Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2018/11/23 10:09
Ipar Toscana

Maiatzaren 21a. Igandea. 11.a

 

Denean bezala, antolakuntzak, txabolak, daude kanpin honetan ere: asteburu eta oporretarako pobreen txaletak. Animatu egin da giroa asteburuan, jende asko etorri da, asko dira gaztetxoak ere.

 

Gure txikitako Euskal Herrian erabiltzen ziren paperezko poltsak darabilte oraindik Italian janari erosketak gordetzeko, plastikozkoen kutsadura ekiditeko seguruenik,   nahiz ondoren paperezko poltsok  plastikozko batetan sartuko dituzten erosoago eramateko.

 

 

IPAR TOSCANA

 

XVII. gizaldiko jauntxoen egontoki izan zen Toscanako Iparraldea, jauretxe asko jaso zituzten, Italiako nobleen bizileku bilakatuz. Napoleonen arrebak ere hemen jarri zuen bere gortea. Mendi berde leun aldapara handi gabekook ikusiz ez da harritzekoa lurralde hau aukeratu izana, mendi-magal etzan atsegin hauetan aberatsek bere udalekuak kokatzea, tontoak ez baitira eta gainera ahal dute.  Jauretxe horietako bat bakarra soilik bisitatu dugu guk, aspergarriak baitira gehiegizkoan gauza ederrenak ere.

 

Itsasorainoko kilometroetako lautada zabala du alboan mendi barrenean doan autoestradak. Naturak fabrikatuta dago hemen marmola, baina gizonak marmolarekin gauzak fabrikatzen dituenez, marmol fabrikak dira edonon ikus daitezkeenak: urrutiko mendi zurietako marmol-lantegi zuriak hedatzen dira lautadan bertan ere.  Lur landuak ere agertu zaizkigu aspaldiko partez, soro landuak. Urrutietara, altuera baxuko mendi-bizkar berdeen ostean, garaiak diruditen mendi lepoak, Apeninoak agian.

 

Massanosa: olibondoek berdetzen dute mendia, lautada bera ere inguru honetan, Euskal Herria pinoek bezala. Olibondo berriak daude landatuta, hala ematen du, beraz, hemen olioak ematen du etekina. Bazen urtegia Massanosasen, olibondoak ureztatzeko izan zitezkeela pentsatu bagenuen ere, agian arroz-sailak direla uste ditugun lautadako itsasora bitarteko berdeguneok ureztatzeko dira, laku itxurako ur-putzu zabalek hartzen baitute lautada. Mahastiak hemen ere: bertakoa omen Collodin eta beste herrietan salgai ikusiko dugun munduko ardorik onena. Munduko olio onena, munduko ardorik onena...

 

Tunel eta zubi-bide denei izena jartzen ere nahiko lan izan dute hemen, bakoitzak bere izena baitauka, agian letrerogileren bati negozioa errazteko bidea izan da, Euskal Herriko esperientziak dioen bezala. Patxaran eta geldi joanaz, izugarrizko  behatoki bihurtzen dira zubi-bideok itsaso aldera.

Gorabehera etzaneko lurraldea, halatsu doa errepidea ere, gora eta behera leunean arboladi batean baikindoaz,  mendi luzeak urrutira, Euskal Herrian ez bezalatsu, non zuloko errepideetan alboko mendi-ormek ez baitute besterik ikusten uzten.

 

Pescia. Ia etxe berririk gabe, lehengo etxeez osatua, ez da herri ikusgarri bitxia, baina bai Toscanako patxadako herri jatorra; egun-pasa kostaldera alde eginda-edo jendea, gaur hutsik dago; loren herria omen, baina guk ez dugu hainbesterainoko lorerik ikusi.

