Bidaiak
FRIULI
Independentzia zaleak dira friulitarrak eta ez dituzte begi onez ikusten burokrata zentralistak: hala dio gidaliburuak.
Friulera dialekto propioa du.
Laugarren egunez jarraian jo digu trumoiak, euria bota ahala, ez da giro errepidean.
Lurralde zabala hau ere, makaldi asko, sartu berriak gehienak, Euskal Herrian pinoak bezala, nekazariek arazoak dituzten seinale, lurrak ez du nonbait ematen edo ez diote lurra lantzeari etorkizunik ikusten.
Jatetxe asko ikusten da, pizzeriarik ez. Turismo ingurukoak dira nonbait pizzeriak. poltsiko merkeentzako jantokiak.
Kanpina.
Lehenengoz aurkitzen dugun gizon-emakumeak bereizten dituen ikurrik gabeko zerbitzu esparrua: komun, dutxa, lababo denak dira denentzakoak. Arazorik gabe, nudista kutsurik gabe, normaltasunez moldatzen gara emakumezko eta gizonezkook.
Merkeago dugu kanpina jubilatuok.
Aquileia Belvedere pinudian kokatu gara; Adriatikoaren goieneko muturrean gaude itsasertz-ertzean, ur zabala 20 metrotara; lasaitasunez, patxaran eta egoki, eguzkipean, arropa zimelduak lehortu eta gauzak berera ekarriz. Arnasa hartu dugu hainbeste trumoi, euri, bustidura eta umeltasunen ondoren.
Grado.
Alde zaharra: kale bihurriz txirikordatutako sare xarmanta
Elizatxo erromanikoa: zirraragarriak dira bere xaloan austeritate hutsa den gotzainaren zeremoni aulki eta alboko eserleku luze bakarrak; mosaikoa du zoruan bataiategiak, sei aldeko bataiarri xumea dago erdian; deigarriak dira zur landuko txapel apal baina berezia duten ur bedeinkatu edo antzerako harrizko urontziak.
Duomo: bere garaian inguru garrantzitsua izan zen hiriko eliza; leihoetatiko eguzkiaren azken argi izpiek giro berezia sortzen dute ilunabarrean; elizako solairuan mosaikoa, antzinakoa zati bat, mosaiko modernoa beste bat zaharraren antza hartuz; zizelatutako sei zutoinen gainean, bakoitzak harrian zizelaturiko animaliak dituzten sei pulpitutxo borobilek osatzen dute hexagonal tankerako pulpitu borobil bakarra; ohizko barandaren ordez Euskal Herrian, Larraskandan, hesi bezala egon ohi direnen antzerako harlauzazko hesia du presbiterioak, baina hauek landutako harri zabaleko losak dira; sabai pintatuta; beste metalezko erretaula zoragarria presbiterio ostean; koadro luzexka xarmantak; kapera bitxi batetan zurezko erretaula zoragarria; azpiko antzinako elizaren eta bataio-pontearen aztarrenak ikuz daitezke irekidura batetatik; mila txoko eta bitxikeria ikusgarri: badirudi konpetentzia egon zela aro ezberdinetako eliza-agintarien artean.
Hilerria: antzinako sarkofago pila daude bertan.
Itsas bazter luzea zabaltzen da begien atsegin: lehengo Yugoslabia da aurrean hegoaldera ageri dena, Kroazia lurraldeko kostaldea izan behar du orain. Lurra bilduz eta kiribilduz mila irla sortzen ditu itsasoak baina borobildu gabe, ez dakigularik lurra sartzen den itsasoan ala itsasoa sartzen den lurrean, lur-guneak diren itsasoan ala itsaso-guneak lurrean: paraje ikusgarria da.
Zerk eragiten du jendeak putzuetara edo ura dagoen lekuetara txanponak botatzea. Zergatik edo nolatan. Nondik sortu da ohitura hori.
Ekainaren 3a. Larunbata. 24.a
Eguzkia noiz agertuko zain, Edorta Gimenezen MANHATAN bukatu dut. Iñaki Aldekoaren Ipuin Bildumari ekin diot, ipuinekiko iritzia aldatu didalarik sarrerak.
