Burutapenak 3
2.- GIZAKIA
Ahalak eta ezinak
Nahaiak vs ukoak
* Ez da ahuleziaren bat ez duen gizakirik.
* Gizaki oro ez ote ubikuotasun batean mugitzen, garenaren eta nahiaren artean harat honat beti.
* Egindakoa baino, ez egindakoa da gizakiaren eta gizartearen bekatu nagusia.
* Lanbide bat baino giza-maila bat, nolabaiteko titulu bat, behar duzu gaurko gizartean.
* Monotonia hautsiko duen zerbait ezberdinaren egarri bizi gara beti, baina une arruntez osatuta dago gure bizitza.
* Denok, bakoitza maila eta gai ezberdinetan, itzaletik atera eta fikzio batean eraldatzen gara.
* Denok ditugu geure-geureak zaizkigun uneak, inor ezagutzen eta ezagutuko ere ez dituztenak.
* Sarri hartzen dute gure burua gertatzen ez diren gauzek edo gerta daitezkeenek: errealitatea saihestu eta lasaitzeko trikimailua da.
* Buruko gaitza ohi da gizakiaren gaitz nagusia: akats fisikoa izan daiteke batzuengan; buru antzua da, baina, larriena, buru ondo jantzienetan ere.
* Ahots ezberdin asko ohi ditu bakoitzak barnean, ahots zintzoa aukeratu eta jarraitzea da zailena.
* Sekula berde jartzen ez den edo esperoan edukitzen gaituen zenbat semaforo gizakion artean!.
* Izaki bakartiak direla uste dut pertsona harroak, harreman asko eta handikeria ugari arren, barne bakardadea pairatzen dutela.
* Minarena da gehienok irensten gaituen amildegia.
* Ba ote munduan benetan damutzen den gizakirik?, puntualki eta une zehatz pasakor batean bai agian, baina dena justifikatu ohi dugu azkenez.
* Monotonia hausteko ahaleginak dira gizakiaren ekintza gehienak.
* Itsu biziko da egunerokoari argi eginen dion zerbait ez duena.
* Burua ere alokatzen diotenean dago galdua gizakia.
* Ezkondu askok jarraitzen du mutilzahar eta neskazahar.
Aingurak
* Bakoitzak dugu gure elizatxoa, bere fede eta errito jakinekin.
* Bertutea maitatzea litzake erlijioa, ez erritual bat betetzea, edo parafernalia bat osatzea.
* Basamortu itzel bat da Jainkoa kristau gehienentzat.
* Gertatu ez diren gauzak dabilzkigu sarri, agian sarrien, buruan, ihesbide.
* Esperantza etsai nagusi bihurtzen denean dago gizakia noraezean.
* Bakoitzak berak aurkitu behar dio bizipozari babesa, erraza ez den arren.
* Egi edo sineste sendo ezberdinak asmatzen ditugu sarri, gure zalantzak, hustasun eta ezinak estali edo itotzeko.
* Egunero errutinari etenalditxoa ematen dakienari ez zaio hain monotonoa egiten bizitza.
* Zeregin interesgarria, jolas aberasgarria ere, izan daiteke aztertzea zerez eta nola ahalegintzen garen estaltzen barne isiltasuna.
* Fedea eta fanatismoa elkartzea, lehergailu bati su ematea da.
Zirrituak
* Isolatuta uzten du gizakia oroimenik ezak, entzumen edo ikusmena galtzeak baino harago.
* Badira sekula ahazten ez ditugun bizitzako pasarteak, zorion eta samin iturri zaizkigunak.
* Ezin dira oroitzapenak tiradera batetan gorde, ezta edonolako zurrunbiloetan ito ere.
* Ze zaila den, ia ezinezkoa, oroitzapen eta sentipenak hitzez birformulatzea.
* Bizitakoak soilik gogoratzen ditugu, bizitakoarekin lotzen dugu entzun edo irakurritakoa.
* Oroitzapena: sentipen galduen portua, eta amets berrien abiapuntua.
* Inor ez, baina norbait izan, sarri bizi dugun sentipen urduria.
* Zenbat gauza dakigun, baina ze gauza gutxik hunkitzen gaituen edo zirrara sortarazten.
* Zerbait garrantzitsua galtzen dugunean sentitzen gara bakar.
* Lotsak ez du sendatzen, zauria gehiago mintzea da gehienetan egiten duena.
Izan eta ukan
Garentxoak
* Garela uste duguna ote gara.
* Zenbateraino garen garentxo jabetzeak egiten gaitu handi.
* Itxuraz ezberdinak, sakonean berdin samarrak gara gizakiok.
* Gure buruarekin ohituta, besteek ezagutzen dituzte hobeto gure aldaketen ñabardurak.
* Arrotz ohi gara jendearentzat begietara begiratuz hitz egiten gaituenean ere, begiratzen gaituzte baina ez gaituzte ikusten ere.
* Hitza besterik ez da zenbait pertsona.
* Zenbaitzuk hitzez diotena direla uste dute, jokabideak erakusten du izaera erreala.
* Zerk egiten gaitu gizaki?.
* Garrantzitsua da bakoitzak nor den jakitea, baina baita non dagoen jakitea ere.
* “jan eta lo” horrelako izaera eta jarrerakoak gara asko edo gehienok.
* Ez omen aldatzen pertsona: hala uste dut, jokabide asko aldatzen badugu ere, beti bera jarraitzen du pertsonak sakonean.
* Zenbat beldur, zauri eta zalantzaz bizi garen, baina kanpoaldean ez da ni hori agertzen.
* Ingurukoek hobeto ezagutzen gaitu sarri norberak baino.
* Orijinalak izaten saiatzen gara, baina bakoitza berenez nor azaltzen denean da benetan pertsona orijinala.
* Ametsek eta garaipenek haina osatzen dute gure izaera porrotek.
* Ergelek badute adimentsuak direla ustea suspertzeko joera.
Kiribiletan
* Ohartu-ulertu, bi kontzeptu ezberdin ez ezik, bi bizipen ezberdin ere badira: ohartzen gara hainbat gauza eta gertakizunez, baina ez ditugu ulertzen.
* Kalezuloan arren, espazio zabal errealean, ez birtualean, bizi daiteke; alderantziz, zulo psikologikoan bizi daiteke lautadan arren.
* Giza ukitu bat bilatu denari: sarriago eta kontzienteki gizatiar sentitzeko egin beharko genukeen ariketa.
* “Egotearen arintasuna”: bizipen gozagarria.
* Zenbat esanahi eta bizipen adierazten digun sarri hitz bakarrak, eta zein gutxi, aldiz hitz zaparrada batek.
* Zerbait buruan bueltaka ari zaizunean, zergatik ez dakizula, gai horrekiko interesa erakusten du zerbaithorrek.
* Betirako preso harrapatzen gaituzte zenbait begiradek.
* Mapak: bidaia-utopiak eta bidaiari-bizipenak.
* Beste norabait bizitzera doanak leku bat baino bizipen bat uzten omen du atzean: badu egiatik asko iritzi horrek.
* Ze hari misteriotsuek lotzen dituzte sarri gure gogoeta eta oroitzapenak.
* Toki propioa dute bakoitzaren oroitzapenek bakoitzarengan, transmititu ezinak dira, norbaiti zehatz kontatu arren.
Iparrorratza
* Laket zaio bizitza, edozein dela ere egoera, ukitu absurdoa jartzen dakionari.
* Etorkizuna iragan bihurtuz bizi da jende asko, nostalgiaz: aingura botata bizi dela traza du jarrera horrek.
* Asko dira presaka bizi direla itxura egin, baina asperduran bizi direnak.
* Izenak ez du gehienetan, ia inoiz, izana edo dena erakutsi edo adierazten.
* Barnean daraman sakontasunaren arabera aldatzen da gizakia.
* Beti zerbaiten zain dagoen pertsona da izakia.
* Bada agindua bete besterik egiten ez duen jende bat: bizimodua erraztu dezake jokabide horrek, baina automata edo hilotz bihurtzen zaitu.
*Norberak soilik esplika dezake bere bizia, norbera baita bere aditu bakarra, norberak erabaki dezake soilik bere bizia nola, bere erantzunak bilatu.
* “sentitzen dut” sentipenik ez duenak hauts asko pilatuko du barne sokoetan.
* Zanpatzeak aldatu egien omen zaitu: hor datza torturaren zergatika eta kartzelaren helburua.
* Jantziaz eta inguruarekiko parafernalia ezberdinez arduratzen da gizakia, oso gutxi barne edo giza molde osagaiez.
* Ez gara sekula zerotik hasten, beti dugu eragiten digun geure eta gizartearen iragan bat; guraso, senide eta gizartearen iraganak baldintzatzen gaitu jaiotzean bertan ere.
* Esperantzarik ez duena da nostalgikoa, atzera begira bizi da, aurrera ordez.
* “… kulturaren bertuterik handienetakoa heriotzari pultsua hartzeko duen arrisku zaletasuna dela”. Heriotzari pultsua hatzeko arrisku zaletasuna bada kulturaren bertuterik handienekoa, erruleta errusiarraren jolaskideak lirateke pertsonarik kultuenak.
* Betaurreko beltzak daramatenei barnea ere iluntzen ote?.
Hitzak eta ekintzak
Trukean
* Nolabait mingarriak dira gehienetan esaten ez diren hitzak.
* Aldi laburrerakoak ohi dira alkoholak ahalbideratutako adiskidetasunak.
* Hiztunago bihurtzen dira batzuk lagunartean, zenbaitzuk, aldiz, isilagoak.
* Aztertu nahi den zer horren mailan jarri behar gara, eta ulertu nahi dugunaren lekuan: lausotuta edo oker ikusten dira gauzak, gertakizunak eta pertsonak, kanpotik edo urrutitik begiratuta.
* Norberarenak arintzea dakar besteen arazoak leuntzen saiatzeak.
* Norbait geureganatu nahi badugu, bereganatu egin behar dugu lehenengo.
* Ez dut uste denok dakiguna partekatzea denik harremanak sakontzea: gauza jakin eta ebidenteez ari baikara ia beti.
* Igogailuan antzo, bakarrik zaude gehienetan besteekin, taldean zabiltzanean ere.
* Ze urrun geratzen zaigun zenbait pertsona, zu hur beste zenbait, begiradak badu horretaz eragina, begietara begiratu edo ez horrek.
* Ez da gauza bera elkar hartu eta elkartu, ez gramatikan ez gizartean.
* Norbere buruaz mintzatzen gara batez ere, ia etenik gabe, norbaitekin hitz egiten ari garenean ere.
* Sinetsi nahi duenak soilik sinesten ditu besteen adierazpenak, eta norberaren iritziarekin lotura duten heinean soilik.
* Pluralean bizi denean funtzionatzen du bikoteak, banaka hastean hausten da.
* Esanahi asko ditu irribarreak, ez da ezeren bermea.
* Arrotz gara sarri ezagunen artean, zenbat aldiz!.
* Laburtu egiten ditu batzuetan alkoholak gizakien arteko distantziak, zenbait aldarte eta pertsonetan, aldiz, bere baitan isolatzen du.
* Monotonia hausteko ahaleginak dira gizakiaren ekintza gehienak.
* Bere burua ezagutzen ez duenak zaila du beste norbait ezagutzea ere.
* Besteak ezagutzeak laguntzen du norbera ezagutzen.
* “Etsaiarekin indartsu, maite eta errespetatzen zituztenekin samur”: gizalege zentzuduna.
Batean bi vs bi bitan
* Edozein adini lotuta dago maitasuna deitzen dioten hori, maitasuna zer den da inkognita.
* Auto-estimu kontua dela maitasuna?. Agian bai.
* Aho biko ezpata da maitasuna, segurtasuna eman dezake, baina baita zauritu ere.
* Egia da maitasuna suntsitzailea dela, onenean ere kaltegabekoa, nahiz egia den ere aldizka pizgarria, osasungarria eta gozagarria dela.
* Ezkontide emankorrak izan ohi dira maitasuna eta isiltasuna.
* Auzo ibili ohi dira sarri maitasuna eta melankolia.
* Kezkatu, beldurtu ere, egiten zaitu maitasunak, hainbeste bihurgune, zoko eta ertzekin topo egiten duzunean liburu bat irakurtzean; zerbait berezko edo naturala iruditzen zaizu maitasuna, baina izugarri korapilatsua da.
* Ergeldu eta adoretu, bi eraginok ditu maitasunak, nahiz adore hori ergelkeria izan.
* Gorroto behar genituzkeen pertsonak maite ditugu sarri.
Norbere baitan
* Beren berarekin bakarrik egoten ez dakiena ez da bereaz nagusituko.
* Barregarri geratuko ginateke besteen begiekin eginiko argazkian.
* Krudelegia litzake sentitzen ditugun burutapenak esatea.
* Umilagoak ginateke besteen begietatik ikusiko bagenu gure bizitza.
* Lehenengo norbera ezagutu eta ondoren deseraiki, hori egin behako genuke gizaki berri bat izaten hasteko, baina zaila da, ausardia behar delako batez ere: baita norakoa garbi edukitzea ere.
* Une nekoso, gaitz eta nahasietan zailtzen da pertsona.
* Norbere barnean gu geu aurkitzea, hori da segurtasuna.
* Barneko isiltasunaren zarata entzuten duenak sinfonia oso bat entzuten du.
* Bere barnean igeri egiten dakiena ez da itoko.
* Zenbat ni dauzkagu bakoitzak, niok kontatzen hastea jolasa edo jokoa izan daiteke, baina ez dugu sekula nion zenbaki zehatz bat edukiko, beti agertuko baitzaigu ni berri bat.
* Barruan daukazunak moldatzen zaitu, inguruak baldintzatuta arren.
* Ez da urrutira helduko beti dudatsu dagoena.
* Denok ditugu, den-denok, inork zapaldu ezin dituen espazioak, norberak soilik ezagutzen eta inork zabaldu ezin duen dituen kutxa beltza, inori zabalduko ez dioguna gainera, leihorik gabekobakoitzaren antzokia.
Gurutapenak 3
GOGOETAK
Ahalak et ezinak
Ezinen zidorretan
* Lasaibiderako jarrera da datorrena tarteko zerbait bezala hartzea, azken helburua lortu beharraren beharrez bizitza ozpindu ordez.
* Defentsa arriskutsua da erantzunik gabeko galderak saihestea.
* Indarberritze asmoz, baina ahultasunerako esparruak sortzen ditugula irudipena dut.
* Oso gogorra da norberaren lotsaren preso bizitzea.
* Bizi guztirako orbana baino betirako zauria uzten dute bizitzako zenbait akats edo jokabide okerrek, eta azken arnasaraino ziztatuko gaituzte.
* Zerbait galtzeko beldurrez bizi denak galdua du jada zer hori.
* Zauri mingarrienak baino min gehiago eragiten dute beldurrak eta ikarak.
* Misterio geruza batek biltzen du beldurra, zer izango edo zer etorriko ezjakinak.
* Denok dugu beldurra, beldurrak norbera ez geldiaraztea da ausardia.
* Gauzak ez dira gizaki batek galdu ditzaken zer bakarra, gauzak kenduko dizkiotela soilik beldur denak galduko du dena.
* Zenbat aldiz eragozten digun aldaketa geroaren beldurrak.
Izarñoak
* Ez dago logura bezalako koltxoirik.
* Hurbilago du edertasuna sosegua duenak.
* Bizitzako egun onak dira biziraupenari aurre egiteko helduleku eragileenak.
* Jasan ahalko luke gizakiak etenik gabeko zoriona?, aspergarria litzake.
* Lan edo zeregin orok interesgune bat behar du atsegin bihurtzeko.
* Gogoratzeko moduko egun edo une bat egiten dakienak lortu du zorion izpirik.
* Zorte ona erakartzen dakienak ohi du zorte ona.
* Garrantzia du arriskua sumatzeak, emankorragoa da zorion izpiak non aurreikustea.
Izan eta ukan
Izarren hautsa
* “Hitzen eta beste ororen gainetik hegan egiten duen txoria da bizitza”, txori izan, merezi duen ahalegina.
* “Bizitza denboraren bi punturen artean gertatzen den zerbait da”, mugatuak arren, gara.
* “Gure bizitzaren esanahia xumea da, ez deusa, ia barregarria”: ados, bakarrarena edo bakarka soilik hartuta.* Norberarekiko harremana da batez ere bizitza.
* Zentzua galtzen du bizitzak amildegi iluna bilakatzen denean norberaren barnea.
* Ikusten eta sentitzen duguna soilik bizi omen da; bakoitzaren kontzientzian bai agian, baina errealitate bat badago hor kanpoan eta izugarrizko eragina du bakoitzarengan.
* Naturaren izpi bat, inar edo distira bat da gu bakoitzaren bizitza unibertsoarenarekin alderatuta.
* Joanekoa soilik delako eusten diogu bizitzari.
* Bizitza luzatzea ez da izan behar helburua, uneak edo oraina bizitzea baizik.
* Zirrikituz beteta dago bizitza, pitzatuta.
* Bizitza erdizka bizitzea da gauzak behin-behinekotasunez egitea, bizitza galdua da apaldutako ilusioz eginiko bizitza, edo asmo nabarmenik gabe eginikoa.
* Biziaro denak dira onenak, bizitzen jakinez gero.
* Noiz erdibidetik, noiz zuzenean, noiz itzulingurutik… hor datza bizitzako jakinduria.
* Jaiotzea eta heriotza, oharkabean pasatzen zaizkigun uneak.
* Heriotza ez da doian bat, tristea baita.
* Adimenak ematen die izatea gauzei.
* Norbere bizitza bizitzen jakin, hori da funtsezko jakinduria.
* Ez dena izan daiteke, izan dena ez da izanen.
* Irri eginez edo betilun begiratzen diegu zenbat gauza edo gertakizunei, zergatia jakin gabe.
Hitzak eta ekintzak
Joanez
* “Bai baina ez”: emaitza onik ez duen dudakorraren jarrera da, zerbait zehatzik egiten ez duen heinean.
* On izatea ez da nahikoa, beharrezkoa da on jokatzea ere.
* Ahalegin soilak ere bere balioa du helburua burutu ez arren, oso emankorra da gehienetan.
* Ekintza eta egitasmo altruista eta justuenak ere zer dira nolabaiteko egilearen barne plazera baino, helburua lortuz areagotzen dena.
* Mugiezinaren indarra: ze gutxi erabiltzen dugun, ia ez dugu erabili ere egiten, pasibotasuna eragiteko tresna bezala.
* Segurtasunik eza da aurkari nagusia ekintza batean.
* “Sentitzen dut” esaldi hain erabilia: bestea botata utzi eta “maitea” esatea bezala da.
* Denboraz dugun zentzua gizakiona soilik ote da, ala bizidun ororena.
* Mugimenduaren ondorioa da denbora, denbora ez da existitzen, gauzak baizik, aldatuz doazen gauzak.
* Ze arrazoi ezberdinek eman dezaketen denboraren neurria.
* Herrialde hurbila da iragana askotan, ez du axolarik nora itzultzen garen.
* Askok du denbora galtzea bizitzaren helburu.
* Sarriegi uzten ditugu alboan erantzunik gabeko galderak.
* Soinu bihur daiteke zarata begiak itxita; begiak zabalik zarata jarraituko du zaratak.
Versus: aldaketaren funtsa
* Usteldu orok sortzen du bizia: bizitzaren printzipioa.
* “Bizitzak ukazioa esan nahi du”: etengabeko hautua baita bizitza.
* Finkoa da ideal politikoa; aldakorra, aldiz, mundua begiratzeko modua.
* Zenbatu ahal diren gauzak gutiziatzen ditugu, baina zenbatu ezinak dira garrantzitsuenak bizitzan.
* Gure begiek, itxita ere, ematen die errealitatea gauzei.
* Leku asko betetzen dute ezerezek, kontraesana dirudi baina hori da errealitatea.
* Gauza bat da zerbait jakitea; beste zerbait, dakigun hori ulertzea.
* Dirua beti da zama, aberatsentzat ere.
* Hautu bat da begirada, era berean uko bat ere.
* Txikitasun sentsazioaz harago, norberarekin elkarrizketa aukera eskaintzen du isiltasunak.
* Ez dago salbuespenik gabeko ezer.
* Izan daiteke jolas kilikagarria inguruko jendearen begirada ikertzea.
* Norbere baitan dago beti arrisku nagusia.
* Buruarekin sentitzen dena ez da ez mingarria ez arriskutsua.
* Arriskutsua da burua eta bizitza nahastea, nahiz zaila den bien arteko oreka; bihotzari ala burmuinari eman lehentasuna, hor dago koska.
* Bilakaeretan ez dagoela gailur iraunkorrik, egonkortasunik ez dela existitzen alegia, irakurri dut: hala delakoan nago, gorenera helduaz bat hasten baita gainbehera.
* Logika eskatzen zaigu erabaki eta eginbideetan, baina lehorra ohi da logika.
* Zaratak zaratari egiten dio dei, jendeak jendeari, tabernetako jendetza lekuko.
* Dena da erlatiboa, pertsona bakoitzaren unearen araberakoa; gorakoa eta beherakoa, goialdera edo sakonera bidea da aldatsa, doanaren norakoak erabakitzen du zer.
* Urduritasunak eragiten du ekintza ala alderantziz?. Ez dut uste arau edo kausalitate bakarra dagoenik, unearen balditzen arabera batak zein besteak eragin dezake ekintzetan.
* Ez dago omisiorik, jarrera aktiboak direlako omisio antzuenak ere.
Geroaren lilura
* Mitoetan lo baino utopian amesten duen herriak eginen du aurrera.
* Historia istorio bilakatzen saiatzen gara sarri, errealitateari ihes egin asmoz. Baita istorioa historia bilakatzen ere, interesen eraginez gehienetan.
* Gau eta goizaldietako egiak gezur antzuak bilakatzen dira eguna heltzean.
* Ez du maite etorkizuna amets egiten ez duenak.
* Misterioa amestera bultzatzen gaitu errealitateak, misterioa errealitate bihurtu asmoz, eta misterioa errealitate lortu ezkero beste misterio bat asmatzen dugu.
* Ilusioa lausotzen duen pentsamendua da arriskutsuena.
* Egiari beldurra dario eta datxekio.
* Beldurrari ez zaio beti eta erraz antz ematen, lotsagarria baita gure gizartean, horregatik ahalegintzen gara ezkutatzen
* Artista, ametsen lurra lantzen duen nekazaria.
* Irudimenean baino ez daude eleberriak, filmak ere, baina errealitatea bailitzan aipatzen dituzte askok, agian norbere bizitzaren ispilu direlako.
* Gizaki nahiz izaki, ameskeria dago beti handikien, ostean.
* Traidoreak ohi dira ametsak, ez baitira betetzen gehienetan.
* Bi errealitate ezberdin dira liburuetakoa, medioetakoa, diskurtsoetakoa eta benetako errealitatea.
Bidaiak
AOSTA.
Turismoa du bere behi baliotsua oraindik nekazaria den bailarak, eta bere errapeari erreberoa ateratzen ahalegintzen da. Bailara atsegina. Zerk zikintzen ote du ibaia hemen goi jaioberrian?, indar bizian dator eguzkiak urtzen dituen elurrengatik oparo.
Isogne: Gaztelua du errapeko titirik preziatuena: barrutik beharko du izan polita edo ederra. Eguerdiko bero itoak eskertzen duen ur ugari eta freskoa du.
Kanpina. Baso barruko belardia da kokagunea, belardi bihurtutako baso esparrua; bertatik ikusten ditugu urrutira tontor zuriko mendiak, gandorrok laino zuriekin elkarlotuz. Teila gorriz eta arbel iluneko herritxoak mendi magaletako arboladi berdeetan gorantz, lautadako ibaiaren gainezka egitearen beldur nonbait.
Aosta hiriak nonahitik ditu begi-bistara mendi garai elurtuak, mendiok inguratzen baitute. Hiri txikia da, herritxoa besterik ez. Frantses turista ugariek kolonizatu dute, iragarki denak italieraz eta frantsesez daude, hizkuntza propioa duten arren. Bere baitan, erromatarren arkua, zubia, pretoria atea, harresia, teatroa, anfiteatroa... eraikuntza sendoak. Sendoak behar zuten izan baita ere erromatarrak aurreko Alpe mendikate sendoa igarotzeko Galiarantz
Ikastetxeko patioko horman Picasoren Gernika, bikain errepikatuta.
Ulertezina zaidana da zer egiten duten aingura handiak bertako azaleko ur bizkorren erreka ertzean, edo Neptuno eta Neptunosak udaletxeko bi zutoinen aurrean sarde hirukoitza eskuetan, itsasoaren amets mendiarte hauetan.
Nongoak garen, Sardiniako nongoak, galdetu dit gizontxo batek, begiak alai, bere herrialdekoren bat aurkitu duelakoan. Sardiniako matrikula ere SS omen.
Uztailaren 1a. Larunbata. 52.a
Alboko bi karabanako andre eta gizonak, potoloa bata potolagoa bestea, jo eta ke ari dira asfaltatuko bidexkan dauden bi inurritegi, edo inurritegi beraren bi sarbide hondatu nahian: gasolina bota dute zulora, su eman diote ondoren; agian orain karabana azpian egingo diete argira ateratzeko behar duten bide berria.
Aurreko bi mendi kasko elurtuen magalean ozta-ozta ikusten da basoa garbigunetan, teilatuek diotenez, herritxoa.
Aosta.
450 urteko zaharra den ezkia oparo dago oraindik hosto berde eta fruituz, gerria erdi hustua badu ere.
Sant`Orso eliza: Aosta bailarako lehen eliza, sentziloa baina potxoloa; dorre erromaniko ederra; hiru begiko arku batek banatzen du bitan eliza, beheko zatia eta presbiterioa bereiziz; koloreetako marmolezko arkuak Kristoren irudia eta beste santu-irudi bat ditu gainean; freskoak dira gangetako nerbioak, fresko zati ederrak eta fresko hondakinak gelditzen dira ere hormetan; marmol koloreko itxura dotorea dute ormak, pulpituak, eta arkuak; barneko zutoinak ia landugabeak, bakoitza ezberdina, antzinako pietà ederra, ganga obalatua aipatu behar; ikusgarria da koruko aulkiteria, zurezko taila izugarriengatik, barne taila bitxi liluragarriak baitira eskulekuak: bada eskuez ipurdia estaltzen duen animalia bat!; zehaztasunez eginiko zurezko irudiak ditu gotzain-aulki harrigarriak; aipatzekoa da ere teilatu arreko klaustroa, txikia eta xarmanta, bakoitza ezberdina den filigranazko kapitelekin: konjunto pospolina; kripta.
Alboan klaustro antzerako beste fatxada bat eta punta zorrotz konikoan bukatzen den adreiluzko dorrea.
S. Lorentzo eliza: indusketakoak dira soilik geratzen zaizkion hondakinak, zementuzko estalki baten azpian ikuslearentzat itxuroso gertatuak: zutik dirau elizaren fatxadak: triangelu baten puntatxoan bukatzen da gailur beltza, gorriarekin kontrastea eginaz.
Anfiteatroa eta Foroa: adar-jotzea dira, komentua eta etxadia baitituzte gainean eraikiak, ez zaie antzik ere ematen erromatar eraikinok non dauden eta nolakoak diren.
Pretoriaren arkua: sendoa, barne-barnean ukitzen nau bere ondoan naizen bakoitzean.
Zubi erromanikoa: hiri honetako eraikuntza erromatar guztiak bezala, sendoa, harri handiz eta zabalez eraikia, urik ez badoakio ere azpitik, autobusa eusteko lain da oraindik.
Legenardunaren dorrea: baditu etxeak inguruan, baina oraindik orain ere aparte, bereizia, triste, ilun, arre, bakarti, bizia badu ere hilotz, zainduta egon arren harri ustel.
Freskoak: kaleetan ere aurkitu daitezke.
Diktadoreei buruzko antzerki erakusketa: Juan Carlos erregea ageri da Francoren argazki batetan, Donostian ateratako Caudilloaren argazkiak, eta Franco Golfean; ezezagun eta izenik gabeko jendetzaren argazkia da azkena, eta azkenik, nahi duenarentzat, bakoitzak norberaren aurpegia ikusten duen ispilua: ni neu bertan, itxura leunagoz baina barneraino menderatzen gaituen kapitalismoak, diktadurak, itxuraldatuta.
Ibaiari begiratze asperrezina: korronte handi, labaina, hasia, lasterra, kareztatua, apartsua, zoinu lasaigarrikoa.
Herri guztiek dituzte izozkitegiak, baina herri denak gainditzen ditu Aostak.
Bailara:
Ur-jauziak: sokan datoz bata bestearen ondoren.
Herrixkak: erreskadan mendi magaletan, arbelezko teilatua dute: baso itxuraldatzen dira.
Turismoaren errepea jezten saiatzen ari dira herri zaharrak, zahar itxura galdu gabe berrituz.
Mont Blanc, aurrean dager, 4.468 metrorekin garai garai, lerden, sendo, digante, atsegin, baina ez digu erakutsi nahi izan bere gandor zuria.
Courmayer: turistengandik eta turistentzat bizi den turisterria.
Glaziarrek eraginda, kare hondarrez zuri datoz ibai bizi bizkorrak, uholdean udako eguzkitan bristadatsu; marra zuriak dira errekatxoak baso berdeetako erretenetan; ur-jauzi zoragarriak begien ikuskizun aparta.
Chamonix: elurretik bizi den lourdes erraldoia.
Alde honetatik ere zuri argi, liluragarri eta erakargarria da Mont Blanc: gorantz behar dute nahitaez gazteek, erakarri egiten baitu. Sekulako ebakidurak elur hobiak bailira, pendizak eta elurrezko amildegiak erakusten ditu mendiak. Urak ez du akaburik, agortezina da.
Savarenche bailara, Paradisu Handiaren bihotzean. Ibaiak eta errekak harrietan hautsiz ura, apar zuri altuetan ehunaka metro dituen ur-jauzian, bata bestearen segidan, mendi-zulo eta mendiarteak zuri utziz. Pinudiak hemen ere!, baso berdeak mendiak ia tontorreraino estaliz.
Paradisu Handia. Ur-jauziak, belardiak, behi makalak aldran, herri galdu eta hondatuak, herri erdi eroriak bakardadean, dena errekasto zuri, dena ur-hotsa, teilatu arre, dena mendi-zulo erraldoia mendi erraldoien artean: txundigarria.
S. Pantaleon gainean bota digu ahazten hasiak geunden eguneroko zaparrada.
Uztailaren 2a. Igandea. 53.a
Yudego guztiek galduta dute hortzak ondo garbitzeko borroka: bi hilabetetan ez dut gazte bat bera ikusi erakutsi zidan tresneriarekin eta modura garbitzen; harridura erakusten dute ni ikustean hortzak garbitzen.
Ulertezina dirudi goizean txorien sinfoniak lehen unean. Dendako etzan lasaian edo arbola azpiko eseri patxadatsuan txori bikoteak bereizten zoaz ia konturatu ere egin gabe, bata bestearekiko pioka lehia: sinfoniaren klabe asko ezagutzera heltzen zara, hainbat soinu elkar lotuz eta txorien elkarrizketak kokatuz.
Helikopteroak dabilzkigu Italia osoan, hemen ere bai, oso sarri, buru gainean burrunba nazkantean hara-hona. Ze demontre egiten dute behekoon patxada urratzen. Auskalo noren jolas alperra den. Berdina gertatzen da gerrako ehiza-hegazkinekin, ziztu bizian zeharkatzen baitute ortzia dardarizoa sortuz pertsona eta gauzetan.
Zurezko etxetxoa alokatu duen dendari edo administrari jiteko tipoa agertu zaigu garbigeletan telefono eta guzti zerbait delakoaren itxurak eginez, mundua bere eskutan balego lez.
Fenix: iganderoko herritarra dabil harantz-honantz hemen ere, asteburuko ibilian, herrialde guztietan ohi den bezala. Gaztelua bera ezin ikusi izan dugu barnetik, bisitarien hainbestekoa zela eta.
Garin izeneko herri bat bada hemen ere, mendiartean galduta.
Valtournenche bailara eta herria: izeidiak mendi magaletan, erreka, eta ondoren ibaia, daraman urez indartsu eta nahastu zaion kare-hautsez zuri; dena da ur-jauzi, dena elur errekak beherantz haitz tartetan, dena elur izoztua bloke erraldoietan beherantz jauziz eta haitz gainetan presa eginez; elur amildegiak, pendiz bertikalak elur bihurtuta noiz irristatuko maldan behera; elurretatik errekatxoak haitzarte guztietan; zabalgunetan elur maindireak eguzkira brist; errekak haitz gainetatik aparrezko ur zuriz jauzi erraldoietan edo haitzaren kontra lehertu ondoren labain bere zuri bizkorreko neurtu ezineko bide luzean...
Breuil-Cervinia: elurretik eta elurrerako sortu den herria.
Cervino: ez digu aurpegirik erakutsi nahi izan, misteriotsuki gorde zaigu laino ostean minago utziz ikusmina.
Bakoitzak bere daukantxoa erakusten du: lakua dute bideko auzo batean, bertan berenez jaioa, txikia eta hotza, zeruaren ispilu denez urdinxka, iganderokoentzako leku aproposa; jendez gainezka dago gaur.
Pantaleon Saindua: 1645 metroko altuera, behatoki aparta: ikusgai liluragarria da bertatik aurreko mendikate elurtua. ikuspegi aparta. Bertatik ikusi ditugu bailarako herriak, tontor elurtuak. Belatzak, haitzak eta elurrak beraien habitat dituzten inguruko herriotako biztanleek, udan ere haize freskoan bilduta, beste ikuspegi batez eta pentsaeraz bizi behar dute bizitza bera ere.
Pizzeria asko dago Aostan: herri soilaren turismo-leku izaki.
“Independence”. “Independensa”. “Val de Aosta libre” eta antzeko sekulako pintada erraldoiak ikus daitezke han-hemenka.
