Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/02/22 09:56
Italia 95. Erroma, Ostia

Ekainaren 20a. Asteartea. 41.a

 

Bata ozenago, motelago bestea, auskalo zeren deman, bi oilar ibili zaizkigu goizeko ordu aspertuetan kikirriki bata kukurruku bestea elkarri erantzunez, segur aski oilategiko nagusigoa nork bereganatu lehian. Gure herriko politikoen sinboloa: etxeratzen garenean han aurkituko ditugu duela ia bi hilabete utzi genituen bezala elkarri kukurrukuka ia Euskal Herriko oilategian gandordun nor izan lehian.

 

Hirugarren eguna euririk gabe; bigarrenez  hilabete eta erdian  lehorra jaso ahal izan dugu denda.

 

Kamioi asko dabil Erromarako autobidean. Ez zaigu aldatu paisaia: baso txikia den mendi bat zeharkatu dugu, ondoren zuhaitzik gabeko gari-soro edo berdegune ziren gaintxoak; Laua bihurtu zaigu lurraldea Erromara hurreratu ahala, tarteka tontorren bat agertu bazaigu ere:  20 kilometroko lautada, gandu trinkopean.

 

Kanpina.

Erroma. Kostata baina ere heldu gara kanpinera, alferrikako ibili eta urduritasunen ondoren. Kanpinaren izarrek ez dute kategoriarik bermatzen Erroman ere.

 

Dilubio aurreko beldar-katedun, orugadun, traktorean, idiak uztartzen hasi baino lehenagokoan, museorako golde batez,  ari zen nekazari bat igo zaizkion letxuga-saila letxuga eta guzti iraultzen.

 

Erroma.

Autobusez lehenik, tranbiaz gero, Erromako bihotzean gaude, astebeterako pasealeku eta bisita-gunea. Gidaliburua dendan uztea erabaki dugu, ordez planoa soilik  hartu, hiria pasealeku bihurtu eta agertzen zaiguna ikustea.

 

Milvio Zubia: Harri zuriko zubi zabal dotorea, zutabe, estatua eta oinezkoentzako ertz zabalekin: Elizaren historiatik hain ezaguna dena ote den gaude. “In hoc signo vinces”, ondoren botere zibilaren menpe izango zen aurrerantzean Eliza, edo indar eragile politiko bihurtko. (Geroko egun batetan jakingo dugu ez dela uste dugun zubia, baina bai bataila haren oroimenez eraikia, alboan baitago, itxuraz apalagoa, delako bataila zubia.). Nire teoria da kristauak indar armatua zutela erasoei aurre egiteko, Konstantinok laguntza eskatu ziela bataila galbidean ikusi zuenean, tratu baten ondoren noski, eta kristau gudalostearen estandarteak izan zirela Konstantinok ikusitako kurutzearen agerpena. Logika hutsa.

Piaza populo: zabala, berez oinezkoentzat dena baina motorrek lotsagabeki zeharkatzen dutena; bi iturri bi alboetan, ertz bakoitzak bana,  estatuaz inguratu eta edertuta; albo batetan Spoleton ikusi genuenaren  antzerako aska: ez da hura bezain landua, iturria du honek; ertz batean Korso kalearen hasierako bi kantoietan kupula handiko bi eliza, elizpea sortu eta eliza aurrea edertzen dute aurreko zutabe handiek; obelisko egiptoarra plaza erdian eta bera girotuz esfingearen iruditxoak buelta osoan.

Arku  erraldoi ederra Piazza Flaminioara sarrera eginaz. 

Korso kalea: oinezkoentzako kalea da baina motoek inbaditu dute hau ere; denda dotoreko kalea, pasaezina bihurtzen da: oinezkoak, motordunak eta izugarrizko zarata; ez zaigu gustagarria denda dotore, jauregi eder, patio ikusgarri eta eliza fatxada galantak dituen arren; laugarren eliza bat.

Zutabearen plaza: Parisekoaren antzerako zutabe luzea muntaia baten gainean, norbaiten bizitza kontatuz behetik goraino bueltan-bueltan; gehienbat gerrako gorabeherak,  harrian tailatutako filigranen bidez: historia zehatza harrizko irudi bitxiez azalduta auskalo zenbat metrotan; zutabearen gainean, punta zorrotzean Aita Sainduaren bat-edo jarri diote; zutabe leun mordo batekin  osaturiko eraikuntza erraldoia du alboan.

Pantheoia: iraun duen erromatarren eraikuntza zaharrena omen; harrizko 11 zutoin erraldoi, gainean horizontalki gehiegi landu gabeko errematearekin; behealdean muntaiaren bat ikusten zaio, zutabeei lotuta horma: meritua behar zuen horrelako eraikuntza tzarra jasotzea, baina ez dit  ezer esaten eta ez zait hain zaharra iruditzen.

S.Ignazio eliza: harri zuriko frontis garaia,  zabala, austeroa, hutsa, lisoa, biluzia, santu-irudiak falta zaizkio horma-konketan; barrutik ere handia da, pintatuta du  sabai osoa, zeruan dago dago S.Ignazio, pintura bitxia da nolanahi: sabaiko pinturak beheko estrukturaren luzapena irudikatzen du eta bertako irudiak kanpora bezala ateratzen dira, efektu bitxia lortuz: tridimentsionala; gutxienez freskura eta bankoak eskaini dizkigu elizak, Patroi Handia sabaiko  zeruetako glorian begiratuz geuk ere atsedenalditxoa hartu baitugu; Luis Gonzaga  sainduaren jaialdiren bat ospatzen zuten, bere eguna izaki,  Monseinore dotore bat ari zen jardunean zientu-erdi bat moja, gazte bat eta adineko bakarren bati; bada elizan gorpu bat, baina ez dut gogoratzen  Inaziorena ala Luisena den.

Venezia Plaza: bi palazzo eder daude bata bestearen aurrean; beste hegal batean gudalozteari edo hildako soldaduei jasotako harrizko monumentu zuri erraldoia, begiratzekoa: dena zutabe, dena estatua, dena zuri, brontzezko bi auriga denaren gainean, pinu batzuk erdian eta higatuta dagoenez norena den ez dakigun historia kontatzen duen zutabea.

Araceli eliza: gerra monumentuaren atzealdean, mailadi oso luzea du eta arraroa oso  originala eta bitxia bihurtzen da bere adreiluzko forma.

Capitolio plaza: Migel Angelek egina; mailadi luze eta zabala du honek ere; sarreran bi harrizko  morrosko erraldoi zaldiak alboan edo eskutik, tokatzen zaizkien barrabila ederrak  dituzte denek, zaldiek zein gizaonzkoek, begiratzeko bezalakoak; belztuta daudelako-edo atseginak ez diren bi palazzo eta alde bakoitzetik ate nagusira bi mailadi dituen hirugarren palazzoa, senatua gaur egun; Palazzo baten patioa ikus daiteke kanpotik ere, izango ditu 10 metro Bako izan daitekeenaren etzandako harrizko irudiak.

Foroa: arratsaldeko eguzki gorri mehearen argipean tokatu zaigu ikustea, halako ukitu berezia hartzen zuen; Senaduaren atzealdean dago, azpialde edo behean; izugarria da: bai luzeran bai zabaleran, harri-zirtak dira  hemengoen alboan orain arte ikusitako harriak; zutabeak, arku ikusgarriak, etxeak, bideak...  dena da handia hemen, pelikuletakoek ez dute exageratzen, txiki gelditzen dira baizik; zaila da irudikatzea zenbaterainoko muntaia handia izan behar izan zuen guzti honek, zein eta zelakoa behar zuen izan hemengo joan-etorri eta eztabaida; azpilana izanen zen nagusi, segur aski, hemen ere; espero genuen dena gainditzen du; izugarria da arkua, handia eta landua, oso hondatuta badago ere.

Mamertina kartzela: hemen dago Elizaren historiatik hain ezaguna zaigun kartzela hura. Zirrara bizia sortarazi dit Mamertina kartzelak. Hemen egon ziren bai Pedro eta bai Paulo: etakideen aurkako gaurko  arrazoi berdinak erabili zituzten bai atxilotzeko, baita gero garbitzeko ere biok: herriaren nahia, ordenua, legea, bakea, etorkizuna, gizartearen egonkortasuna: esango didate haiek ez zutela inor hil, baina zer inporta diete hilketek gaurko agintariei joko politikoan erabiltzeko gaia direla ez bada?.

Mamertina kartzela honetan zeuden Pedro eta Paulo ere hil egin zituzten: Espainian suntsitu asmoz kartzeletan dituzten gazte pilak ere monumentua izango du egun batean.

Coliseum: Izugarria da tamainaz bere borobil osoan; Veronako koliseoak, euripean eta deseroso ikusi arren, zirrara eragin zidan; honek ez dit ezer esaten; ezberdina ikusten dut, beltza, zikinagoa, arruntagoa, xarmarik ez du, agian handiegia delako; hainbat aldiz telebistan eta filmetan ikusitakoa, inolako zirrararik gabe geratu natzaio begira, azken eguzki gorriak argituta hunkitzeko ordu eta una aproposa bazen ere; arku izugarria du albo batetan, landua eta egoera onean; adreiluzko hormatzarra ere badu, Forora jotzen duena segur aski; medailoi pila; imajina daiteke koliseoaren barne egitura, harritu egiten du horrelako eraikin eskergak: milaka jende izango zen hor barna, garai hartako futbol zelaia bailitzan; nahiko garbi ageri dira lehoien zulo eta lubakia, baita gladiadoreen pasabidea izan behar zutenak ere; zenbakituta daude sarrerako ateak,  zenbaki erromatarrez jakina: 4a lau marra bertikal dira, IIII, ez aurrean marra bertikala duen uvea, IV, eskolan erakutsi ziguten bezala; imajinazioa bere  kasa uzteko lekua da izan, baina ez dit ezer esaten bere izugarritasuna miresten badut ere.

 

Erromatarren arrastoak ez du amaierarik: errepidearen bestaldean ere horma, zutabe eta mila hondakin dager barreiatuta.

Turista jende asko ikusten da, mundua zeharkatuzko ibiltari tankerakoak, bero egiten duela-eta hala moduz jantzita.

