Bidaiak
A L E M A N I A
Arratsaldeko lauretan sartu gara Alemania lurraldean.
Ekaitz ikaragarri batekin agurtu gaitu Luxenburgok, Alemaniak berriz bailara eder batez hartu: basoak, herritxoak mendi zuloetan, Ipar Europako jite berdineko etxe ilunak…
Kartoletatik gora simaurrez beteta izugarrizko kiratsa zabaltzen duen kamioi bat daramagu aurrean satsak Euskal Herriko usai beretsua duela Alemanian ere erakutsiz, lagun dugu turismo bat atzeko erremolkea obra-gailu eta igeltserotza tresneriaz lepo, oholtzar pilaz zamatuta doa beste auto bat... denetik dago hemen ere.
Jantzi berdea daramate poliziek, baina gureetako txapelokerren berde ezberdina da.
Trier
Bi moja zahar eta bi karmeldar mando bere abitu handiekin izan dira Trierren lehenengo ikusi ditugun pertsonak; moja aldrak, ehunka, azaldu zaizkigu gero; hemen dabiltza gaur Alemaniako apaiz fraide eta batez ere moja denak hirian barreiatuta; erromes taldeen etengabeko erreskadak doaz kaleetan zehar, prozesioko guretzetzarra aurrean hartuta, Jesukristoren tunika ikustera katedralean. Bada nonbait erlijio jaialdiren bat; bertan fortunatu behar gu!. Sartu gara elizan jakin minak bultzatuta: tunika ere ikusi dugu, horiek omen dira Jesukristoren saihetsen markak.
Ederra da katedrala, zabala oinezkoentzako kaledia, polita Erdi Aroko plaza: bizitasun bitxia damaie gaurkoz jantzitako jendeek antzinako jitea gorde duen esparruari; beltz dago etsaiak behin ere gainditzea lortu ez zuen hiribildua zeneko atetzarra, gorria Karlomagnoren eliza handia, Eliza bera bihotzez behin ere gorria ez den arren...
Dirua aldatu dugu, hiria ikusi dugu, jelatua jan dugu, askaldu dugu, propaganda jaso dugu, ez gara galdu... Trieri buruzko sentimendu oso baikorrarekin alde egin dugu hiritik, Alemanian ere maneiatuko garela uste tinkoarekin.
Trieren izan dugu gaurko bigarren trumoi zaparrada.
Zabala doa Mossela Trieren ere. Mendi magal oro da mahasti, bere zabalera osoan, kimu berriak burdin hariei lotuta hesoletan.
Nork zioen Alemaniako autobideak bizkorrak zirela?. Badabil, asko ibili ere, auto sendo bizkorrik, baina baita, kamioi asko dabilenez, kilometroetan aldaz gora kamioi motelagoa aurreratu nahi duen kamioi motelik ere; zeharo mantsotzen da bizkorra zitekeen autobideko zirkulazioa; berdin gertatzen da lautadetan, orduko laurogeita biko abiadurako kamioiak orduko laurogeikoa aurreratu nahi du, ondorioz gure joana barearena baina bareagoa eginez tarteka. Doakoa izatea dute Alemaniako autobideek gauzarik onena, eskasa baita zorua, trakata-trakatakoa, zementuzkoa, Hitlerren garaikoa agian.
Herri askotako ikurra da gureetako kukaina edo S.Juan arbola, bere bandera eta guzti; Sakanako "Maiatza" gogarazi digu. Bada zuhaitza non ebaki, harizti eta pinudi asko baitago inguruan. Agian basook sortarazi dute tantaiok herrietan jartzeko ohitura.
Gaurko bigarren ekaitza eta laugarren zaparrada.
Ortzadarra dugu aurrez aurre-eskuineko mendi-zulotik ezkerreko mendi osteraino, bere azpitik baina beti bera aurrea hartzen joango baikinen, beti bere azpitik pasatzear bageunde bezala; luzaroan joan gara horrela, polita izan da ortzadarrekiko jolasa.
Rhin ibaiarekin egin dugu topo; ibai ertzean bukatzen zen errepidea eta beste aldean jarraitu; ontzi batetan zeharkatu behar zen ibaia, ontzia errepide, hiri barruan dena. Ibaiaren beste aldean genuen kanpalekua. Baina guk jakin ez. Erotu gara beti kale bereetan itzulika, frantses zekien emakume batek bideratu gaituen arte. Aurkitu dugu azkenik kanpalekua, gaur galdu ez bagara, Alemanian ez garela galduko sentipena gizenduz.
