Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/01/11 10:41
Italia 95. Trento, Rendena bailara:S.Piazzo eta S.Vigilio ermitak, Genova bailara, Paso Campo Carlomagno, Dolomitak, Gardena bilara, Paso Garodena, Belluno probintzia, Paso Campolongo, Paso di Falzzanero, Cortina D´Ampezzo, Paso Pordoi, Paso Costalunga.

Ekainaren 9a. Ostirala. 30.a

 

Trentora bideko bailara:

Ezin daiteke autoestradan luzaro bizkor joan: lanak tarteko, bi aldiz jarri gaituzte 60 kilometroko abiadan eta norabide bakarrean.

Europatik datorren kamioiz lepo doa errepidea: asko, handiak, bizkorrak, ikusgarriak.

Mendia, basoa, ibaia, errepidea, trenbidea, autobia,  herriak, fruta-arbolak… kilometroetan.

Euskal Herriaren antza du tarteetan: berdeguneak maldetan pinu artean eta etxe zabal bakartiak berdean zuri: elizak eta etxeak hurretik ez dira, baina, Euskal Herriko berdinak.

Estutu egiten da bailara tarte batean, haizpitarte antza hartuz, ondoren zabaldu egiten da berriro, baina aurreko fisonomia gordez.

 

Euskal Herrian ez da faltako gertakizunik egunotan: alkatetzak, diputazioak, politikakeria... Zorionez ez gara ezertaz enteratzen.

 

Trento.

Kontzilio famatuko kokagunea, ia trafikorik ez dabilen hiri lasaia, zaharra, baina ez zaharkitua, edozein kaletik ikusi daitezkeen mendiz inguraturik.

Piazza du homo: eliza, palazioa, honen aurrean pinturak dituzten etxeak, Neptunoren iturria; plaza ederra da, patxadakoa, baketsua, lasaia. 

Palazioa: plazarekin estiloz bat datorrena, bai eraikuntzako harri motetan bai  erromaniko lonbardo jitean. Erromanikotik gotikorako trantsizioa dirudi erromaniko lonbardoak.

Sta. Maria Maiore edo Duomo: eliza berezia, oparoa:  Kanpo aldea: arku-ilarak, leihoak, errosetoi erraldoiak, dorre erromanikoa; lehoi gainean daude hemen ere sarrerako aterpeari eusten dioten zutabeak, gizakume baten bizkar gainean dago, berriz, hegoaldeko aterpeko zutoin bat: zutoina bera erdian korapilo dotorea egiten duten lau zutabe borobilek osatzen dute; marmol zurizko teilatu ederra du alboko ateak. Barrua: ikusgarria da aldare nagusiko koloreetako marmolezko dosel edo errezela; eskailera luze arkudun pikeak, atentzioa deitzekoak, dira korura daramatzaten bi eskailerak, baina batek bakarrik du sarrera korura, bestea simetria betebehar hutsa betetzen du; goi-goian dago koroa, ia ez da ikusi ere egiten, baina taila ederrak ditu; Trento Kontzilioko erabakiak bere aurrean zin egin zituzten gurutzea dago kapila batean; tamaina guztietako hilobiak; irudi tailatuak, beraien artean Amabirjinaren bat oso ederra; pinturak ormako zati batean, harri bizian pikatuta daude beste orma denak; lehengo  eliza baten hondakinak ikus daitezke zulo batetik zoruko zati batean; zorutik isolatuta daude bankuak, hotz egiten duen seinale; zutoin oso sendoak, tailatuak, dira kanonikoen koruko aulkiteriaren bururakoak, hoberik ikusi badugu ere.

Palazioak: asko eta ederrak; palazio bateko horma batean burutxo tailatu pila ageri da hormatik burua atereaz bezala, efektu kuriosoa sortuz.

Asko errepikatzen dira marmol gorrizkoak diruditen  diruditen baina pintura soilik diren balkoitxoak.

Arkupe eder luzedun kalea, saltegi eta erakusleiho oparoekin.

Trentok ere badu bere euskalduna: San Franchesco Saverio, bere izeneko elizako ateburuan dago.

Hemen ere, Tirolen lez, kolore ezberdin anitzez pintatutakoak dira antzinako etxeak.

Trentoko seiluek badute kola.

Seguruenik bere delitu bakarra pobrea izatea izango zuen magrediar bat zekarten atxilotuta poliziek kalean.

 

San Kristobalen marrazki pintatuak errepikatzen dira asko Tirolen eta Alpe inguru guztian: bidarien zaindaria da izan ere, eta Alpeak pasagune izan dira beti, pasagune zaila gainera garaiera eta elurragatik.

