Bidaiak
MARCHES
Catolica: urrutira ikusi dugu, ez da Benidorm baina etxe-orratz pila du itsasbazterrean.
Gradara
Erdi Aroko herria, herri militar peto-petoa, herri militarren eredu, bere lehenengo hartan iraun duena; adreiluzkoa, adreiluzko harresiz inguratua; sarrerako atetik beste hiru ate pasatuz gaztelura doan erdiko kale luze zabalaren inguruan ohi ez diren kale zabalez osatua dago; Italiako laukitxo gorrien ordez betiko kolore iluneko lauki handikoz egina du zorua.
Gaztelua: izugarria, gotorra, garaia eta handia, une zabalak goordetzen ditu bere barruan: gaztelua bera ere harresiz inguratua harresiz inguratutako herrian: gaztelu honetan harrapatu zuen Malatestak emaztea bere anaiarekin larrutan; biak garbitu zituen, bekatari eta errudun sentituz, penitentziaz-edo Riminin berritu zuen atzo ikusi genuen hango eliza.
Bazkalondoko ordu beroetan ez dabil inor kaleetan, baina herri osoa lourdes da, denda eta jatetxe, oparo, turista asko ibili ohi dela erakutsiz: tipo batek aparkalekua antolatu du, atso zahar bat jarri du kobratzen, beti tarifa berdina kobratzen du, egun osoan egonda ere.
Ugari ikusi dugu makalen maluta zuri arina, malutoz zuri zegoen herriko aparkalekua.
Hemen eta gaur ikusi dugu Italian lehen traktorea; lurrak jadanik landuta daudelako edo, gordeta dituzte trantoreak garai honetan. Ortuak, zelaiak, baba beltzak, izugarrizko belar sailak; belarra ebaki eta lehortzen dago sail zabaletan baina ez da plastikoan edo fardoetan bildutako belarrik. Euskaldunoi geuri ere atentzioa deitzeko bezain berde dago lurralde hau ere. Dotore ikusten dugu dena, baina zenbatek alde egin behar izan ote du erbestera edo hirietara, garai batean Euskal Herriko herrietatik bezala.
Muino leunak hemen ere, bata bestearen ondoren. Eten gabe gora eta behera doa berdetzan errepidea.
Capone herria, zerikusirik ba ote Al Caponerekin, hura siziliarra bazen ere.
Montefeltro jauntxoaren lurraldea zen hau
Urbino.
Urrutitik ikusi dugu: tontor batean daude dorre eta gailurrak, mendi magalean behera datoz etxeak. Gu fruta jaten ginelarik, aparkalekuko plazan, arbolapean, paisaia eder bati so, abade bat izan zaigu alboan brebiarioa irakurtzen arretaz, nire aspaldiko denbora haietan bezala, eguneroko ordubete luzeko errezoa baino obligazioa betetzen. Dena da aldatsa herrian, igogailua du plazatik hirira igotzeko, ordaindua noski, erdibideraino besterik eramaten ez badu ere; baina kalez da gora egiteko biderik gustagarriena, artrosirik ez duenarentzat. Aire freskoa jotzen zuen goian.
Osoki adreiluzko hiria hau ere, gotorlekua, aldatzean; Errenazimenduko herri petoa, Montefeltroren herria, jakintsuz eta artistaz inguraturik bizi izan zen hemen gure jauntxoa. Zen bezala eta bezalakoa iraun du hiriak, kontserbatua eta zaindua.
Dukearen palazioa: izugarri handia, palazioa baino gaztelua dirudi.
Basilika: S. Marinokoaren antzera pastel-berde pastel-kolore klaruz pintaturikoa; kanpotik erromatar eraikuntza erraldoia dirudi baina barrutik handia besterik ez da; zutabe borobil faltsuak, hilotzak -handiak bi-, koruko burdineria ederrak, koru ederra erloju handi batekin, pulpitu oso berezia zurezkoak diruditen burdineriarekin.
Rafael pintorearen jaiotetxea: zertzelada pertsonalek ez gaituzte erakartzen, eta bere koadrorik ez da hemen, ez gara sartu.
