Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/01/25 10:07
Italia 95: Toscana. Siena, Monteriggioni, S.Gimingnano, Volterra, S.Quirico d`Orcia, Pienza, Montepulciano, Lucignano, Trasimeno.

Ekainaren 13a.  Asteartea.  34.a

 

S. Antonio eguna, eguzkipean esnatu gara, denda lehortu zaigu.  Ondoren, ordea, zaparrada eta eguzkia tartekatuz pasa dugu goiza. Trumoira eta eurira jarri beharko gara, onartu eta beraiekin bizi, bizitza egokitu, denda bera eurirako soilik prestatu.

Gure barneak orekatu, lasaitu  eta berera etorriak daude.

Txuarrak baino lotsagabeago dabiltza zozoak inguruan, denda kendu berriak egondako belar-sailetan xixare eta xomorro bila.

Katamixarra ere zozoak bezain lotsagabe dabilkigu inguruan, gosez edo ohituraz gure beldurrik gabe, bikote baten atsegina sortuaz.

Sartu-irten handia dago kanpinean, kanpotar asko erakartzen du Sienak.

 

 

TOSCANA                                                            

 

Siena. Handiki jiteko hiria, jauntxo-herria. Mendi-gain zabala hartzen du, harresi handiz inguratuta dago, dorrea du ertzean.

Oso giro lasaia du hiriak. Patxada ederrean dago  jendea, monumentu eta etxe ederren harmailetan eserita, jelatu bat jan, abestu, berriketan edo zerbait irakurtzen. Turista asko dabil, baina ez dago itomenik kale eta plazetan. Kaleetan gustura galtzen da bat, ibili trankilean. Lasai ibiltzeko hiria da.

Siena ez dago eliza eta palazio faltan. Eliza batek ez zuen ezer askorik balio baina bere austeritate bizian dotoreak zituen  presbiterioa eta adreiluzko sabaia; San Antoniok deboten kandela eta lora pila zituen, baita debotak ere jotafuego errezatzen. 

Etxe eder, handi, antzinakoak, adreiluzkoak gehienak. Bada harri zurizko palaziorik ere: “Monte de Piedad” eta “Esparnio”k bakoitzak bana hartu dute, biak ederrak, biak gotikoak, kiribilduagoa Esparmioarena:  eraikuntza ederrenez jabetzen dira banketxeak hemen ere.

Plazetan, etxaurretan, eliza aurrean, iturrietan, sarrena nagusietan, edonon, hainbat eta hainbat Romulo eta Remo daude otso emeari titia xurgatzen: hogeitik gora zenbatu ditut aspertu naizen arte.

Kale, kalexka, kaleak lotzeko arkuak... ugariak dira harresiak ere  han-hemenka.

Farolak dira oso deigarriak hiri zaharrean, egur itxurakoak, kolore bizikoak, Erdi Aroko pelikuletako torneo giroa gogoratuz. Agian hori da helburua, ospetsuak baitira bertako Erdi Aroko zaldi lasterketak.

Komertzio ona du.

Patio ederrak.

Julio II.a Aita Santua zen hemengoa eta patio bateko sarreran du bere estatua sendoa.

Bada hain zaharra ez den garbitegia, polita, baina ahaztua.

Loggia: ez da Udinekoa edo Paviakoa bezain handia; pintura bizi ederrak ditu sabaian, gai profanoak dituzte,  zoruko estatuak, aldiz, elizgizonen irudiak dira. Bere eserlekua du atearen albo bakoitzak, bost metro bai bakoitzak luzeran, biak marmol zizelatuak, bakoitzak ditu ere bost irudi zizelatu; harrian tailatutako irudiak dira eskulekuak ere. Begirada bota behar zaie bobedako nerbio edo loturei, filigranak txirikordatuzko marmol zuri landua dira: harrigarria.

Piazza di Campo:  oso handia izanik ez da ikusgarri, izugarri horietakoa, bai ordea erakargarria: bereganatu egiten zaitu.  Handikia, ederra; austeroa izanik, dotorea. Hemizikloa bezalakoa da, aldaz behera dator palazio aurrealdera, anfiteatro bat bezala. Giro lasaia dago alboetan jendea eten gabe dabilen arren, plaza erdian batez ere; hemen ere jendea eserita dago, etzanda, kontu-kontari, irakurtzen... lasaitasuna zabalduz denoi; adreiluzko etxeak balkonada xumeekin buelta osoan, baina badu bere palazio gotikoa ere; palazio dotore bat da eraikuntza nagusia bere dorre eta kanpanile bitxiekin: karratua da dorrea, adreiluzkoa baina harriz bukatuta, lau aldetara balkonada duelarik; dorre azpian tenpletea aldara batekin, dena marmol zuri landua, ezarri-pegote oso polita; bi solairuko adreiluzko sotoa ere du palazioak, atzealdera berriz lautada oso zabala duen ikuspegi terraza garaia. Adreiluzko zorua du erdian plazak, alboetan zaldi lasterketetarako pista borobila du harlandu zurizko harlosekin ondo markatua; marmol zuriko iturri zabala, irudi piloaz dotoreturik:  dena marmol zurian 13 irudi zein baino zein ederragoak, otso-eme piloa, filigranak, Romulo eta Remo emakume baten altzoan titia edaten; usoz josita dago iturria.