 

Bailaraz bailara goaz, haizpean doan errepidetik, bertakoa den etenik gabeko berdetasunez inguraturik, itxuraz bertan behera utzitako belar zelaiak ditugu alboetan. Herri asko, txukunak, aratzak, garbiak, alaiak, ondo zainduak, kanpotarrak hartzeko gertatuak,  kanpotarrok hartzetik bizi direnak.

 

Brenta mendi-sailaren erdian gabiltza, baso barrutik. 

 

Toblino lakua, lakutxo polita, haitzaren azpian.

 

Bidaia goxoa da. Inguruko mendiak kare-haitzak dira baina ez Anboto, Aizkorri edo Izarraizkoen bezain zuriak, ilunagoak, gorrikaragoak, beltzaranagoak.

Gehiegizkoa da tunelena, ezker-eskuinera biratuz tunel barruan, bihurgunez bihurgune, doa errepidea bide luzean, ikusgarria: bat batez ere, alde berdinera ia borobil erdia egiten duen tunel luuuuuuzeeeeeea.

Aldatuz doa basoa, izei basoa da orain, ia arratsalde osoko kilometro luzeetan ez dugu besterik ikusiko. Izei gizenak eta garaiak.

 

Rendena bailara

S. Piazzo: ermita, 9. gizaldikoa: pintatuta ditu kanpoko ormak: uste nuen Errumanian Suceava lurralde inguruko Voronet, Humor eta abar zirela bakarrak, baina hara non bailara honetan ere oso zabalduta dagoen elizak kanpotik pintatzeko kultura; dorre garai polita du.

 

S.Kristobal agertzen da eliza denetan, bidaiari asko zebilen nonbait hemendik.

Hemen ere egur asko dago ebakita eta pilatuta etxe kontretan: gasa edo petrolioa ez da oraindik hemen sartu Etxarrin bezala.

Etxeek, berriek batez ere, zurezko balkoi oso landuak dituzte.

 

S.Vigilio ermita. Herioaren dantza makabro zirraragarria horma pintatuetan: herioa irudikatzen dute eskeletoek, buiraka bizkarrean, gezi gorriez alderik alde zulatzen dituzte erreskadan dauden giza maila guztietako ordezkariak, hauetako bakoitzak zer dioen idatzita dago buruen gainaldean: zoragarria.

S.Kristobalek ere ezin zuen huts egin ermitako horma batean.

Ganbara irekia dute aurrealdera etxe askok, baranda batekin: ortuariak lehortzeko segur aski.

 

Genova bailara

Goi goian, arbola tarteko haitz punta batean bertara nondik igo ere asmatu ezin daitekeen etxetxoa dago bakartiago ezinik.

 

Nardis, 100 metrotik gorako ur-jauzi izugarria. Liluragarria da  beheko erreka berde urdinaren eta ur-jauziaren ur-hotsa, are gehiago  izei erraldoiez inguratuta. Bertarako bidea bera izei arteko tunel berdea da, inguruak ematen dion berdetasunez berde  bera ere, erreka zoragarria alboan doala harri zurien artean kantari.

 

Adamello-Brenta. Naturgunea. Mendian gora zeharkatzen du errepideak; egurrezko teilatuak antzinako etxe eta txaboletan;, zurezko tailak. Ikuspegi izugarriak ageri dira izei artetik.

 

Paso Campo Carlomagno. 1676 metroko goieran, alboetan dena da mendi, dena ibilbide, mendikarak egiteko aukera izugarria. Neguan eskiatzeko aukerak ere bai, arrasteek erakusten dutenez.

Trentinotarrek badute bere Karlomagnoren legenda, baina hemendik pasatu egin zen soilik, ez zioten Roldanik hil Orreagan nafarrek bezala.

 

Bailara berri baten ikuspegi ederra dugu, zabala eta berdea hau ere. Izeien artean jarraitzen dugu menditzarretan. Teilatuak txapa edo antzerako zerbaitekoak dira, nahiz teila ikusten bada ere.  Ia ez dago fruta-arbolarik. Erreka bai, hor doa, bizi bizia. Erromaniko-lonbardo estilokoak dira elizetako dorre asko. Nekazari herrien itxura dute herriek, etxe apalak, ez dira bizi kanpotarrengandik.

