Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Gurutapenak 3

Gurutapenak 3

Jon Etxabe 2019/03/15 13:51
1.- Gogoetak

GOGOETAK

 

 

Ahalak et ezinak

Ezinen zidorretan

* Lasaibiderako jarrera da datorrena tarteko zerbait bezala hartzea, azken helburua lortu beharraren beharrez bizitza ozpindu ordez.

* Defentsa arriskutsua da erantzunik gabeko galderak saihestea.

* Indarberritze asmoz, baina ahultasunerako esparruak sortzen ditugula  irudipena dut.

* Oso gogorra da norberaren lotsaren preso bizitzea.

* Bizi guztirako orbana baino betirako zauria uzten dute bizitzako zenbait akats edo jokabide okerrek, eta azken arnasaraino ziztatuko gaituzte.

* Zerbait galtzeko beldurrez bizi denak galdua du jada zer hori.

* Zauri mingarrienak baino min gehiago eragiten dute beldurrak eta ikarak.

* Misterio geruza batek biltzen du beldurra, zer izango edo zer etorriko ezjakinak.

* Denok dugu beldurra, beldurrak norbera ez geldiaraztea da ausardia.

* Gauzak ez dira gizaki batek galdu ditzaken zer bakarra, gauzak kenduko dizkiotela soilik beldur denak galduko du dena.

* Zenbat aldiz eragozten digun aldaketa geroaren beldurrak.

 

Izarñoak

* Ez dago logura bezalako koltxoirik.

* Hurbilago du edertasuna sosegua duenak.

* Bizitzako egun onak dira biziraupenari aurre egiteko helduleku eragileenak.

* Jasan ahalko luke gizakiak etenik gabeko zoriona?, aspergarria litzake.

* Lan edo zeregin orok interesgune bat behar du atsegin bihurtzeko.

* Gogoratzeko moduko egun edo une bat egiten dakienak lortu du zorion izpirik.

* Zorte ona erakartzen dakienak ohi du zorte ona.

* Garrantzia du arriskua sumatzeak, emankorragoa da zorion izpiak non aurreikustea.

 

Izan eta ukan

Izarren hautsa

* “Hitzen eta beste ororen gainetik hegan egiten duen txoria da bizitza”, txori izan, merezi duen ahalegina.

* “Bizitza denboraren bi punturen artean gertatzen den zerbait da”, mugatuak arren, gara.

* “Gure bizitzaren esanahia xumea da, ez deusa, ia barregarria”: ados, bakarrarena edo bakarka soilik hartuta.* Norberarekiko harremana  da batez ere bizitza.

* Zentzua galtzen du bizitzak amildegi iluna bilakatzen denean norberaren barnea.

* Ikusten eta sentitzen duguna soilik bizi omen da; bakoitzaren kontzientzian bai agian, baina errealitate bat badago hor kanpoan eta izugarrizko eragina du bakoitzarengan.

* Naturaren izpi bat, inar edo distira bat da gu bakoitzaren bizitza unibertsoarenarekin alderatuta.

* Joanekoa soilik delako eusten diogu bizitzari.

* Bizitza luzatzea ez da izan behar helburua, uneak edo oraina bizitzea baizik.

* Zirrikituz beteta dago bizitza, pitzatuta.

* Bizitza erdizka bizitzea da gauzak behin-behinekotasunez egitea, bizitza galdua da apaldutako ilusioz eginiko bizitza, edo asmo nabarmenik gabe eginikoa.

* Biziaro denak dira onenak, bizitzen jakinez gero.

* Noiz erdibidetik, noiz zuzenean, noiz itzulingurutik… hor datza bizitzako jakinduria.

* Jaiotzea eta heriotza, oharkabean pasatzen zaizkigun uneak.

* Heriotza ez da doian bat, tristea baita.

* Adimenak ematen die izatea gauzei.

* Norbere bizitza bizitzen jakin, hori da funtsezko jakinduria.

* Ez dena izan daiteke, izan dena ez da izanen.

* Irri eginez edo betilun begiratzen diegu zenbat gauza edo gertakizunei, zergatia jakin gabe.

 

 

Hitzak eta ekintzak

Joanez

* “Bai baina  ez”: emaitza onik ez duen dudakorraren jarrera da, zerbait zehatzik egiten ez duen heinean.

* On izatea ez da nahikoa, beharrezkoa da on jokatzea ere.

*  Ahalegin soilak ere bere balioa du helburua burutu ez arren, oso emankorra da gehienetan.

* Ekintza eta egitasmo altruista eta justuenak ere zer dira nolabaiteko egilearen barne plazera baino, helburua lortuz areagotzen dena.

