Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2018/11/16 10:56
Toscana - Rivera Apuana

TOSCANA

 

Kanpina.

Marina di Massa: herri horretan pausatu dugu hegazkada, zozo kantariak gordetzen dituen arboladian eraiki dugu  gure lonazko etxetxoa.

 

Alpi Alpuane, Alpeak, dira inguruko mendiak.

 

Futbol partidua ikusi dugu afari orduan jatetxean, gerora jarraitzaileen auto-turutak entzuten dira eten gabe eta ozen herrian, garaipena ospatuz. Hemendik gertukoa den Parmak irabazi du; Juveren alde zeuden, aldiz, afaritako asko .

 

Bikote bat dugu auzo kanpinean, italiarra, hitz egiteko gogo biziz biak. Gehienetan bezala arrunkeriak besterik ez ditugu esan. Hizkuntzaren mugarik eza eta denbora behar da harremanak sortzeko. Italia ere azaletik ezagutuko dugu, harriez kanpo ezer gutxi, antzinakoen anima gaurkoena baino hobeto ezagutuko dugu agian.

 

Pako Aristi: haurtzaroan ukatuak izan zitzaizkion jolasen ibiltokitzat erabili zuen gatazka-lurra Gengis-Kanek. Ez dut uste inork bere heziketaren atalen bat zapuztu dezakeenik arriskurik gabe. Hutsune hori, orain edo gero, adimenaren gainera agertuko da... Ze atal edo noiz zapuztu ote dugu M. Luisak eta nik bizimodu ibiltari eta ezinegonaz batetik bestera ibiltzeko grina hau edukitzeko. Ikasketa garaiko lotura edo oraintsuagoko militantzia estua izan ote. Kartzela eta deserria agian?.

 

 

Maiatzaren 18a. Osteguna. 8.a

 

Gengis-Kanen historia irakurriz ulertzen dut mongolen familiaren estruktura: gudaroste izugarriak gizentzen zituzten  milaka gizonezkoek hutsik uzten zituzten bere herriak. Etxeko ekonomiaren eusle eta oinarria emakumea zen, izan behar zen nahitaez, lana egiten zuena alegia. Gizonek urteetako kanpainetara alde egin arren gizarteak berdin jarraitzen zuen.

Gaurkoa ere badugu gerra egitea erabaki eta gerrarako aitzakia bilatzea, lehenengo gerraren premia bera sentitzen da gaur ere, bilatu edo sortu egiten da ondoren gerrarako aitzakia. Gerra erabaki ondoren, gertatu egiten zen gerra, eta zeregin horrek   denbora luzea ematen zuen. Gaur egun Armadak beti daude prest gerrarako, okasioa gertatzen denetik gerra hasterako ez da ia denborarik behar. Baina sakonean dena da berdina.

Gengis-Kanen garaian izugarrizko iraina zen norbaiti lizarra erretzea. Geriza zemaiena  eta animalientzako elikagaia zelako agian. Gauzek ez dute berenez balorerik, bizibeharrak ematen die balorea gauzei.

 

Berez murritz, ugertu zaidan memoriak jartzen dizkidan mugak gainditzeko lagungarri datorkit  bukatzear ditudan Auto-stopeko ipuinetako azkenak.

 

“uncita”, irteera esan nahi du italieraz, behin ere entzun gabe geneukan hitza da.

 

Zazpigarren gaua euripean: baikor izan beharrez, euriari etsi nahi ez diogun bakar batzuk soilik gaude kanpinean.

Mila puntu ia mikroskopiko daude aire-zurrunbiloan, eguzkira bakarrik ikusten ditugunak, gaur bezala. Baso baten gaude, urkia, platanoa eta pinoa ditugu dendaren aterpe.

20 mila lira kobratu dizkit bi kilo laranja eta 700 gramo gereziengatik: atzerritarrok beti gaude iruzur egingo ote diguten kezkaz, baina gaurkoan timotxoa egin digulakoan gaude motokarroan zetorren kale saltzaileak.

Pertsona nagusi asko ikusten da kanpinean. Jubilatuok harrotzen ditugu nonbait hankak  garai honetan, lanik ez dugu egiten baina egin genuen, orain sos batzuk jasotzeko haina gutxienez.

Ez dago kaka komun turkoan, pultsuan,  egitea bezalakorik.