Duomo: esplikaezina; marmol zuria da barru eta kanpo, marra zabal berde-ilunekin, dotorea. Ingurua dena da handia, estilo berdinean. Gotiko motaren bat ote?. Brontzezko ate landu ederra. Fatxada izugarria: marmol zurikoa, errosetoi handia, mila estatua, mila filigrana,  marmol gorria ateetan, bitxikeriak, birgeriak.. harrigarria. Eliza-aurre eta barruko zorua marmolezko mosaikoa da, ez Aquileiakoa bezain ederra baina harrigarria hau ere. Sinestezina. Harrigarria bazen fatxada ez dago izenik ez izenorderik barrukoa azaltzeko. Kordobako meskitaren antza hartu diot lehen begiradan: koloretsua, arkuak... Santutegiko santu guztien buruak daude tailatu polikromatuak buelta osoko frisoan. Pintura asko eta onak. Lehoien bizkarretan sustatutako zutoinen gainean pulpitua, eskailera eta guzti, -beste filigrana bat hau ere-: pulpitu osoa da filigrana. Espainian ere ikusi izan ditugu antzerakoak, eliza batean bakarren bat. Presbiterioak aldare gainean zurezkoa dirudien ostentorio, erakustoki, edo antzerakoak  kontrastea sortarazten du zurezko eskailerekin. Ezustez ezuste goaz, dena baita da horrelakoa. Kanonigoen aulkiteria dena da taila ederra, bai bizkarrerakoak bai eskulekuak. Zeremoni aulkia ere. Fresko asko. Estalita dago zorua zati handi batean, segur aski mosaikoa da. Aurre eta atzeko errosetoi handiak, baita beirategiak ere ederrak dira. Lanpara eder bat. Bereziak ditu jarlekoak ere, Altzolako emakume batzuk zituzten antzerakoak, belaunikatu eta esertzeko balio duten horietako bakarrarentzakoak: deserosoak dira baina gutxi ikusten direnetakoak. Korurik ez du, txiki-txiki bat ezik,  atzeko ate gainean bera. Leiho batetik sartzen den eguzkiak laukitxoa egiten du aldare bateko koadroan, zatika txikitan argiago ikusteko botatzen den argia bezala, proiektore batek botako lukeen argi kontzentratu indartsua bezalakoa: koadroa litzake eliza barrua, koadroa detailez ikusteko laukitxoa argi bizi-bizia: apropos eginda ere ez, agian apropos egin zuten. 

Gehiegikerian ari izan  naizela dirudien arren, etorri eta ikusi egin behar da zenbaterainoko ikusgarria den jakiteko.

Bataiategi:. ez gara sartu, Pisakoaren antza du kanpotik.

Santa Katalinaren komentua: ez joatea erabaki dugu: urruti dago, nahikoa ibili gara gaurko, eta ez du nonbait erakusteko askorik, Santaren oroimena ez bada.

 

Insersoa Duomo aurrean.

Herri gehienek bezala Sienak bere gozoki propio famatuak ditu, denda guztietan salgai. Sienako Santa Katalina komentuko monjek egingo dituzte.

Lehenengo aldiz ikusi dugu Italian gazteleraz idatzitako azalpena  erakusketa bateko panel batean.

Palazioko sotoan 2. Munduko Gerra izan zela 50 urte direla-eta artista askoren lanez eta argazkiz osaturiko erakusketa jarri dute: Paolo Echaurren baten koadrotxo bat ere bai: zurigorriberdea, Italiako kolorez egindako muntaia da, baina ikurrina dirudi. Forma, kolorez, konposizioz zeharo ezberdina izanik ere plagioa da beste bat: Goyaren Madrileko Maiatzaren 2ko fusilatzeak koadroa  gogoratu digu  lehen begiradan M. Luisa eta bioi, inolako komentariorik egin aurretik. “Resistencia infinita” izenekoa:  8 palillo zuriberdeak  sartzen dira plano ondulatu konkaboan eta konbexo alderdian ateratzen, irtetea lortu dutela irudikatuz. Puntadun alanbrez egindako poste zurian lortzen du gizonak kanpora ateratzea, libertatera, airera.

 

Atsegina da jelatua xurgatuzko arratsalde beranduko ibilia Sienako kaleetan edo zaldizkoentzako plazan.

 

 

Ekainaren 14a.  Asteazkena.  35.a

 

Motoristen errito eta giroa errepikatzen zaigu Sienako kanpinean ere: giro koloretsua, alaia, patxadatsua.

Egunari zor zaion euri jasaz mehatxatu gaitu trumoiak  goizez, baina bere horretan gelditu da, lau tantoz.

 

Aldapa gora, aldapa behera, baso eta nekazari lurretan, Po lautada ez bezalako lurraldean; garia jadanik helduta dago, lehorteaz nahiko hori daude  bazterrak; inguru horretan, baba-beltz sail zabalei begiratuz, gutaz harago beste inor gutxi dabilen errepide estuetan egin dugu goizeko  bidaia atsegina.

