzen du bere burua, gorroto ditu eskuina eta faxismoa.
* Euskal Herriaren ezaguera bazuen, baschi, baina Espainian kokatzen gaitu.
Oraingoan ere hizkuntzaren muga izan zaigu komunikatzeko oztopo. Keinuz lagunduriko hizkuntza eklektiko batean, monosilabikoa askotan, izan da elkarrizketa. Italiera ingelesa frantsesa nahasten zituen denekin esaldiak eginez. Errazago ulertzen genion ulertzen gintuen baino.
Kolore zuria du ur biziko errekak ere, harrobi eta marmoldegietako hautsez nonbait.
Carraratik Masara bideak beheko lautadaren bista ederra du goialdetik, etxeak zuhaitz artean, berdegunea teilatuz josia itsasoraino. Intxusa ez zen Mispillibarkoa soilik, Masa eta Carrara bitartean nahi haina dago, denak loran zuri.
Masa. Menditik hurbil dago Massa, hiri osteko baso berdeen atzean gandu zuria erakusten dute mendi gainek.
Piazza aranchi, edo halako zerbait, laranjondoak baititu: errenazimenduko plaza ederra.
Duomo: xalo majoa kanpotik, handia, pintatua, barrutik; atzean du pulpitua, agian kanpoan geratzen zirenei hitz egiteko; kapila asko daude, koadroa du bakoitzak santu-irudiaren ordez; bi apaiz gazte-gaztek, -bata sotanaduna-, eta dozena erdi atso zaharrek jo eta ke ziharduen marmarioan arrosario errezatzen; Filipo Lipiren triptiko benetan ederra, Tintorechioren Amabirjina bat, esmalte zoragarriak; argi berezia zuen arratsalde beranduan eguzkiaren eraginez kapilak, erakargarriagoak eginez artelanok.
Eliza moderno-moderno ederra; atso-agure hogeikotea arrosarioa errezatzen barruan, abortatzearen kontrako firmak jasotzen moja bat sarreran: zaharreri eskatu behar ba firmok, nori bestela!.
Casa del mutilato: ikusten da gerra asko sufritu duen herria dela Italia.
Edonongo larunbatero bezala dabiltza kaleetan gazte aldrak, merkatu aurrean dute elkargunea.
Zikloturista karrera edo jendetza, joan den igandean Albengan bezala: Euskal Herrian ez dena.
Italian ikuzten dugun bigarren bizente beltza tokatu zaigu Masan.
Italia 95
PIAMONTE
MEDITERRANEOKO ALPEAK
Kobazulo famatuak daude inguruan. Ez dugu ordu bat eta erdi lurpean ibiltzeko gogorik.
Haizpez haizpe, mendi bitartean goaz aldaz gora mendikatea zeharkatuz. Akazia, ondoren haltza dirudien zuhaitza, geroago pagadi gaztea... kilometro luzeetan dena da berde, dena da baso. Italiako Giroari ez zaio faltako aldaparik, jarri nahi badiote behintzat.
Bihurgune batean itsasorainoko ikuspegi paregabe batekin aurkitu gara. Mila aparteko txoko aurkituz egiten dira horrelako bidaiak.
Bardineto. Igitaria, mailua, bost puntako izarra zuen bandera zegoen kulunkaz balkoi batetan. Geroago Garessio herrian jakin dugu alderdi politiko baten ikurra dela. Italia guztian aurkituko dugu Bardineton deigarri egin zaigun bandera.
Goiko lautadara heldu gara; dena da belar, dena berde, dena zelai, ez dago lur landurik, ez granja itxurako eraikuntzarik. Beraz jende gutxi eta emigrazio asko dago hemen.
Etxarrin bezala, egur pilak etxe albo-osteetan neguari eusteko prest.
Intxaurrondo asko ikusi dugu bailaratxo batean: ez nuen uste intxaurrondoak ura maite zutenik.
Mendi tontor batean elurra; beherago, basoan ezkutatuta, herritxoa agertu zaigu aurrez aurre, zirrara eraginez: izugarria behar du izan goi hauetan bizitzea.
