Bidaiak
Viterbo.
Lautadan kokatutako herria. Harresiduna. Ezustez ezuste joan gara hirian, ikusgarria gertatu baizaigu ezereztxoa uste genuena: sakabanatuta dauden arren, mila etxe, jauregi eta txoko eder ditu. Arkuak, kalexkak, eskailerak, balkoiak diruditen etxaurreak: patxadan etortzeko hiria, kaleetan galtzera, artelanak, txoko xarmantak bilatu eta beraiez gozatzera. Ez da etorri, zerbait ikusgarria ikusi, eta alde egitekoa, Orvieton egin dugun antzera: ez dago izugarrikeriarik, baina bai eliza eta iturri handi eta eder asko; ezer ez da distiratsua, baina dena da antzinakoa, denak gordetzen du bere edertasuna.
Parte Zaharrak: plaza kuttun-kuttunak ditu.
Erromesen kalea: kuttuna da benetan, baita ohizko osagai guztiak dituen bere erdiko plaza ere: dorre bat ere badu baita bertara igotzeko aukerako eskailera duen balkoi edo jendetzaren aurrean agertoki litzaken dorretxoa ere.
Plaza: osagai guztiak ditu ere kale nagusikoak, norako bi sarrerek lehoi bana duten zutabe garaien gainean.
Aita Santuaren palazioa: Luna Aita Santua egon zen gordeta Peñiscolan, ez dakit nor gorde zen hemen; hor dago Konklabea egin zen aretoa.
Katedrala: harrizko austeroa; ur-bedeinkatu ontzi ikusgarria; nerbioak pintatuta dituen zurezko sabaia; ez dute gradatik ibiltzen uzten, marmolezkoa ez dirudien bitxikeria polita baita; urduri zebilen eliz zaina bertan ibiltzerik ez zegoen zorua zapalduko ote genion beldur, libururik saltzen ez zuelako agian.
Frantziskotarren eliza: gerra denboran bonbardatuta izan ondoren berreraikia: bi aldare eta fresko ederrak; gotzain eta kardinaleen hilotzak harri bihurtuta urre koloreko mosaikoa diren zutabe gaineko tenpleteen azpian; ur bedeinkatu ontzi polita Jesusen bataioa irudikatzen duen brontzezko artelana. Terraza. Eliza.
Harrizko pulpitu ederra dute bi elizok aurreko deskantzu edo zabalgunean; Bretainian ikusi genituen lehenengoz, baita Italiako zenbait herritan ere orain,-herri batekoak ez zuen pulpitutik eliza barrura sarrerarik, besteetakoek bai-: agian barruan tokirik ez eta eliztar asko kanpoan gelditzen zen, eta haientzako sermoia egiten zen hemendik.
Bada hirian irudikatuta eta argazkietan ikusi dugun ohituraren bat: dorrea egiten dute eta gizon pilak eramaten bizkarrean. Uste dugu urtean dorre bat egiten dela; ezin izan dogu beste aztarnarik atera.
Polizia asko dago hiri honetan, ez diogu antzik eman zergatik. Soldadua ere piloa dabil bazterretan neskalagunarekin, familiarekin, bakarrik... kuartela dirudi hiriak: igandea, egun libre eguna izaki.
Ia beste inor ez zebilen kalean: agian igandea zelako.
Zer egiten ote zuen ostera kakalardo batek tatarrez Viterboko harrizko zoruan: ze bikote edo jakiren bila.
Orte, mendixka edo haitz gain batetan, taxuz haitz-puntari lotuta, ikusgarri polita da autobidetik begiratzeko.
Terni gerran altzairu-fabrika gune zelako bonbaz hautsi zuten, gaur egun ez zaio ia zaharrik gelditzen. Oso xumea da plaza bera ere.
Ekainaren 19a. Astelehena. 40.a
Oilar kukurruku biziz, txakur zaunka ozenez, antzar karraskada garratzez, txori soinu gozoz bildurik bizi gara artadi honetan. Cascada delle Marmoretik Tiernirako bidearen ikusgarritasuna, beheko bailararen berdea eta inguruko basoen zabala ditugu ikusgai, bihurgune sarri bakoitza behatoki bihurtuz. Harizti bihurtutako kanpinean lababo batzuk kanpoan ditugunez, bizar-kentze eta hagin garbiketetan bizkarrean ditudan hurreko artadi trinko bezain garai zabalak eta urrutiko harkaitz zuriak eta berdeguneak tartekatzen diren Apenino menditzarrak begiratzen ditut ispiluan.