Itsas den, laku den, lurra den, irla den ez dakigu; berez den beltza ala kutsaduraz arre dagoen ere ez. Adriatiko goiko sakoneran bota dugu goiza eguzki eta laino pean, giro motel lasaian, alemaniarrak alboko lagun, gogoa berotu eta kaskezur barruko umeldura lehortzen, aurreko euripeko nazkaduraren ondoren.
Udinera bidean kilometroetako etorbide luzeak sortzen dituzte han-hemenka platano erraldoiek; tunel berde itzaltsuak sortzen dira errepidean. Praktikotasunaren, abiadura azkarraren eta ekonomiaren aitzakiaz, agian norbaiten patrika gizentzeak eraginda, noiz moztuko suduperen baten zain daude platanook. Harrigarria da oraindik horrelako errepideak aurkitzea: berezia horretan ere Italia.
Saltzaile argiren batek lorategien apaindurarako tamaina guztietako zulodun harkaitz zatiak, harri karstikoak, ditu salgai errepide ertzean.
Udine
Mila plaza, mila etxe eder, mila zoko polit, mila zer begiratu gozatu eta entretenitzeko. Jauntxo hiria, hiri handi-mandia, zaldun hiria, sasoi batean gotzain ezagun guztiahaldun baten egoitza.
2. Munduko Gerrako Erresistentziak izandako jardueraren erakusketa ikusi dugu eliza batetan.
Duomo: aldare batean S. Fortunato ikustea fortunatu zaigu; kapera piloa; ohizko gurutzea falta ez zaion pulpitu izugarria, dena irudi aberatsez zizelaturiko marmol zuria, lau zutoin oinarri eta dosela gainean; gurutzadura erdian dago presbiterioa, bertan aldarea; gurutzadura alboetako kapera handietan, eta zur landuko aulkiteria itzela absidean; aldare nagusiaren azpian gotzain baten irudia harri zurian zizelatuta; aldare alboetan aingeru eta Amabirjina erraldoiak anuntziazioa irudikatuz; pintura ederrak ditu organoaren koruak; betiko koadroak eliza osoan: Tiepolorenak dira bi; itsulapiko erraldoia aitasantuaren argazki handiarekin pobreentzat dirua eskatuz: Aitasandua izango da diruak eramango dizkien pobrea.
Izugarrizko erretolika sartu die insersokoei gidak: akabatuko zituen gizajoak asperduraz eta nekez.
Dorrea: zabala, sendoa, Duomoren albo batean, harriz estalita du beheko lehen zatia; goranzkoa adreilu hutsez, jantzi gabe, bilus; bukaeran arku arraro garaiak luzeagoaren itxura ematen dio dorreari.
Plaza ikusgarria, Veneziakoaren ezaugarriekin: dukeen palazio eder handi zabala, azpian logia arkupe izugarria mugatzen duen balaustrada ederrarekin, gazteen topaleku gaur; kopiatu egin zuten S. Markoseko plazarako plaza honetako kanpaidorretxoa eta erloju erraldoia: polita eta ikusgarria; arkupea bere alboan; bi estatua handi barrabilak agirian; Justiziaren irudia zutoin baten gainean eta S.Markosen lehoia beste baten gainean; arku-saila, beste irudi bat, iturria, S.Markos alboan ateburu batetan, beste palazio baterako sarrera, S.Markos berriz ere...
Bigarren plaza bat: tenpletea, Amabirjina harrizko zutabe gainean, iturria, pintura bat eta eliza: plaza polita gelditzen da. Eliza: fatxada errenazentista du, ez da beste mundukoa baina giroa ematen dio plazari; meza dago, lepo beteta eliza.
14 Setenbre plaza: palazioa bertan.
Ez daude eliza faltan udinetarrak: ez dakit zenbatgarrenean, gizon batek zuzentzen die arrosarioa dozena erdi pasatxo zaharrei. Nabarmen ageri da San Antonio, eliza guztietan antzo. Zerbait azpimarratzekotan, korua: kale edo errepide gainean oinezkoen pasabide edo zubi horietakoa dirudi, egurrezkoa, estua, organoa sartzen da juxtu-juxtu erdian; pulpitua: zurezkoa eta handia, besterik ez du, gurutzerik ere ez.
