Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Bizitza I

Jon Etxabe 2016/06/14 10:29
Bi zatitan doa atal hau. Ez dut gaiagatik banatu bakoitza luzeegia izan ez dadin baizik.

 

Bizitza

Zer den

* Hezkuntza ikastaroa da bizitza jaiotzatik heriotzara arte.

* Eskuetan harrapatu bai, baina labain egiten digun aingira bezalakoa da bizitza. Likin apur bat utzita alde egiten digun tarte bat.

* Zain egotea da bizitza osoa, beti gaude esperoan, gerora begira, zahartzaroan ere ondoren zer. Batzuek zerua espero dute, beste batzuk bizitzako ahaleginak gerorako onura izatea.

* Naturaren broma bat da bizitza. Broma inkontziente bat, gizakiak soilik egiten du kontziente broma hori.

* Bizitzako gauzei edo osagaiei gehiago begiratzen zaie bizitzeari baino, gauzak ez dira bizitzeko baliabideak, helburu bihurtzen dira, bizitzaz baino bitartekooz gehiago gozatzen da,  agian bitarteko, osagai edo baliabideok dira bizitza konkretua, bizitza bera.

* Bizitza ez da hipotesien bilduma, erabaki konkretuen gauzatzea baizik, erabakiak hartzearen ondorioa. Erabakia da askatasuna, eta askatasuna zama astuna, ondorioz bizitza ere.

 

Kosmosean

* Nora doa, non eta nola bukatuko da, bizitzaren eboluzioa?. Auskalo. Gu bakoitzeko bizitzak ez dira ezer bilakaera honetan, baina aldi berean, ezin bestekoa da eboluzioan besteen bizitzei lotuta

.* Musika guztien itsaso dela bizitza, isiltasunak jotzen duela azken doinua: bedi neurri batetan heriotzari eta bizitza kontzienteari dagokionez; baina ez da isiltasun totalik gure bizitzan, doinu aldaketa baizik, gure gorpuzkinak beste partitura batetan sartzen dira heriotzarekin.

* Isiltasunera doan musika da bizitza tarte kontzienteki eraiki honetan, baina gure bizitza kosmosaren musika izanen da, betirako.

* Heriotzarekin erabat suntsitzean oroimena, ate berri bat zabaltzen ari zaio kosmosaren barrena, ibilbide batera abiatzeko, kontzienteki eginen ez badu ere bide berria, eternoa den bidea.

 

Bizipoz

* Zenbat balizko txokolate-ordu galtzen dugun, txokolatea prest arren, hitzordua gauzatu ezinik.

* Gu bakoitzaren baitan, errealitate gordinenean ere, fantasiak hartzen du leku eta tarte gehien.

* Bizitzan jokatu beharra dago beti, -taldean beti- talde kaskarrenean jokatzea tokatzen bazaigu ere. Nolanahi ezin diogu jokatzeari uko egin. Jokoaz beste egiten duenak ere, jokoa bukatzeko jokoaz jokatu du.  Jokoa jolas ezin bihurtu ahal izatean datza gakoa, jokoa nekea eta sufrimendua baita.

* Gutxi irakurtzen dugu, agian horregatik da hain arrunta gure bizitza.

* Gehienok bizi gara lo.

* Esna, baino ez erne, egiten du gizakiak ia bizitza osoa. 

* Bizitzak noiz okerrenera egingo, desesperatuaren burutazioa.

* “Ustelduta egotea horixe baita: gauzak nonbait egotea tokatzen ez zaienean, behar ez duten garaian. Zer da sagar ustel bat, beranduegi existitzen jarraitzen duen sagarra ez bada?”, U. Alberdi.   Gizartea usteldua dagoela dirudi, badirudi gauzak ez ezik pertsonak ere ez daudela ez behar den tokian, ez behar bezala, ez behar duten garaian. Baina hori bizitzaren legea da, uneoro dena aldatuz doa, eta uneoro lekuz kanpo uzten gaitu joanak, baina beti gaude gauden tokian, tokatzen zaigun tokian, usteltzen goazen sentipena garratza den arren.

*Ze zaila den bizirik sentitzea, kate motzen lotzen du gizakia iraupen-kezkak gizarte bortitz honetan.

* Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke  zentzua, garrantzia eta bristada gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio horiek egiten dute letra larriko Historia, istoriook izan behar lukete autoestimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan.

* Autoestimua, bizipoza, norberarekin ongi aurkitzean hasten da.

 

Zergatik-zertarako

* Zergatik gauden?, maitasuna deritzoten pitzadura batengatik

* Zenbait pertsonak ez ote dio bizitzari eusten bizi-erritmo azkar bati esker, ezinegon hori da sarri bizitzari eusteko funtsa.

* Hiltzeko gogoraino jotzen gaituenean gaitzak pentsa ohi dugu hobe litzakeela ez izatea, baina ezingo genuke hori bera pentsa ahal, izango ez bagina. Hobe nonbaiteko azkena, inongoa baino.

 

Elkarbizitza

* “Hura da ni, ni naiz hura, bitarterik ez dago” Amurizak. Ni-zu filosofia hori gauzatuko bagenu, bestelako litzake bizitza.

* & Elkarren ondoan jarraitzea behartua denean bilakatzen da zitala konpainia behartu hori: beti eztabaidaka eta beti elkarren ondoan: egoera berezia. Onartutakoa denean, gizakiaren kontraesanetariko bat da, tarteka zitala, tarteka eramankorra.

