Bidaiak
UMBRIA
Latineko itzulpenetatik eta Erromako historiatik ezaguna dugun Umbria lurraldean sartu gara jabetu ez bagara ere, Trasimeno inguru horretan. Erromatarren Etruria lurraldea ere hemen da nonbaiten, edo hau bera da.
Industrialde zabala ageri da errepidearen albo bietara Peruggia aurreko kilometroetan, gazteluak mendien gandor inguruko tontorretan, herritxo sarriak, ureztatuak diruditen lur zaindu eta erabiliagoak, eta mahastiak ikusiz goaz. Baina batez ere altzifre edo zipresak lirateke lurralde honetako ezaugarri: tontorretan, magaletan, baina batez ere hegietan atzeko ortzi kontran geriza bailitzan efektu berezia egiten dute nortasuna emanez inguruari.
Bere osoan agertzen zaio Peruggia errepideko bidaiariari: adreiluzko etxadi gorria, mendi-gainez mendi-gain luze, mendi altzoan zabal barreneko lautadaraino. Hiri handi guztiek duten zailtasunez, pazientzia handia behar den arren, nahiko ondo sartu gara hiriaren bihotzera, baita zaintzapeko aparkalekua bilatu ere.
Peruggia.
Unbria Ertaineko hiriburua. Hegian luze, ohizko estruktura du hiriko gainak: luzea behar du izan hemen, orografiak hala eskatuta.
Hiriaren gainaldea da Peruggia Zaharra, harresiz inguratua, izanaren bihotza eta denaren erdigunea, turiston topagunea: kaporal hiria izandakoaren itxura gordetzen du. Turista pausoan ibiltzekoa, kale pikoetan baitago; ez da zoruan putzurik eginen. Ez da kaleetan ibiltzeko hiri atsegina, kale pikeak direlako, jaitsiz gero igo egin behar baita, horregatik gainditu egin behar da Peruggian kale, kalexka eta pasabideetan galtzeko tentazioa. Zoladura zaindua du, baina zaharra, urarentzat erdiko erretenarekin. Turistarik ere ia ez da ageri kaleotan, goiko monumentu gunera autobusez heltzen baitira bisitariak, non biltzen den turisteria gehiena kaleotako piketik ihesi; bertako biztanle ugariak girotzen du kaledia biziki.
Harresiz kanpo dago hiri industriala, baina antzinako petoa da hau berau ere. Zuhaitz asko du hiriak, batez ere akaziak. Harresien barrura igarotzean dager iragan joriago baten ezaugarriak: eliza, arku, armarri, kaleak... Koadro naif mordoa dago eliza batean, handia da Garaipen arkua auskalo zein jauntxo edo enperadoreen omenez jasoa.
Piazza 4 Novembre: eliza, jauregiak, logia, iturria, ezkilategia: nori deitzeko ote …; eraikkin denok dira handiak, denak ederrak; ez dirudi hain zabala agian luzerarengatik eta jauregien altueragatik. Plaza ederra eta atsegina da, patxadakoa, egoten egotekoa: hala dago jendea, turista eta bestelakoa, kontu-kontari, lasai eserita.
Bigarren plaza: aipatutako luzexkaren jarraipena dirudi.
Hirugarren plaza: karratua, mendebal aldera, ohi denez banketxe hotel eta bulegoek bereganatu dituzte jauregiak; plazaren erdian dago Maolo, Manuel, zaldi gainean militar kapela buruan, usoen kakaleku.
Behatokia: goi bueltako zati handi batek osatzen du: berde ageri da bertatik Unbria, lurralde osoa ikusteko aukera genuke ganduagatik ez balitz; bertatik Assisi ere ikusi beharko genuke baina gaur gandua dugi eragozpen; ertz batean, harrian iragarrita daude urrutiko mendi-tontorrak, Apeninoak izaki, guk tontor bakar baten izenik ezagutzen ez badugu ere: Penino, 2.500 metrorekin, da garaiena.
