Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak: Alemania

Bidaiak: Alemania

Jon Etxabe 2019/05/03 09:25
Alemania: Suavia, Schanbisch Hall, rothenborgo ob der Tauer, Oian Beltza, Freuddenstad, Schiltach, Wolach, Friburgo

Maiatzaren 12a.  Igandea.  12.a-A:11.a

 

Dozena bat egun daramagu jadanik ibilian, eguzki egun bakarra izan dugu, egun oso hotza bera ere; beste behin soilik ikusi ahal izan dugu eguzkia. Zaila zaigu sinestea eguzkirik egon dagoen ere.

Feriako zarata burrunbatsua dugu lagun gauero gauerdiraino; goizetan berriz, goizeko zortzietarako hasi da gaurkoa, urteetan entzun ez dudan bezalako kanpai-hotsa, goizero astintzen gaituena. Onartu, ez dakit, baina hartu, hartu beste erremediorik ez dugu kutsadura akustiko hau.

Atzo gauekoa entzun eta ikusita, ziurtatu genezake litroa baino gehiagoko garagardo pitxerkada handiak edanez harrapatzen dituela sekulako melokotoi ederrak aleman jendeak.

 

 

SUABIA

 

Historiako Suebo gudaroste ospetsu ezaguneko gerrariak bertako semeak ote ziren, ala jauntxo sueboen mertzenarioak soilik. Lurralde suabea Suabiakoa, leuna, goxoa ere bai, Sueboen gudarostea inola ere suabea edo goxoa izan  ez bazen ere.

Eguraldiarengatik agian, herrietako sarrera-irteeretan ezik, ez dabil kotxe zaparradarik ez autobidean ez errepideetan.

 

Teilateria gorrizka iluna zuhaitz adarrekin saretuta, hala ikusten ditugu herriak errepidetik; basoan gordetako herri zabalak, berdin-berdin egindako herriak dirudite. Teila zapalek, teilatu pikoek eta elurrari eusteko teilatuko hesiek esaten digute elur lekua dela Suabia. Teila beltzekoak eta luzeak dira elizako dorreak teila gorriko eta teilatu apaleko herriotan: elizaren anima beltzaren ezaugarri inkontzientea, herriarengandik berezitu nahia, gailentasuna erakutsi beharra, jauntxokeria... Eraikuntza apal bat dute alboan nekazal etxe askok, etxearen osagarri edo gehigarria gehienetan, zurezkoa: belartegia, biltegia, korta edo tresneria gordetzeko lekua. Hiru metro zabalera zituen gutxienez teilategalak, goraino tolez-tolez pilatutako trokotez betetako hormaren aterpe.  Ez da negutegirik ikusten, agian eguzkirik ere ez dagoelako. Zurezkoak dira autobus geltokiko aterpeak, zurezko arruntak baina.

"Maiatza", lurralde honetako ohitura eta erritoa, Sakanan lez.

Sagasti dira maldak, loraz bete-betean daude sagarrondoak, zuri-arrosa loratuak mendixkak, lorategi liluragarria bihurtuz inguru berdea.  Egun osoan izango dugun paisaia paregabea. Loratutako sagarrondoz daude errepide bazterrak ere. Espainian meloi saltzaileak bezala, lora saltzaileak daude errepide bazterretan. Sagarrondo loratua den mendixka horietako baten  gainean gaztelu edo palazioa gorrizka agertu zaigu bat-batean, paisaiaren pintzelada zoragarria. Paisaia atsegin erakargarria, laua, bidegorriz josia, ibili zaleentzako udaleku aukerakoa.

Txikitako Mispillibarko sagasti eta sagarrondoak dira ikusten ari garen hemengo sagastiak eta sagarrondoak, naturalak, berezkoak, industrializatu gabeak, bere librean haziak, zuhaitz mardulak, eginak, enbor sendoko adartsuak, ez hariari egokitutako nano mehe txikiak. Hemengo umeek ere izan dezakete sagar arbolara igotzearen plazera. Lorearen arabera bada, sagar-urtea da aurtengoa.