 

Tovel lakua

Izugarrizko harritzarrak daude  heldu aurretxoan Teiden laba bezala, menditik eroriak, agian uholde edo ur-jasek ekarriak: harrizko lakua dirudi.  Lakua bera, 1178 metrotako garaieran,  izeiz inguratua uretaraino, ez da handia, elurrez zuri daude osteko mendi garaiak. Laku atsegina. Polita behar du izan garaiz eta lasai etorriz bide zidorretatik oinez inguratzea.

 

Oso egun polita izan da Trentino lurraldeko eguna.

 

 

Ekainaren 10a. Larunbata. 31.a

 

“Marin” markako txirrinduak zituzten alemaniar batzuk.

Erasokor eta haserreti bihurtzen dira oso baketsuak diruditen txakurrak, beste beraietako bat inguruan agertzen denean.  Bere esparru propio konpartitu ezina txakurrek ere.

Gutxienez 10 motorrek osatzen zuen motorista banda. Lasai jaso dute  kanpamendua: norberari ere patxada damaiote: erritmo patxadatsua, kontua eta irribarrea, zigarrotxoa eta denda tolestea, motoari ukitua, motoari buruzko autua, mono beltzez janztea, gerrikoak lotzea... dena ibilia eta ohituren poderioz idatzi gabeko  jarduera finkatua, erritoa. Beltzezko janzkera edo  estalki makabro horren barnean egon behar du portaera lasai hori baldintzatzen duen barne oreka bat. Anaitasuna erakusten dute motoristok bai koadrilako harremanetan, baita kanpinean gau baterako fortunatu direnen artean ere.

Bada txakur motorista bat ere, sidekarrean doa, belarri eroriko burua zut; gustura dirudi bidaiari ekiteko. Moto-kideak denda jaso duen tartean  argi egon da denari eta denei harriduraz so, agurtzera zetorkion guztiari adi, txakurra bihurtu baita motoriston maskota.

 

Hizkuntza balitz nazio baten ezaugarria,  Adiggio Garaia lurralde hau ez litzake italiarra izango. Egon behar du nolabaiteko haustura, egonezin edo kontraesana herri honen baitan, azaltzen ez bada ere; politikoki italiarrak,  baina hizkuntzaz , ohiturez eta kulturaz alboko Alemania edo Austriaren kide baitira.

 

Dolomitak

Laino euritsu malapartatuak zapuztu dizkigu urteotan amestutako Dolomita, Pordo eta Marmoladako ikuspegiak.

Bailarak bata bestearen segidan, gorantz edo beherantz norabidearen arabera, baina beti aldatsean; kanpotarrentzat edo kanpotarrek eraikitako etxeak errepide alboko herrietan; bitxikeriak izaterainoko zur landuzko balkoiak, batez ere hoteletan;   dena izei beltz eta izei  zuri berde argi sartu berriak tarteka; belar hasi ebaki gabez utzita bezala belar zelaiak mendi magaletan edo tarteka zabaltzen diren ibartxoetan; animalia arrastorik ere ez, zertarako diren antzik ematen ez diegun mendi magaleko berdegunetan teilatua ere zurezkoa duten  egurrezko txabola txiki asko; lainoak estaltzen dizkigun tontorretarainoko eskiatzaileentzako garraio-gailuak, haitz puntetan tarteka soilik ikusi ahal ditugun metalezko dorreetan gorantz zintzilik.

 

Ia ikusi ere ezin ditugu egin Dolomitak; izugarriak dira laino tarteetan ikusitakoaz asma dezakegunez. Lehen harkaitzak ez digute eraginik sortu Anboto, Izarraitz edo Aizkorrin antzekoak ikusi ditugulako, baina gureak bider hogei handi dira hauek bai zabaleran bai luzeran, garaiagoak ere noski. Azpitik begiratuz gure betiko haitz garaiak ikusten dira, behin ere bukatzen ez direnak ordea.

 

Pasoak: errepideotako gainak.

 

Kilometroak gora eta kilometroak behera  ia 180 graduko biretan aldats izugarri luzeak, ume batek  arbeleko jolasean  marraztutakoak bailitzan, bihurgunez bihurgune.

Garaiak dira mendiok, %15-16-17ko portzentaiako aldats pikoak,  berdegune eta malda nahiko leun-bigunetan doazenak, behin ere ez amildegi gainetan edo pendiz ertzetan, ez dira inola ere trokarteko bideak.

 

Oso morokil datoz ibaiak. Ezin daiteke izan kutsadurarena, ez dirudi ere hainbesterainoko euririk egin duenik. Ibai ertzetan palak, ez dakigu zein lanetan, ari direnez, tramankulu horiek izan daitezke uren lur-kolorearen arrazoia.

