Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Italia 95

Italia 95

Jon Etxabe 2018/11/09 12:01
Piamonte - Liguria

PIAMONTE

 

MEDITERRANEOKO ALPEAK

 

 Kobazulo famatuak daude inguruan. Ez dugu ordu bat eta erdi lurpean ibiltzeko gogorik.

Haizpez haizpe, mendi bitartean goaz aldaz gora mendikatea zeharkatuz.  Akazia,  ondoren haltza dirudien zuhaitza, geroago pagadi gaztea... kilometro luzeetan dena da berde, dena da baso. Italiako Giroari ez zaio faltako aldaparik, jarri nahi badiote behintzat.

Bihurgune batean itsasorainoko ikuspegi paregabe batekin aurkitu gara. Mila aparteko txoko aurkituz egiten dira horrelako bidaiak.

 

Bardineto. Igitaria, mailua, bost puntako izarra zuen bandera zegoen kulunkaz balkoi batetan. Geroago Garessio herrian jakin dugu alderdi politiko baten ikurra dela. Italia guztian aurkituko dugu Bardineton deigarri egin zaigun bandera.

 

Goiko lautadara heldu gara; dena da belar, dena berde, dena zelai, ez dago lur landurik, ez granja itxurako eraikuntzarik. Beraz jende gutxi eta emigrazio asko dago hemen.                                                                                

Etxarrin bezala, egur pilak etxe albo-osteetan neguari eusteko prest.

Intxaurrondo asko ikusi dugu bailaratxo batean: ez nuen uste intxaurrondoak ura maite zutenik.

Mendi tontor  batean elurra; beherago, basoan ezkutatuta, herritxoa agertu zaigu aurrez aurre, zirrara eraginez: izugarria behar du izan goi hauetan bizitzea.

 

Galiziano: famatuak dira hemengo perretxikoak, iragarrita daude errepide bazterretan. Bada ez bada, aurrez prezioak galdetzeko aholkatu digute.

 

Giza-tipo bereziak ikusten dira.

Ia bidea nondik galdetu behar izan dugu: adeitsuak eta sinpatikoak dira italiarrak.

 

Valsorda Santutegia:  erraldoia, zuri du barru dena michelangelo baten zain.                                               

 

Oso goian daudenez, hotz egiten du paraje hauetan udaberrian egon arren.

 

Garesio: mendi barruko herrietako bakea, paseatzea atsegina egiten duen betiko isiltasuna kale eta kalexketan. Badu Garesiok egoera penagarrian erortzear dagoen borgo zahar bat, herritik at: beranduegi jabetu garenez autotik ikusiz konformatu behar izan dugu. Eliza: kanpo alde berezia du: zahartutako adreilu biziko orma zulatuak; frontis  erraldoia du eta alboko moja ere potola da. Ibaia: zabala, ur asko eta garbia darama.

Urtzen dago elurra aurreko mendietan. Albengan bezala uholde izugarria izan da hemen ere: agian ibai bera da, uholdea ere bera. Ahate asko dago, Italiako ibai gehienetan bezala.

“Regale un cuore a la tua mare”, bihotz formako pastelak Amaren Egunerako

 

Etxarrin banengo Giroa ikusiko nuen egunero. Italian egonda, ez naiz Giroko ezertaz enteratu ere egiten.

Gaur ikusi ditut  Giroko edo Italiako aldatsak: hemen bai goitik begiratuz koloreetako sugea litzakeela txirrindulrien tropela.. Hainbeste bira eta bira du, suge zuri erraldoia dirudi errepideak  mendi berdean.

Haitzari heldutako lapak  ematen dute herritxoek, mendian zintzilik. Polita ez ezik, zirraragarria.

Nolakoa ote herriotako bizimodua. Ohitura eta bizimolde bereziak, ezohizkoak, sortu behar dira nahitaez bertan, ezberdinak behintzat.

 

Zuccarello. Dena arkupea den kale luze bakarra. Zubi zoragarria herri zoragarrian. Herri txukuna. Ikuzlekua, garbitokia, labaderoa,  dute hemen ere. Ez dago herri handiagoetako erakusleihorik. Jende gutxi bizi da herri hauetan. Guretzat izan da herri osoa.

 

Ilunabarra. Negu giro ilun tristea.