 

Galdua dut  nire jaiotetxe Mispillibarko sagastia loran zegoeneko irudia,  ezabatu zaizkit irudipen eta gogorapen sarean, ihes egin didate garunetatik. Galduta ditut hamahiru urtera arteko udaberriko irudiak, adin horretan eten ziren nire jaiotetxeko irudi gehienak, ez bainituen udaberriak nire etxaldean bizi izan hamahiru urtetik aurrera, ezta negu eta udaberriak ere. oporretan Uda soilik bizi izan nuen nire herrian, opor egunetan, alegia. Bizitza aukeraketa da, seminarioa edo herria aukeratu behar izan nuen, hainbat aukeren artean, ez baita unerik bizitzan aukera egin behar ez dugunik.

 

Ile trinko bihurriko artaldeak, gure latxak baino erosoago egokitzen dira nonbait hemengo giro hotzera. Lurraldearen egitura fisikoak baldintzatu behar du nahitaez biztanleriaren izaera ere.

Ez dugu gurutzatu edo ikusi herriarteko lineako autobusik. Errepideetako bidegurutzetan semaforoak daude Frantziatik Euskal Herrira inportatu diguten borobilen zereginerako. Hemen ez dira borobilok ageri.

Trinkoagoa edo meheagoa, baina denean eta dena da laino beti.

 

Dialekto propioa omen dute Suabian, beste alemaniarrek ia ulertu ere egiten ez dutena.

 

Schanbisch(?) Hall.

1500 urtetan ia aldatu ez den herria, amonatxo edo aitonatxo polit bat bezalakoa, zimurdurak kendu eta koloretez apaindu duten antzinakoa, irudikatutako horietakoa, ametsezkoa, ipuinetakoa, Erdi Aroko filmetakoa, "maitagarrien ipuinetakoa". Oinezkoentzako herria. Poliki, mantso, lasai begiratuz, begien atseginerako hainbat ukitu bilatuz ibiltzera bultzatzen zaituen herria. Igandea denez, turistei utzi digute herria. Tipikorik izatekotan, berau bat. Eliza asko denez, eguerdiko ordu batean nabarmen ozena bihurtzen da dorre-punta zorrotz guztietatiko kanpai-hotsa kaleetako bakardadean. Zura ageriko etxadiak ibai kontran zein kaledi barruan, Madinson-ekoak diruditen zurezko hiru zubi erakargarri, kanpai mordoko erlojua horma batetan, lerden harro gailen palazioa herri gainean, aldaz beherako plaza zeharo ezberdin harrigarria, eliza aurreko mailadia plaza bezain zabala, nortasun propioa duen dorrea, kanpoaldea hilobiz jositako eliza, pulpitua bailitzan erakustokian dagoen pikota, burdinazko aska erraldoia den iturri berezia, udaletxe barroko ponpoxoa, plaza berezi ezohizkoa, brontzezko eskultura politak baranda betebeharretan imajinazioz aparta bat. Presa gaineko erreka du eta presagatiko ibai artifizial zabala, ura egon arren urik ez doakiona.

 

Etxe askotako hezurdura-zura ez da berenez agerirako egina, hormari eusteko soilik baizik, adreiluaren eusgarri alegia; zarpeatuta izateko asmatuak izan zien, morteiruari heltzeko dituen koskek erakusten dutenez. Gau-egun Euskal Herrian harriarekin egin duten bezala zura bistaratu egin dute etxadia biziagoa eginez. Agian bistan egon ziren sorreran, gerora estaltzeko modak estali zituen, mortairua itsatsi ahal izateko egin zizkietek koskok, gaur egun zura agerian uzteko modak bistaratu dituzte zurok berriro.

