Informatikaren jasangarritasunaz
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko maiatzeko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Informatika berdea delakoak arlo asko hartzen ditu: gailuen ekoizpen-prozesua, kalkulu-zentroen efizientzia energetikoa, ordenagailuen energia-kudeaketa (pantailak, biltegiratze-gailuak...), materialen birziklapena... Halako kontzeptuak jendarteratzen direnean, parafernalia guztiarekin etortzen dira: jardunbide egokien katalogoa, ziurtagiriak... Ekoizle askok dituzte halakoak. Ez dut nik esango horrelakoak onak ez direnik eta fabrikatzaileek ez dituztenik kontuan hartzen aipatutakoak. Hala ere, ez dut uste jasangarritasuna denik irizpide garrantzitsuena informatikaren munduak orokorrean daraman bidean, ezta gutxiagorik ere; horren ordez, ondo gelditzeko egiten den zerbait da. Eta zalantza handiak ditut gailu digitalen gaur egungo eredua jasangarria ote den.
IKTen munduko ezaugarri bat da gailuen bizitza laburra: erosi eta gutxira berria erosteko beharra dago. Ez gailuek gehiago iraun ezin dutelako (edo kasu batzuetan bai, zaharkitzapen programatua ere hor baitago), berehala zaharkituak gelditzen direlako baizik. Bi praktika horiek jasangarritasunaren guztiz kontrakoak dira, baina, azken finean, informatika-fabrikatzaileak enpresak dira, enpresek irabaziak izan behar dituzte eta irabaziak izateko saldu egin behar dute. Horretarako, gailu berriak ateratzen dituzte etengabe, gero eta hobeak. Baina benetan dira beharrezkoak ezaugarri hobe horiek, edo ekoizleek artifizialki sortutako beharrak dira? Mugikorraren argazki-kamera gero eta hobea behar dugu, gure argazkiak ez direlako hain ongi ikusten gero eta bereizmen handiagoa duten pantailetan; disko gogor gero eta handiagoak behar ditugu, mugikorrak HDn grabatutako bideoak edo Blu-ray filmak gorde ahal izateko; mikroprozesadore gero eta azkarragoa behar dugu horiek guztiak manejatu ahal izateko; eta abar luze bat.
Aukera galdua
Gurpil zoro hau gelditzeko aukera duela 5 urte inguru eman zen. IKTen bidez garabidean dauden herrialdeetako haurren hezkuntza bultzatzea helburu duen One Laptop Per Child proiektuak (ikus 2008ko martxoko zenbakiko artikulua) beste irizpide batzuen arabera diseinatutako ordenagailu bat ekoitzi zuen: arina, kontsumo txikikoa, iraunkorra, eguzki-argitan ere ongi ikusten den pantailaduna, merkea... Iraultzailea izan zen kontzeptualki, bai eta teknologikoki ere, energia-kontsumo baxua izatea oso faktore garrantzitsua baitzen gailu hartan: ez zuen biltegiratzeko gailu mekanikorik, hau da, CD- edo DVD-irakurgailu edo -grabagailurik edo disko gogorrik (flash edo SD txartela zeukan), eta tinta elektronikozko pantaila zuen lehen gailua izan zen; mikroprozesadorea ez zen hain ahaltsua, eta benetako esfortzua egin zen hala ere ongi ibil zedin (Linux sistema eragilea erabiliz, baliabideak optimizatuz...). 4P Computing ere deitu zitzaion kontzeptuari, garrantzia ematen baitzion energia-kontsumoari, errendimenduaren ustiapenari, eramangarritasunari eta prezioari (power, performance, portability, price).
OLPCren ordenagailuaren ereduari jarraituz sortu zen Netbooken kontzeptua. Disko gogorra dute eta ez dute tinta elektronikozko pantailarik, baina ez dira ohikoak bezain ahaltsuak, eta kontsumo txikiagoa dute. Jasangarriagoak dira, azken finean. Garai bertsuan hasi ziren hedatzen liburu-irakurgailu elektronikoak, Amazonek Kindle ateratzearekin batera. Tinta elektronikoarekin dabiltza, eta energia kontsumo oso txikia dute; asteak iraun ditzakete bateria kargatu beharrik gabe. Hori ere informatika jasangarriagoa da beste gailu pantailadunekin alderatuta. Egia da badituztela desabantailak (kolorerik ez, bideoa mugitzeko mantsoegiak...), baina kolorezko tinta elektroniko azkarragoaren teknologia bidean omen da (ikus 2011ko urtarrileko zenbakiko artikulua).
