Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Luis Gasca komiki-bilduma ireki dute Donostian

e-gor 2011/01/15 00:05
Hamarka mila komikiz eta komikiaren munduko gauzez osatua, espainiar estatuko onena eta Europako hoberenetakoa omen da
Luis Gasca komiki-bilduma ireki dute Donostian

Irudia: Pat

Atzo inauguratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Luis Gasca komiki-bilduma. Luis Gasca idazle, kultur eragile eta ikertzaile gipuzkoarrak urte askotan zehar bildutako komikiez eta komikien inguruko gauzez osatuta dago bilduma hau. Ikertzaile eta interesatuek aurrez zita hartuta ikusteko moduan jarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako artxibategi berriko sotoan, Errege Katolikoen kaleko 16an, jarri duen Gasca bilduma izeneko egoitzan. Horrez gain, bildumako objektuen katalogatze lanetan ari dira, eta jada katalogatuta daudenak Koldo Mitxelena Liburutegiko katalogoan kontsulta daitezke.

Bilduma hau ez da nolanahikoa: espainiar estatuko onena eta Europako hoberenetakoa omen da. Zentro honen sorrera komikien munduko urteko edo baita hamarkadako notiziatzat jo dute komikien adituek. Hamarka mila komikiz eta komikien inguruko gauzez (egileen biografiak, gutunak, hiztegiak, aldizkariak, monografiak, filmak, diskoak, kartelak, marrazki originalak, egileek dedikatutako edizioak..) osatuta dago. Urte askotan zehar erositako komikiak eta komikien inguruko gauzak Bartzelonan 400 metro karratuko etxe batean eta alokatutako biltegi batean biltzen joan zen. Aldundiak 2007an erosi zionean, 13 TRAILER behar izan ziren Donostiara ekartzeko! Geroztik, lokala antolatu, bilduma ordenatu eta dena katalogatzen aritu dira, eta atzo ireki zen. 8000 item katalogatu dituzte momentuz. Etorkizunean, katalogazio lanak amaitu nahi dituzte, euskal komikigintzaren atala osatu eta digitalizazio lanak egin.

Luis Gascak bizitzan zehar egindako guztia ikaragarria da benetan. Komikiei dagokionez, bilduma hau osatzeaz gain, komikiak ikertzeari denbora asko dedikatu dio, komikiei buruzko hainbat liburu idatzi ditu -Tebeo y cultura de masas, 1966; El discurso del cómic, 1988; Diccionario de onomatopeyas del cómic, 2008 (azken biak Román Gubernekin batera)- eta Buru Lan komiki-argitaletxe mitikoa sortu eta zuzendu zuen. Komikiaz gain, zinemaren mundua izan du beste pasio: hainbat liburu eta entziklopedia bat ere egin du zinemaz, eta Donostiako Zinemaldiaren zuzendari izan zen.

Eta atzoko inaugurazioaren kontura Luisek esandako hitzak inspiragarriak dira benetan: "Hau guztiau ez dut niretzako bildu, elkarbanatzeko baizik. Inoiz ez naiz izan bildumazale konpultsiboa, nire obsesioa jendeak nik inoiz eduki ez nituen ikerketarako tresnak edukitzea da". Eta gozatzen ari omen da zentro honen sorrerarekin, ia 80 urterekin. Eskerrik asko benetan, Luis!

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek

e-gor 2011/01/13 23:20
Kronologikoki lehenengo bi albumak dira, ea ondorengo beste denak ere ateratzen dituzten
"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek

Irudia: Uderzo

Aurreko post batean itxaropena agertu genuen, nahiz eta asko espero ez, Salvatek Asterixen album klasikoak (Goscinny eta Uderzok biek egindakoak, euskaraz aspaldi deskatalogatuta daudenak) ea berriz argitaratuko zituen. Azken urteetan berrienetako bi (Asterix eta Latraviata eta Asterix eta Obelixen Urtebetetzea - Urrezko Liburua) atera ondoren, zaharretako bi ere argitaratu zituen iaz, Nola erori zen Obelix txikitan druidaren pertz barrura (1965ean Goscinnyk idatzitako istorio labur bat, 1989an Uderzok apur bat luzatu eta ilustratua) eta Hamabi probak (Goscinnyk eta Uderzok eurek 1976an egindako filmaren liburu ilustratua). Bietako bat ere ez da komiki-komikia, eta ez dira Asterixen albumen zerrenda ofizialekoak. Hala ere, Goscinnyren etapakoak dira, bigarrenak bereziki gidoilari apartaren ukitu jenial asko ditu, eta aurrez euskaraz inoiz atera gabeak ziren.