* Mugiezinaren indarra: ze gutxi erabiltzen dugun, ia ez dugu erabili ere egiten, pasibotasuna eragiteko tresna bezala.

* Segurtasunik eza da aurkari nagusia ekintza batean.

* “Sentitzen dut”  esaldi hain erabilia: bestea botata utzi eta “maitea” esatea bezala da.

* Denboraz dugun zentzua gizakiona soilik ote da, ala bizidun ororena.

* Mugimenduaren ondorioa  da denbora, denbora ez da existitzen, gauzak baizik, aldatuz doazen gauzak.

* Ze arrazoi ezberdinek eman dezaketen denboraren neurria.

*  Herrialde hurbila da iragana askotan, ez du axolarik nora itzultzen garen.

* Askok du denbora galtzea bizitzaren helburu.

* Sarriegi uzten ditugu alboan erantzunik gabeko galderak.

* Soinu bihur daiteke zarata begiak itxita; begiak zabalik zarata jarraituko du zaratak.

 

Versus: aldaketaren funtsa

* Usteldu orok sortzen du bizia: bizitzaren printzipioa.

* “Bizitzak ukazioa esan nahi du”: etengabeko hautua baita bizitza.

* Finkoa da ideal politikoa; aldakorra, aldiz, mundua begiratzeko modua.

* Zenbatu ahal diren gauzak gutiziatzen ditugu, baina zenbatu ezinak dira garrantzitsuenak bizitzan.

* Gure begiek, itxita ere, ematen die errealitatea gauzei.

* Leku asko betetzen dute ezerezek, kontraesana dirudi baina hori da errealitatea.

* Gauza bat da zerbait jakitea;  beste zerbait, dakigun hori ulertzea.

* Dirua beti da zama, aberatsentzat ere.

* Hautu bat da begirada, era berean uko bat ere.

* Txikitasun sentsazioaz harago, norberarekin elkarrizketa aukera eskaintzen du isiltasunak.

* Ez dago salbuespenik gabeko ezer.

* Izan daiteke jolas kilikagarria inguruko jendearen begirada ikertzea.

* Norbere baitan dago beti arrisku nagusia.

* Buruarekin sentitzen dena ez da ez mingarria ez arriskutsua.

* Arriskutsua da burua eta bizitza nahastea, nahiz zaila den bien arteko oreka; bihotzari ala burmuinari eman lehentasuna, hor dago koska.

* Bilakaeretan ez dagoela gailur iraunkorrik, egonkortasunik ez dela existitzen alegia, irakurri dut: hala delakoan nago, gorenera helduaz bat hasten baita gainbehera.

* Logika eskatzen zaigu erabaki eta eginbideetan, baina lehorra ohi da logika.

* Zaratak zaratari egiten dio dei, jendeak jendeari, tabernetako jendetza lekuko.

* Dena da erlatiboa, pertsona bakoitzaren unearen araberakoa; gorakoa eta beherakoa, goialdera edo sakonera bidea da aldatsa, doanaren norakoak erabakitzen du zer.

* Urduritasunak eragiten du ekintza ala alderantziz?. Ez dut uste arau edo kausalitate bakarra dagoenik, unearen balditzen arabera batak zein besteak eragin dezake ekintzetan.

*  Ez dago omisiorik, jarrera aktiboak direlako omisio antzuenak ere.

 

 Geroaren lilura

* Mitoetan lo baino utopian amesten duen herriak eginen du aurrera.

* Historia istorio bilakatzen saiatzen gara sarri, errealitateari ihes egin asmoz. Baita istorioa historia bilakatzen ere, interesen eraginez gehienetan.

* Gau eta goizaldietako egiak gezur antzuak bilakatzen dira eguna heltzean.

* Ez du maite etorkizuna amets egiten ez duenak.

* Misterioa amestera bultzatzen gaitu errealitateak, misterioa errealitate bihurtu asmoz, eta misterioa errealitate lortu ezkero beste misterio bat asmatzen dugu.

* Ilusioa lausotzen duen pentsamendua da arriskutsuena.

* Egiari beldurra dario eta datxekio.

* Beldurrari ez zaio beti eta erraz antz ematen, lotsagarria baita gure gizartean, horregatik ahalegintzen gara ezkutatzen

* Artista, ametsen lurra lantzen duen nekazaria.

* Irudimenean baino ez daude eleberriak, filmak ere, baina errealitatea bailitzan aipatzen dituzte askok, agian norbere bizitzaren ispilu direlako.

* Gizaki nahiz izaki, ameskeria dago beti handikien, ostean.

* Traidoreak ohi dira ametsak, ez baitira betetzen gehienetan.

* Bi errealitate ezberdin dira liburuetakoa, medioetakoa, diskurtsoetakoa eta benetako errealitatea.

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta