Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Bidaiak. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/05/31 09:38
Frantzia-Alsazia: Estrasburgo / Suitza: Basel / Alemania: Freiburg, Breisach.

FRANTZIA

 

Ziur bezala sentitu gara Rhina Frantziarantz zeharkatzean, ia-ia etxean bezala, ezaguna zaigu hizkuntza, ezagunagoak ohiturak. Mugako langak bezain gaindizailak dira sarri hizkuntzak eta kultura. Kendu omen dituzte mugak Europa Batuan, langarik ez da, baina hor daude  polizia alde batean zein bestean,  agirian, hozka egiteko prest.

 

ALSAZIA

 

Jauntxo, errege eta nazio arteko gerrengatik hain ezaguna, historiako ikasgaietan hainbat aldiz agertzen zitzaigun lurraldea. Aberastasuna eta segurtasuna eskaintzen zuen mugako lurralde oparoa, horregatik jauntxo gosetien harrapakin.  

 

Strasbourg.

Katedrala: hiriko altxorra, pobreon bisita-gune ospetsua; hiria Europako Kontseiluaren egoitza izanik, politiko eta jauntxo modernoen  egoitza, non pobreok ez dugun sarrerarik, nahiz pobreok ordaintzen ditugun bertako politikoen soldata eta gainerako gastuak, katedrala du bisitari arruntontzako erakusgai nagusia. Kanpoaldean hasten da begien harridura, kontaezin artelan gozagarriren ikuskizuna: hiru ate luzexka, errosetoi, harri gorrian tailatutako onean iraun duten bitxikeriak, brontzezko atearen filigranazko lanak... Barrendegi erraldoiak ez du kanpoaldearen errukirik: beiradura, absideko mosaikoa, organo erraldoi pitxia,  harri zurian ia miniaturaz tailaturiko pulpitua, irudiak sortuz tailatuta dagoen sabairainoko harri horixkako zutabea, irudi mugikorrezko erlojuak...

Alde zaharra: mugako herria izaki, alde bietako jauntxoen harrapagai beraz, defentsarako kanal batek inguratzen du, non gaur egun zisneek ematen dien ukitu zuria ur beltzei, eta turista-ontziek bizitasuna esklusen bidez gizendutako ur geldiei. Nabaria da Alemaniaren eragina, batez ere eraikinetan: habe tailatutako zura agerikoa duten egiturak han-hemen denean, teilatu pikoetako leihotxo ilarak, zeintzuetan ospitale erraldoikoak diren deigarrienak. Antzinakotasuna galdu ez duten dendek erromantizismoz bustitzen dute kale-arteko ibilia...

Europako Kontseilua: bertan gure gaurkoa eta etorkizuna erabakitzen den eraikina, gure diruarekin egina baina ikusi ahal izateko baldintzak eta oztopoak besterik jartzen ez dituena. Hor barruko jaunxkilen eskuetan dago gure bizitza. Txillidak ez du bere lanik aurreko belardian, Jon Josuk ez du nonbait eraginik hor barruan.

Tranbia: deigarria izan zait bere jite modernoa, narrastia irudi, lurrean itsatsia, luzera osoa leiho, mutur luzexka, suge aerodinamikoa dirudi... Atseginagoak zaizkit Alemaniako betiko tranbiak, kanpai-hots, gurpil-kurrinka zarata eta guzti.  

 

Harrizko zorua da gaur egun antzinakotasunaren labela herrietan:  harrizko trokote latzak, tamaina eta forma guztietako harlauza leunak, uharriak bere borobilez ibilia trakestuz, erreskada berdinetan zein marrazkiak osatuzko ilaretan,  kolore ezberdinekoak inguruko harrobien arabera... harriz zolatzen dira gaur egun kaleetako zolak antigoaleko itxura eman nahi zaienean.

 

 

Ohizkoa ez omen, baina udaberri kakatsua tokatu zaigu aurten ere.

 

194 kilometro, euritsuak eta hotzak.

 

 

 

Maiatzaren 15a.  Asteazkena. 15.a-A:14.a

 

Alemantzar bat hurreratu zait alemanezko erretolika bizian:

- Ez dut ulertzen alemanera. Do you speak English?.

- Tipoak: Yes. The toiletes?.

Keinuz erakutsi diot non dauden, eta joan da.

Mintzapraktika!!!.

 

Ortutxo piloa dago Freiburg-ra sarreran. Txabolatxoa du ortu bakoitzak, egurrezko txabolak, denak berdinak, oso kuriosoak, txukunak, inola ere ez plastiko edo txapaz eginiko txabola zarpail horietakoak. Herri baten kultura eta txukuntasunaren   ezaugarri dira txabolak ere.

Plastikozko ehuna zabaltzen dute lur landu sail handietan, landaren bat sartu edo haziren bat ereiteko, segur aski, ereindako hazia, sartutako landarea belarretik babesteko, uzta  datorrenean garbi, lurrik gabe, jasotzeko. Plastiko sailen zabalera da deigarria, guretzat ezohikoa.

Etxolatxo batzuk nabarmentzen dira gari-soroetan; hesola gainean, oso goian, eginiko etxolak, txoriak uxatu edo tirokatzeko behatokiak seguruenik.

 

 

SUITZA

 

Kontrola dago mugan Suitzako aldean. Auto ilarek luzatzen dute sarrera. Mugan bertan  sartu digute, sartu, ziria poliziek, bost mila pezetakoa kobratu digute autobide eta errepideak urtebetez erabiltzeko eskubideagatik, gaurko egunez soilik erabiliko baditugu ere bertako errepideok. Ez digute aukerarik eman, ordaindu edo itzuli.

 

Basel.

13 graduko hozberoa, lanbroa, giro heze iluna. Gaur ikusi ditugu aurtengo lehenengoz enarak;  heldu dira, baina ez digute ekarri ez eguzkirik ez epelik. Lehenengo plazako kale-gurutzean tranbien joan-etorri etengabea dela-eta barraskiloarena bezain barea da zirkulazioa.

Ez da nik historiatik eta kontzilioetatik espero nuen hiri zaharra, espero ez nuen hiri nahiko modernoa baizik. Segur aski gerrateren batean hondatua eta berreraikia, Alemaniako hiri eta herri gehienak bezala. Hiri atsegina, oinezkoentzako kaledi patxadakoa da alde zahar guztia, komertzio-gune bihurtua dago; dotorea zein xumea da dendateria, denetatiko jeneroa dute salgai, tentagarri ona; kaleetan daude salgai ortuariak, Udaletxeko plazan batez ere, inguruari bizitasuna emanez... edonola ere dena da garestia guretzat.

Udaletxea: gorria, mila kolorez argia, kapritxo erraldoia;  1547ko patioa pintura irudi eta estatua polikromatuz atsegina, dorretxoa, erlojua... Bada antzinako etxe erakargarririk, nahiz gutxi, kaledi zabal aldapatsuan; bada eraikuntza berantiar ederrik ere, baina ez da erakargarria eraikuntza aldetik, giro lasaiagatik baizik: badu zerbait patxadakoa hiri honek.

Katedrala: harri koloreko gorrizka hau ere; bi sarrera ditu, bi fatxada: erromaniko berantiarra dirudiena bata, gotiko haserakoa bestea; landuagoa da erromanikoa, aukerako apartak biak, bere jatorrian iraun duten harrian zizelatutako filigranazko iruditxo eta estatua bitxiekin biak, erromaniko zatia batez ere. Teila kolore ezberdinez lortutako figura geometrikoz deigarria du teilatua.  Bost barneluzegoko barrunbe handi nahiko austeroa, xumea, alde bietan absidea duen erromaniko arkuteria da deigarriena; aulkiteria litzake ikusgai aipagarriena, taila xarmant apartak ditu;  polikromatuak dira sabaiko nerbioen loturak; oso garaia du presbiterioa Ulmekoak bezala, azpimarratzekoak dira arku erromanikoak eta zutabetako kapitel bikain zizelatuak; kripta ere badu. Ikusi dugu katedral hoberik, baina berau ere ederra da.

Industrialdea zabala du Baselek. Banku eta erlojugintzaz gain bada bestelako kutsadurarik Alpeetako haize garbiak bisitari oldea erakartzen dituen herri honetan.

 

Zabal eta korronte biziz doa Rhin ibaia, bi ertzak ditu pasealeku: ikuskizun patxadakoa gozatu ahal da katedraleko behatoki garaitik. Ontzi bakarra zebilen uretan, eta bera "polizei". Tranbiak, berde eta horiak,  dira hiriko garraiobidea,  etengabeko tranbion joan etorria da udaletxe aurreko plazakoa, plaza da nonbait tranbia guztien bidegurutzea. Ekonomia, kutsadura... mila arrazoi ditu tranbiak bere alde, sortzen duen giroagatik dut laket nik tranbia, jite berezia ematen die kaleei. Ezinekoa omen zen tranbiak mantentzea Donostian eta  Bilbon, kendu egin zituzten, autobusak jarri: arazo ekonomikoa, kultura eta barne-dotoretasun ezaren arazoa izan zen erabakia, ala norbaiten negozioak bultzatu zuen aldaketa?, ala “aldeano” ilustratu batzuen zerbait izan-nahi ustela .

Adeitsuak dira Baseleko biztanleak: neska bat  lehenengo, mutila bat geroago, hurreratu zaizkigu planoarekin ikustean, lagundu ahal ote. Frantsesera egiten zuen neskak, ingelesera mutilak.

Oinezko gutxik darabiltza zebrabideak, bakoitza deritzon tokitik doa batetik bestera Eibarren balitz lez.

 

Arrotz sentitu gara Baselen, Suitzan ere, hizkuntzaz gain, ezezagunak eta ezberdinak baitzaizkigu jokamolde, ikur, letrero, zein ohiturak.

Geure etxea iruditu zaigu Alemania itzuleran.

 

 

ALEMANIA

 

Freiburg.

Ezuste izan zaigu hiria, zaharra espero genuen eta hiri berreraiki berria aurkitu dugu. Kaledi zabal atsegina du, nahiko arruntak diren arren etxeak; marra zuri deigarriz biziturik daude harri txikiz eginiko espaloiak, harritxoz marraztuta espaloi-zoruan denda bakoitzaren ezaugarria; ura erruz daraman erreten batek bereizten du espaloia kaletik, bertara zuzenean botatzen dute erratzez garbitzaileek kaleko zarama. Ibili atsegina da kale-artekoa. Bada egon etxe zahar bakarren bat, baita eraikuntza ederrik ere, baina gutxi. Arku zorrotzeko bi dorre, kaleko pasabide gaur egun ere,  arku ederrak biak etxe ederrez inguraturik: ez diezaiokegu antzik eman  zer den berria, zer birrindu ez zena, baina ibilgune erakargarria egin zaigu. Lurrazaleko metro poxpolin, tranbiak dira Freiburgen ere bidaiarien garraiobide. Freiburgek badu bere Venezzia nanoa, ur-biziko kanala kalean zehar, ez da gondolarik bertan, ez batelik, baina, portaleetarako zubitxoek eta urarekin jolasean ari diren harrizko umeek goxo girotzen dute arratsalde berantiarrean  bisitarion pausoa eta erosketa grina.

Katedrala: hiriko erakusgai nagusia: gotikoa eta erromanikoa dabiltza elkarrekin jolasean edo lehian: eraikitze-lanak iraun zuten gizaldietan arkitekturaren teknikan egon zen aldaketen ezaugarri da gaur egun. Sarrera: gotikoa, taila polikromatuko iruditeri ikusgarria du, bai ateburuan bai alboko zutabeetan, bada santu-irudi bakanik ere fatxadan; atea bera zurezko sendo xume landua besterik ez da; bada bigarren sarrera bat errenazentista itxurakoa. Barruan, zurezko taila zaharrak, triptiko ikusgarria aldare buruan, kapila piloa zurezko taila ederrez apaindua bakoitza, zorutik gangarainoko arkuteria barrualde osoa bilduz eta arinduz, tailagile motz batek dotoretutako pulpitu handia, eta txapazko txapela duen harrizko itsulapiko ezohikoa... Bisita atsegina da katedralekoa.

Alemaniako elizetan dirua eskatzeko itsulapikoak ez dira Italiakoak bezain handiak, ez-eta hain nabarmen eta lotsagabeki beraiekin tope egiteko gradan traban jarriak ere.

 

"Paella" oso bereziki ahoskatu digu zerbitzariak, baina arrozak ez zuen paellaren ez itxurarik ez gusturik. "tortilla española" eskaintzen dute Espainiako banderaren koloreak dituen "La tasca" izeneko taberna batean: biharko afaria ere erabakia dugu, beraz.

 

147 kilometro, lainopekoak gaurkoak ere.

 

 

Maiatzaren 16a.  Osteguna. 16.a-A:15.a

 

Rhinaren beste aldea dugu gaur, bigarrenez, ibilbide, Alsazia lurraldea, baina batez ere Colmar hiria.

 

Frantzian dena itxita ikustean konturatu gara jaieguna dela,  Korpusti, agian Asentsio, ahaztua baitugu elizaren egutegia, eta jaiegunek ere ez baitute eragin handirik jubilatuon hil arterainoko oporretan. Jai da Alemanian ere. Edonon du indarra Elizak.

Oinezko asko dabil Alemania aldean, ugariak dira txirrindu zaleak ere, Frantzian ostera inor gutxi dabil oinez eta txirrinduz. Errepidearen parez-pare doa bidegorria Alemanian, beti errepidearen albo, Alsazian berriz ez dugu bidegorri bat bera ikusi. Kultura arazoa. Txindurriak baino ugariagoak ginen autoak Rhinetik mendebalera; Alemania aldera, berriz, laurdenik ere ez. Herri baten kultura, hau ere.

 

Breisach.

Ohiko kalexken ordez lorategiz inguraturiko etxe solteek osatzen duten tontorreko hiribildua. Harresiaren ate eta dorre bakanak geratzen zaizkio zena, baina ez dena, gogaraziz. Behean dago hiri berria Frantziari muga eginez eta turismotik bizi asmoz. Beherenean, Rhin ibaia, presa eta esklusez hezia, zabala eta mantsoa, ertzak berde.  Arrosa  kolorekoa da udaletxea, arroza kolorekoak hainbat etxe, gorrizka eliza ere... hiri koloretsua. Eliza. Kolore grisekoa barrutik, hainbat osagaik  egiten dute interesgarria: harrian bertan pintatutako fresko erraldoi ia ezabatuak atzealdeko erdi osoan, metal horiko agian urrezko erlikitegi landuak gurutzaduran, sabairaino luze iruditxo eta orratz zizelatuz apaindutako harrizko erlikitegi estilizatua albo batean,  bere arrunt itxuran zurezko inkrustazioz 1518ko pulpitu oso bitxia, absidea itxiaz halako arkupe gotiko berezia aldare ostean… eta hainbat zertzelada. Ikusgai ditu kanpotik arku, harrizko nerbio eta loturak, agerian dago eliza barrutik bisitagai izan ohi den presbiteriopeko kripta; honek ez du hormarik, aterpe baten itxura erakusten du, ikusgai du kanpotik oinarri egitura osoa.

 

Erromanikoaren eta gotikoaren tarteko garaikoa da eliza, arkitektura teknika biak nahasten ditu. Gustukoa dut nahastura hau, bi estilo aurrez aurre edo elkarren ondoan aurkitzea, eraikin berean kontrajarriak. Batak bestearen eragina dute erromanikoak eta gotikoak, estiloz aldatzean arkitektoek zerabiltzaten teknika zahar eta berrien erakustoki bihurtzen da eliza,  eraikuntzarako baliabideak alderatu daitezke. Arkitektura ez da gustu edo moda arazoa soilik, erromanikoa eta gotikoa bi eraikuntza teknika dira, eraikitzean hormak eta teilatuak gorago jasotzeko eragozpenak gainditzeko teknika arazoa nola gainditu ikusi ahal da teknikotan. Ulmeko katedral erromanikoa oso garaia da, baina zabalera ere izugarria da eta bost barneluzegotan oinarritzen da. Gotikoaren arku teknikak, berriz, asko errazten du eraikuntza gorantz luzatzea. Elizak handiagoak eta garaiagoak behar ziren, jende gehiago zihoalako elizkizunetara, ondorioz arnas gehiago behar zuen elizaren barrunbeak. Arku eta zutabe luzeak zerura begiratuaren, izpiritualtasun, sinbolo baino askoz gehiago dira gotikoaren arku eta orratzak, eliza zabal garaiagoen premiak eragindako eraikiera erakusten du gotikoak.

 

Eguzkia atera zaigu, ongietorria, lizunak jaten hasiak ginen eta.

Liburuak 3. 10 idazle autuan

Jon Etxabe 2019/05/25 10:20
Maite poemak hasiberrientzat. Juan Kruz Igerabide / Mari-mutil handi baten bluesa. Leslie Feinberg / Mendi-joak. Aingeru Epalza / Neguko argiak. Irati Elorrieta / Neska bat leku inposiblean. Xabier Amuriza / Pedro Páramo. Juan Rulfo / Pereirak dioenez. Antonio Tabucci / Uda batez Kurdistanen. Zekine Türkeri / Yan Lianke . Balou mendikateko balada /Zero K. Don DeLillo

Maite poemak hasiberrientzat.  Juan Kruz Igerabide.  Poema-liburua

Poesiaren abenturari ate bat

Irudiz aberatsa

Egituraz erakargarria

Irudimenaren zirikatzaile

Goxoa

Irudiez jolasten hasteko bide bat

Egitura ezberdinak ikasteko aukera

Nagusiek ere gustura irakurtzekoa

Gaztetxoentzat egokia dirudi, geletarako?, baina zer ote diote eurek

 

Mari-mutil handi baten bluesa. Leslie Feinberg

Gizonezko sentitzen den emakumea da mari-mutila.

Mari-mutil baten izaera, bizipen eta sentipenen bilakaera, txikitatik hasi, nerabezaroa, helduaroa… horren inguruan korapilatzen da istorio osoa, prozesu guztiaren bide latza kontatzen du.

Gizarteko sektore horren tarte luze baten historia.

Biziraupen baten kronika bat ere bada.

Mari mutilak, beraien arteko sailkapena, lesbianak, gayak, bisexualak, neska sentitzen diren mutilak, prostitutak, heterosexualak, ospitaleak, jende zuri ezberdinen jarrera, diskriminazioa… 

Sentipenak, beraien arteko harreman ezberdinak, maitasuna, errespetua, ezinikusiak, gorrotoak, inbidiak, zeloak,  banaketak, elkartasuna, babesa, pertsona heteroen jokamolde eta portaera ezberdina, familia bat egiten dute, bikoteen gorabeherak, elkartze-zatiketak, beraien lokalak…

Jasaten dituzten era guztietako tratu txarrak, bortxakeriak, polizien bortizkeria, lapurreta, laneko eta lanerako zailtasunak eta trataera ezberdina, komuna erabiltzearen zailtasunak, dokumentuak ateratzeko zailtasunak...

Bi sexualitate izatearen barne borroka latza, zalantzak, zer izan nahi duten, bere gorputzean bere etxean ez sentitzea,

Hormonak, operazioa, gorputz aldaketa… baina irtenbiderik ez dakarkio arazo nagusiari.

Guzti horri lotuta gizartearen argazki bat dator: lantegiak, sindikatuak, lantegiak, lanbideak…

New Yorken deskribapen latza

Mundu korapilatsua da mari-mutilena, beraien arteko harremanengatik, heteroen jarrerarengatik, polizien erasoengatik, lantokietako zailtasunengatik…

Hunkigarriak dira pasarte asko,

Maitasunaren tolesgunetan dabil, sentimendu korapilatsuetan…

Maitasun istorio ezberdinak dirudite, kapitulu bakoitza da puzzle osoaren zati bat.

Xehetasunez kilikagarri korapilatzen da narrazioa.

Pertsonari buruzko hausnarketa sakon eta mingarria da.

Liburu mardula da, orrialdez ez ezik edukiz.

Drama karga izugarria du, zirrarazten zaitu.

Bukaera itxaropentsua eman dio, borroka eta itxaropena elkartzen ditu

Zati zirraragarria da kapitulu bakoitza, psikiatrikokoarena tartean.

26 kapitulu nahiko laburretan banatuta dago liburua

Irudiak darabiltza  ugari ukitu berezi bat emanez kontakizunari.

Trebea da pertsonaien barnea ez ezik, ingurua eta paisaiak deskribatzen.

Tximeleta dabil orriotan, bai edukian, bai giroan, bai esamoldeetan.

Irakurketa kilikagarria egin zait gaiagatik baina batez ere pertsonaien barnera ibilbidiengatik.

Liburu mardula, bai gaiarengatik, bai itzulpenarengatik.

Nahiz ezagutu, erabiltzen ez ditugun esaldi eta egitura anitz aurkitzen da bertan.

Esaldi edo itzulpen berezi edo bitxi asko dago, ez dakit egilearen ala itzultzailearen meritua den, seguruenik biena.

 

Mendi-joak. Aingeru Epalza

10 narrazio, denek dute mendiarekin loturaren bat

Mendi eta bertako ibilaldietako hainbat deskripzio

Bikaina da Marokoko kapitulua, hango bizimoduaren zati bat azaltzen duelako.

Kontakizun bakoitza ezuste edo ukitu berezi batez bukatzen da, iradokita soilik sarri.

Egitura, edo hiztegia erakustea da agian lanaren helburu nagusia.

Esamolde, estilo edo literatura ariketa bat da.

Zehatz, pausoka pausoka, kontatzen ditu ariketa edo gertaera bakoitzeko zertzelada denak.

Joyceren antza du, baina Aingeruk perpausa eta esaldi motzak egiten ditu, sakonean gizakiaren mila barne endredo azaleratzen ditu.

Badirudi ez dela pertsonen baitan sartzen, gertakizuna kontatu besterik ez duela egiten, baina pertsonaien sentipen, bizipen eta jarrerak azaleratzen ditu.

Oso aberatsa da, egituran, esaldietan, hiztegian, izenordeetan…

Hitzak, izenak eta izenordeak kontu handiz aukeratu eta zehatz lantzen ditu

Ez dit ezer esan eduki aldetik, ez dit hausnarketarako ezer eskaini, beraz ez zait atsegin edo gogoko.

Zehatz landua dirudi esaldi bakoitza, artifizialtasun kutsu ematen dio horrek

Hitzekin  eta hitzok ehuntzen jolasean ari da, kontakizunaz beraz baino.

Esaldi zuzenak egiten ditu, baina egitura arraroak egiten zaizkit asko: guretzat “zankabera” denari “belauneko gibeleko aldea” deitzen dio; “bakarrik” dio “bakar bat ere” esateko.

Esaldi bereziak eta bitxiak egiten ditu, aditzak izenak eta izenondoak eurak zentzu ia ezberdin batean darabiltza.

Ez ditut zenbait esaldi ulertzen, esanahia alegia.

Poetak esanahia zeharka edo parabolaz esan nahi duen bezala dabilela dirudi bera ere, esanahia irudi edo esamoldez ezberdinki adierazi ahaleginean.

Irudimen handia du Aingeruk, esaldiak osatu eta borobiltzeko orduan.

Literatura  aldetik, idazkera mekanikak erakarri nau

Ez du atsedenik eskaintzen irakurketak, estilo landuagatik; nekoso samarra bihurtzen da azkenerako irakurketa, tarteka irakurri behar da.

Ez dakit Iparraldeko eta Nafarroako niretzat hitz eta esamolde ezezagunak jasotzen dituen, ala berak aukeratu eta moldatzen dituen hiztegitik.

Azkenerako nekosoa ere egin zait, errepikagarriagatik, bere estiloa.

Idazkera fortzatua, behartuaren jitea du, sentipen hori uzten du

Naturaltasuna eta freskura falta zaio idazkerari, horrek azkenerako irakurketa bera zailtzen du.

 

Neguko argiak. Irati Elorrieta

Berlin du kokaleku nagusia, baina Parisez ere luzatzen da, baita Bizkaiko Sopela inguruko kostaz ere. Hiri nagusion eraldaketa fisikoa.

Hiriotako jende eta toki fisikoen deskribapen zehatzak egiten ditu.

Herri eta gizatalde eta pertsona ezberdinen bizimolde eta ezaugarri ezberdinen erakusleiho bat, pertsona, pentsaera, jokamolde  eta biziera ezberdinena.

Pertsona eta talde ezberdinen arteko harreman edo erlazio-modu ezberdinak, pertsona bakoitzak du bere nortasun, pentsaera eta rol propio azpimarratua kontakizunetan.

Bikoteen arteko gorabeherak, harremanen zehaztasunak dira ia kontakizunaren ardatz.

Pertsonen barnean sartzen da, deskribapen eta elkarrizketen bidez, tarteka taxu hunkigarrian.

Bi neska ditu pertsonaia nagusi, lagun minak biak, biak Euskal Herritik alde egindakoak, lehenengo Parisera gero Berlinera: etorkinak dira, beraz, sorterri ezberdinekoak.

Bi pertsonen inguruan pertsonaia ezberdin asko ageri da, ezberdinak, bakoitza bera, beraien artean nesken gurasoak eta haiekiko harremanak.

Bada oroimeneko pertsona bat uneoro tartean, ia pertsonaia nagusietako bat: narratzaile ere bihurtzen da tarteka.

Poliki-poliki doa irakurlea zenbait pertsonen nondik norakoa ezagutzen.

Etorkinak direnez, etorkinen esparruetan bizi dira, hiriko aldirietan.

