Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2018/11/30 10:05
Italia 95: Emilia Romana - San Marino

EMILIA ROMANA

 

Ez dago 10 metro artez izango duen tarterik. Lurralde hotza dirudi, agure batek errusiarren antzerako txano edo burukoa darama. Aldaz behera zaigu orain lehen aldaz gora izan dena, dena bihurgune. Eguzkira lehortzen jarria ikusten dugu belar ebakia, gure baserritarrak gogoraraziz.

Casanova: hemen ezohizkoak diren hiru etxe zabal, behe solairukoak, gure baserrien antza dutenak.

Roca de S. Casiano:  Altzolako parrokoa gogarazten dit, Don Kasiano.

 

Txikitako  ipuinetan amestuak, gaztaroko historia-geografian ikasiak, Apenino mendikatearen magalean pasa dugu eguna, Mediterraneotik Adriatikoraino, erdi-erditik zeharkatuz Italia.

Adriatikoa dugu orain gure itsasoa, Emilia Romana probintzian.

 

Kanpina. Bide luzearen eraginez nekatuta eta berandu heldu gara. Kanpin gehienak itxita daude, itsasertzeko Torre Pedrera herrian lortu dugu askenez  denda jartzea, kokagunea eta argindarra zela eta bertako arduradun emakumearekin nahiko eztabaida eta istilu ondoren.

 

 

Maiatzaren 23a.  Asteartea.  13.a

 

Rimini, erromatarren herria,  pare bat ordu baketsuz ibili gara,  kale eta etxe politez gozatuz: ura bai baina ibairik utzi  ez dioten Tiberioren zubia: zuri ederra, argazkia atera nahi zuen inserso alemaniar batek, “The criminart sistem” alboko pintada erraldoiari erreparatu gabe, agian erreparatu duelako. Eliza: Malapartak  berritu zuen, berarekiko herriaren iritzi txarra zuritzeko ahaleginean; arku pilaz itxura eraldatuz; bere eta familiaren hilotz piloa daude bertan. Piazza Lauchi:  autobusek bizikletek autoek motorrek eta oinezkoek, denek nahasian, erritmo lasaian konpartitzen duten plaza patxadatsua, txukun zaindutako inguruan; Arku erromanikoa: handia;  plazak; itsasertz-hondartza: hondar fineko luzea... Herri zahar atsegina, 20 solairuko etxe bakarren bat bada ere.

 

Kanpotar taxu bereziko gazteak kontrolatzen dituzte hemen ere poliziak, kale gorrian bertan, denen aurrean.

Motora eta belaontzi asko dago, ibaia ertzera lotuta; nahiko handiak dira arrantzontziak Ondarroako arrastuntziak adinakoak ez badira ere.

Espainiar taldearekin gurutzatu gara, inolako herrikidetasunik sentitu gabe.

Kultur ekintza ugari daude orma-karteletan iragarrita.

 

Kilometro askoko zabalera itzeletara heldu gara: mendiak urrutian,  ur-putzu zabal ondo zainduak, Albufera dirudien arroz-sailak, tobogan erraldoia inguru zabalean ondo iragarria, Italia en miniatura erakusketa kilometro asko lehenago ondo iragarria hau ere, itsas kontra udaleku diruditen herri pila... erraz egin dugu berez ere luzea ez den ibilbidea.

 

Ravena: lehen bisita izan da gaurkoa, itzuliko gatzaio. Gora behera zeharka kaleetan ibiliz, begiei gozamena eskainiz, adreilu gorrizko eraikuntza itxuraz apalak baina barrutik mosaiko  eder liluragarriz miragarri diren etxarteetan, berez dotoreak diren eta komertzio dotoreak dotoreagotzen duten kaleetan.  Gozamena da paseatzea ilunabarrean, kale atsegin hauetan, giro goxo apartean, dendak ixtean, hiria hiltzen doanean kaleak biontzako bakarrik gelditzen direnean. 

Adrianoren bataiategia: mosaikoak dira ikuskizun eta gozamen; mosaiko ikusgarrian Jesukristoren zakila dager oihal garden baten atzean transparentzian, baina ikusteko bezala; garai bateko artistek koplarik gabe  naturaltasunez egiten zutela lan erakutsiz. 

S.Frantzizko eliza: hilobi eta hilotz asko, hemengo eliza gehienetan errepikatzen denez  elizaren eraiketa ordaindu zutenek bertan hilobiratzeko azken txoko bezala nahi izan zituztela adieraziz.

Danteren hilobia: bere bustoaz gain “Divina Comedia”ren kontakizun osoa dago irudietan jarrita.

