e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Josechu el vasco" pertsonaiaren inguruko erakusketa Basaurin
Joaquim Muntañola i Puig komikigile katalana aurtengo martxoaren 5ean hil zen 97 urte zituela. Berau omentzeko, euskal komikigileen talde batek, Burdinjaun, Rober Garay eta Joaquin Agredak Facebook bidez koordinatuta, erakusketa antolatu dute.
Horretarako, gai nagusitzat TBO komiki-aldizkarian argitaratu zuen Josechu el vasco bere lanik ezagunena hautatu dute (beraien hitzetan, lehenengo euskal superheroia), eta pertsonaiaren bertsio ezberdinak egin dituzte 40 artista grafikok: Exprai, FH Navarro, Alex Orbe, Kike Infame, J.M. Montejo, Kaiet Bengoetxea, Danel Garay, Rufo, Brontxe, Corman III, Ulises Ponce López, Mikel Bao, J.L. Agreda, Asier y Javier, Joaquín Aldeguer, Bivafego, Dani Maiz...
Erakusketa Basauriko Arizko Dorretxean egongo da urriaren 5etik 31ra bitartean. Pertsonaia eta egile garrantzitsu horietara hurbiltzeko aukera aparta!
Bi euskarazko komiki berri, online deskargatzeko moduan
Euskarazko bi komiki berriren albistea dakarkizuegu gaurkoan. Batetik, Hamar Hatz Handi izeneko komikigilea Baztanga eroa euskarazko komiki fanzine txikia (bere hitzetan) argitaratzen hasi da. 0 zenbakia aurtengo udaberrian atera zuen, eta lehenengoa udan atera du. Online ikus daitezke biak, eta ale batzuk hainbat tabernatan ere banatzen dira.
Bestetik, iaz Mikel Orbegozoren Preso nago atera ondoren, euskal preso, erbesteratu eta errepresaliatuen lanak argitaratzen dituen Ataramiñe kultur elkarte eta argitaletxeak Borxa Urberuagaren Espetxetik at komikia kaleratu du, kartzelako istorioak kontatzen dituena. Hau ere beraien webgunetik jaits daiteke.
Ongi etorriak izan daitezela bi-biak!
Internet legearen mehatxupean
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko ekaineko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Internet izan da, zalantzarik gabe, azken hamarkadetan izandako aldaketa teknologikorik handiena. Bere eragina teknologiatik haratago doa, gizarte osoa eta gure bizitzak erabat aldatu ditu. Hazkunde ikaragarria izan du oso urte gutxian. Legea, halakoetan ohi denez, atzetik etortzen da, bere denbora behar baitu, eta horregatik Internet nahiko arau gabeko lurraldea izan da orain artean. Bestelako eduki eta komunikazioei aplikatzen zaizkien arauei lotua egon da soilik, eta Interneten izaera deszentralizatu eta nazioartekoak zaila egiten du ohiko lege eta baliabideen bidez arautu eta kontrolatzea. Horregatik, azken urteetan gobernu eta bestelako lobbyak Internetentzat berariaz egindako legeak ari dira bultzatzen (eta, zenbait kasutan, onartzen).
Lege-egitasmo horietatik ezagunena ACTA (Anti-Counterfeiting Trade Agreement edo Faltsifikazioen Aurkako Merkataritza-Akordioa) izenekoa izango da ziur aski. Nazioarteko akordio horrek, faltsifikazioak ekiditeko helburuaren mozorropean, medikamentu generikoen eta copyrightdun kultura-produktuen zabalkundearen aurka ere egiten du, eta, horretarako, proposatzen du nazioarteko erakunde berri bat sortzea (gai horietako bakoitzean haietaz arduratzen diren nazioarteko erakundeak egon arren), mugetako kontrolak zorroztea, Interneteko hornitzaileak komunikazio guztiak zelatatzera behartzea... Hainbat erakunde eta interes-talde edo lobbyk erredaktatu dute idatzia (imajinatu dezakegu zeinek), eta 30 herrialde baino gehiagok sinatu dute (tartean Espainia, Frantzia eta Europar Batasuna, aurtengo urtarrilean); baina herrialde horietako batek ere ez du oraingoz lege bihurtu, eta horregatik ez da martxan jarri. Herrialde askotan protesta handiak egon dira haien aurka, batez ere Europan (Polonian, Eslobenian, Suedian...).
