Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2018/12/14 07:40
Veneto Eskualdea: Padua, Rovigo, Montgnana, Este, Monselice, Venezia

REPUBLICA DE VENETO

 

Aurreko  paisaia bera dugu ikusgai.

“Errepublika” ez dakigu iragan garaiak gogoratuzko izena den soilki; “Veneto independiente” pintada erraldoia ikusi dugu behintzat etxe zahar batetan autoestradaren kontra.

Ez dakigu Po ala Adigio den pasa dugun ibai zabala.

Apeninoetatik bertan gaude, bainuetxe asko dago lurraldean, mendien golkoan urek hartzen duten ahalmenetan  dago termen sekretua.

Ubide eta ubidexka asko, hori izan daiteke nekazaritza oparotasunaren zergatia.

“Sinistra” ezkerra bada, ezkerreko jendea siniestroa agian.

 

Kanpina. Montegrotto Terme herrian. Izarrek ez diote ematen giza duintasunik militarrei,  ezta ere kategoriarik kanpin bati: bi izarrekoetan egon izan gara lauko honetan baino erosoago.

 

Giroko etapa bukatzear, urreratu da italiarra aldaz gora bakarrik zihoan txirrindularia nor zen galdetuz:  “no es italiano” eta alde egin du.  Espainiakoen antzerakoa da bertako telebistako kontalarien aberrikeria ere.

 

 

Maiatzaren 28a. Igandea. 18.a

 

Irratia  dirudi alboko tipoak etengabeko hitz-jario azkarrean isildu gabe autoari ukituka, beste albokoa abatz-estalki/tapakubosa pintatu ondoren autoaren kanpo aldea dir-dir jartzeko etenak egiten ari da, aurrekoak etxeko aspiragailuz garbitzen du berea: autoarekiko kultoa artea bezain unibertsala da.

 

Urrutira ikusten genituen mendiak, tontor batzuk besterik ez dira: Apeninoak urrutira ikusten dira hemendik. .

 

Padova-Padua

Autoa Alde Zaharreko sarreran utziz ekin diogu kaleko hautsak astintzeari. Geriza bila eguerdiko beroan, aire freskotan paseatzen, guretzat da kale osoa; inor ez dabil kaleetan, hiriko jendea hondartzaren batean da kaleetako bakardadea guretzat utziz. Anima alerik ere ez da kaleetan minutu luzez.  Bazkalondoko orduen ondoren hasi dira kaleak jendez animatzen: herritarrak eta turistak dira. Zabala den arren, arkupe da hiri osoa. Gaztelako hirien antza du, baina arkuekin. Arkuak lirateke Paduaren ezaugarrietariko bat: kale-gurutze batetan jarri eta lau aldetara begiratuz arkua besterik ez dakusagu. Izan behar du arrazoiren bat: bero sargoria, atertu bako euriak, edo auskalo zer. Ba du zeri begiratuzko txikikeria kuriosorik bazterretan: edonon aurkitu daiteke harlanduzko balkoi, ate edo leiho eder bat, harri zizelatua... Bere lehengoan, bere zaharrean, bere horretan iraun duen hiria da: zaharkitu itxura du.  Eraikuntza, kaleri eta etxeteriako harri-zurak ez daude garbituak; ilunak, agian zikinak, daude, baina hor daude egon, diraute. Hiri zaharra da, lasai ibiltzera etorri behar da bertako kaleetara. Ezin da etorri arrapataka kriston monumentuak ikusi, “oh” esan eta beste monumentu bat ikustera korrika joanez. Horretarako ez du balio. Kalerik kale mila zehetasun bilatuz ibili eta hiria aurkitzen  joatekoa da.

Hiri bitxia suertatu zaigu Padova: ibiliz ibili joan gara aurkitzen ezereztxoa espero genuen hiria, aurkikuntza bakoitza Mitxelin gidan zer den kontsultatuz. Izugarria joan zaigu azaltzen Padua hiria. Ezustetik ezuste ibili gara. Ikusgarria gertatu zaigu.  Artean neofitoak garenontzat ikusgarriaz gain atsegina da hiri osoa.

