Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/03/08 08:55
Italia 95. Chamonix, Aymaviles, Pondel, Cogne, Lillas. Frantzia: Air en Provence, Nimes.

AOSTA.

 

Turismoa du bere behi baliotsua oraindik nekazaria den bailarak, eta  bere errapeari  erreberoa ateratzen ahalegintzen da. Bailara atsegina. Zerk zikintzen ote du ibaia hemen goi jaioberrian?, indar bizian dator eguzkiak urtzen dituen elurrengatik oparo.

 

Isogne: Gaztelua du errapeko titirik preziatuena: barrutik beharko du izan polita edo ederra. Eguerdiko bero itoak eskertzen duen  ur ugari eta freskoa du.

 

Kanpina. Baso barruko belardia da kokagunea, belardi bihurtutako baso esparrua; bertatik ikusten ditugu urrutira tontor zuriko mendiak, gandorrok laino zuriekin elkarlotuz. Teila gorriz eta arbel iluneko herritxoak mendi magaletako arboladi berdeetan gorantz, lautadako ibaiaren gainezka egitearen beldur nonbait.

 

Aosta hiriak nonahitik ditu begi-bistara mendi garai elurtuak, mendiok inguratzen baitute. Hiri txikia da, herritxoa besterik ez. Frantses turista ugariek kolonizatu dute, iragarki denak italieraz eta frantsesez daude, hizkuntza propioa duten arren. Bere baitan, erromatarren arkua, zubia, pretoria atea, harresia, teatroa, anfiteatroa... eraikuntza sendoak. Sendoak behar zuten izan baita ere erromatarrak aurreko Alpe mendikate sendoa  igarotzeko Galiarantz

Ikastetxeko patioko horman Picasoren Gernika, bikain errepikatuta.

Ulertezina zaidana  da zer egiten duten aingura handiak bertako azaleko ur bizkorren erreka ertzean, edo Neptuno eta Neptunosak udaletxeko bi zutoinen aurrean sarde hirukoitza eskuetan, itsasoaren amets mendiarte hauetan.

 

Nongoak garen, Sardiniako nongoak, galdetu dit gizontxo batek, begiak alai, bere herrialdekoren bat aurkitu duelakoan. Sardiniako matrikula ere SS omen.

 

 

Uztailaren 1a.  Larunbata.  52.a

 

Alboko bi karabanako andre eta gizonak, potoloa bata potolagoa bestea, jo eta ke ari dira asfaltatuko bidexkan dauden bi inurritegi, edo inurritegi beraren bi sarbide hondatu nahian: gasolina bota dute zulora, su eman diote ondoren; agian orain karabana azpian egingo diete argira ateratzeko behar duten bide berria.

 

Aurreko bi mendi kasko elurtuen magalean ozta-ozta ikusten da basoa garbigunetan, teilatuek diotenez, herritxoa.

 

Aosta.

450 urteko zaharra den ezkia oparo dago oraindik hosto berde eta fruituz, gerria erdi hustua badu ere.

Sant`Orso eliza: Aosta bailarako lehen eliza, sentziloa baina potxoloa; dorre erromaniko ederra; hiru begiko arku batek banatzen du bitan eliza, beheko zatia eta presbiterioa bereiziz; koloreetako marmolezko arkuak Kristoren irudia eta beste santu-irudi bat ditu gainean; freskoak dira gangetako nerbioak, fresko zati ederrak  eta fresko hondakinak gelditzen dira ere hormetan; marmol koloreko itxura dotorea dute ormak, pulpituak, eta arkuak; barneko zutoinak ia landugabeak, bakoitza ezberdina, antzinako pietà ederra, ganga obalatua aipatu behar; ikusgarria da koruko aulkiteria, zurezko taila izugarriengatik, barne taila bitxi liluragarriak baitira eskulekuak: bada eskuez ipurdia estaltzen duen animalia bat!; zehaztasunez eginiko zurezko irudiak ditu gotzain-aulki  harrigarriak; aipatzekoa da ere teilatu arreko klaustroa, txikia eta xarmanta, bakoitza ezberdina den filigranazko kapitelekin: konjunto pospolina; kripta.

Alboan klaustro antzerako beste fatxada bat eta punta zorrotz konikoan bukatzen den adreiluzko dorrea.

