Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Gizakia I

Jon Etxabe 2016/07/08 10:18
Gizakia gaiak irakurketetan eragindako burutapenak asko dira eta 7 zatitan banatu ditut

Gizakia I

 

 

Zer den

Zer garen

* Bakoitzaren gaitasun eta ekimen orok zerbaiten eraginean du sorburua, egin gaituztelako gara garena. Gure ekimen sinpleenak besteengan eragiten dugu, osotasun baten zati baikara. Ez da berezko instinturik, instintu hitzari berezkotasunaren zentzua ematen badiogu ere. Hiltzeko beldurra ez ezik, egiten eta usten dugun ustez berezkoenak ere bizitzako aurreko zerbaiten eragina du, itsatsiz joan zaizkigun zer ezarri ezberdinen ondorioa gara.

* Ezer ez gara, kea. Baina gizartea eta mundua bera ahalbideratzen duen urina.

* “… zeinen sakon dauden geure moduak gugan erroturik. Hain txukunak gara geure ohituretan, non berezkoa, inkontzientea, baita gurean gizabidea ”: Amèlie Nothomb. Robot bat da gizakia

* Plastikozko txartel bateko zenbakia besterik ez gara edozein mailatako administrazioarentzat.

* “Gizarte bizitza ez da arratoi lasterketa bat nonbaiteko gazta birrinen bila”. Apurrez bizi den arratoia  da gizakia, apurren bila norgehiagoka, denbora eta hurkoaren aurka.

* Zein korapilatsuak garen gizakiok. Gaixo kronikoak.

* Mozorro-festa bihurtu da gizartea, inauterietarako mozorrotua litzake gizakia.

* Bete gabeko, ezinezko, gauzatu gabeko, mingarri bilakatutako  ametsen kutxa da gizakia.

* Ia automatak gara gizakiak, ohiturei edo arauei jarraituz bizi gara, egokituz.

* Robot bat gara, eta ez gara inorentzat arrisku. Maneiatuta gaude, istilu batzuk sortzen baditugu ere tarteka.

* Eguneroko xehetasun eta premiez gauzatutako zertxoa da gizakia, teorizatze kultuenean ere,    baina honek ez du esan nahi ez hutsa, ez burua lastoz betetakoa denik. Harro irautea baita bizitza oro, eta egunerokoa oso umila da.

* Gizakien jakin-nahia ezabatu ezina da, animalia kuriosoa baita gizakia.

* Akatsez eta ezinez osaturiko zer eder bat besterik ez gara gu bakoitza. Hori onartzeak erabat erraztuko lituzke elkar-ulertze eta harremanak.

* “Liberté eta nahikoa, gure kasuan. Hemen nik agintzen diat eta ez zagok berdintasunik. Dakienak eta talentua duenak agintzen dik, halaxe izan duk beti. Ez dakien jaunak, galeretan zain arraunak. Eta hirugarrenari dagokionez, fraternité, inoiz ez dut jakin oso ondo zer esan nahi duen hitz horrek” H. Cano: hala da eta horregatik gara arraunlari galeretan.

* Bizitzan “momentua” izan daitekeela garrantzitsuagoa pertsona bera baino. Banatu ote daitezke pertsona eta momentua. Momentua deitzen zaiona, beste interes batzuk izan ohi dira. Mozorrotutako interesak.

 

Nolakoa

*  Gutxitan izan ohi da bat izatez berak diona dela esaten duena, egiten duena da gizakia.

* Ez gara beti pentsatzen duguna. Izaeran, batez ere portaeran, beste hainbat osagai eta aldagai pentsatzen dugunaren ezberdinak sartzen dira, pentsatzen dugunaren beste irudi bat erakutsiz.

*  Neurri oso mugatuan soilik da bakoitza nahi duen bezalakoa, izaki erabat baldintzatua delako gizakia. Misterio bat da erabakitzeko ahalmenaren eta ezartzen zaigunaren arteko muga.

* Ez dira gertaera, jarrera eta jokabide asko ahazten, baina, ahaztu bagenitu bezala, errepikatu egiten dira, odolzale doilorra baita gizakia, dardara kolektiboak harrapatuta, sentimenduen zirimolak irensten duenean, aurreko gogorkeria zenbait gogoratuz eta haiek bultzatuta sarri,  gehienenetan interesatu nagusiek beraien era ezberdinetako etekinen goseak eraginda.

* Bizitzako une eta gertakizun bakoitza, ustez hutsalena bera ere, “zakar, zauritu, mingarri edo bortitz” eraldatzailea da, “erditze psikiko bat edo ni berri bat sortuko den abisua” M A Meabek lioken bezala. Onerako edo txarrerako, gu geu jabetzen ez bagara ere. Geroagoko ikuspegi zabalago batek erakusten digu aldaketa horren nondik norakoa eta zenbatekoa. Gertaera bakoitzak moldeatzen gaitu, zizel kolpetxoa  bezalakoa da, edo buztinari ahur mamiak  eragiten dion ukitu leuna. Harkaitza diruditenak eurak ere buztin moldagarriak baitira.

* Bakoitza gara planeta bat, hobe izar bagina, bakoitza berenaz bizi ahal denean baita izar.

* Argia ez da ukitzen duenarekin kutsatzen, ez da erlatiboa. Gizakiok gara erlatiboak, kutsatu egiten gaitu inguruak, aldarazi. Ez gara “argizakiak”.

* Ez dago itzalik gabeko gizakirik, gau ilunenean ere.

* Gizakiarekiko mesfidantzarik eza gizakia ezagutu artekoa da, gizakia baita bai naturarekiko bai gizakiekiko etsai kaltegile nagusia.

* Badira bai, tipo jator baina aspergarriak.

 

Autoestimua

* Ez garela zer garen badakiguna, besteek zer garen uste dutena baizik, egia da neurri batetan; garenaren ikuspegi bat da; diotenak baldintzatzen du neurri handi batetan gutaz dugun iritzia; baina, nolanahi, norbera zer den ziurtasunak damaio indarra pertsonari, ez besteek diotenari begira egoteak. Txotxongilo izan nahi ez badugu.

*  Bakoitzak jakin behar du jokabidearen bidez gorputza eder egiten, ukenduek edo apaindurek ez dute inor eder egiten.

* Autoestimu ezak besteengandik aldenarazi egiten gaitu, azpiratuz bezala besteen zola pean, deuseztatu, meneko egin. Autoestimu larregiak besteengandik aldenarazi egiten gaitu ere, baina norabide ezberdinean, besteengandik goragoko mailan jartzera, gailenaraziz, zolapekoa oraindik zapalduagoa eginez.

* Umilak izaten erakutsi behar du autoestimuak.

* Latza behar du gizateria higuingarria dela sentipenarekin bizitzea, gizateria horrek biltzen gaituelako, eta, gizateria horren zati izanik,  norbere buruaren higuina izatea ondorioztatzen delako.

* Arabiar gizartea izanik gabiltzan hau, hain bitxi jantzita ikusiz, harriduraz, misterio bati bezala, begiratzen diet emakumeei Marokon. Pertsona bakoitza  gara misterio bat, hurreneko ezagunenaren gogoeta eta sentipenetan ere ez baitugu sartzerik. Baina emakume marokoar hauek arkanorik ezezagunena zaizkit.

 

Askatasuna 

Zer den

* Erabakiak hartu ahal izatea, erabakitzeko ahalmena, da askatasuna, eskubiderik oinarrizkoena, baina, aldi berean, zail eta mingarriena ere, bat aukeratu eta infiniturainoko aukerak uztea delako askatasuna gauzatzea..

* “Gizakia askatasunik ez duenean ere, askatasuna “da”. … Eskubidea ez ezik, aske izateko obligazioa. Nola ez du izango ba ekiteko eskubidea!”. Ekiteko eskubidea eta ekitea bera ere askatasuna da, askatasuna gauzatzea. Ekitea  da askatasuna, “askatasuna” hitz soila izan daiteke, ideia antzua; ekimenek egiten dute erreal askatasuna.

 

Gizaki askea

* Morroi dira gaurko gizartean arrakastatsuak direnak eurak ere. Gizarte osoa bihurtu gara menpeko eta morroi. Entelekia bat besterik ez da askatasuna, besteak gainditzeko eta menpean gordetzeko boteretsuen amarru teorikoa.

* Kalean gabiltzan gehienak gara zerbaiten edo norbaiten preso.

* Denok, askeena ere, gara zerbaiten esklabo, norberarena sarri.

* Segurantza arazoa ez dago gauza gehiago edo gutxiago edukitzean, barne jarreretan baizik, gauza eta aparatu horiekin loturan baizik. Batzuk dituen gauza gutxien esklabo dira, babesgabeak, zeri heldurik gabe bizi dira; asko duen asko, ere, ez da askeagoa, sarri esklaboagoa.

* Ohitu egiten gara pobre, zapaldu, menpeko izatera ere. Agian etsiarazi egin gaituzte aberats eta zapaltzaile direnek.  Halabeharraren filosofia ezarri digute.

* Beti gaude zerbaiti lotuta, beti zerbaiti zor. Ahulak sentitzen garelako, askeak ez garelako. Are gehiago, guzti horren ondoren mendekoen gizartea eraiki dugulako

* Oso heldua izan behar da jendearen esamesei kasu ez egiteko.

* Gizakia edonon da alderrai, etxeaz, erroez, sustraiez galdezka beti: deserrotu bat dela bizipen sakonaren ondorioa ez ote, edonon dela ere inoren jopu garela sentipenak eragina, alegia. Ez ote hori askatasun egarri atabikoaren arrazoia

* Bere baitako esklabo diren nagusiak, horiek dira esklabo okerrenak.

 

Legea

* Esklaboa da gizakia. Beti eta edonon, arauei lotuta dago, arauren baten mende. Inoren edo ezeren araurik ez duenean bere buruari jartzen dizkio arauak. Araurik gabe bizi nahi izatea, arau bat da. Gizakia ezin da araurik gabe bizi.

* Ohitura du porta-lege gizarteko gehiengoak. Gutxi dira arau hausleak.

* Geldi dagoena ez da inora heltzen, baina dabilena ere ez da beti aske izatera helduko. Aske sentipena da ibilirako bizipoza.

* Debekuak, legeak bezala, hausteko eginak daude, eta, zigorrek gizakia gelarazten badute ere, hor dirau beti debekuok haustearen misterioak.

* Legeak hausteko dira, botereak inposatutakoak dira beti; bakoitzak egin behar ditu bere arauak, eta beraiekin jokatu. Zuhurtasunez, noski.

* "Legeak egiten gaitu aske-" esaldia, alemaniarren kontzentrazio eremuetako ARBIT MACHT FREI “lanak egiten zaitu libre” haren bezain iraingarria da.

* "Legerik gabe denok esklabo", boteredunak esaten du.  Esklabo egiten gaitu legeak. Diruaren menpeko, jabegoaren gose, boterearen gatibu direnek ezarritako legeek.

 

Saski-naski

* Bakoitza da bere patua, bakoitzak gauzatzen du erabaki kontzienteekin inkontzienteki bere patua.

* Norbera da norberaren patua, eta norberarengan dago bakoitzaren etorkizuna, tarteka zurrunbiloak irensten gaituenean ere, ezin da utzi etorkizuna patuaren eskuetan, galduta geundeke.

* Aske omen gizakia, baina erabakiak kimikaren ondorio besterik ez dela dionik ere bada. Kimika, besterik ez, litzake horrela patua; askatasuna, patua biltzen duen paper dotorea.

* Beti saltzen da garesti askatasuna, norberaren askatasunaren truke sarri, ziegako bakardadearen truke, herria edo gizarteari lotuta doanean; norberaren bakartasunaren truke norberaren askatasunaren arabera ari garenen

* Askatasuna, aukera ahalmena denez, infinitua darama bere baitan, infinituak dira aurkako aukerak, uzten dituzunak, edozer aukeratzen duzula ere: ezinbesteko talka.

*   Aukeraketa bat da mintzatze oro: esanahi eta hitz bakar batzuk aukeratu behar dituzu, beste denak baztertuz.

* Autokontrol handia behar da, batez ere kanpotik kontrolatzen zaituztenean.

 

 

Izaera 

Zertan den

* Sortzaile garen heinean gara garena. Besteen arabera bizi dena, txotxongiloa da, imitatzaile hutsa. Denok gara sortzaile, baita imitatzaile ere, bakoitza bere neurrian: bi osagai horien arteko portzentajean datza nortasuna.

* “Garena, askotan, bidean aurkitzen ditugunen araberakoa da. Zorte kontua baino ez da. Oso moldagarriak gara” F Morillok. Ingurua gara hein batean, inguruak, fisikoak zein humanoak, taxutzen gaitu.

* Zer irakurri hura izan, edo/eta alderantziz, ze izan hura irakurri.

* Satorrak gara gizakiok, itsuak, instintuz, ohituraz, ia mekanikoki, moldatzen gara eguneroko tunelean, oroitzapenek ematen digute ikusteko argia.

*  Denok berdinak edo oso antzerakoak garelakoan nago, azaleratzen duguna da ezberdina.

* Marrazoak hil egiten omen dira geldituz gero; beraien antzo, geldiezin dira zenbait pertsona, ekintza dute iraupen.

* Burutsua eta ausarta: gutxitan ematen den konbinazioa. Burutsua ez da izan ohi ausarta eta ausarta ez da izan ohi burutsua.  Bi dohain bereziok dituen gizakiak arrastoa utzi ohi dute.

* Ikurrak dira gaur egun pertsonaren funtsa, nortasunaren marka.

* Oso heldua izan behar da jendearen esamesei kasu ez egiteko.

* Gutxirako balio dute norbere irudia taxutzeko azken uneko portaera ezberdin zuritzaileak, bolada luzea behar baita norberekiko besteen iritziak erro sakonak bota ditzan.

* Oso gogorra da aitortzea, baina gizakia, funtsean basa, berekoia, eta ergela delakoan nago. Zergatik bestela miresten eta goratzen ditugu guzti honen salbuespenak!.

* Ume-umea denetik da imitatzailea gizakia. Norbaiten kopia, ia beti.

* Abildade aparta dauka gizakiak ridikuluan geratzeko, ustez ezin jatorrago jokatu duela uste duenean ere.

 

Saski-naski

* Ez dakit harremanak energiaren bueltan eraikitzen diren, baina bai sarri harremanak errazago ontzen direla bikote izaera kontrajarrietako pertsonen artean. Behin irakurri nuen izaera berdineko bikoteek errazago egiten dutela talka, izaera ezberdinekoak aldiz osatu egiten direla.

* Animaliak, gizakiak ere, klan edo taldean biltzen dira, taldean dute inarra. Ahaideak izatea ez da gizakiaren animaliengandik ezagugarria. Elkar gorrotatzeko ahalmena litzake gizakiaren ezaugarrietariko bat, animaliengandik bereizten gaituena.

* Barne fantasmak dira gizakion itzala, beraiek sorrarazten dituzte giza molde ezberdinak.

* Batzuk miserian jaio eta hiltzen dira, beste batzuk oparotasunean; ahanztura da batzuen hilobia, oroipenean diraute besteak. Beti gaude zerbaitez bilduta, hilotz ere, inoiz ez biluzik.

* Inpunitateak ematen dion inhibiziorik gabeko gizakia besterik ez da despota eta  torturatzailea.

* Geu gara, bakoitza, geure barnea ezagutzen ez dugunak.  Inoren doinura dantzatzen dugu, barne erritmora bizi baino, geure arimaren doinua entzunez baino. .

* “Popularitatea, ziur aski, irainik handiena da pertsona inteligente batentzat” dio J Invingek. Popularitatea medioen asmakizuna da, gaur egun, eta edonola ere gizakiaren plegu ziztrin eta tristeena erakusten du. Politikoek irrikatzen duen lorpena, botererako urrats eraginkorrena bezala.

* Umorea: noiz agertuko zain egon gabe, landu beharko genukeen bertute eta gaitasuna. Jarrera umoretsuak bestelako bizipoza demai.