Monte de Piedad deitutakoa kale nagusian, bere barnean Chiesa dela Pietat, kapila txikitxoa: aldarea marmol landuzkoa, beste dena marmola, marmolik ez dagoen tarteak, freskoak: pobreen diruz egindako kapila.
Gaztelua: herriak ba omen du berea, baina ezin izan dugu aurkitu edo ikusi, kale artean behar du egon, ez baitago tontorrik, edo tontorren bat dagoenean palazioren bat dago bertan.
Kaleak: estilo guztietako betiko arkupeekin, oso animatuak daude, bizi-biziak larunbat arratsaldez, jaiko jantzita, kalean dabil jendea.
Erreka doa herri erditik, ur ugari eta garbia darama; bere gainetik etxebizitzetarako pasabideak, portale bakoitzerako bat, mila zubitxo erreka gainean kalea osatuz.
Kontraleihoak dituzte etxe denek: haize, elur edo hotz asko da hemen nonbait.
* “Bar Picolo”, hemen eta herri askotan errepikatzen den taberna izena.
* Egunerokoa da; bosgarrena jarraian izan da gaurkoa; Udinen harrapatu gaitu; arkupeei esker, bi orduko zaparrada garaian arkuperik arkupe egin ahal izan dugu bidea hiria ikusiz. Ulertzekoa da arkupe luzeen zergatia.
* Turista bakartxo batzuk besterik ez gabiltza.
* Ezkontza: auto-segizio zaratatsua hemen ere.
* Denda eder, argitsu, biziek, jenero ona eskainiz, dotoretasuna ematen dio hiriari.
* Ez dago aparkaleku bat bera ere.
* Sasoi batean Altzolan bezala, jai bezperako kanpaiak jo dituzte 7etan.
* Kale-kantari bat ari zen kale-gurutze batean bere gitarrarekin inguru guztira ozen. Kapeladun, mutil handi traketsa zen bera: “Avanti populo” abesten ari zen gu pasatu garenean. Italian behar zuen hau ere.
* “Gerra kontra il tirani y pace ali populi” zioen inskripzio batek: itxuraldatu egin dira gaurko tiranoak, gaurko tiraniak beste era batera zapaltzen du, beste baliabide batzuk hartu ditu, baina, zapaldu, zapaldu egiten du.
Palmanova.
Hiri gotortua, izar baten trazakoa, lubeta dira harresiak barrualdera. Lau ate ditu, lau aldetara. Erdian gutxienez 100 metroko diametroa duen plaza borobila, bertatik ateratzen dira izar baten izpiak bezala kaleak, 4 kale nagusiak bereziki, bakoitza bere ateraino. Plaza erdian masta garaia, oinean askatasunari buruzko izkribuekin. Estatua pila, gehienak zibilak, borobilaren ertzeko bueltan. Itxura ederreko harri zuriko Duomoa, albo batean, nola ez, S.Markos bere lehoiarekin.
Jai bezperako kanpaiak entzun ditugu Aquilean ere, lurralde zabalean ozen entzuten direnak.
Ekainaren 4a. Igandea. 25.a.
Azal beltza osasun ikur edo ondasun eredu bihurtu dutenen alemaniarrez jositako saturraran jendetsuak dira Italia honetako hondartza denak asteburu eguzkitsuetan. Kutsatu kezkaz edo ohitura ezagatik, ia inor ez da bainatzen; itsaso hau ez dut atsegin neuk ere, zikin kolorea du, eta hondar likitsa.
Aisiarako itsasontzien babesleku edo habia da Gradon kiribiltzen den itsasertza. Asko dira hemen ibaiak eta kanalak, batez ere ia itsasoaren mailan dagoelako lurra.
Etxarrikoen antzerako granja bat ikusi dugu.
Egunerokoa dugunez, trumoiak gaur non joko digun da goizeko galdegaia.
Bakarrek irakurtzen dute libururen bat hemen ere, bakarrek egunkaria: irakurtzeko kulturarik eza da bat lege unibertsalen artean.
