Bidaiak
LATIUM
Ezaguna zaigu Erromako historiatik: Umnbriaren antzerakoa, mendikate basotsua eta tarteka garbiguneak lautadatxoetan edo sakonetan; garia, baba, mahatsa, ekilorea edo girasola… eta nekazari etxeak, nahiko apalak, baserri guztien ezaugarriekoin. Apeninoak urrutira, diganteak izan gabe handiki, berde daude, tontor batzuk ezik.
Mendi magaletan adreilu multzo iluna diren herritxoak arratsaldeko eguzkira bris-bris, kontrastea eginaz berdegunean, oso politak ikusteko, errepidetik begiratzeko. Seguru mila arazo dutela nekazariek bizitzeko. Mendi magal osoa dago herriz eta etxez beteta, muino gehienak dira herri. Zintzilika bezala daude herriak mendi maldetan, eskailera erraldoiak bailira, etxeak mailaka, bata bestearen gainean, eliza-dorrea beti gailen dela: babes bila egiten ote herriak hain goian ala beheko lur urriak lantzeko soilik erabiltzeagatik?.
Mendi-punta batetik jauzia egin ondoren parapentea dator oso goian bizitasun gehiago emanez ikuskizunari.
Zonalde guztiko seatilo eta fiatilo guztiak daude martxan, hor dabilzkigu errepideko bazter guztietan.
Gorri, gorrizka edo berde daude gereziondoak, alez bete-beteta.
Rieti
Italiako erdigune geografikoa. Hemendik ibili zen bere sermonigintzan S. Frantsizko, gaur egun erakusgai dituzten 4 komentuetan bizi izan zen, hor izan zituen zerutikako agerraldiak, hemen egin zuen ardoaren miraria.
Zabala da Rieti inguruko lautada, garia da bertako ia uzta dena. Paraje hauetan ezohizkoa bada ere, 6 solairuko etxadiak ditu hiribildu kanpotik. Herria bera ere zabala da. Hiribildua. Harri zuri porotsuz jasoak ditu harresiak; sarrerako ateak ere bereziak ikusten dira: zabalak, nerbio sendoko sabai gotiko tankerakoekin, eliza baten gurutzadura diruditelarik.
Plaza: graziarik ez du baina bai ohizko elementuak: katedrala, jauregia, bere azpian logia, katedralarena da hemen dorrea; ez du iturririk; plaza ez da gaur egun hiriko bihotza eta hauspoa.
Logia: harresiko sarreraren antzerakoa da sabaia; harri porotsuz egina bada ere harri sendokoak dira nerbio gotikoak; zabala, bi barneluzego ditu, gutxienez 50 metrokoak; austeroa, ez du ezer orma biluzi ilunetan.
Dorrea: ederra da, dotore itxura ematen diote kanpaientzako arkuak, harri zurizkoak diren bi kanpai-solairuek eta kanpaitxoaren adreiluzko dorretxoak.
Katedrala: eraikuntza multzo iluna da; bertara etorri garenez ikusi egin dugu baina ez du merezi; alboetako kapera handiek kanpora irtenak dituzte gangak, argia hartu ahal izateko; gurutzaduraren erdian kokatua dago aldarea; handia da erdiko ganga marmolezko tenplete batez bukatuta; faltsuak dira marmol itxurako zutabe handiak, pintatuak, itxura besterik ez da marmolarena; itxurosoak dira absidean kalonjeen galeriaren gaineko koadroak; bada fresko bat ere kapera batetan; harrigarria bada ere, itsulapikorik ez dago; S.Markosen lehoia dager dorrean, Venezzia urruti badago ere.
S.Agustin elizak freskoak omen zituen horma guztietan baina gurutzadurakoak eta atzeko ate ertzean bakarren bat soilik geratzen zaizkio: eguzkia beherantz, argi gutxi beraz, ezin izan ditugu ondo ikusi, politak direla konturatzeko haina soilik; hemen ere badira itxura hutsa diren hormak eliza erdiko alboetan.
Beato izendatua du Rietik herriko seme Joannes: hor daude hezurrak beirazko kutxa batean. Auskalo norenak diren.
Harresietako sarrerako ate batek freskoak ditu, ia galduta badaude ere.
Merkadiloa zegoen gaur plazan.