Galiziano: famatuak dira hemengo perretxikoak, iragarrita daude errepide bazterretan. Bada ez bada, aurrez prezioak galdetzeko aholkatu digute.
Giza-tipo bereziak ikusten dira.
Ia bidea nondik galdetu behar izan dugu: adeitsuak eta sinpatikoak dira italiarrak.
Valsorda Santutegia: erraldoia, zuri du barru dena michelangelo baten zain.
Oso goian daudenez, hotz egiten du paraje hauetan udaberrian egon arren.
Garesio: mendi barruko herrietako bakea, paseatzea atsegina egiten duen betiko isiltasuna kale eta kalexketan. Badu Garesiok egoera penagarrian erortzear dagoen borgo zahar bat, herritik at: beranduegi jabetu garenez autotik ikusiz konformatu behar izan dugu. Eliza: kanpo alde berezia du: zahartutako adreilu biziko orma zulatuak; frontis erraldoia du eta alboko moja ere potola da. Ibaia: zabala, ur asko eta garbia darama.
Urtzen dago elurra aurreko mendietan. Albengan bezala uholde izugarria izan da hemen ere: agian ibai bera da, uholdea ere bera. Ahate asko dago, Italiako ibai gehienetan bezala.
“Regale un cuore a la tua mare”, bihotz formako pastelak Amaren Egunerako
Etxarrin banengo Giroa ikusiko nuen egunero. Italian egonda, ez naiz Giroko ezertaz enteratu ere egiten.
Gaur ikusi ditut Giroko edo Italiako aldatsak: hemen bai goitik begiratuz koloreetako sugea litzakeela txirrindulrien tropela.. Hainbeste bira eta bira du, suge zuri erraldoia dirudi errepideak mendi berdean.
Haitzari heldutako lapak ematen dute herritxoek, mendian zintzilik. Polita ez ezik, zirraragarria.
Nolakoa ote herriotako bizimodua. Ohitura eta bizimolde bereziak, ezohizkoak, sortu behar dira nahitaez bertan, ezberdinak behintzat.
Zuccarello. Dena arkupea den kale luze bakarra. Zubi zoragarria herri zoragarrian. Herri txukuna. Ikuzlekua, garbitokia, labaderoa, dute hemen ere. Ez dago herri handiagoetako erakusleihorik. Jende gutxi bizi da herri hauetan. Guretzat izan da herri osoa.
Ilunabarra. Negu giro ilun tristea.
Cisano sul Neva. Herri guztien tankerakoa. Kanpotik daude etxeetako goi solairuetara igotzeko eskailerak: hori litzake herri honetako berezitasuna. Bizi den herri bizia. Gazte asko dabil kaleetan.
Ez nuen uste Piemonte lurraldea hain behera heltzen zenik. Piemonteko hego lurraldeetan ibili gara gaur. Italiako azken astean itzuliko gara probintzia honetara.
Ilargi bete betea igaro zait ezkerretik eskumara, zerua zeharkatuz, Sirio edo Venus (ez ditut bereizten) osterago zeudelarik.
Gaur sikiera ohe lehorrean lo egin ahal izango dugu.
Utzita nituen Pako Aristiren ipuinetara itzuli naiz berriz. Gazteleraz dago balseroei buruzko ipuina. Ez zait gustatu.
Balseroek bizi duten egoera latzaz gain beste konnotazio asko ere badute. Pakok oso partzialki ukitzen du gaia. Zilegi da Fidel Castro eta Kubako politikaren aurka egotea, baita “gusano”en errebindikapenak defendatzea ere, baina Kubako arazoa, balseroena oraingoan, ikuspuntu bakar batetik esplikatzea besteen partzialkeriaren huts berdina da. Ipuina ez baita balseroen tragedia soila, balseroena gainera ez baita arazo neutroa. Harritu egin nau Pakok hain zehatz alderdi batez parte hartzeaz, orekatuagotzat baineukan. Kubako egoera oso konplexua, korapilatsua, kontraesanez betea da.
