Bidaiak
Eguzkia aurkituko liluraz abiatu ginen iaz Italiako Rivierara. Euria eta hotzarekin topo egin genuen ordea. Ikasketetako historia gogoan, komunikabideetako eguraldi mapa begietan, hotz izango dugulakoan abiatzen gara Alemaniara, Italiako alderantzizkoa gertatuko zaigun itxaropenez.
Herriak
Herrialdeka sailkatu ditut bisitatutako lurraldeak eta herriak, baina ibilia ez doa hain zehatz, joanak berak eskatzen dizu sari herrialde ezberdinetan jauzika ibiltzea.
- ALEMANIA: Bingen.
- RENANIA. Trier, Trier, Mainz-Maguncia, Koblenz, Bacharach, Marienthal monasterioa, Joannisberg monasterioa, Stronberg, Bernkastel-Kues, Mossela bailara, Cochen, Eltz, Bar Kreuznach, Meisenhein, Mozingen, - Worm, Speyer, Bingen
- RENANIA-WEESFALIA. Lemgo, Höster, Weiserberglan, Soest, Kassel, Bon, Kolonia, - Aachen-Akisgran, Düsseldorf.
- HESSEN. Franfurt, Kiedrich, Wiesbaden,
- BADEN. Eberbach, Heidelbarg, Heilbronn, Stuttgart, Ulm, Blubeure, Reutungen, Tubingen, Haigerloche, Schanbisch Hall, Rohenburg ob der Tauer, OIHAN BELTZA:Freudenstad-Schiltach-Wolach, Friburg, Breisach, Titisee lakua, Toodmood, Monsteltal bailara, Konstanz lakua, Konstanz hiria, Reichenau irla, Meersburg, Mainau irla, Ravensburg, Tubinga basoa.
- BAVIERA: SUABIA. Lindau,, Dachau kontzentrazio eremua, Dachau herria, Ausburg, Landshut, Regenburg, Munich, Oberammergao, Ettal, Garmish, Mitenwald, Lansberg-am-Lech, Ammersee, Herrschang, Andech. FRANCONIA: Nurenberg, Würzburg, Bayreuth, Bamberg, Fränkishe Schewiz, Coburg, Eisel?.
- EKI ALEMANIA. TURINGIA. Treben-trabach, Weimar, Buchenwald kontzentrazio-eremua, Erfur, Bad Berka, Buchart.
- BREMEN. Bremen
- SAXONIA, Riesa, Meissen, Dresde, Leizig, Bautzen, Gorlitz, Lünenburg, Celle, Hannover, Hildesmein. Hamelin, Goslar, Holzminden, Eschershausen, Münden .
- HESSEN. Kassel
- BRANDERBURGO, Postdan, Bradenburg, Gendekst.
- Berlin.
- IPAR ALEMANIA, BALTIKO ITSASOA. ECLEMBURGO-PONERAMIA. Wustrow, Born, Barth, Wanermunde, Prerow, Bad Doberan, Heildigendam. Kulunggsborn, Graal Muritz, Ledebas, Rugen irla, Putbus, Saanitz, Ribnitz, Damgarten, Stralsund, Rostck, Neuburkow, Schwerin.
- HAMBURGO. Hamburg.
- SCHLESWIG-HOLSTEIN. Lubek
FRANTZIA, CHANPAGN: Reims. LORRAINE: Verdun, Metz, ALSAZIA: Strasbourg. Colmar, Riquewihr, Amiens.
- LUXENBURGO
- SUITZA: Basel. Zuritz.
- BELGIKA: Lieja.
Maiatzak 1. Asteazkena. 1.a
FRANTZIA
CHAMPAGN
Lainoa eta euria ditugu aurten ere lagun ibilaldiaren hasieran, eguzkiaren bideak, gure gaurkoak bezala, erdia egin duen arte.