 

Kantuan harrapatu dut gaur nire burua. “Ez dok hamahiru”ren abestiren bat. Abesti tristeak dira nire eztarrian baino gehiago buruan darabiltzadan abestiak, frankismo garaiko errebindikazio abestiak. Ederrak bai, baina tristeak.  Folklore hutsa dira kantu zaharrak, euskaldunon sevillanak bezala. Baina gure senaren zati, izanaren ondare. Gaur egungo abestirik ez dakit, ez dut izan ikasteko betarik. Hutsune hori izan liteke nire gutxi abestearen arrazoia, adinaren ajeez gain. Umezurtz sentitzen naiz, ez dut musika baliabiderik kantuan hasteko, abestien bidez nire barruko sentimenduak azaltzeko. Kantu zaharrak ez didate ia balio.

Poesia izan daiteke amets egin ahal izateko bide bat, ipuina, nobela ere bai... edozein izkribu mota. 

 

Inguru politak ditu itsasbazter hauek, zainduak, turismorako esplotatuak: kirol-portuak, motora ugari, hondartza garbituak...

Herrietako Erdi Aroko kalexketan bezala, bakarti ibili gara ia inor ez dabilen itsasbazterreko errepideetan.

 

Fiascherino, Tellaro: goitik begiratuta erakusten zuten xarma guztia galdu dute bertan munduaren amaierarekin tope egin dugun kosta puntako  zuhaitz-harkaitz tarteko herritxootara  bertaratu garenean. Pertsonei ere hori gerta ohi zaigu maiz: aurrez-aurreko harremanean pot egiten dute sarri ametsak edo lilurak.

Lerici: triste dago, itsasbazterreko eta edozein bazterreko herri guztiak egon ohi diren bezala euripean. Herri atsegina da izan, harlauzako kale luze baten inguruko zatia batez ere; gaztelu berezi batek zaintzen du.

Portovenere - Sarzana - Monterroso al mare - La Specia: itsasbazterreko paseo erakargarriak  zapuztu  dizkigu euriak. “non vol fare bono” esan digu batek. Ez du nahi ez, benetan.

Itsasertz osoa dago eraikinez josia, hiritartua, baina inguruari eginiko hondamendirik egin gabe.

 

La Specia, hiritik nola irten jakin ez, eta hara-hona auto barrutik ezagutu edo ikusi dugun hiria: handia da bai zabaleran bai gorantz; etxe ederrak ditu, handia izateaz gain martxa bizia ikusten zaio portuari.

Apaiza ikusi dugu bere elizmutilarekin kalean, zaparradapean, ez guardasol ez aterki biak, biak sotana beltz luzea eta errokete zuriz jantzita, estola beltza apaizak eta beste zerbait elizmutilak sotana gainean, elizakoak ematetik nonbait. Harantzagoko denda batetik moja potola bat atera da denda barruko ilunak zuriagoa egiten zituen toka eta guztiko goitik beherainoko abitu zuri-zuriarekin. Geroago apaiz zahar bat sotana handiarekin bera baino bizikleta zaharragoan eginahaletan. Italian ikus daitezke oraindik galduak ditugun ikuskizunak.

MASA CAOS pintada, O hizkia akraten ikur bilakatuta, ikusi dugun pintada bakarra. Euskadin  KAOS izango zen.

 

Euritan ito zaigu hain goxoa espero genuen eta izan behar zen arratsaldea, aterrunerik gabeko zaparradapean. Gau beranduz, zaparradak dirau oraindik. Dena putzu dira kanpin inguruko kale ertzak; isurbideak zikin hemen ere. Gau umela dugu gaurkoa.

 

 

 

Maiatzaren 19a. Ostirala. 9.a

 

RIVERA APUANA

 

Kilometro luzeetan turistentzat gertatutako kostaldea. Dena da turismo. Etxe baxuak, etorbide luzeak, itsasertz lorategiz dotoretuak...  Erraldoia egin zaigu 5 solairuko etxea. HB: bi izarreko hotela.

Errepide osoa da tunel, Leitzarango autobidean tunelak egiteko izan den hainbeste liskar gogoratzen dugu!.    

Ihes egingo genioke euriari, baina ez dugu nora jo Italia guztia baitago ekaizpean.

