Bidaiak. Alemania 96
FRANTZIA
Ziur bezala sentitu gara Rhina Frantziarantz zeharkatzean, ia-ia etxean bezala, ezaguna zaigu hizkuntza, ezagunagoak ohiturak. Mugako langak bezain gaindizailak dira sarri hizkuntzak eta kultura. Kendu omen dituzte mugak Europa Batuan, langarik ez da, baina hor daude polizia alde batean zein bestean, agirian, hozka egiteko prest.
ALSAZIA
Jauntxo, errege eta nazio arteko gerrengatik hain ezaguna, historiako ikasgaietan hainbat aldiz agertzen zitzaigun lurraldea. Aberastasuna eta segurtasuna eskaintzen zuen mugako lurralde oparoa, horregatik jauntxo gosetien harrapakin.
Strasbourg.
Katedrala: hiriko altxorra, pobreon bisita-gune ospetsua; hiria Europako Kontseiluaren egoitza izanik, politiko eta jauntxo modernoen egoitza, non pobreok ez dugun sarrerarik, nahiz pobreok ordaintzen ditugun bertako politikoen soldata eta gainerako gastuak, katedrala du bisitari arruntontzako erakusgai nagusia. Kanpoaldean hasten da begien harridura, kontaezin artelan gozagarriren ikuskizuna: hiru ate luzexka, errosetoi, harri gorrian tailatutako onean iraun duten bitxikeriak, brontzezko atearen filigranazko lanak... Barrendegi erraldoiak ez du kanpoaldearen errukirik: beiradura, absideko mosaikoa, organo erraldoi pitxia, harri zurian ia miniaturaz tailaturiko pulpitua, irudiak sortuz tailatuta dagoen sabairainoko harri horixkako zutabea, irudi mugikorrezko erlojuak...
Alde zaharra: mugako herria izaki, alde bietako jauntxoen harrapagai beraz, defentsarako kanal batek inguratzen du, non gaur egun zisneek ematen dien ukitu zuria ur beltzei, eta turista-ontziek bizitasuna esklusen bidez gizendutako ur geldiei. Nabaria da Alemaniaren eragina, batez ere eraikinetan: habe tailatutako zura agerikoa duten egiturak han-hemen denean, teilatu pikoetako leihotxo ilarak, zeintzuetan ospitale erraldoikoak diren deigarrienak. Antzinakotasuna galdu ez duten dendek erromantizismoz bustitzen dute kale-arteko ibilia...
Europako Kontseilua: bertan gure gaurkoa eta etorkizuna erabakitzen den eraikina, gure diruarekin egina baina ikusi ahal izateko baldintzak eta oztopoak besterik jartzen ez dituena. Hor barruko jaunxkilen eskuetan dago gure bizitza. Txillidak ez du bere lanik aurreko belardian, Jon Josuk ez du nonbait eraginik hor barruan.
Tranbia: deigarria izan zait bere jite modernoa, narrastia irudi, lurrean itsatsia, luzera osoa leiho, mutur luzexka, suge aerodinamikoa dirudi... Atseginagoak zaizkit Alemaniako betiko tranbiak, kanpai-hots, gurpil-kurrinka zarata eta guzti.
Harrizko zorua da gaur egun antzinakotasunaren labela herrietan: harrizko trokote latzak, tamaina eta forma guztietako harlauza leunak, uharriak bere borobilez ibilia trakestuz, erreskada berdinetan zein marrazkiak osatuzko ilaretan, kolore ezberdinekoak inguruko harrobien arabera... harriz zolatzen dira gaur egun kaleetako zolak antigoaleko itxura eman nahi zaienean.
Ohizkoa ez omen, baina udaberri kakatsua tokatu zaigu aurten ere.
194 kilometro, euritsuak eta hotzak.
Maiatzaren 15a. Asteazkena. 15.a-A:14.a
Alemantzar bat hurreratu zait alemanezko erretolika bizian:
- Ez dut ulertzen alemanera. Do you speak English?.
- Tipoak: Yes. The toiletes?.
Keinuz erakutsi diot non dauden, eta joan da.
Mintzapraktika!!!.
