Bidaiak
Ekainaren 26a. Astelehena. 47.a
Uste baino gutxiago irakurtzen dut, agian espero genuen baino gehiago ibiltzen garelako eta ikusten dugulako. Agian patxada gehiagoz hartu beharko genuke bidaia. Eguraldiak du eragina gure ibili beharrean, kanpin-dendak giro lehorra eta epela behar baitu bertan goxo egoteko.
Oraindik mila zoko, etxe, palazzo, zubi, museo, eliza, monumentu eta hondakin eder ikusi gabe ere, bagoaz: bapo. Nolabait pozik goaz eromena den hiritik. Izugarri ederra da Erroma baina oraingoz ez dut itzultzeko gogorik. Juan Luiz Zabalak bere “Sakoneta” liburuxkan dioena dut gogoan: zozo, ergel, entzungabetzat jotzen ditu erakusketak; gaiak elkarren ondoak hilotz bihurtzen direla dio, arte-lanen hilerri hutsak direla. Zerbait antzerako esan daiteke museoez ere. Ez nator ados erakutsitakoa indarge, nortasuna galdurik, kikildua eta ezdeus bihurtuta, inor harritzeko gauza ez dela gelditzen dela dionarekin. Bada egi askorik dioenean, baina hori dena hala izanik ere, Vatikanoko Museoak harritu, miretsi eta liluratu egiten du.
50 kilometro egin behar dira Erromatik irteteko, saihets-errepidetik. Nahikoa da hiru bideko autobia bikoa bihurtzea oinezkoaren abiaduraz joateko aurreko 20 kilometrotan.
Itsasertz itsasertz doa errepidea. Itsasoa beti begi-bistan ezkerrera, mendiak eskumara. Tarteka Gaztela dirudien lursaila: laua, lehorrra, horia. Gari-sail asko ebaki eta jaso dituzte.
Tarquinia. Atzo Erromako Museoak genituen itxita, gaur herri honetakoak, baita 3 kilometrotan barreiatuta dauden tonbak ere: etruskoek ez dute gurekin ezer nahi. Besterik ezean herria ikusi dugu: itsasgaintxoan, itsasoa urrutira begiztatzen badugu ere; hiribildua, dorre asko, ohizko eliza eta kalexkak, plaza txukuna. Ikusiz jakin eta ikasi dugu erromatarren harlanduzko dorreak mortairu eta uharriz egindakoak direla, adreiluzko harresiak bezala. Harlanduak itxura hutsa dira, polito egiten dutenak, agerikoa txukunduz.
Tarquiniatik Libornora andrazko ilehori gaztea izan dugu bidaiakide, bakoitza bere autoan, orduko 120-140ko abiaduran, autobia lasaian, txandaka bata aurretik eta bestea atzetik, aldizka kamioi atzean edo urrutian begi-bistatik elkar galduz eta gerora topo eginez, lehian ez, elkarri konpainia egiten baizik, 300 bat kilometroko ibilbidean. Libornoko bidegurutzean agur egin diogu elkarri tutua joz eta argiekin ñir-ñir eginaz. Polita izan da elkarren konpainia. Bidea arindu diogu elkarri. Niri behintzat bai.
Aspaldiko partez abestuz egin dugu bideko zati luze batetan. Barruak eskatzen zidan. Barne bare nago. Hasi gara Etxarri gogoratzen ere, edo gauza askok gogoratzen digute Etxarri, han egongo baikara hurrengo astean.
Toscana berriz ere, ondoren Liguria, jadanik guretzat lur eta bide ezagunak; Carrarako mendi zuri lagunak, tunelak, zubiak, kamioiak, abiadura bizian edo barearenean joan beharra, autotza trinkoa. Italian behar zuten egon bide-zubi modernoak, erromatarrenak gaindituz: Grosseto inguruan lautada osoa zeharkatzen du gainetik bide-zubiak. Piemontera bidean ere bada mendiartez mendiarte mendi-zulo gainetik, erreka-bidea jarraituz baina 100 metroko garaieratik, kilometrotan, zementuzko zutabe gaineko errepidea.