Maiatzaren 15a. Astelehena. 5.a
LIGURIA
Sikutan lo egin dugu eta eguzkipean esnatu. Rivierako kutsua du giroak Maiatz erdiko udaberri bete-betean.
Txoriek, ez mozoloek bakarrik, gauez ere kantatzen dute. Txir-txir, fiu-fiu, edo txorrotxioka sentitzen ditut. Mila txori-kantu ezberdin. Txori gautarrak, gaueko txori ganberroak, agian txori gautxoriak... auskalo.
Hemen dabilkigu kuku bidaiaria ere, pasa-leku eta pausagune du Liguria ere. Ozen entzuten dugu bere mezu ulertezina. Txantxangorririk ere izango da beraz lurralde honetan.
Bi hiri mota nabarmentze dira batez ere lurraldean: Ligurtarren Erdi Aroko eraikuntza zaharrek osatua bata, turismo etxeteriek gauzatua bestea. Bada hirugarren motako eraikuntzarik ere, aurreko bien tartean eraikitakoak.
“Superbasko” zuen izena supermerkatua zirudien denda batek.
Antipasta: entremesa, pasten aurrekoa. Pastak gailentzen dira Liguriako janarietan. “pasta fresca” asko iragartzen da dendetan. Maiz, dendetan bertan egiten da pasta. Turistongatik zela uste genuen hainbeste pizzeria egotea, baina bertakoek ere pasta asko jaten dute, atzo gauean afaltegian eta beste jatetxeetan ikusi genuenez. Merkeena delako agian.
Jende asko zebilen atzo gauez Albelgako jatetxeetan. Herriko jende apala.
Borghetto - Loano - Pietra Ligure - Finale Ligure - Noli - Spotorno - Savona… herria herriaren jarraian, etenik gabeko etxe erreskada zirudien kostalde osoak. Haizpetik, itsasgainetik, tunelpez, haitz erraldoiek behartutako bihurgune ugariz, ikustekoa tarteka, ikusgarria… lasai gidatuz bidaiaz gozatzeko errepidea da herrion artekoa. Itsasertz atsegina da, trena eta trenbidea tartean sartzen ez direnean ikusmira itsutuz. Trenbidea egin zenean kriston astakeriak egin zirela dirudi: agian jauntxokeria asko egon zen, agian aurkako gutxi jalgi zen. Agian arrazoi biak elkartu ziren. Orain autopistekin gertatzen den bezala. Agian beste modurik ez zen egon, barrurago egiteko baliabide tekniko eskasengatik, hondartzarako zaletasun gutxiagatik, geroa inork aurreikusi ez zuelako, itsas ertzeko hondartzak desertukoak bezain mortuak zirelako, hondartza eraikuntzaren eta ekonomiaren ardatz ezten eta motor izango zela inori bururatu ere egiten ez zitzaiolako. Dena dela, agian arrazoi guzti horiei erantzunez, hor dago trenbidea itsasbazterra eta etxebizitzen lotura etenaz, handik honako oztopo, herriaren etorkizuna eta bizitza baldintzatuz. Helduko da garaia trenbidea bera ere beste leku batetik bideratuko dutena, herriak saihestuz. Arrazoi ekonomikoak akuilu izateko behar haina zorrotz bihurtzen direnean.
Herrialde guztietan antzera gidatzen dute hemen ere gidariek. Legehausteak egiten dituzte, ez Euskadin baino gehiago, ez gutxiago. Gidaria nolako gidaritza antzerako. Denetik dago hemen ere.
Genoa golkoa: dauden herri guztiok eta herri bakoitzak bere golkotxoa du hondartza babestuz, Spotornok ezik. Herriotako eraikuntzan ez da ikusten Espainiako Mediterraneoko erraldoi-keriarik. Ez dago 4 solairutik gorako eraikuntzarik, gorantz luzatzen ez dutena albora zabaltzen dute, asko hedatuz eta luzatuz herriok, errepideari eta itsasbazterrari jarraituz batez ere.
Itsasertza taxutzea da itsasertzeko herrietako lana sasoi honetan: hondartzak garbitzen ari dira, hondarra urre bihurtu asmoz. Estuak eta harritsuak dira hondartzak paraje hauetan ere.