 

Monteriggioni. Kanpotikako ikuspegia du ezaugarriena: 10 metrotik gorako harresiz eta hainbat dorrez inguratutako mendi tontortxoa.  Herritxoa, txiki txikia, barruan ez dabil jendeketarik, autorik ere ez, patxadako giro goxoa da nagusi: herri nasai eta lasaia, Erdi Arokoa izanik, ez du gerra girorik erakusten, beste garai bereko hainbatek bezala. Bi ate ditu herriak, hegora eta iparrera, atetik atera doa kale nagusia,  nahiko zabala, kalexka batzuk bertara lotuz; erdian  plaza, bertan putzua eta eliza erromanikoa; etxeak ez daude etenik gabeko ilaran, nahiko tarteka baizik; ez kale nagusia ez kalexkak ez dira itoak, ez itogarriak. Erdigunea hartzen du etxadiak eta herri guzia inguratzen duen harresira arteko tarte borobila lur landua da gaur egun, baratze eta zuhaitzez osatua. Barrutik ez du ezer berezirik elizak; erromaniko xumea da kanpotik.

Loratuta daude  olibondoak harresi inguruan. Toskanako ikuspegi eder eta zabalaz goza daiteke bertatik.

 

Monteriggionin bota digu gaurko lehenengo zaparrada.

 

Colle di Val d`Elsa: tontor batetan dago, mendi magal osoa goitik behera hartuaz. Harresiak. Goialdeko harresiko atea, bertatik multzo gorri trinkoa osatzen du teilatuak ez ezik hormak ere gorriak dituen etxadi zabalak.  Herria bera handia da, luzea, gainez gain beheraino jaitsiz; etxeak eurak dira, tarteka, harresi.

 

S. Gimignano.

Harresi barruko herria, tontor batetan; dendez dorrez eta jatetxez betetako mendi-tontorra.  Bere baitan galdu ezin daitekeen herria, txikia baita, baina  oso gustura ibiltzekoa. Oso ondo zaindu eta berritutakoa. Indartsu kokatua nonbait turismo sarean, autobus eta auto aldrak datoz bertara. Halaz ere gustura eta lasai ibiltzen da bere barnean, zirrikitu eta zokoei begira: autoz zirkulatzerik ez dago; herri osoan barreiaturik nonbait, bisitariok ez diogu elkarri trabarik egiten, itomenik gabe, lasaitasunez milaka oinezko dabilen kaleotan. Hiribildu guztien antzerako egitura du: bi sarrerako ate eta batetik bestera kale luzea, bertatik edo bertara jotzen dutela hiriko kalexkek.

Dorreak: asko, 7 garaiak eta beste hainbeste apalagoak, denak elkarren ondoan, auskalo ze arrazoiz, arrazoiren bat egon dagoelako: agian elkar borrokatzeko, agian kanpoko eraso asko zutelako, agian zuk bai neuk ere bai  lehia harroputzagatik, edo modagatik. Mila xehetasun polit ditu han-hemenka bilatu eta begiratzeko.

Plazak: ederrenen artetik aukeratzekotan hiruzpalau  jauregi dotorek inguratzen dutena litzateke bat, jelatua dastatuz, irakurriz  edo kontu-kontari, eguzki epelera esertzen den jendez betetako harmailez inguraturiko harri zurizko putzua duela erdian; elizak eta palazio bikainek osatzen dute, turiston deboziokoa da.

Duomo:  harmailadi luzea du aurrean, lasaitasunez eserita dago turista aldra bertan.

Ezereztxo apala da kanpotik, izugarria berriz barrutik: 3 barneluzego ditu; marra berde ilunek apaintzen dituzte bai zutabeak bai arku zuriak: pintatuta daudela esango genuke harrizkoak badirudite ere, Sienakoak imitatuz bezala; naif estiloko  freskoz estalita ditu alboetako, atzeko zein aurreko hormak, Testamentu Zaharreko pasadizoz ezkerraldekoa, eskumakoa, berriz, Testamentu Berrikoez: oso ondo iraun dute, hondatutako zatitxoak dituen arren;  bere ar- ezaugarria du Adanek, zakila, nabarmen erakusten du irudi batean; beste batean, berriz, Eba ateratzen zaio saihetsetik irudi liluragarria osatuz; atzeko horman S. Sebastianen irudi handi bezain ederra dago; ez dakit estetikak ala didaktikak bultzatuta eraginda: liluragarriak dira pinturok bai kopuruz, bai neurriz, bai kolorez. 

Gaztelua:  bista ikusgarriak zabaltzen dira bertatik alde guztietara: Toscana osoa, berdea, tarteka horixka, urrutiko basoz aberats.

Freskoak: palazio azpietako arkuetan eta txokoetan aurki daitezke, bada ederrik: pintore asko behar zen herrian edo inguruan.

Elizak: fresko oso ederra duen bataiarri bat du kanpoan batek: artistak ez du lortu Jesukristoren zakila ikustea ahalbideratuko zuen transparentziarik; transparentzia ederra dute, aldiz,  Amabirjinaren Deikundekoek.

S. Antonio naifa niñokesus  xelebre batekin  beste eliza batetan.

 

Kaleak girotzen zituzten sosen truke 3 musikarik, bakoitza bazter ezberdinean.