* Denok bizi gara lubakiz inguratu eta babestuta, tarteka soilik ateratzen gara lur zabalera, inoiz ere ez asko, eta burua agertuz bakarrik.

* Karitatearekin lotu ohi dugu ematea. Norbera ematea, aldiz, norbera osatzea da eta hori da bizitza. Zikoitzaren bizitza, hutsala da.

* Gu bakoitzak beste existentzia berri ezberdin bat dugu  ezagutu eta ikusten gaituztenengan, horietako bakoitzean bizi gara. Existentzia pila dugu beraz.

 

Kontrabidean

* Bere nahierara egokitu nahi izaten du gizakiak errealitatea, baina tematia da errealitatea, bere legea ezartzen du, eta aurre egin behar izaten diogu.

* Geurea den bizitzari ihesean bizi gara, geurea ez den bizitzaren bila.

* Ziurrera jokatzea erakutsi digute beti, dena dugu edo eduki behar dugu aseguratuta: horrek kentzen dio bizitzari distira, kamustu egiten du bizipoza.

* Inertziaz bizi garen sentipena dut, aurrera jo asmoz zeregin ezberdin eta handikiei ekiten diogunean ere.

 

Zer da

* Bi betikotasun ilunen arteko iluntasunaren gainean, sarerik gabe, funanbulua hari gainean bailitz,  kulunkatzen den argi izpia besterik ez da bizitza; beti heltzen zara ertzera, eta, orduan, ikuskizuna.

* Antzoki bat da bizitza, non bakoitzak bere rola jokatzen duen, rol hori zein den ere jakin gabe gehienetan, eta inprobisatuz gehiagotan.

* Labirintoa da bizitza da, heriora daraman labirintoa, norabide eta osagaiz etengabe aldatzen dena, dena kantoi, dena nora erabaki beharra, hurrengo pausoak nora daramatzan ez dakizula; biharamuna beti ezezagun.

* Labirintoa da bizitza, heriora daraman ibilbide korapilatsua.

* Bizitza, gehienetan, iraunkortasunari eutsi monotonoa besterik ez da.

* Ametsa da bizitza bera, ametsez osatutako ametsa. Ez dago  merezi ez duen ametsik. Bizitzak merezi du, amets oro da balekoa. Ametsak  baztertu edo gutxietsiz, amore ematen diogu bizitzari, bizipoza ito.

* Ilusio bat da bizitza, errealitateak zartatutako ilusioa, eguneroko edo uneko ilusio izpiek eutsiarazteen dutena.

* Beti zerbaiten bila gabiltzan bidaia da bizitza. Zerbait baliagarri edo helduleku baten bila gabiltza beti gizakiok, iraungailu edo iraungarri izan dakigun zerbaiten atzetik, sinbolo edo ikur bihurtuko zaigunaren egarri. Mila mota ezberdinekoa izan daitezke  euskailuok.

* Bidaia bat da bizitza. Norberaren bidea egin eta asmatu behar du bakoitzak, besteren esklabo egin nahi ez badu egin behar duen bidea, bakarkako bidea baita bakoitzaren bidea, beste bidaia-kideen ondoan edo paralelo edo gurutzatuz.

* Askok egiten dio barre bizitzari, txiste bat bailitz, baina arazo serioa da bizitza.

* Bizitza, abentura?, Abentura, arte? Galdetzen zuen idazleak. Ai hala balitz.

* Etenik gabeko ametsen katea da bizitza, esnako amets inkontziente edo hausnartu gabekoena gehienetan.

* Gizakiaren bilakaera da bizitza.

* Unez une, gidoi idatziz edo ez, antzezten dugun komedia bat da bizitza, agian txantxa bat ere bada, errealitate krudelenean ere.

* Bizitza osoa hondartzako zirriborro bat da, olatu ezberdinek desitxuratu edo ezabatzen doazenak, azken olatuak desagerrarazten duen arte. Zahartzean jabetzen zara horretaz.

* Ekaitz bat bezalakoa da bizitza, bere zurrunbiloan irensten zaitu, ezer gutxi egin ahal duzu indar horren kontra, zaramatzan korronte horretara egokitzean eta aurrez edo alde igeri egiten jakitean dago bizitza eroso eta emankor baten gakoa.

* Karanbolen jarraipen bat da bizitza, bola bat gara beste bola batzuekin topo edo elkar joka, oso gutxi aldatu ahal dugu bolen norabidea, eragin norabide aldaketa hori karanbola bat baita bera ere, gutaz kanpoko zerbaitek darabil haga, besterik uste badugu ere.

* Misterio bat da bizitza, uneoro bere sekretuak erakusten ditu eta aldi berean erakutsi dizkigunak estaltzen, orain dakartza ur uherrak eta geroago garbiak, baina beti da ibai sendo eta irmoa.

* Unean-unean, usten duen onena egitea da bizitzea, onerako edo txarrerako, irabazi edo galdu. Denboraren joanari erreparatu gabe. Edozer egiten dugula, beste aukera guztiak, infiniturainokoak beti, utzi eta galtzen ditugu: hori da bizitzaren eta askatasunaren funtsa. Ez tragedia, ez zoriona. Bizitzea soilik. Denbora ez dugu guk kontrolatzen.