Herri guztiek dute pasealekua hondartza gainean. Errepideko ke eta hotsez inguraturik ezin izan inolaz ere, baina, atsegina. Pasealekua baino gehiago oinezkoentzako hondartzarako pasabidea direlakoan nago. Hondartza gainean paseatuz ezin da itsasoaz eta hondartzaz disfrutatu, ezin baitira ikusi.
Iragarri gabe daude herri asko. Ez dago jakiterik non gauden, bidegurutzeetan herrietarako norabideak ondo iragarrita badaude ere.
Lehenengo egunean uste genuen autobiara zuzentzen zutela norabide iragarkiok, jadanik ikasi dugu gezi urdinek norabidea soilik adierazten dutela, gezi berdeak direla autoestradarako bidea esan nahi dutenak.
Euskal Herrian geundeke SV matrikulagatik ez balitz: dena da obra, dena galipoteroa, dena trafiko etena. Horratik, badute bere ukitu propioa italiarrek: gauerako bide hertsiagoa edo bide oztopoak markatzeko bonba dirudien eskubaloiko baloiaren tamainako pilota beltzak jartzen dituzte gauerako zoruan, asfaltoan, sutan gar ederra dariela, lehertzear dagoen bonba bailira.
Noli. Egunotan ikusi ditugunen antzera, Erdi Aroko herria da, zainduagoa, ormak hobeto hartuta eta pintatuta daude, bere txoko eta ezuste propioekin. Milagarren gizaldiko eliza erromaniko xarmant aparta, egituraz sinplea, formaz deigarria; orain aparkalekua den zubia ibaiaren gainean; gaztelua tontor baten gainean; harresiak herriraino; adreilu gorriko dorreak… Katedrala: eliza barruan Borghetokoaren antzerako beste bi kristo loratu, banda zuriz jantzita, loratuak koroiak, loratuak batez ere gurutze ertzak, metalezko txapa estanpatuekin lore zuriak bailira: badirudi Liguria Italiako Andaluzia dela; kanonikoen jarlekoak diruditenak elizaren luzera osoan bi aldeetan, bi ilaratan, daude: lehenengoz ikusten ditut horrela; dena marmol zuria den aldare erraldoiaren atzean ezkutatuta gelditzen da kanonikoen korua; baina gotzainaren zeremoni-aulki zoragarria, kilikagarria, aurrean dago.
“Piaza mariconi”, ez dakigu bere esanahia.
Ehorzketa bat ere ikusi dugu: begiak malkoz, samina da heriotza Italian ere.
Jubilatu ugari dabil, Insersokoa zirudien koadrila ere aurkitu dugu.
Arrantzale batel asko hondartzako tarte batetan, bertan emakume bat arrain saltzen.
Iñaki asko bere Kamerundik urrun herri guzti hauetan.
Garai hartan, guk zergatia usaindu ere egiten ez genuen elkar ezertarako ukitzerik ere onartzen ez zuen seminarioko “noli me tangere-ez ni ukitu” arauaren esaldia gogoratu dit herriaren izenak
Savona. Hiri handia. Nortasun handiko hiria. Handikia, tradizio handikoa. Eraikuntza klasikoak ditu erdigunean, beste aro bateko giroa sortuz. Arku altuko kale zabalak. Oinezkoentzako kale zabala, harlanduzko zoruarekin. Zirkulazio trinkoa. Mugimendu handiko hiria. Trenbide zaharreko trenbideak zeharkatzen du hiria. Portu luzea, garabi erraldoiak lanean. Gotorleku handia. Parke zabal eta luzea. Estatua erraldoia.
Zabalik daude eliza denak.
Savona erdian, kale kalean, 6 poney gordetzen dituen korta txiki bat: kalera jotzen dute; bere ateek; etxe gutiko kalea bada ere trafiko handia du, han daude zaldi nanook bere kortan
Maiatzaren 16a. Asteartea. 6.a
Egun bakoitzak du bere zertzeladatxoren bat betikoari eten bat eraginez:
- baso-basoan baikaude egon ere, nahiz nolabait gizartekotutako basoan, gazta usaiak erakarrita edo, piztiaren batek bisita egin digu bart.