Banketxeak behar zuten izan palazioko behe solairuek: hala dira izan.

Chiribiri zuen izena traktoria batek: “Tx” jarri “Ch”ren ordez eta taberna euskalduna.

Alkohol edariak, zeramika eta txarkuteria da hiriko eskaintza nagusia, ia bakarra: Toscanako ezaugarriak. Hestebetea da, bai, Toscanako bereizgarria: hala behar zuen izan lurralde nekazari honetan.  Basurde buruak ez ezik basurde osoak ikus daitezke disekaturik dendaurretan.

Turistontzat antolatuta dago herri guztia: kaleetako iragarkiek ez dute erakarpen artistikorik eskaintzen, jatetxeek bai.

Adreiluzkoak dira plazetako zoruak, baita inguruko bai palazioak, baita etxeak ere.

Jauretxeek inguratutako zabalguneak dira plazak: etxeen zabalguneak, berriz, kale soilak. Bestela esanda,  jauregien aurreko zabalguneek osatzen dituzte plazak, baita kale nagusiak ere: kalexkak berriz pobreen etxe apalek.

Bizitasun handia dago herrian, baina mugimendu lasaia da, kontraesana badirudi ere.

 

S. Gimignanon hartu dugu gaurko bigarren zaparrada: badirudi gurekin daramaguna trumoia eta euria.

 

Ez dugu entzun ez ikusi telebistari buruzko erreferendumaren berririk, ez baita ezer agertzen kalean. Alderdi komunistaren panel batetan soilik irakurri dugu baietzak irabazi duela, baina ez dakigu baietzak zer esan nahi duen.           

 

Gainez gain doa errepidea, garaiak dira gainak, sakonak mendi-zuloak. Gainek ikuspegi ederra eskaintzen dute alde bietara: gariaz hori dager dena. Olibondo asko. Lur landuak dira, erabiliak.

Kartzela  handi baten albotik ere pasatu gara, gure presoak gogoratuz.

Goxo doa bidaia arratsalde beranduan.                     

 

Volterra.

Mendi bizkarraren zabalera osoan luzatzen da, goian dago egon ere. Sarrerako ate kontran Erresistentzian hildako herriko partisanoen argazki-izenak daude.

Bi solairu besterik ez badute ere, etxe garaien itxura dute herri honetakoek, kale estuak direlako, agian; eguzkirik ez da sartu ere egingo kale hauetan, hain estu eta garaiak ikusten dira. Ez dirudi turisterria denik; agian bere itxura zaharrean gorde nahi izan dute hiria, ez baitute diru askorik sartu herria egoera itxurosoagoan gordetzen. Denden taxuagatik, alabastroagatik eta jatetxeengatik ez balitz,  turisterria baino gehiago bertakoentzako eta  inguruko herrientzako zerbitzugune eta saltoki esparrua litzateke: bere lehengoan dirau herriak, peto-peto. Halako giro berezia sortzen da kaledian, Erdi Aroan  gabiltzala dirudi, nahiz gaurko jendea gaurkoz jantzita ibili. Xarma du herriak, ezer aldatu ez zaion Erdi Aroak dirau. Jauntxoena da plaza ingurua, kalexkak berriz herri xehearenak, Volterran lez.

Gaur ez dabil turista zaparradarik. Herriko agure-amona guztiak  eguzki gunetan datza kontu-kontari, andrazko soilen,  gizonezkoen edo bietarikoen taldeetan.

Universita de la tercera eta: ez dakigu zer den, jubilatuen biltokia ala ikastetxea.

Alabastroa lantzen eta eskaintzen da hiri osoan: ikusi dugu artisau bat alabastroa lantzen bere tailer-dendan.

Betiko kale luzea.

Hiriko ateak: lau ditu gutxienez.

Piazza del Priori, bospasei jauregi handik osatzen duten plaza; ez da plaza erakargarria, ez du grazia handirik. Plazako jauregiak dorrea du eta dorreak kanpaia.

Duomo: XII. gizaldikoa; bere ezustea ekarri digu honek ere: eliza apal-apala da kanpotik, barneak, aldiz, kontraste izugarria eskaintzen du; harriduraz harridura ibili ginen Sienakoan, hemen, aldiz, lasai gabiltza pitxiei begira. Sabaiko kasetoia, artesonadoa, gurutzadurakoa ere, urre-koloreko izugarri ederra da, berezi ederra; gorriak dira zutabeak; arkuak, berriz, harrizko zuri berdeak; benetan ederrak aldaretako koadroak; zur landua dirudi sabaiak; marmolezkoak dira hormak, marra zuri berdez arinduak; Anuntzio, Deikunde,  eder bat aldare batean; lehoien bizkarrean finkatutako lau zutoinen gainean marmol zuriko pulpitu zizelatua: eskailera, berriz, xumea du, -Sienakoak aparta zuen-; 1228.go Gurutzetik Jaitsiera izugarria: naifa da baina espresio izugarria du, sekulakoa da indar eta erakargarritasuna bere hieratikotasunean; freskoak; 5 busto ditu aldare nagusiak gainaldeko mailan argimutilen artean: aita santua, bi gotzain, santu bat eta erromatarra dirudien togadun tipo buruhandi xelebre bat; Gurejauna agiriran-erako lekua  alabastrozkoa izan daiteke: efektu berezi sortzen du; ez dakit non, bazen marmolezko aldare gainean zurezko ostentorio bat; polita dago errosetokiko beiradura bete-beteko eguzkipean; ez dira falta hilotzak; lasai egin dezakete lo kanonikoek, koroa ikusi ere ez baita egiten aldare ostean; Erregeen Adorazioa adierazizko  taila multzo polita, non Jesus Haurtxoaren  burua nabarmen handia den, S.Jose gizajoak, berriz, eskumako eskua matrailean jarrita espresio berezia du, “hau paketea ezarri didatena”, “inoren semea aurrera atera behar” esanez bezala bere aurpegi etsipendunarekin; erlikiategi handia, beirazkoa, hezurrez beteta, koroa duen burezur bat inguratuz; bataiategia berrikuntza lanetan dago, kanpotik ez da beste mundukoa.