Baso artetik, mendi tartetik igo dugu: zuhaitz berdeak, ezker-eskuinean malda tontorrak, behean erreka-zuloak.
ikusgarria da Piemonteko goilautada edo goilautada den Piemonte: nekazari lurra da gaur bertan ikusi duguna: lur landuak, herriak, nekazari mundua, begiratzeko paisaia liluragarria, autotik begiespen zoragarria. Merezi du hemendik bueltatxo bat ematea, turistarik ez badator ere, monumentu ospetsurik ez badago ere: lurralde dena, bere osotasunean da monumentua, Michelinerako lau izarreko ikusgaia.
Kanpina
Asti: Besterik ezean edo ezinean kanpina zuten bere bizileku merkea etorkinek Erroman. Hainbat lurraldetan bezala hemen ere pobreek karabanak eta dendak jarri dituzte udarako txaletzat.
Ekainaren 27a. Asteartea. 48.a
Napoleon bizi izan zen inguruotan, enperadore izendatu aurretik behintzat. Txikia baina argia behar zuen izan gizonak, paraje hauen edertasunez jabetu baitzen. Egonleku apartez gain, ehiza-leku aproposa omen da.
Asti. Hiri modernoa da, Erdi Aroko aztarna edo ondare ugari badu ere: jauregiak, elizak, etxe garbiak, patio zabalak, plaza asko eta handiak... mila xehetasun eta ezuste edozein bazterretan. Hiri garbia da izan, garbi itxura du gainera.
Adreilua: adreilua litzake hiriko ezaugarrietariko bat: irtentxo txukun eta berezi lotu, nahastu, konbinatuz, hainbat ertz eta irudi sortu dituzte.
Espainolen palazioa: bertako semea zen Alfieri poetaren kalean.
Dorre asko dago hirian: ia 40 metro altuerako piemontear estiloko dorrea, eta “Torre rosa” dira aipatzekoak: gorria behar zuen azkenak adreiluzkoa baita.
Katedrala: arku ondulatuz gotiko jitekoa, nortasuna du xumea arren, bere adreilu gorri txertatutako marra eta tarte zuriekin ate-albo eta leihoetan; hertsiak daude ateak, ezin dugu barrutik ikusi; iraun duten antzinako harrizko zutabe baxuek eusten dute arkupea, oraindik xarmant: joanaren arrastoa; batipsterioa: argia eta moinonoa, 8 zutabe gorrik eusten dute erdiko kupulatxo borobil baxua; zutabe bateko Amabirjina zizelatua txikia bezain xarmanta da; antzinakotasuna eta gaurkotasuna magikoki ezkontzen dituen kapera bat, eskultura modernoaren erakustoki bihurtuta; klaustroa maitekiro eta gustuz zaindua, erakustoki modernoa bihurtuta du berdegunea.
Seminarioa, ederra; adreiluzkoa, behar zuen bezala.
S. Segundo eliza: dotorea; adreiluzko zutabe sendoak, freskoak, lauzpabost koadro konposizioz kolorez eta irudiz ikusgarriak, kripta aldarepean lau zutabek eutsita kaperatxoa osatuz, bertan S. Segundoren hezurrak kristalezko kutxan.
Gozoki asko egiten da hirian, bitxikeriak irudikatuz, gozokizko eskultura eta iruditeria: gozozaletasuna eta artista sena elkartzen dira nonbait hirian.
Italiarrarekin ezkondutako neska bizkaitarra hurreratu zaigu Astiko kafetegian, solasaldi gozoa izan dugu.
Astin trukatu ditugu azken traveler-ak izugarrizko segurtasun neurripean: ohizkoak dira nonbait hemen atrakuak.
Deigarriak dira mahastiak kilometro luze askotan, lurralde osoan, mahasti dira muino eta mendixkak.
Acqui Terme.
Iturria aitatu behar lehenik: 75 graduko hozberoan ateratzen da bertan ura, ikusberaren atzamarra erreaz; bainuetxe merkea, jende batek iturrian bertan edaten du ura.
Plaza asko, bada bat politena eta atseginena dena, baina ez du merezi ez bertatik ibiltzeko ez bertan egoteko.