 

Cisano sul Neva. Herri guztien tankerakoa. Kanpotik daude etxeetako goi solairuetara igotzeko eskailerak: hori litzake herri honetako berezitasuna. Bizi den herri bizia.  Gazte asko dabil kaleetan.

 

Ez nuen uste Piemonte lurraldea hain behera heltzen zenik. Piemonteko hego lurraldeetan ibili gara gaur. Italiako azken astean itzuliko gara probintzia honetara.

 

Ilargi bete betea igaro zait ezkerretik eskumara, zerua zeharkatuz,  Sirio edo Venus (ez ditut bereizten) osterago zeudelarik.

 

Gaur  sikiera ohe lehorrean lo egin ahal izango dugu.

 

Utzita nituen Pako Aristiren ipuinetara itzuli naiz berriz. Gazteleraz dago balseroei buruzko ipuina. Ez zait gustatu.

Balseroek bizi duten egoera latzaz gain beste konnotazio asko ere badute. Pakok oso partzialki ukitzen du gaia. Zilegi da Fidel Castro eta Kubako politikaren aurka egotea, baita “gusano”en errebindikapenak defendatzea ere,  baina Kubako arazoa, balseroena oraingoan, ikuspuntu bakar batetik esplikatzea besteen partzialkeriaren  huts berdina da.  Ipuina ez baita balseroen tragedia soila, balseroena gainera ez baita arazo neutroa.  Harritu egin nau Pakok hain zehatz alderdi batez parte hartzeaz, orekatuagotzat baineukan. Kubako egoera oso konplexua, korapilatsua, kontraesanez betea da.

 

 

 

Maiatzaren 15a.  Astelehena.  5.a

 

LIGURIA

 

Sikutan lo egin dugu eta eguzkipean esnatu. Rivierako kutsua du giroak Maiatz erdiko udaberri bete-betean.

 

Txoriek, ez mozoloek bakarrik, gauez ere kantatzen dute. Txir-txir, fiu-fiu, edo txorrotxioka sentitzen ditut. Mila txori-kantu ezberdin. Txori gautarrak, gaueko txori ganberroak, agian txori gautxoriak... auskalo.

Hemen dabilkigu kuku bidaiaria ere, pasa-leku eta pausagune du Liguria ere. Ozen entzuten dugu bere mezu ulertezina. Txantxangorririk ere izango da beraz lurralde honetan.

 

Bi hiri mota nabarmentze dira batez ere lurraldean: Ligurtarren  Erdi Aroko eraikuntza zaharrek osatua bata, turismo etxeteriek gauzatua bestea. Bada hirugarren motako eraikuntzarik ere, aurreko bien tartean eraikitakoak.

 

“Superbasko” zuen izena supermerkatua zirudien denda batek.

Antipasta: entremesa, pasten aurrekoa. Pastak gailentzen dira Liguriako janarietan.  “pasta fresca” asko iragartzen da dendetan. Maiz, dendetan bertan egiten da pasta.  Turistongatik zela uste genuen hainbeste pizzeria egotea, baina bertakoek ere pasta asko jaten dute, atzo gauean afaltegian eta beste jatetxeetan ikusi genuenez. Merkeena delako agian.

Jende asko zebilen atzo gauez Albelgako jatetxeetan. Herriko jende apala.

 

Borghetto - Loano - Pietra Ligure - Finale Ligure - Noli - Spotorno - Savona  herria    herriaren jarraian, etenik gabeko etxe erreskada zirudien kostalde osoak. Haizpetik, itsasgainetik, tunelpez, haitz erraldoiek behartutako bihurgune ugariz, ikustekoa tarteka, ikusgarria… lasai gidatuz bidaiaz gozatzeko errepidea da herrion artekoa. Itsasertz atsegina  da, trena eta trenbidea tartean sartzen ez direnean ikusmira itsutuz. Trenbidea egin zenean  kriston astakeriak egin zirela dirudi: agian jauntxokeria asko egon zen, agian aurkako gutxi jalgi zen. Agian arrazoi biak elkartu ziren. Orain autopistekin gertatzen den bezala.  Agian beste modurik ez zen egon, barrurago egiteko baliabide tekniko eskasengatik, hondartzarako zaletasun gutxiagatik, geroa inork aurreikusi ez zuelako, itsas ertzeko hondartzak desertukoak bezain  mortuak zirelako, hondartza eraikuntzaren eta ekonomiaren ardatz ezten eta motor izango zela inori bururatu ere egiten ez zitzaiolako. Dena dela, agian arrazoi guzti horiei erantzunez, hor dago trenbidea itsasbazterra eta etxebizitzen lotura etenaz, handik honako oztopo, herriaren etorkizuna eta bizitza baldintzatuz. Helduko da garaia trenbidea bera ere beste leku batetik bideratuko dutena, herriak saihestuz. Arrazoi ekonomikoak akuilu izateko behar haina zorrotz bihurtzen direnean.