Etxerako egunak ez ezik ia orduak ere kontatzen ari gara, bukatzear dauden egunen gazi-gozoa bizi dugu. Luzez gogoratuko dugu dendatik bertatik, liburutik begiak altxatzean, komunetara bidean, autoa ateratzean, eguneko edozein unetan, aurre zabal borobileko mendi gailenak elurrez zuri, dir-dir, lerden, eta eder ikusi ahal izatea. Ninietan eramango dugu inguru zuri-berde atsegin hau.
Ipuin Lizunak. Aitor Arana
Uztailaren 3a. Astelehena. 54.a
Trumoia jo du gauean, eta goizean goiz bota digu eguneroko zaparrada.
Auzo ditugu Kixote eta Santxo emakumezko bertsioan: ikustekoa zen Kixotesa, jaiki berria, pijama barruan oraindik, denda aurrean hanka zabal besaulkian eserita, lo, hankartean, potxorretik gertu, dendan beraiekin bizi den katua bera ere lo.
Aymaviles: elizatik at dago kanpandorre erromanikoa. Elizak, inguruko edo bailarako beste askok bezala, freskoz dotoretuta du fatxada. Biziki margotuta dago barrutik ere. Zurezko irudiz edertuta dago atrilea. Alboko aldare batean Amabirjinaren bizitza kontatzen dute 15 borobiltxo edo medailoik zurezko irudi naif tailatuz: filigranazko lan xarmanta. Kripta ere ba omen du, guk ez dugu aurkitu ordea.
Pondel: ibaia ere baden erreka apartsua, etengabeko uhinez azala, bizia, lasterra, ebakiduran bazterrak joz, lehertuaren eraginez ozen: erromatarrek eraikitako akueduktu eta zubia, biak batean elkarren gainean; oinezkoen bidea bihurtuta dago gaur egun akueduktua, 52 metroko altueran zeharkatzen du ibaia eta mendi-zuloa. Sendoa, betea, argibide eta arnasbide diren hainbat zuloz tartekatutako horma zabala bailitzan, ur apurtuen gaineko arku borobila da zubiaren sostengua: oztopoei eta premiei aterabideak asmatuz eraikitako zubi berezi bezain aparta.
Herritxoak erreka-gain, erreka-ertz edo mendi maldetan, auzoak besterik ez dira askotan. Hondatuta daude hainbat etxe, beste hainbat berrituta, denak elurrari eusteko burdinazko gakodun arbel zabal eta sendoko teilatuz gandorturik. Teilategal zabala dute elurte eta elurte osteko elurtzeen itoginetatik babesteko. Izeidiek betetzen dituzte mendi magalak, tarteka elurtutako harri gorrixkako tontor zorrotzek jartzen diote txapela mendiari ortziko urdinari edo gaur bezalako laino zuriari zerra itxura emanez.
“Maitreux chez nous” – “Les valdostains maitres ches eux” – “Val d`Aosta libre” – “Reveilez vous valdostains” eta antzerako pintada erraldoiak sarriagoak dira bailara honetan, bertan kanpotar gehiago dabilelako edo bihurriren bat bizi delako inguruan.
Cogne: 1534 m. Bertara erreka-zuloz erreka-zulo erreka zuriarekin bat doan errepidea, begi-zabal, barrena tenk, begiak argi, inguruaz gozatuz, mantso joatera bultzatzen zaituen horietariko bidea. Bere horretan mirariz ukitu gabe gorde den mendi babesean bildutako belargune zabala da mendiartean zabaltzen den gunea. Bada hirian zura maisuki lantzen duen artistaren bat: bere lan erraldoiak ageri dira kalean. Elizako bost aldareak nagusia tarteko, barroko zahar urreztatuak dira, taila naif liluragarri erakargarriekin: ikustekoa da San Migelen oin-azpiko deabrua. Musika tresnak dira koruko barandako pinturak: nahiko harritzekoa eliza batetan.
Korua eta organoa bere tokian daude bailara osoan, atzean. Kanonikoek zaila dute elizotan disimuluko lo-kuluxka.
Lillaz: 1617 metro. 4etan bazkaldu dugu auto barruan, aberatsen orduan pobreen erara. Lautada batetan kokatua, mendi, elur eta ur-jauziz inguratua. Bi erreka zabal, bi eliza eta bi kale. Inguruko herrietan bezala aparkaleku, hotel, denda, eta bertako erara jasotako etxe berri txukunak. Urjauziak: Lilazen dena da ur-jauzi apartsua; eta jarraiko erreka garbia. Aosta bailarara eskiatzera etortzea merezi badu, ez du gutxiago merezi Uztaileko ur-jauziak ikustera etortzeak, ikusgarriak eta liluragarriak baitira.
Ez dira kataratak baina erraldoiak dira ur-jauzi soilak izateko. Apartak, garaieragatik haina jauzten den ur kopuruarengatik. Biderkatu egiten da une batean. Presaka igo dute bisitariek, presaka jaitsi ere, ez euria zelako soilik, turista presatien urduritasunagatik baino. Bakarrik gelditu naiz, euripean bezala, ur-jauzien erdigunean, zoriontsu, pozik, bizitzaz barne ase, ur-hotsez bilduta, uren marmario ozenen soinuz gorrera atseginez, aparrek eta zipriztinez ferekatuta. Filosofo batek Niagaran pixa eginez esan omen zuen “ze huskeria den gizona”: pixa egin dut nik ere ur jauziko gainean mendi ebakidura lotzen duen zurezko zubitik beheko ur bizi lasterrera eta bizia eta gizadia handia dela bizitu dut, bizitzak merezi izan dit eta “merezi dit” garrasi egin dut. Apaiztegiko gogo-jardun eta militantziako ikastaroen ondoren baino gogotsuago eta baketsuago, barne baretuago atera naiz, alde egiteko penaz, aurrera jarraitzeko liluraz, azken begirada ur biziei boteaz.
Azken pizza, azken jelatua Aostako kaleetan eta bihar “baguz” Italiatik.
Gorantz ikusten dut ilargia zuhaitz tartean; etxeko leihotik ikusiko dut ilbetea.
Uztailaren 4a. Asteartea. 55.a.
Egun hauetan ia izan ez badugu ere gaur izan dugu eguneko zaparrada ez ezik ia eten gabeko euria, mendien ikuspegi eta ederra lausotuz. Euritsua eta bustia gogoratuko dugu Italia.
Sasarikoak garen galdetu dit alboko andreak ere: ezin izan diot euskaldunak garela ulertarazi. gizonari “espagnoli” esanaz joan zait. Gure patua nonbait!. Hautsiko duguna.
Egunotakoen antzerako bidea eginez atera gara Italiatik: aparrez zuri, harri kontra erasoz ozen, oxigenoz borobil burbuila, erreka zabala errepidearekin batera lagun, mendi elurtsuak alboetan babesle, tontor garaiak haizetakotik edo atzerako-ispilutik begiratuz, aurre-atzera so; teilatu arre eta balkoi loreztatuzko herriak zeharkatuz; izeidien bihotzetik azken kilometroak zenbatuz; erreka kontrako herritxo eta auzoez liluratuz; mendi magaletako zabalgunetan nostalgia pausatuz.
La Thuile. 1441 m. Italiako azken herria. Muga inguruko herri peto horietakoa. Bertan egin ditugu azken erosketak. Bertan urtu ditugu gozoki jelatu bilakatutako azken txanponak elurretik datorren errekondoko paseoan. Txerrikia da salgai eta erakusgai duten herriko jaki ezaugarriena.
Eta honekin, agur Italiari.
S. Bernardo Txikia. 2188 metro. Erruz dago oraindik elurra. Ezin ditugu begiak kendu ur-jauzien azken ikuskizun liluragarriengandik, agur egin nahiz-edo lainoak libratu baititu tontorrak, bere edertasun zuriez azkenekoz goza dezagun. Ahazgaitz izango zaigun ikuskizunari errepideko auskalo zenbat bihurguneen azken soa eginez, nostalgiak ukituta, zuzendu dugu bidea Frantziara elurrezko hormen erditik muga zeharkatuta, goitik behera. Orain bai etxera.
FRANTZIA
Frantzia aldeko paisaia ere beste aldekoaren paretsua da. Lasai eta geldi egin dugu bidea, dena bihurgune, dena piko den aldats-behera, inguruko mendi elurtuei begiratuz orain ere, Aostan antzo. Frantsesek muntaia handiagoa, dotoreagoa, dute baldostarrek baino, iaioagoak nonbait salmenta lanetan, salgaia natura bada ere.
Kilometroak janaz egin ditugu orduak. Mendi berdeak, mendi garaiak, haitz tzarrak, erreka iluna, arto-soroak, autobideko egonleku atseginak, kamioi eta autoak trumilka hirigunetan batez ere, autobideak behartzen duen abiadura bizia, txartel hartze eta ordainketak, betiko obrak.... ordu aspertuetan.
Aix en Provence
Ikusmina genuen eta merezi izan digu bisitak. Egunak ordu beroenak emanak dituenean lasaigarriak gertatzen dira hiriko kale eta giroa. Bainu-herria, dotoretxoa, zaindua eta garbia; oinezkoentzako saltoki zonalde zabala, plaza asko, udaletxe ederra dorre dotore batek edertuagoa, egonlekuak, kafetegiak; patxadako praka-motzeko jende xehea (auskalo nor bai den eta ez den pozez dabilen xehea edo aberatsa), eta jende ugaria eserita zerbait hartzekoan. Arratsaldea edo orduak lasai urtzera etortzeko hiria.
120 abiaduran gindoazela, instante batetan “harrapar y pasar” egin gaitu trenak.
Arlesen bukatu dugu eguna, nekatuta; autobiak inposatzen duen abiadura eta ardura dela-eta pasa ditugun paisaiaz disfrutatu ezin izan dugunaren penaz, baina pasatako bi hilabeteez pozik.
Badirudi kultura-martxa handia dagoela Arlex inguru honetan, kanpineko paperetako iragarki eta eskaintzen arabera.
Moskitoak bai badira ugariak inguru honetan.
Etxera giroa bizi dugu, etxea hurrean sumatzen dugu, bere lana bukatzean eguneko pauso motelaren ondoren etxeranzko ibilia arintzen duen idi pareak bezala. Mila eratara antz ematen zaio: etxeari buruzko gogoetak, bizi izan dugunaren iragan kutsuko aipamenak, zain dugun ohe zabalaren nostalgia, autobideko obrak bukatu ote dituzten aipamenak, loreek iraun ote duten gogorapenak. Etxearen hurbiltasuna eta monoa bizi dugu.
Uztailaren 5a. Asteazkena. 56.a
Nimes. Erromatarren hiria bezala ezagutzen dute, erakusteko duten bi monumentuengatik, baina badu zer gehiago eskaini bisitariari.
Anfiteatroa: Gerrari izateaz gain, arkitektoak ere baziren erromatarrak: obalatua izatea litzake agian anfitetroaren bereizgarritasunik nabarmenena; sendoa, arkuduna, pasillo eta pasabidezko barne egitura sarez oparoa; kanpotik ikusita, hiriko eraikuntza ikusgarriena; barrutik, -harmailak behintzat-, kultur ekintzetarako egokitua dago, eszenatoki bihurtuta aurreko zorua; barrualde osoa zen tutuzko aldamio erraldoi, kable-sare eta oholtza zabal, egoki eta helburuz pilatutako harri zahar landuekin kontraste bizia sortuz.
Alde zaharra: oso zabala eta zaharra; txoko eta xehetasun ugari bila daiteke kaleetan galduz gero: merkatarien azoka, kantoietako harrizko irudi tailatuak edo santu-irudi naifak.
S. Paulo Eliza: aldareko tenpletea kapitel eta kantoietako harrizko irudi zein kapitelez bukatua, zutabeak, presbiterioko sabaia urre-kolore eta irudiez mosaiko itxura eginez, parroko sermolariak gustukoa zukeen zurezko pulpitua igoera alde bietatik duela, presbiterioko zorua mosaiko apal baina zahar itxurako polita, bataiarri landua eta koroan hainbat aldiz miresmenez aitatutako Cabaille-Coll organoa; ez zaizkio falta, Frantzian baikaude, zutoin gerrietan Arsko Apaiza, Arcoko Joana eta Jesusen Teresatxo: eliza, santuen bidez aberria eraikitzen.
Arte etxea: eraikuntza bikaina, egon lasaian edo irakurtzen orduak emateko atsegina; aldi honetan Picassoren erakusketa ikus ahal izan dugu. Katedrala: arrosetoiarengatik ez balitz fatxadak erromatarren eraikuntza litzake, kutsu hori damaiote friso zabal zuzeneko irudi landuek, erromatar buruzagi garaileen omenezko arkuak gogaraziz. Barrutik arku dotoredun balkonada garai handia du buelta osoan, aldare landua bat harri tailatuzko irudiz betea frontisa, Toscanako elizetakoak imitatu nahi hutseko zutabe txikien gaineko pulpitua, musika xuxurlari atsegina. Erromatarren Pantheoia: eraikuntza erraldoia, nabarmena.
Azoka: kaleak jendez gainezka, jendartean estututa, kolpea hemen eta bultzada han, kale estuetan kabitu ezinik, horrela zegoen Alde Zahar osoa azoka eguna baitzen. Jendetza edo saltokiak gustuko dituanarentzat aukerakoa, ezer erosteko asmorik gabe kaleetan ibili nahi dugunontzat nekosoa. Bi kafe-katilu xarmant erosi ditugu.
Eta horrenbestez alde egin dugu kilometro luzeko bidea baita zain duguna. Arduratuegi goaz zirkulazioaz inguruaz gozatzeko, mugan bertan jabetu ginen arren Italiakoak baino taxuzkoagoak direla Frantziako errepideak.
Berrikuntza, lanen eta obren gaitzak jota dago Europa osoa. Humanismoa, artea, literatura, artistak, industria, eraikuntza... izan ziren garai batetan Europaren ardura, amets eta bizitza. Gaur egun autobiak eraikitzea da ardurarik nagusiena. Autobiak dira gaurko katedralak. Lana sortu eta herria txunditzeko gastatu dirua, herria engainatu, botereari eutsi. Komunikabideak dira krisiaren irtenbide magikoak. Agian politikoek eta diru-jabeek ez dakite besterik egiten, ez eskaintzen, barren-barrenetik, muinetik, espiritu eta arimaz pobretu direlako. Barne ase ezineko diru-egarria eta boterearen ezti gozoa besterik ez zaielako gelditu. Ez diote ezer eskaintzen gizarteari obrak ezik, besterik ez dakitelako, ezin dutelako, eskaintzeko beste ezer ez dutelako. Ez dute ezer herria liluratuko duenik. Basamortu dira barrutik, ondorioz dena zementu, dena gizarte hila bihurtu dute.
Bearnen bukatu dugu, Lehotz (?) herrian. Kanpin idilikoa, atsegina atseginik bada. Herrialde osoa ezagutzeko irrika sartu digu.
Uztailaren 6a. Osteguna. 57.a
Donostian egin dut azken norabide-errakuntza, nire gogorapeneko Mirakontxako sarrera aldatuta dago nonbait. Berandu zenez bidez aldatzeko, mila bira eta kale ezezagun ondoren Egian bukatu dugu.
Alde Zaharreko tabernetako mostradore gainak ikustea izan da Euskal Herriko lehen gozamena: pintxoekin bazkaldu dugu. Garestiagoa arren, pizza baino asmakizun gozoagoa.
Ordubete pasa egin dugu kale eta hondartza gainetako ibilian; auto bila parchegiorako sarreran entzun dut lehenengoz eta azkenez euskaraz, bi gazte ziren gainera, frantsesez, aldiz, hiruzpalau bider. Tartean lagun batzuekin topo egin dut eta azkenik euskaraz entzun eta hitz egin ahal izan dugu. Pintxoengatik ezagun da Euskal Herrian gaudela, Euskaragatik ez. Gure patua hau ere.
Osagileak oso ondo nagoela esan dit, uste nuen bezala, eta bale. Jarritako ordutik ordubete gehiago egonarazi naute zain eta ez didate esplikazio xumeenik ere eman. Onkologikoa pribatua da. Zerbitzu publikoak hobetu jokatu ohi dute, nirekin behintzat, orain arte.
Lehen aldiz gaur pasatu gara Leizarango autobideko Gipuzkoako zatitik Nafarroarantz. Italiakoak ziren tunelak, ez hauek. Autobideko zati batzuk behatoki ikusgarriak dira, ikuspegia ere zoragarria, baina astakeria deritzot obra berari.
Sagardotegian bapo afaldu eta etxean kopa bana hartuz hasi dugu bolada berria: nolabaiteko bengantza izan da, sakonean. Gorputzari egurra eman diogu, baina espirituak gozatu du.
11.000 kilometroren ondoren etxean gaude berriz. Pitxada bat bera ere ez norbaitek lioken bezala.
Eta honenbestez bukatu da Italiakoa.
Bidaiak
Ekainaren 26a. Astelehena. 47.a
Uste baino gutxiago irakurtzen dut, agian espero genuen baino gehiago ibiltzen garelako eta ikusten dugulako. Agian patxada gehiagoz hartu beharko genuke bidaia. Eguraldiak du eragina gure ibili beharrean, kanpin-dendak giro lehorra eta epela behar baitu bertan goxo egoteko.
Oraindik mila zoko, etxe, palazzo, zubi, museo, eliza, monumentu eta hondakin eder ikusi gabe ere, bagoaz: bapo. Nolabait pozik goaz eromena den hiritik. Izugarri ederra da Erroma baina oraingoz ez dut itzultzeko gogorik. Juan Luiz Zabalak bere “Sakoneta” liburuxkan dioena dut gogoan: zozo, ergel, entzungabetzat jotzen ditu erakusketak; gaiak elkarren ondoak hilotz bihurtzen direla dio, arte-lanen hilerri hutsak direla. Zerbait antzerako esan daiteke museoez ere. Ez nator ados erakutsitakoa indarge, nortasuna galdurik, kikildua eta ezdeus bihurtuta, inor harritzeko gauza ez dela gelditzen dela dionarekin. Bada egi askorik dioenean, baina hori dena hala izanik ere, Vatikanoko Museoak harritu, miretsi eta liluratu egiten du.
50 kilometro egin behar dira Erromatik irteteko, saihets-errepidetik. Nahikoa da hiru bideko autobia bikoa bihurtzea oinezkoaren abiaduraz joateko aurreko 20 kilometrotan.
Itsasertz itsasertz doa errepidea. Itsasoa beti begi-bistan ezkerrera, mendiak eskumara. Tarteka Gaztela dirudien lursaila: laua, lehorrra, horia. Gari-sail asko ebaki eta jaso dituzte.
Tarquinia. Atzo Erromako Museoak genituen itxita, gaur herri honetakoak, baita 3 kilometrotan barreiatuta dauden tonbak ere: etruskoek ez dute gurekin ezer nahi. Besterik ezean herria ikusi dugu: itsasgaintxoan, itsasoa urrutira begiztatzen badugu ere; hiribildua, dorre asko, ohizko eliza eta kalexkak, plaza txukuna. Ikusiz jakin eta ikasi dugu erromatarren harlanduzko dorreak mortairu eta uharriz egindakoak direla, adreiluzko harresiak bezala. Harlanduak itxura hutsa dira, polito egiten dutenak, agerikoa txukunduz.
Tarquiniatik Libornora andrazko ilehori gaztea izan dugu bidaiakide, bakoitza bere autoan, orduko 120-140ko abiaduran, autobia lasaian, txandaka bata aurretik eta bestea atzetik, aldizka kamioi atzean edo urrutian begi-bistatik elkar galduz eta gerora topo eginez, lehian ez, elkarri konpainia egiten baizik, 300 bat kilometroko ibilbidean. Libornoko bidegurutzean agur egin diogu elkarri tutua joz eta argiekin ñir-ñir eginaz. Polita izan da elkarren konpainia. Bidea arindu diogu elkarri. Niri behintzat bai.
Aspaldiko partez abestuz egin dugu bideko zati luze batetan. Barruak eskatzen zidan. Barne bare nago. Hasi gara Etxarri gogoratzen ere, edo gauza askok gogoratzen digute Etxarri, han egongo baikara hurrengo astean.
Toscana berriz ere, ondoren Liguria, jadanik guretzat lur eta bide ezagunak; Carrarako mendi zuri lagunak, tunelak, zubiak, kamioiak, abiadura bizian edo barearenean joan beharra, autotza trinkoa. Italian behar zuten egon bide-zubi modernoak, erromatarrenak gaindituz: Grosseto inguruan lautada osoa zeharkatzen du gainetik bide-zubiak. Piemontera bidean ere bada mendiartez mendiarte mendi-zulo gainetik, erreka-bidea jarraituz baina 100 metroko garaieratik, kilometrotan, zementuzko zutabe gaineko errepidea.
Baso artetik, mendi tartetik igo dugu: zuhaitz berdeak, ezker-eskuinean malda tontorrak, behean erreka-zuloak.
ikusgarria da Piemonteko goilautada edo goilautada den Piemonte: nekazari lurra da gaur bertan ikusi duguna: lur landuak, herriak, nekazari mundua, begiratzeko paisaia liluragarria, autotik begiespen zoragarria. Merezi du hemendik bueltatxo bat ematea, turistarik ez badator ere, monumentu ospetsurik ez badago ere: lurralde dena, bere osotasunean da monumentua, Michelinerako lau izarreko ikusgaia.
Kanpina
Asti: Besterik ezean edo ezinean kanpina zuten bere bizileku merkea etorkinek Erroman. Hainbat lurraldetan bezala hemen ere pobreek karabanak eta dendak jarri dituzte udarako txaletzat.
Ekainaren 27a. Asteartea. 48.a
Napoleon bizi izan zen inguruotan, enperadore izendatu aurretik behintzat. Txikia baina argia behar zuen izan gizonak, paraje hauen edertasunez jabetu baitzen. Egonleku apartez gain, ehiza-leku aproposa omen da.
Asti. Hiri modernoa da, Erdi Aroko aztarna edo ondare ugari badu ere: jauregiak, elizak, etxe garbiak, patio zabalak, plaza asko eta handiak... mila xehetasun eta ezuste edozein bazterretan. Hiri garbia da izan, garbi itxura du gainera.
Adreilua: adreilua litzake hiriko ezaugarrietariko bat: irtentxo txukun eta berezi lotu, nahastu, konbinatuz, hainbat ertz eta irudi sortu dituzte.
Espainolen palazioa: bertako semea zen Alfieri poetaren kalean.
Dorre asko dago hirian: ia 40 metro altuerako piemontear estiloko dorrea, eta “Torre rosa” dira aipatzekoak: gorria behar zuen azkenak adreiluzkoa baita.
Katedrala: arku ondulatuz gotiko jitekoa, nortasuna du xumea arren, bere adreilu gorri txertatutako marra eta tarte zuriekin ate-albo eta leihoetan; hertsiak daude ateak, ezin dugu barrutik ikusi; iraun duten antzinako harrizko zutabe baxuek eusten dute arkupea, oraindik xarmant: joanaren arrastoa; batipsterioa: argia eta moinonoa, 8 zutabe gorrik eusten dute erdiko kupulatxo borobil baxua; zutabe bateko Amabirjina zizelatua txikia bezain xarmanta da; antzinakotasuna eta gaurkotasuna magikoki ezkontzen dituen kapera bat, eskultura modernoaren erakustoki bihurtuta; klaustroa maitekiro eta gustuz zaindua, erakustoki modernoa bihurtuta du berdegunea.
Seminarioa, ederra; adreiluzkoa, behar zuen bezala.
S. Segundo eliza: dotorea; adreiluzko zutabe sendoak, freskoak, lauzpabost koadro konposizioz kolorez eta irudiz ikusgarriak, kripta aldarepean lau zutabek eutsita kaperatxoa osatuz, bertan S. Segundoren hezurrak kristalezko kutxan.
Gozoki asko egiten da hirian, bitxikeriak irudikatuz, gozokizko eskultura eta iruditeria: gozozaletasuna eta artista sena elkartzen dira nonbait hirian.
Italiarrarekin ezkondutako neska bizkaitarra hurreratu zaigu Astiko kafetegian, solasaldi gozoa izan dugu.
Astin trukatu ditugu azken traveler-ak izugarrizko segurtasun neurripean: ohizkoak dira nonbait hemen atrakuak.
Deigarriak dira mahastiak kilometro luze askotan, lurralde osoan, mahasti dira muino eta mendixkak.
Acqui Terme.
Iturria aitatu behar lehenik: 75 graduko hozberoan ateratzen da bertan ura, ikusberaren atzamarra erreaz; bainuetxe merkea, jende batek iturrian bertan edaten du ura.
Plaza asko, bada bat politena eta atseginena dena, baina ez du merezi ez bertatik ibiltzeko ez bertan egoteko.
Katedrala: harri agiriko ateburu landua, txikia bezain bikaina; adreiluzkoa da Piemonteko gotiko estiloko dorrea, kukurutxoaren borobilera heltzen ez den kono inbertituarekin osatuz gandorra. Barrutik ez da luzea baina bai zabala, bere 5 barneluzegoek luze bezain zabal egiten dute. Kripta: presbiterioa bera adinako zabala eta argia da, harrizko zutabeek eusten diote sabai kurbatuari: bere txikian Cordobako meskita gogarazten dit; bere tokian du korua, atzean, sarrerako ate gainean, organo eta guzti, tokatzen zaion bezala; zizelatutako santu-irudiz osatutako pulpitua; freskoz margotuta sabaia, kalonjeen aldare osteko korua aulkiteri landu ederrekoa, herriaren begiradapetik gordea, kalonjeen lo-kuluxkarako aparta; aldare nagusia irudi zizelatuzko marmolezkoa; aldareak, koadroak, medailoiak... Aspaldiko partez, zurezko banku sendo ganorazkoak, kalonjeek ez ezik herri soilak ere lo egin ahal izateko sermoi eta elizkizunetan; klaustroa, aipatzekoa.
Bataiategia: biribila, erdiko tenplete azpian zur landuko estalkiaz estalitako marmol marroizko bataiarriarekin.
Eliza: agirian ez egoteko adreilu eta harriz egindakoa, fresko ederra du ateburuan.
Seminarioa: mahastiak bezain ugariak ziren lurralde honetan apaizgaiak: zorionez mahastiak iraun dute.
Akueduktuaren ondoan bizi-bizi dago zubi zabala, harri zaharreko oinarri sendoen gainean eraikitako adreilu gorrizko zubia, auskalo noizkoa.
Ikuspegi apartek ez dute amaierarik mendiz mendi Albara bidean, gora eta behera, dena berde, dena bizitza: mahastiez gain, hurritzak, pikondoak ere, luze eta zabal muino, lautada eta mendi magaletan. Hurritz basoak noizbehinka. Mendi tontorretan herriak, non elizak diren gaztelu, herriak ez baitira hiribilduak, defentsa zentzua erakusten badu ere gainetan kokatzeak.
Alba. Garbia izateaz gain garbi itxura du honek ere. Bere garaian 10 dorre omen zituen, baina geratzen zaizkion gutxiak ez zaizkio ez ikusi ez igarri ere egiten. 18 mila pezeta balio du herrian famatuak diren trufa kiloak; botila ardo arruntak berriz 2.500 pezeta: berarekin afaldu dugu eta aho-gustu apartekoa da. Oinezkoentzako kale luze, dotore, lasaia, arratsalde hondarreko epelean gozoagoa. Katedral gorria, luzea bezain zabala, zabala baino garaiagoa; bataio-ponte modernoak txalupa baten branka irudiarazten digu: sartu elizaren txalupan eta boga fede-bizitzan; ezin ikusi izan ditugu presbiterio sabaiko freskoak; korua tokatzen zaion tokian du, organoarekin. Astin bezala ordulari dorreak ez du hemen ere ordularirik. Magdalena eliza, borobila; 500 urte daramatza mojatxo beneragarriak, belztuta baina oso osorik, kristalezko kutxan begi guztien ikusgai, bere barretxoa galdu gabe, agian alboan duen kristo gurutziltzatu maitagarriaren barretxoa imitatu nahiz.
Castagnito, izen polita herri batentzat: ba zegoen egon gaztainadia inguruan.
Ekainaren 28a. Asteazkena. 49.a
Goizaldeak ekarri digu beti gurekin dugun euria; gerora atertu badu ere, egin digu bisita bidaia-kide dugun lainoetikako urak.
Egunak, plangintza eta dirua azken mugetara heltzen ari zaizkigu, etxera bidea bertarago dugu, etxera bidean bertan gaude egon, barne-minez: herriminak ukitzen hasiak gara, oraintsu arte ia herria gogoratzen ez bagenuen ere.
Juan Luiz Zabalaren “Sakoneta” liburua ere bukatu dut: iritzi interesgarriak bereak, eta idazkera nahiko aberatsa.
MONFERRATO
Muino denek, tontor bakoitzak… herri bat gordetzen dute, zuhaitz artean gordeta, baso kaskoez bilduta. Urrutitik begiratuz, lautadatik ikusiz, politak dira herriok, xarmantak, baina bertaratutakoan galdu egiten dute xarma hori, arruntak gelditzen dira. Etxebizitzetan nabarmentzen dira hemen ere aberatsak, aberatsagoak behintzat herri guztietan bezala: etxebizitzak erakutsi ohi du gure gizartean zorionak edo zoritxarrak egiten dion putz barrukoari.
Mahasti dira mendi magalak; nekazaritza lautada, nahiz ez aberatsegia, itxuraz behintzat.
Bere poltsa hustua, poltsa barrukoak errepidean barreiatuta, han zegoen beltz bat, autodun gizaki zuri bat eta polizia zituela bere ondoan: beltzak zerbait izan du autozalearekin. Baietz beltza galtzaile!.
Casale de Monferrato. Txukun itxura duen herria. Kale bakar bat da herriko ardatza eta bertara biltzen dira kale denak. Denek dute harri gorrizko laukiz zorua. Hemen, agian Piemonte osoan, Toscanan ez bezalako estruktura politikoa bizi izan zuten, herriko estrukturan nabari baita ezberdintasuna: ez dago herriko botere edo agintaritza guztiak elkartzen diren edo ziren plaza nagusirik, herriko arnasa eta gida den bilgunerik.
Baztertxo asko ditu begiratu eta gozatzeko.
Palazzo asko dago, alferrik galduta eta hondatuta, baina bere izana erakutsiz
Etxeak: zenaren ezaugarri diren etxe asko geratzen zaio, zabalik daude etxe handietako ateak, patio zabalak, etxearen arnas eta bihotz, oinezkoen kontenplaziorako utziz.
Gurutze Saindua: komentua izana agian, adreilu sendo eta tinkozkoa, tranparik eta itxurarik gabekoa, hondatua baina giza zerbitzurako egokitua, bere klaustro zabal freskoaren hondakinetan dotorea, zerbait handia izana.
Duomo: bi dorretxo luzexka, adreilu gorri eta harri zurizko konbinaketa atsegina, taila fineko kapitelak: plaza txiki baten ertzean dago kokatua, alboko etxeek jaten dute, arnasarik gabe utziz, itota dago, ikusteko edo begiratzeko zabalgunerik gabe, ia gainera erortzen zaizu zure barnea gorantz jaso ordez.
S. Dominiko: bistarako, erakusteko, adreiluz jantzia; harrizkoa du erdialdea, fatxada alaituz; hau ere plazatxo batetan dago Duomo bezala; Duomo bezala hondatuta hau ere, arnasa eske daude biak: barrutik beharko dute eskaini, baina kanpotik ez dute lasaitasunik zabaltzen.
Kale nagusia: Alde zaharrekoa, aspaldiko partez, arkupe xume bezain xarmantak ditu: eskertzen da bere itzala eguerdiko sapan.
Gaztelua, handia eta hondatua.
Aparkaleku freskoa eskaini digu hiriak, zorionez, bero egiten baitzuen.
Aparkaleku zabalak dituzte herri nagusiok: feria edo jaialdi asko dago nonbait.
Po ibaiaren ertzetan gabiltza, zeharkatzen dugu noizbehinka: zabal, garbi, handi, eder doa; itsasora inguruko behealdea gogoratzen dugu; ez nuen uste jaioberrian ere hain mardula izango zenik. Beheko lautadetan ez ezik baliatzen dira inguru honetan ere ibaiaz: ubideek zeharkatzen dute bete-betean lurralde zabala, lursail oro ureztatuz. Arroz-zoro izugarri zabalak betetzen dute lurraldea: ez ziren ez txinatar ez vietnamdarrak, Monferratoko nekazariak baizik, bernetarainoko uretan ez dakit zertan ari zirenak. Artoa ere mardul dator, kolore berde ilun sanoz. Ugariak dira makaldiak, Po ibaiak sasoitutako baso zabalak lautadan, bertako pinudiak direla esango genuke.
Albugnano: izugarriak dira goialdetatik dakuskigun bistak. Herri honetiko ikuspegia nagusitzen da, muino-gain guztienen gainetik, talaia garaia lau haizetara: bertatik ikusi omen daiteke M. Blanc, Cervino, Genoa, Torino, Milano; behe-lainoak edo lausoak ez digu urrutiko ezer ikusten uzten baina bai Monferratoko lautada osoa: berdearen sinfonia, berde mota guztien ikuspegia lau haizetara, tarteka teilatu gorriak, errepide beltzak edo Po ibaiaren bristadak hausten dutelarik berdegunea. Liluragarria!!!. Gerretan hildako herriko seme bakoitzak bere zuhaitza du behatokia den tontorraren bueltan, izenarekin plakatxoa eta arrosa bana dute: berria zaigu horrelako monumentua Italian, herri guztiek bere oroigarria badute ere, brontze edo harri landuzko zerbait izan ohi baita beti.