“Divieto di affisione”: hemen ere jai du kartelekin egunkaririk ez duenak: jai du adierazpen eskubideak.
Gautu du, oraindik argia zeharo galdu ez duen ortzi kontra mendi ilunen magal zabalean herrietako argi erreskada koloretsu luzeak ikusgarri eder ikusten dira autotik, zoragarria bilakatuz bidaia: gauak baditu bere zera atsegingarriak, bidaia honetan ia izan ez dugun ikuskizuna eskaini digu gaurkoak.
Ekainaren 18a. Igandea. 39.a
Egin digute egan gau baterako txoriek, astebarrukoentzat utziz artadia.
Atzokoa izan zen, Maiatzaren 30etik hona, zaparrada edo euririk gabeko egun bakarra. Nolanahi jasangarriak dira zaparrada pasakorrak, atertu gabeko gau eta egunak dira amorragarriak.
Elizako meza-kanpaiak ditugu oilar-kantu, txori-soinu, txakur-zaunka eta ur-jauziaren sinfoniaren osagarri, goiz fresko baina eguzkitsu honetan. Turuta jo ondoren, biderkatu egin zaigu ur-jauziaren soinua ere. Sinfoniako partaide, eliz dorreko ordulariak ere ordu osoak eta erdiak joten dizkigu. Soinu atseginezko kanpina dugu: naturaren kontzertugune.
Gipuzkoako izen bereko herria eta bertan jaten ditugun babarrun gozoak gogoratu dizkigu zubi baten “Aia” izenak.
Mendi barrenean, goazen hiriaren oinetan, tximinia luzea nabarmentzen da: egunkaritik jakin dugu, hain zuzen, atzo herrian izua goritu zuen leherketa egon zela hor bertan.
Kanpinaren aurrez aurre dugu delako Cascada du Marmore. Erromatar enperadore batek egina da goiadeko erreka eta ibar garaia baliatuz. Kanal luze bat doa labar gainera eta bertatik erortzen da ur apar zurita, bertikal zuzenean, airean. Nahiko ur ez dagoenez, presa batetan biltzen dute ura. Tarteka turuta ozen bat jotzen dute, lasterrera urari bidea emango dioten oharpena: inguruko interesatua hurreratuko da ikuskisunera. Sekulakoa da izan ere ura jauzia.
Narni. Urrutitik ikusi dugu, zabal mendi magalean, adreilu gorri-iluneko multzo zabala: aldatsean ez ezik pendiz pikean dago kokatuta, ia-ia zintzilik. Erdi Aroko hiri petoa bere hartan: bilatu eta begiratzeko mila xehetasun ditu: mila zulo, txoko, kale, kalexka, arku, etxe azpiko arku, pasadizo…; ez du zeharkako kalerik, beraz zeharkako aldaparik gabeko kale laurik, denak daude aldatzean, gainbeheran. Atsegina gertatzen da bere naturaltasunean, bere-bere petotasunean iraun duelako, handikeriarik gabe. Ez du ezer turistak erakartzeko, edo turistentzako gidetan jartzeko, baina polita da bere osotasunean, begiratzen jakin ezkero.
Plaza del Priori: luzexka, bere palazio eta dorrea duen logiarekin. Zerbait izandakoa bere garaian, itxura tristea du gaur egun, izandakoa, ez denarena, galdutako ospe eta indarren taxua; putzurik ez dago, iturria bai, handia gainera.
Pulpitu oso polita dager plazako horma batean: Viterbon aurkituko ditugu arratsaldean beste bi, baina hauek elizako kanpo hormetan daude; Narniko hau eliza alboan dago, ez elizako horman, ez dakigu sermoigintzarako ala jauntxo edo agintarien agerpenerako; agian zergak eskatuzko bandoak ozenki iragartzeko.
Logia: harri zurizkoak da sabaia, adreiluzkoak nerbioak.
Juregia: Logiaren aurrean, harri zurikoa du honek ere sabaia, adreiluzkoak nerbioak; palazzo komunala da: museoa dirudi bebarru zabalak, bere harmailadi zabalaz gain hainbat harritzar, estatua eta zutabe baitaude erakusgai.