* Bizidun askok nahasten du gauza bera dela edertasuna eta dotoretasuna. Arlote da zenbait dotore;  aldi beran zein eder zenbait dotorezia gabea!. Dotorea zerbait ezarria ohi da; edertasuna gehienetan berezko dohaina, landu badaiteke ere. Garestia eta dotorea sinonimoak dira askorentzat, edertasunak aldiz ez du preziorik.  Arte munduan bestelakoa izan daiteke.

* Letra, izaeraren ispilua dela esan zuen norbaitek

Euskaldunak

Jon Etxabe 2016/07/05 10:07
Hari-mutur batzuk

Zer garen

* Euskaldun denok ez ote gara “okerreko hariez eginiko amarauna”.

* Terrorista etiketa jarri digute euskaldunoi. Harro behar dugu askatasuna defendatzen dugun Europako herri bakanak izateaz. Konplexurik gabe.

* Posta bulegoan: "De donde son. - Vascos?. - De Bilbao?". Ze bekatu egin dugu euskaldunok, Bilbok ordezkatu gaitzan. Euskaldunok, bilbainoak!. Ez, arren!.

* “Kantauri Itsasoa iragaiten da Finisterre parean; lurralde arriskutsua hauxe, ... marinelak engainatu eta gero larrutu egiten dituzten jende anker odol-goseen bizitoki”: euskaldunok ere ez gintuen piura eta jite hobekoak deskribatu Santiago bidean zihoan zenbaitek.

 

 

Identitatea

* Arrifak erresistentzia identitatearekin bizi izan diren bezala  luzaroan Marokon, erresistentzia da azken urteotan Euskaldunon identitatea ere.

* Aberria hiltzeko lur puska bat dela, hezurrak gordetzeko herria, hori; gurasoak amak borreroak direla esatea bezala da, hiltzeko ekarri gaituztelako.

* Aberriari buruzko eztabaidak, etsaigoak eta jatortasunak, iraultza metafisikoaren ajeak ziren, baita borroka abertzalearenak ere

* Hizkuntzak ematen digula euskaltasuna, hori da uste duguna. Euskaltasuna, lurraldetasuna: espainolek eta frantsesek oraindik ez duten kontzeptuen borroka dugu euskaldunok, eguneroko praxi dialektikoa  ez ezik bizitza  zailtzen diguna.

* Euskaldunok, gu geu gara, ez dugu onartzen inork irentsi gaitzaten. Baina herrien elkarbizitzak besteak diren bezala onartzea eskatzen du.

 

 

Kontzientzia

* Pausoz pauso, mendez mende, eguneroko bizibeharrean egin du bere historia Euskal Herriak. Ametsa ere ez zen izan seguruenik duela gutxira arte  gure identitatea. Euskaldunak garela jabetu garen arte. Garenari teoria ere jarri diogun arte. Euskalduna izatearen bizipoza da akuilu eraginkorrena gaur egun. Eguneroko esperientzia. Herri-bizipoza ere.

* Herriaren presioan dago etorkizuna bideratzea. “Piensa mais / Pentsa maiz”.

* Konkistatzaile lez darraie konkista ondoren, indar hutsa erabili zuten, indarra besterik ez darabilte. Ezer gutxi omen gara, baina harro egoteko ezer gutxi hori dugu, eta hori da gure indarra, horrek eragiten du beraien ahulezia. Harrotasuna den herritartasuna dugu. Euskal herritar ez izatea da beraien ahuldadea.

* “... euskaraz dakiena euskaldun bihurtzeko ...”. Euskaradun aurretik euskal kontzientziadun izan behar da euskaldun izateko, euskaltzale alegia, ondorioz euskarazale; jakitea eta izatearen arteko tarte hori litzake euskaltzaletasuna.

* Harroputz, munduko bakan egiten du hainbatek bere buru euskaldun euskaraduna. Mundu-kide soilik, besterik ez, hori izan behar dugu euskaradunok. Asko baitira munduan hizkuntza berezi bakanak.

* Etsaiek idatzitako historia izatea omen euskaldunok daukagun historia bakarra, baina gaur egun geure historia geu idazten ari gara, eta hori da onartu eta barkatu ezin digutena.

* “Giza historiaren urte kopuruetan sarturik, itsasoaren ur tanta bat ere ez gara, baina ur tanta hori beharrezkoa da itsasoa izan dadin” Alfontso Martinezek.  Beraz izan gaitezen tanta, harro eta gogor.

* Globoa noiz eroriko ibili ohi da euskaldun asko. Edo globoa bota nahi dutenak erasoz.  Globoa geuk bota behar dugula jabetu gabe.

 

 

Bidegurutzean

* Borrokatzen ez dena da galtzaile. Korapilatsua da, gutxienez, gaur egun euskaldun izatea.

* Garai eta egun erabakigarriak hauek, -hori uste dugu beti-; historia hil ala bizikoa izan da beti euskaldunontzat

* Jaberik gabe bizi nahi dugula, geu geure buruaren jabe, kanpotar jabegorik gabe, erabaki dugu euskaldunok.

* Gaur egun -agian beti- etengabe hautuak egitera behartutako herria gara, herri bat, euskalduna, garela hautua egin genuelako behin. Eta zer. Ez gara gain-zama horrengatik estutuko.

* “Eutsi beharrean gertatu izan gara euskaldunok eta oldartu beharrean sarri, eusteko modu bat baino ez dena”.

* Hiritar euskaldunak erabaki dugu, arazoa konpontzeko borondate askea Kolonbiako oihan tropikalean elurtea baino mirari handiagoa da gure erabakia.

* Gertaera hutsalak izan ohi dira pilatzen joan diren txingarrei garra atera dien azken putza. Bestetan gertaera hutsalei heltzen die ahalguztidunak, kinka larrietan, beste heldulekurik ez duenean ahal gutxidunei erasotzeko, euskal alderdi bat legez kanpo uzteko, esateko. Keinu hutsalei adi egon gara euskaldunok, mirari baten itxaropenez,  miraririk ez dela jakinda ere, keinu hutsalon katea luzatu eta indartuko den esperantzan, alegia. Etorkizuna eta itxaropena gure esku soilik dagoela onartu dugun arte.

* Egun grisak bizi ditugunak, etsaiak asmatu  amarruen amaraunetik nola ihes egin, izan beharrekoak urruti, etorkizunera  irteera korapilatsua,  basatiak izan ginenekora bultzatu nahi  gaituzte.

*  Ikasi beharko dugu euskal espazioan arkatzez idazten.

* Erabat ilundu zaigu euskaldunoi gaua prozesua delakoa etetean, baina  erabaki beharra dugu, joatea edo geratzea, sekula ez da beranduegi, hala badirudi ere.

* Beti egonen gara moilaren batetan oinak baratuta, malko tanta izoztuak kristalean behera edo amets berean kea gorantz  gorian behatuz,  leihoetan baratzen bagara.

* Argiaren zirrikitua ikusi genuen, bestaldean etorkizunera  norabidea aldatzeko kantoia aurkitua uste genuen, arnasa hartzen hasian ginen, biderako ustez lagun berriak urreratu zitzaizkigun,  errepide berriak irekitzen  hasiak zirela  esaten ziguten, baina lehengo hiri berean harresi berdinen barnean preso diraugu.

* Egun amestuak itzuliko diren utopian zaildu gara egunak joan egunak etorri, mamuaren ziegetako  kateak hautsi itxaropenez, baina, agurea agureago, magiak ez du misteriorik apurtu eta ezinaren sareetan ainguraturik diraugu.

 

 

Ezinak

* Etsipena amore ematea da, helburua aurrez galdutzat ematea, euskaldunon artean zabaldu eta errotuegi dagoen bizipena.

* Min ematen didate utziak dauden  guduan galdutako neska-mutilen oroitarriak. Harriok uneko suzko erroberak  izan balira bezala,  urtean behin zuziri batekin gogoratzen ditugunak. Nekrofilia salatzen didanari bidaian galdutakoek egunerokoaren zati direla erantzungo diot.

*  Elkarren arteko hesiak jasoz diraugu oraindik, hormak bota ezinik.

* Kontsolatzen ematen dugu euskaldunok ahalegin gehiena, irabazteko ahaleginean baino.

 

 

 

 

Errepresioa

* Ia egunerokoak arren, errutinaz haratagoko arantza jasanezinak dira euskaldunok pairatutako atxiloketa denak, beldurtzekoak denak. Ez da ziega erosorik euskaldunontzat, burdina guztiak dira mehatxagarriak.

* Epaileen umorearen menpe bizi gara euskaldunok. Begira Garzon eta enparauei. Politikoen eta alderdien interesen menpe bizi gara euskaldunok, epaileok alderdi eta politikoen morroi besterik ez baitira.  Legeen eta epaileen fidagarritasuna pentsalarien teoria bat besterik ez da, ameskeria, arbitrarioki legeak interpretatzeaz harago, lege berriak egiten baitituzte legea interesei egokitzeko.

*Ilunpea, ezaguna bada, ez omen iluna.  Hain aspalditik bizi gara ilunpean Euskal Herrian,  bidegabekeria nabarmenena ere eguneroko arrunta iruditzen zaigu askenez.

* “Euskaldunon azken mendeko historian beti dago presoa presente, herriko arimaren ezten eta akuilu. Askatasun garrasia, arimaren zalaparta”, Koldo Izagirrek.

* “Ez baitago ziri gaiztoagorik ezpal berekoa baino” Txillardegik. Ezpal orotako ziri kontaezin sartu dizkigute jadanik.

* Aleman batzuk ikusiz:  OR-a odola geneukala eta, onartu egin zuten euskaldun arraza arioek, baina baita Gernika euskalduna  bonbardatu ere.

 

 

Geroa

* “Europa euskalduna da, jatorriz... Aitorpen horri esker bakarrik berpiztu dezakegu euskaldunok geure buruarenganako estimazioa eta Europak bere buruaren kontzientzia” hala dio Alfontso Martinezek.  Espainiara begira ez bizitzen ikasi behar dugu euskaldunok.

* Estatutu edo antzerako marko berri batek kaiola handiagotu edo edertu besterik ez digu eginen euskaldunoi, euskaldun eta gizaki bezala. Burdinak hautsi arte!.

* “Geuk tregua eman eta zuek bakerik nahi ez. Irabazi diagu”, Koldo Izagirrek.  Jakingo al dugu irabazten.

*  Etorri zien eta lokatzatara eraman gintuzten; gero hankak moztu zizkiguten lokatzatan gera gintezen. Baina sinesmenez beteta ditugu zapatak, lokatza belardi bihurtuko dugu, inora alde egin gabe.

* Desertuko nomadak, luzea zaigu euskaldunoi bidea, denboraren inolako kalkulua egiteko aukera ere ukatzen diguten honetan. Ura eta janaria ukatzen diguten garaiotan, garbiago dugu ortzi-mugan aurkitu behar dugula irtenbidea,  hondartzan utzi ditugun lorratzei begiratu gabe.

* Patrikan xemaikorik gabe harrapatu gaitu euskaldunok aspaldian kuku kantak. Abenduan bizi izan gara beti adineko denok, bufanda lepoan eta berogailua piztuta. Badaezpada ere. Baina beti atera dugu patrika barrenetik hurrengo kuku kantuak sos batzuekin aurkituko gaituen itxaropen hondarren bat.

 

 

Euskal Herria II

Jon Etxabe 2016/07/01 10:42
Aurreko atalekoen jarraipena dira bigarren zatiko burutapenok, interesa duenari errazago izanen zaiolakoan bitan banatuta jasotzea..

Baldintzak

* Herri honen askatasun lehian egiten dugun ekimen orok aurrera pausoa izan beha du, garaile senarekin, ezin dugu porrota izanen den ezer proposatu. Garaile sena behar da edozein ekimen hasterakoan, bestela hobe ez hasi. Galtzaile kezkarekin hasten denak, ezina du garaipena.

* Barre egiten ikasi duen herriak irabazi du. Barre beldurrari, izandakoari, izango denari, nahiz balizkoari. Garaipenaren marka: beldurrari barrea.

* Umore on puska bat beharko genuke borrokarako Euskal Herrian. Parrandazale gara, baina serioegiak borroka unean.

* Zuhurtzia da ez izu ez itsu izatea: erosotuta dagoen herri batek behar duen lehen baldintza, izutu eta itsutu ez dadin.

* Estrategia eta efikazia dira garrantzitsuenak edozein borrokan, unean uneko borrokatxoetan indarrak galdu gabe. Aurrez aurre etsaia eraso ordez, azpitik edo inguratuz jotzea eraginkorragoa izan daiteke zenbait kasutan.

* Itsasoak ere ez omen dauka indarrik etengabean ekiteko, horregatik, herri zapalduak ezin du hetsi errepresio bortitzaren aurrean, baina berak ere ezin du ahalegin betean saiatu uneoro, barealdiak izanen ditu urtaro eta ilargi fase ezberdinen arabera. Hor datza herri baten borrokarako sena eta jakituria: bestearen barealdia norberaren susperraldiarekin baliatu, eta bestearen erasoaldiari barradera jasotzen jakin.

* Odol hotza eta sendoa eduki behar du herri zapaldu batek. Odol hotza une egokiaren zain egoten jakiteko. Eta odol sendoa, une hori datorrenean, errukirik  gabe kolpea jo eta irabazteko. Zain egotean ere geldirik egon gabe.

* Ez dagoela gauza ulergaitzagorik azala beltza, abizena berdea, edo pentsaera gorria duzulako ezkutatu beharra baino, dio Julen Gabiriak. Asko dakigu ezkutatzeari buruz Euskal Herrian: iheslariek fisikoa kamuflatu behar dute,  abertzaleek erakundeko ideia eta siglak, mozorro baten atzean aurpegia zenbait ekintza bidezkoenetan, ... Deskuidatuz, zu zeu ezkutatzen zaituzte kartzeletan.

* Gizarteari oso ikuspuntu hertsia edo bakarrarekin begiratzeko arriskua dugu Euskal Herrian, politika dugu neurgailu nagusia. Kultura, zientzia, literatura, artea, …: ikuspuntu ezberdin askotatik begiratu beharra du herri batek herri osatua izan nahi badu. Bada horrelako lente ezberdinez begiratzen dakienik, baina oso gutxi dira. Baina beharrezkoa da ikuspegi anitz hori herri osatua izan nahi bada.

* Herrien lauzka entzun behar du Euskal Herriak, eta tropel horretan sartu.  Herri elkartua ezingo duten bezala garaitu, herri elkartuek ere errazagoa dute bidea egitea.

* Konkistatzaileek edonon eta beti indar hutsa besterik ez dute erabili, ondoren bermatu dute konkista kultura eta erlijioa inposatzearekin. Konkistatzailearen indar inposatuak, baina, konkistatuaren ahulezia erakusten du. Horregatik indarberritzea, indar metaketa da herri batek askatzeko egin behar duen lehen lana eta ahalegin halabeharrezkoa.

* Ez Euskal Herrian ez inon, odolez lortutako jabetzak ez du etorkizunik herriarentzat. Odolez menderatu gaituzten mendez mende, odolez berreskuratu nahi izan dugu lapurtu ziguten burujabetza, baina bide antzua gertatu zaigu, inbaditzaileei eta inbadituoi. Odolez datorkigunari, odolez egin beharko zaio agian aurre, baina odola antzu bihurtzean beste bide bat hartu behar da.

 

Memoria

* Herri kontzientzia eraikitzea da memoria lantzea, memoriak soilik sortzen baitu nortasun kolektiboa.

* Egin du memoria galdu duen herriarenak. Oroimenean irauteak emanen dion herriari bizirauteko eta aurrerabiderako helburuak lortzeko indarra. 

* Memoria dauka herriak, eta funtsezkoa du herri-bidean bizirauteko. Memoria hori da kendu nahi digutena, hilik ikusi nahi gaituztelako.

* Hildakoak garrantzitsuagoak dira herriarentzat sarri bizidunak baino, eraginkorragoak, askatasun iraultzaile bat tartean dagoenean. Hilek ere bide bat erakusten digutelako. Memoria eraginkorra delako. Hildako asko du Euskal Herriak, bizirik dirauten hildakoak.