* Batzuek bizitza ametsa dela diote; bada ere, erradikal, ezkor edo poeta, bizitza hilen oporraldia dela dionik ere.  Amets polita da hilen oporraldi hau. Lastima esnatzen garenean  ez garela oroituko izan ginenik ere.

* Heltzen zaizkigun apurrekin zoriontsu, sekula iritsiko ez den zerbaiten esperoan egotea da bizitza,.

* Egun bakarreko bidaia dela bizitza iruditzen zait sarri, edo egun bakar gutxikoa.

*.Bizitza hitz ordu bat omen da, baina norberak jarri gabeko orduan heltzen da, eta norberak aukeratu gabekoan joaten ere. Ez dakigun orduan harrapatzen gaituzte batak zein besteak..

* Hari guztiek elkar gurutzatzen duten ehuna bezalakoa da bizitza, baina hariok nork gurutzatzen dituen da arazoa, norberak ez beste norbaitek edo zerbaitek ehuntzen baitu ehun hori gehienetan, gure bizitza inoren esku utziz.

* Eskatu gabeko opari bat da bizitza, kendu ere zure baimenik gabe kentzen zaizuna

* Besteekin lotu behar duzun engranaje bat da bakoitzaren bizitza, hagindun gurpiltxoa bat; bestea den gurpiltxoaren haginekin lotzen ez badakizu, desorekatuta biziko zara.

* Sinbolo bat bezala da bizitza, ikurrez betetako sinboloa, eta sinbolo eta ikurrok dezifratzen ez jakiteagatik galtzen ditugu bizitzako mezu gehienak, eta bizitzaren onbide gehienak.

* Bizitza: gorputzaren galera, arimaren galera, giza galera porroskatua; asken finean bizitza porrota dela  teoriak partzialtasunaren pipia darama bere baitan. Galerekin batera irabaziak dakartza bizitzak. Zerbait positiboa baita heldutasuna ere. Delako porrotaren hipotesian, gizaki jaioberria litzake izakirik osatuena, onena, galerarik gutxienekoa delako, alajaina.

 

 

Jakituria

*  Bere bidea egiteko errespetatu beharreko arauak ditu bizitzak, baina tarteka aurrea hartu behar zaio: hori da jakituria.

* Munduan egotea, bera soilik ere, jakituria da, egote kontzientea den heinean; kontzientziak egiten du jakintsu munduko ikuskizunari begira egotearekin konformatzen dakiena.

* Bizitzeko forma bat da itxaroten jakitea, denbora irabaztea. Denbora irabazi nahian, presati, urduritzen denak, bizitzako zati bat galtzen du, denbora zati bat.

* Bizitza osoa da arriskua, eta arriskuetatik ondo ateratzen asmatzen duenak soilik du bizitza oparo eta zoriontsua. Errazkeriak leloa soilik asebetetzen du.

* Besteengandik jaso eta besteei eskaini, erritmo eta oreka hori betetzen ez duen biziduna hilik da.

* Daukaguna daukagu, dagoena dago, daukagun dagoen hori administratzea edo baliatzea da bizitzen jakitea, eraman egingo gaitu bestela bizitzak, esklaboago bihurtuz.

* Zer dakite bizitzaz tarteka astindu bat pairatzen ez duten horiek.

* Teoriak garunetan prozesatzea eta teoriok egunerokoan mamitzea bi errealitate ezberdinak dira, urrunekoa bata, ukituzkoa bestea, lehenengoa ere bada izan eragilea, baina ez gaitu astintzen.

* Ariketa bat bizitzari buruz: atzera begiratuz, norabidea aldatu diguten bihurgunez hausnartu.

 

Jarrerak

* Badira amildegiaren ertzean eseri eta ezerezari begira atsegin hartu nahiko luketenak, baina bizitza zurrunbilo bat da,  ez du amildegirik, existentzia duen ororentzat ezinezkoa da begirale soila izatea, ikuskizunaren partaide da bera ere.    

* Abentura behar du izan bizitzak, norbere bila, azaleko harat-honatean, baina barnera ibilian beti. Galtzeko arriskua hartzen duenak aurkituko du aurkitzekorik bada. Zorionekoa bere burua aurkitzen duena.

* Ihesa gutxitan da salbabide. Arazoari aurre egiten dionak du garaile aukera.

* Bizitzak baditu une bereziak, non burua ez ezik sen osoa argia eta librea sentitzen duzuna, “ai bizitza horrelakoa balitz” diozuna.

* Denok bizi gara beste egun baten zain, esperoan,  besteak ez bezalako egunen ilusioz edo itxaropenez, egun bakoitza beste egun besteak ez belakoa bihurtu ordez.

* Hor dago koska. Kanpora ihes eginez nahi dugu barne-penei ihes egin, baina barnera bidea eginez soilik atera genitzake kanpora barneko pena horiek eta lasaitu.

* Nolabait itsasoaren zati naizela dakit, zati izate hori bizi dut, horregatik dut gizarteagan eta etorkizunean itxaropen,  horregatik ez dut etsi,  horregatik itsasoko olatuetan hegira, puntara igotzen ahalegintzen naiz, ez dut galdu nahi askazia ahaleginaren partaidetza, neurri apalean bada ere.

 

Bidaiatzea

Jon Etxabe 2016/06/10 11:02
Baditut bi lantxo bidaietako irakurketetan bidaiatzeari buruz eginiko burutapenekin. Agian, geroago, sareratuko ditut. Hauek aurrekoen haritik eginikoak dira.