 

Herrialde guztietan antzera gidatzen dute hemen ere gidariek. Legehausteak egiten dituzte, ez Euskadin baino gehiago, ez gutxiago.  Gidaria nolako gidaritza antzerako. Denetik dago hemen ere.

 

Genoa golkoa:  dauden herri guztiok eta herri bakoitzak bere golkotxoa du hondartza babestuz, Spotornok ezik. Herriotako eraikuntzan ez da ikusten Espainiako Mediterraneoko erraldoi-keriarik. Ez dago 4 solairutik gorako eraikuntzarik, gorantz luzatzen ez dutena albora zabaltzen dute, asko hedatuz eta luzatuz herriok, errepideari eta itsasbazterrari jarraituz batez ere.

Itsasertza taxutzea da itsasertzeko herrietako lana sasoi honetan: hondartzak garbitzen ari dira, hondarra urre bihurtu asmoz. Estuak eta harritsuak dira hondartzak paraje hauetan ere.

Herri guztiek dute pasealekua hondartza gainean. Errepideko ke eta hotsez inguraturik ezin izan inolaz ere, baina, atsegina. Pasealekua baino gehiago oinezkoentzako hondartzarako pasabidea direlakoan nago. Hondartza gainean paseatuz ezin da itsasoaz eta hondartzaz disfrutatu, ezin baitira ikusi.

Iragarri gabe daude herri asko. Ez dago jakiterik non gauden, bidegurutzeetan herrietarako norabideak ondo iragarrita badaude ere.

Lehenengo egunean uste genuen autobiara zuzentzen zutela norabide iragarkiok, jadanik ikasi dugu gezi urdinek norabidea soilik adierazten dutela, gezi berdeak direla autoestradarako bidea esan nahi dutenak.

Euskal Herrian geundeke SV matrikulagatik ez balitz: dena da obra, dena galipoteroa, dena trafiko etena. Horratik, badute bere ukitu propioa  italiarrek: gauerako bide hertsiagoa edo bide oztopoak markatzeko bonba dirudien eskubaloiko baloiaren tamainako  pilota  beltzak jartzen dituzte gauerako  zoruan, asfaltoan, sutan gar ederra dariela, lehertzear dagoen bonba bailira.

 

Noli. Egunotan ikusi ditugunen antzera,  Erdi Aroko herria da, zainduagoa, ormak hobeto hartuta eta pintatuta daude, bere  txoko eta ezuste propioekin. Milagarren gizaldiko eliza erromaniko xarmant aparta, egituraz sinplea, formaz deigarria; orain aparkalekua den zubia ibaiaren gainean; gaztelua tontor baten gainean; harresiak herriraino; adreilu gorriko dorreakKatedrala: eliza barruan Borghetokoaren antzerako beste bi kristo loratu, banda zuriz jantzita, loratuak koroiak, loratuak batez ere gurutze ertzak, metalezko txapa estanpatuekin lore zuriak bailira: badirudi Liguria Italiako Andaluzia dela; kanonikoen jarlekoak diruditenak elizaren luzera osoan  bi aldeetan, bi ilaratan, daude: lehenengoz ikusten ditut horrela; dena marmol zuria den aldare erraldoiaren atzean ezkutatuta gelditzen da kanonikoen korua; baina gotzainaren zeremoni-aulki zoragarria, kilikagarria, aurrean dago.

“Piaza mariconi”, ez dakigu bere esanahia.

Ehorzketa bat ere ikusi dugu: begiak malkoz, samina da heriotza Italian ere.

Jubilatu ugari dabil, Insersokoa zirudien koadrila ere aurkitu dugu.

Arrantzale batel asko hondartzako tarte batetan, bertan emakume bat arrain saltzen.

Iñaki asko  bere Kamerundik urrun herri guzti hauetan.