Monumentu oro, elizak ere, itxita dago arratsaldeko lehen orduetan. Beroegi egiten du plazako eguzkitan eserita egoteko ere: ibili egin behar, eta ibiliari ekin diogu.

Duomo: izugarria, marmolez jantzi ez zioten adreiluzko fatxada biluzia du; atzealdean absidea, eta bi kapila direla uste ditugun hiru kubo handi; Giottoren pinturak omen ditu baina gaur itxita dago.

Bataiategia: elizatik at, bere alboan; polita da kanpotik.

Plazak: atsegina eta polita, elizaren aurrekoa. Bigarren bat, bat oso palazio ederrez inguratuta; erdian lau lehoien buru gainean oinarritutako obeliskoa, masta luze batez bukatua: oinean tipo batek kanutoa erretzen du lasai; bigarren obelisko baten gainean beste tipo bat  dago lasai etzanda. Bada Hirugarren Munduaren aldeko kartelik ere bertan.

Pallazio de la Ragione - arrazoiaren palazioa: handiaz gain ederra den beste plaza batean  aurkitu dugu:  hiriko bizitza zuzentzen zen bertatik bere garaian, horregatik izena ere; eraikuntza handia bezain ederra, izugarria tamainoz eta edertasunez, armarri piloa du kanpotik; barrutik: arku forma du sabaiak; izugarrizko pinturak ormetan, erraldoia bezain ederrak pinturok ere: Giottorenak ziren jatorrizkoak, erre ondoren bere ikasle batek berritu zituen jatorrizkoen ahalik berdinen: ikusgarriak: izugarriak neurrietan ere, 82x45 metro luze zabaleran,; badu bestelako bitxikeriarik ere palaioak: zorrak ordaindu ezin zituena bertan ageri den harri batean gutxienez 100 pertsonen aurrean eseri arazi egiten zuten bere ondasun denak ematen zituela esanez; San Antoniok lortutako graziari eskerrak herritik bota egiten zuten ondoren delako zorduna, bestela kartzelaratua izango baitzen: gaur bezala, kartzela oso gogorra zen nonbait orduan ere; Espainian ez dago kartzeletatik presoak askatuko dituen sanantoniorik, bai ordea erbestetik kartzelara ekarriko dituen barne ministrorik.

Ordularia: ordulari erraldoi bat izan zaigu deigarri, palazio edo plaza batetan egoen.

Santu militarraren eliza: Santu militar batek badu bere kuartela edo kuartelak badu bere santu militarra: ostean base militarra duen Santu militarraren eliza  edo aurrean Santu militarraren eliza duen base militarra.

 

Paduako S.Antonio: Herriko ertz batean baino herri herrian. Itzela. Izugarria da Basilika, sei kupula handi ditu  dena da marmol, kanpo eta barru; abside pintatua eta beirategi ederrak ditu: askotarako ematen du nonbait santuak.

Jende pila, beteta dago eliza, nagusiak eta gaztetxoak dira nabarmenki gehiengoa erromesen artean. Lourdes bat. Eliza ez beste edozer dirudi. Aldare nagusiko mikrofonotik  fraide handi batek eliza nolakoa den esplikatzen du: halako aldare halako urtetan egina.. baina inork ez dio inolako kasurik egiten, herria freskuran atseden hartuz, koadriletan kontu-kontari dago egon eliza osoan. Errezoak eta kantuak espero genituen Italiako pelikuletan bezala, baina oraingoz apaizaren esplikazioa  ia entzunezina bihurtzen duen izugarrizko berba hotsa eta etengabeko joan etorria besterik ez dago. Merkatua dirudi, plaza publiko bat da. Merkatarien etxea: deboten feria. Santuak ematen du  eta fraideek badakite dirua nola atera antolakuntza aproposak jarriz, hori da santuaren mirari nagusia. Osoki marmol zurian tailatutako artelana da Santuaren hilobia: eteten ez den erreskadan pasatzen da santuaren hilobira ez dakigu nondik. Zutabe baten kontra, hainbeste edertasunean artean S.Antonioren ohizko irudi arruntaren inguruan biltzen da jende multzoa errezatzera.

