Bidaiak
Ekainaren 6a. Asteartea. 27.a
Italiako ertzeraino heldu gara, beraz etxerako itzulerari ekinen diogu, etorrera bezain luzea izanen da. Goragotik baina bueltan goaz, bidaiak berak besterik erakusten ez badigu behintzat.
* Benetan dorre-orratzak dira hemengo dorre gehienak, zorrotzak eta luzeak.
* Padovatik Vicenzara lehen aldiko inpresio berbera errepikatzen zaigu: paraje dotorea kamioi trafiko izugarriarekin.
* Trumoi eta zaparradez kokoteraino, lainopean ikusten ditugun Alpe mendi horien barnean egongo gara laster.
* Alpeen barne-barnenera, mendi barrura sartzera goazen uneak badu bere magia. Berde-berdeak agertzen zaizkigu aurreko mendixkak, ez oso garaiak; urrutira, mendi hauen ostean, daude Apeak mendi diganteok. Ederra da, polita, mendiartean egotea: mendia aurrean, mendia atzean, mendia alboetan, mendiaren indarra sentitzen dugu gainean, ez izuti, ez astun. Errespetuz eta goxo begiratzen diegu mendioi. Ez diogu igartzen gorantz goazenik, baso erdian goaz, erreka baten ertzetik gora, ur korrontearen kontra. Mendi-zuloz mendi-zulo, erreka garbi baten bizki doa errepidea.
* Tarteka herritxoak, baita industrialdeak ere.
* Nafarroan ere baditugu antzerako parajeak, Arbaiun, Irati aldean . . . Hemengoak ibilbideak, baina, ordu asko eta askotako bideak dira, askoz luzeagoak.
* Etxe tontortxoak, herriak osatuz, erreka ertzetik nahiko gora agertzen dira orain, uholdeen esperientzia zaharraren ondorioz segur aski. Etxe bakarrak ere badira, bakarti han-hemenka garai gune galduetan.
* Dena berde, dena zuhaitz gazte, lepoetan harkaitz gorrixkak.
* Une batetan harrobi dira erreka bazterreko harri solteak: zenbat uholde, zenbat urte orain pala eta kamioek berehala berdintzen ari diren erreka kontrako harri borobilezko mendixka hori osatzeko!.
* Ia ez dago lurrik lantzeko, erreka kontrako zelaitxoak ez badira.
TRENTINO – ADIGE GARAIA
Gora eta gora goaz jadanik, baso eta haitz tzarren babes edo itzalean.
* Errepide ona.
* Baso erditik goazenez, ikuspegirik ez dugu, pagoak eta haltzak izan ezik. Bihurgunea bihurgunearen ondoren.
* Herri bat han goian. Herri txukunak, ez utziak, pintatuak, zainduak.
* Pintada egin zuten bihurgune bateko zementuzko orman, pantaila erraldoia behetik doanarentzat, baina ezabatuta dago orain: hemen ere ez zaie gustuko eginiko kritika, kalekoen iritzi gordina.
Carbonare, errepideko egian, 1300 metrotara.
* Bestaldeko isurialdean, gainbeheran, Trentora jaisten hasi gara.
* Izugarrizko ikuspegia:, begiratzeko ederra da Trentoko bailara, herri zabalez osatua. Laku bat ere bada bertan. Ikusgarriak daude inguruko mendiak, laino zuriz bilduta bidaiarion gozamenerako.
* Berde-berdeak daude oraindik gereziondoak. Mendi barren dena da ortua eta zelaia.
* Oso zabala ikusten da Trento hiria, oso zabala du industrialdea ere, aktibitate handikoa.
* Goietan daude kanpinak, mendiarteetan, mendizaleen egokierara. Beraz aurrera egin behar dugu, gurea ez baita menditzar hauetan ezinean lehertzea.
* Mendi, harkaitz, izugarrien azpiko bailaran doa Bolzanora bidea. Zirraragarria, nano bihurtzen gaituen bidea. Agian handi egiten gaituena, nanook hemen baikabiltza mendi erraldoion behin azpitik behin gainetik. Ikuskizuna da hemendik joatea, izugarrizko trafiko hasia eta bizia dagoen arren. Mendi diganteen azpietan, garaiak baino gehiago, mole izugarri ikaragarriak.