Katedrala, hur baina plazatik at; harri argiz eraikia. Austeroa, baina egundokoa: “kolomata” luzeko hiru barneluzego; eskuin aldera inola ere ez dagokion ezarritako barneluzegoa, bertan daude ikusgairik ederrenak; desberdintzen den marmol marroizko tenplete handia aldarean; gelditzen zaizkion fresko zati batzuk: naif ederrak; ur bedeinkatu ontzi bikaina, bataiarria bera ez baina harri landuzko bere estalki borobil handia begirada bat botatzekoak dira; laugarren barneluzegoan zurean tailatutako espresio biziko pietà zahar bat eta Aita Saindu bat, denboraren eraginez ilun; zikin, garbitu gabe zorua, mosaiko xaloa; bere sinpletasunagatik erakargarria egin zaigun kapila batetan harri bizian eginiko zulo handian ikus daiteke landu gabeko harri lauez eginiko hutsik dagoen hilotz luze bakuna, leku ilun batean kokatua, armairuan bezala.
Iturria: benetakoa, erakustekoa, ikusten ez diren horietakoa; katedralaren albo batean, gaur egun errepidearen bestaldean kokatuta, urik gabe; Putzua: iturriaren osagaia, txorrota da aipatzekoa harriz burutzen den adreiluzko borobilean: kopa dirudien brontzezko garaia, pare bat metro bai altueran, gutxienez metroko diametroa, ura botatzeko burutxo eta tutulu ugariez aberastuta.
Fresko batekin topo egin dugu eliza izan zenaren horma batean
Igandea denez, goiko kale bakartietan zehar dabiltza andrak jaiko jantzita, kontu-kontari, ezer ez duen poltsa dutela eskuetan.
Txirrindu lehiaketa dago herrian: udaberriko asteburua denez gure Etxarriko etxaurretik ere pasatuko da besteren bat; hemengoa meza noiz amaituko zain dago hasteko, hiriko zaindariaren eguna baita eta eliza lasterketaren ikusle izango diren herritarrez beteta dago. Jauregi komunalean zuten izena emateko tokia korrikalariek. Kontraste bizia ziren bere jantzi koloretsu itsatsiekin kaleotan lasterketa noiz hasiko zain taldeka zebiltzan txirrindulariok.
Korpusti Eguna ere badenez, kolore ezberdineko petaloz eta lore multzoz dotoretuta dago prozesioa pasa den kaleetako zorua. Izan zen Korpus Egun bat, Maria Luisa eta biok poliziatik ihesi Leridan tokatu ginena, non berdintsu zegoen kalea, hemen baino oparoago loratuta.
Gauzaki zahar eta eskulanen azoka aurkitu dugu plazan.
Jubilatuen pentsioen defentsarako 24rako manifestapenera deitzen du Alderdi Komunistak. Herri askotan du Alderdi Komunistak iragarkiak eta iritziak jartzeko txoko propioa horma batean.
Alderdi errepublikarrak ere badu bere iragarkietarako horma-zati berezia: Asanblada Orokorrera deitzen du.
Katedralaren sarreran, ez dakit zenbat miloi biltzeko asmoz, abortatzearen aurkako sinadura bilketa dago.
Hemen dabiltza solte bideetan, lurralde pobreak diruditen gehienetan bezala, fiatilo, seiscientos, eta motokarro denak.
Mendiz mendi goaz, fiatiloen atzetik lasai eta mantzo: etxe soltetxo, txalet, fruta-arbola, loreak inguruan, baso baten erditik bezala askotan, berdegune batean, gainez gain… oso bidaia atsegina da. Atzo beheko lautadatik mendien magaletako herriak ikusten genituen, gaur, berriz, herriz herri goaz, mendi magaletik bertatik da gure bidaia, laku txiki asko ikusten diren beheko lautadari eta urrutiko mendiei begiratuz, tontorretako herritxoekin topo eginez.
Bitxia, deigarria, harrigarria eta polita noizbehinka gizontxoa gorbata eta guzti jaiko trajeatuta errepide ertzean ibili geldoan ikustea, bera bakarrik inongo etxe eta ezer dagoen parajeetan.
Amelia. Ia bihurgune barnean hartzen du bertara errepideak; inguratu, bildu, egiten du; 400 metro gorago, koska handi baten gainean, izugarrizko eraikuntza-puzka dago herri tontorrean, gain gainean: multzotzar gorrizka gauzatzen dute elizak, jauregiak eta gazteluak muino gain horretan. Eguzkiak erreta, kolorgetuak daude herri zaharreko teilatuak, gorri motel, ia marroi. Harresidun herria, harri zurizko ate dotorea erakutsiz sarreran; zutikako harkaitzezko mendia bera da albo batetan berezko harresi eta babes.