Ortutxo piloa dago Freiburg-ra sarreran. Txabolatxoa du ortu bakoitzak, egurrezko txabolak, denak berdinak, oso kuriosoak, txukunak, inola ere ez plastiko edo txapaz eginiko txabola zarpail horietakoak. Herri baten kultura eta txukuntasunaren ezaugarri dira txabolak ere.
Plastikozko ehuna zabaltzen dute lur landu sail handietan, landaren bat sartu edo haziren bat ereiteko, segur aski, ereindako hazia, sartutako landarea belarretik babesteko, uzta datorrenean garbi, lurrik gabe, jasotzeko. Plastiko sailen zabalera da deigarria, guretzat ezohikoa.
Etxolatxo batzuk nabarmentzen dira gari-soroetan; hesola gainean, oso goian, eginiko etxolak, txoriak uxatu edo tirokatzeko behatokiak seguruenik.
SUITZA
Kontrola dago mugan Suitzako aldean. Auto ilarek luzatzen dute sarrera. Mugan bertan sartu digute, sartu, ziria poliziek, bost mila pezetakoa kobratu digute autobide eta errepideak urtebetez erabiltzeko eskubideagatik, gaurko egunez soilik erabiliko baditugu ere bertako errepideok. Ez digute aukerarik eman, ordaindu edo itzuli.
Basel.
13 graduko hozberoa, lanbroa, giro heze iluna. Gaur ikusi ditugu aurtengo lehenengoz enarak; heldu dira, baina ez digute ekarri ez eguzkirik ez epelik. Lehenengo plazako kale-gurutzean tranbien joan-etorri etengabea dela-eta barraskiloarena bezain barea da zirkulazioa.
Ez da nik historiatik eta kontzilioetatik espero nuen hiri zaharra, espero ez nuen hiri nahiko modernoa baizik. Segur aski gerrateren batean hondatua eta berreraikia, Alemaniako hiri eta herri gehienak bezala. Hiri atsegina, oinezkoentzako kaledi patxadakoa da alde zahar guztia, komertzio-gune bihurtua dago; dotorea zein xumea da dendateria, denetatiko jeneroa dute salgai, tentagarri ona; kaleetan daude salgai ortuariak, Udaletxeko plazan batez ere, inguruari bizitasuna emanez... edonola ere dena da garestia guretzat.
Udaletxea: gorria, mila kolorez argia, kapritxo erraldoia; 1547ko patioa pintura irudi eta estatua polikromatuz atsegina, dorretxoa, erlojua... Bada antzinako etxe erakargarririk, nahiz gutxi, kaledi zabal aldapatsuan; bada eraikuntza berantiar ederrik ere, baina ez da erakargarria eraikuntza aldetik, giro lasaiagatik baizik: badu zerbait patxadakoa hiri honek.
Katedrala: harri koloreko gorrizka hau ere; bi sarrera ditu, bi fatxada: erromaniko berantiarra dirudiena bata, gotiko haserakoa bestea; landuagoa da erromanikoa, aukerako apartak biak, bere jatorrian iraun duten harrian zizelatutako filigranazko iruditxo eta estatua bitxiekin biak, erromaniko zatia batez ere. Teila kolore ezberdinez lortutako figura geometrikoz deigarria du teilatua. Bost barneluzegoko barrunbe handi nahiko austeroa, xumea, alde bietan absidea duen erromaniko arkuteria da deigarriena; aulkiteria litzake ikusgai aipagarriena, taila xarmant apartak ditu; polikromatuak dira sabaiko nerbioen loturak; oso garaia du presbiterioa Ulmekoak bezala, azpimarratzekoak dira arku erromanikoak eta zutabetako kapitel bikain zizelatuak; kripta ere badu. Ikusi dugu katedral hoberik, baina berau ere ederra da.
Industrialdea zabala du Baselek. Banku eta erlojugintzaz gain bada bestelako kutsadurarik Alpeetako haize garbiak bisitari oldea erakartzen dituen herri honetan.