Garai hartan, guk zergatia usaindu ere egiten ez genuen  elkar ezertarako ukitzerik ere onartzen ez zuen seminarioko “noli me tangere-ez ni ukitu” arauaren esaldia gogoratu dit herriaren izenak

 

Savona. Hiri handia. Nortasun handiko hiria. Handikia, tradizio handikoa. Eraikuntza klasikoak ditu erdigunean, beste aro bateko giroa sortuz. Arku altuko kale zabalak. Oinezkoentzako kale zabala, harlanduzko zoruarekin. Zirkulazio trinkoa. Mugimendu handiko hiria. Trenbide zaharreko trenbideak zeharkatzen du hiria. Portu luzea, garabi erraldoiak lanean. Gotorleku handia. Parke zabal eta luzea. Estatua erraldoia.

Zabalik daude eliza denak.

Savona erdian, kale kalean, 6 poney gordetzen dituen korta txiki bat: kalera jotzen dute; bere ateek; etxe gutiko kalea bada ere trafiko handia du, han daude zaldi nanook bere kortan

 

 

Maiatzaren 16a.  Asteartea.  6.a

 

Egun bakoitzak du bere zertzeladatxoren bat betikoari eten bat eraginez:

- baso-basoan baikaude egon ere, nahiz nolabait gizartekotutako basoan, gazta usaiak erakarrita edo, piztiaren batek bisita egin digu bart.

- larbak agertzen zaizkigu paper eta liburu azpietan.

- lehenengoz ikusi ditut aurten katakiak (enarak).

- hegazkintxoa aireratu da hipodromo ondoko aireportuan.

- berriz ere lainotu zaigu Liguriako zeru euritsua.

- zaldiak gurditxoak tiratuz dabiltza beheko zaldi lasterketarako pistan,  urrutitik emozio handirik ez badu ere.

Horiek izan dira goizeko ikusmin puntuak.

 

Gosarian kaferik ez hartzeraino ahuldu du M. Luisa katarroak.

 

Joan den egunetan, Erdi Aroko giroan, hirietako bakardade isilean, oinezko ibili liluragarrien ondoren, mendiarteko bakardade isil berdea izan dugu lagun autozko ibilaldian. Mendiak eta mendietako herri xume zaharkituak izan dira gure ikusmina bereganatu duten protagonistak; lainoak lausotu dizkigu ikuskizuna zitezkeen inguruak.

Mendi handi garai eta zabalak, etengabeko errekarro sakonak sortuz;  dena da baso gaztea: gaztainondo akazia eta haltzak; bizirik badaude ere ez dira Sakanako pagadi eta harizti mardulak; ez da txara, baina txara itxura duen zuhaiztia da; zuhaitz mota asko gehiago ere bada, ezagutu edo zehaztu nahi genituzke, baina atergabeko euriak ez digu uzten hurbiletik begiratu eta bereizteko autotik jaisten; harkaitz izugarriak ditugu tarteka gainetik eta tarteka azpitik, pendiz garaiak sortuz, amildegi gainean edo azpian baitoa bidea.

Mendi magal garaietako baso erdian galdurik daude herriak, kale bakarra dira, basoaren ezker eskuinera edo eskuin ezkerrera luzatuz; etxeak marroi argi edo krema kolorez pintatuak daude; herri zaharkituak; bizi da oraindik bertan jendea zenbat diren antzik ematen ez badiogu ere. Errepide zabala doan lurretan beste bizitasun bat dute herriek, goian eta urruti egon arren ere. Mendiotako hauek bizirik diraute, baina ia kaminorik ere ez duten herriok hilda daude, jendea bizi bada ere.  Ala bizitza apal horiek dira bizitzarik gozagarrienak!. Berezia behar du izan hemengo jendea. Nahitaezkoa  mito eta legendak sortzea.

Mendi malkartsuak izanik, lur landu gutxi dago, txikiak dira baratze eta ortuak, denean. Ohizko granjarik ere ez dago. Izanen da larreko behirik ikusi ez badugu ere, basoa izanen dute larre.

Merkeena delako, agian praktikotasunagatik, ez delako sorora edo basora aizkora sega eta tresneria eramateko  asko gehiagorik behar,  motokarroa  da tresna mekaniko ugariena: motokarroz doaz basora, ortura edo soro urriotara. Traktore txikitxo bakarra ikusi dugu gorta edo portale antzerako batetan.

Negurako egurra pilatzen dute hemen ere, Sakanan antzera.