- larbak agertzen zaizkigu paper eta liburu azpietan.
- lehenengoz ikusi ditut aurten katakiak (enarak).
- hegazkintxoa aireratu da hipodromo ondoko aireportuan.
- berriz ere lainotu zaigu Liguriako zeru euritsua.
- zaldiak gurditxoak tiratuz dabiltza beheko zaldi lasterketarako pistan, urrutitik emozio handirik ez badu ere.
Horiek izan dira goizeko ikusmin puntuak.
Gosarian kaferik ez hartzeraino ahuldu du M. Luisa katarroak.
Joan den egunetan, Erdi Aroko giroan, hirietako bakardade isilean, oinezko ibili liluragarrien ondoren, mendiarteko bakardade isil berdea izan dugu lagun autozko ibilaldian. Mendiak eta mendietako herri xume zaharkituak izan dira gure ikusmina bereganatu duten protagonistak; lainoak lausotu dizkigu ikuskizuna zitezkeen inguruak.
Mendi handi garai eta zabalak, etengabeko errekarro sakonak sortuz; dena da baso gaztea: gaztainondo akazia eta haltzak; bizirik badaude ere ez dira Sakanako pagadi eta harizti mardulak; ez da txara, baina txara itxura duen zuhaiztia da; zuhaitz mota asko gehiago ere bada, ezagutu edo zehaztu nahi genituzke, baina atergabeko euriak ez digu uzten hurbiletik begiratu eta bereizteko autotik jaisten; harkaitz izugarriak ditugu tarteka gainetik eta tarteka azpitik, pendiz garaiak sortuz, amildegi gainean edo azpian baitoa bidea.
Mendi magal garaietako baso erdian galdurik daude herriak, kale bakarra dira, basoaren ezker eskuinera edo eskuin ezkerrera luzatuz; etxeak marroi argi edo krema kolorez pintatuak daude; herri zaharkituak; bizi da oraindik bertan jendea zenbat diren antzik ematen ez badiogu ere. Errepide zabala doan lurretan beste bizitasun bat dute herriek, goian eta urruti egon arren ere. Mendiotako hauek bizirik diraute, baina ia kaminorik ere ez duten herriok hilda daude, jendea bizi bada ere. Ala bizitza apal horiek dira bizitzarik gozagarrienak!. Berezia behar du izan hemengo jendea. Nahitaezkoa mito eta legendak sortzea.
Mendi malkartsuak izanik, lur landu gutxi dago, txikiak dira baratze eta ortuak, denean. Ohizko granjarik ere ez dago. Izanen da larreko behirik ikusi ez badugu ere, basoa izanen dute larre.
Merkeena delako, agian praktikotasunagatik, ez delako sorora edo basora aizkora sega eta tresneria eramateko asko gehiagorik behar, motokarroa da tresna mekaniko ugariena: motokarroz doaz basora, ortura edo soro urriotara. Traktore txikitxo bakarra ikusi dugu gorta edo portale antzerako batetan.
Negurako egurra pilatzen dute hemen ere, Sakanan antzera.
Ibiliaren ibiliz, han-hemenka, denean aurkitzen dira bitxikeriak, txoko eta eraikuntza xarmantak ere bai. Gaurko euripeko arboladian hiru orduzko auto ibilaldi lasai geldoak xarma berezia izan du, ia inon geratu ez bagara ere. Inorekin hitz egin ezin ahal izatea da gogorrena: beheko biztanleriarekin hizkuntza da batez ere oztopo, goiko herri bakartiotan hizkuntzaz gain ez gara nor beraien bizitza eta intimitatean sartzeko, herritarrak agurtu eta ase gabe gorde behar dugu misterio kutsuak sortzen duen jakin-mina.
Castelbianco. Herri honetan ez dago gaztelurik, herria bera ere ez da zuria.