Patio ederra du komentuak; plaka, irudi, harri ederreko pulpitu edo balkonada bi... gutxienez santua bizi zela sartutako  magnolia ikusgarria erdian; klaustroa handia da, ohiko museo bihurtuta dago: erruz dabil erromesa hemen ere, pitxiak erosi eta zerbaitetarako, mezatarako,  hildakoentzat edo graziaren bat eskatzeko, dirua eman eta izena apuntatuz.

Elizatik irtetean, berbetan gentozenez, isiltzeko esan digu atezainak: hango eskandaluan, ordenuaren harriduraz, ziplo isildu gara barre egiteko ere kemenik gabe.

Parke zabal eta ederra jaso dute Basilika aurrean: irudi pila, zubiak, ura… dena berde. Autobusentzako parking eta guzti.

 

Identifikatzen ez dudan ordena bateko fraidea dago autobusaren zain kalean brebiario potoloa errezatzen jotake: gure gaztetan bezalako betebehar hutsa izan behar du zeren autobuseko ilaran kaleko zarata eta joan-etorriarekin ganorazko errezo handirik ezin daiteke egin  yoga teknikari iaioa ez bada behintzat.

 

Italian deklarapen fiskaletik apaizentzako %6a soilik lortzen dela eta propaganda zabala dabil ormetan  apaizentzako diru eske.

Hemen inguruan bizi izan zen Petrarca.

Engelsen Manifestu Komunista da liburu-denda  bateko erakusleihoan liburu salgai  nagusia.

Zeramika eta argazki erakusketa majoak daude hirian. Noizbehinka M. Luisa liluratzen duen erakusleiho bat ere.

Ur asko eta itxuraz garbia darama ibaiak. Zubi zahar bat, bertan adreiluzko dorre karratua eta honen gainean zementuzko arkurik gabeko etxe zuri arruntak halako itxura berezia egiten du.

Kale nagusi batzuetan txirrinduek bere karril propioa dute markatuta.

Beltzez janzten dira poliziak: faxista itxura osoa dute bere kapela horiekin.

Altsasuko guardia zibilen bat badabil hemen ere: “comunismo=cancer social” pintada. Igitai eta mailuaren pintada ere bada bertan, mailuaren debotoak Altsatsuko txakurrarena ezabatu du pintura gorriz eta gehitu: “morte al faszio”. Sakanaren bikia.  Katedralean pintatu du gure zibilak esbastika erraldoia. Badira arrazismoa salatuzko kartelak han-hemenka.

 

Bataglia: errepidearen parez pare, oso zubi potxoloz ertzak lotutako kanala du herri erdian luzera osoan.

 

Lorategirako tresnerien salmenta ugaria errepide ertzetan, inguru landuko etxe asko dago nonbait lurralde honetan. 

 

Rovigo: 40 kilometro egitea eragin digun oker bategatik heldu gara gidan agertu ere egiten ez den herri honetara: 2 dorre ditu eta biak okertuta, nabarmen okertuta. 500 pezeta kendu nahi izan digute pintura erakusketa batengatik. Marmolez jantzi gabe, biluzik, dago Duomoaren aurpegia. Bertanbilbo bat motorrean, beste bat bizikletan, dotore, tanganilo eta guzti. Jendea jai arratsalde-pasa lasaian kaleetan kontu-kontari. Hiriak betiko argazkiaz aparte jogurt jelatu gozoa ere eman digu.

 

Oso luzeak dira herritxoetako dorre gehienak, estuak diren itxura ematen dute errepideko urrutitik.