 

Ravenara datorrenak mosaikoak ikusiz aparte, jogurta jan gabe ezin dezake alde egin, jourgintza baita hemengo gaur egungo  artelan bat.

Gizonezko nahi emakumezko aitorlea eta apaiza aurrez aurre tartekorik gabeko aitorlekuetan ikusi ditugu, biek dute ordea  bestaldeko silueta erakusten duen beira esmerilatuzko atetxoa, bada ez bada ere. Deneko loreak dira tipo bereziak: bi neskato,  sonbreiru gorri xelebre batekin arlekina zirudien batek, xelebre eta kolorez txirikordatua zuen hilea besteak: a ze parea.

 

Hiriko sarrerako  harrizko aterpean ganberro edo zoro  antzerako bat ikusi dugu, egon aspertuan: ondoren zaratak entzun ditugu, poliziak auto eta motoz etori dira, jendea salatari lanetan aritu da  norbaiten berri ematen, polizien  oin-hots zalapartatsuak enzun dira, berriz ere salatariak... baina gazteak ihes egitea lortu du, eta bestaldean, hogei metrotara, oraindik zalapartak zirautenean, agertu da gure gaztea, kolokatuta edo eroa, lehen bezain  kaskarin eta umoretsu. Ordena maite duen jende karka salataria dago hemen ere.

 

Zoragarria zegoen  Ravenako portua eguzki disko gorri erraldoia arrantzontzien ostean sartzean; itsasontzien alboan ilundu zaigu eguna, txakolin antzerako bertako ardo zuriz lagunduta, egunotan ez bezala, arraina janez. Gaueko lehen argi lausora munstroa bailitzan pasa da une luze batez gure albotik baino gehiago gainetik itsasontzi erraldoia itsasorantz, tarteka jendez eta autoz lepo ur-ertz batetik bestera txalupak zenbiltzan ibai zabalean.

 

Kanpina. Marina de Ravena herrian, basa-zuhaitzez itsasertz berdea den Riva Verde kanpinean kokatu dugu pausaleku berria¸ argirik gabe zokoratu baikaituzte, txakur artean, aurreko kanpinean. Jendez ia hutsik, baina dendaz ia aseta dago kanpin hau ere; asteburu eta oporretarako finko jarritako denda handiek betetzen dute gehienbat.

 

 

Maiatzaren 24a.  Asteazkena.  14.a

 

Hainbat amets eta ordu ederretarako txaletak isil eta bakar daude, asteburuan esnatuko zain.

Kilometrotan luzatuz, hare fineko zabalak dira Adriatikoko hondartzak, txosnaz ez ezik bestelako osagaiz ere jendetzak hartzeko prestatuak; hondartza gaineko itsasertz berde zabala babesle, noizbehinka urbanizatutako ertz ugari bada ere solairu askotako eraikuntza bakarren baten itzalean. Ravena jendetsua bertan gertu izanik  inurritegi erraldoia izan behar du honek uda eguzkitsuan.

 

Egin dut hanka-sartzea gaur ere, garbigailuarekin oraingoan, nirekiko haserrea piztuz: dena alde dudan arren, ez naiz zoriontsua izateko jaioa nonbait.

 

Ravena

Mosaikoak dira Ravenako altxorra: Gala Placidiaren Mausoleoa, S. Vitalen eliza, Neotarren Ponteliza, S.Apolinar Berria, Artzepizkoaren Museoa, S. Joavaniren eliza... mosaikoez blai ibili gara “nahiko” esan dugun arte, ez baitu bukaerarik hemengo mosaiko altxorrak. Handiak, zabalak, sabaian, zoruan, ormetan… dena estaliz. Kolore askotakoak, biziak, argiak, distiratsuak. Gai guztiak ukitzen dira irudietan. Harrigarriak, hain harri txikiz osatuak izanik,  pinturak dirudite askotan. Espresio handiko irudiak, begiak betiko  handi borobil finkoak badira ere.   Izugarriak, harrigarriak, ikusgarriak.  Liluratuta utzi gaituzte. Bada artistarik munduan.

Dorreak: erromaniko eta gotiko tartekoak, leiho bikoitz eta hirukoitzekoak, garaiak, punta zorrotzekoak eta punta motzekoak; badira karratu bakan batzuk ere. Bada txikitxo bat ere, bada Pisakoarekin lehian okertuta dagoen bat ere.  Dorre xarmantak.