Maila lokalagoan ere antzeko legeak ari dira bultzatzen. AEBn, adibidez, musika eta zinemaren industriak sutsu ari dira halako legeak onar daitezen borrokan. Azken bi urteetan, gutxienez halako lau lege aurkeztu dira hango Senatuan: COICA (Combating Online Infringement and Counterfeits Act edo On line lege-urraketen eta faltsifikazioen aurka borrokatzeko akta), PIPA (PROTECT IP Act edo Jabego intelektuala babesteko akta), SOPA (Stop Online Piracy Act edo On line pirateria gelditzeko akta) eta CISPA (Cyber Intelligence Sharing and Protection Act edo Ziberadimena banatu eta babesteko akta). Legeok honelako neurriak proposatzen dituzte: ordainketa-erakundeei (kreditu-txartelenak, adibidez) agindu ahal izatea webgune baterako ordainketak ez bideratzea; bilatzaileak webgune baterako estekak kentzera behartu ahal izatea; Internet-hornitzaileek webgune jakinetarako atzipena blokeatzea hala eskatzen bazaie; Internet-hornitzaileek beren erabiltzaileen zirkulazio-informazio guztia (non nabigatu duten, idatzi eta jaso dituzten e-mailak...) Gobernuarekin partekatu behar izatea; eta abar.
Espainian, aurreko urteko abenduan, PPren gobernuaren lehenengo ministro-kontseiluan, Interneteko deskargak erregulatzeko legea onartu zen, aurreko bi urteetan PSOEren gobernuak bultzatutakoa (hortik dator legeari eman zaion izena, Sinde-Wert Legea, bi gobernuen kultura-ministroen izenengatik). Urteetan zehar epaileek filmak, telesailak eta musika jaisteko estekak eskaintzen dituzten webguneak errugabetu ostean (Espainian kultura-edukiak partekatzea legezkoa baita irabazi-asmorik ez badago), Sinde-Wert Legeak Jabego Intelektualaren batzorde bati ahalmena eman zion webguneak prebentiboki ixteko (eta hemen badakigu ixte prebentiboak zer diren errealitatean). Azkenean, hala ere, izandako erresistentziagatik, puntu hori kendu egin zuten eta epaileak soilik itxi ahalko ditu webguneak, baina epaiketa azkarrak egingo dira Batzordeak denuntziatutako kasuetan.
Frantzian ere Sarkozyren Gobernuak HADOPI Legea atera zuen aurrera 2009an. Lege horrek ere batzorde bati ahalmena ematen dio Interneteko trafikoa zelatatzeko eta copyrighta hausten den kasuetan erabiltzaileari Internet-konexioa mozteko (legearen azken bertsioan, epaile batek onartu behar du konexioa moztea). Tim Berners-Lee webaren asmatzaileak oso modu grafikoan azaldu zuen lege honen zentzugabetasuna WWW2012 kongresuko "Web as a human right?" mahai-inguruan. Esaten zuen lehen ardiak lapurtzeagatik eskuak mozten zituztela herrialde batzuetan, baina orain gauzak ez ditugula horrela egiten. Bai eskuak eta bai Internet-konexioa beste gauza batzuetarako erabiltzen dira eta behar dira... Nerabe batek abesti batzuk jaitsi dituelako gelditu behar dira bere anai-arrebak etxeko lanak egin ezinik eta bere gurasoak lanik egin ezinik?