Itxura guztietako jendilajea ikus daiteke Erroman, koliseo inguruan nabarmenago, agian turisteria soilik gabiltzalako bertan.

Oso errekargatuak dira elizak barrutik, gehiegi apainduak, beteegiak, loratuegiak;  harrizko handiak dira elizaurreak.

Motozaleak,  harroxko  hutsak bere moto gainetan.

Pariskoa zela bakarra uste genuen historia kontatuzko obeliskoa, baina gaur metro gutxitan bi bilatu ditugu Erroman: bertakoak ala lapurtuak ote hauek ere?.

Ez gara sartzen Museoetara,  ez genukeelako  edukiko ez dirurik, ez denborarik, ez indarrik denak ikusteko.

Capitolio Plazako Palazzo-Museoko aterpean, tolesten diren ohatiletan etzanda 8. egunez gose greban dagoen emakume taldea aurkitu dugu, “lana emakumeei, zerbitzuak hiriari” lemapean lanpostua defendatzen nonbait: beti izan da latza ogiaren defentsa.

Hemengo aktibitatea nolakoa zitekeen berritu nahi izan dut irudimenez  Foro inguruan, baina ezin izan dut; urruti gelditzen zait, ez dit ezer esaten, ez dit emozio berezirik sortarazten. Begiratze soilean gelditu naiz, aho zabalik, besterik gabe.

Foro honetan ibili ziren Erromatarren Arzalluz eta Atutxa guztiak, akolito guztiekin; pipilean egon zen gizarte hau  baina Erromatarren  Inperioa ere erori egin zen, eta hemen dakusagu orain hilda, birrinduta; zibilizazio baten hezurrak, hondakinak, ikusten ari gara: zerbait garelakoan!:  Hor dabiltza gure Arzallus eta konpainia ere Pepe baino harroago, inguruko denak zapaldu eta itoaz aginte izpitxoa dutela eta, gaurko euskal gizaldi eta gizarteko esklaboak hesi guran.

Erromatarrei buruz uste genuen dena gainditu digu gaur ikusitakoak,  lehen ere zerbait ikusita geundelakoan bageunden ere: huskeria zen irudimenak eskaintzen zigun handiena ere.

Foroari begira: nolako mauka gure alkateek lursail hau baleukate etxegileekin espekulatzeko!!!.

Handiegia zen Koliseoa, traketsa, bota eta bertan beste zerbait eraikitzeko, horregatik iraun du, zorionez. Baina zenbat harri ez ote da eraman bertatik beste eraikuntza batzuk jasotzeko!.

Erromako zebra pasabideetan biziki borrokatu behar da auto eta motoekin kalea zeharkatzeko: jai du auto artera ausartzen ez  denak.

 

Tokatzen zitzaiguna, planifikatua genuena, luzapenez gehituz, bukatu dugu gaurko ibilaldia.

Goxo afaldu dugu, nire urtebetetzea ospatuz.

Garraiobideez baliatzen ikasi dugu, Erroman ibiltzen ere bai: geure dugu Erroma egun batzuez.

 

 

Ekainaren 21a.  Asteazkena. 42.a

 

Ez Mitxelina ez bestelako gida-paperik, plano arrunta eta ikusi beharrekoaren zerrenda da daramagun arma bakarra, ilusio eta pazientziaz gain. Ustekabean ikusi eta bizitakoa itsaskorragoa da, sakonagoa, luzaroago irauten duena. Errazago egiten dute hegan irakurri eta entzundako berehalako datuek. Gainera holakoetan gidaliburuek enbarazua besterik ez dute egiten, nekatuz aparte. Ikusitako soila gehiago gogoratuko dugulakoan gaude, are gehiago ezusteak laguntzen badio.

 

Bi musker ikusi ahal izan ditugu Etxarriko basoan bageunden lez, berde-berdeak ziren, Etxarrikoen kolore aniztasunik erakutsi gabe: handia zen bata, luzaroan izan dugu ikuskizun, geldi bera, eguzkia hartzen kanpinera bideko hesi berdean harrigarriro kamuflatuta. Hau ere Erroma da.

 

Trenez egin dugu hirira: kirol-zelai asko eta ondo zainduak daude. Baita txaboladiak ere, gaur egun karabanak badira ere txabolak.

 

Erroma

Piazza del Populotik hasi gara gaur ere, bai trenak bai tranbiak bertan uzten baikaitu erosoen. Atzoko sentipen baikorra areagotu egin digu plazak, zaldizko txakurreria berton zegoen arren.

Sta. Maria eliza. Berritze lanetan murgildua dago zati handi batean; Caravaggioren bi lan: agure bat zaldiarekin agertzen denekoa: bere osotasunean eta argiaren erabileragatik da ederra; agian horrek egiten du beti ederra koadro bat; bigarrena, txikia, bizantziar itxurako Amabirjinarena, ederra da, erretaula bera ere.  Mila eta bi harrizko giza irudi, mila taula, estatua, busto, hilobi, pintura... ditu, eliza bera Museo bihurtuz.  Modernoak dira Kristoa eta hitzaren-lekua, baina ez dute kontraste itxuragabekorik egiten. Eliza honetan lo ez ezik zorronka ere egin dezakete kanonikoek aldare osteko aulkiterian, berez bakarti gelditzen diren aldare ertzak ere arkuz estalita baitaude. Hainbeste harri landu dute ze aitorlekua ere hilobi landu eder baten gainean jarrita dago, agian beste leku librerik ez dutelako, dena baitako hilobiz beteta. Itsulapikoak aitatu beharrean naiz berriz ere: Caravaggioren aurrekoak bi metro baditu luze, erdia zabal eta bat garai, itsulapiko erraldoietan erraldoia.

Piazza Espagna. Mailadi handia du albo batean, luzea eta zabala; ederragoa espero nuen: berrikuntza lanek igotzeko nekea barkatu digute.  Erdiko iturriak eman digu ezustekoa, iturriak berak eta inguruko giroak: zazpi hamar bat metro luzerako marmol zurizko karabela antzeko itsasontzia da iturria bera, aingura eta erdiko masta zuloetatik ur freskoa erruz botaz, ura edateko nasa antzerako harria du ur gainean txaluparaino; garbi kolorea du urak, giro lasaia sortzen zuten bere freskurak eta hotsak, horregatik lasai geunden inguruan erromesok eguzkitako beroaren zamapean ura edan eta ahal zeneraino bustiz.

El Mundo  egunkaria  erosteko aukera ere eskaini digu Espainiako Enbaxada alboko kioskoak: atzoko kanineko oilarrak bezain nork ozenagoko kukurrukuka jarraitzen dute politikoek Espainian. 

Fontana de Trevi. Izugarria da, bere osotasunean, bai iturria bai eskultura multzoa, baina beste zerbait espero genuen. Ezin uka ederra denik, baina inguruko eraikuntzak eta leiho larregiak jan egiten dute iturria bera: ederragoa nabarmenduko litzake iturria, distiratsuago agertuko, isolatuago balego; izugarria litzake bera bakarrik plaza erdian. Bota ditugu gure txanponok putzura, Erromara ez bada ere beste norabait itzuliko garen ziurtasunez.

Pantheon. Atzo Panteoitzat jo genuena jostailutxoa zen ikusi dugun benetakoarekin alderatuz. Sortzez edo lehen helburuz eraikuntza paganoa izanik, eliza bihurtu zuten eta hala da gaur egun. Zutabe handi, sendo, luze, borobilen gainean harri zurizko friso horizontalekin  lortutako elizpea. Sarrera honetatik barrura adreiluzko eraikuntza borobila izugarri erraldoi da bai zabaleran bai altueran. Dena dator bat bata bestearekin, 50 metro bai bada diametroa, beste horrenbeste garaiera, baina dena dator neurrira, dena da orekatua. Barrunbe osoak bertatik soilik dena ondo argitzeko haina eguzki hartzen duen zulo borobil zabala irekitzen da erdiko gainaldean: argizko borobil zabala marratzen zuen eguzkiak zoruan, eguzkiarekin batera borobila ere zoruan mugituz.  Barrua: ezer gutxi gehiago du ganga  izugarria izateaz gain: marmolezko zutabe gorri pila, koadroak aldaretan eta erretaularen ordez dagoen koadrotxoa: erakargarri nabarmentzen zaizkio behetik xehetasunez ezin jabetuz   lauki osoa den  zilar zurian asmatu egin behar dituzun  Amabirjinaren eta Umearen esku-aurpegiak izan daitezken ilunguneak.  Biktor Manuel Erregea bertan ehortzia dago hilobi handi batean.

Navone piazza. Erroma plaza ederrez beteriko hiria da: Navone piazza da ederrenetarikoa. Ehun metrotik gora ditu. Ikusgarria. Iturri zoragarria:  atzamar puntetan jolasean dabilzkien harri zurian landutako giza irudiak lau kantoietan, ahoa hustubidea zaion  harri zurizko krokodiloa putzuan, gainean berriz Trajanoren obelisko garaia. Marmol gorriz dena. Alboetan beste bi iturri harri landuko irudiz edertuak. Turista asko dabil bertan, plaza handia denez elkarri trabarik egin gabe. Giro atsegina, goxoa, eguzkia zitala zegoen arren: pintore asko karikatura egin edo koadro saltzen; kafetegiak eta mahaiak.

Tiber ibaia. Zikina dator, arrainak ikusten badira ere: korrokoiak ote bertako arrainok?. Zubiak: harri zurizko zubi ederrak dira, batzuk besteak baino ederragoak, estatuez apainduak ia denak. Ertzetan pasealeku antzerakoak, jan eta edanleku muntaia ugari bertan, badira tabernak ur-gainean ere, tentagarri denak, gaur jenderik ez badabil ere.

San Pedro eta Santangelo ikusi ditugu Unbertoren zubitik: urruti geneuzkalako edo, agian alboan beraiekin parekatzekorik ez zegoelako,  ez zaizkigu hain handiak iruditu.

Milvio Zubia uste dugunak pintada pila du: grazia gutiko “ti amo” eta izen pila. Arrano diganteak eta Otsoak errespetatu egin dituzte artistek.  Tentagarria da izan zubia hainbeste harritzar zuri leunak eskainiz pintzelari.