Hilotzak: harrizko hilobiak alegia. Pila. Elizon eraikuntza ordaindu zutenek bertan hobiratuak izatea nahi izan zuten, agian bertan hobiratzeko eraiki zituzten. Modu asko dago hil ondoren bizien gomutan irauteko. Gala Placidia eta familiakoena mosaiko zoragarriz inguratuta egoteaz gain erraldoiak dira. Danterena ere han dago ertz apal batetan. Teodorikok eraikitakoa harrizko benetan erraldoia izan behar du, diotenez, gu, lepo geundenez,  ez gara joan bisitatzera.

Bitxikeriak: Artzapezpikuaren besaulkia, marfil filigrana grabatutakoz egina, harrigarria da.

Eraikinak: Xumeak dira kanpotik begiratuta, harrokeriarik gabekoak, masa asko tartean jarriz bata bestearen gainean jarritako adreilu basto  ilunekoak, batzuetan oso bastoak(Apolinar berria).

Jauregiak: adreiluzkoak,  kanpotik austeroak hauek ere, ederrak ere, edonon, putzua duen bere barruko patio-lorategiarekin.

Duomo, katedrala: pulpitua, 3 metro gora eta 2 zabal, marmol zurian zizelatutako animaliez dotoretua, ikusgarria haina izugarria da; kapila txiki potxoloak; jarlekuak, eskoletako ikasmahaien antzekoak, bereziak eta politak dira.

Kanpanilak: ezkila dorretxoak,  politak, begien atsegin urrutira.

Obretan daude eliza gehienak, bere antzinakora ekartzeko konponketa lanetan.

Mila txoko, mila kale ederretan ibiliz, finkatu egin zaigu gaur atzoko inpresio bera. Maria Luisak mosaiko irudizko bizkar-zapia erosi du Ravenako giroak eraginda.

 

Norabide bakarrez, labirinto nekagarria bihurtzen da hiria gidariarentzat; kaleetan dena da bizikleta, karburo argitik dinamora aldatu ziren garaietako txirrinduak ikusi ahal dira,, gazte eta zahar bizikletaz mugitzen da, nahiko lan dute txirrinduzaleok plano edo liburuxka eskuetan gabiltzan turistok txiri eginez  harrapatu gabe ibiltzen. “Vietato apogiare bizicleti” jartzen dute leiho azpi batzuetan, baina han daude bizikletak orma kontra.

 

Zaila egiten zait  hondartza aurreko itsasoa ekialdea dela barneratzea. Hotza dago itsasoa, oso gutxi ginen kilometrotako hondartzan; gaur egin dugu aurtengo lehenengo hezur-beroketa.

 

“Fronte autonomista” pintada erraldoia. Bada Garibaldik lotu zuena askatu nahi duenik hemen ere.

 

 

Maiatzaren 25a.  Osteguna. 15.a

 

Haserako egunetan hoztu egin ginen, ondoren euri jasetan beratu, azkenez eguzki berotan erre; bi aste dira irten ginela etxetik.

 

Itsaso barrura sartzen den nasa luzearen albotik doan agian datorren itsasontzi erraldoiren baten tutua entzun dugu, goiz oraindik, txori-kantuen eta hor alboan doan errepideko noizbehinkako auto soinuak gaindituz, ametsak  sorraraziz.

 

Lakutxo edo putzu asko dago Ravena inguruko lur lauetan, ubide ugari batetik bestera, ur asko dago nonbait. Bada arrantzan dabilenik ere, ez dakigu zer harrapatu asmoz hain putzu txikian. Beste lakutxo batetan badira arraunean egiten dutenak ere.

Itsasertzeko herriren batek ere badu bere Untzagako dorrea.

Gandua dagoenez ez da mendirik ikusten urrutira, lautada izugarri zabala da izan hau, urruti baitaude Apeninoak. Gari-sailak. Bestela, dena dago berde: dena da belar,  eguzkira lehortzen ebakitakoa, baina ez da ageri plastikoan bildutako Nafarroako fardorik ezta bestelakorik ere. Ez dago agirian behintzat ganadurik, ezta ezagutzen dugun granja itxurakorik ere. Agian etxean dituzte abereak lehen gure baserrietan bezala. Fruta-arbolak, pikondoak, gereziondoak, pinutxo batzuk... dena dago berde.

 

S.Marinora zuzendu gara errepide nagusia utzita.  “C`era una volta” jatetxea, gure lehen kanpinekoaren izen berekoa, kateren baten izena nonbait. Gora-behera bigunak ditu lurrak, muino atseginak. Errepide ertzean dena denda, pizzeria, biltegi .. S. Marinora doan jendearen tentaziorako seguruenik. 