* Ez dakit oroimen kolektiborik den ala ez, baina jende mordo batek, herri osoak sarri, gogoan du frankismoa eta politikoen gezurrak, baita herritar hainbaten portaera ankerra ere. Memoria gorde behar du herri batek eta zapaltzailearen aurkako arma bilakatu.

* Ezagunak dira zenbait izen, batzuk medioek artifizialki politikoen interespean errepikatzen dizkigutelako, beste batzuk herriaren memorian daudelako

* Egunen batean idatziko da, idazten ari da jada, Espainiako demokraziak egin dituen basakerien kronika. Betidaniko Espainia beltzarena. Espainia torturatzailearena. Gizona gizonarekin egiteko gauza izan den guztiari buruzko albiste gaiztoak  munduratuko den aldia sortzen ari da. Kartzela eta polizia-etxe bakoitza Auschwitz bihurtu duten garaia.

* Suntsikuntza baten kronika beltza besterik ez da izanen euskaldunon biografia. Baina diraugu, bizi gara. Bizi den ororen bizitza da  suntsipenaren biografia. Naturak berak edo gizakiak eragina.

* “Erauntzia pasatakoan ageri dira txikizioak” dio Pablo Sastrek, eta hala da. Esan ohi dugu ere “egunen batean idatziko da gaurko historia benetakoa” hori, baina kontsolamendu ziztrinegia da, gaur bertatik jarraitu behar da, gero eta sutsuago eta tematiago, memoria lantzen hasitako zeregin funtsezkoari.

* Juan Mari Irigoienek: “Zeren torturatua dena ez baita bere buruaren jabe, ez bere denboraren”. Etorriko da eguna noiz kontatuko den gaur egungo Inkisizioaren gehiegikeria eta sorgin-ehizak. Eta torturatuen bizipenak. Ordukoak guk ikusten ditugun bezain harriturik ikusiko dituzte haiek gaurko torturak, gaurko inkisidoreak laidoa jasoko dute.

* Norbaitek idatziko ditu poemak gaurko politiko tiranoek hil eta kartzelaratu dituzten euskaldunen omenez. Seguruenik idatzita daude, idazten ari dira, baina nonbaiteko Azkainera ihes egin beharra dago argira emateko. Frankismo garaian bezala, gaur egun ere.

* Ibai gozagarriak ezagutu genituen txikitan Altzolan, igeri eta peskan egiten genuen ibaian. Gerora Euskal Herriak, euskaldunen batzuen diru zaletasunak eta beste batzuen diru beharrak arrazoi, zabortegi bihurtu zituen ibaiak, sos batzuk irabaztearen truk, ibai industrializatuak bilakatu ziren Euskal Herriko ibaiak, Francok industriaren osagai bihurtu zituenean tailer-jabeen eskariz.

* Etsaia boteretsuagoa denean, eta  bere porrota hurbil edo posible ikusten denean, gizarte guztien arteko gorrotoak eta barne istiluak sortarazten dira. Euskal Herriak badu zatiketa horien errealitate, esperientzia eta bizipen latza. Herrian zein erakundeetan, direla ezkerrekoak edo eskuinekoak.

 

Hilketak

* Politika versus ihardura armatua. Gai sakona. Bete betean harrapatzen gaituena. Baina, gai labaina, gutxi ukitzen dena, ia ukitu ere ezin daitekeena. Madrilen aurrean, gaitzesteko ez bada, terrorismoaren apologia delako, euskaldun askoren artean ere labaina, sentipen zitalak harrotu ditzakeelako.

* Euskal Herriko historiaren kate-begiak, herri gehienekoak bezala,  hildakoez eginak dira. Nahitaez. Hori da herrien tragedia.

* Hiletetan isiltasuna hedatu ohi da dolu seinale, Euskal Herrian, norbait erailtzen dutenean, lubaki batekoa zein bestekoa, orroen larriak egiten du eztanda isiltasunaren ordez.

* Euskal Herrian beti izan dira ilaje ezberdineko atutxa eta ares biolentoak, edozein sarraski legezkotzat jotzeko.

* Euskaldunok bortxa eta basakeria besterik ez omen daukagu, hala zabaltzen dute medioek mendekua eskatuz; Estatuak zigor mingarria eta gupidagabea ezartzen du.

* Egia da zenbait jende kainita dela, mendekuan pozik, indarra irtenbide bakartzat ikusten duen jendea badagoela. Baina ba al da kainita ez den edo izan ez den herri zapaldurik?. Herri bat kainita dela esateak, orokorrean hartuta, dionaren frustrazioak zuritzea du helburu, eta borrokalari zintzoenganako iraina da, borrokatzen ez diren pertsona frustratuen gordelekua. 

 

Gerrak

* Gezurrean oinarritzen dira gerrak, edo gerra pizteko probokatutako gertaeretan. Hildakoak eta hondatutako herriak dira gerretako egi bakarrak, gehienetan isilduak edo ezkutatuak.

* Gerra egitea burdin puskak haragi bizian sartzean zetzan garai batean, gaur egun ere bai burdinak bala edo metraila baten forma hartu badu ere.  Burdina puskok geure haragi bizian sartzen zaizkigunean soilik dakigu herria askatzea zenbateraino lazgarria den.

* Ez espainolek, ez frantsesek, ezta euskaldunok ere, ez dugu ezer ikasi gerraren ezinetik, gerrek ez gaituzte zentzudun bihurtu, ezer gutxi irakatsi digu gerraren eskarmentuak. Euskaldunok, gerra armatuaren ezinaz jabetu garenean ere, bestelako gerretan nahasten gara, bakea urrunduz. Espainolak eta frantsesak, berriz, gerraz elikatzen dira.

*Juan Mari Irigoien: “... eta horrek erakusten digu ezen hitzak eta ideiak baino eraginkorragoak direla, ondikotz, armak, zeren arma-bidez gerla irabazten duenak erabakitzen baitu hitzaren norabidea, erabakitzen du nor den traidore eta nor ez, ...”. Galdetu bestela ingeles eta eskoziarren historiari, galdetu irlandar eta ingelesei, galdetu nafarrei, galdetu euskaldunoi, ... Galdetu Ibarretxeri, indarraren bidez zapalduz gero hitz eginen baitu etsaiarekin, espainiarrek bezala.

 

Politika

* Beharrak ohe-kide bitxiak egiten omen ditu, Euskal Herriko politikagintzari begiratzea besterik ez dago nolako ohe-kide aldaketak egin ahal diren eta egiten diren jakiteko.

* Ekintzen ordez hitzak, hori izan da Euskal Herriko politiko gehienentzuen  jarrera herriarekiko; hitz isileko ekintza emankorrak, aldiz,  kasta dirutsuekiko.  

* Dela mitina edo sermoia, hitzetan dirudi jartzen dutela eraginkortasunaren ustea, efikaziaren ardatza, politikoek eta apaizek, baita fruitua lortu ere epe laburreko etorkizunean. Herriak, baina, ekintzetan soilik sinesten du, ikusten eta bizi duenean. Uneko berotasunez haratago, guztiz arrotz eta ulertezin pasa ohi dira hitzak ekintzetan mamitzen ez badira. Horregatik, azkenik, bai politikoek bai elizak, indarra eta beldurra erabiltzen ditu herria mende edukitzeko, beraiek ere indarrez bildu gabeko hitzen eraginean ez baitute  sinesten.

* Alderdi politiko eta gobernuek errespetagarritasunez, arrandiaz eta kontsakratutako  formaz mozorrotzen dituzte ankerkeri eta harrapaketa denak. Konstituzioa da Euskal Herriaren zapalketa justifikatzeko Espainiako gobernuak darabilen kontsakratutako forma nagusienetako bat.

* Maitasuna oso urrun gelditzen dela inbidia, beldur edo amorrutik, irakurri diot Pablo Sastreri: Euskal Herria maite dutela diote hainbatek, baina amorruak eta gorrotoak eragindako  mendeku neurriak hartzen dituzte. Gezurra da bere politikaren funtsa eta anima.

* Sultana espainolen alde jarri zen Marokon berberen aurka Maroko gerran. EAJ da euskal sultana euskal disidentziaren aurkako gerran.

* PVVko buruzagien aberria boterea eta dirua dira. Hauteskunde emaitzak dira beraien poza edo mina.

 

Damutuak

* Sistemak, bere interesetarako, erabili egiten ditu damutuak, amore eman dutenak, salatzaileak; baina hauek dira galera gehien sufritzen dutenak, duintasunaren galera alegia,  garaitu sentipen biziena dutenak. Porrot bikoitza beraiena.

 

Polizia

* Polizia eta guardia zibilentzat ez dago gizalegerik, Ertzaintzarentzat ere,  Horiek euren legak dituzte, eta buruzagien babes osoa.  Torturak lekuko.

 

Eliza

* Jainkoa da elizaren arma gizakia menderatzeko. Bere izena eta euskaldunen arteko zintzotasuna baliatu izan du ikara eta beldurraren bidez herria jokabide interesatu batera bultzatzeko.  Hiltzeko armak, gehienetan, besteen eskuetan jarri edo onartzen ditu. Eliza funtsezko baliabidea izan da Euskal Herriko historian, gehienetan boterearen alde. 

 

Erritoak

* “Ahaideak alboan, hortzak ahoan” zioen esaldiak. Bazkaria zor, familiartea beti zabala, hiletak ohi ziren familia askoren hondamendia Euskal Herrian. 

* Errituek herriaren sena erakusten dute, eta izaera hori ez da asmakizun hutsa, izaera baten sinboloa baizik. Erritoak herri baten azalpen bat dira, argazki bat bezalakoa.

 

Zertzeladak

* “Gure herria planetako lehendabiziko herri humanizatua eta Europako azken herri indigena dela esan genezake”, Malreux berriro ere.  Esan, esan egin behar dugu Europako azken herri indigena garela, baina horrez gain, gainera herritasun hori bizi. Eta ekintzekin frogatu.

* Malraux berriro:  “Adorea antolakuntza-arazoa duk. Nork nahi duen antolatua izan jakitea baino ez duk falta…”. Adorea badago, adoredun jendea ere bai gure herrietan, antolakuntza da falta zaiguna, sistematikoki militante izan daitezkeenen bila hastea, berezkotasunaren  arabera utzi gabe.

* Errazagoa da noizbehinka jendea ekintza batetara biltzea, egunero militante izateko heztea baino. Ahaztu egiten zaigu bigarren hau dela eraginkorragoa.

* Hainbat borrokan hildakoei omenaldietan pentsatu izan dut ohitu egin garela hildakoez, ez digutela jada barnea egunerokorako goritzen.

* Zerk bultzatu eta bultzatzen ditu milaka euskaldun bere bizia, ongizatea eta askatasun pertsonala galtzera, behin eta berriz?. Mila arrazoi ezberdin egon daitezke, bakoitza bera delako, baina errealitatea hori da, eta horrek zapuzten ditu Madrileko herri hau suntsitzeko ahalegin guztiak.

* Urrutiegi du oraindik askatasunaren zerumuga herri honek etorkizuna begiratuz; uhin erraldoiei branka jarriz eta gandor erpinak gaindituz goaz askatasunerantz.

* Bertako oro ez omen da jada euskalduna Donostian, espainolak garela baitiote; baina ozta izan liteke ere espainola gaur egun  Donostian, gehiengoek donostiarrak euskaldunak direla diotelako.

* Malrauxek zioen Anarkismoa Sindikatua zela, baina batez ere gizonekin harreman hurbila izatea. Ezker Abertzaleak ez du ikasi militanteak nola formatu, edo ez du lortu behintzat. Berez edo berenez datozkion pertsona arduratuak dira gaurko militante gehienak. Jakin beharko genuke harreman pertsonalen bidez nola jende kezkatua militante bihurtu. Ez dugu landu militanteak egiteko prozesua. Prozesu luzea ohi da militante eraginkor bat heztea. Ez da nahiko borondate oneko pertsona bat soilik izatea.

* Mazzantini,   elgoibartar toreroak ere Melillara joateko eskaini omen zuen bere burua. Badira horrelakoak oraindik Elgoibarren zein Euskal Herrian

Euskal Herria I

Jon Etxabe 2016/06/27 11:12
- Bitan banatu dut atal hau osoan luzeegia ez dadin. - Bada burutapen gordinik, agian mingarririk ere norbaitentzat, baina bere horretan uzten ditut, bakoitza bere testuinguru eta une-egoera zehatzetan idatzita baitago.

Askatasuna

* Beti etxea amets, herria gogoan, erroen bila ibiltze hori, gizakia, edonon aldarrari, deserrotua dela bizipenaren ondorioa ez ote. Edonon inoren jopu dela alegia. Ez ote hori askatasun egarri atabikoaren arrazoia

* "Askatasunari uko egitea gizon izateari berari uko egitea da." Rousseauk esan omen. Baina  hitzak soilik, besterik ez da esaldia. Lubakiaren alde bietakoek diote hori bera. "Zer ote zen askatasuna?", Totik. Hor dago gakoa. Zenbat buru, hainbat askatasun.

*  Herriaren askatasunak, askatasuna iraultza denean, arnasa estua eta luzea izaten du.

* Amestu eta borrokatzen dugulako da gure aberria Euskal Herria, baina dirua ez ote gehienon aberria.

* Behar litzatekeena eta badenaren arteko dialektikak bete betan hartzen du Euskara, Euskal Herria osoa eta euskaldun oro. Ez gara behar gintzakeena, eta izan ez behar gintzakeena gara. Zapalduak, ez askeak, alegia.

* Egia da askatasuna proposamen bat izan behar dela, ez gurutzada bat, baina hori bezain egia da ere askatasuna ez dela proposamen hutsekin lortzen.

* Libertatea eta askatasuna lotzen ditugu sarri euskaldunok, lur konkretu batetan kokatzen ditugu askatasuna eta askatasunean bizi nahi dugun libertatea. Ez dira gauza bera.

* Inork ez du oparitzen askatasuna, ez da ere berez etortzen, baizik herri bakoitzak eguneroko borrokan lortzen du. Lortze borroka horregatik egurtu egiten gaituzte inkisidore modernoek sorgin-ehiza itsuan. Askatasuna lortzearren izaniko ahaleginen museo eta kontakizun franko aurkitzen da herri orotan, harro herri bakoitz hori, izan dituen gerra odoltsuengatik. Guri ostera debekatu nahi digute Euskal Herria Burujabe Utopia. Ametsa bera ere ukatzen digute.

 

Zapalkuntza

* Aberri zapalduak beti ditu koordenada zailak, Euskal Herriak ere, herri zapaldua denez.

* Gezurraren garaia da gizakiaren historia. Politika, gezurra baita, onenean egiaren absentzia. Egia gerora jakin ahal da, baina jadanik ezin du historia aldatu. Egiak ez du historia aldatzen. Agian ezer ere ez, egiari egia zor omen zaion arren.

* 700 preso, nork daki zenbat iheslari, oinarrizkoen eskubideak ukatuak, ... okupatzaileak epaitzen gaitu, bere eskubideak soilik onartzen ditu, ez herriarenak, beraren kulturako ez den oro jazartzen du.

* Legea ezin da indarka onetsarazi. Legea indarka onetsarazi nahi diote herriari, bai Madriletik bai jeltzaleek. Eta legea mesedegarri ez zaienean legea aldatzen dute. Baina boteredun inork ez du pekatzen bere nagusikeriengatik.

* "eta mundua nola edo hala aldatu duten gertaera handiek, -prestuak nahiz doilorrak-, beti gertaera erabat hutsalen bat izan dute sorburu, guretzat ezezaguna". Pilatzen joan diren txingarrei garra atera dien azken putza izan ohi dira gertaera hutsalak. Bestetan gertaera hutsalei heltzen diete ahalguztidunek, kinka larrietan, beste heldulekurik ez dutenean ahalgutxidunei erasotzeko;  euskal alderdi bat legez kanpo uzteko, esateko. Une honetan keinu hutsalei adi gaude euskaldunok, mirari baten itxaropenez,  miraririk ez dela jakinda ere, keinu hutsalon katea luzatu eta indartuko den esperantzan, alegia.