 

Adiggio ibai zabalak ureztatzen du herrialde osoa Po ibaiarekin batera: ez dute ur eskasiaren arazorik.

 

Montagnana

Harresiz eta dorrez inguratutako herria, herri zabala harresi barruan arren. Edan egin zuten hemen ere krokodiloek inguratzen duen erreten sakoneko ura. Batzuk pintatuta, dena arkupe da hiri hau ere; erdikale zabaletik zeharkako kaleen hondora begiratuz harresia ikusten da, hiribilduaren sentsazioa eraginez. Bi tximinia berezi ditu plazak.

Duomo: handia, nabe bakarrekoa, aulkiteria behetik goraino ezker-eskuma  eliza osoan; koadro pila, ederrak: 3 ditu aldare nagusian, bat erdian, bana albo bietan, orma dena hartuz, izugarri ederrak hirurak; presbiterioko aulkiteria zur landuzkoa, benetan ederra; absidea pintatuta du, baita kruzeroa ere; zurezko pulpitu handia, beso handi bat agertzen zaio albotik, halako sentipen tetrikoa sortaraziz.

Bat edo bi solairuko etxe arruntak ditu baina bada bitxikeriarik ere, harri landurik, leiho-aterik... Hemen ere insersoa dabil herriak ikusten.

Barrukoaren adinako herria dago harresietatik kanpo; etxadi baxua da alde honetakoa ere.

Herri osoa dago plazan eta alboko kaleetan,  jelatua janez asko, berbaro ozena entzuten da giroan. Gazte asko, inguruko herritxoetakoak ere bertara baletoz bezala, Elgoibarren ingurukoak larunbatetan biltzen diren bezala.

 

Este

Lur barruko nekazari herria, zaharra, alboetara asko zabaldu dena. Atsegina da arkupetan egunaren hondarrean paseatzea. Takian potian agertzen dira santutxoak horma-zuloetan: ba da naif erakargarri bat. Herri honetako arku asko baxuagoak  eta estuagoak dira, baina arkuak!. Porta Vechia zubi alboan.

Duomo de Santa Tecla, eliza obalatua da, Vienako haien antzerakoa, meza dute eta gazte eta zaharrez lepo dago; zertarako ez dakigun  bola handi bat duen erlojutzarra du erdian, orma biluzian; aldareek uzten duten horma-tarteak zapi gorriz estaliak; koadro asko ditu elizak, Tiepolorenak dira hiru, baina ezin ditugu ikusi, meza dela eta.

Masta: izugarri bat plaza erdian: oso bertakoak edo oso Italiakoak dira nonbait horrelako mastak; honek 50 metro baditu lainoetara, kantoietan lau lehoi dituen oinarri garau baten gainean jarrita dago. Ordulari  erraldoia du dorreak. 

Huts eman digu lehenengoz herriak, baina ibiliz ibili plaza eder, txoko polit, eraikuntza aipagarririk ikusi ahal izan dugu. Alde egiterako, nahiko ajez jota dagoen arren, herri ederra suertatu zaigu. Ez da turistak ibiliko diren herria,  herritarren beraien herria baizik, kafetegietako kanpoko mahaitxoetan  igande arratsaldea bukatzen ari direnen herria.

 

Ilunabarrean, nekea eta norabide kartelen eza ditugula etsai nagusi, kontuz ibili beharra dugu errepide hauetan, bidegurutzetako semaforoetan zenbait erretxindu haserretzen bazait ere mantso noalako.

 

Monselice:  tontor batetan dauden gazteluaren hondakinak markatzen dute. Plaza, dorrea... inguruko herrietako berezitasunak errepikatzen dira bertan. Herri txukuna, eskertzen da oinezkoentzako kalea. Berezi jantzi da jendea jaialdi baterako, astoa ere tarteko zela; festako berantiarrak soilik  ikusi ahal  izan ditugu. Berandura arte luzatu den txosnan afaldu dugu: txerrikiak bertako ardoarekin.