Abbazia di Vezzolano. XII. mendekoa, Piemonteko Erdi Aroko eraikuntza adierazgarriena. Erromaniko denek badute ukitu xarmangarria, gehienak biderkatzen ditu honek. Adreiluzko fatxada gorria, harri zurizko taila, zizelatutako zutabe eta bitxikeria apartak, arratsalde beroko eguzkiaren xafladaren eraginez bristada bihurtuta. Barrenean Santa Santoruma bereziz edo eliza bitan banatuz, bost arkuko aterpea, bertan harri ilunean zizelaturiko iruditeria zoragarri itzela. Ezkerrera aurreko kaperaraino, eraikuntza luze estu tzarra. Erdigunean adreiluzko zutoin berde gainean eta alboko nabetik arku punta luzea bereiztuz, adreiluzko horma austeroak: biluztasun gorria dute horma denek. Tarteka argia eta alaitasuna ematen dioten harri zuriz nahasturiko adreilu gorrizko absidea. Erretaula naif, antzinakoa, bere xumetasun eta naturaltasunez edonor liluratu eta lelotzekoa. Klaustroa, eraikuntza osoa bezala, adreiluzkoa, arku eta leiho ertzak tarte zuriz alaituta; hormetan freskoak. Dena da txikia, apala, horretan dago bere xarma.
Han zeuden heldu garenean bi neskato, eserita, fatxada aurrean kontenplazioan, kontu-kontari, hitz-jario etengabean fatxadari begira, eta bertan utzi ditugu alde egitean. Miresten dut eta desio horrelako patxada eta egoteko ahalmena.
Ernegatu dugu Abazzia bilatzen, galdetuz, galduz eta bueltatuz, baina merezi izan digu.
Juan Bosco Santuaren jaioterritik igaro gara: goiko ikuspegitik ikusi dugu santuaren inguruko muntaia kupula erraldoiak gandortuta, lautada berdean nabarmen, goi urrutitik ere erraldoi, izugarria. Ez gara joan bertara, Nahikoa izan genuen Padova eta Asiskoarekin.
Mahastiek diraute.
Superga. Damutu zaigu joan izana: kilometroak, orduak, haserreak, erneguak, mila aldiz galdetu arren galtzea, nekatzea... kosta zaigu kosta bertara heltzea. Arkitekto ospetsu baten eraikuntza nagusia omen. Loiola txiki bat da. Ozta-ozta eta presaka ikusi behar izan dugu gainera, ixtera baitzihoazen. Ertzi egin digute erregeen hilobien kripta. Piemonte ia osokoa, baina batez ere Torinoko ikuspegi paregabe du. Erraldoia da Torino: agerian gelditzen dira goitik bere kale nagusi artezak, zabal eta luze, hiriko bizitzaren iturri. Baina ikuspegi soilak ez zuen merezi egin dugun bertarako ahalegina.
Arratsaldea erdi galdu egin dugunaren sentipenaz egin dugu alde.
Ezkiak errepidean kilometroetan, loraz gainezka, usain gozoz asez dena: Gipuzkoako Diputazioko jauntxoek harrapatuko balituzke bota eta errepidea zabaltzeko, ze nolako gozamena eta poltsiko berotzea.
Chieri. Solairu bakarreko etxeek hartzen dute tontor gaina; tontorrenean eliza dago eta dorre puntan, behatokia. Behean, burdinazko arkua kale nagusiaren erdian; berdina zen inguru guztiko estruktura, antzerako osagaiekin. D. Bosco egon zen seminarioa ere iragartzen dute. Ernegu guztiek ez digute eragotzi txokolatea eta jelatuaz gozatzea, behe parteko edo hiri modernoko oinezkoentzako kale nagusiko arkupean zehar, barnea baretuz.
Lurraldeko ardoak eta gaztak bakea ekarri diote gauari.
Ekainaren 29a. Osteguna. 50.a
Superga gainetik hiria ikusten utzi ez zigun gandua kutsadura ote den susmoa dugu, hiri inguruan gertatzen baita soilik delako gandua.
Torino:
Ez du turistak autobuskadaka ekarriko dituen ezer erraldoi edo ikusgarririk; baina handia izateaz gain hiri ederra da, ikusi dugun erdigunea behintzat. Marrazketa-lumaz, tiralineaz, burututako hiria: Napoleon arduratu ote zen honetaz ere?. Patxadan bizitzeko aukerak ditu: plazak, Po ibaiaren alboko parkea eta pasealekuak batik bat. Saltegia: ona ez ezik dotorea ere bada, salgaiez, dendaz eta eskaintzeko dotoretasunaz.
S.Pablo piazza: Sarrerako bi estatuek, -gizakumea eta emakumea-, eta erdiko brontzezko zaldiko gaineko zaldunak girotzen dute plaza; bere arkupe luzeekin, jauregiak dituen arren, ederra baino zaindua dela esango nuke gehiago.
Jauregia: Viktor Manuel erregea jaio zen barroko ederra, fusilatu egin dute harrizko fatxada ezarriz; fatxada ederra da izan, baina ez datorkio etxe horri, berritu zuten garaian modan zegoen nonbait estilo hori.
Tranbia: potxoloak, iraun dute: kalean dabiltza oraindik edonon museotan egongo liratekeen tranbiok, garraiobide izateaz gain halako xarma berezia ezartzen diote hiriari: tranbian ibiltzea izan da gure zereginetako bat gaur, ia inon, gure herrian inon ere ez, bizi daiteken plazera.
Decumano piazza: erraldoia, arkupe erraldoiez bildua, herrikoia eta atsegina hiriko plaza gehienak bezala: honi ere fusilatu egin zion fatxada Juveno arkitekto famatuak estatuaz, zutabez eta leiho ederrez “edertuz”.
Erregeen palazioa: adreiluzkoa da Torinoko ia eraikuntza denak bezala; errege-jauregi guztien antzerakoa, ederra eta dotorea, hala behar baitzuen.
Duomo: harrian landutako xehetasun txikiak ditu sarrerako ate-bueltan: hemen ere Juvenok desitxuratu egin zuen adreiluzko dorrea harriz bukatuz; errege-jauregiari itsatsita dago Duomoa sinbologia biribila bilakatuz: eliza.botere zibilaren lotura; guk ezin izan dugu barrutik ikusi izan, baina erregeek izango zuten aukera elizkizunak jarraitzeko egoteko bere palko propiotik.
Erromatarren teatroa: erdia soilik dago agerian, beste erdia erregeen palaziopean datza seguru aski.
Etxe-orratza: Torinok badu bere Untzagako dorrea, bere inguru zabalean Eibarren haina nabarmentzen ez bada ere.
Liburudendak: asko dago kaleetan, Euskal Herrian txosnak bezala: betiko liburu txosnak, iraunkorrak, finko mugiezinak.
Dorrea: 107`48 metroko dorre erraldoia ere badu Torinok, bertatik hiriko ikuspegi ederra zabaltzen da; bide erdira soilik jasotzen du igogailuak: erraldoia da dorrearen erdiko zuloa edo hutsunea ere, bertan dabil igogailua, erdi-erdian zintzilikatuta, kristalezko kutxa barruan, gora eta behera, zirraratxoa sortuz barnean doazen bisitarien erraietan.
Patioak: patio zabala dute etxeek, hemen ere.
Museo egiptoarra: hori aukeratu dugu hiriak dituen hainbat museoen artean: taila, ontzi, momia... zer ez dago bertan!, baina pilatuta dago dena; asko da erakusten dena, errepikatu egiten dira ikusgaiak, antzerakoak dira, azkenerako nekatu eta ia-ia nazkatu egiten zaitu, gehiegikeria baita; hemen errepikatutako edozer edozein herriko lekutxo batetan aurkitu nahi nuke azalpen labur batekin: zoragarria litzake, kultura sortzailea; jatorriko tokian egon behar lukete egon; gehiegizkoa da hemengoa, lekuz kanpokoa gainera. Zirrara eragin didate ejiptoar momiek, lehenengoz ikusten ditut. Zenbat hilobi profanatu diren zientziaren aitzakiaz, zenbat altxor lapurtu museoetan erakusteko: inoren leku sakratuetan sartu, hilobiak desegin eta ondoren lapurtu. Jainkorik balego, erregeok jainkoak balira, hartu zuten honezkero mendekua, baina hor daude bere momia harrigarriak, mendipean eta mila trikimailuz urte luzeetan segurtasun osoz ehortziak eta gordeak, orain ostera gure jakin-minera begietaratuak lira batzuen truke.
Parkea: Po zabalaren ertzean, zabala eta atsegina da.
Polita da Erdi Aroko herria, oraingoa, aldiz, merkatarien saltokia.
Doan izan dugu Torinon Museora sarrera: doan da museotara sarrera, egia, baina esan ez zigutena da jubilatuek ez dituztela doan osasungai eta sendagaiak. Kontraesanak eta zurikeria. Zoritxarrez edo halabeharrez, sendagilearengana gehiago joan behar izaten dugu adinekook museoetara baino.
Ostegun ilunabar-gauetan paseatzera edo afaltzera ateratzeko ohitura gorde dute italiarrek: bejondeiela!.
Ekainaren 30a. Ostirala. 51.a
Ivrea: Tontortxoan dago alde zaharra. Eliza, gauzaz beteta dago, beteegia, tartean zer begiratu polit eta bitxirik badago ere: kolorez aberats aldare izugarria, zoko batean handik auskalo nori hitz egiteko irudi bikainez landutako zurezko pulpitu zabala aitorleku baten gainean, inguruan ohizkoa den kripta aldare nagusipean, inguruan sarria diren auskalo noren hezurrak kristalezko kutxan; elizakoek bertan nor dagoen ezin ikusi ahal duten, baina barrukoek bertatik elizako dena ikusi ahal dezaketen zur-sarezko bi balkonada: lepoa joka daiteke baietz kondeena izan. Gaztelua: kolore biziko muntaia jarri dute patioan, antzerki lanetarako dirudiena.
Igo dugun bezain kale pikeetatik jatsi gara hiriaren beste aldera, ibaia delarik lauan zabaltzen den hiri zatiko oinarriko hesia.
Picasoren Gernika bikain errepikatuta ikastetxeko patioko horman.
Mendiarteko bailara estu eta liluragarrietan sartu gara Ivreatik atera bezain laster. Ez du merezi autobiderik hartzerik, inguruaz gozatu nahi bada; errepide lasaigarria; trafiko urriak gainera nahi den abiaduran joatea errazten du. Mendiarte estua, harkaitzetan lerden jaikitzen diren artea direla uste dugunez berde. Batzuk bertan, besteak urruti, harri eta zuhaitzezko mendi gailenak alboetan. Lursail kaskarrena ere zapaldaz aprobetxatua, mahatsa edonongo lur-bilgunetan, baita mendi malkarretan ere, arbelezko teilatuak herrietan, erreka zabal bizia urez gizenduta, gazteluak han-hemenka tontorretan bere arre kolorea haitzenarekin galduz eta bat eginez.
Verres: inguruko herriek bezala ez du harresirik, baina bai defentsarako babesleku, gotorleku edo gaztelua. Alde zaharra eta zaharraren jiteaz gehitutako zati berria: muntaia nabarmenik ez du baina turismorako bizi da. Gaztelua dirudi “Canonici regulari” Laterangoen abbazzia edo abatetxeak, tontor batean harri ilun, arbel harriz, eraikia: zuhaitzarena izan daiteken ate bueltako harrizko enborra ate gain zorrotzean korapilatua, eskailera, ate, atexka, pasabide, zirrikitu, lautadatxoetan fraideen gelak diruditen geletako atetxo, mendialdera bidexka, zabaltza eta zabaltzatxo… labirinto bihurria da kanpotik soilik dabilenarentzat ere.
Bidaiak
Ekainaren 20a. Asteartea. 41.a
Bata ozenago, motelago bestea, auskalo zeren deman, bi oilar ibili zaizkigu goizeko ordu aspertuetan kikirriki bata kukurruku bestea elkarri erantzunez, segur aski oilategiko nagusigoa nork bereganatu lehian. Gure herriko politikoen sinboloa: etxeratzen garenean han aurkituko ditugu duela ia bi hilabete utzi genituen bezala elkarri kukurrukuka ia Euskal Herriko oilategian gandordun nor izan lehian.
Hirugarren eguna euririk gabe; bigarrenez hilabete eta erdian lehorra jaso ahal izan dugu denda.
Kamioi asko dabil Erromarako autobidean. Ez zaigu aldatu paisaia: baso txikia den mendi bat zeharkatu dugu, ondoren zuhaitzik gabeko gari-soro edo berdegune ziren gaintxoak; Laua bihurtu zaigu lurraldea Erromara hurreratu ahala, tarteka tontorren bat agertu bazaigu ere: 20 kilometroko lautada, gandu trinkopean.
Kanpina.
Erroma. Kostata baina ere heldu gara kanpinera, alferrikako ibili eta urduritasunen ondoren. Kanpinaren izarrek ez dute kategoriarik bermatzen Erroman ere.
Dilubio aurreko beldar-katedun, orugadun, traktorean, idiak uztartzen hasi baino lehenagokoan, museorako golde batez, ari zen nekazari bat igo zaizkion letxuga-saila letxuga eta guzti iraultzen.
Erroma.
Autobusez lehenik, tranbiaz gero, Erromako bihotzean gaude, astebeterako pasealeku eta bisita-gunea. Gidaliburua dendan uztea erabaki dugu, ordez planoa soilik hartu, hiria pasealeku bihurtu eta agertzen zaiguna ikustea.
Milvio Zubia: Harri zuriko zubi zabal dotorea, zutabe, estatua eta oinezkoentzako ertz zabalekin: Elizaren historiatik hain ezaguna dena ote den gaude. “In hoc signo vinces”, ondoren botere zibilaren menpe izango zen aurrerantzean Eliza, edo indar eragile politiko bihurtko. (Geroko egun batetan jakingo dugu ez dela uste dugun zubia, baina bai bataila haren oroimenez eraikia, alboan baitago, itxuraz apalagoa, delako bataila zubia.). Nire teoria da kristauak indar armatua zutela erasoei aurre egiteko, Konstantinok laguntza eskatu ziela bataila galbidean ikusi zuenean, tratu baten ondoren noski, eta kristau gudalostearen estandarteak izan zirela Konstantinok ikusitako kurutzearen agerpena. Logika hutsa.
Piaza populo: zabala, berez oinezkoentzat dena baina motorrek lotsagabeki zeharkatzen dutena; bi iturri bi alboetan, ertz bakoitzak bana, estatuaz inguratu eta edertuta; albo batetan Spoleton ikusi genuenaren antzerako aska: ez da hura bezain landua, iturria du honek; ertz batean Korso kalearen hasierako bi kantoietan kupula handiko bi eliza, elizpea sortu eta eliza aurrea edertzen dute aurreko zutabe handiek; obelisko egiptoarra plaza erdian eta bera girotuz esfingearen iruditxoak buelta osoan.
Arku erraldoi ederra Piazza Flaminioara sarrera eginaz.
Korso kalea: oinezkoentzako kalea da baina motoek inbaditu dute hau ere; denda dotoreko kalea, pasaezina bihurtzen da: oinezkoak, motordunak eta izugarrizko zarata; ez zaigu gustagarria denda dotore, jauregi eder, patio ikusgarri eta eliza fatxada galantak dituen arren; laugarren eliza bat.
Zutabearen plaza: Parisekoaren antzerako zutabe luzea muntaia baten gainean, norbaiten bizitza kontatuz behetik goraino bueltan-bueltan; gehienbat gerrako gorabeherak, harrian tailatutako filigranen bidez: historia zehatza harrizko irudi bitxiez azalduta auskalo zenbat metrotan; zutabearen gainean, punta zorrotzean Aita Sainduaren bat-edo jarri diote; zutabe leun mordo batekin osaturiko eraikuntza erraldoia du alboan.
Pantheoia: iraun duen erromatarren eraikuntza zaharrena omen; harrizko 11 zutoin erraldoi, gainean horizontalki gehiegi landu gabeko errematearekin; behealdean muntaiaren bat ikusten zaio, zutabeei lotuta horma: meritua behar zuen horrelako eraikuntza tzarra jasotzea, baina ez dit ezer esaten eta ez zait hain zaharra iruditzen.
S.Ignazio eliza: harri zuriko frontis garaia, zabala, austeroa, hutsa, lisoa, biluzia, santu-irudiak falta zaizkio horma-konketan; barrutik ere handia da, pintatuta du sabai osoa, zeruan dago dago S.Ignazio, pintura bitxia da nolanahi: sabaiko pinturak beheko estrukturaren luzapena irudikatzen du eta bertako irudiak kanpora bezala ateratzen dira, efektu bitxia lortuz: tridimentsionala; gutxienez freskura eta bankoak eskaini dizkigu elizak, Patroi Handia sabaiko zeruetako glorian begiratuz geuk ere atsedenalditxoa hartu baitugu; Luis Gonzaga sainduaren jaialdiren bat ospatzen zuten, bere eguna izaki, Monseinore dotore bat ari zen jardunean zientu-erdi bat moja, gazte bat eta adineko bakarren bati; bada elizan gorpu bat, baina ez dut gogoratzen Inaziorena ala Luisena den.
Venezia Plaza: bi palazzo eder daude bata bestearen aurrean; beste hegal batean gudalozteari edo hildako soldaduei jasotako harrizko monumentu zuri erraldoia, begiratzekoa: dena zutabe, dena estatua, dena zuri, brontzezko bi auriga denaren gainean, pinu batzuk erdian eta higatuta dagoenez norena den ez dakigun historia kontatzen duen zutabea.
Araceli eliza: gerra monumentuaren atzealdean, mailadi oso luzea du eta arraroa oso originala eta bitxia bihurtzen da bere adreiluzko forma.
Capitolio plaza: Migel Angelek egina; mailadi luze eta zabala du honek ere; sarreran bi harrizko morrosko erraldoi zaldiak alboan edo eskutik, tokatzen zaizkien barrabila ederrak dituzte denek, zaldiek zein gizaonzkoek, begiratzeko bezalakoak; belztuta daudelako-edo atseginak ez diren bi palazzo eta alde bakoitzetik ate nagusira bi mailadi dituen hirugarren palazzoa, senatua gaur egun; Palazzo baten patioa ikus daiteke kanpotik ere, izango ditu 10 metro Bako izan daitekeenaren etzandako harrizko irudiak.
Foroa: arratsaldeko eguzki gorri mehearen argipean tokatu zaigu ikustea, halako ukitu berezia hartzen zuen; Senaduaren atzealdean dago, azpialde edo behean; izugarria da: bai luzeran bai zabaleran, harri-zirtak dira hemengoen alboan orain arte ikusitako harriak; zutabeak, arku ikusgarriak, etxeak, bideak... dena da handia hemen, pelikuletakoek ez dute exageratzen, txiki gelditzen dira baizik; zaila da irudikatzea zenbaterainoko muntaia handia izan behar izan zuen guzti honek, zein eta zelakoa behar zuen izan hemengo joan-etorri eta eztabaida; azpilana izanen zen nagusi, segur aski, hemen ere; espero genuen dena gainditzen du; izugarria da arkua, handia eta landua, oso hondatuta badago ere.
Mamertina kartzela: hemen dago Elizaren historiatik hain ezaguna zaigun kartzela hura. Zirrara bizia sortarazi dit Mamertina kartzelak. Hemen egon ziren bai Pedro eta bai Paulo: etakideen aurkako gaurko arrazoi berdinak erabili zituzten bai atxilotzeko, baita gero garbitzeko ere biok: herriaren nahia, ordenua, legea, bakea, etorkizuna, gizartearen egonkortasuna: esango didate haiek ez zutela inor hil, baina zer inporta diete hilketek gaurko agintariei joko politikoan erabiltzeko gaia direla ez bada?.
Mamertina kartzela honetan zeuden Pedro eta Paulo ere hil egin zituzten: Espainian suntsitu asmoz kartzeletan dituzten gazte pilak ere monumentua izango du egun batean.
Coliseum: Izugarria da tamainaz bere borobil osoan; Veronako koliseoak, euripean eta deseroso ikusi arren, zirrara eragin zidan; honek ez dit ezer esaten; ezberdina ikusten dut, beltza, zikinagoa, arruntagoa, xarmarik ez du, agian handiegia delako; hainbat aldiz telebistan eta filmetan ikusitakoa, inolako zirrararik gabe geratu natzaio begira, azken eguzki gorriak argituta hunkitzeko ordu eta una aproposa bazen ere; arku izugarria du albo batetan, landua eta egoera onean; adreiluzko hormatzarra ere badu, Forora jotzen duena segur aski; medailoi pila; imajina daiteke koliseoaren barne egitura, harritu egiten du horrelako eraikin eskergak: milaka jende izango zen hor barna, garai hartako futbol zelaia bailitzan; nahiko garbi ageri dira lehoien zulo eta lubakia, baita gladiadoreen pasabidea izan behar zutenak ere; zenbakituta daude sarrerako ateak, zenbaki erromatarrez jakina: 4a lau marra bertikal dira, IIII, ez aurrean marra bertikala duen uvea, IV, eskolan erakutsi ziguten bezala; imajinazioa bere kasa uzteko lekua da izan, baina ez dit ezer esaten bere izugarritasuna miresten badut ere.
Erromatarren arrastoak ez du amaierarik: errepidearen bestaldean ere horma, zutabe eta mila hondakin dager barreiatuta.
Turista jende asko ikusten da, mundua zeharkatuzko ibiltari tankerakoak, bero egiten duela-eta hala moduz jantzita.
Itxura guztietako jendilajea ikus daiteke Erroman, koliseo inguruan nabarmenago, agian turisteria soilik gabiltzalako bertan.
Oso errekargatuak dira elizak barrutik, gehiegi apainduak, beteegiak, loratuegiak; harrizko handiak dira elizaurreak.
Motozaleak, harroxko hutsak bere moto gainetan.
Pariskoa zela bakarra uste genuen historia kontatuzko obeliskoa, baina gaur metro gutxitan bi bilatu ditugu Erroman: bertakoak ala lapurtuak ote hauek ere?.
Ez gara sartzen Museoetara, ez genukeelako edukiko ez dirurik, ez denborarik, ez indarrik denak ikusteko.
Capitolio Plazako Palazzo-Museoko aterpean, tolesten diren ohatiletan etzanda 8. egunez gose greban dagoen emakume taldea aurkitu dugu, “lana emakumeei, zerbitzuak hiriari” lemapean lanpostua defendatzen nonbait: beti izan da latza ogiaren defentsa.
Hemengo aktibitatea nolakoa zitekeen berritu nahi izan dut irudimenez Foro inguruan, baina ezin izan dut; urruti gelditzen zait, ez dit ezer esaten, ez dit emozio berezirik sortarazten. Begiratze soilean gelditu naiz, aho zabalik, besterik gabe.
Foro honetan ibili ziren Erromatarren Arzalluz eta Atutxa guztiak, akolito guztiekin; pipilean egon zen gizarte hau baina Erromatarren Inperioa ere erori egin zen, eta hemen dakusagu orain hilda, birrinduta; zibilizazio baten hezurrak, hondakinak, ikusten ari gara: zerbait garelakoan!: Hor dabiltza gure Arzallus eta konpainia ere Pepe baino harroago, inguruko denak zapaldu eta itoaz aginte izpitxoa dutela eta, gaurko euskal gizaldi eta gizarteko esklaboak hesi guran.
Erromatarrei buruz uste genuen dena gainditu digu gaur ikusitakoak, lehen ere zerbait ikusita geundelakoan bageunden ere: huskeria zen irudimenak eskaintzen zigun handiena ere.
Foroari begira: nolako mauka gure alkateek lursail hau baleukate etxegileekin espekulatzeko!!!.
Handiegia zen Koliseoa, traketsa, bota eta bertan beste zerbait eraikitzeko, horregatik iraun du, zorionez. Baina zenbat harri ez ote da eraman bertatik beste eraikuntza batzuk jasotzeko!.
Erromako zebra pasabideetan biziki borrokatu behar da auto eta motoekin kalea zeharkatzeko: jai du auto artera ausartzen ez denak.
Tokatzen zitzaiguna, planifikatua genuena, luzapenez gehituz, bukatu dugu gaurko ibilaldia.
Goxo afaldu dugu, nire urtebetetzea ospatuz.
Garraiobideez baliatzen ikasi dugu, Erroman ibiltzen ere bai: geure dugu Erroma egun batzuez.
Ekainaren 21a. Asteazkena. 42.a
Ez Mitxelina ez bestelako gida-paperik, plano arrunta eta ikusi beharrekoaren zerrenda da daramagun arma bakarra, ilusio eta pazientziaz gain. Ustekabean ikusi eta bizitakoa itsaskorragoa da, sakonagoa, luzaroago irauten duena. Errazago egiten dute hegan irakurri eta entzundako berehalako datuek. Gainera holakoetan gidaliburuek enbarazua besterik ez dute egiten, nekatuz aparte. Ikusitako soila gehiago gogoratuko dugulakoan gaude, are gehiago ezusteak laguntzen badio.
Bi musker ikusi ahal izan ditugu Etxarriko basoan bageunden lez, berde-berdeak ziren, Etxarrikoen kolore aniztasunik erakutsi gabe: handia zen bata, luzaroan izan dugu ikuskizun, geldi bera, eguzkia hartzen kanpinera bideko hesi berdean harrigarriro kamuflatuta. Hau ere Erroma da.
Trenez egin dugu hirira: kirol-zelai asko eta ondo zainduak daude. Baita txaboladiak ere, gaur egun karabanak badira ere txabolak.
Erroma
Piazza del Populotik hasi gara gaur ere, bai trenak bai tranbiak bertan uzten baikaitu erosoen. Atzoko sentipen baikorra areagotu egin digu plazak, zaldizko txakurreria berton zegoen arren.
Sta. Maria eliza. Berritze lanetan murgildua dago zati handi batean; Caravaggioren bi lan: agure bat zaldiarekin agertzen denekoa: bere osotasunean eta argiaren erabileragatik da ederra; agian horrek egiten du beti ederra koadro bat; bigarrena, txikia, bizantziar itxurako Amabirjinarena, ederra da, erretaula bera ere. Mila eta bi harrizko giza irudi, mila taula, estatua, busto, hilobi, pintura... ditu, eliza bera Museo bihurtuz. Modernoak dira Kristoa eta hitzaren-lekua, baina ez dute kontraste itxuragabekorik egiten. Eliza honetan lo ez ezik zorronka ere egin dezakete kanonikoek aldare osteko aulkiterian, berez bakarti gelditzen diren aldare ertzak ere arkuz estalita baitaude. Hainbeste harri landu dute ze aitorlekua ere hilobi landu eder baten gainean jarrita dago, agian beste leku librerik ez dutelako, dena baitako hilobiz beteta. Itsulapikoak aitatu beharrean naiz berriz ere: Caravaggioren aurrekoak bi metro baditu luze, erdia zabal eta bat garai, itsulapiko erraldoietan erraldoia.
Piazza Espagna. Mailadi handia du albo batean, luzea eta zabala; ederragoa espero nuen: berrikuntza lanek igotzeko nekea barkatu digute. Erdiko iturriak eman digu ezustekoa, iturriak berak eta inguruko giroak: zazpi hamar bat metro luzerako marmol zurizko karabela antzeko itsasontzia da iturria bera, aingura eta erdiko masta zuloetatik ur freskoa erruz botaz, ura edateko nasa antzerako harria du ur gainean txaluparaino; garbi kolorea du urak, giro lasaia sortzen zuten bere freskurak eta hotsak, horregatik lasai geunden inguruan erromesok eguzkitako beroaren zamapean ura edan eta ahal zeneraino bustiz.
El Mundo egunkaria erosteko aukera ere eskaini digu Espainiako Enbaxada alboko kioskoak: atzoko kanineko oilarrak bezain nork ozenagoko kukurrukuka jarraitzen dute politikoek Espainian.
Fontana de Trevi. Izugarria da, bere osotasunean, bai iturria bai eskultura multzoa, baina beste zerbait espero genuen. Ezin uka ederra denik, baina inguruko eraikuntzak eta leiho larregiak jan egiten dute iturria bera: ederragoa nabarmenduko litzake iturria, distiratsuago agertuko, isolatuago balego; izugarria litzake bera bakarrik plaza erdian. Bota ditugu gure txanponok putzura, Erromara ez bada ere beste norabait itzuliko garen ziurtasunez.
Pantheon. Atzo Panteoitzat jo genuena jostailutxoa zen ikusi dugun benetakoarekin alderatuz. Sortzez edo lehen helburuz eraikuntza paganoa izanik, eliza bihurtu zuten eta hala da gaur egun. Zutabe handi, sendo, luze, borobilen gainean harri zurizko friso horizontalekin lortutako elizpea. Sarrera honetatik barrura adreiluzko eraikuntza borobila izugarri erraldoi da bai zabaleran bai altueran. Dena dator bat bata bestearekin, 50 metro bai bada diametroa, beste horrenbeste garaiera, baina dena dator neurrira, dena da orekatua. Barrunbe osoak bertatik soilik dena ondo argitzeko haina eguzki hartzen duen zulo borobil zabala irekitzen da erdiko gainaldean: argizko borobil zabala marratzen zuen eguzkiak zoruan, eguzkiarekin batera borobila ere zoruan mugituz. Barrua: ezer gutxi gehiago du ganga izugarria izateaz gain: marmolezko zutabe gorri pila, koadroak aldaretan eta erretaularen ordez dagoen koadrotxoa: erakargarri nabarmentzen zaizkio behetik xehetasunez ezin jabetuz lauki osoa den zilar zurian asmatu egin behar dituzun Amabirjinaren eta Umearen esku-aurpegiak izan daitezken ilunguneak. Biktor Manuel Erregea bertan ehortzia dago hilobi handi batean.
Navone piazza. Erroma plaza ederrez beteriko hiria da: Navone piazza da ederrenetarikoa. Ehun metrotik gora ditu. Ikusgarria. Iturri zoragarria: atzamar puntetan jolasean dabilzkien harri zurian landutako giza irudiak lau kantoietan, ahoa hustubidea zaion harri zurizko krokodiloa putzuan, gainean berriz Trajanoren obelisko garaia. Marmol gorriz dena. Alboetan beste bi iturri harri landuko irudiz edertuak. Turista asko dabil bertan, plaza handia denez elkarri trabarik egin gabe. Giro atsegina, goxoa, eguzkia zitala zegoen arren: pintore asko karikatura egin edo koadro saltzen; kafetegiak eta mahaiak.
Tiber ibaia. Zikina dator, arrainak ikusten badira ere: korrokoiak ote bertako arrainok?. Zubiak: harri zurizko zubi ederrak dira, batzuk besteak baino ederragoak, estatuez apainduak ia denak. Ertzetan pasealeku antzerakoak, jan eta edanleku muntaia ugari bertan, badira tabernak ur-gainean ere, tentagarri denak, gaur jenderik ez badabil ere.
San Pedro eta Santangelo ikusi ditugu Unbertoren zubitik: urruti geneuzkalako edo, agian alboan beraiekin parekatzekorik ez zegoelako, ez zaizkigu hain handiak iruditu.
Milvio Zubia uste dugunak pintada pila du: grazia gutiko “ti amo” eta izen pila. Arrano diganteak eta Otsoak errespetatu egin dituzte artistek. Tentagarria da izan zubia hainbeste harritzar zuri leunak eskainiz pintzelari.
Zubi honetatik nahiko ondo antz eman dakieke, zazpiei ez bada ere, Erroma osatzen duten muinoei.
Augustoren hilobia. Adreiluzko eraikuntza borobil erraldoia. Gotorlekuaren antza du, harresiak inguratzen du. Tartea lurrez beteta dago eta altzifreak dira bertan nagusi. Kanpoko inguru borobil osoan ura egon zitekeen gazteluetako zulo edo lubakia ageri da gaur egun, pasabide batek zeharkatzen du. Alboko monumentuak zainduta badaude ere hondatuta dago Augustoren hilobi hau.
Pakearen aldarea. Ez dakigu zer den berau. Beirazko eraikuntza baten barruan dago, ondo gordeta. Kanpoa landuta duen harri zurizko kuboa da, barruan ezagun du mailadi bat, muinean edo barru-barruan auskalo zer. Nonbaitetik ekarritakoa dirudi.
Vatikanoa.
Plaza: Guardia suitzarra izan da ikusi dugun lehenengo gauza: mutil bikainak, urdinez jantzita batzuk, kolore anitzez besteak, inork eskatuz turistekin argazkiak ere ateratzeko prest. Hemen gaude mila bider argazki eta telebistan ikusitako S. Pietro piazzan: zinez erraldoia. Kupulak ez du hain handia ematen, agian ingurua ere erraldoia, tamainaz antzerakoa, dena bat datorrena, delako. Ezustea: erdiko obeliskoa lisoa, leuna, landu gabea da. Lau erreskadetan zutabe ilarak, gainaldetan irudiak. Aita Sanduaren agerpenetako balkoiak kaskarra dirudi, iluna da eta gainera zikina dago. Enkatxuko zorua: nolako idi-probak egin daitezken bertan, Euskal Herriko idi-pare guztiak jarri daitezke bertan batera, zuzenean hiltzerik kontatu beharrik gabe, harriari buelta ematen ibiltzeko premiarik gabe: dena da hemen erraldoia, baita Pio IX.aren estatua ere: nolako estatua tzarra!. Basilikaren aurrealdea ere sekulakoa da bertara hurreratuz gero: 12 Apostoluak behetik hain handi ikusten direla, ze neurritakoak ote bertatik?.