* Eta hemen, mendiartean honetan, hor doa, Austria aldera, erremolke-atoi batetan turismo batek garraiatuta, kanoa handi bat, kontraste nabarmena harrotuz.
* Bi hizkuntzatan daude herri izenak, italieraz ez ezik beste hizkuntza batetan, bertakoren batean, agian alemaneraz: bi hizkuntza dabiltza hemen.
* Fruta-arbola asko.
* Dena baso, goietan herriak, eta berdean, mota txuri, etxeak.
Kanpina. Harkaizpean, tokatzen zen bezala. Bolzanon.
* POS, “Partido Democratico de la Sinestra”: mailua, igitaia eta bost puntako izarra dituen bandera gorria.
* “Strada del vino” iragarri sarria: mahastiak, ardo salmenta, bodegak eta tabernak.
* Mendi hauetan jaiotzen da Adiggio ibaia.
Bolzano/Bozen:
Tirol Hegoan kokatuta dago, Tirol barrenean edo azpian. Badu izan Tiroleko arrastorik, etxe eraikuntzan batez ere. Alemanez hitz egiten du gehien bat herriak; kanpina inguruan, denek. Inguru zoragarria, maldak han goietan, etxe, eliza, dorrez zipriztindutako berdeguneak. Adiggio ibaiaren bazterrak dotore baino dotoreago moldatuta daude hiri inguruan herriaren erabilpen eta gozamenerako. Atsegina benetan bertatik paseatzea.
Hiria zaharra da, baina zaharkitu gabea. Oso bereziak dira eliza bera zein elizaren dorrea, kanpotik begiratuta. Etxe plaza, kale ... begiek badute non erreparatu, zertaz gozatu. Lainoetarainoko bi zutoin: Otsoa Romulo eta Remorekin batean, S. Markosen lehoiak urre kolorez dir-dir goietan. Ez da falta gurutze, santu, eta amabirjinarik kantoi eta bazterretan, orain artekoan baino sarriago hemen. Herri lasaia, soldadu kaskamotzak edonon ikusten badira ere.
Gaur ez du jo trumoiak, euri tantak hor gainean ibili baditugu ere.
Ekainaren 7a. Asteazkena. 28.a
* Bata bestearen geriza dira kanpinean dabiltzan bi mutiko, prepezioz garbitu dituzte, elkarrekin ere, ontziak. Nola hezi hala hazi.
* Dotore doa, tente, denen ikusmina jasoaz, sidekarreko alboko esertokian, bizar-motz hile-gorri motorista argal gazteak beti berarekin daraman txakur zurixka.
* Kanpinetik gertuko kuarteleko militarrek goizerdira arte aritu dira, kanoiak hoztu edo berriz kargatzeko tarte laburrak salbu, mendiarteko bakea hautsiz, tarratadaka eta danbarradaka bere armekin gizonak nola hobeto eta azkarrago hil ikasten edo trebatzen. Kroaziako mugak zeharkatzea utziz errespetatu nahi izan genuen tiro-hotsa ezarri digute militarrek Italia Iparraldeko hegal honetan.
* Zerua argi eta urdin, mendiarte ikusgarri hauetan itxaropena dugu, behingoz.
* Oraindik dirau hazkura biziz Aquileiako moskito ziztaden pozoiak.
Meranora bitarteko bidaia, Merano bera, Venosta bailara, joanean nahiz itzuleran, paisaia bera baina bi ikuspegitik ikusita, lehen atzean uzten genuena aurrez ikusiz, koloreetan, pantaila erraldoian lez, zinemaskopean egindako pelikula bat bezalakoa izan da, gu geu pelikula barruan ginelarik. Fantasiazko ipuin bateko kokagunean gembiltzala zirudien, baina erreala izan da dena.
