Internet legearen mehatxupean
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko ekaineko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Internet izan da, zalantzarik gabe, azken hamarkadetan izandako aldaketa teknologikorik handiena. Bere eragina teknologiatik haratago doa, gizarte osoa eta gure bizitzak erabat aldatu ditu. Hazkunde ikaragarria izan du oso urte gutxian. Legea, halakoetan ohi denez, atzetik etortzen da, bere denbora behar baitu, eta horregatik Internet nahiko arau gabeko lurraldea izan da orain artean. Bestelako eduki eta komunikazioei aplikatzen zaizkien arauei lotua egon da soilik, eta Interneten izaera deszentralizatu eta nazioartekoak zaila egiten du ohiko lege eta baliabideen bidez arautu eta kontrolatzea. Horregatik, azken urteetan gobernu eta bestelako lobbyak Internetentzat berariaz egindako legeak ari dira bultzatzen (eta, zenbait kasutan, onartzen).
Lege-egitasmo horietatik ezagunena ACTA (Anti-Counterfeiting Trade Agreement edo Faltsifikazioen Aurkako Merkataritza-Akordioa) izenekoa izango da ziur aski. Nazioarteko akordio horrek, faltsifikazioak ekiditeko helburuaren mozorropean, medikamentu generikoen eta copyrightdun kultura-produktuen zabalkundearen aurka ere egiten du, eta, horretarako, proposatzen du nazioarteko erakunde berri bat sortzea (gai horietako bakoitzean haietaz arduratzen diren nazioarteko erakundeak egon arren), mugetako kontrolak zorroztea, Interneteko hornitzaileak komunikazio guztiak zelatatzera behartzea... Hainbat erakunde eta interes-talde edo lobbyk erredaktatu dute idatzia (imajinatu dezakegu zeinek), eta 30 herrialde baino gehiagok sinatu dute (tartean Espainia, Frantzia eta Europar Batasuna, aurtengo urtarrilean); baina herrialde horietako batek ere ez du oraingoz lege bihurtu, eta horregatik ez da martxan jarri. Herrialde askotan protesta handiak egon dira haien aurka, batez ere Europan (Polonian, Eslobenian, Suedian...).
Maila lokalagoan ere antzeko legeak ari dira bultzatzen. AEBn, adibidez, musika eta zinemaren industriak sutsu ari dira halako legeak onar daitezen borrokan. Azken bi urteetan, gutxienez halako lau lege aurkeztu dira hango Senatuan: COICA (Combating Online Infringement and Counterfeits Act edo On line lege-urraketen eta faltsifikazioen aurka borrokatzeko akta), PIPA (PROTECT IP Act edo Jabego intelektuala babesteko akta), SOPA (Stop Online Piracy Act edo On line pirateria gelditzeko akta) eta CISPA (Cyber Intelligence Sharing and Protection Act edo Ziberadimena banatu eta babesteko akta). Legeok honelako neurriak proposatzen dituzte: ordainketa-erakundeei (kreditu-txartelenak, adibidez) agindu ahal izatea webgune baterako ordainketak ez bideratzea; bilatzaileak webgune baterako estekak kentzera behartu ahal izatea; Internet-hornitzaileek webgune jakinetarako atzipena blokeatzea hala eskatzen bazaie; Internet-hornitzaileek beren erabiltzaileen zirkulazio-informazio guztia (non nabigatu duten, idatzi eta jaso dituzten e-mailak...) Gobernuarekin partekatu behar izatea; eta abar.
Espainian, aurreko urteko abenduan, PPren gobernuaren lehenengo ministro-kontseiluan, Interneteko deskargak erregulatzeko legea onartu zen, aurreko bi urteetan PSOEren gobernuak bultzatutakoa (hortik dator legeari eman zaion izena, Sinde-Wert Legea, bi gobernuen kultura-ministroen izenengatik). Urteetan zehar epaileek filmak, telesailak eta musika jaisteko estekak eskaintzen dituzten webguneak errugabetu ostean (Espainian kultura-edukiak partekatzea legezkoa baita irabazi-asmorik ez badago), Sinde-Wert Legeak Jabego Intelektualaren batzorde bati ahalmena eman zion webguneak prebentiboki ixteko (eta hemen badakigu ixte prebentiboak zer diren errealitatean). Azkenean, hala ere, izandako erresistentziagatik, puntu hori kendu egin zuten eta epaileak soilik itxi ahalko ditu webguneak, baina epaiketa azkarrak egingo dira Batzordeak denuntziatutako kasuetan.