Espiritu santuaren eliza: txikitxoa, santu-irudi piloa, pintura ederrak.
Palazioak: bata bestearen jarraian, denak handiak.
Plaza: zabal ederra, plaza batek eduki behar duen guztiarekin: eserita egoteko lekua eta espazioa; horrez gain inguru polita du plaza honek.
Kale eta kalexkak; denak zabalak. Unibertsitatea dagoelako-edo jende asko dabil, turistatik aparte, gazte jendea batez ere, nabaria da bizitasuna eta alaitasun giroa. Nabaria da ere kultura kutsua.
Liburu self-servisa.
Ez dauka ezer harrigarririk, herri osoa bere osotasunean da ikusgarria.
Nik jan dut nire jelatua, M-Luisak erregaliza.
Urbinon, -S.Marinon ere-, gizonezkoek ere ordaindu egin behar dugu txiza egitea, 10 duro.
Eliza garbiketak ordaintzen dituen Aurrezki Kutxak propaganda letrero izugarriak ditu eliza barruko aldamioetan, meza denboran eliztarrek hobeto barneratu dezaten diruarentzat bidea edo.
Herriak, semaforoak eta hanka-sartzeak tarteko, ilunerako bueltatu gara lonazko gure etxera nekearen samarekin.
Maiatzaren 26a. Ostirala. 16.a
Mujika Iraolaren “Hautsaren kronika”n Ahaide Nagusien borroken aipamena irakurtzean atzoko Rafael eta Monteferrotarren Urbinoko kultur bizitza pil-pila gogoratu dut. Ze maila ezberdineko bi kultura ezberdin. Haiek eta hauek odolzale baziren ere, euskaldunoi kopla bateko bi lerro geratzen zaigu, Urbinokoei artelan mardulak. Euskaldunok herri barbaroa ginen, hauek kultuak zirenean. Agian kasta pribilegiatu batez inguraturiko zuzendaritza zen goi mailakoa, herria auskalo; nolanahi bietan, Euskal Herrian eta Montefeltron, herria antzerakoa izanen zen, nagusiarentzako lanean denak.
Hipodromoa dago hemen ere: “al troto”. Badago arraina non erosi bakoitzak sukaldean gertatzeko.
Gure azken urteetako ama zimurtua gogoratu didate bizi-bizi atzo Gradarako aparkalekua kobratu zigun amona zaharrak, Gradaran denda aurrean adeitsu begi argiz kalean ginen ibiltari bakarroi ozenki “bona sera” irribarretsua bota zigun gauza guti zen amonatxoak, eta Ravenan fruta erostean irribarretsu eta adeitsu rotuladore handiz zenbaki handiak eginez kontuak papertxoan idatziz atenditu gintuen andretxo nagusiak.
S. Apolinar di Clase. Ravenan ikusitakoen antzerako dorre polita. Dorrea baino 5 gizaldi zaharragoa den eliza, alderantziz badirudi ere.
Eliza: 6. gizaldiko zoragarria da benetan: kapitel berdin eta oso landuko bi marmol zuriko zutabek sortarazten dute hiru barneluzegokoa; mosaiko zoragarria da aldare gaineko sabaia eta orma oro, kolore biziko mosaikoa, santu eta animalia pila, zuhaitzak eta gurutze handi bat irudikatuz; Aralarko S. Migeleko sagrarioko esmaltea ederra bada, ez da gutxiagokoa mosaikoz lortutako eliza honetako abside zoragarria; alboetan, 2 metro eta erdi luze, bat eta erdi gorantz, metro batetik gora zabal, marmol zurizko hilotz, hilobi, tailatu zuri-zuri erraldoiak: familia osoa ote hilobiratua barruan, ala egiptoarrek bezala tresneria osoa zeramaten ilunaren bestaldeko borroketara; harrizko erretaula landu polita eta mosaikozko zorua duen tenplete ikusgarria albo batean; kaperatxoa; marmol zuri tailatuzko bataiontzi polita.