Mendi sendo gorrixkak alboetan, harkaitz biziak, oso garaiak, aldiz, gainaldean. Berdez jantziak, ez dute kezkarik sortzen mendiok, babes sentsazioa baizik. Aurrean urrutira harkaitz tontor elurtuak, Austriara bitarteko Alpeak. Atzean Dolomitak, aurre izango ditugu itzuleran aurrez, meheago baina zuri hauek ere. Mendiarte zabaltxoa noizbehinka, zelaia, dena berdea, etenik gabeko fruta-arbolaz oparo, kilometro luzeetan. Errepide ertzeko mendi barren nahiz mendi magaletan etxe baxuko herri asko. Zaharrak dira etxe asko, ez ordea zaharkituak, mimatuak, zainduak baizik. Tiroleko giroa dute herri askok: fatxadak kolore ezberdinez pintatuak, teilatu pikoak gehienak, elurteei aurre egiteko prest, eta bi metrotik gora zabal diren teilategalak, estetikak baino etxaurreko ate-leihoak elurretik babestu beharrak eta urteetako esperientziak eragindako teilategalak. Tiroleko elizon dorreak bai direla benetan dorre-orratzak, luuuuzeak gorantz; berde pika-pikeak dira elizetako teilatuak; kolore ezberdineko teilekin eginiko irudi ezberdin eta geometria formez dotoretuta daude elizako dorreen teilatuak.
Ez da erraz patxadako gidaritzan inguruaz gozatzea; auto joan-etorria handia eta presazkoa denez; izugarrizko erreskadak sortzen dira errepide ez zabalegian mantso joanez. Lasaiagoa izan da itzulera, beranduago zen , patxadatsuagoa, gozagarriagoa.
Mendi garaiak gero eta hurrago, txapel gainean ditugu, askenez. Heldu gara mendietara.
Merano/Meran, herri turistikoa; insersoa da gaur kanpotar gehiengoa. 2.500 metroko garaieran dabiltza aurreko mendi denak, badira garaiagoak ere. Hiri zabala. Harrietan kolpatuz burbuilez zuri, ur asko eta garbiko bi ibai ditu, oinezkoentzako pasealeku zoragarriak daude bien alboetan, erreka hotsak ematen duen lasaitasunez babestuta. Ondo zaindutako oinezkoentzako arkupe xumeak alboetan.
Kale dotore zabala du ardatz: saltegi dotorez, erakusleihoei begira lasai ibiltzeko kale horietakoa; kale erdian behera ura daroan erretentxoa doa, atsegina den kalea atseginagoa eginez. Denda txukunak herri osoan. Dotorezia erakusten du herriko bazter orok.
Dorre luzeko Tirolekoen estiloko eliza piloa dago. Eliza ebanjelikoa ikusi dugu gaur: pulpitua eta aldarea besterik ez ditu barruan, baina itsulapiko erraldoia ez zitzaion falta sarrera erdian honi ere, sartzen den denak berarekin topo eginez konturatzeko bezala, giltzarrapo handi batez lapurrengandik babestua.
* Une berezia sortu digu fraide frantziskotar mando bat, bere abituarekin handiago, oinez, eta lau mojatxo kaleko harrizko jarlekuan eserita, bideko denei barretxoak banatuz momentu berean aurkitzea.
* Ez dugu ezer aurkitzen gazteleraz. Kanpinean, Europako nazioarteko kanpinen zerrenda osoa dakarren liburu sendoan Espainia eta Portugal ez dira azaldu ere egiten. Espainia ez da existitu ere egiten Europarentzat, politikoen esparruan ez bada. Herri aldrebesenak, zapaltzaileenak.
* Aleen plazan erositako anpolari erraldoiak jogurtez osatuz egin dugu bazkaria ibai ertzean, itzalean eserita.
* “Presidium” zuen izena eraikuntza handiak, baina ezin zen kartzela izan, hain zen dotorea: leiho handiak, gortinak, loreak, ez barroterik, ez armadun zaindaririk. Kartzela ez beste zerbait behar du esan nahi italieraz Presidium hitzak.
* Akazia basoak ziren bideko basoak; akazia asko dago hemen ere ibai ertzetan. Baita zipresak eta makalak ere. Izugarriak, asko dira bizpahiru metrokoa dutenak gerriko borobileran. Modernitatearen izenean aginduz edo baimenduz, Euskadiko alkateek izango lukete gozamena arbola hauek botatzen.