Plaza: angeluzuzena, ehun metrotik gora luze, horren erdia zabal; “Madonna di Piazza” kapilatxoa:  aldare buruan dagoen koadro handiko Amabirjina eta Niñojesusaren irudiei marko doratua jarri diete eta bien buruei harribitxizko koroak, dena telari itsatsita; bi santu horma-zulok: erdi hondatuak baina naif itxuraz politak bere apaltasunean, bakoitzak bere santutxoa gordez; sarraila: morroiloa kanpotik duen metrotik gorako erraldoi sendo berezia, kanpotik ateko zurari itsatsia baina barrutik ixten dena: ezin izan diot antzik eman mekanismoari;  Bikarioaren palazioa: harrizko ormak armarriz betetako dotorea; eliza:  orain arte Italian itxita aurkitu dugun bakarra: hil eta berehala pintatutako San Frantziskoren erretratu berezia ikusi nahi genuen, baina ateburuko naif tankerako koadro polita besterik ez dugu ikusi ahal izan.

Zintzilikatuta  zegoen burdina forjatuko farol pitxi baten azpian txakur-kaka plasta digantea farolari begira liluratuta doanak zapaltzeko apropos egina bezala.

 

Pelikula italiarretatik hain estereotipatuak ditugun italiar sukalde eta etxe barruak gogoratuz, hauenak nolakoak ote diren galdetzen diogu elkarri.

 

Collodi. Herri honetakoa zen Pinotxo ipuina idatzi zuen idazlea. Antolaketa izugarria dago Pinotxoren inguruan, lourdes bat bihurtu dute, jendea erruz ekartzea lortu dute, autobus eta auto ilarak lekuko. Dena da baliagarria negoziotarako.

Villa Ganzoni: palazioa, hondatuta dagoela dirudi, ezin daiteke ikusi. Aberatsen jostailu eta jolasleku, ederrak dira lorategi eta parkea, bitxiak, mila detaile,  txoko eta bitxikeriaz borobildua. Bertako uraren erabilera da ikustekoena. Baditu bi ur-jauzi bereziak goitik behera datorren errekatxoa alboetan bainurako mila putzu eta iturri sortuz; ohizko urmael eta lorategiak, etorbide eta zuhaitzak, pelikuletako hesi berdezko labirinto eta guzti; estatuak: asko eta handiak, baina marmola hain gertu edukita nolabaiteko ore edo gairekin egindakoak dira, iruzur sentimendua sortzen dute. Bere garaian polita izango zen, gaur egun alperrik galduta dago, zainduta arren. Austriako enperadoreen lorategiekin alderatuz hau “kieroinopuedo” dira, nahikeria,  kanpineko txaletak bezala. Mila pezetako sarrera  timo hutsa da ikusi daitekeena ikusteko.

 

Montecatini: herri txukun, garbi, turistikoa, zaharkitu itxurarik ez duena. Bainuherria: terme herria. “terme” deitzen zaio italieraz bainuetxeari. Terme asko dago Toscanan.  Euskal Herrikoak ez bezala, hemengo bainuetxeak bizirik diraute bere horretan. Montecatini da horietako bat. Ospetsua.

Hotelak, bainuetxeak: asko, ederrak, dotoreak, handiak; jauretxeak, jauregiak diruditenak. Kursaal edo kasino izugarria zeharo hondatuta: izugarri bizia behar zuen izan jendearen iharduera bere garaian  horrelako eta hainbeste hotel mantentzeko.  Pertsona bakoitzak bere txartela erosi behar du urak hartzeko, nahi duenean eta nahi duen bainuetxeko iturburuan edaten du atean txartela erakutsiz; hartualdi ezberdinetarako txartel eta prezio ezberdinak daude. Parkea: zabal publiko eder zaindua, gaztelu eta palazioek izan ohi duten horietarikoa, erruz dabil bertan jendea paseatuz  jolasean edo solasean. Kalea: kale bat aipatu behar, dotoraea, non jende dotorea dabilen: kalea dotorean, kalekoak ere dotore. Betor hona nabarmendu nahi duenak, dena da pinpirina hemen; pitxiak saltzen dituzten dendei ere  arte galeria  deitzen diete. Termok ez dira bertan beherakoak. Kalian-gora kalian-behera ibiltzeko kale luze aproposa, jaiko jantzitako jendez gainezka dago igande arratsalde honetan. Agian hemen dabiltza Pescian falta zirenak. Herri oso bat dabil kale luzean gora eta behera.