S. Lorentzo eliza: indusketakoak dira soilik geratzen zaizkion hondakinak, zementuzko estalki baten azpian ikuslearentzat itxuroso gertatuak: zutik dirau elizaren fatxadak: triangelu baten puntatxoan bukatzen da gailur beltza, gorriarekin kontrastea eginaz.

Anfiteatroa eta Foroa: adar-jotzea dira, komentua eta etxadia baitituzte gainean eraikiak, ez zaie antzik ere ematen erromatar eraikinok non dauden eta nolakoak diren.

Pretoriaren arkua: sendoa, barne-barnean ukitzen nau bere ondoan naizen bakoitzean.

Zubi erromanikoa: hiri honetako eraikuntza erromatar guztiak bezala, sendoa, harri handiz  eta zabalez eraikia, urik ez badoakio ere azpitik, autobusa eusteko lain da oraindik.

Legenardunaren dorrea: baditu etxeak inguruan,  baina oraindik orain ere aparte, bereizia, triste, ilun, arre, bakarti, bizia badu ere  hilotz, zainduta egon arren harri ustel.

Freskoak: kaleetan ere aurkitu daitezke.

Diktadoreei buruzko antzerki erakusketa: Juan Carlos erregea ageri da Francoren argazki batetan, Donostian ateratako Caudilloaren argazkiak, eta Franco Golfean; ezezagun eta izenik gabeko jendetzaren argazkia da azkena, eta azkenik, nahi duenarentzat, bakoitzak norberaren aurpegia ikusten duen ispilua: ni neu bertan, itxura leunagoz baina barneraino menderatzen gaituen kapitalismoak, diktadurak, itxuraldatuta.

 

Ibaiari begiratze asperrezina: korronte handi, labaina, hasia, lasterra, kareztatua, apartsua, zoinu lasaigarrikoa.

Herri guztiek dituzte izozkitegiak, baina herri denak gainditzen ditu Aostak.

 

Bailara:

Ur-jauziak:  sokan datoz  bata bestearen ondoren.

Herrixkak:  erreskadan mendi magaletan, arbelezko teilatua dute: baso itxuraldatzen dira.

Turismoaren errepea jezten saiatzen ari dira herri zaharrak,  zahar itxura galdu gabe berrituz.

Mont Blanc, aurrean dager, 4.468 metrorekin garai garai, lerden, sendo, digante, atsegin, baina ez digu erakutsi nahi izan bere gandor zuria.

Courmayer: turistengandik eta turistentzat bizi den turisterria.

 

Glaziarrek eraginda,  kare hondarrez zuri datoz ibai bizi bizkorrak, uholdean udako eguzkitan bristadatsu; marra zuriak dira errekatxoak baso berdeetako erretenetan; ur-jauzi zoragarriak begien ikuskizun aparta.

 

Chamonix: elurretik bizi den lourdes erraldoia.

Alde honetatik ere zuri argi, liluragarri eta erakargarria da Mont Blanc: gorantz behar dute nahitaez gazteek, erakarri egiten baitu. Sekulako ebakidurak elur hobiak bailira, pendizak eta elurrezko amildegiak erakusten ditu mendiak. Urak ez du akaburik, agortezina da.

 

Savarenche bailara, Paradisu Handiaren  bihotzean. Ibaiak eta errekak harrietan hautsiz ura, apar zuri altuetan ehunaka metro dituen ur-jauzian, bata bestearen segidan, mendi-zulo eta mendiarteak zuri utziz. Pinudiak hemen ere!, baso berdeak mendiak ia tontorreraino estaliz.

 

Paradisu Handia. Ur-jauziak, belardiak, behi makalak aldran, herri galdu eta hondatuak, herri erdi eroriak bakardadean, dena errekasto zuri, dena ur-hotsa, teilatu arre, dena mendi-zulo erraldoia mendi erraldoien artean: txundigarria.

 

S. Pantaleon gainean bota digu ahazten hasiak geunden eguneroko zaparrada.

 

 

Uztailaren 2a.  Igandea. 53.a

 

Yudego guztiek galduta dute hortzak ondo garbitzeko borroka: bi hilabetetan ez dut gazte bat bera ikusi erakutsi zidan tresneriarekin eta modura garbitzen; harridura erakusten dute ni ikustean hortzak garbitzen.