Basilika: praka luzez etorri naiz bada ez bada ez ote didaten utziko barrura sartzen beldur, eta igarri egin diot, ez bainintzen bestela sartuko; baina itxura hutsa da dena, Basilika barruan ez baitu inork errezatzen, ez da alde handirik beste monumentu laikoetatik, dabilen jendearen portaerari begiratuz. Handia da eliza bera, baina osagaiak bata besteari tamainaz egokituta daudenez ez du erraldoitasunaren sentipenik sortzen; beti esan ziguten Loiolako basilika osorik sartzen dela Vatikanokoaren kupulan, baina ez du ematen. Dena da dotorea bertan, dena handia, dena aberatsa, dena ederra, nahiz Eliza beti pobrea izan!!!. Gurutzadura erdiko aldare gaineko baldakinoak, erraldoia izan ez ezik, eman ere erraldoia ematen du; telebista eta dokumentaletan ikusitakoaz, ederragoa uste nuen; ezustea gertatu zaigu S.Pedroren hezurrak gordetzen dituen aldareperako mailadi bikoitza eta muntaia osoa, ustel bihurtu du bertako dotoretasunak bertako dotoretasunak apala zelakoaren iritzia: zer egin ditek S. Pedro!, ezin haiz ibili marmol zuri eta marroi horren artean, asmatuko ote huke, agian bai, erraz ohitzen baikaituk horrelakoetara, galdetu bestela Juan Paulo hire ordezkoari. Bete-betean jotzen du eguzkiak aldare nagusiko arrosetoiko Espiritu Santu Usoa gu gabiltzan unean, bizirik bailego, ikusgaria bihurtuz; lau estatua digantek osatzen dute presbiterioan absideko baldakino izugarria, eserita egoten den Aita Saindua adieraziz: hor esertzen denari zaila zaio bihotzez umila eta apala izatea, izanez gero ez bailuke bertan ipurdirik jarriko; santu-irudiak ere halakoak, bizpahiru bider pertsona bat, Aita Sainduenak dira ia gehienak: ez dakit izatez hain izaeraz handi izan ziren, baina irudikatutako laurdena baziren onak izan behar zuten izan; S.Pedroren brontzezko irudi famatuak oin higatua erakusten du: ze nolako igurtziak egin dizkion moja batek, horrelako askorekin laster da herren gure Kepa Donea; han dago Pietà beiraz babestua beste inork mailukadarik eman ez diezaion: ez dit ezer berezirik esan, uste dut badela taila hoberik edo ospe gutxiagoko antzerakorik, edertuago egin du mitoak eta egilearen izenak; alde bietan du tronpeteria organoak, baina txikia da berez; gurutzadurako medailoiak, koadroak, estatuak… dena dago erruz; izugarriak dira harri landuak bai tamainaz bai arte-lanez; ikusgariak ere kasetoi, artesonaduak; tolesdura eta guzti oihala irudikatuz harrizkoa, heriok oihalaren hegala jasotzen du harea-erlojua atereaz azpitik, tipoa baina harroputz zamarra behar zuen izan mitra gabe baitago, galaia bera, ilaje dotorea erakutsiz; aitorleku izugarriak: bekatuak ere halakoak ote hemen!; ur bedeinkatu ontziari eusten dioten asexualak uste genituen aingeruei marmol zuriko tailetan darien edertasunaz gain zakil zatia ere ikusten zaie oihal ostean: emakumeak ere baztertuak izan ziren aingerutzan; ur bedeinkatu ontzi azpian oihal bihurtu du marmol beltza artistak; itsulapikoak berriro aitatzeko asmorik ez banuen ere, esan beharra dut erraldoiak direla hemengoak ere, ez dakit inguruaren neurrira eginak, ala dabilen bisitari kopurura egokitzearren.
Dena dago egoera onean hemen, zaindua, ez da ezer hondatu edo zaharkitu: hau negozioa baita, multinazional erraldoia.
Morroi asko ikusten da, gazteak denak, txarteltxoa paparrean: nahita edo nahigabe hau dena izugarrizko muntaia bihurtuta dago.
Bakarren batek ezik, inork ez du errezatzen. Errezoa baino gehiago erritoa zirudien eliza atzeko zoru erdiko borobilean belaunikatu den gizonaren zeremonia.
Bakardadean daude apaizak aitorlekuetan, bezerorik gabe.
Abade-mando asko ikusten da: batzuk erromesak, beste batzuk bertatik bizi direnak. Hona ez gara otoitzera etorri, museo bat ikusten ari gara denok; baina ez dago builarik, eliza hau ez da merkatua, agian da, baina ez du merkatu itxurarik, edo bertako merkatua beste leku batetan dago.
Munduko basilika luzeenen luzerak erakusten dira zoruan: 200 metro ditu honek, Londreskoa da hurrengo luzeena.
Ez dago banku eta jarlekurik.
Santangelora sarreratik begiratu diogunean ia hutsik zegoen plaza, erraldoitasunaren sentipena sortu digu, ez edertasunarena. Norberak hurreratu behar du edo inguruan dabilenarekin alderatu behar da zenbaterainoko handia den jabetzeko.
Santangelo. Kaskarra eta ahula dago Israeldik bidalitako olibondoa gazteluko ertz batetan, gaurko bakearen sinbolo nonbait: konponduta gaude benetako bakea olibondo hau mardultzean badatorkigu!. Eraikuntza hor dago, hau bai handi eta sendoa da: hilobia izan behar zuena kartzela eta gotorlekua izan zen lehenengo, gaur egun militarren museoa. Sinbolo esanguratsua. Adreiluzko eraikuntza borobil erraldoia hau ere, Augustonak baino zorte hobea izan du honek, kartzela eta gotorleku bilakatu zutelako hain zuzen. Lubaki edo zulo sakona du borobil osoan, krokodiloek ura edan badiote ere.
Bide-zubi luzea doa bertatik, garai, Vaticanoraino.
Uste dut Erroma izango dela borondatez eta nire kabuz bueltatuko ez naizen hiria: bertako zirkulazioa, jendetzak eta zaratak ez dute akaburik, ahitu egiten naute. Ezin daiteke bertan ibili. Estresatu egiten nau Erromak. Hori da Erromari zor zaion ordaina edo tributua eta gu ematen ari garena. Zer ikusi eta zertaz gozatu besterik ez du, hiri osoa da museoa, kalean ibili soila artelanak miretsi ahal izatea da. Baina Erromak eskatzen didan ordaina museoetarako sarrera-ordaina baina garestiagoa da niretzat.
Zerbait handitzat zeukaten bere burua Enperadoreek Santangelo edota beste eraikuntza tzarrak bere buruari eraiki eta oparitzeko; bai Santangelo bai Vatikano barruko estatuak agindu zituztenek behintzat.
Romulo eta Remo otsoarekin edonon aurkitu daitezke Erroman.
Aspergarria izan behar du artelanen zaharberritze lanak, hala dirudi behintzat begira gaudenontzat.
Oztopo-lasterketa dira Erromako kaleak, baina honek oso mantso ibili beharraren abantaila eskaintzen du, nekea bera ere zailago gizentzen delarik: motozikleta, turista, bertako hiritarrak, denok trinko nahasturik espaloi estu zahar hondatuetan: sano heldu nahi badu oinezkoak hobe du hankarik ez jartzea kaleko zoruan. Espaloiak, antzinako hiriari dagokionez, estu-estuak dira, berez zaharrak eta zaharkituak ez ezik, hondatuak gainera.
Dena da zaharra Erroman, baina ederra ere bai.
Gizaki praktikoa da italiarra: Erroma zabala eta autoz ibiltezina denez motozikleta hartu dute ibilgailu.
Metro gutxi dago Erroman, pare bat linea soilik. Geltokiak oso apalak dira, funtzionalak. Segur aski ezingo da lurperik zulatu, antzinako hondakinez osaturik egongo delako. Estuasunik gabe batetik bestera ibiltzea ahalbideratzen duten autobus eta tranbiak, berriz, ugariak dira.
Kristauen hirian, eraikuntza laikoari egin diogu gaurko argazki bakarra.
Hainbat obelisko egiptoar, handi eta txiki, bilatu dugu han-hemenkako plazetan barreiaturik: konkistatzaileen harrapakinak. Garaipen eskubidea. Espainolek, horratik, urrea ekarri zuten soilik bere erbesteko harrapaketetatik, ez zuten herrietako kultura ezaugarririk ekarri. Espainolari ez zaio axolarik kulturak.
Bada Gobernua edo zerbait ofiziala obeliskoa agertu zaigun plazan: alboko kaleetaraino heltzen ziren uluen antzerako orroak eta erretolikak boteaz protesta eginez zegoen bertan tipo berezi batenak, mezu idatzia zutoihal antzerako zerbaitetan erakutsiz.
Ikusgai bikainez ederturiko hiri zaharkitua da Erroma.
Jende asko, kanpotarrak, dabil Erroman, baina ez turista saldoak.
Nahastu egin gara planoan, ondorioz ia ordu erdiko bira eman diogu Santangelori: hainbat egin ditugu horrelakoak bidaian. Amorragarria ere bada. Nire nekean ia gorrotatu ere egin dut Santangelo.
Helikopteroak bihurtu dira aireko izurrite hegalari zaratoso nekagarriak edonon.
Metrora bidean jelatua gozatuz eman diogu bukaera gaurko ibilaldiari.
Ekainaren 22a. Osteguna. 43.a
Ziria sartu dit gaur irudimenak: nire hezkuntza eta gazte giroko eraginez, ilusioa nuen gaurko ibilaldiaz, aurrez imajinatu baitut ikusi behar genuena. Baina iruditutakoaren alderantziz atera zaigu goiza, lilurak zapuztuz. Hobe ikusi beharrekoak bere horretan bilatu eta ikustea, aurrez desiratu ordez. Goizeko bederatzi eta erdietan atera eta hiruretan bueltatu gara, ia ezer ganorazkorik ikusi gabe, baina bai zerk merezi zuen eta zer ezin zen ikusi ikasita. Autoz edo antolatutako irteera batean etorri behar da gaurko ibilbidera, ez baitago autobus zerbitzu egokirik ere. Bestalde distantzia izugarriak dira zenbait monumentu edo ikusi beharrekoetara. Betikora jo dugu arratsaldez.
Tiberreko Milvioren zubi delako zubitik ez ezik beste hainbat zubitik ehun bider igaro gara egunotan, autobus-linea, geltoki eta beroarekin borrokan, hiriak zer eskainiko zigunaren urduritasun eta itxaropenarekin. Ia ezagutzen ditugu Milvioko “ti amo” guztien izenak.
Caracallaren Termak. Ingurua ederra da, berdegune eta zuhaitz ugariko gunea, baina etengabeko autoen joan-etorriak ezinezkoa egiten du oinezkoen ibilia: motore eta gurpil hotsak, aire jasanezineraino kutsatuak, gozakaitz egiten dute berez ederra litzaken ibilaldia. Alde bakoitzeko 100 metrotik gora dituen eraikuntza karratu izugarria da Termak deitutakoa. Baita garaia ere, proportzioagatik ez badu ematen ere. Izugarria behar zuen izan honek bere garaian. Alboetan lorategi, berdegune eta zen-zenaren hondakina franko. Nahiz gozoa, hondakin artean ibilaldia egitea soilik zela eta, barruko paseoa ez ordaintzea erabaki dugu, uste baikenuen bagenuela oraindik paseo gozorik gaur goizean.
Inguru zabalean ikusten dira eliza eta erromatarren mota guztietako hondakinak: garbi dago hau izan zela erromatarren gune nagusienetarikoa. Bada bere garaian garita zitekeen eraikuntzatxo polita bere ondoan gaurko garita jarri diotena barruko polizia eta guzti.
Kardinalearen etxetxoa. Itxita dago berritzen ari direlako; etxea bera ez da gauza handia baina lorategia bai dela ikustekoa.
S. Sebastian atera goaz; berenez bide atsegina behar zuena gogaikarria egiten du abiadura bizian doan jasanezineko trafikoak. Erromatar jendilajea biziko zen hemen, ondoren bertan jaso zituzten jauregiak jauntxoek ere: diruak badaki non eraiki.
Porta Sebastian. Bi ate dira, arku soila bata, harresiko atea bestea; harri zurikoak biak, harresia adreiluzkoa bada ere. Hemendik egiten zuten bidea Inperioko gudagizonek, gerrara lehenengo eta garaile eta bizirik ateratakoek bueltakoan.
Erromako harresia, nabarmen eta luze ageri da toki honetan
Via Apia ezagunera jo dugu ondoren: autoak dabiltza orain ziztu bizian gudagizon eta gudagurdi erromatarrak zebiltzan galtzadetan. Hondakinak soilik gelditzen dira Via Apia osoan, saihesbideko zubiak ere hondakin gainean eraikita ditu bere zutoinak, erromatarren garaiko erdi eroritako hormak agertzen dira bere azpian. Oinezkoen bidea zen hartan ezin da gaur oinezkorik ibili, gu biok eta gurutzatu dugun hirukote korearra ginen oinezko bakarrak. Fantasia itsua gurea, Via Apiatik gutxienez paseatu ahal izango genuela uste baikenuen. Barrena usteldu eta burua nekatu besterik ez dugu egin.
Quo vadis elizatxoa, imajinazioan edo barrenean, fedea soilik bizi nahi duenarentzat egokia: zuriz jantzitako 8 moja zeuden bertan bake giroko otoitzean kanpoko auto soinuei gor. Horman Quo vadis eleberria idatzi zuen idazlearen bustoa. Errealitatea eta fikzioa elkarturik. Charles Hestonen oroitzapena falta zen, eleberriak baino ezagunagoa egin baitzuen istorioa.
Katakunbak: itxita zeuden. Tontortxo batean daude. Polita da ingurua, baina nekatuta gaude beraz gozatzeko. Vatikanoaren eta Bidaia Agentzien negozio borobila da. Autobusak joan ahal dute; oinezkook, aldiz, galduta gaude. Beste baterako utzi ditugu.
Bide okerra erakutsi digute bueltarako, erabat luzatu zaigu berez ere luzea zen bidea. Trenak ihes egin digu ia: nasa ertzean eta adi egon behar duzu igo nahi duzula adieraziz. Autobusak ere pasako dira nonbaitetik, eta, datozenean, noizbait etortzen dira.
Termini geltokia: handia da, garbia, itxurosoa kanpotik begiratuta, baita barrutik ere.
Museo Nazionala. Geltokiaren aurrean dago. Geltokiko plazatik ezin esan eraikuntza zaharra ala berria den; adreiluzkoa da eta Erroma garaiko horien jitekoa. Ez gara joan, Erroma bera zaigu museo.
Sta. Maria Maiore. Plaza izugarri zabala du Maggiore etorbidearen aldetik, baita fatxada aldetik ere; atze aldean egiptoar obelisko garaia eta Amabirjinak burutzen duen harrizko zutabe luzea daude. San Pedrorena baina fatxada ederragoa da honena. Ondo zaindutako harri zurizko hormak ditu kanpora begira. Ederra eta zabala da fatxada aurreko plaza, autobus pila eta turista aldrak dabiltza bertan. Handia da eliza bera ere. Zabaltza edo balkoi dotorea du fatxadak: mosaikoa du sabaian eta estatuak alboetan; ikusten da bazela hemen ere jendearengana agertzea gustatzen zitzaion Artzapezpiku edo Aita Saindurik: beretzat nahi luke balkonada hori Aita Sainduak S. Pedro Plazan bere agerpenetarako. Aipatzekoak dira erromaniko tankerako adreiluzko dorre karratua, arku txikiko bi ilarek edertuta, baita brontzezko ate handia ere. Barnea: erdigune zabala uzten dute bi zutabe sailek. Zorua: leku batzuetan lauki eta triangeluzko leundu gabeko marmol zatitxoz egindako mosaiko nahiko takarra baina polita da zorua, kolore ezberdineko marmolez lortutako marrazki distiratsu suabea bestetan. Kasetoi edo artesonadu ikusgarria. Zutabeen gainetik frisoa bailitzan, ondo ikusten ez den koadro pila. Osoki pintatutako ganga ikusgarria. Aldare nagusiaren gainean Loiolako eliza gogaraziz lau aingeruren bizkarrean Gurejauna agerirakoan edukitzeko izan daiteken tramankulua, basilika borobila bailitzan: ikustekoa. Aldare nagusiko baldakina, tenplete edo estalkia S. Pedrokoa bezain handia; landugabeko zutabe leunak ditu. Koadro ederrak betetzen du erretaularen zeregina. Mosaikoak betetzen du aldare nagusi gaineko sabaia: klasiko taxuan argia, gustagarria, alaia, ederra. Aldare Nagusiko azpian, kriptan, - S. Pedron ez bezala hemen jaitsi daiteke-, norbaiten hezurrak gordetzen dituzte: dir dir egiten duten marmol zuri-gorrizko bi mailadik daramate bisitaria behera non aurkitzen den belauniko ni baino hiruzpalau bider handia den Aita Saindua harri bihurtuta hezurren aurrean, hezurrei ordez aldarerantz, gora, begira; hau agindu zuen tipoak ere bere burua zerbaitetaz zuen, apala izaki, agian elizaren tamainak eraginda aginduko zuen bere estatua, handi-nahiz baino oroitzapen onenak ahaztu egiten direla eta harriak bai irauten duelako ustetan segur aski. Kapera batean bataiategi handia: marmol gorrizko bataiarria brontzezko estalki landu erraldoiarekin, osoki pintatutako sabaia eta harri landuzko erretaula. Bataiategi bestaldeko kaperak koadro asko ezik, -batek ona dirudi-, hilobiak ere asko ditu: bi horietakoen gainean brontzezko Aita Sainduak daude ukondo gainean besoa eta esku gainean aurpegia, erdi zut erdi etzanda, hormatik hormara kontu-kontari elkarri bezala biak, bazkalondoko patxadazko egonean bezala, hankak tolestuta, mitra eta soingaineko eta guzti, lasaitasun egonean, bizitzan bezala lasai gerokoan ere. Alboetan kapera pila, koadro pilarekin; gurutzadurako eskuin aldean kapera itzela, non ikustekoak diren taila asko eta harri landuzko frisoa. Ezker aldean kapera dotorea, pintura, estatua, harri landu, taila eta abar ederrek izugarria bihurtzen dutena. Plastikozko jarleku arruntak: jendea ez dator nonbait elizkizun luzeetara. Asko dira itsulapiko erraldoiak, agian turista asko dabilelako. Ez dago belaunburutik gorako gonaz jantzita barrura sartzerik: emakume batek jaitsi du bere gona-barrena zentimetro batzuk gerritik, “horrela?”, eta utzi diote sartzen.
Dadaglio golfoa izan zen Artzapezpiku Basilika honetan, Espainian Nuntzio eta Francoren laguna. Zamorara bisitan etorri zitzaiguna.
Sta. Maria Maggioretik Letrango S. Joanerako kalea zein espaloia zabalak dira, autorik ere ez dabilenez nahiko patxadan egin daitekeen ibilbidea. Goizean Via Apia eta Caracalla inguruan autoek bezala, oinezkoak du non ibili hemen. Basilika bien arteko bidean bertan badira gutxienez lau eliza, hegaletara aparteago ikusten direnez gain: nork eliza ederragoa egingo lehia jokatu zen nonbait hemen, eta jauntxo bakoitzak, elizgizon zein laiko, bere eliza eraiki zuen.
Letrango S.Juan Basilikara atzealdetik hurreratu garenez oso arraroa egin zaigu, espero ez genuen zerbait: berrikuntzetarako aldamioz bilduta daude hormak, bada jauregi antzerako eraikuntza handia alboan itsatsita, zerbait izandakoaren hondakinak, bataiategia dirudien adreiluzko eraikuntza borobila. Inguratu dugu eraikuntza osoa eta han agertu zaigu Basilika handia espero baina baino handiagoa. Izugarrizko zelaigune erraldoia zabaltzen zaio aurrean eta sekulako fatxada erakusten du elizak: bata bestearen marka gaintzen ibili ziren Aita Saindu eta Kardinalak, nork eliza handiago eta ederragoa, hauek ziren bere dema eta jolasak; Basilikotako fatxadek txiki uzten dute S. Pedrokoa, agian irudipena besterik ez da inguruko erreferentzi puntuak, bai plaza bera bai alboko etxeak, txikiagoak direlako. Fatxada gainean, San Pedron antzera, irudi digante asko: S.Pedrok S.Joanen hau imitatu eta gainditu nahi izan zuela itxura ematen du, eraikuntzok jasotzean norgehiagoka lehiatu balira bezala. Elizpean erromatar enperadorea: hemen ere elkarren hurrean bizi ziren agintari zibilak eta eliza, elkarrekin ez bazen. Brontzezko atea, tokatzen zaion bezala neurriz kanpokoa, baina landugabea. Barrutik ere digantea izan behar zuen eta hala da dena: bost barneluzego zabal ditu, ez du, baina, gurutzadurarik, zabalera berdinekoa baita eliza osoa. Erdiko nabearen buelta osoan hainbat estatua erraldoi. Zorua Sta. Mariaren antzerakoa laukitxo borobil erronboz osatua, lakar xamarra, latza, baina polita. Estatuak S. Pedrokoak bezain handiak edo handiagoak. Kasetoi edo artesonadua izugarria bere dotoretasunean, Pio IIII., V. eta VI.a oroituzkoak. Marmolak, eskulturak, pinturak: artelana erruz. Aldare gaineko tenpletea, handia bezain ederra, baina ikusitakoetan ezberdina: ia sabairaino heltzen da, lau zutabe gaineko estalki karratuan pinturak, urre-kolore zatiak, urre-kolorezko barroteek ia estaltzen duten gelatxoa eta bere barruan identifikatzen ez ditugun bi urrezko pertsonaia, S.Pedro dirudiena bata, S.Paulo litzakeena bestea. Marmol gorrizko ehunaren irudia errepikatzen da hemen ere, bere zimur eta uhinduraz. Nola ez!, gehiago aitatu behar ez nituen itsulapiko diganteak. Aldare azpian ez dago ohizko hezurrik, S. Joanen irudia soilik; dotorea da bertarako marmolezko mailadia, baina beste basilikakoak baino apalagoa. Hemengoa bai badela S.Andres, eta ez Eibarkoa: harrizkoa eta gutxienez bost bider handiagoa.
Basilikari tokatzen zaion plaza zabala du aurrean: egon behar zen eta zegoen obeliskoa, eta izan behar zuen eta zen egiptoarra.
Plaza alboan kapera edo tenpletea izan daiteken eraikuntza ez sakona ez zabala bai garaia den mosaiko ederra erakutsiz sabaian.
Plaza alboan garai batean zaldiak eta zalgurdiak zebiltzan harresietako ate eta arkupeetan autoak doaz ziztu bizian, zaldien pekotzez ordez tutuetatik jaurtikitako gasez ingurua kutsatuz.
Zirkulazio-infernua da inguru dena, harrizko sainduak ere nekaraztekoa.
Flaminio kalean eguneroko jelatua milikatuz bukatu dugu gaurko Erromari bisita.
EL MUNDO egunkaria erosi dugu: Ertzaintzak lurperatu ditu Lasa eta Zabala, Txabi Etxebarrietanean, Perez Jaureginean eta hainbatenetan bezala herria kanpoan kolpeka mantenduz. Txakurrek hil eta txakurrek hobiratu. Francoren garaiak heldu zaizkigu berriro, Felipek eta Ardantzak txakurreria berbera edo berdina baitute.
Eliza perfektuegiak dira Erromako Basilika Nagusiak, diru asko dagoen eta egon denaren seinale: hauek ez dira ez zaharkitu ez hondatu.
Basilika eta elizon eraiketa herriaren lantegiak ziren segur aski, garaiko erromatarren ogibidea.
Harritzekoa Erromako obeliskoen kopurua; ze nolako harrapaketak Egipton egindakoak: historiak ez die barkatuko, egun batetan bihurtu beharko ditu Erromak ostutako altxorrak.
Karacallaren Terma inguruan ziria sartu nahi izan digu tipo batek: hitz dotorez eta erretolika egokiz bilduta narruzko txamarra bana oparitu nahi zigun erregaitarako diru truke. Amua irentsi ez dugunez “putaine” eta “cabròn” oihukatuz gelditu da.
Espero genuen bezala, abitudun moja eta fraide asko ikusten da Erroman.
“Cuidado con los carteristas” mezua gaztelaniaz ere badago metroan.
Leku zatarrak zeharkatzen ditu trenak: agerikoa da aberatsek eta politikoek ez dutela erabiltzen garraiobide hau, bestela egingo bailukete zerbait ingurua txukuntzeko.
Nire deboziozko urteak gogarazi dizkit trenean arrosarioa errezatzen zuen mojak.
Metroan ikusten da erromatarrek aurpegi luze nekatua dutela, halako hiritzarrak ahitu egiten baitu bertakoa ere.
Krokodiloak, dortokak, Vatikanoa, otarretxoak, pailazoak, arraitxoak, San Pedroren giltzak eta abar luzea irudikatuzko ogi artistikoak erakusten dituzte okindegi bateko erakusleihoan.
Ekainaren 23a. Ostirala. 44.a
Polita da kanpinean jende bat garai batetako errebindikazio kantaldi edo prozesioetan baileude hortzak garbitzeko zepiloa eta pasta atzamarretan daramatela ikustea: atzo bikotea zihoan zita batera bezala bakoitzak bere zepiloa tenk eskuan kontrazeinu bezala.
Atera gara, kaleetan auto eta motoen abiadura eta hotsekin borrokatzera. Mitxelin gidaliburua baztertuta, joan eta ikusi. Data eta izenez ez gara asko jabetzen, ez dugu erudiziorik ere lantzen, baina gozatu gozatzen dugu data eta zertzeladen uholdearen nekerik gabe.
Jendez pil-pilean dago goizean S. Pietro Plaza. Aulkiak jartzen ari dira, ospakizunen bat egonen den seinale.
Vatikanoko Museoa. Erromak edonor nekatzen badu, akitu egiten du Vatikanoak: Basilika eta Plaza handiak badira, kilometrokoa da Museoko sarrerarainoko bidea. Turista gehienak autobusez eta taldeka doaz bertaraino. Museoaren ikusmin handirik ez duenak hobe du plazan gelditu eta kitto. Jakin-mina dugunez, joan egin gara. Galduta legoke benetako fededuna hemen: batetik ezin daiteke ganoraz eta patxadan errezatu, gutxiago jaungoikorik aurkitu, Erromak eta Vatikanoak unatu egiten dutelako bestetik. Turistak soilik du lekua hemen, areago, agian, erlijio paktikaren berniza edo azaleko praktikantea denak. Hona etortzea, lehoietara jauzi egitea bezala da, kristauak Koliseoko hondartzara bezala. Eta gainera ordaindu egiten dugu, eta ez guti, 1300 pezeta; larrutu egiten gaituzte asimilatu ezin daitekeen dena nahitaez ikustera behartuz. Ez dago aukeraketarik. Hainbeste dutenez erakusteko ezin dute kontrolatu eta sartzen denak museo osoa ikusi behar du. Lauzpabost solairuko brontzezko eskailera bitxi borobil bat bakarra, itxuraz bikoitza: beherakoentzat bata, gorakoentzat bestea: unagarria, jendea presaka baitabil gora eta behera. Museorako sarreran dirua alda daiteke, baita autobuserako txartelak erosi ere: merkatu bizia.
Muntaia berezi bat inguratu behar da goian txartelak ateratzeko leihatilara jotzeko: ondo zuzendu eta antolatutako negozioaren tankera du denak. Ez dago horrelako multinazionalik. Sixtoren Kapera zen soilik gure interesgunea, baina horretarako zirkuitu osoa bete behar da, zirkuitu osoa ordaintzeaz gain, Sixtina ikusteko maratoia ez ezik oztopo lasterketa ere bada, gelarik gela, zokorik zoko, aurretik igo ondoren jaitsi, jendartean beti, ibili luzea eta nekosoa; azkenez aurrera egiten du hasieran begira gehien gozatzen zuenak ere, ezinezkoa da denari begiratza. Bitxikeriak daude, baina azkenerako ez dugu indarrik begiratzeko ere. Muntaia ondo ideiatuta dago: ezin da zatika ikusi, ezinezkoa da Rafaelen pinturak edo etruskoen arteaz soilik gozatu: dena ikusi ahal izatea ordaindu behar duzu, eta dena ikusten ez baduzu ere denetik pasatu beharra duzu, eta ez da txantxetako lana, izugarri luzea delako eta jendetzan harrapatuta zaudelako. Urteetako esperientziaren diseinu interesatua. Agian ezin da besterik egin ere kaosa sortu gabe. Begiratzekoak dira, eurak ere, pasillo eta erakusgela luzeak: askotan mosaikoa den zorua, sabai eta hormak freskoz edo koadroz apainduak, tapiz ikusgarriak. Horrez gai erakusgela bakoitzean erakusgai dagoena: pilatuta, metatuta edo bilduta dauden bitxikeria harrigarriak. Turista pauso mantso lasaia hartu eta ibili, poltsikoak eta diru-zorroa ondo zainduaz badaezpada, denera begira, bakoitzean arreta gehiegirik jarri gabe akitu nahi ez baduzu. Geografia mapa zaharrenak omen direnak, fresko apartak, urrezko gaiak, mosaikoak, esmalte zoragarrizko idazmahaia, zurezko kontraleihoak taila eta inkrustazioz landuak, bi kanpai handi, Leon XIII.ari oparitutako bolizko, marfil eta auskalo zerezko inkrustazioz ebanozko edo agian zeramikazko belaunaulkia: otoitzerako!!!, nahi haina koadro, hiru arrautza xelebre, pelikuletako digante burusoil erdi-zoro horietakoa Aita Saindua dirudien baten bustoa... ez du akaburik paseoak. Museo guztietan bezala mila bitxikeria eder, zein baino zein ederragoa, dago ikusgai.
Merkatua dirudi berbaroagatik, asko baikara galeriaz galeria ibiltari, eta denok egiten baitugu hitz, bikoteak elkarri eta gidek taldeari. Han-hemenka denean daude barreiatuta saltzaileak. Denetik saltzen da: ulergarria lirateke bertako artelanen kopia edo imitazioak, edo Vaticanoari buruzko argitalpenak, baina turistak erosi dezaken edozer gai dago sakgai: giltzatakoak, diru zorroak, kodak argazki erroiluak, eraztunak, ordulariak, kamisetak, txandar ekipo osoak... zer ez!; kinkila ona, jenero ona, hori bai. Leihoetatik ikusgai daude Aita Sainduaren lorategi eta pasealekuak: badu leku ederrik ibiltzeko tipoak, erdiko kale edo ibilbideak aparkaleku bihurtu badira ere. Vatikanoko patio erraldoia ere bertakoen aparkaleku bihurtuta dager goitik. Jende pila dago Basilikako kupula puntan: hemen dena dago salgai, ikuspegiak ere bai.
Erraldoikeria da dena. Gehiegizkoa. Azkenerako nekatu egiten du: edertasun gehiegi baterako. Nekatuta gaude gure helburua den Sixtinara heldu orduko.
Wienako askapena koadro erraldoia ikusgarria da argiaren tratamendu, konposizio, perspektiba, bolumenaren erabilpenagatik: “Venimus, vincimus ete Deus vincit”, heldu ginen, irabazi genuen eta jainkoa garaile, dio azpiko lemak: hildako pila koadroaren azpialdean, jakina. Konstantinoren aretoan sabaiko koadro batek izugarrizko zirrara sortarazten du: Kristo aldare gainean eta Idolo beltzaren zatiak lurrean; badirudi zatiok norberaren gainera eroriko direla, perspektiba marrak aretoko zolarantz zuzentzen baitira. Fresko harrigarrietan emana dago Konstantinoren bizitza. Izen arraroa duen pintore baten koadroa, baina batez ere naif koadroen naturaltasun xumezko espresio sarkorragatik gogoratzekoak dira Jesusen Zigortzea irudikatuzko hiru zurezko irudi zahar, xalo, naifak. Itxita dago tamalez Rafaelen gela, baina beste gela batean leiho alboko jarleku borobil batean eserita atseden hartuz gozatu ahal izan dugu beraz. Fray Angelikorekin gozatu dugu. Bada ziega bat irudikatzen duen koadro ederra: izugarrizko argia du atzean, beheko leihoaren jarraipena bailitzan. Gela batean musika gregorianoa zegoen, bertan isiltasuna eta giro lasaigarria bizi zelarik, azken ekinaldirako indarberritzeko egokia. Bada sabai batean mosaiko paregabea, izugarrizko ñabardurak lortzen dituena: agian pintura dago mosaikoarekin nahasian. Bi nabeko areto sekulako ederra: goi eta behe dena da pintura: nahiz nekatuta gelditzera behartzen du. Sixtinak badu sarrera-gela edo antzerakoa, Borgiarren gelak, bertan koadro modernoak daude baita Pio XI.aren marmol zurizko busto berezi bat ere; bertan marmol zurian egindako Txillidaren lan txiki bat dago: ikusi eta “hori Txillida da!”!; txartela begiratu eta zen. Borgiak ipurdia ezarri zuen marmolezko jarleku karratuan eseri gara, marmol zati inkrustatuen gainean, patiora begiratu eta berriz ere atseden hartu: ez dakit zer ikusiko zuen berak, baina guk funtzionarioen autoak ikusten genituen. Eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat... mila areto, gela, edo galeria ezberdin, kontaezin artelan ederrak erakutsiz.
Ia obsesio bihurtu zaigu Sixtina. Non dago baina?. Gela guztietan karteltxoak daude bertarako geziarekin, Sixtina aldarrikatuz, baina ez gara behin ere bertara heltzen: ia tortura da. Heldu gara azkenez.
Sixtina kapera. Badu bere alderdi ona: aire girotua. Uste genuen antzerakoa da gela, baina ez pintura bera: han goian, oso goian, dago, ez da ezer ganoraz ikusten. Bertako berri zuten batzuk prismatikoak ekarri dituzte. Jende pila, areto dena beteta dago, lepo, gainezka, sardinak latan bezala, zut tolestuta. Ikuslea zuzenean eta beste gabe baletor bertara, kontrola ezinekoa litzake: aurreko Museoko maratoia Sixtinarako iragazkia eta kontrola da. Gazteleraz ere ematen dituzte isilik egon eta argazkirik ez ateratzeko oharrak. Alboetako jarlekoak hartuta daude, inork ez du ipurdirik mugitzen, freskuran atsedena hartu asmoz aurreko maratoiaren ondoren. Isilik egonarazten gaituzte, eskerrak!, gauden jendetzarekin jasanezina litzake durundia. Ez digute uzten ere ertz batetako mailetan esertzen: nekatuak baina zutik iraun behar dugu denok elkar estutuz.
