e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Nafarroako III. Komiki-Azoka
Hirugarrengoz egingo dute aurten Nafarroako Komiki-Azoka, Iruñeko zitadelan, irailean zehar, Tiza elkarteak antolatuta. Hainbat erakusketa, gonbidatu, hitzaldi, tailer eta bestelako izango dira beronen barruan, ondoren zehazten dizkizuegunak.
Erakusketak (irailaren 1etik 10era)
- Will Eisner "Definiendo storytelling" (arma-gelako ganbaran)
- Santiago Valenzuela "Entre elipses y otras cosas" (arma-gelan)
- "Chile, tierra de leyendas" (arma-gelan)
- Mauro Entrialgo "Metaexpo de metahistorietas" (arma-gelan)
- Juan Giménez "El Metabarón" (arma-gelako ganbaran)
- Nueva ilustración "Colectivo Puré" (arma-gelan)
Gonbidatuak
- Santiago Valenzuela
- Juan Giménez
- Mauro Entrialgo
- Pedro Osés
- Luis D
- Rafa Martínez
- Mikel Begoña
- Iñaket
- Idoia Iribertegui
- Belatz
Tailerrak
- Haurrentzako "¿Dibujar o ilustrar?" tailerra, Idoia Iriberteguiren eskutik (irailaren 22an 11:30ean)
- Haurrentzako "Crea tus personajes" tailerra, Idoia Iriberteguiren eskutik (irailaren 15ean 11:30ean)
- "Guión y dibujo" tailerra, Belatz eta Christoff-en eskutik (irailaren 23an)
Bestelakoak
- Erakusketen inaugurazioa (irailaren 1ean 12:00tan)
- "40 años de los encuentros del 72" murala zuzenean Pedro Osés-en eskutik (irailaren 1ean 17:00tan, 2an 12:00tan, 8an 17:00tan eta 9an 12:00tan)
- Mauro Entrialgorekin solasaldia (irailaren 6an 20:00tan)
- Rafael Martínezen hitzaldia Will Eisner-en inguruan (irailaren 13an 20:00tan)
- Kontzertua: The Bubbles Will Eisner-i abesten (irailaren 14an 20:00tan)
- Juan Giménezekin solasaldia (irailaren 20an 20:00tan)
- Iñaket eta Mikel Begoñarekin solasaldia (irailaren 21ean 18:00tan)
- Chile, tierra de leyendas liburuaren aurkezpena(irailaren 21ean 20:00tan)
- Santiago Valenzuelarekin solasaldia (irailaren 27an 20:00tan)
- Luis D-rekin solasaldia (irailaren 28an 20:00tan)
- Komikiaren inguruko festa-eguna (irailaren 29an)
Ekitaldien hizkuntzari dagokionez, ez du inon zehazten nola izango diren, baina ikusita webgunea gaztelania hutsean dagoela, pentsatzekoa da ekitaldiak ere hala izango direla... Guztiz salagarria eta onartezina, webgunea gaztelaniaz soilik egotea eta ekitaldirik euskaraz ez egitea!
TMEOren 25 urteen erakusketa
TMEO komiki-aldizkari gasteiztarrak 25 urte egiten ditu aurten, eta hainbat ekitaldiren bidez ari dira hori ospatzen. Aldizkariaren 100 orriko zenbaki berezia atera zuten, festa bat egin zuten ekainean eta erakusketa bat ere paratu dute.
Hori erakusketori Gasteizko Zuloa Gunean dago ikusgai uztailaren 27tik, eta irailaren 10era bitartean egongo da irekita. Izenburua, aldizkariaren betiko tonuarekin bat, ironia finezko probokazioarekin: 25 anos del TMEO (bai, ANOS ;-). Aukera ederra komiki-aldizkari beterano honen ibilbideari errepasoa emateko!
Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketaren II. edizioa
Deia egunkariak eta Rekalde aretoak iaz lehenbizikoz antolatutako Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketak bigarren edizioa izango du aurten. Bertara euskarazko 4 orritako komikiak aurkeztu ahal izango dira, irailaren 3tik 14ra bitartean. 1.500 euroko saria izango du irabazleak, eta lan irabazlea eta epaimahaiak aukeratutako beste lan batzuekin erakusketa egingo da Rekalde aretoan; gainera, antolatzaileek berauek argitaratzea izan daiteke. Oinarri osoak helbide honetan aurkitu ditzakezue: http://www.deia.com/2012/06/11/ocio-y-cultura/cultura/deia-egunkariak-eta-rekalde-aretoak-ii-rekalde-ortzadar-komiki-lehiaketa-deitu-dute.