Horrek guztiak bultzatu gintuen Asterixen klasikoen euskarazko berrargitalpenarekin amestera. Izan ere, bere burua normalizatutzat izan nahi duen hizkuntza orok derrigorrezkoa du komikien klasiko batzuk etengabe salgai izatea, eta haur nahiz helduen artean arrakasta duen sail bikain hau gutxien-gutxienekoa da. Eta badirudi ametsa betetzen hasi dela, 2010aren hondarrean Salvatek Asterixen lehenengo bi albumak kaleratu baitzituen, Asterix galiarra eta Urrezko igitaia hain zuzen ere.

Kontuan izanik lehenago aipatu ditugun azken biak ere 2010ean (edo hor nonbait behintzat) atera zirela, esan nahi du urte bakarrean lau Asterixen album atera zituela Salvatek euskaraz. Erritmo horretan, laster dugu bilduma osoa eskuragai, edo Goscinnyk gidoitutakoak bai behintzat! Ea ba!

Eta eskatzen jarrita... Noizko Tintin eta Corto Maltese? ;-)

Crash Comic 2011 lehiaketa, otsailaren 10a arte

e-gor 2011/01/12 19:30
Abian da Gasteizko Atiza elkarteak eta Gauekoak ekimenak antolatzen duen komiki-lehiaketa
Crash Comic 2011 lehiaketa, otsailaren 10a arte

Irudia: Crash Comic

Aurreko urte batzuetan bezala, Crash Comic 2011 gazteentzako komiki-lehiaketa antolatu dute Gasteizen TMEO aldizkariaren inguruan ibiltzen diren hainbat komikigilek osatutako Atiza komikigileen elkarteak eta Gauekoak ekimenak.

Lehiaketa honetan 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek dute parte hartzeko aukera eta hiru komiki onartuko dira egile bakoitzeko, originalak eta lehenago argitaratu gabeak, eta pertsonaiek ere originalak izan beharko dute. Lanak zuri-beltzean edo koloretan eta edozein teknika erabilita aurkez daitezke. Lanak orrialde beteko luzera izango du, eta gaia librea da.

Lehenengo 3 sariak 500, 400 eta 300 eurokoak izango dira. Arabako komiki onenak 200 euro jasoko ditu eta TMEOn argitaratuko da, eta emakume gazte baten lan onenak 500 euro.

Izena emateko epea 2011ko otsailaren 10ean amaituko da. Ebazpena hil horren azken astean jakinaraziko da Diario de Noticias de Álava egunkarian. Sariak jasotzen dituzten komikiak egunkari horretan eta Gauekoak-en webgunean argitaratuko dira.

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa

e-gor 2011/01/10 18:15
Lurreko Telebista Digitala edo LTDa telebistaren iraultzatzat saldu ziguten, baina, egiatan, ordura arteko telebista analogikoaren hobekuntza xume bat besterik ez da, gehienez ere. Ikus-entzunezkoen munduan benetako aldaketa bat egon bada, hori Internet fenomenoak ekarri du: norberak nahi dituen programa eta filmak nahi dituenean ikustea, elkarrekintza... Hala ere, bi mundutan bereizita egon dira telebista eta Internet, bata sofan eta bestea idazmahaian. Baliteke, ordea, hori amaitzear egotea Google-k udazken honetan kaleratu duen Google TVrekin eta ziurrenik azkar asko aterako zaizkion antzeko produktu lehiakideekin.
Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa

Irudia: Google

(Elhuyar aldizkariko 2010eko azaroko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

LTDak aldaketa handia ekarri behar omen zuen telebistaren mundura. Eta ezin da ukatu badituela abantaila eta aukera interesgarriak: seinale digitalaren kalitate hobea, hainbat audio eta azpititulu izan ditzakete emisioek, telebistako programazioa ere igortzen da seinalean, kate gehiago izateko aukera... Baina telebista-kateek ez dituzte behar bezala aprobetxatu aukera horiek, eta kate gehiago izateak ez du ekarri aukera handiagoa, kate berriek ere lehengoen eredu berari jarraitzen baitiote. Bestalde, seinale digitalarenak badu bere ifrentzua: seinalea ona ez bada, okerrago ez, ez da ezer ikusten. Eta, batez ere, betiko programazio eta ordutegi zurrunei lotuta jarraitzen du telebista berri honek ere, elkarrekintzarako aukerarik gabe.

Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa

Hala ere, LTDa atzo goizeko haur jaioberria dela esan dezakegu: duela bizpahiru urte jarri zen martxan eta aurten ordezkatu du erabat telebista analogikoa. Hortaz, ezin da ulertu nola ez zen planteamendu iraultzaileago bat bezala sortu, kontuan izanik garai horretarako jada nahiko hedatua zegoela Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa, malgutasun handiagokoa eta elkarrekintzarako aukera handiagoarekin.

Bada urte mordoxka bat eskatu ahalako bideoez goza dezakegula Interneten. Aspalditik aurki ditzakegu nahi ditugun serie eta film guztiak P2P sareetatik jaisteko, baina azkenaldian gero eta ugariagoak dira streaming bidez hauek modu legezkoan ikusteko plataformak, dela ordainduta, dela publizitatearen truke. Kate eta ekoizpen-etxe askok ere Interneten jartzen dituzte beraien programak, eta Youtuben eta antzekoetan jendeak jartzen dituen bideo amateur eta pertsonalak gehitu behar zaizkie horiei. Horrelakoetan, gainera, ez gara kontsumitzaile huts: bideoak puntuatu egin ditzakegu, komentatu, partekatu...

Aukera horietaz gozatzeak baditu, baina, bere desabantailak: etxeko ordenagailua aparteko toki batean egon ohi da gehienetan, sofan ez bezala jende asko esertzeko tokirik egoten ez den lekuetan. Agian horrek ere mugatu du, orain artean, Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa. Egia da, egon, aspalditik dagoela aukera ordenagailu bati media center software bat jarrita HTPC (Home Theater PC) bat muntatzeko eta Internet telebistan ere izateko, baina hori egitea ez da erraza, geek bat ez bazara, eta horregatik ez da gizartearen gehiengoa horretaz baliatu.

Google TV: Internet telebistara eta sofara eramaten

Agian orain amaituko da hori, Google-k udazken honetan AEBn atera duen eta 2011n munduan merkaturatuko duen Google TVrekin. Izatez, Android sistema eragile librearen egokitzapen bat da Google TV, telebista- eta bideo-grabagailuetarako moldatuta. Bi motatako hardwaretan etor daiteke integratuta: telebistara konektatzen diren kutxetan (deskodetzaileen antzekoak) edo telebistan bertan. Logitech eta Sony izango dira lehenak Google TVdun aparatuak merkaturatzen, kutxa- eta telebista-formatuan hurrenez hurren, baina denborarekin gehiago ere izango dira.

Google TVrekin, ohiko telebista-kateak ikusi ahal izango ditugu, baina baita Interneteko bideo-zerbitzuak (doako nahiz ordainpekoak) edo gordeta ditugun bideo eta bestelako multimedia-elementuak ere. Gainera, bilaketak egiten ditugunean, horien guztien barruan egingo da. Edozein webgunetatik nabigatzea ere posible izango da. Telebista eta Internet, biak aldi berean erabili ahal izango ditugu. Adibidez, pantailaren zati batean partida bat ikusi, eta, bestean, taldearen informazioa; edo, film bat ikusten ari garela, izkinatxo batean Twitter bidez partekatu. Telebistaren pantaila nagusia ere gure programa, telebista-kate eta webgune gogokoenekin pertsonalizatu ahal izango dugu.

Posible izango da, baita ere, gure Android telefono mugikorra urrutiko aginte gisa erabiltzea, eta, teklatua behar denean (bilaketetan, "tuiteatzean"...), haren ahots-ezagutzarako softwareaz baliatzea. Horrez gain, funtsean Android sistema eragilea duenez, harentzat garatutako aplikazio-sorta zabala eskuratu eta exekutatu ahal izango dugu (mugikorren hardwarea erabiltzen ez duena, noski), jokoak barne. Eta, denbora laburrean, Google TVrentzat berariaz garatutako aplikazio berri ugari aterako dira, ziur. Finean, ordenagailu pertsonal baten modukoa izango da telebista, eta nahi ditugun aplikazioak instalatu eta pertsonalizatu ahal izango ditugu. Aukeraz betetako mundu berri bat irekitzen du honek.