San. Agustin eliza: betiko itsulapiko  erraldoia erdi-erdian  eta koadroak aldareetan irudien ordez; baita Solidaritaterako 3 kutxa handi ere jana jantzia eta kultura gaiak eskatuz.

 

Ikuspegi zabala: lurralde zabala, urrutiko mendi garaien zerrak ebakitzen du zerua. Lautada ez da Po bailarako berdegune joria.

Gramciren kalea: Sienan plaza bat zuen, herri gehiagoetan ere badu plaza eta kalerik.

Apaiz gazte batek meza ematen zien 6 entzuleri.

Bi moja zaha-zahar agertu zaizkigu kalean  zuri-zuri jantzita: benetako agerraldia ziruditen kale zahar hauetan.

Ba da koadro berezi handi bat: erdian marko eta guztiko medailoia du, eta barne koadro edo medailoi horren sakonera Ama Birjinaren beste koadro bat da.

Perretxiko sasoia da nonbait: itxura estrainioko  perretxiko berezi handiak daude salgai, 3 mila pezeta balio du kiloak

Ardoa ere Toscanako fruitu ezaugarria da.

Bi gaztek dendan erosi eta kalean jarri dira kale ertzeko jarlekuan azenarioak gordinik jaten: janari sanoa!.

 

 

Ekainaren 15a. Osteguna. 36.a

 

* Andu Lertxundiren Arkitektura ipuinak argira uzten ditu eraikuntzako hainbeste zulo beltz.

* Iñaki Aldekoaren  Euskal ipuinen antologia, ipuinei buruzko iritzia aldatu didan liburua.

 

Herri edo lurralde bat ikustera zoazenean, informazio batere gabe joatea da aukera bat. Beste hiru bisita-aukera lirateke: 1.-Ze interesgune dauden gaingiroki ikasi eta interesguneok bilatzen hasi.  2.-Eskuarteko gida ondo ikasita eraman edo tokian tokikoa irakurriz ibiliz. 3.-Kanpin-dendan, hotelean edo autoan  utzi gidaliburua, ibili eta ikusitakoaren xehetasun batek zirikatu bazaitu kafetxo bat hartuz edo jelatu ba gozatuz gida irakurri ikusitakoaz argitasuna bilatu.

 

Kanpineko nahasmenean ere egon daiteke bat zeharo isolatuta, lasai, erlaxatuta, alboko kanpin-kideen etengabeko mugimendu  ugari eta ezberdinei begira.

 

Umeen heziketa eta beraiekiko portaera ezberdinen erakustokia da kanpina: gogoan dut Bolzanoko ama ontzi garbitzen, oinez doi-doi jakingo zuen alabatxoa zuen alboko harraskan oihal baten gainean eserita: biberoi betea esku biekin ondo helduta zuela beste denoi talaia hartatik begiratzen zigun umeak, lasai eta jakin min, amaren hurbiltasunean segur; gogoan dut ere komunetik noiz etorriko zain egon eta bospasei urteko arrebatxoa nola eraman duen dutxetara hamaika bat urteko mutikoak; gogoan ditut  aita-seme-alaben mila ezena lababoetan garbiketa kontuetan; bakarrik moldatzen diren hainbat ume koskor, lagunduta edo laguntasunik gabe; nola ez gogoratu familiako ontziak prepezioz garbitzen zituzten mutil koskor bikiak.

 

Borroka lekua izan behar zuen Toscanak ere: Adige Garaian herrietako muinoak eta tontorrak ziren gotorleku eta gaztelu, Toscanan herri denak daude tontorrean, harresiz inguratuta etxadi osoa, gotorleku eta gaztelu bihurtuta herria.

 

Toscanako behe aldera egin dugu.

Nekazari lurralde pobrea den itxura du: Soria edo Gaztelako zenbait lurralderen tankera du eguerdiko eguzki beropean. Ze lurralde modu ote udan?, lehorra izan behar du. Lurralde uhindua, gora-behera etengabean doa errepidea, etxetxoak han-hemenka sakonune, gaintxo eta maldetan. Etxe askok du hesiz babestutako ingurutxoan ortu txiki bat denetikako ortuariekin, bakoitzetik askorik ez badago ere.