Portatu zaigu S.Apolinar. Ez digute kobratu gainera, baina fraide potoloak negozio oparoa darabil hainbat pitxia salduz elizpeko txiringitoan ateko sarrera-irteerak ondo zainduz.
Eskola bateko txangoa: frantsesa ikasten dute eta frantsesez egiten dute beraien artean ere. Taldetxo bat hurreratu zaigu ia nongoak, noiztik Italian, zertara... Euskal Herria mapan kokatu dugunean “baschi” bota digu batek. Ezagutzen gintuen gutxienez.
Ravenako lautadan goaz, fruta-arbolaz inguraturik Lleidan baikindoaz, noizbehinka erremolatxa sail zabalek txandatzen dituzte frutarbolok.
Cesena
Tontor batean dago, gotorlekua gailurrean, kale eta etxeak beherantz: mendixka dena da hiria. Baxuak dira harresiak, baina luzeak, hiri erdia inguratzen dute gutxienez. Adreiluzkoa da herri osoa: gotorlekua, eliza, kaleak, etxeak, palazioak… adreiluzkoak dira eraikuntza denak. Mendi tontor osoa da gaztelu, gaur herriaren parkea den basoak inguratua, harresiz inguratuabasoa ere. Malatesta zen inguruko jauna, bereak ziren herria eta palazioa ere.
Roca malatestiana: hori da Malatestaren gazteluaren izena: Gradaran ikusi genuenaren antzerakoa, jabe berarenak izaki biak, arkitektoa ere berdina nonbait.
Biblioteca Malatestiana: 5. gizaldikoa, ezorduz heldu gatzaizkio, itxita ditu ateak bisitarientzat. Estudiante aldra liburutegi aurrean, %50 beherapena lemapeko liburu-txiringituen inguruan. Ikusi dugu antzerako bazka gehiago ere.
Galeria comunal del arte: bedeinkazioa ematen ari den Aita Saindu baten brontzezko estatua erraldoiak betetzen du eraikuntza handiaren balkoitzar osoa; ez dakit nori botako zion bedeinkapen hain solemnea aurrean duen etxerainoko perspektibak ez baitu 10 metro baino gehiago.
Plaza: harrizko zola ohizko zabala, erdian marmol zurizko iturri bitxia, Fontana Mazzini, mila tutu eta iturritxoz borobildua.
S.Domenikoren eliza: erraldoia, itxita dago, beste eliza bat ere itxita zegoen: ezohizkoa Italian orain arte ikusitakoarekin alderatuz.
Duomo: obretan dago: Europa Elkartea sortu ondoren dena berrikuntza eta konponketa da Europa osoan nonbait: diru asko dago obretarako; besterik ez dakite, pobreak engainatzeko bidea, Euskadin bezala. Fatxada austeroa du Duomok; ateburu pixka bat gorantz kurbatuak gotiko joera ematen dio, baina ate erromanikoa da; apalak ditu alboak, baina harri landuek ematen diote zutabe tailatuaren itxura.
Kalea: harri borobilez zorua, arkupe luzea alboetan, gerizpean haizetxoa, egoteko ikusteko zein ibiltzeko erabat atsegina, guretzako solik utzi digutela dirudi, bakarrak baikinen bertan.
Atentzioa deitzen du Hunbrey Bogarten zuri-beltzezko argazki handi batek: aldatzear dagoen gizarteari zuzendutako manifestuaren posterra dago salgai bere ondoan.
Kultur ekintza asko dago iragarrita hirian zehar.
Zuhaitz handiak kale askotan, gehienak akaziak: hemen ez dute protestatzen kaleko biztanleek traba egiten dietelako, edo ez diete kasurik egiten: beste kultura bat agian: Euskadin aspaldi bota zituzten kaleko ederrenak edozein kexaren aitzakiaz.
Taberna haina jelatu-denda ikusten da, tabernek ere jelatua dute, jatetxe denek pizza duten bezala.
Ezin dugu jakin zer edaten den garagardoaz aparte.
“Via” kalea da, “vicolo” kalexka. Ezin dugu argitu zehazki zer esan nahi duen “Prego” hitzak: harremanen bai hasieran bai bukaeran erabiltzen baitute.
