e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Anubis 3.0, gaur egungo arimagabeen kritika gupidagabea zientzia fikzioz mozorrotuta
Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariak urtean behingo albumen argitalpenekin jarraitzen du. Euskarazko komikigintzan aktiboki eta era jarraituan aritzen den agente bakarra dugun hau (digitalean soilik eta lau hizkuntzatan argitaratzen duen Sauré argitaletxearen salbuespenarekin), album bilduma oso majoa osatzen ari da. Aurretik Saiak (Joxean Muñoz eta Juan Luis Landa), Piztia otzanak (Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado), TeleAtoi (Dani Fano) eta Azken garaipena (Iban Zaldua eta Julen Ribas) atereak zituen; oraingoan Dani Fano aldizkariaren koordinatzailearen album berri bat kaleratu du: Anubis 3.0 - Arimaren pisatzea.
Anubis 3.0 komikia zientzia fikziozkoa da (etorkizunean kokatua, non jendearen arima pisatzen duen makina bat asmatu duten, antzinako egiptoarren psikostasiaren bideari jarraiki), baina neurri batean soilik. Bere benetako helburua gaur egungo munduaren gizatasunaren (edo gizatasunik ezaren) inguruko hausnarketa eta kritika egitea da. Hala, arima pisatzen duen makinaren bitartez, gure jendartean goi mailan dauden klase sozialak larrutzen dira gupidagabe: tertulianoak, enpresariak, bankariak, publizistak, mediku dopinlariak... Mendeku pertsonala hartzen du egileak horien guztien kontra.
Horrela esanda panfleto politiko edo kritika sozial hutsa lirudikeen arren, ezer ez errealitatetik urrunago. Lanaren kalitatea eta balio literarioa ezin dira zalantzan jarri. Istorioak landuak dira oso, ezusteko biraketez beteak. Aurretik Xabiroi komiki-aldizkarian atalka agertu denez, pertsonaia bakoitzaren istorioak autokonklusiboak eta osoak (bere zentzu guztietan) dira, baina aldi berean arima pisatzearen kontuak ematen dio guztiari beste osotasun bat, ustekabeko amaiera eder batekin. Eta zientzia fikzioaren tradizio klasikoenean bezala (Blade Runner, I, robot...), robotaren figuraz baliatzen da egilea gizatasunaz hausnartzeko, hemen ere agian denetan humanoenak arimagabeko robota delarik...
Daniren lanetan ohikoa denez, irudi eder eta landuez hornitua dago albuma. Gainera, hiru garai irudikatu beharraren zailtasun gehigarria du, komikian antzinako Egipto, gure garaia eta etorkizuna agertzen baitira. Denetan ederki moldatzen dela erakusten du Danik (etorkizuneko dekoratuak marrazten aurreko TeleAtoi albumean jasotako esperientzia nabari da).
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi albumaren promoziorako Dani egiten ari den lana, orain arte ikusigabea euskarazko komikigintzan. Webgune ikaragarria egin du (http://anubiskomikia.blogspot.com), informazio baliagarri eta irudi eder ugarirekin hornitua: komikiaren sinopsia, psikostasia zer den, orrialde baten eraikitze prozesua, irudi amaituen eta zirriborroen galeria, komikiaren 10 orri ikusteko aukera... Eta (nik dakidala, lehenengo aldiz euskarazko komiki batentzat) bideo trailerra ere egin du Danik, polita benetan. Bestalde, Willy Roa adiskide, irrati esatari eta 3D irudigileak komikiko robotaren 3D animazio bat ere egin zuen. Behean dituzue biak.
ANUBIS 3.0 TrailerHD from Dani Fano on Vimeo.
Anubis 3.0 from WillyRoa on Vimeo.
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Anubis 3.0 - Arimaren pisatzea Gidoia eta irudiak: Dani Fano Argitaletxea: Ikastolen Elkartea Urtea: 2012 ISBN: 978-84-940197-4-6 |
Euskadi Fantastikoa VIII. erakusketa, Santiago Valenzuelari eskainia
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak XXIII. edizioa du aurten, eta ohikoa du berarekin batera Donostiako Komiki Jardunaldiak ere antolatzea. Normalean hainbat erakusketa izaten dira (lauzpabost edo), tartean Euskadi Fantastikoa izenekoa, bertako pare bat egileri dedikatua. Aurten, krisiagatik edo, Euskadi Fantastikoa erakusketa soilik egongo da, eta autore bakar bati eskainia.