Monfalconen bukatzen da lautada, itsas bazterreraino hurbiltzen da mendia. Dena da baso, baso gaztea. Ostean, ez hain urrutira, ikusten diren mendi garaiak Eslovenia dira, agian Kroazia, edo biak. Italia ekialdeko ertzean gaude egon. Mendi horien ostean dabiltza elkar hiltzen gerra zibilean, anaia arteko borrokan nahasturik. Ez dakit noren interesek bultzatuta, herriarenak, politikoenak ala ekonomia zuzentzen dutenenak. Nork ordaintzen du gerra hori?. Indar ekonomikoek zuzentzen duten gerra: herria, jadanik, nazkaturik dago, dudarik gabe.
Ia itsas kontra doa Kroaziako muga. Triste Italiarekin lotzeko, Italiak Triesteri eusteko pasilloa, da errepidea; lur-mihi zati estu luzea, bertan errepidea, besterik ez da lur zati hau; lur-muinoak ditu alboetan. Ofizialki italiarrena da lur zati hau, ez lur hori berenez Italiari tokatzen zaiolako, Itaiak Tristeko golko eta portuaren interes estrategikoarengatik eusten diolako baizik. Baso erditik doa errepidea bere osotasunean: Kroaziako gerra-frenteko lurrak imajinatzen ditut horrelakoak.
“Espagna es vella” esan dit gasolindegiko langileak, baina hemengo itsasertzean ez dago Espainiako kostaldeko astakeriarik. “Espagna es vella” hori ez dakit nork noiz edo nola zabaldutako topikoa dela-eta nago, lurralde hauek ez baitzaie atzean gelditzen edertasunean Espainiakoei.
“Baschi” ere esan dit gasolindegiko tipoak: badu gure berri. Baina, Baschi eta Espagna ez ote dira gauza bera beretzat.
Errepidean Esloveniarako norabidea dago iragarrita han-hemenka. Iragarritako herri batzuen izena ez da italiarra, nabarmen ezberdinak dira, ez dakigu mugatik handiko ala hemendiko herriak diren.
Italiako ertz honetan ere obrak daude, errepidean eta denean, Europako gaitza: Europa zeharo zaharkituta dago, negozio itzela dira berrikuntza lanak, edo politikoek ez dakite besterik egiten herriari begira.
Latinetik eta Erromako historiatik ezaguna zaidan Istria lurraldetik barrena goaz, Eslovenia eta Trieste arteko lurraldea. Garai hartan dena izanen zen erromatarren Istria segur aski. Berde inpresio sarkorra egiten du inguru denak.
Triesteko golko zabal izugarria eta Trieste hiri zabala ditugu errepide azpian ikuspen eder batean. Ostean Kroazia eta Esloveniako mendiak.
Mendi pendiza, aldaz pikoan behera doa errepidea. Mendi beheko magalean eta itsas ertzean bertan, oso zabal ikusten da hiria
Triestre.
Ez da gure helburua, agian itzuleran bisitatuko dugu. Portu handia du, itsasontzi handiak daude bai portuan bai badian. Etxe eder handi asko du erdigunean, baita palazioak ere. Bilbo dirudi, iluna, langile herriaren taxua du. Herri industriala, gure ibiltzeko eta begiratzeko asmo eta ohiturentzako ez da batere atsegina. Goi esparru batean du gune monumentala. Autobus berdeak eta bestelakoak dabiltza kaleetan: denek bi banderatxo daramate aurreko bi aldeetan: bata Italiakoa da, bestea, gorria, Triestekoa dela uste dugu. Capitol zinea dute hemen ere Eibarren eta herri askotan bezala: “Capitol”en batek izan zuen eragina zinema munduan, erromatarren “capitolio”ak seguruenik.
Muggia, Italiaren Kroaziarekiko muga Adriatikoan. Muggia - “muga”: elkarren hur dabiltza bai izenak bai izanak.
Etxe asko, auto asko, jende asko: jaiegunetan arratsalde-pasarako ingurukoen kostako herria. Herri zahartxoa, ez da batera atsegina, ez da xarmanta, etxe politen bat edo beste, baita txoko atseginen bat ere izan arren. Kaleak galipotezko zoru alferrikalduak ditu, ez Italiako harrizko edo harritxo karratuzkoak. Harresiak ditu. Borobil-erdi antzekoz irudikatuak hiru, nahiko bitxia da Elizako fatxada. Ez da falta eliza aurreko plazan San Markoseko lehoia. Badu nonbait hizkuntza propioa: etxe baten ateburuan “Partido Comunista” eta “Komunist Partzizka” edo antzerako zerbait jartzen zuen, bi hizkuntza ezberdinetan behintzat, agian Esloveniako hizkuntza da; dena italieraz entzun dugu kalean, halabeharrez igandeko paseko-uso ginen-eta gehienok. Triesteko ikuspen ia osoa ageri da bertatik. Lehengo portu txiki xarmanta biltzen du portu estandar modernoak.