Zubi honetatik nahiko ondo antz eman dakieke, zazpiei ez bada ere, Erroma osatzen duten muinoei.

Augustoren hilobia. Adreiluzko eraikuntza borobil erraldoia. Gotorlekuaren antza du, harresiak inguratzen du. Tartea lurrez beteta dago eta altzifreak dira bertan nagusi. Kanpoko inguru borobil osoan ura egon zitekeen gazteluetako zulo edo lubakia ageri da gaur egun, pasabide batek zeharkatzen du. Alboko monumentuak zainduta badaude ere hondatuta dago Augustoren hilobi  hau.

Pakearen aldarea. Ez dakigu zer den berau. Beirazko eraikuntza baten barruan dago, ondo gordeta. Kanpoa landuta duen harri zurizko kuboa da, barruan ezagun du  mailadi bat, muinean edo barru-barruan auskalo zer. Nonbaitetik ekarritakoa dirudi.

Vatikanoa.

Plaza: Guardia suitzarra  izan da ikusi dugun lehenengo gauza: mutil bikainak, urdinez jantzita batzuk, kolore anitzez besteak, inork eskatuz turistekin argazkiak ere ateratzeko prest. Hemen gaude mila bider argazki eta telebistan ikusitako S. Pietro piazzan: zinez erraldoia. Kupulak ez du hain handia ematen, agian ingurua ere erraldoia, tamainaz antzerakoa, dena bat datorrena, delako. Ezustea: erdiko obeliskoa lisoa, leuna, landu gabea da. Lau erreskadetan zutabe ilarak, gainaldetan irudiak. Aita Sanduaren agerpenetako balkoiak kaskarra dirudi, iluna da eta gainera zikina dago. Enkatxuko zorua: nolako idi-probak egin daitezken bertan, Euskal Herriko idi-pare guztiak jarri daitezke bertan batera, zuzenean hiltzerik kontatu beharrik gabe, harriari buelta ematen ibiltzeko premiarik gabe: dena da hemen erraldoia, baita Pio IX.aren estatua ere: nolako estatua tzarra!. Basilikaren aurrealdea ere sekulakoa da bertara hurreratuz gero: 12 Apostoluak behetik hain handi ikusten direla, ze neurritakoak  ote bertatik?.

Basilika: praka luzez etorri naiz bada ez bada ez ote didaten utziko barrura sartzen beldur, eta igarri egin diot, ez bainintzen bestela sartuko; baina  itxura hutsa da dena, Basilika barruan ez baitu inork errezatzen, ez da alde handirik beste monumentu laikoetatik, dabilen jendearen portaerari begiratuz. Handia da eliza bera, baina osagaiak bata besteari tamainaz egokituta daudenez  ez du erraldoitasunaren sentipenik sortzen; beti esan ziguten Loiolako basilika osorik sartzen dela Vatikanokoaren kupulan, baina ez du ematen. Dena da dotorea bertan, dena handia, dena aberatsa, dena ederra, nahiz Eliza beti pobrea izan!!!. Gurutzadura erdiko aldare gaineko baldakinoak, erraldoia izan ez ezik, eman ere erraldoia ematen du; telebista eta dokumentaletan ikusitakoaz, ederragoa uste nuen; ezustea gertatu zaigu S.Pedroren hezurrak gordetzen dituen aldareperako mailadi bikoitza eta muntaia osoa,  ustel bihurtu du bertako dotoretasunak bertako dotoretasunak apala zelakoaren iritzia: zer egin ditek S. Pedro!, ezin haiz ibili marmol zuri eta marroi horren artean, asmatuko ote huke, agian bai, erraz ohitzen baikaituk horrelakoetara, galdetu bestela Juan Paulo hire ordezkoari. Bete-betean jotzen du eguzkiak aldare nagusiko arrosetoiko Espiritu Santu Usoa gu gabiltzan unean, bizirik bailego, ikusgaria bihurtuz; lau estatua digantek osatzen dute presbiterioan absideko baldakino izugarria, eserita egoten den Aita Saindua adieraziz: hor esertzen denari zaila zaio bihotzez umila eta apala izatea, izanez gero ez bailuke bertan ipurdirik jarriko; santu-irudiak ere halakoak, bizpahiru bider pertsona bat, Aita Sainduenak dira ia gehienak: ez dakit izatez hain izaeraz handi izan ziren, baina irudikatutako laurdena baziren onak izan behar zuten izan; S.Pedroren brontzezko irudi  famatuak oin higatua erakusten du: ze nolako igurtziak egin dizkion moja batek, horrelako askorekin laster da herren gure Kepa Donea; han dago Pietà beiraz babestua beste inork mailukadarik eman ez diezaion: ez dit ezer berezirik esan, uste dut badela taila hoberik edo ospe gutxiagoko antzerakorik, edertuago egin du mitoak eta egilearen izenak; alde bietan du tronpeteria organoak, baina txikia da berez; gurutzadurako medailoiak, koadroak, estatuak… dena dago erruz; izugarriak dira harri landuak bai tamainaz bai arte-lanez; ikusgariak ere kasetoi, artesonaduak; tolesdura eta guzti oihala irudikatuz harrizkoa,  heriok oihalaren hegala jasotzen du harea-erlojua atereaz azpitik, tipoa baina harroputz zamarra behar zuen izan mitra gabe baitago, galaia bera, ilaje dotorea erakutsiz; aitorleku izugarriak: bekatuak ere halakoak ote hemen!; ur bedeinkatu ontziari eusten dioten asexualak uste genituen aingeruei  marmol zuriko tailetan darien edertasunaz gain zakil zatia ere  ikusten zaie oihal ostean: emakumeak ere baztertuak izan ziren aingerutzan; ur bedeinkatu ontzi azpian oihal bihurtu du marmol beltza artistak; itsulapikoak berriro aitatzeko asmorik ez banuen ere, esan beharra dut erraldoiak direla hemengoak ere, ez dakit inguruaren neurrira eginak, ala dabilen bisitari kopurura egokitzearren.

Dena dago egoera onean hemen, zaindua, ez da ezer hondatu edo zaharkitu: hau negozioa baita, multinazional erraldoia.

Morroi asko ikusten da, gazteak denak, txarteltxoa paparrean: nahita edo nahigabe hau dena izugarrizko muntaia bihurtuta dago.

Bakarren batek ezik, inork ez du errezatzen. Errezoa baino gehiago erritoa zirudien eliza atzeko zoru erdiko borobilean belaunikatu den gizonaren zeremonia.

Bakardadean daude apaizak aitorlekuetan, bezerorik gabe.  

Abade-mando asko ikusten da: batzuk erromesak, beste batzuk bertatik bizi direnak. Hona ez gara otoitzera etorri, museo bat ikusten ari gara denok; baina  ez dago builarik, eliza hau ez da merkatua, agian da, baina ez du merkatu itxurarik, edo bertako merkatua beste leku batetan dago.

Munduko basilika luzeenen  luzerak erakusten dira zoruan: 200 metro ditu honek, Londreskoa da hurrengo luzeena.

Ez dago banku eta jarlekurik.

Santangelora sarreratik begiratu diogunean ia hutsik zegoen plaza,  erraldoitasunaren sentipena sortu digu, ez edertasunarena. Norberak hurreratu behar du  edo inguruan dabilenarekin alderatu behar da zenbaterainoko handia den jabetzeko.

Santangelo. Kaskarra eta ahula dago Israeldik bidalitako olibondoa gazteluko ertz batetan, gaurko bakearen sinbolo nonbait: konponduta gaude benetako bakea olibondo hau mardultzean badatorkigu!. Eraikuntza hor dago, hau bai handi eta sendoa da: hilobia izan behar zuena kartzela eta gotorlekua izan zen lehenengo, gaur egun militarren museoa. Sinbolo esanguratsua. Adreiluzko eraikuntza borobil erraldoia hau ere, Augustonak baino zorte hobea izan du honek, kartzela eta gotorleku bilakatu zutelako hain zuzen. Lubaki edo zulo sakona du borobil osoan, krokodiloek ura edan badiote ere.

Bide-zubi luzea doa bertatik, garai, Vaticanoraino.

 

Uste dut Erroma izango dela borondatez eta nire kabuz bueltatuko ez naizen hiria: bertako zirkulazioa, jendetzak eta zaratak ez dute akaburik, ahitu egiten naute. Ezin daiteke bertan ibili. Estresatu egiten nau Erromak. Hori da Erromari zor zaion ordaina edo tributua eta gu ematen ari garena. Zer ikusi eta zertaz gozatu besterik ez du, hiri osoa da museoa, kalean ibili soila artelanak miretsi ahal izatea da. Baina Erromak  eskatzen didan ordaina museoetarako sarrera-ordaina baina  garestiagoa da niretzat.

Zerbait handitzat zeukaten bere burua Enperadoreek Santangelo edota beste eraikuntza tzarrak bere buruari eraiki eta oparitzeko; bai  Santangelo bai Vatikano barruko estatuak agindu zituztenek behintzat.

Romulo eta Remo otsoarekin edonon aurkitu daitezke Erroman.

Aspergarria izan behar du artelanen zaharberritze lanak, hala dirudi behintzat begira gaudenontzat.

Oztopo-lasterketa dira Erromako kaleak, baina honek oso mantso ibili beharraren abantaila eskaintzen du, nekea bera ere zailago gizentzen delarik: motozikleta, turista, bertako hiritarrak,  denok trinko nahasturik  espaloi estu zahar hondatuetan:  sano heldu nahi badu oinezkoak hobe du hankarik ez jartzea kaleko zoruan. Espaloiak, antzinako hiriari dagokionez, estu-estuak dira, berez zaharrak eta zaharkituak ez ezik, hondatuak gainera.

Dena da zaharra Erroman, baina ederra ere bai.

Gizaki praktikoa da italiarra: Erroma zabala eta autoz ibiltezina denez motozikleta hartu dute ibilgailu.