Dakien lau frantses hitzez maisuki moldatu da andre bat norabidea azaltzeko.
Etenik ez du zirkulazioak, ez da stop ez beste ikurrik aintzakotzat hartzen, tartetxoa dagoenean aurrera, bestela geldi behar duzu.
Mailuki, marrubi, sail itzelak: giza talde handiak, gazteak gehienak, dabiltza eskuz biltzen. Aldi baterako langileak seguruenik.
Euria berriz ere!, trumoia dirudi, hala balitz ateria letorke ondoren.
Forli.
Patxadan bizi izateko hiria dirudi; herri itxura du bere lehengo betiko zatian: kale luze zabal bat nagusitzen da, nora datozen beste kale denak perpendikularki; zabaltzen joan da ondoren, etxe txikiz batez ere. Sabai pintatuzko arkupe luzea du tarteka plaza inguruan kale nagusiak. Dendateria ona. Estali gabeko belodromoa sarreran.
Plaza: luze zabal handia, pasealeku atsegina guardasolpean jugur jelatua janez; plaza baten osagai guztiak ditu: Duomo, Municipio, PT, eraikuntza zahar dotoreak, antzinako jitea duen eta ibili dabilen zaldiko-maldikoa plaza dotore honetarako aproposa, erdian marmol zurizko norbaiten estatua garaia usoei eusten: harritzekoa da burua eta sorbaldak garbi dituela, kafe asko nora begiratu zabalarekin…; txindurriak dirudite bizikleta bakarrak plaza zeharkatzean, figura nanoen efektu berezia sortzen dute.
Municipio: dorrea du, hondakinen gainean oso garai jasoa, solemnea da, marmolezko harmailako mailadi zabala nabarmentzen zaio.
Ospitalea: zaharra, dotorea ere.
Unibertsitatea: patio ederra du.
Duomo: jelatu kukurutxo koniko erraldoi bat jarri diotela dirudi goienean dorre garai karratuari; hiru nabe ditu elizak; barru dena da adreiluzkoa, pintura nahiko zaharrak daude ormetan, eta zurezkoa du sabaia eliza gehienek bezala, arkitekto berak berritu ditu nonbait inguruko eliza guztiko sabaiak; oso deigarriak dira aurre parteko arkuak: bi estai egiten ditu, arku ilara bikoitzez; kanonikoen aulkiteria ilun gelditzen da atzean: ze nolako loak bota ditzaketen kanokigoek eliztarrik konturatu ere egin gabe zorronka egiten ez badute behintzat; kaperatxo polita, bobeda pintatua, harrizko gurutze zahar bat erliebe grabatuak ia gastatuak dituenak… bada zeri begiratu; mutil gazte bat Amabirjinari aitaren eta erreberentziaka dago jotafuego; hor da ere mila zulodun Gisantoko zezen bat.
Azken eguna da beti, norabideak ikasita, galdu gabe geurenez ibiltzeko gai garenekoa, alde egin behar dugun eguna.
Maiatzaren 27a. Larunbata. 17.a
Behelainoan bildurik utzi dugu Ravena, Boloniara asmoz.
Inguruan dugu Imola, motorren oihartzuna oroimenaren belarrietan. Lautada: gari-sailak, frutarbolak, mahastiak, lur landuak...; paisaia berdeak jarraitzen du, orain artekoaren antzerakoa. Autoestradako atsedentoki huskeriatxoak baina ugariak ikusita, galdetzen dugu bizitza kalitateak, ohiturak, kulturak ala Espainiara, Portugalera, Afrikara pasabide izateak, kamioilariek, aberrira oporretara doazen emigranteek edo turistek eragin ote dituen Frantziako atsedentoki bikain eta zainduak; hemengo autoestrada hau Italia barneko lurraldeetara mugatzen da, bertatik bertarakoa baitabil gehienbat. Hiru karril ditu Boloniarako autoestradak: asmatu nahi dugu asteburu eguzkitsuetan ordubetera gelditzen zaien hondartzara abiatzen dela herria eguzki bila.