 

Ibiliaren ibiliz, han-hemenka, denean aurkitzen dira bitxikeriak, txoko eta eraikuntza xarmantak ere bai. Gaurko euripeko arboladian hiru orduzko auto ibilaldi lasai geldoak xarma berezia izan du, ia inon geratu ez bagara ere. Inorekin hitz egin ezin ahal izatea da gogorrena: beheko biztanleriarekin hizkuntza da batez ere oztopo, goiko herri bakartiotan hizkuntzaz gain ez gara nor beraien bizitza eta intimitatean sartzeko, herritarrak agurtu eta ase gabe gorde behar dugu misterio kutsuak sortzen duen jakin-mina.

 

Castelbianco. Herri honetan ez dago gaztelurik, herria bera ere ez da zuria.

Nasino. Zubi erromaniko xarmanta du eta bertako janaria iragartzen dute jatetxe ugariek.

Alto. Mendi goian dagoen herri garbia: gaztelua, eliza handia, eliza txiki pottoloa, baina batez ere gurdi zabal samarrik ez idi-parerik ere bertan pasa ezin daiteken etxe zaharkituek osatzen duten kale luze estu irregularra. Harriz ez ezik, kondairez ere antzinakoa:  istorio latzak dituzte bere legendetan,  kaskezurrak erdibituzko hilketa erritualak kobetan, harrizko sakila  beste koba batetan, hileroko 7an  herriko emakumeetako bat bisitatzen du Amabirjinak bostak aldera kanpai hotsa entzuten delarik... Bakardade eta inguru hauetan dena gerta edo dena asma liteke.

Caprauna. Goi eta behe,  etxe zaharkituak dituen kale luzea hau ere: misterio kutsua zuen bakardadeko lainope bustian. Dena lauso, ezer gutxi ikusi ahal badugu ere, nabari dira bere garaian zapalda landuak izan ziren lur-mihi lauak: zelai gutxiko nekazarien lur landua lortzeko herrialde guztietako teknika.

Colle Caprauna. Euskal Herriko aldatsak jostailuzkoak dira hemengoen ondoan. Galipotezko zoru ona du. Errepide estu samarra. Auto bakarren bat besterik ez dugu gurutzatu. Zoragarriak behar zuen ikuspegiak malda hauetatik eguraldi garbiarekin.

Ponte di Nava. Etxe berri batzuk besterik ez, herri galdu zaharkitua, ikusitakoen eredu eta ezaugarri.

 

Torinora doan errepide berritu zabala, jatetxe ostatu eta aterpez bizitasuna darion ingurua, mendizale edo igande-pasako probintziano askori esker bizi den aisia lekua.

 

Pornasio. Eliza zahar eta zaharkituak soilik ematen dio xarma.

Pieve di Teco. Denak zapatari ziren herri honetan, ia artisau ere ez da azken zapatari bakarra. Harlandu zabalez zorua, arku puntazorrotzez alboak, bobedadun sabai garaiez arkupeak, herriko hezurdura den kale luzeari trabeska sortzen diren horma-bularrez elkarri heldutako kale estu atseginen artean eliza erraldoia da zer deigarria, kontrastez.

Pogli di Orfovero. Karretea bukatzeko Elizako dorre estu luzea baino beste gauza handirik eskaintzen ez duen patxadako herria.

 

Errepidean istripua zela-eta “argienak” hartu duen bidexka batetik jo dugu denok; kontrabidekoekin ezin gurutzatuz, istripu arazoak sortuz eta luzarorako nahasmena sortuz.

 

Espainia ederra izan behar duela uste duen kanpineko sukaldariak  zezenketa du ametz.

Bikote heldu batek ezin du ulertu nola etorri daiteken Espainiako berotik paraje hauetako hotzera.

Euripean ere pozik, deritzona lasai egitean dago zoriona.

 

Liguria, sartaldeko Rivierak, eman digu berea. Berdea da Liguria, izan behar, hainbeste eurirekin, Euskal Herriak bezala. Katarroarekin ordaindu du M. Luisak hemengo berdetasuna.

 

 

Maiatzaren 17a. Asteazkena. 7.a

 

Goizeko 6ak eta erdietan bota digu Liguriako agurreko  azken zaparrada, 10etan eguzki ederrean goaz errepidetik sortaldeko Riviera zeharkatuz. Garaiak izaten jarraitzen dute mendiak, basorik gabekoak, berdexkak, laster gorrituko diren udaberriko belar berdekaraz. Egunotan itsas bazterretik ibili ditugun herriak, ibarra barrenean zabal hazita ikusten dira autoestradatik. Beheko haranean fruta-arbolak, ortuak, burdina-egitura sendoa duten kristalezko  negutegiak.