 

Ekirantz goaz. Herritxoek zipriztindutako herrialdea, ez dira lehen zatian ikusi ditugunen bezain herri erakargarriak, baina bai antzerakoak,  apalagoak izanik ere ederrak.     "Maiatza": zonalde osoko erritoa, ohitura eta kultura, Sakanarekin lotzen gaituena.

Kilometrotik gorako zubi luzea mendixkatik mendixkara bitarteko bailara gainetik, 185 metroko garaieran. Injinerutza lorpen ikusgarria da, ezin uka, baina haranaren armonia erabat eteten du. Teknika noren eta zeren zerbitzuan: hor dago koska, hor betiko eztabaida, zubitzarrak azaleratzen duena.          

 

Belar fardo borobilekin egindako bi panpina erraldoik irribarrea zegiten belartzatik bidaiariei.

 

Fruta-arbola saila bihurtu dute aparkaleku, hiritik gertu baina kanpo, bisitari asko datorkionez autoak kale artetik atera beharrak bultzatuta, kaledia erosoagoa bihurtu nahiak eraginda. Turismoa baita hiriaren bizibide nagusia. Zirraragarria aterpe loratuan autoa uztea, dena zementu bihurtu duen gizartean.

 

Rothenburg ob der Tauber. Txikiak eta xarmantak irudikatzen ditugu hiribilduak, halakoak direlako iraun dutenak, Erdi Aroko hiribildu handiak hiritzar moderno bilakatu direlako, antzinako  nortasun fisikoa galduz, alde zaharrak salbu. Izenez luzea eta kalediz zabala da Rothenburg, ia azkenik bilatzen ez zaion hiribildua. Osoki biltzen duen harresiak gordeta, duela 500 urte zen berdinean darrai. Zer begiratuak akaburik ez duen hiria, ordu mugaturik gabe etorri eta orduetan ezuste bila ibiltzekoa. Turistaz josita, baina handia denez, hiri lasaia gertatzen da. Dena da dorre, dena dorre azpiko arku, dena da harresi, dena harresi gaineko dorretik dorrerako aterpedun pasabide luze. Kalexka, kale, harrizko udaletxea, ibaia, zubi bikoitza, burdina forjatuzko dendetako ezaugarri zintzilikatuak, iturriak, 1385eko atea, inguruko ikuspegi zabala... badago zer aurkitu eta zer ikusi, zertaz gozatu. Fatxadek pauso lasaian joatera bultzatzen zaituzte, presarik gabe, mila zertzelada baitute begi ikusminentzat. Teilatuek ere bere ukitu deigarria dute. Elizetan sartzeak ere merezi du: 1505eko erretaula, sabaiko zainen lotura polikromatuak eta beiradura ederrak aurkituko dituzun S. Jakob eliza, bi zati ezberdineko egitura, naif antzerako erretaula eta triptiko xarmantak dituen S Frantzizko eliza gotikoa. Dendaz josita, baina inola ere ez lourdes kinkila-denda. Herri turistiko diskretua. Turistak paseatzeko gurditzar zurezko sendoek eta zaldi ipurtandi mardul ezohizkoek ematen diote azken ukitua.

 

Tubingan atzoko bandaren xarmarik ez bazuen ere, elizkizun bateko bandaren soinu leunak goxoki betetzen zituen inguruko kalediko bazterrak gaur ere. Arratsalde pasakorako herri bikaina suertatu zaigu Rothenburg ob der Tauber.

Japoniar aldra zebilen korrika eta presaka kaleetan zehar dena ikusi beharrean, estu; bazirudien japoniarrek hartua zutela hiria, baina inguruko igande-pasako bisitariak ziren gaur arratsaldez gehiengoa.

 

 

Maiatzaren 13a.  Astelehena. 13.a-A:12.a

 

Ganberroa, baratza guztietako lekeitio belarra.

 

Kanpalekuz aldatzeko eguna. Egun aterritik ere ez dugu eskatzen jada, denda jasotzeko unean zaparradarik ez botatzea besterik ez dugu desio. Hiru egunez eutsi dio ilun eta hotz baina ateri, azken gauean euria da nagusi, denda blaituz eta ingurua lokaztuz. Kaka!.