 

Ulertezina dirudi goizean txorien sinfoniak lehen unean. Dendako etzan lasaian edo arbola azpiko eseri patxadatsuan txori bikoteak bereizten zoaz ia konturatu ere egin gabe, bata bestearekiko pioka lehia: sinfoniaren klabe asko ezagutzera heltzen zara, hainbat soinu elkar lotuz eta txorien elkarrizketak kokatuz.

Helikopteroak dabilzkigu Italia osoan, hemen ere bai,  oso sarri, buru gainean burrunba nazkantean hara-hona. Ze demontre egiten dute behekoon  patxada urratzen. Auskalo noren jolas alperra den. Berdina gertatzen da gerrako ehiza-hegazkinekin, ziztu bizian zeharkatzen baitute ortzia dardarizoa sortuz pertsona eta gauzetan.

 

Zurezko etxetxoa alokatu duen dendari edo administrari jiteko tipoa agertu zaigu garbigeletan telefono eta guzti zerbait delakoaren itxurak eginez, mundua bere eskutan balego lez.

 

Fenix: iganderoko herritarra dabil harantz-honantz hemen ere,  asteburuko ibilian, herrialde guztietan ohi den bezala.  Gaztelua bera ezin ikusi izan dugu barnetik,  bisitarien hainbestekoa zela eta.

 

Garin izeneko herri bat bada hemen ere, mendiartean galduta.

 

Valtournenche bailara eta herria: izeidiak mendi magaletan, erreka, eta ondoren ibaia, daraman urez  indartsu eta nahastu zaion kare-hautsez zuri; dena da  ur-jauzi, dena elur errekak beherantz haitz tartetan, dena elur izoztua bloke erraldoietan beherantz jauziz eta haitz gainetan presa eginez; elur amildegiak, pendiz bertikalak elur bihurtuta noiz irristatuko maldan behera; elurretatik errekatxoak haitzarte guztietan; zabalgunetan elur maindireak eguzkira brist; errekak haitz gainetatik aparrezko ur zuriz jauzi erraldoietan edo haitzaren kontra lehertu ondoren labain bere zuri bizkorreko neurtu ezineko bide luzean...

 

Breuil-Cervinia: elurretik eta elurrerako sortu den herria. 

 

Cervino: ez digu aurpegirik erakutsi nahi izan, misteriotsuki gorde zaigu  laino ostean minago utziz ikusmina.

 

Bakoitzak bere daukantxoa erakusten du: lakua dute bideko auzo batean, bertan berenez jaioa, txikia eta hotza, zeruaren ispilu denez urdinxka, iganderokoentzako leku aproposa; jendez gainezka dago gaur.

 

Pantaleon Saindua: 1645 metroko altuera, behatoki aparta: ikusgai liluragarria da bertatik aurreko mendikate elurtua.  ikuspegi aparta. Bertatik ikusi ditugu bailarako herriak, tontor elurtuak. Belatzak, haitzak eta elurrak beraien habitat dituzten inguruko herriotako biztanleek, udan ere haize freskoan bilduta, beste ikuspegi batez eta pentsaeraz bizi behar dute bizitza bera ere.

 

Pizzeria asko dago Aostan: herri soilaren turismo-leku izaki.

 

“Independence”. “Independensa”. “Val de Aosta libre” eta antzeko sekulako pintada erraldoiak ikus daitezke han-hemenka.

 

Etxerako egunak ez ezik ia orduak ere kontatzen ari gara, bukatzear dauden egunen gazi-gozoa bizi dugu. Luzez gogoratuko dugu dendatik bertatik, liburutik begiak altxatzean, komunetara bidean, autoa ateratzean, eguneko edozein unetan, aurre zabal borobileko mendi gailenak elurrez zuri, dir-dir, lerden, eta eder ikusi ahal izatea. Ninietan eramango dugu inguru zuri-berde atsegin hau.

 

Ipuin Lizunak. Aitor Arana

 

 

Uztailaren 3a.  Astelehena.  54.a

 

Trumoia jo du gauean, eta goizean goiz bota digu eguneroko zaparrada.