BIDAIATZEA


Zer den

* Egunerokoari eten bat egitea da bidaiatzea.

* Bidaiatzea atsegina da. Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila, izan daiteke helburua. Bidaia ez da etena, bizitzako osagai bat baino. Bidaiariak beti du helburu bat. Inora ez den norabait iriztea akigarria da, etsimendua. Bidaiaren prestaketa eta ondorengo gogapenak ere bidaiaren zati dira, sarri asegarrienak.

* Bidaiatzea, misterioan barrentzea da, ziurtasunak utzi eta ibiliari ekitea, “poesia liburuak irekitzea bezala, inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun” zioen poetak.

* Bidaia luzeetan gertatzen da bidaiak opor kutsua galdu eta egunerokotasun bihurtzen dela. Paraje bakarretan ere gerta ohi da: ibiltzea, bazterrak ezagutzean jendarte ezezagunean murgiltzea zure egunerokoa bihurtzen dela. “Baina denbora batetik aurrera, bidea bera etxe bihurtzen da, eta neke eta deserosotasunetara ohitzea ederra da”.

* Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala da bidaiatzea, horretan ari ohi dira lurralde berri batera aldi baterako, bisitako ikusmiran etorritako gehienak.

* Asteburuko irteerak eta bidaiak dira elkarrekin egoteko maitaleen amarrua, eguneroko begi eta esamesei ihesiko desordu eta deslekuetan ibiltzea.

* Loa arantzez landatzen diguten mamu agerikoen artera, oinak erreko dizkiguten deserriko kilometroak egitera itzultzea bezalakoa da bidaiatik sorterrira  itzulera; oinak zoli, betiko etsaiei aurre egiteko prest, ihesa baino indarberritzeko pausaleku izan zaizkion ibiliko parajeetatik.

* Zorigaiztokoa  bidaiatzea bizitzako euskarri nagusia gertatzen zaion gizakia; egunerokoaren osagarria behar du izan bidaiatzeak bizitza asegarria nahi duenarentzat. Bestela iheslaria izanen da bidaietan.

* Ez dakit bidaiatzea eskolarik onena den, eskola ona eta eraginkorra dela bai. Aldatzen ez zaituen bidaiak  akatsen bat du. 

* Aske sentiarazten ez zaituen bidaia, etxetik hurbil edo ezagunean bada ere, bidaia antzua izanen da.

* Klima eta lekua aldatzen dira oporretan, ohiturak eta jarrerak ez, aske sentitzen gara baina geure gatibu jarraitzen dugu. Beste zerbait behar du izan bidaiatzeak, bakoitzaren barnera begira jarri, ohiko jokamoldeak hautsi eta askeago eginen gaituen zerbait.

* Non ibili, halako hauts. Oinetako hautsa: bidemin saria, ibilbidearen agiria,  ibiltariaren ezaugarria. 

 

Nor ibiltari

* Bidaiatzea beti izan da bizitzaren osagaia: nahitaezkoa edo halabeharrezkoa batzuetan, plazerezkoa bestetan. Zorionekoa bidaiatzearen zoriona aurkitu duena. Bizitza osatuagoa izanen du.

* Bide ibilietatik dabilena turista edo ibiltari soila izanen da. Oso askea, barne askokoa, behar du izan ez dagoen bidetik bidaiatzeko,  zapaldutako bideak utzi eta bide berriak asmatzeko. Norbere baitan aske eta besteengandik aske batez ere. Oso bakanak eta bakarrak dira horrelako bidaiariak, biderik ez dagoenean bidaiatzeko gai direnak.

* Sarri galtzen gara bidaietan, ondoen planifikatutako bidaietan ere, galdu beharra ere badago agian. Baina ze amorru ematen duen bidaia batetan galtzeak. Galbide eta amorruok gainditzean  dago bidaiari sena.

 

Zertarako

* Bidaiatzea beti da atsegina. Aberasgarria, okertzen denean ere.

* Helburura heldu aurrekoari halako urduritasun goxo eta misterio kilikagarria dario.

* Abentura punttua, irrika berezia, urduritasun ziztadaren  eragina du bidaia arrunt eta errazenak ere, are gehiago gorabeherak dituenean.

* “Nahikoa eta gehiegi pisatzen du zeruak bestela ere nire sorbaldetarako, ez dut beste kargarik behar. Ez horixe”. Sorbaldak arintzera doa lurralde ezezagunetara ibiltari bisitari denak, eguneroko arduren zama arindu nahi dute batzuk, urteen astuna besteek. Pauso arina ohi da bidaiariek daramatena, makuluekin edo junturak minduta dabiltzanek ere. Gorantz igoz arintzen da presio fisikoa, alborantz urrunduz egunerokoaren larritasuna.

 

Baldintzak

Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila bera, izan daiteke helburua. Baina bidaiariak beti behar du helburu bat. Inora ez iriztea  da akigarria, etsimendua.

* Filosofia propioa, berezia, eskatzen du  bidaiatzeak. Bidaiari senak. Asko dira oportzaleak, gutxi bidaiariak. Gizakiari eta gizarteari buruzko aldartea eta jarrera aldatzea eskatzen du bidaiari izateak.

 

Nora 

* Badira bidaia osoa merezi duten une laburrak bidaietan.