Bolonia.
Hiri handi guztiak bezala, zabalduz, etxe munstro erraldoiz osatua dakusagu bai lehenengoz urrutira bai hurreratuz inguratzean ikusi dugunean. Ezagutzen ez den hiri guztiek bezala sarrera nahastua du lehenengoz autoz datorrenarentzat, baina jo dugu erdigunera, lortu dugu autoa uztea ere, nahiz urduri eta artega ibili garen. Nekea eta urduritasuna: hiri bakoitzak duen ordaindu beharreko zerga. Lapurren kezkati ginen autoa gainezka beteta dugulako, baina parkingak zainduak daude: herri zibilizatua da Italia.
Autoz eta oinezkoz gainezka, gortzeko zarataz, hiri nekagarria da Bolonia: ez da ordu luzeetarako hiria. Agian dendak ixterakoan baretuko da zalaparta. Dena arkupe, dena denda (betiko eta denetikako dendateria), zinetokiak, etxe handiak, jauntxo etxeak...
Independentzia kalea: luuuzzzzeeeeaaaa: hiriarena, gutxienez alde zaharraren bizkarrezurra dirudi. Belztuta, iluna, nahiko zaharkitua eta zatartuta ageri da dena, Bilbo gogoratuz. Merkadilo eguna denez, jendez oparo dago: hiria bezala, erraldoia da merkadiloa ere. Alboko kaleetan ez dago ez oinezkoen ez auto mugimendurik.
S. Pietro katedralea: Zerbait ospatzen da bertan eta sartu egin gara; eliza jendez, aldarez, apaizez, lepo dago; izugarri handia, dena du handi bertan; lau palko oso dotore alboetan, erdiko nabe luze-zabala erdian; sabai garaia; ez dakigu ze santu edo amabirjinari piztutako kandela pila; atzokoaren antzerakoak baino handiagoak diren Gisantoko zezenak; jendetza kandela erosi eta santuari ipiniz; gizakia halako zortzi zurezko tailaz osaturiko La Pietat, ohi duen bezala burua jartzeko amabirjinaren altzorik gabe lurrean etzanda dagoen Jesukristo; diru eskabide, kandela eskaintza…; baina batez ere ahopeko zarata-buila burrunbatsua da izugarria, erlauntzi digantea irudi, merkatarien kabia, merkatua, dirudi. Fraide karmeldar bat eta ordena bereko moja aurrez aurre sarrerako ateko albo bietan, bata estanpan agertzen den fraide mirarigilea santu egiteko diru eske, santu izango denaren liburuak saltzen bestea: dirua eman egiten die jendeak baita liburuak erosi ere.
Piaza Maggiore: erdian dagoen palazioak espazioa jaten badio ere, handia da izan eta handia dirudi. Plaza bueltan: Comuna: bakoitzaren izena bere argazkiarekin gerran hildakoen tableroa arkupean; Cesenan bezala baina hura balkoipean gordeta, hau berriz, hozberoan aterperik gabe, hark ez zuen plaza duela aurrean, Aita Saindu handia balkoi handi batean bedeinkazioa botaz inork begiratu ere egiten ez dion jendeari; Neptunok ez du pixarik egiten Fontanan bere zakil ederretik, baina sirenek bai botatzen dute ura titietatik; burdina landuzkoak diren ate eta farolak; gerrateren bateko bonbak zitezkeen harri-bola handiak artistikoki pilatuta; kanpoko zurezko ate itzelak txapaz estaliak; ezkontza bat ere aurkitu dugu.