Euria, euria, euria… etengabeko ia gaurko 59 kilometroetan.
Maiatzaren 3a. Ostirala. 3.a
RENANIA
Mila aldiz entzuna, egunotan ezagutuko dugun lurraldea.
Hemengo txorien egunsentikoa ez da Kixoteren abesbatza poetikoa, kristoren eskandalu eta zarata baizik. Baina polita da izan denda barruan goxo etzanda txori ezberdinen mila hots ezberdinak bereizizko jolasa.
Ipuinetako herriak dirudite hemengoak, ipuin liburuetan marraztutako berberak dira, izan.
Gidaritza lasai geldoan goaz Rhin ibai bazterrean zehar; Bizkaian eta Gipuzkoan pinudiek mendiak hartzen dituzten bezala, hemen kimu berriak kiribiltzen zaizkien hesolek estaltzen du mendi-magal oro; dena da mahasti, mendi eta muino magal oro da mahasti. Haran estuan, errepidearekin batera, ibai zabala; ibai-ontzi luze erraldoiak karela urek hartzeraino zamatuta, ia olaturik ere jaso gabe ibaian, zurrunbilo mehearen buztan zuria urrutiraino utziaz, gu baino geldoago ibai lasaian.
Mainz. Kosta zaigu bere baitan kokatzea, baina atseginez ibili gara, batez ere oinezkoentzako gorde duten zur hezurdurazko etxe bakan baxuko alde zaharrean. Rhin ibaiak biltzen du albotik.
Etxez inguratuta, perspektibarik gabe nahiko itota, ez du tarte edo nondik begiratu handirik eskaintzen izatez gorria izango ez den ateak hetsiriko katedral gorriak. Ateak itxi dizkigu S. Esteban elizak ere Marc Shagalen beirateak ikustea galaraziz. Plaza: zabala, eta atsegina, kapera koloretsu eta kolore argizko etxeek inguratua edo gauzatua, erdian jarritako monolito borobil batek ematen dio sotil ukitua. Schilleren plazako lorategian, Legebiltzarreko eraikuntza gorrixkaren aurrean, metalezko iturri edo ur-jauzi bihurtutako mila iruditxoz osatutako inauterietako eskulturaren alboan bazkaldu dugu dozena erdi bat alproja mozkorriloren begiradapean. Estatua edo eskultura bitxi politez hornitua dago hiria, gaurko artearen erakustoki bailitz: 3 neskatxa guardasolekin, gotzainarena, buztan baten ordez hanka bakoitza buztan zituen sirena… eta hainbat irudi. Badira ere pintura argiz itxuratutako bi dorre aspaldikoak, badira antzinako eraikuntzak, harrizkoak espero genituelako edo, hain antzinakoak iruditu ez zaizkigunak. Urre kolorea nagusi duten santu-irudi koloreztatuak daude kale kantoietan.
Bazen jaialdiren bat, hori erakusten zuten musikarien muntaia erraldoiek, txiringitoek eta telebistako tresneriek, baina arratsaldeko seietan hilda geratu zaigu hiria, gautxorientzako zuloak ezik.
Preso utzi digute autoa aparkaleku ordainduan, atera ahal izan dugu, beti eta nonahi dagoelako herritar adeitsu bat.
90 kilometro.
Nekea, loa ekartzeko pastillarik onena.
Maiatzaren 4a. Larunbata. 4.a-A:3.a
Rhin ibaiaren ertzean kokatua dugu kanpalekua, belar trinkoko belartzan. Dendatik ikusten ditugu aurrean zama-ontziak, turista-ontzi erraldoiak ere ikusten ditugu pasatzen dendatik bertatik; isil doaz ontziok, txori mantso lez, bidaiariak guri so eta gu beraiei begira, denok pozik. Gustukoa dugu kanpina.
Alemania osoa zen hondakin gerra ondoren, duela ez asko. Berreraikia dago gaur egun. Berriro gerra berri bat sutzeko prest, ahalmentsu behintzat.
Tranbiak gorde dituen herria biziko da, indartsu dago, jakinduria erakutsi duelako iraganari ukorik ez egitean.
Telekomunikazio dorre garaiak dira hiri guztietako ezaugarri. Ez da bere momunikazio-dorrearekin kukurruku egiteko gai dela uste ez duen hiririk; komunikazioa da gaur egun nagusigoaren ardatza.
Kosmopolita deitzen zaio aberatsak eta ondo-biziak erakartzen dituen hiriari; ogi bila etorkinak datozkion hiriari, aldiz, hiri industrializatua.