* Bidaiari porrokatuenari ere, agian berari gehien, txiki gertatzen zaio mundu  itxuraz handi hau.

 

Sasi-bidaiak

* Zenbait leku, bidaia eta jendartetan  arimako barne-sotoetatik ihesi datorrela bururatzen zaio bidaiariari. Hoteleko gelari berari ere beldur,  ibilian,  bazter batetan eserita,  edo kafetegiko mahaitxoan zerbait hartu beharrean, egun osoan zerbaitetan, norberegandik ihesi bailebil bezala.

* Ezezagunen biltegia dirudite  hainbat leku eta paraje, ezezagunen esparrua dira turista-gune guztiak edo gehienak. Mehatxurik edo etsairik ez da normalean, baina lagunik ere ez.

 

Ezinak

* Bidaiariak ez du bisitako herriaren arimarik jasotzen. Gehienez ere, arimaren mintza. Antzeman besterik ez zaio egiten herriari bidaietan. Arinkeriaz hitz egiten da itzuleran, herriez eta bertako biztanleek aritzen denean bidaiaria. Olatu astuna hondar gainean bezala doa bidaiariaren begirada aurkitutako herrietan, azaleko bristadaz soilik jabetzen da, ihes egiten dio herriaren arimak, han behean gelditzen da.

* Ez da behin ere aurkitzen bidaiariaren zeru ametsa aseko den herririk, une batez hala iruditu arren.

 

 

Askatasuna

Jon Etxabe 2016/06/08 10:40
Askatasunari buruzko burutapenak...

Askatasuna

 

Zailtasunak

* Iraultzak estu-estua izaten du arnasa, berdintsu herriaren askatasunak ere. Iraultza askatasuna denean. Arnas estua eta luzea izan ohi da gehienetan askatasunarena.

* Oinazez erditzen da askatasuna, erratuta dago besterik diona, odolez ordaintzen da beti. Beti.

 

E. H.koa

* Batzuetan izugarri arina eta hauskorra dirudi euskaldunon askatasun ametsak eta erabakiak, nahiz hitzez, lumaz zein bortxaz babestea, baina inork ezin izan du, ezin du, uxatu, aukera amestu hori. Horregatik,  hor diraugu.

adinarenak

Jon Etxabe 2016/06/07 18:28
Liburu irakurraldietako adinari buruzko burutapenak

 

ADINA SAMA?

 

Zahartzaroa

* Galdu ez dudan denbora, hori da nire adina

*  Zahartzaroa txikitako panpinak ateratzen diren adina da.

* Itzuleran bizitzea da gehienenentzat zahartzaroa.

* Badira zahar goizegi zahartuak  edo zahartuegiak.

* Gaitz progresiboa omen zahartzaroa. Nahiko barregarria gertatzen da gazte itxurak egiten dituen adinekoa.  Gazteek gaztetu egiten zaituzte, baina merezi duen zeregin zehatz batek beraiekin elkartzen zaituenean soilik.

* Eguneroko ispilura bisita sarriak itsutzen du zaharra aguretutako tabako paperaren jitean zaharkitua ez ikusteko bere aurpegia, baina adinduaren azala pergaminoa da.

*  Naturaren karanbola baten ondorioz bizi gara zaharrok, propina bezala, baita gizakiez gain, existentzia duen edozein bizidun eta edo bizi gabeko ere.

* Bizitzari traizioa da heriotza. Batez ere traizio egun hori  gero eta bertarago, dakusagunean. Edonola, hobe bizi, ez izatea baino.

*  Korapilo bakarra geratzen zaion sokadunak gara zaharrok.

* Zaharrok gorpuzkin den hondakinean ahitzen den denbora gara, iraganean kateatuta gelditu diren oroitzapenak askatu nahian dabilen saiakera saiatu bat.

*  Zertarako luzeagoa bizitza?, munduaren oreka eteteko?.

* Argazki zaharretan, denok gara gazte, heldu begiradaz begiratzen diogulako gara agian gazteago.

 

 

Ajeak

* Ajez zamatuta dut bizkarra, beraz banaiz, oraindik diraut.

* Zahartzaroa gaixotasun bat bezalakoa da. Baina berarekin bizi izaten ohitzera behartuta gaude. Adinak txora gaitzan  nahi ez badugu.

* Behin adin batera ezkero,  bizitzeak ematen du nagia: zoriona, tristezia eta antzerako kategoria mentalak  ez dute lekurik zahartzaro hondatuan.

* Adin pilatuak, ahalmenak lausotzen doazen heinean,  murriztu egiten du gustuen espektroa .

* Botikek ezer gutxi indartzen dute gorputz  zahar-zaharkitua, gaixotasunak ezinaren morroi bereganatu zaituenean batez ere. Ez dago zahartzaroa hezeko duen euri berririk.

* Zahartzaroak ere ez du ezabatzen desengainuak hartzeko mugarik, datorrena jasateko eramankortasunak ere ez duen bezala adinik.

*  Gerra zibil ondorengo gosetian hazi ziren egungo zahar gehienak.  Agian horregatik betetzen dituzte  platerak ez ezik, urdailak ere jantoki  oparoan.  Goseak umetan zizelatutako aurpegiarekin jarraitzen dute agian.

