Bidaiak
MOSSELA BAILARA
Dena da hesola-basoa, dena mahastia, lur arreko maldetan, Arrasatetik Debarainoko errekarro eta medi-bueltan pinua bezala. Errepidetik mendian gora eta errepiderantz mendian behera, mahatsa eta tresneria garraiatzeko jarritako kable sendoak; eta kremailera sistemaren bidez gizona gainean zaldun delarik gora-behera dabiltzan plataforma nanoak ere. Lorontzi bihurtu dituzte dolare zaharrak etxaurretan, baita apaindura deigarri bezala ere herri sarreretan.
Luze dautza herritxoak ibaiaren bi ertzetan, teilatu beltz eta horma zuriak kontrajarriz hemen ere; turismotik eta mahastietatik, Mosselatik eta menditik, uretik eta lurretik, bizi diren herritxoak.
Motel doa Mossela, joan ere ba ote doan pentsaraziz; bere geldiak, ez du Rhinaren grazia eta bizitasunik. Ibai arina da Rhina, doana, bidea egiten ikusten dena. Mossela hilagoa da, tristeagoa, aspertuagoa, bere bi ertz berdeen tartean ia ez baitabil garraio-ontzi edo turista-garraio kalatxoririk. Presek egiten dute batez ere zabala eta betea Mossela ibaia, esklusek ahalbideratzen dute garraio-ontziek uraren hiruzpalau metroko garaiera ezberdina gaindituz gora edo behera egin ahal izatea. Koblenzera hurreratuz hasten dira agertzen gazteluak mendi tontorretan, herriak suspertu eta ibaia alegeratzen.
Traben-Trabach: eragozpenak izan ditugu hirian, kaleberritzen baitabiltza desbideraketa korapilatsuak sortuz. Zubi ederra izanen zen aliatuek suntsitu zuten gerra aurreko zubi hura; ertzetako zubizaintzako gaztelutxo eta gotorlekua soilik geratzen zaizkio arruntagoa eginez zubi berri arrunta.
Zubi berri asko da inguru honetan, Rhin gainetik ez bezala. Aliatuek lehenengo bonba eta lehergailuz bota zituzten zeuden zubiak, eta berriak eraiki ondoren, demokrazia eta askatasun honen defentsarako.
Asko nahastu eta erabiltzen dute kolore zuria eta teila kolore ezberdinak teilatu beltzeko eliza dorreetan, baita dorre luzeetako hormetan ere,.
Cochen. Turista aldrak betetzen du ibai eta errepidearen bide berdina egiten duen eta dena denda den kale luzea. Gaztelua: bikaina eta dotorea, berak gordetzen du herria gainaldetik. dager S. Kristobal: urre koloreko mosaiko erraldoia, gazteluko horman behetik ikusgai, bidaiarien parajea dela erakusten du, itsas bidaiarien parajea agian. Harresi-atea: arbel harrizko gotor sendoa, hiria gazteluaren inguruko hiribildua zela erakusten digu. Kale erdian, oinezkoari arkua eskainiz, txapel ortodoxoa duen dorre garaia, herri osoan gailen. “Sireno” edo sirena-har bizardun naif xarmantak eusten dio etxe baten irtentxoari. Argazkian harrapatzeko betarik eman ez diguten bertako jantzi berdea zeramaten hiru atso pospolinak izan dira azken ezustea herrian.
Emakumeek lantzen dituzte batez ere bailarako baratzak, ortutxo oso zainduak dira. Gizonak fabriketan dabiltza nonbait lanean edo; agian, beste zereginen bat dute.
Koblenzara hurreratuz agertu eta desagertu egiten zaigu orain arte lagun izan ez dugun trenbidea.
Obalatuak ordez, borobilak dira bukoiak eskualde honetan. Garagardoak ematen badio ere Alemaniari sona eta fama, mahastia eta ardoa besterik ez dago Mossela alde honetan.
Kanpin lekuak bere familia muntaiekin dira sarriak bailara guztian. Astebururako jauregi bihurtu du hainbatek etxola edo karabana eskualdeko kanpalekuetan.
Bestaldean itsasoa aurkitu behar dugula dirudi askotan itsasadar tankerako Mossela zabala ikusiz.