Autoak agintzen du bizitza modernoan, bera da nagusi, nahitaezko tramankulua bihurtu zaigu norabait joan ahal izateko, non aparkaturik ez dugu, ostera, hiri batera joatean.
Berdindu egin gaitu munduko biztanleok janzkerak, azaletik bederen, ez baita erraza Iruñako ala Frankurteko kaleetan gabiltzan igartzea, bai oinezkoon soinekoei bai erakusleihoetako jantziei begiratuz.
Franfurt.
Alemania erdialdeko lurretan kokatua, izugarri zabala da. Dena berria gaur egun, erabat haustu zutelako aliatuek munduko 2. gerran. Dorre digante modernoak ikusgai denetik denera, dena da finantza etxe-orratz, barrena ikusten ez zaien baina barrutik zehatz ikusten gaituzten finantza eraikuntza erraldoi ikusgarri moderno kristalezkoak. 54 metro goiera duen Europako bulego-dorre puntazorrotz garaienak arkatz digantea dirudi, bere mina beltz zorroztuez dirudunek herritarren eta herrien etorkizuna zeru urdinean marrazten. Saltokiak: horiek dira ere kale nagusiko erraldoiak, bertako gailurreko zabaltzatik antzinako etxeteria ikusi ahal da alde batera, etxe-orratz saila bestera. Eraikuntza diganteen alboan, bonbardaketa ondoren berreraikitako antzinako hiru estaiko eraikuntza sendo gorriztak tartekatzen zaizkie ezer nabarmenik ez duten eraikuntza berriei, berriak eta zaharrak nahastuta, bata bestearen parean.
Izugarria da hiriko zirkulazioa; tranbia eta U batez iragartzen den metroa ditu. Mainzek Rhina bezala, Main ibaia du Frankurtek, zabal, zubi ugariz bi ertzak lotuz, zikina, baina turista-ontzi zuri politen ibilbide.
Indiako indioak indiar jantzita, Hegoamerikako indioak bere indio jatorria aurpegian nabarmen dutenak, Arabiakoak ez diren arabiarrak arabiartasuna agirian, buruzapiz arabiarrago emakumeek... Atzerritarra da nagusi kopuruz; eraginez, aldiz, bera da ahulena.
Dorre digantearen aurrean hiruzpalaugarren solairuraino heltzen den burdinazko zilueta erraldoi beltza ari da egun guztian jo eta ke mailuarekin ezerezari etengabeko danbaka erritmikoan: langilearen ezinaren irudi argia, lanari monumentua izan nahi badu ere.
Ugaria da turista japoniarra hemen ere, insersokorik ostera ez da ageri, leku beroetara bultzatu ditu nonbait eguraldi hotzak, etxezulora baztertu ditu agian. Eskaleko eta tipo xelebrerik ere ez da falta.
Zeil kalea: luzea eta zabala, salerosketa eta dendetako jendez gainezka dago larunbatean, jaten edo erosketetan dabil herritargoa; kale musikariak, txosnak, txiringitoak, barazkiak ahots ozenez iragartzen dituzten ortuari saltokiak... bor-bor dago kalea. Kale horretan: banku korrituak, liburutegia, organo dotorea dituen eliza. Enperadoreen katedrala: gotikoa, arrosa eta garaia kanpotik zein barrutik; sarrera: harrian tailatutako irudiz ederra, koloretsu bizia, kolore aunitzez berezia; zein aukeratu ere ezineko triptiko ikusgarriak, txapazko estalki berezia duen bataiarria, organoa: moderno aparta, errege baten harri tailatuzko hilobia… gehi begia piztu eta ibiliaren nekea arintzen duten harri landuzko bitxikeria eta bitxikeriak... Nikolaikirche: gotiko nanoa. S.Leonard: beiratea, harriduraz ahoa zabalarazi digute xehetasunek; triptiko zoragarriak, burdinazko txinget zahar politak, eta eskua masailean "horiek gizajoak" dioen begiradarekin goitik begiratzen gaituen irudia, zutabe barrokoz zein errenazentistaz dotoreak diren aitortegi zabalak; ahozabal zurrungaz zegoen bertako epelera lotara joandako eskaleak; 3 erromes sinpatikok ere merezi dute agurra eliza atarian. Romenberg plaza zoragarria, Udaletxe aparta, patio zabaleko zurdura ageriko etxeak, dena bizi dena kolore den iturri loreztatua. S. Pablo: demokraziaren oroigarri bihurtu duten eliza borobila: pintura-lan batez bete dute erabat barnealdea, ez dugu pintura ulertzen, baina hausnarketarako bidea ematen du: erregearengandik dator edo errearengana doa beltzez jantzitako jende dotorea, oinetan duen, agian zapaltzen duen, herri xehe langileriari begiratu ere egin gabe; demokraziak herria zapaltzen duela, agian monarkiak zapaldu baina demokraziak askatzen duela asma daiteke, agian beltzez jantzitakoak ez dira demokratak, monarkia inguruko herio mezulari aristokratak baizik!; demokratak beltzez jantzita ikusten ditugunez sarri beraien ospakizunetan, nork igarri zeintzuk diren beltzezkook. Uler zaila da benetan Demokrazia. Argia da zapaltzaile eta zapalduen bereizketa mural erraldoian.
