Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/01/18 10:15
Italia 95. Garda lakua, Lombardia, Brescia, Milan, Pavia, Certosa de Pavia.

Ekainaren 11.  Igandea.  32.a

 

Tragikoak dira egunotan irakurri ditudan ipuin denak, tristeak. Ez ote dago ipuin alairik Euskal Herrian?.

                                                                               

Eguraldi txarrak bota gaitu hemendik ere: gau guztia euri, denda blai…; denda tolesteko ateri-guneaz baliatuz egin dugu alde.

 

Lotuta darabiltzate txakurrak hemen.

Borroka-lekua izan behar zuen lurralde honek urteetan,  gaztelu bat dago-eta herri-gainetako tontor guztietan.

Ez dabil kamioirik igandeetan autoestradan, zerbitzugunetan daude pila bat aparkatuta. Debekatuta dute nonbait igandetan errepidean ibiltzea, agian bihar lantegiak zabaltzeko zain daude.

Zarata lehuntzeko kristalezko manparak daude jarrita hemen ere autoestradako alboetan, Trento inguruan.

Banesto maillota zeraman zikloturista batek Garda Lakuaren inguruan.

 

Garda lakua.

Itsasoa dirudi heldu garenean, itsasoa genuela aurrean zirudien ibai zabal baten bukaeran; kilometro batzuk ondoren ikusiko dugu bere laku itxuran, bere luze zabalera osoan.  Garbi garbia dago ura, ispilua dirudi lakuak, kanpokoak bezain garbi ikusten dira urpeko harriak, agian garbiagoak daudelako. Turismoari lotuak daude ertzeko herriak, itsasertzeko herri asko ohi den bezala. Itsasertz-herrietako igandeetako edo oporretako jendetza eta giroa  nabari da hemen ere. Kanpotar jendea, jai giroa, dendak zabalik, txalupak, belaontziak, hondartzatxoak,  badiatxoak, gaztelua hemen ere laku kontrako haitz baten gainean, untziralekuak, kruzero ontziak jendez lepo laku erditik, oinezkoentzako non ibilia herri inguruetan, igandezaleak, peskariak, zipresak hesi betekizunerako, olibondoak...

 

Lakuaren ertz-ertzetik doa errepidea, tunelpe eta zuhaizpe batzuetan ezik, lakoaren ikuspegi ederra eskainiz. 60 kilometro ditu  errepideak gu goazen ertzetik, luzeagoa da oraindik bestetik, bira osoa eman dakioke autoz; ertz batetik bestaldeko herriak, harkaitz tzarrak eta lurrak ikus daitezke.

Alemaniarra eta bertako inguruko jendea dabil batez ere, matrikulek diotenez. Eta gure SS. 

Atsegina da lakua.

 

Ibaiertz batetan auto ilara izugarria kamino bazterrean, egun-pasako jendez bazterrak.

 

 

LOMBARDIA

 

Brescia.

Hiri industrializatua: hiritik  kanpo ditu lantegiak.

Urrutitik ikusi ditugu katedraleko dorre erraldoi urdinxkak eta etxe-orratz  mordoa, tartean bat, berdexkara ez izatera BBB bankua litzakeena.

Plaza luzea, zabala eta ederra.

Katedral edo Duomo Berria: plazan, mole erraldoia, kruzeroa besterik ez da, lauki bat, bertan izugarri bloke handiz  jasotako zutoin diganteak eta kupula ere bere neurrira, ondo argiztatuta, urre koloreko demasa da aldare gaineko lanpara.

Plaza, alde batetik etxeteriaz itota gelditu den harri gorrizko VII. gizaldiko borobila.

Duomo Zaharra: duomo berriaren erreskada berdinean, beste aldetik.

Palazioak:  bi,  ederrak, teilategal zabaleko  adreiluzko zaharra bata,  dorre zorrotz altu batez bukatutako harri zurizko liraina bestea; ederra gelditzen da zaharraren harrizko patioa pinturak dituen izugarrizko arkuteriaz inguratuta.

Loggia Plaza: plaza ederra da hau re, antzinakoa: Loggia palazioaren harri landuzko bitxikeria batzuk ezik, inolako edertasunik gabe zutabe handiko  arkupe zabala, Logiaren fatxadako eskultura zuri eder ugariak,  kanpanile polita, erloju handi ederra, palazioak.

Arkupe luuuuzeeeee bat, zirrara eragiten du, agian arkupedun kale bakarra delako.

Kaperatxo kuriosoa kalezulo batean: adreilu puntazorrotzez egindako azpikoz gora dagoen konoa bailitzan, erdia etenda tarte batean leiho luzexka erromanikoak ateratzeko.

Eliza asko,  plaza ugari, badu gaztelua ere.

 

Irudimena: nahikoa dute egunkariko Amabirjina argazki bati kristal bat jartzea, kale ertzeko orman aldaretxoa egiteko.

Pintadak Logia plazan: CLORO AL CLERO - BOGLIAMO ESSERE LIBERE - MAXIMO RISPETO AL CAMPESINOS  DEL CHIAPAS - igitaia eta mailuka.

Herri honek Austriarekin izan ditu arazoak: ez dakit noren estatua baten oinean dio: “el populo insurgido contra la Austria tirana”. Askatasunaren aldeko betiko borroka.                     

Meza ondoren plaza bizitu bada ere, plaza bateko arkupeak antikuario eta jendez gainezka bazegoen ere, inor ez dabil kaleetan komertziorik gabeko igande-bazkalorduan, noizbehinkakoren bat ezik.            

 

Milanera bidean, granjak, behiak, zaldiak larrean, belar fardoak, soro zabalak, artoa, garia, mahastirik ez... orain artekoaren  nekazaritza mota ezberdina.

 

Hiru ekaitzek jo gaituzte Garda Lakutik Milanera bitartean;  autoestradako abiadura bizian harrapatu gaituzte hirurek; ekaitz batetik ateratzen ginen beste batetan sartzeko. Milanera sarreran izan da hirugarrena, izugarria, kamioi eta autoz bildurik ehundik gora askoko abiaduran, nahitaez bizkor errepideak horrela agintzen zuelako, kristalak urez lausotuta, garbigailuak ur dena kendu ezinik, geratzeko aukerarik gabe, hirira sartzeko autobidetik non atera behar ginen ez genekiela, dena autoestrada ezberdinen iragarpena, dena norabidea ... Baina atera gara, onik atera ere.

 

Kanpina:

Hiri erraldoia da Milan. Kanpin bakarra du, dagoen kalearen izena badakigu, baina herrizainak ez du ez kalearen berri, ez daki kanpina non dagoen ere. Karabineroen kuartelean ere ez zekiten, baina karabineroei esker aurkitu dugu azkenik.

Kontzertu batera etorritako 2000 gazte pasa ondoren, dena dago hankaz gora eta zikin kanpinean. Inguru dena da putzu  ekaitzen ondoren. Lurrak gorantz egiten zuen  zatitxo batean jarri dugu denda, putzu ez zen leku bakarrean.

 

Eguneko laugarren ekaitzak jo gaitu kanpinean, afaritan geundela kanpineko jatetxean, izugarrizko ur-jauzia: lehen dena putzu bazen, orain itsaso da kanpin osoa. Trumoiz, euriz eta hezetasunez kokoteraino, afaria gozoa izan den arren, animoz lur-jota hartu gaitu loak.

 

 

Ekainaren 12a.  Astelehena.  33.a

 

Bere aurpegi txarra erakutsi digu Lonbardiak. Ilunkaran ekaitza bota bazigun, etengabeko zaparrada izan da gau guztia. Gogaituta, bustia gorrotatuz, bizipoza erabat hautsita, gure abentura eta ametsak bukatu direlakoan, giroak gainditu gaituala sentipenez, Italiatik alde egitea erabaki dugu.

 

Milan

Hiriak ikustalditxo bat merezi zuela uste izan dugu halere, are gehiago dirua eskuratu behar genuenez. Hirira jo dudu alde egin aurretik. Izugarriak dira Banketxeko segurtasun neurriak: kanpoan, sarrerako kutxatila aproposetan, utzi behar duzu dena, aterkia barne, eta arakatu ere egiten gaitu segurtasun tipo batek.

Duomo:  ezinezkoa egin digu katedral famatua bisitatzea etengabeko zaparradak, autoa bazter batetan gelditu, eta bertatik begira egon gatzaio fatxada harrigarriari: gotiko ikusgarria da, beste zerbait espero banuen ere:  irudi asko: beste irudi asko falta zaio, gotikoaren orratz zorrotzak, brontzezko ate tzarrak, dena garbia, zuri, zaindua.

Plaza: zabala, ederra ikusten da.

Arkupea:  luze zabal berezia, Bruselakoa gogoratuz, saltoki eremu baterako sarrera izan daitekena.

Parkea: zabala berdea ondo zaindua hiri erdian: ibilitxoa egin dugu bertan aterrune batean: zerbait gogorarazteko eta goratzeko eraiki ohi den arku klasiko horietakoa, tamainoz handia, harrizko tailaz dotorea, ohizko zaldi eta zaldikoz gandorra, nongo arkupean aurkitu dute kloxarrek aterpea, monumentuak turistek argazkiak ateratzekoz gain beste zerbaitetarako ere balio duela erakutsiz.

Harlanduzko kale zorua, Belgikako galtzadarri horien antzerakoak eta gurpiletan soinu ozena ateratzen dutenak.

Bertan ibiltzea amesten genituen tranbiei begiratu  eta beraien kirri-karra bere-berea entzun hutsez alde egin behar izan dugu autotik ikusitakoarekin konformatuz: adreiluzko eliza borobil itxuraz ederra eta zaharra, kale-gurutze den plazaren erdian jeneral ospetsuren bati etsai asko hiltzeagatik eskainitako brontzezko  monumentu handia, eskultura modernoak han-hemenka, eliza pila, plazatxo asko, zuhaitz asko kaleetan ere, ezinbestekoak ziren iturriak: bat handia ur-tutu handiekin,  palazioak, handi ederrak, garrantzitsuak izandako garaietako hainbat xehetasun han-hemenka begi erneentzat, baita itxura desatsegina duen  garai bateko langileen auzo industriala ere.