Katedrala: harri agiriko ateburu landua, txikia bezain bikaina; adreiluzkoa da Piemonteko gotiko estiloko dorrea, kukurutxoaren borobilera heltzen ez den kono inbertituarekin osatuz gandorra. Barrutik ez da luzea baina bai zabala, bere 5 barneluzegoek luze bezain zabal egiten dute. Kripta: presbiterioa bera adinako zabala eta argia da, harrizko zutabeek eusten diote sabai kurbatuari: bere txikian Cordobako meskita gogarazten dit; bere tokian du korua, atzean, sarrerako ate gainean, organo eta guzti, tokatzen zaion bezala; zizelatutako santu-irudiz osatutako pulpitua; freskoz margotuta sabaia, kalonjeen aldare osteko korua aulkiteri landu ederrekoa, herriaren begiradapetik gordea, kalonjeen lo-kuluxkarako aparta; aldare nagusia irudi zizelatuzko marmolezkoa; aldareak, koadroak, medailoiak... Aspaldiko partez, zurezko banku sendo ganorazkoak, kalonjeek ez ezik herri soilak ere lo egin ahal izateko sermoi eta elizkizunetan; klaustroa, aipatzekoa.
Bataiategia: biribila, erdiko tenplete azpian zur landuko estalkiaz estalitako marmol marroizko bataiarriarekin.
Eliza: agirian ez egoteko adreilu eta harriz egindakoa, fresko ederra du ateburuan.
Seminarioa: mahastiak bezain ugariak ziren lurralde honetan apaizgaiak: zorionez mahastiak iraun dute.
Akueduktuaren ondoan bizi-bizi dago zubi zabala, harri zaharreko oinarri sendoen gainean eraikitako adreilu gorrizko zubia, auskalo noizkoa.
Ikuspegi apartek ez dute amaierarik mendiz mendi Albara bidean, gora eta behera, dena berde, dena bizitza: mahastiez gain, hurritzak, pikondoak ere, luze eta zabal muino, lautada eta mendi magaletan. Hurritz basoak noizbehinka. Mendi tontorretan herriak, non elizak diren gaztelu, herriak ez baitira hiribilduak, defentsa zentzua erakusten badu ere gainetan kokatzeak.
Alba. Garbia izateaz gain garbi itxura du honek ere. Bere garaian 10 dorre omen zituen, baina geratzen zaizkion gutxiak ez zaizkio ez ikusi ez igarri ere egiten. 18 mila pezeta balio du herrian famatuak diren trufa kiloak; botila ardo arruntak berriz 2.500 pezeta: berarekin afaldu dugu eta aho-gustu apartekoa da. Oinezkoentzako kale luze, dotore, lasaia, arratsalde hondarreko epelean gozoagoa. Katedral gorria, luzea bezain zabala, zabala baino garaiagoa; bataio-ponte modernoak txalupa baten branka irudiarazten digu: sartu elizaren txalupan eta boga fede-bizitzan; ezin ikusi izan ditugu presbiterio sabaiko freskoak; korua tokatzen zaion tokian du, organoarekin. Astin bezala ordulari dorreak ez du hemen ere ordularirik. Magdalena eliza, borobila; 500 urte daramatza mojatxo beneragarriak, belztuta baina oso osorik, kristalezko kutxan begi guztien ikusgai, bere barretxoa galdu gabe, agian alboan duen kristo gurutziltzatu maitagarriaren barretxoa imitatu nahiz.
Castagnito, izen polita herri batentzat: ba zegoen egon gaztainadia inguruan.
Ekainaren 28a. Asteazkena. 49.a
Goizaldeak ekarri digu beti gurekin dugun euria; gerora atertu badu ere, egin digu bisita bidaia-kide dugun lainoetikako urak.
Egunak, plangintza eta dirua azken mugetara heltzen ari zaizkigu, etxera bidea bertarago dugu, etxera bidean bertan gaude egon, barne-minez: herriminak ukitzen hasiak gara, oraintsu arte ia herria gogoratzen ez bagenuen ere.
Juan Luiz Zabalaren “Sakoneta” liburua ere bukatu dut: iritzi interesgarriak bereak, eta idazkera nahiko aberatsa.