* Adintasunera goizegi heltzea da askoren tragedia

 

Ahanzturak

* Burura ekarri ezinik, gizakiok batzuetan zerbait gogoratzeko puntu-puntuan egon ohi gara.  Adinean aurrera, gogoratzeko gaitasunik eza endemiko bihurtzen da.

* Patrikek duten joera irenslearen antzerako zulo beltz asko dugu zaharrok, halako indar desagerrarazlea zerienak: takian potian galtzen ditugu gauzak edo non utzi ditugun ahaztu,  eginbeharrekoak uxatzen zaizkigu memoriatik, izenak hegan egiten dute, inguru hurbileko  topografia bera eremu zuri lau bihurtzen da, … zulo beltz batek irentsi balitu bezala.

*Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia.

* Etsigarriak dira ahanzturak, baina ezin diogu barkatu egunerokoari, normaltasunari heldu behar zaio ahalegin duinean.

 

Norarik ez

* Mugarririk gabeko esparru  luze zabala du zahartzaroaren atariko esparruak, desertu baten  lehor-gunea, eta asko dira galduta ibili ohi direnak, norabide eta ibilbide bila.

 

Loa

*  Zahar  askok  lo gutxi behar dute. Egunak esna-ordu gehiago  damaie. Gazteagotan bizipozak ikasteko jolasteko, familiarako ordu gehiago eskatzen zietenean, atsedena eskatzen zuen gorputzak, orain, aldiz, bizitzeko grina da falta zaiena, lorik gabeko orduak sobera. Edo deskantsurako ordurik ez zuten, orain bizipoza falta zaie.

 

Bakardadea

* Agian are bakarrikago sentitzen da bakardadera ohituta dagoena, luzeago eta astunagoa zaiolako bakardadea. Bere buruaren jabeago, askeago, independenteago eta premia gutxiagoren morroi sentitzen dena da behin adin batetik gora bakarrago egon nahi duena.

 

Bizipoz

* Heriotza zain daukan sentipenez  idazten du zahar askok, presaka bezala, denborak asmoak betetzeko behar adina tarte emango ote dion beldurrez bezala. Hala bizi daiteke erretiroa, baina ez etsipenez, bizitzako azken bidaialdi oparoa lez baizik.

*  “Bizipozez” behar luke adineko bidaiarien  ezaugarria, eginiko bidaia luzeagatik.

* Lilura eta ametsa, errealitate jasangaitzari izkinatxo egiteko era. Zaharrok ihes egin ezin diogun heriotza hurbila dugu errealitatea. Onartu, bizitakoz poztu eta duguna, baldintza eta muga guztiekin, gozatzea  hori da liluraren geruzaz egun bakoitza biltzea.

* Gazteari zaila zaio gauza bati arreta ematea, bizitza bor-bor duelako, mila amets gerora begira,  zahartzaroan aldiz, ez da erraza aurrera begirako interesgune iraunkor eragilerik izatea.

* Sarriak dira behin adin batera ezkero, edozein huskeriagatik ernegatzen zareneko petralaldiak, zeinetan, ezinaren eta ahuleriaren eraginez, hiltzea besterik ez duzun eskatzen.

 

Denbora

* Argazki zaharretan, denok gara gazte, heldu begiradaz begiratzen diogulako gara agian gazteago.

* Behin adin batera ezkero ezin lasterrago labainka datoz bizitza-uhinak azkena zein izango den ez dakizula.

* Agian bizitzaz eta  inguruaz gozatzeko denbora gutxi geratzen zaiolako da hain begiluze eta jakin-min zaharra. Edo bakardadearen asperduragatik. Bizitzak zer ekarriko egon ohi da gaztea, mundua jan gogoz, bizitza noiz lapurtuko dioten kezkaz zaharra, munduak noiz jango.

* Azkar eta poliki, bietara, doaz zaharraren urteak. Atzera begiradak oraindik motzagoa egiten du aurrera soa.

* Heltzen da une bat zahartzaroan non niaren kontzientzia jasanezina bihurtzen den, eta kontinuum bihurtzen bada, infernu bilakatzen. Aldi berean, baina, “izan nauk” kontzientzia zorion bilakatzen da. Huts eternala izan nintzakeen, baina izan naiz.

* Atzera begirada batean kabitzen da bizitza osoa, luze zein zabalena,  zahartzaroan.

* Zahartzaroko joera da denboraren errekan kontzienteki murgiltzea.  Ondorioz datoz autobiografiak.

* Aspaldi eta antzina, perspektiba arazoa da; zaharrak gorago du talaia, urrutirago ikusten duelako da agian “aspaldi” bere hitza.

* Adin batera ezkero nahiago da bukaeraz ez pentsatu eta orainaz baliatu, bizi duzunaren xarma gozatzea,  baina bukaerak baldintzatzen zaitu.

* Urteak pasa ondoren, ezuste askok jo eta gero, jabetzen gara jada adinez aldatuta gaudela, eta inertziaz ari garela, beraz ez da zaila pausoa galtzea edo aldatzea..

 

Jakituria

* Adinak ekarri ohi du eskarmentua, baina ez beti.

* Zaharrengandik ba omen zer ikasi. Norbaitek ikasi nahi balu. Baztertu eta gutxietsitako altxorra gara zaharrok.

*Esperientziak esperientzia, zahartzaroak ez ditu  egiten argiago zahar gehienak.

* Zahartzaroak, nahiz memoria moteldu, hainbat ñabardura ikusteko ahalmena du. Baina beranduegi da pausoak bestela gidatzen hasteko.