 

Auzo ditugu Kixote eta Santxo emakumezko bertsioan: ikustekoa zen Kixotesa, jaiki berria, pijama barruan oraindik, denda aurrean hanka zabal besaulkian eserita, lo, hankartean, potxorretik gertu, dendan beraiekin bizi den katua bera ere lo.

 

Aymaviles: elizatik at dago kanpandorre erromanikoa. Elizak, inguruko edo bailarako beste askok bezala, freskoz dotoretuta du fatxada. Biziki margotuta dago barrutik ere. Zurezko irudiz edertuta dago atrilea. Alboko aldare batean Amabirjinaren bizitza kontatzen dute 15 borobiltxo edo medailoik zurezko irudi naif tailatuz: filigranazko lan xarmanta. Kripta ere ba omen du, guk ez dugu aurkitu ordea.

 

Pondel: ibaia ere baden erreka apartsua, etengabeko uhinez azala, bizia, lasterra, ebakiduran bazterrak joz, lehertuaren eraginez ozen:  erromatarrek eraikitako akueduktu eta zubia, biak batean elkarren gainean; oinezkoen bidea bihurtuta dago gaur egun akueduktua, 52 metroko altueran zeharkatzen du ibaia eta mendi-zuloa. Sendoa, betea, argibide eta arnasbide diren hainbat zuloz tartekatutako horma zabala bailitzan, ur apurtuen  gaineko arku borobila da zubiaren sostengua: oztopoei eta premiei aterabideak asmatuz eraikitako zubi berezi bezain aparta.

 

Herritxoak erreka-gain, erreka-ertz edo mendi maldetan, auzoak besterik ez dira askotan. Hondatuta daude hainbat etxe, beste hainbat berrituta, denak elurrari eusteko burdinazko gakodun arbel zabal eta sendoko teilatuz gandorturik. Teilategal zabala dute elurte eta elurte osteko elurtzeen itoginetatik babesteko. Izeidiek betetzen dituzte mendi magalak,  tarteka elurtutako harri gorrixkako tontor zorrotzek jartzen diote txapela mendiari  ortziko urdinari edo gaur bezalako laino zuriari zerra itxura emanez.

 

“Maitreux chez nous” – “Les valdostains   maitres ches eux” – “Val d`Aosta libre” – “Reveilez vous valdostains” eta antzerako pintada erraldoiak sarriagoak dira bailara honetan, bertan kanpotar gehiago dabilelako edo bihurriren bat bizi delako inguruan.

 

Cogne: 1534 m. Bertara  erreka-zuloz erreka-zulo erreka zuriarekin bat doan errepidea,  begi-zabal, barrena tenk, begiak argi, inguruaz gozatuz,  mantso joatera bultzatzen zaituen horietariko bidea. Bere horretan mirariz ukitu gabe gorde den mendi babesean bildutako belargune zabala da mendiartean zabaltzen den gunea. Bada hirian zura maisuki lantzen duen artistaren bat: bere lan erraldoiak ageri dira kalean. Elizako bost aldareak nagusia tarteko, barroko zahar urreztatuak dira, taila naif  liluragarri erakargarriekin: ikustekoa da San Migelen oin-azpiko deabrua. Musika tresnak dira koruko barandako pinturak: nahiko harritzekoa eliza batetan.

 

Korua eta organoa bere tokian daude bailara osoan, atzean. Kanonikoek zaila dute elizotan disimuluko lo-kuluxka.

 

Lillaz: 1617 metro. 4etan bazkaldu dugu auto barruan, aberatsen orduan pobreen erara. Lautada batetan kokatua, mendi, elur eta ur-jauziz inguratua. Bi erreka zabal, bi eliza eta bi kale. Inguruko herrietan bezala aparkaleku, hotel, denda, eta bertako erara jasotako etxe berri txukunak.  Urjauziak: Lilazen dena da ur-jauzi apartsua;  eta jarraiko erreka garbia. Aosta bailarara eskiatzera etortzea merezi badu, ez du gutxiago merezi Uztaileko ur-jauziak ikustera etortzeak, ikusgarriak eta liluragarriak baitira.

 

Ez dira kataratak baina erraldoiak dira ur-jauzi soilak izateko. Apartak, garaieragatik haina jauzten den ur kopuruarengatik. Biderkatu egiten da une batean. Presaka igo dute bisitariek, presaka jaitsi ere, ez euria zelako soilik, turista presatien urduritasunagatik baino. Bakarrik gelditu naiz, euripean bezala, ur-jauzien erdigunean, zoriontsu, pozik, bizitzaz barne ase, ur-hotsez bilduta, uren marmario ozenen soinuz gorrera atseginez, aparrek eta zipriztinez ferekatuta. Filosofo batek Niagaran pixa eginez esan omen zuen “ze huskeria den gizona”: pixa egin dut nik ere ur jauziko gainean mendi ebakidura lotzen duen zurezko zubitik beheko ur bizi lasterrera eta bizia eta gizadia handia dela bizitu dut, bizitzak merezi izan dit eta “merezi dit” garrasi egin dut. Apaiztegiko gogo-jardun eta militantziako ikastaroen ondoren baino gogotsuago eta baketsuago, barne baretuago atera naiz, alde egiteko penaz, aurrera jarraitzeko liluraz, azken begirada ur biziei boteaz.

 

Azken pizza, azken jelatua Aostako kaleetan eta bihar “baguz” Italiatik.

 

Gorantz ikusten dut ilargia zuhaitz tartean; etxeko leihotik ikusiko dut ilbetea.

 

 

Uztailaren 4a. Asteartea. 55.a.

 

Egun hauetan ia izan ez badugu ere gaur izan dugu eguneko zaparrada ez ezik ia eten gabeko euria, mendien ikuspegi eta ederra lausotuz. Euritsua eta bustia gogoratuko dugu Italia.

 

Sasarikoak garen galdetu dit alboko andreak ere: ezin izan diot euskaldunak garela ulertarazi. gizonari “espagnoli” esanaz joan zait. Gure patua nonbait!. Hautsiko duguna.

 

Egunotakoen antzerako bidea eginez atera gara Italiatik:  aparrez zuri, harri kontra erasoz ozen, oxigenoz borobil burbuila,  erreka zabala errepidearekin batera lagun, mendi elurtsuak alboetan babesle, tontor garaiak haizetakotik  edo atzerako-ispilutik begiratuz,  aurre-atzera so; teilatu arre eta balkoi loreztatuzko herriak zeharkatuz; izeidien bihotzetik azken kilometroak zenbatuz; erreka kontrako herritxo eta auzoez liluratuz; mendi magaletako zabalgunetan nostalgia pausatuz. 

 

La Thuile. 1441 m. Italiako azken herria. Muga inguruko herri peto horietakoa. Bertan egin ditugu azken erosketak. Bertan urtu ditugu gozoki jelatu bilakatutako  azken txanponak  elurretik datorren errekondoko paseoan. Txerrikia da salgai eta erakusgai duten herriko jaki ezaugarriena. 

 

Eta honekin, agur Italiari.

 

S. Bernardo Txikia. 2188 metro. Erruz dago oraindik elurra. Ezin ditugu begiak kendu ur-jauzien azken ikuskizun liluragarriengandik, agur egin nahiz-edo lainoak libratu baititu tontorrak, bere edertasun zuriez azkenekoz goza dezagun. Ahazgaitz izango zaigun ikuskizunari errepideko auskalo zenbat bihurguneen azken soa eginez, nostalgiak ukituta, zuzendu dugu bidea Frantziara elurrezko hormen erditik muga zeharkatuta, goitik behera. Orain bai etxera.

 

 

FRANTZIA

 

Frantzia aldeko paisaia ere beste aldekoaren paretsua da.  Lasai eta geldi egin dugu  bidea, dena bihurgune, dena piko den aldats-behera, inguruko mendi elurtuei begiratuz orain ere, Aostan antzo. Frantsesek muntaia handiagoa, dotoreagoa, dute baldostarrek baino, iaioagoak nonbait salmenta lanetan, salgaia natura bada ere.

 

Kilometroak janaz egin ditugu orduak. Mendi berdeak, mendi garaiak, haitz tzarrak,  erreka iluna, arto-soroak, autobideko egonleku atseginak, kamioi eta autoak trumilka hirigunetan batez ere, autobideak behartzen duen abiadura bizia, txartel hartze eta ordainketak, betiko  obrak.... ordu aspertuetan.

 

 

Aix en Provence

Ikusmina genuen eta merezi izan digu bisitak.  Egunak ordu beroenak emanak dituenean lasaigarriak gertatzen dira hiriko kale eta giroa. Bainu-herria,  dotoretxoa, zaindua eta garbia; oinezkoentzako saltoki  zonalde zabala, plaza asko, udaletxe ederra dorre dotore batek edertuagoa, egonlekuak, kafetegiak; patxadako praka-motzeko jende xehea (auskalo nor bai den eta ez den pozez dabilen xehea edo aberatsa), eta jende ugaria eserita zerbait hartzekoan. Arratsaldea edo orduak lasai urtzera etortzeko hiria.

 

120 abiaduran gindoazela, instante batetan “harrapar y pasar” egin gaitu trenak.

 

Arlesen bukatu dugu eguna, nekatuta;  autobiak inposatzen duen abiadura eta ardura dela-eta pasa ditugun paisaiaz disfrutatu ezin izan dugunaren penaz, baina pasatako bi hilabeteez pozik.

 

Badirudi kultura-martxa handia dagoela Arlex inguru honetan, kanpineko paperetako iragarki eta eskaintzen arabera.

Moskitoak bai badira ugariak inguru honetan.

 

Etxera giroa bizi dugu, etxea hurrean sumatzen dugu, bere lana bukatzean eguneko pauso motelaren ondoren etxeranzko ibilia arintzen duen idi pareak bezala. Mila eratara antz ematen zaio: etxeari buruzko gogoetak,  bizi izan dugunaren iragan kutsuko aipamenak, zain dugun ohe zabalaren nostalgia, autobideko obrak bukatu ote dituzten aipamenak, loreek iraun ote duten gogorapenak. Etxearen hurbiltasuna eta monoa bizi dugu.

 

 

Uztailaren 5a. Asteazkena. 56.a

 

Nimes. Erromatarren hiria bezala ezagutzen dute, erakusteko duten bi monumentuengatik, baina badu zer gehiago eskaini bisitariari.

Anfiteatroa: Gerrari izateaz gain,  arkitektoak ere baziren erromatarrak: obalatua izatea litzake agian anfitetroaren bereizgarritasunik nabarmenena; sendoa, arkuduna, pasillo eta pasabidezko barne egitura sarez oparoa; kanpotik ikusita, hiriko eraikuntza ikusgarriena; barrutik, -harmailak behintzat-, kultur ekintzetarako egokitua dago, eszenatoki bihurtuta aurreko zorua; barrualde osoa zen tutuzko aldamio erraldoi, kable-sare eta oholtza zabal, egoki eta helburuz pilatutako harri zahar landuekin kontraste bizia sortuz.

Alde zaharra: oso zabala eta zaharra; txoko eta xehetasun ugari bila daiteke kaleetan galduz gero: merkatarien azoka, kantoietako harrizko irudi tailatuak edo santu-irudi naifak.

S. Paulo Eliza: aldareko tenpletea kapitel eta kantoietako harrizko irudi zein kapitelez bukatua, zutabeak, presbiterioko sabaia urre-kolore eta irudiez mosaiko itxura eginez, parroko sermolariak gustukoa zukeen zurezko pulpitua igoera alde bietatik duela, presbiterioko zorua mosaiko apal baina zahar itxurako polita, bataiarri landua eta koroan hainbat aldiz miresmenez aitatutako Cabaille-Coll organoa; ez zaizkio falta,  Frantzian baikaude, zutoin gerrietan Arsko Apaiza, Arcoko Joana eta Jesusen Teresatxo: eliza, santuen bidez aberria eraikitzen.

Arte etxea: eraikuntza bikaina, egon lasaian edo irakurtzen orduak emateko atsegina; aldi honetan Picassoren erakusketa ikus ahal izan dugu.  Katedrala: arrosetoiarengatik ez balitz fatxadak erromatarren eraikuntza litzake, kutsu hori damaiote friso zabal zuzeneko irudi landuek,  erromatar buruzagi garaileen omenezko arkuak gogaraziz. Barrutik arku dotoredun balkonada garai handia du buelta osoan, aldare landua bat harri tailatuzko irudiz betea frontisa, Toscanako elizetakoak imitatu nahi hutseko zutabe txikien gaineko pulpitua, musika xuxurlari atsegina. Erromatarren Pantheoia:  eraikuntza erraldoia, nabarmena. 