* Urte gogorrak jasan ditu herri honek: hildakoak, presoak, isunak, atzerriratuak, … Gogorrak diraute oraindik gaurko urteak ere: hor dira preso eta iheslariak, hor atxiloketak, hor isunak, hor oraindik klandestinitatean ibili beharra, … Eskubide oinarrizkoenak defendatzeagatik erasoa jasaten darrai herri honek.

* Nahikoa omen zatekeen gerra eta frankismoa garaian familia pobreko izatea atxilotua eta fusilatua izateko, batez ere errepublika aldekoa bazen. Euskal abertzale zintzo oro izan da gaur arte, gaur egun ere, kartzela mehatxupean independentista bada..

* “Bidali ditudan postaletan  "Renteria" eta horrelako izenak jartzen ditut helduko diren ziurtasuna eduki nahian.  Oraindik gure euskal grafia eta idazkera etxe inguruan ibiltzeko bakarrik da ziurra. Euskadi eta  Gipuzkoa ere jartzen ditut zalantzak ditudan arren. Geure buruaren ziurtapena besterik ez da, oraindik ez baitugu normaltasunik irabazi kanpoan. Espainolak omen gara, baina gure berezitasunik xumeena ere arrotz da Espainian.  Edo hala iruditzen zaigu. Agian, konplexuak ditugulako da.”  Aspaldi idatzi nuen hori, baina sakonean ez da egoera aldatu.

 

V.  Espainia

* Gerrak izan ohi direla gizalegeko hitzarmen eta kode guztiak gehien aipatu eta gutxien konplitzen diren abaguneak, hala dio Jokin Urainek: zehaztu  dezakegu gerra duela deklaratuta Espainiak Euskal Herriari, ez baitago Espainiak zapaldu eta bortxatu ez duen giza legerik euskaldunen aurka.

*  Ilusioa saltzea ohi da, ilusioa besterik ez, politiko zuhurren amarrua, baina Madrilen euskaldunoi ilusio eta esperantza apurrenak ere ukatzea dela uste dute politika eraginkorrena.

* Estatuek beti erabili izan dituzte aitzakiak besterik ez ziren gertakariak edo gezur asmatuak etsaien kontra erasotzeko, uneko polizi edo agentzien sasi informeak baliatuz.  “todo es ETA” izan zen luzaroan Espainiaren aitzakia, eta erakunde armatua desagertzean, beti dago komeni den poliziaren informe egoki eta egokitu bat.

* “Gobernu batek bere herritarrei afixen bidez bakea eta oparotasuna agintzeko beharra duenean, erne ibili behar da eta horren kontrakoa itxaron” dio Ivo Andrichek. Bi milagarrengo bigarren hamarkadan eskuzabaltasuna eskaintzen dio Espainiak Euskal Herriari. Kontuz!!!.

* Espainia beti egon da gurutzadan, edozein dela etsaia; Francok hasitako gurutzadan darrai, Euskal Herriaren aurka, eta beti izanen du Eliza delako gurutzada bortitza hori bedeinkatzen.

* Euskaldunok izan gara Espainiako Estatuak,  zein medioek, urte luzeetan egoera politikoari iraupena emateko, eta bestelako arazoak estaltzeko, asmatzen duten arerioa. Lehen ETA zen aitzakia, orain erabakitzeko eskubidea da tabua, independentziara pausoa omen delako.

* “Deabrua ere, asebete denean, pertsona ona dela zioen Jonathan Swift abadeak”. Espainiako deabruak asebete ezinak dira.

* Sarrionandia: “biolentzia ez dela bakearen kontrako ekintza bakarrik, biolentziak erlazio handia duela eskubidearekin, eskubide edo arrazoi desberdinen arteko borrokarekin. Indarkeriaz fundatu zen Legea, eta boterea izan da harrezkero ere Zuzenbidearen sostengua”. Espainiak ulertu nahi ez duen ebidentzia.

* Konkistatu egin zuen Gaztelak Euskal Herria, bortxaz mantentzen du nazionalismo espainolak mendekotasun hori, are  gehiago guk ere bortxa erabili ostean elkarrizketa eskatuz eskua luzatzen diogunean. Menderatzailearekiko kidetasuna besterik ez dute ulertzen Madrilen.

* espainola beti izan da otso euskaldunentzat. Harrapakin onuragarria baitzaio.

* Nota txarra jarriz, irakasleak zigortzen duen bezala ikaslea, zigorra ezartzea da euskaldunokin Madrilek darabilen pedagogia.

 

Kontzientzia

* Aspalditik datorren ibilbide luzea du Euskal Herriaren kontzientzia nazionalaren bilakaerak: garai bateko kontzientziarik eza, argi-egarria, boterearen eta apaizen jarrera kontrakoa, nortasunaren bilatze sarri inkontzientea, herriari buruzko kontzientziaren gauzatzea, ilusio garaiak, barne borrokak,  botereak eta apaizek irabazten dutenekoa, ilunaldiak, kontzientzia berreskuratzea eta bilaketaren jarraipena, ...  prozesu oso luzea du Euskal Herriaren kontzientzia nazionalaren bilakaerak.

* Atzerriko edonon eta edonoiz, gu geu bakoitza gara Euskal Herria.

* Gaztelania inposatu bazaigu ere,  Euskara da aberria hemen.

* Malreauxek: “Giza historiaren urte kopuruetan sarturik, itsasoaren ur tanta bat ere ez gara, baina ur tanta hori beharrezkoa da itsasoa izan dadin”. Puntu ia ikusezina gara munduko mapan, baina mapa osatzen duen puntua gara. Beraz izan gaitezen puntutxo, harro eta gogor.

* Euskaldunok, gu geu gara, ez dugu onartzen inork irentsi gaitzan. Aldi berean ez dugu onenak eta bakanak garen harrotasunik, garenak gara, eta ez dugu inoren gainetik jartzeko grinarik, beste herrien elkartasunean gu geu izatekoa soilik.

* Dena galdu duenak erraz galdu dezake burua ere. Berea zer den eta bera zer den argituz barneratzen du herriak bere euskalduntasuna. Izena  berreskuratzen duen heinean berreskuratzen du nortasuna eta izatearen harrotasuna.

* Euskal Herriko inongo zokotan atzerritar ez sentitzea da euskaldun izatea, bitartean ez da Euskal Herririk. Bandera espainola, nortasun agiri espainola, eta beste xehetasun abarrak, geure buruaren jabe izatearen eta erabakitzeko eskubidearen ukazioaren azaleko ezaugarriak besterik ez dira. Horregatik ez du herri honek etsitzen.

* Loa eta ura ukatzen digute, baina Euskal Herria bizi da.

* Batzuetan izugarri arina eta hauskorra dirudi euskaldunon askatasun ametsak eta aukerak, baina inork ezin izan du, ezin du, uxatu, eta hor diraugu.

* Harrapaketa, inposaketa, gaztelania eta erlijioa ezartzea, elizaren laguntzaz, izan dira konkistatutako herrietan, Euskal Herrian kasu, Espainiak egin duen bakarra, herrien onura, maitasuna, errespetua bilatu eta askatasuna errespetatu ordez. Duintasuna beste defentsarik ez dio utzi herriari. 

*  Medioak armaz hartuz, Espainiako Segurtasun Ministerio, epaile ezberdin eta enparauek esango dute umeei ideia abertzale separatistan erakusten zaizkiela eskola eta ikastoletan, baina, egia esan, bizi duena baino ez dute ikasten umeek Euskal Herriko edozein lekutan, askatasun aldarrikapena alde batetik eta errepresio bortitza bestetik.

* Izena bera ere kendu nahi diote herri honi, Euskal Herriari: hego euskaldunak, ipar euskaldunak, nafar euskaldunak, baskongadoak, eta batez ere espainolak gara. Ez dago euskaldun soilik ofizialtasunarentzat, euskaldun bakoitzak bakoitzak du bere mugatzailea.  Ez gara  Herri berekoak ere, Komunitate ezberdinetakoak baizik, Nazio ezberdinetakoak. Izana eta garena kendu nahi diote izenarekin batera. Baina iraun du eta dirau Euskal Herriak.  Indarra beharko du, bere barnean aurkitzen du, biziraupen sentimendu eta erabakiak eraginda.

* Herri bat edukitzea, noiz helduko itxaroten gaituen etxe bat edukitzea bezalakoa da, horrek askeago izateko ahaleginean babesa eta itxaropena damaigu.  Herrimin denak, errazagoa du egunerokoa. Dugu, bai. Bai etxea bai herria. Herria ez dago gu itxaroten, gu geu gara herriaren arnas hotsaren azken oihartzuna, arnas  hori besterik ez gara, baina guk jakin badakigu hor dugula gure herria, herria garela.

 

Ahala

* Izen ospetsuengan jartzen dugu sarriegi herriaren itxaropena, baina bada horien baino inportante eta eraginkorragorik, eta ez da larregi begiratu behar horiek aurkitzeko, albora begiratu, geure buruari, hobe geure guari, herriari alegia. Geu gara herria. Geuregan sinesten dugunean, aldatuko dugu gizartea.

* Esperantza da iraultzaren indarrik handiena, horregatik ostu nahi digute.

* Gordetzeko hegalpe oro kendu nahi dizkiote Estatu jakobinoek Euskal Herriari, eremu zabalean desbabes eduki nahi du behar denean irensteko prest.  Baina herriak bere baitan du babesa, bere indar propioan.

* Itxaroteak nekadura dakar, eta nekadurak konfiantzaren ahuldura, eta konfiantzaren ahuldurak ekintzarako indar-gabezia. Itxaropena eta gure arrazoietako konfiantza galdarazten saiatu da eta saiatzen ari da Espainia, hori da bere bai taktika bai estrategia. Baina horrek itxarotearen antzutasun sentipena sortarazten du, herria ekintzetara bultzatuz. Konfiantza, pazientzia eta aldi berean ekina, nahitaezko gaur egungo euskaldunon armak, ezeren eta inoren esperoan egon gabe. Ez da zain egoteko aldia, Madril eta jeltzaleak behartzekoa baizik.

 

Gaurkoan

* Betiko dilema, zer egin pentsatu ordez, zer egin behar litzakeen pentsatzea. Horrek pozoitzen du jarduera bat. Posibilismoa eta utopia, korapilo horretan atrapatuta jarraitzen dugu Euskal Herrian, aldi berean korapilo horrek banatzen gaitu. Egin behar denari heldu eta aurrera. Posible ala utopia, geroak erakutsiko du.

* Frantziar Iraultza Euskalerrian: Elizgizon eta jauntxoen aurkako jarduera, zigorra legea ezartzeko, egia bat beste egia baten ordez, injustizia baten bidez justizia ezarri nahia. Inposaketa pertsonei, herriari, indarrez gizarte berri bar sortarazi asmoz.  Herria isilduko da, baina arazoak hor dirau, eta bere sasoian lehertuko. Gaur egungo arazo bera. Ezin gaituzte denak hil.

* Jardun etengabean, bata besteari, ia garrasika, ari gara, baina ez gara elkar ulertzen ezta ulertuko ere. Sakonean, ez ote banitatea gure eskubideez ari garen jarduera horretan ere?. Zubiak desegiten ari gara ibaiaren alde bietakoek.

* Gosete urtean bezain mantso igarotzen omen zitzaien denbora;  luze eginda gaude euskaldunok ere, urruti eta zail ikusten dugulako konponbidearen eguna.

* Zoritxarreko herri inozoa omen gara. Eta inozoak izaten jarraitzen dugu, goitik behera engainatzen gaituzte gaur egun ere. Denek. Euskaldunek euskaldunak ere. Behin eta berriro.

* Gutxieneko borondate politiko eta humano bat behar da edozein arazo elkarrizketaren bidez konpontzeko. Espainiako eta Euskal herrien, batez ere buruzagien, artean adostasun gutxienez inpliziturik ez egotetik dator  eragozpen nagusia elkarrizketa eta bakerako.

 

Geroa

* Tarte motz esperantzagarri batzuk ezik, biharamun beltza izan du beti Euskal Herriak.

* Herri honek, hau da, gazte euskaldunek amets egin dute, askatasunaren ametsa, horregatik jazartzen zaizkie gotorki bi estatuek

* Kontzientziaren hondo ilunetan mendeetan zokoratu izan diren arraza, erlijio eta kasten oinarrizko sentimendu eta sinesmen suntsiezinak, ustez hilik daudela uste direnak, badakite azaleratzen giro eta baldintzak aldatzen badira. Hori da Euskal Herriak bizi duen arazoetariko bat, arazo politikoa errotik konpontzen ez bada, geroak pairatu beharko ditu espero ez ditugun ondorioak.

* Ezin da herri bat mendekuaz bizi, geroari begiratu behar dio, justizia izanen dela itxaropenean, indarrak batu eta zapaltzailea gainditu daiteken abagunean. Mendekua itsua da, gorago begiratzen ez duen herria beti izanen da menderatua.  

* Bere sentipen, helburu eta nahiak aldi batez ezkutatu edo isildu beharrean aurkitu daiteke herri bat. Edo talde zein alderdi bat. Azeri izan berpizteko garaia datorren arte. Zerbait aparkatuta utzi edo ez tenporalki, baiezkoan zer aparkatu une batean beste aurre pauso batzuk eman ahal izateko. Taktika aldatu, aurrez aurreko erasoan ibili ordez. Boza eman edo ez, edo zeini. Dilema erabakigarri eta zuhurrak hartu behar dira aurrera egin nahi bada.

* “Zeren nork bere lurra defendatzea baita gizonaren lehen obligazioa eta eginbidea, eta entsaiatzea nork bere lur galduaren berreskuratzerat”.  Gizaldiz borrokatu ziren Eskoziako lurretan, bizia ere eman zuten lurra defendatzearren milaka eskoziarrek;  konortea galdu arte makilatu dute Parot Espainiako kartzela-zainek  lur galdua berreskuratzeko borrokatuagatik. Borrokatzea utzi digute etorkizun bakarra

Erlijioa

Jon Etxabe 2016/06/24 10:19
Garratzak iruditu zaizkit berriro irakurtzean erlijioari buruzko burutapenok. Hala idatzi nituen eta hala uzten ditut. Ados nago eurokin, nahiz, agian zenbait ñabardura beharko luketen. Bakoitzak jarri beharko dizkio bereak.

Zer den

* Denok dugu bizitzan zentratzen gaituen  zerbait, eta hori da bakoitzaren erlijioa. Askorentzat, direla elizgizonak edo mojak, eginbidea edo ogibidea da erlijioa.

* Sinesmenaren trikimailuak:    azpi-sinesmen edo sinesmen txikiz elikatzen da sinesmena.

* Jainko-jainkosak eta erlijioa, azkenen finean, gizartea maneiatzeko gizakiak sortutako baliabideak besterik ez dira, justizia-epaitegiak, politika-parlamentua, ekonomia-zergak, … bezala.

* Beti izan da erlijioa politikoek eta boteredunek bere filosofia, egitura eta biziera zabaldu eta ezartzeko erabili duten tresna. Eta erlijioa baliatu da ere politiko eta boteredunez, baita zibilizazioko abantailez, bere fedea ezartzeko. Botere ekonomikoa, politikoa eta erlijiosoa elkar elikatzen dira, elkar babestuz, elkarrez baliatuz.

* Ez dago infinitua atzematerik, ez baita existitzen, bukatzen ez den finitua da infinitua. Jainkoa asmatu zuenaren entelekia besterik ez da infinitua. Denak du neurria nahiz gizakiak oraindik neurtu eta mugatu ezin.

*  Eliza, edozein erlijio, boterearen, edonolakoa dela ere boterea, funtsezko baliabide osagai eta oinarri bihurtu da, edo besterik gabe da.

 

Zergatia

* Gizaki orok du, bere ezinen ondorioz,  sineskeriarako joera, batez ere, xumeek.

* Ilunabar zaila gertatu izan zaio beti bizitza gizaki orori edozein alditan. Horregatik sortu dira jainkoak eta beraiei atxiki zaie gizakia aro orotan, erlijiozko jainkoak edo bestelakoak, mila formetan itxuraldatzen baita jainkoa edo helduleku beharra. 

