e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Kemena", irudimen eta kemen bidezko hiru neskatoren superazio istorioak
Denonartean argitaletxeak dakarkigu Garazi Albizuaren komiki eder hau, Kemena. Amane, Kattalin eta Mari hainbat arazo eta beldur dituzten hiru neskato dira, eta horiei aurre egiten diete kemenez eta irudimenez. Irudi maitekor eta xaloak ditu, istorioa bezalakoxeak.
"Ondo maite nazazu: Tratu txarreko istorio bat", genero-indarkeria lehen pertsonan eta komikian
Urte luzez tratu txarrak jasotako emakume kanadar batek bere bizipenak kontatu zituen 2005ean komiki batean, Rosalind B. Penfold ezizenarekin sinatuta. Bizkaiko Foru Aldundiaren Emakumea Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuak finantzatuta eta Astiberrik editatuta daukagu orain euskaraz Ondo maite nazazu: Tratu txarreko istorio bat. Istorio gogorra, tratu txarren istorio oro bezala, baina ezagutu eta zabaldu beharrekoa.
"Jaizkibel Konpainia. 20 urte" komikia, Iñigo Goikoetxearena
Hondarribiko Alardean partehartze parekidea bultzatzen duen Jaizkibel Konpainiak 20 urte bete dituela-eta, komiki bidez kontatu nahi izan dute bere historia. Konpainiako kide den Iñigo Goikoetxea Galgo hondarribiarrak egin eta autoeditatu du Jaizkibel Konpainia. 20 urte komikia, Alternatibaren laguntzarekin. Komikiaren lehen zatian Alardearen historia kontatzen du Iñigok, eta bigarrenean Jaizkibel Konpainiarena. Hau bai benetako superheroien istorioa, eta ez fikziozko beste horienak!
"De rerum natura 7" atera du Elkarrek
Patxi Huarte Zaldieroak Berria egunkarian egunero argitaratzen du De rerum natura zinta ezaguna. Beno, Patxik berak eta Berriak erabiltzen duten zinta terminoa baino, Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegiko komiki-banda terminoa da apika egokiagoa kasu honetarako, benetako "banda" bat agertzen baitigu egunero-egunero bertan Zaldieroak: La pelota basqua, Azken antxoa, Urkullu, Yoda... Bi urtean behin haien hautaketa batekin liburu bat ateratzen du Elkar argitaletxearekin. Zazpigarrenari tokatu zaio orain: De rerum natura 7. Eta beste aunitzez jarrai dezala!
Mikel Anteroren "Lami, Bidaiaren hasiera" argitaratu du Gaztezulok
Gaztezulo gazteentzako aldizkariak Lami, bidaiaren hasiera liburua atera du, Mikel Anteroren gidoia eta irudiekin. Izenburuan adierazten denez, euskal mitologiako pertsonaietan oinarritutako istorio bat da. Liburuxka honetako istorio laburrarekin hasten den sailean tartaloak, galtzagorriak, lamiak, intxixuak, Mari eta herensugeak bezalako pertsonaiak ikusiko ditugu abenturak bizitzen. Eta istorioaz gain, pertsonaia horietako bakoitzaren inguruko ilustrazio eta azalpenez osatutako bestiario bat ere dakar liburuxkak. Jarraipenaren zain gelditzen gara!
"Zonbat diru, hainbat miru": Euskal Herriko kultura, politika, turismoa eta beste hainbat gairen inguruko kontuak, saiek protagonizatutako istorio ganberroan
Iparraldeko ZTK argitaletxearen eskutik datorkigu bukatu berri zaigun 2017 urteko uzta mardula gizentzera datorren euskarazko komiki hau: Zonbat diru, hainbat miru. Pxix ezizenez sinatzen duen Pantxis Bidarten gidoia eta bere burua TTipilo gisa agertzen duen Leo Saint-Arromanen marrazkiak ditu zuri beltzezko album formatuko komiki honek. Sai batzuen koadrila bat da bertan kontatzen zaigun istorioen protagonista, eta sai horien ikuspegitik eta saiok aitzakia hartuta Euskal Herriko (bereziki, Ipar Euskal Herriko) kultura, politika, turismo eta beste hainbat gaien inguruko kontuak dakarzkigute egileek, umorezko istorio ganberroan. On egin!
Bruno Duhamel-en "Itzulera"
Eta honekin, Harriet argitaletxearen udazkeneko laugarren nobedadea osatzen dugu (urte honetako zortzigarrena!). Bruno Duhamelen Itzulera hau Bamboo etxeak atera du Frantzian aurten bertan. Urte askoan zehar nazioartean ibili den arkitekto eta artista famatu bat bere sorterri irlara itzultzen da espekulazio turistikoari aurre egiteko, baina hilik suertatzen da...
Xabiroiren 10. albuma: Santa Familia
Xabiroi aldizkaria aurrera doa bere orrietan atalka argitaratutako istorioen urteroko albumekin, eta jada 10.era iritsi da. Zenbaki esanguratsua Santa Familia ederrari tokatu zaio.
Eider Rodriguezek idatzitako istorioak familiaren instituzioan eta bere tradizio ukiezinetan arakatu nahi du, baina modu dibertigarri, atsegin, apur bat aztoragarri eta sorpresaz betean. Zientzia fikzioz ere badu. Senar-emazte bikotea eta alaba batez osatutako familia bat du protagonista, itxuraz "tradizional" eta "normal" dena baina azpian gauza gehiago ezkutatzen duena... Komikia Julen Ribasen irudi zoragarriez hornitua dago. Akuarelaz margotuta dago dena, egun ohikoena den ordenagailu bidezko kolorea beharrean.
Datorren astelehenean, hilak 18, arratsaldeko 19:00etan Arrasateko Bibliotekan solasaldia egingo dugu Santa Familiaren inguruan, Eider eta Julenen presentziarekin eta neuk dinamizatuta. Gonbidatuak zaudete bertara agertzera, komikia irakurrita izan edo ez, berau eta egileak hobeto ezagutzeko edo haien inguruko edozein galdera egiteko. Ez galdu aukera!
Waluk, hartz zuri txiki baten abenturak
Waluk hartz zuria, bere amak bakarrik utzi ondoren, hartz zahar marmarti bati atxikiko zaio bizitzan aurrera egin ahal izateko. Sentimenduz betetako eta adin guztietarako komikia ondu zuten 2011n Emilio Ruiz gidoilariak eta Ana Miralles marrazkigileak, Astiberri etxeak orain euskaraz ere dakarkiguna.
Clémentineren bizipenen bigarren albuma
Marko gure laguna arrakasta handia izaten ari da Frantzian Bambook ateratzen duen eta Harriet argitaletxeak gurera dakarkigun sail honekin. Urte hasieran saileko lehen albuma atera bazuen, Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa, orain bigarrena argitaratu du, Neska hura hegan hasi zen eguna. Clémentinek bere burua eta zoriontasuna aurkitzeko bidearekin jarraitzen du. Marrazkiak Markorenak dira, gidoia BeKarena eta koloreak Maëla Cossonenak.