Sabaiaren estruktura imajinatuta bezala pintatuta dago, ez da erreala, hormen luzapena da, sabai faltsua bailitzan, sabai horretako zoko eta ertzetan sartuta daude irudiak. Sabaia koadroz koadro banatuta edo sailkatuta dago, hainbat koadrok osatzen dute sabai zabala, koadro bakoitza baina ez da hain handia sabaiaren osotasunarekin alderatuz, sabai osoari dagokionez. Irudiz beteta dago sabaia: irudi asko, asko, asko... Kreazioa ederra da, ezaguna, edertasun marguldua, baina aldi beran huts egin digu: uste genuen sabaiko irudiak edo koadroak handiak zirela, koadro gutxiago eta digante erraldoiak imajinatu genituen, agan liburu eta pantailetan handi ikusi ditugulako, baina ez dira hala, ez dira behintzat behetik hain handi ikusten. Han dago Jeremias gizajoa, pentsakor eta arduratuta, masaila eskuzabalean jarrita, ukondoak belaun gainean, betilun, pentsakor ze ostia egin behar diat: etorkizun beltzen bat ikusi du nonbait. Tortikolisa egin zaigu gora begira, orno zerbikalak ere mindu.
Sabaitik aparte bada beste fresko ederrik jendeak erreparatzen ez badie ere. Aldara osteko horma izugarrizko freskoa da, konposizio bakarra: honen antzerakoa uste nuen sabaia. Oso ezaguna den Rafaelen pintura, Jesus tenpluan aurkeztu zutenekoa: perspektibaren antologia.
Sartzea maratoia bazen, ez zen gutxiago irtetea. Lepoko minez alde egin dugu, baina asko gozatu eta gero: “hartà de arte” nire madrildar lagunak lioken bezala.
Esanak esan, Sixtina, Museo osoa ere, ederrak eta ikusgarriak da.
Atera aurretik atseden hartzeko aukera ematen digute patio batean, sarrera-ordaina aprobetxatuz. Turistek argazkiak ateratzen dizkion brontzezko pinaburu digantea da patioko osagai kuriosoena.
Hau ez da eliza pobrea, ezta pobreen eliza ere, pobreen diruarekin sortutako pobrea dela dioen eliza aberatsa baizik.
Museoan dagoen ia dena lapurtua da, hemendik eta handik ekarritakoa: konkistatzaileen eskubide ahalguztidunaz jokatu du Elizak ere, baina etorriko da eguna bere jatorrizko lekura bueltatu beharko dituena.
Ostiako plaza: harresi zatia den adreiluzko ate ederra, oinezkoak bakarrik gabiltza bertatik. Harri zuriko piramidea: enperadore honek imitatu egin zituen egiptoarrak; bere buruari handi iritzi arren bazuen nonbait Egiptoko faraoien konplexuren bat; agian horrek gorde du bere hilobia hondamenditik, Augustoren hilobi erraldoia ez bezala: originaltasunik ez du baina iraun egin du eta hemen dago, apal, ia bisitaririk gabe, baina dago. Burdinazko monumentua: berezia behintzat bada.
Zaharrak dira Erromako auzoak, harresietatik kanpoko, S.Pauloren auzoa behintzat.
Azokaren ondoren, zikin geratzen da hemen ere plaza.
Apaingarririk gabeko Centro Anciani xumea: jubilatuak zebiltzan bertan jo eta ke boluetan.
Harresietatik kanpoko S.Paulo. Aurreko basilikak ikusita, zerbait apalagoa espero nuen, baina basilika hau ere beste hiru erraldoiekin lehian dabil ia nor handiago, ia nor ederrago. Alde bakoitzean bi ilaratan 14 zutabe dituen eliza-aurre dotorea, bere erdian ni bezalako bostetik gora den marmolezko S.Paulo erraldoia. Fatxadako mosaiko izugarrian, lau morrozko handi eta gainean Jesukristo, bildotsak... : urre-kolorea nagusitzen da. Elizpean S.Pedro eta S.Paulo erraldoiak. Brontzezko ate erraldoia. Barruan lau kolomata, herri askotako gazteek futbolerako nahiko luketen erdiko luzego izugarri zabalaz gain beste 4 barneluzego ditu; behealdea handitasunean ia ezer gabe apala, zutabez gora ostera, santutegiko santu guztiak daude medailoietan. Mosaikoa da presbiterioko sabaia, ilunkaran ondo ikusten ez bada ere, orain arte Italia osoan ikusi ditugunei zorrik ez diona: urre-kolorea da gailen. Presbiterio aurreko arkua ere antzerako mosaikoa da. Albo bateko kolomaten arteko nabeetan Aita Saindu guztien medailoiak: gaur egungo Paulo ere bertan dago, eguneratu dute beraz zerrenda, eta ondorengo beste mordo batentzako lekua ere jarrita dago, ez dute ez Eliza eta mundua bukatuko den beldurrik, ezta azken judizioa laster etorriko den kezkarik ere; hil zuten azkenaurreko Aita Saindua ere hor dago, hilabete eta hiru eguneko erregetzaren ondoren. Presbiterioko eskantzu edo kantoietan S.Pedro eta S Paulo berriz ere, oraingoan ere erraldoi. Polita da aldare gaineko tenpletea, baina beste hiruretakoak baino apalagoa, haien ondoan nanoa. Ez du gurutzadurarik, zutabetzarrek halako itxura ematen badiote ere. Ahaztu egin zaie belaun-aulki bati zulotxoa egitea itsulapiko bihurtzeko. Kriptarik ere ez du aldara azpian, baina bai aldare aurretxoko sakonera batetan, bi mailaditik jaisten da bertara: mailadia ez da beste hiruretakoen hainakoa baina bere apaltasunean marmolezko ederra da berau ere. Bi kapera ditu: batak aulkiteria landua du, bertan eserita eliz abestiak entzuteko, gustagarri eta lasaigarri: beneditarrak diruditen monjeak goxo kantatzen ari dira otoitza; bestean burua lepoa baino beherago duen Kristo arraro bat dago behatzak belztu eta higatuta, garai batetan erromesek musukatu edo igurzten zituelako. S. Paulo xelebre bat ere bada, zaharra, zurezko irudi berezia, begi-zulo bitxikoa: honek ere higatuta ditu besoa eta eskuak: Vatikanoan S.Pedroren brontzezkoak gastatu badituzte, nola ez ba hauen zurezkoak?. Amabirjinaren koadro zahar ederra: hiru irudi zaharrok basilika berritu aurretikoak dira segur aski. Eliz atorra eta estola ikusgarri landuta dituen Gregorio XVI.aren estatua. Zizelatutako irudiaz burututako marmol landuzko lauzpabost metroko estela ederra. Gotzainaren edo Abataren tronu ikusgarria, bi urre-koloreko aingeru dituela eskulekuetan. Klaustro xarmanta: teilatuz eginiko aterpea du buelta osoan, harri xehezko bihurriak batzuk marmolezkoak besteak, era ezberdin askotako zutabeek eutsia; horrelakoetan ohizkoak diren hilobi eta harri koskorrak; kapera batzuk, erlikia pila batean eta koadro ederrak bestean; itsulapikoa, handia ez bada ere barrotez gordeta ez ezik kate lodiz lotuta;
Emakume talde batek meza entzun du eta betiko Salveregina abestu dute latinez eta debozio handiz.
Agian berau zen lehenengo eraiki zen basilika, beste hirurek imitatu besterik ez zuten egin, gaindituz jakina.
Kokoteraino gaude hainbeste erraldoikeria, handikeria, aberaskeria, dotoretasun eta perfekzionismoarekin.
Milvio zubia. Uste genuen hura ez zen Milvio Zubia, Milvio Zubiaren omenez beregandik hurrean egindako berria baizik. Bere aurretik bera zela jakin gabe mila aldiz pasa garen beste bat da delako Milvio Zubia: lau begiko adreiluzko nahiko zabala. Defentsarako arkudun atea du alde batetan, Amabirjinaren eta Aita Saindu edo santuren baten estatuak bestaldean. Irudimenarentzat leku aproposa. Nostalgikoa. Borroka lekua. “In hoc signo vinces”. Segur aski kristauen buruzagiren batek txantaia egin zion Konstantinori hau bataila galtzera zihoanean kristauen laguntasuna edo gudari saldoa eskainiz auskalo zeren truke, ordurako kristauak talde indartsua osatzen baitzuten. Hauek borrokatu zuten gurutzea zutela ikur eta zutoihal, irabazi egin zuten borroka eta Eliza agintaritza zibilarekin ezkonduta bizi da ezkero.
Bada gaur ere mugidaren bat zubiaren inguruan “Milvio Zubiaren lagunak” lemapean.
Migel Angeli eta Rafaeli ez zitzaien burutik ere pasako egunero milaka pertsona pasako zirenik bostehun urtera bere artelanak ikustera.
Museoan aurkitu dugu gazteleraz egiten zuen bikotea: “Sale 30-40” zioen letreroak, “no vayas, eso es la salida” zioen senarrak emazteari.
Gaur jakin dugu marmolezko estatuen zakilak ez direla bertan tailatutakoak, pubisean zulotxoa egin eta bertan txertatutakoak baizik: “consolatrix afliktorun” ere izan zitekeen beraz askatu ahal izanez gero.
Zezenketari edo zezenei buruzko erakusketa iragartzen da Erroman: Goya, Picaso eta Daliren artelanak.
Insersoez aparte begi kizkurtuko ekialdeko turista aldrak bilatu baditugu edonon, Erroman inon baino gehiago. Italia turista jubilatuz beteta ikusi badugu, Erroman denetik dabil, gazte, sasoiko, heldu nahiz adineko. Denetik asko gainera.
Ia ahaztuta genuen trumoi zaparrada ederra bota digu, juxtu arropak garbitzeko asmoa dugun egunaren bezperan, alde egitekotan gaudenean. Geurea dugu euria bidaia honetan. Gure presentzia litzake edonon errogatibarik, erreguterik, onena.
Sanjuan suen eguna gaur: ez dugu Erromako alde honetan suaren inguruko ezer berezirik sumatu. Egin dut nolabaiteko sua neuk ere: egunkarietako paperak erre ditut lotara aurretik, txotxak eta egur zatiak euriaz bustita baitzeuden. Bete dut erritoa.
Ekainaren 24a. Larunbata. 45.a
Ostia
Ostia Zaharra. Ordu erdi luzea egin dugu etengabeko ibilian Ostiako kale nagusitik, gorputzak nahiko zela eskatu digun arte: beste hainbeste geratzen zitzaion oraindik luzean eta zabalean erromatarren hiri zaharrari. Handia behar zuen izan. Ostia, Erromako ate ibairik ezak. Zer esango ote zuten errito baten ondoren aztiek esan balie hiri gainetik hegazkinak pasako zirela aireko bide berrietatik Fiumichino aireportura 50-100 metrora etxe gainetatik hurbil bidaiari aldrak ekarriz Erromara.
Irudimenarentzat lekua da Ostia, hain ugariak baitira erromatarren aztarnak, hain dago hiri osoa ia zut lehen zen bezalakoa. Etxeak, defentsarako dorreak, lurrazpiko ur-hornikuntza, koliseoa, tenpluak, bestelako etxeak, foroa, dendak, tabernak, arasak, ontziak garbitzeko harria, kontu-kontariko txokoak, arazo publikoetarako 200 jauntxoen bilgunea, bainu-guneak, triklinio aretoa, 3.000 eserlekuko teatroa... Osagaiak hor daude baina ezin dugu imajinatu zer eta nolakoa zen Ostiako bizitza. Adreiluzkoa da dena, marmolezko zutabeak, frisoak eta estatuak ezik. Zabalak, luzeak eta zeharkakoak dira kaleak, harri zabaleko zoruarekin. Marmol fineko etxeetako zorua, marrazkitxoak irudikatuz kantoika jarritako adreilu finak, eskailerak, pasabideak, arkuak etxe barruan... denetik dago. Baina nola bizi ziren?. Hiriak hainbat galdera harrotzen ditu, tentagarri, zirikatzaile, ikertzera bultzatzen duen jakin-mina bultzatuz.
Kale mailako estaia soilik dute etxebizitzek; antzokiak eta gobernu etxeak ere bi estaia dute eraikuntza handiak diren arren. Ez dago leihorik, ilunak izan behar zutela ustea uzten dute; korridore antzeko bat luzatzen da barnean, bertara jotzen dute gelak: gela bakoitzak etxebizitza bat esan nahi du ala geladi osoa etxe bakarra ote?. Adreiluzkoak dira hormak, mortairuz estaliak, leun luzitu eta, batez ere, gorri ilunez pintatuak. Bizitza sozial handia zuten erromatarrek, agian etxe txiki ilunak zituztelako; agian barne espazio handiagorik behar ez zutelako zituzten etxe ilun txikiak, taldeko harreman zabala zutelako ez zuten behar espazio handiagorik etxeetan: plaza asko da hirian, ugariak dira zerbitzu publikoak ere.
Sekulako hormadiek amezti jartzen dute bisitaria, munduaren jabe zen gizarte hura nolakoa ote.
Aberats eta buruzagien hilerria ere han dago hiriko hormen kontra kanpoaldean, ez da ageri pobreen hilerriaren zantzurik.
Ahalegin handiak egin behar dituzte Ostia Zaharrean huntzak jan ez ditzan hondakinok.
Burua mila galderetan irakiten atera gara hondakin aberatsotatik, sarrerako komun txukun eta garbiak txalotuz eta eskertuz.
Gaztelua. XV. gizaldikoa, gotorleku moinonoa. Tiber ibaiak ureztatzen zuen ubide zaharretik zihoanean, harrizko zorua du gazteluaren bueltako putzuak. Hemen ez zuten krokodiloek edan ura, sumendiak desbideratu baitzuen ibaia. Behean gerra-mutilen bizitokiko korridore eta tiro-zuloak, sukalde eta ur beroko bainu-leku borobila kono kamuts inbertitua bailitzan.
Ikus daitezke Julio II.a Aita Sainduaren gelak, eskailera laburrak, soldaduen dorreetako harrizko eskailera biribil pikea...
Borgo. Harresi eta atez barruan gordea, dena apal, dena xume, dena txiki: hori da bere grazia. Ez du ezer erakusteko baina gustura begiratzen diozu.
Santa Aurea eliza. Aurea bat ezagutzen dut, txikitako laguna bera, baina izen bereko elizarik ez gaur arte. XV. gizaldikoa. Borgoak bezala garai hartako xalotasunez du fatxada, jite berezi ezagunekoa. Polita bere apaltasunean. Ezer ez izanik, polita da. Ezer ez du baina grazia guztia du.
Metroz, autoz, tranbiaz eta oinez, pankarta, bandera gorriz eta pegatina ugariz armatuta, zalapartatsu, begiak ñir-ñir, begirada argiz, zetorren jendea ganorazko erretiroa errebindikatuzko manifara. “Hasta la victoria” lema handiaren gainean, Che Gebararen aurpegia nabarmentzen zitzaion kamiseta zeraman adineko bati metroko nasan. Arropak eskegita genituen, erosketak ordutegi barruan egin beharra, ondorioz erosketez zamatuta geunden... manifara joateko irrikaz geunden, baina kanpinera bueltatu gara.
Ez digute Ostia Zaharra ikusteko sarrerarik kobratu 60 urtetik gora ditugulako; Estatuaren museoak ere doan ditugu: sarrera egunean kanpineko neskak jubilatuok merkeago genuela “como los bambinos” esan zigun tonu berdinean eman digu dohatasunaren berri bera ere jubilatua zen atezainak. Ondoren “Bravo Italia” bota digu harro.
Pobrea, etorkina, Indiako beltzarana izatea zen susmorako bidea emateko arrazoi bakarra: makrodenda edo biltegietarako sarrera-irteerako jendetzan, zintzoak ginen zuriok, susmagarria gure indioa: poltsa barrukoa erakutsi arazi diote erositakoa justifikatzeko. Saltoki hartan lapurretan egiteko gogoa eman dit neuri.
Zakila ez ezik estatuek burua eta besoak ere eranskinak dituztela jabetu gara Ostian, auskalo nori burua falta zitzaion, Minervari ostera besoa; gorpuzkinok ez zeuden apurtuta, bere zuloetatik aterata baizik.
Ostia zaharrean jasotako menta belarrez gozatutako infusioa dastatuz idatzi eta irakurri dut kanpineko denda aurrean.
Ekainaren 25a. Igandea. 46.a
Hiri lasaia bihurtu da Erroma Igandean: egun batean behintzat arnasa hartu ahal izango dugu: Atzo Piaza Populo hartuta bazuten motorrek gaur bakar bat besterik ez da ageri.
Borgese parkea. Borgese ez da parke soila, parke bihurtutako mendia baizik: jauregi, iturri, plaza eta pasealekuek erakusten dutenez, Borgese baten edo Borgese askoren egonleku eta ibiltoki lasaia izan zen bere garaian. Bizi-bizi dago “Pincio”, pil-pilean, adin guztietako jendez, kirolari zein pasealari. Bazkariarekin dator jende asko, Eibarren Arratera bezala, eta horien artean etorkina da ugariena, etxezulo hitsetik alde egiteko bidea zaie parkea segur aski. Erromako ikuspegia dager bertatik, polita ez bada ere zabala bai, dena teilatu eta beraietan gailen palazzo erraldoiak, eta ia denak aldamioz bildutako kupula eta dorreak. Denen artean Vatikanoko S. Pietro da nagusi. Igande-pasako jendez borbor dago parke osoa: zabala eta ederra da, ederrak izan ohi diren parke horietakoa, kilometro askotakoa luze-zabaleran. Zaindua gainera. Erromako arnas lekua. Hemen seguru sentitzen gara motorren erasotik. Kontraste bizia egiten du beheraxeago dagoen mugidarekin, mundu batetik bestera aldatzea bezala da. Jendeak eguzkia hartzen du belartzan. Hiru museo garrantzitsu daude bertan, kanpotik eraikuntza ederrak hirurak, baina gaur ateak hertsiak ditugu hiruretan: agur beraz etruskoei, agur artelan modernoei, agur Erromako hondakinei, Vatikanokoen senideak direnez hangoak gogoratuko ditugu.
Via Veneto bekataritik pasatu gara: gaztetako apaizgaien kontinentzian harrotzen zituen gure imajinazioa eta segur aski zakilak; kalea zegoela jakitea era bada nolabaiteko zerbaiten sintoma. Bertatik ikusiz jabetzen naiz aberatsen txorta-lekua zela, kale aberatsa edo aberatsen kalea baita. Munduaren izorramendua den Iparramerikako enbaxada ere bertan da, bertan egon behar zuen ere egon mundua larrutzen duen izorrante aberatsa.
Dioclecianoren bainuetxea. Zaila zait irudikatzea ze giza muntaia izan behar zuen horrelako eraikuntza erraldoiak.
Piazza Republika. Erromako fontanarik handiena omen bertakoa. Ez, baina, ederrena edo politena, ederra bada ere.
Opera. Ez dugu asmatu zein den, ikusi ikusiko genuen arren, aurrean baikenbiltzan. Inori ezer galdetu gabe gure duda bere horretan uztea erabaki dugu.
Estazione Termini: berak eskaini digu barazki bazkari gozoa self-servicean.
Katakunbak. Heldu gara heldu, aurreko huts egindako saioaren ondoren. Apaiz gaztea dago txartel saltzen eta atezain, edozein gizajori soldata kenduz, baina gidak egin digu propaganda: Salestarrak dira, bertako langileak dira, baina ez katakunbetako negozio-kide.
Urteen poderioz goitik behera eta gero zeharka zulatuzko teknikaz, 20 kilometro zulatu zituzten, luzeka eta zeharka lau solairutan, pasabideak elkar lotuz, hildakoak, batez ere martiri maiteenak ehorzteko; bildu ere bertan biltzen ziren jazarriak ziren kristauak. Estuak dira galeriak. Hemen ere beretzat, jauntxoentzat eta Aita Sainduentzat, zulo propioak gordetzen zituzten aberatsek, lursaila bera kristau komunitateari utzi arren, edo truke: jabegoak beti ditu bere pribilegioak.
Hegan egiten du irudimenak zulo luze hauetan: isilpeko militantzian sortu ditu gure herriak ere hainbat katakunba bere bilera eta azpilanerako, Franco aurretik, Franco garaian eta Franco ondorengo garai hauetan: hainbat etxe izan da katakunba, zenbait eliza ere; auskalo zer den katakunba gaur; lehengoa badakigu, gaurkoa gerora jakingo dugu; erorketa eta atxiloketen ondoren joan ohi gara jakiten: ezagupen samina. Azpilaneko azpiegitura ziren eta dira katakunbak, fedea dutenen azpibideak, sinesten dutena gauzatu ahal izateko ahaleginean. Katakunbak dira gaurko kartzelak ere, bertan bizirik ehortzi nahi baitituzte gaurko gizarte euskalduna irauli nahi dutenak. Orduko arzallus eta atutxek martirien iritzia eta jokabidea gaitzetsi eta zigortzen zuten bezala, gaurko enperadore eta neron guztiek asmaziozko suteez baliatzen dira bere boterea arriskuan jartzen dutenen kontra. Botereak ez du onartzen bere nagusikeria ezbaian jartzen duen aurkakoen jokabiderik, eta justifikatu egiten du berak darabilen bortxakeria.
Letraneko Basilika: gaur ez zait ez hain handi ez hain eder iruditu, egin diogun bide-batezko sartu irtentxoan, handia eta ederra badenarren.
Corso kale ezagunean gazte koadrila luzea zihoan, Sevillako futbol zelaian Espainiak jokatutako partiduetan jotzen duten txalo erritmo berdinez ibiliz. “Haciendo patria” segur aski, honek ere.
Pozik hurreratu gara kanpinera heldu den SS matrikuladun autobusera. Altzokoa da gidaria. Donostiarrak bidaiariak, ikasketa bukaerako ibilaldian dirudienez. Irakasle edo arduradunak gaztelania soil eta hutsean ari zaizkigu alboan duten jantokian, baita umeak ere: ume batek Garbiñe du izena, entzun dugun euskarazko hitz bakarra. Eskola Publikokoak izan daitezken kezka eta amorruz oheratu naiz: ez baitiegu Euskararik usaindu ere.
Bidaiak
Viterbo.
Lautadan kokatutako herria. Harresiduna. Ezustez ezuste joan gara hirian, ikusgarria gertatu baizaigu ezereztxoa uste genuena: sakabanatuta dauden arren, mila etxe, jauregi eta txoko eder ditu. Arkuak, kalexkak, eskailerak, balkoiak diruditen etxaurreak: patxadan etortzeko hiria, kaleetan galtzera, artelanak, txoko xarmantak bilatu eta beraiez gozatzera. Ez da etorri, zerbait ikusgarria ikusi, eta alde egitekoa, Orvieton egin dugun antzera: ez dago izugarrikeriarik, baina bai eliza eta iturri handi eta eder asko; ezer ez da distiratsua, baina dena da antzinakoa, denak gordetzen du bere edertasuna.
Parte Zaharrak: plaza kuttun-kuttunak ditu.
Erromesen kalea: kuttuna da benetan, baita ohizko osagai guztiak dituen bere erdiko plaza ere: dorre bat ere badu baita bertara igotzeko aukerako eskailera duen balkoi edo jendetzaren aurrean agertoki litzaken dorretxoa ere.
Plaza: osagai guztiak ditu ere kale nagusikoak, norako bi sarrerek lehoi bana duten zutabe garaien gainean.
Aita Santuaren palazioa: Luna Aita Santua egon zen gordeta Peñiscolan, ez dakit nor gorde zen hemen; hor dago Konklabea egin zen aretoa.
Katedrala: harrizko austeroa; ur-bedeinkatu ontzi ikusgarria; nerbioak pintatuta dituen zurezko sabaia; ez dute gradatik ibiltzen uzten, marmolezkoa ez dirudien bitxikeria polita baita; urduri zebilen eliz zaina bertan ibiltzerik ez zegoen zorua zapalduko ote genion beldur, libururik saltzen ez zuelako agian.
Frantziskotarren eliza: gerra denboran bonbardatuta izan ondoren berreraikia: bi aldare eta fresko ederrak; gotzain eta kardinaleen hilotzak harri bihurtuta urre koloreko mosaikoa diren zutabe gaineko tenpleteen azpian; ur bedeinkatu ontzi polita Jesusen bataioa irudikatzen duen brontzezko artelana. Terraza. Eliza.
Harrizko pulpitu ederra dute bi elizok aurreko deskantzu edo zabalgunean; Bretainian ikusi genituen lehenengoz, baita Italiako zenbait herritan ere orain,-herri batekoak ez zuen pulpitutik eliza barrura sarrerarik, besteetakoek bai-: agian barruan tokirik ez eta eliztar asko kanpoan gelditzen zen, eta haientzako sermoia egiten zen hemendik.
Bada hirian irudikatuta eta argazkietan ikusi dugun ohituraren bat: dorrea egiten dute eta gizon pilak eramaten bizkarrean. Uste dugu urtean dorre bat egiten dela; ezin izan dogu beste aztarnarik atera.
Polizia asko dago hiri honetan, ez diogu antzik eman zergatik. Soldadua ere piloa dabil bazterretan neskalagunarekin, familiarekin, bakarrik... kuartela dirudi hiriak: igandea, egun libre eguna izaki.
Ia beste inor ez zebilen kalean: agian igandea zelako.
Zer egiten ote zuen ostera kakalardo batek tatarrez Viterboko harrizko zoruan: ze bikote edo jakiren bila.
Orte, mendixka edo haitz gain batetan, taxuz haitz-puntari lotuta, ikusgarri polita da autobidetik begiratzeko.
Terni gerran altzairu-fabrika gune zelako bonbaz hautsi zuten, gaur egun ez zaio ia zaharrik gelditzen. Oso xumea da plaza bera ere.
Ekainaren 19a. Astelehena. 40.a
Oilar kukurruku biziz, txakur zaunka ozenez, antzar karraskada garratzez, txori soinu gozoz bildurik bizi gara artadi honetan. Cascada delle Marmoretik Tiernirako bidearen ikusgarritasuna, beheko bailararen berdea eta inguruko basoen zabala ditugu ikusgai, bihurgune sarri bakoitza behatoki bihurtuz. Harizti bihurtutako kanpinean lababo batzuk kanpoan ditugunez, bizar-kentze eta hagin garbiketetan bizkarrean ditudan hurreko artadi trinko bezain garai zabalak eta urrutiko harkaitz zuriak eta berdeguneak tartekatzen diren Apenino menditzarrak begiratzen ditut ispiluan.
Nekez azaldu ahal ditut miraria diruditen herri ahaztuetako kalexka epelek sentiarazten duten barne eremuko ferekak, sentipen antzerako “zera” batetan ez bada, errepika ezinak.
Herri abegitsua da Italia; sentimenduen areto iluna argitzen duten eraikuntzak dira Italiakoak. Kanpineko sentipen baikorra borobiltzeko, bigarren eguna jarraikian daramagu euri eta zaparradarik gabe.
Latium eta Umbriako herri gotortuek ez dute arkupedun kalerik. Bestalde, ikusten ditugun herrietako biztanleria oso apal bizi da, jende xumea da, munduko herri guztietakoa bezalakoa: kanpinean ikusten den giroa ere arrunta da, arnas bila datorren jende apala.
Kolore granate bereziaz ezaugarri dira bide-zainen etxe gehienak: hutsik daude Italian ere.
Italiaren bihotz berde erditik doa gaurko bidaia, artadien erditik, bide bazterrean akazia bada nagusi ere.
Spoleto
Erromatarren bide-zubi baten gainean eraikitako 80 metro garaierako zubia du: erraldoia bada izan, graziarik ez du. Garbiegiak daude bai gaztelua, bai zubi erraldoia, berriak dirudite. Herriak ostera liluratu egin gaitu: aparkalekurako ikurrari jarraituz sartu gara kale-artean, autoa eta oinezkoa batera sartzen ez diren zabalerako kaleetan barrena, oinezkoari jarraiki askotan bidea emateko lekurik ere ez zeukalako. Harresi barruko dena da kalexka, etxe azpiko pasabide, kale alde bietako etxeak arkudun horma-bularrakin elkar eutsiz, kale pikoak, zokoak, txokoak, bazter arruntak eta zokondo politak, zoru konpondu atseginak eta enkatxo zaharrak. Inor ez dabilen kaleetan, bakarti, aroz galdu garen sentipena izan dugu.
Erromatarren etxea: oso osorik iraun du; itxita zegoenez ezin izan dugu ikusi, baina kanpotik begiratuz adreiluzko ganga baxua du: ez nituen jite horretakoak irudikatzen erromatar etxeak ikusi izan ditugun hondakinetatik.
Iturria: ezagutu dudan handiena: buru erraldoiak errekatxoa den ur-korronte bizi eta bortitza botatzen du aho tzarretik.
Duomo: edozein liluratzeko fatxada ederra, osotasun osoan: mosaiko bizia, dena da argia; denborari neurririk hartu ezinik eduki gaitu lelotuta berari begira, xumetasunaren xarmak eraginda: bost errosetoi ditu, egin ez ziren beste birentzako lekua ere hor dago oraindik handiaren alboetan: Orvieto eta Asisen ikusi genituenen antzerakoa da errosetoi handia; arrosetoiari eusten dien sei zutoin txikietatik gizairudiak dira bi, kariatideak antzo; bost arku apalek egiten dute elizpea, zabaltza bihurtuz gaina; elizpearen bi aldetan, kanpora begira eskailerak elizpetik duten bi pulpitu txiki, herrialde honetan sermoiak plazan egiten zirela erakutsiz: izan ote zen S.Frantzisko hemengo hizlari?. Barnea: sarreran, antzinako guztiak bezala, fresko xarmantak bi kaperetan: tortikolisa egin zaigu gora begira!; nahitaez ere ikusi beharreko zur landuko atabaka tzarra, ingelesez ere dirua eskatuz letoizko txapa grabatuan; borobilak, laukiak eta erronboak eginezko mosaikoa xumea da zorua, takar xamarra, landu gabea ere bai, baldar itxurakoa, baina polita, efektu atsegina lortzen du; Fray Filippo Lippiren freskoak gangetan, koadro handiak, liluragarriak: behealdeko Amabirjinaren Deikundea ezkerrean, heriotza erdian eta erditzea eskuman, gangan bertan Zeruetan Koroatzea: zoragarria!; bada koadrotxo eder bat ere beste kapera batean; gehienek betetzen ez nauten koadro piloa duen kapera ere aitatu behar: ez dakit beraiez iritzirik ematen, agian gangako freskoekin nahitaez alderatzen ditugulako; erlikien kaperako freskoek ere ez didate sentipen berezirik sortarazten, baina erretaula osatuz buelta osoan dituen Testamentu Zaharreko kolore atseginean pintatutako pertsonaiek indar handia dute, gustura begiratu eta ikustekoak dira, sitsak jaten hasiak daude, tamalez; erretaula bera ere ederra da, egur landuzkoa, inkrustazioak, filigranak, miniaturak ditu: zer den ez dakidan arra-erdi luze eta lau hatz zabaleko eskuizkribua gordetzen du; bi kofesaleku handiak eta bitxiak: apaizak ohi den bezala eserita egoteko aukera du, baina bekatariak ber-bertako aurreko taulara begira egon behar du, hitz egiteko burua erabat jiratu beharra duelarik saretxora, tortikolisa delarik segur aski bekatuen ordaina; guri bai egin zaigu tortikolisa bertako gangara so. Naif deigarriak dira Adan eta Noek dituzten barrabilen estalgarriak.
Sarkofagoa: harri zurikoa, eliza aurreko Plaza zabalean, erromatarren bataila bat du zizelatuta, aska edo iturriarena egiten du; oso higatua dago, antzinakotasun itxura gehitzen dio horrek.
Eufemia Doatsuaren Basilika: xumea eta txikia, erromanikoa; garbituegia dago aukeran, faltsu taxua, berri tankera, hartzen baitu: ganga ederra du, aurrealdea ere ederra da dorretxo txiki batekin.
Bi portale edo etxaurre: gaur egun denda dotore bihurtuak; ezin daitezke esplica ikusi gabe, berez ere esplika zailak baitira: harri zurizko sarrera estu bat dute kaletik, bi horma alboetan eta gainean arkua: ate edo bigarren ate bezala lau ataleko oholtzak, tamaina guztietako mila eta bi txinget, gako, pasadore eta sarrailekin, batzuk atakarekin ere; lau zatitan hertzi daitezke: osorik, hiru laurdenak, erdia, edo laurdena.
Azoka-plaza: ez du zer askorik begiratzeko, ordulari handia ez bada edo horma gainetik erortzen den ura iturri bat osatuz.
Monteluco. Espoletotik 7 kilometrotara, goi batean, Spoletoren Arrate bailitzan. Gaineko lautada batetan dago kokatua, badu bere Kantabria eta Ixua, bere ostatu eta hotela, baita autobusa, mahaiak, iturria eta arratsalde pasa dagoen jende pila ere. Paraje atsegina eta zaindua; artadia da basoa. Frantzisko dohatsuak fundatutako Monasterioa da bertako Santutegia: dena da neurri txikikoa, atsegina, sei bat metroko txiki-txikia da eliza bera ere: aldare ostean aulkiteria eta koru apalak, alboetan bi kaperatxo. Behe aldean Eibarko erreka zuloen ordez garitza horia den lautada zabala zuhaitz berdez zipriztindua: Maltzagatik, Azitaindik edo Markinatik Arraterainoko dena artadia da hemen.
Acquapartera bidean ikusi dugu soroen lehenengo urestaketa: guk berriz euripetik atera ez garen sentipena dugu.
Mendiz mendi, gainez gain goaz, baina gaur ez dago atzoko herririk. Etxe berri asko dago, baina batez ere etxaldeko eraikuntza ezberdinen multzo arreak.
Auto deskapotagarri asko dabil Italiako errepide eta kaleetan.
Todi.