Montecatinik ez gaitu defraudatu.

Montecatini: egoki letorkioke “kontakatilu” izenordea, izaera ere hor inguruan izanen baita.

 

Helatu asko jaten da Italian, 200 pzta balio du, gu ere apuntatu gara: txokolatezkoa, gozoa.

 “corsa al troto” deitzen da hipodromoa.

Aireportua. 9 paraxutista airean, agian jauzi librekoak dira.

Oso erlijiosoa da orain arte ibili garen lurraldeetako jendea: santu horma-zulo asko ageri da kale eta kale kantoietan.

Ur asko eta garbia dakarte errekek, Urbasa altzoan bezala ur-biltegi handiak daude hemengo mendietan ere, lapurtzen ez dioten ura errekei utziz.

 

Oraindik zuriago dager Carrarako marmolezko mendiak arratsalde beranduko eguzkira.

Igande amaieran auto turuta hotsa  kaleetan, ekipoaren ikurrina gandor zabal airean, behatzez V eginaz leihatilatik kanpora besoak... Juvek irabazi du futbol norgehiagoka.

 

Igandezaleak joan dira eta astebarruko betiko isilera bueltatu da kanpina.

 

 

Maiatzaren 22a.  Astelehena.  12.a

 

Mendi zuriei azken nostalgiazko begirada botaz utzi dugu Sortaldeko Riviera.

Arbola askoko mendixka baxu, leun, atseginak, lehen planoan; ostean urrunera mendi garaiak. Olibadi muinoak kilometroetan, Mendarotik Eibarrera dena pinu berde iluna den bezalatsu hemen olibondoak berdetzen ditu mendiak, mendiok baina baxuagoak dira, ez haiek bezain garaiak. Lautada  ikusgarria errepide bestaldera.

 

Lur lauetan sartu garelarik, lur oso zabalak ditugu ezker eskuma, Alpe Apuianoetatik itsasora arteko lurralde zabala. Artasoro asko, fruta-arbola gutxi, izan dugu ikusgai Lucca eta Pistoia bitartean. Garia ikusi dugu, lehenengoz Italian, Pistoia inguruan. Tutu antzerako ibilbide itsu berde batetan doa autobia tarte luzeetan, zuhaitz eta ezponda berdeak alboetan, aurrekoa besterik ezin begiratu eta ikusiz; tarteak zabaltzen direnean lur zabalok dakusagu; urrutira, beti mendiak. Hauek ez dira Valladolideko ortzi-mugan bukaerarik ez duten lur-itsasoak. Pistoiara heinean, mendirantz hurreratuz goaz, Apeninoetara.

 

Primavera deitzen da udaberria italieraz, gazteleraz bezala;  udaberria, Italian ere,  berdea.

 

Kamioi ilara luzea aurreratu nahian orduko 140ko abiaduran gindoazela, argi haserre xafladak  botatzen zizkidan atzean neraman Pistoiako tipoak lekurik uzten ez niolako, aurreko auskalo ze tabernatan baxoerdia hartzeko presaz edo.

 

Firenze/Florentzia.