Beste mota batekoa bada ere, badago Internetentzat mehatxua izan litekeen beste lege bat: software-patenteena. Europar Batasunean softwarea ez da patentagarria, baina, noizean behin, Europako Patenteen Bulegoa eta software-enpresa handi batzuk saiatzen dira Europako patenteen legea aldatzen, zorionez, arrakastarik gabe (orain artean behintzat). Hala ere, Bulegoa azken urteetan softwareen patenteak onartu eta erregistratzen ari da, legea aldatzea lortzen dutenerako lana aurreratua izateko. AEBn softwarea patentatu egin daiteke, eta egoera benetan kafkiarra da: kontzeptu oso generikoak edo tribialak edo lehendik existitzen zirenak patentatzen dira (on line inkestak, ikonoetan klik eginda aplikazioak irekitzea, e-mailentzako erantzun automatikoak... patentatuta daude), enpresa handiek elkarri patente-paketeak erosten dizkiete... Egia da normalean ez dituztela erabiltzen; "gerra hotz" moduko batean daude, non bakoitzak bere armategia daukan "besteren batek erasoko banindu, badaezpada ere". Edonola ere, krisiagatik-edo software-patenteengatiko epaiketak zabaltzen hasiko balira, edota Europan ere onartuko balira, akabo Interneten gertatzen den berrikuntza handia, edota enpresa txikiek ideia eta negozio berriak sortzeko aukera-berdintasuna izatea.
Legeok neurri oker asko proposatzen dituzte, baina okerrena, Tim Bernes-Leeren aburuz, komunikazio eta nabigazioen zelatatze bereizi gabea da. Oso larria da pribatutasun-eskubidea hauste hori, baina, horrez gain, demokrazia bera ere arriskuan legokeela uste du: datu horiek crackeatu edota lapurtu egin litezke, politikarien datuak ere haiei xantaia egiteko erabil litezke, gobernu ustel batek oposizio edo disidentziaren aurka edo funtzionario ustel batek bere probetxurako erabil litzake. Dei sutsua egiten du Berners-Leek lege horien aurka protesta egin dezagun eta onar ditzaten utz ez diezaiegun. Aurrera aterako balira, ez da soilik Internet ez litzatekeela izango gaur ezagutzen dugun askatasun eta aukeren mundua: kulturaren zabalkunde zilegia eragotziko litzateke, eskubide zibil asko urratuko lirateke eta demokrazia arriskuan legoke. Eta okerrena da hori guztia ez litzatekeela izango segurtasunaren izenean, kultura-industriaren diru-irabaziak mantentzeagatik baizik.
Ganorabako 2012 lehiaketak baditu irabazleak
Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako komiki-lehiaketaren 2012ko edizioko irabazleak erabaki dituzte:
- 1. saria, 900 eurorekin hornitua, Oskar Blanco eta Sergio Cardosorentzat izan da Fffelipe el fampiro faletudo lanagatik
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua, Clément Groussaudentzat Última Miradagatik
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua, Santiago Calderón eta Ruben Encisorentzat Lo Enterrado lanagatik
- Saririk gabeko euskarazko akzesita, 300 eurorekin hornitua, Javier Navarrorentzat Peruren Errautsak lanagatik
- Saririk gabeko Basauriko autorerik onenari akzesita, 300 eurorekin hornitua, eman gabe geratu da
Lan irabazleak, aurreko urteetako edizioen irabazleekin batera, beraien webgunean irakur daitezke osorik.
Informatikaren jasangarritasunaz
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko maiatzeko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Informatika berdea delakoak arlo asko hartzen ditu: gailuen ekoizpen-prozesua, kalkulu-zentroen efizientzia energetikoa, ordenagailuen energia-kudeaketa (pantailak, biltegiratze-gailuak...), materialen birziklapena... Halako kontzeptuak jendarteratzen direnean, parafernalia guztiarekin etortzen dira: jardunbide egokien katalogoa, ziurtagiriak... Ekoizle askok dituzte halakoak. Ez dut nik esango horrelakoak onak ez direnik eta fabrikatzaileek ez dituztenik kontuan hartzen aipatutakoak. Hala ere, ez dut uste jasangarritasuna denik irizpide garrantzitsuena informatikaren munduak orokorrean daraman bidean, ezta gutxiagorik ere; horren ordez, ondo gelditzeko egiten den zerbait da. Eta zalantza handiak ditut gailu digitalen gaur egungo eredua jasangarria ote den.