*  Adinaren eskarmentuak laguntzen du gauzak konpontzen

 

Maitasuna

* Adinekoei ez zaie onartzen gazteek ohi duten txera ezaugarri publikorik, maitasunerako ere jubilatuta baileudeke.

 

Memoria

* Historia bilduma edo tratatu bat da zahar bakoitza. Baina inor gutxik entzun nahi die, lelo aspergarriak bailira. Zenbat istorio galdu diren, kontatu ez direlako baino, inork jaso ez dituelako.

* Oroimena da zaharrari geratzen zaion altxor nagusi ia bakarra, bizitza erabat bustitzen, oraina osatzen, diona.  Oroimenak huts egitean hilik zara, hilotz aurretik.

* Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia. Baina eurak ere zeure baitan gorde behar dituzu, txotxondutakoaren betiko leloak usten baitiete gazteagoek.

* Porlana bihurtzen dela dirudi zahartzaroan memoria.  Lurra zenean ereindako haziak dira oraindik azaleratzen diren azkenak, pitzadura artetik bezala.

* Izenak baino, irudiak dira zaharren memoria,  hitzak ezabatzean irudiok ezin baditugu azaleratu ere.

* Itxaropenak apaingarriak lakoak direla irakurri dut. Bizitzako osagai ezinbestekoak direla ezin uka. Adin bakoitzean ezberdinak Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia.

* Zahar askok egiten du egunero egunkariko gurutzegrama, garunak lijertu asmoz, agian behin ere bete ez dituen hutsuneak darama gurutzegramok betetzera.

* Zahartzaroan haurtzaroa ez ezik gaztaroa ere esnatzen zaigu oroimenean, kax-kax deika,  zigortu ere egiten gaituzte sarri atzera jauzi horiek

* Zahar gehienoi oroitzapenez harago ez zaigu ezer asko gehiago geratzen, oroitzapenak azaleratu besterik ez dira egiten zaharren etxeetako ekimen guztiekin ere, zaharrei buruzko literatura eta gerontologoek besterik badiote ere,

* Zein ote memoria jada galdu dela erakusten duen ahaztutako azken hitza?.

* Trikimailu oroz baliatu beharko da zaharra ezkutatzen edo ezabatzen doazkion hitz, iritzi eta oroitzapenei itzulerako atea irekitzeko.

* Oroitzapenak galtzen heinean ezerezten gara zahartzaroan, hutsa gara oroimena galtzean,  taupadak dituen hezur eta gihar multzoa besterik ez, besteen oroitzapenetan egoteak izatea ematen dion ezereza.

* Oroimena galtzen goazelako ote gara errepikakorrak zaharrok, itsasoko olatuak bezala?.

* Ezer ez da erreal  ziurra adimen argiarenarentzat ere, bakoitzaren sentsazio partikularra besterik ez da errealitatea deitzen dioguna. Zahartzaroan irrealagoa da oraindik erreala dirudiena, ahulezia eta indargetze orokor baten  atal bat besterik ez direlako sentsazio ahaztuen gomutak.

* Zahartzean gizakia atzera begira jartzen denez, umetako eta gaztetako kontuak ekarriz gogora, agian horregatik idazten dute zaharrek lehengo gauzei buruz, bestelako arrazoiez itxuratzen badituzte  ere beraien lanak. Joanari buruz ari diren gazteagoak ere, ez ote zahartzaroaren atarira hurbiltzen ari?.

 

Premura

* Bada bizitzan adin bat, noiz,  hegazkinean azafata batek lez, uhala jartzeko agintzen dizuten, lurra hartzeko prestatzen ari zarela eta, adinaren ordua aurreratuko balizute bezala, presa moduko baten eraginpean.

* Zintzilik ditugun asmoak bukatzeko presa ezartzen du sarri heriotzaren hurbiltasunak.  Agian patxada eman beharko luke herioren hurbilak,  gauzak dauden bezala uzteko lasaitasuna. Baina ez da horrela.

* Adin handian non eta nola bizi sentipenak pisu handia du, baina behin adin batera ezkero, non eta nola bizi bano banoala eta noiz hil da kontua.

* Aldatu ditzakegu, aurrera zein atzera, erlojuaren orratzak, baina denbora temati geldiezina da, eguzkiak goizero ez du hutsik egiten. Adinaren bilakaerak ere ez. Halaz ere, agian horregatik, zaharrok hor gabiltza bidaietan edo bestelako ekintzetan erlojuaren orratzak atzeratu nahian bezala, edo noiz geratuko zain esperoa leundu nahian.

* Bizitza miragarri bat pipiltzen zaigu denoi, hari tipitan, poetak dion bezala, zahartzaroan ere.  Une bakoitzean bizitza hori intentsitatez infinitura arte bizi beharko genuke, zoriona ez baita ordulariaren orratzekin neurtzen. 

* Heriotzatik bertan dakusa zaharrak bere bizitza; jaiotza, aldiz, oso urrun. Baina ez gintuzke heriotzaren hurbiltasun kontzientziak beldurtu behar,  “etxe aurretik dakusadan guztia sekula gehiago ezin ikustearen penaren penak” penatu, biziki hurrean dugun hori gozarazi baizik.