Kosta zaigun arren, ez gara galdu hirira sarreran, ezta hiritik irteeran ere.
Saltxitxa jan genuen atzo kapritxoz Rdensheinen; Frankurten ordez ogitarteko begetarianoz bazkaldu dugu gaur kaleko eserlekuan jendetzaren joan-etorriari so.
Kapelarik gabeko burua hozkailu bazaie zorriei neguan, hemen nabil ni errekluta bezala kaskamotz negu berantiar honetan buruko ardien beldurrik gabe.
Inguruko mendi dena da mahats-hesola, mahasti lurrez inguratutako herria da Rdenshein, dena da ardo bertan, denda guztiak dira botilategi. Turismotik bizi denez, dena da lourdes, baina herri zahar jator atsegina ere bada. Gehiago da txakolinarena bertako ardoaren zaporea. Ardo nafarrak nahiago.
Hiri eta ardo usaia duten 139 km.
Maiatzaren 5a. Igandea. 5a-4.a
Gaueko txorien kantu isilen goxoa; gauerako bikote bila dabiltza agian txoriok, arnasa lurruntzeko baino hotz gehiago egiten duen arren, edo egiten duelako.
Eguzkitsu esnatu zaigu eguna, gaur bai, lurrun bihurtuz arnasa goizeko freskuran. Kaskamotz utzitako buruak kapela behar du berezko berokia kendu zaiolako, txanoz ondo estalia darabilt nik neuk ere burua gaur goizean.
Zizare eta zomorro ugari dute gosaltzeko txoriek zelaian; gosaltiarron jaki bilakatzen dira zizare eta zomorrook istant batean, latza da bizitzaren katea.
Inguruko eliza sarrietako etengabeko kanpai-hots ezberdinki ozenek txikitako Euskal Herrira garamatzate gaur goizean. Kontzertu atsegin bihurtu zaizkigu dilindan ezberdinak: armonia-maisu ziren kanpai-urtzaileak.
Asteburua elkarrekin egin nahi duen ohizko gazte edo gaztetxo bikoterik ez dabil hemengo kanpinetan. Gazteek badute, nonbait, beste aukerarik elkarrekin egoteko.
Gurea da denda bakarra kanpinean, ibiltari bakartiren batena salbu; karabana eta antzerakoa da nagusi. Nagusiak eta helduak gara bezeroak.
Aparrez zuri, branka ur gainean ia azaldu ere ezinik, kareleraino hondatuak, gora eta behera doaz zama-ontzi luzeak ibai zabalean igandea errespetatu ezin duen igerian.
Jairik ez du, astegun eta asteburu denak ditu lan egun, kanpineko begirale eta arduradunak: Alemanian ere sosik ez duenaren odolaz egiten dira odolkiak, zerbaitegatik hartu dute eredu Alemania mundu zabaleko agintari eta ugazabek.
Banaka asko dabil, jaiko jantzita, ibai ertzeko bidegorrietan, eguzki epeleko ibili lasaian.
Herri edo udal aparkalekurik ia ez dagoenez, dagoena hartu behar izaten dugu; aparkaleku pribatuak xurgatzen du gure sosen zati on bat. Iruñean 100 pezeta litzaigukeena 1500dik gora ordaintzen dugu hemen; ordez, doaneko autobideak orekatzen du auto-aurrekontua.
Argi, telefono eta gainerako zerbitzuak lur azpitik doazenez, errepide erdiko estalki-txapa borobilok dingili-dangala jartzen dute autoaren ibilera, hemen ere. Aurrerapenei morrontza.
Tankera ezberdineko hesi garaiz babestuta daude autobide eta errepide alboetako etxe, auzo eta herriak autoen hots burrunbatsutik. Arazoa sortu eta ondoren konpondu, negozio bikoitza.