Palazzo: lehoien gainean daude sarrerako zutabeak, tokatzen zaien bezala; harri zuri landuzkoak dira ateak, gotikoak, garaiak; itzelak dira behatokiak, miradoreak, baita leiho gotikoak ere; jauntxoaren agerpenak edertzeko izan behar du filigranaz zizelatutako balkoi zabal ederrak, ez eguzkia edo haize freskoa hartzeko eginak, horretarako balitz barrurantz edertuak egongo liratekeelako; balkoi, ate-buelta, ate-buruak denak dira landuak, ikusgarriak: errepikakorra bihurtzen da diodana, baina aitatu egin behar, ederra baita benetan; kripta dirudi jauregiaren azpialdea, baxua, harrizko hormak ditu, nerbio punta luzeko gotiko adreiluzkoa sabaia; bada ere 3 metro luze gorantz eta bat sakoneran duen burdinazko kutxatzar itzela hiltze-buru zabalez josia.
Iturria, hiriko altxorra, berritze lanetan egonda ere erakutsi nahi dutenez, ohizko aldamio eta toldoen ordez beiraz estalita dute, langilerik ez dabilen aldea ikusi ahal dezagun; bi borobilek osatzen dute: txikiena, zutabe askok sostengatua, handiaren gainean eta barruan, gain gainean iturri isurkaria den plater zabal borobila; berez askak liratekeen borobil bien aurpegia edo kanpoko azala izugarria da: harri edo marmol zuri landua, filigrana apartekoz osatua; borobil nagusiak izango du 7 metroko diametroa.
Aita Santua: brontzezko eskultura digantea katedraleko atarian, idulki edo peana baten gainean, ez dakigu zein herriri bedeinkapena luzatuz, Peruggiako herriari edo plazan gabiltzan turistoi, gu ere herria baikara.
Katedrala: zurezko handia da sarrerako atea; barruan, freskoek betetzen dute sabaia; ondo ikusteko egoki argiztatutako koadroak, asko, zeinetatik grazia aparta duen zahar ikusgarri batek; ohizkoagoak dira besteak; absideko beiradura aparta; bataiarria: arku bat da, pontea bera oso landutako harrizkoa. Zutabe gorrizka ilun motelek giro tristea ematen diote elizari.
Loggia dela uste dugu ohizko arkuperik ez badu ere; Peruggian nonbait bilerak barruan egiten zituzten, zeren eztabaida-gela dirudi aretoak; ez zen hemen herri xumerik sartuko; freskoz pintatuta ditu hormak, gehien bat kolore gorri iluna eta urdina erabiliz: irudi denak ezkutuak dira, esertzen ziren jauntxoen ezaugarriak segur aski.
Plaza du Mateottik, Manzzini kalea: ez ditut ezagun baina ospetsuak eta herrikoiak behar dute izan bi tipoak Italian, denean baitute plaza edo kalea. Garibaldiren estatuarik ere ezin da falta Italiako hirietan: Peruggian zaldi gabe dago, zutik, zapia lepoan, tunika bizkarrean eta ezpata eskuan.
S.Lorentzo ageri da Katedraleko ate-buruko beiraduran: su gainean, parrillarik gabe, helduta soilik dute, arropa eta guzti dago, baina soinekorik ez zaio erretzen, agian garrik ere ez duelako suak.
Arrano handia da hainbat lekutan errepikatzen dena, sarrerako atean adibidez, txerria du harrapakin bere erpe zorrotzetan: zerbaiten sinbolo edo ezaugarri da.
Pinakotekara joatea bezala da Italian elizak bisitatzea, egileen sinadurei erreparatu gabe koadroak begiratuz gozatzea. Ezjakinok ere antz ematen diogu grazia eta maisutasuna duenari.
Jauretxeei buruzko tesia egin nahi duenak badu non aztertu Peruggian.
Jauntxoen etxeak ikusten ditugu turistok; herri soilaren bizitoki diren kalexkak politak diren arren ez dute edertasuna dastatzeko erakutsi diguten irizpideen parametrorik: edertasun xumea, edo lan xumeen edertasuna ez da salkorra: komertzialduta daude edertasuna, artea, eta artearen irizpideak ere.
Sail hori asko dago Umbriako lautadan, garia. Toscana antzerako lurraldea da Umbriako hau, gora behera lurrazala, muino eta mendixkaz osatua.
Asis
Urrutitik bistaratu zaigu: mendiaren magalean gainaldetik behera zabaltzen den adreiluzko hiria, 5 eliza-dorre gailenekin, gaztelu handia nabarmentzen zaio alboko tontorrean.
Behatoki aparta da, lau-laua da bertatik ikusten den Unbria, ostean mendi ez oso garaiak dituen lautada zabala.
Hiribildua: hiru sarrera edo ate ditu jarraian kalebarrurantz: ondo babestutako hiria garai batean. Hiruretako bat ez da arku soila, sarraila itzaleko zurajedun itxidura baizik, jatorrizko nahiko onean iraun duen ate zaharra.
Aparkaleku zabal ugariak autobusez lepo bilatzea izan da lehen flasha heltzean: lourdes bat da Asis kaleko lehen portaletik hasi eta hiriko azkeneko zokoraino, saltoki bihurtu dute santu txiroaren hiria; gaitzerdi litzake behartsuak balira santuari etekina ateratzen diotenak.
Bi zati nabarmen ditu Asisek: beste herri askoren antzerakoa den ondo zaindutako kaledia bata, Santu eta Basilikaren esparrua bestea: biak turismoari zuzendutako merkatari guneak, bai laikoena, bai fraideena. Alderik alde bi kale luze dira hiriaren ardatz, alboan at gelditzen delarik Basilika; zirkulaziorik ez dagoenez, baketsuak bihurtzen dira goiko kaleak, baina, aldi berean, jendetsuak. Kalexkak gora, kalexkak behera, txukuna, polita, mila zoko xarmanten bila ibiltzekoa, jadanik ikusi dugun hainbat herriren bezalakoa.
Plaza nagusia: ohizko eskema du: luzexka, Partenona dirudien habe-harri handiko eliza elizpearekin, logia, jauregiak, iturria eta gainerakoak, baina ez du putzurik. Eliza grekoak ez du askorik merezi: frantziskotarrena da hau ere: herriko monopolioa dute nonbait. Iturri zabala kale batean, harrizkoa, baina ez harria, bertan arroparik ezin daitekeela garbitu mehatxatuzko debekua iragartzen baitu aspaldiko harrizko errotuluak. Klara dohatsuaren gorpua bertan gordetzen duten Eliza handi bat, alboko hormei eusteko tokatzen zaion arku itzel saila alboan dituela, eta iturri ederreko plazatxoa aurrean; harri zuri-gorri motelako zerrendaz egina dago fatxada, errosetoi handi batek edertuta; ez didate utzi barrura sartzen praka motxetan nagoelako: hemen ez dut Sofiako katedralerakoa egin: banuen hemen ere txalekoarekin bernak tapatzea baina bere horretan utzi dut ezezkoa, atetik ikusten zenarekin konformatuz; ez dirudi elizak berak asko merezi duenik, kripta batetan dute gordeta Santa, bisitagai; aitorlekuan sartu da siestatik zetorren fraidea; bizkarra aitorleku baten kontra jarrita zegoen fraide gazte bat, zutik, txorkatila bat bestearen gainean oinak gurutzatuta, zerbaiten zain, nor konfesatu edo nori eliza esplikatu: bezero zain dagoen putaren irudia ekarri dit bizi-bizi bere ejarrerak; ez dabil jende amorru handirik eliza barruan, dabilena turista jendea da, denak kontu-kontari, lekuari errespetu gutxiz, gona eta praka-luzez badaude ere.