Nekez azaldu ahal ditut miraria diruditen herri ahaztuetako kalexka epelek sentiarazten duten barne eremuko ferekak, sentipen antzerako “zera” batetan ez bada, errepika ezinak.
Herri abegitsua da Italia; sentimenduen areto iluna argitzen duten eraikuntzak dira Italiakoak. Kanpineko sentipen baikorra borobiltzeko, bigarren eguna jarraikian daramagu euri eta zaparradarik gabe.
Latium eta Umbriako herri gotortuek ez dute arkupedun kalerik. Bestalde, ikusten ditugun herrietako biztanleria oso apal bizi da, jende xumea da, munduko herri guztietakoa bezalakoa: kanpinean ikusten den giroa ere arrunta da, arnas bila datorren jende apala.
Kolore granate bereziaz ezaugarri dira bide-zainen etxe gehienak: hutsik daude Italian ere.
Italiaren bihotz berde erditik doa gaurko bidaia, artadien erditik, bide bazterrean akazia bada nagusi ere.
Spoleto
Erromatarren bide-zubi baten gainean eraikitako 80 metro garaierako zubia du: erraldoia bada izan, graziarik ez du. Garbiegiak daude bai gaztelua, bai zubi erraldoia, berriak dirudite. Herriak ostera liluratu egin gaitu: aparkalekurako ikurrari jarraituz sartu gara kale-artean, autoa eta oinezkoa batera sartzen ez diren zabalerako kaleetan barrena, oinezkoari jarraiki askotan bidea emateko lekurik ere ez zeukalako. Harresi barruko dena da kalexka, etxe azpiko pasabide, kale alde bietako etxeak arkudun horma-bularrakin elkar eutsiz, kale pikoak, zokoak, txokoak, bazter arruntak eta zokondo politak, zoru konpondu atseginak eta enkatxo zaharrak. Inor ez dabilen kaleetan, bakarti, aroz galdu garen sentipena izan dugu.
Erromatarren etxea: oso osorik iraun du; itxita zegoenez ezin izan dugu ikusi, baina kanpotik begiratuz adreiluzko ganga baxua du: ez nituen jite horretakoak irudikatzen erromatar etxeak ikusi izan ditugun hondakinetatik.
Iturria: ezagutu dudan handiena: buru erraldoiak errekatxoa den ur-korronte bizi eta bortitza botatzen du aho tzarretik.
Duomo: edozein liluratzeko fatxada ederra, osotasun osoan: mosaiko bizia, dena da argia; denborari neurririk hartu ezinik eduki gaitu lelotuta berari begira, xumetasunaren xarmak eraginda: bost errosetoi ditu, egin ez ziren beste birentzako lekua ere hor dago oraindik handiaren alboetan: Orvieto eta Asisen ikusi genituenen antzerakoa da errosetoi handia; arrosetoiari eusten dien sei zutoin txikietatik gizairudiak dira bi, kariatideak antzo; bost arku apalek egiten dute elizpea, zabaltza bihurtuz gaina; elizpearen bi aldetan, kanpora begira eskailerak elizpetik duten bi pulpitu txiki, herrialde honetan sermoiak plazan egiten zirela erakutsiz: izan ote zen S.Frantzisko hemengo hizlari?. Barnea: sarreran, antzinako guztiak bezala, fresko xarmantak bi kaperetan: tortikolisa egin zaigu gora begira!; nahitaez ere ikusi beharreko zur landuko atabaka tzarra, ingelesez ere dirua eskatuz letoizko txapa grabatuan; borobilak, laukiak eta erronboak eginezko mosaikoa xumea da zorua, takar xamarra, landu gabea ere bai, baldar itxurakoa, baina polita, efektu atsegina lortzen du; Fray Filippo Lippiren freskoak gangetan, koadro handiak, liluragarriak: behealdeko Amabirjinaren Deikundea ezkerrean, heriotza erdian eta erditzea eskuman, gangan bertan Zeruetan Koroatzea: zoragarria!; bada koadrotxo eder bat ere beste kapera batean; gehienek betetzen ez nauten koadro piloa duen kapera ere aitatu behar: ez dakit beraiez iritzirik ematen, agian gangako freskoekin nahitaez alderatzen ditugulako; erlikien kaperako freskoek ere ez didate sentipen berezirik sortarazten, baina erretaula osatuz buelta osoan dituen Testamentu Zaharreko kolore atseginean pintatutako pertsonaiek indar handia dute, gustura begiratu eta ikustekoak dira, sitsak jaten hasiak daude, tamalez; erretaula bera ere ederra da, egur landuzkoa, inkrustazioak, filigranak, miniaturak ditu: zer den ez dakidan arra-erdi luze eta lau hatz zabaleko eskuizkribua gordetzen du; bi kofesaleku handiak eta bitxiak: apaizak ohi den bezala eserita egoteko aukera du, baina bekatariak ber-bertako aurreko taulara begira egon behar du, hitz egiteko burua erabat jiratu beharra duelarik saretxora, tortikolisa delarik segur aski bekatuen ordaina; guri bai egin zaigu tortikolisa bertako gangara so. Naif deigarriak dira Adan eta Noek dituzten barrabilen estalgarriak.
Sarkofagoa: harri zurikoa, eliza aurreko Plaza zabalean, erromatarren bataila bat du zizelatuta, aska edo iturriarena egiten du; oso higatua dago, antzinakotasun itxura gehitzen dio horrek.
Eufemia Doatsuaren Basilika: xumea eta txikia, erromanikoa; garbituegia dago aukeran, faltsu taxua, berri tankera, hartzen baitu: ganga ederra du, aurrealdea ere ederra da dorretxo txiki batekin.
Bi portale edo etxaurre: gaur egun denda dotore bihurtuak; ezin daitezke esplica ikusi gabe, berez ere esplika zailak baitira: harri zurizko sarrera estu bat dute kaletik, bi horma alboetan eta gainean arkua: ate edo bigarren ate bezala lau ataleko oholtzak, tamaina guztietako mila eta bi txinget, gako, pasadore eta sarrailekin, batzuk atakarekin ere; lau zatitan hertzi daitezke: osorik, hiru laurdenak, erdia, edo laurdena.
Azoka-plaza: ez du zer askorik begiratzeko, ordulari handia ez bada edo horma gainetik erortzen den ura iturri bat osatuz.
Monteluco. Espoletotik 7 kilometrotara, goi batean, Spoletoren Arrate bailitzan. Gaineko lautada batetan dago kokatua, badu bere Kantabria eta Ixua, bere ostatu eta hotela, baita autobusa, mahaiak, iturria eta arratsalde pasa dagoen jende pila ere. Paraje atsegina eta zaindua; artadia da basoa. Frantzisko dohatsuak fundatutako Monasterioa da bertako Santutegia: dena da neurri txikikoa, atsegina, sei bat metroko txiki-txikia da eliza bera ere: aldare ostean aulkiteria eta koru apalak, alboetan bi kaperatxo. Behe aldean Eibarko erreka zuloen ordez garitza horia den lautada zabala zuhaitz berdez zipriztindua: Maltzagatik, Azitaindik edo Markinatik Arraterainoko dena artadia da hemen.
Acquapartera bidean ikusi dugu soroen lehenengo urestaketa: guk berriz euripetik atera ez garen sentipena dugu.
Mendiz mendi, gainez gain goaz, baina gaur ez dago atzoko herririk. Etxe berri asko dago, baina batez ere etxaldeko eraikuntza ezberdinen multzo arreak.
Auto deskapotagarri asko dabil Italiako errepide eta kaleetan.
Todi.