Gai ezberdinak sartzen doa: Napoleon, Parisko barrikadak, boterea, karlistak eta Jurramendi, Berlingo harresia…

Filmetan bezala, ez da falta, ezin falta, sexu sekuentziarik, ohiko ukitu erotikoez harago.

Atzera-aurrera dabil kontagaietan, puzzle batean bezala irakurleak lotu behar ditu piezok.

Paragrafo eta esaldi laburrez idazten du, beraz erraza da irakurtzeko.

Marrarekin lotutako hitz elkartu asko, pila, darabil, ez dakit hitzen ekonomiagatik edo deskribapen luzeagoa  ekiditeko.

Marrarekin osatutako hitzen erabilpenaren ikastaro bat ere egin daiteke irakurketan.  

Asko luzatzen da deskribapenetan, ez dakit literatura egiteko sena eta irrikagatik, ala kontakizuna kokatzeko bide bat bezala soilik.

Irudiak eta zeharkako esaldiak darabiltza asko esanahia agertzeko, zuzenean esan gabe, beste zerbait esanaz azaltzen dun nahi duena: oso aberatsa da horretan, goragoko maila bat ematen dio kontakizunari.

Abeslari eta beraien abesti ezberdin asko, ingelesa erruz erabiliz, lustrea eman nahiz bezala bere idazkerari.

Ez du arazorik hiztegi aldetik, ez da sinonimo-hiztegian barrena galdu.

Ez da esaldi bihurriak kiribiltzen galdu, alferreko literaturakerietan,

Baina idazkera landu jantzia du, euskara jasoa egin nahi du, literatura egin nahi du, eta lortzen du.

Erakargarria da orokorrean, deigarriak dira giroa eta istoriotxoak, tarteka hunkigarriak ere, baina nahiko errepikakorra eta monotonoa ere bilakatzen da azkenerako, ez baitauka hari jarrai bakar argia, nahiko lausoa baizik.

Pertsonaien eta rol ezberdinen barnean murgiltzea gustuko duenak gustura irakurriko du.

 

Neska bat leku inposiblean. Amuriza Xabier.

Ez ditut gogoko, orokorrean, gai historikoez ari diren nobelak, ez dakidalako zer den erreala, historikoa, dokumentuz baieztatua, eta zer asmatua, osagarri edo betegarri sartua. Nahiago dut liburu historiko bat, edo kontakizun erabat asmatua. Baina Zamorako hau erabat interesatuta irakurri dut eta erakargarria egin zait, intriga ere sartu zait ia ze bukaera ematen dion. Gaia ezaguna zaidan arren. Dudan geratu naiz tarteka kontatzen duen zenbait gertakizun hala izan ziren eta ahaztuak ditudan, ala bere asmakizuna den historia borobildu osatu eta intrigagarriagoa egiteko.

Bitxia egin zait gai berdina kontatzeko hiru modu ezberdinak gogoratzea: Taldean argitaratutako liburukoa, nirea eta hau: gai beraren hiru aurpegi edo ikuspegi hain ezberdinak. Kilikagarria.

Bi zati ditu, liburuan sailkapen berezirik ez badago ere

Zati edo sail bakoitzean jauziak egiten ditu, gai eta hausnarketa ezberdinetara

Tunela

Zamorako Konkordatu kartzelaz ari da

Neska batek lortzen du kartzelan sartzea tunelgintzan laguntzeko asmoarekin

Neska eta tunela dira kontakizunaren ardatza, lehen zatia behintzat zuloaren inguruan kordatzen da.

Kartzela nolakoa garbi erakusten du.

Kartzelazainen deskribapena

Kartzelaldiko gertaera, ekintza eta jokabideez harago doa, hausnartu egiten du guzti horretaz, goitiagotik bezala begiratuz, oskol barrura sartu eta era berean ikuspuntu zabalago bat emanez.

Asmatu edo aldatutako pasarteak barne, asko zuloaren kontakizun asko du zulogintzaren ingurukoak, baita kartzelakoak orokorki ere: kezkak, ardurak, ezinegonak, beldurrak, sentipenak, tentsioak, harremanak, presoen nortasun ezberdinak…

Presoen izaeraren sakontze psikologikoa ere badago elkarrizketetan, jarreretan…

Esan nahi duena da garrantzitsua, datu zehatzak edo asmatutakoa zer… ez da funtsezkoa

Kartzelan komunikazio gutxi dagoela, zegoela, adierazten da: nik ere uste dut hainbat gaietan hala zela, bakoitzaren esparru sekretuez gaiz, baziela ia ukitu ere egiten ez ziren gaiak, edo oso azaletik behintzat aitatzen zirenak.

Jolas bizkorra bihurtzen da zuloaren bukaera aldeko une bateko kontakizuna, tarteak labur banatuz, elkarrizketa oso laburrak sartuz, kontakizunak eta historiak berak bizitasun bat hartzen du irakurlea ere hareago interesaraziz

Luzea eta astuna, monotonoa, egin zait zulogintzaren azken zatia, kanpoaldeko zehaztasunen kontakizuna, roilo samarra, ez du jakin-minik sortarazten, betegarri tankera hartzen du.

Izenak asmatzeko jolasa polita da, erakargarria ere, baina izen arraroak suertatzen dira, ez da erraza irakurketan ekintzak eta esanak pertsonaiokin lotzea, galdu bezala egin naiz sarri edo pentsatu egin behar izan dut, haria ahulduz. Azkenerako ohitu naiz eta pertsonaia neureganatu

* Bost liburuetatik gehien interesatu zaidana, gaiagatik

Bestalde, besteetatik gutxien eskaini didana da, estilo, kontaera, aditza…  ohikoagoak zaizkit, ez hain aberats.

Berri edo xehetasun pila, ñabardura ezberdinak, ukitu psikologikoak, …. euskara mailan interesatuentzat bide berriak besteetan irekita daude, nondik norakoak erakutsita

Gaia da hemen interesgarria, kontakizuna, intriga, kartzela bera, zuloaren nondik norakoak, …

Ez zait suertatu euskara aldetik besteak bezain emankor eta aberatsa

Baina kartzelako mila zirrikitu eta bihurrituetan sartzen da

Hasieran galduta bezala, norabidea nola hartu, … azkenik, nahiz gaia ezaguna, intrigatuta jarraitu dut

Aurrekoekiko estilo ezberdina du, erregistroa aldatu du

Ez dirudi besteak bezain teknikoa edo elaboratua, nahiz agian honek lan gehiago eman dion

Hiztegia aberatsa da hemen ere

Ondo deritzot estilo edo erregistro aldaketa, aurrekoek argi, sakon eta indarrez erakutsita utzi dute idazteko jite, teknika eta molde berri bat

Elkarrizketa tarte sarriak: irakurketa erraztu eta arintzeaz gain preso bakoitzaren nortasunaz sakontzeko balio dute, preso bakoitza da ezberdina eta bakoitzaren ezberdintasun hori gordetzen du

Bost liburuetatik errazena da irakurtzeko.

Zailtasun gutxi du irakurtzeko.

Sintetikoaren erabilpen aparta: aurrekoetan ikusi duguna bera, agian hemen aditz eta forma berriak agertzen dira. Xabierrek esplikatuta du hau dena bere liburu batean, beste egileen zenbait liburuetan ere agertzen dira zenbait sintetikoren forma ez hain ezagunak, baina Xabierren azken liburuok aro berri bat markatzen dute sintetikoaren arloan, naturaltasun eta normaltasun osoz joango da sartzen idazkera eta irakurketa sintetizatu, laburtu eta dotoretuz.

Hitz ezezagun berri guti du, hiztegia ia ez da erabili behar, hitz ezagunekin darabilen jokoa da berezia, aditz bihurtuz edo atzizkiekin esanahi berezi bat emanez,aberatsa eta erakargarria, 

Bakoitza nor jakin-mina  gurutzatzen zitzaidan eta horrek irakurketa zailtzen, atentzioa desbideratuz.

Azkenerako ohitu naiz izenetara, baina kostata. Izen bakoitza gutako nori datxekion.

Acosta bere izenez aipatzen du, zergatik?

Hitzak asmatu, osatu edo toles berri bat emateko ahalmenak txunditzen nau

Imajinazioa behar da hainbat hitz asmatu edo osatzeko, atrebentzia apur bat ere bai

Harritzen nau Xabierrek duen seguritatea hitz berriak edo berrituak jartzeko, hitzak aditz bihurtzeko, edo ohiko aditzen forma ezberdin bat emateko; ni ez naiz horretara ausartzen, gaizki eginen dudalakoan, batez ere zuzentzaile automatikoak gorriz azpimarratzen didanean hitz bat: txingar-ziri, ahur-babes, ziritu, geugandu, jaits al…, oin-aska, aiutu, azpitu, ariera, orolateral, horma-baloia… eta hainbat eta hainbat.

Zenbait hitz ez dakit horrela diren, jatorrak alegia, edo horrela ere bai,  ala, inprenta-hutsak diren.

Harrapatu egin nau kontakizunak, bukaera nola… azkena begiratzeko tentazioa intriga nobeletan bezala.

Asko gustatu zait Nezuren bakarrizketa sabeleko umearekin

Kontakizunak bilduta, kartzelan banengo lez sentitu naiz sarri, inguruko hotsak edo mugimenduak kartzelako haiek balira bezala, tenk jarriz neu, kartzelan bainengoen.

* Urtebete darama Nexuk apaizekin, beraz apaizen bat da umearen aita, iluntasuna egin eta bikotea zuloan bakarrik geratu ziren hartakoaren ondorioz? :  gustatzen zait duda hori, intriga…

Gehiegi errepikatzen du hartzaren ideia.

Argiarena, kablearena 55. orrialdean agertzen da, baina aurretik ere agertzen da eta geroago ere agertuko da: egoera ezberdinetan da, baina errepikakortasun sentsazioa uzten du.

Albainorratza nik uste debekatua zegoela, hemen bagenerabil bezala agertzen da

Kuboak nondik atera ahal ziren hain egoera kontrolatu hertsia bazen?. Kontraesan bat bezala dago, baina horrelako kontakizun libre, narrazio luze edo nobela batean normala deritzot horrelako ertz ez hain logikoak agertzea, suspenseari lekua utzi behar zaio.

Bataiatzaileri buruzko zenbait aipamen errepikatu egiten da, jada irakurleak dakizkien gauzak. 85 or

Junalen iraganari buruzkoa ia hitzez hitz errepikatzen da. Nik ez nuke sartuko bigarren aipamen honetan, (ez nuen jaso orrialdea) bere kondenaren zergatia, ez dakigulako ziur delitua hori zen, eta ez dagoelako zergatik hori bizkarreratu.

106 or. Sokaboiarena errepikatu egiten da,

Nexuk nola utzi zuen kanpoko zulo ahoa zabaldua izan ez balitz bezala?, sinesgaitza; intriga?

Zigorra-aitaren heriotza-Carrero-aitarena-mutina …

Suspense edo jakin-mina sortuko duen grazia, gatz, punttu hori falta zaio.

Euskara aldetik ere lauena da, bai hiztegian, bai esaldien moldakuntzan, esapideetan, gramatika egituraketan, sintetikoaren erabilpenean ere…

Ia ez dago tarte luzeetan elkarrizketarik, kontakizun monotono samarra bihurtzen da tarteka.

Gutxiago landutako zatia iruditu zait; agian zailena egin zaiona!

Tarte luzean aitari kontatzen ari zaiola ideia edo irakurlearen bizipen sentsazioa, aitarenganako hurbiltasun hori,  galdu egiten da, deskonektatua bezala geratzen da tarte luzeetan aitari kontatzen ari zaiola, lotunea horrek behar duela dirudienean. Egia da zenbait pasartek berenez dutela nortasuna eta ez dagoela zergatik aitari ari zaiola aipatu, baina niri horrelako hutsune sentsazio bat utzi dit tarteka

Aitari erreferentzia Deban behartuegia dator, tarte luze batean ez baita aitarenganako erreferentziarik.

Ondarroa-Debakoa laua, bizitasunik gabekoa, monotonoa, egin zait, hizki etzaneko esaldi eta elkarrizketa bizirik ia ez dago, ez da ezer gertatzen… horren atzean oroitzapen biziak egon daitezke, baina irakurleak ez du jasotzen

Caravancheletik aurrerakoak hauspo gehiago du, beste arnasa bat, beste bizitasun bat, aitarekikoek damaiote batez ere interesgunea.

Aitaren pasadizoak beste giro bat eta bizitasun bat ematen dio kontakizunari.

Gose grebarenak eta ondorengoak beste erritmo bar hartzen du, arnasa du: gogoetak, bizitasuna…

Bertsoak irakurtzean Zamoran aurkitu naiz. Edozein dela ere, irakurlea merezi dute.

Bukaerak hunkitu egin nau.

- Publikatu aurrean lehen bertsioa irakurtzeko aukera izan nuen. Orduan idatzitako gogoetak dira. Publikatuta irakurri dut berriro. Asko irabazi du. Baina ez dut nahi izan bi testuak zehatz konparatzen hasi, beraz lehenengo burutazioa haiek bere horretan utzi ditut. 

-

Pedro Páramo. Juan Rulfo

Pedro Páramo Mexikoko herritxo bateko jauntxo bat da.

Giro berezia sortarazten du, bitxia, ezberdina, onirikoa: beste gizarte, bizilege, eta bizitzari buruzko filosofia ezberdin, ia ametsetako batera zaramatza. .

Bizitzari, heriotzari, harremanei buruzko pentsaera eta jarrera erabat ezberdina.

Ohiturak, bizi-baldintzak,  jauntxokeriak, sineskeriak.

Mundu ez real bat dirudi, baina nahiko erreala da nonbait.

Pertsonaia ezberdinen sail zabala, bakoitzaren sentipen eta hausnarketak.

Zaila egiten da mundu gizarte eta bizitzari buruzko ikusmolde hori ulertzea.

Hildakoen arimak dabiltza herrian, hitz egiten dute.

Deskripzio bizi, zuen eta argiak pertsonei, egoerei  zein naturari buruz.

Xume itxura du baina ze zaila behar duen izan xumetasun hori lortzea: berezkoa du egileak ala ekinez lortutako teknika.

Gozamena da irakurketa, giroagatik, baina batez ere esamolde eta hiztegiagatik; aldi berean zaila da arrazoi berdinengatik.

Esaldi bitxi eta ezohikoak, ez dakit jatorriko testuak eraginda, itzultzailearen abileziak ala biak diren horren arrazoi.

Ez dut ezagutzen jatorrizko testua baina itzulpenak ere laguntzen duelakoan nago.

Zenbat aukera ematen dituen hizkuntzak, euskarak ere kasu honetan, nolako aberastasuna, erabilgarria baina erabiltzen ez duguna.

 

Pereirak dioenez. Antonio Tabucci

Pereira kultura arloaz arduratzen den kazetaria da, laguntzaile bat kontratatuko du eta honen eraginez Portugaleko giro nahasi politikoan barneratuko  da, egoera dramatikoan aurkituko da  eta azkenik diktadura salatuz eta ihesean bukatuko du.

Portugalko Salazarren diktadura, Espainiako Gerra Zibila, Alemaniako mundu gerra aurreko giroa…

Gai ezberdin asko ukitzen ditu: Lisboa, heriotza, idaztea, idazlea, diktadura,  klandestinitatea, herrien menpekotasuna, poliziaren gehiegikeria, zentzura, damua, ni hegemonikoa, arima, pertsonen bilakaera, Espainiako gerra eta fededun ezberdinen jarrera, iritzi eta publikazioa askatasuna, nazionalismo portugesa…

Pereiraren barne mundua.

Hausnarketarako bide asko irekitzen ditu.

Idazle askoren aipamena eta iritzia: Lorca, Pessoa, Marinelli, Maupassant, Bernanos, D´Anunzio, Miakowski, Rilke, Balzak, Daudet…

Ez du esaldi borobil aipagarririk botatzen, baina bizitzari buruzko hausnarketa erakargarria da.

Halako ukitu maitagarri bat du.

Paragrafo barnean sartzen ditu elkarrizketak inolako bereizketa grafikorik gabe, abilki…

Estilo xumea du, erraz eta gustura irakurtzen da.

 

Rasputin eta San Petesburgoko gauak. Joxemari Iturralde

Rasputin izen ezaguneko pertsonaiaz ari da, nor nolakoa zen, bere eragina gortean...

Tzarren gorteko giroa.

17ko iraultzaren aurreko urteak, gortea, herriaren egoera eta jarrera, gerra, Lenin Suitzan...

Sarajevoko atentatua.

Iraultza egunak: ez du inola ere deskribapen baikorrik egiten, alde ilunena kontatzen du, hala izan bazen eta izanen zen aldaketa egun kontrolagaitz haietan.

Dadaismoa.

Nabari da egilea jantzi dela gaiaz, datuok bota nahi ditu eta nolabait istorio bat asmatzen du bere inguruan datuok harilkatzeko.

Ez dakit zer den erreala, zer asmatua datu errealak sartu ahal izateko

Oso egitura eta kontakizun artifiziala iruditzen zait, datu gehienak egiazkoak arren

Nahiko linealki jarraitzen du historia, nahiz jauzi batzuk egiten dituen.

Bi euskaldun, bikotez, ere ari da, San Petesburgon tzarren jauregietan morroi, Iturraldetarra bata gainera: egia?

Ministro bat aldarazten du, baina nik uste nuen eragin politiko handiagoa izan zuela tzarren gortean.

Kontaketa huts hutsala, oso azalekoa, batez ere elkarrizketak.

Ez du indarrik, baina sortarazten du jakin-mina

Ez dago inolako hausnarketarik edo gogoetarik, kontaketa hutsa.

Irakurleak eginen du bere gogoeta giro hari buruz.

Idazkera lau ulerterraza.

Atal motzetan banatuta, erraz irakurtzen da

Ez da dotoreziakerietan galtzen baina era berean dotore idazten du.

Xume jitean idazten du.

Betegarri franko du istorioa luzatzeko edo borobiltzeko, agian nobela bat egin nahi duelako, gidoiak horrela behartuta.

Errepikagarria egin zait, Rasputinen emakumeekiko portaera, gorteko giroa, bere eragina...

Irakurritakoaz gain, ezer gehiagorik ez?, jakin-min baino gehiago desilusionatuta utzi nau.

 

Uda batez Kurdistanen. Zekine Türkeri

Jatorriz kurdua den kazetari neska batek kurduen lurraldea igarotako uda bateko kronika.

Kurduen hainbat arazoetara hurbiltzen gaitu.

Herri horren konplexutasunaz jabetzeko balio du.

Kurduen egoeraren eta gerraren gogorra.

Kurduen arazoa albistegi eta egunkarietan ikus entzundakoa baino askoz sakonagoa dela kontzientzia uzten dizu, agian zuzenean emaniko esperientziak direlako.

Kurduan ulertzeko ulerbidean jartzeko zenbait parametro eskaintzen ditu.

Errefuxiatu eta iheslarien argazkirako irudi eta errealitate adierazgarri.

Emakumeen eta gizonezkoen rola, herrietan zein frentean, beraien arteko solidaritatea, abertzaletasuna, gerran galdutako gazte jendea, gerrillariak: gazte nagusi, emakume, neska, PPK, Nazio Batuen jarrera …

Mila zertzelada, bizipen, sentipen, eta zehaztasun: aberasgarria da.

Abenturazko liburu erakargarria litzake errealitate hain latza ez balitz.

Idazkera arina, esaldi laburrekoa, erraz irakurtzekoa.

Euskara aldetik ez du zailtasunik, ez hiztegi ez egituren aldetik.

Izugarri gogorra egin zait.

 

Zero K. Don DeLillo.

Hiltze unean izoztu eta gerora bizitzara bueltatzeko teknikaz baliatzen diren zentro bat.

“Zero K” izozte prozesua da,  sano egonik aukeratzen dutenei heriotza aurreratzen zaien gunea, izoztu eta gero noizbait bizitzara bueltatzeko.

Lehen zatian emakume bat da izozteko prozesuan dagoena, Zero K gunean bere senarra eta honek aurreko emaztearekin izandako semea daude.

Bigarren zatian New Yorken bizi dira aita semeak, bizi dituen hiriko xehetasunak kontatzen ditu, emaztea eta adoptatutako seme bat sartzen dira kontakizunean, azkenik Zero K-ra bueltatuko dira aita izozte prozesuan sartzeko. 

Geroko bizitza berri baten inguruko hausnarketak.

Bikote eta gizakien arteko harremanen zirrikitu ustekabeetan sartzen da, ukitu eta zertzelada ezberdinak azaleratuz.

Ñabardura pila, egoera  ezberdinetan kiribiltzen da, pertsonaia eta egoera ezberdinak marrazten ditu.

Etenik gabe datoz gogoetak, narratzailearenak zein, edo batez ere, protagonisten hitzetan, elkarrizketetan.

Denborari buruz ari da etenik gabe hausnartzen, lehena, oraina, geroa… teorizatuz baino uneko egoerei lotuz.

Gai ezberdinak ukituz doa: zahartzaroa, bizitzaren zentzua, heriotza, errealitatea eta dakusaguna, hilezkortasuna, bizitza-heriotza, gizartea, erlijioa, gizarte zibernetikoa, bakardadea, ezkontza bizitza, teknikak berrituko du hondatu dugun mundu hau, noiz bihurtzen da pertsona gorpu?, askatasuna, izoztu osteko piztuen egoera, izozte prozesurako prestakuntza, hiritar sentitzea, ezgaituak, gerra, arroka batek ere ematen dio gaia filosofatzeko…  

Bizitzara bueltatutakoen sentipen, galdera, ezjakintasuna, nahasmena… nahiko filosofikoki emanak daude, psikologiaren ikuspuntutik, dena da galdera, nora eza.

Galdera asko egiten ditu. Atzera aurrera dabil jauzika, narratzailearen oroitzapenetan,  pertsonaia ezberdinen jarrerak osatuz edo borobilduz.

Narratzaile bat dago liburu osoan, pertsona eta egoera ezberdinak sartuz doa, nahastuz.

Alegoria bezala idazten du, irudiz eta zeharkako esaldiez baliatzen da, irakurleak asmatu behar du azpian zer dagoen.

Harritzen zaitu uste ez duzun gai eta bizitzako zertzeladetan nola sartzen den, eta ematen dituen ikuspuntu ezberdinen deskribapenak.

Ukitu gozagarriak ditu ideietan, irudietan, eta esamoldeetan.

Arraroak egiten zaizkit hainbat esaldi eta narrazio taxua: ez dakit itzultzaileagatik den ala jatorrizko testuagatik.

Gizakiaren ezinkonta ahal txatal jartzen dizkio irakurleari eta honek osatu beharko du puzzlea.

Ezeroso sentitu naiz batez ere kontaeragatik, zaila egin zait gogoeten labirintuan sartzea, baita kontaerara egokitzea.

Errepikagarria bilakatzen da azkenerako gai beraren inguruan dabil, antzeratsu beti, gaiez eta esamoldez. 

Liburuak 3: II-10 idazle autuan

Jon Etxabe 2019/05/17 10:55
II Gailur Ekaiztsuak: Emily Brontë / Goldsmithen ikaslea: Joxean Agirre / Gu orduko hauek: Garazi Arrula Ruiz / Hadji-Murat: Lev Tolstoi / Hirutter: Nerea Arrien / Hodien metafisica: Amelie Nothomb / Kale estua: Josep Pla / Karanbola toxikoak: Andoni Urzelai / Kristo irakiarra: Hassan Blasim / Linbotarrak: Asier Serrano

 

Gailur Ekaiztsuak. Emily Brontë

“Gailur Ekaiztsuak” etxalde baten izena da, eta liburuan etxalde horretako gorabeherak kontatzen dira.

Maitasun inposibleen istorioa.

Istorio tragikoan dira denak.

Barkamena eta gorrotoa nahasian dabiltza istorio osoan.

Maitasuna eta gorrotoa dabiltza borrokan azkenera arte

Ekaitza  ez da sekula baretzen gailur horietan.

Giro ilun eta gogorra erakusten du.

Jarrera kontrajarriz ari diren pertsonaiak.

Elkarri min egiten bizi diren, baina elkar maite duten, pertsonaiak.

Pertsona nagusien inguruan beste hainbat pertsonaia, familiartekoak gehienak, denak zein baino zein trakets, ezgai eta muturreko egoera eta jarreretan. 

Pertsonaia ezkorrak, basati samarrak, bizimoldea bera ere gogorra, ..

Maitasun, gorroto, ezinikusi, azpikeri, mendeku sentimendu, jarrera eta harreman kontrajarrien istorioa.

Nork min gehiago egin besteari.

Elkarrekin konpon eta bilduezinak diren baina elkarrekin harremanean egoterao kondenatuak dauden pertsonaien istorioa.

Iluna baino hareago istorio beltz latz, lazgarri, garratz, baten kronika.

Arrazonatze korapilatsuak dira asko.

Bibliako aipamen ugari, baita erlijio eta kristautasunaren erreferentziak ere.

Moraltasun eta giza edo kristau portaerari buruzko gogoeta piloa.

Sinplea da kontaketaren hezurdura: lehen kapituluetan bi etxalde eta bertako pertsonaiak marrazten eta deskribatzen ditu, eta gero neskame edo etxezainaren bidez guzti horien xehetasun eta nondik norakoak ematen, etxaldearen, giroaren  eta pertsonaien bilakaera…

Ironia puntua sartzen du sarri

Esaldi bereziak, ezberdinki eratuak behintzat.

Irudi asko darabil.

Izenak aditz bihurtuz, izenen egitura aldatuz, izenak berrosatuz… aberatsa da.