Busti umel zikin ingurua,  ortzia bezain goibel gure barrena, Oihan Beltzera dugu asmoa; iaz Alpeetan Dolomitetara ibilbiderako argitu zitzaigun egun euritsu eta lainotsu bera esnatu zaigu gaurko mendi-eguna ere.

 

Berrikuntzak medio, kaleetako ilara luze eta egonaldi luzeagoez, barraskiloarekin lehian bezalatsu zeharkatu dugu Stuttgart hiria. Bere aurrerapenen morroi, esklabo, menpe, bizi da gizakia, askabidea lukeen aurrerapena lotura-bide bilakatzen zaiolarik gehienetan.

Errepideko galipot zoru beltza eta alboko berdegunea dira ia gure ikuskizun bakarra, harago zinema-tokiko  oihal zuria bailitzan mugatzen baitu begirada laino trinkoak, pelikularik gabeko zapi-zuri soila. Harririk gabeko harea harroa dirudi soroetako lur gorrixkak, obretako palek erakusten dutenez.

 

 

OIHAN BELTZA

 

Lurralde entzutetsuaren erdialdea dugu bisita-gune. Herri-bidea aukeratu dugu joanerako.

Aurreko egunetako ia betikoa da paisaia; nekazari herriak, aldaxkak, basoak, garitzak lur landuetan, fruta-arbola franko berdegunetan. Hiribarruek eta semaforoek ordulariz luzea bihurtzen dute kilometroz motza den bidea. Autobidea doakoa denez ez da nonbait saihesbideetan dirurik inbertitzen. Euskal Herriko errepide sarean, aldiz, autobidea pagukoa denez, herri-bideetara jotzen du bidaiariak, autoak pilatu egiten dira herrietan, beraz saihesbideak egin behar dira. Autobidea kobratzen delako pilatzen dira herrietan autoak, herrietako pilatzea ekiditeko kobratu egin behar da autobidea: arraina buztanari hozka, zurrunbilo gaiztotu eternala. Autobideak dira saihesbide, eta kitto. Baina hori ere ez da irtenbidea, hiriotako pilaketak erakusten digutenez.  Garraio kultura aldatzean datza gakoa.

 

Mendi zuloz mendi zulo, gora eta behera, tantai  luze txankameheko pagadietan, baina batez ere izeidi ilunetan doa errepidea; tarteka garbi guneak, garbi gunetan herrixkak, lur landu oro gari-sail behean, soroak belardi gorantz heinean; ile motzeko artalde bakarra eta behi bakarrak larrean; mendiak berea du erreka edo errekatxoa, gure ondoan daramaguna ere mendioi zor zaion erreka da. Hemen izan da orain arte izan dugun aldapara luzeena, 500 metro zituen gainak. Halatsua da zeharkatu dugun Oihan Beltza.

 

Tirolekoen antza dute herriek, eraikin orok: oholezko etxe, txabola, korta edo tresneria gordeleku izan daitezkeen eraikinak. Teilategal zabalez babestutako hormak, teilatu-hegiko ertzak zapal eta irten zabaltzen dira aurrera aterpea eta babesa eskainiz sarrerari edo balkoiari, elurrari eusteko hesiak erreskadan eta alderik alde teilatu pikoan, ohol-txataltxoz edo teila-finez babestuak afronturen aurka hormak; beltzak dira teilak, baina gorri-gorriak etxe berrienak... Nortasuna dute nekazal etxeek, ezberdinak inguruko etxeok, elur-lekuko herri kultura, eraikuntzan islatua.