* Parke ederrak ditu, baina ezin daiteke belarrean ibili edo etzan, Bolzanon ostera bai. Erabilpenik gabe begien atsegin hutsean gelditzen den parkea dotoretasun antzuan gelditzen da, esnerik ematen ez duen behi ederra bezala.
Venosta bailara
Uneoro izugarrizko mendi elurtuez inguraturik, atzean geratzen zaizkigu aurrekoak, aurrera goazen heinean, aurrean berriak agertuz.
* Stelvio ere hor eduki dugu aurrean; beheraino zeharo elurtuta egunotako ekaitzen ondorioz; zeharkaezina zegoen gaur: nostalgiaz begiratu diot Giroko txirrindulariak gogoratuz.
* Bere baitan herriak gordetzen dituzten bailara berriak agertzen zaizkigu mendiarteetan gora, gazteluak muino eta tontortxoetan, batzuek hondatuak, zaharkituak besteak; baita ipuinetako herri peto-petoak ere.
* Herri izenak italieraz eta alemaneraz daude, baina dena alemaneraz egiten da: ez dakit inposaketarik bizi duen jendeak. Ezin diegu galdetu, baina galdetuko genieke.
* Etxeek gero eta tiroldar kutsu nabarmenagoa dute, pintatuak, izenak ormetan ...
* Tontorrez inguratuta jarraitzen dugu bidaia, kilometroen abiadan etengabe berritzen zaizkigu.
* Teleferikoak han-hemenka tontorrotara igotzeko. Batzuetan ez dakigu bailaraz aldatu garen ala berdinean jarraitzen dugun.
* Behe parteak badu unetan Euskal Herriaren antza: baso zabal diren pinudiak, berdegune zabalak tarteka, dena aldapara, han-hemenka baserri teilatu zabalak, baxuak.
* Errepideak gora eta gora jotzen du Giroko mendi etapetako aldapen erara bira eta biraz gorantz inguru berdean.
Isokarro nanoa belar sikuz ia estalita errepidean aurrera: ikusgai bitxia zen.
Belatz asko. Paisaia idilikoa, bailara berdea mendi zuriz inguratuta, baina izanen dute hemen ere arazorik nekazariek.
Herri gaintxoan, errepide alboan harridura sortzen duen eskultura tzarra: auriga biluzia zaldiak gidatzen gurdi gainean, dena tamaina normala baino handiagoan, han baso ertzean, herrira edo bailarara begira... nondik sortua ote!.
Glorenza
Ipuinetako herri asmatua: etxe pintatuzko Tiroleko herritxo klasikoa, gerrate ezberdinetan desegin eta Austriako Maximiliano I.k berreraikitakoa, Tirol Garaiko herri garaiena. Garai haietan herri edo katedral bat eraikitzea gaurko fabrika bat muntatzea bezala zen, herriari lana eta bizimodua emateko era eta jauntxoak herriarengandik irabazia ateratzekoa ere bai. Gutxienez 7 metro altuerako harresiak ditu. Harresietako dorreak buruz behera jarritako teila gorrizko kukurutxoak dirudite. Ezberdinak, bereziak dira sarrerako ateak. Tiroleko ezaugarri hauek ere, Kristoak bere teilatutxoarekin han-hemenka, santu-santa asko bazterretan, ormetan eta txokoetan, batzuk etxera eramateko bezalako naif politak. Plaza berezia. Aterpe batetan hiru aro ezberdinetako hiru gurdi, albo batean, hirurak zaharrak, bata trailerra bezala birakaria da, Artetako museokoaren antzerakoa. Kanpotik freskoa duen dorrea: silueta politekoa da, kanpandorre berezia du eliza ortodoxoen tankerakoa eta bukaera errusiar borobil horietarikoa. Kale nagusia izan daitekeenak, potxolo potxoloa, arkupe baxu eta estuak ditu, arkuak ostera sendoak sakoneran eta zabaleran; zutabe oso sendoak argiari bidea uzteko zulo zabalekin orma argian, xarmanta.