Kale zabaleko hiria. Ez da niretzako hiria; hemengo trafikoak, bai autoenak bai jendearenak, ez dauka akaburik. Dena da jende, dena auto motor zarata… Eta dena artea. Gizataldean edo bakarka, dena da turista Firenzen. Nazio guztietako giza aldrak kaleetan, gehienak eskuan zerbait bereizgarria  buru gainetik  ikusgai duen bere gida aurrean  dutela. Japoniar insersorik behar zuen egon, eta egon zegoen: Pisa, Firenze... hiri nagusietan ikusten ditugu japoniarok, turismo-kateei jarraituz nonbait, baina ez ditugu aurkitzen itsasertzeko herritxoetan. Bada gazteleraz ari den talderik. Ez dugu euskaldunik aurkitu, eibartarren bat egongo zen arren. Beltzak eta arabiarrak dira kale eta plazetan saltzaileak, hemen ere, baina kinkila moderno eta artelan itxurakoa saltzen dute; kaleko kinkila-saltzaile beltzek ere artelanen taxuko salgaiak dituzte; ez dago emakume beltzik kinkila saltzen. Zaldiak, auskalo nongoak diren, baina jendea paseatzeko kaleetan dabiltzan zalgurdiak Andaluziakoak dirudite; agian zalgurdiak antzerakoak dira Mediterraneoan. Jauntxoen bizitokiak izan behar zuten eraikin dotore ugari aurkitu daiteke edozein kaletan.  Mendaroko mendia gogoraraziz, izen aldetik guretzat ukitu sentimentala duen  Arno ibai zabal eta itxuraz behintzat zikinak zeharkatzen du Firenze, hiriari arnasa, zabaltasuna eta irekitasuna emanez, hiri osoak duen giro berezia areagotuz. Polizia klase guztiak dabiltza, erruz ibili ere, hiri guztian, ez dakigu zergatik eta zertarako, konpetentzia ote beraien artean. Gazte asko ikusten da, bertakoak eta bisitariak. Hemen ere horregatik poliziak?. Pinotxo presente dago denda guztietako irudi salgaietan. Lehenengoz ikusten dugun kale  gainetik igarotzeko pasabide edo zubira igotzeko eskailera mekanikoa.

                                                                               

Izugarria da Firenze, bistan da Medizi eta abarren hiria izan zela. Mila bazter interesgarri eta harrigarri. Baldintzak eta osagai egokiak edukitzeaz gain, biziro  bizi nahi du, izan: horregatik da kulturgune aparta Firenze: hainbat kontzertu, erakusketa eta kultur ekintza iragartzen da. Bada Shagallen erakusketa bat baina beranduegi ikusi dugu iragarpena. Handikien dotorezia du Firenzek, ez atzoko Montecatiniko dotoretasun apala. Komertzio dotorea du, bai  salgaiengatik bai denden itxurarengatik. Gaueko-mozolo bitxi batek deitu zigun atentzioa: irudi baten azpian adar baten gainean. Esaldiari jarraituz esan beharko genuke Firenze ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, ezta astoaren putza ere. Polita da hainbeste gauza eder ikustea, baina nekatu egiten du jendeteriak. Ahuntzak eztula eta astoak putza.

 

Duomo: pintore eta saltzailez animatutako plaza; aparta kanpotik, agian aire kutsatuaren eraginez eraginez bere hiru kolore  ezberdinez gain mila tonu ezberdin  dituen dena filigrana den marmol zuri arrosa eta berdezko fatxada da deigaria;  giza txindurriz, bizirik zegoen kupula zabal garaiaren barreneko erastuna.

Dorrea: duomoren alboan, aparte, kupularen  garaiera du, giza txindurriz lepo gandorra honek ere; taila dotorez apainduriko zurezko atea nabarmentzen zaio.

Bataiategia: Duomotik aparte hau ere; brontzezko atea irudi landuz  harrigarria;  sabai doratu pintatu izugarria du barruan, bertan Pisakoan antzera Jesukristoren irudi erraldoia da daeigarria.

Piazza de la Señoria: izugarria bere estatua handi ederrez, apartak dira estatuok; Perseorena omen ikusgarriena,  garbiketa lanetarako estalita dago une honetan. 

Logia de la Señoria-Palazzo Vechio: arkupean erakusgai dagoen dorre puntako gehigarriaren biki erraldoiak erakusten du eraikuntzaren zenbaterainokoa.

Zubi zaharra, Ponte Vechio: Arno ibai gainean, kanpotik begiratuta eraikin apalez  osaturiko zubia dirudi; bertatik, albo bietara zubiaren erlaitz edo irtengune gainetan bitxi eta bitxigile denda dotorez jositako kalea da: erdi-erdian, zubitasuna erakutsiz eta zubiari arnasa argia airea emanez  dendarik gabeko tarte librea utzi diote; bertan Cellini eskulturagilearen omenezko busto bat, ibiltarien ardurarik gabe usoek hartzen dute pausaleku bere buru gaina. Venezian izango ei dugunaren antzerako kirats boladak datoz ibaitik, kutsatua dator nonbait: eztula eta putza berriz ere.