Zabal eta korronte biziz doa Rhin ibaia, bi ertzak ditu pasealeku: ikuskizun patxadakoa gozatu ahal da katedraleko behatoki garaitik. Ontzi bakarra zebilen uretan, eta bera "polizei". Tranbiak, berde eta horiak, dira hiriko garraiobidea, etengabeko tranbion joan etorria da udaletxe aurreko plazakoa, plaza da nonbait tranbia guztien bidegurutzea. Ekonomia, kutsadura... mila arrazoi ditu tranbiak bere alde, sortzen duen giroagatik dut laket nik tranbia, jite berezia ematen die kaleei. Ezinekoa omen zen tranbiak mantentzea Donostian eta Bilbon, kendu egin zituzten, autobusak jarri: arazo ekonomikoa, kultura eta barne-dotoretasun ezaren arazoa izan zen erabakia, ala norbaiten negozioak bultzatu zuen aldaketa?, ala “aldeano” ilustratu batzuen zerbait izan-nahi ustela .
Adeitsuak dira Baseleko biztanleak: neska bat lehenengo, mutila bat geroago, hurreratu zaizkigu planoarekin ikustean, lagundu ahal ote. Frantsesera egiten zuen neskak, ingelesera mutilak.
Oinezko gutxik darabiltza zebrabideak, bakoitza deritzon tokitik doa batetik bestera Eibarren balitz lez.
Arrotz sentitu gara Baselen, Suitzan ere, hizkuntzaz gain, ezezagunak eta ezberdinak baitzaizkigu jokamolde, ikur, letrero, zein ohiturak.
Geure etxea iruditu zaigu Alemania itzuleran.
ALEMANIA
Freiburg.
Ezuste izan zaigu hiria, zaharra espero genuen eta hiri berreraiki berria aurkitu dugu. Kaledi zabal atsegina du, nahiko arruntak diren arren etxeak; marra zuri deigarriz biziturik daude harri txikiz eginiko espaloiak, harritxoz marraztuta espaloi-zoruan denda bakoitzaren ezaugarria; ura erruz daraman erreten batek bereizten du espaloia kaletik, bertara zuzenean botatzen dute erratzez garbitzaileek kaleko zarama. Ibili atsegina da kale-artekoa. Bada egon etxe zahar bakarren bat, baita eraikuntza ederrik ere, baina gutxi. Arku zorrotzeko bi dorre, kaleko pasabide gaur egun ere, arku ederrak biak etxe ederrez inguraturik: ez diezaiokegu antzik eman zer den berria, zer birrindu ez zena, baina ibilgune erakargarria egin zaigu. Lurrazaleko metro poxpolin, tranbiak dira Freiburgen ere bidaiarien garraiobide. Freiburgek badu bere Venezzia nanoa, ur-biziko kanala kalean zehar, ez da gondolarik bertan, ez batelik, baina, portaleetarako zubitxoek eta urarekin jolasean ari diren harrizko umeek goxo girotzen dute arratsalde berantiarrean bisitarion pausoa eta erosketa grina.
Katedrala: hiriko erakusgai nagusia: gotikoa eta erromanikoa dabiltza elkarrekin jolasean edo lehian: eraikitze-lanak iraun zuten gizaldietan arkitekturaren teknikan egon zen aldaketen ezaugarri da gaur egun. Sarrera: gotikoa, taila polikromatuko iruditeri ikusgarria du, bai ateburuan bai alboko zutabeetan, bada santu-irudi bakanik ere fatxadan; atea bera zurezko sendo xume landua besterik ez da; bada bigarren sarrera bat errenazentista itxurakoa. Barruan, zurezko taila zaharrak, triptiko ikusgarria aldare buruan, kapila piloa zurezko taila ederrez apaindua bakoitza, zorutik gangarainoko arkuteria barrualde osoa bilduz eta arinduz, tailagile motz batek dotoretutako pulpitu handia, eta txapazko txapela duen harrizko itsulapiko ezohikoa... Bisita atsegina da katedralekoa.
Alemaniako elizetan dirua eskatzeko itsulapikoak ez dira Italiakoak bezain handiak, ez-eta hain nabarmen eta lotsagabeki beraiekin tope egiteko gradan traban jarriak ere.
"Paella" oso bereziki ahoskatu digu zerbitzariak, baina arrozak ez zuen paellaren ez itxurarik ez gusturik. "tortilla española" eskaintzen dute Espainiako banderaren koloreak dituen "La tasca" izeneko taberna batean: biharko afaria ere erabakia dugu, beraz.