* Belaunaldi orok ditu bere santuak, erlijioso edo profanoak. Batzuek artifizialki eta interesatuki fabrikatutako santuak dira, beste batzuk bilatu gabe zintzotasun eta lanagatik ikono bihurtu direnak. Nolanahi santuak gizarteak bizi eta irauteko behar dituen eusgarriak dira, itxaropenaren zutabeak.

* Ezinak  eta ezinbestekoak arintzeko heltzen dio hainbatek Jainkoari, ia fededun denek, baita gure akatsak berari bizkarreratzeko ere, gure erantzukizunak uxatzeko amarru edo aitzakia bezala. Halabeharra, zoria, da gehienentzat jaungoikoa, “berak hala nahiko zuen” hori zer da ba besterik.

* Merkeak dira heriotzaren zergatiari buruzko galderei erlijioek ematen dioten erantzunak, baina milioika pertsonek onartzen dituzte erantzun kontsolagarri erraz  bat behar dutelako, jainkoa, agian eliza,  desafiatzeko beldur direlako.

* Ezinak  eta ezinbestekoak arintzeko heltzen dio hainbatek Jainkoari, ia fededun denek, baita gure akatsak berari bizkarreratzeko ere, gure erantzukizunak uxatzeko amarru edo aitzakia bezala.

* Gazteak, filosofoa ez bada, ez dio bere buruari galdetzen ze arraiotarako bizi den, bizi da eta kitto; adinean aurrera, hasten zara zure buruari galderak egiten, eta azkenik helduaroan bizitzari buruz egiten diozu galdera zure buruari: zu zeu ez ezik, animaliak, loreak, harriak, … zergatik eta zertarako bizi diren.  Galdera horien ondorioz gizakiak jainkoa asmatu zuen, edo filosofiakerietan hasi zen.

* Politikoek eta diru-maneatzaileek erlijioak eta erlijio-buruak erabiltzen dituzte nagusitasunari eusteko.

 

Boterea

* Elizak beti izan du, asko edo gutxi, aginpidea gure gizartean. Botereak beti dakar, era ezberdinekoak, borroka, eta borrokak tentsioa. Eta apaizak eliza horren ordezkaria den aldetik ezin ekidin tentsio hori. Elizaren ordezkari, apaizak elizak bizi dituen tentsioak bizi dituzte, zaila zaie barne-bakea.

* Inkisizio izaten jarraitzen du Elizak, agintarien kide eta babesle,  nahiz itxura aldatuz, horregatik darrai boteretsu. Gizartea demokratikoa bihurtzen den unean bukatuko zaio duen botera.

* Ugariak dira elizak Italian,  eliz kanpaiak ere ozenak. Kristautasunaren ala boterearen  ezaugarri?

*  "mendiko lepoari lotutako behia ematen du elizak, joarea inarrosten" zioen Victor Hugok; orratz zorrotzak dira minareteak, meskita eta sinagoga teilateria zapaletan herriko marra bertikal bakarrak lurralde musulmanetan. Erlijioa beti da boterearen ezaugarri.

* “Apezgoak eman ohi dituen mailak eta mintzaerak, errespetua sortzen zuten bazterretan” Txillardegik. Szepessy Ignnazs (Estepinak) Hungarian, Mintzenti Eslovenian, izan ziren horren ezaugarri garbiak, eskubideen izenean elizaren pribilejioak gotorki defendatuz.

* Erlijioak agindua, debekua, makila edo beldurra du baliabide eragingarriena, eta zerga eskatzen du, edonon eta beti. 

 

Eragina

* Erlijioa dela mundu honetan gizakiak izan dituen zoritxar guztien iturria, hala irakurri dut nobela batetan. Gehitxo esatea deritzot. Aitortuta ere hainbatentzat saminen leungarri izan dela erlijioa, eta garai batetan jakinduriaren gordailu izan zela, egia da ere erlijioa eta eliza izugarri kaltegarria izan direla gizartearentzat eta izugarrizko sufrimenduak eragin dituela, eta galga izan dela gizartearentzat.

* Eliza izanen da izugarrikeria handienak egin dituen erakundea, baina eliza ez da aitortzen sekula, batez ere kaltetuekin, ez ditu aitortzen ere gizartearekin.

* Erlijioak egin du eramangarria beste euskarririk ez zuen txiro, atsekabetu, eta zapaldu askoren bizitza. Ateismoa, aldiz, aberats edo ondo-biziak  direnen luxua da gehienetan. Desesperatuena ere.

* Minareteko bozgorailuetan bizi da herri musulmanetan jainkoa, mezuka, bere pobreziari eusteko herria baretzen, aberatsen mesedetan.

* Erlijioa aitzakia edo bitarteko, gizarteak gehiegikeriek edo premiek eragindako arau eta neurri zentzuzkoak eman izan ditu.

* Erlijioa sartzeko amarrua besterik ez da izan, eta da, elizen hezkuntza, gaur egun ere, -ikus ikastetxe erlijiosoak-.

* Damua, etika, morala, iritzi aldaketak, … Kristautasunak eta Eskolastikak erabat baldintzatu eta kutsatu dute Mendebaleko gizartea, okerrerako.

 

Erritoak

* Fedea lakoa da ateismoa askorentzat, fedearen zalantza guztiekin; gartsu defendatzen duen filosofia mota bat batzuentzat;  beste zenbatentzat, aldiz, dotoretzen duen apaindura.

* Komedia hutsa bihurtu dira mezetako bake-opa emateak. Onenean errito soilak. 

* Urtaroak, uztak, herriko festak eta erlijioa elkarri lotuta doaz gaur egun gure artean, eta hala izan da eta da lurralde gehienetan.

 

Kontraesanak

* “Horretantxe datza aberats izatearen zoriona, premia handia dagoen lekuan lagundu ahal izatea” irakurri diot idazle bati. Eta “Esker onekoak izan behar gara pobreekin, karitatea egiteko aukera ematen digutelako”, hori zen kristau talde baten lema beraien bileretan. Hori da baina, ebanjelio eta kristautasunaren aurkaoen dagoen pentsaera, kristautasunaren antitesia. Heresia bat.

* Egoismoa edo  kontzientzia txarra estaltzen duen mozorroa ohi da karitatea. Ez ebanjelioko hura: “ubi karitas et amor deus ibi est”

* Diruak ez du erlijiorik, diruarena ez bada behintzat, baina erlijioak badu dirurik, baita diru goserik ere.

* Gure garaiko txango-antolatzaile apaizak gaurko bidaia agentziako gidak ginen. Ez irabaziagatik, betetzen genuen funtzioagatik baizik.

 

 

Emakumea

Jon Etxabe 2016/06/20 10:28
Aitortu behar dut, hain gai funtsezkoa izanik, izugarri murritza dela irakurketek sortu dizkidaten emakumeari buruzko burutapenak. Aitortu behar dut ere, oso berandura arte, Saturrarango liburuarekin hain zuen, ez naizela jabetu nire eta burutapenon gabeziaz, baita Saturrarango liburuan bertan, emakumea izanik gai nagusi zentrala, nire burutazio bakarrak beste gai batzuetara bideratu zirela. Agian liburuek eurek ez dute sortarazten irakurlegoarengan emakumearenganako burutapen askorik, oso ikuspegi feminista zorrotza ez baduzu. Aitzakiez harago, gabezia hor dago.

* Besterik badiogu ere, erabatekoa da emakumearekiko gizartean dugun sentsibilitate gabezia, eguneroko kontaezin jarreretan agerikoa gehienetan.

 

Zertzeladak

* Emakumeak besteenganako arduratsuagoak izatea amatasunaren alde bat ote?.

* Emazte askok ikusten du senarra familiaren diru-euskarri edo etxerako laguntzaile gisa Ezagutzen dut emakume bat seme-alabak hesi eta kolokatu ondoren dibortziatu zena, jada senarraren premiarik ez zuelako.

* Etxekoandrearen sukaldeko gizontasunari buruzko jardueraren mezu horien oihartzuna ez da sukaldeko ate edo leihotik kanpo entzungo. Sukaldetik kanpo entzunarazi behar du emakumeak gizontasunari buruzko jarduna.

* Gizarteko proletario esplotatuena bihurtu dugu emakumea mendebaleko gizarte aurreratuenetan ere.

* Aspalditik dator emakumea gutxietsia.

* Ez omen munduan emakume batena baino edertasun handiagorik. Ez ote?. Nik ba dela uste dut: emakumearena, ederra izanik ere, amarru bat da; matxismo zantzu bat ez ote?. Agian edertasun oro da amarru bat.

* Gizonaren konkista izan dira gehienetan emakumeak, mendekoak, gizaldiz gizaldi, kultura denetan, eta iritzi, filosofia sentipen horrek dirau oraindik. Hortik datoz mota guztietako bortxaketa eta mendekotasun guztiak.

* Tresneria berriekin etxeko lanak arinduz, kalera atera ahal izan da emakumea, etxeko bakardadetik.  Etxeko bakartasun hori baitzen emakumearen zigor handienetariko bat.

Bizitza II

Jon Etxabe 2016/06/17 10:14
Bizitza I-en jarraipena da,

BIZITZA – II

 

 

Bizitzearen plazera

* Ikuskizunetik asko du bizitzak, aktore baitzina; ikusle  soila izaten ahalegintzeak ziurgabetasun sentipena dakar; aktore kontziente izatetik dator bizitzearen plazera

* Bizitza abentura bezala hartzeak bere plazerak dakartza, tartekako zenbait abenturak masokista kutsua badu ere.

* Muga ertzean ibiltzea bezala da bizitza, dena baitago debekuz  hesitua edo arautua, baina zoriona ez dago larre zedarrituetara egokitzean, arauak hausteak lekarke sarri zoriona.

* Jasanezina litzake bizitza besteen pentsamendua irakurtzerik bagenu.

* Masokista izan behar du beldurraz gozatzeko, baina egia da beldur edo pairamendu puntuak, arriskuak, ematen diola piper puntua bizitzari; burua egokitzean egon daiteke koska.

* Inozokeria izan daiteke bizitza guztian berdina egiten irautea, egia da espezializazioa desgizartetzea dela. Edozein lan mota edo bizitza-moldeak dira aspergarria iraunkorra denean, gehiago bizi osokoa direnean. Hori da bizitzaren pipietariko bat. Gauza berdin edo antzerakoen errepikapena da bizitza, ezagutzen dugun gizarte ezberdin denetan. Lan, esperientzia edo sentipen berrietan etengabeko esperientzia berriak bilatzea bera ere aspergarria bilatu daiteke.

* Funtsean, bizirik iraun, hori da gehienok egiten duguna, mila arazo eta zeregin ezberdinetan gabiltzanean ere, ez dakit jarrera hutsala den da; tristea bai behintzat.

* Aldaketek eta hasierek damaiote piperra bizitzari, inertzia eta asperduraren erritmoa aldatuz. Helburu lortu bakoitzaren ostean berriari ekiten dionak izanen du plazer berri bat.

* Une bakoitza abentura bat, aro bakoitza udaberri: horrek bihurtzen du uneoro ospakizun bizitza.

* Garenarekin zer egiten dugun, horrek du garrantzia, gertatzen denarengan eragiteko. Horrela gertatzen denak aseko gaitu, geurea den heinean.

* Bizirik bizi, hori da ederra, sarri bizitzea infernu bilakatzen bada ere.  Bizirik baina hilda, hori da egoerarik tristeena. Bada ordea, hilik ere bizirik dirautenak. Ederra da hori ere, baina hilda ere bizirik dirauten horiek ez dira enteratzen.

* Penagarria zera da, bizitzak eskaintzen dizkigun eguneroko ezuste eder gehienez ez garela jabetzen. Horregatik ez diogu zukurik ateratzen egunerokoari.

* Egunerokoari pizgarri bat ezartzea abentura da, beti zerbait berriren bila; aurkitzen badugu, bizitza asegarriagoa izanen dugu.

* Bizitzaren grisa  gris-argia egitea da zoriona, beltzetik ihes, eta zuria amestuz.

* Tristura zapore bereziez gain, badakar ere egun bakoitzak bere geruza pozgarria: tristura eta poztasuna, bi bizipen horien arteko orekan dago zoriontasuna: tristura pozgarria, zapore min-gozagarria. Bizitza bera.

* Plangintza zabal eta gozagarriak egiten ditugu, gero gizarteak konplikatzen digu bizitza. Osagai eta baliabide gutxirekin goza daiteke bizitza.

*  Gauza txikiak gozatzeak ematen dio ez agian zentzua  baina bai bizipoza bizitzari.

 

Osagaiak

* Bizitza oro biharamunerako plan txikiez oratua dago, horiek baitira bizitzaren legamia. Zer dira plan handiak plan txikiez mamitutako bizi-puskak baino?. Preso baten  kartzelako plan txikiak ere plan handi baten euskarri besterik ez dira, hots, osasunez, buruz eta jarreraz tinko irautea, hori baita askatasunerako pauso ezin bestekoa, eta askatasuna, lorpen nagusia.

* Egokitu edo hil, kinka larrietako, edo une erabakigarrietako alternatiba edo aukeratu-beharra, hori  da bizitzako osagaietako bat.

* Beldurra diogu beldurrari, baina beldurra bizitzaren akuilua da, erne egotera behartzen zaitu, prest egon behar duzula.

* Monotonia eta beti-bera, eguneroko betikotua, lasaitasun jarraitua  eta betiereko bakea, etsai arriskutsua bihurtu ohi dira. Bizitzari interesgune berritzaileak ematen ez dionak asperduran ustelduko da.

* Mitoz elikatzen gara bizitzan, iraganeko mitoz edo egunero asmatzen ditugun mitoz. Ametsak zer dira mitoak baino!, Iraganeko oroitzapenez ehundutako geroa, edo gaurko ehunez irudikatutako iragana, sarri lehengo edo gaurko adabakiz jositako jantzi berria. 

* Zer da egia?, ez dakigu, dena da erlatiboa, zerbaiten araberakoa. Beraz ez zaigu baliagarri. Egiaz harago, beste oinarri eta bitarteko batzuk behar ditugu bizitzeko.

* Artea, filosofia, erlijioa: uste ez dugula ere hiru osagai horiek bultzatzen eta antolatzen dute bizitza. Artea, bizitzaren ispilu; filosofia, bizitzaren ikuspuntu; erlijioa, ezinaren euskarri.

* Ura, jana eta  loaz gain, jolasa da haurtzaroko sakramentuetariko bat, aurreko hiru osagaien legamia.

* Nora zoazen eta zer gertatuko den ez dakizun egunez beteta dago bizitza, egun hutsalak dira horiek, mingarriak gainera.

* Adarretatik ibiltzea da herri xehearen mamia. Agian bizitza horrelako xehetasunez osatua dagoelako, bizitzak zer aipagarri handirik eskaintzen ez duelako. Zerbait xumea da bizitza, eta osagai xume horiek dira bizitzaren funtsa. Albo-gaiok edo ”digresioak” dira elkarrizketetako gai nagusi eta ugarienak.

 

Neurria

* Bizitza ez da soilik zigarrotik zigarrora egiten dugun ibilbidea, une bakoitzak barne egoerak ematen dion tarte edo iraupen-luzera ezberdina du bizitzak, bizitza-iraupen osoak ere iraupen ezberdina du, uneko aldartearen arabera, bizitzaren neurri artifizialak dira egutegi eta erlojuarenak.

* Beharrezkoa da urrutiagoko edo beranduagoko ikuspegi edo gogoeta, bizitzari bere neurria hartzeko; uneek, uneko premiek eta ardurek lausotu egin ohi diote bizitzari begirada.

* Hobe genuke gauzei, eginkizunei, gerta beharrekoei, bere denbora emango bagenie. Denborak, konpondu ez arren, konponbidean jartzen ditu arazoak gehienetan, bere onerago ekartzen ditu. Presakaegi bizi gara, datorrena aurreratu nahian, geroa oraina bihurtu nahian. Ondorioz goizegi etorri ohi zaigu heriotza. Justu oraina bihurtu nahi ez genuen geroa bakarra.

* Bizi-urteen esklabo gara, gure eta aurrekoan pisua eta zama daramagu gainean, aurreko bilakaerak erabat baldintzatzen ditu heldu-aroko erabakiak. Urteak ez dira giza adinaren neurri bakarrak.