Ebaki gabe daude belar-sailak, ebakiko diren itxurarik ere gabe. Gari-sailak erdi helduta horitzen ageri dira, bada   ebakitakorik ere; ekaitzak oso kaltetuta daude leku askotan. Mitxoleta, amapola, gari-soroetako lora da Italian ere, eta mitxoleta hemen ere gorria da. Akazia ere ugaria da, kamino bazterretan ia ez da besterik ikus ahal.

 

S. Quirico d`Orcia. Bandera gorri eta urdinez apainduta daude kaleak: bihar S.Quirico, herriko jaia. -Etxarrin erromeria izanen da, herri osoa bilduko da merienda-afarirako ermita bueltako belartzan-. Tontortxoan dago, gaztelua zen, harresiz inguratuta, sarrerako ate gotorrekin. Herri bitxia eta aratza, baina oso erosionatuta, higatuta, ditu eraikuntzetako harriak. Sarrera batek ikusgarri darama errepidea herrira, bihurgune den zubi betetik zehar. Elizako sarrera batek bi kariatide ditu, beste sarrerak Paviako Duomon ikusi genituen lehoi gaineko lau harrizko  zutoin, korapiloa eginez elkar bihurrituz erdian; barruan erretaula litzake bereizgarriena; zurezko habe landu polikromatuak ditu sabaian; 1470eko koadro oso polita; filigranazko pintura ikusgarriez bilduta triptiko itxurako  erretaula zahar ikusgarria, non aurkitzen den identifikatu ez dugun S.Quirico; koru kuriosoa du presbiterioak:  organo-tokia dirudien lekua du absidean, baina atzean ez du korurik; presbiterio buelta guztia du berezia, ez landuagatik, ematen duen itxuragatik baizik. Jauregia: handia, zeharo hondatuta, errekuperatu nahian dabiltza. Beste bi eliza eta jauregi batekin egin dugu topo herria zeharkatuzko kale luzean; eliza batek tailatutako pulpitu zuri-zuria du. Askatasunaren plaza da herriko plaza. Gaztelu barruko parke  ederra. Iturri bitxi bat: mugitzen zaion harrizko zintzilikarioa du eta plaza erdiko erreten batetik doa jario zaion ura.

 

S.Quiricotik aurrera dena da garisoro: ez errekarik ez kanalik, oso beroa izan behar du lurraldeak.

Bela beltz aldra, deneko hegaztia da nonbait bela.

Olibondoa, tarteka artea, azken baso gehiena artadia.

 

Pienza.

Urrutitik ikusi dugu: etxe multzo gorria mendilerro luzearen Hegoaldeko tontortxo batean, dorre garaia gandor.

Aita Santu baten jaioterria da, horregatik Vatikanoko arkitekto batek diseinatu zuen herria botere erlijiosoa eta zibila elkarren ondoan bizi ahal izateko helburuarekin: hiri ideala beraz. Errenazimendukoa. Arkitektura ikuspuntutik omen interesgarria, diseinatutako lehenengo herria delako. Zerbait ederra eta handia espero genuen, baina hiri apala da. Polita: kale luzea, nora jotzen duten kalexkak bere plazatxo eta zulotxoekin, denak adreiluzkoak, taiu berezia sortuz. 

Plaza txikitxo bat: alde batean Duomo, aurrean Logia dorre eta arkupearekin, beste bi aldeetara palazioak, gotzainarena bata, jauntxoarena bestea: elizako eta herriko gorabeherak erabakitzen zituzten denak bertan elkartuta; ohizko putzua plazaren ertz batetan, harri zurizkoa, harri zurizko zutoinen gainean gaineko arkua, eta harrizko irtentxoa jarleku tankeran buelta osoan.

Duomo: hiru barneluzego garaiak; sabai gotiko pintatuak dira ikusgai interesgarrienak; ezaugarrienak, aldiz, erretaulak: hainbat daude, denak apartak; erretaula zaharrek pinturak zituzten antzina; Gurejauna dagoen aldareko erretaula, sagrario eta kustodia agirian jartzeko lekuak harri zurian tailatutako multzo ederra osatzen dute; harri tailatuzko horma-kutxa da Olio Santuak gordetzekoa; kanonikoen koru zein aulkiteria, aldiz, xumeak dira, eta txikiak; faszistola, berriz, landua, garaia: auskalo nola konpontzen ziren bertatik irakurtzeko, eskailera luzea behar zuten diganteak ez baziren behintzak kalonjeok; bada koadrotxo bizantziar tankerako ikusgarria; zeremoni aulki bat bere xumetasunagatik da zirraragarria: lau taula liso besterik ez da.

Palazioa, gotiko berezia, puntazorrotzen ordez borobil antzeko leunak baititu arkuak.

Eliza, izana dirudien eraikin austero-austeroa, bertan berezia bezain arraroa eta bitxia den jaiotza bat: irudi zuri distiratsuz ez dakigu ze gaiez egina, Giotoren omenez omen; zurezko pulpitu apala, zurezko zortzi zutaberen gainean, deigarria da bere apaltasunagatik; koadro naif zaharra; galduta dituen freskoetatik gelditzen direnak dira ezaugarrienak; bi hilotz, sarrerako alde bietan bana.