Tarteka sarrian aurkitzen dugu errepidean footing egiten ari den bakartiren bat, guk botatzen dugun aire kutsatua arnastuz.
Zubiek lotzen dituzte noizbehinka mendi maldak mendi zulo sakonen gainetik. Castrotik Laredorako bide zaharraren tarteak ditugu gogoan: behatokia errepidea, hark bezala berdetasuna nagusitzen zaio inguruan, zuhaitzak alde batera, etenik gabeko birak, gora eta behera; kare-haitzek ostera Euskal Herriko hainbat errepideen irudia dakarkigute irudimenera. Tarteka lur garbia, garia eta belarra batez ere bertan. Nekazari etxeren bat noizbehinka.
Bakoitza bere lurraldean bizi ohi da gustoren: jende hau ez litzake Etxarrin biziko, baina gu ere ez ginateke hona bizitzera etorriko.
Lugnano. Zabal dago hau ere mendi tontorrean, bere teilatu kolorgetuekin. Etxeak ez dira adreiluzkoak, harri iluneko arreak baizik; hala zen Amalian ere eta hala da inguruko herri guztietan. Kolore ia bakarreko multzo hiribildua. Beste aldetik ere ikusi dugu aurrera egin dugun heinean: tontor-tontortxoan ikusten da, dotore, mendixkaren puntatxoa betez. Azpialdeko lurrak hori daude, segur aski ia uzta heldua den gariz; errepideko areka edo kunetetan belarra ohi den bezala, garia erne da hemengoetan kilometro luzeetan, zabal erein zutelako-edo soro bazterretan.
Izugarrizko ikuspegiari so, behatoki batean autoz paseatzea bezala da 40 kilometrotako bidaia: ordu onean ez dugu autobiderik hartu. Beheko lautadan ez dago ia herririk: babes premiak ala beheko lurren beharrak eraman ote herriak mendietara. Laku zabala dakusagu han behean, Corbara lakua dela jakingo dugu geroago. Bidean bada kartel horixkaz iragarritako interesgune ugari, baina Orvieto da gure ikusmina eta nekea dakar sarriegi geratzeak.
Guardea. Errioxako eta Jaengo Laguardia herriak bezala, inguruko herri gehienen antzera, tontortxo batetan, izenari dagokionez guardian dagoen herria izango zela uste izan dugu aurrez, baina goian egon dagoen arren ez dago ez harkaitz ez tontor batean, goi-lautadatxo batean baizik. Agian “guardea” izango zen, gaztelu baten hondakinak ikusten baitira alboko gaintxoan. Udaleku itxura du. Prozesioa dela-eta desbideratu gaituztenez herrian sartu beharra izan dugu: zorionez. Beato Mascucho da herriko Saindua eta bere omenez zen prozesioa: gizonak aurretik bi ilaratan, emakumezkoak atzean beste bi ilaratan eta erdian jakatxo gorrizko musikarien banda, bospasei zutoihal edo estandarte, abadeak eta abitu gorriz jantzitako lau gizonek andetan zeramaten Santuaren erlikia-kutxa; noizbehinka apaiz batek txilibitu antzerakoa joz jendea gerarazi ondoren bere kalamatrika botatzen du bozgorailua erabiliz. Italiako pelikuletan ikusten dugunaren kontra, ez doa agintaririk prozesioan: herri laikoa da nonbait. Herri gehiena prozesioan doala dirudi, oso luzea baita ilera, herria, berriz, txikia da. Bada prozesiora joan gabekorik: tabernan ikusi ditugunak behintzat. Emakumeen ilaran 5 mutil ere badoaz bere neskalagunekin: gizon-emakumeen arteko bereizketaren kontrako errebindikapena edo neskarekin egoteko desira.
Gabiraia joan zaigu luzaro auto aurrean, goian: Etxarrikoak gogarazi dizkigu.
Olibondoa eta mahastia, ekilorea ere sarri, errepikatzen da orain arteko gaurko lurraldean. Halako batean alde bietako mendiak lotuz bide-zubiak gurutzatzen du goi-goitik bailarako berdegunea, ingurua zatartuz.