Ea ba, komikigintzan aritzen bazara, parte hartu!
Xabiroiren 26. zenbakia atera da
Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena, 26. zenbakira iritsi da. Berritasun anitz dakarzkigu gainera zenbaki honetan. Museo bilduma Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren sail berria, bi komiki-zinta berri (Adur Larrearen Xabiroienea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak) eta Irati Jimenez eta Bruno Hidalgoren Aingeru negarra istorio laburra.
Hau da zenbaki honen edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Adur Larrearen Xabiroienea umorezko banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Museo bilduma serie berriaren 6 orri
- Irati Jimenez eta Bruno Hidalgoren Aingeru negarra 6 orriko istorioa
- KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, oraingoan Koldo Azpitarte eta Angel Unzuetarekin, Frantzian argitaratu berri duten Reliques albumaren karira
- ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
- Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
- Alex Orberen Fede kontua umorezko orria
- Loperen Behien Tarzanen 3 orri
Gogoratu iaztik Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi eta Azken garaipena) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal direla (Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28)).
Social networks killed the RSS star?
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko apirileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Hasieran, Tim Berners-Leek weba egin zuen. Web hura ez zen hain baliagarria: webgune bat edukitzea enpresa edo erakundeen eta informatika-ezagutzak zituztenen esku baino ez zegoen. Informazioa oso estatikoa zen. Eta teknologiak esan zuen: "izan bedi interaktibotasuna". Eta hala izan zen. Eta ikusi zuen jendeak interaktibotasuna ona zela, eta bereizi egin zuen hasierako webetik: berriari Web 2.0 eman zion izena eta aurrekoari Web 1.0. (Genesia, 1:1)
Bibliarekiko paralelismoen txantxa gorabehera, ezin ukatuzkoa da Web 2.0 delakoak aldaketa handia ekarri zuela aurrekoarekiko: webguneak askoz interaktiboagoak ziren, informatikarik jakin gabe egin zitezkeen, jende arrunt asko hasi zen webguneak eta blogak izaten... Baina aldaketa garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe, RSSak izan ziren.
Webgune eta blog ugari askotan eguneratzen hasi ziren arren, ez zen erraza gustuko zenituenen jarraipena egitea: denetan banan-banan sartu beharra, sarritan aldaketarik ez aurkitzeko, edo irakurri genuen azkena zein izan zen ez gogoratzeko. Baina, orduan, webgune horiek RSS bertsio bat ere argitaratzen hasi ziren: albiste edo artikulu berriak argitaratzeko formatu bat, egitura ongi definitu baten bidez adierazten zuena albistearen eremu bakoitza (izenburua, egilea, data, edukia, esteka...). Horri esker, programa eta zerbitzuak sortu ziren gure gogoko webgune eta blogen RSSak irakurtzen zituztenak eta zerbait berria zegoenean abisatzen zigutenak. Hala, informazio-iturri askoren jarraipena gune zentral bakar batetik egiteko aukera sortu zen. RSSei buruz hitz egin genizuen web semantikoaz aritu ginenean Mundu digitala atalaren bigarren artikuluan.
Askorentzat, neu barne, iraultza handia izan zen hura, bizitza erabat aldatzeraino. Nik ez dakit zer egingo nukeen RSSak edo RSS-irakurgailuak desagertuko balira. Haiei esker, nire gustuko gaiak, pertsonalak zein profesionalak, argitaratzen dituzten ehunka guneren jarraipena egiten dut modu errazean. Nolabait, nire komunikabide pertsonalizatua dut nire RSS-irakurgailuan. Eta pentsatzen nuen jende guztia pasatuko zela horretara lehenago edo beranduago. Baina denborak aurrera egin du, eta hori ez da gertatu. Jende geek edo teknozale samarrak soilik erabiltzen du.
