"Arima lapurrak", euskarazko komiki berri bat
Mikel Begoñaren Komikeri blogean (komikeri.wordpress.com) izan nuen 2012ko ondarrean argitaratutako euskarazko komiki honen berri.
Arima lapurrak du izenburua Pablo Herranzen gidoia eta José Luis Povoren irudiak dituen komiki honek, NetCom2 Kataluniako argitaletxeak gaztelaniaz eta katalanez gain euskaraz ere atera duena. Miquel Mena pertsonaiaren abenturetan lehen albuma da.
Hala ere, eta komiki bat euskaraz ateratzea eskertzekoa bada ere, esan beharra dago itzulpena oso-oso txarra dela. Ez naiz ari diskurtsoaz, komikietan erabili beharreko hizkuntzaz, Euskaltzaindiaren azken arau gutxi batzuen hausteaz... ez, euskara benetan negargarria da, euskararen zuzentasun oinarrizkoena betetzen ez duten esaldiz beteta dago komiki guztia. Pena bat. Hurrengoan (espero dezagun hurrengorik egotea) konpondu beharreko akatsa.