S.Petronioren basilika: jendetza aurreko harmaila zurietan patxadan eserita; fatxadaren beheko erdia dotore eta fin tailatutako marmol zuri eta arrosa koloreko zutabe ateburu santu-taila itzelez dotoretua; marmolik gabe adreilu ageriko punta-luzez biluzik goiko erdia; handia bazen katedrala, handiagoa da S. Petronio: dena da erraldoia eliza honetan, baina dena dago proportzioan, dena parekatuta, bata bestearen tamainara taxuz lotuta, denak dirudi normala, ikusleak gelditzen gara nano; gotikoa da baina ez ohizko gotikoa, ez tradiziozkoa; xelebrea da zurezko pulpitua: handia, Bilboko ibai ertzeko burdinazko garabiak diruditen hankak ditu azpian eta dosela gainean; ez du bankurik, -katedralak ere ez zuen-, baina bai aulki piloak kurios pilatuta; adreiluzko zutabeak; kapila pilo bat; aldare gainean aldarea moldatzen ari den moja batek berak dirudi aldareko santua; aldare nagusi handia tenplete erraldoi baten azpian; asko dira nonbait kanonikoak ere, koruko eserleku haina badaude behintzat: eserlekuen bizkarrerako oholetan zurezko inkrustazioz eginiko marrazki eta irudi dotoreak; kapiletako pintura zaharrak ez dira edozeinek eginak; bi metrotik gora izango duen atzo Forlin ikusitakoaren antzeko harrizko guretzea, zutabe gainean eta erlieberik galdu gabe hau; beirategi oso ederra. Fraide batek Venerabile Bartoloren propaganda egiten du: Bartolomeori “meo” borratu zaiola zirudien. Lurrean sarrerako ate ondotik ezkerrerantz, eliza trabeska zeharkatuz, ia 50 metroko luzeran, erdian metal horia duen marmolezko marra zabal batek bertatik pasatzen den 0 Meridianoa markatzen du, bertatik gora eta behera hasten da neurketa, zodiako ikurrak marmol zurian mosaiko giza jarriak daude marraren alboetan. Inserso bat: denen artean basilikak haina urte.
Kaledia: dotorea: inguru osoa da dotorea, bai dendak bai salmenta gaiak, dena da erakargarria. Zerbait erosi nahi eta oparietarako kopinak erosi dizkiogu kaleko saltzaile bati: politak ziren, baina gero Italia osoan ikusiko ditugu antzerakoak. Bi dorre elkarren ondoan, adreiluzkoak biak, okertua dago bata, izugarrizko altuera du besteak, bista ere galdu egiten delarik gorantz begiratuz. Elizak, dorreak, palazio izugarriak, ate izugarri dotore eta handiak, patio zabalak, arkupe ederrak…
S. Estefanoren plaza: hiru angeluko ikusgarria: eliza ondoan orduagatik itxia dagoen bataiategia, arkupeak, dena denda den palazio baten azpia, palazio delakoak kanpoaldetik dituen buru piloa ilaran batetik bestera frisoa bailira...
Kolore gorria dute kale estuetako etxe askok, pimentoi kolorea. Janari dendak izugarrizko aukerekin: erosi eraman eta jan, nahi haina aukera tentagarri. Dirua eskatzen du moja batek kale ertz batetan bere beneragarriarentzat. Garibaldi ez dute saltzeko: kale izenak edozein herritan, hemen zaldi gainean dago Independentzia kale nagusian. Tuberkulosiaren prebentziorako firma bila dabil talde bat kalean. Hemen ikusi dugu adreiluzko harresien iruzurra ere: kanpotik dotore egiten duen itxura besterik ez da adreilua, harresia bera harri borobilak, uharri borobilak, morteiruz gorpuztutako ormatzarra besterik ez da. Ez dut hiriko zirkulatzea ulertzen: debekatzen duten ikurrei kasurik egin gabe aurrera doaz autoak, eta norabide bakarra iragartzen den kalean norabide bietara dabiltza autook. Onik atera gara, eta kittto.
Brake eta Dureroren artelanen bi liburu erosi ditut kaleko %50eko liburuen beherapenetan. M. Luisak ere jertsea eta painelua oparitu zizkion bere buruari duela gutxi. Pisako inserso japoniarra bera uste dudana: azkenerako denok ezagutuko gara Italiako edozein bazterretan.