MONFERRATO
Muino denek, tontor bakoitzak… herri bat gordetzen dute, zuhaitz artean gordeta, baso kaskoez bilduta. Urrutitik begiratuz, lautadatik ikusiz, politak dira herriok, xarmantak, baina bertaratutakoan galdu egiten dute xarma hori, arruntak gelditzen dira. Etxebizitzetan nabarmentzen dira hemen ere aberatsak, aberatsagoak behintzat herri guztietan bezala: etxebizitzak erakutsi ohi du gure gizartean zorionak edo zoritxarrak egiten dion putz barrukoari.
Mahasti dira mendi magalak; nekazaritza lautada, nahiz ez aberatsegia, itxuraz behintzat.
Bere poltsa hustua, poltsa barrukoak errepidean barreiatuta, han zegoen beltz bat, autodun gizaki zuri bat eta polizia zituela bere ondoan: beltzak zerbait izan du autozalearekin. Baietz beltza galtzaile!.
Casale de Monferrato. Txukun itxura duen herria. Kale bakar bat da herriko ardatza eta bertara biltzen dira kale denak. Denek dute harri gorrizko laukiz zorua. Hemen, agian Piemonte osoan, Toscanan ez bezalako estruktura politikoa bizi izan zuten, herriko estrukturan nabari baita ezberdintasuna: ez dago herriko botere edo agintaritza guztiak elkartzen diren edo ziren plaza nagusirik, herriko arnasa eta gida den bilgunerik.
Baztertxo asko ditu begiratu eta gozatzeko.
Palazzo asko dago, alferrik galduta eta hondatuta, baina bere izana erakutsiz
Etxeak: zenaren ezaugarri diren etxe asko geratzen zaio, zabalik daude etxe handietako ateak, patio zabalak, etxearen arnas eta bihotz, oinezkoen kontenplaziorako utziz.
Gurutze Saindua: komentua izana agian, adreilu sendo eta tinkozkoa, tranparik eta itxurarik gabekoa, hondatua baina giza zerbitzurako egokitua, bere klaustro zabal freskoaren hondakinetan dotorea, zerbait handia izana.
Duomo: bi dorretxo luzexka, adreilu gorri eta harri zurizko konbinaketa atsegina, taila fineko kapitelak: plaza txiki baten ertzean dago kokatua, alboko etxeek jaten dute, arnasarik gabe utziz, itota dago, ikusteko edo begiratzeko zabalgunerik gabe, ia gainera erortzen zaizu zure barnea gorantz jaso ordez.
S. Dominiko: bistarako, erakusteko, adreiluz jantzia; harrizkoa du erdialdea, fatxada alaituz; hau ere plazatxo batetan dago Duomo bezala; Duomo bezala hondatuta hau ere, arnasa eske daude biak: barrutik beharko dute eskaini, baina kanpotik ez dute lasaitasunik zabaltzen.
Kale nagusia: Alde zaharrekoa, aspaldiko partez, arkupe xume bezain xarmantak ditu: eskertzen da bere itzala eguerdiko sapan.
Gaztelua, handia eta hondatua.
Aparkaleku freskoa eskaini digu hiriak, zorionez, bero egiten baitzuen.
Aparkaleku zabalak dituzte herri nagusiok: feria edo jaialdi asko dago nonbait.
Po ibaiaren ertzetan gabiltza, zeharkatzen dugu noizbehinka: zabal, garbi, handi, eder doa; itsasora inguruko behealdea gogoratzen dugu; ez nuen uste jaioberrian ere hain mardula izango zenik. Beheko lautadetan ez ezik baliatzen dira inguru honetan ere ibaiaz: ubideek zeharkatzen dute bete-betean lurralde zabala, lursail oro ureztatuz. Arroz-zoro izugarri zabalak betetzen dute lurraldea: ez ziren ez txinatar ez vietnamdarrak, Monferratoko nekazariak baizik, bernetarainoko uretan ez dakit zertan ari zirenak. Artoa ere mardul dator, kolore berde ilun sanoz. Ugariak dira makaldiak, Po ibaiak sasoitutako baso zabalak lautadan, bertako pinudiak direla esango genuke.