Android Apple-ren aurretik

Aurreko hilean kontatzen genizuen Apple-k jendarteratu eta ia monopolio bihurtutako produktu-mota jakin batzuei, smartphone eta tabletei, hain zuzen, aurre egiteko sortu zela Android sistema eragilea. Applek atera zuen bere Apple TV duela urte batzuk, baina askoz sinpleagoa da: soilik webgune gutxi batzuetako bideoak ikus edo eros daitezke, ezin da aplikaziorik instalatu, ezin da nabigatu... Oso urrun dago Googlek proposatzen duenetik.

Apple, noski, ez da lo geldituko eta Apple TV pixkanaka Google TVrantz eboluzionatzen joango da. Jada iragarri ditu Google TVren ezaugarrietako batzuk sartuko dituztela Apple TV-ren hurrengo bertsioan. Edonola ere, oraingoan aurreratu egin zaio Google Appleri, eta, beharbada, ITV izenaz bataiatu den munduan (Interactive TeleVision edo telebista elkarreragilea) ez dugu biziko Appleren produktu itxi, hiperkontrolatu eta garestien monopoliorik.

Apple ez den beste arazo bat ere sortu zaio, ordea, Google TVri, abiatu eta berehala. Estatu Batuetako hiru telebista-kate publiko nagusiek (ABC, NBC, CBS) lehenengo eta beste batzuek ondoren, blokeatu egin diete Google TVren erabiltzaileei euren Interneteko edukietarako sarbidea. Beraien negozio eredu zaharkitua defendatzen saiatzeko haurren kasketak...

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra

e-gor 2010/12/27 11:35
Willy Roa artistak egin du, berriki bere 3D irudi eta animazioentzat blog bat ireki duenak

Anubis 3.0 from WillyRoa on Vimeo.

Xabiroi komiki-aldizkariaren urriko alean Dani Fanoren Anubis 3.0 saila amaitu dela-eta, eta ondoren atal denak batuz egingo den albumari begira edo, Willy Roa Daniren adiskide, Elhuyarko nire lankide eta blog honetako kolaboratzaileak 3D-ko animazio bideo eder bat egin du, Anubis 3.0ko protagonistetako bat den AMMIT robotarekin. Hemen ondoan duzue ikusgai.

Elhuyarko langile gisa, Willy Roa Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioko arduradun eta esataria, ETBko Arratsaldero saioko kolaboratzailea eta Elhuyarko zientziaren komunikazio saileko erredaktorea da, beste gauza batzuren artean. Baina horrez gain artista da marrazki edo komikiak egiten, eta baita Blender software librearen bidez 3D-ko irudi eta animazioak egiten. Benetako errenazimenduko gizona! Elhuyar aldizkarirako 3D irudi asko egin izan ditu, baina bere kabuz nahi duelako ere hainbat egin izan ditu. Berriki blog bat ireki du, Bad3Di, egin dituen eta aurrerantzean egingo dituen irudi eta animazioak igotzen joateko, eta nola eta zergatik egin dituen azaltzeko. Bertan daude, adibidez, ON Zientzia zientziaren dibulgazioko bideo lehiaketaren karira egindako Hemolinfa bideo bikaina (lehiaketan ez zuen parte hartu, Elhuyarko kidea izaki; gustuko zuelako egin zuen), edo bonbilla batek bere burua pizten dueneko beste animazio sinpatiko hau.

Jarraitu beharreko bloga, zalantzarik gabe, Willy Roaren hau. Ongi etorri ziberespaziora, Willy!

Tokitan.tv, the comic book

e-gor 2010/12/20 21:55
Bere abenturak komiki formatuan ere aterako ditu Haritz Rodriguezek
Tokitan.tv, the comic book

Irudia: Haritz Rodriguez

Ezaguna da Haritz Rodriguez euskal Internetaren munduan. Euskaltube-ren sortzailea, Gaur8-ko kolaboratzailea, Nickdutnik-eko kolaboratzailea... Bere azken proiektuetako bat Tokitan.tv da, "bidaiari txikientzako abentura handiak" erakusten dituen vlog edo bideobloga. Astero, berak egindako bidaia, txango edo abenturaren baten bideoa erakusten du bertan, oso ongi editatuta. Batean mendi bateko igoera izan daiteke, bestean surf egitea, hurrengoan kobazulo batera sartzea, edo belaontzian egindako bidai bat...

Baina bideobloga baino gehiago da Tokitan.tv. Bideoaz gain, testua, irudiak, mapak, azpitituluak, musika eta abar ere sartzen dira proiektu horretan. Ba oraingoan, komikiarekin ere ausartu da. Bere bidai eta abenturetako argazkiekin, komikia egiten hasi da. Lau orri ditu oraingoz Eraztunen jaunaren istorioa eta Tintin Tibeteneko azala gogorarazten dituen komiki honek, baina jarraitzeko asmoarekin. Zorte on abentura berri honetan, Haritz, eta eskerrik asko komikiaren aldeko apustuagatik!

Euskal komikigileak Zaragozako komiki-azokan

e-gor 2010/12/16 23:40
Astiberrik eta Arte Bizkarra Kulturgintzak stand-a izango dute eta bi euskal egile daude gonbidatuen artean
Euskal komikigileak Zaragozako komiki-azokan

Irudia: Gorka Velasco

Getxoko komiki-azokari buruzko artikuluan utzitako iruzkin bati esker jakin dugu euskal egileek eta euskarak presentzia izango dutela ostiraletik igandera bitartean egingo den Zaragozako komiki-azokan.

Alde batetik, Astiberrik eta Arte Bizkarra Kulturgintzak standa izango dute bertan. Bestetik, bi euskal egile daude gonbidatuen artean: Aitor I. Eraña gasteiztarra, 2010ean Diábolo ediciones-ekin R.I.P. arrakastatsua atera duena, eta Gorka Velasco barakaldarra, Arte Bizkarra Kulturgintzarekin Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen eta Cuando el río sueña. Catálogo ampliado de peces gordos argitaratu dituena.

Sistema eragileen guda berria

e-gor 2010/12/14 18:35
Ordenagailuek beharrezko dituzte sistema eragileak, funtzionatu ahal izateko. Hori dela eta, merkatuaren nagusitasuna edo kontrola lortzeko lehian oso faktore garrantzitsua dira. Sistema eragileei esker lortu eta hautsi izan dira monopolioak iraganean, sistema eragileek ahalbidetu dute informatika pertsonalaren zabalkundea... Unix, DOS, Windows, MacOS, Linux eta bestelakoen arteko gudak ezagutu ditugu ordenagailuen munduan; orain, smartphone eta tablet bezalako gailu berrietan, sistema eragileen arteko gerra berri bat bizitzen ari gara, kasu honetan iOS eta Android-en artean.
Sistema eragileen guda berria

Irudia: CC-BY laihiu

(Elhuyar aldizkariko 2010eko urriko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Ordenagailu pertsonalen sorrera

80ko hamarkadaren hasieran, ordenagailu pertsonala ez zen existitzen, edo ez behintzat gaur ezagutzen dugun bezala. Etxeetan bazeuden egon ordenagailu batzuk (Sinclair-en ZX81-a edo ZX Spectrum-a, Commodore 64-a, Amstrad-a...), baina batez ere gazteek erabiltzen zituzten jolasteko edo informatika ikasteko; gaur egungo kontsolen papera betetzen zutela esan daiteke home computer deritzen hauek.

Lana egiteko ordenagailuak ikerketa munduan, erakunde handietan, enpresetan edo unibertsitateetan soilik zeuden, garestiegiak baitziren. Ekoizle gutxi batzuk menperatzen zuten merkatua (IBM, DEC, Xerox...), bakoitza bere sistema eragile propioarekin (Vax, Unix...). Saiakerak egon ziren hauen partetik ordenagailuak etxeetara eramateko, baina ez zuten benetako arrakastarik izan prezioaren erruz; eta beste ekoizle txikiago batzuk oso zaila zuten merkatu horretan sartzea, beste gauza batzuen artean sistema eragilea garatzearen kostua ere zeukatelako.

Orduan, IBM-k beste saiakera bat egitea erabaki zuen etxerako ordenagailu pertsonalekin, makina berri bat eta sistema eragile berri batekin. Makina PC-a izan zen (Personal Computer), eta sistema eragilea Microsoft enpresa berriari enkargatu zion. Honek MS-DOS (MicroSoft Disk Operating System) egin zion, baina gure mundua den bezalakoa izateko gakoa izan den tratua lortu zuen IBM-rengandik: Microsoft-ek baimena zuen MS-DOS beste ekoizle batzueri ere lizentziatu edo saltzeko. Ondorengoa historia da: ekoizle txiki askok PC-arekin bateragarriak ziren ordenagailuak egin zituzten atzeranzko ingeniaritza erabiliz, MS-DOS sistema eragilea jarri zieten eta kloniko merke hauen bidez ordenagailu pertsonalak guztion etxeetan sartu ziren.