 

Herriak:  dena denda, dena hotel, dena jantoki, dena negozio, dena dotoreziaz eta fineziaz egindakoa.  Etxe berriak, etxe zahar berrituak, etxe dotoreak, etxe ikusgarri asko. Tirol ezaugarriko etxeak. Ostatuek dituzte batez ere gotiko hizkiz egindako idatziak eta marrazki linealak kanpoko ormetan, lurraldeko ezaugarri. Hotelek ere badituzte pintura ugari,  politak. S. Kristobal asko, bidaiari asko ibili baita mendialde hauetan veneziarrak merkataritzan zebiltzanetik. Bide zahar batean, ibai zabal baten gainean,  aterpe-eta guztiko egur ilundutako zubi oso dotorea aurkitu dugu. 

Leridako Noguera ibaien inguruko izugarrikeriak eta arrunkeriak gogoratzen ditugu. Tirol aldeetako herri honek Espainiako herri gehienek ez duten barne dotoretasun, kezka, esperientzia, agian tradizioa erakusten dute. Espainiakoa, Euskal Herrikoa ere, gehiegizko kirtenkeria da, ezeren axolarik gabe merkeegi aberastu  nahi duten sentsibilitaterik gabeko dirudun eta agintarien tradizioa.

 

Laino madarikatua izan dugu eguneko lagun, ikuspegia urrituz, euriaz blaituz, jelaz hoztuz. Egun osoko zaparrada. Ia gorroto ditut lainoak, kanpinez aldatzean denda lehor bildu ahal izatea besterik ez dugu eskatzen, ia eguzkirik ez eskatzera heldu gara. Badaezpada ekarritako arropa lodiz jantzita gabiltza, ilusioz ekarritako udako jantzirik ez du ukitu ere egin M. Luisak.   

 

Gardena bailara

Ezin esan Euskal Herrian ez gaudenik, errekatxo eta errepideen alboetan haltza, mota guztietako zuhaitzak… dena berde.

 

Ortisei. Polita da ikusteko, baina ez zaparradapean ibilalditxoa egiteko. Deigarria zen atletismorako  pista gorri bizia inguru berdean kontrastatuz. Deigarriak ziren ere zaldiko-maldikoak euripean.

 

Ertz lausotuzko isla etaa soslai iluna ikusi soilez ere, ez da zaila antz ematea zenbaterainoko erraldoiak diren mendiok.

 

Paso Gardena

2.137ko garaiera, 5 graduko hozberoa, izugarrizko tontorrak alboetan: ez da hain bitxia, handitasunagatik ez bada, antzerako tontorretara ohituta gaudenontzat. Ez dira kare-harri zuriak, gorrixkak baizik. Ardi eta zaldiak falta zaizkie zabalgune hedatu berdeei. Aralar edo Urbiako nostalgia hori izango dugu eguneko Paso guztietan.

 

Txirikordatutako bihurguneek biltzen dute mendi berdea goitik beheraino. Hesolazko hesiak mendi magaletan elur-jauziak errepidera eror ez daitezen. Hesitxoak teilatu gainetan ere elur erorketak ekiditeko nonbait. Izei askok eta askok likena dirudien mintz antzerako zerbait dute, gaitzen bat da nonbait zeren ihartuta ez baina oso makal agertzen baitira.

 

Dolomiten bihotz- bihotzean, Dolomiten eguna dugu gaurkoa, euripe lainopean bada ere. Gorbeia, Aralar edo Aizkorri  lirateke Dolomitak, baina bider 20 handiagoak; turistarentzat eta kirolarientzat komertzializatuta daude hauek; mendi industrializatuak, industria bihurtuta, dirua egiteko tresna, hotel, jantoki, teleferiko, garraiagailu eta beste mila negozioz.

Errekatxo bat bera ere ez 2.000 metrotara, ur haritxoa besterik ez dagoen lautadatxo batean, gizon bat jaitsi da autotik arrantzarako karrete eta guztiko kanabera batekin Deban bailego: ze demontre egin edo harrapatzen ote du hor goietan. 

 

BELLUNO PROBINTZIA

 

Trento-Adigge Garaia edo Trentino Subtirol utzi dugu, Venezia lurraldean sartu gara.

 

Paso Canpolongo, 1875 metro.

 

Bizitokia da etxeen erdia, egur, tresneria eta antzerakoak gordetzeko osagaia beste erdia; bi eraikinek  betetzen zituzten bi funtziook, bizitokia eta osagaiena, aurreko zonaldean; teilape berdinean biltzen dira hemen, teilape berdineko etxe erdia da hemen han alboko eraikina zena.