IKTen munduko ezaugarri bat da gailuen bizitza laburra: erosi eta gutxira berria erosteko beharra dago. Ez gailuek gehiago iraun ezin dutelako (edo kasu batzuetan bai, zaharkitzapen programatua ere hor baitago), berehala zaharkituak gelditzen direlako baizik. Bi praktika horiek jasangarritasunaren guztiz kontrakoak dira, baina, azken finean, informatika-fabrikatzaileak enpresak dira, enpresek irabaziak izan behar dituzte eta irabaziak izateko saldu egin behar dute. Horretarako, gailu berriak ateratzen dituzte etengabe, gero eta hobeak. Baina benetan dira beharrezkoak ezaugarri hobe horiek, edo ekoizleek artifizialki sortutako beharrak dira? Mugikorraren argazki-kamera gero eta hobea behar dugu, gure argazkiak ez direlako hain ongi ikusten gero eta bereizmen handiagoa duten pantailetan; disko gogor gero eta handiagoak behar ditugu, mugikorrak HDn grabatutako bideoak edo Blu-ray filmak gorde ahal izateko; mikroprozesadore gero eta azkarragoa behar dugu horiek guztiak manejatu ahal izateko; eta abar luze bat.
Aukera galdua
Gurpil zoro hau gelditzeko aukera duela 5 urte inguru eman zen. IKTen bidez garabidean dauden herrialdeetako haurren hezkuntza bultzatzea helburu duen One Laptop Per Child proiektuak (ikus 2008ko martxoko zenbakiko artikulua) beste irizpide batzuen arabera diseinatutako ordenagailu bat ekoitzi zuen: arina, kontsumo txikikoa, iraunkorra, eguzki-argitan ere ongi ikusten den pantailaduna, merkea... Iraultzailea izan zen kontzeptualki, bai eta teknologikoki ere, energia-kontsumo baxua izatea oso faktore garrantzitsua baitzen gailu hartan: ez zuen biltegiratzeko gailu mekanikorik, hau da, CD- edo DVD-irakurgailu edo -grabagailurik edo disko gogorrik (flash edo SD txartela zeukan), eta tinta elektronikozko pantaila zuen lehen gailua izan zen; mikroprozesadorea ez zen hain ahaltsua, eta benetako esfortzua egin zen hala ere ongi ibil zedin (Linux sistema eragilea erabiliz, baliabideak optimizatuz...). 4P Computing ere deitu zitzaion kontzeptuari, garrantzia ematen baitzion energia-kontsumoari, errendimenduaren ustiapenari, eramangarritasunari eta prezioari (power, performance, portability, price).
OLPCren ordenagailuaren ereduari jarraituz sortu zen Netbooken kontzeptua. Disko gogorra dute eta ez dute tinta elektronikozko pantailarik, baina ez dira ohikoak bezain ahaltsuak, eta kontsumo txikiagoa dute. Jasangarriagoak dira, azken finean. Garai bertsuan hasi ziren hedatzen liburu-irakurgailu elektronikoak, Amazonek Kindle ateratzearekin batera. Tinta elektronikoarekin dabiltza, eta energia kontsumo oso txikia dute; asteak iraun ditzakete bateria kargatu beharrik gabe. Hori ere informatika jasangarriagoa da beste gailu pantailadunekin alderatuta. Egia da badituztela desabantailak (kolorerik ez, bideoa mugitzeko mantsoegiak...), baina kolorezko tinta elektroniko azkarragoaren teknologia bidean omen da (ikus 2011ko urtarrileko zenbakiko artikulua).
Alabaina, gailu horiek hilzorian daude, tableten erruz. Applek iPad-a atera zuen 2010ean, eta bere neonezko argiek liluratuta, ekoizle eta erabiltzaileek alde batera utzi dugu jasangarritasunaren bidea -inoiz benetan hartu bagenuen-, eta berriz ere gailu gero eta ahaltsuagoen eta energia-kontsumo handiagokoen gurpilerantz goaz. Netbookak jada apenas saltzen dira, eta liburu-irakurgailu elektronikoen ekoizle nagusiek, Amazon eta Barnes & Noblek, alde batera utzi dute tinta elektronikoa beren Kindle eta Nook gailuen azken modeloetan (Kindle Fire eta Nook Color).