Hainbat geldiune egin beharra izan dugu bidesaria zela eta, bizkor ibiltzeko errepideko lurrez jabetzen dira, eraikitzen dituzte bideok eta gero errepide zati bakoitzeko ugazabak gelarazten zaitu bidesaria kobratzeko. Bidelapurren antz bizia du. Pinudiz bilduta Landetan, nahi haina eta bi mahasti gero, lasai joan da ibilia.
Bordele aldean zeharkatu dugu Garona zabala. Bidaia berdea, berdea baita udaberria edonon. Etxeko pasilloan baikindoaz alboetako hesiz inguratu eta bilduta inguruez itsu arren tarteka, urruti geratzen zaizkigun herritxoak, garitzak: Sakanan bezala haziak, tarteka begiak gozatzen dizkiguten koltza lore hori distiratsuak, noizbehinka arto-sail erne ondorengo berde argiak, Gaztela edo Andaluziakoak bezain lur luzeak, lur haietan ez bezala lainoetan marrazten diren zuhaitzak, gaurko gurutze moderno antena-orratzak nonahiko tontorretan inguratzen gaituzten baina ikusten ez ditugun uhinen bidez mila harreman eta mezu gauzatzen dutenak, "Frantzia bakana”: garitzetan zehar atoi gainean zihoan belaontzia itsaso berdean bailioan, ezagun zaharrak zaizkigun Loirako gazteluak, arbelezko teilatu-gain luzedun etxe ilunak, Orleans-ko dorre bizkiak urrutira handiki, Versalles ingurua dena baso kilometroetan, teilatu gorrizko herritxoak tarteka amona-mantagorri bailira zelaian, petrolio putzuetako mailu diganteak gora eta behera errementari ikusezinak eraginda... puzzle zabal luze baina ez aspergarri hori osatuz heldu gara 10 ordu laburren ondoren Reims-era, Paris urrutitik saihestu eta gero.
Reims. Ezagun du jauntxo eta jende handiaren pausaleku zein pasabide izan dela. Aspaldikotasuna gordetzen duen hiria. Badu bere kanala esklusa eta guzti, badu non ibili, non patxadan pausatu, bertan lasaitasunean gelditzeko gonbite iraunkorra da Reims. Begiluzeengandik babeserako haina kaleko oinezkoen plazererako dirudite leihoetako gortina politek. Harrokeriarik gabeko herri zahar duina, taxu zaharreko teilatu pendizekin.
Mila gauza ditu erakusteko Reimsek, baina katedrala du bere altxor nagusia; gotiko petoa: sarrerako hiru ate eta ateburu-arku zorrotzak, kanpoaldeko eliza buelta osoa, arku-bueltak eta fatxadako koskak… dena harrian zizelaturiko santu-irudi erraldoiz eta miniaturaz beteta. Brist egiten dute Mendebaleko ate zoragarriek arratseko argi gorrikarara; hainbat artisauren lan bkaina izandako harrizko santuon tolesak igaten ari dira jadanik, hauts bihurtzen santu-irudiok egitea agindu eta egin zutenak bezala. Dena landua, dena harri zizelatua, filigrana bada kanpotik, austeritatearen paradigma da barrutik: luzea eta garaia, baina hutsa, austeroa, beiradurak eta santu-irudi zizelatuzko fatxadako ormaren barrualdea ezik. Zoragarriak dira beiradurak, dena miniatura, dena zatitxo txikiez osatutako ortzadarreko koloreen mila konbinaketazko puzzleak, dena kolore, dena txikikeria, kanpoko argiaren eraginez giro berezia sortuz. Jenialak. Ederrak dira tarteka gorri eta berdeko Chagalen beirate urdinak, baina duten distira lausotzen zaie besteen alboan, ez dute haien diz-dizik. Orduak jotzean santu-irudiak ateratzen zaizkion ordularia, zurezko organo erraldoia... baditu detaileak, baina austeroa gelditzen zaio barnea. Kanpoa hain aberatsa barrua berriz austeroa, zein ote garai haietako filosofia erlijiosoa?.
Udaletxeari: fatxada soilik garbitu diote.