Windows-en monopolioa ordenagailu pertsonaletan

Hasieran MS-DOSek ekoizle handien ordenagailuen eta sistema eragile garestien hegemonia hautsi eta ordenagailu pertsonalen popularizazioa ekarri bazuen ere, denborarekin, MS-DOS eta, batez ere, haren oinordekoa Windows, hegemoniko bihurtu da, ia monopolioa izateraino. Eta egoera hori baliatzen duenez bere beste produktu batzuk inposatzeko (Interneteko nabigatzailea, ofimatika-produktua...) merkatuaren kontrol erabatekoa lortu du, horrek dakartzan eragin negatibo guztiekin.

Bi lehiakide aipagarri soilik ditu Windows-ek. Bata, Apple-ren Macintosh ordenagailua, bere MacOS sistema eragilearekin; bestea, PCetarako Linux sistema eragile librea. Baina nekez egiten diote aurre Microsofti, monopolioak haustea oso zaila izaten baita. Apple-ren merkatu-kuota oso txikia da PCenaren aldean. Gainera, esan daiteke Apple-ren eredua gailenduz gero egoera Microsoft-ekin baino are txarragoa litzatekeela: sistema erabat itxi eta kontrolatua da, hardware oso garesti batekin. Linux-ekin, aldiz, badugu PCetarako alternatiba on eta merke bat, benetako askatasuna eskaintzen duena, baina, zoritxarrez, merkatu-kuota are txikiagoa du. Eta horrela dago egoera azken aldi luze honetan ordenagailu pertsonalen munduan, ad eternum luzatuko dela dirudien guda alferreko batean...

Gailu berrietan Apple eta iOS nagusi

Azken urteetan bi gailu mota berri agertu dira merkatuan, oso azkar zabaltzen ari direnak eta etorkizun hurbilean ia ordenagailu pertsonalak bezain hedatuak egongo direnak: smartphone-ak (Interneteko konexioa, WiFi-a, GPSa, ukipen-pantaila eta beste gauza asko dituzten telefono mugikorrak) eta tablet-ak (taula-itxurako ordenagailu ukipen-pantailadunak). Aparatu mota horiek Apple-k asmatu ez baditu ere, joera-sortzaile handia denez eta diseinu erakargarriak egiten asmatzen duenez, bera izan da lehena arrakasta lortzen, iPhone eta iPad-aren bidez.

Biek iOS sistema eragilea dute barnean, sistema hiperkontrolatu eta itxia: bertan zein aplikazio instala daitezkeen eta zein ez Apple-k erabakitzen du, programazio-lengoaia bakar batean idatz daitezke bertarako aplikazioak... Horrelako sistemak nagusi diren merkatu bat oso kaltegarria da guztientzat.

Baina iPhone-a oso ongi saldu zen 2007an atera zenetik, smartphone pertsonalen artean ia monopolioa izateraino (RIMek ere merkatu zabala du bere Blackberry-arekin, baina batez ere enpresa-erabileretarako). Eta beste lehiakideek oso zail zuten aurre egitea, batez ere euren sistema eragileetarako aplikazio-eskasiagatik. Izan ere, iPhone-rako segituan sortu zen aplikazio pila baten ekosistema aberats bat. Aurkariek, aldiz, hasieran aplikazio askorik ez badute, ez da erraza erosleak konbentzitzea; era berean, ez da erraza garatzaileek aplikazioak egitea merkatu-kuota txikia duen sistema eragile baterako. Nola atera gurpil zoro horretatik?

Alternatiba: Android sistema eragile librea

Google-k ekarri zuen erantzuna 2008aren amaieran: Linux-en oinarrituta, smartphone-etarako sistema eragile bat eta oinarrizko aplikazio-sorta bat garatu zituen, libreak, mugikorren edozein ekoizlek erabil zitzakeenak. Oso denbora gutxian fabrikatzaile askok integratu zuten Android beren smartphone-etan; garatzaileentzat ere plataforma erakargarri bihurtu zen, eta laster milaka aplikazio izan zituen. Android sistema eragilea aplikazio asko eta onak eta askatasun handia dituen alternatiba da gaur egun.

Hala, azken urtean Android-en salmentak %886ko igoera izan du, eta gaur egun Android duten mugikorrak iPhone-ak baino gehiago saltzen dira; jotzen da urtebetean edo bitan Android gehiago egongo direla iPhone-ak baino. iPad-arekin erreakzioa lehenago gertatu da, Android jada garatuta baitzegoen: iPad-a 2010. urtearen hasieran atera zen arrakasta handiz, baina handik hilabete gutxira bazeuden tablet-ak Android-ekin, eta gero eta gehiago daude. Horri guztiari esker, gailu mota berri horietan ordenagailu pertsonaletan baino panorama hobe eta libreago bat aurreikus daiteke.

Hala ere, oro ez da urre... Android duen smartphone libre bat erosiz gero, nahi duguna egin dezakegu berarekin, baina smartphoneak garestiak izaten dira. Aldiz, telefonia-operadore batek diruz lagundutakoetan bere interesen araberako murrizketak jartzen ditu operadoreak: ezin dira Skype moduko programak erabili, edo mugikorraren Internet konexioa PC batekin partekatu, edo sistema eragilea eguneratu... Murrizketak saltatu daitezke sistema eragilea berriz instalatuz, baina ez dira edonork egiteko moduko aldaketak, eta telefonoaren garantia galdu egin daiteke, gainera. Kontraesankorra dirudien arren, Android-en askatasunaz baliatzen dira telefonia-operadoreak askatasunak murrizteko. Goian ikusi ditugunetan bezala kasu honetan ere, konpainiak beti sistema eragileez baliatzen dira gailuen merkatua kontrolatzeko...

"Preso nago", kartzelatik egindako komikia

e-gor 2010/12/13 19:35
Ataramiñe-ren eskutik argitaratu du komikia Mikel Orbegozo euskal presoak
"Preso nago", kartzelatik egindako komikia

Irudia: Mikel Orbegozo

Euskal preso eta errepresaliatuen lanak kaleratzen dituen Ataramiñe argitaletxeak Mikel Orbegozo presoaren Preso nago komikia atera du.

Kartzelan bertan egina, kartzelako bizimodua du gaitzat. Gai gogorra izanagatik, umoretik lantzen du Mikelek, biñeta, lerro edo orri bateko istorio laburren bidez. Berak dioen moduan, "ezkutatu nahi den errealitate gordin honen aurrean, bizitzari irrifar batekin aurre egiteak apur bat libreago bihurtzen gaitu".

Komikia euskaraz egina dago baina gaztelaniak ere badu tokirik bertan, kartzelako benetako bizimodua islatuz.

Ataramiñek komikiaren promozioko bideo bat ere atera du.

Irungo III. Komiki Azoka

e-gor 2010/12/02 23:05
Larunbatetik astelehenera egingo da, ekitaldi ugarirekin
Irungo III. Komiki Azoka

Irudia: JMES

Aurten berriz ere egingo dute Irungo Komiki Azoka, Irungo Udalak, Martindozenea Gaztelekuak eta PokerFace komiki-elkarteak antolatuta. Abenduaren 4tik 6ra egongo da irekita Irungo Zabaltza Plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Sarrera dohainik da.

Jarraian duzue ekitaldien zerrenda eta egitaraua. Ikusten duzuenez, Xabiroi aldizkariko bi kide daude egile gonbidatuen artean (Dani Fano koordinatzailea eta Patxi Pelaez). Informazio gehiagorako http://www.komikirun.com.

Erakusketak

Proiekzioak

LARUNBATA 4

  • 10:00 - 11:00: La Liga de la Justicia: "Orígenes secretos"
  • 11:00: Batman "El caballero oscuro"
  • 16:00: "El intrépido Batman"

IGANDEA 5

  • 10:00: "Superman: el último hijo de Krypton"
  • 11:10: "Wonder Woman"
  • 12:30: "Superman/Batman: Enemigos públicos"
  • 16:00: "Batman Vuelve"

ASTELEHENA 6

  • 10:00: La Liga de la Justicia: "Desventurados. La película"
  • 11:15: "Crisis en dos tierras"
  • 12:30: "Batman: El misterio de la batimujer"
  • 16:00: La Liga de la Justicia: "Los valientes y audaces"