* Lurbirak ez du izartegian indarrik xahutuko, baina lurrean elkarren biran gabiltzanok bai. Non dago oreka. Elkarren kontrakoek non aurkitu oreka beste  desoreka bat sortu gabe. Hor zegok koska, ez izartegiko lurbiran, denok palankaz gabiltzan honetan baizik.

* Itsas olatuak bezala dator bizitza, olatu denak berdinak, olatu bakoitza ezberdina, bata bestearen ondoren, banan-banan, garena osatzen.

 

Laztasunak

* Bizitzak eskatzen dituenak dira onura edo baliagarritasuna izan dezaketen  sakrifizio bakarrak. Norberak norberari doan ezarritakoak, aldiz, antzuak dira; norberarekin norgehiagoka edo borrokan eginikoek, norbere gogobetetzea edo auto-estimua lortzen dute gehienez.

* Hainbat zartako emango dizkio bizitzak sineskor denari. Aldi berean, baina, leunagoa eta eramankorragoa egingo zaio bizitza fidakorrari. Desoreka gehiago izanen ditu mesfidatiak. 

* Gehiegikeriak eta desberdintasun justifikaezinak zuritzeko erabili ohi da gehienetan “bakoitzak merezi duena dauka” printzipio hori, daukanak ez daukanaren aurrean bere oparotasuna mozorrotzeko.

* Berez, zerbait sinplea behar litzake izan bizitza, baina gizakiak berak, geuk, konplikatu du. Ala bizitza bera da berez oso konplikatua, iraupen lehia besterik ez baita gehienetan.

 

Nola bizi

*  Badirudi bizitza ezberdinak bizi ditugula, une bakoitza dela bizitza ezberdin bat, eta hura gozatu edo baliatu behar dugula. Baina bakarra da bizitza, ezin dugu ikuspen orokorra galdu frustrazioan edo azkenik etsipenean erori nahi ez badugu. Bizitza azken zirrikituraino heltzen da, eta kontzienteki bizi behar da bizitzaren keinu bakoitza.

* Norberak ematen dio nolakotasuna bizitzari, jokoa, jolasa, narru jotzea eta mota ezberdin askotako errealitatea bihur genezake bizitza. Ederra litzake bizitza, mila eratara izorratuko ez bagenu, edo ikuspuntu baikorretik begiratuko bagenio.

* Posiblea erreal  bilakatzeko ahalegina da bizitzako abentura nagusia.

* Amesten dugun antzerkia antzeztea gustatuko litzaiguke, baina errealitateak geurea den benetako paperean jartzen gaitu, gutxitan antzezten dugu idatzi dugun papera komedia den bizitza honetan.

* Bizitzan ez dago lasaitasunerako adinik, bizitza hauskorra da, ez dago bizitza besterik espero ez dezakezun adinik, gaztetan bizitza bor-bor, helduaroan sendo sentitu arren.

* Esparru murritzera bilduta bizi gara, ur tantoei gehiago begiratzen diegu itsasoari baino.

 

Baldintzak

* Ez gaitu eraman behar bizitzak, geu joan behar gara berarekin, hilotz bizi nahi ez badugu.

* Sinplea behar luke bizitzak,  baina bizitza beti da korapilatsua, korapilatzen zaigu, korapilatzen dugu ere, biziraupena delako.

*Galdu eta bideratu, okertu eta zuzendu, ... hori da bizitzaren piperra eta akuilua.

* Bizipoza da bizitzaren motorra, herrien kulturan du eragina, eta bera da jarrera horren ispilu.

* Sentipen eta aukera asko erre behar da emankor bizitzeko

* Ahanztura da gizakiak duen dohainik onuragarriena, berari esker da jasankorra bizitza. Bada kantatzean gizona atsegin zaionaz baizik ez dela oroitzen dionik, baina ezbeharretan ez da kantatzeko gogorik, beraz  kantatzea erremedio erabilgaitza da, eta, erabili arren, une labur baterako sendagaia besterik ez da, hor jarraituko baitu ezbeharrak edo gaitzak.

* Zenbat naufragio txiki gure egunerokotasunean. Salbamendu-txalekoa jantzita behar dugu eduki beti berriz urgainera egiteko,  lagunaren eskuari berriz helduz.

* Txepeldu egiten du erosotasunak, bizipoza lapurtu bizitzari.

 

Zertzeladak

* Gazteak ez dio bere buruari zertarako bizi den galdetzen, bizi da eta kitto; adinean aurrera, hasten zara zure buruari galderak egiten, eta azkenik helduaroan bizitzari buruz egiten diozu galdera zure buruari: zu zeu ez ezik, animaliak, loreak, harriak, … zergatik eta zertarako bizi diren. Galdera horien ondorioz gizakiak jainkoa asmatu zuen, edo filosofiakerietan hasi zen.

* Konta eta sondaezinak dira pertsonaren barne zirrikituak, aterik gabeko pasabideez osatutako sarea gure bizitza, ez dakigu gehienetan gure portaeren zergatia, Norberaren erabakiak direla uste izan arren.

* Bizitza osoa da amore  ematea, datozen gauza txikioi amore ematea. Gauza handiak egitean ere amore ematen ez dakienak ez du merezi duen ezer eginen bizitzan. Isiltzeak hitzek baino auzi gehiago irabazi dute.

* Ibaiko ura lasterrean doa une batez bizitza; geldian bestean; uholdea da tarteka. Baina beti joanean. Denbora bezala. Etenik gabe doan zerbait da bizitza. Istant bat besterik ez da une bakoitza, denboraz neurtu ezin daiteken istantek osatzen dute bizitza. Dena da une bat. Panta rei. Carpe diem.

* Hotzean begiratuta, bizitzak ez du zentzurik, horregatik asmatzen ditugu jainkoak, utopiak, eta era guztietako ametsak.

* Infernua da bizitza askorentzat, halaz ere bizitza maite dugu. Zergatik ez da bere buruaz beste gehiago egiten. Bizitzaren misterioa. Esperantza da agian esplikazioa.

* Irautea, bera soilik, ez da bizitzea, eta bizitzea nahi duenak, azkenean, aurre egin beharko dio errealitateari. Intsektuaren pare, hilarena egitea izan daiteke aterabidea, baina une jakin labur batekoa soilik.

* Bakoitzak gauzatzen du destinoa, ustekabean datozen gertakarietan ere. Hori erakutsi ziguten, baina datorrenak hartzen digu gehienetan gaina, biziraupena gauzatze-lehia baita bizitza.

 

 

 

Bizitza I

Jon Etxabe 2016/06/14 10:29
Bi zatitan doa atal hau. Ez dut gaiagatik banatu bakoitza luzeegia izan ez dadin baizik.

 

Bizitza

Zer den

* Hezkuntza ikastaroa da bizitza jaiotzatik heriotzara arte.

* Eskuetan harrapatu bai, baina labain egiten digun aingira bezalakoa da bizitza. Likin apur bat utzita alde egiten digun tarte bat.

* Zain egotea da bizitza osoa, beti gaude esperoan, gerora begira, zahartzaroan ere ondoren zer. Batzuek zerua espero dute, beste batzuk bizitzako ahaleginak gerorako onura izatea.

* Naturaren broma bat da bizitza. Broma inkontziente bat, gizakiak soilik egiten du kontziente broma hori.

* Bizitzako gauzei edo osagaiei gehiago begiratzen zaie bizitzeari baino, gauzak ez dira bizitzeko baliabideak, helburu bihurtzen dira, bizitzaz baino bitartekooz gehiago gozatzen da,  agian bitarteko, osagai edo baliabideok dira bizitza konkretua, bizitza bera.

* Bizitza ez da hipotesien bilduma, erabaki konkretuen gauzatzea baizik, erabakiak hartzearen ondorioa. Erabakia da askatasuna, eta askatasuna zama astuna, ondorioz bizitza ere.

 

Kosmosean

* Nora doa, non eta nola bukatuko da, bizitzaren eboluzioa?. Auskalo. Gu bakoitzeko bizitzak ez dira ezer bilakaera honetan, baina aldi berean, ezin bestekoa da eboluzioan besteen bizitzei lotuta

.* Musika guztien itsaso dela bizitza, isiltasunak jotzen duela azken doinua: bedi neurri batetan heriotzari eta bizitza kontzienteari dagokionez; baina ez da isiltasun totalik gure bizitzan, doinu aldaketa baizik, gure gorpuzkinak beste partitura batetan sartzen dira heriotzarekin.

* Isiltasunera doan musika da bizitza tarte kontzienteki eraiki honetan, baina gure bizitza kosmosaren musika izanen da, betirako.

* Heriotzarekin erabat suntsitzean oroimena, ate berri bat zabaltzen ari zaio kosmosaren barrena, ibilbide batera abiatzeko, kontzienteki eginen ez badu ere bide berria, eternoa den bidea.

 

Bizipoz

* Zenbat balizko txokolate-ordu galtzen dugun, txokolatea prest arren, hitzordua gauzatu ezinik.

* Gu bakoitzaren baitan, errealitate gordinenean ere, fantasiak hartzen du leku eta tarte gehien.

* Bizitzan jokatu beharra dago beti, -taldean beti- talde kaskarrenean jokatzea tokatzen bazaigu ere. Nolanahi ezin diogu jokatzeari uko egin. Jokoaz beste egiten duenak ere, jokoa bukatzeko jokoaz jokatu du.  Jokoa jolas ezin bihurtu ahal izatean datza gakoa, jokoa nekea eta sufrimendua baita.

* Gutxi irakurtzen dugu, agian horregatik da hain arrunta gure bizitza.

* Gehienok bizi gara lo.

* Esna, baino ez erne, egiten du gizakiak ia bizitza osoa. 

* Bizitzak noiz okerrenera egingo, desesperatuaren burutazioa.

* “Ustelduta egotea horixe baita: gauzak nonbait egotea tokatzen ez zaienean, behar ez duten garaian. Zer da sagar ustel bat, beranduegi existitzen jarraitzen duen sagarra ez bada?”, U. Alberdi.   Gizartea usteldua dagoela dirudi, badirudi gauzak ez ezik pertsonak ere ez daudela ez behar den tokian, ez behar bezala, ez behar duten garaian. Baina hori bizitzaren legea da, uneoro dena aldatuz doa, eta uneoro lekuz kanpo uzten gaitu joanak, baina beti gaude gauden tokian, tokatzen zaigun tokian, usteltzen goazen sentipena garratza den arren.

*Ze zaila den bizirik sentitzea, kate motzen lotzen du gizakia iraupen-kezkak gizarte bortitz honetan.

* Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke  zentzua, garrantzia eta bristada gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio horiek egiten dute letra larriko Historia, istoriook izan behar lukete autoestimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan.

* Autoestimua, bizipoza, norberarekin ongi aurkitzean hasten da.

 

Zergatik-zertarako

* Zergatik gauden?, maitasuna deritzoten pitzadura batengatik

* Zenbait pertsonak ez ote dio bizitzari eusten bizi-erritmo azkar bati esker, ezinegon hori da sarri bizitzari eusteko funtsa.

* Hiltzeko gogoraino jotzen gaituenean gaitzak pentsa ohi dugu hobe litzakeela ez izatea, baina ezingo genuke hori bera pentsa ahal, izango ez bagina. Hobe nonbaiteko azkena, inongoa baino.

 

Elkarbizitza

* “Hura da ni, ni naiz hura, bitarterik ez dago” Amurizak. Ni-zu filosofia hori gauzatuko bagenu, bestelako litzake bizitza.

* & Elkarren ondoan jarraitzea behartua denean bilakatzen da zitala konpainia behartu hori: beti eztabaidaka eta beti elkarren ondoan: egoera berezia. Onartutakoa denean, gizakiaren kontraesanetariko bat da, tarteka zitala, tarteka eramankorra.

* Denok bizi gara lubakiz inguratu eta babestuta, tarteka soilik ateratzen gara lur zabalera, inoiz ere ez asko, eta burua agertuz bakarrik.

* Karitatearekin lotu ohi dugu ematea. Norbera ematea, aldiz, norbera osatzea da eta hori da bizitza. Zikoitzaren bizitza, hutsala da.

* Gu bakoitzak beste existentzia berri ezberdin bat dugu  ezagutu eta ikusten gaituztenengan, horietako bakoitzean bizi gara. Existentzia pila dugu beraz.

 

Kontrabidean

* Bere nahierara egokitu nahi izaten du gizakiak errealitatea, baina tematia da errealitatea, bere legea ezartzen du, eta aurre egin behar izaten diogu.

* Geurea den bizitzari ihesean bizi gara, geurea ez den bizitzaren bila.

* Ziurrera jokatzea erakutsi digute beti, dena dugu edo eduki behar dugu aseguratuta: horrek kentzen dio bizitzari distira, kamustu egiten du bizipoza.

* Inertziaz bizi garen sentipena dut, aurrera jo asmoz zeregin ezberdin eta handikiei ekiten diogunean ere.

 

Zer da

* Bi betikotasun ilunen arteko iluntasunaren gainean, sarerik gabe, funanbulua hari gainean bailitz,  kulunkatzen den argi izpia besterik ez da bizitza; beti heltzen zara ertzera, eta, orduan, ikuskizuna.

* Antzoki bat da bizitza, non bakoitzak bere rola jokatzen duen, rol hori zein den ere jakin gabe gehienetan, eta inprobisatuz gehiagotan.

* Labirintoa da bizitza da, heriora daraman labirintoa, norabide eta osagaiz etengabe aldatzen dena, dena kantoi, dena nora erabaki beharra, hurrengo pausoak nora daramatzan ez dakizula; biharamuna beti ezezagun.

* Labirintoa da bizitza, heriora daraman ibilbide korapilatsua.

* Bizitza, gehienetan, iraunkortasunari eutsi monotonoa besterik ez da.

* Ametsa da bizitza bera, ametsez osatutako ametsa. Ez dago  merezi ez duen ametsik. Bizitzak merezi du, amets oro da balekoa. Ametsak  baztertu edo gutxietsiz, amore ematen diogu bizitzari, bizipoza ito.

* Ilusio bat da bizitza, errealitateak zartatutako ilusioa, eguneroko edo uneko ilusio izpiek eutsiarazteen dutena.

* Beti zerbaiten bila gabiltzan bidaia da bizitza. Zerbait baliagarri edo helduleku baten bila gabiltza beti gizakiok, iraungailu edo iraungarri izan dakigun zerbaiten atzetik, sinbolo edo ikur bihurtuko zaigunaren egarri. Mila mota ezberdinekoa izan daitezke  euskailuok.

* Bidaia bat da bizitza. Norberaren bidea egin eta asmatu behar du bakoitzak, besteren esklabo egin nahi ez badu egin behar duen bidea, bakarkako bidea baita bakoitzaren bidea, beste bidaia-kideen ondoan edo paralelo edo gurutzatuz.

* Askok egiten dio barre bizitzari, txiste bat bailitz, baina arazo serioa da bizitza.

* Bizitza, abentura?, Abentura, arte? Galdetzen zuen idazleak. Ai hala balitz.

* Etenik gabeko ametsen katea da bizitza, esnako amets inkontziente edo hausnartu gabekoena gehienetan.

* Gizakiaren bilakaera da bizitza.

* Unez une, gidoi idatziz edo ez, antzezten dugun komedia bat da bizitza, agian txantxa bat ere bada, errealitate krudelenean ere.

* Bizitza osoa hondartzako zirriborro bat da, olatu ezberdinek desitxuratu edo ezabatzen doazenak, azken olatuak desagerrarazten duen arte. Zahartzean jabetzen zara horretaz.

* Ekaitz bat bezalakoa da bizitza, bere zurrunbiloan irensten zaitu, ezer gutxi egin ahal duzu indar horren kontra, zaramatzan korronte horretara egokitzean eta aurrez edo alde igeri egiten jakitean dago bizitza eroso eta emankor baten gakoa.

* Karanbolen jarraipen bat da bizitza, bola bat gara beste bola batzuekin topo edo elkar joka, oso gutxi aldatu ahal dugu bolen norabidea, eragin norabide aldaketa hori karanbola bat baita bera ere, gutaz kanpoko zerbaitek darabil haga, besterik uste badugu ere.

