Burutapenak 3
2.- GIZAKIA
Ahalak eta ezinak
Nahaiak vs ukoak
* Ez da ahuleziaren bat ez duen gizakirik.
* Gizaki oro ez ote ubikuotasun batean mugitzen, garenaren eta nahiaren artean harat honat beti.
* Egindakoa baino, ez egindakoa da gizakiaren eta gizartearen bekatu nagusia.
* Lanbide bat baino giza-maila bat, nolabaiteko titulu bat, behar duzu gaurko gizartean.
* Monotonia hautsiko duen zerbait ezberdinaren egarri bizi gara beti, baina une arruntez osatuta dago gure bizitza.
* Denok, bakoitza maila eta gai ezberdinetan, itzaletik atera eta fikzio batean eraldatzen gara.
* Denok ditugu geure-geureak zaizkigun uneak, inor ezagutzen eta ezagutuko ere ez dituztenak.
* Sarri hartzen dute gure burua gertatzen ez diren gauzek edo gerta daitezkeenek: errealitatea saihestu eta lasaitzeko trikimailua da.
* Buruko gaitza ohi da gizakiaren gaitz nagusia: akats fisikoa izan daiteke batzuengan; buru antzua da, baina, larriena, buru ondo jantzienetan ere.
* Ahots ezberdin asko ohi ditu bakoitzak barnean, ahots zintzoa aukeratu eta jarraitzea da zailena.
* Sekula berde jartzen ez den edo esperoan edukitzen gaituen zenbat semaforo gizakion artean!.
* Izaki bakartiak direla uste dut pertsona harroak, harreman asko eta handikeria ugari arren, barne bakardadea pairatzen dutela.
* Minarena da gehienok irensten gaituen amildegia.
* Ba ote munduan benetan damutzen den gizakirik?, puntualki eta une zehatz pasakor batean bai agian, baina dena justifikatu ohi dugu azkenez.
* Monotonia hausteko ahaleginak dira gizakiaren ekintza gehienak.
* Itsu biziko da egunerokoari argi eginen dion zerbait ez duena.
* Burua ere alokatzen diotenean dago galdua gizakia.
* Ezkondu askok jarraitzen du mutilzahar eta neskazahar.
Aingurak
* Bakoitzak dugu gure elizatxoa, bere fede eta errito jakinekin.
* Bertutea maitatzea litzake erlijioa, ez erritual bat betetzea, edo parafernalia bat osatzea.
* Basamortu itzel bat da Jainkoa kristau gehienentzat.
* Gertatu ez diren gauzak dabilzkigu sarri, agian sarrien, buruan, ihesbide.
* Esperantza etsai nagusi bihurtzen denean dago gizakia noraezean.
* Bakoitzak berak aurkitu behar dio bizipozari babesa, erraza ez den arren.
* Egi edo sineste sendo ezberdinak asmatzen ditugu sarri, gure zalantzak, hustasun eta ezinak estali edo itotzeko.
* Egunero errutinari etenalditxoa ematen dakienari ez zaio hain monotonoa egiten bizitza.
* Zeregin interesgarria, jolas aberasgarria ere, izan daiteke aztertzea zerez eta nola ahalegintzen garen estaltzen barne isiltasuna.
* Fedea eta fanatismoa elkartzea, lehergailu bati su ematea da.
Zirrituak
* Isolatuta uzten du gizakia oroimenik ezak, entzumen edo ikusmena galtzeak baino harago.
* Badira sekula ahazten ez ditugun bizitzako pasarteak, zorion eta samin iturri zaizkigunak.
* Ezin dira oroitzapenak tiradera batetan gorde, ezta edonolako zurrunbiloetan ito ere.
* Ze zaila den, ia ezinezkoa, oroitzapen eta sentipenak hitzez birformulatzea.
* Bizitakoak soilik gogoratzen ditugu, bizitakoarekin lotzen dugu entzun edo irakurritakoa.
* Oroitzapena: sentipen galduen portua, eta amets berrien abiapuntua.
* Inor ez, baina norbait izan, sarri bizi dugun sentipen urduria.
* Zenbat gauza dakigun, baina ze gauza gutxik hunkitzen gaituen edo zirrara sortarazten.
* Zerbait garrantzitsua galtzen dugunean sentitzen gara bakar.
* Lotsak ez du sendatzen, zauria gehiago mintzea da gehienetan egiten duena.
Izan eta ukan
Garentxoak
* Garela uste duguna ote gara.
* Zenbateraino garen garentxo jabetzeak egiten gaitu handi.
* Itxuraz ezberdinak, sakonean berdin samarrak gara gizakiok.
* Gure buruarekin ohituta, besteek ezagutzen dituzte hobeto gure aldaketen ñabardurak.