Metro gutxi dago Erroman, pare bat linea soilik. Geltokiak oso apalak dira, funtzionalak. Segur aski ezingo da lurperik zulatu, antzinako hondakinez osaturik egongo delako. Estuasunik gabe batetik bestera ibiltzea ahalbideratzen duten autobus eta tranbiak, berriz, ugariak dira.

Kristauen hirian, eraikuntza laikoari egin diogu gaurko argazki bakarra.

Hainbat obelisko egiptoar, handi eta txiki, bilatu dugu han-hemenkako plazetan barreiaturik: konkistatzaileen harrapakinak. Garaipen eskubidea. Espainolek, horratik, urrea ekarri zuten soilik bere erbesteko harrapaketetatik, ez zuten herrietako kultura ezaugarririk  ekarri. Espainolari ez zaio axolarik kulturak.

Bada Gobernua edo zerbait ofiziala obeliskoa agertu zaigun plazan: alboko kaleetaraino heltzen ziren  uluen antzerako orroak eta erretolikak boteaz  protesta eginez zegoen bertan tipo berezi batenak, mezu idatzia zutoihal antzerako zerbaitetan erakutsiz.

Ikusgai bikainez ederturiko hiri zaharkitua da Erroma.

Jende asko, kanpotarrak, dabil Erroman, baina ez turista saldoak.

 

Nahastu egin gara planoan, ondorioz ia ordu erdiko bira eman diogu Santangelori: hainbat egin ditugu horrelakoak bidaian. Amorragarria ere bada. Nire nekean ia gorrotatu ere egin dut Santangelo.

 

Helikopteroak bihurtu dira aireko izurrite hegalari zaratoso nekagarriak edonon.

 

Metrora bidean jelatua gozatuz eman diogu bukaera gaurko ibilaldiari.

 

 

Ekainaren 22a.  Osteguna.  43.a

 

Ziria sartu dit gaur irudimenak: nire hezkuntza eta gazte giroko eraginez, ilusioa nuen gaurko ibilaldiaz, aurrez imajinatu baitut ikusi behar genuena. Baina iruditutakoaren alderantziz atera zaigu goiza, lilurak zapuztuz. Hobe ikusi beharrekoak bere horretan bilatu eta ikustea, aurrez desiratu ordez. Goizeko bederatzi eta erdietan atera eta hiruretan  bueltatu  gara, ia ezer ganorazkorik ikusi gabe, baina bai zerk merezi zuen eta zer ezin zen ikusi ikasita. Autoz edo antolatutako irteera batean etorri behar da gaurko ibilbidera, ez baitago autobus zerbitzu egokirik ere. Bestalde distantzia izugarriak dira zenbait monumentu edo ikusi beharrekoetara. Betikora jo dugu arratsaldez.

 

Tiberreko Milvioren zubi delako zubitik ez ezik beste hainbat zubitik ehun bider igaro gara egunotan, autobus-linea, geltoki eta beroarekin borrokan, hiriak zer eskainiko zigunaren urduritasun eta itxaropenarekin. Ia ezagutzen ditugu Milvioko “ti amo” guztien izenak.

 

Caracallaren Termak. Ingurua ederra da, berdegune eta zuhaitz ugariko gunea, baina etengabeko autoen joan-etorriak ezinezkoa egiten du oinezkoen ibilia: motore eta gurpil hotsak, aire jasanezineraino kutsatuak, gozakaitz egiten dute berez ederra litzaken ibilaldia. Alde bakoitzeko 100 metrotik gora dituen eraikuntza karratu izugarria da Termak deitutakoa. Baita garaia ere, proportzioagatik ez badu ematen ere. Izugarria behar zuen izan honek bere garaian. Alboetan lorategi, berdegune eta zen-zenaren hondakina franko. Nahiz gozoa, hondakin artean ibilaldia egitea soilik  zela eta, barruko paseoa ez ordaintzea erabaki dugu, uste baikenuen bagenuela oraindik paseo gozorik gaur goizean.

 

Inguru zabalean ikusten dira eliza eta erromatarren mota guztietako hondakinak: garbi dago hau izan zela erromatarren gune nagusienetarikoa. Bada bere garaian garita zitekeen eraikuntzatxo polita bere ondoan gaurko garita jarri diotena barruko polizia eta guzti.

 

Kardinalearen etxetxoa. Itxita dago berritzen ari direlako; etxea bera ez da gauza handia baina lorategia bai dela ikustekoa.

 

S. Sebastian atera goaz; berenez bide atsegina behar zuena gogaikarria egiten du abiadura bizian doan jasanezineko trafikoak. Erromatar jendilajea biziko zen hemen, ondoren bertan jaso zituzten jauregiak jauntxoek ere: diruak badaki non eraiki.

 

Porta Sebastian. Bi ate dira, arku soila bata, harresiko atea bestea; harri zurikoak biak, harresia adreiluzkoa bada ere. Hemendik egiten zuten bidea Inperioko gudagizonek, gerrara lehenengo eta garaile eta bizirik ateratakoek bueltakoan.

 

Erromako harresia, nabarmen eta luze ageri da toki honetan

 

Via Apia ezagunera jo dugu ondoren: autoak dabiltza orain ziztu bizian gudagizon eta gudagurdi erromatarrak zebiltzan galtzadetan. Hondakinak soilik gelditzen dira Via Apia osoan, saihesbideko zubiak ere hondakin gainean eraikita ditu bere zutoinak, erromatarren garaiko erdi eroritako hormak agertzen dira bere azpian. Oinezkoen bidea zen hartan ezin da gaur oinezkorik ibili, gu biok eta gurutzatu dugun hirukote korearra ginen oinezko bakarrak. Fantasia itsua gurea, Via Apiatik  gutxienez paseatu ahal izango genuela uste baikenuen. Barrena usteldu eta burua nekatu besterik ez dugu egin.

 

Quo vadis elizatxoa, imajinazioan edo barrenean, fedea soilik bizi nahi duenarentzat egokia: zuriz jantzitako 8 moja zeuden bertan bake giroko otoitzean kanpoko auto soinuei gor. Horman Quo vadis  eleberria idatzi zuen idazlearen bustoa. Errealitatea eta fikzioa elkarturik. Charles Hestonen oroitzapena falta zen, eleberriak baino ezagunagoa  egin baitzuen istorioa.

 

Katakunbak: itxita zeuden. Tontortxo batean  daude. Polita da ingurua, baina nekatuta gaude beraz gozatzeko. Vatikanoaren eta Bidaia Agentzien negozio borobila da. Autobusak joan ahal dute; oinezkook, aldiz, galduta gaude. Beste baterako utzi ditugu.

 

Bide okerra erakutsi digute bueltarako, erabat luzatu zaigu berez ere luzea zen bidea. Trenak ihes egin digu ia: nasa ertzean eta adi egon behar duzu igo nahi duzula adieraziz. Autobusak ere pasako dira nonbaitetik, eta, datozenean, noizbait etortzen dira.

 

Termini geltokia: handia da, garbia, itxurosoa kanpotik begiratuta, baita barrutik ere.

 

Museo Nazionala. Geltokiaren aurrean dago. Geltokiko plazatik ezin esan eraikuntza zaharra ala berria den; adreiluzkoa da eta Erroma garaiko horien jitekoa. Ez gara joan, Erroma bera zaigu museo.                     

 

Sta. Maria Maiore. Plaza izugarri zabala du Maggiore etorbidearen aldetik, baita fatxada aldetik ere; atze aldean egiptoar obelisko garaia eta Amabirjinak burutzen duen  harrizko zutabe luzea daude. San Pedrorena baina fatxada ederragoa da honena. Ondo zaindutako harri zurizko hormak ditu kanpora begira. Ederra eta zabala da fatxada aurreko plaza, autobus pila eta turista aldrak dabiltza bertan. Handia da eliza bera ere. Zabaltza edo balkoi dotorea du fatxadak: mosaikoa du sabaian eta estatuak alboetan; ikusten da bazela hemen ere jendearengana agertzea gustatzen zitzaion Artzapezpiku edo Aita Saindurik: beretzat nahi luke balkonada hori Aita Sainduak S. Pedro Plazan bere agerpenetarako.  Aipatzekoak dira erromaniko tankerako adreiluzko dorre karratua, arku txikiko bi ilarek edertuta, baita brontzezko ate  handia ere. Barnea: erdigune zabala uzten dute bi zutabe sailek. Zorua: leku batzuetan lauki eta triangeluzko leundu gabeko  marmol zatitxoz egindako mosaiko nahiko takarra baina polita da zorua, kolore ezberdineko marmolez lortutako marrazki  distiratsu suabea bestetan. Kasetoi edo artesonadu ikusgarria. Zutabeen gainetik frisoa bailitzan, ondo ikusten ez den koadro pila. Osoki pintatutako ganga ikusgarria. Aldare nagusiaren gainean Loiolako eliza gogaraziz lau aingeruren bizkarrean Gurejauna agerirakoan edukitzeko izan daiteken tramankulua, basilika borobila bailitzan: ikustekoa. Aldare nagusiko baldakina, tenplete edo estalkia S. Pedrokoa bezain handia; landugabeko zutabe leunak ditu. Koadro ederrak betetzen du erretaularen zeregina.  Mosaikoak betetzen du aldare nagusi gaineko sabaia: klasiko taxuan  argia, gustagarria, alaia, ederra. Aldare Nagusiko azpian, kriptan, - S. Pedron ez bezala hemen  jaitsi daiteke-, norbaiten hezurrak gordetzen dituzte: dir dir egiten duten marmol zuri-gorrizko bi mailadik daramate bisitaria behera non aurkitzen den belauniko  ni baino hiruzpalau bider handia den Aita Saindua harri bihurtuta hezurren aurrean, hezurrei ordez aldarerantz, gora, begira; hau agindu zuen tipoak ere bere burua zerbaitetaz zuen, apala izaki, agian elizaren tamainak eraginda aginduko zuen bere estatua, handi-nahiz baino oroitzapen onenak ahaztu egiten direla eta harriak bai irauten duelako ustetan segur aski. Kapera batean bataiategi handia: marmol gorrizko  bataiarria brontzezko estalki landu erraldoiarekin, osoki pintatutako sabaia eta harri landuzko erretaula. Bataiategi bestaldeko  kaperak koadro asko ezik, -batek ona  dirudi-,  hilobiak ere asko ditu: bi horietakoen gainean brontzezko Aita Sainduak daude ukondo gainean besoa eta esku gainean aurpegia, erdi zut erdi etzanda, hormatik hormara kontu-kontari elkarri bezala biak, bazkalondoko patxadazko egonean bezala, hankak tolestuta, mitra eta soingaineko eta guzti, lasaitasun egonean, bizitzan bezala lasai gerokoan ere.  Alboetan kapera pila, koadro pilarekin; gurutzadurako eskuin aldean kapera itzela, non ikustekoak diren taila asko eta  harri landuzko frisoa. Ezker aldean kapera dotorea, pintura, estatua, harri landu, taila eta abar ederrek izugarria bihurtzen dutena. Plastikozko jarleku arruntak: jendea ez dator nonbait elizkizun luzeetara. Asko dira itsulapiko erraldoiak, agian turista asko dabilelako. Ez dago belaunburutik gorako gonaz jantzita barrura sartzerik: emakume batek jaitsi du bere gona-barrena zentimetro batzuk gerritik, “horrela?”, eta utzi diote sartzen.