Udaleku herriak: etxe berri asko, etxe solteak,  usuko baino balkoi eta leiho dotoreagokoak. Izan ere udaleku aparta da hau bidegorrietan aldatsik gabe oinez ibiltzea gustatzen zaionarentzat. Bertako antzinako pare bat eraikuntza: berria zirudien etxetzarra, abarrez edo lasto beltzez, agian inarrez, estalitako eraikin baxu sendoa; txabola zirudien beste bat. Bi soilik izan dira, besterik ez, beraz zenbateraino ote bertakoa?; izan ziren agian, besterik ez. Ez da "Maiatza"rik; ordez-edo loraz egindako girlanda borobilak jartzen dituzte balkoietan: udaberriko errito edo ohitura hau ere.

Entresaka jotzen ari dira basoetan. Auto eta kamioi ugari dabil errepidean. Bizi da oraindik trenbidea.

 

Orain arteko herrialdeekin desberdintasun handirik ikusten ez eta, zapuztu, etsita  samar banengoen ere, adiskidetu naiz, azkenez, Oihan Beltzarekin; ez da historiako ikasketa eta literaturaren eraginez ametsean marraztua nuen irudi misteriotsu, agian topikoa. Ikusgarria da izan, polita, lasaia, idilikoa. Pasoan doan turistaren sentipena da gurea, egonaldi udatiar laburrerako  izan behar du atsegina lurralde honek; gogorra izanen da bizitza  negua bukatzen ez den inguru honetan, latzak nekazarien bizi-baldintzak.

Berrikuntza lanetan murgilduta daude herri guztiak, Europa Batuak administratzen dituen gure patrikako diruak ote dabiltza hemen ere kaleok berritzen Euskal Herrian bezala.

 

Freudenstad. Bainu-herri handiki dotorea, bertan pobrerik ez dela dirudiena, izango den arren. Plaza karratu erraldoia: Alemaniako handiena omen, izanen ere, hirurehun metro izango ditu alde bakoitzak. Arkupe da plaza inguratzen duen alde bakoitza, saltoki arkupe oro, komertzio-gune erraldoia plaza osoa. Ez du, baina, plaza handiaren jiterik, bi eraikuntza ditu erdian, eta erdi-erdian gurutzatzen diren bi auto bidek zeharkatzen dute lau zatitan banatuz. Halere, oinezkoentzako zabalgune libre handia geratzen zaio. Harri gorrizko eliza sendoa dorre mozkote zabalarekin, plazaren albo batetan.

 

Schiltach. Uderri peto horietakoa, zaindua, potxoloa, kale eta kalexkak aldapan; etxeteriak egiten du erakargarri: agerian eta pintatutako zurezko hezurdura dute etxeek. Ez du ezer berezi nabarmenik, osotasunean da berezia.

 

Wolach. Udalekua hau ere, zaindua, inola ere ez bertako herri peto horietakoa. Etxe bakanez osaturiko kale luze bakarra besterik ez da. Ez du beste munduko etxe pitxirik, bai taxu politeko zenbait, batez ere udaletxea. Bizia izanen da udatiarrez gainezka dagoenean, oso hila aurkitu dugu guk.

 

Hori da guk ezagutu dugun Oihan Beltza.

 

 

Oihan Beltza eta Rhin ibaiaren arteko lautada zabaleko lur landuek, arto-sailek, fruta-arbola loratu ilarek… nekazari aberats itxura ematen diote inguruari. Artaburuak gordetzeko silo bitxiek ziztatzen dute gure ikusmina, nekazari kulturaren alderdi bitxia: lurretik sortutako perretxiko erraldoiak bailira, burdina-harizko kutxa luze garai meharrak, soroetan bertan kokatuak,  lizunak zereginik ez duen sarezko biltegi haizatuak. Nola babesten ote arratoi eta hegaztiengandik, hori ez dugu argitu ahal izan baina asmatua izanen dute amarruren bat. Hemengo arto-jorraketak ezin dira izan, inola ere, gure txikitako Garañoko edo Maringoak bezalakoak: etxeko denak ilaran, bakoitzak bere lerroari jarraiki, egun osoan eguzkipeko gerri-makurrean, belar txarrari aitzurtxoarekin kaskaka eta sobra zegoen arto landareari eskuarekin tiraka. Askatasuna eta bizitza etengabeko hautatzea direla zioen filosofoak, hautatzea praktikatzen zuen nekazariak ere artajorran,  artalandara mardulenari, itxura onenekoari, jarraipena eman, ahulenari argia ikusi ordurako aukerak zapuztu. Gaur egun makinak eginen du aukeraketa, baina edonola ere, tragikoa da natura, ahulenak itoz egiten du aurrera, bestea gainditzean dago biziraupena. Lege berak agintzen du gizartean ere, itxuraldatu eta edertzen saiatzen bagara ere.