Bueltarako erabili dugun itsaso-kontrako errepideak ere ikuspegi ederra du. Kilometroetako auto erreskadetan luzatzen da Triesten ere ilunabarreko etxeratzea. Poliziak daudela iragarrizko argi xafladen bidez bada auto gidarien arteko kidetasuna ertz honetako errepideetan.
Triesten ez gelditzea erabaki dugu.
Aquileia
Patxadako herri xume moinonoa, txukuna bere arkupe baxutxoekin, ezuste atsegingarria bidaiarentzat. Aparkaleku zabalak erakusten duenez, bisitari asko dator: Insersoak bere afaria egin du aparkalekuan mahaiak aterata. Han-hemenka kanalak, urrutira dagoen itsasora doazen belaontzi, motora eta batelen bide. Gaur egun ez du lau mila biztanle kopururik baina hirurogeita hamar mila ere izan zituen Erromako Enperadore batek barbaroen aurkako kuartelaren kokaleku bezala, eta Patriarka jauntxo famatu batek bere Egonleku aukeratu zuten urteetan. Anofeles moskitoak eta gerrek desagerrarazi zuen herria; presente daude moskitoak herrian eta inguruetan gaur egun ere: lur azaleko itsasoak izango du zerikusirik intsektuon ugaritzean.
Ikusgarria da Aquileia bere osotasunean. Lehengo gizarteen aztarnez beteta dago: erromatarren portua, etxeak, foroa, etorbide baten bukaeran dorre altu bezain xarmanta duen ez dakit ze gizaldiko Eliza erromaniko zoragarria, Bataiategia, bere alboan teilatua erorita duen eliza, zutoin baten gainean Romulo eta Remo otsoaren tititik elikatzen. Harri hauek landu eta pilatu zituztenak irudikatu nahi izan ditut, ariketa kitzikagarria izan da.
Ikusi ditugun Bataiategi eraikuntzak ikusita, garrantzitsua izan behar zuen bataioak garai batean. Korupeetara zokoratu zen gero bataio-pontea. Gaur egun berriro berebiziko tokia eman nahi zaio elizetan.
Basilika: kanpotik ederra bada, barrutik harrigarria. Mosaikoa: sekulako ikuskizuna. Kripta baten azpian, maila ezberdinetan, dena aldi ezberdinetako mosaikoz osatutako zorua, animalien hainbat eta hainbat irudiz; parke edo lorategia jarri diote gainean kanpoko azalera bezala, berean mantenduz kripta. Hezur pila eta antzinako irudi naif xarmant dituen freskoak bertan, eta harribitxiz jositako beirazko kutxetan beste hezur pila beste kripta batetan. Mosaikoa da elizako zoru dena goitik behera eta zabalera osoan: irudi pila, animalienak batez ere, baita aingeruak ere kanaberarekin arrantzan. Zakila dute sexurik gabekoak uste genituen aingeruek. Mosaikoez gain sarkofagoak, pietà bat oso naif zaharra, Amabirjina esku batez soilik Kristori eusten, ur bedeinkatu ontziak, bitxikeria den marmol zurizko aldare nagusia... Edertasunaren uste eta sentipena borobildu digu Basilikak.
Aquileiak berak bakarrik merezi zuen Italiako ertz honetara ere heltzea. Bukaera goxoa eman dio egunari Aquileiak.
“Espainiarrak?” galdetu digu kamareroak afal garaian. Gure “Baschi”ri “Io croata” erantzunez irribarre konplizez zerbitzau digu mahaia.
Berandu baina etorri zaigu gaur ere eguneroko trumoia.
Ekainaren 5a. Astelehena. 26.a
Bart jakin dut zenbaterainoko hots nabarmena atera dezaken kanpin-dendako azpiko lonapean kakalardoak gau isil batetan.