Frantzian ere Sarkozyren Gobernuak HADOPI Legea atera zuen aurrera 2009an. Lege horrek ere batzorde bati ahalmena ematen dio Interneteko trafikoa zelatatzeko eta copyrighta hausten den kasuetan erabiltzaileari Internet-konexioa mozteko (legearen azken bertsioan, epaile batek onartu behar du konexioa moztea). Tim Berners-Lee webaren asmatzaileak oso modu grafikoan azaldu zuen lege honen zentzugabetasuna WWW2012 kongresuko "Web as a human right?" mahai-inguruan. Esaten zuen lehen ardiak lapurtzeagatik eskuak mozten zituztela herrialde batzuetan, baina orain gauzak ez ditugula horrela egiten. Bai eskuak eta bai Internet-konexioa beste gauza batzuetarako erabiltzen dira eta behar dira... Nerabe batek abesti batzuk jaitsi dituelako gelditu behar dira bere anai-arrebak etxeko lanak egin ezinik eta bere gurasoak lanik egin ezinik?
Beste mota batekoa bada ere, badago Internetentzat mehatxua izan litekeen beste lege bat: software-patenteena. Europar Batasunean softwarea ez da patentagarria, baina, noizean behin, Europako Patenteen Bulegoa eta software-enpresa handi batzuk saiatzen dira Europako patenteen legea aldatzen, zorionez, arrakastarik gabe (orain artean behintzat). Hala ere, Bulegoa azken urteetan softwareen patenteak onartu eta erregistratzen ari da, legea aldatzea lortzen dutenerako lana aurreratua izateko. AEBn softwarea patentatu egin daiteke, eta egoera benetan kafkiarra da: kontzeptu oso generikoak edo tribialak edo lehendik existitzen zirenak patentatzen dira (on line inkestak, ikonoetan klik eginda aplikazioak irekitzea, e-mailentzako erantzun automatikoak... patentatuta daude), enpresa handiek elkarri patente-paketeak erosten dizkiete... Egia da normalean ez dituztela erabiltzen; "gerra hotz" moduko batean daude, non bakoitzak bere armategia daukan "besteren batek erasoko banindu, badaezpada ere". Edonola ere, krisiagatik-edo software-patenteengatiko epaiketak zabaltzen hasiko balira, edota Europan ere onartuko balira, akabo Interneten gertatzen den berrikuntza handia, edota enpresa txikiek ideia eta negozio berriak sortzeko aukera-berdintasuna izatea.
Legeok neurri oker asko proposatzen dituzte, baina okerrena, Tim Bernes-Leeren aburuz, komunikazio eta nabigazioen zelatatze bereizi gabea da. Oso larria da pribatutasun-eskubidea hauste hori, baina, horrez gain, demokrazia bera ere arriskuan legokeela uste du: datu horiek crackeatu edota lapurtu egin litezke, politikarien datuak ere haiei xantaia egiteko erabil litezke, gobernu ustel batek oposizio edo disidentziaren aurka edo funtzionario ustel batek bere probetxurako erabil litzake. Dei sutsua egiten du Berners-Leek lege horien aurka protesta egin dezagun eta onar ditzaten utz ez diezaiegun. Aurrera aterako balira, ez da soilik Internet ez litzatekeela izango gaur ezagutzen dugun askatasun eta aukeren mundua: kulturaren zabalkunde zilegia eragotziko litzateke, eskubide zibil asko urratuko lirateke eta demokrazia arriskuan legoke. Eta okerrena da hori guztia ez litzatekeela izango segurtasunaren izenean, kultura-industriaren diru-irabaziak mantentzeagatik baizik.