 

Herri polit eta atsegina da; diseinatutakoa bada, ondo diseinatu zuten. Zainduta ere ondo zainduta dute.

Ez dabil turista askorik. Ikasle gazte mordo bat zegoen arkatzez orri eta koadernoan eraikuntzak marrazten.

Ikuspegi ikusgarria den ibiltoki batek inguratzen du hiri erdia hego-mendebal aldera.

 

Atsegina da herriotan ibiltzea.

 

Harririk edo harrobirik ez da egonen, baina egon behar du  adreiluak egiteko lur ona inguruan.

 

“Acriturismo” iragartzen da noizbehinka.

 

Montepulciano

Urrutira ikusi dugu lehenengoz erromeson hurrengo santu bisitatzekoa: etxadi luze zabal gorria aldapa pikean  bost dorre harro erakutsiz. Adreiluzko herria. 14 mila biztanle ditu. Baita jauregi eta eliza pila ere. Behatoki aparta. Egonleku edo ibilbide paregabea zatekeen eguraldi onarekin, kaleak pikoak arren, hiri ederra baita. 

Plaza: oso austeroa, tristea, mortua, eguraldia bezala, agian eguraldiak tristeagotzen du, goibeldu egiten du. Plazan Duomo. Plazaren aurrean Logia, apala, arkupe txikiarekin; bi alboetara jauregiak.

Dena da iluna, goibela, arre gorrizka den arren; ez tabernarik, ez dendarik,  ez dago alaituko duen ezer ere; ertz batean plaza guztiotako harrizko putzu zuria  zutabe eta arkuekin.  Jauregiak dorrea du.

Eliza: handia da, batez ere zabala; iluna; erretaula ikusgarri bat aurki daiteke, triptiko antzerakoa: tarteak eta azpiak filigrana pintatuez osatuak; pulpitua zutoinen gainean, baina hauek lantzeko aurrekonturik ez zen egon eta harri leun gelditu ziren;  aldare gainean gelditzen den mailan, argimutilen artean,  emakume santuen zilarrezko bustoak daude hemen ere; aldare ostean aulkiteria, kanonikoek lo patxaran egiteko elizatik ezkutuan; aulkiteria gainean hemen ere korua eta gotzainaren zeremoni aulkia albo batetan, berenez apalegia zelako-edo tapiz edo antzerakoz dotore estalia;  xarmanta den ikono itxurako koadro bat; ezker eskumara hilotzak; marmol landuko bataiarria, hiru irudiko zutoin estilizatuen gainean non  hemen ere transparentzian ez den agertzen Jesusen zakilik; atzealdean hiru taila zuri distiratsu, ez dakigu ze gaiez eginak baina dirudienez lehen ikusi dugun jaiotzako gai berdinez; zeramika argiko  horma-konka batetan alabastrozkoa izan daiteken taila eder txikia; harritzekoa bada ere, hemen ez dago itsulapikorik.  Zerbait nabarmentzekotan guzti honetatik, erretaula eta bizpahiru koadro liratezke.

Hiriaren oinetan, ia lautadan, kupula handi batez bukatzen den lauki itxura duen harri zuriko eliza bat, bigarren dorre luzezkarekin: arkitekto famatu baten diseinu berria nonbait, arkitektura ikuspuntutik interesgarria, lau adar berdineko gurutzadura besterik ez da.

Turistei abandonatuta dagoela dirudi herriko goialdeak, Alde Zaharrak; behealdera joan dira bizitzera herritarrak, goialdea abandonaturik.Mortua dirudi gaur denak euripean.

 

Herriko goieneko partean harrapatu gaitu eguneko zaparradak; euria, haize takarra eta hotza; desatsegina jarri zaigunez, harat honako ordu erdiko ibilia egin dugu herrian eta ospa egin dugu euripean.

 

Torrita, tontorrean, mendi gainean.

 

Autoak ez duela olioa aldatzerik behar esan dit mekanikoak. 

 

Sinalunga, bazkaria eman digu.

 

Lucignano.

Tontor-tontorrean; hiru etxe ilarek inguratzen dute mendi magala borobilean; tontorrean eta erdialdean bi eliza, elizen aurrean bi plaza, sarrerako bi ate eta borobilean dauden kale nagusiak elkar lotuz kalexkak: horrela osatzen da herria. Etxeak baxu-baxuak dira, bi solairukoak baina teilatutik oso gertu bigarren solairua.

Erdi Aroan murgildu gara berriro, herri osoa guretzat bakarrik delarik; ikasle batzuk, agian Pienzan zeudenak eurak,  marrazten dituzte bere koaderno zabaletan herriko eraikuntza deigarrienak.

Eliza: hutsik dagoela dirudi tontorrekoak; izan zituen freskoak baina oso gutxi gelditzen zaizkio, dirautenak, baina, ederrak dira filigrana maitagarriez osatuak. Amabirjina naifari Niñojesusa falta zio eskuetan, falta dira aldaretako koadroak ere: mesedez lapurretarik ez egiteko oharra dago jarrita sarreran; organoaren ordez, pianoa: lapurtu egin ote zuten organoa?; zein baino zein ederrago bost ataleko erretaula ederra; S. Kristobal; Olio Santuak gordetzeko harri berdezko kutxa txikia, korua atzean, tokatzen den tokian.