Ipuin baten barruan ari garela paseatzen dirudi. Etxeak oso sinpleak dira, baina ez dago bi berdinik, bakoitzak bere berezitasuna du. Etxe bakoitzak du bere detaile propioa, besteengandik ezberdin egiten duena. Herri osoa da sinplea, baina bere sinpletasunean dotoretasun izugarria ageri du. Zurezko balkoiak dituen etxea... Sabaira belar ondua jasotzen ari zen baserritarrak ere buruko edo txano marroi berezia zuen, errepublikar frantsesek antzera jarrita, kordoi gorri luzea erortzen zaiola albora. Baserri giroa nabari da: traktoreak, gurdiak, nekazari tresneria... Fruta-arbola asko ageri da etxe inguruko harresiz gordetako lur bilduetan: geriza, madaria, intxaurrak, ...
Kale horietan jelatua jatea bera ere gozagarria izan da.
Ez digute hutsik egin ez herriek ez bailarek, merezi zituen egin ditugun 100 kilometroak. Horrelakoetan egin ohi da ganora gutxiko kilometro gehiago. Atera garenetik, arratsalde osoa izan da pelikula batetakoa: Meranok pelikuletako fikzioa zirudien, Merano bailara zoragarria da goitik begiratuta, haluzinagarria gaintxo batetik ikusita. Itzuleran, bakartiago, beraz patxadanago errepidean, goitik behera ikusten ditugu bailarak, Dolomitak ere aurrean ditugu orain. Zoragarria.
Lurralde honetan ez da minigonarik ikusten Riviera bietan bezala. Ez da ere hartzen italierazko irratirik, alemanerazkoak baizik.
Ekainaren 8a. Osteguna. 29.a
Hemen ere motoristak dabiltza, beltzez jantzita eta taldean, bakoitza bere eta besteen motoen zertzeladak komentatuz.
Aratz, bizi, harrietan lehertuz, oxigenoz oparo, ia mendietako elurren antzera zuri, doa Bolzanon duela gutxi Venezian itsasora errenditzen eta atzo Meranon jaioberri genekusan Adigge ibaia. Bizitza errenditzen gaudenon adinekoak, ausartago edo motelago baina bizitzen ikasten ari diren gaztetxo zaratatsu egonezinak, eta guretzat denak berdinak zaizkigun japoniarrak gabiltza hirietan.
* Batzuek ederrak, txikiak besteak, urteei ondo eutsi dietenak, zaharkituak, hondatuak, erreka-zuloetan, tontortxoetan… gaztelu piloa dago Sarentinora bidean.
* Atzoko bailaren ordez gaur erreka zulo zirraragarrian goaz, mendiz inguratuta, baso batetako errekazuloan: zuloan erreka eta gu albo batean goragoko gaintxoan, tunelez tunel errepiderako lekurik ez dagoenez, nolabait antzina zulatutako mendi-barru ilunetan: 8 kilometrotan dena da tunel, argiunetxoekin. Gazteluak ageri dira irtentxoetan.
* Alboko basoak eta tuneleko ormak ditugu gaur ikuspegi bakarrak lehen kilometroetan.
* Heldu diogu behetik gorakoari ere, gorantz baina erreka kontra, bidaia guztian izango den bezala: zipres itxurako zuhaitz beltz handiek, izeiak seguru aski, haltzak tarteka, osatzen dute basoa, bakoitzak metro kubiko askoko zuhaitzak denak.
* Bailara bihurtzen da noizbehinka mendi-zuloa, Tiroleko bailara garaietako herri eta etxe klasikoak ikus ala dira bertan: teilatu zorrotzak, teilatu sendo ilunak, noizbehinka teilatu gorriak, etxe zaharren batean arbelezko teilatu bakarren bat ere bai, teilape zabalak. etxe bakoitzak bere alboan beste zurezko eraikuntza bat du, eraikin osagarria, askotan erraldoia, egurra, tresneria eta agian animaliak gordetzeko. Ez dugu ikusi aziendarik, pare bat lekutan ezik. Etxe denak ondo zainduta daude, berriak egiten ere ikusi dugu, zurezko hezurdura zuten eraikin berriok.
* Buruzapia eta amantal zabal argia daramate emakume nagusiek; kapelua gizonek.
* Kanpotarrentzako herriak dira, mendira edo uda-pasa datozenentzat.