Goiztiarra izan da gaurko trumoia, jaiki bezain pronto, zaparrada eta tximist-trumoien grakara artean.
Gaztetan ikasitako Eliza, Erroma eta Artearen historiari errepaso bizia eman diogu egunotan, errepasoak jarraituko duelakoan gaude. Nire garunek uger pixka bat galdu dute atzo, zeren gaur jabetu naiz gauden Aquileia hau Elizako Historian Gotzain Kontzilio edo Sinodo ezagun eta famatu bat egin zen herria dela, ikasi genuen Aquilea hura bera dela. Uger pixka bat eta hizki bat nahiko dira nahasmenak eta ahanzturak eta akorduak sortzeko.
Errepideetako ibilian, dorre luze finek arbola tartean iragartzen digute badela herririk inguruetan.
S. Pier de Isanzo. Granschiri dedikatutako kalea du. Izan du indarra Ezkerrak Italian.
“Desnukleartutako lurraldea” iragarkia, leku askotan bilatzen da. Bada giza mugimendurik ere Italian.
Nabarmenak dira eliza ederrak zonalde honetan ere. Italia eliztarra.
S. Martin del Carso. Italiarrek bataila irabazi zien austrohungariarrei Munduko Lehen Gerran, 111 mila hildakoen truke. Orain “zona sacra” egin dute. Merke ateratzen zaizkio hildakoak botereari.
S. Michel: mendi-sailtxoa Alpeetatik gertu, lautada bat tarteko. Mendi osoa dago zulatuta, hungariarren defentsa zona konkista-ezina. Zulorik zulo, tunelik tunel ibil daiteke orain ere argindarrez argituta baitago. Behatokian ez da falta kanoi, monumentu eta gerra oroimenik.
Ikuskizun polita dager goitik: aurrealdean ikuspen berde ederra, alderik alde, eskumatik ezkerrera, Alpeetako mendixkak, dena baso, eta atzean ortzia, Alpeetako tontor elurtuek zerra-ahoa bailitzan marraztua.
Bi eratakoak dira herri izenak, bi hizkuntza daude, alboko Esloveniako herrien izenak dira, edo Esloveniakoak izan ziren eta hizkuntza gorde dute. Esloveniako muga-mugan baikabiltza. Herri nekazariak dira ingurukoak, solairu bateko eraikuntzez osatuak.
Gorizia.
Hiri handi zabala da, lorategi edo hiri zaharra inguratzen duten etxe berriek inguratuta. Betiko erdigunea, portalpe askorik gabe, bere patioa dute ostera antzinako etxeek. Esloveniako mugak zatitzen du bitan hiria: kale batean dago muga, hiriko zabalgune batean: kontrol zehatza dago batetik bestera joateko. Kaleei dagokienez, Italiako aldean dago hiri zati nagusiena. Eztabaidarako hiria, betidanik, veneziarren garaitik behintzat, mugako bi aldeek borrokatu baitute hiriaren jabegoa.
Luzexkak, gorantz zabaltzen dira kontraleihoak, agian gaur irekita zeudelako edo, asko nabarmentzen ziren: aluminioaren kultura ez da heldu oraindik honaino. Eguerdia zenez, guretzat izan dugu hiri osoa: atsegin zaigu kale nagusian bakarti paseatzea, bazterrak ikuskatu eta begiez miatuz. Piazza de la Victoria: hiri guztietako plaza, bi masta dira hemen plaza guztietako masta bakarra. Eliza: errusiar elizen metalezko akabera duten bi dorre dira elizaren gandor; sarrerako ateburuan Loiolako Iñazioren irudia: plaka batek azaltzen du nor den; alboan, plazan bertan, zutoin baten gainean azpeitiarraren beste irudi bat: harrizkoak dira irudi biak; hiru euskaldun ginen beraz plazan: kanta ditugu plaza erdian “Gure Patroi handia” sonaren zati batzuk ere: humorea badugu, baina himno osoa bukatzeko adinakorik ez. Gaztelua: plazatik goian ikusten den gaztelura igo dugu, oso handia da, herri oso bat bere gotorleku edo gaztelu eta guzti; ikuspegi ederra dago bertatik: ber-bertan du Eslovenia, harrikada batez bertara heltzeko bezala, dena mendi, dena baso, dena berde gordina euriaren ondoren; mendikate garaia ostean.