S. Remi: austeroa baina ederra da, kanpotik behintzat.
Erromatarren ate hirukoitza, palazioak, eraikuntzak... badu Reimsek begiak non pausatu.
Gosetiak hagin ona duenez, gozoa izan zaigu afari merkea.
1.033 kilometro, zenbakiek dioten baino motzagoak.
Maiatzaren 2a. Osteguna. 2.a-2.a
Bi zaparrada izan dira goizaldean, lehor abiatu gara halere eguneko ibilbidera.
Lurralde berdinari ohi zaion atzoko paisaia berdina. Ni neu kontrabidetik sartu banaiz ere bidegurutze batetan, eguzkia zintzo eta zuzen sartu zaigu bero-bero gaur goizez. Errepideko lubetak apainduz, tamaina guztietako kolore ezberdinez pintaturiko irudi geometrikoek arintzen dute irudimena kilometro luzeetan. Barne finezia eta aurrekontuetan kostua kontutan hartzea besterik ez da behar hain erasotako bazterrak sinpletasunez baina dotoretasunez nolabait alaitu eta gozatzeko.
%130 kilometrokoa da abiaduraren gehiengoa autobideetan, %110ekoa euria denean. Bizkor baina taxuz gidatzen da Frantzian, aurreratzean abiadura bizkortuz, aurreratzea arin egin eta berehala eskumara sartuz atzekoari leku emanez.
Ezker-eskuma begiradak biltzen duen kilometro luzeetako lur zabalera osoa da baso. .Argone basoa zeharkatu dugu erdi-erditik, gora lehenengo behera gero; urki txankameheak estaltzen du autobide ertza, izeia eta haritza nagusitzen da barnealdean. Ez dira Sakanako haritz mardulak, luzexka meheak baizik; berde argi goxoz udaberritzen ari dira garai honetan.
Egin berria da autobia zabala, egoera berrira egokitu beharko du berriro naturak, ura ez baita lehengo bidetik irristatuko, animali txiki nahiz handiek ez baitute batetik bestera basoa zeharkatu ahal izango. Autobidea egin ondorengo guztietan bezala, zenbat animalia talde geratu ote da autobiak banatuta, hemen ere, muga artifizialek gizakiak eta herriak banatzen dituzten bezala. Bakarren interesak gehiengoaren bizitza baldintzatzen duenean, ezer onik ez.
LORRAINE
Alemaniako mugaraino hartuko gaituen Lorraine lurraldean gara. Inguru zabaleko mendi-gain guztiak dira baso; bailara berdeak tarteka, non garia ez den beste dena belatza den; behi holandarrak dira nagusi larrean, baina behi suitzar bakarrek erakusten dute abeltzain zenbaiten helburu ezberdina, haragia edo esnea, baita belardi ezberdinera egokitu beharra ere. Ugaria da koltza. Nekazarien borroka biziraupenerako merkatuari begira.
Arbola artean gorantz, dorre batek erakusten digu badela herriren bat, baina ez dugu herririk ikusi. Sarria da baso-kaskoa lur landu zabal berdean, bukoliko ukitua emanez paisaiari, eraman errazagoa eginez bidaia bera ere. Ondo berdindutako leuna da autobideko zorua, atsedentokiak berriz ugariak eta zainduak; berezkoa dute frantsesek txukuntasuna, agian erakargarria egin nahi dute lurraldea; izan zuen politikariren batek gauzak taxuz egiteko erabakia.
Bere harrobi eta zementu fabrika du inguruan hiri bakoitzak. Verdunek ere berea.
Verdun. "champ de bataille, 1914-1918", gerrarik ez deneko "bakearen hiria". Pikutara bakea, beste interesik bada.
Paisaia aldatu zaigu mendi ostean: sarriak dira nekazari herritxoak, karratu garai bereziak puntazorrotz beltzez bukatutakoak dira eliza-dorreak, prisma puntaluze ilunak bailitzan, gailen teilatu gainetan, orratz luzea marrazten dute ortzian zenbaitzuk; pope kapelaren itxurako metal berdexkako dorre-mota ere ageri da tarteka, izan zen, agian den, erlijio norgehiagoka adieraziz.