Oso berea da idazkera. ez dakit jatorrizko testuak eskatzen diolako, ala itzultzailearen gaitasun, pentsaera eta idazteari buruzko jarrera edo ikuspuntuagatik

Estilo berezia du esaldiak egiterakoan: aurkikuntza bat bezala da irakurraldi bakoitza, indusketa lan bat bezalakoa.

Idazkera zaila darabil sarri, esaldi nahiko korapilatsuak, ilunak ere, esaldiko osagaien kokapenarengatik edo, egitura bihurri samarrak dira… agian jatorrizko testuak behartuta.

Sarri zenbait esaldi berrirakurri edo mantso irakurtzera behartzen du esaldiaren egiturak.

Arraroak egiten zaizkik zenbait esaldi: “”ez dut atsedengo”, eta hainbat

Nolanahi estrainioa bezala egiten da kontaketaren estiloa edo moldea, baita kontaera bera ere.

Paragrafo luzeak egiten ditu tarteka.

Hizketaldi eta edo erretolika luzeak botatzen dituzte pertsonaiek elkarrizketetan, monologoak dirudite sarri

Esaldiaren hitzok, giroari eta kontakizunari lotuta bezala, beraiei dagokienez itxuran, ez du artifizialtasun edo harro punturik erakusten

Erakarpen, ukitu literario berri asko aurkituko du irakurleak, aberatsa baita: ez dakit jatorrizko testuaren eraginez ala itzultzailearen abileziagatik, seguruen arrazoi biengatik.

Zenbait gramatika egiturei buruz gogoeta egiteko aukera eskaintzen du.

Zirrara eragin dit, baina ez dit pentsarazi.

 

Goldsmithen ikaslea. Joxean Agirre

Bi istorio paralelo dabiltza kontakizunean edo nahastuta: bi mutilekin adarra jarri dizkion neskarekiko harremanak eta idazte-ikastaro bateko gorabeherak.

Idazte eta literaturari buruz dabil nagusiki.

Sexu istorio ezberdinekin jolasean dabil.

Istorio ezberdinak, pertsonaia ezberdinak, eta hauen bizipenak … sexu inguruan edo giroan  gehienak.

Errealitate birtualean gertatzen dira istorio asko

Gizarte eta gizakiari buruzko iritzi etenik gabeak, kritikoak gehienetan

Gizarteko zertzelada pila ukitzen ditu.

Pertsonen barne sentipenak azaleratzen ditu, mila zertzelada eta erreakzio ezberdin… gizakiarekiko ikuspegia eta ezagupena zabaldu eta aberastuz.

Hausnarketa eta gogoetarako hari-muturrak uneoro.

Normaltasun osoz ari da maitale eta maitasun kolateralei buruz.

Gai pila ukitzen ditu: literatura, literaturaren betebeharra, adarrak jartzea, gizonezkoen amatasun frustratua, bertsolaritza, intuizioa, baserriak, unibertsitate birtuala, errealitate birtuala, generoa, bikoteen banaketa, gizonezkoak emakumezko begiz ikusita…

Emakume nagusien esperientzia eta istorio ezberdinak.

Literaturagile eta beraien lan asko aipatzen ditu, kultura geruzan bilduz.

Idazle, artista eta bestelako pertsonaia ezagun askoren anekdota pila kontatzen du, jakingarri gisa, gaia argituz eta irakurketa arinduz.

Mendiburu, Oteiza, Txillida, Nestor Basterretxea, Zubiaurre, Kaperotxipi, Ameztoi, Zumeta, Unzurrunzaga …

Azkenaurreko atala: luzeena, Euskal Herriari, Araba ezik, begirada orokor bat emateko darabil: geografia, historia, sukaldaritza, pertsonaia ezberdin ezagun eta ospetsuak, kultura osagai ezberdinak…

Ingeles esaldiak sartzen ditu, pedantekeriaz baino umore eta kritika puntua ezarriz.

Sentsual giroa liburu osoan.

Umore puntu etengabea.

Idazkera bizia, inola ere ez zaila, egitura landuak baina ez korapilatsuak, hiztegi ezaguna…

Gogoeta eta egoerak borobildu eta osatzen ditu adjektibo eta zertzeladak gehituz.

Eguneko tartekako irakurketa gozagarri bat egiteko aukera eskaintzen du.

Azken atala adabaki bat da, bortxatuta sartzen du, umore grazia ere erabat galtzen du…

Jolas bezala idatzita dagoela dirudi, eta jolas bezala irakurri behar da ere.

 

Gu orduko hauek. Garazi Arrula Ruiz

* Eskolako giroa, umeen jarrerak, gaiztakeriak…

* Auzo bateko bizilagunen bilera bat balizko okupa batzuek sortutako kezkaren inguruan.

* Elkarrekin bizi diren bi nesken egunerokotasuna.

* Ama eta baserrira bizitzera doan alabaren arteko harremanak, baserriko zereginak.

* Trenean doan mutil baten ardura, hausnarketa, ikusten duanaren inguruko oharpen, gogatze eta  gogoeta  ezberdinak.

* Amona, alaba eta zaintzaile kanpotarra, etxean eta gero ferian.

* Aktibista batek lagun bati etxea uztea eskatzen dio bertan lagun bat gorde edo egon dadin egun batzuez.

* Gabon jaien bueltan etxera datorren alaba bat bere ahizparekin paseo bat ematera ateratzen da.

Eguneroko bizi puskak, oroitzapenak,pentsakizunak,  barneko mundu gorde hori….

Une ezberdinetako zehaztasunak kontatzen ditu, bizitzako zertzeladak, ñabardurak, sentipenak, ohikoak…

Gertakizuneko inguru fisikoak deskribatzen ditu: Iruña, Tafalla…

Atal ezberdin laburretan banatuta daude kontakizun batzuk, espazio labur batez banatuta bakoitza.

Jauzika doa ataletik atalera, atzera eta aurrera: ondo jarraitzen da kontakizuna.

Abila da aldi ezberdinak nahasten edo korapilatzen, osagai berriak sartzen, hainbat gauza garbi esan gabe intsinuatzen… Kontakizun bateko atalak aldiz asteriskoz banatuta daude, denboraz eta egoeraz ezberdinagoak baitira atalok.

Oso sinplea iruditu zait ikuspuntu guztietatik, ez dit ezer eskaini: gaien xumetasun hori bera da erakargarria.

Literarioki ez dit ia ezer eskaini, hausnarketarako hari-muturrik ez dit eskaini, kontakizunetan ez da ia ezer gertatzen…

Jota-pasa irakurtzeko gogoa sartzen zaizu, bestelako zerbait gustagarriagoa bilatu behar diozu, kontakizunetik harago.

Ez dago tximeletarik liburuan, ez zaitu ukitzen,

Baina gustatu zait, egunerokoak eta pertsonen ñabardurak sinpleki kontatzeagatik.

 

Hadji-Murat. Lev Tolstoi

Buruzagi bat da liburuari izena ematen dion Hadji-Murat, bi botere kontrajarrien artean biziko da, biek bere alde jarri eta aldi berean hil egin nahiko dute Hadji-Murat hau..

Errusiako tzarren garaian girotua, menpeko herrialdeen erresistentzian.

Errusiako egoera korapilatsuan, bertako liskarretan taxutua, Tzar eta menpeko zein bestelako buruzagien jitea eta jokabidea, soldadu eta nekazarien bizitza, egoera politiko korapilatsua, sarraskiak…

Kapitulu bakoitzak ez du jarraipen zuzenik aurrekoarekin, baina lotuta doaz, Murat dela haria.

Jauzika doa, atzera aurrera, irakurleak egin behar du lotura, baina erraz eginen du.

Bizi eta zehatz deskribatzen ditu pertsonak eta egoerak, argazki bat bezala dira, irudikatu egiten dituzu.

Paragrafo luzeak egiten ditu batez ere kapitulu batean.

Elkarrizketa asko sartzen du irakurketa arinduz eta pertsonaien izaera erakutsiz.

Oso bizia  da azken kapitulua, kontakizun abila.

Estilo zuzena darabil, erraz, gustura eta jakin-min  irakurtzen da.

Hitz niretzat berriak datoz, baina ez da hitz berezi edo asmatuetan korapilatzen.

Ez dit ezer berririk erakutsi edukiari buruz, eta idazkerak ere ez dit ezer nabarmentzekorik eskaini.

Agian nik izan ez dudan ikuspegi zabalago batetik begiratu behar zaio, demaioten garrantzia emateko nobelari.

 

Hirutter. Nerea Arrien

Bi mutil eta neska batek txortan eginen dute, neskak grabatu eginen du mutil baten mugikorrarekin, beste biei pasatu eta ondoren sarean zabalduko da, ondorio sakon eta zabala sortaraziz.

Hiru protagonista dira eta hiruron barne bidaia da nobela, oroitzapen eta sentipenen labirintoan, barne zirrikituetan, sartzen da.

Mutil biek maite dute neska, eta mutil biak maite ditu neskak, bakoitzak bere era, baldintza eta xehetasunekin.

Maitasuna, harremanak, sare sozialak eta hauen arriskua, mugikorra eta mezu-bide ezberdinak, gazteen harremanen labirintua… lirateke gai nagusiak

Beste hainbat gai ere hor dabiltza biraka, ziztada zorrotz bezala, ideiak, jarrerak eta arazoak : gurasoen eragina, arriskua, damua, emotikonen hizkuntza, intimitatea… 

Gai ezberdinok zuzeneko erretolika luze gabe ukitzen ditu, kontakizun osoan dago nabarmenduta gai nagusia.

Psikologia ariketa bat ere bada.

Hitz-joko abilez gain, ideia konbinaketa erakargarria ere da, hitzen jolas bailitzan,

Telefono mugikorren munduan dabil, baina pertsonen barnera sartzen da.

Txio antzerakoak botatzen ditu kontakizunean zehar irakurleari arreta-gune bat sortaraziz, aldi berean irakurketa erraztuz.

Bitxia eta ezberdina, aparta ere.

Hiru pertsonaia daude eta hirurek, banaka, paraleloki joango dira kontatzen gertatzen dena: aurrekariak, sentipenak, zertzeladak…

Ez da hiztegi aberatsago batean, ez esaldi borobiletan korapilatzen, baina bai ideia irudi hitzekin jolasean.

Euskara erraza, irakurtzeko erraza, esaldi eta paragrafo laburrez idatzita baitago.

Zailagoa da ideien eta hausnarketen korapiloa eta mataza da, korapilatsua da ulertzeko, baina aldi berean erakargarria eta kitzikagarria.

Irudiez blai dago, egoki eta bizi azpimarratuz esanahia eta sentipenak, poesia giro bat dago presente, estiloan giroan, egituran…  maila bat goragoan jartzen du kontakizunaren giroa.

Zirrara eragiten du dionak, moldeak, giroak…

Dituen mila ukitu eta pentsaeretan, literarioki trataeran ere, hor du grazia eta ekarpena, lasai irakurri behar da, ez da jota basa bizkorrean irakurtzekoa.

 

Hodien metafisica. Amelie Nothomb

Neskatila ume baten burutapen  baten bilakaera, gertakariak.

Umearen burutapen eta pentsakizunen bidez ematen du idazleak bere mezua.

Jainkoa da hodia: hasieran argitzen du kontzeptu horren nondik norakoa

Jainkoaz ari da hasieran, jainkoaren nolakotasuna…

Teologia berezia, parabolaz ari dela dirudi batez ere lehen zatian.

Azpian jainkoaz ari dela dirudi, bai deskribatzen bai definitzen.

Umeei buruzko hausnarketa, ume baten bilakaera, umeen bizipenak, beraien eta guraso zein nagusien pentsaera eta sentipenekin kontrastea.

Umeen bakardadea, umeen eta nagusien arteko pentsaera logika desioen arteko loturarik eza.

Japoniarren izaeraren isla ere bada.

Burutapenak, ezusteak kontakizunetan, baina batez ere gogoetetan.

Burutazio, hausnarketa eta ikuspuntu bereziz beteta dago kontakizun osoa.

Ez da ari saiakera batean lez luze gai batez, baina hainbat gai ukitzen ditu: Jainkoa, hitza zertarako, heriotza, Mundu gerra Japonian, emakumea, no-a Japoniako kanta mota, denak du bukaera, bizitza: oso ikuspegi partzial ezkorra, heriotza… 

Irudimen izugarria du egoera asmatu eta pertsona ezberdinak ikuspuntu berezi batetik ikusteko.

Atal motzetan idatzita dago.

Osoki elkarrizketaz emana dago atal bat.

Erraz irakurtzen da, ez du zailtasunik ez idazkera, ez hiztegi ez esamoldeengatik.

Jolas bezala hartzeko irakurketa, egoerez eta burutapenez gozatzeko.

 

Kale estua. Josep Pla

Albaitari bat Kataluniako herri txiki batean, neskame bat hartzen du: lehen urteko bizipenak kontatzen ditu.

Herri txiki bateko bizitzari buruzko filosofia eta jarrera ezberdinak.

Pertsonen harrera, jokamolde eta gertakizun bitxiak, herriko giroa,  kontatzen ditu.

Istorio ezberdinen bilduma, gehienak edo denak xelebreak.

Kapitulu bakoitzean istorio bat dator, azken kapitulua gai bakar baten inguruan dabil: haurdun geratu den neska bat.

Gai ezberdinak ukitzen ditu, hausnarketak egiten ditu, kontakizunaren arabera, istorioari lotuta, labur gehienetan, baina zenbait kapitulutan luzatzen da gai zehatz batez.

Gaiak: herrien bilakaera: alde zaharrak eta berriak, gizartearen bilakaera: klaseak, bizitzaren esanahia, hilerria, isiltasuna,  herritarren harremanak, desadostasunak, emakumeak, orojakileak: tertulianoak… 

Zertzelada kilikagarriak, xehetasun hunkigarriak jariatzen ditu idazkeran zein ideietan.

Herriko ofizio asko eta asko daude islatuta: tabernaria, bizargilea, dentista, espartingilea, udaletxea, botika...: medikoa, apaiza, sekretarioa …

Belar izenen hiztegi zabala egin daiteke.

Herriko koadro bat bezala marrazten du, kapitulu bakoitzean pintzelada bat, kontakizun xelebreak batzuk, egunerokotasunean kokatuta besteak...

Neskamea da kontakizunen kontrapuntu edo kontakizunaren euskarria.

Kapitulu bakoitzean gertakizun berezi bat  dator.

Deskribapenetan luzatzen da: zehatza da: lurraldea, herria, lekuak, pertsonaiak, gertakizunak…

Paragrafo  luzeak egiten ditu, zenbait kapitulu aldiz elkarrizketez osatzen du.

Hiztegi zabala, astun samarra egiten da sarri irakurketa  hainbeste hitz ezezagunekin, baina ez du kontakizuna eteten ezta ere freskotasuna galtzen.

Abilki eratzen ditu, konposatzen, hitz berriak: berontzi, buruzut, urautsi, uztondo, egikaritu…

Aberatsa da hitzen konposaketa ezberdinez.

Gustura irakurtzen da, betegarri, aspergarri edo luzagarri gertatzen badira ere zenbait deskripzio.

Erraza irakurtzeko, ez daki itzultzailearen gaitasunagatik den.

 

Karanbola toxikoak.  Andoni Urzelai

17 istorio bitxi, zenbait izen eta gertakizunetan lotura bat dagoela dirudi, baina bakoitza bera da.

Gai baten inguruan dabil batez ere istorio bakoitza.

Gai erabat ezberdinak ukitzen ditu kontakizunon barnean.

Gizakiaren zirrikitu ezberdinetan sartzen da.

Pertsonaia ezberdinak, sakon eta sakonetik deskribatuta, bakoitzaren erradiografia  egiten du, sentipenak, jarrerak….

Egoera ezberdin asko, bizitzaren ispilu.

Gogoeta eta iritzi asko kiribiltzen ditu kontakizun bakoitzean.

Ez du ezer berezirik kontatzen, baina berezitasun askok osatzen dute kontakizuna.

Slogan antzerako esaldiak sortzen ditu.

Kritikoa da, korrosiboa ere sarri, bizitzako jarrera askori buruz, istorioari lotuta beti.

Esaldi motzak egiten ditu, perpausak ere, horrek, irudiek eta konparazioek bizia egiten du idazkera. Irudiz baliatzen da, ez poesiaren moldeetan baina, kontakizuna indartuz edo argituz baizik, kontakizunari bizitasuna eta grazia emanez.

Tximeleta dabil  kontakizunotan, halako geruza argi batek biltzen ditu istoriook irudi eta konparazioz.

Ezustea dute egoeren eta bukaerengatik.

Elkarrizketa biziak egiten ditu tarteka, herri herrikoak, umore eta ironia puntuaz.

Filosofoa da egilea, psikologoa ere, pertsonai eta bizitzari buruz.

Eguneroko unetxo lasaigarria eskaintzen du ipuin bakoitzak.

 

Kristo irakiarra. Hassan Blasim

Irakeko gerran girotuta daude kontakizun edo gertakizun gehienak, zuzenean batsuetan, lausotuta bezala eratzen da bestetan.

Egoera latz bat kontatzeaz harago, makabroa ere bada tarteka.

Bada bizitzari et gizakiari buruzko gogoeta filosofikorik ere, burutapen pentsaerazle  kilikagarriak

Zirraragarriak dira kontakizunok.

Gai ezberdinez ari da, zenbait kontakizunetan luzatzen delarik: suizidak, leherketak, Sadam Hussein, gerra giroa,  Golkoko gerra,  Bagdadeko giroa, amerikarrak, musuak, ametsa…

Burutapen latzak ere badaude: jaiko izatearena …

“Beto maitea” ipuina gizakiari buruzko ariketa filosofiko bat dirudi, eta ezustean harrapatu nau.

Irudi eta konparazioak eginez idazten du, parabolaz bezala, alegoriaz, irakurleak asmatu behar du zertaz ari den.

Giro berezi bat sortuz, gainbegiratu batez lez.

Paragrafo luzeak egiten ditu, bizpahiru orrikoak ere tarteka.

“Zilbota”: errime erabiltzen genuen hitza txikitan, Altzolatik kanpo entzun ez irakurri dudan hitza.

 

Linbotarrak. Asier Serrano. Poema-liburua

Bizitzari buruzko mila zertzeladen errepasoa.

Nahasian bezala datoz bizitza-izpiak irudietan korapilatuta eta gordeta.

EUTANASIA: astindu egin nau, irudi gutxien du, baina parabola esankorra da.

Noraezean bezala uzten nau

Bizitzari buruzko ikuspuntu tristeegia eskaini dit: ez dago bizipozik poemotan.

Berekiko bezala idazten du oroitzapen edo gogoetan bezala.

Bukatu eta gero gai asko ukitzen dituela uste dut poemotan, baina ez zait ezer nabarmen finkatu.

Zer esan nahi duen ez dakidala uzten nau poema bakoitzak.

Baina poema barnean sartzeko atakan jartzen nau.

Nire burutapenetan kiribiltzeko hari-muturra eskaintzen dit.

Gogoeta pertsonalegietara bultzatzen nau tarteka, giza gaietara edo besteengana baino.

Nire baitara narama, baina nik poemotatik besteengana egin nahi nuen jauzia.

Tarteka aldiz, gizarte arazoez pentsarazten dit.

Esaldi indartsuak sartzen ditu esanahi ia kontrajarriak indartuz bezala, beti irudiak erabiliaz

Elkarrekin ia loturarik ez duten esaldiz osatzen ditu poemak, orokorrean zer esan nahi duen ez dakidala.

Irudiak erabili beharraren beharrez, irudiok asmatu beharraren beharrez, hotzegia eta urrunegia gertatu zait poema-sorta.

Ez zait tximeleta agertu.

Baina gogoetarako beta eman dit.

Liburuak 3: 29 idazle autuan

Jon Etxabe 2019/05/10 09:01
I Liburuak: Ahotzak eta itzalak: Maixa Zugasti / Azala erre: Danele Sarriugarte / Balou mendikateko blada: Yan Lianke / Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk: Joxe Azurmendi / Berriro itzuliko balitz: Xabier Etxeberria / Bioklik: Asel Luzarraga / Dovlatov Sergei: Eta galtzen bagara zer?: Egoitz Zelaia / Filiala: Sergei Dovlatov

Ahotzak eta itzalak. Maixa Zugasti

3 atal ditu. I: Aita batek ihes egiten du Ipar Euskadira Gerra Zibilaren bezperetan bi semeekin ama eta alaba etxean utzita. II: Errefuxiatuen bizitza  egoitza batean: bertako pertsonaia eta gertakizunak. III: Aurreko bi ataletako zenbait gertakizun argitzen dira.

Istorio ilun eta latzak daude tartean.

Istorioa erabat kiribiltzen da azkenean, nahastu ere, baina ez du jakin-min handirik sortarazten.

Gerra Zibileko herrietako giroa: salaketak, hilketak, falangisten ekintza odoltsuak, herriko jendearen jarrera…

Ihesa kontatzen da, errefuxiatu politikoen bizitza eta giroa, urduritasuna, sentimenduak…

Mutiletako batek kontatuko du historia, gero beste anaiak nobela bat idatziko du gai bereaz eta azkenik horren emazteak argituko ditu hainbat puntu.

Idazkera jasoa du, jantzia, esaldi dotoreak borobiltzen ditu, literatura egin nahi du.

Irudi asko darabil idazkeran.

Nahasiegia da kontakizuna, hari-mutur asko du matazak, batzuk erdizka argituak.

Betegarri asko du literatura egin nahian, funtsezko ezer esan gabe.

Dickensen liburu baten zita ugari: ez dut asmatzen ez zergatia ez lotura. 

Ez dit ia ezer esan, baina azkenean jakin mina piztu dit ia nola bukatzen den.

 

Azala erre. Danele Sarriugarte

Fotografo sena du, Jonek ez bezala, harreman pasakor bat dute, Mirenek argazki-sorta bat oparituko dio Joni eta honek bereak bezala argitaratuko ditu, baita sari bat irabazi ere.

Ardatz honen inguruan kiribiltzen da kontakizuna.

Istorioa edo kontakizuna sinplea da, baina zuku izugarria ateratzen dio.

Bi pertsona daude funtsean istorioan, zehatz marrazten ditu, sakon sartzen da beraien barnean, beraien jarrera eta jokabideetan.

Asko esaten du; iradoki, aldiz, gehiago.

Bizitzako hainbat zertzelada, portaera, jarrera…

Ironia, kritikak askotan lausoak bezala, baina aldi berean argiak, etenik gabe… 

Gaiak: WhatsApp, Internet sare sozialak…, sareko medio ezberdinen erabilpena, giroa, jarrerak…, gazteen haserako lanak, Donostia, Bilbo, Bartzelona…, diru laguntzak, sariak,  euskaldunak Bartzelonan… 

Egitura erabat ezberdina eta berria du nobelaren egiturak.

Moztu eta bukatu gabe bezala iradokiz utziz…

Kontaera beraren era da berritzailea: mila ukitu eta zertzelada esaldiak moldatu eta harilkatzean, zenbait hitz kokatzean, esaldia…

Oso mantso doa kontakizuna, istorioa da gutxienekoa, literatura egiten du eta tarteka gogoeta labur baina interesgarri eta zirikatzaileak gehitzen dizkio.

Ekarpen asko egiten du idazkeran eta egituran, aberatsa eta aberasgarria da, aurrerapausoak ematen ditu.

Ausarta da, hitzak lantzen, egituratzen, modu ezberdinean hitz berriak sortzen, esanahia zehazten.

Punturik gabeko esaldi luzeak ugariak dira.

Literatura aldetik da interesgarria, istorioak berak ez zaitu harrapatzen, kontaerak baizik.

Ez du hiztegi berezirik, ez du hitz-elkartze bitxirik egiten, baina egiten ditu.

Ez du gordetzeko bezalako esaldi borobilik egiten, baina orokorrean da bikaina eta erakargarria, idazkeran esaldiak gauzatzerakoan, iradokitasunean… da borobila, “loaren sakada”…

Baina hitz joko aberasgarri asko du: Aditzez bukatugabe uzten ditu hainbat esaldi irakurleak bukatu edo asmatu dezan.

Burutapen gutxi idatzi dut nire ohar paperetan, baina gogoeta asko eragin dit.

 

Balou mendikateko balada. Yan Lianke

Txinan kokatua, ama batek hiru alaba eta seme bat ez osoak edo anormalak ditu. Sendatzea erabakiko du, baita lortu ere.

Gizarte ezberdin batera eramaten zaitu.

Beste kultura ezberdin bateko ezagutza ematen dizu

Istorioak sinestezinak dirudite, absurdoak dirudite, baina sakonean dagoen izate baten berri ematen dizu.

Dena da irreala baina adi berean erreala dela sinestarazten dizu.

Irudi asko, poesi giroa, nahiz istorio latz eta lakarra den.

Trukulentoa ere bada.

Irudiak, konparazioak, parabolak… etenik gabe datoz kontakizunean naturaltasun osoz txertatuak.

Ikusi egiten ditu pertsonaiak irakurleak.

Jakin-mina sortarazten du, ia nola bukatuko, eta bukaera baikorra dirudienean hazi pozoitsua ereiten du.

Umore punta  du, irri barrera sortarazten du.

Hiztegi nahiko ezberdin bat darabil, giroari lotuta, naturaltasunez ikusten da.

Denbora: nahiko bere erara neurtzen du, ez dago gure parametroetan.

Xumea dirudi, baina hor du grazia, indarra eta berezitasuna.

Hitanoa darabil, aberasgarria da.

Tximeleta koloretsua dabil istorio osoan zehar.