* Arrotz ohi gara jendearentzat begietara begiratuz hitz egiten gaituenean ere, begiratzen gaituzte baina ez gaituzte ikusten ere.
* Hitza besterik ez da zenbait pertsona.
* Zenbaitzuk hitzez diotena direla uste dute, jokabideak erakusten du izaera erreala.
* Zerk egiten gaitu gizaki?.
* Garrantzitsua da bakoitzak nor den jakitea, baina baita non dagoen jakitea ere.
* “jan eta lo” horrelako izaera eta jarrerakoak gara asko edo gehienok.
* Ez omen aldatzen pertsona: hala uste dut, jokabide asko aldatzen badugu ere, beti bera jarraitzen du pertsonak sakonean.
* Zenbat beldur, zauri eta zalantzaz bizi garen, baina kanpoaldean ez da ni hori agertzen.
* Ingurukoek hobeto ezagutzen gaitu sarri norberak baino.
* Orijinalak izaten saiatzen gara, baina bakoitza berenez nor azaltzen denean da benetan pertsona orijinala.
* Ametsek eta garaipenek haina osatzen dute gure izaera porrotek.
* Ergelek badute adimentsuak direla ustea suspertzeko joera.
Kiribiletan
* Ohartu-ulertu, bi kontzeptu ezberdin ez ezik, bi bizipen ezberdin ere badira: ohartzen gara hainbat gauza eta gertakizunez, baina ez ditugu ulertzen.
* Kalezuloan arren, espazio zabal errealean, ez birtualean, bizi daiteke; alderantziz, zulo psikologikoan bizi daiteke lautadan arren.
* Giza ukitu bat bilatu denari: sarriago eta kontzienteki gizatiar sentitzeko egin beharko genukeen ariketa.
* “Egotearen arintasuna”: bizipen gozagarria.
* Zenbat esanahi eta bizipen adierazten digun sarri hitz bakarrak, eta zein gutxi, aldiz hitz zaparrada batek.
* Zerbait buruan bueltaka ari zaizunean, zergatik ez dakizula, gai horrekiko interesa erakusten du zerbaithorrek.
* Betirako preso harrapatzen gaituzte zenbait begiradek.
* Mapak: bidaia-utopiak eta bidaiari-bizipenak.
* Beste norabait bizitzera doanak leku bat baino bizipen bat uzten omen du atzean: badu egiatik asko iritzi horrek.
* Ze hari misteriotsuek lotzen dituzte sarri gure gogoeta eta oroitzapenak.
* Toki propioa dute bakoitzaren oroitzapenek bakoitzarengan, transmititu ezinak dira, norbaiti zehatz kontatu arren.
Iparrorratza
* Laket zaio bizitza, edozein dela ere egoera, ukitu absurdoa jartzen dakionari.
* Etorkizuna iragan bihurtuz bizi da jende asko, nostalgiaz: aingura botata bizi dela traza du jarrera horrek.
* Asko dira presaka bizi direla itxura egin, baina asperduran bizi direnak.
* Izenak ez du gehienetan, ia inoiz, izana edo dena erakutsi edo adierazten.
* Barnean daraman sakontasunaren arabera aldatzen da gizakia.
* Beti zerbaiten zain dagoen pertsona da izakia.
* Bada agindua bete besterik egiten ez duen jende bat: bizimodua erraztu dezake jokabide horrek, baina automata edo hilotz bihurtzen zaitu.
*Norberak soilik esplika dezake bere bizia, norbera baita bere aditu bakarra, norberak erabaki dezake soilik bere bizia nola, bere erantzunak bilatu.
* “sentitzen dut” sentipenik ez duenak hauts asko pilatuko du barne sokoetan.
* Zanpatzeak aldatu egien omen zaitu: hor datza torturaren zergatika eta kartzelaren helburua.
* Jantziaz eta inguruarekiko parafernalia ezberdinez arduratzen da gizakia, oso gutxi barne edo giza molde osagaiez.
* Ez gara sekula zerotik hasten, beti dugu eragiten digun geure eta gizartearen iragan bat; guraso, senide eta gizartearen iraganak baldintzatzen gaitu jaiotzean bertan ere.
* Esperantzarik ez duena da nostalgikoa, atzera begira bizi da, aurrera ordez.
* “… kulturaren bertuterik handienetakoa heriotzari pultsua hartzeko duen arrisku zaletasuna dela”. Heriotzari pultsua hatzeko arrisku zaletasuna bada kulturaren bertuterik handienekoa, erruleta errusiarraren jolaskideak lirateke pertsonarik kultuenak.
* Betaurreko beltzak daramatenei barnea ere iluntzen ote?.
Hitzak eta ekintzak
Trukean
* Nolabait mingarriak dira gehienetan esaten ez diren hitzak.
* Aldi laburrerakoak ohi dira alkoholak ahalbideratutako adiskidetasunak.