Nekazariek arazoak dituzten lurraldeetako uzta izan ohi da ekilorea, nolabaiteko irtenbide baten bila.
Bashi: tontortxo batetan dagoen herritxo polit-polita: halako dotoretasun berezia gehitzen dio eliza estilizatuak: inguruko zelataria edo azken gotorlekua izan behar zuen. Harrizkoa, kolorez arrea, erabat berdina, bere osotasunean da deigarria. Bailaran, sakonean, bere tren-geltokia du.
Bailara osoa betetzen dute ibaiak, autobideak, trenbideak eta errepideak.
Orvieto.
Gain batean ikusten da Orvieto errepidetik, gaztelua bailitzan. Igo eta igo egin behar da S. Marinora bezalatsu. Zutikako haitz garaiak ditu tarte luzeetan, haitz izugarriak, harresi berezkoak, babes naturala. Korpusti eguna delako edo, bandera gorri eta urdinak nagusiki, lore sortak ere, daude jarrita balkoietan. Egun horretan zapi zuriekin batera Jesusen Bihotza zeramaten Espainiako bandera asko jartzen zen Altzolan, herritar gehiengoa nazionalista bazen ere: beldurraren inposaketa. Badira Azkoitiko “armatuak”, soldadu erromatarrak alegia, hemen ere Korpus egunean, kartelek erakusten dutenez. Ez dago hainbeste turista, agian goizegi heldu gara, baina nabarmena da turista giroa. Korpusti Prozesioa famatua da nonbait eta ospatzen den orduan jendez gainezka egonen da hiri osoa.
Bada herria ia luzerik luze zeharkatzen duen kalea, baina bertara jotzen duten alboko kaleak ez dira inola ere bertan galtzera bultzatzen duten horietariko erakargarriak. Kale luzean etxetxo marroixka oso polita: lehen solairuan du sarrera, aterpetxo batek gordea, harrizko eskailera batez igotzen da bertara. Tunel edo pasabide antzerakoa, deigarri bilakatzen du bere barneko ilunpean Lourdesko Amabirjinaren Kobaren errepikapenak. Lourdes saltokia da duomo ingurua: dena denda, denak zabalik, jendea espero baita gaur hirian. Plaza: badu bere logia eta bere jauregia, ezebetxoan gelditzen badira ere Katedralaren alboan.
Duomo: koloreetako mosaikoa da fatxada, kolore deigarri bizikoa, halako zirrara sartzen du: harrizko santu irudi tailatu handiak, errosetoi ikusgarria Asiskoaren antzeko nerbio askorekin, arrosetoia koadroan jarriz bezala alde bakoitzean 13 buru tailatuzko laukia osatuz, filigrana harrigarriak tailatuta dituen harri zuri edo marmola zabal gorantz; beste dena, batez ere alboak, harri zuri eta ilunez egindako marrak; horrela osatuta dago hormadia. Barnea: barrunbea inguratzen duten mosaiko txiki distiratsuak dituzte sarrerako zutabeek; ohi den brontzezko ate landuak, handiak bezain ederrak: modernoa dirudi; hiru barneluzego ditu, fatxadakoen antzerako marra zuri-ilun harrizkoek ematen diote halako berezitasuna, halatsu marraz osatuta daude zutabeak ere; leihoak berriz harria imitatuz pintatutakoak dira; goian eta alboetan balkonada; bataiategia ere ez da nolanahikoa: marmolezko zortzi lehoiek eusten dute bataiarri marroi tailatu gabea, pontearen gainean Joan Bataiatzailearen irudi tailatuaz bukatzen den harrizko tenplete landu gotikoa, olioak gordetzeko bere kutxatxo edo armairu eta guzti; badirudi eliza guztian zirela freskoak: kapera batekoek erakartzen dute, batez ere, ikuslearen arreta: ikusten direnak liluragarriak dira antzinatasunaren grazia bereziarekin; Gurejauna dagoen kaperako freskoak oso osorik daude eta ederrak dira, baina bai presbiterioa, bai kapera bat, aldamioz inguratuta daude, freskook bere lehengora ekarri nahian nonbait; beiradurak: leiho luze gotikoetako goi partean daude eta ederrak dira, beheko zatia berriz marmol edo alabastro transparentea da; tailatutako 8 irudi eder dituen