 

Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk. Joxe Azurmendi

4 lan aspaldiko dira, beste horrenbeste libururi eginiko hitzaurreak ELKARek bildu dituenak

1.- MESTIZAJEA, MULTIKULTURALISMOA

Mestizajea, kulturarena eta bestelakoena… historian, literaturan eta egile ezberdinen lan eta jarreretan.

Unibertsaltasuna, menpekotasuna, kontraesanak, irtenbidea…

Garena eta izan nahi duguna

2.- JUDUAREN ISPILUAN EUSKALDUN BAT IKUSTEN DA

Euskara-euskalduna ez onikusia, berdintasuna V identitatea, autokontzientzia…

Identitatea ukatu, mozorrotu… diluitzea, ezberdintzea… judutarrei buruz luzatzen da 

Maestu, Cioran…

Pertsonaia ezagun askoren judutasuna azaltzen du, askoren jarrera aldaketa: Marx, Disraeli eta beste hainbat.

Israel euskaldunentzat eredu garai batetan, euskaldun askoren jarrera Israelekiko…

Euskaldunak beti kinka larrian…

3.- HISTORIA EZ DA IKUSTEN, ASMATU EGITEN DA.

Estatua eta bere kontzeptua noiz, nola eta nork sortzen da/u

Historia bera ere sortu egiten da. Mitoak.

Asterixen komikia darabil sentipen eta ideiak sarrarazteko baliabideen adibide gisa.

Errenazimendua: historia fabrikatu egiten da.

Hidalgia: handikeriaren dominazioaren mitoa eta gezurrak…

Historia, ezagutzen dugun bezala eta ematen digutena asmatua da, sakonean gezurra, interesatua, aleatorioa

4.- ESPAÑOLA IZATEAZ

Denok ditugun euskaldun izateari buruzko bizipenak, oroitzapen eta hausnarketak  txukun dotore eta eraginkor bilduta

Nazioa memoria historiko bat da.

“Euskalduna naiz” galderari erantzuna.

Hainbat, ideia, kontzeptu, ezuste… aberasgarri gai guztietan

Joxek ohi duenez autore pilaren erreferentzia, zitak eta aipamenak.

Zita kilikagarri asko darabil.

Aditzak izenetatik sortu edo egokitzeko abilezia handia erakusten du.

Parentesi artean sartzen du zenbait ideia eta esanei buruzko argibide, zehaztasun eta egiaztapenak.

Aditzen aberastasuna, esanahi zehatza ezartzen dio ideiari.

Adibide asko dakar, horrek bizia egiten du kontakizuna, erraz irakurtzen da, ulertzen ere.

 

Berriro itzuliko balitz. Xabier Etxeberria

Danimarkako irla batera doa gorabehera ilun eta korapilatu samarretan nahastutako euskaldun bat.

Danimarkari buruzko zenbait xehetasun izan daitezke ekarpen nagusia gai aldetik.

Kontakizun bat da soilik, ia ez du gogoetarik.

Ihesa eta jarraipenaren kontaketa soila da azken zatia, tentsio puntua sortarazten du, baina ez du beste erakargarritasunik, jota-pasa egitera bultzatzen du, amaiera jakin eta kito.  

Amaiera tragikoa eman nahi izan dio, baina harilkatu gabe bezala geratzen da istorioa, ezinez bezala, nahiz intentzioa argia den; filmetan bezala ganduan bezala utzi nahi du zenbait pertsonaien azkena, baina kili-kolo bezala geratzen da istorioa, herren,  istorio ez berdinak tartekatuz bezala joan da eta azkenean bakarrarekin geratzen da bestean hor nonbaiten utziz.

Irudi eta konparazio asko sartzen ditu kontakizunean, aberatsa da.

Ez dago ia hausnarketa edo gogoetarik.

Hiztegi oso erraza du.

Esaldi laburrak egiten ditu.

Egiturak ere ez ditu zailtzen.

Estilo bizia du.

Niri ez dit ezer eskaini, gaiak ez ezik bestelako ezer  ere,  euskaraz irakurketa ariketa bat soilik.

Denbora-pasa atsegin entretenigarria   generoa gustuko duenarentzat.

 

Bioklik.  Asel Luzarraga

Unibertsitaterako lan bat egiten ari da neska bat, bideo pila etorriko zaio eskura, ikaslan bat egiten ari da neska bat, eta bideo pila aurkituko ditu, bideok ordenatu eta sailkatuko ditu, zenbaitzuen zita luzeak sartuko ditu gai ezberdinei buruz… hori dena nahastuz eta konbinatuz doa kontakizuna.

Bi alaba eta seme baten aita bati emaztearen hilketa leporatu, kartzelaratu, epaitu eta zigortuko dute.

Bilbon kokatzen da kontakizuna.

Nolakoa izanen da hemendik mendi erdiko gizartea, nola aldatuko den demokrazia hemendik mende erdira.

Gizarte berriari buruzko hausnarketa egiten du, une batez Huxley aipatzen du.

Aldi hurbileko egoera politiko, ekonomiko, eta gizatiarra aztertzen ditu.

Nolakoa:

Gar egungo egoera txarragorako izugarri  biderkatuta.

Dena dago goitik erabakita.

Gaur egungo zer asko galdu da: sagardoa klandestinitatean egiten da.

Ez dago garbi nor dagoen agintearen gailurrean, “goitik” datoz ordenak: badirudi diktadura anonimo bat dela.

“terrorismo” hitzak eta erabilpenak darrai.

Sisteman sinesten dutenak, inozoak eta aurkariak daude, bakoitzak bere analisia eginen du.

Herriak, orokorrean,  beldurra eta errespetua dio sistemari.

Aldekoak daude, aurkakoak ere, bada nolabaiteko klandestinitatea…

Geroko justiziarik eza, botereak baldintzatuko du justizia.

Biodemokrazian dago etorkizuna: bideodemokrazia ageri da lan guztian.

Dena da “bio” gizarte berrian.

Telebistaz kontrolatzen da dena, dena kontrolatu ere: 28 telebista mota agertzen dira, beraien eragina, partzialtasuna eta baldintzatzea izugarria da, telabista  da sistemaren gakoa.

Ikuskizun bihurtzen da dena.

Gizakia errudun sentiarazten dute.

Gerokoaren bidez gaur egungo gizartearen kritika dago sakonean.

Pertsonaian azterketa psikologikoa ere bada.

Gai jakinekin dabil ohiko iritzi hausnarketak  eginez.

Ideia eta egoera eta galdera interesgarriak mahairatzen ditu, baina ez du ezer berririk eskaintzen, ez du jakin-minik sortarazten.

Gai pila jorratzen ditu: Bideobijilantzia, menpekotasuna, demokrazia, eliza, euskara internetirakaskuntza, trasplanteak,  askatasuna, genero indarkeria, polizia, polizia-etxeko galdeketak, kartzelak eta bertako egitura zein giroa, drogak, gazteak bakarrik bizitzera ohitu beharra, tortura, matxismoa…  

Gaur egungo ikuspuntutik begiratzen du, sakonean gaur egungo egiturak daude teknologia aurreratuagoekin gauzatuta.

Beldurra sartzen du etorkizun horrek.

Ikasgela bateko emanaldien bilduma dirudi gizarte, moral, etika… gaiez

Kirrinka egien dute koltxoiek gure haurtzaroan bezala!!!.

Ironia puntua du.

Eskema berdina darama kontakizun guztian: azkenerako badakizu nolakoa izanen den atal bakoitzaren edukia.

Esaldi laburrez idazten du, arintasuna eman nahiko dio baina mamiak egiten du huts.

Tarteka bada paragrafo luze  samarrik.

Hitanoa darabil elkarrizketa askotan, hitano bizkaitarra.

Ideiak, edukia, … erakargarria dirudi baina ez nau inola ere erakarri, oso gainetik irakurri dut, ez zidalako ezer berri edo deigarririk eskaintzen, “roilo” bat gertatu zait.

 

Eta galtzen bagara zer?. Egoitz Zelaia

Bi anai, bata droga banatzaile, ezezagun batek botatzen diote esku bat / Iheslariak, polizia, etakideei jarraipena, klandestinitatea, tortura / Iheslariak / Gazte baten bizitzako ibilbidea bere buruaz beste egiteraino:  Ikasle baten ibilbidea unibertsitatean: unibertsitatea, independente egitea, handik hona, bikotea, … / Mendekua: musikari batek beste bati / Bi neska mutik ezagutzen dira ezagutzen dira gaugiro batetan / Burutapen pila batez ere zitak erabiliz: bakardadea, idaztea…

Kontakizun solteak, nahiz halako lotura gutxieneko lauso  edo ukitu bat ikusten zaien.

Gazte giroa, gazteen arteko harremanak, gaupasak, sexu-harremanak, …

Gogoeta baliagarri eta kilikagarri asko egiten ditu, labur.

ETAren buruzko hausnarketa interesgarria, bosgarren kontakizunean.

Ukitu politi asko ditu, esandakoari xehetasunak ezarriz, eta pertsonaia zedarrituz, .Hotza eta zurruna egin zait, euskara forzatua bailerabil,  behartuta bezala, zerbait hotza eta artifiziala.

Gazte pertsonaia ezberdinak: pertsonaiok deskribatu egiten ditu batez ere, ez dituzu hainbeste kontakizun barruko jokabidean ezagutzen.

Tarteka,kontakizun zenbait, kilikagarriak gertatu zaizkit.

Iluna egiten zait idazkera, aldrebesa bezala: “mahaiaren itzulian”, “itzuli bat eman gogoetei” ...

Adiskidetuz joan naiz aurrera egin ahala, tarteka behintzat.

Kontakizun batetan, 5.ean, elkarrizketak osatzen du kontakizuna: neska mutil parea hitano eta noka.

Betegarri baino luzagarri asko du ezer askorik eskaini gabe, deskribapen eta zehaztasunak, agian hori nahi du egileak girotu edo kokatu asmoz, baina niri ez didate ezer esaten.

Zalantzan uzten naute hainbat hitz eta esaldik, ondo ote,  agian Iparraldean erabiltzen dituzte. 

Bere buruaz seguru ez balego bezala, tarteka iruditu zait bere lana itxuratzen ari dela.

Gustura irakurri dut orokorrean.

 

Filiala. Sergei Dovlatov

Errusiar disidente bat da egilea, Ipar Amerikan bizi da.

Lehen pertsonan idazten du egileak, bera bailitz protagonista

New Yorkeko disidenteak, beraiek ospatzen duten Sinposium, Foro edo Konferentzia (hiri dei-moldeak aipatzen ditu berak)eta gaztetako bikote edo maitalearekiko harremana dira kontaketaren egitura.

Ipar Amerikan dauden errefuxiatuez ari da, errusiarren koloniaz, beraiek dira kontakizunaren ardatza.

Errusia ere kritikatzen du, bertako politika eta politikariak batez ere.

Pertzonen barne pleguetan egiten ditu sartu-irtenak,

Maitemintzearen korapiloan ere sartzen da luze.

Garratz ari da Errusiari, errusiar errefuxiatuei, baita gizarteari buruz ere.

Gogoeta bizigarriak egiten ditu tarteka, labur baina pentsarazikor.

Iritzi korapilatsu pila, kontraesanez betea, arbuiagarriak ere direnak agian, baina egiatik asko dutenak.

Tarteka umorea du kontakizunak, umore kritikoa eta era berean garratza.

Pasadizoak, bitxikeriak kontatzen ditu, oso labur bakoitza, bata bestearengandik tartetxo batez banatuta, eta beti ukitu edo grazia umoretsu batez bukatuz.

Jauzika ari da, puzzle bat bezalakoa da, une denboraz ezberdinak lutuz doalako, baina baita  lotura duten pasadizo ezberdinez jokatzen eta jolasten lasten duelako.

Irudi xarmantak sartzen ditu tarteka hausnarketa eta kontakizunaren oinarri lagungarri bezala.

Esaldi laburrez egina dago.

Oso gustura eta erraz irakurtzen da, kontakizunengatik eta estiloagatik.

Bidaiak: Alemania

Jon Etxabe 2019/05/03 09:25
Alemania: Suavia, Schanbisch Hall, rothenborgo ob der Tauer, Oian Beltza, Freuddenstad, Schiltach, Wolach, Friburgo

Maiatzaren 12a.  Igandea.  12.a-A:11.a

 

Dozena bat egun daramagu jadanik ibilian, eguzki egun bakarra izan dugu, egun oso hotza bera ere; beste behin soilik ikusi ahal izan dugu eguzkia. Zaila zaigu sinestea eguzkirik egon dagoen ere.

Feriako zarata burrunbatsua dugu lagun gauero gauerdiraino; goizetan berriz, goizeko zortzietarako hasi da gaurkoa, urteetan entzun ez dudan bezalako kanpai-hotsa, goizero astintzen gaituena. Onartu, ez dakit, baina hartu, hartu beste erremediorik ez dugu kutsadura akustiko hau.

Atzo gauekoa entzun eta ikusita, ziurtatu genezake litroa baino gehiagoko garagardo pitxerkada handiak edanez harrapatzen dituela sekulako melokotoi ederrak aleman jendeak.

 

 

SUABIA

 

Historiako Suebo gudaroste ospetsu ezaguneko gerrariak bertako semeak ote ziren, ala jauntxo sueboen mertzenarioak soilik. Lurralde suabea Suabiakoa, leuna, goxoa ere bai, Sueboen gudarostea inola ere suabea edo goxoa izan  ez bazen ere.

Eguraldiarengatik agian, herrietako sarrera-irteeretan ezik, ez dabil kotxe zaparradarik ez autobidean ez errepideetan.

 

Teilateria gorrizka iluna zuhaitz adarrekin saretuta, hala ikusten ditugu herriak errepidetik; basoan gordetako herri zabalak, berdin-berdin egindako herriak dirudite. Teila zapalek, teilatu pikoek eta elurrari eusteko teilatuko hesiek esaten digute elur lekua dela Suabia. Teila beltzekoak eta luzeak dira elizako dorreak teila gorriko eta teilatu apaleko herriotan: elizaren anima beltzaren ezaugarri inkontzientea, herriarengandik berezitu nahia, gailentasuna erakutsi beharra, jauntxokeria... Eraikuntza apal bat dute alboan nekazal etxe askok, etxearen osagarri edo gehigarria gehienetan, zurezkoa: belartegia, biltegia, korta edo tresneria gordetzeko lekua. Hiru metro zabalera zituen gutxienez teilategalak, goraino tolez-tolez pilatutako trokotez betetako hormaren aterpe.  Ez da negutegirik ikusten, agian eguzkirik ere ez dagoelako. Zurezkoak dira autobus geltokiko aterpeak, zurezko arruntak baina.

"Maiatza", lurralde honetako ohitura eta erritoa, Sakanan lez.

Sagasti dira maldak, loraz bete-betean daude sagarrondoak, zuri-arrosa loratuak mendixkak, lorategi liluragarria bihurtuz inguru berdea.  Egun osoan izango dugun paisaia paregabea. Loratutako sagarrondoz daude errepide bazterrak ere. Espainian meloi saltzaileak bezala, lora saltzaileak daude errepide bazterretan. Sagarrondo loratua den mendixka horietako baten  gainean gaztelu edo palazioa gorrizka agertu zaigu bat-batean, paisaiaren pintzelada zoragarria. Paisaia atsegin erakargarria, laua, bidegorriz josia, ibili zaleentzako udaleku aukerakoa.

Txikitako Mispillibarko sagasti eta sagarrondoak dira ikusten ari garen hemengo sagastiak eta sagarrondoak, naturalak, berezkoak, industrializatu gabeak, bere librean haziak, zuhaitz mardulak, eginak, enbor sendoko adartsuak, ez hariari egokitutako nano mehe txikiak. Hemengo umeek ere izan dezakete sagar arbolara igotzearen plazera. Lorearen arabera bada, sagar-urtea da aurtengoa.

 

Galdua dut  nire jaiotetxe Mispillibarko sagastia loran zegoeneko irudia,  ezabatu zaizkit irudipen eta gogorapen sarean, ihes egin didate garunetatik. Galduta ditut hamahiru urtera arteko udaberriko irudiak, adin horretan eten ziren nire jaiotetxeko irudi gehienak, ez bainituen udaberriak nire etxaldean bizi izan hamahiru urtetik aurrera, ezta negu eta udaberriak ere. oporretan Uda soilik bizi izan nuen nire herrian, opor egunetan, alegia. Bizitza aukeraketa da, seminarioa edo herria aukeratu behar izan nuen, hainbat aukeren artean, ez baita unerik bizitzan aukera egin behar ez dugunik.

 

Ile trinko bihurriko artaldeak, gure latxak baino erosoago egokitzen dira nonbait hemengo giro hotzera. Lurraldearen egitura fisikoak baldintzatu behar du nahitaez biztanleriaren izaera ere.

Ez dugu gurutzatu edo ikusi herriarteko lineako autobusik. Errepideetako bidegurutzetan semaforoak daude Frantziatik Euskal Herrira inportatu diguten borobilen zereginerako. Hemen ez dira borobilok ageri.

Trinkoagoa edo meheagoa, baina denean eta dena da laino beti.

 

Dialekto propioa omen dute Suabian, beste alemaniarrek ia ulertu ere egiten ez dutena.

 

Schanbisch(?) Hall.

1500 urtetan ia aldatu ez den herria, amonatxo edo aitonatxo polit bat bezalakoa, zimurdurak kendu eta koloretez apaindu duten antzinakoa, irudikatutako horietakoa, ametsezkoa, ipuinetakoa, Erdi Aroko filmetakoa, "maitagarrien ipuinetakoa". Oinezkoentzako herria. Poliki, mantso, lasai begiratuz, begien atseginerako hainbat ukitu bilatuz ibiltzera bultzatzen zaituen herria. Igandea denez, turistei utzi digute herria. Tipikorik izatekotan, berau bat. Eliza asko denez, eguerdiko ordu batean nabarmen ozena bihurtzen da dorre-punta zorrotz guztietatiko kanpai-hotsa kaleetako bakardadean. Zura ageriko etxadiak ibai kontran zein kaledi barruan, Madinson-ekoak diruditen zurezko hiru zubi erakargarri, kanpai mordoko erlojua horma batetan, lerden harro gailen palazioa herri gainean, aldaz beherako plaza zeharo ezberdin harrigarria, eliza aurreko mailadia plaza bezain zabala, nortasun propioa duen dorrea, kanpoaldea hilobiz jositako eliza, pulpitua bailitzan erakustokian dagoen pikota, burdinazko aska erraldoia den iturri berezia, udaletxe barroko ponpoxoa, plaza berezi ezohizkoa, brontzezko eskultura politak baranda betebeharretan imajinazioz aparta bat. Presa gaineko erreka du eta presagatiko ibai artifizial zabala, ura egon arren urik ez doakiona.

 

Etxe askotako hezurdura-zura ez da berenez agerirako egina, hormari eusteko soilik baizik, adreiluaren eusgarri alegia; zarpeatuta izateko asmatuak izan zien, morteiruari heltzeko dituen koskek erakusten dutenez. Gau-egun Euskal Herrian harriarekin egin duten bezala zura bistaratu egin dute etxadia biziagoa eginez. Agian bistan egon ziren sorreran, gerora estaltzeko modak estali zituen, mortairua itsatsi ahal izateko egin zizkietek koskok, gaur egun zura agerian uzteko modak bistaratu dituzte zurok berriro.

 

Ekirantz goaz. Herritxoek zipriztindutako herrialdea, ez dira lehen zatian ikusi ditugunen bezain herri erakargarriak, baina bai antzerakoak,  apalagoak izanik ere ederrak.     "Maiatza": zonalde osoko erritoa, ohitura eta kultura, Sakanarekin lotzen gaituena.

Kilometrotik gorako zubi luzea mendixkatik mendixkara bitarteko bailara gainetik, 185 metroko garaieran. Injinerutza lorpen ikusgarria da, ezin uka, baina haranaren armonia erabat eteten du. Teknika noren eta zeren zerbitzuan: hor dago koska, hor betiko eztabaida, zubitzarrak azaleratzen duena.          

 

Belar fardo borobilekin egindako bi panpina erraldoik irribarrea zegiten belartzatik bidaiariei.

 

Fruta-arbola saila bihurtu dute aparkaleku, hiritik gertu baina kanpo, bisitari asko datorkionez autoak kale artetik atera beharrak bultzatuta, kaledia erosoagoa bihurtu nahiak eraginda. Turismoa baita hiriaren bizibide nagusia. Zirraragarria aterpe loratuan autoa uztea, dena zementu bihurtu duen gizartean.

 

Rothenburg ob der Tauber. Txikiak eta xarmantak irudikatzen ditugu hiribilduak, halakoak direlako iraun dutenak, Erdi Aroko hiribildu handiak hiritzar moderno bilakatu direlako, antzinako  nortasun fisikoa galduz, alde zaharrak salbu. Izenez luzea eta kalediz zabala da Rothenburg, ia azkenik bilatzen ez zaion hiribildua. Osoki biltzen duen harresiak gordeta, duela 500 urte zen berdinean darrai. Zer begiratuak akaburik ez duen hiria, ordu mugaturik gabe etorri eta orduetan ezuste bila ibiltzekoa. Turistaz josita, baina handia denez, hiri lasaia gertatzen da. Dena da dorre, dena dorre azpiko arku, dena da harresi, dena harresi gaineko dorretik dorrerako aterpedun pasabide luze. Kalexka, kale, harrizko udaletxea, ibaia, zubi bikoitza, burdina forjatuzko dendetako ezaugarri zintzilikatuak, iturriak, 1385eko atea, inguruko ikuspegi zabala... badago zer aurkitu eta zer ikusi, zertaz gozatu. Fatxadek pauso lasaian joatera bultzatzen zaituzte, presarik gabe, mila zertzelada baitute begi ikusminentzat. Teilatuek ere bere ukitu deigarria dute. Elizetan sartzeak ere merezi du: 1505eko erretaula, sabaiko zainen lotura polikromatuak eta beiradura ederrak aurkituko dituzun S. Jakob eliza, bi zati ezberdineko egitura, naif antzerako erretaula eta triptiko xarmantak dituen S Frantzizko eliza gotikoa. Dendaz josita, baina inola ere ez lourdes kinkila-denda. Herri turistiko diskretua. Turistak paseatzeko gurditzar zurezko sendoek eta zaldi ipurtandi mardul ezohizkoek ematen diote azken ukitua.

 

Tubingan atzoko bandaren xarmarik ez bazuen ere, elizkizun bateko bandaren soinu leunak goxoki betetzen zituen inguruko kalediko bazterrak gaur ere. Arratsalde pasakorako herri bikaina suertatu zaigu Rothenburg ob der Tauber.

Japoniar aldra zebilen korrika eta presaka kaleetan zehar dena ikusi beharrean, estu; bazirudien japoniarrek hartua zutela hiria, baina inguruko igande-pasako bisitariak ziren gaur arratsaldez gehiengoa.

 

 

Maiatzaren 13a.  Astelehena. 13.a-A:12.a

 

Ganberroa, baratza guztietako lekeitio belarra.

 

Kanpalekuz aldatzeko eguna. Egun aterritik ere ez dugu eskatzen jada, denda jasotzeko unean zaparradarik ez botatzea besterik ez dugu desio. Hiru egunez eutsi dio ilun eta hotz baina ateri, azken gauean euria da nagusi, denda blaituz eta ingurua lokaztuz. Kaka!.

Busti umel zikin ingurua,  ortzia bezain goibel gure barrena, Oihan Beltzera dugu asmoa; iaz Alpeetan Dolomitetara ibilbiderako argitu zitzaigun egun euritsu eta lainotsu bera esnatu zaigu gaurko mendi-eguna ere.

 

Berrikuntzak medio, kaleetako ilara luze eta egonaldi luzeagoez, barraskiloarekin lehian bezalatsu zeharkatu dugu Stuttgart hiria. Bere aurrerapenen morroi, esklabo, menpe, bizi da gizakia, askabidea lukeen aurrerapena lotura-bide bilakatzen zaiolarik gehienetan.

Errepideko galipot zoru beltza eta alboko berdegunea dira ia gure ikuskizun bakarra, harago zinema-tokiko  oihal zuria bailitzan mugatzen baitu begirada laino trinkoak, pelikularik gabeko zapi-zuri soila. Harririk gabeko harea harroa dirudi soroetako lur gorrixkak, obretako palek erakusten dutenez.

 

 

OIHAN BELTZA

 

Lurralde entzutetsuaren erdialdea dugu bisita-gune. Herri-bidea aukeratu dugu joanerako.

Aurreko egunetako ia betikoa da paisaia; nekazari herriak, aldaxkak, basoak, garitzak lur landuetan, fruta-arbola franko berdegunetan. Hiribarruek eta semaforoek ordulariz luzea bihurtzen dute kilometroz motza den bidea. Autobidea doakoa denez ez da nonbait saihesbideetan dirurik inbertitzen. Euskal Herriko errepide sarean, aldiz, autobidea pagukoa denez, herri-bideetara jotzen du bidaiariak, autoak pilatu egiten dira herrietan, beraz saihesbideak egin behar dira. Autobidea kobratzen delako pilatzen dira herrietan autoak, herrietako pilatzea ekiditeko kobratu egin behar da autobidea: arraina buztanari hozka, zurrunbilo gaiztotu eternala. Autobideak dira saihesbide, eta kitto. Baina hori ere ez da irtenbidea, hiriotako pilaketak erakusten digutenez.  Garraio kultura aldatzean datza gakoa.

 

Mendi zuloz mendi zulo, gora eta behera, tantai  luze txankameheko pagadietan, baina batez ere izeidi ilunetan doa errepidea; tarteka garbi guneak, garbi gunetan herrixkak, lur landu oro gari-sail behean, soroak belardi gorantz heinean; ile motzeko artalde bakarra eta behi bakarrak larrean; mendiak berea du erreka edo errekatxoa, gure ondoan daramaguna ere mendioi zor zaion erreka da. Hemen izan da orain arte izan dugun aldapara luzeena, 500 metro zituen gainak. Halatsua da zeharkatu dugun Oihan Beltza.

 

Tirolekoen antza dute herriek, eraikin orok: oholezko etxe, txabola, korta edo tresneria gordeleku izan daitezkeen eraikinak. Teilategal zabalez babestutako hormak, teilatu-hegiko ertzak zapal eta irten zabaltzen dira aurrera aterpea eta babesa eskainiz sarrerari edo balkoiari, elurrari eusteko hesiak erreskadan eta alderik alde teilatu pikoan, ohol-txataltxoz edo teila-finez babestuak afronturen aurka hormak; beltzak dira teilak, baina gorri-gorriak etxe berrienak... Nortasuna dute nekazal etxeek, ezberdinak inguruko etxeok, elur-lekuko herri kultura, eraikuntzan islatua.

Udaleku herriak: etxe berri asko, etxe solteak,  usuko baino balkoi eta leiho dotoreagokoak. Izan ere udaleku aparta da hau bidegorrietan aldatsik gabe oinez ibiltzea gustatzen zaionarentzat. Bertako antzinako pare bat eraikuntza: berria zirudien etxetzarra, abarrez edo lasto beltzez, agian inarrez, estalitako eraikin baxu sendoa; txabola zirudien beste bat. Bi soilik izan dira, besterik ez, beraz zenbateraino ote bertakoa?; izan ziren agian, besterik ez. Ez da "Maiatza"rik; ordez-edo loraz egindako girlanda borobilak jartzen dituzte balkoietan: udaberriko errito edo ohitura hau ere.

Entresaka jotzen ari dira basoetan. Auto eta kamioi ugari dabil errepidean. Bizi da oraindik trenbidea.

 

Orain arteko herrialdeekin desberdintasun handirik ikusten ez eta, zapuztu, etsita  samar banengoen ere, adiskidetu naiz, azkenez, Oihan Beltzarekin; ez da historiako ikasketa eta literaturaren eraginez ametsean marraztua nuen irudi misteriotsu, agian topikoa. Ikusgarria da izan, polita, lasaia, idilikoa. Pasoan doan turistaren sentipena da gurea, egonaldi udatiar laburrerako  izan behar du atsegina lurralde honek; gogorra izanen da bizitza  negua bukatzen ez den inguru honetan, latzak nekazarien bizi-baldintzak.

Berrikuntza lanetan murgilduta daude herri guztiak, Europa Batuak administratzen dituen gure patrikako diruak ote dabiltza hemen ere kaleok berritzen Euskal Herrian bezala.

 

Freudenstad. Bainu-herri handiki dotorea, bertan pobrerik ez dela dirudiena, izango den arren. Plaza karratu erraldoia: Alemaniako handiena omen, izanen ere, hirurehun metro izango ditu alde bakoitzak. Arkupe da plaza inguratzen duen alde bakoitza, saltoki arkupe oro, komertzio-gune erraldoia plaza osoa. Ez du, baina, plaza handiaren jiterik, bi eraikuntza ditu erdian, eta erdi-erdian gurutzatzen diren bi auto bidek zeharkatzen dute lau zatitan banatuz. Halere, oinezkoentzako zabalgune libre handia geratzen zaio. Harri gorrizko eliza sendoa dorre mozkote zabalarekin, plazaren albo batetan.

 

Schiltach. Uderri peto horietakoa, zaindua, potxoloa, kale eta kalexkak aldapan; etxeteriak egiten du erakargarri: agerian eta pintatutako zurezko hezurdura dute etxeek. Ez du ezer berezi nabarmenik, osotasunean da berezia.

 

Wolach. Udalekua hau ere, zaindua, inola ere ez bertako herri peto horietakoa. Etxe bakanez osaturiko kale luze bakarra besterik ez da. Ez du beste munduko etxe pitxirik, bai taxu politeko zenbait, batez ere udaletxea. Bizia izanen da udatiarrez gainezka dagoenean, oso hila aurkitu dugu guk.

 

Hori da guk ezagutu dugun Oihan Beltza.

 

 

Oihan Beltza eta Rhin ibaiaren arteko lautada zabaleko lur landuek, arto-sailek, fruta-arbola loratu ilarek… nekazari aberats itxura ematen diote inguruari. Artaburuak gordetzeko silo bitxiek ziztatzen dute gure ikusmina, nekazari kulturaren alderdi bitxia: lurretik sortutako perretxiko erraldoiak bailira, burdina-harizko kutxa luze garai meharrak, soroetan bertan kokatuak,  lizunak zereginik ez duen sarezko biltegi haizatuak. Nola babesten ote arratoi eta hegaztiengandik, hori ez dugu argitu ahal izan baina asmatua izanen dute amarruren bat. Hemengo arto-jorraketak ezin dira izan, inola ere, gure txikitako Garañoko edo Maringoak bezalakoak: etxeko denak ilaran, bakoitzak bere lerroari jarraiki, egun osoan eguzkipeko gerri-makurrean, belar txarrari aitzurtxoarekin kaskaka eta sobra zegoen arto landareari eskuarekin tiraka. Askatasuna eta bizitza etengabeko hautatzea direla zioen filosofoak, hautatzea praktikatzen zuen nekazariak ere artajorran,  artalandara mardulenari, itxura onenekoari, jarraipena eman, ahulenari argia ikusi ordurako aukerak zapuztu. Gaur egun makinak eginen du aukeraketa, baina edonola ere, tragikoa da natura, ahulenak itoz egiten du aurrera, bestea gainditzean dago biziraupena. Lege berak agintzen du gizartean ere, itxuraldatu eta edertzen saiatzen bagara ere.

 

Friburgo: zabala da, zeharkatzeko behintzat. Badu tranbia, hiri bati erakargarritasun ukitua eskaintzen duen garraiobidea, gureetako hiriek galtzen utzi zuten altxorra, hiri atsegina izanen zaigun bermea.

Friburgon jaiotzen da Danubio ibaia.

Friburgotik gertu osatu da kontagailuan autoak orain arte egin dituen kilometroen zenbaki kapikua, 80008 kilometro. Bejondeiola autotxoari, ez baitigu arazorik eman.

 

Ez digu atertu egun osoan, blai bukatu dugu, bai dendak bai gu geuk ere.

Atsegina da kanpina, horrek egiten du eramangarriagoa bustia.

 

174 kilometro, euripean, Ohian Beltzaren erdialdeko bihotzean.

 

 

Maiatzaren 14a. Asteazkena. 14.a-13.a

 

Tere Irastortzaren Gabeziaren kanto(re)ak erritmo sarkorragoa dute, etsipen eztiagoa, txori amorosak auzo direnean.

 

Belatzean, gereziondo eta urkiaren hostopean, pago mardularen aurrean, berdetzak inguraturik, egontoki perfektua litzake zeru-sabaia urdinduko balitz, giroa epelduz, ingurua lehortuz. Naturak laino trinkoz berundu nahi du gure irrika hegalaria, lausotu maindire sendoz gure ikusmin ase ezina, beratu umeltasunez gure ikus grinaren zolitasuna.

 

Ez urruti, hesi berdearen bestaldean etengabeko tiro-hotsa biltzen zaio inguruko txori-soinuari, gizakiak hiltzeko trebatzen ari diren gudalozte bakezaleko mutil gazteak dira, bizitzaren aitzakiaz heriotzaren profesionalak, sistemaren iraupenerako mertzenarioak. Muga izaki, hemen daude alemaniar militarrak, Frantzia erasotzeko  prestatzen, mugaren bestaldean daude frantziarrak Alemania erasotzeko beti trebatuta. Hala ez bada, zergatik dira hain ugariak  muga inguruetako militar guneok. Badaezpada?, baina hor daude, eta aurreko gerra ahaztu orduko, beti sortu ohi da gatazka berriren bat.

Zozoek ere nahiko ardura dute bazka bereganatzen belatzean, hor dabiltza mokoka bakoitza bere esparrua eta mokadua defendatuz,  goiko abar arteko hostotzan ere  ez da falta erronkarik, bakoitzak bere habia, esparrua edo nagusitasuna gordetzen. Biziraupenaren gerra; erasoa, naturaren legea.

 

Rhin ibaiarekin elkartu gara, berriro. Lagun mina egin zaigu jadanik ibai bulartsua. Miresmena diot, harriduraz begiratzen diot hain da indartsua, baretu egiten nau bere joan bare sakon zabalean.  Gorago aurkituko dugu ostera etzi. Hilabete eta erdi barru, etxerantz, zeharkatuko dugu azkenez, agur eginez  Alemaniari. Rhin ibaia, Alemaniako bidaia laguna.

 

Rhin ibaiaren beste aldea dugu helburu, Frantzia, Europako batasunak Europako jantxakurrak biltzen dituen Estrasburgo.

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/04/26 09:15
Alemania 96. Baden Lurraldea: Heidelberg, heilbroon, Stuttgar, Ulm, Reutlingen, Tubingen, Haiger Loche

BADEN LURRALDEA

 

Heidelberg.  Ez gaitu liluratu hiri erromantiko famatuak, agian nekatuta heldu garelako. Nortasunik gabeko etxe garaietara mugatzen da alde berria; ikasle gaztez eta autobusean heldutako japoniar koadrila nagusitzen den turistaz girotutako kale luzea da alde zaharra. Ur zikineko ibai gainean dorretxoek zaintzen duten zubi gorria da turisten zita-gune nagusia. Eliza protestantea  eta goian gaztelu erraldoia dira beste bi bisita-gune nagusiak. Dena da gorria hemen, hiria bera ere bai. Unibertsitatea du, eta, tokatzen zaion bezala, liburu-denda asko ikusten da. Ibaia berriz esklusei buruz doa bete, sakon eta zabal.

Itsulapikoa dute eliza protestanteek ere.

 

Betiko bide ingurua, basoa zeharkatzen dugu tarteka.

 

Heilbronn. Zezen plaza baten borobilera eta Untzagako dorrearen  garaiera duen izugarrizko tximinia digante erraldoia: ke zuria dariola, zeru dena laino utziz eduki dugu begi aurrean urrutitik ikusi dugunetik bertaratu garen arte; zentral termikoa behar du izan alboko poste-teriak erakusten duenez; hau ikusiz ikasten da zenbateraino kutsatzailea den ere etxean itxuraz hain garbia zaigun argindarra.

 

Hiriko irteera-sarrerak direla eta, dena da barearen ibili geldoko auto ilara, luzaroko joanean.

1.300 metroko zubia. Garraio ibaia da hemengoa ere. 

Iparra da haizea, hotzagoa hemengoa gurea baino, elurrak eta poloa hurrago daudelako edo.

 

Kanpina: Euriari ekin dio berriz ere,  euripe nazkagarrian heldu gara azokari  edo ferianteen herria dirudien Alemaniako bigarren kanpinera. Dena euri, dena hotz, dena ipar-haize.

 

 

Maiatzaren 10a. Ostirala.  10.a-9.a

 

Zozoen paradisua da kanpalekua, lotsagabe, etxeko egin zaizkigu alboko arbolapean, zomorro bila.

 

Urre kolorekoak dituzte ia beti zenbaki eta orratzak ordulari publikoek: alemaniarren kultura.

Gidari fin eta errespetu handikoak dira alemaniar gidariak, patxadakoak. Doanak leku ematen dio errepidean sartzen denari edo atzetik aurreratu nahian  datorrenari. Bakar batzuk egin egiten dituzte hanka-sartzeak errepideetan, batez ere hiri inguruetan.

 

 

Stuttgart. Izugarri zabala, arabiar eta beltz asko ikusten den  milioi biztanlez handitutako industria hiria. Gerra aurreko ezer guti geratzen zaio. Gerra ondorengo eraikuntzak: ohizkoak batzuk, modernoak besteak, ederrak tarteka. Teila gorri eta zuhaitz berde trinkoak kopuru berdinean tartekatuta.  Mendiak gordeta dago borobil erdia den maldan hiriko alde bata, bestea, berriz, bukaerarik ez duen lautadara zabalduta. Dena denda, dena saltoki, aukera handiko komertzioa eskainiz, jendez gainezka; oinezkoentzako kale zabalek ematen diote arnasa hiriari. Plaza zabal ederren artean, Shillerren plaza, adierazgarriena. Estatuak izan dira ezuste sarriak: pentsakorrarena deigarriena.

Kilikagarria ez zen arren 9 graduko hozberoa eguerdiko 1etan, patxadako eguna izan da Stuttgartkoa. Euskalduna ez zen txapelduna ikusi dugu, bila nenbilen bakero telazko kapela aurkitu dut; zaldiko-maldiko erraldoi liluragarriak dituen azoka-eremuan bukatu dugu gainezka zegoen garagardotegian pitxar handi bana garagardo edango dugula erabakiz.

 

 

Maiatzaren 11a.  Larunbata.  11.a-A:10.a

 

Berriz ere, berunezko xafla bat da zerua, gorputz gainean astun, euria noiz egingo barrena ere goibelduz, ibilirako gogoa motelduz. Alemanian ez dakite zeruaren urdina zer den,  ezta eguzkiaren epelak azala gozatzearen goxoa nolakoa den ere. Kutsaduragatik ez balitz nahiko litzake leiho aurreko apala hozkailu zereginerako. Biziraupena edo iraun beharra bihurtzen ari zaigu bidaia, ateria besterik ez dugu eskatzen, kotxe barruko berogailuaz edo saltoki handietako epelean suspertzen gara.

 

Tere Irastortzaren poemetatik:

* "Etxeko bonbila guztiak piztutzeak ez du bakardadearen eta noraezearen biderik argitzen". Eguzki apur batek argitu eta epelduko luke gure ibilbidea.

*  "Gatibu ditut hitzak, eta hitzen gatibu naiz". Nekaduraz ahitua arren, ez diot huts egiten hitzokin dudan gaueroko hitzorduari.

 

Dena da industria-gune mendixka batera heldu arteko luzea Ulm hirira bidean. Tximinia luzeak sailean; behe lainoarekin nahasten edo lotzen dira laino koloreko bi tximinia estu luzeak han goietan lainook zulatuz, lainoan galduz; gasoliozko argindar zentrala dela uste dugu. Basoaren bihotzean zein baso ertzean, herriak, industria herriak,  zuhaitz artean tartekatuta, ia ezkutatuta, teila gorrizko etxeak, horma zarpeatutako etxe argiak, solairu bakarrekoak, etxeak bakoitza bera portale propioarekin, bata besteari lotuta; noizbehinka 3 solairuko "etxe merkeak", gure garaiko  "casas baratas"ak, itxura arraroa emanaz herriari; ez dugu ikusi lauzpasei solairuko etxe bakar bat ere, lekuz kanpo leudeke hemen; noizbehinka, ateburu borobil zabaleko zurezko ate zabala eta hezurdura duen etxe zaharren batek ematen dio antzinakotasun giroa herriari; ikus daitezke ere etxe banakoak, bakoitza bera, bakoitza bere peorarekin jite propioko adreiluzko etxe dotore bakanak, gutxi direlako nabarmenagoak, ezberdinagatik ia erakargarriak.

 

Kilometrotako goilautada zabal bat zeharkatu dugu. Zirimiria, lainoa, eguraldi bustia, giro beltza dugu goiotan.  Ez dago industriarik, nekazari herriak zeharkatzen ditugu, teila gorriko herriak, horma eta inguru apaleko etxez osatuak; etxe inguruko simaur pilatu eta egur trokote tolestatuek areagotzen dute nekazari giroa. "Maiatza" dute herri askotan, tantai luzeak dira.  Dena gari. Zaldi aldra, bakarra, asperdura arriskua kenduz gure ikusminari.  Bakarrak izan dira ere, noizbehinkakoak, ikusi ditugun behiak. Txerri usainik ere ez dugu hartzen, Alemaniako hainbeste txerriki non demontretik sortzen ote galdetzen diogu  elkarri.

Berriz ere lautadan, trenaren zain egon behar izan dugu gurutzadura bateko langen aurrean, Etxarrikoa gogoratuz, ziztu bizian pasa den arte.

 

Ulm.

Albert Einsteinen jaioterria, berenez ederra, badu zer erakutsi; ez dabilkio gaur bisitari andanarik, erosoa da beraz gure ibilia.

Katedrala, hiriko altxorra, bisitariok erakartzeko amua; ez da gorrizka, gris kolorekoa baizik, gotikoa, dena goranzko orratza, gargolak edo xurrutarriak ezik. 161 metroko dorre-orratzak, munduko garaiena omen, izan edo ez izan, sekulako garai itxura erakusten du, goian, lainoetarantz galtzen da; ederra da ateburu gotikoa ere. Barrualdea du, baina, harrigarria, gidarik edo ezer idatzi lagungarririk gabe joan eta begiratu soilik egin behar den horietakoa; zerbait berezik biltzen zaituen sentipenean murgiltzen zaitu, ezustez ezuste, bitxikeria eta artelanez blai, zer esan ez dakizula, ahozabalik utziko zaitu, erraldoi baten sabelean nano sentiaraziz. Bonbardaketak errespetatu zituen artelan harrigarriak ikusgai, atsedenik gabeko aurkikuntza da barruko ibilia. Handia, ederra, pitxiez aberatsa. Erraldoia,  bost barneluzego edo nabe ditu, bakoitza eliza handi bat litzakeena, non dena den koadro, dena estatua, dena armarri, dena medailoi; pulpitu zizelatua; gain zorrotza sabairaino luzatzen zaion jauntxoren baten meza entzuteko gordelekua izan zitekeen behatokiabataiarri landua; beiradura zoragarriak; presbiterioaren aurrealdeko freskoak; taila nano eta handiz  harrigarri landutako koruko zurezko aulkiteria; triptikoak;   eliza bat bizkarrean daramanaren taila polikromatua; ate erraldoi eta garai horri tokatzen zaion sarraila... mila bitxikeri, bitxikeriaz beteta baitago katedral osoa.

Pulpitupean du aldarea, aldarea hitzaren morroi; bankuteria berriz bizkarrekoa alde batera zein bestera begira jartzeko aldatzen zaiona.

 

Eroslez eta ortuariz lepo dagoen azoka eliza aurreko plazan, iturriak, kanpotik freskoz apaindutako etxe ederra, beste etxe eder asko, Donau ibai zabala, arrantzaleen auzoa, hain okertua iruditu ez zaigun dorrea, harresi gaineko pasealekua, nire ingeles mordoiloan elkar ulertuz planoa utzi digun liburu-saltzaile adeitsua,  ezkon arropa zuri arinekin kale gorri jelatuan bera bakarrik zihoan neska ezkongaia, jendarteko ibilian maniobretan ejertzitoa... hiru ordu atsegineko bisita lasaia oparitu digu hiriak.

 

Baso baten barrenean, Euskal Herrira garamatzate erreka kontrako kare-harrizko haitz batzuk. Mendi guztia puskatu ondoren bere horia berdez inguratuta, harrobi horixka erraldoia, dager, kilometroetara ikuskizun: berdeguneari egindako hozka digantea.

 

Blubeure:  ihes egin digute herriak eta bertako santutegiak bidegurutzeko gure joan arinean.

 

Berriz ere bailara berdeak, mendi gaineko lautada luze-zabalak % 6 eta %7ko desnibelak, baso barruko ibilbidea, bihurgunez bihurgune. Mendi gaina baino gehiago goi-lautada dirudi. Eski- zaleentzat antzerako garraio muntaiak ageri dira, han-hemenka sarrian, baina gaintxoan dagoen basotik zuhaitz enborrak ekartzeko soilik direlakoan gaude. Biziki dabiltza nekazariak bere zereginetan, bai traktorez bai simaurra sardez pilatzen... Bera bezain zaharra eta berezia zen traktorean gidari, amonatxoa jarri zaigu abiadan gure aurrean, begiak irten beharrean errepidea zeharkatzeko kezkaz edo adi.

Uda-pasarako parajeak, hilabeterakoak, aldatsik gabeko bidegorri lauetan mendikarak  egiteko leku aproposak. Bi baserritar udako turista erabilgailua zitekeen eta bertako petoa dirudien zalgurditxoan, irudi xelebre, berezi eta jatorra.

 

Reutlingen: bonbardaketak apurtu ondoren, zen bezala, berdin, berreraikitako herri txukun dotorea;  kaledi poxpolina du. Hila zegoen bazkalondoko orduetan. Nortasuna dute harresi hondarrek, berezia da iturria, ia ikusezineraino babestu dituzte sarez elizako kanpoko irudiak usoen kaka-leku bihur ez daitezen.

 

Tubingen. Historiatik eta teologia klaseetatik ezaguna zaigun Tubingia hura. Dotoretasunez jantzitako hiria, izan zela eta izan ere badela jakin badakien hiria. Planorik gabe etorri, bere magia eta edertasunari jarraiki kaleetan barrenduz bakoitzak bere-berezko ibilian galtzeko hiria. Ikasleen hiria. Etxe jatorrezko kaledia, fatxada freskoz apainduriko Rathause-udaletxea, marktplatz, Neptunoren iturria… dira, merituz izan ere, gidaliburuak aipatutako altxorrak, baina etxe guztiak dira banan-banan apartak, bakoitza  apartatzekoa, zein aparta ere ezinekoak. Mila bitxikeria eskaintzen dizkio herria ikusi eta sentitu nahi duenari, edozein fatxada eta txokotan aurki daiteke ezusteren bat, teilatuko balkoi borobilari bizkarrarekin eusten dion harrizko gizontxo xarmanta, adibidez. Errekatxoa du etxe kontra luze osoan  kale batek, ate bakoitzerako zubitxoa, kale osoa zubiteria bihurtuz. Gaztelu  harroa, amona ilezuriak txalupetan marinel dabiltzan ibai ederra,  urez inguraturiko pasealeku luzea platano lodien artean ibai erdiko irlan...

 

Bandak jo du erreka batek inguratzen duen plazatxoan, giro sorgindua, gune magikoa, xarma  kilikagarria, amets bateko une zoragarria sortaraziz arrats beranduan inguruko kale bakartietan, kaledia musikaz blai jarriz. "España cañí" pasadoblea jo du bandak, hain zuzen, gu bertaratzean, aldi berean zerbitzari neska espainiarra aurkitu dugu bazkari-afaria eman digun jatetxean.  Hiri xarmanta gertatu zaigu Tubingia, arrats iluneko orduetan egin diogu agur jelatu gozoaren plazeraz.

 

Alemaniak ez du tunelik errepideetan baina bai baditu zubiak, bailarak gainetik zeharkatzen dituzten zubi luzeak.

 

Haigerloche,  Tubingiatik behera, gertu, herri honetan erreaktore nuklearra esperimentatzen saiatu ziren zientzialari alemanak gerra aurretik. Zientzialari haiek beraiek erdietsiko zuten gero Ipar Ameriketan hemen lortu ez zutena,  Hirosima eta Nagasakiko sarraskiak ekarriko zuten bonba atomikoa: militarrek eta dirutzek maneiatzen duten mehatxu zibil nuklearra eta kutsadura.

 

70 kilometro, atseginak.

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/04/19 09:44
Alemania 96: Mosela bailara: Cochen, Eltz, Bad Kreuznach, Meisenhein, Mozingen, Worm, Speyer.

MOSSELA BAILARA

 

Dena da hesola-basoa, dena mahastia, lur arreko maldetan, Arrasatetik Debarainoko errekarro eta medi-bueltan pinua bezala. Errepidetik mendian gora eta errepiderantz mendian behera, mahatsa eta tresneria garraiatzeko jarritako kable sendoak; eta kremailera sistemaren bidez gizona gainean zaldun delarik gora-behera dabiltzan plataforma nanoak ere. Lorontzi bihurtu dituzte dolare zaharrak etxaurretan, baita apaindura deigarri bezala ere herri sarreretan.

Luze dautza herritxoak ibaiaren bi ertzetan, teilatu beltz eta horma zuriak kontrajarriz hemen ere; turismotik eta mahastietatik, Mosselatik eta menditik, uretik eta lurretik, bizi diren herritxoak.

Motel doa Mossela, joan ere ba ote doan pentsaraziz; bere geldiak, ez du Rhinaren grazia eta bizitasunik. Ibai arina da Rhina, doana, bidea egiten ikusten dena. Mossela hilagoa da, tristeagoa, aspertuagoa, bere bi ertz berdeen tartean ia ez baitabil garraio-ontzi edo turista-garraio kalatxoririk. Presek egiten dute  batez ere zabala eta betea Mossela ibaia, esklusek ahalbideratzen dute garraio-ontziek uraren hiruzpalau metroko garaiera ezberdina gaindituz gora edo behera egin ahal izatea. Koblenzera hurreratuz hasten dira agertzen gazteluak mendi tontorretan, herriak suspertu eta ibaia alegeratzen.

 

Traben-Trabach: eragozpenak izan ditugu hirian, kaleberritzen baitabiltza desbideraketa korapilatsuak sortuz. Zubi ederra izanen zen aliatuek suntsitu zuten gerra aurreko zubi hura; ertzetako zubizaintzako gaztelutxo eta gotorlekua soilik geratzen zaizkio arruntagoa eginez zubi berri arrunta.

 

Zubi berri asko da inguru honetan, Rhin gainetik ez bezala. Aliatuek lehenengo bonba eta lehergailuz bota zituzten zeuden zubiak, eta berriak eraiki ondoren, demokrazia eta askatasun honen defentsarako.

Asko nahastu eta erabiltzen dute kolore zuria eta teila kolore ezberdinak teilatu beltzeko eliza dorreetan, baita dorre luzeetako hormetan ere,.

 

Cochen. Turista aldrak betetzen du ibai eta errepidearen bide berdina egiten duen eta dena denda den kale luzea. Gaztelua: bikaina eta dotorea, berak gordetzen du herria gainaldetik. dager S. Kristobal: urre koloreko mosaiko erraldoia, gazteluko horman behetik ikusgai, bidaiarien parajea dela erakusten du, itsas bidaiarien parajea agian. Harresi-atea: arbel harrizko gotor sendoa, hiria gazteluaren inguruko hiribildua zela erakusten digu. Kale erdian, oinezkoari arkua eskainiz, txapel ortodoxoa duen dorre garaia, herri osoan gailen. “Sireno” edo sirena-har bizardun naif xarmantak eusten dio etxe baten irtentxoari. Argazkian harrapatzeko betarik eman ez diguten bertako jantzi berdea zeramaten hiru atso pospolinak izan dira azken ezustea herrian.

 

Emakumeek lantzen dituzte batez ere bailarako baratzak, ortutxo oso zainduak dira. Gizonak fabriketan dabiltza nonbait lanean edo; agian, beste zereginen bat dute.

 

Koblenzara hurreratuz agertu eta desagertu egiten zaigu orain arte lagun izan ez dugun trenbidea.

Obalatuak ordez, borobilak dira bukoiak eskualde honetan. Garagardoak ematen badio ere Alemaniari sona eta fama, mahastia eta ardoa besterik ez dago Mossela alde honetan.

Kanpin lekuak bere familia muntaiekin dira sarriak bailara guztian. Astebururako jauregi bihurtu du hainbatek etxola edo karabana eskualdeko kanpalekuetan.

Bestaldean itsasoa aurkitu behar dugula dirudi askotan itsasadar tankerako Mossela zabala ikusiz.

 

Eltz. Ipuinetako gaztelu erraldoia baso erdiko zulogune batetan, bera da bertako altxorra. Izugarria. Ia pikutara joan zaigu bidaia, gaztelura hurreratu asmoz, behatoki eroso baten bila,  mendi-bidetik egin dugunean. Aldatsean, gurpilak irristaka, dena lokatz, lohi, pentsa dugu bertan geratzen ginela, baina oraingoan ere atera gara. Onik gainera.

 

Mendiarte sakona lotzen duen  luze baino garaiago den autobiaren izugarrizko zubi batean sartu gara etxeranzko autobidean.

 

98 kilometro ondoren barazki platerkada bat jatera azaldu gara  zarpail itxurarekin afalondoko kafea, ardotxoa edo gozokiren bat hartzera bezeroa txukun agertzen den jantokira.

 

 

Maiatzaren 8a. Asteazkena.  8.a-A:7.a

 

Oilarrak egunsentia lez, esnatu dira kanpaiak dilindaka eguzkia esnatzeaz batera, auskalo ze santu-egun dela eta.

Aleman denek ez dute ikasi maskuria hustu ondoren komuneko kateari tiratzen edo uraren botoia sakatzen.

Alemanian ere erabili ohi dituzte neskak iragarkietarako; amutzat darabil emakumea gizarte honek.

Herri bateko sarreran zaku batez egindako panpina  erraldoi adeitsuak ematen dio ongietorri irribarretsua bidaiariari. Polita. Imajinazioa, ez da beti gizakiaren ahalmen herdoildua.

Gaur ulertu naiz lehenengoz ingelesez nire antzera trakets moldatzen zen batekin. Denak du bere hasera.

Okindegi, gozotegi eta jelateri asko dago inguru honetan; ia herri guztietan aurkitzen dugu, txikietan ere; alemaniarrak izozki zaleak direlako nonbait.

 

Rhin barrualdeko arratsalde-pasa dugu gaurkoa ere, atzoko lehen zatiaren antzerakoa, turista ibili ohi ez den herrietatik zehar.

 

Bad Kreuznach. Bitan zatitzen du herria Nahe ibaiak. Gainean bi etxe dituen zubi pospolin batek lotzen ditu ibaiaren bi ertzak. Alde batera herri zaharra dago zurezko etxe xarmantekin, beste aldera edozein  lurraldekoa izan daiteken nortasunik gabeko herria; alde berrian izan dugu lagun, kale nagusiko trafiko-zurrunbiloan, sutarako trokotez betetako erremolkea zeraman baserritarra eta traktorea: kontraste bitxia. Antzinako etxea dorrez gordea,  pertsonaia ezberdineko brontzezko gizairudi irrigarriak han-hemenka barreiatuta herriak bere buruari barre egin nahi balio bezala, bestelako eskultura moderno zehazgaitz ugariak parkea izan nahi duen erreka ondoko zelaian, Faustoren etxe pinpilinpauxa, presa ibaian zeharka,  eta ubidea: ibilaldi atsegina izan da.

Bainuetxea du. Bad. Bainuetxeari lotuta bertako ezaugarri diren zurezko eraikuntza arraroak, bereziak, bitxiak: hogei bat metro dira luze, hamar bat garai, apaletan bezala eratuta; orma ilun bat bailitzan tolestuta daude abar antzerakoek barrualdea beteaz, gaztelutxo edo dorretxo baten itxura emanaz gailurrari; dozena erdi bat horrelako gaztelutxo ageri ziren errepidetik. Ur jarioa ikusten zaie eta "gatzaga" deitzen diete; "gatzuretan" jarriz nolabaiteko bainu edo tratamendu berezia ematen dute bainuetxean, eta horrekin lotuta daude nonbait eraikin bitxiok.

 

Etxea zuten egina kaxa handi batez bi umek kale ertzean, ezin pozago jolasteko, askori falta zaion irudimena erakutsiz.

 

Haizpe gorri batean goaz, Nahe ibaiaren albotik. Guretzat da errepide osoa, Nahe ere, presaren bidez doa handi eta zabal. Harri gorrizko zubi ederra  eta zurezko etxe beltz handia bakardade hauetan aurkitzeak ere eman dio bizitasuna bidaiari. Berdea dago dena, moztu gabe daude errepide alboko zuhaitzak, arbola eta soro artean, antzinako pinurik gabeko Euskal Herrian geundeke noizbehinkako teilatu beltz luzeengatik ez balitz. Ikusi ere ikusi dugu Euskal Herriko etxe bat: trenbideko geltokia, ia herrialde orotan dira antzerakoak nonbait herritxoetako tren-geltokiak.

 

Lasaiak, erakargarriak, patxadakoak dira herriak, udalekuak dirudite, txukuntasunagatik agian. Industriatik bizi ez diren herriak dira hauek, baina ez dirudi lurlantzetik bizi direnik ere, inguruari begiratuz nekazari herriak diruditen arren. Agian komertziotik bizi dira, baina ez da dendarik ikusten. Baserritar txukunak dira segur aski.

 

Glan erreka erdi-erditik, belardi eta garitza den bailara berde ederrean goaz.

 

Meisenhein, dorre baten arkupetik  pasabidea duen ibaiak babestutako herri nahiko hila eta arrunta. Antzinako etxeak miretsiz gozatu dugu jelatua, kaleetan ibiltari. Galtzadarriz zeuden kaleak bere garaian,  galipotez estali zituzten gero galtzadarriok, baina erabat harrotu zaie galipota, dena da zulogune gaur egun.

 

Mapa normaletan agertzen ez diren herrietatik gabiltza, Euskal Herriko lehengo errepide zaharrak gogoratzen ditugu: hondatuta, dena da adabakia, ez da suduperik heldu honaino. Herriek ere nekazari-herri itxura hartu dute barrualde edo hiriengandiko urrutialde hauetan: etxe xumeak, baratzak etxe bueltan, egurra pilatuta kanpoan, loteak gertatuta, eta ahalegin guztiak arren abandonaturiko nekazari itxura galdu ez dutenak, agintariek beti utziak izan dituzten herritxo pobreak.

 

Rdensheinekoen antzerakoak dira  hemengo mahastiak, hesola baxuak dituzte hauek, batetik bestera hiru hari ilarekin elkartuak, bertan kimu berriak lotu ahal izateko. Hesola garaiak dira Mosselako mahatsondoak, mahatsondo bakoitza hesola batera biltzen delarik, goranzko kimuak  alboetara borobil bat eginez lotuta.  Sulfatatze garaia da. Modu ezberdinez deragite: eskuarekin eragiten zaion betiko bizkarreko tramankulua erabiliz batek, errepidean depositu handia jarrita traktore gainetik gomazko tutu malgu baten bidez zabalera handira helduz beste batek, bazen traktoretxotik bi aldeak sulfatatuz ilara artean zebilenik ere. Ez dakit nekazariaren diru ahalmenaren, sailaren zabaleraren ala lurraren zailtasunean dagoen teknika ezberdinen erabilera 

 

Mozingen. Baditu lauzpabost antzinako etxe apartak. Balkoi eta leiho ertzetako taila naif apalak izan dira ezusteak. Oso hila zegoen.

 

158 kilometroen ondoren agur esaten hasiak gara inguruari: azken aldiz entzun ditugu baporeen zurrumurruak, azken aldiz  agurtu ditugu ontzi zurietan doazen turistak.

 

 

Maiatzaren 9a.  Osteguna.  9.a-A:8.a

 

Usai txarra,  kiratsa ere,  dario kakari Alemaniarren ere.

Ezinduentzako begirune handia dute Alemanian, aparkaleku asko dago beraientzat eta errespetatu egiten dira gainera esparruok; beraientzat gune bereziak eta zerbitzu erosoak iragartzen dira autobideko atsedenlekuetan.

 

Bera bi halakoa bihurtzen da denda jasotzean bustia dagoenean. Ia ez da euririk baina bustita gaude, zirimiriaren bustiaz. Euripean heldu ginen hona, bustia jaso behar izan dugu ere denda alde egiterakoan, gaueko zaparradaren ondoren; blai dago ingurua ere; gaueko jantzien gainean berogarri gehiago jarrita, Rhin ibaiari nostalgiaz agur eginez utzi dugu lurraldea.

 

Zuhaixkak eta sastraka ditu alboetan autobideak, begiak errepidera mugatzen ditu, ezin dugu, beraz, ingururik ikusi.

 

 Ratplaz edo atsedenleku asko ditu autobideak, bakunak, ez Frantziakoek haina mahaiez hornitutako zabalgune berdeekin; zerbitzu minimo ondo zaindutako txukunak dituzte. “rat” ote “atsenena” alemanez.

 

Worm: zubi gainetik ikusgai, Lutero dela-eta Historiatik ezaguna zaigun hiriaren albotik pasa gara; etxe baxuko hiri izugarri zabala ikusten da, katedral famatua urrutira erraldoi.

 

Mendiak han oso urruti mugatzen duen zabalgune mugagabea azaltzen zaigu autobideko hesia zabaltzen denean, dena belar eta gari, etxe altutxo bakarrak noizbehinka, herri sarriak han-hemenka, makal ilarak errekastoak izango direnen erretenetan, zuhaitz sarriak, sastrakak soloen hesi. Ebakidura eta adabakiz josita, nahiko triki-trakakoa da errepide zorua.

Arto-sailak, patata-sailak, zainzuriak uste ditugunak erreten zuzen luzeetan ereinda. Zabalak dira sail denak, ez dago nonbait inguru honetan nekazari txikirik. Urkia eta txanka-luzeko pinu basoak daude bazterretan.

Zirkulazio trinkoagoa, korapilatsuagoa, biziagoa dakar hiri hasiak bere inguruan.

 

Speyer.

Dietengatik gure  Historia ikasketetako Espira ezaguna. Gradu bateko hozberoarekin eman digu ongietorria. Rhin ertzean dago; ez zaio  garraio joan-etorri handirik ikusten ibaiari. Nabarmenagoa da hemen Ejertzitoaren nonahikotasuna. Garajea bailitzan, hegazkin museo edo zerbait antzerakoa ikusi dugu sarreran bertan.

Harro da hiria bere katedralaz. Europako erromaniko ederrenetakoa omen, handiena behintzat izan daiteke, erraldoia baita bai goieran, bai luzeran, bai zabaleran. Harri gorrizkoa, ez da ohituta gauzkan erromaniko txiki potxolo bitxia. Lau dorre garaik, absideko sabaiaren irtenek, buelta osoko teilategalpeko arkutxoek, ederra egiten dute kanpotik. Dena zutabe eta arku du barrua, baina aldi berean erabat austeroa. Goian Jesukristoren bizitza kontatuz dituen buelta guztiko pinturak ezik ez du inolako apaingarririk, ez harri landurik. Nabarmenki goian duen presbiterioa bera da gurutzadura. Gurutzaduraren azpi osoan kripta, zabala eta altua, zutabe borobil sendoekin; “ezkutatzen”, txikitako "a escondites"era jolasteko leku aproposa; harri argi eta gorrizko arkuteri sarriak Cordobako Mezkitaren jitea damaio; kripta barruko solairu altuago batean harrizko hilobi piloa, arraia edo erretentxo batzuk ezik inolako zizelaketa edo apainduriarik gabe austeroa, eliza bera bezala. Zabala eta garaia du elizpea, kapitel landu eta estatuez loratuta.

Bada katedral aurrean urre koloreko hizkidun aska handia, non ardoa botatzen duten hiriko Gotzaina izendatzean: kupelak beharko dira betetzeko, betetzen badute behintzat; jauntxoen errito soila izanen da ala uzten ote dute herriak bertatik edan dezan egun horretan. Katedralaren aurrez aurre, izan ziren harresietatik gelditzen den teilatu beltz zorrotzeko dorre tantaia, esfera beltzean urre koloreko orratz-zenbakiak dituen ordulari erraldoia horman eta atea zen arkupe puntazorrotz nahiko meharra oinean.

Tarte kale zabala da katedrala eta hiriko atearen artekoa, herriko bihotza, Maiatza zuhaitza eta eraikuntza ederrez dotoreagoa.

 

Hiri guztietan dager "trotamundos", clochard edo horrelako bizardun graka darion eskalekoren bat, katedraleko ateetan batez ere. Hemengo katedralak ez zuen clochard-ik, limosna eskatuzko gizontxoa bai.

Betiko eta deneko salgaiak eskainiko saltoki arruntak dira hemengoak, ez da aberatsaren turismo-gunea, inguruko herrietako biztanleria da hemen dabilena, turista peto nagusiak eta eskolaume zein eskolagazteak ere ugariak dira, katedralean batez ere.

 

 

Norabide letreroen esklaboa da edonon atzerritarra, autobide eta errepidean norabidea da bidaiari kanpotarraren  ia ardura bakarra, ihes egiten baitizu adi ez bazaude,  urrutiraino, hurrengo irteeraraino,  egin ere ihes zoazen herriak.

Marasma-sarea dirudite Renaniako lautadetan argindar poste eta kableek, hainbeste ageri baita.

 

Tuterakoa baino hiru aldiz handiagoa den kableak gorriz pintatutako zubia izan zaigu interesgune bidean.

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/04/12 09:24
Alemania 96. Reims, Verdun, Luxenburgo

Eguzkia aurkituko liluraz abiatu ginen iaz Italiako Rivierara. Euria eta hotzarekin topo egin genuen ordea. Ikasketetako historia gogoan, komunikabideetako eguraldi mapa begietan, hotz izango dugulakoan abiatzen gara Alemaniara, Italiako alderantzizkoa gertatuko zaigun itxaropenez.

 

Herriak

Herrialdeka sailkatu ditut bisitatutako lurraldeak eta herriak,  baina ibilia ez doa hain zehatz, joanak berak eskatzen dizu sari herrialde ezberdinetan jauzika ibiltzea.

 

- ALEMANIA: Bingen.

- RENANIA. Trier, Trier, Mainz-Maguncia, Koblenz, Bacharach, Marienthal monasterioa, Joannisberg monasterioa, Stronberg, Bernkastel-Kues, Mossela bailara, Cochen, Eltz, Bar Kreuznach, Meisenhein, Mozingen, - Worm, Speyer, Bingen

- RENANIA-WEESFALIA. Lemgo, Höster, Weiserberglan, Soest, Kassel, Bon, Kolonia, - Aachen-Akisgran, Düsseldorf.

- HESSEN. Franfurt, Kiedrich, Wiesbaden,

- BADEN. Eberbach, Heidelbarg, Heilbronn, Stuttgart, Ulm, Blubeure, Reutungen, Tubingen, Haigerloche, Schanbisch Hall, Rohenburg ob der Tauer, OIHAN BELTZA:Freudenstad-Schiltach-Wolach, Friburg, Breisach, Titisee lakua, Toodmood, Monsteltal bailara, Konstanz lakua, Konstanz hiria, Reichenau irla, Meersburg, Mainau irla, Ravensburg, Tubinga basoa.

- BAVIERA: SUABIA. Lindau,, Dachau kontzentrazio eremua, Dachau herria, Ausburg, Landshut, Regenburg, Munich, Oberammergao, Ettal, Garmish, Mitenwald, Lansberg-am-Lech, Ammersee, Herrschang, Andech. FRANCONIA: Nurenberg, Würzburg,  Bayreuth, Bamberg, Fränkishe Schewiz, Coburg, Eisel?.

- EKI ALEMANIA. TURINGIA. Treben-trabach, Weimar, Buchenwald kontzentrazio-eremua, Erfur, Bad Berka, Buchart.

- BREMEN. Bremen

- SAXONIA, Riesa, Meissen, Dresde, Leizig, Bautzen, Gorlitz, Lünenburg, Celle, Hannover, Hildesmein. Hamelin, Goslar, Holzminden, Eschershausen, Münden .

- HESSEN. Kassel

- BRANDERBURGO, Postdan, Bradenburg, Gendekst.

- Berlin.

- IPAR ALEMANIA, BALTIKO ITSASOA. ECLEMBURGO-PONERAMIA. Wustrow, Born, Barth, Wanermunde, Prerow, Bad Doberan,  Heildigendam. Kulunggsborn, Graal Muritz, Ledebas, Rugen irla, Putbus, Saanitz, Ribnitz, Damgarten, Stralsund, Rostck, Neuburkow, Schwerin.

- HAMBURGO. Hamburg.

- SCHLESWIG-HOLSTEIN. Lubek

FRANTZIA, CHANPAGN: Reims. LORRAINE: Verdun, Metz, ALSAZIA: Strasbourg. Colmar, Riquewihr, Amiens.

- LUXENBURGO

- SUITZA: Basel. Zuritz.

- BELGIKA: Lieja.

 

 

Maiatzak 1. Asteazkena. 1.a

 

FRANTZIA

 

CHAMPAGN

 

Lainoa eta euria ditugu aurten ere lagun ibilaldiaren hasieran, eguzkiaren bideak, gure gaurkoak bezala, erdia egin duen arte.

Hainbat geldiune egin beharra izan dugu bidesaria zela eta, bizkor ibiltzeko errepideko lurrez jabetzen dira, eraikitzen dituzte bideok eta gero errepide zati bakoitzeko ugazabak gelarazten zaitu bidesaria kobratzeko.   Bidelapurren antz bizia du. Pinudiz bilduta Landetan, nahi haina eta bi mahasti gero, lasai joan da ibilia.

Bordele aldean zeharkatu dugu Garona zabala. Bidaia berdea, berdea baita udaberria edonon.  Etxeko pasilloan baikindoaz alboetako hesiz inguratu eta bilduta inguruez itsu arren tarteka, urruti geratzen zaizkigun herritxoak, garitzak: Sakanan bezala haziak, tarteka begiak gozatzen dizkiguten  koltza lore hori distiratsuak, noizbehinka arto-sail erne ondorengo berde argiak, Gaztela edo Andaluziakoak bezain lur luzeak, lur haietan ez bezala lainoetan marrazten diren zuhaitzak, gaurko gurutze moderno antena-orratzak nonahiko tontorretan inguratzen gaituzten baina ikusten ez ditugun uhinen bidez mila harreman eta mezu gauzatzen dutenak, "Frantzia bakana”: garitzetan zehar atoi gainean zihoan belaontzia itsaso berdean bailioan, ezagun zaharrak zaizkigun Loirako gazteluak, arbelezko teilatu-gain luzedun etxe ilunak, Orleans-ko dorre bizkiak urrutira handiki, Versalles ingurua dena baso kilometroetan, teilatu gorrizko herritxoak tarteka amona-mantagorri bailira zelaian, petrolio putzuetako mailu diganteak gora eta behera errementari ikusezinak eraginda...  puzzle zabal luze baina ez aspergarri hori osatuz heldu gara 10 ordu laburren ondoren Reims-era, Paris urrutitik saihestu eta gero.

 

Reims. Ezagun du jauntxo eta jende handiaren pausaleku zein pasabide izan dela. Aspaldikotasuna gordetzen duen hiria. Badu bere kanala esklusa eta guzti, badu non ibili, non patxadan pausatu, bertan lasaitasunean gelditzeko gonbite iraunkorra da Reims. Begiluzeengandik babeserako haina kaleko oinezkoen plazererako dirudite leihoetako gortina politek. Harrokeriarik gabeko herri zahar duina, taxu zaharreko teilatu pendizekin.

Mila gauza ditu erakusteko Reimsek, baina katedrala du bere altxor nagusia; gotiko petoa: sarrerako hiru ate eta ateburu-arku zorrotzak, kanpoaldeko eliza buelta osoa, arku-bueltak eta  fatxadako koskak… dena harrian zizelaturiko santu-irudi erraldoiz eta miniaturaz beteta. Brist egiten dute Mendebaleko ate zoragarriek arratseko argi gorrikarara; hainbat artisauren lan bkaina izandako harrizko santuon tolesak igaten ari dira jadanik, hauts bihurtzen santu-irudiok egitea agindu eta egin zutenak bezala. Dena landua, dena harri zizelatua, filigrana bada kanpotik, austeritatearen paradigma da barrutik: luzea eta garaia, baina hutsa, austeroa, beiradurak eta santu-irudi zizelatuzko fatxadako ormaren barrualdea ezik. Zoragarriak dira beiradurak, dena miniatura, dena zatitxo txikiez osatutako ortzadarreko koloreen mila konbinaketazko puzzleak, dena kolore, dena txikikeria, kanpoko argiaren eraginez giro berezia sortuz. Jenialak. Ederrak dira tarteka gorri eta berdeko Chagalen beirate urdinak, baina duten distira lausotzen zaie besteen alboan, ez dute haien diz-dizik. Orduak jotzean santu-irudiak ateratzen zaizkion ordularia, zurezko organo erraldoia... baditu detaileak, baina austeroa gelditzen zaio barnea.  Kanpoa hain aberatsa barrua berriz austeroa, zein ote garai haietako filosofia erlijiosoa?.

Udaletxeari: fatxada soilik garbitu diote.

S. Remi: austeroa baina ederra da, kanpotik behintzat.

Erromatarren ate hirukoitza, palazioak, eraikuntzak... badu Reimsek begiak non pausatu.

 

Gosetiak hagin ona duenez, gozoa izan zaigu afari merkea.

 

1.033 kilometro, zenbakiek dioten baino motzagoak.

 

 

Maiatzaren 2a.  Osteguna. 2.a-2.a

 

Bi zaparrada izan dira goizaldean, lehor abiatu gara halere eguneko ibilbidera.

Lurralde berdinari ohi zaion atzoko paisaia berdina. Ni neu kontrabidetik sartu banaiz ere bidegurutze batetan, eguzkia zintzo eta zuzen sartu zaigu bero-bero gaur goizez. Errepideko lubetak apainduz,  tamaina guztietako kolore ezberdinez pintaturiko irudi geometrikoek arintzen dute irudimena kilometro luzeetan. Barne finezia eta aurrekontuetan kostua kontutan hartzea besterik ez da behar hain erasotako bazterrak sinpletasunez baina dotoretasunez nolabait alaitu eta gozatzeko.

%130 kilometrokoa da abiaduraren gehiengoa autobideetan, %110ekoa euria denean. Bizkor baina taxuz gidatzen da Frantzian, aurreratzean abiadura bizkortuz, aurreratzea arin egin eta berehala eskumara sartuz atzekoari leku emanez.

Ezker-eskuma begiradak biltzen duen kilometro luzeetako lur zabalera osoa da baso. .Argone basoa zeharkatu dugu erdi-erditik, gora lehenengo behera gero; urki txankameheak estaltzen du autobide ertza, izeia eta haritza nagusitzen da  barnealdean. Ez dira Sakanako haritz mardulak, luzexka meheak baizik; berde argi goxoz udaberritzen ari dira garai honetan.

Egin berria da autobia zabala, egoera berrira egokitu beharko du berriro naturak, ura ez baita lehengo bidetik irristatuko, animali txiki nahiz handiek ez baitute batetik bestera basoa zeharkatu ahal izango. Autobidea egin ondorengo guztietan bezala, zenbat animalia talde geratu ote da autobiak banatuta, hemen ere, muga artifizialek gizakiak eta herriak banatzen dituzten bezala. Bakarren interesak gehiengoaren bizitza baldintzatzen duenean, ezer onik ez.

 

 

LORRAINE

 

Alemaniako mugaraino hartuko gaituen Lorraine lurraldean gara. Inguru zabaleko mendi-gain guztiak dira baso; bailara berdeak tarteka, non garia ez den beste dena belatza den; behi holandarrak dira nagusi larrean, baina behi suitzar bakarrek erakusten dute abeltzain zenbaiten helburu ezberdina, haragia edo esnea, baita belardi ezberdinera egokitu beharra ere. Ugaria da koltza. Nekazarien borroka biziraupenerako merkatuari begira.