* Hiztunago bihurtzen dira batzuk lagunartean, zenbaitzuk, aldiz, isilagoak.
* Aztertu nahi den zer horren mailan jarri behar gara, eta ulertu nahi dugunaren lekuan: lausotuta edo oker ikusten dira gauzak, gertakizunak eta pertsonak, kanpotik edo urrutitik begiratuta.
* Norberarenak arintzea dakar besteen arazoak leuntzen saiatzeak.
* Norbait geureganatu nahi badugu, bereganatu egin behar dugu lehenengo.
* Ez dut uste denok dakiguna partekatzea denik harremanak sakontzea: gauza jakin eta ebidenteez ari baikara ia beti.
* Igogailuan antzo, bakarrik zaude gehienetan besteekin, taldean zabiltzanean ere.
* Ze urrun geratzen zaigun zenbait pertsona, zu hur beste zenbait, begiradak badu horretaz eragina, begietara begiratu edo ez horrek.
* Ez da gauza bera elkar hartu eta elkartu, ez gramatikan ez gizartean.
* Norbere buruaz mintzatzen gara batez ere, ia etenik gabe, norbaitekin hitz egiten ari garenean ere.
* Sinetsi nahi duenak soilik sinesten ditu besteen adierazpenak, eta norberaren iritziarekin lotura duten heinean soilik.
* Pluralean bizi denean funtzionatzen du bikoteak, banaka hastean hausten da.
* Esanahi asko ditu irribarreak, ez da ezeren bermea.
* Arrotz gara sarri ezagunen artean, zenbat aldiz!.
* Laburtu egiten ditu batzuetan alkoholak gizakien arteko distantziak, zenbait aldarte eta pertsonetan, aldiz, bere baitan isolatzen du.
* Monotonia hausteko ahaleginak dira gizakiaren ekintza gehienak.
* Bere burua ezagutzen ez duenak zaila du beste norbait ezagutzea ere.
* Besteak ezagutzeak laguntzen du norbera ezagutzen.
* “Etsaiarekin indartsu, maite eta errespetatzen zituztenekin samur”: gizalege zentzuduna.
Batean bi vs bi bitan
* Edozein adini lotuta dago maitasuna deitzen dioten hori, maitasuna zer den da inkognita.
* Auto-estimu kontua dela maitasuna?. Agian bai.
* Aho biko ezpata da maitasuna, segurtasuna eman dezake, baina baita zauritu ere.
* Egia da maitasuna suntsitzailea dela, onenean ere kaltegabekoa, nahiz egia den ere aldizka pizgarria, osasungarria eta gozagarria dela.
* Ezkontide emankorrak izan ohi dira maitasuna eta isiltasuna.
* Auzo ibili ohi dira sarri maitasuna eta melankolia.
* Kezkatu, beldurtu ere, egiten zaitu maitasunak, hainbeste bihurgune, zoko eta ertzekin topo egiten duzunean liburu bat irakurtzean; zerbait berezko edo naturala iruditzen zaizu maitasuna, baina izugarri korapilatsua da.
* Ergeldu eta adoretu, bi eraginok ditu maitasunak, nahiz adore hori ergelkeria izan.
* Gorroto behar genituzkeen pertsonak maite ditugu sarri.
Norbere baitan
* Beren berarekin bakarrik egoten ez dakiena ez da bereaz nagusituko.
* Barregarri geratuko ginateke besteen begiekin eginiko argazkian.
* Krudelegia litzake sentitzen ditugun burutapenak esatea.
* Umilagoak ginateke besteen begietatik ikusiko bagenu gure bizitza.
* Lehenengo norbera ezagutu eta ondoren deseraiki, hori egin behako genuke gizaki berri bat izaten hasteko, baina zaila da, ausardia behar delako batez ere: baita norakoa garbi edukitzea ere.
* Une nekoso, gaitz eta nahasietan zailtzen da pertsona.
* Norbere barnean gu geu aurkitzea, hori da segurtasuna.
* Barneko isiltasunaren zarata entzuten duenak sinfonia oso bat entzuten du.
* Bere barnean igeri egiten dakiena ez da itoko.
* Zenbat ni dauzkagu bakoitzak, niok kontatzen hastea jolasa edo jokoa izan daiteke, baina ez dugu sekula nion zenbaki zehatz bat edukiko, beti agertuko baitzaigu ni berri bat.
* Barruan daukazunak moldatzen zaitu, inguruak baldintzatuta arren.
* Ez da urrutira helduko beti dudatsu dagoena.
* Denok ditugu, den-denok, inork zapaldu ezin dituen espazioak, norberak soilik ezagutzen eta inork zabaldu ezin duen dituen kutxa beltza, inori zabalduko ez dioguna gainera, leihorik gabekobakoitzaren antzokia.