Izugarrizko ezustea izan da Bolonia. Mila ezuste, mila detaile, mila gauza polit edozein bazterretan; baditu eskaleak ere, nahiz ez asko. Betidaniko hiri ahaltsua, ikusten den mugimenduak erakusten duenez, eta izan zen orduko eraikuntza erraldoi dotoreetan ageri denez. Indarra ikusten da kale zabaletan. Baina ez da patxadako hiria, ez da lasai egoteko iria.
Berdina jarraitzen du lurraldeak Boloniatik aurrera, hegazti lepo-luzeak dabiltzan padura da ingurua.
Po ibaiaren lautada, konturatu ere gabe zeharkatu dugu ibaia, ikusi ere ez dugu egin autoestradatik. Ia Mediterraneotik dator autobia, Italiaren bestaldetik.
Mendira hurreratzen ari gara, gertu ditugu berriz ere Apeninoak.
Nekazaria da Riminitik gorakoa: ezin daiteke konparatu hemengo nekazarien lur landuak Gaztela aldekoekin, Espainiakoak jostailuzkoak bezala gogoratzen ditugu hauekin konparatuz, haiek ezin dezakete hauekin lehiatu, hemen makro zenbakiak dabiltza nekazaritzan, hemengo nekazaritza, -lurrak Po ibaiak ureztatuak-, industria digantea dela esan daiteke. Ez da arto-sailik ikusten.
Ferrara. Herri lasaia, arkupe luzeko kale nagusi bat du ardatz; alboetatik antzinako adreiluzko kalexka politak lotzen zaizkio, ategain borobilezko pasabide ugarirekin.
Plaza: ederra bere buelta osoan, eraikuntza ederrak ditu.
Duomo: berandu dotoretutakoa, marmol zurizko arku ezberdinez osaturiko lauzpabost pisuko fatxada izugarria du; sarreran bi lehoi zutabe handia eutsiz; hilotzak; fatxadaren estilo bereko marmolezko dorre ikusgarria, lehengo adreiluzko dorrearen hondakinen gainean jasota; barrutik: handia, zabala eta luzea, oparoago ezin betea: mila osagai eta betegai, denak handiak; handiak dira koadroak ere; estilo guztietako aldareak, kontaezinak, eta handiak; brontzezko irudiak; brontzezko kristoa; harrizko mila santu; Bataiategia: ortogonala, atentzio deitzen duten lanpara piloa, ur bedeinkatu ontzi polita, argimutil handiak: brontzezkoak ordez denak marmolean, kolore askotako marmolez eginak...
Etxetxoak: elizaren kontra, txikiagoak baina Donostiako portukoen tankera dutenak.
Bi arku, elizaren aurrean, kalearen bestaldean eta etxaurre batean: arkuetako baten gainean zaldizkoa eta emakumea bestearkuaren gainean eserita.
Gaztelua: Felliniri buruzko erakusketa gordetzen du; handia, ondo zaindua eta gordea; ateak zabaltzeko antzinako sistema du aipagarria sarreran, batez ere; urez inguratuta, non krokodilorik ez den, baina bai karpa handi bat gutxienez.
Elizatxoa: elizaren alboan, dorre polita du erakargarriena, ezer interesgarririk ez baitu barnean.
Savonarola: Ferrarako semea zen, 1482an jaioa, “naso in Firentze”, tiranoen “flagelatore”, erre egin zuten 46 urte zituela, egia esatearren: gaur egun bizi izan balitz, fusilatu egingo lukete dirutzen buruek, agian garrotea emango, baina antzinakoa denez estatua jarri diote.
Il Palio de Ferrara: Maiatzaren azken igandean, hiria turistez gainezka, egiten den ez dakit ze animalien lasterketa ospetsua.
Parkea: zabal ederra hiritik kanpo. Gerran hildakoek hemen ere bere argazkia dute Bolonian bezala.
“Barcelona 92” kamiseta darama adineko batek: propagandak behintzat darrai.
Eguzkiak berriro bete-betean jotzen duen bazkalondoan, inguruko herrietako jendea dabil gaur hirian, jaiko jantzita, turistekin nahasian, larunbat arratsalde pasa, jelatua jan, zerbait edan, gaztelua ikusi eta herrian paseatuz.