Nasino. Zubi erromaniko xarmanta du eta bertako janaria iragartzen dute jatetxe ugariek.
Alto. Mendi goian dagoen herri garbia: gaztelua, eliza handia, eliza txiki pottoloa, baina batez ere gurdi zabal samarrik ez idi-parerik ere bertan pasa ezin daiteken etxe zaharkituek osatzen duten kale luze estu irregularra. Harriz ez ezik, kondairez ere antzinakoa: istorio latzak dituzte bere legendetan, kaskezurrak erdibituzko hilketa erritualak kobetan, harrizko sakila beste koba batetan, hileroko 7an herriko emakumeetako bat bisitatzen du Amabirjinak bostak aldera kanpai hotsa entzuten delarik... Bakardade eta inguru hauetan dena gerta edo dena asma liteke.
Caprauna. Goi eta behe, etxe zaharkituak dituen kale luzea hau ere: misterio kutsua zuen bakardadeko lainope bustian. Dena lauso, ezer gutxi ikusi ahal badugu ere, nabari dira bere garaian zapalda landuak izan ziren lur-mihi lauak: zelai gutxiko nekazarien lur landua lortzeko herrialde guztietako teknika.
Colle Caprauna. Euskal Herriko aldatsak jostailuzkoak dira hemengoen ondoan. Galipotezko zoru ona du. Errepide estu samarra. Auto bakarren bat besterik ez dugu gurutzatu. Zoragarriak behar zuen ikuspegiak malda hauetatik eguraldi garbiarekin.
Ponte di Nava. Etxe berri batzuk besterik ez, herri galdu zaharkitua, ikusitakoen eredu eta ezaugarri.
Torinora doan errepide berritu zabala, jatetxe ostatu eta aterpez bizitasuna darion ingurua, mendizale edo igande-pasako probintziano askori esker bizi den aisia lekua.
Pornasio. Eliza zahar eta zaharkituak soilik ematen dio xarma.
Pieve di Teco. Denak zapatari ziren herri honetan, ia artisau ere ez da azken zapatari bakarra. Harlandu zabalez zorua, arku puntazorrotzez alboak, bobedadun sabai garaiez arkupeak, herriko hezurdura den kale luzeari trabeska sortzen diren horma-bularrez elkarri heldutako kale estu atseginen artean eliza erraldoia da zer deigarria, kontrastez.
Pogli di Orfovero. Karretea bukatzeko Elizako dorre estu luzea baino beste gauza handirik eskaintzen ez duen patxadako herria.
Errepidean istripua zela-eta “argienak” hartu duen bidexka batetik jo dugu denok; kontrabidekoekin ezin gurutzatuz, istripu arazoak sortuz eta luzarorako nahasmena sortuz.
Espainia ederra izan behar duela uste duen kanpineko sukaldariak zezenketa du ametz.
Bikote heldu batek ezin du ulertu nola etorri daiteken Espainiako berotik paraje hauetako hotzera.
Euripean ere pozik, deritzona lasai egitean dago zoriona.
Liguria, sartaldeko Rivierak, eman digu berea. Berdea da Liguria, izan behar, hainbeste eurirekin, Euskal Herriak bezala. Katarroarekin ordaindu du M. Luisak hemengo berdetasuna.
Maiatzaren 17a. Asteazkena. 7.a
Goizeko 6ak eta erdietan bota digu Liguriako agurreko azken zaparrada, 10etan eguzki ederrean goaz errepidetik sortaldeko Riviera zeharkatuz. Garaiak izaten jarraitzen dute mendiak, basorik gabekoak, berdexkak, laster gorrituko diren udaberriko belar berdekaraz. Egunotan itsas bazterretik ibili ditugun herriak, ibarra barrenean zabal hazita ikusten dira autoestradatik. Beheko haranean fruta-arbolak, ortuak, burdina-egitura sendoa duten kristalezko negutegiak.