Autore hori Santiago Valenzuela donostiarra da, iazko Espainiako Komiki Sari Nazionalaren irabazlea. Erakusketa Principe Zinemetan egongo da urriaren 27tik abenduaren 2ra bitartean.
"Azken garaipena" komikia, 2012ko Euskadi Literatura Sarien euskarazko haur eta gazte literaturazko lanik onenaren saria!
2012ko Euskadi Literatura Sariak jakinarazi dituzte gaur, eta euskarazko haur eta gazte literaturako kategoria Azken garaipena komikiak eraman du. Gainera, sari hau komiki bati ematen zaion lehenengo aldia da.
Iban Zalduaren gidoia eta Julen Ribasen irudiak dituen komiki bikain hau Ikastolen Elkarteak atera zuen iaz. Lehenago, Ikastolen Elkarteak berak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkarian agertu zen atalka. Une honetan agortuta dago, baina laster atera behar omen da beste edizio bat.
Oso garrantzitsua deritzot euskarazko komiki batek horrelako sari bat jasotzeari. Iruditzen zait merezitako errekonozimendua jasotzen dutela bai lan honek, bai komikigintzak, euskarazko komikigintzak, Xabiroi proiektuak eta Ikastolen Elkarteak. Zorionik beroenak denoi, eta bereziki Iban eta Juleni!
Ibarra Galtzakomik V. lehiaketa
Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak V. aldiz antolatu du Ibarra Galtzakomik euskarazko komikien lehiaketa.
Edizio honetara lanak aurkezteko epea azaroaren 23a da. Lehiaketan hiru kategoria daude, sari ezberdinekin: 12 urtetik beherakoak (irabazleak komiki-bilduma bat eta marrazketarako materiala eskuratuko ditu, eta beste lauk komiki-bilduma), 12-18 urte artekoak (400 euroko saria lehenarentzat, 200ekoa bigarrenarentzat eta komiki-bilduma beste biri) eta 18 urtetik gorakoak (irabazlearentzat 600 euro eta argitalpena, bigarrenak 400 euro eta beste bik komiki-bilduma eta marrazketako materiala). Oinarri zehatzak http://galtzakomik.blogspot.com webgunean daude.
Sari banaketa abenduaren 14an izango da, 19:30ean Ibarrako Kultur Etxean. Ordutik eta abenduaren 21a bitartean lehiaketako lanekin erakusketa egongo da bertan. Animatu zure lana bidaltzera!
Rekalde-Ortzadar II. Komiki Lehiaketa Asier Martinez de la Perarentzat eta ohorezko saria Jon Zabaletarentzat
Jakitera eman dituzte Deia egunkariaren Ortzadar kutur gehigarriak eta Bilboko Rekalde aretoak antolatzen duten Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketaren II. edizioko irabazleak. Asier Martinez de la Pera Portugaleteko gazteari egokitu zaio sari nagusia Sineskeriak lanagatik, "jendearen aurreiritzien inguruko hausnarketa umoretsua", egilearen esanetan. Eta ohorezko saria Jon Zabaletarentzat izan da, urte mordoan zehar komikian egindako lanagatik.
Rekalde aretoan bertan erakusketa egongo da urrian zehar aipatutakoen lanekin eta lehiaketara aurkeztutako beste lan hautatu batzuekin, egile hauenak zehazki: Eneko Amezaga, Ziortza Artola, Piedad Ortiz de Urbina, Mikel Begoña, Kike Martinez, Aitor Urkiola eta David Sarasketa.
Webaren etorkizunerako joerak
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko uztaileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Normala den bezala, gai teknikoek presentzia handia dute WWW2012n: nola lortzea testu eta multimedia kopuru ikaragarri hori egoki eta azkar kudeatu ahal izatea, segurtasuna bermatzeko moduak... Halaber, badute presentzia konpainiek webari etekin ekonomikoa ateratzeko teknika eta esperientziek (website monetization deritzona), iragarki- eta publizitate-sistemek... Baina hauek webaren barne funtzionamenduari edo webeko enpresei eragiten diten arloak dira; artikulu honetan, gehiago interesatzen zaizkigu erabiltzaileoi berrikuntza edo aldaketa ekarriko dizkiguten gaiek, eta horietan zentratuko gara.
