Bidaiak
Maiatzaren 30a. Asteartea. 20.a
Eguerdi aldera lixiba jasotzera eta baretu arte zain egotera behartu gaitu trumoi zaparradak.
Vicenza
Ezuste baikorra eman digu Michelin gidan bi izar soilik izan arren.
“Lur barruko Venezzia” deitzen diote.
Andrea Palladio: bere lanari jite propioa ezarri zion 1508an jaiotako arkitektoa da hiriko ardatz eta anima, berak jaso baitzituen hiriko palazio gehienak. Zine-tokiak ere Palladio du izena.
Piazza dei Signori: badu eduki Venezziako S.Markosen antzik: plaza haren tamaina eta forma, alboko eraikuntzak, bi zutabeak batak lehoia besteak gizakumea gainean, erlojuaren dorrea, basilika... izugarria hau ere bestearekin konparatuzko bere apaltasunean; kanpain-dorretxoa falta zaio.
Corso Andrea Palladio: herriko bizkarrezurra den kale luzea, alboetan etenik gabeko jarraipenean eliza eta palazioak, denak ederrak antzinakotasunaren ajeak nabariak dituzten arren.
Teatre Olympique: izugarria, antzoki klasikoen erara, harrizko tailak, zutabeak, mozorroa duten estatua pila sarreran.
Elizak: koadro pila, dozenaka, gehienak handiak, batzuk begiratu hutsez ezagun dute maisu batenak direla: Bellini, Verones, Montagna...
Koroi Santuaren eliza: aldarea eta aulkiteria harrigarriak, marmol zatitxo itsatsiz, inkrustatuz eginiko aldare marmol zuri eta gorria, mosaikoa izan gabe, ezohizkoa, horrez gain irudi politak aldare osoan; aldare nagusia: bata herriarentzat, koruko kanonikoentzat bestea; inkrustazioak: aulkiteriako 40 jarleku apartak, fazistola, armairuak... dena da zurezko inkrustazioa; tailak ere ugari eta izugarriak eskulekuetan; fraide-buru tailatua ateburuan. Marmol inkrustatua ikusi dugu Duomo ateburuan eta beste eliza batzuetan ere, eliza denak dekoratu zituen artistaren bat egon zen nonbait.
Duomo: oso goian dauzka aldarea eta presbiterioa, marmol gorrixkako harriz egindako balaustrada duen mailadi handi batez igotzen da. 14. gizaldiko primerako erretaula. Katez lotuta daude dirua botatzeko itsulapiko erraldoiak, grada erdian saihestezin; hilotz bat, bera ere erraldoia; fatxada ere handia da, honek ere inkrustazio handiak ditu: erronboak, koadroak eta loreak. Handia eta luzea, baina aldi beran sinpatikoa egiten den eliza da, adreilu gorriek giro atsegina sortzen dute: apaizak badu non paseatu, gora eta behera zebilen bat barneluzego bakarrean.
Dorrea: ate hirukoitzekoa, sasoi batetan inguratzen zuen harresiaren hondakin dotorea.
Kaleak: xarma handia dute dorrearen ingurukoek.
Ibaia. Ez dugu jakin izenik, ur asko darama, ahateak ere ugariak dira bertan; zubi zabala du gainean.
Herri lasaia, atsegina. Moja bat abitu zuriarekin jo eta ke bizikleta beltzean. Harrizko elefante handia lorategian. Neska itxurako aldaba oso politak Palazzo batean. Erakusketa eliza batetan: efektu atsegina egiten duten zeramika eta esmaltea konbinatuzko artelanak. Beste eliza batean postal eta antzerakoak saltzen zituen emakume potoloak nabarmen sartu du paperezko dirua horretarako zegoen kaxa handian zer egin behar genuen erakutsi nahian edo; ondoren hurreratu zaigu lehenengo aldiz gentozen galdetuz. Koroaren Elizan dozena bat zahar zeuden arrosarioa ozenki errezatzen: ezin izan dugu argitu emakume batek gidatzen zuen errezoa ala zinta bat zen agurmariaka zebilena. Ugariak dira jelatu dendak, jelatu jaleak dira hiritar ia denak: jelatu jatea da hemengo txikiteoa, txikiteoak berea duen kontu-kontari egotea falta zaio. Janari-denda asko eta onak, erakargarriak, baita barazki dendak ere, berdin etxera eramateko egindako janaren saltokiak.