Eltz. Ipuinetako gaztelu erraldoia baso erdiko zulogune batetan, bera da bertako altxorra. Izugarria. Ia pikutara joan zaigu bidaia, gaztelura hurreratu asmoz, behatoki eroso baten bila, mendi-bidetik egin dugunean. Aldatsean, gurpilak irristaka, dena lokatz, lohi, pentsa dugu bertan geratzen ginela, baina oraingoan ere atera gara. Onik gainera.
Mendiarte sakona lotzen duen luze baino garaiago den autobiaren izugarrizko zubi batean sartu gara etxeranzko autobidean.
98 kilometro ondoren barazki platerkada bat jatera azaldu gara zarpail itxurarekin afalondoko kafea, ardotxoa edo gozokiren bat hartzera bezeroa txukun agertzen den jantokira.
Maiatzaren 8a. Asteazkena. 8.a-A:7.a
Oilarrak egunsentia lez, esnatu dira kanpaiak dilindaka eguzkia esnatzeaz batera, auskalo ze santu-egun dela eta.
Aleman denek ez dute ikasi maskuria hustu ondoren komuneko kateari tiratzen edo uraren botoia sakatzen.
Alemanian ere erabili ohi dituzte neskak iragarkietarako; amutzat darabil emakumea gizarte honek.
Herri bateko sarreran zaku batez egindako panpina erraldoi adeitsuak ematen dio ongietorri irribarretsua bidaiariari. Polita. Imajinazioa, ez da beti gizakiaren ahalmen herdoildua.
Gaur ulertu naiz lehenengoz ingelesez nire antzera trakets moldatzen zen batekin. Denak du bere hasera.
Okindegi, gozotegi eta jelateri asko dago inguru honetan; ia herri guztietan aurkitzen dugu, txikietan ere; alemaniarrak izozki zaleak direlako nonbait.
Rhin barrualdeko arratsalde-pasa dugu gaurkoa ere, atzoko lehen zatiaren antzerakoa, turista ibili ohi ez den herrietatik zehar.
Bad Kreuznach. Bitan zatitzen du herria Nahe ibaiak. Gainean bi etxe dituen zubi pospolin batek lotzen ditu ibaiaren bi ertzak. Alde batera herri zaharra dago zurezko etxe xarmantekin, beste aldera edozein lurraldekoa izan daiteken nortasunik gabeko herria; alde berrian izan dugu lagun, kale nagusiko trafiko-zurrunbiloan, sutarako trokotez betetako erremolkea zeraman baserritarra eta traktorea: kontraste bitxia. Antzinako etxea dorrez gordea, pertsonaia ezberdineko brontzezko gizairudi irrigarriak han-hemenka barreiatuta herriak bere buruari barre egin nahi balio bezala, bestelako eskultura moderno zehazgaitz ugariak parkea izan nahi duen erreka ondoko zelaian, Faustoren etxe pinpilinpauxa, presa ibaian zeharka, eta ubidea: ibilaldi atsegina izan da.
Bainuetxea du. Bad. Bainuetxeari lotuta bertako ezaugarri diren zurezko eraikuntza arraroak, bereziak, bitxiak: hogei bat metro dira luze, hamar bat garai, apaletan bezala eratuta; orma ilun bat bailitzan tolestuta daude abar antzerakoek barrualdea beteaz, gaztelutxo edo dorretxo baten itxura emanaz gailurrari; dozena erdi bat horrelako gaztelutxo ageri ziren errepidetik. Ur jarioa ikusten zaie eta "gatzaga" deitzen diete; "gatzuretan" jarriz nolabaiteko bainu edo tratamendu berezia ematen dute bainuetxean, eta horrekin lotuta daude nonbait eraikin bitxiok.
Etxea zuten egina kaxa handi batez bi umek kale ertzean, ezin pozago jolasteko, askori falta zaion irudimena erakutsiz.
Haizpe gorri batean goaz, Nahe ibaiaren albotik. Guretzat da errepide osoa, Nahe ere, presaren bidez doa handi eta zabal. Harri gorrizko zubi ederra eta zurezko etxe beltz handia bakardade hauetan aurkitzeak ere eman dio bizitasuna bidaiari. Berdea dago dena, moztu gabe daude errepide alboko zuhaitzak, arbola eta soro artean, antzinako pinurik gabeko Euskal Herrian geundeke noizbehinkako teilatu beltz luzeengatik ez balitz. Ikusi ere ikusi dugu Euskal Herriko etxe bat: trenbideko geltokia, ia herrialde orotan dira antzerakoak nonbait herritxoetako tren-geltokiak.