Arbola artean gorantz, dorre batek erakusten digu badela herriren bat, baina ez dugu herririk ikusi. Sarria da baso-kaskoa lur landu zabal berdean, bukoliko ukitua emanez paisaiari, eraman errazagoa eginez bidaia bera ere. Ondo berdindutako leuna da autobideko zorua, atsedentokiak berriz ugariak eta zainduak; berezkoa dute frantsesek txukuntasuna, agian erakargarria egin nahi dute lurraldea; izan zuen politikariren batek gauzak taxuz egiteko erabakia.

Bere harrobi eta zementu fabrika du inguruan hiri bakoitzak. Verdunek ere berea.

 

Verdun. "champ de bataille, 1914-1918", gerrarik ez deneko  "bakearen hiria". Pikutara bakea, beste interesik bada.

 

Paisaia aldatu zaigu mendi ostean: sarriak dira nekazari herritxoak, karratu garai bereziak puntazorrotz beltzez bukatutakoak dira eliza-dorreak, prisma puntaluze ilunak bailitzan, gailen teilatu gainetan, orratz luzea marrazten dute ortzian zenbaitzuk; pope kapelaren itxurako metal berdexkako dorre-mota ere ageri da tarteka, izan zen, agian den, erlijio norgehiagoka adieraziz.

Ejertzitoa agertzen zaigu nonahi, mugalde guztietan bezala.

Baso asko  erdibitzen du autobideak, bidea artezagoa egiteagatik; lur landuak ez ukitzeagatik agian, bakarren interesak nagusituz, berriro ere.

 

Dena da herria Metz hirira inguratu ahala, bata bestearen ondoren datoz herriok; eliza-dorre puntaluzeak gailentzen dira hemen ere lautada zabalean hiri nagusietako jauntxoen inguruarekiko eragina azpimarratuz. Ipar Europako herrien antza dute teilatu pikeek; baso edo zuhaitz artean kokatutako etxe baxuek osatzen dute herria: herri zaindu txukunak dira, gustura begiratzekoak, "hautsak kendutakoak" dirudite, aratzak.

Mossela ibaia: izugarri  zabala, dena arboladun irlatxoz osatua.

 

Metz: gerraren inguruan sortutako hiria, hiri militarra izana, dena ere gau-egun ere, kaki koloreko militar jantziek erakusten dutenez. Hondar-harri horixkaz eraikitakoa, hiri horixka da beraz; erdigune oso oparoa eskaintzen du: oinezkoentzako plaza nagusi zabala, ibai-ontzientzako kanalak, pasealeku bihurtutako ibaiertzak, lorategi asko eta zabalak lore ugariz edertuak. Ondo bizi izateko pentsatutako hiria,  patxadan ibiltzekoa, bertan gustura sentitzeko hiri garbi eta txukuna.

Katedrala: 13-16. Gizaldikoa; beiradura zoragarria du, kolore gutxiago dituenez, Reimsekoa baino motelagoa da; urteek belztu eta euriek tarteka garbitutako zatiek kontrastea eragiten dute garbitzen ari dira. Zurezko organo zuri xarmanta goi batean eta zurezko pulpitua azpimarratzekoak ditu ere. Etxeak: beste garai batetako harrizkoak. Frantziako zaharrena omen den eliza; dorrea bakarrik geratzen zaion eliza. Unibertsitatea: ikaslez betetzen du hiria. Gortinak: kanpotik ere gozatzeko jarritako gortina politen kultura.

 

"Alemanian lekurik ez al dago" ahopean marmarka erretxindu zaigu tipo bat plazan, Alemaniarrak garelakoan.

Kontzertu entsegu saioa eskaini digute orkestra eta bakarlariek katedralean, errepikapenak zenbateraino diren aspergarriak erakutsiz.

 

 

LUXENBURGO

 

Eraikuntza sotil bat da duana: poliziarik ikusi ere gabe, sartu gara herrialdean. Lorraineko paisaia errepikatzen da : lautada, basoak, belatzak, garitzak, behiak... bukolikoa.

L hizkia daramate autoek, matrikulan berriz bi hizki eta zenbaki beltzak  xafla horian. Nork esan du ezin dela independente izan Euskadi Luxenburgo independente bada. Arazoa da ia Luxenburgo bezalakoak izan nahi dugun euskaldunok. Fabrika eta negozio handiak izan nahi ditugu, indartsuak izan nahi dugu beste batzuei agindu ahal izateko, besteak baino gutxiago ez izateko harrokeriaz. Aginpidea, indarra eta boterea, aberastasuna nahi dugu ondo-biziak izateko. Auto ederrei begiratuz ez dirudi luxenburgotarrak gaizki bizi direnik. Herri apala agian, baina askea. Turistak erakartzeko baino apalagoa agian, badirudi ez dutela ezer erakusteko; agian ez dute dutena ere erakusterik nahi edo erakusgai jarri beraien bizimoldea aldatuz. Nork dio gu baino okerrago bizi direla?.

Autobideko karril neurketa dela-eta bertan zebiltzan lau tipok sortu duten kilometroetako butxadurak behintzat parekatzen gaitu bi herriok.

Bidaiak

Jon Etxabe 2019/04/09 13:44
Alemania 96. ALEMANIA. Trier, RENANIA, Mainz, Franfurt, Koblenz, Bacharach, Bingen, Marienthal, Eberbach, Kiedrich, Wiesbaden, Stronberg, Bernkastel-kues.

A L E M A N I A

 

Arratsaldeko lauretan sartu gara Alemania lurraldean.

Ekaitz ikaragarri batekin agurtu gaitu Luxenburgok, Alemaniak berriz bailara eder batez hartu: basoak, herritxoak  mendi zuloetan, Ipar Europako jite berdineko etxe ilunak…

Kartoletatik gora simaurrez beteta izugarrizko kiratsa zabaltzen duen kamioi bat daramagu aurrean satsak Euskal Herriko usai beretsua duela Alemanian ere erakutsiz,  lagun dugu turismo bat atzeko erremolkea obra-gailu  eta igeltserotza tresneriaz lepo, oholtzar pilaz zamatuta doa beste auto bat... denetik dago hemen ere.

Jantzi berdea daramate poliziek, baina gureetako txapelokerren berde ezberdina da.

 

Trier

Bi moja zahar eta bi karmeldar mando bere abitu handiekin izan dira Trierren lehenengo ikusi ditugun pertsonak; moja aldrak, ehunka, azaldu zaizkigu gero; hemen dabiltza gaur Alemaniako apaiz fraide eta batez ere moja denak hirian barreiatuta; erromes taldeen etengabeko erreskadak doaz kaleetan zehar, prozesioko guretzetzarra aurrean hartuta, Jesukristoren tunika ikustera katedralean. Bada nonbait erlijio jaialdiren bat; bertan fortunatu  behar gu!. Sartu gara elizan jakin minak bultzatuta: tunika ere ikusi dugu, horiek omen dira Jesukristoren saihetsen markak.

Ederra da katedrala, zabala oinezkoentzako kaledia, polita Erdi Aroko plaza: bizitasun bitxia damaie gaurkoz jantzitako jendeek antzinako jitea gorde duen esparruari; beltz dago etsaiak behin ere gainditzea lortu ez zuen hiribildua zeneko atetzarra, gorria Karlomagnoren eliza handia, Eliza bera bihotzez behin ere gorria ez den arren...

 

Dirua aldatu dugu, hiria ikusi dugu, jelatua jan dugu, askaldu dugu, propaganda jaso dugu, ez gara galdu... Trieri buruzko sentimendu oso baikorrarekin alde egin dugu hiritik, Alemanian ere maneiatuko garela uste tinkoarekin.

 

Trieren izan dugu gaurko bigarren trumoi zaparrada.

 

Zabala doa Mossela Trieren ere. Mendi magal oro da mahasti, bere zabalera osoan, kimu berriak burdin hariei lotuta hesoletan.

Nork zioen Alemaniako autobideak bizkorrak zirela?. Badabil, asko ibili ere, auto sendo bizkorrik, baina baita, kamioi asko dabilenez, kilometroetan aldaz gora kamioi motelagoa aurreratu nahi duen kamioi motelik ere; zeharo mantsotzen da bizkorra zitekeen autobideko zirkulazioa; berdin gertatzen da lautadetan, orduko laurogeita biko abiadurako kamioiak orduko laurogeikoa aurreratu nahi du, ondorioz gure joana barearena baina bareagoa eginez tarteka. Doakoa izatea dute Alemaniako autobideek gauzarik onena,  eskasa baita zorua, trakata-trakatakoa, zementuzkoa, Hitlerren garaikoa agian.

Herri askotako ikurra da gureetako kukaina edo S.Juan arbola,  bere bandera eta guzti; Sakanako "Maiatza" gogarazi digu. Bada zuhaitza non ebaki, harizti eta pinudi asko baitago inguruan. Agian basook sortarazi dute tantaiok herrietan jartzeko ohitura.

 

Gaurko bigarren ekaitza eta laugarren zaparrada.

Ortzadarra dugu aurrez aurre-eskuineko mendi-zulotik ezkerreko mendi osteraino, bere azpitik baina beti bera aurrea hartzen joango baikinen, beti bere azpitik pasatzear bageunde bezala; luzaroan joan gara horrela, polita izan da ortzadarrekiko jolasa.

 

Rhin ibaiarekin egin dugu topo; ibai ertzean bukatzen zen errepidea eta beste aldean jarraitu; ontzi batetan zeharkatu behar zen ibaia, ontzia errepide, hiri barruan dena. Ibaiaren beste aldean genuen kanpalekua. Baina guk jakin ez. Erotu gara beti kale bereetan itzulika, frantses zekien emakume batek bideratu gaituen arte. Aurkitu dugu azkenik kanpalekua, gaur galdu ez bagara, Alemanian ez garela galduko sentipena gizenduz.

 

Euria, euria, euria… etengabeko ia gaurko 59 kilometroetan.

 

 

Maiatzaren 3a. Ostirala. 3.a

 

RENANIA

 

Mila aldiz entzuna, egunotan ezagutuko dugun lurraldea.

 

Hemengo txorien egunsentikoa ez da Kixoteren abesbatza poetikoa,  kristoren eskandalu eta zarata baizik.  Baina polita da izan denda barruan goxo etzanda txori ezberdinen mila hots ezberdinak bereizizko jolasa.

 

Ipuinetako herriak dirudite hemengoak, ipuin liburuetan marraztutako berberak dira, izan.

 

Gidaritza lasai geldoan goaz Rhin ibai bazterrean zehar; Bizkaian eta Gipuzkoan pinudiek mendiak hartzen dituzten bezala, hemen kimu berriak kiribiltzen zaizkien hesolek estaltzen du mendi-magal oro; dena da mahasti, mendi eta muino magal oro da mahasti. Haran estuan, errepidearekin batera, ibai zabala; ibai-ontzi luze erraldoiak karela urek hartzeraino zamatuta, ia olaturik ere jaso gabe ibaian, zurrunbilo mehearen buztan zuria urrutiraino utziaz, gu baino geldoago ibai lasaian.

 

Mainz. Kosta zaigu bere baitan kokatzea, baina atseginez ibili gara, batez ere oinezkoentzako gorde duten zur hezurdurazko etxe bakan baxuko alde zaharrean. Rhin ibaiak biltzen du albotik.

Etxez inguratuta, perspektibarik gabe nahiko itota, ez du tarte edo nondik begiratu handirik eskaintzen izatez gorria izango ez den ateak hetsiriko katedral  gorriak.  Ateak itxi dizkigu S. Esteban elizak ere Marc Shagalen beirateak ikustea galaraziz. Plaza: zabala, eta atsegina, kapera koloretsu eta kolore argizko etxeek inguratua edo gauzatua, erdian jarritako monolito  borobil batek ematen dio sotil ukitua. Schilleren plazako lorategian, Legebiltzarreko eraikuntza gorrixkaren aurrean, metalezko iturri edo ur-jauzi bihurtutako  mila iruditxoz osatutako inauterietako eskulturaren alboan bazkaldu dugu dozena erdi bat alproja mozkorriloren begiradapean. Estatua edo eskultura bitxi politez hornitua dago hiria, gaurko artearen erakustoki bailitz: 3 neskatxa guardasolekin, gotzainarena, buztan baten ordez  hanka bakoitza buztan zituen sirena… eta hainbat irudi. Badira ere pintura argiz itxuratutako bi dorre aspaldikoak, badira antzinako eraikuntzak,  harrizkoak espero genituelako edo, hain antzinakoak iruditu ez zaizkigunak. Urre kolorea nagusi duten santu-irudi koloreztatuak daude kale kantoietan.

Bazen jaialdiren bat, hori erakusten zuten musikarien muntaia erraldoiek, txiringitoek eta telebistako tresneriek, baina arratsaldeko seietan hilda geratu zaigu hiria, gautxorientzako zuloak ezik.

 

Preso utzi digute autoa aparkaleku ordainduan, atera ahal izan dugu, beti eta nonahi dagoelako herritar  adeitsu bat.

 

90 kilometro.

Nekea, loa ekartzeko pastillarik onena.

 

 

Maiatzaren 4a.  Larunbata.  4.a-A:3.a

 

Rhin ibaiaren ertzean kokatua dugu kanpalekua, belar trinkoko belartzan.  Dendatik ikusten ditugu aurrean zama-ontziak, turista-ontzi erraldoiak ere ikusten ditugu pasatzen dendatik bertatik; isil doaz ontziok, txori mantso lez, bidaiariak guri so eta gu beraiei begira, denok pozik. Gustukoa dugu kanpina.

 

Alemania osoa zen hondakin gerra ondoren, duela ez asko. Berreraikia dago gaur egun. Berriro gerra berri bat sutzeko prest, ahalmentsu behintzat.

Tranbiak gorde dituen herria biziko da, indartsu dago, jakinduria erakutsi duelako iraganari  ukorik ez egitean.

Telekomunikazio dorre garaiak dira hiri guztietako ezaugarri. Ez da bere momunikazio-dorrearekin kukurruku egiteko gai dela uste ez duen hiririk; komunikazioa da gaur egun nagusigoaren ardatza.

Kosmopolita deitzen zaio aberatsak eta ondo-biziak erakartzen dituen hiriari; ogi bila etorkinak datozkion hiriari, aldiz,  hiri industrializatua.

Autoak agintzen du bizitza modernoan, bera da nagusi, nahitaezko tramankulua bihurtu zaigu norabait joan ahal izateko, non aparkaturik ez dugu, ostera, hiri batera joatean.

Berdindu egin gaitu munduko biztanleok janzkerak, azaletik bederen,  ez baita erraza Iruñako ala Frankurteko kaleetan gabiltzan igartzea, bai oinezkoon soinekoei bai erakusleihoetako jantziei begiratuz.

 

Franfurt.

Alemania erdialdeko lurretan kokatua, izugarri zabala da. Dena berria gaur egun, erabat haustu zutelako aliatuek munduko 2. gerran. Dorre digante modernoak ikusgai denetik denera, dena da finantza etxe-orratz, barrena ikusten ez zaien baina  barrutik zehatz ikusten gaituzten  finantza eraikuntza erraldoi ikusgarri moderno kristalezkoak. 54 metro goiera duen Europako bulego-dorre puntazorrotz garaienak arkatz digantea dirudi, bere mina beltz zorroztuez dirudunek herritarren eta herrien etorkizuna zeru urdinean marrazten. Saltokiak: horiek dira ere kale nagusiko erraldoiak, bertako gailurreko zabaltzatik antzinako etxeteria ikusi ahal da alde batera, etxe-orratz saila bestera. Eraikuntza diganteen alboan, bonbardaketa ondoren berreraikitako antzinako hiru estaiko eraikuntza sendo gorriztak tartekatzen zaizkie ezer nabarmenik ez duten eraikuntza berriei, berriak eta zaharrak nahastuta, bata bestearen parean.

 

Izugarria da hiriko zirkulazioa; tranbia eta U batez iragartzen den metroa ditu. Mainzek Rhina bezala, Main ibaia du Frankurtek, zabal, zubi ugariz bi ertzak lotuz, zikina, baina turista-ontzi zuri politen ibilbide.

Indiako indioak indiar jantzita, Hegoamerikako indioak bere indio jatorria aurpegian nabarmen dutenak, Arabiakoak ez diren arabiarrak arabiartasuna agirian, buruzapiz arabiarrago emakumeek... Atzerritarra da nagusi kopuruz;  eraginez, aldiz, bera da ahulena.

Dorre digantearen aurrean hiruzpalaugarren solairuraino heltzen den burdinazko zilueta erraldoi beltza ari da egun guztian jo eta ke mailuarekin ezerezari etengabeko danbaka erritmikoan: langilearen ezinaren irudi argia, lanari monumentua izan nahi badu ere.

Ugaria da turista japoniarra hemen ere, insersokorik ostera ez da ageri, leku beroetara bultzatu ditu nonbait eguraldi hotzak, etxezulora baztertu ditu agian. Eskaleko eta tipo xelebrerik ere ez da falta.

 

Zeil kalea: luzea eta zabala, salerosketa eta dendetako jendez gainezka dago larunbatean, jaten edo erosketetan dabil herritargoa; kale musikariak, txosnak, txiringitoak, barazkiak ahots ozenez iragartzen dituzten ortuari saltokiak... bor-bor dago kalea. Kale horretan: banku korrituak, liburutegia, organo dotorea dituen eliza. Enperadoreen katedrala: gotikoa, arrosa eta garaia kanpotik zein barrutik; sarrera: harrian tailatutako irudiz ederra, koloretsu bizia, kolore aunitzez berezia; zein aukeratu ere ezineko triptiko ikusgarriak, txapazko estalki berezia duen bataiarria, organoa: moderno aparta, errege baten harri tailatuzko hilobia… gehi begia piztu eta ibiliaren nekea arintzen duten harri landuzko bitxikeria eta bitxikeriak... Nikolaikirche: gotiko nanoa. S.Leonard: beiratea,  harriduraz ahoa zabalarazi digute xehetasunek; triptiko zoragarriak, burdinazko txinget zahar politak, eta eskua masailean "horiek gizajoak" dioen begiradarekin goitik begiratzen gaituen irudia, zutabe barrokoz zein errenazentistaz dotoreak diren aitortegi zabalak; ahozabal zurrungaz zegoen bertako epelera lotara joandako eskaleak;  3 erromes sinpatikok ere merezi dute agurra eliza atarian. Romenberg plaza zoragarria, Udaletxe aparta, patio zabaleko zurdura ageriko etxeak, dena bizi dena kolore den iturri loreztatua. S. Pablo: demokraziaren oroigarri bihurtu duten eliza borobila: pintura-lan batez bete dute erabat barnealdea, ez dugu pintura ulertzen, baina hausnarketarako bidea ematen du: erregearengandik dator  edo errearengana doa beltzez jantzitako jende dotorea, oinetan duen, agian zapaltzen duen, herri xehe langileriari  begiratu ere egin gabe; demokraziak herria zapaltzen duela, agian monarkiak zapaldu baina demokraziak askatzen duela asma daiteke, agian beltzez jantzitakoak ez dira demokratak, monarkia inguruko herio mezulari aristokratak baizik!; demokratak beltzez jantzita ikusten ditugunez sarri beraien ospakizunetan, nork igarri zeintzuk diren beltzezkook. Uler zaila da benetan Demokrazia. Argia da zapaltzaile eta zapalduen bereizketa mural erraldoian.

 

Kosta zaigun arren, ez gara galdu hirira sarreran, ezta hiritik irteeran ere.

Saltxitxa jan genuen atzo kapritxoz Rdensheinen; Frankurten ordez ogitarteko begetarianoz bazkaldu dugu gaur kaleko eserlekuan  jendetzaren joan-etorriari so.   

Kapelarik gabeko burua hozkailu bazaie zorriei neguan, hemen nabil ni errekluta bezala kaskamotz negu berantiar honetan buruko ardien beldurrik gabe.

 

Inguruko mendi dena da mahats-hesola,  mahasti lurrez inguratutako herria da Rdenshein, dena da ardo bertan, denda guztiak dira botilategi. Turismotik bizi denez, dena da lourdes, baina herri zahar jator atsegina  ere bada. Gehiago da txakolinarena bertako ardoaren zaporea. Ardo nafarrak nahiago.

 

Hiri eta ardo usaia duten 139 km.

 

 

Maiatzaren 5a. Igandea.  5a-4.a

 

Gaueko txorien kantu isilen goxoa; gauerako bikote bila dabiltza agian txoriok, arnasa lurruntzeko baino hotz gehiago egiten duen arren, edo egiten duelako.

Eguzkitsu esnatu zaigu eguna, gaur bai, lurrun bihurtuz arnasa goizeko freskuran. Kaskamotz utzitako buruak  kapela behar du berezko berokia kendu zaiolako, txanoz ondo estalia darabilt nik neuk ere burua gaur goizean.

Zizare eta zomorro ugari dute gosaltzeko txoriek zelaian; gosaltiarron jaki bilakatzen dira zizare eta zomorrook istant batean, latza da bizitzaren katea.

Inguruko eliza sarrietako etengabeko kanpai-hots ezberdinki ozenek txikitako Euskal Herrira garamatzate gaur goizean. Kontzertu atsegin bihurtu zaizkigu dilindan ezberdinak: armonia-maisu ziren kanpai-urtzaileak.

Asteburua elkarrekin egin nahi duen ohizko gazte edo gaztetxo bikoterik ez dabil hemengo kanpinetan. Gazteek badute, nonbait, beste aukerarik elkarrekin egoteko.

Gurea da denda bakarra kanpinean, ibiltari bakartiren batena salbu; karabana eta  antzerakoa da nagusi. Nagusiak eta helduak gara  bezeroak.

 

Aparrez zuri, branka ur gainean ia azaldu ere ezinik, kareleraino hondatuak, gora eta behera doaz zama-ontzi luzeak ibai zabalean igandea errespetatu ezin duen igerian.

Jairik ez du, astegun eta asteburu denak ditu lan egun, kanpineko begirale eta arduradunak: Alemanian ere sosik ez duenaren odolaz egiten dira odolkiak, zerbaitegatik hartu dute eredu Alemania mundu zabaleko agintari eta ugazabek.

Banaka asko dabil, jaiko jantzita, ibai ertzeko bidegorrietan, eguzki epeleko ibili lasaian.

Herri edo udal aparkalekurik ia ez dagoenez, dagoena hartu behar izaten dugu; aparkaleku pribatuak xurgatzen du gure sosen zati on bat. Iruñean 100 pezeta litzaigukeena 1500dik gora ordaintzen dugu hemen;  ordez, doaneko autobideak orekatzen du  auto-aurrekontua.

Argi, telefono eta gainerako zerbitzuak lur azpitik doazenez, errepide erdiko estalki-txapa borobilok dingili-dangala jartzen dute autoaren ibilera, hemen ere. Aurrerapenei morrontza.

Tankera ezberdineko hesi garaiz babestuta daude autobide eta errepide alboetako etxe, auzo eta herriak autoen hots burrunbatsutik. Arazoa sortu eta ondoren konpondu, negozio bikoitza.

Italian bezala, harri lauki gorrizka zein arrez zolatutako lurra dute Alemaniako herri ororen oinezkoen kaleek. Hala ziren garai batean kaleok, ala ez dute oraindik asmatu antzinatasun giroa emateko beste zoru-modurik?. 

 

Gaurdaino hain misteriotsu eta urrutikoa zitzaigun Rhin ibaiaren ertzetik goaz, lasai, gustura, ingurua eta ibai zikinaren bizitasuna miretsiz. Atseginago dugu autoa ibai-ontzia baino, merkeagoa batez ere. Daramagun ibaiertza baino ikuspegi zabalagoz ikusten dugu bestaldekoa; itzuleran ikusiko dugu orain daramagun ertza bestaldekoa ikusten dugun zabaltasun berdinez, beste alde horretatik.

Rhin ibaia du erdian Koblenzara arteko baso malkorrez inguratutako bailarak, trenbidea eta errepidea doaz bi ertzetan; sarriak dira herriak bide osoan. Gazteluak dira benetan ugariak, bata bestearen ondoren agertzen zaizkigu gazteluok, aurreko gizaldian modan egon ziren gazteluak, harrizko ilunak, berriztatuak; harro eta lerden, ibaiaren zaindari eta kontrolatzaile, beheko ehizakiaren zain dauden arranoak dirudite.

 

Garraiobidea da batez ere Rhin ibaia: kamioiek errepideetan bezala, harea, txatarra, kontainerrak, autoak eta estalitako auskalo ze zama modu garraiatzen dute etengabeko joan-etorrian zama-ontzi luzeek. Turista-ontzi zuriak ditugu begien bizipoz, tarteka, lepo doaz hauek ere, agur egiten digute turistek errepidekooi. Atsegina dakar opor orok, eta poz-plus bat eskaintzen du ibaiko bidaiak.

Gaztelutxo txikia dager, argitsu, ibaiko kaioa bailitzan, ibai erdiko lehor-gune batean: ez ote zen bere garaian ibaiko zerga kontrolgune bat.

Jadanik ezagunak zaizkigun horietakoak dira eskualdeko herritxoak, atseginak, argiak, koloretsuak, kolore gorrizka-hori-berdez pintatuak; gehienetan errepide kontrako etxe ilara bakarra besterik ez dira herriok, edo errepidearen aldi bietako bi ilara, besterik ez; bailara zabaltzen denean, herriak ere zabalagoak dira. Gailen nabarmentzen dira eliza-dorreak gaztelu-dorreez gain; dorre gotiko garaiak, dorre borobil apalak, dorre puntazorrotz beltz ilunak… elizaren arabera. Arbelezkoak dira teilatuak, arbela baita mendia.