* Misterio bat da bizitza, uneoro bere sekretuak erakusten ditu eta aldi berean erakutsi dizkigunak estaltzen, orain dakartza ur uherrak eta geroago garbiak, baina beti da ibai sendo eta irmoa.

* Unean-unean, usten duen onena egitea da bizitzea, onerako edo txarrerako, irabazi edo galdu. Denboraren joanari erreparatu gabe. Edozer egiten dugula, beste aukera guztiak, infiniturainokoak beti, utzi eta galtzen ditugu: hori da bizitzaren eta askatasunaren funtsa. Ez tragedia, ez zoriona. Bizitzea soilik. Denbora ez dugu guk kontrolatzen.

* Batzuek bizitza ametsa dela diote; bada ere, erradikal, ezkor edo poeta, bizitza hilen oporraldia dela dionik ere.  Amets polita da hilen oporraldi hau. Lastima esnatzen garenean  ez garela oroituko izan ginenik ere.

* Heltzen zaizkigun apurrekin zoriontsu, sekula iritsiko ez den zerbaiten esperoan egotea da bizitza,.

* Egun bakarreko bidaia dela bizitza iruditzen zait sarri, edo egun bakar gutxikoa.

*.Bizitza hitz ordu bat omen da, baina norberak jarri gabeko orduan heltzen da, eta norberak aukeratu gabekoan joaten ere. Ez dakigun orduan harrapatzen gaituzte batak zein besteak..

* Hari guztiek elkar gurutzatzen duten ehuna bezalakoa da bizitza, baina hariok nork gurutzatzen dituen da arazoa, norberak ez beste norbaitek edo zerbaitek ehuntzen baitu ehun hori gehienetan, gure bizitza inoren esku utziz.

* Eskatu gabeko opari bat da bizitza, kendu ere zure baimenik gabe kentzen zaizuna

* Besteekin lotu behar duzun engranaje bat da bakoitzaren bizitza, hagindun gurpiltxoa bat; bestea den gurpiltxoaren haginekin lotzen ez badakizu, desorekatuta biziko zara.

* Sinbolo bat bezala da bizitza, ikurrez betetako sinboloa, eta sinbolo eta ikurrok dezifratzen ez jakiteagatik galtzen ditugu bizitzako mezu gehienak, eta bizitzaren onbide gehienak.

* Bizitza: gorputzaren galera, arimaren galera, giza galera porroskatua; asken finean bizitza porrota dela  teoriak partzialtasunaren pipia darama bere baitan. Galerekin batera irabaziak dakartza bizitzak. Zerbait positiboa baita heldutasuna ere. Delako porrotaren hipotesian, gizaki jaioberria litzake izakirik osatuena, onena, galerarik gutxienekoa delako, alajaina.

 

 

Jakituria

*  Bere bidea egiteko errespetatu beharreko arauak ditu bizitzak, baina tarteka aurrea hartu behar zaio: hori da jakituria.

* Munduan egotea, bera soilik ere, jakituria da, egote kontzientea den heinean; kontzientziak egiten du jakintsu munduko ikuskizunari begira egotearekin konformatzen dakiena.

* Bizitzeko forma bat da itxaroten jakitea, denbora irabaztea. Denbora irabazi nahian, presati, urduritzen denak, bizitzako zati bat galtzen du, denbora zati bat.

* Bizitza osoa da arriskua, eta arriskuetatik ondo ateratzen asmatzen duenak soilik du bizitza oparo eta zoriontsua. Errazkeriak leloa soilik asebetetzen du.

* Besteengandik jaso eta besteei eskaini, erritmo eta oreka hori betetzen ez duen biziduna hilik da.

* Daukaguna daukagu, dagoena dago, daukagun dagoen hori administratzea edo baliatzea da bizitzen jakitea, eraman egingo gaitu bestela bizitzak, esklaboago bihurtuz.

* Zer dakite bizitzaz tarteka astindu bat pairatzen ez duten horiek.

* Teoriak garunetan prozesatzea eta teoriok egunerokoan mamitzea bi errealitate ezberdinak dira, urrunekoa bata, ukituzkoa bestea, lehenengoa ere bada izan eragilea, baina ez gaitu astintzen.

* Ariketa bat bizitzari buruz: atzera begiratuz, norabidea aldatu diguten bihurgunez hausnartu.

 

Jarrerak

* Badira amildegiaren ertzean eseri eta ezerezari begira atsegin hartu nahiko luketenak, baina bizitza zurrunbilo bat da,  ez du amildegirik, existentzia duen ororentzat ezinezkoa da begirale soila izatea, ikuskizunaren partaide da bera ere.    

* Abentura behar du izan bizitzak, norbere bila, azaleko harat-honatean, baina barnera ibilian beti. Galtzeko arriskua hartzen duenak aurkituko du aurkitzekorik bada. Zorionekoa bere burua aurkitzen duena.

* Ihesa gutxitan da salbabide. Arazoari aurre egiten dionak du garaile aukera.

* Bizitzak baditu une bereziak, non burua ez ezik sen osoa argia eta librea sentitzen duzuna, “ai bizitza horrelakoa balitz” diozuna.

* Denok bizi gara beste egun baten zain, esperoan,  besteak ez bezalako egunen ilusioz edo itxaropenez, egun bakoitza beste egun besteak ez belakoa bihurtu ordez.

* Hor dago koska. Kanpora ihes eginez nahi dugu barne-penei ihes egin, baina barnera bidea eginez soilik atera genitzake kanpora barneko pena horiek eta lasaitu.

* Nolabait itsasoaren zati naizela dakit, zati izate hori bizi dut, horregatik dut gizarteagan eta etorkizunean itxaropen,  horregatik ez dut etsi,  horregatik itsasoko olatuetan hegira, puntara igotzen ahalegintzen naiz, ez dut galdu nahi askazia ahaleginaren partaidetza, neurri apalean bada ere.

 

Bidaiatzea

Jon Etxabe 2016/06/10 11:02
Baditut bi lantxo bidaietako irakurketetan bidaiatzeari buruz eginiko burutapenekin. Agian, geroago, sareratuko ditut. Hauek aurrekoen haritik eginikoak dira.

BIDAIATZEA


Zer den

* Egunerokoari eten bat egitea da bidaiatzea.

* Bidaiatzea atsegina da. Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila, izan daiteke helburua. Bidaia ez da etena, bizitzako osagai bat baino. Bidaiariak beti du helburu bat. Inora ez den norabait iriztea akigarria da, etsimendua. Bidaiaren prestaketa eta ondorengo gogapenak ere bidaiaren zati dira, sarri asegarrienak.

* Bidaiatzea, misterioan barrentzea da, ziurtasunak utzi eta ibiliari ekitea, “poesia liburuak irekitzea bezala, inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun” zioen poetak.

* Bidaia luzeetan gertatzen da bidaiak opor kutsua galdu eta egunerokotasun bihurtzen dela. Paraje bakarretan ere gerta ohi da: ibiltzea, bazterrak ezagutzean jendarte ezezagunean murgiltzea zure egunerokoa bihurtzen dela. “Baina denbora batetik aurrera, bidea bera etxe bihurtzen da, eta neke eta deserosotasunetara ohitzea ederra da”.

* Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala da bidaiatzea, horretan ari ohi dira lurralde berri batera aldi baterako, bisitako ikusmiran etorritako gehienak.

* Asteburuko irteerak eta bidaiak dira elkarrekin egoteko maitaleen amarrua, eguneroko begi eta esamesei ihesiko desordu eta deslekuetan ibiltzea.

* Loa arantzez landatzen diguten mamu agerikoen artera, oinak erreko dizkiguten deserriko kilometroak egitera itzultzea bezalakoa da bidaiatik sorterrira  itzulera; oinak zoli, betiko etsaiei aurre egiteko prest, ihesa baino indarberritzeko pausaleku izan zaizkion ibiliko parajeetatik.

* Zorigaiztokoa  bidaiatzea bizitzako euskarri nagusia gertatzen zaion gizakia; egunerokoaren osagarria behar du izan bidaiatzeak bizitza asegarria nahi duenarentzat. Bestela iheslaria izanen da bidaietan.

* Ez dakit bidaiatzea eskolarik onena den, eskola ona eta eraginkorra dela bai. Aldatzen ez zaituen bidaiak  akatsen bat du. 

* Aske sentiarazten ez zaituen bidaia, etxetik hurbil edo ezagunean bada ere, bidaia antzua izanen da.

* Klima eta lekua aldatzen dira oporretan, ohiturak eta jarrerak ez, aske sentitzen gara baina geure gatibu jarraitzen dugu. Beste zerbait behar du izan bidaiatzeak, bakoitzaren barnera begira jarri, ohiko jokamoldeak hautsi eta askeago eginen gaituen zerbait.

* Non ibili, halako hauts. Oinetako hautsa: bidemin saria, ibilbidearen agiria,  ibiltariaren ezaugarria. 

 

Nor ibiltari

* Bidaiatzea beti izan da bizitzaren osagaia: nahitaezkoa edo halabeharrezkoa batzuetan, plazerezkoa bestetan. Zorionekoa bidaiatzearen zoriona aurkitu duena. Bizitza osatuagoa izanen du.

* Bide ibilietatik dabilena turista edo ibiltari soila izanen da. Oso askea, barne askokoa, behar du izan ez dagoen bidetik bidaiatzeko,  zapaldutako bideak utzi eta bide berriak asmatzeko. Norbere baitan aske eta besteengandik aske batez ere. Oso bakanak eta bakarrak dira horrelako bidaiariak, biderik ez dagoenean bidaiatzeko gai direnak.

* Sarri galtzen gara bidaietan, ondoen planifikatutako bidaietan ere, galdu beharra ere badago agian. Baina ze amorru ematen duen bidaia batetan galtzeak. Galbide eta amorruok gainditzean  dago bidaiari sena.

 

Zertarako

* Bidaiatzea beti da atsegina. Aberasgarria, okertzen denean ere.

* Helburura heldu aurrekoari halako urduritasun goxo eta misterio kilikagarria dario.

* Abentura punttua, irrika berezia, urduritasun ziztadaren  eragina du bidaia arrunt eta errazenak ere, are gehiago gorabeherak dituenean.

* “Nahikoa eta gehiegi pisatzen du zeruak bestela ere nire sorbaldetarako, ez dut beste kargarik behar. Ez horixe”. Sorbaldak arintzera doa lurralde ezezagunetara ibiltari bisitari denak, eguneroko arduren zama arindu nahi dute batzuk, urteen astuna besteek. Pauso arina ohi da bidaiariek daramatena, makuluekin edo junturak minduta dabiltzanek ere. Gorantz igoz arintzen da presio fisikoa, alborantz urrunduz egunerokoaren larritasuna.

 

Baldintzak

Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila bera, izan daiteke helburua. Baina bidaiariak beti behar du helburu bat. Inora ez iriztea  da akigarria, etsimendua.

* Filosofia propioa, berezia, eskatzen du  bidaiatzeak. Bidaiari senak. Asko dira oportzaleak, gutxi bidaiariak. Gizakiari eta gizarteari buruzko aldartea eta jarrera aldatzea eskatzen du bidaiari izateak.

 

Nora 

* Badira bidaia osoa merezi duten une laburrak bidaietan.

* Bidaiari porrokatuenari ere, agian berari gehien, txiki gertatzen zaio mundu  itxuraz handi hau.

 

Sasi-bidaiak

* Zenbait leku, bidaia eta jendartetan  arimako barne-sotoetatik ihesi datorrela bururatzen zaio bidaiariari. Hoteleko gelari berari ere beldur,  ibilian,  bazter batetan eserita,  edo kafetegiko mahaitxoan zerbait hartu beharrean, egun osoan zerbaitetan, norberegandik ihesi bailebil bezala.

* Ezezagunen biltegia dirudite  hainbat leku eta paraje, ezezagunen esparrua dira turista-gune guztiak edo gehienak. Mehatxurik edo etsairik ez da normalean, baina lagunik ere ez.

 

Ezinak

* Bidaiariak ez du bisitako herriaren arimarik jasotzen. Gehienez ere, arimaren mintza. Antzeman besterik ez zaio egiten herriari bidaietan. Arinkeriaz hitz egiten da itzuleran, herriez eta bertako biztanleek aritzen denean bidaiaria. Olatu astuna hondar gainean bezala doa bidaiariaren begirada aurkitutako herrietan, azaleko bristadaz soilik jabetzen da, ihes egiten dio herriaren arimak, han behean gelditzen da.

* Ez da behin ere aurkitzen bidaiariaren zeru ametsa aseko den herririk, une batez hala iruditu arren.

 

 

Askatasuna

Jon Etxabe 2016/06/08 10:40
Askatasunari buruzko burutapenak...

Askatasuna

 

Zailtasunak

* Iraultzak estu-estua izaten du arnasa, berdintsu herriaren askatasunak ere. Iraultza askatasuna denean. Arnas estua eta luzea izan ohi da gehienetan askatasunarena.

* Oinazez erditzen da askatasuna, erratuta dago besterik diona, odolez ordaintzen da beti. Beti.

 

E. H.koa

* Batzuetan izugarri arina eta hauskorra dirudi euskaldunon askatasun ametsak eta erabakiak, nahiz hitzez, lumaz zein bortxaz babestea, baina inork ezin izan du, ezin du, uxatu, aukera amestu hori. Horregatik,  hor diraugu.

adinarenak

Jon Etxabe 2016/06/07 18:28
Liburu irakurraldietako adinari buruzko burutapenak

 

ADINA SAMA?

 

Zahartzaroa

* Galdu ez dudan denbora, hori da nire adina

*  Zahartzaroa txikitako panpinak ateratzen diren adina da.

* Itzuleran bizitzea da gehienenentzat zahartzaroa.

* Badira zahar goizegi zahartuak  edo zahartuegiak.

* Gaitz progresiboa omen zahartzaroa. Nahiko barregarria gertatzen da gazte itxurak egiten dituen adinekoa.  Gazteek gaztetu egiten zaituzte, baina merezi duen zeregin zehatz batek beraiekin elkartzen zaituenean soilik.

* Eguneroko ispilura bisita sarriak itsutzen du zaharra aguretutako tabako paperaren jitean zaharkitua ez ikusteko bere aurpegia, baina adinduaren azala pergaminoa da.

*  Naturaren karanbola baten ondorioz bizi gara zaharrok, propina bezala, baita gizakiez gain, existentzia duen edozein bizidun eta edo bizi gabeko ere.

* Bizitzari traizioa da heriotza. Batez ere traizio egun hori  gero eta bertarago, dakusagunean. Edonola, hobe bizi, ez izatea baino.

*  Korapilo bakarra geratzen zaion sokadunak gara zaharrok.

* Zaharrok gorpuzkin den hondakinean ahitzen den denbora gara, iraganean kateatuta gelditu diren oroitzapenak askatu nahian dabilen saiakera saiatu bat.

*  Zertarako luzeagoa bizitza?, munduaren oreka eteteko?.

* Argazki zaharretan, denok gara gazte, heldu begiradaz begiratzen diogulako gara agian gazteago.

 

 

Ajeak

* Ajez zamatuta dut bizkarra, beraz banaiz, oraindik diraut.

* Zahartzaroa gaixotasun bat bezalakoa da. Baina berarekin bizi izaten ohitzera behartuta gaude. Adinak txora gaitzan  nahi ez badugu.

* Behin adin batera ezkero,  bizitzeak ematen du nagia: zoriona, tristezia eta antzerako kategoria mentalak  ez dute lekurik zahartzaro hondatuan.

* Adin pilatuak, ahalmenak lausotzen doazen heinean,  murriztu egiten du gustuen espektroa .

* Botikek ezer gutxi indartzen dute gorputz  zahar-zaharkitua, gaixotasunak ezinaren morroi bereganatu zaituenean batez ere. Ez dago zahartzaroa hezeko duen euri berririk.

* Zahartzaroak ere ez du ezabatzen desengainuak hartzeko mugarik, datorrena jasateko eramankortasunak ere ez duen bezala adinik.