Basilika. Nerbio askoko errosetoi erraldoia du, Klara dohatsuarenaren antzerakoa. Hiru solairutan eraikia, gorantz handitzen eta hazten joan baita erromesen gehitzearekin batera: kripta, erdiko eliza eta goikoa. Zirraragarria da, itzela. Horma batzuetakoak galduta badaude ere, bi elizetako hormak Santuaren bizitza irudikatzen duten fresko ederrez estalita daude. Fraideek ondo erabiltzen dituzte horma didaktikook: bi elizetan fraide handiak dabiltza, abitua soinean eta linterna eskuan, hurreratzen zaizkien taldeei, ordain truke?, linternaren argi izpiez xehetasunak argituz freskoetako irudien agerpenak eskaintzen dizkie debotei. Bada “silence” dion iragarkia, baina santutegi hau ere Paduako Antonio Donearen eta Veneziako Markosena bezalatsu merkatu bizia da: zarata, berbotsa, joan-etorri izugarria, fraide batek mezak hartzen ditu beirazko kaiola batean goiko elizan, azpikoan beste batek, kriptan ere bai hirugarren batek; denda bat ere badute non fraide legoak tokatzen zaien abitu eta guzti diren saltzaile. Ba da horma kontratik sarrera duen horma kontrako harri tailatuzko pulpitu txiki xarmanta. Gurutzadura osoa hartzen duen aulkiteria izugarri ederra da, tailarik ez du baina buru gaineko zerrenda osoa txertatutako zurez gizaki eta etxe irudiz osatua dago: gutxienez 64 eserleku dira eta bakoitzak bere marrazki txertatua du. Priorearen aulkia berriz harrizkoa da, baita baldakinoa bera ere, aulkiaren bi besoak lehoiak direlarik. Korridorea den balkoia buelta osoan.
Bigarren solairua: patio ederra du, baita terraza bikaina ere. Erdiko eliza goikoaren antzerakoa da giro berdintsuarekin.
Kriptan dago S.Frantzizkoren hilobia erdiko elizaren aldarepean hain justu: putzu bat dirudi, harrizko zilindro bertikala, bere barruan santuaren hilkutxa gordeaz. Burdina-sarez inguratuta dago inork harri zatirik eraman ez dezan seguruenik. Haginak erakusten dituen lehoi haserretu batek erregina bat darama bizkar gainean: koroa du behintzat eta hankak tolestuta belauna belaun gainean.
Basilikan ez dut izan arazorik praka motxez sartzeko; larrutzik ere sartu ahal izango nintzen.
Asis ez da otoitz-leku, ezta norbere baitan biltzeko tokia ere. Santutegia bera ere turista leku hutsa da, bertan ez du inork errezatzen, begiratu, ikusi eta mezak atera edo dirua itsulapikoetan bota baizik. Ba zen erdiko elizako kapila batean inguruko burrunba hotsean bilduta meza entzuten edo eukaristia elkarrekin ospatzen ari zen hogeikotea.
Beste errespetu bat du kriptak: jendea isilik dago, bada otoitzean dagoenik ere.
Bere saltsan gustura dabiltzan itxura erakusten dute fraideek.
Talde japoniarraren fraide esplikatzailea ere japoniarra zen: agian filipinarrak ziren bai taldea bai fraidea.
Erromesen otoitz-lekua dirudien elizatxoarekin egin dugu topo kale batean. Kanpo eta barru freskoz estalita dago. Kaletarrok ez dugu barrura sartzerik, baina ikusi dezakegu barrua beirazkoa baita atea. Gure jauna agirian dute, hostia handia ekisaindu edo kustodia handian, mojatxoa belauniko adorazioan aurrean, beste moja zahartxoa bat alboko horma kontran, eta, hain geldi, irudia dirudien gizonezkoa: fraide tratularien alde otoitzean segur aski. Baina bada izan Asisko maremagnunean leku lasai eta debozio-gune.
San Rufinoren eliza eta plaza: erromaniko eta gotiko trantsiziokoa.
Hirugarrenez Italian aurkitu dugu bidaian zerbait gazteleraz, kriptara sarreran izan da: “ofertas”, diru eskaera!!!.
Kaleetan harrapatu gaitu urrutira lurreraino beltz ikusi dugun eta lasterrera bertan botatzen ari zen egunoroko trumoiak: elizpe nahiz dendetan sartu arazi eta aparkatu gaitu turista aldra.
Inserso japoniarrarekin egin dugu topo hemen ere: elkarri jarraika gabiltza edo talde asko dira. Bigarren inserso japoniar batek jende gaztea darama, laguntzaile edo.
Harridura sortzen didate, sarriak diren arren, hemen ere ikusi ditudan lehoiak zutabeei eusten.