Eliza: bigarren bat; harrizko mailadi borobil zabala aurrean, bi maila ezberdinetan eratua, erditik gora daude erdiak, eta beherago, beste maila batean, besteak: zazpi maila du zati bakoitzak, efektu berezia sortuz. Itsulapikoa, lurralde honetan tokatzen den bezala, tailatutakoa, ELEMOSINE letrerotxoarekin, belaunikatu eta errezatzeko ere aukerakoa; aldare bateko koadro handi batean koroa izar eta guzti  jarri diote telan bertan Amabirjinari, baita Niñojesusari ere; zurezko pulpitua, berez apala, baina zortzi zutabe gainean; aldare alboetan estatua  profano zuri diganteak, harri zurizko bi estatua ezohizko jainkosa greziar edo erromatarrak diruditenak; aldare gainean tramankulu itzela dago, tenplete bat, marmolezkoa, barroko loratuegia; Basko Zuzia polita da, naifa, ikasle batek pintatua; bataiategiko koadroa ere naif merkea da; sarrera ateko morroilo eta sarrailak erraldoiak dira, ikustekoak.

Arratsaldeko 6etan zazpi zaharri ematen zien meza apaizak.

 

Jelatu banaz gozatuz gabiltzala kale artean, bi abadek -bata beltza sotana beltzez jantzita- lau mojak -bata beltza abitu beltzez jantzita-, eta  bi frantziskotarrek bere abitu handiekin, ukitu italiarra ematen diote Sienako ilunabar kosmopolitari.

 

Uda giroa izan dugu arratsaldean, arratsalde eguzkitsua.

 

Zipres asko ikus daiteke Toscanan, baita mendi hegietan ere, oso efektu beresia sortuz urrutira.

 

 

Ekainaren 16a.  Ostirala. 37.a

 

Lehenengoz ez bada gehienez bigarren aldiz jaso dugu lehor denda Italiako hilabete eta erdi honetan.

 

Toscanak badu hego aldera zuhaitz gazteko basoa  bere garaiera apalagatik muino lerroa dirudien mendikatean.  Bere barnetik doa errepidea. Autobideko hesi berdeak bazterrak ikusteko aukera handirik ematen ez duen arren, abiaduraren ziztuan ere tarteka igarri daiteke lur landuak gari-soro direla, pobre itxura duela paraje honek.

Berritze eta konpontze lanetan murgilduta dago autobide hau ere: bide-sareko lanak Euskadin bezala Italian ere ongizate jatorrik eskaini ezinaren estalgarri itxura dute.

Apenino mendi garaiak agertu zaizkigu aurreko urrutian; arto-soroak eta  mahastiak ditugu bertako hurrera.

 

Hemen ez dabil Milaneko autobietan zebilen kamioitzarik, nabarmena da ez dagoela hango ekonomia eta merkatalgo jarduerarik. Ez da lurralde ahaltsu bizia. Errekin garraiatzaileak edo bertoko kamioitxoak ezik, ez dago besterik. Bertan dagoen Perugia industrialak hegoaldera du nonbait merkataritza-harremana.

 

Txikitako Bengamino Gigli, Mario de Monako eta antzerako kantari enparauen zintak entzun ditugu bidea arinduz. Zonalde honetako sona herrikoiak, berriz, ezin esan Euskal Herriko biribilketak ez direnik, Mauriziaren kantak edo Gelatxoren baltseoak.

 

Trasimeno erromatarren historiako bataila batetatik ezaguna dugun lakua inguratuz goaz zati batean. Badirudi itsasoa dugula mendi bien aurrean, ez baitzaio mugarik ikusten urari aurreko hodeiertzean, urak mozten du-eta zerua, edo zerua delako muga: gure mendiarte zabaleko joanean badirudi itsaso zabalera joko dugula.  Gure alde hurbiletik istingak eta holakoetan ohizko belar luzeak dira lakuaren ertzak: moskitoek ez ote zuten desegin erromatarren gudarostea.

 

Torre Sella herritxoan bailandrak ageri dira portu nanoko moila ezdeusetara lotuta.

 

Azpitik zeharkatzen ditugu tunel sarrien bidez Apeninoak deritzogun menditxoak. Pikardiak egin ditu ekaitzak garitzetan hemen ere: gehienetan inori eta naturari lotutako gizakia da baserritarra, lurraren esklabo izateaz gain, lotura gogorrez bizitza motza gelditzen zaion gizaki librea.

Etxe berri  solte asko dago herrietan: migratzaileak ote etxera bueltan, edo etxerako buelta gertatu asmoz jasoak, Extremadura, Galizia edo Gaztelan bezala. Mafiarentzat lan zikinak eginez, pizza egin edo salduz -pelikulei jaramon egin ezkero-, baina bai, emigrante guztiek bezala, atzerriko herrietan inork egin nahi ez dituen lanak eginez ari dira  ia beti etorkinak.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.