Alabaina, gailu horiek hilzorian daude, tableten erruz. Applek iPad-a atera zuen 2010ean, eta bere neonezko argiek liluratuta, ekoizle eta erabiltzaileek alde batera utzi dugu jasangarritasunaren bidea -inoiz benetan hartu bagenuen-, eta berriz ere gailu gero eta ahaltsuagoen eta energia-kontsumo handiagokoen gurpilerantz goaz. Netbookak jada apenas saltzen dira, eta liburu-irakurgailu elektronikoen ekoizle nagusiek, Amazon eta Barnes & Noblek, alde batera utzi dute tinta elektronikoa beren Kindle eta Nook gailuen azken modeloetan (Kindle Fire eta Nook Color).
Bestalde, badago joera nabarmen bat azkenaldian guztiz "jasanezina" dena (hau da, batere jasangarria ez dena): dugun gailu piloa. Etxeko ordenagailua, telefono mugikorra, tableta, ordenagailu eramangarria, argazki-kamera... eta denak antzeko gauzak egiteko gai diren ordenagailuak dira finean. Hori ekiditen lagundu dezakeen produktu bat aurkeztu du duela gutxi Canonicalek, mahai gaineko ordenagailuetarako Ubuntu Linux sistema eragilearen egileak: Ubuntu for Android. Android sistema eragiledun smartphoneentzako aplikazio bat da, Ubuntu sistema bat exekutatzen duena, eta teklatu eta pantaila bati konektatzen zaien dock batekin osatzen da. Gure telefonoa dock horretan jarrita eta Ubuntu for Android aplikazioa exekutatua, gure telefonoa erabil dezakegu etxerako edo lanerako ordenagailutzat.
Horrez gain, beste joera asko daude informatikaren munduan jasangarritasunaren aurka joan daitezkeenak. Datuak lainoan gordetzea eta gure gailu guztietan automatikoki sinkronizatzea izan daiteke bat, datuen duplikazio ikaragarria gertatzen baita (Cloud Computingari buruz 2010eko urtarrilean hitz egin genizuen). Musika streaming bidez entzutea ere bai, konexioa etengabe erabiltzen ari baikara horretarako; baina egia da, bestalde, musika hori milaka ordenagailutan gordeta egotearen datuen duplikazioa ekiditen dela.
Jasangarritasun ekonomikoa
Jasangarritasunaz ari garenean, ingurumenaren aldetiko jasangarritasunaz ari gara normalean. Baina ikuspegi ekonomikotik ere begiratu daiteke. Horri begiratzen ba diogu, jasangarria al da informatikak daraman bidea?
Krisi ekonomikoa dela eta, sarritan entzuten dugu lehengo bizimodua ez zela erreala, gure aukeren gainetik bizi ginela, etxebizitzen eta beste gauza askoren prezioak puztuegiak zeudela... Oso argi ikusten da dena a posteriori. Baina ez dugu ikusten informatikan egoera bera bizi dugula. Ez da normala, adibidez, halako ilarak egotea merkatuko tableta eta smartphone garestienen eta luxuzkoenen azken modeloak ateratzen diren bakoitzean, sei hilabete lehenago atera zen aurreko modeloarekiko apenas dutenean ezer berririk; edo etxe batean funtzio berdinetarako hain antzekoak diren hainbeste gailu egotea. Ez da jasangarria, eta burbuila ekonomikoa lehertu zen bezala lehertuko da informatikoa ere. Zorionez, gailu elektronikoak koska batzuk beherago daude beharren eta prezioen eskalan, eta leherketak ez digu hainbeste eragingo.
Gainera, teknologiaren eredua ez da, nire ustez, ekonomikoki jasangarria, ezin bada jende guztiarengana iritsi, hirugarren mundukoak barne. OLPCk bultzatzen zuen ereduak prezioa kontuan hartzen zuen eta informatika mundu guztira iristeko eredu bat ekarri zuen. Baina orain ia ez da kontuan hartzen faktore hori: gailu oso garestiak daude modan, funtsean gauza bera egin dezaketen askoz merkeagoak (lauzpabost aldiz merkeagoak) egon arren.
Informatika lasterketa zoro batean sartuta dago, eta lasterketa hori ez da jasangarria, ez ingurumenaren aldetik, ez ekonomikoki. Zoritxarrez, ez dugu beste arloetako lezioetatik ikasten, eta lasterketa hori ez da amaituko horretaz konturatu garelako; beranduegi denean konturatuko gara esku artean lehertu zaigula, kaltea egina dagoenean.