Hiri ederra izan arren turista gutxi gabiltza, turismo zirkuituetan ez da sartzen nonbait.
Monte Berici. Vicenza gainean, behatoki izugarria da: Veneto lautada osoa, eta begiak ezarriz baranda gainetik ondo finkatutako norabidean Alpeetako hainbat tontor ezagun ikusteko aukera. Ia 100 metroko masta ere badu, Etxarriko Maiatzaren antzera, behekoen ikusmira.
Berici bailara. Berdea erabat, mendi kontra, ur asko daraman ubide sarearekin, amaiera gabeko arto-sail erraldoiez eta patata-sailez oparo.
Noventa Vicentina. Bainuak zirela eta, agian bertako sasoi eta giro apartagatik, atsegin zuten jauntxoek lurralde honetan bizitzea. Famatuak dira inguru honetako Villak. Horietako bat da Noventa Vicentako: gaur egun etxe handia bai, eder izandakoaren jitea ere bai, baina triste eta bakarti dago; ederra behar zuen izan bere aurrean duen alde bietatik zutabe garai eta gizeneko erreskada luzeaz inguraturiko herriaren plaza erraldoiak lorategi eta parkea osatzen zutenean.
Noventa Vizentinan norabidea galdetu diogun gizonak mapa eskatu digu lehenengo, eta ikusten ez zuelako antiojoak eskatu dizkit ondoren barretxoa eginez. Italiarra behar zuen.
Maiatzaren 31a. Asteazkena. 21.a
Inguruko mendiak ez daude Alpeekin lotuta. 6-7 tontor altxatzen dira, bakar, lur lautada zabalean, titiak bailira, leun, berde, polit, goxo.
Zaparrada eta tximistaz lehertu zaigu goia bart, urez bete behea.
Veronara joatea erabaki dugu.
Auzune bateko kalean kamioneta batekin arrain saltzen aurkitu dugun arraidunak otarra buruan edo eskorgaz herriz herri zetozen Altzolako Joxepantoni arraindunak gogorarazi dizkigu.
Gutxitan ikusten dugu, baina gaur Karabinieriek autoa zuten geldiarazita autoestradan.
Paduatik Milanerako austoestradak hiru karril ditu norabide bakoitzean, joan-etorri handia dago bertan, kamioiak ere asko dira, ez da alperrik industria-gune garrantzitsua Milan, eta Europara bidea errepide hau. Saldoan doaz eta datoz kamioiak, trafiko izugarria eraginez, Kamioi ilara izugarri luzea ikusten da ikuspen orokor edo zabal bat dugunean. Bere legea ezartzen du autobideak: edo kamioi baten atzean zoaz aurreko toldoa ikusgai, gurpilek jasotzen duten zaparrada zikin baten pean, edo orduko 120 kilometrotik gorako abiaduran ibili behar duzu. Autoestradak badu errepidea gainetik zeharkatuz janari-taberna zerbitzugunea Zaragoza edo Bilbo aldekoak bezalakoa.
Ikusgarriak daude urrutira errepidetik begiratuz gure kanpin inguruko kono-puntak, tarteka laino zuri bereziz estalita, geruza batez lez, merengea bailitzan.
Garitza osoak bota ditu lurrera gaueko ekaitzak: gari-sail osoak daude eraitsita.
Paduako S.Antonioren eguna laster izango dela gogoratuz, Santuaren Altzolako bederatziurreneko errezoren errepika burura ekarriz arindu dugu bidea: “El mar sosiega su ira, redimense encarcelados, miembros y bienes perdidos recobran mozos y ancianos. .... digan los paduanos”. Euskaldunok badugu Urkiolako S.Antonio, ospetsua bera ere, erromes erakarlea: beraz badugu loturatxoren bat gauden lurraldearekin. Bainuetxe asko dago San Antonioren inguruan: ez ote zuen ur berezi hori erabiltzen santuak osasun mirariak egiteko. Ez dut uste bainuetxeek izan dutenik zerikusirik Altzolako bederatzihurrenarekin: izurriteren bat izango zen tarteko.