Fraideen kontura barre eginezko frantziskotarren irudi trakets pila erakusten dute salgai erakusleiho batean: moja eta fraideak jan eta edan oparoan, moja bat fraide batekin pultsuan norgehiagoka, moja zaldian lez lau hankan jarritako fraidearen gainean, fraidea edaten ari da mojak daraman eskorga edo karretila batetan, pianoa joten fraidea eta mikrofonoa eskuan moja abesten abitua belaunetik gora jasota, karta botatzen fraidea, fraide eta moja koadrila jan-edanean… eta abar luzea. Harritzekoa, ez dago moja-fraiderik txortan: tabu da sexua moja-fraideei adarjotzeoan ere.Kontrastea egiten du horrelako herri santu batean.
Bada trafiko handiko kale bat, non auto, kamioi, motokarro eta jendetza nahastuta dabiltzan presazko joan-etorrian. Sartu gara ustekabean delako kalean eta bertan galdu dugu egun honetako patxada. Jende guztia presaka doa eta dator, ia korrika, batzuk santua ikustera bestea santua ikustetik, laburra da nonbait autobusen itxaronaldia,.
Herriko insersoa behatoki den lorategian dago kontu-kontari lasaian.
Kanpina.
Kosta zaigu aurkitzea.
Artadi batetan gaude. Bertakoek Italiako bihotz berdea dela dioten Umbriako hegoaldean Cascata di Marmore herrian, Tierni hiriburuaren ondoan.
Kosta zaigu afaltzeko lekua aurkitzea ere
Ekainaren 17a. Larunbata. 38.a
Gizarteak ukatzen dien gazteen astebururako bai jolastoki eta atseginleku, bai elkarrekin egoteko aukera dira kanpinak.
Pelikuletako kontakizunak motz gelditzen dira askotan: hemen dabil bikote heldua 6 metrotik gorako sokaz lepotik lotutako katua daramatela; zuhaitzetara igotzen die, ihes egin ere bai eta orduan hor dabil bikotea karabana azpi guztiak miatzen, ozenki deika, ia non gorde ote zaien bere katutxoa.
Nekazari giroa nabarmentzen da. Txakur asko dago inguruan, baserri herria da izan ere eta: edozein zarata edo zertzelada batengatik dozena bat txakur hasten da zaunkaz. Gure alboan, alanbrezko hesiaren beste aldera landetxea dugu: antzarren grakadez bilduta gaude eta oilarren kukurrukuek esnatzen gaituzte.
Erromatarrek egindako ur-jauzi artifiziala dugu guretik gertu: aldizka urari pasoa ematen diote, turistak erakartzeko, eta ehun metrotik gorako jauziaren ur-hotsa dugu lasaigarri zuhaitzetako txori soinuekin batera, bikotea katu bila ez badator behintzat. Izugarria da ur-jauziko etengabeko ur-multzo zuria, zuhaitz berde artean 100 metroko jauzi burrunbatsuan: sekulako ikuskizuna.
Poggio Bustone. San Frantzisko bizi izan zen komentua du erakusgai, zintzilik bezala dago 800 metrotara: eliza erromanikoak ez du ezer berezirik, baina erromaniko denak dira politak. Klaustro txikiaren azpian dago Santua bizi izan zen gela erakargarria: beldurgarri austeroa, gaur egun behintzat: 6-7 metro luzeran eta pare bat zabaleran, harrizko hormak besterik ez du gaur egun; ikuspegi paregabea du aurrean: bertatik dager Latiun ekialdeko lurralde zabala, mendiek mozten dute urruti zeru-marra. Bai elizan bai klaustroan iraun dute fresko batzuk: elizako fresko baten barruan koadro naif polita ageri da horman sartuta; koadrotxoa ez da ondorengo gehigarria, freskoaren alboko bi aingeru koadroa agurtuz daude eta. Herriko topaleku bilakatu da Santutegiaren aurreko zabaldegia, gaur behintzat hala da: bertara igo dute herritarrek auto, moto eta isokarroz.
Piediluco. Lakua eta herria. Laku ertzean etxeen eta lakuaren artean doan kalean ezin gara ia gurutzatu ere egin bizikleta eta autoa, hain da estua.
Laku hau ere ederra da, inguruko jende asko erakartzen du bertara. Arraun eskola egon behar du, arraunlari asko baitabil bateletan.