Dadaglio golfoa izan zen Artzapezpiku Basilika honetan, Espainian Nuntzio eta Francoren laguna. Zamorara bisitan etorri zitzaiguna.

 

Sta. Maria Maggioretik Letrango S. Joanerako kalea zein espaloia zabalak dira, autorik ere ez dabilenez nahiko patxadan egin daitekeen ibilbidea. Goizean Via Apia eta Caracalla inguruan autoek bezala, oinezkoak du non ibili hemen. Basilika bien arteko bidean bertan badira gutxienez lau eliza, hegaletara aparteago ikusten direnez gain: nork eliza ederragoa egingo lehia jokatu zen nonbait hemen, eta jauntxo bakoitzak, elizgizon zein laiko, bere eliza eraiki zuen.

 

Letrango S.Juan  Basilikara atzealdetik hurreratu garenez oso arraroa egin zaigu, espero ez genuen zerbait: berrikuntzetarako aldamioz bilduta daude hormak, bada jauregi antzerako eraikuntza handia alboan itsatsita, zerbait izandakoaren hondakinak, bataiategia dirudien adreiluzko eraikuntza borobila. Inguratu dugu eraikuntza osoa eta han agertu zaigu  Basilika handia espero baina baino handiagoa. Izugarrizko zelaigune erraldoia zabaltzen zaio aurrean eta sekulako fatxada erakusten du elizak: bata bestearen marka gaintzen ibili ziren Aita Saindu eta Kardinalak, nork eliza handiago eta ederragoa, hauek ziren bere dema eta jolasak; Basilikotako fatxadek txiki uzten dute S. Pedrokoa, agian irudipena besterik ez da inguruko erreferentzi puntuak, bai plaza bera bai alboko etxeak, txikiagoak direlako. Fatxada gainean, San Pedron antzera, irudi digante asko: S.Pedrok S.Joanen hau imitatu eta gainditu nahi izan zuela itxura ematen du, eraikuntzok jasotzean norgehiagoka lehiatu balira bezala. Elizpean  erromatar enperadorea: hemen ere elkarren hurrean bizi ziren agintari zibilak eta eliza, elkarrekin ez bazen. Brontzezko atea, tokatzen zaion bezala neurriz kanpokoa, baina landugabea. Barrutik ere digantea izan behar zuen eta hala da dena: bost barneluzego zabal ditu, ez du, baina, gurutzadurarik, zabalera berdinekoa baita eliza osoa. Erdiko nabearen buelta osoan hainbat estatua erraldoi. Zorua Sta. Mariaren antzerakoa laukitxo borobil erronboz osatua, lakar xamarra, latza, baina polita. Estatuak S. Pedrokoak bezain handiak edo handiagoak. Kasetoi edo artesonadua izugarria bere dotoretasunean, Pio IIII., V. eta VI.a oroituzkoak. Marmolak, eskulturak, pinturak: artelana erruz.  Aldare gaineko tenpletea, handia bezain ederra, baina ikusitakoetan ezberdina: ia sabairaino heltzen da, lau zutabe gaineko estalki karratuan pinturak, urre-kolore zatiak, urre-kolorezko barroteek ia estaltzen duten gelatxoa eta bere barruan identifikatzen ez ditugun bi urrezko pertsonaia, S.Pedro dirudiena bata, S.Paulo litzakeena bestea. Marmol gorrizko ehunaren irudia errepikatzen da hemen ere, bere zimur eta uhinduraz. Nola ez!, gehiago aitatu behar ez nituen itsulapiko diganteak. Aldare azpian ez dago ohizko hezurrik, S. Joanen irudia soilik; dotorea da bertarako marmolezko mailadia, baina beste basilikakoak baino apalagoa. Hemengoa bai badela S.Andres, eta ez Eibarkoa: harrizkoa eta gutxienez bost bider handiagoa.

 

Basilikari tokatzen zaion plaza zabala du aurrean: egon behar zen eta zegoen obeliskoa, eta izan behar zuen eta zen egiptoarra.

Plaza alboan kapera edo tenpletea izan daiteken eraikuntza ez sakona ez zabala bai garaia den mosaiko ederra erakutsiz sabaian.

Plaza alboan garai batean zaldiak eta zalgurdiak zebiltzan harresietako ate eta arkupeetan autoak doaz ziztu bizian, zaldien pekotzez ordez tutuetatik jaurtikitako gasez ingurua kutsatuz.

Zirkulazio-infernua da inguru dena, harrizko sainduak ere nekaraztekoa.

 

Flaminio kalean eguneroko jelatua milikatuz bukatu dugu gaurko Erromari bisita.

EL MUNDO egunkaria erosi dugu: Ertzaintzak lurperatu ditu Lasa eta Zabala, Txabi Etxebarrietanean, Perez Jaureginean eta hainbatenetan bezala herria kanpoan kolpeka mantenduz. Txakurrek hil eta txakurrek hobiratu. Francoren garaiak heldu zaizkigu berriro, Felipek eta Ardantzak txakurreria berbera edo berdina baitute.

 

Eliza perfektuegiak dira Erromako Basilika Nagusiak, diru asko dagoen eta egon denaren seinale: hauek ez dira ez zaharkitu ez hondatu.

Basilika eta elizon eraiketa herriaren lantegiak ziren segur aski, garaiko erromatarren ogibidea.

Harritzekoa Erromako obeliskoen kopurua; ze nolako harrapaketak Egipton egindakoak: historiak ez die barkatuko, egun batetan bihurtu beharko ditu Erromak ostutako altxorrak.

Karacallaren Terma inguruan ziria sartu nahi izan digu tipo batek: hitz dotorez eta erretolika egokiz  bilduta narruzko txamarra bana oparitu nahi zigun erregaitarako diru truke. Amua irentsi ez dugunez “putaine” eta “cabròn” oihukatuz gelditu da.

Espero genuen bezala, abitudun moja eta fraide asko ikusten da Erroman.

“Cuidado con los carteristas” mezua gaztelaniaz ere badago metroan.

Leku zatarrak zeharkatzen ditu trenak: agerikoa da aberatsek eta politikoek ez dutela erabiltzen garraiobide hau, bestela egingo bailukete zerbait ingurua txukuntzeko.

Nire deboziozko urteak gogarazi dizkit trenean arrosarioa errezatzen zuen mojak.

Metroan ikusten da erromatarrek aurpegi luze nekatua dutela, halako hiritzarrak ahitu egiten baitu bertakoa ere.

Krokodiloak, dortokak, Vatikanoa, otarretxoak, pailazoak, arraitxoak, San Pedroren giltzak eta abar luzea irudikatuzko ogi artistikoak erakusten dituzte okindegi bateko erakusleihoan.   

 

 

Ekainaren 23a.  Ostirala.  44.a

 

Polita da kanpinean jende bat garai batetako errebindikazio kantaldi edo prozesioetan baileude hortzak garbitzeko zepiloa eta pasta atzamarretan daramatela ikustea: atzo bikotea zihoan zita batera bezala bakoitzak bere zepiloa tenk eskuan kontrazeinu bezala.

 

Atera gara, kaleetan auto eta motoen abiadura eta hotsekin borrokatzera. Mitxelin gidaliburua baztertuta, joan eta ikusi. Data eta izenez ez gara asko jabetzen, ez dugu erudiziorik ere lantzen, baina gozatu gozatzen dugu data eta zertzeladen uholdearen nekerik gabe.

 

Jendez pil-pilean dago goizean S. Pietro Plaza. Aulkiak jartzen ari dira, ospakizunen bat egonen den seinale.

 

Vatikanoko Museoa. Erromak edonor nekatzen badu, akitu egiten du Vatikanoak: Basilika eta Plaza handiak badira, kilometrokoa da Museoko sarrerarainoko bidea. Turista gehienak autobusez eta taldeka doaz bertaraino. Museoaren ikusmin handirik ez duenak hobe du plazan gelditu eta kitto.  Jakin-mina dugunez, joan egin gara. Galduta legoke benetako fededuna hemen: batetik ezin daiteke ganoraz eta patxadan errezatu, gutxiago jaungoikorik aurkitu, Erromak eta Vatikanoak unatu egiten dutelako bestetik. Turistak soilik du lekua hemen, areago, agian, erlijio paktikaren berniza edo azaleko praktikantea denak. Hona etortzea, lehoietara jauzi egitea bezala da, kristauak  Koliseoko hondartzara bezala. Eta gainera ordaindu egiten dugu, eta ez guti, 1300 pezeta; larrutu egiten gaituzte asimilatu ezin daitekeen dena nahitaez ikustera behartuz. Ez dago aukeraketarik. Hainbeste dutenez erakusteko ezin dute kontrolatu eta sartzen denak museo osoa ikusi behar du. Lauzpabost solairuko brontzezko eskailera bitxi borobil bat bakarra, itxuraz bikoitza: beherakoentzat bata, gorakoentzat bestea: unagarria, jendea presaka baitabil gora eta behera. Museorako sarreran dirua alda daiteke, baita autobuserako txartelak erosi ere: merkatu bizia.