Inguru guztia da menditsua, euritsua ere izan behar du. Hau ikusiz, errazagoa egiten zaigu asmatzea nolakoa behar duen beherago Kroazia aldean dagoen gerra. Gorizia hiriaren eloveniar zatia zeharo ezberdina ikusten da goitik: etxe apalagoak dira goieraz eta edertasunez, baina zuhaitz ugariz inguratuak daude.
Ortuari eta fruta ederra ikusten da kaleko saltokietan, merkatu-plaza ere aberats dago jenero tentagarriz.
Gorizia ez zaigu suertatu espero genuena, ezta iragarritakoa ere, etsipenez bezala egin diogu agur.
Cormoris. Austriako Maximiliano baten gortea egon zen bertan. Ez zaigu gustukoa iruditu, autoz goazenez aurrera egin dugu.
Alpeak izan ditugu, urrutian lehenengo, ber-bertara gero: trumoiaren ondoren nonbait, elurtuta daude.
Frontera dugu ber-bertan. Dena da mahastia, dena dago berde, lurralde atsegin sarkorra, gustagarria. Berezko zerbait atsegina du lurralde honek. Garia, horixka, ia helduta dago. Ez da aldatsik nabari, baina nahiko goian gabiltzan inpresioa dugu.
Cividale del Friuli.
Sasoiko jarri, gogoa asebetei eta ezustez ezuste bere xarmaz harrapatu gaituen lurraldeari izena eman dio herri honek. Julio Zesar ibili zen hemendik, hemendik ibili ziren ere Aquileiako Obispoak. Zulo-zuloan, zabal eta ur askorekin apartsu eta bizi doa harkaitz tartean ibaia. Gainaldean dago hiria.
Eliza: izugarri handia; zutabe handiak, metal doratu edo urrez landutako erretaula handia; betiko S.Antonio, betiko aldare, betiko koadroak, marmol zurizko aldare denak berdinak, marmolezko betiko presbiterioa, sarrerako ate handi xumea baina landua, ur bedeinkatu ontzia ez hain handia baina landua; deigarriak: organoaren koru erabat zuria, pinturak: tartetxo batetan azalera atera duten freskoak dio pare bat zentimetroko morteroz estalita dauden ormak barruan pinturak gordetzen dituztela; museoa dirudien ezusteko kapera: kaperan marmol zuri landuzko bataiategi oktogonala, bataiategiaren landu-landutako aterpea, katedra, lau aldeak zizelaturiko 900 urteko aldare zoragarria, ormetako pintura naif zaharrak, Pietat naifa Aquileiakoak bezala Kristo esku bakarrarekin eusten duena: ez dutela sarrerarik kobratzen da kaperaren ezustekorik harrigarriena.
Tempietto Longobardo: VII. Gizaldiko elizatxoa, jostailutxoa bailitzan txikia, zoragarria, izugarri polita, kapritxoa; giro berezia sortzen du barruan, amona polit horietakoa dirudi bere zahartasunean; aulkiteri landua, sei emakume irudi zuri gainaldean, pintura naifak: miraria da iraun izana.
Etxeak: Erdi Aroko etxe xarmantak; adreilu bizi-bizi, gorri-gorriko, gotiko estiloko bi etxe; etxe zahar polit asko dituzten kale txukunak.
Plaza: leiho bereziak dituen Paulo Diakonoaren etxea; plazaren erdi-erdian lurrean zutik sartutako zipres garaia lantzen ari da tipo bat, enbor garaia taila bihurtzen.
Harresien sarrerako ate handia, erromatarren bainuen hondakinak….
Izan zen lurrikara bat ez dakit noiz: ez zituen bota harrizko etxe gotor handiak, ezta Ursulinen Komentu sendoa ere, pobreen etxetxoak bota zituen soilik.
Turista bakar batzuk gabiltza herrian. Gehienak alemaniarrak edo Eki Europakoak.
Asko dira zonaldean aroztegi muntaia handiak.
Freuli edo Friuli lurraldeko biztanleak independentzia zaleak zirela irakurri genuen arren, ez dugu inolako nazionalismo errebindikapenik ikusi inon.
“Regione Veneto”: beraz ez da Errepublika, izan izan bazen ere.