Alpe mendiak ditugu aurrean, elurra dute oraindik tontorretan. Atzoko trumoiaren ondoren, lainoak jasotzera egin dute, ortzia garbiago dago eta ikusgarri ederra da Vicenza pasatu ondoren Alpeetako ikuskizuna. Zabalgune erdiko lautadan goaz, muino eta mendixka leunetan gora eta behera ezker eskuin aurrez Alpeak ditugula, zaparraden ondorengo berde bereziz erakargarriago. Egun gutxi barru mendi horien bihotzean, Trento inguruan, egongo gara.
Oso atsegina da bidaia hau autoestradaz, kilometro luzeko parajean.
Mahasti asko eta ondo zainduak ageri dira zonaldean. Mahasti garaiak dira, gerri edo kirten luzea dute eta torto berdea gainean: mahatsa zutik, makurtu gabe jasotzeko bezala. Errioxakoak aldiz baxuagoak dira, jasotzeko makurtu egin behar denez lan nekosoa eskatzen dutenak. Italiarrak praktikoak direlako ote ala mahats mota bakoitzak lurralde bakoitzean bere barne lege biologikoak baldintza propioak inposatzen dituelako agian.
Ez dira esparru edo sail luzeak, baina esparragoak jasotzen ari dira.
Eliza-dorreak nabarmentzen dira menditxo eta muinoetan.
PADOVA eta MANTOVA, PADUA, MANTUA bilakatzen ditu gaztelerak, U bihurtuz Va eta O janez: interesgarriak dira hizkuntzaren barne legeak, bere misterioa dute.
Montebello: gas industriaren bat dago inguruan, sulfurozko urak dira hemengoak. Herriak dorre izugarri garaia du, baita Atenaseko Partenoia dirudien eliza aurrea ere.
Soave: dorre gotor eta sarrera anitzeko harresiz inguraturiko herria. Urrutitik ikusten da tontorreko gaztelu handia, baina ia ikusezina da herritik; bide erpina estaltzen duen belarrak adierazten du ez dela jenderik igotzen bertara. Izan zen herria: detaile politak ditu, zutabeak, oraindik iraganeko dotoretasuna erakusten duten etxeak, balkoiak, ateak... Eibarkoak dirudite bertako kaleak: galipota bota zuten baina hondatuta daude. Ohizko masta eliza atariko plazatxoan, bere oinetan San Markosen harrizko lehoia liburu eta guzti. Eliza handia, koadroak santu imajinen ordez aldare guztietan, organoa da presbiterioko erretaula, denean bezala elizako grada erdi-erdian dago zurezko itsulapiko digantea: berrikuntzetarako eskatzen ez duenak, pobreentzako eskatzen du, eliza honetakoak bezala. Espaloietako harlauza arrosa zabal luze sendo antzinakoek herri erromatar kutsu ematen diote hiriari. Auskalo zenbat urte dituen harresiaren sarrerako ate nagusiak, zurezko erraldoia bera. Kale inguru guzia lurruntzen zuen ogi usai gozoz okindegiak. Ibai ederra du. Herri hila, ez zaio bizitasunik ikusten.
Euripean heldu gara Veronara ere. Euria eta Italia bat dira guretzat orain arte.
Verona
Romeo eta Julietaren hiria
Zerbaiten Feria dago: “Bienvenidos” eta “Adios”, orain arte Italia guztian ikusi ditugun gaztelaniazko hitz bakarrak. Lur azpiko aparkaleku ugariek adierazten dute turista-lekua dela hiri hau. Eta hala da, kalera orduko turista baita nagusi kaleetan. Dena da handia Veronan: sarrerako ate handia, plaza handi bateko eraikuntza handiak, bertako garai ezberdinetako zutabe handiak, erromatarren anfiteatro handia.., guardasolak ere handiak dira, zaparrada ere guardasolen tamainarako egoki handia da. Betiko beltzek betiko kinkilaz gain aterkiak saltzen dituzte gaur: argi ibili da norbait.