* Ez dirudi belatzak darabiltzatenik, belarrik ebaki gabe, bertan behera utzitako itxura dute.
Sarentino/Sarnthein. Bailara berde eder batetan kokatua, berdegunez eta mendi elurtuz inguratuta, turismo berria landuz kanpotarrengandik bizi den herria dirudi. Balkonada guztiak kantari lore gorriz, etxe kontra guztietan berriz egurra tolestuta, bertan neguak hotza izan behar duela adieraziz. Jatetxe, ostatu, hotel… asko.
* Ataunen belarra goiko zelaietatik etxera jaisteko dituzten antzerako kable-antolaketak hemen ere zeregin berdinerako.
* Atxagaren behi makal batzuk larrean, koloreetan banatu behar dituztenik ere pentsatu gabe.
* Elizak dorre zorrotz zeru garaira luzatuz.
* Atzokoek baino elur gutxiago dute mendiek, trumoiak ez zuen nonbait hain bortizki jo hemen.
* Heidiren herriak dira denak, hauetako edozein herritxotan jaio eta bizi zitekeen.
Gorantz goaz, behean utzi ditugu basoak, bailarak eta belatzak ere bai, elurra dugu inguruan, errepide alboetan eta zuloetan metro askotako piloetan bilduta.
Paso Pennes, 2.211 metroko garaiera: goian eta elurtuta egoteaz gain ez du bestelako erakargarritasunik. Haize hotza. Erraza du gaina bi milatik gorako tontorrak gogoko dituenak, hemendik abiatuta hainbat gailur bilatuko baititu ahalegin gutxirekin.
Vipiteno: mendia beste aldean, mendiarteko bailara batean
Mendiko turismotik bizi den herria: txukuna, dendaz josia, aparkaleku ugarirekin. Bi solairuko etxe baxuak. Behaleiho nanoak lirateke herriaren ezaugarri. Betiko arkupeak dituen kale bakar luzearen erdian pasabide punta-luzea duen dorrea, arkupeak ditu alde batetan. Denda bihurtuta daude arkupe batzuk. Kale nagusira jotzen duten kalexkak. Tiroli tokatzen zaizkion ezaugarriak: berde urdin hori marroi kolore eta tonu ezberdinez pintatutako fatxadak, behaleiho xarmant pitxintxoak, burdina landuzko ikurrak irtentxo etxe goietan josiak denden ezaugarri eta dendako salgaien adierazgarri. Bere karril propioa dute txirrindulariek. Eliza: zonaldeko elizak bertako estiloaren eraginez erakargarriak izanik ere kanpotik, arruntak dira barrutik; eliza zahar bat izan da erakargarria hemen: osagai interesgarri asko zituen eliza txikia, beteegia, onak edo ez, auskalo!, baina antzinako pinturak ditu; antzinakoa eta polita da atea, txinget berria du atean, gero hurrengo herrietako eliza eta etxeetan errepikatuta ikusiko dugun txingeta. Herri potxoloa, berehala bukatzen da baina eguerdiko ordu nagi galduetan ia inor ez dabilenean atsegina da gora-behera kalexketan sartuaz paseatzea mila xehetasunei erreparatuz, ukitu apalen zoragarria dastatuz. Mila detaile ditu ibilian aurkitu, begiratu eta gozatzeko: herriaren kultura eta artea hori ere.
Behean, Bolzanora itzulian, errepidea, autobia. trenbidea eta ibaia ozta-ozta kabitzen dira bailaran, zulo zuloan, pinuz inguratuta. Polita kanpotarron begientzat.
Brunico-ra bailara
Ez da hain erakargarria, ez da atsegina, zabal xamarra eta berdea da, baina nahiko utzia dago lurra: nonbait baserritarrak arazoak dituzte eta ez dute lurrik lantzen. Pinu beltza denean, Euskal Herrian bezala. Eliza ortodoxoen dorreak ikus daitezke noizbehinka, bi erlijioak bizi dira edo bizi izan dira elkarrekin auskalo noiztik eta zergatik. Izango da gerraren bat eta erregeren bat tarteko. Tiroleko petoak dira herriak, ez hain jatorrak: etxeen jitea errepikatzen da, dorre puntazorrotzak… baina zerbait falta zaio bailara honi, agian fruta-arbolak. Agian gu geu goaz nekatuta, begien dastamena lausotzen digu nekeak.