Norberari egokitutako weba
Gai izarretako bat, ez soilik kongresu honetan baizik eta baita Internet edo bilatzaileen inguruko besteetan, aurten bezala baita azken urteetan ere, personalization delakoa da, hau da, webeko erabiltzaile bakoitzari bere gustuen, ideien eta zaletasunen araberako edukia erakustea. Toki askotan aplikatzen da hori jada. Adibidez, hainbat bilatzailek norberari egokitutako emaitzak erakusteko aukera ematen dute, gure nabigazioko historialetan oinarrituta: aurrez egindako bilaketak, bilaketa horietako emaitzetatik zeinetan egin dugun klik, zein eduki aukeratu dugun sare sozialetan elkarbanatzeko... Musika entzuteko webgune eta zerbitzuek ere, guk edo gure lagunek aurrez entzun ditugun abestietan oinarrituta, gustuko izango dugula uste duten kanta berriak iradokitzen dizkigute. Berdintsu saiatzen dira gustuko izango duguna asmatzen on line dendak ere, aurreko gure erosketetan oinarrituta edo guk erositakoen berdinak erosi dituzten beste bezero batzuen erosketei kasu eginez. Komunikabide batzuk ere hasi dira azal ezberdina erakusten erabiltzaile bakoitzari, aurretik irakurri ditugun artikuluen informazioa erabiliz. Eta Facebook bezalako sareen funtsa da pertsonalizazioa, gure lagunen araberako edukia ikusten dugu.
Printzipioz pertsonalizazioak ideia ona badirudi ere, badago haren egokitasuna zalantzan jartzen duenik ere. TED hitzaldi benetan gomendagarri batean, Eli Pariserek ohartarazten du bakoitza bere burbuilan bertan goxo gelditzeko arriskua dagoela, munduan dagoen guztiaren informazio mugatu eta partziala soilik jasotzearen benetako arriskua. Lehen komunikabideek eta telebista-kateek iragazten zuten informazioa guretzat, eta mota bateko egunkariak eta telebista-kateak soilik irakurri eta ikusten bagenituen, alde bakarreko informazioa soilik jasotzen genuen. Internetek ikuspegia zabaldu zigun, baina, orain, pertsonalizazio-iragazkiek aniztasuna kaltetu dezakete berriz.
Bestalde, eduki pertsonalizatua erakutsi ahal izateko, enpresa erraldoi horiek guri buruzko informazioa biltzen dute, eta horrek pribatutasunaren kezka sortzen dio jende ugariri. Honen inguruan, oso interesgarria iruditzen zait Tim Berners-Lee webaren asmatzaile eta W3Cko sortzaile eta zuzendariak horren inguruan duen iritzia, WWW2012ko sarrera-hitzaldian adierazi zuena. Neurri bateraino soilik kezkatzen du horrek Berners-Lee. Haren ustez, enpresek guri buruz duten informazioa beste batzuei saltzeko edo beste erabilera oker batzuetarako erabiltzea ez da zuzena eta ez litzateke egin beharko, baina ez du uste hori hain praktika ohikoa denik, azken finean ez baita hori izaten enpresa gehienen negozioaren muina, eta hori egiten dutenak luzera merkatuak zigortzen ditu. Baina ez du partekatzen batzuek duten kezka, enpresek guri buruzko informazioa erabiltzeari buruzkoa, guri zerbitzu hobe bat emateko erabiltzera mugatzen bada. Arropa-denda baten adibidea jarri zuen: prakak erosten dituen dendako saltzaileak haren praken neurria aurreko alditik gogoratzea ondo dago, beti probatzen ibiltzeko beharrik gabe (zerbitzu ona ematearen betiko maxima bat izan da "ezagutu zure bezeroa").
Edonola ere, enpresek beren informazioa ezertarako ere ez gorde eta erabiltzea nahi dutenek ere horretarako eskubidea dutela deritzo, eta enpresek hori errespetatu behar dutela; horretarako, W3Ck proposatu du HTTP protokoloan aukerako "do not track" goiburu bat sartzea: webgune batek hori duen eskaera bat jasotzen duenean, ez luke gorde beharko bezeroaren inongo daturik, ezta zerbitzu hobea emateko ere; ezingo luke inongo pertsonalizaziorik egin, beraz. Nabigatzaile ia guztiek inplementatu dute jada aukera hori, baina ikusi egin behar ea enpresek errespetatuko duten...