Albugnano: izugarriak dira goialdetatik dakuskigun bistak. Herri honetiko ikuspegia nagusitzen da, muino-gain guztienen gainetik, talaia garaia lau haizetara: bertatik ikusi omen daiteke M. Blanc, Cervino, Genoa, Torino, Milano; behe-lainoak edo lausoak ez digu urrutiko ezer ikusten uzten baina bai Monferratoko lautada osoa: berdearen sinfonia, berde mota guztien ikuspegia lau haizetara, tarteka teilatu gorriak, errepide beltzak edo Po ibaiaren bristadak hausten dutelarik berdegunea. Liluragarria!!!. Gerretan hildako herriko seme bakoitzak bere zuhaitza du behatokia den tontorraren bueltan, izenarekin plakatxoa eta arrosa bana dute: berria zaigu horrelako monumentua Italian, herri guztiek bere oroigarria badute ere, brontze edo harri landuzko zerbait izan ohi baita beti.
Abbazia di Vezzolano. XII. mendekoa, Piemonteko Erdi Aroko eraikuntza adierazgarriena. Erromaniko denek badute ukitu xarmangarria, gehienak biderkatzen ditu honek. Adreiluzko fatxada gorria, harri zurizko taila, zizelatutako zutabe eta bitxikeria apartak, arratsalde beroko eguzkiaren xafladaren eraginez bristada bihurtuta. Barrenean Santa Santoruma bereziz edo eliza bitan banatuz, bost arkuko aterpea, bertan harri ilunean zizelaturiko iruditeria zoragarri itzela. Ezkerrera aurreko kaperaraino, eraikuntza luze estu tzarra. Erdigunean adreiluzko zutoin berde gainean eta alboko nabetik arku punta luzea bereiztuz, adreiluzko horma austeroak: biluztasun gorria dute horma denek. Tarteka argia eta alaitasuna ematen dioten harri zuriz nahasturiko adreilu gorrizko absidea. Erretaula naif, antzinakoa, bere xumetasun eta naturaltasunez edonor liluratu eta lelotzekoa. Klaustroa, eraikuntza osoa bezala, adreiluzkoa, arku eta leiho ertzak tarte zuriz alaituta; hormetan freskoak. Dena da txikia, apala, horretan dago bere xarma.
Han zeuden heldu garenean bi neskato, eserita, fatxada aurrean kontenplazioan, kontu-kontari, hitz-jario etengabean fatxadari begira, eta bertan utzi ditugu alde egitean. Miresten dut eta desio horrelako patxada eta egoteko ahalmena.
Ernegatu dugu Abazzia bilatzen, galdetuz, galduz eta bueltatuz, baina merezi izan digu.
Juan Bosco Santuaren jaioterritik igaro gara: goiko ikuspegitik ikusi dugu santuaren inguruko muntaia kupula erraldoiak gandortuta, lautada berdean nabarmen, goi urrutitik ere erraldoi, izugarria. Ez gara joan bertara, Nahikoa izan genuen Padova eta Asiskoarekin.
Mahastiek diraute.
Superga. Damutu zaigu joan izana: kilometroak, orduak, haserreak, erneguak, mila aldiz galdetu arren galtzea, nekatzea... kosta zaigu kosta bertara heltzea. Arkitekto ospetsu baten eraikuntza nagusia omen. Loiola txiki bat da. Ozta-ozta eta presaka ikusi behar izan dugu gainera, ixtera baitzihoazen. Ertzi egin digute erregeen hilobien kripta. Piemonte ia osokoa, baina batez ere Torinoko ikuspegi paregabe du. Erraldoia da Torino: agerian gelditzen dira goitik bere kale nagusi artezak, zabal eta luze, hiriko bizitzaren iturri. Baina ikuspegi soilak ez zuen merezi egin dugun bertarako ahalegina.
Arratsaldea erdi galdu egin dugunaren sentipenaz egin dugu alde.
Ezkiak errepidean kilometroetan, loraz gainezka, usain gozoz asez dena: Gipuzkoako Diputazioko jauntxoek harrapatuko balituzke bota eta errepidea zabaltzeko, ze nolako gozamena eta poltsiko berotzea.
Chieri. Solairu bakarreko etxeek hartzen dute tontor gaina; tontorrenean eliza dago eta dorre puntan, behatokia. Behean, burdinazko arkua kale nagusiaren erdian; berdina zen inguru guztiko estruktura, antzerako osagaiekin. D. Bosco egon zen seminarioa ere iragartzen dute. Ernegu guztiek ez digute eragotzi txokolatea eta jelatuaz gozatzea, behe parteko edo hiri modernoko oinezkoentzako kale nagusiko arkupean zehar, barnea baretuz.