 

Muntaia berezi bat inguratu behar da goian txartelak ateratzeko leihatilara jotzeko: ondo zuzendu eta antolatutako negozioaren tankera du denak. Ez dago horrelako multinazionalik. Sixtoren Kapera zen soilik gure interesgunea, baina horretarako zirkuitu osoa bete behar da, zirkuitu osoa ordaintzeaz gain, Sixtina ikusteko maratoia ez ezik oztopo lasterketa ere bada, gelarik gela, zokorik zoko, aurretik igo ondoren jaitsi, jendartean beti, ibili luzea eta nekosoa; azkenez aurrera egiten du hasieran begira gehien gozatzen zuenak ere, ezinezkoa da denari begiratza. Bitxikeriak daude, baina azkenerako ez dugu indarrik begiratzeko ere. Muntaia ondo ideiatuta dago: ezin da zatika ikusi, ezinezkoa da Rafaelen pinturak edo etruskoen arteaz soilik gozatu: dena ikusi ahal izatea ordaindu behar duzu, eta dena ikusten ez baduzu ere denetik pasatu beharra duzu, eta ez da txantxetako lana, izugarri luzea delako eta jendetzan harrapatuta zaudelako. Urteetako esperientziaren diseinu  interesatua. Agian ezin da besterik egin ere kaosa sortu gabe. Begiratzekoak dira, eurak ere, pasillo eta erakusgela luzeak: askotan mosaikoa den zorua, sabai eta hormak freskoz edo koadroz apainduak, tapiz ikusgarriak. Horrez gai erakusgela bakoitzean  erakusgai dagoena: pilatuta, metatuta edo bilduta dauden bitxikeria harrigarriak. Turista pauso mantso lasaia hartu eta ibili, poltsikoak eta diru-zorroa ondo zainduaz badaezpada,  denera begira, bakoitzean arreta gehiegirik jarri gabe akitu nahi ez baduzu. Geografia mapa zaharrenak omen direnak, fresko apartak, urrezko gaiak, mosaikoak, esmalte zoragarrizko idazmahaia, zurezko kontraleihoak taila eta inkrustazioz landuak,  bi kanpai handi, Leon XIII.ari oparitutako  bolizko, marfil eta auskalo zerezko inkrustazioz  ebanozko edo agian zeramikazko belaunaulkia: otoitzerako!!!, nahi haina koadro, hiru arrautza xelebre, pelikuletako digante burusoil erdi-zoro horietakoa  Aita Saindua dirudien baten bustoa...  ez du akaburik paseoak. Museo guztietan bezala mila bitxikeria eder, zein baino zein ederragoa,  dago ikusgai.

Merkatua dirudi berbaroagatik,  asko baikara galeriaz galeria ibiltari, eta denok egiten baitugu hitz, bikoteak elkarri eta gidek taldeari. Han-hemenka denean daude barreiatuta saltzaileak. Denetik saltzen da: ulergarria lirateke bertako artelanen kopia edo imitazioak, edo Vaticanoari buruzko argitalpenak, baina turistak erosi dezaken edozer gai dago sakgai: giltzatakoak, diru  zorroak, kodak argazki erroiluak, eraztunak, ordulariak, kamisetak, txandar ekipo osoak... zer ez!; kinkila ona, jenero ona, hori bai. Leihoetatik ikusgai daude Aita Sainduaren lorategi  eta pasealekuak: badu leku ederrik ibiltzeko tipoak, erdiko kale edo ibilbideak aparkaleku bihurtu badira ere. Vatikanoko patio erraldoia ere bertakoen aparkaleku bihurtuta dager goitik. Jende pila dago Basilikako kupula  puntan: hemen dena dago salgai, ikuspegiak ere bai.

 

Erraldoikeria  da dena. Gehiegizkoa. Azkenerako nekatu egiten du: edertasun gehiegi baterako. Nekatuta gaude gure helburua den Sixtinara heldu orduko.

 

Wienako askapena koadro erraldoia ikusgarria da  argiaren tratamendu, konposizio, perspektiba, bolumenaren erabilpenagatik: “Venimus, vincimus ete Deus vincit”, heldu ginen, irabazi genuen eta jainkoa garaile, dio azpiko lemak: hildako pila koadroaren azpialdean, jakina. Konstantinoren aretoan sabaiko koadro batek izugarrizko zirrara sortarazten du: Kristo aldare gainean eta Idolo beltzaren zatiak lurrean; badirudi zatiok norberaren gainera eroriko direla,  perspektiba marrak aretoko zolarantz zuzentzen baitira. Fresko harrigarrietan  emana dago Konstantinoren bizitza. Izen arraroa duen pintore baten koadroa, baina batez ere naif koadroen naturaltasun xumezko espresio sarkorragatik gogoratzekoak dira Jesusen Zigortzea irudikatuzko hiru zurezko irudi zahar, xalo, naifak. Itxita dago tamalez Rafaelen gela, baina beste gela batean leiho alboko jarleku borobil batean eserita atseden hartuz gozatu ahal izan dugu beraz. Fray Angelikorekin gozatu dugu. Bada ziega bat irudikatzen duen koadro ederra: izugarrizko argia du atzean, beheko leihoaren jarraipena bailitzan. Gela batean musika gregorianoa zegoen, bertan isiltasuna eta giro lasaigarria bizi zelarik, azken ekinaldirako indarberritzeko egokia. Bada sabai batean mosaiko paregabea, izugarrizko ñabardurak lortzen dituena: agian pintura dago mosaikoarekin nahasian. Bi nabeko areto sekulako ederra: goi eta behe dena da pintura: nahiz nekatuta gelditzera behartzen du. Sixtinak badu sarrera-gela edo antzerakoa, Borgiarren gelak, bertan koadro modernoak daude baita Pio XI.aren marmol zurizko busto berezi bat ere; bertan marmol zurian egindako Txillidaren lan txiki bat dago: ikusi eta “hori Txillida da!”!; txartela begiratu eta zen. Borgiak ipurdia ezarri zuen marmolezko jarleku karratuan eseri gara, marmol zati inkrustatuen gainean, patiora begiratu eta berriz ere atseden hartu: ez dakit zer ikusiko zuen berak, baina guk funtzionarioen autoak ikusten genituen. Eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat...  mila areto, gela, edo galeria ezberdin, kontaezin artelan ederrak erakutsiz.

 

Ia obsesio bihurtu zaigu Sixtina. Non dago baina?. Gela guztietan karteltxoak daude bertarako geziarekin,  Sixtina aldarrikatuz, baina ez gara behin ere bertara heltzen: ia tortura da. Heldu gara azkenez.

 

Sixtina kapera. Badu bere alderdi ona: aire girotua. Uste genuen antzerakoa da gela, baina ez pintura bera: han goian, oso goian, dago, ez da ezer ganoraz ikusten. Bertako berri zuten batzuk prismatikoak ekarri dituzte. Jende pila, areto dena beteta dago, lepo, gainezka, sardinak latan bezala, zut tolestuta. Ikuslea zuzenean eta beste gabe baletor bertara, kontrola ezinekoa litzake: aurreko Museoko maratoia Sixtinarako iragazkia eta kontrola da. Gazteleraz ere ematen dituzte isilik egon eta argazkirik ez ateratzeko oharrak. Alboetako jarlekoak hartuta daude, inork ez du ipurdirik mugitzen, freskuran atsedena hartu asmoz aurreko maratoiaren ondoren.  Isilik egonarazten gaituzte, eskerrak!, gauden jendetzarekin jasanezina litzake durundia. Ez digute uzten ere ertz batetako mailetan esertzen: nekatuak baina zutik iraun behar dugu denok elkar estutuz.

Sabaiaren estruktura imajinatuta bezala pintatuta dago, ez da erreala, hormen luzapena da, sabai faltsua bailitzan, sabai horretako zoko eta ertzetan sartuta daude irudiak. Sabaia koadroz koadro banatuta edo sailkatuta dago, hainbat koadrok osatzen dute sabai zabala, koadro bakoitza baina ez da hain handia sabaiaren osotasunarekin alderatuz, sabai osoari dagokionez. Irudiz beteta dago sabaia: irudi asko, asko, asko... Kreazioa ederra da, ezaguna,  edertasun marguldua, baina aldi beran huts egin digu: uste  genuen sabaiko irudiak edo koadroak handiak zirela, koadro gutxiago eta digante erraldoiak imajinatu genituen, agan liburu eta pantailetan handi ikusi ditugulako,  baina ez dira hala, ez dira behintzat behetik hain handi ikusten.  Han dago Jeremias gizajoa, pentsakor eta arduratuta, masaila eskuzabalean jarrita, ukondoak belaun gainean, betilun, pentsakor  ze ostia egin behar diat: etorkizun beltzen bat ikusi du nonbait.  Tortikolisa egin zaigu gora begira, orno zerbikalak ere mindu.

Sabaitik aparte bada beste fresko ederrik jendeak erreparatzen ez badie ere. Aldara osteko horma izugarrizko freskoa da, konposizio bakarra: honen antzerakoa uste nuen sabaia. Oso ezaguna den Rafaelen pintura, Jesus tenpluan aurkeztu zutenekoa: perspektibaren antologia.

 

Sartzea maratoia bazen, ez zen gutxiago irtetea. Lepoko minez alde egin dugu, baina asko gozatu eta gero: “hartà de arte” nire madrildar lagunak lioken bezala.

Esanak esan, Sixtina, Museo osoa ere, ederrak eta ikusgarriak da.

 

Atera aurretik atseden hartzeko aukera ematen digute patio batean, sarrera-ordaina aprobetxatuz. Turistek argazkiak ateratzen dizkion brontzezko pinaburu digantea da patioko osagai kuriosoena.

 

Hau ez da eliza pobrea, ezta pobreen eliza ere, pobreen diruarekin sortutako pobrea dela dioen eliza aberatsa baizik.

Museoan dagoen ia dena lapurtua da, hemendik eta handik ekarritakoa: konkistatzaileen eskubide ahalguztidunaz  jokatu du Elizak ere, baina etorriko da eguna bere jatorrizko lekura bueltatu beharko dituena.