 

Sentipenak

* Pausoka pausoka, hiltzen ari dela sentipena du adinekoak. Zahartzen ari dela,  alajaina. Bere burua berbera despeditzen ari dela sentitzen du, biziki. Gauzak  bukatzen joateko gero eta presa gutxiagorekin, bizitzeko grina, bizipoza egunez egun galtzen.

* Bizitzaren, mirakulu nagusiaren amaiera, bidaia luzeenaren amaiera, da heriotza. Bizi izanaren miraria benedika behar genuke; baina adin bat ezkero, “a Indesejada das gentes” hurretik bizi du zaharrak, jadanik bidaia nagusiaren etena.

* Ez heriotzak ez ezerezak erakartzen ez duen adin handiko bera ere, horien esperoan bizi da zaharra, kontzienteki ez denean ere.

* Bidaia bukaera usnatzean, naturaltasunez, baina tarteka sarrian, heltzen zaigu azken arnasarena nola izanen zaigun burutapena.

 

Sexua

* Aurkitzen dugun leku eta moduan dago sexuaren gakoa, zahartzaroan zein gaztaroan, bakoitzak bere ezaugarriekin, baina bizitzako aro bietan darrai sexuak.

*  “El hombre pierde el diente pero no la simiente” dio gaztelerazko errefrau batek, arazoa ordea zakila nola tentetu izan ohi da arazoa zahartzaroan, eta orgasmoa lortzea lan eskerga bilakatzen zaio zaharrari.

* Amona-aitonen sexua, ia ez da aipatzen, batez ere amonena. Baia arazoa hor dago, zaharren  begiradak erreparatzea besterik ez dago, edo beraien lagunarteko solasetako erdi bromazko ateraldiak.

 

Talaia

* Zer askoren zati eta osagai zara adin handian, horrek ematen dio zentzua bizitzari.

* Zaharra izatean ez dago koska, zahar ezereza izatean baizik.

* Behin adin kopuru batera ezkero, perbertsioak leloi bihurtzen du gizakia adinak.

* Tristuren estaldura da sarri barrea, sentipen mingotsak ezkutatzen dituen mozorroa. Begiak lirateke barne pozaren erakusle, zahartzaroan ere.

* Ez da erraza bizitzea, are zailagoa bizitzea ederra dela ustea, bizitzaren ertzera heldutakoan. Azkeneraino eusteak merezi duen galdetzen duzu.

 

Burutapenak: argibide bezala

Jon Etxabe 2016/06/07 17:19
Irakurzalea naiz. Neure baitan biltzera narama liburuen irakurketak. Gustukoa zait burutapenetan murgiltze hori, liburuko gogoetatik abiatuz. Seminarioko Gogo-jardun haien gaurko bertsioa da agian. Hezkuntza haren iturritik gaurko urak.

Liburuari buruzko iruzkin labur bat idatzi ohi dut bukaeran, baina irakurri ahala sortzen zaizkidan burutapenak ere idatzi ohi ditut. Oso labur, beste balizko lan mota baterako hari-mutur bezala. Beste asmo horiek ez ditudanez bete, bere horretan gelditu dira burutapenok, eta horrela ematen ditut.

Ez dut izan inolako eskemarik gogapenon aurretik, ez dakidalako irakurketak zer hausnarketa sortaraziko didan, beraz ez dago aurreiritzi edo aurreikusitako sailkapenik, ezta ere inolako gai bat osatu edo borobiltzeko asmorik.

Irakurri ahala  esnaturiko pentsamenduak dira, eskematikoki oharrak idatzi eta gorde.  Hori baita nire irakurketa ohitura. Beraz ez dira eskema edo plangintza baten inguruan idatzitako gogoetak.

Geroagoko pausoa da sailkatzea. Anabasa batean baitzeuden gogoetok.

Gogoeta bakoitzak eskatzen duenaren arabera sailkatu nituen erabilgarriagoak egiteko.

Zenbait gogapen ez dago agian kokagune egokian, baina  ez dagoenez sailkatze-arau zehatzik, iritziak iritzi, hau izan da nire irispidearen ondorioa.

Liburu zein egilearen zita eta atentzioa deitu zidan esaldia ere jasotzen nuen hasera batetan, gero ez.  Liburu-egileen aipamena eta beren zitok kendu egin nituen sailkatzerakoan, (jatorriko karpetan gelditzen dira), nire burutapenak utzi nituen soilik.

Kontraesanak egon daude hainbat burutapenen artean. Une bakoitzeko aldarte eta sentipen ezberdinen ondorio dira, irakur-uneko neure zein kanpoko giroari lotuta.

Bere horretan utzi ditut.

2015 artekoak dira. Baina burutapenokin jarraitzen dut.

Sail honetako gaiak hauek izanen dira:

  • BURUTAPENAK
  • Adina
  • Askatasuna
  • Bidaiatzea
  • Bizitza
  • Emakumea
  • Erlijioa
  • Euskal Herria
  • Euskaldunak
  • Euskara
  • Filosofiakeriak
  • Gizakia
  • Gizartea
  • Gogoetak
  • Heriotza
  • Idaztea
  • Jarrerak
  • Kultura
  • Maitasuna
  • Natura
  • Nire baitan
  • Oroimenak
  • Politika
  • Presoak
  • Zertzeladak

 

"Nire esperientzien espresio bulgarra" deituko nieke Saizarren hitzekin nire burutapenoi, baina horiek dira ditudanak.

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.