 

Asperrezina da begientzat kareleraino hondatuz zamatutako ontzien joan geldoa.

Ez dabil kotxe zaparradarik, ezta txirrindu askorik ere. Igande-pasako gutxi dabil errepide eta herrietan, Italiako txirrindu kulturarik ez dago nonbait, agian igandetan ateratzeko zaletasuna da motelagoa. Igande asko dugu aurretik erantzuna argitzeko.

Mahasti eta hesola-gune bihurtu dira garai bateko maldetako arboladiak Koblenz inguruan; hiri inguruko bailara, berriz, norbanakoaren baratz zaindua da.

 

Koblenz

Hiri industriala. Erabat birrinduta geratu zen gerra garaian, fabrika-gunea ez ezik kaledia bera ere. Gerraren astakeriak.

Rhin eta Mossela ibaiak elkartzen dira bertan. Biek ematen diote hiriari arnasa, grazia eta bizitza. Izena galtzen du Mossela sendoak, bere ur-ahalmena irabazten aldiz Rhinak luzeagoa delako. Bertako zein pasoko, jendetza elkartzen gara, denbora-pasa, ibai biak elkartzen diren gunean. Errumaniakoa ezik, ezagutzen dudan monumenturik handienetarikoa dago bertan, brontzez urtutako kaiser bat duela tontorrean. Jendez gainezka ingurua, ez da falta txosna eta saltokirik, baina ibaien elkargune ondoan lainoetara luzatzen dela dirudien garabi gorri batetik egiten den junping edo jauzia bihurtzen da jai eguneko erakarpen nagusia.

 

Kanpandorre bikoizdun bi eliza daude iragarrita gidan  baina gutxienez bost antzerako konta daitezke hirian; bi direnez ibaiak bina kanpandorrez gandortu zituzten nonbait elizak ere. Gasteizen gotiko modernoa bezala, hemen ere antzinako taxuko eliza jaso zuen ez hain aspaldi aurrera begiratzeko gai ez direnen imitatu beharrak. Joanaren lilura, kokoteko begiez begiratuzko artea. Dorre bizki ortodoxoak dituen elizak merezi du bisita: barrualde gotiko polikromatua, triptiko zoragarria den erretaula, lehengoak bezain barne giroa sortarazten duen txatal nanoko beirategi berri ederra, bataio-ponte kilikagarri polikromatua txapel zintzilikatu batez estalia, alboko barneluzego gainak koru bihurtuta, irudimena erakusten duen ur bedeinkatu ontzi funtzionala elizpe erdian… Buru-beso mugikorreko irudiz osaturiko iturri guretzat ezohizkoa, jauregi zuriak inguru gorri eta arrearekin bestelakotuz, gazteluak, turista-ontziak, eten gabe dabiltzan era guztietako zama-ontziak

 

Ez du aspertzen Rhin ibaiak, hondartzan olatuen ikuskizunari bezala, datozen eta doazen ibai-ontziei begira lasai, geldi eta atseginki pasa ditugu orduak.     

 

Bacharach, Erdi Aroko herritxo petoa, bere-berean gordea eta zaindua, turisten diruz bizitzeko moldatua. Dorre, dorretxo, errekatxo, pasabide mehar, etxe azpitiko erreka, etxeen  zurajea,  gaur egun kale bitxia den harresi gaineko arkupe estua... ametsetako herritxoa, jostailuzkoa, ipuin liburuetakoa, maitagarrien ipuinetakoa. "Invitaciòn a la danza" pelikulan Deny Key bezala ipuin batetan sartuta pasa dugu arratsaldea.

 

Bingen, 6 markogatik auto eta guzti Rhina zeharkatuz gure herrira ontziz eramaten gaituen herri hasia.

 

Orain arteko egun eguzkitsu bakarra. Egun lasaian, erro patxadakoagoak botatzen dituzte oroimen eta sentipenek ere .

 

130 kilometro,  argiak, Rhin ibaiaren lagun

 

 

Maiatzaren 6a. Astelehena.  6.a

 

Tere Irastortzaren poemek, khantoek, girotzen dute nire barnea egun gris hauetan.

 

Hegazti hanka-lepo luzeak dabiltza hegada pausatuan ibai gainetik, tarteka ibai ertzetan pausatzen dira, bidegorriko ibiltari nagusi bakartien begiradapean.

Bada krakadaz ozen zaidan baina begiz jo ezin dudan txoria ere alboko makal lerdenetako adartzan.

Lo-eragile kulunkari goxoa bihurtu zait ontzi zamarien motor zurrumurrua.

Bardeetara bonbak botatzen trebatzera doazenen gerra hegazkinak ere pasa dira, ziztu bizian eta trumoi hotsean, eguna ilundu eta hozten diguten lainoen gainetik.

 

Autobide eta errepide nagusiak utzita, mahasti arteko ibilia aukeratu dugu,  etxe-hormak marrazki koloretsuz apaindutako herrixka eta herri koskor garbi txukunetan zehar; aparteko grazia barneratzen du tankera horretako gidaritzak. Noizbehinkako notizia da fruta-arbola, dena baita mahasti hemen; dolare eta upelak daude kaleetako apaingarri herrietan, sarriak dira ere estatua eta eskulturak mahats eta ardoaren giroa nabarmenduz.

 

Marienthal. Frantziskotarren monasterioko Amabirjina azaldu zaigu bidean beste santutegi baten atzetik gindoazela. Harri arrosazko zirkulu sendo-sendo baten erdian, pietatea dirudien irudi nanoa da bertako Amabirjina, badu Arantzazukoaren tankera bere osotasunean.

Eliza barrenean hormetan itsatsitako auskalo zenbat marmolezko laukitxoek eskerrak ematen diote Amabirjinari ulertzen ez ditugun mesede bereziengatik. Bi organo nano bitxiek osatzen dute barrutik buelta osoan pinturak dituen eliza gotikoaren inpresio ona. Debozio handiak eliza txiki uzten duenez, aterpedun muntaia dute fraideek elizatik at elizkizunetarako.

 

Gaztelu baten bila gabiltzala, Joannisberg monasterioak zabaldu dizkigu ateak. Kanpotik arbelezko horma ilunak ditu, barrutik aldiz eliza austero berritu berria da; lehen aldiz ikusi dut, koadro batean, S. Judas Tadeoren irudia. Handia, zaharra, karratua eta berezia da gurutzadurako zurezko ganga;  eliza handi bati hala zor zaionez, handia da eliza osoko ganga ere. Modernoak dira, irudi eta gainerako apaingarriak. Ur bedeinkatua eramaten du herriak etxera; ze nolako tragoa egun beroa balitz, Errumaniako eliza ortodoxo hartan egin genuen antzo. Fraide batzuen ostatu  edo atseden-etxe dotoreko negozio dotoreren bat ere badu, ohi denez, monasterioak. Santutegi orok bezala, ederra da bertatik ikuspegia, Rhin ibai eta mahastien behatoki da monasterioa.

 

Eberbach, edertze eta berritze lanetan murgilduta dagoen monasterio erraldoia. Ardoa egiten zen bertan aspaldiko garaietan; gaur egun, mahastietako txartelek diotenez, ikertu ere egiten da bai ardogintza, bai mahatsa bera ere; baina saldu ere egiten da ardoa, dendan ikusten denez. Eliza erraldoia non kontaezinak diren fianbre-hilobiak eta neurriz kanpokoak jauntxo eta erlijiosoen harlauza tailatuak,  antzinako dolare eder eta handia, upelategi ikusgarriak, kapitulu gela, jantokia, putzutik ura ateratzeko biradera berezia... dena zabal, dena handi, dena ezuste, dena harrigarri. Zer ez ote zen monasterio hau bere garai oparoan. Turista-gune jendetsua izanen da berrikuntzen ondoren.

 

Kiedrich. Eliza: gotiko potxoloa da, potxolorik bada, herri honetakoa. Herria presbiteriotik banatzen duen harrizko arku hirukoitz garaia,  nerbio polikromatuzko harri gorriz pintatuzko sabaia, triptikoa, antzinako bankuteri sendoa, ateburu punta-luzea irudiz edertua... berari so aspertzen ez duen elizatxoa. Harrizko horma borobil batek inguratzen du eliza, harri tailatuzko gurutze-bide erraldoia babestuz.

Elizarekin bat dator herria bera, inguruko herrien  petoa,  petoagoa oraindik pintura, iturriz, upelez eta txukuntasunez: ipuinetako herritxoa.

 

Txinget bereziak dituzte eliza askok.

 

Izan izanen da herritar artegaturik, baina pasoko bidaiari-begiz ikusitakoaz, ez dirudi herriotako patxada honetan estresik egon daitekeenik.

 

Wiesbaden. Bainuetxe hiri dotorea omen. Guk betiko jendea ikusi dugu, eguzkipeko kaleko eserlekuetan edo elizako zein legebiltzarreko harmailetan eserita, begiak bilduta, eguzki gosez. Legebiltzarra, adreiluzko etxeak, eraikuntza dotoreak, kasinoa, antzokia... badu, bai, aberats arrastorik. Kaiseraren bainu-etxean emakume eta gizonezkoek elkarrekin har dezakete bainua bi mila pezetaren truke, biluzik, bainugelako igerilekutxo dotorean. Aberatsena baino gehiago da ondo-bizien hiria Wiesbaden,  handi izan baino gehiago handiki planta duen jende arruntaren bainu-herria.

Ez dugu aberatsik ikusi hirian, etorkin asko bai.

 

Amerikar taxuko beltz asko dager kaleetan: etorkinak ala gerra inguruan soldadu aliatuek emakume alemaniarrekin sortutako seme-alabak ote, bortxaketaren ondorioz sortutakoak agian.

 

Xumeak, atseginak, bereziak, politak, izan ohi dira herri txikiak; kale aratz eta garbiak izan arren, eraikuntza handi-mandiak eduki arren, arruntak ohi dira, aldiz, aberatsen hiriak

 

Eguzkipeko 80 kilometro lasaiak.

           

 

Maiatzaren 7a.  Asteartea. 7.a-A:6.a

 

Erreka zuloak terrala ohi duen bezala Rhin ibaiak ere haize hotza du eguneroko bezero.

Euria bota digu bart eten gabe, haize zakarra ekarri du lagun, arazoak sortu dizkigu dendan. Iaz Italian aurten hemen, ohizkoa bihurtzen ari zaigun eguraldi petral hau; ezohizkoa omen Alemanian. Ezohizkoa da izan gure bizitza ohizkoa ere.

 

Fruta-arbola asko dago Bingen gainaldean, Rhin ibaitik gorako lur zabaletan, adarrak bideratuz txiki eta zabal hezitako fruta-arbolak dira, dena daude zuri loran. Gora egin du aspaldiko partez errepideak, gainez gain goaz  begiak urrutiko herri, lur-andu eta basoetara zabalduz; beherantz egin dugu ondoren, berriz ere gorantz egiteko.

Herri nekazarietatik gabiltza; Rhin ibaiaren ingurukoak baino  herri apalagoak dira hauek, horma zurien eta teilatu beltzen kontrastez  deigarri egiten zaizkigun herriak; horma zarpeatu zuriak zuriagoak bilakatzen ditu teilatu beltzen kontrasteak, eta alderantziz, beltzagoak bilakatzen dira teilatuak horma zurien gainean.

Erdi-erdian iratxoa dirudien agure baten aurpegi irribarretsu bizartsua tailatu dioten enbor sendoa ageri da tarteka sarri kale ertz edo belar-gune batetan. Herri kultura da, edo tailagileren bat bizi da inguruan: iola ere ez liluragarria, apala berez, baina osoki tailatutako gurutzea ere deigarri nabarmentzen da zelai ertzetan.

 

Stronberg. Gaztelua du tontor batean, harro eta altu bere apaltasunean; urrutitik ikusgai egiten du dorre borobilaren gandor koniko harbel-belarriz beltzak.

 

Bailara oso politean, basoko erreka-zuloan, haziendarik erakusten ez dituzten zabalgunetako belardietan, errekasto baten albotik bidea eginaz doa errepidea. Umeren baten jostaleku segur aski, zelai berde batean pelikuletako indioen denda peto-petoa agertu zaigu. Ondoren, erreka kontra, errota uste dugun etxe bakartiak lotu dizkigu begiak. Paraje hotzetarako, agian elurrerako arraza nonbait, ardiek ohi duten hile luzeko txahal edo behi nano beltzak ari dira larrean. Baso erdian goaz, izei, pago, haritz, urki eta sastrakez gozatuz,  Sakanara hegan egiten utziz irudimenari.

ITT fabrika handia baso erdian. Autobidea du gertu.

 

Gainez gain goaz, goilautadako ibilian, kilometro luzez; ez dira goialde garaiak. Garitza berdeak. Han-hemenka, teilateria zapal beltzeko herritxoak, eliza handiak eta dorre garaiek are nanoagoak egiten dituzten etxe txikiko herriak. Bada teila gorriko teilaturik ere, baina bakarrak dira hauek, teila zapalekoak. Zerk bultzatzen du etxegilea hemen arbela eta hareago teila gorria erabiltzera?. Hariztiko arbel itxurako harri iluna erabiliz adreilu gorria egiten dute Etxarrin..

Ia autorik ez dabil zoru leuneko errepide galduotan; lasaia, geldoa, atsegina da gidatzea. Gereziondo ilara luze zuriek eta arandiak izan daitezken sastraka lorez elurtuek edertzen digute bidaia. Inguru bereziagatik ezberdin, eliza polit bat izan dugu ezuste atsegina.

 

Maiatza ikusi dugu herritxo batean, Altzolako S. Juan arbolak bezala enborra zurituta. Aurrerago, Mossela ibaiaren alboko ia herri gehienetan ikusiko ditugu maiatzok, koloreetako zapi luzexkaz apainduta batzuk; goiko adarretatik zintzilikatuta, oso goian, belar edo arrama berdez egindako koroa borobila dute, enborra bilduz,  dingilin-dangala haizearen eraginez.

Izeidi zabalek estaltzen dute lurraldea, enbor zuritu pilatuak barreiatzen dira han-hemenka; enbor zuritu tolestatuek pila izugarriak egiten dituzte aroztegiak diruditen eraikuntza inguruetan, zenbait herritxotan; zurginik egotekotan hemen behar du egon.

 

Ez da turista lekua, ez baita ageri hotel, ostatu, taberna, txiringito, ardo edo pitxia saltokirik inongo bide ertzean.

 

Baxuzkak diren arren hemengo mendiak, 180 graduko birez  egin dugu behera Mossela ibaira; bata bestearen ondoren, jarraian, datoz birok; baso barruan arren, iazko Dolomitak gogarazi dizkigute.

Bidegorri asko ikusten da, oinezkoentzako bidexka zaindu eta prestatuak errekastoaren ertzean zehar; errepidean bertan pintura zuriz eta marra ozenez nabarmendutako  tartea dute  oinezko eta txirrindulariek.

 

Bernkastel-Kues. 1600. urte bueltako etxeak plazan, banan-banako etxe xarmanteko kaleak,  garraio-ontzien  garraiobide den Mossela zabalaren alboan: kale okerreko herritxo bihurri aparta. Dena da turismoa bertan; dena denda, dena kafetegi, dena jantoki, dena gu bezala joandako jendea. Denden erakargarritasunerako irudimen eta bitxikeriek erakusten dute zenbateraino  duten turismoa  bizibide.

“Kastel” du osagai herri-izenak, baina ez dugu gaztelurik ikusi.

Burutapenak 3

Jon Etxabe 2019/03/29 10:19
3.- Gizartea

3.- GIZARTEA

 

 

Ahalak eta ezinak

 

Bokalean

* Nola neurtu arimaren adina: gorputzarena baina garrantzitsuagoa da berez.

* Izango dena da gaztea, unean dena heldua, izan dena adinekoa.

* Ez da urtez zenbatzen zenbait adin.

* Adina adin, izanaren ispilu esnatzen gara, ez izanaren fantasma.

* Ezintasuna eta ondorioz tristura sentipena eragiten du zahartzaroak.

 * Agureok ez omen dugu behar ordularirik, egutegia baizik. Hala da

* Gehitu bezala egiten da bizinahia helduaroan, lausotu egiten du, aldiz, kontzientzia adinak.

* Zahartzaroaren mekanismo naturala omen burmuinak izenak ahaztea, baina fenomeno mingarri eta eramanzaila da.

 

Ahaleginak badu esperantza

* Esperantza da bizitzari eusteko motorra.

* Bizi egiten gara ala bizitzen ahalegintzen?, ahaleginean ematen dugula uste du dut bizitza gehiena.

* Une bakar batek alda dezake historia edo bakoitzaren bizitza.

*Euren premien esklabo bizi dira pobreak, esklaboetan esklaboenak dira, baina aberatsek eurak ere diruaren esklabo dira.

* Gurasoek ez dituzte konpartitzen txikitatik bere seme-alabekin erabakiak eta arrazoiak, ondorioz banatu egiten dira nerabezaroan eta gaztaroan, psikologiko eta emozionalki gutxienez.

* Lanaren gotortasunak batu ohi ditu sarri langileak.

* Ongietorririk ez izatea da etorkinen patu tristea.

* Krisia, ekonomia zein politikoa, egonkorra da beti, zikloetan mozorrotuta arren.

* Gizarteak aurrera egiten omen duenean, ez ote atzeraka ari.

* Kontraesanez ehunduta dago herri txikienaren historia ere.

* Koloreen nostalgiaz bizi omen jende asko errefuxiatuen kanpalekuetan: loreak jarri zituzten kanpaleku batean kolore ezberdinak eduki asmoz.

* Bide gurutzatuak sortzen ditu gizakiak eta bidegurutzeetan galtzen da gero.

* Jendea ez da abegikorrago ahulenarekiko, ahula sarriago babesten da ahaldun eta indartsuengan.

* Egindako gauza bererako bigarren aukera bagenu, baldintza berdinetan, errepikatu eginen genuke.

* Ia ezinekoa da gaur egun manipulazioari ihes egitea.

* Justua baina nahikoa diru izatea da pobrearen tragedia.

 

 

Izan eta ukan

 

Errotan ehoak

* Geure buruaren presozain baino, geure buruaren epaile beharko genuke izan aske izateko.

* Unean-unean, une horren gatibu bizi gara, une bakoitzaren preso.

* Unean unekoak xurgatzen uzten duena da nolabait aske.

* Diferentziak onartzeak, nireak zein bereak, askeago egiten gaitu.

*  Lotzen gaituztenean dira gotorrak uhalak.

* Hegoak dituzten sugeak direla txoriak irakurri dut, begirada hotz gogor gupidagabea dutela; begirada tristea besterik ez diet ikusten nik txoriei, txori-kantek bikote bilakako deiak direla deritzot, gaueko zuhaitzetako txortxorrioa. beldur denaren lo arina dela. Tristeak dira niretzat txorien kantuak, gabezien adierazpenak.

* Denok gara hilezkorrak, nahiz neurri ezberdinean,  denok uzten baitugu arrastoren bat, denok.

 

Irribarrea halere

* Denok, naturako zer oro, gara anaia-arrebak existentzian.

* Ez aspertzeko adina aukera eskaintzen dizkio bizitzak eta gizarteak  aurkitzen dakienari, zehaztasun txikiez erreparatzen jakin behar da horretarako.

* Bizitza hutsa adierazten du zenbaiten geldiegonezinak.

* Libre ez den ederra ez da ederra.

* Oskol bat da gezurra, ezkutatzen duena da garrantzitsua;  oskola maite duen gizartea da gurea.

* Hitzak asko eta ekintzak gutxi, arrazoiez aberats eta sosaz urri, izurrite politiko eta ekonomiko garaietako gaitza.

* Disimulu ahalmena dute politiko gehienek, ia berezkoa zaie.

* “… kultura beti baita azkena, hutsaren hurrengoa, alkateen lehentasunen zerrendan”. Kultura beti da azkena interesen lehentasunetan, politiko eta agintarienetan ez ezik, herriarenetan ere.

* Zenbait besarkadek, gehienek, birtualak dirudite.

* Justizia ez da demokraziaren zutabeetako bat, injustizia baizik, politikoen edo ahaltsuen interes tartean dagoenean.

* Lanbide bat baino giza maila bat, nolabaiteko titulu bat, behar duzu gaurko gizartean.

* “Basamortu digitalean”  bizi omen gara: hala da.

* Beste munduko misterioez ari ohi gara,  gizarte hau nahiko bitxia eta inkoherentea ez balitz bezala.

* Errespetagarritasun bat ezartzen du naturaltasunak.

 

 

Hitzak eta ekintzak

 

Besteak eta ni

* Laguna alboan eta bakarrik sentitu, hori da bakardade latzena.

* Segurtasunik eza sortarazten du orojakileak.

* Elkarrizketarako lagun txarra da pontifikatzailea edo dogmatikoa.

* Izan daiteke jolas kilikagarria inguruko jendearen begirada ikertzea.

* Asko galdu ditu bakarra izateko irrikak edo bakarra dela usteak.

* Oso zekenak ohi gara besteekiko, eta ez naiz ondasun materialez ari.

* Behin ere ez dakizu nor gertatuko zaizun traidore, baina sekula ez du lagunik mesfidatia denak.

* Norbere burua maitatu beharra dugu, eta hori besteak maitatuz ikasten da.

* Karitatea ez da onberatasunaren ondorioa, barne korapilo bat askatze ahalegina baizik.

* Kontuz losintzen zaituztenean!, zerbait eskatuko dizute eta.

* Aginteak beti du jendea kontrolatu eta zauritzeko boterea

* Absurdoen dialektika dirudi sarri politikoen mintzo eta eztabaidak.

* Indarra baino zerbait kualitatiboki gehiago da boterea.

* Errealitateaz ahalegindu da ezkerra, tematu ere; eskuina, aldiz, sentimenduez ari da eta horrela bereganatzen du jendea.

* Asko hitz egiten dugu elkartasunaz, baina ahaztu egiten zaigu jaiotzatik edo gizartearen erlazio sarearen egituraketagatik erabat banatutako izakiak garela.

*  Zaratak zaratari egiten dio dei, jendeak jendeari, tabernetako jendetza lekuko.

* Itxaropenaren itxaropena bera ere lapurtu nahi digute.

* Dena ematen du beldur denak, horregatik ereiten dute beldurra ahaltsuek.

* Pertsona gehienek ez dute berenez gertaerez hausnartzen, ez gogoetarako ezer irakurtzen: hala doakigu.

* Arma politiko bihurtu dute biktimen papera.

 

Goldea ote hitza

* Gaixotasun bat bezala da idazte-grina, sendaezina gehienetan.

* “Espirituaren espresio pribilegiatua” behar du izan poesiak.

* Barne orekarako baliabide eraginkorra da idaztea.

* Egunerokotik at hegan egiteko aukera da literatura.

* Helburu garbia duen gogoaren adierazpena izan daiteke idaztea eta irakurtzea.

* Munduaren, gizartearen, gizakiaren, norberarena ere, ikuspegi propioa ematea da idaztea.

* Eragina ez da izan behar helburua idazterakoan, komunikatzea baizik.

* Bizitza, bizitza bizitzen ere, erakustea da literaturaren helburua.

* Idazlan bat ez da sekula erraietatik bor-bor ateratako zerbait, luze, sarri minduraz, landutako zerbait baizik.

* Inspirazioa eta kontzentrazioa behar omen dira artelan baterako, ez ordularia: idazteko behintzat bai, nahiz artelanik ez idatzi.

* Adin batetik aurrera idazle inork ez omen du idazten gordetzeko soilik; hala izanen da, neuk ere besterik ezean, blogean sareratzen baititut orain urteetan niretzako asmoz idatzitakook.

* Nahiko sarria dirudi lotsati sentipena idazleengan.

* “Begiek kanta dezaten musika notak”  hori behar luke izan poesiak.

* Nagikeria ez ote metaforaz idaztea?.

* Sarri galdetu izan diot neure buruari itzultzaileak ez ote duen ontzen jatorrizko testua zenbait ikuspegitik begiratuz, idazkerari dagokionez behintzat.

* Ezker gaiztoko lana da gehienetan itzultzailearena.

 

Ilbete

* Lasaiago eta orekatuago biziko ginateke gure arimaren alde ezkutuez hitz egingo bagenu.

* Pertsona orok du beste sexuko norbait  bere bizitzako satelite.

* Sexua, arriskuak arrisku, amets iturria da: bizitza ez ezik bizipoza ere berekin dakar sexuak.

* Benetan atsegina da norbaitekin hizkuntza berera heltzea.

* Bizipozak oparoa egite du bizitza: bizitzen laguntzea behar luke izan gizadiaren egitasmo nagusia, bizitza berria sortzea instintua besterik ez baita, irrazionala, geruza erromantikoz bildua.

* Zeruertz batera begira bizi  da gizakia, han aurkituko duelakoan ametsa, baina helezina zaio zerumuga, joanaren heinean urrutiratzen baitzaio.

* Zoriontsuagoak ginateke oroitzapen onak gordetzeko eta txarrak baztertzeko gai baginateke.

*  Paradisu galduan bizi gara, baina ez dugu bertatik alde egin nahi.

* Globalizazio aro honetan mundua omen gure poza; bere herri eta hiria berme ez duenak ez du ez poz txikirik ez handirik dastatuko.

* Norberekin ados egotea da lasaitasunaren ardatza.

* Zorion izpi bat du egun bakoitzari helduleku bat aurkitzen dakienak.

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.