Gurutzearen Plaza: ikusi egin behar da, eta kitto!, harmailetan eseri eta jogurta janaz begiratzea da ikusteko era bat; garai batetan zaldi lasterketak egiten ziren bertan; bi obelisko daude bertan, bakoitza dortoka baten gainean: sinbolo polita; plazaren gainetik ortzi urdinaren kontra jadanik belztu diren dorre mordoxka ikusten da Firenze gainean; dorrearen gailurrak arabiar meskiten dorreen  antzerako balkonada du buelta osoan: etsaiak zelatatzeko, diskurtsoak edo sermoiak botatzeko, auskalo zertarako, ez baitago oso garai; plaza erraldoian, eraikuntza erraldoien alboan, -beldurrik gabeko lotsagabeak Italian ere-, txuarra nanoa dabil gure oinetan, beldurrik gabeko lotsagabea, jende artean, apurren bila edo.

Eliza: 140x40 metro izanen ditu luze-zabaleran, zur landuzko sabaia du,  eta balkonada buelta osoan 30 metroko altueran; zoruko hilobietako irudi guztiak ia ezabatuta daude: higatu egiten da marmolik gogorrena ere.

San Lorenzo: medizitarren parrokia: Medizitarren hilotz guztiak bilatuko dituzu bertan.

Sta. Maria Novella: handia, estilo ezberdinak  ditu, zuri-beltzak goiak eta zorua,  beirateria ederra, pinturak, ongileen bustoak, kapila bereziak alboetan, goieran dagoen aldarea nora eskailerez igotzen den, tokatzen zaion ordulari erraldoia, marmol doratuak, marmolezko pulpitu ederra baina austeroa. Erabat hutsik dago, hits itxura ematen du.

 

Hiri  handi guztien trafiko handiko inguru industriala du. Zaila da hirian sartzea, baita kaleetan zirkulatzea ere, Bilboko edo Donostiako trafikoa jolasa da hemengoarekin konparatuz.

 

Alemaniar insersoak hartu du trena tren-geltokian.

Jaten ikusten dira gizen guztiak, beti edo gehienetan, besterik ez bada jelatua edo bokata. Zerbaitegatik gizen.

 

Sei ordu luzez ibili gara oinez Firenzen; kaleetako hautsak harrotu ondoren bagoaz, Apeninoak, baita Italia bera ere, alderik alde zeharkatuz, Mediterraneotik Adriatikora lonazko etxearentzat kokagune bila.

 

Dena da bihurgune Apeninoak zeharkatzeko errepidea, ez dago 20 metro baino gehiago duen bide artesik. Toscana da hau ere, herrialde zabala baita Toscana; dena da haritz gaztea, dena baso, berde dago lurralde hau ere, Euskal Herria pinua gailendu aurretik izango zen antzerakoa, duela 100 urte irudikatzen dudan Euskal Herria bezalakoa. Goialdeetatik doa errepidea, erreka jarraituz, behealde sakonekoan bailara polita erakutsiz. Garaiak dira Apeninoak, errepideak 900 metrotaraino egiten du baina bertatik goiera garaiak ikusi ahal dira. Herria herriaren ostean, Euskal Herrian baino sarriago: herri biziak, txukunak, ondo zainduak. Herri bizia izango da Toscan; herri prosperoa, oparoa, dirudi, agian daukatena ondo zaintzen dakien herria da, besterik gabe; itxura hori damaite errepide kontra dauden herriek. Une batean mendien  orografiak Euskal Herrikoa dirudi, pinurik gabeko Euskal Herria. Lur landurik ez da ikusten, noizbait landuak izan zitezkeen lurrak zelaiak dira, belatzak.

 

Paso de la Muraglione, 907 metro, gailur garaia da alboetan tontor oro.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.