Tunela tunel ostean, eta tartean zubi-bidea; edo alderantziz, zubi-bidea zubi-bide ostean, eta tartean tunela; tunel eta zubi-bide izaten jarraitzen du autobiak. Geldigune ere ez dira, baina geratu ahal izateko karril bat gehiagoz zabaltzen da errepidea, tartetxo ugariak dira, motzak baina ia jarraian. Genoatik gertuan hiru karril ditu autoestradak, asteburuetan kostaldera ateratzen den jendetzaren adierazgarri. Kamioi asko eta auto handiak dabiltza, baina ez da Frantzian Europarantz ikusi genuen trafiko astun trinkoa. Bertako kamioa da batez ere heen dabilena, kale artean eta semaforoz semaforo ez lirateke sekula santan inoiz inora helduko garraiolariak.
Genoa. Egun eguzkitsuan alaiagoa izanen da segur aski; etxe okre zaharkitu antzekoek hiri handi eta ilunaren itxura erakutsi digu gaur, herri industrializatuek duten giro ezatsegina. Burdinazko erraldoia bata, erlikia bezala utzitako harrizkoa bestea, bi zubik trabeskatzen dute oso garai sarrerako auzunea. Ondoren portu hegalean hasi dira eraikuntza erraldoi modernoak. Badia dena da portua, izugarri zabala, lanerako erabilia, non oinezkoak ez duen lekurik tartetxoren batean ez bada. Zaharrerantz goazen neurrian itxuraldatuz doa hiria: palazio, eliza, dorre, gazteluak kale artean etxeen gainetik gailen. Eliza moderno ugari, kontrastez.
Film amerikanoetan ikusten diren parking horietarikoa suertatu zaigu, “autosilo” deitzen diote; hiru solairukoa, gora eta behera egiteko bira besterik ez den tutu biribil erraldoia, daratulua bagina lez norbera jiratuz igotzen den eskailera biribilaren tankerakoa. Pertsekuzioa besterik ez zitzaigun falta. Okre kolorekoa. “Payant” nola ez.
Genoa itsusia zela esan zigun edertasunaren iritzi ezberdina duen norbaitek. Zaharra bada izan Genoa, itsusia inola ere ez. Izan handiko herria da, xarma berezia du. Bizia lehertzen da Genoa zaharrean. Marrakexeko zokoak gogoratzen ditu. Dena da denda: mota denetariko dendak, dendaz josiak daude kale eta kalexkak; inurritegia irudi, jendea gora eta behera, genoar merkataritzako aro famatuko giro bera, inguru berdinean: jantziak, salerosketa gaiak, agian hizkuntza bera, aldatuko zen, giroa berdina behar zuen izan. Arrandegiak, ortuariak, haragia, erabilitako liburuen saltzaile postuak, eta zulo beltz diren tabernak. Jantzi dotoreak. Pasta asko jaten da, paraje honetan behintzat, dendetako aukera ezberdinak ikusiz; 15 pasta ezberdin kitzikagarri artisanalak kontatu ditugu jantoki bateko erakusleihoan. Denda dotore asko dago, baita txosna antzerako saltoki ugari ere. Denetik saltzen da, ez da han saltzen ez den salgairik, ez dago ezer Genoan aurkitu ez litekeenik.
Colonen garaian, genoarren borroka sasoian, oraintxe den bezalakoa izango zen kaledi hau: Erdi Aroko eta gaurkoa biak batera bizi izan ditugu kalean gindoazela imajinazio handiren premiarik gabe. Kalexka estuetan sartu eta kale-artean eta jendartean galdu, hori da hemengo zeregin atseginetariko bat. Kale hauek jendea behar dute, horren egiten ditu atseginak, joan den egunetako herrixketan bakardadea, kaleetan norbera bakarrik norbere oin hotsak entzunez ibiltzea zen bezala ibiliaren atsegina.
Jendeak ematen dio bizia kaleari Genoan. Eguerdian dendak itxi dira, kaleak hustu dira, eta xarma guztia galdu dute kaleek, tristeak, hilak, bihurtu dira.