*  Gerra zibil ondorengo gosetian hazi ziren egungo zahar gehienak.  Agian horregatik betetzen dituzte  platerak ez ezik, urdailak ere jantoki  oparoan.  Goseak umetan zizelatutako aurpegiarekin jarraitzen dute agian.

* Adintasunera goizegi heltzea da askoren tragedia

 

Ahanzturak

* Burura ekarri ezinik, gizakiok batzuetan zerbait gogoratzeko puntu-puntuan egon ohi gara.  Adinean aurrera, gogoratzeko gaitasunik eza endemiko bihurtzen da.

* Patrikek duten joera irenslearen antzerako zulo beltz asko dugu zaharrok, halako indar desagerrarazlea zerienak: takian potian galtzen ditugu gauzak edo non utzi ditugun ahaztu,  eginbeharrekoak uxatzen zaizkigu memoriatik, izenak hegan egiten dute, inguru hurbileko  topografia bera eremu zuri lau bihurtzen da, … zulo beltz batek irentsi balitu bezala.

*Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia.

* Etsigarriak dira ahanzturak, baina ezin diogu barkatu egunerokoari, normaltasunari heldu behar zaio ahalegin duinean.

 

Norarik ez

* Mugarririk gabeko esparru  luze zabala du zahartzaroaren atariko esparruak, desertu baten  lehor-gunea, eta asko dira galduta ibili ohi direnak, norabide eta ibilbide bila.

 

Loa

*  Zahar  askok  lo gutxi behar dute. Egunak esna-ordu gehiago  damaie. Gazteagotan bizipozak ikasteko jolasteko, familiarako ordu gehiago eskatzen zietenean, atsedena eskatzen zuen gorputzak, orain, aldiz, bizitzeko grina da falta zaiena, lorik gabeko orduak sobera. Edo deskantsurako ordurik ez zuten, orain bizipoza falta zaie.

 

Bakardadea

* Agian are bakarrikago sentitzen da bakardadera ohituta dagoena, luzeago eta astunagoa zaiolako bakardadea. Bere buruaren jabeago, askeago, independenteago eta premia gutxiagoren morroi sentitzen dena da behin adin batetik gora bakarrago egon nahi duena.

 

Bizipoz

* Heriotza zain daukan sentipenez  idazten du zahar askok, presaka bezala, denborak asmoak betetzeko behar adina tarte emango ote dion beldurrez bezala. Hala bizi daiteke erretiroa, baina ez etsipenez, bizitzako azken bidaialdi oparoa lez baizik.

*  “Bizipozez” behar luke adineko bidaiarien  ezaugarria, eginiko bidaia luzeagatik.

* Lilura eta ametsa, errealitate jasangaitzari izkinatxo egiteko era. Zaharrok ihes egin ezin diogun heriotza hurbila dugu errealitatea. Onartu, bizitakoz poztu eta duguna, baldintza eta muga guztiekin, gozatzea  hori da liluraren geruzaz egun bakoitza biltzea.

* Gazteari zaila zaio gauza bati arreta ematea, bizitza bor-bor duelako, mila amets gerora begira,  zahartzaroan aldiz, ez da erraza aurrera begirako interesgune iraunkor eragilerik izatea.

* Sarriak dira behin adin batera ezkero, edozein huskeriagatik ernegatzen zareneko petralaldiak, zeinetan, ezinaren eta ahuleriaren eraginez, hiltzea besterik ez duzun eskatzen.

 

Denbora

* Argazki zaharretan, denok gara gazte, heldu begiradaz begiratzen diogulako gara agian gazteago.

* Behin adin batera ezkero ezin lasterrago labainka datoz bizitza-uhinak azkena zein izango den ez dakizula.

* Agian bizitzaz eta  inguruaz gozatzeko denbora gutxi geratzen zaiolako da hain begiluze eta jakin-min zaharra. Edo bakardadearen asperduragatik. Bizitzak zer ekarriko egon ohi da gaztea, mundua jan gogoz, bizitza noiz lapurtuko dioten kezkaz zaharra, munduak noiz jango.

* Azkar eta poliki, bietara, doaz zaharraren urteak. Atzera begiradak oraindik motzagoa egiten du aurrera soa.

* Heltzen da une bat zahartzaroan non niaren kontzientzia jasanezina bihurtzen den, eta kontinuum bihurtzen bada, infernu bilakatzen. Aldi berean, baina, “izan nauk” kontzientzia zorion bilakatzen da. Huts eternala izan nintzakeen, baina izan naiz.

* Atzera begirada batean kabitzen da bizitza osoa, luze zein zabalena,  zahartzaroan.

* Zahartzaroko joera da denboraren errekan kontzienteki murgiltzea.  Ondorioz datoz autobiografiak.

* Aspaldi eta antzina, perspektiba arazoa da; zaharrak gorago du talaia, urrutirago ikusten duelako da agian “aspaldi” bere hitza.

* Adin batera ezkero nahiago da bukaeraz ez pentsatu eta orainaz baliatu, bizi duzunaren xarma gozatzea,  baina bukaerak baldintzatzen zaitu.

* Urteak pasa ondoren, ezuste askok jo eta gero, jabetzen gara jada adinez aldatuta gaudela, eta inertziaz ari garela, beraz ez da zaila pausoa galtzea edo aldatzea..

 

Jakituria

* Adinak ekarri ohi du eskarmentua, baina ez beti.

* Zaharrengandik ba omen zer ikasi. Norbaitek ikasi nahi balu. Baztertu eta gutxietsitako altxorra gara zaharrok.

*Esperientziak esperientzia, zahartzaroak ez ditu  egiten argiago zahar gehienak.

* Zahartzaroak, nahiz memoria moteldu, hainbat ñabardura ikusteko ahalmena du. Baina beranduegi da pausoak bestela gidatzen hasteko.

*  Adinaren eskarmentuak laguntzen du gauzak konpontzen

 

Maitasuna

* Adinekoei ez zaie onartzen gazteek ohi duten txera ezaugarri publikorik, maitasunerako ere jubilatuta baileudeke.

 

Memoria

* Historia bilduma edo tratatu bat da zahar bakoitza. Baina inor gutxik entzun nahi die, lelo aspergarriak bailira. Zenbat istorio galdu diren, kontatu ez direlako baino, inork jaso ez dituelako.

* Oroimena da zaharrari geratzen zaion altxor nagusi ia bakarra, bizitza erabat bustitzen, oraina osatzen, diona.  Oroimenak huts egitean hilik zara, hilotz aurretik.

* Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia. Baina eurak ere zeure baitan gorde behar dituzu, txotxondutakoaren betiko leloak usten baitiete gazteagoek.

* Porlana bihurtzen dela dirudi zahartzaroan memoria.  Lurra zenean ereindako haziak dira oraindik azaleratzen diren azkenak, pitzadura artetik bezala.

* Izenak baino, irudiak dira zaharren memoria,  hitzak ezabatzean irudiok ezin baditugu azaleratu ere.

* Itxaropenak apaingarriak lakoak direla irakurri dut. Bizitzako osagai ezinbestekoak direla ezin uka. Adin bakoitzean ezberdinak Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia.

* Zahar askok egiten du egunero egunkariko gurutzegrama, garunak lijertu asmoz, agian behin ere bete ez dituen hutsuneak darama gurutzegramok betetzera.

* Zahartzaroan haurtzaroa ez ezik gaztaroa ere esnatzen zaigu oroimenean, kax-kax deika,  zigortu ere egiten gaituzte sarri atzera jauzi horiek

* Zahar gehienoi oroitzapenez harago ez zaigu ezer asko gehiago geratzen, oroitzapenak azaleratu besterik ez dira egiten zaharren etxeetako ekimen guztiekin ere, zaharrei buruzko literatura eta gerontologoek besterik badiote ere,

* Zein ote memoria jada galdu dela erakusten duen ahaztutako azken hitza?.

* Trikimailu oroz baliatu beharko da zaharra ezkutatzen edo ezabatzen doazkion hitz, iritzi eta oroitzapenei itzulerako atea irekitzeko.

* Oroitzapenak galtzen heinean ezerezten gara zahartzaroan, hutsa gara oroimena galtzean,  taupadak dituen hezur eta gihar multzoa besterik ez, besteen oroitzapenetan egoteak izatea ematen dion ezereza.

* Oroimena galtzen goazelako ote gara errepikakorrak zaharrok, itsasoko olatuak bezala?.

* Ezer ez da erreal  ziurra adimen argiarenarentzat ere, bakoitzaren sentsazio partikularra besterik ez da errealitatea deitzen dioguna. Zahartzaroan irrealagoa da oraindik erreala dirudiena, ahulezia eta indargetze orokor baten  atal bat besterik ez direlako sentsazio ahaztuen gomutak.

* Zahartzean gizakia atzera begira jartzen denez, umetako eta gaztetako kontuak ekarriz gogora, agian horregatik idazten dute zaharrek lehengo gauzei buruz, bestelako arrazoiez itxuratzen badituzte  ere beraien lanak. Joanari buruz ari diren gazteagoak ere, ez ote zahartzaroaren atarira hurbiltzen ari?.

 

Premura

* Bada bizitzan adin bat, noiz,  hegazkinean azafata batek lez, uhala jartzeko agintzen dizuten, lurra hartzeko prestatzen ari zarela eta, adinaren ordua aurreratuko balizute bezala, presa moduko baten eraginpean.

* Zintzilik ditugun asmoak bukatzeko presa ezartzen du sarri heriotzaren hurbiltasunak.  Agian patxada eman beharko luke herioren hurbilak,  gauzak dauden bezala uzteko lasaitasuna. Baina ez da horrela.

* Adin handian non eta nola bizi sentipenak pisu handia du, baina behin adin batera ezkero, non eta nola bizi bano banoala eta noiz hil da kontua.

* Aldatu ditzakegu, aurrera zein atzera, erlojuaren orratzak, baina denbora temati geldiezina da, eguzkiak goizero ez du hutsik egiten. Adinaren bilakaerak ere ez. Halaz ere, agian horregatik, zaharrok hor gabiltza bidaietan edo bestelako ekintzetan erlojuaren orratzak atzeratu nahian bezala, edo noiz geratuko zain esperoa leundu nahian.

* Bizitza miragarri bat pipiltzen zaigu denoi, hari tipitan, poetak dion bezala, zahartzaroan ere.  Une bakoitzean bizitza hori intentsitatez infinitura arte bizi beharko genuke, zoriona ez baita ordulariaren orratzekin neurtzen. 

* Heriotzatik bertan dakusa zaharrak bere bizitza; jaiotza, aldiz, oso urrun. Baina ez gintuzke heriotzaren hurbiltasun kontzientziak beldurtu behar,  “etxe aurretik dakusadan guztia sekula gehiago ezin ikustearen penaren penak” penatu, biziki hurrean dugun hori gozarazi baizik.

 

Sentipenak

* Pausoka pausoka, hiltzen ari dela sentipena du adinekoak. Zahartzen ari dela,  alajaina. Bere burua berbera despeditzen ari dela sentitzen du, biziki. Gauzak  bukatzen joateko gero eta presa gutxiagorekin, bizitzeko grina, bizipoza egunez egun galtzen.

* Bizitzaren, mirakulu nagusiaren amaiera, bidaia luzeenaren amaiera, da heriotza. Bizi izanaren miraria benedika behar genuke; baina adin bat ezkero, “a Indesejada das gentes” hurretik bizi du zaharrak, jadanik bidaia nagusiaren etena.

* Ez heriotzak ez ezerezak erakartzen ez duen adin handiko bera ere, horien esperoan bizi da zaharra, kontzienteki ez denean ere.

* Bidaia bukaera usnatzean, naturaltasunez, baina tarteka sarrian, heltzen zaigu azken arnasarena nola izanen zaigun burutapena.

 

Sexua

* Aurkitzen dugun leku eta moduan dago sexuaren gakoa, zahartzaroan zein gaztaroan, bakoitzak bere ezaugarriekin, baina bizitzako aro bietan darrai sexuak.

*  “El hombre pierde el diente pero no la simiente” dio gaztelerazko errefrau batek, arazoa ordea zakila nola tentetu izan ohi da arazoa zahartzaroan, eta orgasmoa lortzea lan eskerga bilakatzen zaio zaharrari.

* Amona-aitonen sexua, ia ez da aipatzen, batez ere amonena. Baia arazoa hor dago, zaharren  begiradak erreparatzea besterik ez dago, edo beraien lagunarteko solasetako erdi bromazko ateraldiak.

 

Talaia

* Zer askoren zati eta osagai zara adin handian, horrek ematen dio zentzua bizitzari.

* Zaharra izatean ez dago koska, zahar ezereza izatean baizik.

* Behin adin kopuru batera ezkero, perbertsioak leloi bihurtzen du gizakia adinak.

* Tristuren estaldura da sarri barrea, sentipen mingotsak ezkutatzen dituen mozorroa. Begiak lirateke barne pozaren erakusle, zahartzaroan ere.

* Ez da erraza bizitzea, are zailagoa bizitzea ederra dela ustea, bizitzaren ertzera heldutakoan. Azkeneraino eusteak merezi duen galdetzen duzu.

 

Burutapenak: argibide bezala

Jon Etxabe 2016/06/07 17:19
Irakurzalea naiz. Neure baitan biltzera narama liburuen irakurketak. Gustukoa zait burutapenetan murgiltze hori, liburuko gogoetatik abiatuz. Seminarioko Gogo-jardun haien gaurko bertsioa da agian. Hezkuntza haren iturritik gaurko urak.

Liburuari buruzko iruzkin labur bat idatzi ohi dut bukaeran, baina irakurri ahala sortzen zaizkidan burutapenak ere idatzi ohi ditut. Oso labur, beste balizko lan mota baterako hari-mutur bezala. Beste asmo horiek ez ditudanez bete, bere horretan gelditu dira burutapenok, eta horrela ematen ditut.

Ez dut izan inolako eskemarik gogapenon aurretik, ez dakidalako irakurketak zer hausnarketa sortaraziko didan, beraz ez dago aurreiritzi edo aurreikusitako sailkapenik, ezta ere inolako gai bat osatu edo borobiltzeko asmorik.

Irakurri ahala  esnaturiko pentsamenduak dira, eskematikoki oharrak idatzi eta gorde.  Hori baita nire irakurketa ohitura. Beraz ez dira eskema edo plangintza baten inguruan idatzitako gogoetak.

Geroagoko pausoa da sailkatzea. Anabasa batean baitzeuden gogoetok.

Gogoeta bakoitzak eskatzen duenaren arabera sailkatu nituen erabilgarriagoak egiteko.

Zenbait gogapen ez dago agian kokagune egokian, baina  ez dagoenez sailkatze-arau zehatzik, iritziak iritzi, hau izan da nire irispidearen ondorioa.

Liburu zein egilearen zita eta atentzioa deitu zidan esaldia ere jasotzen nuen hasera batetan, gero ez.  Liburu-egileen aipamena eta beren zitok kendu egin nituen sailkatzerakoan, (jatorriko karpetan gelditzen dira), nire burutapenak utzi nituen soilik.

Kontraesanak egon daude hainbat burutapenen artean. Une bakoitzeko aldarte eta sentipen ezberdinen ondorio dira, irakur-uneko neure zein kanpoko giroari lotuta.

Bere horretan utzi ditut.

2015 artekoak dira. Baina burutapenokin jarraitzen dut.

Sail honetako gaiak hauek izanen dira:

  • BURUTAPENAK
  • Adina
  • Askatasuna
  • Bidaiatzea
  • Bizitza
  • Emakumea
  • Erlijioa
  • Euskal Herria
  • Euskaldunak
  • Euskara
  • Filosofiakeriak
  • Gizakia
  • Gizartea
  • Gogoetak
  • Heriotza
  • Idaztea
  • Jarrerak
  • Kultura
  • Maitasuna
  • Natura
  • Nire baitan
  • Oroimenak
  • Politika
  • Presoak
  • Zertzeladak

 

"Nire esperientzien espresio bulgarra" deituko nieke Saizarren hitzekin nire burutapenoi, baina horiek dira ditudanak.

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.