Sare sozialen oldarra
Aldiz, duela bizpahiru urtetik hona, jende guztia sare sozialetan sartzen ari da. Twitter, Facebook eta enparauen erabilera bai izan dela masiboa. Ez dago ukatzerik erabiltzaile-kopuruan RSSak askogatik gainditu dituztela.
Eta RSSen jarraitzaile leial askori ulertezina gertatzen zaie. Begira zer dioen Marshall Kirkpatrick ReadWriteWeb teknologiari buruzko blogaren koeditoreak horri buruz: "RSSak irakurtzeko softwarea ez erabiltzea azken aldiko teknologiaren historian gizateriaz okerren hitz egiten duen gertaeretako bat da. Etsigarri da mundu osoan demokratikoki argitaratzen diren iturri fidagarri eta askeen informazio-kanal dinamikoak eguneratzeko biltegi pertsonalizatu eta zentralizatu bat teknologikoki baztertuta Facebook-eko Flash joko buru-usteltzaileek ordezkatu izana, telebistaren promesa den errealitatea bihurtu eta hezkuntza publikoaren ametsak puskatan hautsi zirenean bezain etsigarria. (...) Ikaragarria da. Dena jaso eta etxera joateko modukoa da."
Tira, ni berak dioen gauza askorekin ados nago, baina ez dut hain gaizki ere hartzen (agian hainbeste desengainurekin jada ez dudalako gizadiarengandik hainbeste espero?)... Azken finean, zibermundua mundu errealaren isla besterik ez da. Eta askoz jende gehiago dago tabernetan ibiltzen dena egunkariak irakurtzen baino; hori baitira sare sozialak nagusiki, jendearekin egoteko tokia. Bestalde, sare sozialak ez dira flash jokoak soilik: informatuta egoteko modu bat ere badira, baina gustuko komunikabideen bitartez izan beharrean, lagunen bidez; eta sare sozialetako lagun horiek komunikabideak ere izan daitezke, gaur egun denak baitaude haietan.
Ni gehiago kezkatzen nau sare sozialen beste efektu batek: bertan sortzen den edukia, sarritan, arina da (luzeran mugatuta daude bertako edukiak, eta gaiak ere informalagoak izan ohi dira), oso efimeroa (ez dago eduki zaharra berreskuratu edo aurkitzerik) eta ez irekia (eduki asko lagunentzat soilik da); baina haietan aktiboki aritzeak denbora handia eskatzen du, eta blogetan edo webgune pertsonaletan kalitateko edukia sortzeko denbora gutxiago dago. Nik inpresioa dut sare sozialak daudenetik blogetan gutxiago idazten dela, eta hori kezkagarria izan daiteke euskara bezalako hizkuntza txikientzat. Gainera, berriz ere komunikabide profesionalen esku gelditzen bada mamidun edukia sortzea, pikutara Web 2.0-k ekarri zuen sorkuntzaren demokratizazioa...
Edonola ere, sare sozialek erabiltzaile askoz gehiago izateak ez du esan nahi RSSak hilda daudenik, toki askotatik aspalditik hori iragarri badute ere, bizi-bizirik darrai. Artikulu honen izenburua inspiratu duen eta MTV katea inauguratzeko erabili zuten The Buggles taldearen Video killed the radio star abestiak 1981ean iragarri zuen irratiaren heriotza, eta 30 urte geroago, begira.
Heriotzek titular deigarriagoak egiten dituztelako egiten dira horrelako sententziak, edo errege zaharra hil beharra dagoelako berria aldarrikatzeko. Baina ez du zertan beti garaile bat egon; elkarbizitza ere posible da, eta, kasu honetan, beharrezko ere bai, esango nuke. Izan ere, ni konbentzituta nago sare sozialak, lehen urratsean, neurri handi batean behintzat, RSSak erabiltzen dituzten jendearengandik elikatzen direla. Erabiltzaile horiek izaten dute informazioaren berri, eta sare sozialetan partekatzen dituzte. Hortik hasten da informazioa zabaltzen. Horiek gabe, agian, eduki askoz gutxiago legoke sare sozialetan eta ez lirateke hain interesgarriak izango.