147 kilometro, lainopekoak gaurkoak ere.
Maiatzaren 16a. Osteguna. 16.a-A:15.a
Rhinaren beste aldea dugu gaur, bigarrenez, ibilbide, Alsazia lurraldea, baina batez ere Colmar hiria.
Frantzian dena itxita ikustean konturatu gara jaieguna dela, Korpusti, agian Asentsio, ahaztua baitugu elizaren egutegia, eta jaiegunek ere ez baitute eragin handirik jubilatuon hil arterainoko oporretan. Jai da Alemanian ere. Edonon du indarra Elizak.
Oinezko asko dabil Alemania aldean, ugariak dira txirrindu zaleak ere, Frantzian ostera inor gutxi dabil oinez eta txirrinduz. Errepidearen parez-pare doa bidegorria Alemanian, beti errepidearen albo, Alsazian berriz ez dugu bidegorri bat bera ikusi. Kultura arazoa. Txindurriak baino ugariagoak ginen autoak Rhinetik mendebalera; Alemania aldera, berriz, laurdenik ere ez. Herri baten kultura, hau ere.
Breisach.
Ohiko kalexken ordez lorategiz inguraturiko etxe solteek osatzen duten tontorreko hiribildua. Harresiaren ate eta dorre bakanak geratzen zaizkio zena, baina ez dena, gogaraziz. Behean dago hiri berria Frantziari muga eginez eta turismotik bizi asmoz. Beherenean, Rhin ibaia, presa eta esklusez hezia, zabala eta mantsoa, ertzak berde. Arrosa kolorekoa da udaletxea, arroza kolorekoak hainbat etxe, gorrizka eliza ere... hiri koloretsua. Eliza. Kolore grisekoa barrutik, hainbat osagaik egiten dute interesgarria: harrian bertan pintatutako fresko erraldoi ia ezabatuak atzealdeko erdi osoan, metal horiko agian urrezko erlikitegi landuak gurutzaduran, sabairaino luze iruditxo eta orratz zizelatuz apaindutako harrizko erlikitegi estilizatua albo batean, bere arrunt itxuran zurezko inkrustazioz 1518ko pulpitu oso bitxia, absidea itxiaz halako arkupe gotiko berezia aldare ostean… eta hainbat zertzelada. Ikusgai ditu kanpotik arku, harrizko nerbio eta loturak, agerian dago eliza barrutik bisitagai izan ohi den presbiteriopeko kripta; honek ez du hormarik, aterpe baten itxura erakusten du, ikusgai du kanpotik oinarri egitura osoa.
Erromanikoaren eta gotikoaren tarteko garaikoa da eliza, arkitektura teknika biak nahasten ditu. Gustukoa dut nahastura hau, bi estilo aurrez aurre edo elkarren ondoan aurkitzea, eraikin berean kontrajarriak. Batak bestearen eragina dute erromanikoak eta gotikoak, estiloz aldatzean arkitektoek zerabiltzaten teknika zahar eta berrien erakustoki bihurtzen da eliza, eraikuntzarako baliabideak alderatu daitezke. Arkitektura ez da gustu edo moda arazoa soilik, erromanikoa eta gotikoa bi eraikuntza teknika dira, eraikitzean hormak eta teilatuak gorago jasotzeko eragozpenak gainditzeko teknika arazoa nola gainditu ikusi ahal da teknikotan. Ulmeko katedral erromanikoa oso garaia da, baina zabalera ere izugarria da eta bost barneluzegotan oinarritzen da. Gotikoaren arku teknikak, berriz, asko errazten du eraikuntza gorantz luzatzea. Elizak handiagoak eta garaiagoak behar ziren, jende gehiago zihoalako elizkizunetara, ondorioz arnas gehiago behar zuen elizaren barrunbeak. Arku eta zutabe luzeak zerura begiratuaren, izpiritualtasun, sinbolo baino askoz gehiago dira gotikoaren arku eta orratzak, eliza zabal garaiagoen premiak eragindako eraikiera erakusten du gotikoak.
Eguzkia atera zaigu, ongietorria, lizunak jaten hasiak ginen eta.