Anfiteatroa: zaparradaz kokoteraino, itoginpean, turista uholdearen plastiko bustien igurtzien beldur, aterki-orratzek ziztaturik, ikusi behar izan dugu anfiteatroa; dena ura, dena jendea, harri-tarte guztietatik dena itogina, barruan ere guardasolpean, desatsegina zen bertan ibiltzea. Ezagutzen direnen artean handienetarikoa, 24 mila pertsona sartzen omen da; dena handia denez timoa ere handia da, 600 pezeta sarrera, pasada, baina merezi du, izugarria baita ikusteko; zeharo berrituta dago, opera emanaldiak egiten dira bertan, emankizun baterako antolakuntza lanetan ari dira gaur; marmol arrosako harmaila altuak jarri dizkiote; bi solairu erraldoizko sarrera erraldoia du, agerian du zuen barne egitura, atsedenaldietarako kanpora begiratzeko palkoak, barne pasillo eta eskailerak... Bolognan ikusi genuen teknika berarekin egina dago anfiteatroa: hormen barrutik uharriak morteiruz lotuak, eta adreilua azalean itxura emanez.
Bedamen plaza: merkatu eguna denez gaur, oraindik jendetsuagoa; plazetako osagaiak errepikatzen dira: Venezziaren sinboloa den lehoia zutoin gainean, etxe zahar interesgarriak, pintura deigarriak dituen fatxada, nonbait hizlarien tribuna ziren tenplete antzerakoak, plazan erositako fruta garbitu dugun iturri ederra, dorre garaia bere erloju erraldoiarekin...
Hilobiak: Scaliger sendiarenak, han daude jauntxoak tenpleteetan, hainbat eta hainbat harrizko irudi ikusgarriz osaturiko hilobi dotoreetan, dena marmol, dena arrosa eta zuri, dena gotiko puntazorrotz, dena zutabe eta zutabetxo, dena jauntxo santu-irudi eta aingeru, burdinazko hesiz biziengandik babestuta: denak hilak, denak hezur.
Eliza potxoloa hilobion alboan.
Jaunaren palazioa: dorrea eta mailadi ederra patio eder batetan.
Duomo: harri zuri eta beltzez jantzia, begientzako atsegina da kanpotik; oso kanpora luzatzen dira barruko kapilak alboko ormetan; fatxada izugarria, oso ederra, arku handi landu ederra elizpetxoa osatuz edo sarrerako aterpetxoa eginez, erromaniko eta gotiko bitartekoa; animalien bizkar gainean daude hemen ere zutabeak. gotikoak dira leihoak; bukatu gabe dago dorrea.
Harresia: garaia, plaka asko dago bertan: norbait bat omendu nahi dutenean orma honetan jartzen diote bere plakatxoa nonbait.
Zubi zaharra: agian bi alditan jasotako adreilu eta harri zurizko zubi ederra da, gaurko eta atzoko euriak direla-eta txokolate koloreko ur asko daraman ibai zabalaren gainean.
Erromatarren teatroa: zubiaren bestaldean, berritua, zaindua, potxoloa, itxita dagoenez urrutitik ikustekoa.
Jauregiak: estilo guztietako palazioak; Julietarena omen zen palazioa; palazio guztiek dute bere patio zabala eta horietatik asko zeregin ofizialetarako baliatzen dituzte; kuartel bilakatu dute bat karabinieriek: beldurrez nonbait hemen ere, ez digute barrura sartzen utzi; jauregi denek dituzte bere ate handia, bere leihoa, bere estatua, bere ohizko mila bitxikeria txiki eta handiak.
Marmolezko harlauza zuri zabalak ditu kale luze zabal bateko espaloi zabalak, Soaven bezala, erromatar kale edo galtzada itxura emanez.
Palazio eta elizak zuhaitz artean inguruko mendi leun eta berdean; erromatarren eraikuntza, agian santutegia izan daiteken dorre antzerako borobil erraldoia ageri da nagusiki bertan.
Oinezkoentzat da hiriko erdigunea, jende asko dabilen arren gustura eta patxaran egiten da ibilia. Mila bitxikeri zehatz aurkitu daiteke kaleetan: santu-zuloak, leiho bat, gidan agertzen ez den etxe dotorea, anfiteatroaren alboan harri tailatuzko lau irudi lau aldetara dituen gainalde karratuko kruzeiro antzerakoa. Hemen daude Arantzazuko harri punta-luzeak ere, haiek baino txikiagoak, bi solairuko etxe batean, bertatik pasatutakoa zen nonbait Arantzazuko arkitektoa aspaldiko ideia jasoz. Marrazki dotoreak kale arruntetako fatxada arruntetan.