Kutxa Kultur Komikia 2012
Kutxak antolatu eta iaz lehen edizioa izan zuen Kutxa Kultur Komikia lehiaketaren 2012ko edizioa martxan da, marrazkilari berriak ezagutarazteko helburuarekin.
Parte hartzeko izena ematen dutenei bi istorio ematen zaizkie aukeran, eta horietako baten inguruan gidoi bat landu eta bost orriko komikia osatu beharko dute. Lehen hiru sailkatuentzako sariak 900, 400 eta 200 eurokoak izango dira. Horrez gain, lan irabazleak eta hautatutako beste batzuk estatu mailako banaketa izango duen argitalpen batean agertuko dira.
Izena ekainaren 30a baino lehenago eman behar da, eta egindako komikia aurkezteko azken epea uztailaren 15a da.
"Juan Carlos Egillor eta Bilbo" erakusketa
Iaz hildako Juan Carlos Egillor komikigile, margolari, ilustratzaile eta zinegilearen lanaren inguruko erakusketa dago ikusgai Bilboko Foru Liburutegian ekainaren 15a arte.
Berak egindako kartel ugari (Bilboko jaietakoak, esaterako) eta diskoen portada asko (Ruper Ordorika, Oskorri...), bere berezko estilo horrekin, oso ezagunak dira. Baina komikigintzaren munduan ere famatua zen oso, Euskal Herrian zein gure mugetatik kanpo. El Correo Español, Egin, El Pais eta beste egunkari askorentzat egin zituen komiki-bandak (Mari Aguirre, Miss Martiartu...), eta baita Euskadi Sioux aldizkarian hainbat lan ere.
Ezaguna baduzu bere lana, orain duzu aukera bere lanen atzera begirako honen bidez bere obraz gozatzeko; eta ez baduzu ezagutzen, bere lanak deskubritzeko! Hona hemen, aperitif gisa, Kartelartean blogeko erakusketaren argazki batzuk eta iruzkina.
Asterix-en beste bi album berrargitaratu dira euskaraz
Salvat argitaletxeak jarraitzen du René Goscinny eta Albert Uderzoren Asterixen komikiak berrargitaratzen (duela urte batzuk ateratakoak aspalditik zeuden deskatalogatuta). Ordena kronologikoari jarraitzen diete eta binaka ateratzen dituzte, beraz oraingoan Galiako itzulian eta Asterix eta Kleopatrari tokatu zaie. Momentuz aurresalmentan ageri dira online liburudendetan, baina laster egongo direla suposatzen da...
Segi dezatela horrela, klasiko bikain hau euskaraz merkaturatzen!
Software librea, lau frikiren kontua baino askoz gehiago
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko martxoko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Ordenagailuek, beste teknologia askok bezala, historia luzea izan dute gizarte osora hedatu aurretik, uste duguna baino luzeagoa. Mundu akademiko-unibertsitarioan sortu ziren XX. mendearen hasieran lehen konputagailu analogikoak, teknologia elektro-mekanikoa zerabiltenak. 2. Mundu Gerraren aurretik eta bitartean bultzada handia izan zuten, etsaien komunikazioak deszifratzeko erabiltzeko, eta orduan sortu ziren ordenagailu elektroniko digitalak, rele, kondentsadore eta balbulekin funtzionatzen zutenak. 50eko hamarkadan hasi ziren berauetan transistoreak erabiltzen, eta 60koan zirkuitu integratu eta mikroprozesagailuak. Hauek poliki-poliki tamaina eta prezioz jaisten joan ziren eta 80ko hamarkadatik aurrera hasi ziren bihurtzen erabilera orokorreko.
Bitartean, 50-80ko hamarkaden arteko garai horretan, konputagailuak makina handi eta garestiak ziren, eta unibertsitateetan eta enpresa handietan soilik zeuden. Horientzat egiten zen softwareari dagokionez, ohikoa zen doan eta libreki zabaldu eta banatzea, beste batzuen softwareari ekarpenak egitea... Batetik, mundu akademikoan aurkikuntzak argitaratu eta partekatzea ohitura izan delako beti; bestetik, ordenagailu-ekoizleek ere begi onez ikusten zutelako beren makina garestiak erabilgarriago bihurtzen zituzten programak doan eta erraz eskuratu ahal izatea. Hacker filosofia eta garaia izan zen.