 

Tunela tunel ostean, eta tartean zubi-bidea; edo alderantziz, zubi-bidea zubi-bide ostean, eta tartean tunela; tunel eta zubi-bide izaten jarraitzen du autobiak. Geldigune ere ez dira, baina geratu ahal izateko karril bat gehiagoz zabaltzen da errepidea, tartetxo ugariak dira, motzak baina ia jarraian. Genoatik gertuan hiru karril ditu autoestradak, asteburuetan  kostaldera ateratzen den jendetzaren adierazgarri. Kamioi asko eta auto handiak dabiltza, baina ez da Frantzian Europarantz ikusi genuen trafiko astun trinkoa. Bertako kamioa da batez ere heen dabilena, kale artean eta semaforoz semaforo ez lirateke sekula santan inoiz inora helduko garraiolariak.

 

Genoa. Egun eguzkitsuan alaiagoa izanen da segur aski; etxe okre zaharkitu antzekoek hiri handi eta ilunaren itxura erakutsi digu gaur, herri industrializatuek duten giro ezatsegina. Burdinazko erraldoia bata, erlikia bezala utzitako harrizkoa bestea, bi zubik trabeskatzen dute oso garai  sarrerako auzunea. Ondoren portu hegalean hasi dira eraikuntza erraldoi modernoak. Badia dena da portua, izugarri zabala, lanerako erabilia, non oinezkoak ez duen lekurik tartetxoren batean ez bada. Zaharrerantz  goazen neurrian itxuraldatuz doa hiria: palazio, eliza, dorre, gazteluak  kale artean etxeen gainetik gailen. Eliza moderno ugari, kontrastez.

Film amerikanoetan ikusten diren parking horietarikoa suertatu zaigu, “autosilo” deitzen diote; hiru solairukoa, gora eta behera egiteko bira besterik ez den tutu biribil erraldoia, daratulua bagina lez norbera jiratuz igotzen den eskailera  biribilaren tankerakoa. Pertsekuzioa besterik ez zitzaigun falta. Okre kolorekoa. “Payant” nola ez.

Genoa itsusia zela esan zigun edertasunaren iritzi ezberdina duen norbaitek. Zaharra bada izan Genoa, itsusia inola ere ez. Izan handiko herria da, xarma berezia du. Bizia lehertzen da Genoa zaharrean. Marrakexeko zokoak gogoratzen ditu. Dena da denda: mota denetariko dendak, dendaz josiak daude kale eta kalexkak; inurritegia irudi, jendea gora eta behera, genoar merkataritzako aro famatuko giro bera, inguru berdinean: jantziak, salerosketa gaiak, agian hizkuntza bera, aldatuko zen, giroa berdina behar zuen izan. Arrandegiak, ortuariak, haragia, erabilitako liburuen saltzaile postuak, eta zulo beltz diren tabernak. Jantzi dotoreak. Pasta asko jaten da, paraje honetan behintzat, dendetako aukera ezberdinak ikusiz; 15 pasta ezberdin kitzikagarri artisanalak kontatu ditugu jantoki bateko erakusleihoan. Denda dotore asko dago, baita txosna antzerako saltoki ugari ere. Denetik saltzen da, ez da han saltzen ez den salgairik, ez dago ezer Genoan aurkitu ez litekeenik.

Colonen garaian, genoarren borroka sasoian, oraintxe den bezalakoa izango zen kaledi hau: Erdi Aroko eta gaurkoa biak batera bizi izan ditugu kalean gindoazela imajinazio handiren premiarik gabe. Kalexka estuetan sartu eta kale-artean eta jendartean galdu, hori da hemengo zeregin atseginetariko bat. Kale hauek jendea behar dute, horren egiten ditu atseginak, joan den egunetako herrixketan bakardadea, kaleetan norbera bakarrik norbere oin hotsak entzunez ibiltzea zen bezala ibiliaren atsegina.

Jendeak ematen dio bizia kaleari Genoan. Eguerdian dendak itxi dira, kaleak hustu dira, eta xarma guztia galdu dute kaleek, tristeak, hilak, bihurtu dira.