Denda handi bat bihurtuta lez, trapu eta zapi landuak zeuden salgai eliza batetako barrualde osoan: Afrikaren alde dirua batzeko.
Dena plaza, dena palazio, dena handi da Verona. Edertasunez ere handia. Berritzeko eta zaintzeko asko dutelako edo, agian handia delako, zarpail edo trakets itxura ematen du Veronak, antzinakoaren jitea, zaharkitu eitea. Ez da hiri potxoloa, ez da atsegina, zer erakutsi eta zer ikusi asko eta ederrak izan arren.
Hotelak iragartzen dira batez ere, turista asko dabilen seinale.
Ordaindu egin behar da Veronan elizak ikustea.
Turista alemaniar asko dabil, ugariak dira ere hezkuntza bidaian dabiltzan ikasle zaratatsuak.
“Divietto de afissione”: “diviesso” da beste toki batzuetan, italiera edo ahoskera ezberdinak adieraziz.
Duomotik gertu, tabernatik atera da gizontxoa bere bastoia eskuan eta sonbreirua buruan, aguretxoa zirudien atzetik, baina lepoko txatal zuritik igarri diogu apaiza zela: bitxia egin zaigun irudi atsegina.
Elkar ezagutuz bukatu dugu dozenatxo bat turistak Veronan ere: turista uholdeak ez doazen bazterretara goazenak gara.
Turista pausoan edo ibilian bukatu dugu Veronara bisita euripean. 4 orduz eten gabe ibili ondoren joan gara ekarrri dugun zaparrada beraren pean.
EL PAIS arkitu dugu Veronan: plazako ertz batetan eserita jakin dugu Elorza izango dela Donostiako alkate, HBk gutxi baina behera egin duela, hirukoak bere lege tiranoa ezartzen duela, Gorordok burua altxatu duela, Allik ere bai berea.
Mantua:
Lonbardia hegoaldeko ertzean, Verona baino txikiagoa, agian horregatik apainagoa. Ontziak eta portutxoa dituen laku handi batek biltzen du hiria hiru aldetatik.
Kale nagusia bere arkupe luzearekin; Plaza eta Palazio pila: har-zoruarekin; plaza zabala; plazan Dukearen palazio izugarria lorategi zabalarekin; beste plaza bat, non dorre altuko palazioa, palazioaren orman irudi bat, harrizkoa, zaharra, berezia: dorre goian dagoen balkonadan jartzen omen zituzten gaizkileak jendeak ikus zitzan; beste plaza bat: bertan palazioa dorrea izugarrizko erloju ederrarekin itxita dagoen bere adreiluzko elizatxo erromaniko borobil polit-polit potxoloarekin; palaziotzat jo dugun eraikina aleen merkatua izandakoa da: ez dakigu garia erosi, saldu kendu edo kontrolatu egiten zuten hemen; Te palazzo, Tearen palazioa: solairu bakarra, patio koadratua, zutoin ilara, aurrean lorategia, toki xume atsegina, hiritik nahiko albora, ibilaldi ederra eskainiz bertara eta bertatik; Duomo: bost barneluzego, greziar zutabe piloa, lau zutabe grabatuen gainean harrizko pulpitua atzealdean, kruzero eta presbiterio gainaldean dena ilun dagoelako ikusi ezin ditugun kriston pinturekin dekoratuta: gure atzetik inserso bat sartu zaigu erretolika bideo eta flaxekin elizako patxada etenez; egitura koadratuko eliza: inguruan ibili zen arkitekto ezagunak egina; San Andres Basilika: barneluzego bakarreko eliza izugarri handia; kapera asko eta handiak; koadroak ere asko, tokatzen zaien bezala handiak, sabaiak ere fresko erraldoiz apainduta: ilun dagoenez ezin ditugu ikusi detailez ze koadro estilo diren; koadroetako bat Mantegnarena da eta argiztatuta dago, baita pintorearen hilobia ere; balaustrada ortogonal handia grada erdian: azpiko nonbaiten, itxita dagoenez ezin izan dugu ikusi, Jesukristoren odol tantaren bat gordetzen dute (Gipuzkoako Gatzagan arantzazko koroiaren arantza bat dute); bertako norbaiten asmakizuna diren elizako jarlekoak ere kuriosoak dira: tutuzko jarleku normalak atzealdean belaunikatzeko gehigarria dutenak.