 

OGNI DONNA VIOLENTATA, RIPOSTA ORGANIZZATA.

W ZAPATA. 

FINO A LA VITTORIA

“Autonomia Operaria”  taldearen pintadak.

 

Hauteskundeak Euskadin eta Espainian. Ez ziguten postaz bozkatzeko aukerarik eman. Nolako lasaitasuna egun hauetan. Gauzak horrela, turismoa egin behar luke herriak hauteskunde egunean.

 

 

Maiatzaren 29a. Astelehena. 19.a

 

Treneko aspaldiko sentsazioak berrituz, gidatzearen ardurarik gabeko lasaian, abiatu gara goiz. Ikusgarria dago Venezia Errepublikako  lurraldea. Urtaro onenean harrapatu dugu harrapatu ere. Garia helduta, uzta jasota, belarra siku,  agian lurralde osoa horia eta lehorra izango da. Gaztela bera berde dago orain, gari-soro eta mahastiz estalita. Padovako hipodromoak Italian zaldi lasterketarako zaletasuna dagoela adierazten digu. Autoestrada berria egiteko lanak Euskadiko politikoen negozioak dakarzkigu burura. Intsusa ugari trenbide albo bietara. Herri asko,  inguru populatua.

 

Mestre: hiri handi guztietako etxetzar erraldoiz zatar, Bilboko nasan  baztertu dituzten garabi erraldoiak urrutira.

 

Venezzia

Itsaso zabala agertu zaigu aperitibo bezala, mila zertzeladek gizatartutako zabalera handia: hesola, sare, farola, txalupa,  motora,.. Irlatxoak han-hemenka. Urrutira teilatu eta dorreak. Zubi luzea .rla lurrari lotuz, errepidea ere gurekin doa. Trenez 40 minutu egin ondoren, behar zen ordu berean, heldu gara.

Errua, gutxitan hala bada ere, noizbehinka onerako ere bada: kanal nagusitik doana ordez  bestaldetik doana, S.Marcos aurreko badiara itsas zabalgunetik eramango gaituan baporetoa hartu dugu: bertatik, badiaren bestaldetik,  izan dugu  Veneziako alderdi ezagunenaren ikuspegi zabala, dotorea. Txinbitoan Bilboko ibaian ibiltzea bezain berdina izan da: ura zikina, nasetan dena zen zamalda garraioa, kamioietan ordez txalupetan egina, industrialdeko giroa, Merka-edonongo inguruko giroa. Itsas zabal aurrera atera gara, zabalgunera, kanaletik izango ez genuen ikuspegi zabala hartzera; merezi izan du hiru ordu laurdeneko baporeto bidaiak. Autoen ordez motorak, kamioien ordez motorak, taxien ordez motorak, poliziak ere zodiaketan. Baporetoek hots handia ateratzen dute. Jendez gainezka, burrunbatsua, mila geltoki duen uretako autobusa dira baporetoak. Jendea erruz, mundu guztiko morroiak. Abstrakzio handia egin behar da hemen giro poetikora heltzeko. Literaturaren eraginak zerikusi gehiago du errealitateak baino Veneziari buruzko poesian.

 

Jendetza, saldoak saldoka, gu bezala bakarkakoak ere bai, insersoa ere internazionala da hemen.

 

Palazzo Dukale: perspektiba gutxi du oinezkoentzako. Espero genuena da: harrizko arkuteria, erdiko balkoi ederra, taila ikusgarriak, alboan kartzela, leiho-ateetako burdina-sare itzelak; Hasperenen zubia nondik ihes egin omen zuen errokanboleskoki  Casanovak; benetan azpimarratzekoa sarrera izugarria: landutako marmol zuriz eskailerako harmaila eta heldulekuak, frisoak, estatuak, kapitelak, ... Dukea ez zen edozein bertanbilbo. Badu izan zer garbiturik, fatxada ondo zuria badu ere, zati asko dago belztuta. Garbitzea negozio bilakatzen denean egingo dute hemen ere: txanda-zain daude nonbait.