Egitaraua

LARUNBATA 4

  • 10:00: Hasiera.
  • 10:00 - 11:00: Haurrentzako marrazki-tailerra.
  • 10:00: Magic - The Gathering jokorako sarrera-partidak.
  • 10:00: Zonbiak taula-jokorako sarrera-partida.
  • 10:00: Pitch Car jokorako sarrera-partidak.
  • 11:00: One Piece mahai-jokorako sarrera-partidak.
  • 11:00 - 12:00: Superheroiak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
  • 11:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 11:30 - 12:30: Marrazki-tailerra: Zonbiak marraztea.
  • 12:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 12:30: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu).
  • 14:00: Amaiera.
  • 16:00: Hasiera.
  • 16:00 - 17:00: Marrazketa tailerra.
  • 16:00 - 18:00: X360ko Super Street Fighter IV Torneoa.
  • 16:00 - 19:00: Magic The Gathering torneoa.
  • 16:30 - 17:30: Abenturazaleak eta piratak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
  • 17:30: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu).
  • 18:30: Hitzaldi magistrala eta sinadura eta marrazki saio aparta, azokara gonbidatu diren egileekin: Dani Fano - Antonio Altarriba - Patxi Pelaez - Arantza Sestayo.
  • 22:00: Amaiera.

IGANDEA 5

  • 10:00: Hasiera.
  • 10:00 - 11:00: Marrazketa tailerra: Fantasiazko heroien pertsonaiak diseinatzea: ipotxak.
  • 10:00: Plastilinaz modelatzeko tailerra (gazteentzat eta helduentzat).
  • 10:00: Carcassone mahai-jokorako sarrera-partidak.
  • 10:00 - 13:00: Heroclix-erako sarrera-partidak.
  • 11:00: X360eko Naruto - Naruto Ultimate Ninja Storm Torneoa.
  • 11:30 - 12:30: Marrazketa tailerra: Dragoiak marraztea (haurrak).
  • 11:30 - 12:30: Marrazketa tailerra: Nola marraztu superbilauen morroiak.
  • 11:30 - 12:30: Modelatze lehiaketa: Modela ezazu orko baten aurpegia.
  • 13:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 14:00: Amaiera.
  • 16:00: Hasiera.
  • 16:00 - 17:00: Marrazketa tailerra: Objektu bizigabeei bizia ematea.
  • 16:00 - 18:00: GameCubeko Super Smash Bros Melee Torneoa.
  • 16:00 - 19:00: Heroclix Torneoa.
  • 17:00: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): superbilau baten morroia marraztea.
  • 18:30 - 20:30: "PokerFace" aldizkari berriaren aurkezpena, hitzaldia eta sinadura eta marrazki saioak.
  • 22:00 Amaiera.

ASTELEHENA 6

  • 10:00: Hasiera.
  • 10:00 - 11:00: Marrazketa tailerra: Animalia fantastikoak (haurrak, gazteak eta helduak).
  • 10:00: Colonos del Catanerako sarrera-partidak.
  • 10:00: Heroclix joko libreko partidak.
  • 10:00: Yu-Gi-Oh! jokorako sarrera-partidak.
  • 11:00 - 12:00: Marrazketa tailerra: Borroka libreko pertsonaiak marraztea.
  • 12:00 - 13:00: Eszenografia tailerra: nola egin dekoratuak zure taula-jokoetarako.
  • 12:00 - 13:00: Fantasia animaliak birziklatutako materialez sortzeko tailerra (adin guztietarako).
  • 12:00: Marrazki azkarreko lehiaketa (20 minutu): Marraztu ezazu zeure borroka libreko pertsonaia.
  • 13:00: Bisita gidatuak erakusketetara.
  • 14:00: Amaiera.
  • 16:00: Hasiera.
  • 16:00 - 17:00: Marrazki tailerra: Dekoratuak.
  • 16:00 - 18:00: Colonos del Catán Torneoa.
  • 16:00: Heroclix joko libreko partidak.
  • 16:00: Magic - The Gathering joko libreko partidak.
  • 16:00 - 18:00: GameCubeko Super Smash Bros Melee Torneoa.
  • 16:00 - 19:00: Yu-Gi-Oh! Torneoa.
  • 17:00: Manga marrazki-tailerra: Sortu ezazu One Piece munduko zeure pirata.
  • 18:30 - 20:30: Galdera-lehiaketa.
  • 22:00: Amaiera.
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10