Bestalde, badago joera nabarmen bat azkenaldian guztiz "jasanezina" dena (hau da, batere jasangarria ez dena): dugun gailu piloa. Etxeko ordenagailua, telefono mugikorra, tableta, ordenagailu eramangarria, argazki-kamera... eta denak antzeko gauzak egiteko gai diren ordenagailuak dira finean. Hori ekiditen lagundu dezakeen produktu bat aurkeztu du duela gutxi Canonicalek, mahai gaineko ordenagailuetarako Ubuntu Linux sistema eragilearen egileak: Ubuntu for Android. Android sistema eragiledun smartphoneentzako aplikazio bat da, Ubuntu sistema bat exekutatzen duena, eta teklatu eta pantaila bati konektatzen zaien dock batekin osatzen da. Gure telefonoa dock horretan jarrita eta Ubuntu for Android aplikazioa exekutatua, gure telefonoa erabil dezakegu etxerako edo lanerako ordenagailutzat.
Horrez gain, beste joera asko daude informatikaren munduan jasangarritasunaren aurka joan daitezkeenak. Datuak lainoan gordetzea eta gure gailu guztietan automatikoki sinkronizatzea izan daiteke bat, datuen duplikazio ikaragarria gertatzen baita (Cloud Computingari buruz 2010eko urtarrilean hitz egin genizuen). Musika streaming bidez entzutea ere bai, konexioa etengabe erabiltzen ari baikara horretarako; baina egia da, bestalde, musika hori milaka ordenagailutan gordeta egotearen datuen duplikazioa ekiditen dela.
Jasangarritasun ekonomikoa
Jasangarritasunaz ari garenean, ingurumenaren aldetiko jasangarritasunaz ari gara normalean. Baina ikuspegi ekonomikotik ere begiratu daiteke. Horri begiratzen ba diogu, jasangarria al da informatikak daraman bidea?
Krisi ekonomikoa dela eta, sarritan entzuten dugu lehengo bizimodua ez zela erreala, gure aukeren gainetik bizi ginela, etxebizitzen eta beste gauza askoren prezioak puztuegiak zeudela... Oso argi ikusten da dena a posteriori. Baina ez dugu ikusten informatikan egoera bera bizi dugula. Ez da normala, adibidez, halako ilarak egotea merkatuko tableta eta smartphone garestienen eta luxuzkoenen azken modeloak ateratzen diren bakoitzean, sei hilabete lehenago atera zen aurreko modeloarekiko apenas dutenean ezer berririk; edo etxe batean funtzio berdinetarako hain antzekoak diren hainbeste gailu egotea. Ez da jasangarria, eta burbuila ekonomikoa lehertu zen bezala lehertuko da informatikoa ere. Zorionez, gailu elektronikoak koska batzuk beherago daude beharren eta prezioen eskalan, eta leherketak ez digu hainbeste eragingo.
Gainera, teknologiaren eredua ez da, nire ustez, ekonomikoki jasangarria, ezin bada jende guztiarengana iritsi, hirugarren mundukoak barne. OLPCk bultzatzen zuen ereduak prezioa kontuan hartzen zuen eta informatika mundu guztira iristeko eredu bat ekarri zuen. Baina orain ia ez da kontuan hartzen faktore hori: gailu oso garestiak daude modan, funtsean gauza bera egin dezaketen askoz merkeagoak (lauzpabost aldiz merkeagoak) egon arren.
Informatika lasterketa zoro batean sartuta dago, eta lasterketa hori ez da jasangarria, ez ingurumenaren aldetik, ez ekonomikoki. Zoritxarrez, ez dugu beste arloetako lezioetatik ikasten, eta lasterketa hori ez da amaituko horretaz konturatu garelako; beranduegi denean konturatuko gara esku artean lehertu zaigula, kaltea egina dagoenean.
Nafarroako III. Komiki-Azoka
Hirugarrengoz egingo dute aurten Nafarroako Komiki-Azoka, Iruñeko zitadelan, irailean zehar, Tiza elkarteak antolatuta. Hainbat erakusketa, gonbidatu, hitzaldi, tailer eta bestelako izango dira beronen barruan, ondoren zehazten dizkizuegunak.