Lurraldeko ardoak eta gaztak bakea ekarri diote gauari.
Ekainaren 29a. Osteguna. 50.a
Superga gainetik hiria ikusten utzi ez zigun gandua kutsadura ote den susmoa dugu, hiri inguruan gertatzen baita soilik delako gandua.
Torino:
Ez du turistak autobuskadaka ekarriko dituen ezer erraldoi edo ikusgarririk; baina handia izateaz gain hiri ederra da, ikusi dugun erdigunea behintzat. Marrazketa-lumaz, tiralineaz, burututako hiria: Napoleon arduratu ote zen honetaz ere?. Patxadan bizitzeko aukerak ditu: plazak, Po ibaiaren alboko parkea eta pasealekuak batik bat. Saltegia: ona ez ezik dotorea ere bada, salgaiez, dendaz eta eskaintzeko dotoretasunaz.
S.Pablo piazza: Sarrerako bi estatuek, -gizakumea eta emakumea-, eta erdiko brontzezko zaldiko gaineko zaldunak girotzen dute plaza; bere arkupe luzeekin, jauregiak dituen arren, ederra baino zaindua dela esango nuke gehiago.
Jauregia: Viktor Manuel erregea jaio zen barroko ederra, fusilatu egin dute harrizko fatxada ezarriz; fatxada ederra da izan, baina ez datorkio etxe horri, berritu zuten garaian modan zegoen nonbait estilo hori.
Tranbia: potxoloak, iraun dute: kalean dabiltza oraindik edonon museotan egongo liratekeen tranbiok, garraiobide izateaz gain halako xarma berezia ezartzen diote hiriari: tranbian ibiltzea izan da gure zereginetako bat gaur, ia inon, gure herrian inon ere ez, bizi daiteken plazera.
Decumano piazza: erraldoia, arkupe erraldoiez bildua, herrikoia eta atsegina hiriko plaza gehienak bezala: honi ere fusilatu egin zion fatxada Juveno arkitekto famatuak estatuaz, zutabez eta leiho ederrez “edertuz”.
Erregeen palazioa: adreiluzkoa da Torinoko ia eraikuntza denak bezala; errege-jauregi guztien antzerakoa, ederra eta dotorea, hala behar baitzuen.
Duomo: harrian landutako xehetasun txikiak ditu sarrerako ate-bueltan: hemen ere Juvenok desitxuratu egin zuen adreiluzko dorrea harriz bukatuz; errege-jauregiari itsatsita dago Duomoa sinbologia biribila bilakatuz: eliza.botere zibilaren lotura; guk ezin izan dugu barrutik ikusi izan, baina erregeek izango zuten aukera elizkizunak jarraitzeko egoteko bere palko propiotik.
Erromatarren teatroa: erdia soilik dago agerian, beste erdia erregeen palaziopean datza seguru aski.
Etxe-orratza: Torinok badu bere Untzagako dorrea, bere inguru zabalean Eibarren haina nabarmentzen ez bada ere.
Liburudendak: asko dago kaleetan, Euskal Herrian txosnak bezala: betiko liburu txosnak, iraunkorrak, finko mugiezinak.
Dorrea: 107`48 metroko dorre erraldoia ere badu Torinok, bertatik hiriko ikuspegi ederra zabaltzen da; bide erdira soilik jasotzen du igogailuak: erraldoia da dorrearen erdiko zuloa edo hutsunea ere, bertan dabil igogailua, erdi-erdian zintzilikatuta, kristalezko kutxa barruan, gora eta behera, zirraratxoa sortuz barnean doazen bisitarien erraietan.
Patioak: patio zabala dute etxeek, hemen ere.