Azoka: kaleak jendez gainezka, jendartean estututa, kolpea hemen eta bultzada han, kale estuetan kabitu ezinik, horrela zegoen Alde Zahar osoa azoka eguna baitzen. Jendetza edo saltokiak gustuko dituanarentzat aukerakoa, ezer erosteko asmorik gabe kaleetan ibili nahi dugunontzat nekosoa. Bi kafe-katilu xarmant erosi ditugu.

 

Eta horrenbestez alde egin dugu kilometro luzeko bidea baita zain duguna. Arduratuegi goaz zirkulazioaz inguruaz gozatzeko, mugan bertan jabetu ginen arren Italiakoak baino taxuzkoagoak direla Frantziako errepideak.

 

Berrikuntza, lanen eta obren  gaitzak jota dago Europa osoa. Humanismoa, artea, literatura, artistak, industria, eraikuntza...  izan ziren garai batetan Europaren ardura, amets eta bizitza. Gaur egun autobiak eraikitzea da ardurarik nagusiena. Autobiak dira gaurko katedralak. Lana sortu eta herria txunditzeko gastatu dirua, herria engainatu, botereari eutsi. Komunikabideak dira krisiaren irtenbide magikoak. Agian politikoek eta diru-jabeek ez dakite besterik egiten, ez eskaintzen, barren-barrenetik, muinetik, espiritu eta arimaz pobretu direlako. Barne ase ezineko diru-egarria eta boterearen ezti gozoa besterik ez zaielako gelditu. Ez diote ezer eskaintzen gizarteari obrak ezik, besterik ez dakitelako, ezin dutelako, eskaintzeko beste ezer ez dutelako. Ez dute ezer herria liluratuko duenik. Basamortu dira barrutik, ondorioz dena zementu, dena gizarte hila bihurtu dute.

 

Bearnen bukatu dugu, Lehotz (?) herrian. Kanpin idilikoa, atsegina atseginik bada. Herrialde osoa ezagutzeko irrika sartu digu.

 

 

Uztailaren 6a.  Osteguna.  57.a

 

Donostian egin dut azken norabide-errakuntza, nire gogorapeneko Mirakontxako sarrera aldatuta dago nonbait. Berandu zenez bidez aldatzeko, mila bira eta kale ezezagun ondoren Egian bukatu dugu.

 

Alde Zaharreko tabernetako mostradore gainak ikustea izan da Euskal Herriko lehen gozamena: pintxoekin bazkaldu dugu. Garestiagoa arren,  pizza baino asmakizun gozoagoa.

 

Ordubete pasa egin dugu kale eta hondartza gainetako ibilian; auto bila parchegiorako sarreran entzun dut lehenengoz eta azkenez euskaraz, bi gazte ziren gainera, frantsesez, aldiz, hiruzpalau bider. Tartean lagun batzuekin topo egin dut eta azkenik euskaraz entzun eta hitz egin ahal izan dugu. Pintxoengatik ezagun da Euskal Herrian gaudela, Euskaragatik ez. Gure patua hau ere.

 

Osagileak oso ondo nagoela esan dit, uste nuen bezala, eta bale. Jarritako ordutik ordubete gehiago egonarazi naute zain eta ez didate esplikazio xumeenik ere eman. Onkologikoa pribatua da. Zerbitzu publikoak hobetu jokatu ohi dute, nirekin behintzat, orain arte.

 

Lehen aldiz gaur pasatu gara Leizarango autobideko Gipuzkoako zatitik Nafarroarantz. Italiakoak ziren tunelak, ez hauek.  Autobideko zati batzuk behatoki ikusgarriak dira, ikuspegia ere zoragarria, baina astakeria deritzot obra berari.

 

Sagardotegian bapo afaldu eta etxean kopa bana hartuz hasi dugu bolada berria: nolabaiteko bengantza izan da, sakonean. Gorputzari egurra eman diogu, baina espirituak gozatu du.

 

11.000 kilometroren ondoren etxean gaude berriz. Pitxada bat bera ere ez norbaitek lioken bezala.

 

Eta honenbestez bukatu da Italiakoa. 

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.