 

M. Luisak atera du ia ateraino katarroa, nik ere atean dut, baina sartzeko prest.

 

Camaiore-Viareggio: itotzen ez duten giro atsegineko turismorako herriak, lorategiz edertutako etxeak kale luzeetan. Viareggion bada 4-5 solairuko etxerik. Hotelak ere asko, tokiari dagozkion izen ponpoxoekin: Excelsior, Royal, Britania, Eden, London...

Batel, motora eta belaontziz moilak, giza-ibaiez portu gainak…  politak agertzen dira herriok. Euri-jasak direnean, zabalak arren, lurrez zikin edo gutxienez lur koloreko daude hemen ere ibaiak.

Urrun gelditzen zaizkigu mendiak daramagun errepidetik. Ez da ikusten soro handi edo granjarik. Itsaso kirruz zuria edo lurralde elurtua dirudite lautadako berotegi gehienek.

 

Italiarrok begiratuz, ez da ez janzkeran ez gorpuzkeran Euskal Herriko jendearekin alde haundirik. Euskaldunok ere latino bilakatu gara nonbait, odola izan beharko dugu ezberdina, itxuraz ez gara asko ezberdintzen, belarri handiagoak ditugula ez bada. Jadanik ia ez da gelditzen Joannes artzainik gure herrietan. Beste zerbaitetan bereizi beharko dugu euskalduntasuna euskaldunok.

Munduko zilborra garelakoan “baschi” esaten duzu, baina inork ez daki nongoak garen. Azkenez “en el norte de Espagna” gehitu behar duzu eta orduan “ah Espagna” liluratu batez erantzungo dizute.

 

Pisa. Urrutitik eta emozioz ikusi ditugu Pisako dorre okertua, ondoren ezezagunak zitzaizkigun  eta ezuste gerta zaizkigun bi kupulak ere, gorri erraldoia bata, harri zurikoa bestea. Harresi oso garaien barruan dago hiri zaharra. Adreiluzko harresi garai erraldoiko atetik barruratu ostean zirraragarria da benetan marmol zurizko eraikuntzen ikuspegi orokor osoa.

Dena da marmol zuri zizelatua. Harrigarria da Pisa, aparta, filigrana hutsa. Txunditurik uzten zaituen horietakoa. Zerbait ederra espero arren lehen begiradatik hezurretarainoko zirrara sartzen dizuna. Izugarria. Liluragarria. Zoragarria. Dorre famatua zen aurretiko gure interesgune nagusia, baina osotasunean da harrigarria, osotasuneko begirada orokorrean da izugarria, are gahiago azkenez atera den eguerdiko eguzkitan zuri brist ikusita; shock bat bezala da, izugarrizko ezustea. Ondoren datoz zehaztasunak, ikusle bakoitzaren ahalmenaren  eta begi zorroztasunaren arabera neurtu eta gozatzekoak. Hau ikustearren bakarrik merezi zuen Italiara bidaiak. Ezin daiteke deskribatu, hain da aberatsa, hainbeste begi-bistako edertasun ditu edonorentzat, begi zoli jakintsuenak betetzeko ere hainbeste xehetasun ditu… Norbaitek esan zidan besterik ez zuela Pisak. Zer gehiago behar zuen ba!.

Duomo: bataiategia, pulpitua, aldarea... lan harrigarriak marmolean. Horrelako tailak ikusi izan ditugu askotan baina hainbeste leku berean ez. Filigranak dira nagusi.

Dorrea: ez dago okertuta bakarrik, izugarri okertuta, noiz eroriko, baizik, zutik iraun dezakeenik ere sinetsi ezineraino.

Katedrala: brontzezko ate erraldoiak eta filigrana lanez beteriko auskalo zenbat zutabe kanpoan; pulpitua, aldare nagusiko pintura erraldoi zirraragarria, mila zizel-lan marmolean barruan...  Kordobako Meskitaren  antza hartzen diot barruari, bai arkuen formetan bai bere koloreetan. Zuriak dira kanpoko goialdeko zutabe denak,  bat, baina, gorrizka; ze arraio dela eta ezberdin!, izanen du bere arrazoiren bat.

Hilerria: klaustroa da, luzea eta zabala, gerra egunetan erre eta ondoren berritua: mural izugarri handiak, klaustro gehienetako hilobi sarkofago eta giza itxura emanez landutako harritzarrak, 1862ko Pisa portuko kate erraldoiak -nik ikusi ditudan handienak-; pinturarako teknika interesgarria ere ikus daiteke, hondatuta dauden lekuetan  ikus baitaiteke nola egiten zuten gero pintatu behar zutenaren soporta edo azpiko masa. 20 urte egin omen zuten pintura erraldoiok pintatzen.

Museoa: klaustroan kokatuta, betikoa, harri kozkorrak ugari, bitxikeria asko; jende gutxi dabil museoan, ia bakarrak gara Maria Luisa eta biok.

 

Parking zabalak, turistak uholdeka,  Sahara Barreneko etorkin pilak betiko kinkila edo eskulanak saltzen harresi barru eta kanpoan  erreskada luzeetako postuetan. Narruzko aurpegi edo mozorroak, hain artisau itxurakoak eurak, moldeekin egiten dituzte gure begien aurrean, han bertan, serie berdinetan. Monumentu inguru guztietan “tiraus”, botata, dago jendea, katedral eta hilerriko harri landuen kontra eguzkitara etzanda azken egunetako hezurretako umeltasunak lehortzen. Abitu handiekin dabiltza bi frantziskotar kalean, barrenetik praka dotoreak erakusten dituzte. Duomoko mailetan bazkaldu du Frantziako Insersoak; edonon bilatuko dituzue pobreak, baina hemen gabiltza gu, bada gu baino pobreagorik. Hemen dabil barretsu eta humoretsu japoniar insersoa ere. Estudiante asko dabil, arte ikasketak egiten agian. Baita bestelako samaldak ere. Normala. Andaluziako zaldizko zalgurdiak dabiltza hemen ere jendea paseatzeko.

 

Heltzean herri turistiko soilean gaudela uste dugu. Alboan, aldiz, monumenturik ez balitz bezala bizi da herria barruko kaleetan, bere eguneroko lanean. Herria bera zaharra da eta zaharkitu itxura du, zainduta dagoen arren. Asko darabil herriak bizikleta kale barneetan. Nabarmena da irakasle baten eskela erraldoia, gure herrietako kartel handi horietakoen tamainakoa, Euskadiko hauteskunde kanpainan egunotan gehienek erabiliko duten kartel handiena baino handiagoa; HBrenak izanen dira handienak oraingoan ere. Antzinako eraikuntzetan daude ospitalea, unibertsitatea eta armada, herri barnean, palazio edo antzerakoak zirenetan; zaharkituak daude gaur egun eraikinok. Izan dugu kaletik kalera egiteko bidea ospitale barrutik mozterik, baina ez digute utzi, adiz, armada-egoitza barrutik zeharkatzen.

 

Anatomia zentroa: osorik sartu, eta kristalezko botiletan gordeta geratzen diren puskak ezik, zatika ateratzen zaituen lekua.

 

 

Urruti batera, gaintxo batetik, ikusten dugu azkenengoz Pisa, bere dorreak nabarmen harro urrutira.

Hemen “controllo ellectronico velocitta” da Espainiako “control por radar”a.

Pitojole edo pitolari amorratuak dira italiarrak, edozein semaforotan isildu ezinik aurrekoari presa sartuaz.

Joan erakargarria bilakatzen dira gidariarentzat errepideetan platano edo ezki etorbideak, kilometro luzeetan.

 

Lucca. Ate zabal garaiko eraikuntzak ditu, barne patio zabaleko palazio ederrak ere bai. Harresi paregabeen barruan, bere baitan, iraun duen patxadako hiria. Izugarrizko harresiak dituen hiri handia, etxe dotorekoa. Lucca biltzen duen harresia garaia ez ezik izugarri luzea ere bada, luzez joan baikara autoz bere albo batetik. Adreiluzkoak dira harresiok. Ez da ikusten txikle zapaldurik, ezta txakur kakarik ere kaleetan. Harresi barrenean  auskalo ze mailako kamiseta urdin eta horidun futbolarien futbolzelaia dago txoko batetan.

Duomo: fatxada ederra. Austeroak dira elizak barrutik, kanpo aldetik daude filigrana denak. Kanpolarrosak. Kanpo aldean erabili zituzten abildade eta loraketa denak. Izango du horrek italiarraren izaerarekin zerikusia, baita Jaungoikoa eta fedea ulertzeko berezitasunarekin ere.

Anfiteatro erromatarra: etxebizitza bihurtuta dago bere borobilean.

 

Osasunari buruzko errebindikazio antolaketa garrantzitsua zegoen plazan.

Frantses Inserso osoa Lucako kaleetan: jarrai ziezaioten edo galdu ez zitezen, gida gaztea zuten aurrean bildutako aterki gorri handia gida-oihal gisa jasota.

Lan premia azalduz jarri digute papertxoa auto aurrean: S. Antonioren  mirari bila hau ere.

 

Denda azpirako isolatzaile zabal berdea erosi dugu Lucan, hilabete luzea baitugu aurretik eta gaur ez dugun euriak bihar dirauko.

 

 

Maiatzaren 20a. Larunbata. 10.a

 

Eguzkia,  lixiba sokara: eguzkitan da gaur gure ehunezko zer oro, iragan umeltasunak eguratsean astintzen.

 

Zaila da errepideetan ibiltzea: herri asko dago, gaizki iragarrita gainera; bidegurutzeak ugariak badira, ugariagoak semaforoak bidea zailduz; autouholdea dator errepidean ordu batzuetan, urduriak dira gainera  gidari gehienak. Mutilak dira italiarrak autoak kale edo errepide bazterrean uzten, baita bide bazterretan edo gurutze-gunetan muturra ateratzen ere.

Asko darabilte bizikleta italiarrek, errekaduetarako  otarretxoa gurpil gainean dutela.

 

Carrara

Tokatzen zaio bezala, ez du huts egiten Carrara inguruak: marmoldegi, marmol harritzar itzelak, marmolez kargatutako kamioiak, marmol hondakinak bazterretan, eta, nola ez, marmolari buruzko museoa.  Urrutitik bezain zuriak dira hurretik ere Carrarako marmol zuriko harrobiak.  Hiri barrutik hasita  iragarrita daude  dozenaka “Cabe di marmo”  marmol harrobiak alajaina, kamioilariek jakin dezaten doan harrobia non den. Mendia da Carrarako industrialdea, harrobia hemengo fabrika. Harrobi bakoitzak du bere izena gureko fabrikek bezala, bakoitzak du nondik joana. Harrobi bidean herritxoak, hits samarrak, marmol gainean eraikiak, segur aski marmoletik bizi direnak. Palazio eta banketxeak dotoretzen ditu marmolak, baina marmola lantzetik bizi den herririk ez du aberasten.

Nabaria da hirian ere marmol zuria, hori baita hemengo harria: ate-zutoin, ateburu, petril gain, fatxada... dena da marmol zurikoa.  Han-hemenka, gehienetan iturri gauzatuta, tamaina guztietako estatuak, tronpa puskatu dioten elefante nano batetik hasita gaztelu aurrean zer den igarri ezin dakioken estatua erraldoira tarteko tamaina ezberdineko mila pertsonaien eskulturak, metroko diametroa duen fin berdindutako bola handia etengabeko gira eta bira bustian uraren eraginez, eskultura modernoak...: harrobian latz, hirian leun,  marmolak ez du huts egiten Carraran. Bata bestearen aurrean mailu, zizel... marmola lantzeko tresnez osaturiko  bi koadro, bata marmolezkoa, burdinazkoa bestea, kale bateko ormetan.

Kale estu eta ondo trazatutako herri zahar zabala da hiria, Erdi Arokoa, baina ez Liguriako hainbat bezala defentsarako hiria. “de mejor pasado”, iragan hobekoa, baina ederra; zaharkitua baina ez utzia. Patxadako herri bizia. Eliza erromaniko ederra, handituz eta berrituz ahala, aldatuz joan dena. Elizak, parke ederrak;  marmolezko zoru zuria du plaza nagusi zabalak, kaleek ordea herri guztietako harlauza iluna. Edozein kale-ertzetik ageri dira mendi-gain zuriak, harrobiek urratuak.

Duomo: Gotiko errosetoi handia eta zutabe ilaradun marmolezko fatxada ikusgarria nabarmentzen zaio; Pisakoaren antza du, antza du soilik harena, apala baita Carrarako hau; xumea baina xarmanta da dorrea. Barrutik, austeroa, Liguriakoen alderantziz; hitz jasoak osatzeko edo hizlari famatuak goratzeko pulpitu ederra jarri zioten elizari; kapitel tailatuak merezi du ere aipamena; bada marmol gorririk ere hiri eta herrialde honetako elizan.

 

Errepublikanoa da Carrara: 30 milak bozkatu zuten 1946ko bozketan Errepublikaren alde, 4 mila exkaxek Monarkiaren alde. Harro diote, nola ez, marmolezko harri batetan izkiriatuta.