zurezko pulpitu handia; pulpituaren bestaldean harri zurian tailatutako pietà tailatutako irudi askorekin: ederra benetan; fatxadaren urre kolorezko irudikapena gordetzen dute Gurejaunaren kaperan, lan zoragarria, beirazko araza batean gordeta, giltzez itxita dago kapera bera ere; erdi-erdian, altu, harri mota ezberdina deigarri nabarmentzen zaion ur bedeinkatu ontziak metro eta erditik gorako altuera du, filigranazko taila da: gaina ikusten ez zaionez ura egongo den fedearekin bota beharko eskua hatzapar puntak bustitzeko; prozesiora ateratako 7 zutoihal edo estandarte, bat ezik beste denak antzinakoak; ez dira bordatuak, oihal gainean pintatuak baizik; tanta gorrizko zapi zuriak agertzen dira denetan: bada aldareko korporalera Kristoren odola erori zeneko mirariren bat tartean; zutoihalak eramateko hedeak ere erakusgai jarrita daude elizan: narruzkoak dira eta astunak izan behar dute; prozesioa gerarazteko kanpaitxoa ere urre koloreko gailu berezi batean erakusgai dago; koroa antzeko zer den ez dakigun mordoilo bat ere ikusgai dute kirten sendo bati lotuta; baita zer den ez dakigun kolore askotako tramankulu borobil ezberdin berezi bat ere: pelikuletako gerretan erregearen dendak izan ohi duen lits edo fleko obalatuzko gainaren antzerakoa, ez dirudi palioa denik.
Abade eta fraide feria da gaur Orvieton, mojak ere badira tartean, prozesiorako etorriak nonbait. Gazteak dira gehienak, abitu klase guztietakoak, inguruko denak bertan daudela esan daiteke. Lau frantziskotar gazte jarri dira katedraleko alboko harmailetan jelatu jatera humorez eta zalapartatsu bere abitu handiekin: errespetuz edo lotsagabeegi nabarmentzen zelako ez diet argazkirik atera nahi izan; apaiz adindua ere parean izan dugu jelatu erosten dendan.
Oinezkoentzako kaleetan agertu zaizkigu berriz ere aspaldian ikusten ez genituen beltz kinkaileroak: mafiaren eskua heldu da honaino ere, besterik ez duen hainbat etorkinen ogibide bakarraz baliatuz.
Orvietoko Atutxaren filmetan gelditu gara: hemen daude betirako grabatzen dituzten kamerak; Italiako poliziaren artxibategian gaude jadanik; agian jadanik bertan geunden Atutxak pasa dizkielako bere disketeak, agian Euskal Herrira itzuli aurretik han gaude Atutxaren artxiboan, hemengo txakurrek filmaketak pasa dizkielako: nire irudimena edo ideia finkatuak dira agian, baina fikzioa ez dabil errealitatetik urruti polizia eta errepresio arazoetan.
Ez dabil, ezta gutxiagorik ere, turista zaparradarik, agian ordu ezegokian etorri garelako. Bertako gazte jende asko ageri da.
Telefono kabina pila dago, turista asko dabilen seinale, agian inguruko herritarrak dira erabiltzen dituztenak, gaur bezala. Etxera deitu dugu geuk ere.
Bada katedralean dirua bota eta elizaren berri ematen duen aparailu horietarikoa bat, zeinek gazteleraz ere ematen omen dituen adierazpenok. Dirua eskatzerakoan gogoratzen dira Gaztelaniaz Italian. Euskara denik ere ez dute jakingo, euskaldunok isilean igaroko baikara hemendik ere.
32 graduko hozberoa izan dugu eguzkitan.
Mendi-gain laua dugu etxerako bidaiagunea; goiera bateko lautadan doa orain errepidea. Garia, ekilorea.
M. Luisa lo, bihurgunerik ezaren ibili leuna profitatuz.
Etxarrikoa litzakeen behi-granja.
Montefiascone, izugarrizko kupula tzarra gailentzen zaio teilatu ororen gainetik.
Bandera espainola ageri da errepide ertzeko muntaia batetan; lehenengoz guretzat Italian: Espainia ez da batere nabarmentzen hemengo turisterrietan.
Beherantz jotzen du orain errepideak, lautadara jaisten gara, ikuspegiaren ederra galduz.