 

Pitojole asko dago Milanen, erritmo eta estres bizian bizi dira nonbait.

 

Bidegurutzea da Milan, bospasei autoestraden sorleku edo helburu, agian ingurubide ere badira autobiok.

 

Pavia.

Zahar itxurako herri zaharra, txukun zaintzen badute ere;  labirintoa da egituraz.

Duomo: Italiako handienetakoa omen da kupula; adreilu puntazorrotzeko fatxada berezia du.

Alde Zaharra: Osoki oinezkoentzakoa da, harri laukitxozko zorua du, kantaria pneumatikoen pean.

Palazioak: adreiluzkoak.

Zubia. Harrizko zutoinen gainean adreilu eta egurrezko aterpea duen adreiluzko deigarria da, hiruzpalau arkukoa, ibai zabala zeharkatzen du. 

Ipurtalde eta barrabilak koloreztatu dizkiote plazako monumentuko zaldiari inguruan dabilen erreibindikatzaile bihurriren batek: “Frente autonomista lonbardo” pintada ere egin du.

 

Hiritik at:

Kanala eraman dugu alboan kilometro luzeetan, hondatuta dauden burdinazko zubi potxoloak zeharkatu ditugu, uraren garaiera kontrolatzeko esklusak ere hor daude: garai batetan ontziak ibiliko ziren kanal honetan, herriak lotuz, agian itsasoraino helduko ziren ere.

Eliza duen eraikuntza erraldoi interesgarria, komentua dirudi.

Bada  “Casa de los espagnoles” edo antzerako izena duen zerbait, baina hemen ezerk ez du gogoratzen eskolan hain harro ikasarazi ziguten Francisco I.a preso harrapatu zuteneko bataila famatu hura.

FRONTE AUTONOMISTA pintadak.

 

Certosa de Pavia. Monasterioa: Lonbardiako arkitekturaren ezaugarri nagusia. Harresiz inguratuta, Pobletekoaren antzera; turistentzako antolaketa petoa aurkitzen da barnean ate batetik sartuz. Monasterio hau zen gaurko helburua, baina, astelehena denez, itxita dago; kanpotik ikusitakoarekin amore eman behar izan dugu, Pavia behintzat ikusi dugula-eta kontsolatuz.

Bonbari tiratzeko sistema berezia zuen komun batek.

 

Italia ez uzteko azken ahalegina jotzea erabaki dugu. Frantziara ordez beherantz hartuko dugu Genoan. Eguraldiak onera joko duen, denda eta arropak lehortuko zaizkigun eta  gure animoak berotuko diren itxaropenak bultzatuta, Italian jarraituko dugu oraingoz. Ez dugu amore eman nahi.

 

Menditxoak, belarra, garia… ikusi ahal dira Alexandria inguruetan; lurralde pobreen ezaugarria bada garia, ez da aberatsa lurralde hau.

Scribia mendikate edo bailaratik doa autoestrada, baso gazte batean zehar, bihurgune asko eginaz, aldatsak tarteka, kilometro luzeetan. 

 

 

LIGURIA

 

Utzi dugu Piemonte. Ligurian gara. Itsasorainoko basoak, ezagunak jadanik guretzat. Ez genuen uste, duela hilabete bat luze,  hemendik izanen ginenik berriro, baina hemen goaz bide beretik. Arteza, zuzena, da Bilbo-Behobia autobia honekin konparatuz. Ezagunak ditugun tunelpeak, biaduktuak, Carrarako mendi zuriak.

Orduko 120tik gora goazela tunel barruan argi xafladez eta tutuz aurrera bidea eskatzen du auto erreskadak, ziztu bizian aurreratzen gaituztelarik, kamioiak aurreratzeko ere denbora tarterik  utzi gabe.

 

Euri zaparradak ditugu tarteka lagun bidean.

 

Akueduktu izugarri luzea Cuca inguruan, badirudi mendikate batetik beste batetara doala bailara zabala zeharkatuz: konpontzen ari dira. Turismoa!.

Mendi oso bat da harrobi, ehunka metrotako garaieran mailaka sailkatuta, izugarria.

Oso menditsua da Firenzzetik Sienara bitartekoa, mendi garaiak, dena da baso, tarteka herriak, bihurgunez bihurgune egiten du bidea autoestradak, mendian zehar.

 

Bota berri zuen lainoek zaparrada ederra Sienan,  bustia, hezea dugu hemen ere kanpina!!!. Hirian ostaturik ere ez, eta kanpinean bukatu dugu, halako batean lortu dugu afaltzea herrira mila joan-etorri egin ondoren. Bestelako egun bat argituko al da bihar.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.