 

Ostiako plaza: harresi zatia den adreiluzko ate ederra, oinezkoak bakarrik gabiltza bertatik. Harri zuriko piramidea: enperadore honek imitatu egin zituen egiptoarrak; bere buruari handi  iritzi arren bazuen  nonbait Egiptoko faraoien konplexuren bat; agian horrek gorde du bere hilobia hondamenditik, Augustoren hilobi erraldoia ez bezala: originaltasunik ez du  baina iraun egin du eta hemen dago, apal, ia bisitaririk gabe, baina dago. Burdinazko  monumentua: berezia behintzat bada.

 

Zaharrak dira Erromako auzoak, harresietatik kanpoko, S.Pauloren auzoa behintzat.

Azokaren ondoren, zikin geratzen da hemen ere plaza.

Apaingarririk gabeko Centro Anciani xumea: jubilatuak zebiltzan bertan jo eta ke boluetan.

 

Harresietatik kanpoko S.Paulo. Aurreko basilikak ikusita, zerbait apalagoa espero nuen, baina basilika hau ere beste hiru erraldoiekin lehian dabil ia nor handiago, ia nor ederrago. Alde bakoitzean  bi ilaratan 14 zutabe dituen eliza-aurre dotorea, bere erdian ni bezalako bostetik gora den marmolezko S.Paulo erraldoia. Fatxadako mosaiko izugarrian,  lau morrozko handi eta gainean Jesukristo, bildotsak... : urre-kolorea nagusitzen da. Elizpean S.Pedro eta S.Paulo erraldoiak. Brontzezko ate  erraldoia. Barruan lau kolomata, herri askotako gazteek futbolerako nahiko luketen erdiko luzego izugarri zabalaz gain beste 4 barneluzego ditu;  behealdea handitasunean ia ezer gabe apala, zutabez gora ostera,  santutegiko santu guztiak daude medailoietan. Mosaikoa da presbiterioko sabaia, ilunkaran ondo ikusten ez bada ere, orain arte Italia osoan ikusi ditugunei zorrik ez diona: urre-kolorea da gailen. Presbiterio aurreko arkua ere antzerako mosaikoa da.  Albo bateko kolomaten arteko nabeetan Aita Saindu guztien medailoiak: gaur egungo Paulo ere bertan dago, eguneratu dute beraz zerrenda, eta ondorengo beste mordo batentzako lekua ere jarrita dago, ez dute ez Eliza eta mundua bukatuko den beldurrik, ezta azken judizioa laster etorriko den kezkarik ere; hil zuten azkenaurreko Aita Saindua ere hor dago, hilabete eta hiru eguneko erregetzaren ondoren. Presbiterioko eskantzu edo kantoietan S.Pedro eta S Paulo berriz ere, oraingoan ere erraldoi.  Polita da aldare gaineko tenpletea, baina  beste hiruretakoak baino apalagoa, haien ondoan nanoa. Ez du gurutzadurarik, zutabetzarrek  halako itxura ematen badiote ere. Ahaztu egin zaie belaun-aulki bati zulotxoa egitea itsulapiko bihurtzeko.  Kriptarik ere ez du aldara azpian, baina bai  aldare aurretxoko sakonera batetan, bi mailaditik jaisten da bertara: mailadia ez da beste hiruretakoen hainakoa baina bere apaltasunean marmolezko ederra da berau ere.  Bi kapera ditu: batak aulkiteria landua du, bertan eserita eliz abestiak entzuteko, gustagarri eta lasaigarri: beneditarrak diruditen monjeak goxo kantatzen ari dira otoitza; bestean burua lepoa baino beherago duen Kristo arraro bat dago behatzak belztu eta higatuta, garai batetan erromesek musukatu edo igurzten zituelako. S. Paulo xelebre bat ere bada, zaharra, zurezko irudi berezia, begi-zulo bitxikoa: honek ere higatuta ditu besoa eta eskuak: Vatikanoan S.Pedroren brontzezkoak gastatu badituzte, nola ez ba hauen zurezkoak?. Amabirjinaren koadro zahar ederra: hiru irudi zaharrok basilika berritu aurretikoak dira segur aski. Eliz atorra eta estola ikusgarri landuta dituen Gregorio XVI.aren estatua. Zizelatutako irudiaz burututako marmol landuzko lauzpabost metroko estela ederra. Gotzainaren edo Abataren tronu ikusgarria, bi urre-koloreko aingeru dituela eskulekuetan. Klaustro xarmanta: teilatuz eginiko aterpea du buelta osoan,  harri xehezko bihurriak batzuk marmolezkoak besteak, era ezberdin askotako zutabeek eutsia; horrelakoetan ohizkoak diren hilobi eta harri koskorrak; kapera batzuk, erlikia pila batean eta koadro ederrak bestean; itsulapikoa, handia ez bada ere barrotez gordeta ez ezik kate lodiz lotuta;

Emakume talde batek  meza entzun du eta betiko Salveregina abestu dute latinez eta debozio handiz.

Agian berau zen lehenengo eraiki zen basilika, beste hirurek imitatu besterik ez zuten egin, gaindituz jakina.

 

Kokoteraino gaude hainbeste erraldoikeria, handikeria, aberaskeria, dotoretasun eta perfekzionismoarekin.

 

Milvio zubia. Uste genuen hura ez zen Milvio Zubia, Milvio Zubiaren omenez beregandik hurrean egindako berria baizik. Bere aurretik bera zela jakin gabe mila aldiz pasa garen beste bat da delako Milvio Zubia: lau begiko adreiluzko nahiko zabala. Defentsarako arkudun atea du alde batetan, Amabirjinaren eta Aita Saindu edo santuren baten  estatuak bestaldean.  Irudimenarentzat leku aproposa. Nostalgikoa. Borroka lekua. “In hoc signo vinces”. Segur aski kristauen buruzagiren batek txantaia egin zion Konstantinori hau bataila galtzera zihoanean kristauen laguntasuna edo gudari saldoa eskainiz auskalo zeren truke, ordurako kristauak talde indartsua osatzen baitzuten. Hauek borrokatu zuten gurutzea zutela ikur eta zutoihal, irabazi egin zuten borroka eta Eliza agintaritza zibilarekin ezkonduta bizi da ezkero.

 

Bada gaur ere mugidaren bat zubiaren inguruan “Milvio Zubiaren lagunak” lemapean.

 

Migel Angeli eta Rafaeli ez zitzaien burutik ere pasako egunero milaka pertsona pasako zirenik  bostehun urtera bere artelanak ikustera.

Museoan aurkitu dugu gazteleraz egiten zuen bikotea: “Sale 30-40” zioen letreroak, “no vayas, eso es la salida” zioen senarrak emazteari.

Gaur jakin dugu marmolezko estatuen zakilak ez direla bertan tailatutakoak, pubisean zulotxoa egin eta bertan txertatutakoak baizik: “consolatrix afliktorun” ere izan zitekeen beraz askatu ahal izanez gero.

Zezenketari edo zezenei buruzko erakusketa iragartzen da Erroman: Goya, Picaso eta Daliren artelanak.

Insersoez aparte begi kizkurtuko ekialdeko turista aldrak bilatu baditugu edonon, Erroman inon baino gehiago. Italia turista jubilatuz beteta ikusi badugu, Erroman denetik dabil, gazte, sasoiko, heldu nahiz adineko. Denetik asko gainera.

 

Ia ahaztuta genuen  trumoi zaparrada ederra bota digu, juxtu arropak garbitzeko asmoa dugun egunaren bezperan, alde egitekotan gaudenean. Geurea dugu euria bidaia honetan.  Gure presentzia litzake edonon errogatibarik, erreguterik,  onena.

 

Sanjuan suen eguna gaur: ez dugu Erromako alde honetan suaren inguruko ezer berezirik sumatu. Egin dut nolabaiteko sua neuk ere: egunkarietako paperak erre ditut lotara aurretik, txotxak eta egur zatiak euriaz bustita baitzeuden. Bete dut erritoa.

 

 

Ekainaren 24a.  Larunbata.  45.a

 

Ostia

Ostia Zaharra. Ordu erdi luzea egin dugu etengabeko ibilian Ostiako kale nagusitik, gorputzak nahiko zela eskatu digun arte: beste hainbeste geratzen zitzaion oraindik luzean eta zabalean erromatarren hiri zaharrari. Handia behar zuen izan. Ostia, Erromako ate ibairik ezak. Zer esango ote zuten errito baten ondoren aztiek esan balie hiri gainetik hegazkinak pasako zirela aireko bide berrietatik Fiumichino aireportura 50-100 metrora etxe gainetatik hurbil  bidaiari aldrak ekarriz Erromara.

Irudimenarentzat lekua da Ostia, hain ugariak baitira erromatarren aztarnak, hain dago hiri osoa ia zut lehen zen bezalakoa. Etxeak, defentsarako dorreak, lurrazpiko ur-hornikuntza, koliseoa, tenpluak, bestelako  etxeak, foroa, dendak, tabernak, arasak, ontziak garbitzeko harria,  kontu-kontariko txokoak, arazo publikoetarako 200 jauntxoen bilgunea, bainu-guneak, triklinio aretoa, 3.000 eserlekuko teatroa...  Osagaiak hor daude baina ezin dugu imajinatu zer eta nolakoa zen Ostiako bizitza. Adreiluzkoa da dena,  marmolezko zutabeak, frisoak eta estatuak ezik. Zabalak, luzeak eta zeharkakoak dira kaleak, harri zabaleko zoruarekin. Marmol fineko etxeetako zorua,  marrazkitxoak irudikatuz kantoika jarritako adreilu finak, eskailerak,  pasabideak, arkuak etxe barruan... denetik dago. Baina nola bizi ziren?. Hiriak hainbat galdera harrotzen ditu, tentagarri, zirikatzaile, ikertzera bultzatzen duen jakin-mina bultzatuz.