Tontor batean dagoen hiri piko-pikoa. Bakoitzak bere atea duen hiru etxadi-eraztunek osatzen dute hiria: lehen eraztuna, beherenengoa, Erdi Aroko eta erromatarren etxadiena da; noizkoa edo norena ez dakidana da bigarrena; zati etruskoa gorengoa. Etruskoa da dotoreena, harlauza zabalez oso ondo lauzatua, jauregiak dirudite etxe denek, asko dira palazio direnak ere. Beste eraztun biak berrikuntza lanetan daudenez desatseginak dira, zoru berriarekin politagoak geldituko diren arren; baina nolanahi lehenengo eraztunaren etxaurreak zaharkituta daude; bigarren eraztuna atseginagoa da txukunagoa eta zainduagoa baita. Antzinako herrietako kale eta kalexkak, kale artezak dira, simetrikoak, kale bihurririk gabe. Ateetako batek arrano handi bat du, erpeekin helduta zapi bat eta bere hegalpe bakoitzean arrano txiki bana: hiriaren ezaugarria da, arrano bera errepikatuta ikusten baita hiriko zenbait lekutan.
Etruskoen zatia: Plaza ederra du, bertan zerbait hartuz eserita kontu-kontari dagoen jendez, patxadako giroa du.
Logia: harrizko zutabe sendoetan oinarritzen da sabai adreiluzkoa; harridura sortu digu, gaur egun garaje lanetarako erabilia baitago; ez du dorrerik baina bai kanpaitxoa fatxadan, baita eskailera zabaleko jauntxoaren agerraldirako zabaltza ere.
Jauregia: ederra eta handia.
Duomo: egile berdina zebilen inguruan, agian modan zegoen, baina egunotan ikusi ditugunen antzerako arrosetoia du honek ere; mailadi luzea aurrean plazari giro propioa emanez; sarrera gotikoa zur tailatutako ate erraldoiarekin; abside aldeko oste-aldea du berezia: erromaniko arkutxoen zutoinek tamalez higatuta baina burutxo tailatu piloa dute beheko erremate bezala; leiho gotiko tailatu ederrak, bakoitza ezberdina; auskalo nora edo zertarako doan eskailera harrizkoa balkonada gisa; dorrearen alboko azpialdean zurezko sarraila erraldoizko ate erraldoiak dituzten antzinako zaldiak edo gurdiak gordetzeko zitezkeen zuloak gaur egun denda bihurtuta.
S. Fortunato: goi aldeko berdegune batean; hainbesterainokoa ez bada ere Gironako katedralaren aurrekoa gogarazten digun mailadia du aurrean; ate gotiko ederra, arku piloz osatutako arku osoa, landugabeko leuna; horma guztiak pikatuak daude, harriak agerraraziak; arku gotikoz garaia, sabai zuria… eremu goibel baten sentipena sortzen du barnealdeak: ez da eliza austeroa, eliza hutsa baizik, bihotza eremu dutenentzakoa: hemen ezin daiteke inorekin komunikatu, ezin daiteke ez izpiriturik ez ipurdirik berotu; fresko hondakinak; organorik gabeko koru erraldoi deigarria baina alferrik galdua; pulpitua dirudien harrizko balkoia eskumako gurutzaduraren goi-goian; aulkiteri oso landu ederra; presbiterio aurreko burdinsare batetik ere ikusgai aldare nagusi pean Portunato Doatsuaren hezurrak gordetzen dituen marmol zuri-gorrizko hilobi erraldoia; zurezko pulpitu handia bere inkrustazioekin ia buelta osoa emanez zutabe sendoari; ur-bedeinkatu ontzi txikia oso landua harri gogor batetan; Portunato Doatsuaren estatua erraldoia bakarti, trakets eta bitxi, aldare ostean inolako osagarririk gabe.
S.Nikola eleiza: olioak gordetzeko ataka duen harrizko bataiarri garaia perretxiko digante bailitzan: nola demontre moldatzen ote dira umearen burua ureztatzeko!.
Herri txukuna geldituko da Todi berrikuntza lanak bukatutakoan, baina aldapara ez dio inork kenduko.
Italian ere, bat palarekin lanean, eta bost kasko handidun begira.
Euskal kutsuko Baldasarri deitutako bat dabil hemendik furgoneta batekin: izan ziren izan gerrari euskaldunak Italian, hezurrak ez ezik agian hazia ere utzi zutenak.
Bidaiak
LATIUM
Ezaguna zaigu Erromako historiatik: Umnbriaren antzerakoa, mendikate basotsua eta tarteka garbiguneak lautadatxoetan edo sakonetan; garia, baba, mahatsa, ekilorea edo girasola… eta nekazari etxeak, nahiko apalak, baserri guztien ezaugarriekoin. Apeninoak urrutira, diganteak izan gabe handiki, berde daude, tontor batzuk ezik.
Mendi magaletan adreilu multzo iluna diren herritxoak arratsaldeko eguzkira bris-bris, kontrastea eginaz berdegunean, oso politak ikusteko, errepidetik begiratzeko. Seguru mila arazo dutela nekazariek bizitzeko. Mendi magal osoa dago herriz eta etxez beteta, muino gehienak dira herri. Zintzilika bezala daude herriak mendi maldetan, eskailera erraldoiak bailira, etxeak mailaka, bata bestearen gainean, eliza-dorrea beti gailen dela: babes bila egiten ote herriak hain goian ala beheko lur urriak lantzeko soilik erabiltzeagatik?.
Mendi-punta batetik jauzia egin ondoren parapentea dator oso goian bizitasun gehiago emanez ikuskizunari.
Zonalde guztiko seatilo eta fiatilo guztiak daude martxan, hor dabilzkigu errepideko bazter guztietan.
Gorri, gorrizka edo berde daude gereziondoak, alez bete-beteta.
Rieti
Italiako erdigune geografikoa. Hemendik ibili zen bere sermonigintzan S. Frantsizko, gaur egun erakusgai dituzten 4 komentuetan bizi izan zen, hor izan zituen zerutikako agerraldiak, hemen egin zuen ardoaren miraria.
Zabala da Rieti inguruko lautada, garia da bertako ia uzta dena. Paraje hauetan ezohizkoa bada ere, 6 solairuko etxadiak ditu hiribildu kanpotik. Herria bera ere zabala da. Hiribildua. Harri zuri porotsuz jasoak ditu harresiak; sarrerako ateak ere bereziak ikusten dira: zabalak, nerbio sendoko sabai gotiko tankerakoekin, eliza baten gurutzadura diruditelarik.
Plaza: graziarik ez du baina bai ohizko elementuak: katedrala, jauregia, bere azpian logia, katedralarena da hemen dorrea; ez du iturririk; plaza ez da gaur egun hiriko bihotza eta hauspoa.
Logia: harresiko sarreraren antzerakoa da sabaia; harri porotsuz egina bada ere harri sendokoak dira nerbio gotikoak; zabala, bi barneluzego ditu, gutxienez 50 metrokoak; austeroa, ez du ezer orma biluzi ilunetan.
Dorrea: ederra da, dotore itxura ematen diote kanpaientzako arkuak, harri zurizkoak diren bi kanpai-solairuek eta kanpaitxoaren adreiluzko dorretxoak.
Katedrala: eraikuntza multzo iluna da; bertara etorri garenez ikusi egin dugu baina ez du merezi; alboetako kapera handiek kanpora irtenak dituzte gangak, argia hartu ahal izateko; gurutzaduraren erdian kokatua dago aldarea; handia da erdiko ganga marmolezko tenplete batez bukatuta; faltsuak dira marmol itxurako zutabe handiak, pintatuak, itxura besterik ez da marmolarena; itxurosoak dira absidean kalonjeen galeriaren gaineko koadroak; bada fresko bat ere kapera batetan; harrigarria bada ere, itsulapikorik ez dago; S.Markosen lehoia dager dorrean, Venezzia urruti badago ere.
S.Agustin elizak freskoak omen zituen horma guztietan baina gurutzadurakoak eta atzeko ate ertzean bakarren bat soilik geratzen zaizkio: eguzkia beherantz, argi gutxi beraz, ezin izan ditugu ondo ikusi, politak direla konturatzeko haina soilik; hemen ere badira itxura hutsa diren hormak eliza erdiko alboetan.
Beato izendatua du Rietik herriko seme Joannes: hor daude hezurrak beirazko kutxa batean. Auskalo norenak diren.
Harresietako sarrerako ate batek freskoak ditu, ia galduta badaude ere.
Merkadiloa zegoen gaur plazan.
“Divieto di affisione”: hemen ere jai du kartelekin egunkaririk ez duenak: jai du adierazpen eskubideak.
Gautu du, oraindik argia zeharo galdu ez duen ortzi kontra mendi ilunen magal zabalean herrietako argi erreskada koloretsu luzeak ikusgarri eder ikusten dira autotik, zoragarria bilakatuz bidaia: gauak baditu bere zera atsegingarriak, bidaia honetan ia izan ez dugun ikuskizuna eskaini digu gaurkoak.
Ekainaren 18a. Igandea. 39.a
Egin digute egan gau baterako txoriek, astebarrukoentzat utziz artadia.
Atzokoa izan zen, Maiatzaren 30etik hona, zaparrada edo euririk gabeko egun bakarra. Nolanahi jasangarriak dira zaparrada pasakorrak, atertu gabeko gau eta egunak dira amorragarriak.
Elizako meza-kanpaiak ditugu oilar-kantu, txori-soinu, txakur-zaunka eta ur-jauziaren sinfoniaren osagarri, goiz fresko baina eguzkitsu honetan. Turuta jo ondoren, biderkatu egin zaigu ur-jauziaren soinua ere. Sinfoniako partaide, eliz dorreko ordulariak ere ordu osoak eta erdiak joten dizkigu. Soinu atseginezko kanpina dugu: naturaren kontzertugune.
Gipuzkoako izen bereko herria eta bertan jaten ditugun babarrun gozoak gogoratu dizkigu zubi baten “Aia” izenak.
Mendi barrenean, goazen hiriaren oinetan, tximinia luzea nabarmentzen da: egunkaritik jakin dugu, hain zuzen, atzo herrian izua goritu zuen leherketa egon zela hor bertan.
Kanpinaren aurrez aurre dugu delako Cascada du Marmore. Erromatar enperadore batek egina da goiadeko erreka eta ibar garaia baliatuz. Kanal luze bat doa labar gainera eta bertatik erortzen da ur apar zurita, bertikal zuzenean, airean. Nahiko ur ez dagoenez, presa batetan biltzen dute ura. Tarteka turuta ozen bat jotzen dute, lasterrera urari bidea emango dioten oharpena: inguruko interesatua hurreratuko da ikuskisunera. Sekulakoa da izan ere ura jauzia.
Narni. Urrutitik ikusi dugu, zabal mendi magalean, adreilu gorri-iluneko multzo zabala: aldatsean ez ezik pendiz pikean dago kokatuta, ia-ia zintzilik. Erdi Aroko hiri petoa bere hartan: bilatu eta begiratzeko mila xehetasun ditu: mila zulo, txoko, kale, kalexka, arku, etxe azpiko arku, pasadizo…; ez du zeharkako kalerik, beraz zeharkako aldaparik gabeko kale laurik, denak daude aldatzean, gainbeheran. Atsegina gertatzen da bere naturaltasunean, bere-bere petotasunean iraun duelako, handikeriarik gabe. Ez du ezer turistak erakartzeko, edo turistentzako gidetan jartzeko, baina polita da bere osotasunean, begiratzen jakin ezkero.
Plaza del Priori: luzexka, bere palazio eta dorrea duen logiarekin. Zerbait izandakoa bere garaian, itxura tristea du gaur egun, izandakoa, ez denarena, galdutako ospe eta indarren taxua; putzurik ez dago, iturria bai, handia gainera.
Pulpitu oso polita dager plazako horma batean: Viterbon aurkituko ditugu arratsaldean beste bi, baina hauek elizako kanpo hormetan daude; Narniko hau eliza alboan dago, ez elizako horman, ez dakigu sermoigintzarako ala jauntxo edo agintarien agerpenerako; agian zergak eskatuzko bandoak ozenki iragartzeko.
Logia: harri zurizkoak da sabaia, adreiluzkoak nerbioak.
Juregia: Logiaren aurrean, harri zurikoa du honek ere sabaia, adreiluzkoak nerbioak; palazzo komunala da: museoa dirudi bebarru zabalak, bere harmailadi zabalaz gain hainbat harritzar, estatua eta zutabe baitaude erakusgai.
Katedrala, hur baina plazatik at; harri argiz eraikia. Austeroa, baina egundokoa: “kolomata” luzeko hiru barneluzego; eskuin aldera inola ere ez dagokion ezarritako barneluzegoa, bertan daude ikusgairik ederrenak; desberdintzen den marmol marroizko tenplete handia aldarean; gelditzen zaizkion fresko zati batzuk: naif ederrak; ur bedeinkatu ontzi bikaina, bataiarria bera ez baina harri landuzko bere estalki borobil handia begirada bat botatzekoak dira; laugarren barneluzegoan zurean tailatutako espresio biziko pietà zahar bat eta Aita Saindu bat, denboraren eraginez ilun; zikin, garbitu gabe zorua, mosaiko xaloa; bere sinpletasunagatik erakargarria egin zaigun kapila batetan harri bizian eginiko zulo handian ikus daiteke landu gabeko harri lauez eginiko hutsik dagoen hilotz luze bakuna, leku ilun batean kokatua, armairuan bezala.
Iturria: benetakoa, erakustekoa, ikusten ez diren horietakoa; katedralaren albo batean, gaur egun errepidearen bestaldean kokatuta, urik gabe; Putzua: iturriaren osagaia, txorrota da aipatzekoa harriz burutzen den adreiluzko borobilean: kopa dirudien brontzezko garaia, pare bat metro bai altueran, gutxienez metroko diametroa, ura botatzeko burutxo eta tutulu ugariez aberastuta.
Fresko batekin topo egin dugu eliza izan zenaren horma batean
Igandea denez, goiko kale bakartietan zehar dabiltza andrak jaiko jantzita, kontu-kontari, ezer ez duen poltsa dutela eskuetan.
Txirrindu lehiaketa dago herrian: udaberriko asteburua denez gure Etxarriko etxaurretik ere pasatuko da besteren bat; hemengoa meza noiz amaituko zain dago hasteko, hiriko zaindariaren eguna baita eta eliza lasterketaren ikusle izango diren herritarrez beteta dago. Jauregi komunalean zuten izena emateko tokia korrikalariek. Kontraste bizia ziren bere jantzi koloretsu itsatsiekin kaleotan lasterketa noiz hasiko zain taldeka zebiltzan txirrindulariok.
Korpusti Eguna ere badenez, kolore ezberdineko petaloz eta lore multzoz dotoretuta dago prozesioa pasa den kaleetako zorua. Izan zen Korpus Egun bat, Maria Luisa eta biok poliziatik ihesi Leridan tokatu ginena, non berdintsu zegoen kalea, hemen baino oparoago loratuta.
Gauzaki zahar eta eskulanen azoka aurkitu dugu plazan.
Jubilatuen pentsioen defentsarako 24rako manifestapenera deitzen du Alderdi Komunistak. Herri askotan du Alderdi Komunistak iragarkiak eta iritziak jartzeko txoko propioa horma batean.
Alderdi errepublikarrak ere badu bere iragarkietarako horma-zati berezia: Asanblada Orokorrera deitzen du.
Katedralaren sarreran, ez dakit zenbat miloi biltzeko asmoz, abortatzearen aurkako sinadura bilketa dago.
Hemen dabiltza solte bideetan, lurralde pobreak diruditen gehienetan bezala, fiatilo, seiscientos, eta motokarro denak.
Mendiz mendi goaz, fiatiloen atzetik lasai eta mantzo: etxe soltetxo, txalet, fruta-arbola, loreak inguruan, baso baten erditik bezala askotan, berdegune batean, gainez gain… oso bidaia atsegina da. Atzo beheko lautadatik mendien magaletako herriak ikusten genituen, gaur, berriz, herriz herri goaz, mendi magaletik bertatik da gure bidaia, laku txiki asko ikusten diren beheko lautadari eta urrutiko mendiei begiratuz, tontorretako herritxoekin topo eginez.
Bitxia, deigarria, harrigarria eta polita noizbehinka gizontxoa gorbata eta guzti jaiko trajeatuta errepide ertzean ibili geldoan ikustea, bera bakarrik inongo etxe eta ezer dagoen parajeetan.
Amelia. Ia bihurgune barnean hartzen du bertara errepideak; inguratu, bildu, egiten du; 400 metro gorago, koska handi baten gainean, izugarrizko eraikuntza-puzka dago herri tontorrean, gain gainean: multzotzar gorrizka gauzatzen dute elizak, jauregiak eta gazteluak muino gain horretan. Eguzkiak erreta, kolorgetuak daude herri zaharreko teilatuak, gorri motel, ia marroi. Harresidun herria, harri zurizko ate dotorea erakutsiz sarreran; zutikako harkaitzezko mendia bera da albo batetan berezko harresi eta babes.
Tarteka sarrian aurkitzen dugu errepidean footing egiten ari den bakartiren bat, guk botatzen dugun aire kutsatua arnastuz.
Zubiek lotzen dituzte noizbehinka mendi maldak mendi zulo sakonen gainetik. Castrotik Laredorako bide zaharraren tarteak ditugu gogoan: behatokia errepidea, hark bezala berdetasuna nagusitzen zaio inguruan, zuhaitzak alde batera, etenik gabeko birak, gora eta behera; kare-haitzek ostera Euskal Herriko hainbat errepideen irudia dakarkigute irudimenera. Tarteka lur garbia, garia eta belarra batez ere bertan. Nekazari etxeren bat noizbehinka.
Bakoitza bere lurraldean bizi ohi da gustoren: jende hau ez litzake Etxarrin biziko, baina gu ere ez ginateke hona bizitzera etorriko.
Lugnano. Zabal dago hau ere mendi tontorrean, bere teilatu kolorgetuekin. Etxeak ez dira adreiluzkoak, harri iluneko arreak baizik; hala zen Amalian ere eta hala da inguruko herri guztietan. Kolore ia bakarreko multzo hiribildua. Beste aldetik ere ikusi dugu aurrera egin dugun heinean: tontor-tontortxoan ikusten da, dotore, mendixkaren puntatxoa betez. Azpialdeko lurrak hori daude, segur aski ia uzta heldua den gariz; errepideko areka edo kunetetan belarra ohi den bezala, garia erne da hemengoetan kilometro luzeetan, zabal erein zutelako-edo soro bazterretan.
Izugarrizko ikuspegiari so, behatoki batean autoz paseatzea bezala da 40 kilometrotako bidaia: ordu onean ez dugu autobiderik hartu. Beheko lautadan ez dago ia herririk: babes premiak ala beheko lurren beharrak eraman ote herriak mendietara. Laku zabala dakusagu han behean, Corbara lakua dela jakingo dugu geroago. Bidean bada kartel horixkaz iragarritako interesgune ugari, baina Orvieto da gure ikusmina eta nekea dakar sarriegi geratzeak.
Guardea. Errioxako eta Jaengo Laguardia herriak bezala, inguruko herri gehienen antzera, tontortxo batetan, izenari dagokionez guardian dagoen herria izango zela uste izan dugu aurrez, baina goian egon dagoen arren ez dago ez harkaitz ez tontor batean, goi-lautadatxo batean baizik. Agian “guardea” izango zen, gaztelu baten hondakinak ikusten baitira alboko gaintxoan. Udaleku itxura du. Prozesioa dela-eta desbideratu gaituztenez herrian sartu beharra izan dugu: zorionez. Beato Mascucho da herriko Saindua eta bere omenez zen prozesioa: gizonak aurretik bi ilaratan, emakumezkoak atzean beste bi ilaratan eta erdian jakatxo gorrizko musikarien banda, bospasei zutoihal edo estandarte, abadeak eta abitu gorriz jantzitako lau gizonek andetan zeramaten Santuaren erlikia-kutxa; noizbehinka apaiz batek txilibitu antzerakoa joz jendea gerarazi ondoren bere kalamatrika botatzen du bozgorailua erabiliz. Italiako pelikuletan ikusten dugunaren kontra, ez doa agintaririk prozesioan: herri laikoa da nonbait. Herri gehiena prozesioan doala dirudi, oso luzea baita ilera, herria, berriz, txikia da. Bada prozesiora joan gabekorik: tabernan ikusi ditugunak behintzat. Emakumeen ilaran 5 mutil ere badoaz bere neskalagunekin: gizon-emakumeen arteko bereizketaren kontrako errebindikapena edo neskarekin egoteko desira.
Gabiraia joan zaigu luzaro auto aurrean, goian: Etxarrikoak gogarazi dizkigu.
Olibondoa eta mahastia, ekilorea ere sarri, errepikatzen da orain arteko gaurko lurraldean. Halako batean alde bietako mendiak lotuz bide-zubiak gurutzatzen du goi-goitik bailarako berdegunea, ingurua zatartuz.
Nekazariek arazoak dituzten lurraldeetako uzta izan ohi da ekilorea, nolabaiteko irtenbide baten bila.
Bashi: tontortxo batetan dagoen herritxo polit-polita: halako dotoretasun berezia gehitzen dio eliza estilizatuak: inguruko zelataria edo azken gotorlekua izan behar zuen. Harrizkoa, kolorez arrea, erabat berdina, bere osotasunean da deigarria. Bailaran, sakonean, bere tren-geltokia du.
Bailara osoa betetzen dute ibaiak, autobideak, trenbideak eta errepideak.
Orvieto.
Gain batean ikusten da Orvieto errepidetik, gaztelua bailitzan. Igo eta igo egin behar da S. Marinora bezalatsu. Zutikako haitz garaiak ditu tarte luzeetan, haitz izugarriak, harresi berezkoak, babes naturala. Korpusti eguna delako edo, bandera gorri eta urdinak nagusiki, lore sortak ere, daude jarrita balkoietan. Egun horretan zapi zuriekin batera Jesusen Bihotza zeramaten Espainiako bandera asko jartzen zen Altzolan, herritar gehiengoa nazionalista bazen ere: beldurraren inposaketa. Badira Azkoitiko “armatuak”, soldadu erromatarrak alegia, hemen ere Korpus egunean, kartelek erakusten dutenez. Ez dago hainbeste turista, agian goizegi heldu gara, baina nabarmena da turista giroa. Korpusti Prozesioa famatua da nonbait eta ospatzen den orduan jendez gainezka egonen da hiri osoa.
Bada herria ia luzerik luze zeharkatzen duen kalea, baina bertara jotzen duten alboko kaleak ez dira inola ere bertan galtzera bultzatzen duten horietariko erakargarriak. Kale luzean etxetxo marroixka oso polita: lehen solairuan du sarrera, aterpetxo batek gordea, harrizko eskailera batez igotzen da bertara. Tunel edo pasabide antzerakoa, deigarri bilakatzen du bere barneko ilunpean Lourdesko Amabirjinaren Kobaren errepikapenak. Lourdes saltokia da duomo ingurua: dena denda, denak zabalik, jendea espero baita gaur hirian. Plaza: badu bere logia eta bere jauregia, ezebetxoan gelditzen badira ere Katedralaren alboan.
Duomo: koloreetako mosaikoa da fatxada, kolore deigarri bizikoa, halako zirrara sartzen du: harrizko santu irudi tailatu handiak, errosetoi ikusgarria Asiskoaren antzeko nerbio askorekin, arrosetoia koadroan jarriz bezala alde bakoitzean 13 buru tailatuzko laukia osatuz, filigrana harrigarriak tailatuta dituen harri zuri edo marmola zabal gorantz; beste dena, batez ere alboak, harri zuri eta ilunez egindako marrak; horrela osatuta dago hormadia. Barnea: barrunbea inguratzen duten mosaiko txiki distiratsuak dituzte sarrerako zutabeek; ohi den brontzezko ate landuak, handiak bezain ederrak: modernoa dirudi; hiru barneluzego ditu, fatxadakoen antzerako marra zuri-ilun harrizkoek ematen diote halako berezitasuna, halatsu marraz osatuta daude zutabeak ere; leihoak berriz harria imitatuz pintatutakoak dira; goian eta alboetan balkonada; bataiategia ere ez da nolanahikoa: marmolezko zortzi lehoiek eusten dute bataiarri marroi tailatu gabea, pontearen gainean Joan Bataiatzailearen irudi tailatuaz bukatzen den harrizko tenplete landu gotikoa, olioak gordetzeko bere kutxatxo edo armairu eta guzti; badirudi eliza guztian zirela freskoak: kapera batekoek erakartzen dute, batez ere, ikuslearen arreta: ikusten direnak liluragarriak dira antzinatasunaren grazia bereziarekin; Gurejauna dagoen kaperako freskoak oso osorik daude eta ederrak dira, baina bai presbiterioa, bai kapera bat, aldamioz inguratuta daude, freskook bere lehengora ekarri nahian nonbait; beiradurak: leiho luze gotikoetako goi partean daude eta ederrak dira, beheko zatia berriz marmol edo alabastro transparentea da; tailatutako 8 irudi eder dituen zurezko pulpitu handia; pulpituaren bestaldean harri zurian tailatutako pietà tailatutako irudi askorekin: ederra benetan; fatxadaren urre kolorezko irudikapena gordetzen dute Gurejaunaren kaperan, lan zoragarria, beirazko araza batean gordeta, giltzez itxita dago kapera bera ere; erdi-erdian, altu, harri mota ezberdina deigarri nabarmentzen zaion ur bedeinkatu ontziak metro eta erditik gorako altuera du, filigranazko taila da: gaina ikusten ez zaionez ura egongo den fedearekin bota beharko eskua hatzapar puntak bustitzeko; prozesiora ateratako 7 zutoihal edo estandarte, bat ezik beste denak antzinakoak; ez dira bordatuak, oihal gainean pintatuak baizik; tanta gorrizko zapi zuriak agertzen dira denetan: bada aldareko korporalera Kristoren odola erori zeneko mirariren bat tartean; zutoihalak eramateko hedeak ere erakusgai jarrita daude elizan: narruzkoak dira eta astunak izan behar dute; prozesioa gerarazteko kanpaitxoa ere urre koloreko gailu berezi batean erakusgai dago; koroa antzeko zer den ez dakigun mordoilo bat ere ikusgai dute kirten sendo bati lotuta; baita zer den ez dakigun kolore askotako tramankulu borobil ezberdin berezi bat ere: pelikuletako gerretan erregearen dendak izan ohi duen lits edo fleko obalatuzko gainaren antzerakoa, ez dirudi palioa denik.
Abade eta fraide feria da gaur Orvieton, mojak ere badira tartean, prozesiorako etorriak nonbait. Gazteak dira gehienak, abitu klase guztietakoak, inguruko denak bertan daudela esan daiteke. Lau frantziskotar gazte jarri dira katedraleko alboko harmailetan jelatu jatera humorez eta zalapartatsu bere abitu handiekin: errespetuz edo lotsagabeegi nabarmentzen zelako ez diet argazkirik atera nahi izan; apaiz adindua ere parean izan dugu jelatu erosten dendan.
Oinezkoentzako kaleetan agertu zaizkigu berriz ere aspaldian ikusten ez genituen beltz kinkaileroak: mafiaren eskua heldu da honaino ere, besterik ez duen hainbat etorkinen ogibide bakarraz baliatuz.
Orvietoko Atutxaren filmetan gelditu gara: hemen daude betirako grabatzen dituzten kamerak; Italiako poliziaren artxibategian gaude jadanik; agian jadanik bertan geunden Atutxak pasa dizkielako bere disketeak, agian Euskal Herrira itzuli aurretik han gaude Atutxaren artxiboan, hemengo txakurrek filmaketak pasa dizkielako: nire irudimena edo ideia finkatuak dira agian, baina fikzioa ez dabil errealitatetik urruti polizia eta errepresio arazoetan.
Ez dabil, ezta gutxiagorik ere, turista zaparradarik, agian ordu ezegokian etorri garelako. Bertako gazte jende asko ageri da.
Telefono kabina pila dago, turista asko dabilen seinale, agian inguruko herritarrak dira erabiltzen dituztenak, gaur bezala. Etxera deitu dugu geuk ere.
Bada katedralean dirua bota eta elizaren berri ematen duen aparailu horietarikoa bat, zeinek gazteleraz ere ematen omen dituen adierazpenok. Dirua eskatzerakoan gogoratzen dira Gaztelaniaz Italian. Euskara denik ere ez dute jakingo, euskaldunok isilean igaroko baikara hemendik ere.
32 graduko hozberoa izan dugu eguzkitan.
Mendi-gain laua dugu etxerako bidaiagunea; goiera bateko lautadan doa orain errepidea. Garia, ekilorea.
M. Luisa lo, bihurgunerik ezaren ibili leuna profitatuz.
Etxarrikoa litzakeen behi-granja.
Montefiascone, izugarrizko kupula tzarra gailentzen zaio teilatu ororen gainetik.
Bandera espainola ageri da errepide ertzeko muntaia batetan; lehenengoz guretzat Italian: Espainia ez da batere nabarmentzen hemengo turisterrietan.
Beherantz jotzen du orain errepideak, lautadara jaisten gara, ikuspegiaren ederra galduz.
Bidaiak
UMBRIA
Latineko itzulpenetatik eta Erromako historiatik ezaguna dugun Umbria lurraldean sartu gara jabetu ez bagara ere, Trasimeno inguru horretan. Erromatarren Etruria lurraldea ere hemen da nonbaiten, edo hau bera da.
Industrialde zabala ageri da errepidearen albo bietara Peruggia aurreko kilometroetan, gazteluak mendien gandor inguruko tontorretan, herritxo sarriak, ureztatuak diruditen lur zaindu eta erabiliagoak, eta mahastiak ikusiz goaz. Baina batez ere altzifre edo zipresak lirateke lurralde honetako ezaugarri: tontorretan, magaletan, baina batez ere hegietan atzeko ortzi kontran geriza bailitzan efektu berezia egiten dute nortasuna emanez inguruari.
Bere osoan agertzen zaio Peruggia errepideko bidaiariari: adreiluzko etxadi gorria, mendi-gainez mendi-gain luze, mendi altzoan zabal barreneko lautadaraino. Hiri handi guztiek duten zailtasunez, pazientzia handia behar den arren, nahiko ondo sartu gara hiriaren bihotzera, baita zaintzapeko aparkalekua bilatu ere.
Peruggia.
Unbria Ertaineko hiriburua. Hegian luze, ohizko estruktura du hiriko gainak: luzea behar du izan hemen, orografiak hala eskatuta.
Hiriaren gainaldea da Peruggia Zaharra, harresiz inguratua, izanaren bihotza eta denaren erdigunea, turiston topagunea: kaporal hiria izandakoaren itxura gordetzen du. Turista pausoan ibiltzekoa, kale pikoetan baitago; ez da zoruan putzurik eginen. Ez da kaleetan ibiltzeko hiri atsegina, kale pikeak direlako, jaitsiz gero igo egin behar baita, horregatik gainditu egin behar da Peruggian kale, kalexka eta pasabideetan galtzeko tentazioa. Zoladura zaindua du, baina zaharra, urarentzat erdiko erretenarekin. Turistarik ere ia ez da ageri kaleotan, goiko monumentu gunera autobusez heltzen baitira bisitariak, non biltzen den turisteria gehiena kaleotako piketik ihesi; bertako biztanle ugariak girotzen du kaledia biziki.
Harresiz kanpo dago hiri industriala, baina antzinako petoa da hau berau ere. Zuhaitz asko du hiriak, batez ere akaziak. Harresien barrura igarotzean dager iragan joriago baten ezaugarriak: eliza, arku, armarri, kaleak... Koadro naif mordoa dago eliza batean, handia da Garaipen arkua auskalo zein jauntxo edo enperadoreen omenez jasoa.
Piazza 4 Novembre: eliza, jauregiak, logia, iturria, ezkilategia: nori deitzeko ote …; eraikkin denok dira handiak, denak ederrak; ez dirudi hain zabala agian luzerarengatik eta jauregien altueragatik. Plaza ederra eta atsegina da, patxadakoa, egoten egotekoa: hala dago jendea, turista eta bestelakoa, kontu-kontari, lasai eserita.
Bigarren plaza: aipatutako luzexkaren jarraipena dirudi.
Hirugarren plaza: karratua, mendebal aldera, ohi denez banketxe hotel eta bulegoek bereganatu dituzte jauregiak; plazaren erdian dago Maolo, Manuel, zaldi gainean militar kapela buruan, usoen kakaleku.
Behatokia: goi bueltako zati handi batek osatzen du: berde ageri da bertatik Unbria, lurralde osoa ikusteko aukera genuke ganduagatik ez balitz; bertatik Assisi ere ikusi beharko genuke baina gaur gandua dugi eragozpen; ertz batean, harrian iragarrita daude urrutiko mendi-tontorrak, Apeninoak izaki, guk tontor bakar baten izenik ezagutzen ez badugu ere: Penino, 2.500 metrorekin, da garaiena.
Palazzo: lehoien gainean daude sarrerako zutabeak, tokatzen zaien bezala; harri zuri landuzkoak dira ateak, gotikoak, garaiak; itzelak dira behatokiak, miradoreak, baita leiho gotikoak ere; jauntxoaren agerpenak edertzeko izan behar du filigranaz zizelatutako balkoi zabal ederrak, ez eguzkia edo haize freskoa hartzeko eginak, horretarako balitz barrurantz edertuak egongo liratekeelako; balkoi, ate-buelta, ate-buruak denak dira landuak, ikusgarriak: errepikakorra bihurtzen da diodana, baina aitatu egin behar, ederra baita benetan; kripta dirudi jauregiaren azpialdea, baxua, harrizko hormak ditu, nerbio punta luzeko gotiko adreiluzkoa sabaia; bada ere 3 metro luze gorantz eta bat sakoneran duen burdinazko kutxatzar itzela hiltze-buru zabalez josia.
Iturria, hiriko altxorra, berritze lanetan egonda ere erakutsi nahi dutenez, ohizko aldamio eta toldoen ordez beiraz estalita dute, langilerik ez dabilen aldea ikusi ahal dezagun; bi borobilek osatzen dute: txikiena, zutabe askok sostengatua, handiaren gainean eta barruan, gain gainean iturri isurkaria den plater zabal borobila; berez askak liratekeen borobil bien aurpegia edo kanpoko azala izugarria da: harri edo marmol zuri landua, filigrana apartekoz osatua; borobil nagusiak izango du 7 metroko diametroa.