Hemengo labela dute heste handiarekin egindako saltxitxak.
Belodromo irekia du.
Trumoi-hots eta tximista arteko izugarrizko euri-jasa pean egin dugu etxera buelta, dena euri, dena putzu. Denda bera ere blai. Kanpineko hotelera jo behar izan dugu. Hezurrentzako lokatza-bainuetxea da hotela. Hezur gaixoek ohe zurruna behar omen, baina hotelekoa oso biguna da: kanpineko lur gogorrera ohituta, bizkarreko mina egiten dit eta ezin izan dut lorik hartu logale eta nekatua naizen arren.
Ekainaren 1a. Osteguna. 22.a
Eguzkitan zabaldu ditugu bai arropak bai denda ere desmontatu ondoren, haizeak eta eguzkiak lehor ditzan. berunezko zerua jarri zaigu 10 minutuan eta zaparrada lehertu dira lainoak: autoan eta toldopean arrapataka gordez, alboko ijitoen begirada larriaren pean, bigarrenez gehiegi busti gabe salbatu ditugu arropok.
Paduara jo dugu agur gisa, zor zaion argazkia ateratzera. Goiz polita izanda, ikusi ez genituen zokondoak miatuz eta erakusketak ikusiz. Bakean utzi dugu S. Antonio. Larunbatean baino animatuago dago Padova.
Gutunentzako seiluek ez dute kolarik postan, itsasgai-potetxoa jartzen dizute norberak kolaz itsasteko.
Nahiko moldatzen zen gaztelaniaz aparkalekuko zaintzaile-kobratzailea, espainiarrekin Suitzan bizi izandakoa izaki. Beranduegi joan gara autoa jasotzera, eta ordu erdia barkatu digu, baina egindako hiru orduen txartelik ez digu eman, irribarre maltzurrez txanponok patrikara eginez.
Ekainaren 2a. Ostirala. 23.a
Lurra putzu, arropak busti, gogoa umel… alde egitea erabaki dugu, galdatan ez bada ere lehor egongo den tokiren bat aurkituko dugun itxaropenez, ikusi nahi genituen Vila eta herri batzuk bertan behera utziz.
Betiko lautadan jarraitzen dugu kilometro luzez. Bai bertakoentzako bai adituentzako ehunka kilometrotako lautada honetan berezitasun nabarmenak egongo dira, lurralde bakoitza erabat ezberdina izango da, baina guretzat dena da bat eta berdina: lautada. herri pila; Industrialdea dago herri hasien inguruan, beste dena nekazaritza da. Dorreak ikus daitezke urrutira arbolen gainetik, herriren baten adierazgarri. Txikiak dira etxeak, gehienez bi solairukoak. Larrean ez da behirik ikusten, kortetan daude ateak zabalik zeukan batean ikusi ahal izan dugunez; baserrietan bezala, eraikin berdinean daude bizitokia eta korta. Kanal eta ibai ugari, izendatuta dauden arren ez dakigu noiz den kanal noiz ibai, lur muinoz mugaturiko lur barruko ubide zabalak baitira.
Portogruaro ondoan luze-zabaleran kilometrotako mahasti sail bakarra. Gu jabetu ez arren, ezberdinak izango dira ikusten ditugun lurralde ezberdinetako mahasti eta mahatsetik sortutako ardoak, lurraren arabera. Geratu eta ezberdintasunak dastatzen hasteak zirikatzen du barrena: bada turismoa egiteko era bat, eguraldi triste honi aurpegi alaia jartzeko modua ere.
Errepidetik begiratuta izugarri aberatsa dirudi nekazari lurralde honek ere, aurretik ikusitako lur denak bezala, baina ez dugu dudarik nekazariek izugarrizko arazoak izango dituztela hemen ere.