 

Arabba, mendiarteko zabalgune batean kokatutako herria, 1500 metrotik goran, aldatzean. 7 graduko hotz-beroa zuen gaur. Hainbat konnotazio edo oroimen-lotura ditu guretzat izenagatik.

 

Errepide oso ona, interes ekonomikoak daudenean, negozioa tarteko denean, komunikabideak egin egiten dira, baita horrelako mendiarte erraldoietan ere. Fedeak ez dakit baina diruak bai  mugitzen ditu  mendiak, hemen behintzat mendi asko mugitu behar izan ditu errepide hauek egiteko. Veneziako merkatarien diruak.

 

Giroko txirrindularien etapa mortal horietakoa tokatu zaigu ibilia, auto barruko epelak giroa ezberdina egiten badu ere.

Herriak bizi dira mendi galdu hauetan; turismorik ez zegoenean ere hemen bizi ziren.

Trokoteetan ebakitako su-egurrak, toles pilatuta, ohiko plastiko edo uraliten ordez, orri eta abarrez estalita daude, urik pasa ez dakien,  arazoei konponbideak naturak berak eskaintzen dituela erakutsiz.

EI hizkiz bukatutako herri asko dago: Oretisei, Canasei, Sei edo antzeko bat... Esanahiren bat duen atzizkia da nonbait.

 

Lainoak zerbait arintzen direnean tontor elurtu izugarriak ikusten ditugu geure gain gainean. Zoragarria izanen zen egun eguzkitsua izan bagenu.

 

Paso di Falzanero. 2.117

 

Cortina d`Ampezzo, mendi magalean, aldatsean, zulo batetan, trokartean, hiru errepideko bidegurutze izateak  eman dion  garrantzia eta aukera erabiltzen jakin izan duen  herria. Kanpai-hotsez hartu gaitu. Zabala da, badu lehengo erdigunea, baina zeharo berrituta dago. Antolakuntza handia du, dotorea, ikusteko atsegina, gustuz egindakoa.

 

 Cortinan aurkitu ditugu hainbat denboran eta lekutan bila ibilitako zeramikazko lanparak. Egon behar ziren nonbaiten eta egon zeuden, Anpezzora arte aurkitu ez baditugu ere.

Cortinako gasolindegian: “Espaiñoles, de Zaragoza?” gure matrikula SS delako edo. -“Baschi?”. -“Navarra, San Sebastian, Bilbao, io he estato alli. Pueblo baschi”.

 

Bueltan,  Arabbara bidean,  gozatu ahal izan dugu inguruko tontor elurtuez, tartekako argiunetan.

 

Cortina-Pordoi-Marmolada,... Venezia probintziakoa da Dolomitetako zati handi bat.

 

Paso Pordoi, 2239 metro.  Gain-gainean, autobuskada inserso japoniar!!!.

 

Paraje ikusgarriak. Mila eta bi bihurgune, izugarriko gainbehera edo desnibela du alde bietako igoerak. 33 tornati Arabba aldera, 27 tornati Cortinarantz: horiek ia bira osoa direnak dira, errepidea beregan kiribiltzen direnak, ia ia borobilak, bestelakoak auskalo zenbat.

Egurrezko pasabideak dituzte eski pistek  errepide gainetik.

 

Canazei, turismotik bizi den alpeetako paisaia eta herria hau ere.

 

Monzon herria hemen ere, Vigo di Fasara bidean.

 

Paso de Costalunga. 1753 metro, mendi tontor galantak ditu honek ere inguruan.

 

Debekatuta dago perretxikoak jasotzea Nafarroako hainbat herritan bezala.

 

Bolzanotik gertu,  desfiladero edo mendi-zintzur zirraragarria, ehunka metro garaierako bi harkaitz-orma plomuan alboetan, ozta-ozta erreka eta errepide estuei lekua utziz, bihurgune eta guzti kilometrotik gorako luzeran. Gaztelua harkaitz tontor batean.

 

Autoestradarako egindako ebakidurak ondoren, kilometroetan: deneko gaitza.

 

Beste mila xehetasun eskaini dizkigu Dolomitetako etapak, errepikatuak baina beti berriak, interesgarriak, politak: tontorrak, S.Kristobalak, etxeak, balkoiak, basoak, errekak... dena da ezberdina, antzerakoak iruditu arren, aspertzeko  aukerarik gabe.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.