Italian bezala, harri lauki gorrizka zein arrez zolatutako lurra dute Alemaniako herri ororen oinezkoen kaleek. Hala ziren garai batean kaleok, ala ez dute oraindik asmatu antzinatasun giroa emateko beste zoru-modurik?.
Gaurdaino hain misteriotsu eta urrutikoa zitzaigun Rhin ibaiaren ertzetik goaz, lasai, gustura, ingurua eta ibai zikinaren bizitasuna miretsiz. Atseginago dugu autoa ibai-ontzia baino, merkeagoa batez ere. Daramagun ibaiertza baino ikuspegi zabalagoz ikusten dugu bestaldekoa; itzuleran ikusiko dugu orain daramagun ertza bestaldekoa ikusten dugun zabaltasun berdinez, beste alde horretatik.
Rhin ibaia du erdian Koblenzara arteko baso malkorrez inguratutako bailarak, trenbidea eta errepidea doaz bi ertzetan; sarriak dira herriak bide osoan. Gazteluak dira benetan ugariak, bata bestearen ondoren agertzen zaizkigu gazteluok, aurreko gizaldian modan egon ziren gazteluak, harrizko ilunak, berriztatuak; harro eta lerden, ibaiaren zaindari eta kontrolatzaile, beheko ehizakiaren zain dauden arranoak dirudite.
Garraiobidea da batez ere Rhin ibaia: kamioiek errepideetan bezala, harea, txatarra, kontainerrak, autoak eta estalitako auskalo ze zama modu garraiatzen dute etengabeko joan-etorrian zama-ontzi luzeek. Turista-ontzi zuriak ditugu begien bizipoz, tarteka, lepo doaz hauek ere, agur egiten digute turistek errepidekooi. Atsegina dakar opor orok, eta poz-plus bat eskaintzen du ibaiko bidaiak.
Gaztelutxo txikia dager, argitsu, ibaiko kaioa bailitzan, ibai erdiko lehor-gune batean: ez ote zen bere garaian ibaiko zerga kontrolgune bat.
Jadanik ezagunak zaizkigun horietakoak dira eskualdeko herritxoak, atseginak, argiak, koloretsuak, kolore gorrizka-hori-berdez pintatuak; gehienetan errepide kontrako etxe ilara bakarra besterik ez dira herriok, edo errepidearen aldi bietako bi ilara, besterik ez; bailara zabaltzen denean, herriak ere zabalagoak dira. Gailen nabarmentzen dira eliza-dorreak gaztelu-dorreez gain; dorre gotiko garaiak, dorre borobil apalak, dorre puntazorrotz beltz ilunak… elizaren arabera. Arbelezkoak dira teilatuak, arbela baita mendia.
Asperrezina da begientzat kareleraino hondatuz zamatutako ontzien joan geldoa.
Ez dabil kotxe zaparradarik, ezta txirrindu askorik ere. Igande-pasako gutxi dabil errepide eta herrietan, Italiako txirrindu kulturarik ez dago nonbait, agian igandetan ateratzeko zaletasuna da motelagoa. Igande asko dugu aurretik erantzuna argitzeko.
Mahasti eta hesola-gune bihurtu dira garai bateko maldetako arboladiak Koblenz inguruan; hiri inguruko bailara, berriz, norbanakoaren baratz zaindua da.
Koblenz
Hiri industriala. Erabat birrinduta geratu zen gerra garaian, fabrika-gunea ez ezik kaledia bera ere. Gerraren astakeriak.
Rhin eta Mossela ibaiak elkartzen dira bertan. Biek ematen diote hiriari arnasa, grazia eta bizitza. Izena galtzen du Mossela sendoak, bere ur-ahalmena irabazten aldiz Rhinak luzeagoa delako. Bertako zein pasoko, jendetza elkartzen gara, denbora-pasa, ibai biak elkartzen diren gunean. Errumaniakoa ezik, ezagutzen dudan monumenturik handienetarikoa dago bertan, brontzez urtutako kaiser bat duela tontorrean. Jendez gainezka ingurua, ez da falta txosna eta saltokirik, baina ibaien elkargune ondoan lainoetara luzatzen dela dirudien garabi gorri batetik egiten den junping edo jauzia bihurtzen da jai eguneko erakarpen nagusia.