 

Katredala: atzoko Padovako San Antonio elizaren antza du: jendez gainezka eta izugarrizko berbotsa, etengabeko joan-etorria, sartu-irtena. turismo erlijiosoa zen San Antoniorena, santu usainera zihoana,  xumea, baserri estilokoa; hemengoa ordez laikoa, Venezia ikustera joan denarena, kosmopolitagoa, beste kultura batekoa. Baina giroa eta ingurua berdina da, kontraesanak ere antzerakoak: neska bati ez diote utzi sartzen maukarik gabeko alkandora zuelako; eraikuntza bera izugarria da: fatxada gaineko zaldi handiek atentzioa deitzen dute, 9 mosaiko handi ateburuetan, marmol zuri izugarri trebe landutakoz ateak, iruditxoak, bi politikoen buruak, ... ; tokatzen zaion bezala zabalik, arratsaldez bueltatu garenean itxita bilatu badugu ere siesta garaia zelako-edo.

Mosaikoak:  Ikustekoak Ravenan ikusita genituelakoan geunden gizagaixook: liluratu gaitu berriro mosaikook dena da izan ere gaindigai: sabai osoa da mosaikoa, hiru  nabe, bospasei bobeda, ormak... auskalo zenbat ehunka metro karratu dena mosaikoz apaindurik, lurra ere mosaikoa da, Bataiategi osoa ere bai, baita elizpe luze eta zabala ere; Ravenan berdeak eta urdinak bezala urre kolorea gailentzen da hemen; Ravenakoak biziagoak ziren agian baxuago egonda gertuagotik ikusten genituelako.

Presbiteriora sarrerako zutaberi gainean Oteitzaren Arantzazuko 13 apostoluak  14 bihurtu dira. Pulpituak: bi, hexagonal zabalak: batek, marmol marroikoa, barruan edo gainetik albo borobilezko beste pulpitu bat du; bestean, harri kolorekoa, bertan sermolaria ez ezik komentuko fraideteria osoa sartuko litzateke; etenik ez duen miniatura da dena, dena taila, dena detaile, txikikeriak agian baina artelan politak.

Aldare nagusiko dosel edo errezela sostengatzen duten lau zutabeek izugarrizko tailak, miniaturak, dituzte: 9 erreskada, erreskada bakoitzak arra bete eta erdiko goiera, buelta bakoitzean 10 bat irudi, (urrutitxotik ikusi ditugu ordaindu ez dugulako), 10x9=90 irudi  zutabe bakoitzak, 360 iruditxo ditu doselak, gehi dosel beraren filigranak. Hemengoak ez du akaburik. Ez dute kobratzen sarrerarik, baina ordaindu egin behar da barruko zirriko bakoitza ikustea, txoko asko direnez askenez garestia ateratzen da eliza ikustea.

 

San Markos Plaza: herrietako plazen berezitasunak errepikatzen dira hemen, nor-nori-nork?: dorre ederra erloju erraldoiarekin, kanpaitxo-dorrea, gainean kanpaia eta bi morroi... -Veneziako kanpanile famatua-, hiru masta luze; handia, hiruzpalau musikari taldez animatua, giro atsegina, eserita zerbait hartzen dagoen bisitariz, edo patxadako zein presati ibilian dabilen jendez gainezka. Hemen ere poliziek gazte bat daramate  atxilotuta: jende artean, eskuak loturik: hemen ere.

 

Rialto zubia: jendez gainezka;  harri gorrizkoa, zabala, Firenzekoa bezala salmentarako egokitua: bertan denetik saltzen da, bitxiak zein salgai merkea.

Zubiaren bestaldean, merkatua, denetikako elikagai finak: miniaturazko tomateak, ortuari bereziak, bere lora eta guztiko kalabazinak, ortuari tentagarriak, ...

 

S.Zacarias eliza: koadro pila du, denak handiak, neofitoak garen arren ederrak iruditzen zaizkigunak.