 

 

SAN MARINO

 

Aurrean dager, harkaitz lepo zorrotz garaian, dorre, gaztelu edo eliza diren lau eraikuntza dituela gailen; nabarmen, ikusgai eta ikuskizun; etxeteria da haitzon azpialdea. “Benvenuti nell`antiqua terra di la liberta” – “Ongietorriak askatasunaren lur zaharrera” dio mugan bertan pankartak. Apaiza sotanatzarrarekin eta polizia jaka urdin, praka ilun, fatxa jiteko kapelarekin, izan dira ikusi ditugun ia lehenengo pertsonak: askatasun handirik egon daitekeenik ere hauekin!. Auto matrikula: armarria, honi jarraiki hizki eta zenbaki urdinak. Behetik gora pikean goaz  etxe apalen artean Riminitik hala datorren lau karrileko errepidean. Ugariak dira motokarroak S. Marinon ere. Goitikbegiratuta Ipar Euskadiko tankera hartzen du behe alde denak, lurralde ondulatu berdea, zuhaitzak tarteka, etxea baxuak... Bertatik bertara  herri eta auzoak: 62 kilometro karratu besterik ez omen du, oso populatua dago lurraldea. Urrutitik ikusi dugun eta gaur merkadiloa duen haizpekoa da bertakoen herria, ez turistaz  gainezka aurkituko dugun haitz gaineko hiri zaharra.

                                                                               

San Marino. Urrutitik ikusi ditugun harkaitzen ostean dago hiri zaharra. Gandua dagoenez, ezin dugu  Apeninoetaraino batetik, itsasoraino bestetik ikusgarria irudikatzen dugun ikuspegiaz gozatu; dakusaguna dena da berde, dena bigun; lurralde ederra da. S.Marino harresi barruan dagoen gotorlekua da, hiri zaharra, horrelako gotorlekuen baliabideekin: kale estuak, gaztelua, harrizko eraikuntza sendoak, plazatxoak, eskailerak, sarrerako ateak... ondoren mendi magalean behera etxeak eta auzoak jarraian.  Gaur egun S. Marino osoa lourdes da: denda, dendatxo, jatetxe eta taberna, turista arruntentzako mailakoak. Taxuzko denda dotoreren bat ere badago. Moskito asko dago. Turistaz gainezka, suertez amabirjina agertu zaigu eta lekua izan dugu autoarentzat, gerizpean gainera.

Museok: pila: antzinako armena, gaur egungo armena, segena, sortaldekoa, argizarizko irudiena, tortura-gailuena, S.Frantziskorena, Arte Modernoarena.  S. Marino aurretxoko mendi baten magalean hegazkin erakusketa: gerrarako ehiza-hegazkinen eta hegazkin txikiena; zirrara sortzen du.

Gobernuaren palazioa: ez dakigu ze sistema politiko duten edo nola funtzionatzen duten.

S.Frantzizkoren eliza: ez du ezer askorik balio, baina bertakoa ez den erretaula oso polita dago aldare nagusiaren ostean; bi santu-santen erdian artean Jesukristo bat duen sagrarioa: miniaturak eta irudiak; koadro zaharra, interesgarria, izugarri polita; kalbarioak ere taxu erakargarrian pintatuak dira, interesgarriak; badira ere beste koadro handi batzuk oso bastoak diruditenak.

Basilika: efektu polita egiten du, dena argi pintatuta.

Erdi Aroko eliza zahar erromanikoa falta zaio bakarrik S.Marinori. Bazen, baina bere gainean eraiki zuten gaurkoa; nortasunik gabeko dorrea geratzen zaio bakarrik lehengotik.

Gehiegizkoa ez delarik ere, izugarrizko turista pilak betetzen ditu kaleak, gora eta behera, korrika eta lasai, herri eta itxura guztietakoak. Alkohola saltzen da batez ere, litroko garrafoietan gehien bat. Polizi saturatzea hemen ere, S.Marionok ere armetan eta errepresioan  du segurtasunaren itxaropena nonbait; gehiegizkoa, poliziaz menderatuta dago gizarte osoa: lehen ikusi dugun kasaka urdin eta praka ilundunak, urdinez jantzitako polizia civile edo udaltzainak, txamarra berdea praka gorriak daramatenak, denak Musoliniren faxista kapelekin. Ez dakigun arren zer egiten duen hor, baina egin zuten astakeriaren baten ordainez izanen delakoan ziur,  iparramerikarrek erregalatutako iturria ageri da, tutu piloa alboetan eta bola handia erdian, bere letrero eta guzti.

Insersoko gizonezko batek pamela gorria darama buruan, harro eraman ere.

 

Riminitik aurrera, herriak eta herriak, semaforoak eta semaforoak, kanpinak eta kanpinak. Banestoko kamiseta darama bizikletero batek.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.