Lasaiak, erakargarriak, patxadakoak dira herriak, udalekuak dirudite, txukuntasunagatik agian. Industriatik bizi ez diren herriak dira hauek, baina ez dirudi lurlantzetik bizi direnik ere, inguruari begiratuz nekazari herriak diruditen arren. Agian komertziotik bizi dira, baina ez da dendarik ikusten. Baserritar txukunak dira segur aski.
Glan erreka erdi-erditik, belardi eta garitza den bailara berde ederrean goaz.
Meisenhein, dorre baten arkupetik pasabidea duen ibaiak babestutako herri nahiko hila eta arrunta. Antzinako etxeak miretsiz gozatu dugu jelatua, kaleetan ibiltari. Galtzadarriz zeuden kaleak bere garaian, galipotez estali zituzten gero galtzadarriok, baina erabat harrotu zaie galipota, dena da zulogune gaur egun.
Mapa normaletan agertzen ez diren herrietatik gabiltza, Euskal Herriko lehengo errepide zaharrak gogoratzen ditugu: hondatuta, dena da adabakia, ez da suduperik heldu honaino. Herriek ere nekazari-herri itxura hartu dute barrualde edo hiriengandiko urrutialde hauetan: etxe xumeak, baratzak etxe bueltan, egurra pilatuta kanpoan, loteak gertatuta, eta ahalegin guztiak arren abandonaturiko nekazari itxura galdu ez dutenak, agintariek beti utziak izan dituzten herritxo pobreak.
Rdensheinekoen antzerakoak dira hemengo mahastiak, hesola baxuak dituzte hauek, batetik bestera hiru hari ilarekin elkartuak, bertan kimu berriak lotu ahal izateko. Hesola garaiak dira Mosselako mahatsondoak, mahatsondo bakoitza hesola batera biltzen delarik, goranzko kimuak alboetara borobil bat eginez lotuta. Sulfatatze garaia da. Modu ezberdinez deragite: eskuarekin eragiten zaion betiko bizkarreko tramankulua erabiliz batek, errepidean depositu handia jarrita traktore gainetik gomazko tutu malgu baten bidez zabalera handira helduz beste batek, bazen traktoretxotik bi aldeak sulfatatuz ilara artean zebilenik ere. Ez dakit nekazariaren diru ahalmenaren, sailaren zabaleraren ala lurraren zailtasunean dagoen teknika ezberdinen erabilera
Mozingen. Baditu lauzpabost antzinako etxe apartak. Balkoi eta leiho ertzetako taila naif apalak izan dira ezusteak. Oso hila zegoen.
158 kilometroen ondoren agur esaten hasiak gara inguruari: azken aldiz entzun ditugu baporeen zurrumurruak, azken aldiz agurtu ditugu ontzi zurietan doazen turistak.
Maiatzaren 9a. Osteguna. 9.a-A:8.a
Usai txarra, kiratsa ere, dario kakari Alemaniarren ere.
Ezinduentzako begirune handia dute Alemanian, aparkaleku asko dago beraientzat eta errespetatu egiten dira gainera esparruok; beraientzat gune bereziak eta zerbitzu erosoak iragartzen dira autobideko atsedenlekuetan.
Bera bi halakoa bihurtzen da denda jasotzean bustia dagoenean. Ia ez da euririk baina bustita gaude, zirimiriaren bustiaz. Euripean heldu ginen hona, bustia jaso behar izan dugu ere denda alde egiterakoan, gaueko zaparradaren ondoren; blai dago ingurua ere; gaueko jantzien gainean berogarri gehiago jarrita, Rhin ibaiari nostalgiaz agur eginez utzi dugu lurraldea.
Zuhaixkak eta sastraka ditu alboetan autobideak, begiak errepidera mugatzen ditu, ezin dugu, beraz, ingururik ikusi.
Ratplaz edo atsedenleku asko ditu autobideak, bakunak, ez Frantziakoek haina mahaiez hornitutako zabalgune berdeekin; zerbitzu minimo ondo zaindutako txukunak dituzte. “rat” ote “atsenena” alemanez.
Worm: zubi gainetik ikusgai, Lutero dela-eta Historiatik ezaguna zaigun hiriaren albotik pasa gara; etxe baxuko hiri izugarri zabala ikusten da, katedral famatua urrutira erraldoi.