Kanpandorre bikoizdun bi eliza daude iragarrita gidan baina gutxienez bost antzerako konta daitezke hirian; bi direnez ibaiak bina kanpandorrez gandortu zituzten nonbait elizak ere. Gasteizen gotiko modernoa bezala, hemen ere antzinako taxuko eliza jaso zuen ez hain aspaldi aurrera begiratzeko gai ez direnen imitatu beharrak. Joanaren lilura, kokoteko begiez begiratuzko artea. Dorre bizki ortodoxoak dituen elizak merezi du bisita: barrualde gotiko polikromatua, triptiko zoragarria den erretaula, lehengoak bezain barne giroa sortarazten duen txatal nanoko beirategi berri ederra, bataio-ponte kilikagarri polikromatua txapel zintzilikatu batez estalia, alboko barneluzego gainak koru bihurtuta, irudimena erakusten duen ur bedeinkatu ontzi funtzionala elizpe erdian… Buru-beso mugikorreko irudiz osaturiko iturri guretzat ezohizkoa, jauregi zuriak inguru gorri eta arrearekin bestelakotuz, gazteluak, turista-ontziak, eten gabe dabiltzan era guztietako zama-ontziak…
Ez du aspertzen Rhin ibaiak, hondartzan olatuen ikuskizunari bezala, datozen eta doazen ibai-ontziei begira lasai, geldi eta atseginki pasa ditugu orduak.
Bacharach, Erdi Aroko herritxo petoa, bere-berean gordea eta zaindua, turisten diruz bizitzeko moldatua. Dorre, dorretxo, errekatxo, pasabide mehar, etxe azpitiko erreka, etxeen zurajea, gaur egun kale bitxia den harresi gaineko arkupe estua... ametsetako herritxoa, jostailuzkoa, ipuin liburuetakoa, maitagarrien ipuinetakoa. "Invitaciòn a la danza" pelikulan Deny Key bezala ipuin batetan sartuta pasa dugu arratsaldea.
Bingen, 6 markogatik auto eta guzti Rhina zeharkatuz gure herrira ontziz eramaten gaituen herri hasia.
Orain arteko egun eguzkitsu bakarra. Egun lasaian, erro patxadakoagoak botatzen dituzte oroimen eta sentipenek ere .
130 kilometro, argiak, Rhin ibaiaren lagun
Maiatzaren 6a. Astelehena. 6.a
Tere Irastortzaren poemek, khantoek, girotzen dute nire barnea egun gris hauetan.
Hegazti hanka-lepo luzeak dabiltza hegada pausatuan ibai gainetik, tarteka ibai ertzetan pausatzen dira, bidegorriko ibiltari nagusi bakartien begiradapean.
Bada krakadaz ozen zaidan baina begiz jo ezin dudan txoria ere alboko makal lerdenetako adartzan.
Lo-eragile kulunkari goxoa bihurtu zait ontzi zamarien motor zurrumurrua.
Bardeetara bonbak botatzen trebatzera doazenen gerra hegazkinak ere pasa dira, ziztu bizian eta trumoi hotsean, eguna ilundu eta hozten diguten lainoen gainetik.
Autobide eta errepide nagusiak utzita, mahasti arteko ibilia aukeratu dugu, etxe-hormak marrazki koloretsuz apaindutako herrixka eta herri koskor garbi txukunetan zehar; aparteko grazia barneratzen du tankera horretako gidaritzak. Noizbehinkako notizia da fruta-arbola, dena baita mahasti hemen; dolare eta upelak daude kaleetako apaingarri herrietan, sarriak dira ere estatua eta eskulturak mahats eta ardoaren giroa nabarmenduz.
Marienthal. Frantziskotarren monasterioko Amabirjina azaldu zaigu bidean beste santutegi baten atzetik gindoazela. Harri arrosazko zirkulu sendo-sendo baten erdian, pietatea dirudien irudi nanoa da bertako Amabirjina, badu Arantzazukoaren tankera bere osotasunean.
Eliza barrenean hormetan itsatsitako auskalo zenbat marmolezko laukitxoek eskerrak ematen diote Amabirjinari ulertzen ez ditugun mesede bereziengatik. Bi organo nano bitxiek osatzen dute barrutik buelta osoan pinturak dituen eliza gotikoaren inpresio ona. Debozio handiak eliza txiki uzten duenez, aterpedun muntaia dute fraideek elizatik at elizkizunetarako.
Gaztelu baten bila gabiltzala, Joannisberg monasterioak zabaldu dizkigu ateak. Kanpotik arbelezko horma ilunak ditu, barrutik aldiz eliza austero berritu berria da; lehen aldiz ikusi dut, koadro batean, S. Judas Tadeoren irudia. Handia, zaharra, karratua eta berezia da gurutzadurako zurezko ganga; eliza handi bati hala zor zaionez, handia da eliza osoko ganga ere. Modernoak dira, irudi eta gainerako apaingarriak. Ur bedeinkatua eramaten du herriak etxera; ze nolako tragoa egun beroa balitz, Errumaniako eliza ortodoxo hartan egin genuen antzo. Fraide batzuen ostatu edo atseden-etxe dotoreko negozio dotoreren bat ere badu, ohi denez, monasterioak. Santutegi orok bezala, ederra da bertatik ikuspegia, Rhin ibai eta mahastien behatoki da monasterioa.