Pribatutasunaren defentsa gehiegizkoa, baina, kalterako ere izan daiteke. Europar Batasunean, adibidez, lege batek debekatu egiten du cookieak (erabiltzailearen preferentziak eta bestelakoak gordetzeko erabiltzen den sistema) gordetzea erabiltzailearen baimenik gabe. Cookierik gabe, ez da soilik webgune batek ezin duela pertsonalizazioa egin: logeatu ere ezin zaitezke egin! Lege horren arabera, legez kanpo daude webguneen % 90etik gora. Orain arte ez dute Estatuek legea betearazi, baina Britainia Handian milioi erdi libra arterainoko isunak jartzea ahalbidetu dute berriki, eta bertako webgune batzuk hasi dira cookien baimen eskaera gogaikarria egiten.
Web semantikoa
Azken urteotan asko entzuten den beste gai bat web semantikoarena da, eta hala izan da aurtengo kongresuan ere. 2009ko maiatzeko eta ekaineko zenbakietan idatzi genuen horri buruz. Testuz beharrean informazio egituratu esanahidunez osatutako web paralelo bat da, testuzkoa ez bezala, makinek ulertzeko eta egoki tratazeko errazagoa dena. Haren gainean osatutako zerbitzu aurreratu adimendunak, testutik eduki egituratua erauzteko proiektuak... Halako aurkezpen ugari izan ziren.
Googlek berriki aurkeztu duen Knowledge Graph produktuak ere web semantikoan du oinarria. Pertsona, toki edo gauza konkretu bat bilatu badugu, ohiko web-orrien zerrendaz gain, informazio egituratu eta erlazionatua duen taula bat ere erakusten du.
Modako gaia da, eta zalantzarik ez datozen hilabete eta urteetan halako zerbitzu asko agertuko direla. Nahiz eta, egia zor, aspaldi ari diren esaten hurrengoa izango dela web semantikoa lehertuko den urtea, eta leherketa hori ez da iristen; baina egia da, halaber, poliki-poliki eta banan-banan ari direla gero eta halako zerbitzu gehiago agertzen.
Lengoaia naturalaren prozesamendua
Aurtengo kongresuan berritasun bat izan da Lengoaia Naturalaren Prozesamenduaren eta Hizkuntza-teknologien presentzia handia. Elhuyarko I+G Taldean duela hamarkada batetik lantzen ditugun teknologia horiek, zeinei buruz sarritan hitz egin dizuegun atal honetan (corpusak, itzulpen automatikoa, bilatzaile hobeak egiteko teknologiak, galderak erantzuteko sistemak, elkarrizketa-agenteak...), tradizionalki toki gutxi izan dute webaren eta bilatzaileen inguruko kongresuetan. Halako gaiak hizkuntzaren inguruko kongresuetan lantzen ziren (hizkuntzalaritza aplikatua, corpus hizkuntzalaritza, hizkuntzalaritza konputazionala...) edo hizkuntza-teknologien ingurukoetan (lengoaia naturalaren prozesamendua, itzulpen automatikoa...), baina orain artean webaren eta bilatzaileen munduak ez du haien beharrik ikusi. Oso azaletik tratatu izan dute hizkuntza: stemming edo sasilematizaio sinple bat, hitzen bilaketa hutsa...
Zergatik orduan bapateko interes hau teknologia hauengatik? Tira, ez da hain bapatekoa izan, azken bizpahiru urteetan gutxinaka emandako igoera baizik. Arrazoi nagusietako bat da aurreko metodo sinpleek goia jo dutela eta emaitzak hobetzeko hizkuntza sakonago aztertzeko beharra ikusi dutela. Bilatzaileen kasuan, adibidez, jabetu dira emaitza hobeak itzultzeko beharrezkoak direla hizkuntzaren araberako bilaketa, bilaketa eleanitza, sinonimoen edo antzeko hitzen bilaketa, jendearen iritziaren analisi automatikoa haren araberako rankinak egiteko, laburpen automatikoa, galderak erantzutea eta halako teknika sakonagoak, hizkuntza teknologien munduan aspalditik landutakoak.
Beste arrazoietako bat web semantikoa da, paradoxikoa badirudi ere. Teorian, web semantikoarekin, makina gai da bertan dagoen informazio egituratua ulertzeko, hizkuntza ulertzeko beharrik gabe. Baina problema jakin batzuk ebazteko (erabiltzaileak lengoaia naturalean egindako galderak erantzuteko, adibidez), beharrezkoa da desanbiguazioa (galdera web semantikoko zein objektu konkreturi buruz den jakitea, edo zein propietate konkreturen ingurukoa), lengoaia naturalaren prozesamenduko edozein etapatan aspaldidanik landutako gauza. Edo testuetatik automatikoki web semantikoko eduki egituratua erauzi nahi bada, beharrezkoak dira hizkuntza-teknologiak.