Alabaina, 1980an copyright legea softwarera hedatu zen. Eta konputagailuak izaten ari ziren zabalkundea zela eta, softwarea negozio-aukera bihurtu zen, eta software-enpresak sortu ziren, softwarearen kode bitarra edo konpilatua soilik saltzen zutenak, ez iturburu-kodea.
Panorama berri haren aurrean, MITeko (Massachusetts Institute of Technology) Adimen Artifizialeko Laborategiko Richard Stallman-ek erakunde hura utzi eta FSF (Free Software Foundation edo Software Librearen Fundazioa) sortu zuen, berak ezagutu zuen hacker filosofia berreskuratu eta software librea bultzatzeko helburuarekin. Haren ustez, softwareak libre izan behar du; uste duelako, batetik, ezagutza partekatzea ezinbestekoa dela gizarteak aurrera egiteko eta, bestetik, libre izateak kalitate hobeko programak egitea ahalbidetzen duela.
Baina zehazki zer da software librea? Definizioa FSFk argitaratu zuen 1986an, Stallmanek idatzia. Software bat librea da berorren erabiltzaileak lau askatasun baditu (informatikan ohikoa den 0-tik hasitako numerazioa erabiliz):
- 0. askatasuna: helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.
- 1. askatasuna: programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.
- 2. askatasuna: programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.
- 3. askatasuna: programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna, edonork etekina atera diezaion.
Askatasun horiek bermatzeko, nahitaezkoa da programen iturburu-kodea irekia izatea. Bestalde, software librearen definizioaz gainera, FSFk eta Stallmanek copyleft kontzeptua ere ezagutarazi zuten (libre banatzen den softwarea aldatu edo hobetuz gero libre izaten jarraitzea; software libre askok baldintza hau betetzen du, baina ez da derrigorrezkoa eta ez dute denek betetzen), eta software librea copyleft bidez banatzeko lehenengo lizentzia asmatu (GPL edo General Public License).
Richard Stallman, FSF Software Librearen Fundazioaren sortzailea.
Argazkia: Gisle Hannemyr/Creative Commons/Aitortu eta partekatu baimen beraren arabera
Stallmanek MIT utzi eta FSF abiarazi aurretik GNU proiektua ere jarri zuen martxan, zeinaren helburua baitzen ordenagailu batean behar den sistema osoa eta programa ohikoenak software libre moduan izatea. 1991rako eginak zituzten oinarrizko sistema batek behar dituen programa gehienak (Richard Stallmanek berak egin zituen softwarea garatzeko beharrezko diren tresna asko, oraindik ere asko erabiltzen direnak, hala nola Emacs testu-editorea eta GCC C konpilatzailea), eta Linus Torvalds izeneko ikasle finlandiar batek osatu zuen eskema, falta zen sistema eragilearen nukleoa garatuz. Sistema eragilea UNIX sistemen berdina zen, eta Linux izena jarri zion.
Linux baino askoz gehiago
Orduan hasi zen zabaltzen poliki-poliki software librea, Linuxen bidez, Windowsen monopolioa hautsi nahian. Eta geroztik, Linuxekin lotzen du jende askok software librea, eta horregatik dago hain zabaldua lau informatikari frikiren gauza delako ustea. Eta egia da Linuxek ez duela hedapen handiegia erabiltzaile arruntak ezagutzen duen alorrean, etxe eta enpresetako mahaigaineko ordenagailuetan eta eramangarrietan alegia: %1 ingurukoa besterik ez da Linuxen erabilera.
Baina software librea ez da Linux soilik. Bestelako programa asko dira software librea: Mozilla Firefox eta Google Chrome web-nabigatzaileak (bien artean merkatuaren erdia baino gehiago hartzen dute), LibreOffice ofimatika programa-sorta, GIMP marrazketa-programa, Blender 3Dko diseinurako softwarea...
Eta erabiltzaile arrunten ordenagailuak ez diren alor askotan, software librea nagusi da. Zientziaren aurrerabidea ahalbidetzen duten superordenagailuetatik, adibidez, % 90etik gora Linuxekin dabil.