Eberbach, edertze eta berritze lanetan murgilduta dagoen monasterio erraldoia. Ardoa egiten zen bertan aspaldiko garaietan; gaur egun, mahastietako txartelek diotenez, ikertu ere egiten da bai ardogintza, bai mahatsa bera ere; baina saldu ere egiten da ardoa, dendan ikusten denez. Eliza erraldoia non kontaezinak diren fianbre-hilobiak eta neurriz kanpokoak jauntxo eta erlijiosoen harlauza tailatuak, antzinako dolare eder eta handia, upelategi ikusgarriak, kapitulu gela, jantokia, putzutik ura ateratzeko biradera berezia... dena zabal, dena handi, dena ezuste, dena harrigarri. Zer ez ote zen monasterio hau bere garai oparoan. Turista-gune jendetsua izanen da berrikuntzen ondoren.
Kiedrich. Eliza: gotiko potxoloa da, potxolorik bada, herri honetakoa. Herria presbiteriotik banatzen duen harrizko arku hirukoitz garaia, nerbio polikromatuzko harri gorriz pintatuzko sabaia, triptikoa, antzinako bankuteri sendoa, ateburu punta-luzea irudiz edertua... berari so aspertzen ez duen elizatxoa. Harrizko horma borobil batek inguratzen du eliza, harri tailatuzko gurutze-bide erraldoia babestuz.
Elizarekin bat dator herria bera, inguruko herrien petoa, petoagoa oraindik pintura, iturriz, upelez eta txukuntasunez: ipuinetako herritxoa.
Txinget bereziak dituzte eliza askok.
Izan izanen da herritar artegaturik, baina pasoko bidaiari-begiz ikusitakoaz, ez dirudi herriotako patxada honetan estresik egon daitekeenik.
Wiesbaden. Bainuetxe hiri dotorea omen. Guk betiko jendea ikusi dugu, eguzkipeko kaleko eserlekuetan edo elizako zein legebiltzarreko harmailetan eserita, begiak bilduta, eguzki gosez. Legebiltzarra, adreiluzko etxeak, eraikuntza dotoreak, kasinoa, antzokia... badu, bai, aberats arrastorik. Kaiseraren bainu-etxean emakume eta gizonezkoek elkarrekin har dezakete bainua bi mila pezetaren truke, biluzik, bainugelako igerilekutxo dotorean. Aberatsena baino gehiago da ondo-bizien hiria Wiesbaden, handi izan baino gehiago handiki planta duen jende arruntaren bainu-herria.
Ez dugu aberatsik ikusi hirian, etorkin asko bai.
Amerikar taxuko beltz asko dager kaleetan: etorkinak ala gerra inguruan soldadu aliatuek emakume alemaniarrekin sortutako seme-alabak ote, bortxaketaren ondorioz sortutakoak agian.
Xumeak, atseginak, bereziak, politak, izan ohi dira herri txikiak; kale aratz eta garbiak izan arren, eraikuntza handi-mandiak eduki arren, arruntak ohi dira, aldiz, aberatsen hiriak
Eguzkipeko 80 kilometro lasaiak.
Maiatzaren 7a. Asteartea. 7.a-A:6.a
Erreka zuloak terrala ohi duen bezala Rhin ibaiak ere haize hotza du eguneroko bezero.
Euria bota digu bart eten gabe, haize zakarra ekarri du lagun, arazoak sortu dizkigu dendan. Iaz Italian aurten hemen, ohizkoa bihurtzen ari zaigun eguraldi petral hau; ezohizkoa omen Alemanian. Ezohizkoa da izan gure bizitza ohizkoa ere.
Fruta-arbola asko dago Bingen gainaldean, Rhin ibaitik gorako lur zabaletan, adarrak bideratuz txiki eta zabal hezitako fruta-arbolak dira, dena daude zuri loran. Gora egin du aspaldiko partez errepideak, gainez gain goaz begiak urrutiko herri, lur-andu eta basoetara zabalduz; beherantz egin dugu ondoren, berriz ere gorantz egiteko.