Aipatutako hiru gai nagusi horiez gain, asko hitz egin zen sare sozialei buruz ere. Eta web mugikorra, HTML 5, bideoa, 3D... Eboluzionatzeko aukera eta bide ugari ditu oraindik webak, eta datozen urteotan izango gara eboluzio harrigarri horren lekuko, ziur.
Xabiroi 27
Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariak 27. zenbakia atera du. Hau da bertan aurkituko duzuena:
- Dei Gaztelumendiren beste haur postapokaliptiko baten irudi eder bat azalean
- Neuk egindako Albisteen txokoa
- Adur Larrearen Xabiroienea umorezko banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
- Haur besoetakoa sailaren 8 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
- Asiskoren gidoia eta Joseviskyren irudiak dituen Tirania Handia 5 orriko istorioa
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
- KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, Dani Fano dela elkarrizketatua oraintxe ateratzekotan den Anubis 3.0 albumaren karira (nire estreinaldia elkarrizketatzaile gisa!)
- ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
- Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
- Loperen Behien Tarzanen 3 orri
Eta gogoratu Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi, Azken garaipena eta Anubis 3.0) Euskal Herriko hainbat komikidendatan eskuratu daitezkeela: Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28).
Emakumezko superheroien jantziei buruzko hitzaldia Balenciaga museoan
Getariko Cristóbal Balenciaga museoan, ostiral honetan, Joseba Larratxe Josevisky komikigileak hitzaldia emango du. Zer jantziko dut mundua salbatzeko? izenburua duen hitzaldiak emakumezko superheroien jantziak izango ditu gaitzat.
Hitzaldia 17tan hasiko den Jainkosak eta emakumezko heroiak - Soinekoak eta monumentuak sailaren barruan izango da, eta gutxi gorabehera 18:15etatik 18:45etara izango da. Bertaratu nahi duenak izena eman behar du e-mail bidez.
"Josechu el vasco" pertsonaiaren inguruko erakusketa Basaurin
Joaquim Muntañola i Puig komikigile katalana aurtengo martxoaren 5ean hil zen 97 urte zituela. Berau omentzeko, euskal komikigileen talde batek, Burdinjaun, Rober Garay eta Joaquin Agredak Facebook bidez koordinatuta, erakusketa antolatu dute.
Horretarako, gai nagusitzat TBO komiki-aldizkarian argitaratu zuen Josechu el vasco bere lanik ezagunena hautatu dute (beraien hitzetan, lehenengo euskal superheroia), eta pertsonaiaren bertsio ezberdinak egin dituzte 40 artista grafikok: Exprai, FH Navarro, Alex Orbe, Kike Infame, J.M. Montejo, Kaiet Bengoetxea, Danel Garay, Rufo, Brontxe, Corman III, Ulises Ponce López, Mikel Bao, J.L. Agreda, Asier y Javier, Joaquín Aldeguer, Bivafego, Dani Maiz...
Erakusketa Basauriko Arizko Dorretxean egongo da urriaren 5etik 31ra bitartean. Pertsonaia eta egile garrantzitsu horietara hurbiltzeko aukera aparta!
Bi euskarazko komiki berri, online deskargatzeko moduan
Euskarazko bi komiki berriren albistea dakarkizuegu gaurkoan. Batetik, Hamar Hatz Handi izeneko komikigilea Baztanga eroa euskarazko komiki fanzine txikia (bere hitzetan) argitaratzen hasi da. 0 zenbakia aurtengo udaberrian atera zuen, eta lehenengoa udan atera du. Online ikus daitezke biak, eta ale batzuk hainbat tabernatan ere banatzen dira.
Bestetik, iaz Mikel Orbegozoren Preso nago atera ondoren, euskal preso, erbesteratu eta errepresaliatuen lanak argitaratzen dituen Ataramiñe kultur elkarte eta argitaletxeak Borxa Urberuagaren Espetxetik at komikia kaleratu du, kartzelako istorioak kontatzen dituena. Hau ere beraien webgunetik jaits daiteke.
Ongi etorriak izan daitezela bi-biak!