Herri handia izan zen Genoa. Bada eraikuntza ederrik. Estilo askotako palazioak, museo edo erakustoki bihurtuta batzuk. Bankuek jauregi asko dute bereganatuta bulego lanetarako: bazen bat zoragarria Banketxe bihurtuta, bobeda pintatu ederrarekin. Berritzen ari dira kale estuetako fatxada asko. Kolore eta irudiz loratuak daude Errenazimendu arokoak uste ditugun palazioak; leihorik ez dagoen ormetan ere benetakoak, errealak, diruditen leihoak daude pintatuak, ormatzarrak biziberrituz. Lehenengo Avignonen, ondoren Bilbon bertan ere ikusi izan ditugu; ormak itxuraldatze hori ez da beraz gaurko asmakizuna. Zaharkituak, ajeatuta, daude bere denboran dotoreak eta ederrak ziren hainbat eraikuntza, zainduak arren: hauen garaia joan zen, galdu dute bere grazia, gaur hondakin gelditzen dira: itxura eman dioten baina zaharkitua dagoen iturria... Hirirako sarrerako ateak, aldiz, bi dorre alboetan, ederra dirau urteen aje eta guzti.
Dukearen etxea: atea eta balkoia ditu naturalak, beste dena pintatuta du, harria barne. Hori bera errepikatuko zaigu kostaldeko herriak zeharkatzerakoan. Leihorik ez dagoen ormetan pintatu egiten dira leihoak. Leihorik gabeko etxea ez zen nonbait etxea, eta horretarako pintatu egin behar dira, etxebizitza batek leiho asko behar du izan nahiz pintatutakoak, engainuzkoak, iruzurrak izan; margootako barandari pintatuak, balkoietako barandak alajaina, errealak dirudite. Ez zitzaizkien, nonbait, gustuko orma biluziak. Politak gelditzen dira nolanahi etxeok.
Gaur ere hiri garrantzitsua, Italiako nagusienetarikoa da Genoa, baliabide modernoz osatua. Badu eraikuntza moderno ederrik. Izugarri zabala da, etxe berrien auzune jendetsuak ditu, Azoka Eraikuntza famatuaren ingurukoa bezalakoak, etxe dotore eta kale moderno zabalez osatuak.
Erditik gorantz zabaltzen diren zurezko barren-leihoak dira deigarri.
Tea melokotoiarekin hartu dut. Gustagarria.
Hiru ordu eder pasa ditugu Genoan.
Kostaldeko errepidetik sartu gara Golkoan behera.
Nervi. Genoako hondartza-gunea izateaz gain zubi erromaniko xume baina dotorea du.
Etxe politeko herri politak dira kostaldekook. Erraldoikeriarik gabeko etxeak, lehen Zarautzen hondartza aldera zeuden haien antzerakoak, baina hemen ez dituzte bota, etxegileak beste era batera aberastuko baziren ere, mantendu egin dituzte bota gabe: xarma gorde duten herriak.
Ilunak eta harritsuak dira hondartzak.
Lur barru ingurua dena da baso; izugarria. Etxe bakarrak, elkarren hurrean; bakar eta elkartu gabe dauden etxeok osatzen dituzte herriak, ez dute etxegunerik osatzen.
Jatetxe politak ikusten dira: gure herrietan jatetxe berri bat jarri behar duenak, edo dekoratzaileek, bueltatxo bat egin behar lukete hemendik beste lurraldeetan ze irtenbide ezberdin eman dituzten ikusteko, ze aukera dauden jakiteko. Azukre ontzi bereziak aurkitu ditugu taberna batetan, ez gureetakoak baino garestiagoak, imajinazio handiagokoak bai ordea.
Hemen dabil trena, itsas kontra, Katalunian bezala, beste lekurik ez duela eta.
Moto-karroa da errepideko gure betiko laguna.
Olibondoak eta olioa lirateke Liguriako ezaugarri.
Zikloturista batek KAS kamiseta darama: noiz eta non lortua ote hain aspaldikoa izanik.
Camogli, Rapallo.
Chavari: bertan geratu ez garen herri handia.
Sestri Levante…, herri izenak ere politak.
Nekea arintzen dio autoestradak bide luzeari.
Carrara, marmol zuria da mendietan elurra uste genuena.