 

Solasaldi luzea egin dugu tortillan jan asmoz  menditik garitzako esparrago berdeak eskuan zeramatzala,  adinez aurrera, harrobien inguruan tope egin dugun langabetu batekin. Hagin bakarreko gizon argala. Patxadako gizona, solasean egoteko horietakoa. Sosik ezak arduratzen zuen gehien.  Hiztuna, ia berritsua,  hitz lasaikoa:

* Langabezia handia dago Italian, sos gutxi dute pobreek, ugazabek, aldiz,  franko darabilte dirua, hala dio harrobia seinalatuz diru-zorro gizenduaren keinua eginez.

* Marmola lantzea du ogibide. Gerra mundiala ezagutu zuen; alemanekiko gorabeherak ditu kontagai: aita edo aitona Lehen Gerra Mundialean ibili zen. Iparramerikan egon zen bera, bere ofizioko lana egitera joana, klimagatik bueltatu zen.

*  Harro dago Italiaz: italiar herria ez da inozoa, behin eskuina bozkatu badu ere, ez gehiago; oraingoan komunistei emanen die boza Italiak. Baina ez du entzun ere nahi gaur egun eskuineko Berlusconi denik Gobernuburu.

* Pentsatu, idatzi, hitz egin eta irakurtzeko askatasuna dute, baina ez du entzun ere nahi eskuineko Brelusconi dela telebistaren jabe.

* Ez dago ados Errusia Txetxenian egiten ari denarekin, baina Txetxenia Munduko azken Gerran eskuinarekin elkartu zela gogoratzen du, Txetxenia eskuinekoa izan dela edo dela.

* Sozialistatzat jotzen du bere burua, gorroto ditu eskuina eta faxismoa.

* Euskal Herriaren ezaguera bazuen, baschi, baina Espainian kokatzen gaitu.

Oraingoan ere hizkuntzaren muga izan zaigu komunikatzeko oztopo. Keinuz lagunduriko hizkuntza eklektiko batean, monosilabikoa askotan, izan da elkarrizketa. Italiera ingelesa frantsesa nahasten zituen denekin esaldiak eginez. Errazago ulertzen genion ulertzen gintuen baino.

 

Kolore zuria du ur biziko errekak ere, harrobi eta marmoldegietako hautsez nonbait.

Carraratik Masara bideak beheko lautadaren bista ederra du goialdetik, etxeak zuhaitz artean, berdegunea teilatuz josia itsasoraino. Intxusa ez zen Mispillibarkoa soilik, Masa eta Carrara bitartean nahi haina dago, denak loran zuri.

 

Masa. Menditik hurbil dago Massa, hiri osteko baso berdeen atzean gandu zuria erakusten dute mendi gainek.

Piazza aranchi, edo halako zerbait, laranjondoak baititu: errenazimenduko plaza ederra.

Duomo: xalo majoa kanpotik,  handia, pintatua, barrutik; atzean du pulpitua, agian kanpoan geratzen zirenei hitz egiteko; kapila asko daude, koadroa du bakoitzak santu-irudiaren  ordez; bi apaiz gazte-gaztek, -bata sotanaduna-, eta dozena erdi atso zaharrek jo eta ke ziharduen marmarioan arrosario errezatzen; Filipo Lipiren triptiko benetan ederra, Tintorechioren Amabirjina bat, esmalte zoragarriak; argi berezia zuen arratsalde beranduan eguzkiaren eraginez kapilak, erakargarriagoak eginez artelanok.

Eliza moderno-moderno ederra; atso-agure hogeikotea arrosarioa errezatzen barruan, abortatzearen kontrako firmak jasotzen moja bat sarreran: zaharreri eskatu behar ba firmok, nori bestela!.

Casa del mutilato: ikusten da gerra asko sufritu duen herria dela Italia.

Edonongo larunbatero bezala dabiltza kaleetan gazte aldrak, merkatu aurrean dute elkargunea.

Zikloturista karrera edo jendetza, joan den igandean Albengan bezala: Euskal Herrian ez dena.

Italian ikuzten dugun bigarren bizente beltza tokatu zaigu Masan.

Serafin
Serafin dio:
2018/11/21 19:28
Liguria eta Toscana - Rivera Apuana, oso azalpen politak, biak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.