Erakusketak (irailaren 1etik 10era)
- Will Eisner "Definiendo storytelling" (arma-gelako ganbaran)
- Santiago Valenzuela "Entre elipses y otras cosas" (arma-gelan)
- "Chile, tierra de leyendas" (arma-gelan)
- Mauro Entrialgo "Metaexpo de metahistorietas" (arma-gelan)
- Juan Giménez "El Metabarón" (arma-gelako ganbaran)
- Nueva ilustración "Colectivo Puré" (arma-gelan)
Gonbidatuak
- Santiago Valenzuela
- Juan Giménez
- Mauro Entrialgo
- Pedro Osés
- Luis D
- Rafa Martínez
- Mikel Begoña
- Iñaket
- Idoia Iribertegui
- Belatz
Tailerrak
- Haurrentzako "¿Dibujar o ilustrar?" tailerra, Idoia Iriberteguiren eskutik (irailaren 22an 11:30ean)
- Haurrentzako "Crea tus personajes" tailerra, Idoia Iriberteguiren eskutik (irailaren 15ean 11:30ean)
- "Guión y dibujo" tailerra, Belatz eta Christoff-en eskutik (irailaren 23an)
Bestelakoak
- Erakusketen inaugurazioa (irailaren 1ean 12:00tan)
- "40 años de los encuentros del 72" murala zuzenean Pedro Osés-en eskutik (irailaren 1ean 17:00tan, 2an 12:00tan, 8an 17:00tan eta 9an 12:00tan)
- Mauro Entrialgorekin solasaldia (irailaren 6an 20:00tan)
- Rafael Martínezen hitzaldia Will Eisner-en inguruan (irailaren 13an 20:00tan)
- Kontzertua: The Bubbles Will Eisner-i abesten (irailaren 14an 20:00tan)
- Juan Giménezekin solasaldia (irailaren 20an 20:00tan)
- Iñaket eta Mikel Begoñarekin solasaldia (irailaren 21ean 18:00tan)
- Chile, tierra de leyendas liburuaren aurkezpena(irailaren 21ean 20:00tan)
- Santiago Valenzuelarekin solasaldia (irailaren 27an 20:00tan)
- Luis D-rekin solasaldia (irailaren 28an 20:00tan)
- Komikiaren inguruko festa-eguna (irailaren 29an)
Ekitaldien hizkuntzari dagokionez, ez du inon zehazten nola izango diren, baina ikusita webgunea gaztelania hutsean dagoela, pentsatzekoa da ekitaldiak ere hala izango direla... Guztiz salagarria eta onartezina, webgunea gaztelaniaz soilik egotea eta ekitaldirik euskaraz ez egitea!
TMEOren 25 urteen erakusketa
TMEO komiki-aldizkari gasteiztarrak 25 urte egiten ditu aurten, eta hainbat ekitaldiren bidez ari dira hori ospatzen. Aldizkariaren 100 orriko zenbaki berezia atera zuten, festa bat egin zuten ekainean eta erakusketa bat ere paratu dute.
Hori erakusketori Gasteizko Zuloa Gunean dago ikusgai uztailaren 27tik, eta irailaren 10era bitartean egongo da irekita. Izenburua, aldizkariaren betiko tonuarekin bat, ironia finezko probokazioarekin: 25 anos del TMEO (bai, ANOS ;-). Aukera ederra komiki-aldizkari beterano honen ibilbideari errepasoa emateko!
Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketaren II. edizioa
Deia egunkariak eta Rekalde aretoak iaz lehenbizikoz antolatutako Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketak bigarren edizioa izango du aurten. Bertara euskarazko 4 orritako komikiak aurkeztu ahal izango dira, irailaren 3tik 14ra bitartean. 1.500 euroko saria izango du irabazleak, eta lan irabazlea eta epaimahaiak aukeratutako beste lan batzuekin erakusketa egingo da Rekalde aretoan; gainera, antolatzaileek berauek argitaratzea izan daiteke. Oinarri osoak helbide honetan aurkitu ditzakezue: http://www.deia.com/2012/06/11/ocio-y-cultura/cultura/deia-egunkariak-eta-rekalde-aretoak-ii-rekalde-ortzadar-komiki-lehiaketa-deitu-dute.