Ejertzitoa agertzen zaigu nonahi, mugalde guztietan bezala.
Baso asko erdibitzen du autobideak, bidea artezagoa egiteagatik; lur landuak ez ukitzeagatik agian, bakarren interesak nagusituz, berriro ere.
Dena da herria Metz hirira inguratu ahala, bata bestearen ondoren datoz herriok; eliza-dorre puntaluzeak gailentzen dira hemen ere lautada zabalean hiri nagusietako jauntxoen inguruarekiko eragina azpimarratuz. Ipar Europako herrien antza dute teilatu pikeek; baso edo zuhaitz artean kokatutako etxe baxuek osatzen dute herria: herri zaindu txukunak dira, gustura begiratzekoak, "hautsak kendutakoak" dirudite, aratzak.
Mossela ibaia: izugarri zabala, dena arboladun irlatxoz osatua.
Metz: gerraren inguruan sortutako hiria, hiri militarra izana, dena ere gau-egun ere, kaki koloreko militar jantziek erakusten dutenez. Hondar-harri horixkaz eraikitakoa, hiri horixka da beraz; erdigune oso oparoa eskaintzen du: oinezkoentzako plaza nagusi zabala, ibai-ontzientzako kanalak, pasealeku bihurtutako ibaiertzak, lorategi asko eta zabalak lore ugariz edertuak. Ondo bizi izateko pentsatutako hiria, patxadan ibiltzekoa, bertan gustura sentitzeko hiri garbi eta txukuna.
Katedrala: 13-16. Gizaldikoa; beiradura zoragarria du, kolore gutxiago dituenez, Reimsekoa baino motelagoa da; urteek belztu eta euriek tarteka garbitutako zatiek kontrastea eragiten dute garbitzen ari dira. Zurezko organo zuri xarmanta goi batean eta zurezko pulpitua azpimarratzekoak ditu ere. Etxeak: beste garai batetako harrizkoak. Frantziako zaharrena omen den eliza; dorrea bakarrik geratzen zaion eliza. Unibertsitatea: ikaslez betetzen du hiria. Gortinak: kanpotik ere gozatzeko jarritako gortina politen kultura.
"Alemanian lekurik ez al dago" ahopean marmarka erretxindu zaigu tipo bat plazan, Alemaniarrak garelakoan.
Kontzertu entsegu saioa eskaini digute orkestra eta bakarlariek katedralean, errepikapenak zenbateraino diren aspergarriak erakutsiz.
LUXENBURGO
Eraikuntza sotil bat da duana: poliziarik ikusi ere gabe, sartu gara herrialdean. Lorraineko paisaia errepikatzen da : lautada, basoak, belatzak, garitzak, behiak... bukolikoa.
L hizkia daramate autoek, matrikulan berriz bi hizki eta zenbaki beltzak xafla horian. Nork esan du ezin dela independente izan Euskadi Luxenburgo independente bada. Arazoa da ia Luxenburgo bezalakoak izan nahi dugun euskaldunok. Fabrika eta negozio handiak izan nahi ditugu, indartsuak izan nahi dugu beste batzuei agindu ahal izateko, besteak baino gutxiago ez izateko harrokeriaz. Aginpidea, indarra eta boterea, aberastasuna nahi dugu ondo-biziak izateko. Auto ederrei begiratuz ez dirudi luxenburgotarrak gaizki bizi direnik. Herri apala agian, baina askea. Turistak erakartzeko baino apalagoa agian, badirudi ez dutela ezer erakusteko; agian ez dute dutena ere erakusterik nahi edo erakusgai jarri beraien bizimoldea aldatuz. Nork dio gu baino okerrago bizi direla?.
Autobideko karril neurketa dela-eta bertan zebiltzan lau tipok sortu duten kilometroetako butxadurak behintzat parekatzen gaitu bi herriok.