Aita Santua: brontzezko eskultura digantea katedraleko atarian, idulki edo peana baten gainean, ez dakigu zein herriri bedeinkapena luzatuz, Peruggiako herriari edo plazan gabiltzan turistoi, gu ere herria baikara.
Katedrala: zurezko handia da sarrerako atea; barruan, freskoek betetzen dute sabaia; ondo ikusteko egoki argiztatutako koadroak, asko, zeinetatik grazia aparta duen zahar ikusgarri batek; ohizkoagoak dira besteak; absideko beiradura aparta; bataiarria: arku bat da, pontea bera oso landutako harrizkoa. Zutabe gorrizka ilun motelek giro tristea ematen diote elizari.
Loggia dela uste dugu ohizko arkuperik ez badu ere; Peruggian nonbait bilerak barruan egiten zituzten, zeren eztabaida-gela dirudi aretoak; ez zen hemen herri xumerik sartuko; freskoz pintatuta ditu hormak, gehien bat kolore gorri iluna eta urdina erabiliz: irudi denak ezkutuak dira, esertzen ziren jauntxoen ezaugarriak segur aski.
Plaza du Mateottik, Manzzini kalea: ez ditut ezagun baina ospetsuak eta herrikoiak behar dute izan bi tipoak Italian, denean baitute plaza edo kalea. Garibaldiren estatuarik ere ezin da falta Italiako hirietan: Peruggian zaldi gabe dago, zutik, zapia lepoan, tunika bizkarrean eta ezpata eskuan.
S.Lorentzo ageri da Katedraleko ate-buruko beiraduran: su gainean, parrillarik gabe, helduta soilik dute, arropa eta guzti dago, baina soinekorik ez zaio erretzen, agian garrik ere ez duelako suak.
Arrano handia da hainbat lekutan errepikatzen dena, sarrerako atean adibidez, txerria du harrapakin bere erpe zorrotzetan: zerbaiten sinbolo edo ezaugarri da.
Pinakotekara joatea bezala da Italian elizak bisitatzea, egileen sinadurei erreparatu gabe koadroak begiratuz gozatzea. Ezjakinok ere antz ematen diogu grazia eta maisutasuna duenari.
Jauretxeei buruzko tesia egin nahi duenak badu non aztertu Peruggian.
Jauntxoen etxeak ikusten ditugu turistok; herri soilaren bizitoki diren kalexkak politak diren arren ez dute edertasuna dastatzeko erakutsi diguten irizpideen parametrorik: edertasun xumea, edo lan xumeen edertasuna ez da salkorra: komertzialduta daude edertasuna, artea, eta artearen irizpideak ere.
Sail hori asko dago Umbriako lautadan, garia. Toscana antzerako lurraldea da Umbriako hau, gora behera lurrazala, muino eta mendixkaz osatua.
Asis
Urrutitik bistaratu zaigu: mendiaren magalean gainaldetik behera zabaltzen den adreiluzko hiria, 5 eliza-dorre gailenekin, gaztelu handia nabarmentzen zaio alboko tontorrean.
Behatoki aparta da, lau-laua da bertatik ikusten den Unbria, ostean mendi ez oso garaiak dituen lautada zabala.
Hiribildua: hiru sarrera edo ate ditu jarraian kalebarrurantz: ondo babestutako hiria garai batean. Hiruretako bat ez da arku soila, sarraila itzaleko zurajedun itxidura baizik, jatorrizko nahiko onean iraun duen ate zaharra.
Aparkaleku zabal ugariak autobusez lepo bilatzea izan da lehen flasha heltzean: lourdes bat da Asis kaleko lehen portaletik hasi eta hiriko azkeneko zokoraino, saltoki bihurtu dute santu txiroaren hiria; gaitzerdi litzake behartsuak balira santuari etekina ateratzen diotenak.
Bi zati nabarmen ditu Asisek: beste herri askoren antzerakoa den ondo zaindutako kaledia bata, Santu eta Basilikaren esparrua bestea: biak turismoari zuzendutako merkatari guneak, bai laikoena, bai fraideena. Alderik alde bi kale luze dira hiriaren ardatz, alboan at gelditzen delarik Basilika; zirkulaziorik ez dagoenez, baketsuak bihurtzen dira goiko kaleak, baina, aldi berean, jendetsuak. Kalexkak gora, kalexkak behera, txukuna, polita, mila zoko xarmanten bila ibiltzekoa, jadanik ikusi dugun hainbat herriren bezalakoa.
Plaza nagusia: ohizko eskema du: luzexka, Partenona dirudien habe-harri handiko eliza elizpearekin, logia, jauregiak, iturria eta gainerakoak, baina ez du putzurik. Eliza grekoak ez du askorik merezi: frantziskotarrena da hau ere: herriko monopolioa dute nonbait. Iturri zabala kale batean, harrizkoa, baina ez harria, bertan arroparik ezin daitekeela garbitu mehatxatuzko debekua iragartzen baitu aspaldiko harrizko errotuluak. Klara dohatsuaren gorpua bertan gordetzen duten Eliza handi bat, alboko hormei eusteko tokatzen zaion arku itzel saila alboan dituela, eta iturri ederreko plazatxoa aurrean; harri zuri-gorri motelako zerrendaz egina dago fatxada, errosetoi handi batek edertuta; ez didate utzi barrura sartzen praka motxetan nagoelako: hemen ez dut Sofiako katedralerakoa egin: banuen hemen ere txalekoarekin bernak tapatzea baina bere horretan utzi dut ezezkoa, atetik ikusten zenarekin konformatuz; ez dirudi elizak berak asko merezi duenik, kripta batetan dute gordeta Santa, bisitagai; aitorlekuan sartu da siestatik zetorren fraidea; bizkarra aitorleku baten kontra jarrita zegoen fraide gazte bat, zutik, txorkatila bat bestearen gainean oinak gurutzatuta, zerbaiten zain, nor konfesatu edo nori eliza esplikatu: bezero zain dagoen putaren irudia ekarri dit bizi-bizi bere ejarrerak; ez dabil jende amorru handirik eliza barruan, dabilena turista jendea da, denak kontu-kontari, lekuari errespetu gutxiz, gona eta praka-luzez badaude ere.
Basilika. Nerbio askoko errosetoi erraldoia du, Klara dohatsuarenaren antzerakoa. Hiru solairutan eraikia, gorantz handitzen eta hazten joan baita erromesen gehitzearekin batera: kripta, erdiko eliza eta goikoa. Zirraragarria da, itzela. Horma batzuetakoak galduta badaude ere, bi elizetako hormak Santuaren bizitza irudikatzen duten fresko ederrez estalita daude. Fraideek ondo erabiltzen dituzte horma didaktikook: bi elizetan fraide handiak dabiltza, abitua soinean eta linterna eskuan, hurreratzen zaizkien taldeei, ordain truke?, linternaren argi izpiez xehetasunak argituz freskoetako irudien agerpenak eskaintzen dizkie debotei. Bada “silence” dion iragarkia, baina santutegi hau ere Paduako Antonio Donearen eta Veneziako Markosena bezalatsu merkatu bizia da: zarata, berbotsa, joan-etorri izugarria, fraide batek mezak hartzen ditu beirazko kaiola batean goiko elizan, azpikoan beste batek, kriptan ere bai hirugarren batek; denda bat ere badute non fraide legoak tokatzen zaien abitu eta guzti diren saltzaile. Ba da horma kontratik sarrera duen horma kontrako harri tailatuzko pulpitu txiki xarmanta. Gurutzadura osoa hartzen duen aulkiteria izugarri ederra da, tailarik ez du baina buru gaineko zerrenda osoa txertatutako zurez gizaki eta etxe irudiz osatua dago: gutxienez 64 eserleku dira eta bakoitzak bere marrazki txertatua du. Priorearen aulkia berriz harrizkoa da, baita baldakinoa bera ere, aulkiaren bi besoak lehoiak direlarik. Korridorea den balkoia buelta osoan.
Bigarren solairua: patio ederra du, baita terraza bikaina ere. Erdiko eliza goikoaren antzerakoa da giro berdintsuarekin.
Kriptan dago S.Frantzizkoren hilobia erdiko elizaren aldarepean hain justu: putzu bat dirudi, harrizko zilindro bertikala, bere barruan santuaren hilkutxa gordeaz. Burdina-sarez inguratuta dago inork harri zatirik eraman ez dezan seguruenik. Haginak erakusten dituen lehoi haserretu batek erregina bat darama bizkar gainean: koroa du behintzat eta hankak tolestuta belauna belaun gainean.
Basilikan ez dut izan arazorik praka motxez sartzeko; larrutzik ere sartu ahal izango nintzen.
Asis ez da otoitz-leku, ezta norbere baitan biltzeko tokia ere. Santutegia bera ere turista leku hutsa da, bertan ez du inork errezatzen, begiratu, ikusi eta mezak atera edo dirua itsulapikoetan bota baizik. Ba zen erdiko elizako kapila batean inguruko burrunba hotsean bilduta meza entzuten edo eukaristia elkarrekin ospatzen ari zen hogeikotea.
Beste errespetu bat du kriptak: jendea isilik dago, bada otoitzean dagoenik ere.
Bere saltsan gustura dabiltzan itxura erakusten dute fraideek.
Talde japoniarraren fraide esplikatzailea ere japoniarra zen: agian filipinarrak ziren bai taldea bai fraidea.
Erromesen otoitz-lekua dirudien elizatxoarekin egin dugu topo kale batean. Kanpo eta barru freskoz estalita dago. Kaletarrok ez dugu barrura sartzerik, baina ikusi dezakegu barrua beirazkoa baita atea. Gure jauna agirian dute, hostia handia ekisaindu edo kustodia handian, mojatxoa belauniko adorazioan aurrean, beste moja zahartxoa bat alboko horma kontran, eta, hain geldi, irudia dirudien gizonezkoa: fraide tratularien alde otoitzean segur aski. Baina bada izan Asisko maremagnunean leku lasai eta debozio-gune.
San Rufinoren eliza eta plaza: erromaniko eta gotiko trantsiziokoa.
Hirugarrenez Italian aurkitu dugu bidaian zerbait gazteleraz, kriptara sarreran izan da: “ofertas”, diru eskaera!!!.
Kaleetan harrapatu gaitu urrutira lurreraino beltz ikusi dugun eta lasterrera bertan botatzen ari zen egunoroko trumoiak: elizpe nahiz dendetan sartu arazi eta aparkatu gaitu turista aldra.
Inserso japoniarrarekin egin dugu topo hemen ere: elkarri jarraika gabiltza edo talde asko dira. Bigarren inserso japoniar batek jende gaztea darama, laguntzaile edo.
Harridura sortzen didate, sarriak diren arren, hemen ere ikusi ditudan lehoiak zutabeei eusten.
Fraideen kontura barre eginezko frantziskotarren irudi trakets pila erakusten dute salgai erakusleiho batean: moja eta fraideak jan eta edan oparoan, moja bat fraide batekin pultsuan norgehiagoka, moja zaldian lez lau hankan jarritako fraidearen gainean, fraidea edaten ari da mojak daraman eskorga edo karretila batetan, pianoa joten fraidea eta mikrofonoa eskuan moja abesten abitua belaunetik gora jasota, karta botatzen fraidea, fraide eta moja koadrila jan-edanean… eta abar luzea. Harritzekoa, ez dago moja-fraiderik txortan: tabu da sexua moja-fraideei adarjotzeoan ere.Kontrastea egiten du horrelako herri santu batean.
Bada trafiko handiko kale bat, non auto, kamioi, motokarro eta jendetza nahastuta dabiltzan presazko joan-etorrian. Sartu gara ustekabean delako kalean eta bertan galdu dugu egun honetako patxada. Jende guztia presaka doa eta dator, ia korrika, batzuk santua ikustera bestea santua ikustetik, laburra da nonbait autobusen itxaronaldia,.
Herriko insersoa behatoki den lorategian dago kontu-kontari lasaian.
Kanpina.
Kosta zaigu aurkitzea.
Artadi batetan gaude. Bertakoek Italiako bihotz berdea dela dioten Umbriako hegoaldean Cascata di Marmore herrian, Tierni hiriburuaren ondoan.
Kosta zaigu afaltzeko lekua aurkitzea ere
Ekainaren 17a. Larunbata. 38.a
Gizarteak ukatzen dien gazteen astebururako bai jolastoki eta atseginleku, bai elkarrekin egoteko aukera dira kanpinak.
Pelikuletako kontakizunak motz gelditzen dira askotan: hemen dabil bikote heldua 6 metrotik gorako sokaz lepotik lotutako katua daramatela; zuhaitzetara igotzen die, ihes egin ere bai eta orduan hor dabil bikotea karabana azpi guztiak miatzen, ozenki deika, ia non gorde ote zaien bere katutxoa.
Nekazari giroa nabarmentzen da. Txakur asko dago inguruan, baserri herria da izan ere eta: edozein zarata edo zertzelada batengatik dozena bat txakur hasten da zaunkaz. Gure alboan, alanbrezko hesiaren beste aldera landetxea dugu: antzarren grakadez bilduta gaude eta oilarren kukurrukuek esnatzen gaituzte.
Erromatarrek egindako ur-jauzi artifiziala dugu guretik gertu: aldizka urari pasoa ematen diote, turistak erakartzeko, eta ehun metrotik gorako jauziaren ur-hotsa dugu lasaigarri zuhaitzetako txori soinuekin batera, bikotea katu bila ez badator behintzat. Izugarria da ur-jauziko etengabeko ur-multzo zuria, zuhaitz berde artean 100 metroko jauzi burrunbatsuan: sekulako ikuskizuna.
Poggio Bustone. San Frantzisko bizi izan zen komentua du erakusgai, zintzilik bezala dago 800 metrotara: eliza erromanikoak ez du ezer berezirik, baina erromaniko denak dira politak. Klaustro txikiaren azpian dago Santua bizi izan zen gela erakargarria: beldurgarri austeroa, gaur egun behintzat: 6-7 metro luzeran eta pare bat zabaleran, harrizko hormak besterik ez du gaur egun; ikuspegi paregabea du aurrean: bertatik dager Latiun ekialdeko lurralde zabala, mendiek mozten dute urruti zeru-marra. Bai elizan bai klaustroan iraun dute fresko batzuk: elizako fresko baten barruan koadro naif polita ageri da horman sartuta; koadrotxoa ez da ondorengo gehigarria, freskoaren alboko bi aingeru koadroa agurtuz daude eta. Herriko topaleku bilakatu da Santutegiaren aurreko zabaldegia, gaur behintzat hala da: bertara igo dute herritarrek auto, moto eta isokarroz.
Piediluco. Lakua eta herria. Laku ertzean etxeen eta lakuaren artean doan kalean ezin gara ia gurutzatu ere egin bizikleta eta autoa, hain da estua.
Laku hau ere ederra da, inguruko jende asko erakartzen du bertara. Arraun eskola egon behar du, arraunlari asko baitabil bateletan.
Bidaiak
Ekainaren 13a. Asteartea. 34.a
S. Antonio eguna, eguzkipean esnatu gara, denda lehortu zaigu. Ondoren, ordea, zaparrada eta eguzkia tartekatuz pasa dugu goiza. Trumoira eta eurira jarri beharko gara, onartu eta beraiekin bizi, bizitza egokitu, denda bera eurirako soilik prestatu.
Gure barneak orekatu, lasaitu eta berera etorriak daude.
Txuarrak baino lotsagabeago dabiltza zozoak inguruan, denda kendu berriak egondako belar-sailetan xixare eta xomorro bila.
Katamixarra ere zozoak bezain lotsagabe dabilkigu inguruan, gosez edo ohituraz gure beldurrik gabe, bikote baten atsegina sortuaz.
Sartu-irten handia dago kanpinean, kanpotar asko erakartzen du Sienak.
TOSCANA
Siena. Handiki jiteko hiria, jauntxo-herria. Mendi-gain zabala hartzen du, harresi handiz inguratuta dago, dorrea du ertzean.
Oso giro lasaia du hiriak. Patxada ederrean dago jendea, monumentu eta etxe ederren harmailetan eserita, jelatu bat jan, abestu, berriketan edo zerbait irakurtzen. Turista asko dabil, baina ez dago itomenik kale eta plazetan. Kaleetan gustura galtzen da bat, ibili trankilean. Lasai ibiltzeko hiria da.
Siena ez dago eliza eta palazio faltan. Eliza batek ez zuen ezer askorik balio baina bere austeritate bizian dotoreak zituen presbiterioa eta adreiluzko sabaia; San Antoniok deboten kandela eta lora pila zituen, baita debotak ere jotafuego errezatzen.
Etxe eder, handi, antzinakoak, adreiluzkoak gehienak. Bada harri zurizko palaziorik ere: “Monte de Piedad” eta “Esparnio”k bakoitzak bana hartu dute, biak ederrak, biak gotikoak, kiribilduagoa Esparmioarena: eraikuntza ederrenez jabetzen dira banketxeak hemen ere.
Plazetan, etxaurretan, eliza aurrean, iturrietan, sarrena nagusietan, edonon, hainbat eta hainbat Romulo eta Remo daude otso emeari titia xurgatzen: hogeitik gora zenbatu ditut aspertu naizen arte.
Kale, kalexka, kaleak lotzeko arkuak... ugariak dira harresiak ere han-hemenka.
Farolak dira oso deigarriak hiri zaharrean, egur itxurakoak, kolore bizikoak, Erdi Aroko pelikuletako torneo giroa gogoratuz. Agian hori da helburua, ospetsuak baitira bertako Erdi Aroko zaldi lasterketak.
Komertzio ona du.
Patio ederrak.
Julio II.a Aita Santua zen hemengoa eta patio bateko sarreran du bere estatua sendoa.
Bada hain zaharra ez den garbitegia, polita, baina ahaztua.
Loggia: ez da Udinekoa edo Paviakoa bezain handia; pintura bizi ederrak ditu sabaian, gai profanoak dituzte, zoruko estatuak, aldiz, elizgizonen irudiak dira. Bere eserlekua du atearen albo bakoitzak, bost metro bai bakoitzak luzeran, biak marmol zizelatuak, bakoitzak ditu ere bost irudi zizelatu; harrian tailatutako irudiak dira eskulekuak ere. Begirada bota behar zaie bobedako nerbio edo loturei, filigranak txirikordatuzko marmol zuri landua dira: harrigarria.
Piazza di Campo: oso handia izanik ez da ikusgarri, izugarri horietakoa, bai ordea erakargarria: bereganatu egiten zaitu. Handikia, ederra; austeroa izanik, dotorea. Hemizikloa bezalakoa da, aldaz behera dator palazio aurrealdera, anfiteatro bat bezala. Giro lasaia dago alboetan jendea eten gabe dabilen arren, plaza erdian batez ere; hemen ere jendea eserita dago, etzanda, kontu-kontari, irakurtzen... lasaitasuna zabalduz denoi; adreiluzko etxeak balkonada xumeekin buelta osoan, baina badu bere palazio gotikoa ere; palazio dotore bat da eraikuntza nagusia bere dorre eta kanpanile bitxiekin: karratua da dorrea, adreiluzkoa baina harriz bukatuta, lau aldetara balkonada duelarik; dorre azpian tenpletea aldara batekin, dena marmol zuri landua, ezarri-pegote oso polita; bi solairuko adreiluzko sotoa ere du palazioak, atzealdera berriz lautada oso zabala duen ikuspegi terraza garaia. Adreiluzko zorua du erdian plazak, alboetan zaldi lasterketetarako pista borobila du harlandu zurizko harlosekin ondo markatua; marmol zuriko iturri zabala, irudi piloaz dotoreturik: dena marmol zurian 13 irudi zein baino zein ederragoak, otso-eme piloa, filigranak, Romulo eta Remo emakume baten altzoan titia edaten; usoz josita dago iturria.
Duomo: esplikaezina; marmol zuria da barru eta kanpo, marra zabal berde-ilunekin, dotorea. Ingurua dena da handia, estilo berdinean. Gotiko motaren bat ote?. Brontzezko ate landu ederra. Fatxada izugarria: marmol zurikoa, errosetoi handia, mila estatua, mila filigrana, marmol gorria ateetan, bitxikeriak, birgeriak.. harrigarria. Eliza-aurre eta barruko zorua marmolezko mosaikoa da, ez Aquileiakoa bezain ederra baina harrigarria hau ere. Sinestezina. Harrigarria bazen fatxada ez dago izenik ez izenorderik barrukoa azaltzeko. Kordobako meskitaren antza hartu diot lehen begiradan: koloretsua, arkuak... Santutegiko santu guztien buruak daude tailatu polikromatuak buelta osoko frisoan. Pintura asko eta onak. Lehoien bizkarretan sustatutako zutoinen gainean pulpitua, eskailera eta guzti, -beste filigrana bat hau ere-: pulpitu osoa da filigrana. Espainian ere ikusi izan ditugu antzerakoak, eliza batean bakarren bat. Presbiterioak aldare gainean zurezkoa dirudien ostentorio, erakustoki, edo antzerakoak kontrastea sortarazten du zurezko eskailerekin. Ezustez ezuste goaz, dena baita da horrelakoa. Kanonigoen aulkiteria dena da taila ederra, bai bizkarrerakoak bai eskulekuak. Zeremoni aulkia ere. Fresko asko. Estalita dago zorua zati handi batean, segur aski mosaikoa da. Aurre eta atzeko errosetoi handiak, baita beirategiak ere ederrak dira. Lanpara eder bat. Bereziak ditu jarlekoak ere, Altzolako emakume batzuk zituzten antzerakoak, belaunikatu eta esertzeko balio duten horietako bakarrarentzakoak: deserosoak dira baina gutxi ikusten direnetakoak. Korurik ez du, txiki-txiki bat ezik, atzeko ate gainean bera. Leiho batetik sartzen den eguzkiak laukitxoa egiten du aldare bateko koadroan, zatika txikitan argiago ikusteko botatzen den argia bezala, proiektore batek botako lukeen argi kontzentratu indartsua bezalakoa: koadroa litzake eliza barrua, koadroa detailez ikusteko laukitxoa argi bizi-bizia: apropos eginda ere ez, agian apropos egin zuten.
Gehiegikerian ari izan naizela dirudien arren, etorri eta ikusi egin behar da zenbaterainoko ikusgarria den jakiteko.
Bataiategi:. ez gara sartu, Pisakoaren antza du kanpotik.
Santa Katalinaren komentua: ez joatea erabaki dugu: urruti dago, nahikoa ibili gara gaurko, eta ez du nonbait erakusteko askorik, Santaren oroimena ez bada.
Insersoa Duomo aurrean.
Herri gehienek bezala Sienak bere gozoki propio famatuak ditu, denda guztietan salgai. Sienako Santa Katalina komentuko monjek egingo dituzte.
Lehenengo aldiz ikusi dugu Italian gazteleraz idatzitako azalpena erakusketa bateko panel batean.
Palazioko sotoan 2. Munduko Gerra izan zela 50 urte direla-eta artista askoren lanez eta argazkiz osaturiko erakusketa jarri dute: Paolo Echaurren baten koadrotxo bat ere bai: zurigorriberdea, Italiako kolorez egindako muntaia da, baina ikurrina dirudi. Forma, kolorez, konposizioz zeharo ezberdina izanik ere plagioa da beste bat: Goyaren Madrileko Maiatzaren 2ko fusilatzeak koadroa gogoratu digu lehen begiradan M. Luisa eta bioi, inolako komentariorik egin aurretik. “Resistencia infinita” izenekoa: 8 palillo zuriberdeak sartzen dira plano ondulatu konkaboan eta konbexo alderdian ateratzen, irtetea lortu dutela irudikatuz. Puntadun alanbrez egindako poste zurian lortzen du gizonak kanpora ateratzea, libertatera, airera.
Atsegina da jelatua xurgatuzko arratsalde beranduko ibilia Sienako kaleetan edo zaldizkoentzako plazan.
Ekainaren 14a. Asteazkena. 35.a
Motoristen errito eta giroa errepikatzen zaigu Sienako kanpinean ere: giro koloretsua, alaia, patxadatsua.
Egunari zor zaion euri jasaz mehatxatu gaitu trumoiak goizez, baina bere horretan gelditu da, lau tantoz.
Aldapa gora, aldapa behera, baso eta nekazari lurretan, Po lautada ez bezalako lurraldean; garia jadanik helduta dago, lehorteaz nahiko hori daude bazterrak; inguru horretan, baba-beltz sail zabalei begiratuz, gutaz harago beste inor gutxi dabilen errepide estuetan egin dugu goizeko bidaia atsegina.
Monteriggioni. Kanpotikako ikuspegia du ezaugarriena: 10 metrotik gorako harresiz eta hainbat dorrez inguratutako mendi tontortxoa. Herritxoa, txiki txikia, barruan ez dabil jendeketarik, autorik ere ez, patxadako giro goxoa da nagusi: herri nasai eta lasaia, Erdi Arokoa izanik, ez du gerra girorik erakusten, beste garai bereko hainbatek bezala. Bi ate ditu herriak, hegora eta iparrera, atetik atera doa kale nagusia, nahiko zabala, kalexka batzuk bertara lotuz; erdian plaza, bertan putzua eta eliza erromanikoa; etxeak ez daude etenik gabeko ilaran, nahiko tarteka baizik; ez kale nagusia ez kalexkak ez dira itoak, ez itogarriak. Erdigunea hartzen du etxadiak eta herri guzia inguratzen duen harresira arteko tarte borobila lur landua da gaur egun, baratze eta zuhaitzez osatua. Barrutik ez du ezer berezirik elizak; erromaniko xumea da kanpotik.
Loratuta daude olibondoak harresi inguruan. Toskanako ikuspegi eder eta zabalaz goza daiteke bertatik.
Monteriggionin bota digu gaurko lehenengo zaparrada.
Colle di Val d`Elsa: tontor batetan dago, mendi magal osoa goitik behera hartuaz. Harresiak. Goialdeko harresiko atea, bertatik multzo gorri trinkoa osatzen du teilatuak ez ezik hormak ere gorriak dituen etxadi zabalak. Herria bera handia da, luzea, gainez gain beheraino jaitsiz; etxeak eurak dira, tarteka, harresi.
S. Gimignano.
Harresi barruko herria, tontor batetan; dendez dorrez eta jatetxez betetako mendi-tontorra. Bere baitan galdu ezin daitekeen herria, txikia baita, baina oso gustura ibiltzekoa. Oso ondo zaindu eta berritutakoa. Indartsu kokatua nonbait turismo sarean, autobus eta auto aldrak datoz bertara. Halaz ere gustura eta lasai ibiltzen da bere barnean, zirrikitu eta zokoei begira: autoz zirkulatzerik ez dago; herri osoan barreiaturik nonbait, bisitariok ez diogu elkarri trabarik egiten, itomenik gabe, lasaitasunez milaka oinezko dabilen kaleotan. Hiribildu guztien antzerako egitura du: bi sarrerako ate eta batetik bestera kale luzea, bertatik edo bertara jotzen dutela hiriko kalexkek.
Dorreak: asko, 7 garaiak eta beste hainbeste apalagoak, denak elkarren ondoan, auskalo ze arrazoiz, arrazoiren bat egon dagoelako: agian elkar borrokatzeko, agian kanpoko eraso asko zutelako, agian zuk bai neuk ere bai lehia harroputzagatik, edo modagatik. Mila xehetasun polit ditu han-hemenka bilatu eta begiratzeko.
Plazak: ederrenen artetik aukeratzekotan hiruzpalau jauregi dotorek inguratzen dutena litzateke bat, jelatua dastatuz, irakurriz edo kontu-kontari, eguzki epelera esertzen den jendez betetako harmailez inguraturiko harri zurizko putzua duela erdian; elizak eta palazio bikainek osatzen dute, turiston deboziokoa da.
Duomo: harmailadi luzea du aurrean, lasaitasunez eserita dago turista aldra bertan.
Ezereztxo apala da kanpotik, izugarria berriz barrutik: 3 barneluzego ditu; marra berde ilunek apaintzen dituzte bai zutabeak bai arku zuriak: pintatuta daudela esango genuke harrizkoak badirudite ere, Sienakoak imitatuz bezala; naif estiloko freskoz estalita ditu alboetako, atzeko zein aurreko hormak, Testamentu Zaharreko pasadizoz ezkerraldekoa, eskumakoa, berriz, Testamentu Berrikoez: oso ondo iraun dute, hondatutako zatitxoak dituen arren; bere ar- ezaugarria du Adanek, zakila, nabarmen erakusten du irudi batean; beste batean, berriz, Eba ateratzen zaio saihetsetik irudi liluragarria osatuz; atzeko horman S. Sebastianen irudi handi bezain ederra dago; ez dakit estetikak ala didaktikak bultzatuta eraginda: liluragarriak dira pinturok bai kopuruz, bai neurriz, bai kolorez.
Gaztelua: bista ikusgarriak zabaltzen dira bertatik alde guztietara: Toscana osoa, berdea, tarteka horixka, urrutiko basoz aberats.
Freskoak: palazio azpietako arkuetan eta txokoetan aurki daitezke, bada ederrik: pintore asko behar zen herrian edo inguruan.
Elizak: fresko oso ederra duen bataiarri bat du kanpoan batek: artistak ez du lortu Jesukristoren zakila ikustea ahalbideratuko zuen transparentziarik; transparentzia ederra dute, aldiz, Amabirjinaren Deikundekoek.
S. Antonio naifa niñokesus xelebre batekin beste eliza batetan.
Kaleak girotzen zituzten sosen truke 3 musikarik, bakoitza bazter ezberdinean.
Banketxeak behar zuten izan palazioko behe solairuek: hala dira izan.
Chiribiri zuen izena traktoria batek: “Tx” jarri “Ch”ren ordez eta taberna euskalduna.
Alkohol edariak, zeramika eta txarkuteria da hiriko eskaintza nagusia, ia bakarra: Toscanako ezaugarriak. Hestebetea da, bai, Toscanako bereizgarria: hala behar zuen izan lurralde nekazari honetan. Basurde buruak ez ezik basurde osoak ikus daitezke disekaturik dendaurretan.
Turistontzat antolatuta dago herri guztia: kaleetako iragarkiek ez dute erakarpen artistikorik eskaintzen, jatetxeek bai.
Adreiluzkoak dira plazetako zoruak, baita inguruko bai palazioak, baita etxeak ere.
Jauretxeek inguratutako zabalguneak dira plazak: etxeen zabalguneak, berriz, kale soilak. Bestela esanda, jauregien aurreko zabalguneek osatzen dituzte plazak, baita kale nagusiak ere: kalexkak berriz pobreen etxe apalek.
Bizitasun handia dago herrian, baina mugimendu lasaia da, kontraesana badirudi ere.
S. Gimignanon hartu dugu gaurko bigarren zaparrada: badirudi gurekin daramaguna trumoia eta euria.
Ez dugu entzun ez ikusi telebistari buruzko erreferendumaren berririk, ez baita ezer agertzen kalean. Alderdi komunistaren panel batetan soilik irakurri dugu baietzak irabazi duela, baina ez dakigu baietzak zer esan nahi duen.
Gainez gain doa errepidea, garaiak dira gainak, sakonak mendi-zuloak. Gainek ikuspegi ederra eskaintzen dute alde bietara: gariaz hori dager dena. Olibondo asko. Lur landuak dira, erabiliak.
Kartzela handi baten albotik ere pasatu gara, gure presoak gogoratuz.
Goxo doa bidaia arratsalde beranduan.
Volterra.
Mendi bizkarraren zabalera osoan luzatzen da, goian dago egon ere. Sarrerako ate kontran Erresistentzian hildako herriko partisanoen argazki-izenak daude.
Bi solairu besterik ez badute ere, etxe garaien itxura dute herri honetakoek, kale estuak direlako, agian; eguzkirik ez da sartu ere egingo kale hauetan, hain estu eta garaiak ikusten dira. Ez dirudi turisterria denik; agian bere itxura zaharrean gorde nahi izan dute hiria, ez baitute diru askorik sartu herria egoera itxurosoagoan gordetzen. Denden taxuagatik, alabastroagatik eta jatetxeengatik ez balitz, turisterria baino gehiago bertakoentzako eta inguruko herrientzako zerbitzugune eta saltoki esparrua litzateke: bere lehengoan dirau herriak, peto-peto. Halako giro berezia sortzen da kaledian, Erdi Aroan gabiltzala dirudi, nahiz gaurko jendea gaurkoz jantzita ibili. Xarma du herriak, ezer aldatu ez zaion Erdi Aroak dirau. Jauntxoena da plaza ingurua, kalexkak berriz herri xehearenak, Volterran lez.
Gaur ez dabil turista zaparradarik. Herriko agure-amona guztiak eguzki gunetan datza kontu-kontari, andrazko soilen, gizonezkoen edo bietarikoen taldeetan.
Universita de la tercera eta: ez dakigu zer den, jubilatuen biltokia ala ikastetxea.
Alabastroa lantzen eta eskaintzen da hiri osoan: ikusi dugu artisau bat alabastroa lantzen bere tailer-dendan.
Betiko kale luzea.
Hiriko ateak: lau ditu gutxienez.
Piazza del Priori, bospasei jauregi handik osatzen duten plaza; ez da plaza erakargarria, ez du grazia handirik. Plazako jauregiak dorrea du eta dorreak kanpaia.