Ea ba, komikigintzan aritzen bazara, parte hartu!
Xabiroiren 26. zenbakia atera da
Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena, 26. zenbakira iritsi da. Berritasun anitz dakarzkigu gainera zenbaki honetan. Museo bilduma Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren sail berria, bi komiki-zinta berri (Adur Larrearen Xabiroienea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak) eta Irati Jimenez eta Bruno Hidalgoren Aingeru negarra istorio laburra.
Hau da zenbaki honen edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Adur Larrearen Xabiroienea umorezko banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Museo bilduma serie berriaren 6 orri
- Irati Jimenez eta Bruno Hidalgoren Aingeru negarra 6 orriko istorioa
- KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, oraingoan Koldo Azpitarte eta Angel Unzuetarekin, Frantzian argitaratu berri duten Reliques albumaren karira
- ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
- Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
- Alex Orberen Fede kontua umorezko orria
- Loperen Behien Tarzanen 3 orri
Gogoratu iaztik Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi eta Azken garaipena) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal direla (Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28)).
Social networks killed the RSS star?
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko apirileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Hasieran, Tim Berners-Leek weba egin zuen. Web hura ez zen hain baliagarria: webgune bat edukitzea enpresa edo erakundeen eta informatika-ezagutzak zituztenen esku baino ez zegoen. Informazioa oso estatikoa zen. Eta teknologiak esan zuen: "izan bedi interaktibotasuna". Eta hala izan zen. Eta ikusi zuen jendeak interaktibotasuna ona zela, eta bereizi egin zuen hasierako webetik: berriari Web 2.0 eman zion izena eta aurrekoari Web 1.0. (Genesia, 1:1)
Bibliarekiko paralelismoen txantxa gorabehera, ezin ukatuzkoa da Web 2.0 delakoak aldaketa handia ekarri zuela aurrekoarekiko: webguneak askoz interaktiboagoak ziren, informatikarik jakin gabe egin zitezkeen, jende arrunt asko hasi zen webguneak eta blogak izaten... Baina aldaketa garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe, RSSak izan ziren.
Webgune eta blog ugari askotan eguneratzen hasi ziren arren, ez zen erraza gustuko zenituenen jarraipena egitea: denetan banan-banan sartu beharra, sarritan aldaketarik ez aurkitzeko, edo irakurri genuen azkena zein izan zen ez gogoratzeko. Baina, orduan, webgune horiek RSS bertsio bat ere argitaratzen hasi ziren: albiste edo artikulu berriak argitaratzeko formatu bat, egitura ongi definitu baten bidez adierazten zuena albistearen eremu bakoitza (izenburua, egilea, data, edukia, esteka...). Horri esker, programa eta zerbitzuak sortu ziren gure gogoko webgune eta blogen RSSak irakurtzen zituztenak eta zerbait berria zegoenean abisatzen zigutenak. Hala, informazio-iturri askoren jarraipena gune zentral bakar batetik egiteko aukera sortu zen. RSSei buruz hitz egin genizuen web semantikoaz aritu ginenean Mundu digitala atalaren bigarren artikuluan.
Askorentzat, neu barne, iraultza handia izan zen hura, bizitza erabat aldatzeraino. Nik ez dakit zer egingo nukeen RSSak edo RSS-irakurgailuak desagertuko balira. Haiei esker, nire gustuko gaiak, pertsonalak zein profesionalak, argitaratzen dituzten ehunka guneren jarraipena egiten dut modu errazean. Nolabait, nire komunikabide pertsonalizatua dut nire RSS-irakurgailuan. Eta pentsatzen nuen jende guztia pasatuko zela horretara lehenago edo beranduago. Baina denborak aurrera egin du, eta hori ez da gertatu. Jende geek edo teknozale samarrak soilik erabiltzen du.