Museo egiptoarra: hori aukeratu dugu hiriak dituen hainbat museoen artean: taila, ontzi, momia... zer ez dago bertan!, baina pilatuta dago dena; asko da erakusten dena, errepikatu egiten dira ikusgaiak, antzerakoak dira, azkenerako nekatu eta ia-ia nazkatu egiten zaitu, gehiegikeria baita; hemen errepikatutako edozer edozein herriko lekutxo batetan aurkitu nahi nuke azalpen labur batekin: zoragarria litzake, kultura sortzailea; jatorriko tokian egon behar lukete egon; gehiegizkoa da hemengoa, lekuz kanpokoa gainera. Zirrara eragin didate ejiptoar momiek, lehenengoz ikusten ditut. Zenbat hilobi profanatu diren zientziaren aitzakiaz, zenbat altxor lapurtu museoetan erakusteko: inoren leku sakratuetan sartu, hilobiak desegin eta ondoren lapurtu. Jainkorik balego, erregeok jainkoak balira, hartu zuten honezkero mendekua, baina hor daude bere momia harrigarriak, mendipean eta mila trikimailuz urte luzeetan segurtasun osoz ehortziak eta gordeak, orain ostera gure jakin-minera begietaratuak lira batzuen truke.
Parkea: Po zabalaren ertzean, zabala eta atsegina da.
Polita da Erdi Aroko herria, oraingoa, aldiz, merkatarien saltokia.
Doan izan dugu Torinon Museora sarrera: doan da museotara sarrera, egia, baina esan ez zigutena da jubilatuek ez dituztela doan osasungai eta sendagaiak. Kontraesanak eta zurikeria. Zoritxarrez edo halabeharrez, sendagilearengana gehiago joan behar izaten dugu adinekook museoetara baino.
Ostegun ilunabar-gauetan paseatzera edo afaltzera ateratzeko ohitura gorde dute italiarrek: bejondeiela!.
Ekainaren 30a. Ostirala. 51.a
Ivrea: Tontortxoan dago alde zaharra. Eliza, gauzaz beteta dago, beteegia, tartean zer begiratu polit eta bitxirik badago ere: kolorez aberats aldare izugarria, zoko batean handik auskalo nori hitz egiteko irudi bikainez landutako zurezko pulpitu zabala aitorleku baten gainean, inguruan ohizkoa den kripta aldare nagusipean, inguruan sarria diren auskalo noren hezurrak kristalezko kutxan; elizakoek bertan nor dagoen ezin ikusi ahal duten, baina barrukoek bertatik elizako dena ikusi ahal dezaketen zur-sarezko bi balkonada: lepoa joka daiteke baietz kondeena izan. Gaztelua: kolore biziko muntaia jarri dute patioan, antzerki lanetarako dirudiena.
Igo dugun bezain kale pikeetatik jatsi gara hiriaren beste aldera, ibaia delarik lauan zabaltzen den hiri zatiko oinarriko hesia.
Picasoren Gernika bikain errepikatuta ikastetxeko patioko horman.
Mendiarteko bailara estu eta liluragarrietan sartu gara Ivreatik atera bezain laster. Ez du merezi autobiderik hartzerik, inguruaz gozatu nahi bada; errepide lasaigarria; trafiko urriak gainera nahi den abiaduran joatea errazten du. Mendiarte estua, harkaitzetan lerden jaikitzen diren artea direla uste dugunez berde. Batzuk bertan, besteak urruti, harri eta zuhaitzezko mendi gailenak alboetan. Lursail kaskarrena ere zapaldaz aprobetxatua, mahatsa edonongo lur-bilgunetan, baita mendi malkarretan ere, arbelezko teilatuak herrietan, erreka zabal bizia urez gizenduta, gazteluak han-hemenka tontorretan bere arre kolorea haitzenarekin galduz eta bat eginez.
Verres: inguruko herriek bezala ez du harresirik, baina bai defentsarako babesleku, gotorleku edo gaztelua. Alde zaharra eta zaharraren jiteaz gehitutako zati berria: muntaia nabarmenik ez du baina turismorako bizi da. Gaztelua dirudi “Canonici regulari” Laterangoen abbazzia edo abatetxeak, tontor batean harri ilun, arbel harriz, eraikia: zuhaitzarena izan daiteken ate bueltako harrizko enborra ate gain zorrotzean korapilatua, eskailera, ate, atexka, pasabide, zirrikitu, lautadatxoetan fraideen gelak diruditen geletako atetxo, mendialdera bidexka, zabaltza eta zabaltzatxo… labirinto bihurria da kanpotik soilik dabilenarentzat ere.