Dorretxe zaharkitu baten azpia zeharkatzen du errepideak: norabide bata gazteluko ate nagusitik doa, bestea bi dorreen arkupeetatik!!!, zegoen bide bakarretik. Ez dute bota dorretxea errepidea egiteko. Ikusi dugu ba halakorik gureetan, Eibarren jauretxe apartak bota zituzten dorre-etxeak jasotzeko.
Brunico
Ganorazko herria, sendoa, erdikale zabal eta ederra du. Ez du arkuperik, baina etxeak Tirolekoen jitekoak dira. Atzealdean gainaldetik elkarri lotuta daude etxe batzuk. Mila txoko eta xehetasun bilatu eta begiratzeko herria hau ere. Gaztelua: tokatzen zaio, mendixka tontorrean baso eta harresiz inguratuta. Elizak: zonaldekoak bezala, arruntak, minaretea dirudi batek; sabaia pintura suabez beteta du barrutik ikusi dugun elizak, Jesusen bizitza osoa kontatuz: horien bidez esplikatu behar badu apaizak, tortikoliarekin geratuko zaizkio eliztar guztiak; horman sartua kofesategia bekatuei eusteko edo; itsulapiko txikia, limosna handiren itxaropenik ez nonbait; organo kontzertua eskaini digute, elizako jarlekuak deskantsu oso txarrekoak baziren ere. Industrialdea du, txirrinduentzako bide-gorria ere bai. Garbi atsegina doa erreka.
* Gernikaldekoen antzerako txorizo-piperrak ikusi ditugu denda batean zintzilikatuta.
* Gizon nagusiek amantal urdina daramate, agian lan mota baten ezaugarria ohitura bihurtuta.
* Heldu batzuk, emakume nahi gizonezko, bernara itsatsitako Tiroleko praka estuak janzten dituzte.
* Ustez hondatuta nuen argazki makina konpondu didate: 12koa eta ez 24koa zen karreta,eta bukatuta zegoen.
* Herri honek komun publikoa du, ezohizkoa Italian, non ere tabernara joan behar den hesteak eta maskuria hustu behar direnean.
Tirol zati hau ez da Italia, politikoki bada ere, Alemania da, denek alemanieraz egiten dute. Baina auskalo zer diren sentipen eta nahieran.
Tiroleko herriok ez dute ezer zehatz berezirik, azpimarratzekorik, deigarri nagusi izatekorik; bere osotasunean dira erakargarriak eta bereziak.
Kristoak edozein izkinatan, kale ertzetan, handi, txiki, naif, eder, berri, zahar, jantzita... bertako ohitura edo erlijioaren adierazpena Euskal Herriko mendi tontorretako gurutzeak bezala: apaizen eragina tarteko.
Bresanone. Aurrekoak baino handiagoa eta zabalagoa da; haietako ezaugarriak errepikatzen dira. Etxeetako ormetan pintura gehiago ageri da, batzuk oso politak. Bi eliza elkarren kontra eta biak handiak: tarteko ormetan hilotzak dituen klaustro antzerakoa da erakargarriena. Arkupe luze, sendo, baxuak, jelatu bat xurgatuz ibiltzeko aproposak, gaur ere euria baitugu. Dorreko erlojuetan orratz handiak markatzen ditu orduak eta orratz txikiak minutuak.
Erreka garbia eta atsegina, honek, gainera, paseo polita duela albo batetik ur-hots zalapartatsuaz bildurik.
Alemanieraz zen meza.
Lehenengoz ikusten ditut piku erraldoiak: erosi eta jan ditut, nola ez.
Bolzanora bidean berriz, errepideak, ibaiak eta trenak gehiagorako tokirik uzte ez dutenez gainetik egin dute Insbruckera autobia, airean bezala, gainez gain, oso goian. Musolini edo suduperen batek ez zuen kopla ekologistarik, errukirik gabe edozein lekutatik autobiak zuzenduz.