Herri nekazarietatik gabiltza; Rhin ibaiaren ingurukoak baino herri apalagoak dira hauek, horma zurien eta teilatu beltzen kontrastez deigarri egiten zaizkigun herriak; horma zarpeatu zuriak zuriagoak bilakatzen ditu teilatu beltzen kontrasteak, eta alderantziz, beltzagoak bilakatzen dira teilatuak horma zurien gainean.
Erdi-erdian iratxoa dirudien agure baten aurpegi irribarretsu bizartsua tailatu dioten enbor sendoa ageri da tarteka sarri kale ertz edo belar-gune batetan. Herri kultura da, edo tailagileren bat bizi da inguruan: iola ere ez liluragarria, apala berez, baina osoki tailatutako gurutzea ere deigarri nabarmentzen da zelai ertzetan.
Stronberg. Gaztelua du tontor batean, harro eta altu bere apaltasunean; urrutitik ikusgai egiten du dorre borobilaren gandor koniko harbel-belarriz beltzak.
Bailara oso politean, basoko erreka-zuloan, haziendarik erakusten ez dituzten zabalgunetako belardietan, errekasto baten albotik bidea eginaz doa errepidea. Umeren baten jostaleku segur aski, zelai berde batean pelikuletako indioen denda peto-petoa agertu zaigu. Ondoren, erreka kontra, errota uste dugun etxe bakartiak lotu dizkigu begiak. Paraje hotzetarako, agian elurrerako arraza nonbait, ardiek ohi duten hile luzeko txahal edo behi nano beltzak ari dira larrean. Baso erdian goaz, izei, pago, haritz, urki eta sastrakez gozatuz, Sakanara hegan egiten utziz irudimenari.
ITT fabrika handia baso erdian. Autobidea du gertu.
Gainez gain goaz, goilautadako ibilian, kilometro luzez; ez dira goialde garaiak. Garitza berdeak. Han-hemenka, teilateria zapal beltzeko herritxoak, eliza handiak eta dorre garaiek are nanoagoak egiten dituzten etxe txikiko herriak. Bada teila gorriko teilaturik ere, baina bakarrak dira hauek, teila zapalekoak. Zerk bultzatzen du etxegilea hemen arbela eta hareago teila gorria erabiltzera?. Hariztiko arbel itxurako harri iluna erabiliz adreilu gorria egiten dute Etxarrin..
Ia autorik ez dabil zoru leuneko errepide galduotan; lasaia, geldoa, atsegina da gidatzea. Gereziondo ilara luze zuriek eta arandiak izan daitezken sastraka lorez elurtuek edertzen digute bidaia. Inguru bereziagatik ezberdin, eliza polit bat izan dugu ezuste atsegina.
Maiatza ikusi dugu herritxo batean, Altzolako S. Juan arbolak bezala enborra zurituta. Aurrerago, Mossela ibaiaren alboko ia herri gehienetan ikusiko ditugu maiatzok, koloreetako zapi luzexkaz apainduta batzuk; goiko adarretatik zintzilikatuta, oso goian, belar edo arrama berdez egindako koroa borobila dute, enborra bilduz, dingilin-dangala haizearen eraginez.
Izeidi zabalek estaltzen dute lurraldea, enbor zuritu pilatuak barreiatzen dira han-hemenka; enbor zuritu tolestatuek pila izugarriak egiten dituzte aroztegiak diruditen eraikuntza inguruetan, zenbait herritxotan; zurginik egotekotan hemen behar du egon.
Ez da turista lekua, ez baita ageri hotel, ostatu, taberna, txiringito, ardo edo pitxia saltokirik inongo bide ertzean.
Baxuzkak diren arren hemengo mendiak, 180 graduko birez egin dugu behera Mossela ibaira; bata bestearen ondoren, jarraian, datoz birok; baso barruan arren, iazko Dolomitak gogarazi dizkigute.
Bidegorri asko ikusten da, oinezkoentzako bidexka zaindu eta prestatuak errekastoaren ertzean zehar; errepidean bertan pintura zuriz eta marra ozenez nabarmendutako tartea dute oinezko eta txirrindulariek.
Bernkastel-Kues. 1600. urte bueltako etxeak plazan, banan-banako etxe xarmanteko kaleak, garraio-ontzien garraiobide den Mossela zabalaren alboan: kale okerreko herritxo bihurri aparta. Dena da turismoa bertan; dena denda, dena kafetegi, dena jantoki, dena gu bezala joandako jendea. Denden erakargarritasunerako irudimen eta bitxikeriek erakusten dute zenbateraino duten turismoa bizibide.
“Kastel” du osagai herri-izenak, baina ez dugu gaztelurik ikusi.