Kale mailako estaia soilik dute etxebizitzek; antzokiak eta gobernu etxeak ere bi estaia dute eraikuntza handiak diren arren. Ez dago leihorik, ilunak izan behar zutela ustea uzten dute; korridore antzeko bat luzatzen da barnean, bertara jotzen dute gelak: gela bakoitzak etxebizitza bat esan nahi du ala geladi osoa etxe bakarra ote?. Adreiluzkoak dira hormak,  mortairuz estaliak, leun luzitu eta, batez ere, gorri ilunez pintatuak. Bizitza sozial handia zuten erromatarrek, agian etxe txiki ilunak zituztelako; agian barne espazio handiagorik behar ez zutelako zituzten etxe ilun txikiak, taldeko harreman zabala zutelako ez zuten behar espazio handiagorik etxeetan: plaza asko da hirian, ugariak  dira zerbitzu publikoak ere.

Sekulako hormadiek amezti jartzen dute bisitaria, munduaren jabe zen gizarte hura nolakoa ote.

Aberats eta buruzagien hilerria ere han dago hiriko hormen kontra kanpoaldean, ez da ageri pobreen hilerriaren zantzurik.

Ahalegin handiak egin behar dituzte Ostia Zaharrean huntzak jan ez ditzan hondakinok.

Burua mila galderetan irakiten atera gara hondakin aberatsotatik, sarrerako komun txukun eta garbiak txalotuz eta eskertuz.

Gaztelua. XV. gizaldikoa, gotorleku moinonoa. Tiber ibaiak ureztatzen zuen ubide zaharretik zihoanean, harrizko zorua du gazteluaren bueltako putzuak. Hemen ez zuten krokodiloek edan ura, sumendiak desbideratu baitzuen ibaia. Behean  gerra-mutilen bizitokiko  korridore eta tiro-zuloak, sukalde eta ur beroko bainu-leku borobila kono kamuts inbertitua bailitzan. 

Ikus daitezke Julio II.a Aita Sainduaren gelak, eskailera laburrak, soldaduen dorreetako harrizko eskailera biribil pikea...

Borgo. Harresi eta atez barruan gordea, dena apal, dena xume, dena txiki: hori da bere grazia. Ez du ezer erakusteko baina gustura begiratzen diozu.

Santa Aurea eliza. Aurea bat ezagutzen dut, txikitako laguna bera,  baina izen bereko elizarik ez gaur arte. XV. gizaldikoa. Borgoak bezala garai hartako xalotasunez du fatxada, jite berezi ezagunekoa. Polita bere apaltasunean. Ezer ez izanik, polita da. Ezer ez du baina grazia guztia du.

 

Metroz, autoz, tranbiaz eta oinez, pankarta, bandera gorriz eta pegatina ugariz armatuta,  zalapartatsu, begiak ñir-ñir,  begirada argiz,  zetorren jendea ganorazko erretiroa errebindikatuzko manifara. “Hasta la victoria” lema handiaren gainean, Che Gebararen aurpegia nabarmentzen zitzaion kamiseta zeraman adineko bati metroko nasan. Arropak eskegita genituen, erosketak ordutegi barruan egin beharra, ondorioz erosketez zamatuta geunden... manifara joateko irrikaz geunden, baina kanpinera bueltatu gara.

Ez digute Ostia Zaharra ikusteko sarrerarik kobratu 60 urtetik gora ditugulako; Estatuaren museoak ere doan ditugu: sarrera egunean  kanpineko neskak jubilatuok merkeago genuela “como los bambinos”  esan zigun tonu berdinean eman digu  dohatasunaren berri bera ere jubilatua zen atezainak. Ondoren “Bravo Italia” bota digu harro.

Pobrea, etorkina, Indiako beltzarana izatea zen susmorako bidea emateko arrazoi bakarra:  makrodenda edo biltegietarako sarrera-irteerako jendetzan, zintzoak ginen zuriok, susmagarria gure indioa: poltsa barrukoa erakutsi arazi diote erositakoa justifikatzeko. Saltoki hartan lapurretan egiteko gogoa eman dit neuri.

 

Zakila ez ezik estatuek burua eta besoak ere eranskinak dituztela jabetu gara Ostian, auskalo nori burua falta zitzaion, Minervari ostera besoa; gorpuzkinok ez zeuden apurtuta, bere zuloetatik aterata baizik.

 

Ostia zaharrean jasotako menta belarrez gozatutako infusioa dastatuz idatzi eta irakurri dut kanpineko denda aurrean.

 

 

Ekainaren 25a. Igandea. 46.a

 

Hiri lasaia bihurtu da Erroma Igandean: egun batean behintzat arnasa hartu ahal izango dugu: Atzo Piaza Populo hartuta bazuten motorrek gaur bakar bat besterik ez da ageri.

 

Borgese parkea. Borgese ez da parke soila, parke bihurtutako mendia baizik: jauregi, iturri, plaza eta pasealekuek erakusten dutenez, Borgese baten edo Borgese askoren egonleku eta ibiltoki lasaia izan zen bere garaian. Bizi-bizi dago “Pincio”, pil-pilean, adin guztietako jendez, kirolari zein pasealari. Bazkariarekin dator jende asko, Eibarren Arratera bezala,  eta horien artean etorkina da ugariena, etxezulo hitsetik alde egiteko bidea zaie parkea segur aski. Erromako ikuspegia dager bertatik, polita ez bada ere  zabala bai, dena teilatu eta beraietan gailen palazzo erraldoiak, eta ia denak aldamioz bildutako kupula eta dorreak. Denen artean Vatikanoko S. Pietro da nagusi. Igande-pasako jendez borbor dago parke osoa: zabala eta ederra da, ederrak izan ohi diren parke horietakoa, kilometro askotakoa luze-zabaleran. Zaindua gainera. Erromako arnas lekua. Hemen seguru sentitzen gara motorren erasotik. Kontraste bizia egiten du beheraxeago dagoen mugidarekin, mundu batetik bestera aldatzea bezala da. Jendeak eguzkia hartzen du belartzan. Hiru museo garrantzitsu daude bertan, kanpotik eraikuntza ederrak hirurak, baina gaur ateak hertsiak ditugu hiruretan: agur beraz etruskoei, agur artelan modernoei, agur Erromako hondakinei, Vatikanokoen senideak direnez hangoak gogoratuko ditugu.

 

Via Veneto bekataritik pasatu gara: gaztetako apaizgaien kontinentzian harrotzen zituen gure imajinazioa eta segur aski zakilak; kalea zegoela jakitea era bada nolabaiteko zerbaiten sintoma. Bertatik ikusiz jabetzen naiz aberatsen txorta-lekua zela, kale aberatsa edo aberatsen kalea baita. Munduaren izorramendua den Iparramerikako enbaxada ere bertan da, bertan egon behar zuen ere egon mundua larrutzen duen izorrante aberatsa.

 

Dioclecianoren bainuetxea.  Zaila zait irudikatzea ze giza muntaia  izan behar zuen horrelako eraikuntza erraldoiak.

 

Piazza Republika. Erromako fontanarik handiena omen bertakoa. Ez, baina, ederrena edo politena, ederra bada ere.

 

Opera. Ez dugu asmatu zein den, ikusi ikusiko genuen arren, aurrean baikenbiltzan. Inori ezer galdetu gabe  gure duda bere horretan uztea erabaki dugu.

 

Estazione Termini: berak eskaini digu barazki bazkari gozoa self-servicean.

 

Katakunbak. Heldu gara heldu, aurreko huts egindako saioaren ondoren. Apaiz gaztea dago txartel saltzen eta atezain, edozein gizajori soldata kenduz, baina gidak egin digu  propaganda: Salestarrak dira, bertako langileak dira, baina ez  katakunbetako negozio-kide.

Urteen poderioz goitik behera eta gero zeharka zulatuzko teknikaz, 20 kilometro zulatu zituzten, luzeka eta zeharka lau solairutan, pasabideak elkar lotuz, hildakoak, batez ere martiri maiteenak ehorzteko; bildu ere bertan biltzen ziren jazarriak ziren kristauak. Estuak dira galeriak. Hemen ere beretzat, jauntxoentzat eta Aita Sainduentzat, zulo propioak gordetzen zituzten aberatsek, lursaila bera kristau  komunitateari utzi arren, edo truke: jabegoak beti ditu bere pribilegioak.

Hegan egiten du irudimenak zulo luze hauetan: isilpeko  militantzian sortu ditu gure herriak ere hainbat katakunba bere bilera eta azpilanerako, Franco aurretik, Franco garaian eta Franco ondorengo garai hauetan: hainbat etxe izan da katakunba, zenbait eliza ere; auskalo zer den katakunba gaur; lehengoa badakigu, gaurkoa gerora jakingo dugu; erorketa eta atxiloketen ondoren joan ohi gara jakiten: ezagupen samina.  Azpilaneko azpiegitura ziren eta dira katakunbak, fedea dutenen azpibideak, sinesten dutena gauzatu ahal izateko ahaleginean. Katakunbak dira gaurko kartzelak ere, bertan  bizirik ehortzi nahi baitituzte gaurko gizarte euskalduna irauli nahi dutenak. Orduko arzallus eta atutxek martirien iritzia eta jokabidea gaitzetsi eta zigortzen zuten bezala, gaurko enperadore eta neron guztiek asmaziozko suteez baliatzen dira bere boterea arriskuan jartzen dutenen kontra. Botereak ez du onartzen bere nagusikeria ezbaian jartzen duen aurkakoen jokabiderik, eta justifikatu egiten du berak darabilen bortxakeria.

 

Letraneko Basilika: gaur  ez zait  ez hain handi ez hain eder iruditu, egin diogun bide-batezko sartu irtentxoan, handia eta ederra badenarren.

 

Corso kale ezagunean gazte koadrila luzea zihoan, Sevillako futbol zelaian Espainiak jokatutako partiduetan jotzen duten txalo erritmo berdinez ibiliz. “Haciendo patria” segur aski, honek ere.

 

Pozik hurreratu gara kanpinera heldu den SS matrikuladun autobusera. Altzokoa da gidaria. Donostiarrak bidaiariak, ikasketa bukaerako ibilaldian dirudienez. Irakasle edo arduradunak gaztelania soil eta hutsean ari zaizkigu alboan duten jantokian, baita umeak ere: ume batek Garbiñe du izena, entzun dugun euskarazko hitz bakarra. Eskola Publikokoak izan daitezken kezka eta amorruz oheratu naiz: ez baitiegu Euskararik usaindu ere.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.