 

Herri handia izan zen Genoa. Bada eraikuntza ederrik. Estilo askotako palazioak, museo edo erakustoki bihurtuta batzuk. Bankuek jauregi asko dute bereganatuta bulego lanetarako: bazen bat zoragarria Banketxe bihurtuta, bobeda pintatu ederrarekin. Berritzen ari dira kale estuetako fatxada asko. Kolore eta irudiz  loratuak daude Errenazimendu  arokoak uste ditugun palazioak; leihorik ez dagoen ormetan ere benetakoak, errealak, diruditen leihoak daude pintatuak, ormatzarrak biziberrituz. Lehenengo Avignonen, ondoren Bilbon bertan ere ikusi izan ditugu; ormak itxuraldatze hori ez da beraz gaurko asmakizuna. Zaharkituak, ajeatuta, daude bere denboran dotoreak eta ederrak ziren hainbat eraikuntza, zainduak arren: hauen garaia joan zen, galdu dute bere grazia, gaur hondakin gelditzen dira: itxura eman dioten baina zaharkitua dagoen iturria... Hirirako sarrerako ateak, aldiz, bi dorre alboetan, ederra dirau urteen aje eta guzti.

Dukearen etxea: atea eta balkoia ditu naturalak, beste dena pintatuta du, harria barne. Hori bera errepikatuko zaigu kostaldeko herriak zeharkatzerakoan. Leihorik ez dagoen ormetan pintatu egiten dira leihoak. Leihorik gabeko etxea ez zen nonbait etxea, eta horretarako pintatu egin behar dira, etxebizitza batek leiho asko behar du izan nahiz pintatutakoak, engainuzkoak, iruzurrak izan; margootako barandari pintatuak, balkoietako barandak alajaina, errealak dirudite. Ez zitzaizkien, nonbait,  gustuko orma biluziak. Politak gelditzen dira nolanahi etxeok.

Gaur ere hiri garrantzitsua, Italiako nagusienetarikoa da Genoa, baliabide modernoz osatua. Badu eraikuntza  moderno ederrik. Izugarri zabala da, etxe berrien auzune jendetsuak ditu, Azoka Eraikuntza famatuaren ingurukoa bezalakoak, etxe dotore eta kale moderno zabalez osatuak.

Erditik gorantz zabaltzen diren zurezko barren-leihoak dira deigarri.

 

Tea melokotoiarekin hartu dut. Gustagarria.

Hiru ordu eder pasa ditugu Genoan.

 

Kostaldeko errepidetik sartu gara Golkoan behera.

 

Nervi. Genoako hondartza-gunea izateaz gain zubi erromaniko xume baina dotorea du.

 

Etxe politeko herri politak dira kostaldekook. Erraldoikeriarik gabeko etxeak, lehen Zarautzen hondartza aldera zeuden haien antzerakoak, baina hemen ez dituzte bota, etxegileak beste era batera aberastuko baziren ere, mantendu egin dituzte bota gabe: xarma gorde duten  herriak.

Ilunak eta harritsuak dira hondartzak.

Lur barru ingurua dena da baso; izugarria. Etxe bakarrak, elkarren hurrean; bakar eta elkartu gabe dauden etxeok osatzen dituzte herriak, ez dute etxegunerik osatzen.

Jatetxe politak ikusten dira: gure herrietan jatetxe berri bat jarri behar duenak, edo dekoratzaileek, bueltatxo bat egin behar lukete hemendik beste lurraldeetan ze irtenbide ezberdin eman dituzten ikusteko, ze aukera dauden jakiteko.  Azukre ontzi bereziak aurkitu ditugu taberna batetan, ez gureetakoak baino garestiagoak, imajinazio handiagokoak  bai ordea.

 

Hemen dabil trena, itsas kontra, Katalunian bezala, beste lekurik ez duela eta.

Moto-karroa da errepideko gure betiko laguna.

Olibondoak eta olioa lirateke Liguriako ezaugarri.

Zikloturista batek KAS kamiseta darama: noiz eta non lortua ote hain aspaldikoa izanik.

 

Camogli, Rapallo.

Chavari: bertan geratu ez garen herri handia.

Sestri Levante…, herri izenak ere politak.

 

Nekea arintzen dio autoestradak bide luzeari.

 

Carrara, marmol zuria da mendietan elurra uste genuena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.