Sare sozialen oldarra
Aldiz, duela bizpahiru urtetik hona, jende guztia sare sozialetan sartzen ari da. Twitter, Facebook eta enparauen erabilera bai izan dela masiboa. Ez dago ukatzerik erabiltzaile-kopuruan RSSak askogatik gainditu dituztela.
Eta RSSen jarraitzaile leial askori ulertezina gertatzen zaie. Begira zer dioen Marshall Kirkpatrick ReadWriteWeb teknologiari buruzko blogaren koeditoreak horri buruz: "RSSak irakurtzeko softwarea ez erabiltzea azken aldiko teknologiaren historian gizateriaz okerren hitz egiten duen gertaeretako bat da. Etsigarri da mundu osoan demokratikoki argitaratzen diren iturri fidagarri eta askeen informazio-kanal dinamikoak eguneratzeko biltegi pertsonalizatu eta zentralizatu bat teknologikoki baztertuta Facebook-eko Flash joko buru-usteltzaileek ordezkatu izana, telebistaren promesa den errealitatea bihurtu eta hezkuntza publikoaren ametsak puskatan hautsi zirenean bezain etsigarria. (...) Ikaragarria da. Dena jaso eta etxera joateko modukoa da."
Tira, ni berak dioen gauza askorekin ados nago, baina ez dut hain gaizki ere hartzen (agian hainbeste desengainurekin jada ez dudalako gizadiarengandik hainbeste espero?)... Azken finean, zibermundua mundu errealaren isla besterik ez da. Eta askoz jende gehiago dago tabernetan ibiltzen dena egunkariak irakurtzen baino; hori baitira sare sozialak nagusiki, jendearekin egoteko tokia. Bestalde, sare sozialak ez dira flash jokoak soilik: informatuta egoteko modu bat ere badira, baina gustuko komunikabideen bitartez izan beharrean, lagunen bidez; eta sare sozialetako lagun horiek komunikabideak ere izan daitezke, gaur egun denak baitaude haietan.
Ni gehiago kezkatzen nau sare sozialen beste efektu batek: bertan sortzen den edukia, sarritan, arina da (luzeran mugatuta daude bertako edukiak, eta gaiak ere informalagoak izan ohi dira), oso efimeroa (ez dago eduki zaharra berreskuratu edo aurkitzerik) eta ez irekia (eduki asko lagunentzat soilik da); baina haietan aktiboki aritzeak denbora handia eskatzen du, eta blogetan edo webgune pertsonaletan kalitateko edukia sortzeko denbora gutxiago dago. Nik inpresioa dut sare sozialak daudenetik blogetan gutxiago idazten dela, eta hori kezkagarria izan daiteke euskara bezalako hizkuntza txikientzat. Gainera, berriz ere komunikabide profesionalen esku gelditzen bada mamidun edukia sortzea, pikutara Web 2.0-k ekarri zuen sorkuntzaren demokratizazioa...
Edonola ere, sare sozialek erabiltzaile askoz gehiago izateak ez du esan nahi RSSak hilda daudenik, toki askotatik aspalditik hori iragarri badute ere, bizi-bizirik darrai. Artikulu honen izenburua inspiratu duen eta MTV katea inauguratzeko erabili zuten The Buggles taldearen Video killed the radio star abestiak 1981ean iragarri zuen irratiaren heriotza, eta 30 urte geroago, begira.
Heriotzek titular deigarriagoak egiten dituztelako egiten dira horrelako sententziak, edo errege zaharra hil beharra dagoelako berria aldarrikatzeko. Baina ez du zertan beti garaile bat egon; elkarbizitza ere posible da, eta, kasu honetan, beharrezko ere bai, esango nuke. Izan ere, ni konbentzituta nago sare sozialak, lehen urratsean, neurri handi batean behintzat, RSSak erabiltzen dituzten jendearengandik elikatzen direla. Erabiltzaile horiek izaten dute informazioaren berri, eta sare sozialetan partekatzen dituzte. Hortik hasten da informazioa zabaltzen. Horiek gabe, agian, eduki askoz gutxiago legoke sare sozialetan eta ez lirateke hain interesgarriak izango.