Asko gara  elizan patxaran jartzen garenak musika goxoa entzunaz, kanpoko berotik libre, freskuran lasai,  deskantsatu ondoren kaleetan aurrera egiteko prestatzen.

 

Kaleetan galdu gara, turismo guneetatik at; ia inor ez dabil eta atsegina da ia gehienentzat ezezaguna den hiria ezagutzea. Labirintoa dira kaleak: S.Markosetik geltokirako kaledi arteko bidea markatuta dagoenez baduzu norabidearen berririk baina eguzkirik ez balego ez legoke antzik ematerik nondik nora edo norantz goazen. Betiko kale eta kalexkak: hemengo kaleak kalexkak dira, kalexka  estuago ezinekoak; estilo guztiko kanalak takian potian, ibilia gora eta behera eginaz. Kanal batzuk turistentzat dira, gondolen ibilbidea, besteak herriarenak: hauek ere txalupa eta motora dute garraiobide, lanerako zein edozein zereginerako, urezkoa baita kalea. Kanal gainetik etxetik etxera arropak eskegita. Polita da kaleak norabide jakinik gabe gurutzatzea. Itsasgora tokatu zaigunez atseginak daude kanalak, labadoraren eta bestelako ur zikinez lohiak dauden arren, baina bat ezik kiratsik gabe. Mila txoko eta zerikusi polit: harrizko putzuak, ormetako santu-zulo pila, palazio, ate, leiho, balkoi, zubi,...

 

Garabi  bat baporearen gainean, tokatzen den bezala; kale-berritzeko lan ezberdinak, hesola sartzea eta abarrek teknika berezia eskatzen du hemen: interesgarria da begiratzea nolakoak diren teknikok. Eskolaume koadrilak dabiltza ikasketa bukaerako txangoan, zalapartatsu, tokatzen zaien bezala hauek ere. LA STAMPA egunkaria irakurri dugu geltoki aurreko zubian: ia ezer ez dakar guretzat interesgarririk, baina PPk askoz irabazi duela bai; Euskal Herria ez du aitatu ere egiten. Erosi ahal izan dugu atzoko EL MUNDO ere, baina honek ere ezer gutiz informatu gaitu, informazioa ez baita gaurko egunkarien zeregina, politika edo agitazioa egitea baizik. Ortuariz soilik, bazkari gozoa egin dugu  Rialto zubi ondoko sef-servisean: bertako komun-katilua ia turkoak bezain baxua, oso erosoa, patxadakoa. Inserso osoa dabil gondolan soinu-mutil eta guzti: hemengo insersoa ere internazionala da, mundu guztiko zaharreria gabiltza hemen,  taldeka batzuk, beste batzuk bere kontu,  gu bezala.

S.Markos plaza dotorearen alboan, Dukearen palazioko arkupetan kloxar bat aurkitu dugu eguzki sargoria izan arren beroki guardasol eta botaz jantzirik. Arratsaldea aurrera, nekatu aurpegia du jendeak Venezian. Bazterretan, kanaletako ertzetan, harmailetan, jende asko dago eserita.

Veneziako beirazko irudi pila era guztietako denda guztietan: bada turistarentzako lanean agerian ari den artisaurik; maskarak eta denean aurki daitezken gauzak,  merkeak eta garestiak, onak eta txarrak, artelanak eta txapuzak, finak eta zarpailak horrelako tokietan  izaera eta poltsa ezberdinetarako aukera ezberdinak, ohi den bezala.

 

Esperientzia polita izanda gaurkoa ere: noraezean ibili gara plano eta gidari begiratu gabe, zerbait  interesgarria ikusitakoan soilik kontsultatuz gida. Ez digu hutsik egin Veneziak: bitxia, berezia, ezberdina, kale-zubietan bildu eta bereganatzen zaituena.

Trenak ere tokatzen zen orduan, atzerapenik gabe, utzi gaitu berriro herrian.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.