 

Friburgo: zabala da, zeharkatzeko behintzat. Badu tranbia, hiri bati erakargarritasun ukitua eskaintzen duen garraiobidea, gureetako hiriek galtzen utzi zuten altxorra, hiri atsegina izanen zaigun bermea.

Friburgon jaiotzen da Danubio ibaia.

Friburgotik gertu osatu da kontagailuan autoak orain arte egin dituen kilometroen zenbaki kapikua, 80008 kilometro. Bejondeiola autotxoari, ez baitigu arazorik eman.

 

Ez digu atertu egun osoan, blai bukatu dugu, bai dendak bai gu geuk ere.

Atsegina da kanpina, horrek egiten du eramangarriagoa bustia.

 

174 kilometro, euripean, Ohian Beltzaren erdialdeko bihotzean.

 

 

Maiatzaren 14a. Asteazkena. 14.a-13.a

 

Tere Irastortzaren Gabeziaren kanto(re)ak erritmo sarkorragoa dute, etsipen eztiagoa, txori amorosak auzo direnean.

 

Belatzean, gereziondo eta urkiaren hostopean, pago mardularen aurrean, berdetzak inguraturik, egontoki perfektua litzake zeru-sabaia urdinduko balitz, giroa epelduz, ingurua lehortuz. Naturak laino trinkoz berundu nahi du gure irrika hegalaria, lausotu maindire sendoz gure ikusmin ase ezina, beratu umeltasunez gure ikus grinaren zolitasuna.

 

Ez urruti, hesi berdearen bestaldean etengabeko tiro-hotsa biltzen zaio inguruko txori-soinuari, gizakiak hiltzeko trebatzen ari diren gudalozte bakezaleko mutil gazteak dira, bizitzaren aitzakiaz heriotzaren profesionalak, sistemaren iraupenerako mertzenarioak. Muga izaki, hemen daude alemaniar militarrak, Frantzia erasotzeko  prestatzen, mugaren bestaldean daude frantziarrak Alemania erasotzeko beti trebatuta. Hala ez bada, zergatik dira hain ugariak  muga inguruetako militar guneok. Badaezpada?, baina hor daude, eta aurreko gerra ahaztu orduko, beti sortu ohi da gatazka berriren bat.

Zozoek ere nahiko ardura dute bazka bereganatzen belatzean, hor dabiltza mokoka bakoitza bere esparrua eta mokadua defendatuz,  goiko abar arteko hostotzan ere  ez da falta erronkarik, bakoitzak bere habia, esparrua edo nagusitasuna gordetzen. Biziraupenaren gerra; erasoa, naturaren legea.

 

Rhin ibaiarekin elkartu gara, berriro. Lagun mina egin zaigu jadanik ibai bulartsua. Miresmena diot, harriduraz begiratzen diot hain da indartsua, baretu egiten nau bere joan bare sakon zabalean.  Gorago aurkituko dugu ostera etzi. Hilabete eta erdi barru, etxerantz, zeharkatuko dugu azkenez, agur eginez  Alemaniari. Rhin ibaia, Alemaniako bidaia laguna.

 

Rhin ibaiaren beste aldea dugu helburu, Frantzia, Europako batasunak Europako jantxakurrak biltzen dituen Estrasburgo.

etiketak: Bidaiak, Alemania
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.