Mendiak han oso urruti mugatzen duen zabalgune mugagabea azaltzen zaigu autobideko hesia zabaltzen denean, dena belar eta gari, etxe altutxo bakarrak noizbehinka, herri sarriak han-hemenka, makal ilarak errekastoak izango direnen erretenetan, zuhaitz sarriak, sastrakak soloen hesi. Ebakidura eta adabakiz josita, nahiko triki-trakakoa da errepide zorua.
Arto-sailak, patata-sailak, zainzuriak uste ditugunak erreten zuzen luzeetan ereinda. Zabalak dira sail denak, ez dago nonbait inguru honetan nekazari txikirik. Urkia eta txanka-luzeko pinu basoak daude bazterretan.
Zirkulazio trinkoagoa, korapilatsuagoa, biziagoa dakar hiri hasiak bere inguruan.
Speyer.
Dietengatik gure Historia ikasketetako Espira ezaguna. Gradu bateko hozberoarekin eman digu ongietorria. Rhin ertzean dago; ez zaio garraio joan-etorri handirik ikusten ibaiari. Nabarmenagoa da hemen Ejertzitoaren nonahikotasuna. Garajea bailitzan, hegazkin museo edo zerbait antzerakoa ikusi dugu sarreran bertan.
Harro da hiria bere katedralaz. Europako erromaniko ederrenetakoa omen, handiena behintzat izan daiteke, erraldoia baita bai goieran, bai luzeran, bai zabaleran. Harri gorrizkoa, ez da ohituta gauzkan erromaniko txiki potxolo bitxia. Lau dorre garaik, absideko sabaiaren irtenek, buelta osoko teilategalpeko arkutxoek, ederra egiten dute kanpotik. Dena zutabe eta arku du barrua, baina aldi berean erabat austeroa. Goian Jesukristoren bizitza kontatuz dituen buelta guztiko pinturak ezik ez du inolako apaingarririk, ez harri landurik. Nabarmenki goian duen presbiterioa bera da gurutzadura. Gurutzaduraren azpi osoan kripta, zabala eta altua, zutabe borobil sendoekin; “ezkutatzen”, txikitako "a escondites"era jolasteko leku aproposa; harri argi eta gorrizko arkuteri sarriak Cordobako Mezkitaren jitea damaio; kripta barruko solairu altuago batean harrizko hilobi piloa, arraia edo erretentxo batzuk ezik inolako zizelaketa edo apainduriarik gabe austeroa, eliza bera bezala. Zabala eta garaia du elizpea, kapitel landu eta estatuez loratuta.
Bada katedral aurrean urre koloreko hizkidun aska handia, non ardoa botatzen duten hiriko Gotzaina izendatzean: kupelak beharko dira betetzeko, betetzen badute behintzat; jauntxoen errito soila izanen da ala uzten ote dute herriak bertatik edan dezan egun horretan. Katedralaren aurrez aurre, izan ziren harresietatik gelditzen den teilatu beltz zorrotzeko dorre tantaia, esfera beltzean urre koloreko orratz-zenbakiak dituen ordulari erraldoia horman eta atea zen arkupe puntazorrotz nahiko meharra oinean.
Tarte kale zabala da katedrala eta hiriko atearen artekoa, herriko bihotza, Maiatza zuhaitza eta eraikuntza ederrez dotoreagoa.
Hiri guztietan dager "trotamundos", clochard edo horrelako bizardun graka darion eskalekoren bat, katedraleko ateetan batez ere. Hemengo katedralak ez zuen clochard-ik, limosna eskatuzko gizontxoa bai.
Betiko eta deneko salgaiak eskainiko saltoki arruntak dira hemengoak, ez da aberatsaren turismo-gunea, inguruko herrietako biztanleria da hemen dabilena, turista peto nagusiak eta eskolaume zein eskolagazteak ere ugariak dira, katedralean batez ere.
Norabide letreroen esklaboa da edonon atzerritarra, autobide eta errepidean norabidea da bidaiari kanpotarraren ia ardura bakarra, ihes egiten baitizu adi ez bazaude, urrutiraino, hurrengo irteeraraino, egin ere ihes zoazen herriak.
Marasma-sarea dirudite Renaniako lautadetan argindar poste eta kableek, hainbeste ageri baita.
Tuterakoa baino hiru aldiz handiagoa den kableak gorriz pintatutako zubia izan zaigu interesgune bidean.