Tontor batean dagoen hiri piko-pikoa. Bakoitzak bere atea duen hiru etxadi-eraztunek osatzen dute hiria: lehen eraztuna, beherenengoa, Erdi Aroko eta erromatarren etxadiena da; noizkoa edo norena ez dakidana da bigarrena; zati etruskoa gorengoa. Etruskoa da dotoreena, harlauza zabalez oso ondo lauzatua, jauregiak dirudite etxe denek, asko dira palazio direnak ere. Beste eraztun biak berrikuntza lanetan daudenez desatseginak dira, zoru berriarekin politagoak geldituko diren arren; baina nolanahi lehenengo eraztunaren etxaurreak zaharkituta daude; bigarren eraztuna atseginagoa da txukunagoa eta zainduagoa baita. Antzinako herrietako kale eta kalexkak, kale artezak dira, simetrikoak, kale bihurririk gabe. Ateetako batek arrano handi bat du, erpeekin helduta zapi bat eta bere hegalpe bakoitzean arrano txiki bana: hiriaren ezaugarria da, arrano bera errepikatuta ikusten baita hiriko zenbait lekutan.
Etruskoen zatia: Plaza ederra du, bertan zerbait hartuz eserita kontu-kontari dagoen jendez, patxadako giroa du.
Logia: harrizko zutabe sendoetan oinarritzen da sabai adreiluzkoa; harridura sortu digu, gaur egun garaje lanetarako erabilia baitago; ez du dorrerik baina bai kanpaitxoa fatxadan, baita eskailera zabaleko jauntxoaren agerraldirako zabaltza ere.
Jauregia: ederra eta handia.
Duomo: egile berdina zebilen inguruan, agian modan zegoen, baina egunotan ikusi ditugunen antzerako arrosetoia du honek ere; mailadi luzea aurrean plazari giro propioa emanez; sarrera gotikoa zur tailatutako ate erraldoiarekin; abside aldeko oste-aldea du berezia: erromaniko arkutxoen zutoinek tamalez higatuta baina burutxo tailatu piloa dute beheko erremate bezala; leiho gotiko tailatu ederrak, bakoitza ezberdina; auskalo nora edo zertarako doan eskailera harrizkoa balkonada gisa; dorrearen alboko azpialdean zurezko sarraila erraldoizko ate erraldoiak dituzten antzinako zaldiak edo gurdiak gordetzeko zitezkeen zuloak gaur egun denda bihurtuta.
S. Fortunato: goi aldeko berdegune batean; hainbesterainokoa ez bada ere Gironako katedralaren aurrekoa gogarazten digun mailadia du aurrean; ate gotiko ederra, arku piloz osatutako arku osoa, landugabeko leuna; horma guztiak pikatuak daude, harriak agerraraziak; arku gotikoz garaia, sabai zuria… eremu goibel baten sentipena sortzen du barnealdeak: ez da eliza austeroa, eliza hutsa baizik, bihotza eremu dutenentzakoa: hemen ezin daiteke inorekin komunikatu, ezin daiteke ez izpiriturik ez ipurdirik berotu; fresko hondakinak; organorik gabeko koru erraldoi deigarria baina alferrik galdua; pulpitua dirudien harrizko balkoia eskumako gurutzaduraren goi-goian; aulkiteri oso landu ederra; presbiterio aurreko burdinsare batetik ere ikusgai aldare nagusi pean Portunato Doatsuaren hezurrak gordetzen dituen marmol zuri-gorrizko hilobi erraldoia; zurezko pulpitu handia bere inkrustazioekin ia buelta osoa emanez zutabe sendoari; ur-bedeinkatu ontzi txikia oso landua harri gogor batetan; Portunato Doatsuaren estatua erraldoia bakarti, trakets eta bitxi, aldare ostean inolako osagarririk gabe.
S.Nikola eleiza: olioak gordetzeko ataka duen harrizko bataiarri garaia perretxiko digante bailitzan: nola demontre moldatzen ote dira umearen burua ureztatzeko!.
Herri txukuna geldituko da Todi berrikuntza lanak bukatutakoan, baina aldapara ez dio inork kenduko.
Italian ere, bat palarekin lanean, eta bost kasko handidun begira.
Euskal kutsuko Baldasarri deitutako bat dabil hemendik furgoneta batekin: izan ziren izan gerrari euskaldunak Italian, hezurrak ez ezik agian hazia ere utzi zutenak.