Halaber, web-zerbitzarien % 60k baino gehiagok ere Linux du sistema eragiletzat. Eta hauetan erabiltzen den software gehiena ere librea da: Apache, nginx edo lighttpd web zerbitzariak (%75eko merkatu-kuota, Apachek soilik %65), MySQL datu-basea, Python, Perl eta PHP programazio-lengoaiak, MediaWiki (Wikipediak erabiltzen duen softwarea), Drupal, Joomla!, Plone edo WordPress CMS (Content Management System) softwareak, eta beste ugari. Horiek guztiak egon ez balira, ziurrenik ez litzateke existituko ezagutzen dugun Internet: webguneak, blogak eta abar ostatatzeko zerbitzuak askoz garestiagoak izango ziren software-lizentziengatik, eta gizabanako edo enpresa txiki askok ezingo lituzkete kontratatu.
Smartphone eta tableten arloan ere garrantzitsua da software librearen presentzia, 2010eko urriko zenbakian esan genizuenez. Googlek gailu horietarako garatutako eta Linuxen oinarritutako Android sistema eragileagatik ez balitz, sistema eragile propioa garatzeko kostua eta sistema eragile horren inguruan aplikazio-kopuru erakargarri bat lortzeko zailtasuna direla medio, beste ekoizleentzat lan nekeza litzateke Applek lortutako de facto monopolioa haustea, eta ez litzateke egongo alternatiba egokirik haren produktu garesti eta itxientzat. Aldiz, horri esker, gaur egungo smartphoneen erdiak baino gehiagok sistema eragile librea du, eta tabletetan ere gora doa poliki-poliki Android dutenen kopurua. Eta berdina gertatzen da aurten zabaltzen hasiko omen diren Internetdun telebisten arloan ere, 2010eko azaroan kontatu genizuen Google TV eta Appleren telbistaren gaiarekin.
Gainera, programa libre asko, edozeinek aldatzea posible denez, luzapen edo pluginen bidez funtzionalitate berriak erraz gehitzeko prestatuta daude. Eta benetan harrigarria da jendearen ekarpenei esker software libre batzuen inguruan sortu den pluginen ekosistema, mila gauza egitea ahalbidetzen digutenak. Hauen adibideak dira Firefox, GIMP, MediaWiki, WordPress...
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi software libreak izan duen eragina beste esparru batzuetan, hala nola argazkigintzan, literaturan, musikan, entziklopediagintzan eta ikus-entzunezkoetan, kultura librearen ideia sortzen...
Software librea jada ez da hacker idealista gutxi batzuen utopia zoroa: ez da hacker idealista gutxi batzuen kontua, enpresa asko eta oso garrantzitsuak (Google esate baterako) ari direlako software librea bultzatzen eta finantzatzen (nahiz eta interes ekonomiko propioak izan: enpresa horientzat merkeagoa da tresna libreak erabili, hobetu eta beren beharretara egokitzea, zerotik hasita garatzea baino); eta ez da utopia zoro bat, jada gure mundua aldatu duen errealitate bat delako.
AlhondigaKomik 2012ko programa
Bilboko Alhondegiak, AlhondigaKomik programaren barruan, urtero antolatzen ditu komikiaren inguruko hainbat ekitaldi, eta aurten ere hala egin du. Hauek dira antolatu dituen ekintzak:
Tailerrak
- 2012/03/31, 10:00-14:00: Helduentzako komiki sortzailea
- 2012/03/31, 17:00-20:00: "Zure komikia egin" haurrentzako tailerra, Clara-Tanit Arqué eta Martin Romerorekin
- 2012/06/02, 11:00: "Ikusten ikasten: emozioak lantzen" tailerra
Mahai-ingurua
- 2012/05/24, 19:30: "Comic, nuevos rumbos" mahai-ingurua, Santiago Valenzuela, Rafael Martínez eta Jesús García Sierra Yexusekin, Antonio Altarriba moderatzaile dela
Ikastaroa
- 2012/03-2012/10: AlhondigaKomik online ikastaroa, hainbat saio presentzialekin, eta Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo eta Roberto Bergado irakasle direla
Beste batzuk
- Muralak Mediatekan, Alex Sanvi eta beste batzuekin
- 2012/05/26, 11:00-14:30 eta 16:00-21:00: "Autoeditados" III. topaketa