Etengabeko kamioi joan-etorria hemengo autoestradan ere, Yugoeslavia eta Austria alderako bidea da izan. Bidegurutzetako borobiletan borobil barruan dagoenak ez du preferentziarik Italian, eskuinekoak baizik, betiko trafiko legeari eultziz.
Portogruaro:
Lur barruko herri txukuna. Sarreran bertan, berdegune eta arboladi, parke zabala eta atsegina dauka. Herriak berak, mila ukitu interesgarri ditu. Harri zuri zizelatutako hiruzpalau putzu. Xumeak dira arku eta arkupeak, ez garaiak, bai atseginak. Borobil edo koadratu izan ordez oinarrian karratuak baina puntazorrotz bukatutako etxeko horma-bular diren zutoinak. Galipot edo azulejozkoa da zorua, baina harrotuta dagoen tokietan ikus daiteke antzinako adreilu gorriko zorua dela azpikoa. S. Markosen lehoia Kale Nagusiko plazatxo batean dago zutabe gainean, txiki eta umil, beneziarrenganako kidetasuna erakutsiz .
Duomo: okertuta dago dorrea hemen ere: neurri batearaino soilik huts egiten diote nonbait oinarriek, zeren ez da erori aspaldikoa izan arren; geroago egindakoa agian, bukaerako kukurutxoa ostera zuzen dago, bertikalean, dorre okertuaren gainean, efektu bitxia sortuz; barrutik, kolore argiz pintatuta, koadro piloa aldare ugarietan. lurralde hauetako elizetan bezala: pintatzea zonaldeko kirola edo lanbide arrunta zen, zeren pintore asko behar zuen egon hainbeste eliza eta koadro pintatzeko; apala da kanonigoen aulkiteria, baina bi balkoi eder pintatuak ditu presbiterio berean dagoen organoak; pulpitu zabal landua ez da harrizkoa baina erliebezko irudiak ditu; bigarrenez ikusten dugu pulpituan Kristo gurutziltzatu nabarmen handia, ez orman, pulpituaren eskuleku edo balkonadan baizik, nabarmen kanpora, herriari begira; zurezko tenplete eder landua du harri zizelatutako ur bedeinkatu ontziak, tapagailu berezia, efektu bitxia eraginez.
Palazzo eta etxe eder asko bitxikeria askorekin aurkitu ahal da hirian.
Herriko ate nagusitik kanpo, burgo edo auzoko elizatxo berezia: eliza ortodoxoen antzera bukatzen zaion dorre xarmantarekin; barruan: animaliak eta belarra irudikatuz izugarrizko pinturak, tximino basahuntz hegazti mota ezberdinez osatuz alboetan zoologikoa; arku bitarteko triangeluetan eta goiko frisoetan soilik agertzen dira santu irudiak; zur landuzko sabai pintatua, presbiterioko sabaia eta alboetako kapila pintatuta, itsulapiko erraldoia eliza erdi-erdian tokatzen den bezala...
Erreka nagusi batek zeharkatzen du hiria erditik, beste errekatxo gehiago batzen dira bertara hiruzpalau lekutan. Erreka buelta atsegina osatuz presa, harlanduzko ertz eta muntaia duen errota, konporta, konporta jasotzeko tronkoz egindako polea eta biratzeko trabeska dituen burdinazko ziriez lehenengoz ikusten dudan teknika zaharrezko tramankulu berezia ohizko konportekin zerikusirik ez duena; erreka txiki honetan zer dela-eta dagoen ez dakidan uharrak jandako itsasoko aingura handi bat. Ibaira jaisteko harrizko mailadia, harrizko zubi ederra... Errekaratzeko mailadi edo ontzi-leku baten antzerakoan zurezko kapera koadratu berezietarikoa: irekia lau aldeetara, aldare aurretiko hiru alboak belaunikatzeko belaunaulki antzeko luzez inguratua kanpotik; begi-bistan gelditzen da kapila barrua dena, leiho antzerako sistemaz ixten delarik itxi nahi denean.
Dotore jantzitako jubilatuak daude eserita mahaitxoetan.
Mila pezeta eskatzen digute pintura erakusketa baten sarreragatik: agian erakusketa kokatuta dagoen palazioak berak merezi du diru hori, baina ezinezkoa da dena ikustea aurrekontua bikoiztu egingo litzaigukeelako.