Duomo: XII. gizaldikoa; bere ezustea ekarri digu honek ere: eliza apal-apala da kanpotik, barneak, aldiz, kontraste izugarria eskaintzen du; harriduraz harridura ibili ginen Sienakoan, hemen, aldiz, lasai gabiltza pitxiei begira. Sabaiko kasetoia, artesonadoa, gurutzadurakoa ere, urre-koloreko izugarri ederra da, berezi ederra; gorriak dira zutabeak; arkuak, berriz, harrizko zuri berdeak; benetan ederrak aldaretako koadroak; zur landua dirudi sabaiak; marmolezkoak dira hormak, marra zuri berdez arinduak; Anuntzio, Deikunde, eder bat aldare batean; lehoien bizkarrean finkatutako lau zutoinen gainean marmol zuriko pulpitu zizelatua: eskailera, berriz, xumea du, -Sienakoak aparta zuen-; 1228.go Gurutzetik Jaitsiera izugarria: naifa da baina espresio izugarria du, sekulakoa da indar eta erakargarritasuna bere hieratikotasunean; freskoak; 5 busto ditu aldare nagusiak gainaldeko mailan argimutilen artean: aita santua, bi gotzain, santu bat eta erromatarra dirudien togadun tipo buruhandi xelebre bat; Gurejauna agiriran-erako lekua alabastrozkoa izan daiteke: efektu berezi sortzen du; ez dakit non, bazen marmolezko aldare gainean zurezko ostentorio bat; polita dago errosetokiko beiradura bete-beteko eguzkipean; ez dira falta hilotzak; lasai egin dezakete lo kanonikoek, koroa ikusi ere ez baita egiten aldare ostean; Erregeen Adorazioa adierazizko taila multzo polita, non Jesus Haurtxoaren burua nabarmen handia den, S.Jose gizajoak, berriz, eskumako eskua matrailean jarrita espresio berezia du, “hau paketea ezarri didatena”, “inoren semea aurrera atera behar” esanez bezala bere aurpegi etsipendunarekin; erlikiategi handia, beirazkoa, hezurrez beteta, koroa duen burezur bat inguratuz; bataiategia berrikuntza lanetan dago, kanpotik ez da beste mundukoa.
San. Agustin eliza: betiko itsulapiko erraldoia erdi-erdian eta koadroak aldareetan irudien ordez; baita Solidaritaterako 3 kutxa handi ere jana jantzia eta kultura gaiak eskatuz.
Ikuspegi zabala: lurralde zabala, urrutiko mendi garaien zerrak ebakitzen du zerua. Lautada ez da Po bailarako berdegune joria.
Gramciren kalea: Sienan plaza bat zuen, herri gehiagoetan ere badu plaza eta kalerik.
Apaiz gazte batek meza ematen zien 6 entzuleri.
Bi moja zaha-zahar agertu zaizkigu kalean zuri-zuri jantzita: benetako agerraldia ziruditen kale zahar hauetan.
Ba da koadro berezi handi bat: erdian marko eta guztiko medailoia du, eta barne koadro edo medailoi horren sakonera Ama Birjinaren beste koadro bat da.
Perretxiko sasoia da nonbait: itxura estrainioko perretxiko berezi handiak daude salgai, 3 mila pezeta balio du kiloak
Ardoa ere Toscanako fruitu ezaugarria da.
Bi gaztek dendan erosi eta kalean jarri dira kale ertzeko jarlekuan azenarioak gordinik jaten: janari sanoa!.
Ekainaren 15a. Osteguna. 36.a
* Andu Lertxundiren Arkitektura ipuinak argira uzten ditu eraikuntzako hainbeste zulo beltz.
* Iñaki Aldekoaren Euskal ipuinen antologia, ipuinei buruzko iritzia aldatu didan liburua.
Herri edo lurralde bat ikustera zoazenean, informazio batere gabe joatea da aukera bat. Beste hiru bisita-aukera lirateke: 1.-Ze interesgune dauden gaingiroki ikasi eta interesguneok bilatzen hasi. 2.-Eskuarteko gida ondo ikasita eraman edo tokian tokikoa irakurriz ibiliz. 3.-Kanpin-dendan, hotelean edo autoan utzi gidaliburua, ibili eta ikusitakoaren xehetasun batek zirikatu bazaitu kafetxo bat hartuz edo jelatu ba gozatuz gida irakurri ikusitakoaz argitasuna bilatu.
Kanpineko nahasmenean ere egon daiteke bat zeharo isolatuta, lasai, erlaxatuta, alboko kanpin-kideen etengabeko mugimendu ugari eta ezberdinei begira.
Umeen heziketa eta beraiekiko portaera ezberdinen erakustokia da kanpina: gogoan dut Bolzanoko ama ontzi garbitzen, oinez doi-doi jakingo zuen alabatxoa zuen alboko harraskan oihal baten gainean eserita: biberoi betea esku biekin ondo helduta zuela beste denoi talaia hartatik begiratzen zigun umeak, lasai eta jakin min, amaren hurbiltasunean segur; gogoan dut ere komunetik noiz etorriko zain egon eta bospasei urteko arrebatxoa nola eraman duen dutxetara hamaika bat urteko mutikoak; gogoan ditut aita-seme-alaben mila ezena lababoetan garbiketa kontuetan; bakarrik moldatzen diren hainbat ume koskor, lagunduta edo laguntasunik gabe; nola ez gogoratu familiako ontziak prepezioz garbitzen zituzten mutil koskor bikiak.
Borroka lekua izan behar zuen Toscanak ere: Adige Garaian herrietako muinoak eta tontorrak ziren gotorleku eta gaztelu, Toscanan herri denak daude tontorrean, harresiz inguratuta etxadi osoa, gotorleku eta gaztelu bihurtuta herria.
Toscanako behe aldera egin dugu.
Nekazari lurralde pobrea den itxura du: Soria edo Gaztelako zenbait lurralderen tankera du eguerdiko eguzki beropean. Ze lurralde modu ote udan?, lehorra izan behar du. Lurralde uhindua, gora-behera etengabean doa errepidea, etxetxoak han-hemenka sakonune, gaintxo eta maldetan. Etxe askok du hesiz babestutako ingurutxoan ortu txiki bat denetikako ortuariekin, bakoitzetik askorik ez badago ere.
Ebaki gabe daude belar-sailak, ebakiko diren itxurarik ere gabe. Gari-sailak erdi helduta horitzen ageri dira, bada ebakitakorik ere; ekaitzak oso kaltetuta daude leku askotan. Mitxoleta, amapola, gari-soroetako lora da Italian ere, eta mitxoleta hemen ere gorria da. Akazia ere ugaria da, kamino bazterretan ia ez da besterik ikus ahal.
S. Quirico d`Orcia. Bandera gorri eta urdinez apainduta daude kaleak: bihar S.Quirico, herriko jaia. -Etxarrin erromeria izanen da, herri osoa bilduko da merienda-afarirako ermita bueltako belartzan-. Tontortxoan dago, gaztelua zen, harresiz inguratuta, sarrerako ate gotorrekin. Herri bitxia eta aratza, baina oso erosionatuta, higatuta, ditu eraikuntzetako harriak. Sarrera batek ikusgarri darama errepidea herrira, bihurgune den zubi betetik zehar. Elizako sarrera batek bi kariatide ditu, beste sarrerak Paviako Duomon ikusi genituen lehoi gaineko lau harrizko zutoin, korapiloa eginez elkar bihurrituz erdian; barruan erretaula litzake bereizgarriena; zurezko habe landu polikromatuak ditu sabaian; 1470eko koadro oso polita; filigranazko pintura ikusgarriez bilduta triptiko itxurako erretaula zahar ikusgarria, non aurkitzen den identifikatu ez dugun S.Quirico; koru kuriosoa du presbiterioak: organo-tokia dirudien lekua du absidean, baina atzean ez du korurik; presbiterio buelta guztia du berezia, ez landuagatik, ematen duen itxuragatik baizik. Jauregia: handia, zeharo hondatuta, errekuperatu nahian dabiltza. Beste bi eliza eta jauregi batekin egin dugu topo herria zeharkatuzko kale luzean; eliza batek tailatutako pulpitu zuri-zuria du. Askatasunaren plaza da herriko plaza. Gaztelu barruko parke ederra. Iturri bitxi bat: mugitzen zaion harrizko zintzilikarioa du eta plaza erdiko erreten batetik doa jario zaion ura.
S.Quiricotik aurrera dena da garisoro: ez errekarik ez kanalik, oso beroa izan behar du lurraldeak.
Bela beltz aldra, deneko hegaztia da nonbait bela.
Olibondoa, tarteka artea, azken baso gehiena artadia.
Pienza.
Urrutitik ikusi dugu: etxe multzo gorria mendilerro luzearen Hegoaldeko tontortxo batean, dorre garaia gandor.
Aita Santu baten jaioterria da, horregatik Vatikanoko arkitekto batek diseinatu zuen herria botere erlijiosoa eta zibila elkarren ondoan bizi ahal izateko helburuarekin: hiri ideala beraz. Errenazimendukoa. Arkitektura ikuspuntutik omen interesgarria, diseinatutako lehenengo herria delako. Zerbait ederra eta handia espero genuen, baina hiri apala da. Polita: kale luzea, nora jotzen duten kalexkak bere plazatxo eta zulotxoekin, denak adreiluzkoak, taiu berezia sortuz.
Plaza txikitxo bat: alde batean Duomo, aurrean Logia dorre eta arkupearekin, beste bi aldeetara palazioak, gotzainarena bata, jauntxoarena bestea: elizako eta herriko gorabeherak erabakitzen zituzten denak bertan elkartuta; ohizko putzua plazaren ertz batetan, harri zurizkoa, harri zurizko zutoinen gainean gaineko arkua, eta harrizko irtentxoa jarleku tankeran buelta osoan.
Duomo: hiru barneluzego garaiak; sabai gotiko pintatuak dira ikusgai interesgarrienak; ezaugarrienak, aldiz, erretaulak: hainbat daude, denak apartak; erretaula zaharrek pinturak zituzten antzina; Gurejauna dagoen aldareko erretaula, sagrario eta kustodia agirian jartzeko lekuak harri zurian tailatutako multzo ederra osatzen dute; harri tailatuzko horma-kutxa da Olio Santuak gordetzekoa; kanonikoen koru zein aulkiteria, aldiz, xumeak dira, eta txikiak; faszistola, berriz, landua, garaia: auskalo nola konpontzen ziren bertatik irakurtzeko, eskailera luzea behar zuten diganteak ez baziren behintzak kalonjeok; bada koadrotxo bizantziar tankerako ikusgarria; zeremoni aulki bat bere xumetasunagatik da zirraragarria: lau taula liso besterik ez da.
Palazioa, gotiko berezia, puntazorrotzen ordez borobil antzeko leunak baititu arkuak.
Eliza, izana dirudien eraikin austero-austeroa, bertan berezia bezain arraroa eta bitxia den jaiotza bat: irudi zuri distiratsuz ez dakigu ze gaiez egina, Giotoren omenez omen; zurezko pulpitu apala, zurezko zortzi zutaberen gainean, deigarria da bere apaltasunagatik; koadro naif zaharra; galduta dituen freskoetatik gelditzen direnak dira ezaugarrienak; bi hilotz, sarrerako alde bietan bana.
Herri polit eta atsegina da; diseinatutakoa bada, ondo diseinatu zuten. Zainduta ere ondo zainduta dute.
Ez dabil turista askorik. Ikasle gazte mordo bat zegoen arkatzez orri eta koadernoan eraikuntzak marrazten.
Ikuspegi ikusgarria den ibiltoki batek inguratzen du hiri erdia hego-mendebal aldera.
Atsegina da herriotan ibiltzea.
Harririk edo harrobirik ez da egonen, baina egon behar du adreiluak egiteko lur ona inguruan.
“Acriturismo” iragartzen da noizbehinka.
Montepulciano
Urrutira ikusi dugu lehenengoz erromeson hurrengo santu bisitatzekoa: etxadi luze zabal gorria aldapa pikean bost dorre harro erakutsiz. Adreiluzko herria. 14 mila biztanle ditu. Baita jauregi eta eliza pila ere. Behatoki aparta. Egonleku edo ibilbide paregabea zatekeen eguraldi onarekin, kaleak pikoak arren, hiri ederra baita.
Plaza: oso austeroa, tristea, mortua, eguraldia bezala, agian eguraldiak tristeagotzen du, goibeldu egiten du. Plazan Duomo. Plazaren aurrean Logia, apala, arkupe txikiarekin; bi alboetara jauregiak.
Dena da iluna, goibela, arre gorrizka den arren; ez tabernarik, ez dendarik, ez dago alaituko duen ezer ere; ertz batean plaza guztiotako harrizko putzu zuria zutabe eta arkuekin. Jauregiak dorrea du.
Eliza: handia da, batez ere zabala; iluna; erretaula ikusgarri bat aurki daiteke, triptiko antzerakoa: tarteak eta azpiak filigrana pintatuez osatuak; pulpitua zutoinen gainean, baina hauek lantzeko aurrekonturik ez zen egon eta harri leun gelditu ziren; aldare gainean gelditzen den mailan, argimutilen artean, emakume santuen zilarrezko bustoak daude hemen ere; aldare ostean aulkiteria, kanonikoek lo patxaran egiteko elizatik ezkutuan; aulkiteria gainean hemen ere korua eta gotzainaren zeremoni aulkia albo batetan, berenez apalegia zelako-edo tapiz edo antzerakoz dotore estalia; xarmanta den ikono itxurako koadro bat; ezker eskumara hilotzak; marmol landuko bataiarria, hiru irudiko zutoin estilizatuen gainean non hemen ere transparentzian ez den agertzen Jesusen zakilik; atzealdean hiru taila zuri distiratsu, ez dakigu ze gaiez eginak baina dirudienez lehen ikusi dugun jaiotzako gai berdinez; zeramika argiko horma-konka batetan alabastrozkoa izan daiteken taila eder txikia; harritzekoa bada ere, hemen ez dago itsulapikorik. Zerbait nabarmentzekotan guzti honetatik, erretaula eta bizpahiru koadro liratezke.
Hiriaren oinetan, ia lautadan, kupula handi batez bukatzen den lauki itxura duen harri zuriko eliza bat, bigarren dorre luzezkarekin: arkitekto famatu baten diseinu berria nonbait, arkitektura ikuspuntutik interesgarria, lau adar berdineko gurutzadura besterik ez da.
Turistei abandonatuta dagoela dirudi herriko goialdeak, Alde Zaharrak; behealdera joan dira bizitzera herritarrak, goialdea abandonaturik.Mortua dirudi gaur denak euripean.
Herriko goieneko partean harrapatu gaitu eguneko zaparradak; euria, haize takarra eta hotza; desatsegina jarri zaigunez, harat honako ordu erdiko ibilia egin dugu herrian eta ospa egin dugu euripean.
Torrita, tontorrean, mendi gainean.
Autoak ez duela olioa aldatzerik behar esan dit mekanikoak.
Sinalunga, bazkaria eman digu.
Lucignano.
Tontor-tontorrean; hiru etxe ilarek inguratzen dute mendi magala borobilean; tontorrean eta erdialdean bi eliza, elizen aurrean bi plaza, sarrerako bi ate eta borobilean dauden kale nagusiak elkar lotuz kalexkak: horrela osatzen da herria. Etxeak baxu-baxuak dira, bi solairukoak baina teilatutik oso gertu bigarren solairua.
Erdi Aroan murgildu gara berriro, herri osoa guretzat bakarrik delarik; ikasle batzuk, agian Pienzan zeudenak eurak, marrazten dituzte bere koaderno zabaletan herriko eraikuntza deigarrienak.
Eliza: hutsik dagoela dirudi tontorrekoak; izan zituen freskoak baina oso gutxi gelditzen zaizkio, dirautenak, baina, ederrak dira filigrana maitagarriez osatuak. Amabirjina naifari Niñojesusa falta zio eskuetan, falta dira aldaretako koadroak ere: mesedez lapurretarik ez egiteko oharra dago jarrita sarreran; organoaren ordez, pianoa: lapurtu egin ote zuten organoa?; zein baino zein ederrago bost ataleko erretaula ederra; S. Kristobal; Olio Santuak gordetzeko harri berdezko kutxa txikia, korua atzean, tokatzen den tokian.
Eliza: bigarren bat; harrizko mailadi borobil zabala aurrean, bi maila ezberdinetan eratua, erditik gora daude erdiak, eta beherago, beste maila batean, besteak: zazpi maila du zati bakoitzak, efektu berezia sortuz. Itsulapikoa, lurralde honetan tokatzen den bezala, tailatutakoa, ELEMOSINE letrerotxoarekin, belaunikatu eta errezatzeko ere aukerakoa; aldare bateko koadro handi batean koroa izar eta guzti jarri diote telan bertan Amabirjinari, baita Niñojesusari ere; zurezko pulpitua, berez apala, baina zortzi zutabe gainean; aldare alboetan estatua profano zuri diganteak, harri zurizko bi estatua ezohizko jainkosa greziar edo erromatarrak diruditenak; aldare gainean tramankulu itzela dago, tenplete bat, marmolezkoa, barroko loratuegia; Basko Zuzia polita da, naifa, ikasle batek pintatua; bataiategiko koadroa ere naif merkea da; sarrera ateko morroilo eta sarrailak erraldoiak dira, ikustekoak.
Arratsaldeko 6etan zazpi zaharri ematen zien meza apaizak.
Jelatu banaz gozatuz gabiltzala kale artean, bi abadek -bata beltza sotana beltzez jantzita- lau mojak -bata beltza abitu beltzez jantzita-, eta bi frantziskotarrek bere abitu handiekin, ukitu italiarra ematen diote Sienako ilunabar kosmopolitari.
Uda giroa izan dugu arratsaldean, arratsalde eguzkitsua.
Zipres asko ikus daiteke Toscanan, baita mendi hegietan ere, oso efektu beresia sortuz urrutira.
Ekainaren 16a. Ostirala. 37.a
Lehenengoz ez bada gehienez bigarren aldiz jaso dugu lehor denda Italiako hilabete eta erdi honetan.
Toscanak badu hego aldera zuhaitz gazteko basoa bere garaiera apalagatik muino lerroa dirudien mendikatean. Bere barnetik doa errepidea. Autobideko hesi berdeak bazterrak ikusteko aukera handirik ematen ez duen arren, abiaduraren ziztuan ere tarteka igarri daiteke lur landuak gari-soro direla, pobre itxura duela paraje honek.
Berritze eta konpontze lanetan murgilduta dago autobide hau ere: bide-sareko lanak Euskadin bezala Italian ere ongizate jatorrik eskaini ezinaren estalgarri itxura dute.
Apenino mendi garaiak agertu zaizkigu aurreko urrutian; arto-soroak eta mahastiak ditugu bertako hurrera.
Hemen ez dabil Milaneko autobietan zebilen kamioitzarik, nabarmena da ez dagoela hango ekonomia eta merkatalgo jarduerarik. Ez da lurralde ahaltsu bizia. Errekin garraiatzaileak edo bertoko kamioitxoak ezik, ez dago besterik. Bertan dagoen Perugia industrialak hegoaldera du nonbait merkataritza-harremana.
Txikitako Bengamino Gigli, Mario de Monako eta antzerako kantari enparauen zintak entzun ditugu bidea arinduz. Zonalde honetako sona herrikoiak, berriz, ezin esan Euskal Herriko biribilketak ez direnik, Mauriziaren kantak edo Gelatxoren baltseoak.
Trasimeno erromatarren historiako bataila batetatik ezaguna dugun lakua inguratuz goaz zati batean. Badirudi itsasoa dugula mendi bien aurrean, ez baitzaio mugarik ikusten urari aurreko hodeiertzean, urak mozten du-eta zerua, edo zerua delako muga: gure mendiarte zabaleko joanean badirudi itsaso zabalera joko dugula. Gure alde hurbiletik istingak eta holakoetan ohizko belar luzeak dira lakuaren ertzak: moskitoek ez ote zuten desegin erromatarren gudarostea.
Torre Sella herritxoan bailandrak ageri dira portu nanoko moila ezdeusetara lotuta.
Azpitik zeharkatzen ditugu tunel sarrien bidez Apeninoak deritzogun menditxoak. Pikardiak egin ditu ekaitzak garitzetan hemen ere: gehienetan inori eta naturari lotutako gizakia da baserritarra, lurraren esklabo izateaz gain, lotura gogorrez bizitza motza gelditzen zaion gizaki librea.
Etxe berri solte asko dago herrietan: migratzaileak ote etxera bueltan, edo etxerako buelta gertatu asmoz jasoak, Extremadura, Galizia edo Gaztelan bezala. Mafiarentzat lan zikinak eginez, pizza egin edo salduz -pelikulei jaramon egin ezkero-, baina bai, emigrante guztiek bezala, atzerriko herrietan inork egin nahi ez dituen lanak eginez ari dira ia beti etorkinak.
Bidaiak
Ekainaren 11. Igandea. 32.a
Tragikoak dira egunotan irakurri ditudan ipuin denak, tristeak. Ez ote dago ipuin alairik Euskal Herrian?.
Eguraldi txarrak bota gaitu hemendik ere: gau guztia euri, denda blai…; denda tolesteko ateri-guneaz baliatuz egin dugu alde.
Lotuta darabiltzate txakurrak hemen.
Borroka-lekua izan behar zuen lurralde honek urteetan, gaztelu bat dago-eta herri-gainetako tontor guztietan.
Ez dabil kamioirik igandeetan autoestradan, zerbitzugunetan daude pila bat aparkatuta. Debekatuta dute nonbait igandetan errepidean ibiltzea, agian bihar lantegiak zabaltzeko zain daude.
Zarata lehuntzeko kristalezko manparak daude jarrita hemen ere autoestradako alboetan, Trento inguruan.
Banesto maillota zeraman zikloturista batek Garda Lakuaren inguruan.
Garda lakua.
Itsasoa dirudi heldu garenean, itsasoa genuela aurrean zirudien ibai zabal baten bukaeran; kilometro batzuk ondoren ikusiko dugu bere laku itxuran, bere luze zabalera osoan. Garbi garbia dago ura, ispilua dirudi lakuak, kanpokoak bezain garbi ikusten dira urpeko harriak, agian garbiagoak daudelako. Turismoari lotuak daude ertzeko herriak, itsasertzeko herri asko ohi den bezala. Itsasertz-herrietako igandeetako edo oporretako jendetza eta giroa nabari da hemen ere. Kanpotar jendea, jai giroa, dendak zabalik, txalupak, belaontziak, hondartzatxoak, badiatxoak, gaztelua hemen ere laku kontrako haitz baten gainean, untziralekuak, kruzero ontziak jendez lepo laku erditik, oinezkoentzako non ibilia herri inguruetan, igandezaleak, peskariak, zipresak hesi betekizunerako, olibondoak...
Lakuaren ertz-ertzetik doa errepidea, tunelpe eta zuhaizpe batzuetan ezik, lakoaren ikuspegi ederra eskainiz. 60 kilometro ditu errepideak gu goazen ertzetik, luzeagoa da oraindik bestetik, bira osoa eman dakioke autoz; ertz batetik bestaldeko herriak, harkaitz tzarrak eta lurrak ikus daitezke.
Alemaniarra eta bertako inguruko jendea dabil batez ere, matrikulek diotenez. Eta gure SS.
Atsegina da lakua.
Ibaiertz batetan auto ilara izugarria kamino bazterrean, egun-pasako jendez bazterrak.
LOMBARDIA
Brescia.
Hiri industrializatua: hiritik kanpo ditu lantegiak.
Urrutitik ikusi ditugu katedraleko dorre erraldoi urdinxkak eta etxe-orratz mordoa, tartean bat, berdexkara ez izatera BBB bankua litzakeena.
Plaza luzea, zabala eta ederra.
Katedral edo Duomo Berria: plazan, mole erraldoia, kruzeroa besterik ez da, lauki bat, bertan izugarri bloke handiz jasotako zutoin diganteak eta kupula ere bere neurrira, ondo argiztatuta, urre koloreko demasa da aldare gaineko lanpara.
Plaza, alde batetik etxeteriaz itota gelditu den harri gorrizko VII. gizaldiko borobila.
Duomo Zaharra: duomo berriaren erreskada berdinean, beste aldetik.
Palazioak: bi, ederrak, teilategal zabaleko adreiluzko zaharra bata, dorre zorrotz altu batez bukatutako harri zurizko liraina bestea; ederra gelditzen da zaharraren harrizko patioa pinturak dituen izugarrizko arkuteriaz inguratuta.
Loggia Plaza: plaza ederra da hau re, antzinakoa: Loggia palazioaren harri landuzko bitxikeria batzuk ezik, inolako edertasunik gabe zutabe handiko arkupe zabala, Logiaren fatxadako eskultura zuri eder ugariak, kanpanile polita, erloju handi ederra, palazioak.
Arkupe luuuuzeeeee bat, zirrara eragiten du, agian arkupedun kale bakarra delako.
Kaperatxo kuriosoa kalezulo batean: adreilu puntazorrotzez egindako azpikoz gora dagoen konoa bailitzan, erdia etenda tarte batean leiho luzexka erromanikoak ateratzeko.
Eliza asko, plaza ugari, badu gaztelua ere.
Irudimena: nahikoa dute egunkariko Amabirjina argazki bati kristal bat jartzea, kale ertzeko orman aldaretxoa egiteko.
Pintadak Logia plazan: CLORO AL CLERO - BOGLIAMO ESSERE LIBERE - MAXIMO RISPETO AL CAMPESINOS DEL CHIAPAS - igitaia eta mailuka.
Herri honek Austriarekin izan ditu arazoak: ez dakit noren estatua baten oinean dio: “el populo insurgido contra la Austria tirana”. Askatasunaren aldeko betiko borroka.
Meza ondoren plaza bizitu bada ere, plaza bateko arkupeak antikuario eta jendez gainezka bazegoen ere, inor ez dabil kaleetan komertziorik gabeko igande-bazkalorduan, noizbehinkakoren bat ezik.
Milanera bidean, granjak, behiak, zaldiak larrean, belar fardoak, soro zabalak, artoa, garia, mahastirik ez... orain artekoaren nekazaritza mota ezberdina.
Hiru ekaitzek jo gaituzte Garda Lakutik Milanera bitartean; autoestradako abiadura bizian harrapatu gaituzte hirurek; ekaitz batetik ateratzen ginen beste batetan sartzeko. Milanera sarreran izan da hirugarrena, izugarria, kamioi eta autoz bildurik ehundik gora askoko abiaduran, nahitaez bizkor errepideak horrela agintzen zuelako, kristalak urez lausotuta, garbigailuak ur dena kendu ezinik, geratzeko aukerarik gabe, hirira sartzeko autobidetik non atera behar ginen ez genekiela, dena autoestrada ezberdinen iragarpena, dena norabidea ... Baina atera gara, onik atera ere.
Kanpina:
Hiri erraldoia da Milan. Kanpin bakarra du, dagoen kalearen izena badakigu, baina herrizainak ez du ez kalearen berri, ez daki kanpina non dagoen ere. Karabineroen kuartelean ere ez zekiten, baina karabineroei esker aurkitu dugu azkenik.
Kontzertu batera etorritako 2000 gazte pasa ondoren, dena dago hankaz gora eta zikin kanpinean. Inguru dena da putzu ekaitzen ondoren. Lurrak gorantz egiten zuen zatitxo batean jarri dugu denda, putzu ez zen leku bakarrean.
Eguneko laugarren ekaitzak jo gaitu kanpinean, afaritan geundela kanpineko jatetxean, izugarrizko ur-jauzia: lehen dena putzu bazen, orain itsaso da kanpin osoa. Trumoiz, euriz eta hezetasunez kokoteraino, afaria gozoa izan den arren, animoz lur-jota hartu gaitu loak.
Ekainaren 12a. Astelehena. 33.a
Bere aurpegi txarra erakutsi digu Lonbardiak. Ilunkaran ekaitza bota bazigun, etengabeko zaparrada izan da gau guztia. Gogaituta, bustia gorrotatuz, bizipoza erabat hautsita, gure abentura eta ametsak bukatu direlakoan, giroak gainditu gaituala sentipenez, Italiatik alde egitea erabaki dugu.
Milan
Hiriak ikustalditxo bat merezi zuela uste izan dugu halere, are gehiago dirua eskuratu behar genuenez. Hirira jo dudu alde egin aurretik. Izugarriak dira Banketxeko segurtasun neurriak: kanpoan, sarrerako kutxatila aproposetan, utzi behar duzu dena, aterkia barne, eta arakatu ere egiten gaitu segurtasun tipo batek.
Duomo: ezinezkoa egin digu katedral famatua bisitatzea etengabeko zaparradak, autoa bazter batetan gelditu, eta bertatik begira egon gatzaio fatxada harrigarriari: gotiko ikusgarria da, beste zerbait espero banuen ere: irudi asko: beste irudi asko falta zaio, gotikoaren orratz zorrotzak, brontzezko ate tzarrak, dena garbia, zuri, zaindua.
Plaza: zabala, ederra ikusten da.
Arkupea: luze zabal berezia, Bruselakoa gogoratuz, saltoki eremu baterako sarrera izan daitekena.
Parkea: zabala berdea ondo zaindua hiri erdian: ibilitxoa egin dugu bertan aterrune batean: zerbait gogorarazteko eta goratzeko eraiki ohi den arku klasiko horietakoa, tamainoz handia, harrizko tailaz dotorea, ohizko zaldi eta zaldikoz gandorra, nongo arkupean aurkitu dute kloxarrek aterpea, monumentuak turistek argazkiak ateratzekoz gain beste zerbaitetarako ere balio duela erakutsiz.
Harlanduzko kale zorua, Belgikako galtzadarri horien antzerakoak eta gurpiletan soinu ozena ateratzen dutenak.
Bertan ibiltzea amesten genituen tranbiei begiratu eta beraien kirri-karra bere-berea entzun hutsez alde egin behar izan dugu autotik ikusitakoarekin konformatuz: adreiluzko eliza borobil itxuraz ederra eta zaharra, kale-gurutze den plazaren erdian jeneral ospetsuren bati etsai asko hiltzeagatik eskainitako brontzezko monumentu handia, eskultura modernoak han-hemenka, eliza pila, plazatxo asko, zuhaitz asko kaleetan ere, ezinbestekoak ziren iturriak: bat handia ur-tutu handiekin, palazioak, handi ederrak, garrantzitsuak izandako garaietako hainbat xehetasun han-hemenka begi erneentzat, baita itxura desatsegina duen garai bateko langileen auzo industriala ere.
Pitojole asko dago Milanen, erritmo eta estres bizian bizi dira nonbait.
Bidegurutzea da Milan, bospasei autoestraden sorleku edo helburu, agian ingurubide ere badira autobiok.
Pavia.
Zahar itxurako herri zaharra, txukun zaintzen badute ere; labirintoa da egituraz.
Duomo: Italiako handienetakoa omen da kupula; adreilu puntazorrotzeko fatxada berezia du.
Alde Zaharra: Osoki oinezkoentzakoa da, harri laukitxozko zorua du, kantaria pneumatikoen pean.
Palazioak: adreiluzkoak.
Zubia. Harrizko zutoinen gainean adreilu eta egurrezko aterpea duen adreiluzko deigarria da, hiruzpalau arkukoa, ibai zabala zeharkatzen du.
Ipurtalde eta barrabilak koloreztatu dizkiote plazako monumentuko zaldiari inguruan dabilen erreibindikatzaile bihurriren batek: “Frente autonomista lonbardo” pintada ere egin du.
Hiritik at:
Kanala eraman dugu alboan kilometro luzeetan, hondatuta dauden burdinazko zubi potxoloak zeharkatu ditugu, uraren garaiera kontrolatzeko esklusak ere hor daude: garai batetan ontziak ibiliko ziren kanal honetan, herriak lotuz, agian itsasoraino helduko ziren ere.
Eliza duen eraikuntza erraldoi interesgarria, komentua dirudi.
Bada “Casa de los espagnoles” edo antzerako izena duen zerbait, baina hemen ezerk ez du gogoratzen eskolan hain harro ikasarazi ziguten Francisco I.a preso harrapatu zuteneko bataila famatu hura.
FRONTE AUTONOMISTA pintadak.
Certosa de Pavia. Monasterioa: Lonbardiako arkitekturaren ezaugarri nagusia. Harresiz inguratuta, Pobletekoaren antzera; turistentzako antolaketa petoa aurkitzen da barnean ate batetik sartuz. Monasterio hau zen gaurko helburua, baina, astelehena denez, itxita dago; kanpotik ikusitakoarekin amore eman behar izan dugu, Pavia behintzat ikusi dugula-eta kontsolatuz.
Bonbari tiratzeko sistema berezia zuen komun batek.
Italia ez uzteko azken ahalegina jotzea erabaki dugu. Frantziara ordez beherantz hartuko dugu Genoan. Eguraldiak onera joko duen, denda eta arropak lehortuko zaizkigun eta gure animoak berotuko diren itxaropenak bultzatuta, Italian jarraituko dugu oraingoz. Ez dugu amore eman nahi.
Menditxoak, belarra, garia… ikusi ahal dira Alexandria inguruetan; lurralde pobreen ezaugarria bada garia, ez da aberatsa lurralde hau.
Scribia mendikate edo bailaratik doa autoestrada, baso gazte batean zehar, bihurgune asko eginaz, aldatsak tarteka, kilometro luzeetan.
LIGURIA
Utzi dugu Piemonte. Ligurian gara. Itsasorainoko basoak, ezagunak jadanik guretzat. Ez genuen uste, duela hilabete bat luze, hemendik izanen ginenik berriro, baina hemen goaz bide beretik. Arteza, zuzena, da Bilbo-Behobia autobia honekin konparatuz. Ezagunak ditugun tunelpeak, biaduktuak, Carrarako mendi zuriak.
Orduko 120tik gora goazela tunel barruan argi xafladez eta tutuz aurrera bidea eskatzen du auto erreskadak, ziztu bizian aurreratzen gaituztelarik, kamioiak aurreratzeko ere denbora tarterik utzi gabe.
Euri zaparradak ditugu tarteka lagun bidean.
Akueduktu izugarri luzea Cuca inguruan, badirudi mendikate batetik beste batetara doala bailara zabala zeharkatuz: konpontzen ari dira. Turismoa!.
Mendi oso bat da harrobi, ehunka metrotako garaieran mailaka sailkatuta, izugarria.
Oso menditsua da Firenzzetik Sienara bitartekoa, mendi garaiak, dena da baso, tarteka herriak, bihurgunez bihurgune egiten du bidea autoestradak, mendian zehar.
Bota berri zuen lainoek zaparrada ederra Sienan, bustia, hezea dugu hemen ere kanpina!!!. Hirian ostaturik ere ez, eta kanpinean bukatu dugu, halako batean lortu dugu afaltzea herrira mila joan-etorri egin ondoren. Bestelako egun bat argituko al da bihar.